Eitb
Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoaren paperezkoan irakurri dut bi orrialdeko erreportajea EITB taldean ematen ari den aldaketei buruzkoa. Atentzioa deitu didana izan da goi kargu berrien errepasoa egiterakoan, hiru jatorri aipatzen direla (el triunvirato de la nueva EITB).
Alde batetik, Alberto Surioren konfiantzazko jendea egongo litzateke: Patxi Arratibel (Estrategia eta kanpo harremanetarako zuzendaria), Miguel Ángel Idigoras (ETBko zuzendaria) eta Joseba Arruti (Radio Euskadiko zuzendaria).
Bigarren taldea popularren aldeko jendea osatuko lukete: Roberto López de Calle (Radio Euskadiko Albistegietako burua), Roberto Montalvillo (ETBko Albistegietako burua) eta Lucas Irigoyen (Radio Vitoriako zuzendaria, aurrekoan hemen azaldu zena bere blogen arrastoak ezabatzeagatik). Hirugarren mailako postuetan leudeke.
PSEren kuotan, berriz, Javier Torrontegi legoke, EITBko irrati guztien ardura duena. Rubalcaba Barne Ministroaren konfiantzazko gizona izango litzateke, baina beste iturriren arabera Aresen kordakoa ere bada.
Noticiaseko kazetariak ez du aipatzen beste izen batzuk non kokatzen diren: Rosa Díez Urrestarazu, Euskadi Irratiko zuzendaria; Aurkene Iturrioz, irrati bereko albistegietako burua; José Ángel Quintanilla, gerentea; Pello Sarasola telebistako programazio burua; Edurne Ormazabal, EITB.net-eko arduraduna...
Mila lagun ari omen dira EITBn. Horrelako kuota eta indar orekek gobernagarri egingo al dute txoritxoa? Laster jakingo dugu. Ikusiko dugu ere, karguak gora behera, nork agintzen duen etxe horretan, etxe horietan.
Anekdota bat, amaitzeko: udan, Javier Vizcaínok erabaki du Cocidito Madrileño tartea alde batera uztea; normalean, denboraldiko onenak errepikatzen baitzituen. Antenan esan duenagatik, entzule askok deitu du galdetuz ea zer gertatu den saioarekin. Are gehiago, posta-zerrenda batean Madrilen dagoen lagun batek bota du: Patxi Lópezek eraman al du aurretik koziditoa? Ez, ez dirudi bera izan denik, baina egin beharreko aldaketak tentuz egin beharko dituzte Suriok eta enparauek.
Koziditoarena neure erabika izan da. Ez dut inorekin komentatu. Zuzendaritza berriak ez dit ezer esan hortaz.