BIDAIAK 2000 AUSTRIA
Ekainaren 19a. Astelehena. 49.a-A:8.a
Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J. Garzia. Ez sonetoek ez itzulpenak, ez didate bihotzik ukitzen.
Aldaketa eguna, azken kanpinaren bila, Austrian, azken hegazkada, etxerako hegazkada luzearen aurretik.
CARINTIA
Mendiz mendi, magalez magal izan da bidaia. Autobidez, zubiz zeharkatuz bailara eta mendi-zuloak, tunelez mendiak. Monotonoa, beti berdina, da, berez, autobia, hertsia eta zuhaitzez hesitua, horregatik balkoi bihurtzen zaigu zubi bakoitza, eta aurrealdeko magalaren behatoki aldaz behera arteza. Bailara berdeak lautadan, herritxoak magaletan, eliza-dorre puntazorrotzak zuhaitz artean, zuraje iluneko korta eta belar-biltokiak, beti erraldoiak, tarteka ederrak, izeidi ilunak, belardi berde argiak ... dira bidaiako ikuskizun paregabea; ez zaizkigu inola ere aspergarri suertatu autobideko kilometroak.
Poliziak ikusi ditugu sarri, azeri zelatari beti, gordeta, ia nor harrapatuko, miruak bailira: largabistarekin zegoen bat, urrutira bide-sailari so. Konboian zihoan ejertzitoarekin ere gurutzatu gara: gaur egungo jainko nonahikoa eta ahalguztiduna, denaren jaun eta jabea, bere ordenua munduan ezartzen duena, bere legez gizakia ibilarazten duena, elizako jainkoak ere men egiten diona. Hungarian eta Eslovenian ez genuen ez poliziaren ez ejertzitoaren presentzia sumatu, mugetan ezik.
Belaontzia ere gurutzatu dugu: atoi gainean zut, basorik baso nabigatuz. Bigarren irudi bitxi batek ere argitu digu ibilia: osteko errepidean zetorren autoak gasolindegi gainean zihoala zirudien une batez.
Mendi-malda oro da belardi, abeltzaintza de lurraldeko nekazari ogibidea.
Herri askok du santu-izena.
Wolfsberg herritik aurrera Alpeetako kare-harrizko tontorreria biluzia izan dugu aurrez-aurre, eder, zirraragarri, ikuskizun paregabea: ostean urruti eta multzoan izan ditugu lehenengo, hurrago eta zabalago ondoren; azkenik, bertaratzean, zerumugako ortzi-lerroa bilakatu zaizkigu mendiok ezkerretik eskumaraino zabalera osoan. Ikuspegi ederra, eguzki bizian oraindik erakargarriagoa. Ez zen ametsik egin behar Durangaldean edo Zegama aldean ginela sinesteko: kare-harri zorrotzeko tontorreria pinudi ilunez inguratuta, une batez Euskal Herrian genbiltzan sentipena bizi izan dugu. Ber-bertaratu garenean ezabatu zaigu ametsa, erraldoiegia zen Anboto edo Aizkorri izateko, bai goieraz bai zabaleraz.
Tontor konikoaren ia labarrean bertan, harri koniko erraldoia bailitz bera ere, kolore berdineko harri multzoa, gaztelu baten hondakinak, nahiko zut oraindik harresiak, goitik behera aldatzean, labarraren gainaldea gordez: erabat bitxia kokaguneagatik. Beste gaztelutxo bat geroago, hau ere tontortxoan, zuhaitz artean zahardadeko ajeak gorde nahian bezala.
Lautadara egin dugu azkenez. Arto-sailak dira nagusi.
Hiru bidezain gazte: gazteak baina ofizioa ondo ikasia dute, hirurak daude egon lasaian, kontu-kontari irribarretsuan, kamionetari argi gorriak dantzari eta kantari jarrita.
Bila joan gatzaion kanpinaren arrastorik ere ez dago, ez behintzat kanpin-gidak dioen herri, kale eta zenbakian.
Klagenfurt. Hirian bertan, albo batean, aurkitu dugu kanpin bat, nahiz barrena urduri, begiak zoli erabili behar izan ditugu.
Kanpina. Parke baten barnean kokatuta, urteetan gizendutako zuhaitzak dituen belar-gune apartekoan. Lizar lerdenaren azpian dugu kokagunea: S. Juan eguneko erritoa betetzeko aukera ezin eskurago. Bezero asko garen arren, berdegune zabala egokitzen zaigu bakoitzari inguruan, zabala baita; txaleta dirudi gure etxatoiak belardi erdian zuhaitzen babesean. Garbitoki eta gainerakoa, dena dago txukun eta zaindua. Zozoak ez ezik lakuko ahatek ere inguruan dabilzkigu.
Worther See lakua dugu ber-bertan, auzo. 16.6 kilometro ditu luzeran, 1.6 zabaleran, 84 metro sakoneran: Carintiako handiena. Ibilaldia egitera joan gatzaio. Ederra da, urdin-urdina, basoz inguratuta, Alpeen harkaitz lerroa du ostean begien ikuskizun, Karawanken mendia. Baina berehala zapuztu egin zaigu ibiliko ikuskizuna, jabego pribatuak bereganatua du erabat lakuaren ertza, gure ibilia etxetxo arteko joan-etorri kamutsa bilakatuz. Lapurtu egin zaio herriari laku ertza. Bada esparru zabal bat erabat mugatua eta hesiz begiluzeengandik babestua: belardi aukerakoa duzu egoteko, igeritako aukera ere bai, baina sarrera ordainduz. Txirrinduz dator jendea hiritik, ehunka eta ehunka, agian milaka, erabat bete da txirrinduentzat aparkalekutzarra. Erruz dator jendea lakura. Bada beste esparruren bat ere bestaldeko nonbaiten, jendea baitoa harantz txirrinduz.
Parkea. Zabala, ederra eta zaindua. Izan dugu berri egin zaigun zerbait bertan, mineral eta harri erakusketa: ez daude kristal ostean eta ez dira zatitxoak, mineral ezberdin puska handiak baizik, pila, multzoka elkartuta han-hemenka parkean zehar, bakoitza bere argibide eta oharrekin, bertaratu eta ukitu ahal izateko hesirik gabe. Harri erakusketa bikaina da parkea bere osotasunean ere, egoki kokatuak harriok, parkeko ibilian ikusteko.
Museo ezberdinak, Zooa... Museoen artean tamaina hazian munduko eraikuntza famatuenen miniaturak biltzen dituena da deigarriena, Minimundus izenekoa: deigarria gertatu zaigu kanpinetik ikusi duguna, joango gatzaio egunen batean.
Dena dago hiritik lakura bitartean, ibaitxo baten albotik doan bide-gorriaren ertzean. Ibili gozagarria gertatu zaigu. Arratsalde-pasa gozagarria.
156 kilometro, Anboto – Aizkorri erraldoietara.
Berreskuratu dugu tren hotsa. Errepidea ere ez da urruti.
“Dublindarrak”. James Joyce. “Espazioan bizkor mugitzeak puztu egiten du bat; halaxe egiten du ospeak; halaxe dirua izateak”. Turistak bere pauso neurria behar du, barea, inguruaz jabetu nahi badu; bere pauso propioa inoren eskuetan, gida eta bidaia bulegoenetan jarri gabe bidaiaria bera izan dadin bidaiako protagonista, iniziatiba inoren, agentziaren, edo gidaliburuaren, gain utzi gabe, dirua ere bere neurrian, jan-edan-erosketetan joan ez dakion bidaia-epea.
Ekainaren 20a. Asteartea. 50.a-A:9.a
“Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J. Garzia. Ez diet merezimendurik kentzen, baina ez zaizkit gozagarri.
67 urte betetzen ditut gaur. Ajeak gora gehituz, ahalmenak behera ahulduz. Baina oraindik bagabiltza.
Klagenfurt. Oinez joan gatzaio bide-gorritik ubide alboko gerizpe lasaian. Hiruzpalau kilometro. Ontzitxo isil-isila gurutzatu zaigu ubidetik, umez zamatuta doa, geldi-geldi, seguru aski Minimundus-era. Akazia izugarri sendoa aurkitu dugu ibilbidean: besoez neurtuz, gerriak ez ditu urruti izango 4 metroak sendoeran, gerrian.
90 mila biztanletik gorako hiri jendetsua; antzinako alderdia edo erdigunea oso esparru mugatura murrizten da. Argia eta garbia, planorik gabe joan eta bazterrei begira gustura ibiltzekoa, ikusi beharreko dena aurkituko duzun segurtasunaz, dena baita arteza, bihurrikeriarik gabeko kalerik gabe, dena zuzen, dena bertan, zu zeu edo ikusi beharrekorik galtzeko arriskurik gabe. Garbia dago, garbi itxura da, baina begiak zabalduz gero bada hondakinik ere lur-zoruan: garbitzen dituztelako daude garbiak kaleak, agian kaleak garbitze horrek sortarazten du txukuntasun kultura herriarengan ere, gureetan baino sakonago. Jauntxo herria, ondo-biziena, atsegina; usain atsegina darie aberatsei, pobreek usain txarra omen: usainez eta itxuraz neurtu nahi da gizakia, kiratsa baitarie aberats dotore askori. Herri bizia, jendea pil-pilean harat-honat edo kafetegietan eserita. Jende adeitsua, pare bat pertsona hurreratu zaigu zerbaitetan lagundu ahal ote.
Plaza Berria, Plaza Zaharra, Udaletxe Berria, Udaletxe Zaharra, Landhaus edo herrialdeko Parlamentua. Plaza berriko dragoiaren iturritzarra elezaharrekin lotua, hainbat iturri eta putzuak...; etxeak: apartak batzuk, sekulakoak besteak, landuak gehienak, ederrak denak, inolako grazia gabeko etxe moderno eta berri arruntik ere bada; patio karratu bikainak bi solairuko arku erreskadak gordeaz. Bebarru oro da saltoki, saltoki erraldoi bat da erdigunea.
Elizak, hemengo ohizkoak: ganga pintatuak, baranda landuko koruak alboetan, zutoihalak eta palioak bankuterian itsatsiak, pulpitu loratu landu sekulakoak, santu-irudi urre-koloreko edo zuri-zuri bihurrituak... Baina denen artean katedrala da erabat deigarria: bitxi-bitxia lehen begiradatik, estukoz loratuak hormak, pinturaz edertuak gangak, santu-irudiz gainezka pulpitua, dena pintura eta estuko korua ere... eliza osoa da arrosa kolore, dena da erabat argia, dena goxo itxurako, dena leun moldeko, eliza baino jauretxe edo errege jauregiko festa-aretoa dirudi, dena baitago han apaingarriz gainezka.
Hegoaldeko mapa erosi dugu, txori erraria da maparik gabe bidaiaria.
Minimundus. 150 eraikin ospetsuren erakusketa zerupe garbian, 1:25 eskalaz eta jatorrizko eraikinen material berdinarekin eginak. Ez daude pilatuta, baina bai bata bestearengandik hur, ibilaldian ikusteko taxututa. Munduko eraikin ospetsuenak ia bertatik, bere osotasunean, ikusteko aukera eskaintzen da. Atsegina da, ibilaldi bitxia eta ezberdina.
Ikusi ondorengo hausnarketa:
- Munduko bitxikerietatik ez dugu ia zipitzik ere ezagutzen.
- Eraikin gehienok telebistatik zaizkigu ezagunak: telebistak izugarrizko ezagutza zabaltzen du.
- Erabat lausotuta ditugu begiz geu-geuk ikusitako hainbat eraikinen irudiak.
- Errealitatean, bere-berean, ikusita, ez dira hain eder eta hain distiratsu eraikinok. Eraldatu eta edertu egiten dituzte erakustaldirako kopiok.
- Gu txindurri batek ikusten gaituen lez ikusi ohi ditugu eraikintzarrok, erraldoiegiak gertatzen zaizkigu bertatik ikusitakoan. Miniatura koskorrok berriz irudi osoagoa, osatuagoa, orokorragoa ematen digute; zentzu ezberdin batekin dakusagu hemen, sentipen ezberdina sortarazten digute hemen txikiagotuta begiratzean, ez gaituzten hainbesteraino zapaltzen harritzen bagaituzte ere, orraztu eta bere oneratu egiten ditugu idealizatuta genituen irudi eta sentipenak.
- Ez dago Espainiako eraikin bakar baten kopia bat bera ere. Ez dute aintzat ere hartu Espainian hain sarri aipatzen dituzten monumentuetatik bat bera ere. Espainia ez da existitu ere egiten han bertako egunkari, telebista, politiko eta patriakeriatik at. Izan zen Indurain bat, munduan ezaguna, eta bera euskalduna izan zen, eta kirolaria.
0 kilometro oinez, oinezkoak asko.
Belak dira hegazti zaratatsuenak kanpin honetan, zozoak arabazozo petoak dira, auzo ohiak ditugu mikak. Baina ez da mokoka belartzan jaki bila dabilen txoririk, badute nonbaiten bazkaleku oparoagorik.
Afari berezia prestatu du gaur M. Luisak, urtebetetzea ospatzeko.
Joicekin nabil, baina ez dut ezer azpimarratu.
Ekainaren 21a. Asteazkena. 51.a-A:10.a
Beherazkoari ekin dio gaur eguzkiak.
Bizileku erabat aldakorra da kanpina, oso bizia: egun batetik bestera, sarri ordutik ordura, alda daiteke egoera. Behin ere ez dakizu etxeratzean ze inguru aurkituko duzun. Ohera ondoren aldatu zitzaigun bart ataria, aurreko belatza ederraren erdian denda jarri ziguten berantiar batzuk. Geriza-leku eta egontoki berri baten bila hasi behar gara beraz, ohiturak aldatuz.
Entretenigarria ere bada kanpina, hainbat jende-modu ezberdin etortzen baikara bertara, etenik gabeko mugimendua baitago bertan, zeregin ezberdin ugari baitago uneoro, bakoitza bere jokamolde, ohitura eta egoera ezberdinekin. Kanpinean nabari da, inon ez bezala, bakoitza gu geu garela.
8ak eta erdietan atera gara. Beroaren beldur atera ere. Goiz etxeratzeko asmoz.
Lekua aukera asmoz, beranduago astirik ez dutelako edo kalte gutxien egiten duena lehen eguzkia delako, goiz dator zenbait jende laku ertzeko belartza ordaindura.
Anboto barrenetatik egin dugu ibiliaren lehen erdia. Mendiak ditugu bidaiako protagonista, batzuetan harri higatu biziak eguzkitan brixt, hurrengo izeidi pikoak ditugu zeruetatik oinetaraino ia-ia labar. Ikuspegiaz at, bidaiak ez du erakargarritasun apartekorik: tarteka etxe edo balkoi ederrak, han-hemenka zurezko korta eta belar-biltegi ilun erraldoiak, txabolaren bat. Nahiko arruntak dira etxeak, kolore argiz itxuraldatzen badira ere. Santutxoak lirateke gaurko bigarren protagonistak: pila dira, berea du herri bakoitzak, ezberdina bakoitza nahiz taxu berdinekoa izan, denek dute aho borobilezko oholezko txataltxo, teilatutxo edo estalki borobil konikoa.
Drau ibaiaren ertzetik egin dugu haranzkoa, baina ez zaigu bidaia-kide izan ibaia; bere ezagun, ia lagun, gara Esloveniatik, batez ere Ptuj-etik zein Maribor inguruko ibilietatik, Drava zuen han izena; tarteka gelditu bezala egiten da ibaia, sakon eta zabal kilometrotako luzera luzean: izen ezberdineko see deitzen diete tarte geldi hauei, lakutxo irudikoak direlako; bere inguruan gabiltza, lau bideko errepideak errukirik gabe zeharkatzen du see hauetariko bat, batez ere mapaz jabetzen gara ibaia bera dela tarteka laku bilakatzen dena.
Hemen izeidia den arren nagusi, ez pagadia, Anboto, Aizkorri, Urbasa, Andia eta Aralarrekin lotzen ditugu mendiok, egituraz antzerakoak baitira, karstikoak. Mendi horien bestaldetik ginen duela hilabete eta erdi, hemen izango ginela aitatuz, hemen gabiltza orain han ginela gogoratuz.
Herriek eta etxeek ez dute antzinakotasun trazarik, ezta izaera propioaren jiterik ere.
Artoa agertu da bailara hauetan, belarraz gain; fruta-arbolak eta batez ere baratze txikiak etxe alboan, zur itxurako hesi batez babestuta gehienetan, belartza erdian.
Bailaraz bailara, natura bera da dotorea herrialde hauetan.
Errepidean aurreratzean zuhurrak eta kontu handikoak dira austriarrak. Zenbatekoa ote errepideetan hildakoen kopurua?.
Gidari adeitsu bat izan dugu: errepide-gurutze batean geundela mapari so, auto bat geratu zaigu ia laguntzarik behar ote genuen arduratuta.
Lehenengoz Austrian: ume taldea andereñoarekin errepidean txango ibilian. Atzo ikusi genituen ume taldeak Minimundus-en baina esloveniarrak eta hungariarrak ziren, autobusetan etorrita.
Herri xume-xumea da herrialde honetakoa ere, herrietan ikusten da hori arbi; ez da desberdintasun handirik nabari herri hautako jendea eta aurreko bi nazioetan ikusi ditugunen artean: prakak, brusa eta blusak, alkandorak, gonak, oinetakoak... antzerakoak dira jantziak denean.
Jubilatuak dabiltza erruz; honek bai darabilte hain ezagunak zaizkigun austriar jantzi dottoretxo argiak.
Austriako arkitektoek ere ez dituzte burua eta irudimena larregi erabili eta nekatu herri hasietan pobreentzako etxebizitzak eraiki behar izan dituztenean: Austrian ere, merke eraikitzen dira etxe merkeak.
Oso higatuak dirudite mendiek.
Atsegina da bidaia, baina ez digu barne asaldurarik harrotzen, ez digu barnea pil-pilean jartzen.
S. Jakobo. Kanpandorre gailen karratu sendoa, gaintxo batean, arbola artean, oinetan duen herria mende hartuz.
Bailara osoa zeharkatzen du autobidearen zubiak, ehunka metroko goieran, auskalo ze luzeran, errukirik gabe. Komunikabideak agintzen du gure gizartean, hortik datorkie boterea, dirua eta indarra agintariari, politikari eta aberatsei.
Gandua dugu urrutian, aurreko tontorreria ikustea galarazten digu.
Hainbat trenbide zeharkatu dugu: ez dago langarik, ezta kontuz adierazizko argi zuri ñir-ñir-ik ere, trena datorenean gorri jarriko den fokua soilik.
Faaker see lakua, mapan agertzen ez den arren ederra eta zabala. Gizarteratuta du ingurua, aisialdi gune eta etxetxo pribatuz bereganatuta zenbaitzuk, ez da doako bazter ganorazkorik; jai du hemen herri soilak. Errepidekoentzat ez du gozamenik ikuskizunak.
Lakuak dira Austriako itsasoak, uda eta asteburuko eguzki-leku eta bainu-lekuak.
Villach. Etxetzar piloa nabari zaio ibaiaren alde bietara aurreko aldats beheratik.
“Unleitun”, desbideratzea, tokatu behar zitzaigun herri honetan ere, izugarrizko nahasketa dago norabideetan, barraskiloa baino bareago doa zirkulazioa, norabide iragarpenak ez dute ezertarako balio, norbere senak gidatuta ibili behar duzu. Baina heldu gara erdigunera, aurkitu dugu aparkalekua.
Bainu-herri eta uda-herria. Orah ibaiaren alde bietan, mendien babesean kokatua lautadatxo batean. Etxetxo bakaneko zabala da herria, erdigunea ordea ohizko etxe eta kale jarraikoa. Plaza, kale zabal bat dirudi, bertan Irutasun Zutabea, zenbait etxe eder, gainaldean S.Jakobo eliza eta beherenean ibaia eta zubia. Kafetegiak, dendateria..; soinujole oso pobreak ia gehiago eskaleak diruditen kale-musikariak, hauek halako giro goxoa sortzen dute bere doinuekin. Jendez bizi-bizi, lasaitasuna dario plazari.
Ibaia joan doa, gizena eta bizia, zabala, ibai serioa, urek elur urtu berria dirudite; turista-ontziak ere ba omen ditu tarte batean. Ibai ertzetan bide-gorri erakargarriak eta egonleku apainak, mailadiak ibai gainean.
12 eliza zenbatu ditugu herriko planoan. S. Jakobo elizak eraikin nagusitik kanpo du dorrea, aterpe edo elizpe batek egiten duela bien arteko lotura; gotikoa da, gorriz pintatuta ditu zutabe eta gangetako nerbioak, nerbioen arteko lotura ezberdina da giltzarririk gabeko egitura borobilez gauzatua, ezohizkoa dela sentipena sortaraziz; presbiterioko ganga estukoz eta irudi pintatuz dotoretua du, bixi-bixi, errege gela bailitzan, presbiterioko aulkiteria bera taila ederra da bere osoan; pulpitua, sekulakoa, baita eusten dion zutabe borobila erabat tailatua. bera ere, zeinek lo dagoen irudi bat irudikatzen duen, sermolariaren sinbolo nonbait; bataiarri zizelatu bikaina; kanpoko zein barruko hormetan dozenaka hilauza non jauntxoa zein bere familia osoa agertzen den bikain tailatuta. S. Nikola elizak ere gorriz pintatuta ditu zutabe eta nerbioak, aitatzekoa ere triptiko itxura duten hiru erretaula gorri antzerako kolore bizikoak.
Egitura ezberdineko herriak dira, galduta dabilenaren sentipena dugu erdigunetik kanpo, noraezean baikenbiltza, inoren etxean bainengo kalean egonik ere.
Landskron. Goi batean ikus daitezke gaztelu baten horma eta harresi hondakin argiak; ikuskizun bitxia da behetik begiratuta, erabat deigarria; toldo gorri pila ageri zaizkio horma baten ertzean: bada jatetxeren bat, edo bisitari ugari doakio zurrutean ikuspegiaz gozatzera.
Ossiacher see. Laku honen hegoaldetik egin dugu etxerakoa. Sapa astuna dugu gainean, Erabat lapurtu diote laku ertza herri soilari, lakuaren ikuspegia gidariari: ertzeko lurrak ez ezik, ikuspegia bera ere ebatsi diote. Lakuaren albotik lakurik ikusi gabe egin dugu bidea lehen erdian, bigarrenean argiagoa du bazterra, lakua ikusiz egin dugu, ikuskizun atseginaz gozatuz. Ederra da ingurua, izeidi ilun pikoak, belartza berde argiak basoko tarte soiletan, zuhaitz artean gordetako etxeak, herritxoak bata bestearen ondoren, eliza-dorre zorrotzak herriotan.
Badirudi eliza eta zuhaitzen arteko lehia egon zela, ia nor gailenago, eta kanpandorreek irabazi zuten, dorre punta zuhaitz gainetik nabarmenduz. Espiritualitatea adierazten omen goranzkoak; nik uste boterearen, inposaketaren, agintearen ezaugarri eta sinbolo besterik ez direla dorreok.
Ossiach. Laku ertzeko uderri petoa, ia ez da herria ere, dottorea, txukuna; santutxo bat da, xarmanta herriaren iragarkia sarreran. Monasterioa da eraikin nagusia, gaur egun hotel bihurtuta, baina bere jatorrizko egitura erabat gordez, klaustro karratuak soilik galdu du aspaldiko nortasuna. Sarrera-txartela ordainduz soilik ikus daiteke eliza, merezi izan digu ordainak: sekulakoa, errege jauregi bateko areto dotore-dotorea dirudi, barrena iraultzen zaizu lehen begiradan, gehiago da dantzalekua otoitz-gunea baino; arrosa kolore argiko estukoz dotoretuta horma zein gangak, giza irudiak tarteka, urre-kolore distiratsuko santu-irudiak, organo xarmantak koruan eta eliza alboetan, bi alboetan presbiterioraino luzatzen den koru erabat loratua, triptiko aparta kapera batean, hil-lauza landu pila... Bitxikeria da, ezberdina, ikustea merezi duena.
Eder eta zabal ageri da herritik lakua, alde batetik bestera ontzi batek garraiatzen du bidaiaria. Leku atsegina, baina ez du bazterrean egontoki lasairik herri soilarentzat.
38 graduko hozberoa. Etxerako ordua heldu zaigu, etxera egitea erabaki dugu ordu batean, eraman errazagoa da etxeko lasaitasuna herritxoak eta elizak ikusizko sapa baino.
Izan ere burutxoa edo jauntxoa den edo bere burua halakotzat duen pertsona asko ikusi daiteke, jende heldua gehienetan, alemaniarra zein austriarra, bere auto handietan besaburu gainetik albora begira; enpresari txiki jubilatua seguru aski hauek ere.
Lakua bukatzean bailara zabal berdea agertu zaigu, padura itxura du; antzinako jitea dario, agian etxegintzarako egokia izan ez, eta bere horretan iraun du.
120 kilometro, lakurik laku.
Atzerritar zaizkigu austriarrak ere, alemanak edo holandarrak bezalaxe, ez baitiegu piperrik ere ulertzen.
Dendak agertu dira, gazte jendea... jaiegun giroa dabil airean, Korpus edo Asentsio da nonbait egun hauetan.
“Dublindarrak”. James Joice. Atsegin zait.