Canet rock
Atzo Thomas Canet argazkilari madrildarrak 28 erretratuz osaturiko erakusketa inauguratu zuen Ernest Lluch Kultur Etxean. Eta handik pasa ginen, aspaldian apuntatu baikenuen hitzordua agendan. Loveof74 lagunak egin du miguelvidaurrismoa. Ez dugu, beraz, errepikatuko. Erentxun, berriz, arinki pasa da gainetik.
Urte hasiera honetan ezagutu genuen Madrilen kanpamentu basea duen fotografoa. Otsailean, zehatz-mehatz: Lieder erakusketaren inaugurazioan. Orduan, haren webgunean ibili ginen argazkiei begira. Orain obra bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Eta gustatu zaigu ikusitakoa.
Egindako elkarrizketa gehienetan normalean pare bat kontu aipatzen dira: txuri-beltza erabiltzen duela argazkilariak eta irribarrea ez zaiola erretraturako gustatzen (muga bat dela dio Thomasek). Diario Vascok eta Noticias de Gipuzkoak jaso dute aktan atzoko prentsaurrea.
Donostian paratutako lehen argazkia Ana Currarena da eta serieko azkena, Iván Zulueta. Aparte dago Rafa Berrio, Lento bere txakur mugituarekin. Gainera, bisitariak topo egingo du ondorengo hauekin: Auserón anaiak, Christina Rosenvinge, Joserra Senperena, Karmelo C. Iribarren, Roger Wolfe, Ray Loriga, Alberto García Álix, Diego Vasallo, Ariadna Gil, Enrique Sierra, Candela Peña, Ruth Gabriel, José Ángel Mañas, Leopoldo María Panero... Canet-ek berak prestatu du erakusketaren microwebgunea.
La mala espina blogean dio Mitomanías seriea bukatu duela jada. Liburu bihurtu nahi dituela topaketa guzti horiek. Egia izango da, baina ondo dakigu ere ez duela aukerarik galtzen argazki gehiago ateratzeko.
Azpian, El Selenita jaunak egindako argazkian, Thomas Canet ageri da kameraren aurrean.