Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000. ITALIA

BIDAIAK 2000. ITALIA

Jon Etxabe 2022/05/16 09:55
Rimini, Ravena

Ekainaren 26a.   Astelehena. 56.a-I:1.a

 

“Ilunbeen bihotzean”. Joseph Conrad – Iñaki Ibañez. “Idatzi, gainera, arrotz zuen hizkuntza batean”. Ia  berrogei  urtera arte izan nintzen erdi analfabeto, garai horretan aurkitu nuen “a” atzizkia artikulua zela!.

 

Etxarriko guraso eta seme gaztetxo koadrila dago Riminin futbol lehiaketa batera etorrita. Bidaiaren bukaera gisa beraiengana hurbiltzea erabaki dugu nahiz Italiako lurralde ezagunak diren guretzat.

 

Txoririk ia ez dugu ikusi kanpineko belartzan egon garen 7 egunetan. Bazkaleku oparoak dituzte txoriek, edo belar kutsatua da kanpinekoa beraz hau ez da zomorroentzat  leku aproposa.

 

Goizeko 8etan atera gara  Riminira, etxera goazen sentipenez. Egun argia izanen dugu gaurkoa, goiza hotza izan dugu baina.

Alpeen irudi apartekoz agurtu gaitu Austriak: kare haitz tzar garaiak ditugu aurrean alderik alde eguzkitan brixt, laku urdinxka behean,  izeidi iluna tartean. Paisaia eta ikuspegi eder dotorea. Etorri ginen eguneko irudi berarekin uzten dugu Austria ederra.

Villach ondoren, mugara bidean, Alpe mendien barrena sartu gara, tontor elurtuak aurrez-aurre ber-bertan izeidiz inguratuta.

 

 

I T A L I A

 

Ez gara jabetu ere egin noiz ginen Italian. Ez dago ez langa ez muga adieraziko duen ezer.

Alpeak zeharkatuz egin dugu Italiako lautadara artekoa, tunelez-tunel, zubirik-zubi gehienetan, bailara gaintxoetan sarri, mendipean beti, harkaitz, tontor itzel garaien itzalpean, izeidiek babestuta... bidaia zati honengatik bakarrik, Alpe arteko ibili honengatik soilik merezi zuen bidaia osoak. Paregabea!.

Nano sentitzen gara menditzar karstiko honen azpian.

Erakargarriak dira bailarak, berde-berdeak.

Austriakoren antzerakoak jarraitzen du izaten naturak; giza egitura eta giza habitata da aldatu dena, biziera ezberdina du jendeak lurralde honetan.

Herriak mendi-zuloan dakusagu, inolako gatzik gabekoak, hitsak. Ezberdinak dira jadanik, xume-xumeak, inolako dotoretasunik gabeak, bizpahiru solairukoak asko, gehienak, nortasunik gabekoak, erakargarritasunik ere gabekoak beraz.

Nortasun fisikorik gabeko herriak. Baina segur aski berezia da bertako gizartea, ohitura eta bizimolde bere-bereak ditu, hizkuntza ere, Alpe arteko herrietan ohi denez. Agian talde etniko ezberdinekoak dira.

Eliza-dorreak ez dira Austriakoak haina zorrotzak.

Herrietatik urrutixe goaz autobidetik.

Mendi-baso piko-pikoak, atsedenlekurik, laugunerik gabeko malkarrak.

Mendia zabaltzen denean, tarteka, zabalgune inguru oro da menditzar eder.

Amildegi zuriak agertzen dira izeidi berdeetan, higatuta dirudi mendi osoak.

Urdinxka-gorrixka doa ibaia, elur urtu berriaren antzerakoa.

 

Begi-bistakoa da hemen autobidearen astakeria, nola desitxuratzen duen erabat paisaia zementuzko zubi amaierarik gabekoekin, mendi-zulo edo izeidi artean mendi maldan argiak, zutabe gainean. Errepide zaharra ere bertan doa, erreka zulotik, neurrizkoa, apal ia ikusezin, errekaren alboan beti. Ezinekoa al da bi bideok izan ordez bakar bat izatea?. Ala negozioa dago autobietan eta ez du izan behar doakoa?. Zeren eta zeinen interesak dabiltza dantzan?. Abiadura Handiko Trenarena izan behar duen trenbidea ere hor doa, autobideak haina desitxuratuz mendi-zulo tzarraren beste aldea. Egin behar dira errepideak baina natura errespetatuzko zerbait itxurosoagoa behar du izan. Autobide honek pertsona ere ez du errespetatzen, gizakiari iraina da politiko eta dirudun zenbaiten interes eta burugabekeria hau.

 

Doazen eta datozenen kamioi kopurua izugarria da, ilara amaigabeak egiten dituzte. Zergatik ez garraioa trenez?. Autogileen interesak?, ala autopistagileenak?, ala politikoenak?. Nolanahi diru interesak eragiten du zoramen izugarri hau.

 

Ordubete eta hiru ordu-laurdeneko ibiliaren ostean atera gara mendatetik, alboan utziz menditzarrok, gero eta urrunago gure ikusmiratik.

Ibaia agertu zaigu mendiaren bukaeran, zabal harriz, urez  mehar, elur urtu berria bailitzan harritza erditik, bizi eta estu: ikusgarria behar du izan udaberrian zabal azal apartsu eta labain doanean, korronte bizia denean. Ubide bat ikusi dugu: agian lapurtu egiten diote ura ibaiari, horregatik doa hain argaltxo.

 

Lautadan gara jadanik. Artoa, belarra, eta tarteka mahatsondo garaiko mahastiak, gerria behartu gabe mahatsa jasotzeko aukerakoak. Lur-sailen ertzetan edo multzoka daude zuhaitzak: jadanik erabat galdu du lora intxusak, gorrizka dago orain, pinportatuta.

Urruti, zuri-zuri bertikal gorantz ihesi zihoan ke multzoa, tximiniatzarrari kea dariola zuen fabrika multzo izugarria   bilakatu zaigu bertaratzean.

Undine, Venezia.... erabat monotono aspergarria da bidaia. Oso nekosoa izan zaigu Venezia aurreko 10 kilometrotatik aurrerakoa, auto eta kamioi ilara amaierarik gabea bide-sarean harrapatuta, geldi sarri, barraskiloa baino bareago ibilian, ehun metrotik ehun metrora gelditzeko abiatuz, motor-hots ikaragarriak bilduta, tutuen haize kutsatua arnastuz. Bideak banandu eta bakoitza geurean bideratu garen arte.

 

 Kobrantza pasagunetan ere luzatu gara, gailuak edo gailu erabiltzaileak oso geldoak zirelako. Abiada biziko errepideak eraikitzen dituzte, baina tapoiez lotzen gaituzte ondoren berriro amorru biziz  abiada bizian jartzeko.

Bide-sari guneak dira gaur egungo fronterak Europan, horiek banatu eta kontrolatzen dituzte ibiliak, pasabideak eta abiadurak.

Itsua da autobidea, zoruko belztura besterik ez digute uzten ikusten.

Pare bat dorretxok arindu digute bidaia tarte batean: finak biak egituraz eta garaieraz, minareteak ziruditen bere balkoi korritu eta guzti, Giraldaren jitea zuten.

 

Poloniar jendea dager tarteka, autobusez, autoz... Ekialdeko kamioia ere sarria da errepide honetan.

Modelo ezberdineko tanketzarrak kamioitzar militarretan karabinieriek irekitzen ziotela bidea ilara luzeari: bazen bat misilak botatzen dituzten horietarikoa. Erabat militartuta gaude herriak.

Zirraragarria da kamioien ilara etengabea, milaka kamioi elkarri jarraiki.

 

Bolonia ingurua ere dena da lautada aspergarria. Tontortxo leunak ikus daitezke  Mendebal aldera, ostean berriz Apeninoak behar duten gailur garaiagoak, baina urrutiegi daude bidaia arindu ahal izateko, joate aspergarri hau eramangarriagoa egiteko.

Adige ibaia zeharkatu dugu, Po geroago: zubia luzea dela, beste ezertaz ez gara jabetu, ibaiaren ikuskizuna ere lapurtu baitigu autobideak. Baina autobidetik jo beharra dugu gaur, luzea eta arriskutsua bailitzake  gure etxatoia atzean dugula herritxoetan barne ibiltzea, herritxoen patxada bera ere apurtuz.

Po lautada, ibaiari esker ureztatua, emankorra. Bidaiarioi baina ez digu apartekotasunik eskaintzen.

Kanpandorreak dira tarteka monotonia eteten dutena, geografiaren monotonia eta gure joanarena ere.

 

Erabat eroak dira italiarrak errepidean, nahi dutena egiten dute, nahi dutenean egin ere, ezin zaitezke inoiz aurrekoaz fida, gutxiago albokoaz, besterik gabe  gurutzatuko baitzaitu bere aurrekoa aurreratzeko; kamioneta eta kamioiak dira okerrenak.

Auto txiki asko dabil oraindik errepidean.

 

Bologna, izugarria dager, etxetzar multzo erraldoiz osatutako ikuspegia.

 

EMILIA ROMANA

 

Adriatiko Itsasertza

 

Torre Pedrera kanpina. Lehenengo aurkitu dugunean kokatu gara. Geratu ondoren ezagutu egin dugu: gau berandu batean heldu ginen duela urte batzuk Italiara ibilaldian. Berandu. Pozik gu azkenik bat bilatu genuelako. Baina emakume arduradunak ez zigun argirik eman nahi izan. Gaur ere orduan bezain gobernatzaile ibili zaigu. Gau bat soilik egin genion orduan bere kalterako, beste bat Ravenan aurkituz, zenbait egun eginen ditugu oraingoan gure onerako, bertan kokatzea komeni baitzaigu.

Txikia da, baina txukuna. Erabat lehortuta du belarra. ber-bertan du hondartza eta bertan berotu ditugu hezurrak eguzkitan.

 

518 kilometro, luzeak eta aspertuak.

 

Ez dute gehiegikeriarik azaltzen italiar pelikulek, Italiako giro eta abarri buruz.

Hango hitz jarioa, jendearen egon moldea eta ezinegona, bi tiporen solarium-muntaia lau perro ateratzeko... hondartzan, kanpinean azaldu zaigun motokarroa eta  inguruan ibili zaigun agurea inurri-zulo bila sulfatatzeko bizkarreko tresnarekin inurri-zuloak pozoiez bustiz: sekulakoa izan da dena.

 

Kanpinean behintzat ez dago hondakinak berezituz biltzeko ontzirik.

Alemaniarrak, holandarrak, norvegiarrak, txekiarrak, frantsesak... eta euskaldunak gaude kanpinean.

Motozale koadrila ere heldu da, lurrean lo egiten dute.

 

 

Ekainaren 27a.   Asteartea     57.a - 2.a

 

“Ilunbearen bihotzean”. Joseph Conrad. “Haiek konkistatzaileak ziren eta horretarako indar hutsa besterik ez duzu behar, harro egoteko munduko ezer ez hori baldin  badaukazu, ze norberaren indarra besteren  ahuleziatik datorren halabeharra baino ez baita”. Badugu berehala aurkituko garela indar hutsa diren konkistatzaileekin, harrotasuna den herritasunarekin, bestea indartzen duen ahuleziarekin... gure Euskal Herrian garela laster bizipena alegia.

 

Autobusez egin dugu Riminirakoa.

Riminitik alde batera zein besterako kostaldea Mediterraneoko kosta ororen kutsua du: turismo gune eta hondartza giroa, kanpotar giroa, inguruko italiarra izanik ere kanpotar hori. Erabat uda-herria da kostalde dena. Turismo pobrearen eremua. Harri lubeten ostean itsasoa, fin-fina  hondartzako harea, etzan-leku eta toldopean  estalia ia hareatza dena, pasealeku estu bat hondartza gainean, hondartza ertzeko kalea errepide bilakatuta auto autobus eta txirrinduz lepo, lauzpabost solairuko etxeak etenik gabeko kilometrotako ilara luzean, dena saltoki, txiringito, jatetxe, kafetegi, kinkila-denda... Uda giroa, eguraldi beroa, jendea erruz, italiera kanta beti ozen airean, laxotasun arina janzkeran, egokeran, pausokeran, begiradan... denean.

Zirrara eragin dit gazte batek: kale-artean zihoan etxarteko bakardade absolutuan bezala. Bakoitza bera da mundu osoa, bere inguruaz osatua gehienez. Nahikoa du horrekin bizitzeko. Hortik gorakoa, harantzakoa, unibertsoa da, izartegia; ez dugu beharrezkoa gu geu izateko.

 

Rimini. Ibaia, ubidea edo portua, zaharraren albo batetik hiria zeharkatuz: agian ibaia da ubide bihurtu ondoren portu bezala erabilia: ontzitxoz beteta dago alde bietan. Augustoren arkua: handia behintzat bada. Malatestaren eliza:  familia ospetsuaren mausoleo edo hilerri bihurtuta eliza, familiartekoen hilobiak harri zizelatu zein  marmol zuri trebe landutakoen artean, artelan paregabeen museoa dirudi: elkar pozoitu zirenak elkarrekin orain marmol artean. Malatestaren gaztelua: antzinako giro eta jitea du, erraldoia, sendotasuna erakusten du. Plaza pila dago hirian: Cavour da agian deigarriena, bertan Erdi Aroko iturri eder borobila marmol zurian zizelatua; Aita Saindu baten brontzezko estatuatzarra; veneziar jiteko  jauregi eta etxe ederrak plaza inguratzen; Arrandegi Zaharra, garaia eta zabala, adreiluzkoa marmolezko mahai sendoekin. Martirien Plaza: zabala hau ere, bi ordulari apartak erakusten dituen eliza dirudien eraikin ederra, eta beste hainbat etxe eder. Tiberioren zubia:  harri zuriko zabal ederra. 22 eliza zenbatu ditugu planoan, S.Agustinena izan da ikusi dugun bakarra: nabe bakarreko handi-handia luzeran zabaleran zein goieran; fresko ederrak presbiterioan;  bi Kristo, antzinakoa bata, modernoa bestea, biak ederrak; ia eliza barrenean pulpitua. tokatzen zaion lez, santu-irudi erraldoiak; estuko edo antzerakoz dotoretuak horma eta gangak; koadrotzarrak aldaretan...: jainkoaren aurrean ere antzerako gerta dadin edo, nano eta inurri sentitzen zara eliza honetan.

Rimini ez da patxadako hiria: auto, moto eta txirrindu pila dabil, oinezkoen kaleetan ere beti zaude txirrindu eta motoz inguratuta, beti duzu gainean bat, ez dago inolako lasaitasunik.

Izozki denda pila, izozki aukera aberatsa, izozki gozoak.

 

Aurkitu dugu Etxarriko taldea, hotelean egin diegu bisita eta arratsaldez futbol norgehiagoka ikusi dugu gaztetxoen taldea animatuz: herriko epeltasuna izan dugu.

Herriko bi hilabetetako berrien eta gorabeheren laburpena ere egin digute, eguneratu gaituzte goazenerako.

 

Italia miniaturan, Italia nanotuta: Austriako Klagenfurten mundu osokoa zena hemen Italiara mugatzen da: Italiako eraikin ospetsuenak neurri txikian azalduak: erakargarria eta interesgarria. Lehen izan nuen sentipen bera bizi izan dut: nola lausotzen dira hainbat irudi, eta zein ezberdinak diren eraikinok bere ingurutik at jarriz gero.

 

12 kilometro, futbol zelairainokoak, ohitura ez galtzeko.

 

 

 

Ekainaren 28a. Asteazkena.  58.a-I:3.a

 

“Illunbearen bihotzean”. Joseph Conrad. “Eutsi beharrean gertatu izan naiz eta oldartu beharrean inoiz – eusteko modo bat baino ez dena ...”. Euskaldun abertzale baten bizipenak dirudite.

 

Turkoen komun zapalak eta gureetako zulodunak, denetarik aurkitzen da Italian.

 

Itsasbazter batean etxe-orratza gailentzen da urruti batean.

Dena da lur landua, ortuari mota oro ageri da bertan, sail txikitan gehienetan, baina bada letxuga sail galantik ere.

Gasolindegi pila.

Bi belaontzi bere oihal horixka handiekin etxarteko ibilbidean nabigatzen, kale-kalean eta erdi-erditik, ubide batetik.

 

Cesenatico. Nahiko lur barruan, pare bat kilometrotako erreskada luzean, txabolatxo berde ilunak ubide baten ertzean: zutoin garaia du aurrean ubidearen alde bietan txabola bakoitzak: sare lauki bat botatzen dute uretara zutoin bien arteko sokan zintzilikatuaz.

 

Cervia. Padura zabalak daude inguruan; belar latza, kanabera ugari, istingak, lakutxoak, gatzaga izan daitezken ur axalak, tarteka drainadurako erreten sakon zabalak. Lurralde zabal-zabalean.

 

Mirabilandia Jolas-Parkea  Ravenatik 10 kilometrotara: txirrista, noria eta ohizko zaldiko-maldikoak, baina dena izugarri erraldoia, dena ohizko neurriz kanpokoa, luzeran eta garaieran.

 

Ravena. Aspaldiko etxe eder handiko hiria, hiri zahar zaharkitu zabala, hondatuxea. Ez du ezer ikusgarririk kaleetan, baina ikusgarria da izan: jauregi handi eder asko, plaza asko, bikain-bikainak batzuk, Populo adibidez; sarrera eta ate bikainak, estatua pila, kanpandorre luze borobil apartak... Eliza pila ohi denez. Planoa hartu eta ibili, nahiko hiri itsua da planorik gabe.

Mosaikoak dira altxor nagusi paregabea. Horiek ikustera joan gatzaio gu ere.

Gala Placidiaren hilobia, S.Vitale eliza, Neonianoen bataiategia, S. Apolinar Berria ikusi ditugu gaur. Bada gehiago baina nahikoa izan dugu gaurko, merezi izan dute gure bero, neke, nora ez eta nekeak. Zoragarriak dira, mosaikoak ez ezik, eraikion egiturak eta gainerako artelanak. Joan eta gozatu, deskribagaitzak baitira. Bataiategi borobila erabat mosaikoz edertua dago kupula barne;  S. Apolinar Berria, garaia, bere luzeraren arku lerden gaineko horma erabat harritxo koloretsuz  argitua dago irudi formak lortuz; S. Vitale  eliza borobilaren lehen solairuko arkuteria eder sakonak eta presbiterio zoragarria, dena dira  mosaiko; azkenik Gala Placidiare hilobia, kolore berdea nagusi den mosaiko berde paregabeek biltzen dituzten hiru hilkutxa erraldoi. Nola jokatzen zuten koloreekin, oihalaren transparentzia ere lortuz; pintura dirudite.

Duomo edo katedrala ikusi dugu Elizetatik, baina hainbat dira hirian, itxura ederrekoak gainera: Duomo 3 nabeko erraldoia da bai luzeran bai goieran, ez du harrokeriarik ez handikeriarik tamainan ez bada, baina hainbat lan zizelatu gordetzen ditu bere baitan: hilobiak, pulpitua, oroitarriak... marmol zurian zizelatutako artelanak.

 

Deserosoak gertatu zaizkigu kaleak, atzo Riminikoak bezala. Ugariak dira autoak, baina batez ere txirrinduak dira gogaikarrienak oinezkoarentzat, denean eta denetik sartzen zaizkizu oinezkoen kalean zein espaloian, albotik, atzetik... beti duzu bat gainean; kale bazter orotan dago txirrindu multzoa, asko darabilte txirrindua  joan-etorrietarako; har zein eme, adin guztiko pertsonak darabil txirrindua, ez da ume edo gaztetxoen denbora-pasa edo jolas-gailu, garraio-tresna praktikoa baizik. Austrian patina, irrista-gailua, usu bazebilen, hemen ostera ez da halakorik.

Ardi galduak bezala ibili gara, norabidea nondik ote, lehenengo ogi bila eta gero hirian noraezean, plano bat lortu dugun arte. Baina ez zaigu damutu hirira joana.

Eskale asko dago, gazteak, zaharrak, elbarrituak, sasoikoak, umilak, lotsagabeak, umedunak...

Bisitari asko dabil, bakarkakoak eta koadrilan dabiltzanak, japoniarrak tarteko.

 

Ipurtarinak  dira italiarrak errepidean, buruarinak ere bai: ze istripu portzentajea ote da italiarrena?.

 

44 gradutako hozberoan genuen autoa zain.

Bizirik dirau elkartasunak errepidean: argi-xafladez iragartzen dute poliziak zelatan daudela. Han zeuden egon ere, oraingoan ere gazte bat zuten geratuta.

 

94 kilometro, mosaiko zoragarriak amestuz

 

 

Ekainaren 29a.   Osteguna     59.a - 4.a.

 

“Ilunbeen bihotzean”. Joseph Conrad.

* “Gezurrak herio kutsu bat dauka, hilkortasun zapore bat”.  Politika gezur hutsa da, horregatik hiltzen du gizartea.

*“Lana ez dut, inork ere ez du, gogoko; bai ordea gogoko dut lanaren baitan dagoena, zeure burua aurkitzeko abagunea, hain zuzen”.  Lan alienatzailea ez denean!.

 

Deseroso sentitu gara gaur: Presoen aldeko Martxa bukatzen da gaur Etxarrin. Izugarrizko lana izanen zuten  taldekideek, gu berriz hemen gabiltza lasaitasun osoan. Inor ez da ezinbestekoa inon, bestalde gaurko soilik azaltzea zurikeria besterik ez zen izango, lana egina egonen baizen. Beraz gure asmoak ez etetea erabaki genuen. Etxeratutakoan ekingo diogu nekaezin gure lanari.

 

Zakar poltsetan edo ontzietan eskua sartuz, ez eskularru ez babesgarririk gabe, egin du garbitzaileak zabor mota ezberdinen banaketa: botila, kartoi, plastiko... Ze aldaketa Austriako eredutik, han ontzi ezberdinak zeuden banaketa norberak egiteko.

 

Goiz lainotsua gaueko zaparraden ondoren, arratsalde urdina ondoren.

 

Itzulerarako erosketak, presoei postalak, itsasertzeko ibilia... haserrean bukatu den Etxarrikoen futbol lehiaketa, kanpineko tabernan zati bat bederen ikusi dudan Italia-Holanda  futbol lehiaketa, maletak egin... goxo joan zaigu eguna.

 

11 kilometro, futbol-zelairainokoak.

692 kilometro, Italian  egin ditugunak, biharkoak gehitu beharko.

 

Izugarrizko ahots uholde ozenak, garrasiak, oihuak, txaloak, aupadak, orroak, tutu-hotsak, kanpai-hotsak, txapliguak, auto-tutu hotsak errepide urrutian...  izugarrizko burrunba uholdea barreiatu da ozenki itsasertzean barrena: irabazi egin dio Italiak Holandari.

Ekaitzaren ondoren, gaua kolore bilakatu da, argiak hartu dio lekua zaratari, S. Pedro bezperako gaua gailendu zaio futbolari. Argitsua da Italian, Adriatikoan behintzat,  S. Pedro bezpera gaua, gureetako S.Juan bezpera gaua lez: suzko erroberak argitu dute hondartza alderik alde ertz batetik besteraino, eta hala omen  kostalde osoan.

 

Bidaia bukatu zaigula sentipen bizi-bizia dugu.

Etxerainoko bidaia luzeak sortarazten du ere urduritasun lausoa.

 

 

OROITZAPEN GISA

 

* Po ibaiaren inguruko lautada, Udine-Rimini-Milan triangelu zapala.

*Bidaia asperra, ibili berdina aldakuntzarik gabeko lautadan.

*Alpeen barneko bidaia, mendikatearen zeharkatzea, mendi-magal, mendi-zulo, izeidi, harkaitzarren artean eta azpian.

* Herritxo fisikoki apalak, erakargarritasunik gabekoak.

* Herritarrak, herri barneko bizitza, ezagutzen ezaren hutsunea.

* Rimini eta Ravena hirietako graziarik eza, baina bertako eraikin ederren aberastasuna.

* Txirrinduen ugaritasuna, auto txikien biziraupena eta motokarroen erabilpena.

* Txirrinduen eta autoen artean oinezkoen deserosotasuna.

* Itsasertzaren neurririk gabeko erabilpena, itomena, arnasarik eza.

* Poliziak Italian ere polizia; uniforme ponposoak ez du polizia izaera hobetzen.

* Txakur lau hankako gutxia.

 

 

Ekainaren 30a. Ostirala. 60.a-F:1

 

8 eta 15ean atera gara. Eguzki beroa.

 

Bidegurutzeak, semaforoak, autobidera sarrera deserosoa, auto ugaritasuna... barraskiloak baino bareago egin dugu lehen kilometro mordoa, geldi tarteka luzeetan, ibili geldoa besteetan. Arriskutsua izan da gainera joan geldia, hainbat italiar ipurtarinek nahi duena egiten baitu errepidean aurreratu, bidez aldatu edo edozein zirrikitutan sartuz, abiadura aldaketa ezusteko bizkorretan.

 

Gogorra izan da Bolognara artekoa: auto eta kamioiak abiadura bizian denak; errepidea bera nahiko egoera kaskarrean, zorua zimurduraz betea, sartatuta edo erdi zulatua, etendura, arrakala... matxinsaltoa dirudi gure etxatoiak.

Bestalde arreta biziz gidatzera behartzen zaitu errepideak berak, ez du ematen inguruaz arduratzeko edo jabetzeko aukerarik. Ezta aspertzeko ere. Begiak eta ardura osoa errepidean iltzatuak daramatzagu, aurrean mantsoago doan kamionetan edo ziztu bizian aurreratu nahian datorkizunean.

Gidaritza nekagarria.

Militar konboia: oraingoan gasolindegian geratuta zegoen, zorionez.

 

Bologna. Honanzkoan baino basatiagoa dakusagu haranzkoan. Izugarria agertzen da etxeteria, etxe-orratzak bata bestearen ondoren, lurralde zabalera osoan.

 

Ez da gozoa izan kamioi artean Bolognako bidegurutze-sarea.

Zirraragarriagoa da oraindik Milanerakoa, batez ere kamioiengatik. Hiru bideko autobidea da izan, eskuineko biak kamioiek betetzen dute erabat, eskuin-eskuinekoa mantsoago doazenek abiadura bizian joanik ere, erdikoa berriz aurreratzen doazenak, hainbeste dira uneoro aurreratzen doazenaz ze beti dago beteta erdiko bidea, eskumako ilaran zulogune bat noiz aurkituko; ezkerrekoan autoak doaz, tarteka erdiko ilaran sartuz atzeko bizkorragoari lekua uzteko eta ahal bezain bizkorren ezkerrenetik aurreratzeko. Erdiko bidetik 110etik gora joan beharra duzu, ezkerrekotik 120tik gora nahi eta ez. Ez da erraza etxatoiarekin ibiltzea kamioi biren artean harrapatuta itsu egin nahi ez baduzu bidaia osoa. Eromena.

Alboko zuhaitzetara mugatzen du ganduak ikuspegia, edo behe-lainoak, baina asperdurak ez du lekurik, nahitaez errepidean egon behar duzu egon ahalmen osoz.

Baina ikusi ahal izan dugu Austriakoen antzerako adreiluzko leiho zulodun gorta-biltegirik. Herriak eta etxeak tristeak dira, adreilu ilun kolorekoak, lur kolorekoak.

 

Piacenza-ri dorre luze-luze ederra eta eraikintzar bat nabarmentzen zaizkio etxeteria zabalean; baina badira beste bi kanpandorre eder ere.

 

Hiritik beherako autobidea bi bidekoa da, baina lasaia, bukatu zaigu Milan alderako eromena.

Po ibaiaren inguruan goaz, albo-albotik tarteka. Zabala da ibai-bidea baina ur guti darama, ureztatze premietarako lapurtu diote ura nonbait.

Irudimen praktikoa dute italiarrek: autobideko zubipe oro aparkaleku bihurtu dute, egon leku edo atseden-gune, aterpe euria denean eta gerizpe eguzki orduetan.

Turinera doan autobidean gara, kamioiez lepo doa, baina ez da auto gehiegirik, errazagoa da kamioiok aurreratzea. Nolanahi oso bizkor edo oso mantso joatera behartzen zaituen autobidea da hau ere, kamioi atzean geldo edo kamioi aurreratzen bizi, ez dago erdiko aukerarik.

 

Emilia Romana utzi dugu.

 

LOMBARDIA

Errepide xumeagoa da, ertzak ez daude hain zainduak, ez da hesi trinkorik eta begiek nora begiratu badute, patxada gehiagokoa ere bada, badabiltza ibili kamioiak baina erraz aurreratzen dira.

Traktore mordo batez zamatuta kamioitzarra: hainbat nekazariren ametsak doaz bertan, baita ere egin duen diru inbertsioak eragindako kezka eta beldurrak ere.

Gari asko dago Piamonten, baita artoa ere.

Gorta-biltegiak adreiluzko zulodun leihoekin.

Mendi-muino artean sartu gara. Aldatu egin zaigu pixka bat lurraldea, mahastiz alegrantziatu.

 

45. paraleloa gurutzatu dugu: errepide gainean dago zubitxo edo arku batez iragarrita.

 

Alexandria aldean Genoa alderako autobidea hartu dugu: 3 bide ditu honek ere. Lasaia da horratik.

Adreiluzko leihodun lehortegia.

 

LIGURIA

Tunel batean hasi da lurraldea.

Caceresko kamioia: espainiar kamioi bakarren bat besterik ez dugu ikusi bi hilabetetan, Euskaldunik bakar bat bera ere ez.

Mendartean sartu gara, baso artean. Zubiak, pagadiak, tunelak... hori izanen da ibilia Genoara arte, mendiartez mendiarte, pagadiz pagadi, mendi-zulo gainetik. Bada herri politik, orain arte Italian ikusitakoen ezberdinak, antzinako jitekoak, xarmant puntuarekin: beste grazia bat dute.

Itsasgainean ginen eguerdiko ordu bata aurretik, itsasoa dugu begi-bistan zubi gainetik.

Tunela eta zubia diraute, baina pagadiaren ordez berotegiak, baratzak eta pinuak izanen ditugu begien lagun. Mendi-zuloez aparte herriak ere zeharkatzen ditugu gainetik zubi erraldoietatik.

Errepideari so edo hesiek galarazita, ez dugu ia itsasorik ikusi ere egin bertan den arren.

Eguerdiko ordu biak eta laurdenak, 27 graduko hozberoa. Italia utzi dugu.

 

541 kilometro gaur, 1.233 kilometro orotara  Italian egindakoak.

 

 

FRANTZIA

 

Aurrez aurre jartzeko unean dago atzean izan dugun eguzkia.

Behe-lainoa da nagusi mendian behera zein itsasoan.

 

Niza. Lau bideko errepidea, autoz lepo.

Autoteria izugarria dabil autobian, ez dirudi oporretara doazenak direnik, bertakoak, barnekoak baizik: ostiral arratsak izanen du eraginik errepidean hemen ere. Izugarrizko abiaduran doaz: ez dira Alemania edo Austriako auto handiak, ertaina neurrikoak baizik, baina deabru bizkorrak. Antzinako modeloko auto txikia ere badabil bideotan, bizi-bizi eta erne.

 

Rodano, Rhon, ibaia, zabala eta eder doa, baina zamaontzi eta gabarrarik ez dabil!.

 

Aurrez aurre jarri zaigu eguzkia. Arratsalde aparta dugu baina gu geu gaude nahiko nekatuta inguruaz gozatzeko. Ahalik urrutien, etxetik gertuen, heltzea dugu helburu, izugarria izanen baita gauez edo bihar goizez  oporretara doazen atzerritar zein bertakoen auto eragina. Gaur ere ez da makala errepideko auto jarioa. Arreta handiz egiteko bidaia.

 

Hara non erregairik gabe gelditu garen!!!. Orratza erregai kontagailuaren azken marrara hurbildu denetik gasolindegi bat noiz aurkituko adi lehenengo, larri gero, egon gara. Ez zaigu bat bera egokitu: Aix inguruko autobidea egin berria da nonbait eta ez da gasolindegirik 100 bat kilometrotan. SOS gailutik deitu eta garajekoa etorraraziz, larrutik ordainduz, bukatu dugu eguna,  lehenengo eguna hasi genuen pare.

 

Arazo askoko bidaia izan dugu aurtengoa:

* 3 aldiz egin digu pot bateriak: garajera deitu, herriko gazteei laguntza eskatu, herritar batek bultza egin beharrean beste behin..., hortaz gain motorra su hartu  ezinik sarri eta noiz geratuko kezkaz.

* Bateria aldatu behar izan dugu.

* 2 aldiz hondatu zaigu etxatoiaren gurpiltxoa, beste behin kendu behar izan genion 3.ez honda ez zedin.

* 3 aldiz aurkitu dugu itxita kanpinak kristonak eta bi egin ondoren bilatzen hirurak.

* Gorputzaldi izugarri txarra jasan behar izan dugu biok txandaka.

Baina gainditu ditugu arazook, eta bagatoz etxera programatuta bezala.

 

8ak eta erdietan bukatutzat eman dugu gaurkoa.

 

979 kilometro, 12 ordu pasako gidaritzakoak

.

Narbona hiri inguruko atsedenleku batean egin dugu lo. Auto eta etxatoi guti zegoen gu heltzean, kamioiak ere guti ziren. Gero eta auto gehiago joan da heltzen, azkenez ehunka pila jende ginen gaupasarako bertan kokatuta. Europa osoko herritarrak, gu oporretatik, beste denak oporretara.

Polizia ere etorri zaigu, etxatoiz etxatoi dabil, lapurrak izan ohi direla eta neurriak hartzea aholkatuz.

 

 

Uztailaren 1a.   Larunbata.  61.a

 

Izugarria izan da goizeko lehen ordukoa. Autobusak sartu, egonalditxoa egin, eta irten: txekiarrak, poloniarrak, marokoarrak... autoak ere pila. Pil-pilean da oporretarako irteera. Zaila izanen zuten bart lapurrok.

 

Abian ginen 8etarako. Mediterraneotik Kantaurirakoa da gaurko ibilbide nagusia, ondoren etxerainokoa. Errepide eta ibili lasaiak. Gure bidetik ez doa herriarteko ia inor, alderantziz bai, Mediterraneoko opor edo egun-pasara.

Hori dago lurraldea, heldu-helduak galsoroak. Eliza-dorreak ere ezberdinak dira: gotorleku antza dute elizek zein eliza-dorreek; gerra girokoak agian.

Tolosan nahastu egin gara, Tarbes eta Baiona bidea berdinetik zirelakoan. Laster bideratu gara, ez ernegatu gabe.

Tarbes inguruan hara non errepideko hesian kamara lotzen poliziak abiadura bizkorregikoak zelatatzeko: ze ofizio zikina  eta txakurra zelatariona.

 

12etan entzun dugu Euskadi Irratia: duela  bi hilabeteko berri bertsuekin: zein aspergarriak diren politikoak.

 

 

EUSKAL HERRIA

 

Baionako bidegurutzean kontrola izan dugu: SS matrikulako gazte bat zuten beraiekin poliziek. Gaztea eta euskalduna, arriskutsua!!!.

Baionan ginen 12ak eta erdietan, 459 kilometro egin ondoren.

Itsasoa. Etxean gara!.

Biriatuko muga: hainbat pasabide egonik bat bakarra dago erabilgai, polizia berdea bertan dela presente. Presente dago Euskal Herriko erresistentzia mugako jarreran bertan ere. Europako mugarik eza erdizkako egia da: ez dago hau Austria eta Italiako mugak bezala zeharkatzerik, Hungariako kontrol zehatzik ere ez badago ere.

 

Sakana. Beriain, Aralar, Andia, Urbasa, Aizkorri mendiak, eta Sakanerriko bailara. Bada toki ederrik munduan, hau baino ederragorik ez, paretsuak bai.

Bizitzeko eta egoteko, Sakana. Ibiltzeko, mundua.

 

Ordu-biak  eta erdiak, 29 graduko hozberoa, 6 orduko gidaritza.

 

590 kilometro, bidaia honetako azkenak.

12.241 kilometro, onik eta zoriontsu ibiliak.

etiketak: Bidaiak 2000, Italia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.