Porcelanas Bidasoaren itxiera
Ostiral goizean jakin nuen Porcelanas Bidasoa enpresak hirurogeita hamabost urteko ibilbideari agur esan diola. Lanera joan aurretik ari nintzen Elatzeta eskola publikoaren laurogeigarren urteurrena dela-eta, Josetxo Arrietak idatzitako liburua irakurtzen. Zuzendari ohi batek aipatzen zuen Porcelanaseko oparitxo bat eman zietela agurrean eta, une horretan bertan, aipatu zuen irrati esatariak enpresaren itxiera.
Jaiotetxetik kilometro batera egoteaz gain, gure sendiko kide askok egin dute bertan lan: aitak berrogei urte pasatxo eman zituen 1990. urtearen bueltan erretiroa hartu arte, aitaren anai bat, amaren beste bat, bi aldeetako lehengusu asko, etab. Gazteenek Carcelanas deitzen zioten.
Albistearen berri izan nuenean Interneten bilatu eta enpresaren webgunea topatu nuen. Manuel Fraga izeneko gizon bat eta EAJko Baltasar Marín dira azken jerifalteak. Webgunean dago Araso proiektua izeneko pdf dokumentua (kontuz, 5 mega pisatzen ditu). Orain partzela ederra gelditzen da Irungo atarian eta hor dago koxka: 400 etxebizitza egiteko asmoa baitzegoen, Arasoko proiektuari loturikoa. Del Moralek esplikatzen du auzia duela urtebete idatzitako artikuluan eta Andres Nagel eskultoreak euskal Filesa aipatzen du bertan. Carlos Etxeberrik Otro nuevo plato roto sinatu du gaur Noticiasen.
Kateko Elatzeta eskolak 80 urte bete ditu aurten (hurrengo batean idatziko dut horretaz) eta bizi-bizi dagoela dirudi. Berarekin batera jaiotako Irungo enpresa asko pikutara joan dira jada. Azkena, Porcelanas Bidasoa.