Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Azentu-markak jartzen dituen gizona

Mikel Iturria 2009/07/06 18:39
Pablo Zulaica gasteiztarraren ekintzak Mexiko DFn.

Acentos perdidos bloga. Noticias de Gipuzkoan azaldutako erreportajeak eman dit pista: De la libreta de ideas a la acción poética.

Ideia ona da: nor ausartuko da gauza bera egitera euskaraz ikusten ditugun hankasartze larriekin?

Eitb

Mikel Iturria 2009/07/05 15:45
Goi kargu berrien izendapena. Jatorri eta korronte ezberdinak.

Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoaren paperezkoan irakurri dut bi orrialdeko erreportajea EITB taldean ematen ari den aldaketei buruzkoa. Atentzioa deitu didana izan da goi kargu berrien errepasoa egiterakoan, hiru jatorri aipatzen direla (el triunvirato de la nueva EITB).

Alde batetik, Alberto Surioren konfiantzazko jendea egongo litzateke: Patxi Arratibel (Estrategia eta kanpo harremanetarako zuzendaria), Miguel Ángel Idigoras (ETBko zuzendaria) eta Joseba Arruti (Radio Euskadiko zuzendaria).

Bigarren taldea popularren aldeko jendea osatuko lukete: Roberto López de Calle (Radio Euskadiko Albistegietako burua), Roberto Montalvillo (ETBko Albistegietako burua) eta Lucas Irigoyen (Radio Vitoriako zuzendaria, aurrekoan hemen azaldu zena bere blogen arrastoak ezabatzeagatik). Hirugarren mailako postuetan leudeke.

PSEren kuotan, berriz, Javier Torrontegi legoke, EITBko irrati guztien ardura duena. Rubalcaba Barne Ministroaren konfiantzazko gizona izango litzateke, baina beste iturriren arabera Aresen kordakoa ere bada.

Noticiaseko kazetariak ez du aipatzen beste izen batzuk non kokatzen diren: Rosa Díez Urrestarazu, Euskadi Irratiko zuzendaria; Aurkene Iturrioz, irrati bereko albistegietako burua; José Ángel Quintanilla, gerentea; Pello Sarasola telebistako programazio burua; Edurne Ormazabal, EITB.net-eko arduraduna...

Mila lagun ari omen dira EITBn. Horrelako kuota eta indar orekek gobernagarri egingo al dute txoritxoa? Laster jakingo dugu. Ikusiko dugu ere, karguak gora behera, nork agintzen duen etxe horretan, etxe horietan.

Anekdota bat, amaitzeko: udan, Javier Vizcaínok erabaki du Cocidito Madrileño tartea alde batera uztea; normalean, denboraldiko onenak errepikatzen baitzituen. Antenan esan duenagatik, entzule askok deitu du galdetuz ea zer gertatu den saioarekin. Are gehiago, posta-zerrenda batean Madrilen dagoen lagun batek bota du: Patxi Lópezek eraman al du aurretik koziditoa? Ez, ez dirudi bera izan denik, baina egin beharreko aldaketak tentuz egin beharko dituzte Suriok eta enparauek.

Porcelanas Bidasoaren itxiera

Mikel Iturria 2009/06/28 21:37
Berrogei urte pasatxo eman zituen aitak Porcelanasen beharrean.

Ostiral goizean jakin nuen Porcelanas Bidasoa enpresak hirurogeita hamabost urteko ibilbideari agur esan diola. Lanera joan aurretik ari nintzen Elatzeta eskola publikoaren laurogeigarren urteurrena dela-eta, Josetxo Arrietak idatzitako liburua irakurtzen. Zuzendari ohi batek aipatzen zuen Porcelanaseko oparitxo bat eman zietela agurrean eta, une horretan bertan, aipatu zuen irrati esatariak enpresaren itxiera.

Jaiotetxetik kilometro batera egoteaz gain, gure sendiko kide askok egin dute bertan lan: aitak berrogei urte pasatxo eman zituen 1990. urtearen bueltan erretiroa hartu arte, aitaren anai bat, amaren beste bat, bi aldeetako lehengusu asko, etab. Gazteenek Carcelanas deitzen zioten.

Albistearen berri izan nuenean Interneten bilatu eta enpresaren webgunea topatu nuen. Manuel Fraga izeneko gizon bat eta EAJko Baltasar Marín dira azken jerifalteak. Webgunean dago Araso proiektua izeneko pdf dokumentua (kontuz, 5 mega pisatzen ditu). Orain partzela ederra gelditzen da Irungo atarian eta hor dago koxka: 400 etxebizitza egiteko asmoa baitzegoen, Arasoko proiektuari loturikoa. Del Moralek esplikatzen du auzia duela urtebete idatzitako artikuluan eta Andres Nagel eskultoreak euskal Filesa aipatzen du bertan. Carlos Etxeberrik Otro nuevo plato roto sinatu du gaur Noticiasen.

Kateko Elatzeta eskolak 80 urte bete ditu aurten (hurrengo batean idatziko dut horretaz) eta bizi-bizi dagoela dirudi. Berarekin batera jaiotako Irungo enpresa asko pikutara joan dira jada. Azkena, Porcelanas Bidasoa.

Etxean egindako teleberriak

Mikel Iturria 2009/06/24 21:52
Generalitateko Ekonomia Saileko teknikari batek etxean egindako lau bideotan esplikatzen du finantziazio autonomikoa.

"No es ninguna novedad que en YouTube se puede encontar de todo, y aprovechando esta herramienta y la sospecha de que nadie se entera de nada cuando los políticos hablan de financiación autonómica, un joven de la Conselleria d´Economia se ha decidido a explicarlo a su manera y de forma casolana en unos cuantos vídeos que ha colgado en YouTube. La idea se le ocurrió a Adam Sedó, número uno en funciones del gabinete de prensa, seguramente al darse cuenta de que incluso los periodistas iban algo perdidos. A Sedó le apasiona la financiación autonómica, le brillan los ojos cuando toca el tema, y su fervor queda claro en los vídeos que ha grabado su compañera con una simple webcam, y en los que él mismo explica pacientemente los complejos conceptos. Los sugerentes títulos son: "Els mecanismes d´anivellament", "Les balances fiscals (I i II)", e "Impostos, territoris i persones". Si alguien se anima, ya lo sabe: debe entrar en YouTube y escribir adamsedo, así, todo junto".

La Mirilla. La Vanguardia. 2009ko ekainak 24.

Gaur arratsaldean irakurri ditut goiko lerroak. Gaia interesatu eta Youtubera jo dut. Bertan ikusi dut lehenengo hiru bideoek sarean urtebete daramatela jada (2008 ekaina) eta laugarrena irailekoa dela. Play tekla sakatu eta La Vanguardiako zutabetxoan azaltzen dena egia dela konprobatu dut: Adamek diskurtso landua du eta finantziazio autonomikoa Félix Rodríguez de la Fuente zenak zuen enfasi berdintsuarekin esplikatzen du.

Harritzekoa da orain arte jende gutxik ikusi izanak. Era berean, atentzioa deitzeko modukoa da komunikabide tradizional batek erreparatzea horri.

Nire ustez, hauxe da bideoen hurrenkera.

Arzalluz eta Xiberta

Mikel Iturria 2009/06/20 15:21
Hau da, Arzalluz beti bezala. Info 7n eta Argian. #donotsaveme.

"Nire ustez, Gobiernuak (Espainiak) bere gerra ETAren kontra galduta dauka. Galduta dauka, esango genuke, armaz, zeren beti esaten dute azkeneko puntutan dagoela, ahulezia izugarria daukala ETAk (azkeneko aldiz Elxen Pérez Rubalcaban esan dituenak, adibidez) eta behin eta berriz etortzen da atentatu bat. Eta gaur hil egin dute eta ez dute edozein hil. Hil dute Polizi Nazionaleko Informazio buru edo behintzat hemen Bilbon bazekiena nondik zebilen, ezta?”

“Eta horregatik hori ezin badute kendu, ETAk behin eta berriz horrelako gauzak egiteko ahalmena badauka, ba nik uste dut Estatuaren frakasua nabarmena dela. Eta frakasatzen du armaz edo poliziaz, eta frakasatu du negoziaketan, zeren nik esaten dut beti ETA... ETA da niretzat (beren ustez izango dira ez dakit zer, eh?) niretzat da, historikoki begiratuta, zerbezaren aparra bezala. Zerbezak indarra daukanean ateratzen du aparra eta indarrik ez badauka, ez du ateratzen, zerbeza hilda dago. Horregatik ETA bezalako fenomenoak dira herriaren egonezinaren ondorioak. Arazoa ez da berez ETA, baizik izango da herriaren egonezina. Hori ez badakite analizatzen, gauzak negoziatu eta aurrera eramaten, herri hori halako satisfakzio batera iristeko, ba orduan galduta dauka. Ez dakit zenbat denbora iraungo duen, baina galduta dago”.

Xabier Arzalluz, Info Zazpi irratian, ekainak 19. Audioa entzun dezakezue bertan.

"Ez dut uste aipatzen den polo soberanista denik bidea. Pistolak tartean dauden artean, ez da polo soberanista izango, zulo soberanista baizik. Hori hala, eta ETA suntsitzea ia ezinezkoa dela jakinik, ETAk beste Xiberta bat antolatu beharko lukeela uste dut, euskal alderdi guztiak deitu, armak uzteko prest dagoela esan, eta aurrera begirako estrategia denon artean diseinatzeko ETA beste agente politiko bat gehiago bihurtu. Ez dadila sartu Espainiako Estatuarekin negoziatzera, boterearentzat nahi duena egiteko alibi bat den bitartean, konponbiderik ez dute topatuko-eta. Garbi dago bakoitzak bere txiringitoari begiratzen diola, baina ez dezagun ahaztu EAEn gehiengo abertzalea daukagula, eta Nafarroan eta Iparraldean ere tendentzia abertzalea goraka ari dela. Erabili dezagun indar hori behingoz. Suzia piztuta dago, eta aurretik bidea daukagun arren, ez gaude desesperatuta. Hasi gaitezen bidea egiten leku erosoenetan, eta ikusiko dugu nola iristen garen leku malkartsuenetara. Dena kolpetik egin nahi izatea ez da utopia, tontakeria baizik".

Xabier Arzalluz, Argia, ekainaren 21eko zenbakia. Sustrai Colinak eginiko elkarrizketa.

Gobiernuak galduta izango du gerra hau, baina ETA ez dut irabazle ikusten. Beraz, nortzuk ari dira irabazten? Nor ari da benetan galtzen? Atzo, Eduardo Puellesek, familiak eta lagunek. Bihar? Donotsaveme.

Mikel Laboa 75... Teledonostin

Mikel Iturria 2009/06/15 21:49
Kopeta behar da horrelakoak egiteko.

Gaur beteko zituen Laboak 75 urte eta, hori aprobetxatuz, Antiguotarrak Dantza Taldeak Mikel Laboaren omenez emanaldia prestatu zuen pasa den ostiralean Antigua auzoan.

Aste bukaeran Ribadesellako El Corberu etxean izan garenez (oso toki gomendagarria), ezin izan genuen kontzertua ikusi. Hurbildutako lagunek (batzuk sarrerarekin eta besteak gabe) esan didate hunkigarria izan zela gaua (eta hori irakur dezakegu ere Berrian Ainara Gorostizuk sinatutako kronikan).

Halere, gaur goizean jakin dudanean Teledonostik (Vocento taldeko telebista lokalak) kontzertua bota zuela larunbatean bertan, haserretu egin naiz. Esan dizutenean kanta batzuk bakarrik grabatzerik dituzula, kopeta behar da denak grabatu eta hurrengo egunean kontzertua osorik (edo ia-osorik) emititzeko.

Izan ere, telebistek eta gainerako medio grafikoek, normalean, bost-hamar minutuko tartea izaten dute kontzertu, antzerki edo dantza emanaldietan irudiak hartzeko. Hortik aurrera, hanka egin behar izaten dute.

Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina antolatzaileek kontzertuaren DVDa ateratzeko asmoa dute.

Honekin loturik, Mikel Laboari buruz eginiko beste DVDa aurkeztuko ei du Elkar argitaletxeak asteazkenean Donostian.

Hona hemen Luistxok ostiralean bertan ateratako argazki bat, Imanol Uribek eginiko filmeko fotograma bat. Irudiak CC lizentzia du.

Zer egin blogarekin?

Mikel Iturria 2009/06/11 23:09
Ez, ez da nire kasua. Radio Vitoriako zuzendari berria izango den Lucas Irigoyenena baizik.

Gaur jakin dugu Radio Vitoriako zuzendari berria izango dela Lucas Irigoyen. Eta nire buruari galdegin diot ea nor den gizon hau. Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan ibili da tertuliano (bide batez, hor aritu dira Alberto Surio eta Joseba Arruti ere, EITBko goi karguak hauek ere), baina ez da Lucasen izenik agertzen programaren webgunean. Kazetaria ei da eta aspalditik ari omen da lanean Araba aldean.

Lagun batek esan dit blogaria ere ba dela. "Ah bai?", nik. "Bai, cipreses-ez-dakit zer bloga ikusi dut gaur goizean bertan". Joño! Goazen ba begiratzea google-n cipreses lucas irigoyen. Begiratu dut eta ezabatua izan da. Aibalaostia! Lucas Irigoyen blog galdetuz gero, berriz, beste bat ere ageri da: "Un lápiz entre servilletas". Berdin. Lehenengoan seme-alabei buruz ari dela dirudi eta bestea, aldiz, profesionalagoa dela.

Ez dakit noiz ezabatu dituen blog horiek (Google-n katxean ageri den Cipresesdebilbao blogaren azken irudia maiatzaren 4koa da), baina zer zuen ezkutatzeko gizon honek? Lotsatu egin da? Auskalo! Berdin du gaur goizeko kontua den edo duela zenbait astekoa, baina damutu dela dirudi.

Oker ez banago, Luistxo Fernandezek esana da "hogei urte barruko lehendakaria, tuentin dagoela gaur egun". Kontuz ibili, ba, gazteok. Ea hogei urte barru damutzen zareten.

Omenaldiak

Mikel Iturria 2009/06/10 22:19
Ekainaren 7an Pepe Rubianesi omenaldia Bartzelonan. Ekainaren 12an Mikel Laboari Donostian (Antiguan, of course).

Harrituta geratu naiz komunikabideetan irakurri dudanean 14.000 lagun bildu zirela Katalunian Pepe Rubianesi eginiko omenaldian (La Vanguardian irakurri dut zerbait, baita El Paísen ere).

Gauza gehiagoren bila Andreu Buenafuentek bere telebista saioan Rubianes hil zen egunean bertan eginiko omenaldi txikia ikusi dut (behean dago bideoa).

Hasiera batean, Rubianes "se metan su puta españa por el culo" (irakurri ere Javier Pérez de Albénizen artikulua) esaldiagatik gogoratu dut, baina Buenafuentek dioen bezala hori oso sinplista da. Ibilbide sendoko aktorea izan baita (TVEn, adibidez, Makinavaja egin zuen).

Eta omenaldiak gora eta behera, ostiralean, ekainaren 12an, Mikel Laboari Antiguako frontoian egingo diotena ere polita dirudi. Izen, belaunaldi eta estilo nahasketa egin zait interesgarri. Lastima, baina ez naiz hemen egongo asteburuan.

Ez da izango Laboaren memoriari eskainiko zaion azken ekitaldia (duela gutxi beste bat egin zioten Usurbilen, adibidez). Udazkenerako beste bat prestatzen ari omen dira, Donostian bertan.

Jaun-andreok, zuekin Andreu Buenafuente eta Pepe Rubianes.

Galtzeimer (XXII) Urtebete

Mikel Iturria 2009/06/06 14:06
2008ko ekainaren 5ean egin zioten aitari ebakuntza belaunean.

Dear JOR:

Gogoan izango duzu nola kontatu nizun duela urtebete, aitari eskuineko belaunean protesi bat jarri ziotela.

Gogoan dut goiz hartan nola geunden ospitaleko gelan, ebakuntza bukatu arte zain. Periodikoak, liburuak, aldizkariak, solasaldiak, denak dira gutxi horrelako uneetan.

Gogoan dut gero, iluntzean, nola esan genion agur attari ospitaleko zaintza bereziko gelara sartzen utzi ziguten bisita laburrean. Rafael Reig eta Iban Zaldua ziren Donostian beren liburuak aurkezten. Ez ginen iritsi ekitaldira, baina bai ondorengo afarira. Gustura egon ginen elkartu zen koadrilarekin.

Gogoan dut. 2008ko ekainaren 5a.

Zaindu, JOR.

Euskal kantagintzaren egoera penagarria

Mikel Iturria 2009/06/01 23:12
Pasa den astean, maiatzaren 27an, Jabier Muguruzak hitz egin zuen musika sorkuntzari buruz.

Kristo guztia Bartzelona-Manchester norgehiagoka ikusten zuen bitartean, Jabier Muguruza Donostian egon zen musika sorkuntzari buruz hizketan Literaktum jaialdian. Dirudienez, gaia ez zaio jende askori interesatzen, baina amaiera aldean egondako debatea ekarri nahi dut gogora: euskal kantagintzaren egoera.

Jabierrek berak esan zuen kezkatuta zegoela eta Joseba Tapiaren hitzak aipatu zituen: kantagintza hilzorian dago gure herrian.

Industria bera ere txikituta dago. Jabier diskoa grabatzera sartuko da datorren hilean eta ezin izango omen du bertako etxe batekin atera (Elkar diskoetxearekin argitaratu zuen aurrekoa). Kanpora joan behar ei du hurrengo lanarekin ere. Han gutxienez, baldintza duinak lortu baititu.

Jendartean geunden batzuk esan genion ea bitartekaririk gabe ez ote zen errazago izango. Nik esan nion badagoela musikari euskaldunen bat oso gustura mugitzen dena diskoak auto-produzituta munduan barrena (eta ez nintzen bere anaiaz ari).

Baina berak ez du gaia horrela ikusten. Uste du errespetua galdu zaiola abeslariari. Begirune handiagoa somatzen du Katalunian, adibidez. Baina segidan aitortu zigun Kiko Veneno, Martirio, Pablo Guerrero eta enparauak apenas dabiltzala zuzenean azken bolada honetan.

Bukatzeko, duela gutxi Xabier Leteri eginiko elkarrizketan, honek esandako hitzak ere errepikatu zituen: Ez Dok Amairu mugimenduaren garaian erabilita sentitu zirela. Aitzakia hutsa ginen.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter