Zer egin blogarekin?
Gaur jakin dugu Radio Vitoriako zuzendari berria izango dela Lucas Irigoyen. Eta nire buruari galdegin diot ea nor den gizon hau. Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan ibili da tertuliano (bide batez, hor aritu dira Alberto Surio eta Joseba Arruti ere, EITBko goi karguak hauek ere), baina ez da Lucasen izenik agertzen programaren webgunean. Kazetaria ei da eta aspalditik ari omen da lanean Araba aldean.
Lagun batek esan dit blogaria ere ba dela. "Ah bai?", nik. "Bai, cipreses-ez-dakit zer bloga ikusi dut gaur goizean bertan". Joño! Goazen ba begiratzea google-n cipreses lucas irigoyen. Begiratu dut eta ezabatua izan da. Aibalaostia! Lucas Irigoyen blog galdetuz gero, berriz, beste bat ere ageri da: "Un lápiz entre servilletas". Berdin. Lehenengoan seme-alabei buruz ari dela dirudi eta bestea, aldiz, profesionalagoa dela.
Ez dakit noiz ezabatu dituen blog horiek (Google-n katxean ageri den Cipresesdebilbao blogaren azken irudia maiatzaren 4koa da), baina zer zuen ezkutatzeko gizon honek? Lotsatu egin da? Auskalo! Berdin du gaur goizeko kontua den edo duela zenbait astekoa, baina damutu dela dirudi.
Oker ez banago, Luistxo Fernandezek esana da "hogei urte barruko lehendakaria, tuentin dagoela gaur egun". Kontuz ibili, ba, gazteok. Ea hogei urte barru damutzen zareten.