BIDAIAK 2000. AUSTRIA
Ekainaren 22a. Osteguna. 52.a-A:11.a
“Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J.Garzia. Ezin naute liluratu.
Kanpoan egin dute lo gazteen autoek, parranda zalea da gaztea hemen ere.
IPARRALDEA
Ez dugu jai eguna den duda izpirik, uholdean dator jendea laku ertzera.
Gaztelu pila dago Klagenfurt inguruan, 9 iragartzen ditu mapak, eta hor daude egon begi-bistan errepidetik. Nondik bizi ote ziren jauntxo guzti horiek, hain gertu bata besteengandik, pobre berdinei kentzen zieten zergak denek, ala beste nonbaiten zituzten lurralde bezero menpekoak?. Nor larrutzen ote zuten!. Pobre: inorentzako langilea, ohi denez.
Izugarria da Flagenfurt-eko bide-sarea.
Maria Saal. Txikia eta xumea, erakargarria, bikaina, uda-herria ere badirudi, udatiar herria, oso etxe ederrak baitaude. Harri zuriko Amabirjinaren Zutabe xumea plazatxo xumean.
Prozesioa. Korpusti Eguna da gaur, prozesiorako prestatzen ari dira, jendea hurreratzen doa. Ordu-orduan heldu gatzaio suertez, jakin ez baikenuen prozesioaren berririk. Bitxia egin zaigu. Etxaurre batetako berdegunean eman zaio hasera elizkizunari, kalean zehar abiatu dira ondoren elizan bukatzeko. Gure txikitan lez aldaretxo xumeak jarrita daude han hemen, prozesioa geratu eta otoitz zein kustodiarekin bedeinkapenetarako gune. Bertako jantziz uniformatuta bandako musikariak, koruko abeslariak, agintariak, zutoihal eramaileak eta emakume mordoxka; apaingarri bihurri dotoreak daramatzate emakumeok buruan; bosten artean daramate zutoihal erraldoia, eramaile bakoitza bere hagaz armatuta; jaunartze eguneko jantzi zuriz neskato-mutikoak... denen atzetik herria. Jo eta putz banda, herria berriz isil; kustodia urre-koloreko ederrean Gurejauna paliopean, apaizak berriz gure garaiko jantzi ikusgarri brodatutako jantzietan sartuta. Xumea eta apala da prozesioa, baina era berean sekulakoa.
Belar-guneko erritoak folklore itxura gehiago zuen elizkizunarena baino, eliztarrei luze egiten zitzaien apaizaren erretolika, asper itxura zuten aurpegian, prozesioa nahi zuen, parafernalia maite zuten, noiz aterako zeuden. Nabaria zen urteroko erritoa zela, gustura zeudela, harro. Ze nolako behi-marru ozenak entzun ahal izan diren belar-guneko elizkizun garaian!.
Eliza. Sekulako aparta kanpotik, apartagoa barrutik. Kanpotik, dorre bikoitza, hormateria, ormetako hainbat irudi eta hil-lauza… begiak erakarriz. Barrutik berriz betiko mila xehetasun bikain: apaindurako estukoa, pulpitua, triptikoak, jauntxoen irudi pintatuz edertutako gangak, zizel lanak, tailak, freskoak denean... sekulakoa!.
Hezurtegia eliza-aurreko plazan: borobila bera, arkupe borobil batez inguratuta, fresko nahiko hondatuak...: eraikuntza bitxi deigarria, guretzat erabat berria.
Argimutila, argi zutabea agian, plazatxo erdian, sekulako artelan zizelatua.
Ze bisita atsegina!.
Zollfeld-Glan bailara. Aspaldiko granjak, korta eta belar-biltegiak etxebizitza bat bider lau handiak; adreiluzko bao-gune dotoreak, bakoitza artelan bat itxura eta marrazkiengatik; etxebizitza berriak lehengoen jitean eraikiak horma osoa leiho sail gorria zenbaitetan.
Arndorf. Etxe eta belar-biltegi bakoitza aparta da hemen ere, elizak kaperatxoa dirudi dorrez luzearekin erakargarri.
Rossendorf. Belar-biltegi erraldoiak aitatu behar.
Artoa da nagusi, bailara honetan, artoa izanen da nagusi goiz osoan.
Santutxoak, herri bakoitzak du berea, atzokoen antzerakoak, xarmantak, sendoera ezberdineko zutabe borobil gainean eta lau kantoiko teilatutxo pikea txapel dutela; zurezko txaplatekin estaliak daude teilatutxo ia denak: goiz osoan izan ditugu errepide ertzean, herriko sarreran, herriaren aitzindari edo iragarki bezala.
Herriaren izen-iragarkiak, dotoreak dira, zurezko ilunak, aterpetxo batez babestuak, herri bakoitzeko arotz edo artistaren arabera ezberdina bakoitza.
Zaldi larrainak, banaka batzuk aurkitu ditugu gaur.
Simaurra, bera ere txukun pilatuta dago korta aurretan.
Herrialde aberatsa da hau, nabaria da herrietan, azaleratu egiten zaie oparotasuna.
Bailaratxoz bailaratxo doa ibilia, zein baino zein deigarriagoa da bailaratxo bakoitza .
Magdalensberg. Sigi-saga bihurrietan, bihurgunez bihurgune egin dugu kilometro mordoa, agian 10, gora eta gora. Merezi izan du: ikuspegia, eliza eta erromatar eta zelten aztarna hondakinak eskaini dizkigu.
Ikuspegia zoragarria, Eki Hego Mendebal aldera: ostean Alpeak erraldoi, eder eta sendo, behean bailara berde argia galsoro horiak adabakiak bailira, han-hemenka denean barreiatuta herritxo argiak eta izeidi ilun amaigabeak.
Eliza. Gotiko, txikitxo irregularra, 1500.goa omen: gotiko fina baina egitura xelebrekoa. Aspaldikoaren jite erakargarria du, moinonoa da. Triptiko paregabea du aldarean.
Zelta eta erromatarren hondakinak. Oso zabala da argitaratutako eremua, darraite oraindik indusketa lanek: mendi magalean kokatuta, oso goian, ia tontorrean: segurtasunak eraginda hain goian, ala behealdea istinga gunea zelako?; horma eta hondakin pila. Erre egingo ginateke azalez eta animoz, ez da ordu egokia harrioi eguzkitan begira hasteko. Aurrera egin dugu.
Beheranzkoan hogeitik gora traktore-ilara gurutzatu dugu: turismoa egiteko era ezberdina, traktorean!. Traktore berri berriak, segurtasun neurriak hartuak zituzten, laguntzaileak... Aspertuxe zihoazen itxura hartu diet; geldi doazenez, nahiko abagune dute .aisaiari begiratzeko, baina aurrekoaren tutuko hondakin kutsatua eta motor burrunbak ere nekatu behar du. Txango bitxia nolanahi: norbaitek asmatu du ekimen ezberdina, eta badirudi zaletuak erakartzen dituela.
Mastra trinkoko landara berde iluna, sail zabaletan laboratua, guretzat ezezaguna.
S. Michel. Aspaldiko eliza, erakargarria urrutitik, margulduxea bertatik.
Izugarriak dira korta-belar-biltegiak, bere leiho bitxiengatik erakargarriak.
S. Donat. Kanpandorre lerdena, etxe ederrak, belar-biltegi apartak, santutxo xarmantak...
Behiak izan ditugu gaur berrikuntza, behi gorri-zuriak lauzpabosteko talde banaketan.
St. Veit a. d. Glan. Erabat hilda zegoen eguerdiko galdan, halaz ere erakargarria. Izozki-dendek ere itxi egin dute gaur, plaza nagusiko kafetegiak daude zabalik soilik; bisitariak besterik ez gabiltza kaleetan, ezustea izan zaigu bakarren bat kalean ikustea. Urre kolorez dotoretutako kasaka gorriz jantzitako bi gizaseme agertu dira plazan, argazkia atera diezaiegun prest eta irribarretsu, atabaldun bat ere agertu da, ondoren tronpetaduna: bada edo izan da prozesioaren bat, baina herrian ez da prozesio girorik nabari.
Plaza Nagusia da herriko altxorra: lauki zabal luzea, etxe apartez osatua, zaindua, apaindua, erakargarria, Hirutasunaren izurrite zutabea du erdian. Saltegi kalea, beiraz estalia, antzinako etxeak eta gaurko materialak nolabait elkartu eta lotuz; bada kale eta kaletxo zaindurik, baita iturri bikainik ere. Harresi zatiak diraute, ilunak eta garaiak.
Eliza. Barrokoz jantzitako gotikoa, gangak, eliza osoa ere, gutxi pintatua lurraldean ikusitakoekin alderatuz; urre-kolorea du nagusi; organoa eta korua ditu bitxienak, zerbait aipatzekotan. Presbiterio inguruan, Pazko-zuziaren alboan, kobrezko ontzia: etxera eramateko ur bedeinkatuarena behar du izan. Hil-lauza zizelatu pila kanpoko hormetan.
Hezurtegi borobila eliza alboan, gerran hildakoak gogoratuz gaur egun.
Burg Hochostervitz. Sekulako gaztelua, mendi konikoaren harkaitz tontorrenean gotortua; alde batetik labar perpendikular garai-garaia du babes, bestaldetik bidea bera, sigi-sagan, zati bakoitza goiko bihurgunetik babestua, mendera gaitza ez ezik menderaezina, sekula menderatu gabekoa; 14 ate gotortu omen ditu, sigi-sagako bihurgunetan dauden gotorlekuak seguru aski.
Gaurko eguzki errearekin gaztelu goraino igotzerik ez duela merezi erabaki dugu, eta etxera hartu dugu, geriza bila, kanpinean arbola azpiren bat hutsik aurkituko dugun itxaropenez.
Herritxoz herritxo, basoz inguratuta egin dugu etxerakoa.
Motorista guti dabil gaur errepidean.
Bada etxe alboko hainbat garaje, etxearen zabaltza paregabea bilakatuta.
Ez da itzala eta babesa eskainiko duen zuhaitz ilararik bide ertzean; norbaitek erabaki zuen hemen ere arriskutsuak direla errepide ertzeko zuhaitzak. Abiadura da arriskutsua dena.
Dena da autoa, motoa, eta batez ere txirrindua gure laku inguruan.
Lau mutil dabiltza kontzertu baterako kartel erraldoi bat jartzen: bakoitza bere autoan etorri da, hemen ere!.
88 kilometro, ez aspertzeko, ez berotzeko betarik ere gabe.
Gazte pila sartu da arratsaldez kanpinera, furgonetetan datoz eta dendatxoetan bizi dira. Zaratatsu eta umoretsu. Kirol talderen baten jarraitzaileak dirudite: kamisetak, lepokoak, koloreak, abestiak ...
Ozena da gazte kantu hotsa inguruan.
Alemaniar asko dabil kanpinetan, denak gu bezalako nagusiak; asteburu honetan austriar asko agertu da, bikote gazteak gehienak, denak dendetan.
“Dublindarrak”. Joyce-Aldasoro. Ipuin interesgarriak.
Ekainaren 23a. Ostirala. 53.a-A:12.a
“Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J. Garzia
Beroa, etxera goiz itzultzeko eguna gaurkoa ere. 8ak eta erdietan, 30 gradutako hozberoa.
Atzoko norabidea hartu dugu, baina bide-berritik gaur.
Nekazari aberatsa da hemengoa, aberatsa izan zena behintzat, bestela ez da egiten horrelako korta-biltegi handi ederrik.
Elizak izan dira gaurko ibiliaren funtsa, korta-biltegiak berriz ikusgai nagusiak.
Izeia eta artoa. Sarriak izan dira behiak, marroi-zuriak, bi koloretakoak, talde txikietan, errape handiko esne-behiak.
Althofen. Mendi koskor luzexka baten hegi-hegia betetzen du; dotore dager behetik begiratuta, dotore lautadaren gainetik begiratuta ere. Eliza du gailen alde batean, dorre bat bestean, etxeak bien tartean.
Herritxoa, zaindua, apaina, kapritxokoa, uda-herria dirudi... xarma du. Bada etxe ederrik; esgrafiatu itxurako fatxadak, Veneziar etxeen antzerako sarrera dutenak, fatxada barrokoak, bertako fatxada petoak balkoi ederrarekin, horma argi pintatuak, ate gotiko poxpolinak... berreskuratu beharrezko etxe hondaturik ere bada. Badu plazatxoa non datzan zutabe xume-xumea, gizairudi zizelatuzko iturri ederra. Etxe hondatu eta utzi bateko fatxadan marmolezko harlauzan zizelatutako hiru emakume irudi apartak izan dira kale-arteko ezustea atsegina. Aparta da bailarako eta inguruko ikuspegia harresi gainetik. Atseginki egiten da kale-arteko ibilia.
Eliza da herriko altxor nagusia, St. Tomas Kanterburikoa du zaindari; balkoi bat da eliza-buelta Eki aldera. Fatxada gotiko bitxia, puntaluze pikea hiru leiho borobilekin, gotikoak ditu leihoak ere; hil-lauza zizelatu bikainak horma buelta osoan. Barrutik gotiko polita, balkoi gotiko polita nabarmentzen zaio presbiterioan; gangetako nerbioak giltzarri tailatuz lotzen dira erdi-erdian; korupea ere gotiko xarmanta da non ageri diren burutxo, taila-lan, atetxo, zizel-lanak, kapitelak, ... eliza xumea baina xarmanta.
Ba omen da hezurtegi bat, beste eliza bat ere ... baina ez ditugu aurkitu.
Lantegiak dirudite korta-belar biltegiak, bakoitzak harritzen gaitu, hainbat eta hainbat antzerako ikusiak ditugun arren.
Deigarriak zaizkigu ere kanpandorretxoak, batez ere urrutira dakusagunean, basoan gordeak, herrien erakusle edo ezaugarri, elizaren ezaugarri batez ere.
Gurk ibaiaren bailaran egin dugu bide zati bat, errekaren albotik. Argia, garbi itxurakoa doa, axal eta irristakor. Euskal Herria dirudi inguruak, Bizkaia zein Gipuzkoako bailara berdea, pinudi artean.
Strassburg. Ezusteko atsegina gerta zaigu herria: dotorea, uda-herri edo bainu-herri jitekoa, kolore anitzez pintatutako etxeek osatutako kale luzea da batez ere bris-brisa, txukuna eta erakargarria egiten duena; gaztelutzarra du tontor leun arbolatsu batean, gehiago dirudi jauregitzar gotortua; behean itxura ederreko eliza, bada bigarren eliza bat ere, eta alborago hilerriko kapera gorria, hormengatik eta teilatu erdian gandortzen zaion dorretxo borobilagatik ezberdina.
Motorista ugari gaur errepidean, ziztu bizian ohi dutenez.
Gurk Monasterioa. Lur-sail zabala du monasterioak. Gainaldea ohol txatalez gordetako horma garai batez bildua. Izugarri tzarra, patio klaustro, arkudun bi solairuko patio agian klaustroa, emankizunetarako darabiltena...
Eliza: deskribaezina, joan eta ikusi. Erromanikoa da kanpotik, erromanikoa elizara sarrerako ate landua; harrigarriak dira elizpeko freskoak; kanporago berriz ate gotikoa jarri diote eliza babestuz eta freskoak gordez. Barnea. gotikoak nerbio apartak, fresko pila hormetan, zur-taila sekulako bitxiak pasarte ezberdinak kontatuz, taila handi bat presbiterioa eta gradaren bitartean, presbiterioko aulkiteria aparta, urre-koloreko santu-irudi pila erretaulan zein bazterretan, santu-irudi polikromatu apartak, pulpitu sekulako handia, erretaula digantea irudi digantez osatua, ganga ezberdinak oso fin eta gustagarri pintatuak, freskoak hormetan, hil-lauza pila, handiak, sekulako zizel-lanak, bestelako harritzar zizelatuak alde bietan... badu zertaz gozatu.
Kafetegi eta saletxez osatua dago ingurua, etxeteria baina atsegin zaindu erakargarria da. Aparkalekua ere zabala: bisitari ugari dator hona. Ez da harritzekoa.
Bailara honetan zurezkoak dira korta.-biltegiak, ez dago zarpeatutakorik, bakarren bat ezik; askok dorretxo edo sarrera karratua dute, karranka batez igotzen dela goiko aldera.
Zweinitz. Etxe bakan ederreko herria, malda bateko goi-goienean kokatua; herritik at, kontraleiho zuri-gorriek deigarriko gaztelua basoan, eliza, eta Karintian lehena beraz bakarra den maiatza; durbante handia duen buruhandi koloretsua gerta zaigu ezuste, zurezko taila bat iturri buru lanetan: ze istorio ote herrian mairuekin!, turkoak ibili baitziren inguru hauetan ere.
Eliza aparta hau ere!; kolore gorrizka biziko sekulako freskoak dira aipagarriak presbiterioko ganga borobila osoki zein alboko hormak edertuz: zirraragarria.
Ortutxo txikiak zenbait etxetan
Gozamena da elizaz eliza joate hau, zein baino zein politagoa baita bakoitza, ederrak berez baina fresko eta santu-irudiz ederragoak: gozamena.
Altenmarkt. Herri txiki zaindua bailara gaintxoan, kanpotarrak erakartzeko gertatu den herria: zurezko areto izugarri luze-zabala nabarmentzen da, jantoki, dantzaleku... izan daitekeena, alderik aldeko taberna edo barrarekin. Maiatza, herrialdeko bigarrena. Santutxoa ere bada, herritik at, urrutixe, zelai baten ertzean, inola ere ez bide ertz edo herri sarreran.
Eliza da hemen ere altxor nagusia, xarmanta;, sarreran ateburuko fresko eta alboko burutxoak, gotiko petoa barrenena: gris eta okrez pintatutako zutabe eta nerbioak, zorua arbel-harri beltz leunekoak, fresko ederrak alde bietan zein presbiterioko gangan, santu-irudi taila polikromatu ederrak, korualde bitxia non S. Sebastian sebillanak dantzatzen ari dela dirudien; atzoko prozesioko hondarrak, zutoihal eta palioak daude presbiterioan, nolabait utziak, gurutze ertzak hormako freskoaren kontra daude pinturok marruskatzeko zorian, elizmutilek ez diote miresmen handirik frekooi.
Hezurtegi borobila eliza alboan, buelta osoa da hilerria.
Weitensfel. Kristo bitxi bat, ezer falta ez zaiona, gauzaz inguratuta aterpetxoan zintzilik.
Traktorean zihoan behizaina, dozena erdi bat behi zeramatzan etxera, ilara lasaian, errepidez, errepeak lehertzear bete-beteak; atzekoaren alboan zihoan traktorea auto ilara osatuz bidegurutzean, denok lasai, gidariok, unaia eta behiak.
Herri-bidetik egin dugu zati handi bat, gora pikoan lehenengo, mendi-mendiko herritxoak zeharkatuz gero gainaldea, behera pikoan azkenik lautada zabalera. Mapan agertu ere egiten ez diren herritxoak dira, txikitxoak, bakan-bakanak, maldetan barreiatuta, aisia-etxe edo atsedenleku jitekoak; uda parajea dirudi, atsedenerako aparta. Etxeetako batek hainbat eta hainbat burutzar tailatu ditu etxaurreko belartzan, iturri bihurtutako burutzarra ere izan dugu bide ertzean. Bada etxe berririk ere, bertako jitekoak denak.
Mendiarte gaineko balkoia da errepidea.
Ugariak dira ohol iluneko korta belar-biltegiak. Lakutxoa, alboetan aulkiteria ugarirekin, erakargarria bertan geratzera tentatzen zaituena.
Herri-bidea aukeratu dugu etxerabidean azken pausurako, zenbakidun errepideen ordez. Oso gidatze atsegina da. Mendiartea espero genuen baina sekulako bailara gerta zaigu, zabala, ederra, berdea, betiko osagaiak eskainiz gure begiei. 3 maiatz. Bailara honetan kokatua dago Feldkirchen.
Klein St. Veit. Eliza estilizatua, luzexka fina, bai eliza bera, bai dorrea. Alboan oso-osoki zurezkoa den sekulako etxe ederra, balkoi eta guzti.
Urtegia, istinga... eta ahatea bi kumekin errepide ertzean lasai.
Hungarian zein Eslovenian erruz, baina Austrian ia ikusi ez ditugun gurditxoak jatetxe aurreak jantziz.
32 graduko hozberoa. Oraindik beroak erre gabe etxera heltzea lortu dugu ordu bata eta erdietan.
129 kilometro, elizaz-elizaz, freskoz blai, atseginak. Izeidi mendiz bildutako eguna, gaurkoa.
Betez joan da kanpina, jende gaztez gehien bat, asteburua izaki.
Bete dugu S.Juan suaren erritoa, oso apal, xume aurten: su-hautsen belztura uzteko beldur izan gara, hain txukun gordeta dago-eta ingurua. Gogoan ditut zenbait S. Juan bezpera: Koloniakoa Rhin ibaiaren alboan, iazko Portugalkoa Evora hirira so, Baltikoko golkokoa Danimarkatik etxeranzkoan…
“Dublindarrak”. Joyce – Aldasoro. Gustokoa dut Joyce. Aldasoro berriz, Idiazabalkoa, nire ikasle izana ote den ere.
Ekainaren 24a. Larunbata 54.a - 13.a
“Soneto hautatuak”. W. Shakespeare - J Garzia. “... osoa ez den ezaugera ezjakintasuna da. ...ezina bertutetzat neureganaturik,...”. Herriotaz, batez ere herritar hauetaz, ezer guti dakidala besterik ez dakit neuk ere; ezin hau niretzat, berriz, samina da.
Euritsu esnatu zaigu J. Juan eguna. Hainbeste bezero egonik, erabateko isiltasunak biltzen du kanpina. Lehen argiz bilduta, guardasol zuri-urdin baten babesean eman du kanpineko bide-gorrietan euripeko ibilaldia gazte batek, euria zuen nonbait amets azken beroaldiaren ondoren.
Lizar adarrak jarri ditugu aurten etxatoiaren ateburuan jaiotetxeko oitura jarraituz, lizar baten azpian gaude egon ere: oparoa izan dadila urtea.
Turisterria dirudi lurraldeak, kanpotar asko dabilkion itxura du, atzerritarra zein austriarra datorkion antza; ohituta daude herriak kanpotarrak ikusten, jarrita bisitariengana, ez gara ez kanpotar ez lekuz kanpo sentitzen herriotan, bertakoak ez baina bai kanpotar onartuak. Eslovenia zein Hungarian, ordea, kanpotar sentitzen ginen, hungariarrak zein esloveniarrak erabat abegikorrak bazitzaizkigun ere; herri-bizitza eteten genuen sentipena bizi genuen han, hemen ostera etena dago jadanik herri bizitza, han interferentzia zinen, hemen ez.
Luze joan zaigu astea, asteazken ondoren egun oro izan baita asteburu kanpinean eta herrietan.
Txori guti dabil kanpineko berdegunean, jende larregi gaude nonbait. Adarretan bada txori kantarik, baina ez da entzuteko eta gozatzeko patxada, isiltasun eta girorik inguruan.
Giza portaera eta giza jite ezberdinei so egon naiz, liluratuta. Emaztea oso gogor eta zakar hartuko duelakoan nago bart aurrean jarri zitzaigun bikoteko gizonak; bietako baten ama ere bazekarten eurekin, baina koitaduak eragozpena besterik ez diela egiten dirudi, eta ez eragozpen fisikoa hain zuzen; emazteak zaintzen du bere itxura, bere gizen ederrean ere, nortasuna badu; enfrentamendu gordinak izanen dira bikotearen artean, agian isil gotor sakonak, baina emakumea menperatuta dauka gizonak. Ile-lehorgailua eraman du mutil kaskamotz-kaskamotzak dutxetara, ze ilaje demontre lehortu behar ote du; alemaniarra zen, ez italiarra!.
Giza portaera eta izaeraren ikerkuntza gune erosoa da kanpina. Komunetarako jende-pasoa da giza ikerkuntzarako beste behatoki bat; bakoitzak zer daraman toilet-erako: baliabide pila batek, eskuilatxoa soilik eskuan besteak, txabusina, toalla handia honek, toalla txikia hark... Umeekiko portaera da beste giza portaeraren puntu aberatsa. Bikoteena ... Agurtzeko erak, bai ezezagunen artean, bai koadrilan bertan, elkar gurutzatzean, elkar biltzean, komun eta dutxa eta harrasketan... Giza ezberdintasuna, giza aberastasuna...
M. Luisa eta biok elkarbizitzaren gorabeherak ez ditut ukitzen nire egunkari honetan. Ez dugu arazo handirik. Baina izan ohi ditugu liskarrak, errepideak direla-eta gehienetan, nekeak sorrarazitako haserreak tarteka... Neke egunak izan ohi dira okerrenak, bakoitzaren ideia eta ardura-gune nagusi ezberdinak ere eragiten dute tentsio-gunerik, baina ez hainbeste, ikasiak gaude bata besteari zor zaion errespetua izaten, ongi haziak gara eta ahalegintzen gara egoera ez garrazten horrelako unetan. Pentsatu izan dut bion harremanen egunerokoa eraman behar dudala, baina beldurra ematen dit. Gordina eta latza da norberaren barnea arakatzea.