Besarkada bat, Alain
Larunbatean ikusitako irudi bat burutik kendu ezinik nabil. Omenaldi bati dagokio, 2000. urtean ETAk eraildako José Luis López de Lacalleri egindakoa. Bost lagun ageri dira eskultura eta lore sorta baten bueltan. Hildakoaren alarguna eta semea, baita omenaldia deitu zuen alderdiaren ordezkariak ere (herrikoa eta Gipuzkoakoa). Eskuinean jende gehiago dago, baina ez du ematen asko direnik.
Argazkia: Aiurri.
Semea da Alain. Ez dut gehiegi ezagutzen, baina bai agurtu izan dudala behin baino gehiagotan tabernaren batetan edota kultur ekitaldi batetan (azkena, Derribos Ariasen omenezko kontzertuan). Elkar agurtu eta pare bat hitz gurutzatzen ditugu, gehienez ere.
Ez dut inoiz entzun publikoki bere oinazeei buruz (ama-arrebak bai). Isilik egotea erabaki duela dirudi.
Inoiz ez diot esan ea zer moduz dagoen, nola bizi izan zuen bizitza errotik aldatu izana hogeigarren hamarkada estreinatu berritan, nola kristo egin dakiokeen aurre aita hain modu krudelean galtzeari, nola egiten den noizean behin aitaren memoria oroitu eta gordetzeko ekitaldietan seriotasun lasai hori mantentzeko, nola egiten den aurrera ume jaioberria (zorionak, bide batez) aitona ezagutu gabe handituko dela jakinda... Nola.
Pare bat albiste irakurri ditut (Lopez de Lacalle gogoan, horietako bat). Behean itsatsitako Aiurrik igotako bideoa ere bai. Harritzen nau Andoaingo alkatea ez agertzeak ekitaldian. Ez dakit zein izan daitekeen arrazoia, baina uste dut alkateak bertan egon behar duela, nahiz eta Alderdi Sozialistaren ekitaldia izan.
Enpatia erakutsi beharra dago sufritzen duenarekin. Batez ere zure koordenada politikoetatik urrunago egon daitekeen jendearekin. Aurrera egin nahi badugu herri honetan, keinu gehiago, txikiak badira ere, behar-beharrezkoak ditugu.
Alain, nik inoiz ez dizut esan ezer, agian une egokirik topatu ez dudalako, seguraski gure harremana kortesiazkoa delako, baina lerro hauek idatzi nahi nituen publikoki besarkada bat emateko.
Agurrik ez, Alain.
P.S.: norbaitek nahi badu, irakur dezala Javier Ortizen "Tengo miedo" apunte hau ere.
Un abrazo, Alain (este apunte en castellano).
Zazpi urte jada, Javier
Dear JOR,
Felisa Pinok bidalitako mezu bat irakurriz konturatu naiz nire azken Dear JOR 2014koa dela (Bost urte, Javier) eta gaur erabaki dut hutsune hori bete beharra zegoela.
Pasa den astean barre batzuk egin nituen Gonzagarekin batera zuk idatzitako kontu batzuk zirela eta ez zirela: Eurovisión (hil aurretik ikusitako azken edizioari buruzko apuntea, 2008koa) eta 2003ko maiatzeko Ainhoa, Otegi y «los vasquitos». Izan ere hautsak harrotu zituen joan den astean jaialdiaren antolakuntzak kaleratutako ikur debekatuen zerrenda batek, tartean ikurrina baitzegoen. Baina lasai, Rajoy atera da, twitter-en, ikurrina astiduz! Arnaldo Otegik, duela aste batzuk kartzelatik atera zena barruan sei urte t`erdi bete ondoren, erantzun zion Fragaren esaldi bat gogoratuz.
Maiatzaren Lehena pasa berri dela aprobetxatuz, ez da komeni ahaztea Rafa Díez bezalako lider sindikalari oraindik ere urtebete pasatxo gelditzen zaiola zuloan. Eta Plasmadun gizonaren gobernua marmolezko estatuarena egiten ari dela ETAren amaiera ziurtatzeko garaian, futboleko epaile kaskarrak bezala.
Igande goizean zuk zaplasteko bat baino gehiago eman zenion ezagun baten elkarrizketa irakurri nuen (Jesús Eguiguren: "Me tomaron por loco y me hicieron el vacío en el partido, para muchos la paz es una putada”). Ez dago nobedade handirik testuan, baina egia da gero eta gordinago mintzatzen dela bere alderdiari buruz. Ez dut oso ondo ulertu lehen komentarioa, José Luis Urizena: Enrique Curiel aipatzen du eta bakearen alde egindako lana.
2015a hauteskunde urtea izan da (udal eta foru hauteskundeak maiatzean; Espainiako orokorrak abenduan), eta badirudi 2016a ere antzeko bidetik datorrela (orokorrak errepikatuko dira ekainean eta udazkenean Gasteizko parlamenturakoak deituko ditu Urkulluk). Jendea gogaituta dagoela ematen du, edo hori da behintzat nik inguruan ikusten dudana, nahiz eta Estatuan mugimenduak egongo direla aurreikusi aurretik (Podemos-IU elkarrekin?) eta ondoren, seguruenik.
Zure lagun Cebriánek jarraitzen du agintzen: emazte ohiaren izena Panamako paperetan agertu zen eta Cebrián hasi zen indarra erakutsi nahian, nahiz eta badago SER katean kasu gutxi egiten dion jendea (ikusiko dugu zenbat irauten duen Javier del Pinok).
Apirileko azken aurreko asteburua Santanderren pasa nuen. Zuk ondo ezagutzen dituzun lagun batzuk La Vorágine gunearen hirugarren urteurrena dela eta antolatutako festa batera eraman ninduten. Black Bird-eko gaua klasiko batek zabaldu zuen: Luis Pastorrek, hain zuzen ere. Lehen aldia zen bera eszenatoki gainean ikusten nuela, nahiz eta 40 urte luze eraman jada gitarrarekin alde batetik bestera. Lourdes Guerrak lagundu zion ahotsetan (lagundu gehitxo esatea da). Ez nuen ezagutzen, baina jartzen zituen aurpegiei erreparatuz gero, ematen zuen ez zuela han egon nahi.
Ona Pastor errezitatzen. Adibidez, Qué fue de los cantautores, izen bereko 2012ko disko bati izena ematen dion testua. Urte hauetan hainbatetan errezitatu du jendaurrean eta erraza da bideoak topatzea Youtube-n, batzuk musikarekin, beste batzuk gabe.
Gaurkoz nahiko, Javier. Zerbait esan nezakeen errefuxiatuei buruz, baina lotsa ematen dit (haien kontra) egiten ari garenak.
Besarkada estu bat.
7 años, Javier; este apunte en castellano.
Hegal egiten (VI)
Poch & Derribos Arias
Ostiral arratsaldea, Ernest Lluch Kultur Etxean hitzordu bikoitza. Alde batetik, Carlos Rego kazetariak Derribos Arias taldeari buruz idatzi duen liburuaren aurkezpena. Bestetik, Rafael Berriok alma mater izandako Poch-en omenezko kontzertua (PochXBerrio).
Ricardo Aldarondok parte hartu behar zuen aurkezpenean, baina azken orduko lan arazoak zirela medio ezin izan zuen egon (bai ondorengo kontzertuan). Carlos Rego, Alejo Alberdi (Derribos Arias taldeko kidea), Rafael Berrio eta Gregorio Gálvezek aurkeztu zuten liburua. Nik ez dut irakurri eta ez nuen taldea gertutik jarraitu garai hartan, baina aurkezpenak bere xedea lortu zuen: liburua irakurtzeko gogoa piztea.
Ordu erdiko atsedenaldiaren ondoren, publikoak antolatzaileak jarritako zerbezak edaten pasa zuena, Rafael Berrio igo zen kultur etxeko eszenatoki txikira. Berarekin batera, Iñaki Huarte Fisuras (gitarra), Ikerne Giménez (baxua) eta Nagore Etxabe (bateria). Elena Setien ere egon zen taula gainean, baita Carlos Rego bera ere.
Aretoa txikia da, baina aulkiak kenduta asko irabazten du horrelako kontzertu bat egiteko. Argiztapenak lagundu zuen garai bateko institutuetako areto itxura izateko. Soinua oso ona eta taldeak errepaso ederra eman zion errepertorioari.
Adibide gisa hona hemen Javi Haspik grabatutako "Íntima decoración".
Édipo (Companhia do Chapitô)
Larunbat iluntzean, berriz, Egiako Gazteszena aretoa lepo bete zen Portugalgo konpainia honen Edipoa ikusteko. Nik ez nituen inoiz ikusi, baina behin baino gehiagotan etorri dira Donostiara eta Euskal Herrira.
Teloia zabaldu zenean, eszenatoki hutsa agertu zen ikuslearen begi aurrean. Berehala agertu ziren hiru aktoreak eta dena bete zuten. Apartekoa pertsonaia eta giro guztiak irudikatzeko orduan azaldutako abilidadea.
Antzezlan mordoa ikusten duen lankide batek esan zidan, iaz ikusi zuen antzezlanik onena izan zela hau. Berriro joan zen ikustera, haurrekin batera atzo. Eta haurrek oso ondo pasa zuten.
Zuen herrira hurbiltzen bada Companhia do Chapitô, zoazte ikustera. Ez horregatik.
#KatiuskaErronka
Donostia Kulturako langile talde batek martxan jarritako Katiuska Erronka ekimenaren ekitaldi nagusia izan da gaur eguerdian San Telmo Museoaren aurreko Zuloaga plazan. Europara iristen diren errefuxiatuentzako botak jasotzea eta pairatzen duten egoera salatzea izan dira kanpaina honen helburu nagusiak.
Ez dakit zeintzuk ziren espektatibak baina larunbatera arte 15.000 bota pare bildu dira Gipuzkoan. Izan ere, talde eragileak abiatutakoa beste hainbat jendek (lagun koadrilak, erakundeak, enpresak, udalak, ikastetxeak...) egin du berea. Eta oso anitza suertatu da, zorionez. Datozen egunetan jakingo dugu zenbat bildu den orotara.
Herritarrek igande goizean ekarritako botekin instalazioa egin du Zuhar Iruretagoiena artistak. Hona hemen Javier Hernández-en argazki esanguratsua.
Bigarren hau nirea da:
Volando voy (VI), este apunte en castellano.
Errefuxiatuek Europan bizi behar dute
Ekialde Hurbileko gatazkak jarraitzen dituzten bi kazetariren hitzak ekarri nahi ditut gaur.
Ane Irazabalek Sustrai Colinari esandakotik ("Gertatzen dena kontatzeko gaude, ez protagonistak izateko") 2015eko otsailean:
"(...) iaz Lampedusan topatu genituen errefuxiatu siriarrek ere gauza bera aitortzen ziguten: “Palestinan gertatzen zirenak guri ezin zitzaizkigula gertatu uste genuen, Damaskon salbu ginela, ondo bizi ginela”. Lau seme-alabarekin, ezer gabe, patera batean iritsi berriak ziren. Horregatik diot benetako enpatia parekoaren larruan sartuz lortzen dela, eta horretarako zuri ere gerta dakizukeela sinetsi behar duzula. Hori lortzean jartzen zaizu oilo-ipurdia.".
2016ko urtarrilean plazaratu da, berriz, Sustrai Colinak berak Mikel Ayestarani egindakoa ("Nabilen tokietan, propagandak informazioak baino indar handiagoa du") eta hortik:
"Ez gaitezen engaina, hemen jendeak ez du suniei, trusoei edo xiitei buruz hitz egiten, Realari buruz hitz egiten du. Hori gutxi ez eta Mendebaldeak goitik behera begiratzen dio munduari, sorbalda gainetik beti. Guk esportatu dugu demokrazia, guk esportatu ditugu ongiaren baloreak, guk... Ekialde Hurbileko tragediekiko gutxieneko enpatia garatu badugu ere, beti iruditzen zaigu guri ezin zaigula halakorik gertatu, salbu gaudela".
Ez dakit zuek, baina ni erabat galduta nago, umezurtz sentitzen naiz. Politikak ematen du ez duela biderik egingo. Zahartu egin gara, kontserbadore bihurtu eta kristoren beldurra diogu kanpokoari, arrotzari (pobreari, betikoa).
Halere, badago jendea egoera honen kontra ari dena eta errefuxiatuak daude tokietan ari dela esku bat botatzen. Bi adibide Gipuzkoan bertan: Hotz Zarautz eta Zaporeak (horien osagarri, adibidez, #KatiuskaErronka izenekoa).
Gauza asko esan daitezke (kontra ere bai, noski), baina nik horrelakoetan Bertolt Brecht-en Gaberako aterbea hura aplikatu nahiago.
Euskaraz bi bertsio: Mikel Laboaren jatorrizkoa eta Negu Gorriak taldeak Txerokee omenaldi diskoan egindakoa. Zuek aukeratu.
Kontatu didate Nueva York-en
Broadway eta 26 karrikaren kantoian,
Negu gorrian, gizon batek gabero
jendeari otoi eskatzen
aterbea bilatzen duela
bilutsirik daudenentzat.
Mundua ez da era hortan aldatzen
Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
zama-aroa ez da hola laburtzen
Baina gizon batzuek gau batez, ohea dute,
aterbean haize otzik ez eta
bereri zijoakien elurra, karrikan ari da.
Liburuaren irakaspenik ez ahaztu gizona!
Gizon batzuek gau batez ohea dute,
aterbean haize otzik ez eta
bereri zijoakien elurra, karrikan ari da.
Bainan mundua ez da era hortan aldatzen
Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
zama-aroa ez da hola laburtzen.
Las personas refugiadas deben vivir en Europa, este apunte en castellano
Hegal egiten (V)
Neskatoak
Astearte arratsaldea da. Dei bat patrikakoan. Hondarribira Jon Abrilen Neskatoak dokumentala ikustera joateko asmoa duen laguna da. Denboraz larri nabil, baina ez da ezetzik esan behar horrelakoetan.
1950-1970 hamarkadetan Iparraldera (baita Parisera ere) neskame joandako Baztango dozena bat emakumeren testigantzak biltzen ditu Jonen lanak. Hobeto filmatua eta muntatua egon litekeela? Seguru baietz, baina halere dokumentalak gogobete ninduen, oso gertuko istorioak direlako eta maitasunez egina dagoelako. Barre ere egin genuen, hizlarietako batzuk txispa berezia dutelako kontu-kontari aritzeko.
Hilaren 6an bota zuten estreinakoz Jonen herrian, Beran. Esan bezala, martxoaren 8an Hondarribian ikusi nuen (200dik gora ikusle, gehienak emakumezkoak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatu baitzuten) eta aste honetan bertan, martxoak 16, Donostiako Koldo Mitxelenan proiektatuko dute Neskatoak (emanaldi guztiak filmaren webgunean daude).
Hurrengo egunean, lagun batekin hizketan, esan zidan planteamenduak gogorarazten ziola A las puertas de París dokumentala, Marta Hornok eta Joxean Fernández-ek (bai, Euskadiko Filmategiko zuzendariak) 2008an Parisko atezainei buruz egindako lana. Kasu honetan, erretirotik gertu (edo jada jubilatuta) dauden hainbat emakume espainiar elkarrizketatu zituen bikoteak eta sarean ikusgai dago.
La mirada del otro
Pasa den astean ere izan genuen Donostian, martxoaren 7tik 10era, dFERIAren 2016ko edizioa. Dantza eta antzerkia jorratzen du jaialdiak eta programatzaileei zein publikoari begira eginikoa da.
Tamalez, obra bakarra ikusi dut, La mirada del otro, 2011n Langraitzen ETAko disidente eta erakundearen biktima batzuen artean izandako topaketen harira egindako antzezlana. Esku artean duten materiala indartsua da (solasaldietan oinarritutako elkarrizketak eraman baitituzte taula gainera). Hiru aktore: bitartekaria, ETAkidea eta biktima. Eszenatokia ere oso sinplea: bi mahai eta hiru aulki, behin eta berriro tokiz mugitzen dituztenak aktoreek.
Uste dut pasa den irailean estreinatu zutela Eibarren eta, Donostiara iritsi bitartean, arazoak izan dituzte Huelvako Cartaya herrian aritzeko (zentsuratuak izan direla salatu du Proyecto 43-2 konpainiak).
Niretzat interesgarriena ondoren izandako mahai-ingurua izan zen (eta ematen du hori gertatzen dela toki askotan). Jaime Otamendi aritu zen moderatzaile lanetan eta, hiru aktoreez gain, Maixabel Lasa (ETAren biktima) eta Edu Santosek (topaketetan bitartekari izandakoa) osatu zuten koadroa. Publikoak ere hartu zuen parte, eta normalean gertatzen ez den bezala, ekarpen interesgarriak eta zentzuzkoak egin zituzten hitza hartu zutenek.
Adibidez, Guardia Zibilak duela 40 urte hildako pertsona baten arreba ei zenak esan zuen berari ere gustatuko litzaiokeela horrelako aukera bat izatea, anaia hil zuenarekin hitz egitearena, hain zuzen ere. Edu Santosek ihardetsi zion horretarako derrigorrezkoak zirela une honetan ematen ez ziren hiru baldintza: Justiziak bere lana egitea eta kondenatzea, pertsona horrek damua agertzea eta prest azaltzea gero biktimarekin egoteko.
Konpainiakoek (Estibaliz Curiel, Pablo Rodríguez eta María San Miguel) Alacant-eko Elda herrian ikasle batzuekin berriki izandako topaketa azpimarratu zuten. Kasu honetan, antzezlana baino lehen elkartu ziren eta gehiengoak ez zuen bigarren aukerarik eman nahi: hiltzaileei gogor egin behar zaiela. Halere, solasaldian zehar hainbat lagunek diskurtsoa aldatu zuten eta batzuk ondoren antzezlana ikustera hurbildu ziren.
Volando voy (V), este apunte en castellano.
Hegal egiten (IV)
Amorante
Diskoa aurkeztu zuen Amorantek (Iban Urizar musikaria) pasa den ostegunean Donostiako Garoa Kultur Laben. Aste pare bat lehenago edo, El Niño de Elchek Dabadaban emandako kontzertuan giroa berotzea tokatu zitzaion, baina jendeak ez zion gehiegi lagundu bere ahaleginean. Ni berandu iritsi nintzen eta ez nintzen sartu haren proposamenean.
Ostegunean, berriz, justu kontrakoa izan zen: jendeak lagundu zuen eta ez zitzaidan zaila suertatu haren proposamenean murgiltzea. Harkaitz Canoren letraren bat, osaba xelebrearen beste bat, Ibanek berak idatzitakoak... horrela joan zen saioa. Loop station-a erabiliz (uste dut hori dela Elgoibarko instrumentu tradizional horren izena), handik eta hemendik ibili ginen, batzuetan mendian barna, beste batzuetan Mediterraneoan (une batean, auskalo zergatik, Rachid Taha etorri zitzaidan burura). Ez galdetu zergatik mendian kokatzen naizen hura entzuten dudanean.
Laburbilduz, Amoranteren musikak merezi du. Hona hemen disko berria (Amorante izenekoa). Gehiago nahi izanez gero, behean duela urtebete Zarautzen emandako Paperezko Kontzertuaren bideoa.
Poltsiko Antzerkiko Jaialdiaren 25. urteurrena
25 urte bete ditu aurten Donostiako Poltsiko Antzerkiak. Bere garaian jaialdiaren asmoa zen hiriko auzoetako taberna eta beste hainbat lokaletara eramatea antzerkia, publiko berriak lortzeko asmoz. Gaur egun ere antzeko-parezido.
Normalean, maiatzean egin izan da, baina aurten (nire ustez irizpide onarekin) otsailera aurreratu da. Maiatzean gauza gehiegi dago hirian eta tabernetako giro goxoa gehiago eskertzen da neguan.
Otsailaren 11n hasi zen eta 27an amaituko da (gala batekin). Taberna asko gainezka egon dira eta esango nuke berdin izango dela azken egunera arte. Urte askotarako, Poltsiko!
Derbia
Ez naiz taberna girotik aparte ibiliko. Igande arratsaldean Realak Athleticen zelaian jokatu zuen derbia. Auzoko taberna batean ikusi nuen. Nire ustez, Realak merezita irabazi zuen Bilbon, oso partida serioa jokatuz.
Baina gehien harritu ninduena tabernako giroa izan zen. Hainbat lagunek kristorenak botatzen baitzituzten, tabernan bertan umeak zeudela ahaztuta. Horrelako egunetan nik neuk pentsatzen dut futbola ez dela haurrentzako ikuskizuna.
Eskerrak bezperan beste zerbait ikusi nuela Zubietan: Sanse Amorebietaren kontra. Giro lasaia, futbola gertutik, jokalari eta entrenatzaileen oihuak, belar usaina. Besterik ez. Ez da gutxi.
Belén Gopegui eta politika
Elkarrizketa gaurko DVn Alberto Moyanok (Donostian egon baita gaur literatur solasaldi batean). Gauza batekin geratu naiz:
"Hace un año lo político parecía estar recobrando el impulso propio de los momentos históricos cuando la política se convierte en el arte de lo imposible; hoy, parece, se vuelve a los cauces tradicionales de la política como arte de lo posible".
Volando voy (IV), este apunte en castellano.
Hegal egiten (III)
Lauroba eta Oso Fan
Ostegunean Iker Lauroba eta Oso Fan (Giorgio Bassmattiren euskal proiektua) egon ziren Donostiako Dabadaba aretoan. Ez zen jende asko bildu eta horrek harritu ninduen (agian ez dago harridurarako motibo gehiegirik).
Bassmatti beti dago sortzen, baina gutxi entseatzen duela esaten du (tira, egunak 24 ordu ditu). Oriol Flores bateriarekin dabil azken bolada honetan eta horrek gehiago entseatzera behartuko du (edo ez). Kontua da perkusioarekin eszenaratzeak gehiago irabazten duela, nahiz batzuetan iruditu tapatu egiten zuela gure gizonaren ahotsa.
Iker Lauroba, berriz, hiru lagunekin aritu zen ostegunean. Oso disko samurra argitaratu zuen 2015eko udaberrian, Harkaitz Canoren hitzak lagun. Halere, ostegunetik burutik ezin kenduri nabil Ikerrek berak, bakarka, egindako 90. hamarkadako The Rythm of The Night kantaren bertsioa, The Rythm of The Night originala baino askoz hobea.
Biak ala biak estudioan ari dira sartu-irtenean. Xabier Erkiziarekin ari da Bassmatti Japoniara joan aurretik eta Mutrikun, berriz, Lauroba. Laster emaitzak.
Realaren Ahotsak izeneko erakusketa
Donostia 2016aren baitan, Realak "Ahotsak" izeneko erakusketa bat antolatu du Anoeta Estadioan. Euria gortina bihurturik hurbildu ginen ostiral iluntzean. Iñaki Mendozarekin egin genuen bisita eta aski interesgarria iruditu zitzaidan.
Antolatzaileek diote ez duela futbolaz hitz egiten erakusketak. Alde batetik, Realak Gipuzkoan kohesio elementu gisa jokatu duen papera aztertzen du. Hiru bideo ikusteko astia izan genuen: Iñaki Gabilondo, Andoni Egaña eta Meho Kodro. Bosniarrak 90. hamarkadako bere herriko gerraz hitz egiten zuen, bera Realeko jokalari zen garaiko gatazka. Gaur egun munduan gauzak dauden bezala oso gertu geratzen dira orduko kontuak, are gehiago Mehok preterito perfektoa erabiltzen zuela aintzat hartzen badugu ("vino mi hermano" esan beharrean "ha venido" esaten zuelako).
Beste aldetik, Realak berdintasunaren alde egindako lana. Zati hau ezin izan genuen behar bezala ikusi, baina Mayi Ayestaran eta Txaro Barinaga-Rementeriaren irudiak ikusi genituen bideo hasieran (ez nekien Txaro argazkilaria saskibaloi jokalaria izandakoa zenik).
Gustatuko litzaidake beste buelta bat ematea, baina ez dakit aste honetan ahal izango ote dudan. Oker ez banago hilaren 20ra arte dago soilik. Estadioko 0 atetik gertu. Espabilatu!
Ikuspuntu jaialdia
Larunbat goizean, berriz, eguraldiak bai lagundu gintuela Iruñerako bidean. Autoa Arrotxapean aparkatu eta igogailua hartu genuen Alde Zaharrera. Baluartera jo behar genuen.
Zebra bidean semaforoak noiz eman paso zain geundela, beste aldean jende mordoa zegoen jarrera berarekin. Lagunei esan nien haiek sozialistak edo UGTkoak zirela. Baitazeare! EAJko militante eta buruzagiak ziren Baluartetik Foruen monumentura zihoazenak lore eskaintza egitera. Kristoren bista daukat!
Eguerdi partean José Luis Guerín zinemagilearen La Academia de las Musas ikusi genuen. Arratsaldean, berriz, Dieu sait quoi, Jean-Daniel Pollet-ena. Bigarrena Katakrak-eko ganbaran bazkaldu ondoren ikusi nuen eta kosta egin zitzaidan zerbait harrapatzea, ia ordu t´erdiko bodegoi mugituan.
Guerín-en filmak zer esana eman zuen bazkalorduan, baita arratsaldean ere. Nik gustura ikusi nuen, baina parodia baten modura irakurrita. Agian ez zuen hori egin nahi Guerín-ek. Auskalo! Bezperan, Donostiako Tabakaleran izan zen. Hona hemen filmarekin zer adierazi nahi zuen bere hitzetan.
Volando voy (III), este apunte en castellano.
Idatzi eta irakurri
-Lleva usted ya la mar de días sin escribir, señor cronista. ¿Por qué no escribe usted?
-Pues, precisamente, amigo lector, yo no escribo porque llevo la mar de días sin escribir.
Horrela hasten da Julio Cambaren No es posible escribir artículos geniales (pdf lotura) zutabea, Maneras de ser periodista liburuan jasotakoa.
Oliver Sacks neurologoa ohar asko hartutakoa da, 1.000 koaderno inguru zenbatu baitzituen bere bizitzaren amaiera aldera. Idatzitakoa baina bere horretan geratzen zen, paperatzearekin batera bukatutzat ematen baitzuen askotan ekintza bera.
Idazle bati aipatu nion aurrekoan eta ados zegoen Sacks jaunarekin. Berak 100en bat koaderno izango dituela idatziak eta seguru dagoela horietako 70 ez dituela inoiz zabalduko.
Idaztea baino, hobe irakurtzea. Hori da etxetik kanpo hilabete bukaeran egin dudana, besteak beste: Oliver Sacks-en En movimiento. Una vida, Enric Julianaren España en el diván trilogia, Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika edo politika, Harkaitz Canoren Beti oporretan...
Irakurle txarra naiz (gero gehiena oso erraz ahazten duen horietakoa). Kasu honetan, okerrago, zeren azken egunean Svetlana Aleksievitx-en Voces de Chernobil hasi bainintzen irakurtzen, lehen kapitulua. Eta hori geratu zait buruan bueltaka. Izugarria dela gutxi esatea da. 1986ko apirilean Txernobilera joandako suhiltzaile baten emaztea da kontalaria. Lehen pertsonan kontatuta dago senarra hil bitarteko hamalau egunak. Ez zietela esan zertara zihoazen; Moskura eraman zituztela zentral nuklearretik pasa ondoren; ez ziotela uzten senarrarekin egoten, are gutxiago ukitzen eta besarkatzen, baina berak ez ziela kasu egiten mediku eta erizanei (23 urte zituen eta haurdun zegoen); senarraren heriotza; ume jaioberriak ez zituela 24 ordu egin bizirik...
Hitzik gabe geratu nintzen eta bigarren maila batean geratu zitzaizkidan egun hauetan irakurritako gainerako liburuak.
Leer y escribir, este apunte en castellano.
Perestroika dator Espainiara?
2015aren lehen erdia Greziara begira pasa genuen Syriza zela eta ez zela, baina gaur, aldiz, ia desagertu da twitter-eko nire hormatik salbuespen bakarrarekin: hainbat fotokazetarik Lesbos-era iristen diren errefuxiatuei egiten dieten jarraipena.
Orain Euskal Herria ez dago agendan (baten batek pentsatuko du hobe horrela), baina deigarria egiten da, adibidez, Podemos-eko Pablo Iglesias ez etortzea abenduaren 20ko hauteskunde kanpainan eta hain emaitza onak lortzea. Adibide gisa, hona hemen Podemos jarraitzen astebete eman zuen Owen Jones britainiarrak (What I learned from Podemos) nola hasten duen kronika:
"I’ve spent nearly a week a travelling Spain — and the nations that make it up, like Catalonia and Galicia — with Podemos."
Katalunia dago lehen lerroan prozesuarekin aurrera jarraitzeko dauden arazoak direla eta ez direla. Prozesuaren etenak (eta irailaren 27ko hauteskundeen errepikapenak) momentuz argumenturik gabe utziko luke Rajoy PSOE koalizio handirantz eramateko orduan. Susana Díaz ere besoak gurutzatuta geratu beharko litzateke Pedro Sánchez idazkaritza nagusitik kanporatzeko orduan. Hori diote analistek.
Irakurri berri dut Jaime Miquel geografo eta politologo valentziarraren La Perestroika de Felipe VI liburua. Enric Julianak eraman ninduen berarengana Las cuatro generaciones zutabean egiten duen Espainiako estatuko lau belaunaldien banaketa honengatik:
1.- Gerra Zibila garaikoak: 1939. urtea baino lehen jaiotakoak. Gazteenak, beraz, 77 urte ditu. Hauteslegoaren % 12a.
2.- Autarkia garaikoak: 1939-1958 urteen artean jaiotakoak. %25a.
3.- Erreformistak: 1959-1973 urteen artean jaiotakoak. 60. hamarkadako “Baby Boom” garaiko belaunaldia. % 27a.
4.- Aldaketaren brigada: “Herritar berriak” Miquelen hitzak erabiliz. 1974-1997 bitartean jaiotakoak. 12,3 milioi hautesle, % 35a.
Liburuko ideia nagusienak behin eta berriro errepikazalea da egilea, baina gustura irakurtzen da. Nahiz eta izenburuak beste gauza bat iradoki, ez du askotan aipatzen tituluak dioena, baina bai dela hori bere tesia: Felipe VI.a herritarren gehiengo zabalak sustengatzen duela eta horregatik berak gidatu beharko lukeela erakundeen erreforma. Hori bai, erreforma horrek Trantsizioak konpondu ez zituen lurralde arazoak konpondu beharko lituzke (Katalunia eta Euskal Herriko arazoak). Miquelek konfederazioaren irtenbidea proposatzen du, etorkizuneko Europar Batasuna jomugan.
Orain, koalizio handia datorrela esan berri du. PPk zazpi milioi boto lortuko zituela ondo asmatu zuen, baina hauteskundeak baino astebete lehenago Ciudadanos bigarren izango zela esaten ikusi dut duela gutxi telebista saio batean eta denok dakigu zer gertatu den.
Tan perestroika eres tú como yo, este apunte en castellano.
Buruzapia eramaten duten emakume guzti horiek dira Zu
“Saionobela gisako dietario” gisa definitzen du liburua Lertxundik, baina ez Ars moriandi bat, Ars vivendi bat baizik. 2012ko uztailaren 19an medikuak diagnostikoa eman zionetik hiru urte luze pasa baitira jada eta oraindik tinko jarraitzen dute “Putakumiak ez digu irabaziko” lelopean. "Zergatik niri?" azkar samar bilakatu baitzuen emazteak "Eta zergatik ez niri?".
Liburu eta autore asko azaltzen dira orrialdetan. Lehen aipua, adibidez, Oier Guillanena da: “Minarena naiz zorionarena beste”. Behin baino gehiagotan agertzen dira Susan Sontag eta haren seme David Rieff kazetaria, baita honek amaren gaixoaldiaren azken faseaz idatzitako Un mar de muerte liburua ("Susan Sontag no aceptó su muerte y por eso no pude decirle adiós", 2008koa da elkarrizketa hau).
Literatura eta bizitzaren barna egindako bidaiak badu alderdi politikoa ere. “Sistema txukun samar bat lortzen ari ginen, harrotzeko modukoa, eta horixe suntsitu nahi dute liberaltasunez mozorrotutako akainek”. Lertxundik argi baitu “ezingo genituzke Zu artatzeko baliabide eta lan guztiak ordaindu”.
"Zuri gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik gaurdaino gure esperientziak, oro har, gutxi du tristetik". Adibidez, ileordea aukeratu ondoren, bazkaltzera joan ziren iniziazio-ospakizunari behar bezalako errematea emateko. Une komiko ugari ere izan omen dituzte. Zarauzko aurkezpen egunean, Lertxundik kontatu zuen goizean Garoako Imanol (aita) joan zela lore-sorta eramatera Zuri. Loreak eman eta besarkatzen ari zen bitartean (hartzaren besarkadatzat jo zuen Lertxundik unea) ileordea lurrera erori zitzaion Zuri.
Kezka du Lertxundik ez ote zaion "kontakizun tristea" atera. Ez nuke hainbeste esango, baina egia da serio irakurri dudala liburua eta gutxitan marraztu zaidala irribarrea aurpegian. Egilea ez dabil iji-ajaka, noski, minari eta sufrimenduari buruz ari baita. Batzuetan haserre ere sumatzen zaio bere buruarekin edo munduarekin (adibidez, norbaitek zerbait kantzerra dela esaten duenean).
Hiru aldiz erori zaio (benetako) ilea Zuri kimioa hartzen zuen bitartean. Liburuan aipatutako beste pertsona ezagun bat Uxue Barkos da, Contra viento y marea-n azaldu zuena bere eskarmentua. 2012ko abuztuan Borja Hermosok eginiko elkarrizketa hau jasotzen du Lertxundik eta esaldi hau azpimarratu: "Nire lagun, kimio puta".
Ematen du Zuren esperientzia ez dela hain muturrekoa izan: "Kimioa hartzen eta bizi kalitatea? Zergatik ez? (…) Esango nuke zoriona ez duela urruti. Eta gaixo dago. Ez dira batera ezinak".
Une hunkigarriak ere izaten dira; “ongi etorri klubera” esan zion Belen laguna hil zeneko ekitaldia kontatzen duen momentua bezalakoak. Semeak hainbat kanta abestu zituen bi musikarien laguntzarekin. Horietako bat Eskorbuto taldearen “Adiós reina mía”.
Joan diren guzti horiek gogoan, Jorge Ibargüengoitia idazleak Mexikon ikusitako epitafio hau: “Bizitzak ni zoritxarrekoa izatea erabaki zuen, baina ez dit gogoak eman” eta Kenzaburo Oéren esaldia: “Niretzat bi eratako pertsonak daude: gertatuak gertatu, beren duintasunari eusten diotenak, eta gainerako guztiak”.
Todas esas mujeres con un pañuelo en la cabeza son Zu, este apunte en castellano.