Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Zergatik jarri trabak Youtubeko zure bideoei?

Mikel Iturria 2009/07/24 22:03
Aste honetan bitan gertatu zait gauza bera: talde baten bideo-kliparen bila jo eta ezin txertatu berau webgunean.

Orain arte ez zitzaidan gertatu eta ez dut arrazoia ulertzen. Lan kontuak direla eta, La Oreja de Van Gogh taldearen azken bideotako bat txertatu nahi nuen webgune batean.

Ohikoa dudan bezala, Youtubera joan eta taldeak bertan kanala duela ikusi nuen. Itxuraz, hau da egin duten azken bideoa: Europa VII. Saiatu nintzen berau txertatzen, baina ez zegoen aukerarik. "Inserción desactivada por solicitud" ageri da kodeak behar luken tokian. Beste bideoklip baten bila joan, El último vals, eta honekin ere matraka bera.

Baina, taldea Erroman egon da duela egun batzuk eta hirian barna egindako txangoaren bideoa txertatzeko trabarik ez dute jartzen.

Beraz, arazoa zein da? Edozein webgunetan talde honen bideo-klipak jartzea? Ez dut ulertzen. Ez dira bakarrak: gauza bera gertatzen baita Nena Daconte taldearen bideo-klipekin.

Azken boladan gehien entzuten dudan kantaren bideoa jarriko dut. Poch handiaren "Viaje por países pequeños"en bertsio ederra egin baitu La Buena Vidak. Klipa Borja Cobeagak egin omen du.

Jazzaldia eta Heineken

Mikel Iturria 2009/07/21 22:57
Uztailaren 22tik 26ra Donostian. Biak. Eskutik agarrata.

Miguel Martini entzun nion pasa den igandean MQPn babesleak behar-beharrezkoak direla horrelako jaialdi bat aurrera eramateko. Javier Vizcaínok hasieran galdetu zion: kirolaren munduan erabat onartuta dagoela enpresen presentzia, baina ez dela gauza bera gertatzen kulturaren eremuan.

Eta horrela da, baina niri gogorra egiten zait jendea Gipuzkoako saskibaloi talde nagusiaren izena goratu beharrean, babeslearena behin eta berriro goraipatzen egotea. Egia da ere Gipuzkoa Basket taldeak ez duela Gasteizko Baskoniaren tradizioa (oker ez banago, Gasteizen jendeak Baskonia animatzen du).

Ez dakigu zer bide jorratuko dituen musika munduan hurrengo urteetan, baina Kepa Junkera bada eredu, ederki goaz (diru publikoa barra-barra, babesle pribatuen diruari uko egin gabe).

Argi dago aurtengo Jazzaldiaren edizioa aurrera eramateko ezinbestekoa izan dela Heineken garagardo markaren diru ekarpena. Ez dakit zenbatekoa den enpresak mahai gainean jartzen duena, baina Udalaren aportazioa dezente jaitsi ei da.

Ez naiz jazzalea. Beraz, nahiago pop eta rock izenak kartelean ikustea. Gainera, Martin defendatzen da esanez berak daramatzan urteetan jazz izenen kopurua ez dela jaitsi eta beste musiketako izenek Jazzaldiaren barruko beste festibal txikiagoa osatzen dutela.

Jazza gehiegi jarraitzen ez badut, bihar ikusiko dudan lehen kontzertua jazz pianista batena izango da. Brad Mehldau, hain zuzen. Gustatzen zait bere musika, baina gertu badut jendea kilometro mordoa egin duena haren atzetik. Ni bizikletan joango naiz ikustera.

80 urte bete ditu nire eskolak

Mikel Iturria 2009/07/17 06:00
Elatzeta Eskola. Katekoa. Ventaskoa. Landetxakoa. Zer nahi duzue? Euskaldunak gara eta ez gara gai izen bakarrarekin konformatzeko.

Ventasko edo Kateko Eskola publikoan hasi nintzen ni 1973. urtearen bueltan. Bost urte nituen orduan eta, eskolatzen diren gaur egungo haur askok bezala, ez nintzen gaztelaniaz hitz egiteko gai. Baina, gaur egungo haur askori gertatu ez bezala, orduko eskola hura gaztelania hutsean zen.

Oraindik gogoan dut Carmen maistra frankistak zer bronkak botatzen zizkidan kartilla irakurri beharrean marrazkietan ateratzen ziren objektuen euskarazko berbak botatzeagatik. Lehenengo mailan Enrique León izan genuen maisu eta aski gustura ibiltzen ginen harekin (oker ez banago, gazte zela hil egin zen gizajoa).

Azken kurtsoetan Luis Aranburu dut gogoan (Don Luisetik Luisera trantsizioa egitera tokatu zitzaion berari, aurreko zuzendaria don Luis baitzen). Eta Visi ("No diré matrakas nunca jamás. Se dice matemáticas" ehun aldiz kopiarazi zidana). Eta apaiza (don Inaziok behin klasea eten zion Aranbururi Pipe Areta Opuseko apaiza eta Espainiako atleta olinpikoa guri aurkezteko). Eta Rafael García. Eta Luis Mantilla. Eta Mario, eta Fernando...

Ikaskide batzuk ere baditut gogoan, baina aspaldian ez ditut ikusi. Auzotik gutxi ibiltzearen ajeak.

Josetxo Arrietak, gaur egungo zuzendariak, 1929. urtean sorturiko eskolaren historia errepasatzeko liburua koordinatu du (Eskola publikoak memoria badu. Elatzeta). Oker ez banago, maiatzean kaleratu zen. Kurtsoa amaitu arte ospakizun ezberdinak egin dira (bazkariak barne). Horren berri duzue Elatzeta Eskolaren webgunean sartuz gero (80 urteei buruzko wikia).

Liburu elebidunaren barna ikasleak, irakasleak, gurasoak eta abar pasatzen dira. Bitxikeria gisa, egungo Errioxako presidenteak, Pedro Sanz-ek, urtebete egin zuen eskolan irakasle. Bereziki gustatu zait Sabino Gómezek sinaturiko testua (Carta de un vecino, eskolaren aldamenean bizi baita bera).

En fin, zahartzen ari garela.

Bost urte bete ditu Eibar.org-eko blog komunitateak

Mikel Iturria 2009/07/14 06:00
2004ko uztailean hasi ginen blogintzan.

Gaurko egunez, uztailaren 14an, idatzitako apunte txiki hau (Mariano Ferrer erretiratu berriari buruzkoa) da blog honetan argitaratuta mantentzen den mezu zaharrena.

Handik egun batzuetara, uztailaren 17an, egin genuen ikastaroa CodeSyntax enpresaren egoitzan. Larunbata zen eta goiz osoa eman genuen klasean. Bazkari legea Elgetako Espaloian bete genuen eta baita bertan ikusi egun hartako Tourreko etapa (memoriak huts egiten ez badit, Iban Mayok, Armstrong-en orduko kontrariorik gogorrenetakoak, denbora dezente galdu zuen mendiko etapa hartan).

2004ko uztailaren 19an idatzi zuen norbaitek komunitatearen hasierari buruz eibar.org-eko albisteen txokoan. Eta bertan dago argazki hau. Hor dugu Luistxo profesorea, Xabier Mendiguren, Oier Gorosabel, Imanol Trebiño, Leire Narbaiza, Joseba Zabala, Ander Arroitajauregi....

Bost urte joan dira jada eta ikastaroan egondako batzuk oraindik ez dute bloga abiatu. Beste batzuk abiatu eta utzi. Bada ere erabakia hartzea kostatu zaion jendea, baina, azkenean, bloga duena. Eta, noski, ni bezalako kaskagorrak gaude, oraindik ere matraka ematen jarraitzen dugunak.

Pasa den astean, uztailaren 8an, krimenaren tokira bueltatu ginen. Kasu honetan, Zer egin daiteke Sustaturekin zen tailerraren izenburua. Eta osagarri: Euskal blogintza pentsatu 2010eko hamarkadarako.

Bolada batez nik ere pentsatu izan dut sare sozialek (facebook, twitter, etab.) akabatuko zituztela blogak, baina betiko leloarekin nago berriro ere: geratzeko etorri zirela blogak. Eta, gauzak ondo bidean, blogari izaten jarraitu nahi dudala. Lagun bati esaten diot, olgetan, bera eta ni, jubilatzerakoan, blogari izaten jarraituko dugula.

Uztailaren 8koan, Luistxok eta Maitek kontatu zutena ahaztu gabe, asko interesatu zitzaidan Gorka Julioren egun hartako jarduna (denon eskura jarriko omen du ahal bezain pronto). Etorkizuneko telebista izan zuen hizpide eta horretan trebatu beharko dudala/dugula uste dut.

 Bitartean, heldu eskutik eta tiratu belarritik. Zorionak guztioi.

Mikel Astarlozari enbido

Mikel Iturria 2009/07/12 18:29
Frantziako Tourra twitter-en. Lance Armstrong.

Nire ingeles urriarekin gustatzen zait Armstrong-en twitter jarioa segitzea. Aurreko batean norbaitek esaten zidan ez zeukala garbi berak idazten ote duen edo ez, baina nik esango nuke baietz, marketing kontuetan asko baitaki Lancek.

Izugarria da ikustea une honetan 1.384.452 jarraitzaile dituela. Berak, berriz, 100 lagun jarraitzen ditu soilik. Kuriositatez egon naiz begiratzen ea zeintzuk ezagutzen nituen zerrenda pribilegiatu horretatik: Kurt Asle Arvesen, Andy Schleck, Cadel Evans, Manuel Quinziato, Simon Gerrans, Allan Davis, Viatcheslav Ekimov, Christian Vande Velde, Levi Leipheimer, Ivan Basso, George Hincapie, Johan Bruyneel, Axel Merckx...

Beraz, familia eta lagunez gain, txirrindulari profesional edo txirrindularitza munduko jende asko jarraitzen du. Horiek guztiek nagusiki ingelesez idazten dute, baina jarraituenak 53.000 follower ditu (tokitan dago Texaskoaren marka).

Maite Goñirengatik izan dut twitteatzen duten Tourreko 20 txirrindularien zerrendaren berri. Artikuluxka blog espainol batean agertu da, baina txirrindulari español bakarra dago bertan: Carlos Sastre. Avilakoa Tourrarekin batera hasi da twitteatzen eta gaztelaniaz zein ingelesez aritzen da. Kasu honetan, esango nuke ez dela bera orain arteko mezu guztiak twitteatzen dituena. Harrigarria egin zait Alberto Contador ez egotea twitter-en. Are gehiago, hainbeste taldekidek sare sozial hori erabiltzen dutela ikusirik.

Etxera etorrita, Mikel Astarlozari enbidoa bota nahi diot: Berria egunkarira egunero bidaltzen duenaz aparte, twitter kontua zabaltzea eta urtea amaitu aurretik Lance Armstrong-ek jarraitzen dituen 100 laguneko klubean azaltzea.

Amaitzeko aholku bat: entzun Javier Vizcaínok gaur goizean bertan Pedro Horrillori eginiko elkarrizketa. Bikaina.

Eguneratzea. 21:35: Javi Vizcaínok igo du jada elkarrizketa bere blogera. Bertan irakur ditzazkezue JVren inpresioak baita solasaldia bera entzun edota jaitsi, gordetzeko modukoa delako.

Azentu-markak jartzen dituen gizona

Mikel Iturria 2009/07/06 18:39
Pablo Zulaica gasteiztarraren ekintzak Mexiko DFn.

Acentos perdidos bloga. Noticias de Gipuzkoan azaldutako erreportajeak eman dit pista: De la libreta de ideas a la acción poética.

Ideia ona da: nor ausartuko da gauza bera egitera euskaraz ikusten ditugun hankasartze larriekin?

Eitb

Mikel Iturria 2009/07/05 15:45
Goi kargu berrien izendapena. Jatorri eta korronte ezberdinak.

Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoaren paperezkoan irakurri dut bi orrialdeko erreportajea EITB taldean ematen ari den aldaketei buruzkoa. Atentzioa deitu didana izan da goi kargu berrien errepasoa egiterakoan, hiru jatorri aipatzen direla (el triunvirato de la nueva EITB).

Alde batetik, Alberto Surioren konfiantzazko jendea egongo litzateke: Patxi Arratibel (Estrategia eta kanpo harremanetarako zuzendaria), Miguel Ángel Idigoras (ETBko zuzendaria) eta Joseba Arruti (Radio Euskadiko zuzendaria).

Bigarren taldea popularren aldeko jendea osatuko lukete: Roberto López de Calle (Radio Euskadiko Albistegietako burua), Roberto Montalvillo (ETBko Albistegietako burua) eta Lucas Irigoyen (Radio Vitoriako zuzendaria, aurrekoan hemen azaldu zena bere blogen arrastoak ezabatzeagatik). Hirugarren mailako postuetan leudeke.

PSEren kuotan, berriz, Javier Torrontegi legoke, EITBko irrati guztien ardura duena. Rubalcaba Barne Ministroaren konfiantzazko gizona izango litzateke, baina beste iturriren arabera Aresen kordakoa ere bada.

Noticiaseko kazetariak ez du aipatzen beste izen batzuk non kokatzen diren: Rosa Díez Urrestarazu, Euskadi Irratiko zuzendaria; Aurkene Iturrioz, irrati bereko albistegietako burua; José Ángel Quintanilla, gerentea; Pello Sarasola telebistako programazio burua; Edurne Ormazabal, EITB.net-eko arduraduna...

Mila lagun ari omen dira EITBn. Horrelako kuota eta indar orekek gobernagarri egingo al dute txoritxoa? Laster jakingo dugu. Ikusiko dugu ere, karguak gora behera, nork agintzen duen etxe horretan, etxe horietan.

Anekdota bat, amaitzeko: udan, Javier Vizcaínok erabaki du Cocidito Madrileño tartea alde batera uztea; normalean, denboraldiko onenak errepikatzen baitzituen. Antenan esan duenagatik, entzule askok deitu du galdetuz ea zer gertatu den saioarekin. Are gehiago, posta-zerrenda batean Madrilen dagoen lagun batek bota du: Patxi Lópezek eraman al du aurretik koziditoa? Ez, ez dirudi bera izan denik, baina egin beharreko aldaketak tentuz egin beharko dituzte Suriok eta enparauek.

Porcelanas Bidasoaren itxiera

Mikel Iturria 2009/06/28 21:37
Berrogei urte pasatxo eman zituen aitak Porcelanasen beharrean.

Ostiral goizean jakin nuen Porcelanas Bidasoa enpresak hirurogeita hamabost urteko ibilbideari agur esan diola. Lanera joan aurretik ari nintzen Elatzeta eskola publikoaren laurogeigarren urteurrena dela-eta, Josetxo Arrietak idatzitako liburua irakurtzen. Zuzendari ohi batek aipatzen zuen Porcelanaseko oparitxo bat eman zietela agurrean eta, une horretan bertan, aipatu zuen irrati esatariak enpresaren itxiera.

Jaiotetxetik kilometro batera egoteaz gain, gure sendiko kide askok egin dute bertan lan: aitak berrogei urte pasatxo eman zituen 1990. urtearen bueltan erretiroa hartu arte, aitaren anai bat, amaren beste bat, bi aldeetako lehengusu asko, etab. Gazteenek Carcelanas deitzen zioten.

Albistearen berri izan nuenean Interneten bilatu eta enpresaren webgunea topatu nuen. Manuel Fraga izeneko gizon bat eta EAJko Baltasar Marín dira azken jerifalteak. Webgunean dago Araso proiektua izeneko pdf dokumentua (kontuz, 5 mega pisatzen ditu). Orain partzela ederra gelditzen da Irungo atarian eta hor dago koxka: 400 etxebizitza egiteko asmoa baitzegoen, Arasoko proiektuari loturikoa. Del Moralek esplikatzen du auzia duela urtebete idatzitako artikuluan eta Andres Nagel eskultoreak euskal Filesa aipatzen du bertan. Carlos Etxeberrik Otro nuevo plato roto sinatu du gaur Noticiasen.

Kateko Elatzeta eskolak 80 urte bete ditu aurten (hurrengo batean idatziko dut horretaz) eta bizi-bizi dagoela dirudi. Berarekin batera jaiotako Irungo enpresa asko pikutara joan dira jada. Azkena, Porcelanas Bidasoa.

Etxean egindako teleberriak

Mikel Iturria 2009/06/24 21:52
Generalitateko Ekonomia Saileko teknikari batek etxean egindako lau bideotan esplikatzen du finantziazio autonomikoa.

"No es ninguna novedad que en YouTube se puede encontar de todo, y aprovechando esta herramienta y la sospecha de que nadie se entera de nada cuando los políticos hablan de financiación autonómica, un joven de la Conselleria d´Economia se ha decidido a explicarlo a su manera y de forma casolana en unos cuantos vídeos que ha colgado en YouTube. La idea se le ocurrió a Adam Sedó, número uno en funciones del gabinete de prensa, seguramente al darse cuenta de que incluso los periodistas iban algo perdidos. A Sedó le apasiona la financiación autonómica, le brillan los ojos cuando toca el tema, y su fervor queda claro en los vídeos que ha grabado su compañera con una simple webcam, y en los que él mismo explica pacientemente los complejos conceptos. Los sugerentes títulos son: "Els mecanismes d´anivellament", "Les balances fiscals (I i II)", e "Impostos, territoris i persones". Si alguien se anima, ya lo sabe: debe entrar en YouTube y escribir adamsedo, así, todo junto".

La Mirilla. La Vanguardia. 2009ko ekainak 24.

Gaur arratsaldean irakurri ditut goiko lerroak. Gaia interesatu eta Youtubera jo dut. Bertan ikusi dut lehenengo hiru bideoek sarean urtebete daramatela jada (2008 ekaina) eta laugarrena irailekoa dela. Play tekla sakatu eta La Vanguardiako zutabetxoan azaltzen dena egia dela konprobatu dut: Adamek diskurtso landua du eta finantziazio autonomikoa Félix Rodríguez de la Fuente zenak zuen enfasi berdintsuarekin esplikatzen du.

Harritzekoa da orain arte jende gutxik ikusi izanak. Era berean, atentzioa deitzeko modukoa da komunikabide tradizional batek erreparatzea horri.

Nire ustez, hauxe da bideoen hurrenkera.

Arzalluz eta Xiberta

Mikel Iturria 2009/06/20 15:21
Hau da, Arzalluz beti bezala. Info 7n eta Argian. #donotsaveme.

"Nire ustez, Gobiernuak (Espainiak) bere gerra ETAren kontra galduta dauka. Galduta dauka, esango genuke, armaz, zeren beti esaten dute azkeneko puntutan dagoela, ahulezia izugarria daukala ETAk (azkeneko aldiz Elxen Pérez Rubalcaban esan dituenak, adibidez) eta behin eta berriz etortzen da atentatu bat. Eta gaur hil egin dute eta ez dute edozein hil. Hil dute Polizi Nazionaleko Informazio buru edo behintzat hemen Bilbon bazekiena nondik zebilen, ezta?”

“Eta horregatik hori ezin badute kendu, ETAk behin eta berriz horrelako gauzak egiteko ahalmena badauka, ba nik uste dut Estatuaren frakasua nabarmena dela. Eta frakasatzen du armaz edo poliziaz, eta frakasatu du negoziaketan, zeren nik esaten dut beti ETA... ETA da niretzat (beren ustez izango dira ez dakit zer, eh?) niretzat da, historikoki begiratuta, zerbezaren aparra bezala. Zerbezak indarra daukanean ateratzen du aparra eta indarrik ez badauka, ez du ateratzen, zerbeza hilda dago. Horregatik ETA bezalako fenomenoak dira herriaren egonezinaren ondorioak. Arazoa ez da berez ETA, baizik izango da herriaren egonezina. Hori ez badakite analizatzen, gauzak negoziatu eta aurrera eramaten, herri hori halako satisfakzio batera iristeko, ba orduan galduta dauka. Ez dakit zenbat denbora iraungo duen, baina galduta dago”.

Xabier Arzalluz, Info Zazpi irratian, ekainak 19. Audioa entzun dezakezue bertan.

"Ez dut uste aipatzen den polo soberanista denik bidea. Pistolak tartean dauden artean, ez da polo soberanista izango, zulo soberanista baizik. Hori hala, eta ETA suntsitzea ia ezinezkoa dela jakinik, ETAk beste Xiberta bat antolatu beharko lukeela uste dut, euskal alderdi guztiak deitu, armak uzteko prest dagoela esan, eta aurrera begirako estrategia denon artean diseinatzeko ETA beste agente politiko bat gehiago bihurtu. Ez dadila sartu Espainiako Estatuarekin negoziatzera, boterearentzat nahi duena egiteko alibi bat den bitartean, konponbiderik ez dute topatuko-eta. Garbi dago bakoitzak bere txiringitoari begiratzen diola, baina ez dezagun ahaztu EAEn gehiengo abertzalea daukagula, eta Nafarroan eta Iparraldean ere tendentzia abertzalea goraka ari dela. Erabili dezagun indar hori behingoz. Suzia piztuta dago, eta aurretik bidea daukagun arren, ez gaude desesperatuta. Hasi gaitezen bidea egiten leku erosoenetan, eta ikusiko dugu nola iristen garen leku malkartsuenetara. Dena kolpetik egin nahi izatea ez da utopia, tontakeria baizik".

Xabier Arzalluz, Argia, ekainaren 21eko zenbakia. Sustrai Colinak eginiko elkarrizketa.

Gobiernuak galduta izango du gerra hau, baina ETA ez dut irabazle ikusten. Beraz, nortzuk ari dira irabazten? Nor ari da benetan galtzen? Atzo, Eduardo Puellesek, familiak eta lagunek. Bihar? Donotsaveme.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter