Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/26 09:05
Erraiak hozka

 

ERRAIAK HOZKA

 

 

1

“ bang / puto vasco / krak-krak”

Garai eta egun erabakigarriak hauek,

-hori uste dugu beti-,

euskaldunon historia

hil ala bizikoa izan da beti

euskaldunontzat

 

 

2

“Etsaiak asmatu burutapenen harian,”

Egun grisak bizi ditugunak,

etsaiak asmatu  amarruen amaraunetik

nola ihes egin,

izan beharrekoak urruti,

etorkizunera  irteera korapilatsua,

basatiak izan ginenekora

bultzatu nahi  gaituzte.

 

 

3

“ba al dago karreterarik orain / hiri honetatik kanpo?”.

Argiaren zirrikitua ikusi genuen,

bestaldean etorkizunera  norabidea aldatzeko kantoia

aurkitua uste genuen,

arnasa hartzen hasian ginen,

biderako ustez lagun berriak urreratu zitzaizkigun,

errepide berriak irekitzen  hasiak zirela  esaten ziguten,

baina lehengo hiri berean harresi berdinen barnean preso diraugu.

 

 

4

“Itzuliko  da zioen / ispilu ondoan eseritako agureak”

Itzuliko dira,

utopian zaildu gara

“egunak joan egunak etorri”,

mamuaren ziegetako  kateak hautsi itxaropenez,

baina, “agurea agureago”,

magiak ez du misteriorik apurtu

ezinaren sareetan ainguraturik diraugu.

 

 

5

“Abesti bat zegon hiretzat hor / goazeman goldatzera”

Ez dinagu etsi.

Ez etsiko ere.

 

 

6

“ Haruntzago sirenak daude / eta beltzak paseatzen …”.

Beltzak ibai ustelak dragoiak

etxe eta gose erraldoiak …

daude atzerrian ere

“hemen bezalaxe”,

edo hemen berdinean diraute 

jatorrian bezalaxe.

 

 

7

“… guztietan pobreziaren ihintza / kale gorria”.

Nabaria  da pobrezia hemen ere,

atzerritik eguzki gose etorri garenongan

bertako eskaleengan adina.

Pobreak hemen, pobrezia marratik urrun arren.

 

Zut daude beltzak,

zorua salgaien erakustoki,

putreak agertuz bat desagertzeko

lipar batean  jasotzeko eroso zabalduak,

Gizakiz lepo dagoen kale-arte basamortuan gorde dira,

putreak alde egitean berriro bizibideari ekiteko. 

 

 

8

“zarpailak zorionaren bila”

Holakoren zerbait otutzen zait garela

neure eta besteen taxuari begiratuz.

 

Garai honetan behintzat,

gaurko Rasputinen menpekoek

mila arrazoi ditugu Rasputin guztiak asasinatzeko.

Baina ez ditugu hiltzen.

Gizarte honetako misterioetako bat.

 

Denok gara harzack harzach harzac  edo harzak,

hemen gabiltzan atzerritarrak edo bertakoak,

gure odol gose nazka gorroto oroimen eta muga guztiekin,

munduko trenbide guztietan irristatuz.

 

Denok gaude preso,

eguneroko ihesean,

bizitzari ihes egin ez nahian,

esmeraldetan lilura bila,

amaiera dugun eternitateari muzin eginez.

 

Jadanik ezagutzen dugu patua:

herri osoa gara generazioz generazio

pauso beroz joan eta

ilara nekatuetan bueltatu garenak

lur hautsian hauts,

oraindik bizitzaren pauso zoriontsu baten amets.

 

 

9

“ez balego lekurik non nekea pausatu ahal?”

Ez litzake familiartekorik ez lagunik

kartzeletan bisitaz egonen

 

 

10

“Gaur ez zeukeagu sapairik non babestu”

Norbera babesleku ez duenak,

ez dik sekula santan

non babestu aurkituko.

 

 

11

“hire arrastoaren bila”

Arrasto bila beti,

antzarrak bezala,

Iparra edo Hegoa non aurkitzea

zaila den honetan.

 

 

12

“berriro ekarri zaituzte sorterrira”.

Etzi bueltatuko gara sorterrira,

loa arantzez landatzen diguten

mamu agerikoen artera,

oinak erreko dizkiguten

deserriko kilometroak egitera,

oinak zoli betiko etsaiei aurre egiteko prest,

ihesa baino indarberritzeko

pausaleku izan zaigun

neonez apaindutako hiri honetatik.

 

 

13

“Hitzetan bada ere / kontatzea zilegi”.

Ez dut helbururik idaztean,

ez dut hitzetan ezer  kontatzeko,

ez zilegitasunik errebindikatzen,

bidaietan idaztea ohitura bat dut,

tik bat bezala.

 

 

14

“erabat eroso bazegoen ezin zuela ondo idatzi”.

Patxada eta urduritasun puntuaren oreka

hori behar dut nik idazteko,

baina batez ere barne oreka.

 

 

15

“Bela-oihalak berriz, toles-toles eginda saldu bide zizkion dirutza baten truke Joyce deitura zuen dublindar bati”.

Irriñoz zimurtu  zaizkit ezpainak,

hemendik aurrera Etxarriko

lo aurreko irakurraldietako une goxoetan,

Ulisesekin hitzorduan,

belaontziaren bela-oihalean

kandela batez

kapitainaren istorioak irakurtzen dituen

eskifaia-kidea izango naiz.

 

 

16

“idazteari uzten dioten idazle horietako bat, eskubide guztiarekin”.

Ez naiz idazlea,

agian horregatik jarraitzen dut idazten,

eskubide guztiarekin. 

 

 

17

“Baina idaztea ariketa akuiferoa duzue, …”.

Nola interpretatu esaldia!

Idaztea hizkietan igeri egitea dela?

 

 

18

“literatura, gezurra esatea baino kaltegarriagoa”

Nire lehiaketetarako esperientzia xumean,

gauza asko kendu eta gordetzen ditut

lan txukun bat aurkeztu nahi badut.

 

 

19

“Garai tentela / … /  garai lehorra”

Baina, “nire ametsek nonbait kabi,

zenbait hortzetan hainbat lorategi”.

 

 

20

“Hiri ilunaren oroimena”

Itsasertz argiaren oroimena,

laba-harkaitz beltzak uhin apartsuetan zuri.

 

Hemen gabiltzanon oroitzapenak

lekua hartuko balute

itsasoa ez litzateke

denak hartzeko bezain zabala  izango.

 

 

21

“Satorrak ezkutatu egiten ditun / trumoia datorrenean”

Garai bateko satorrak

isilik zeuden gaur egun,

politikan lekurik gabe

egia garestia bihurtu den honetan,

isileko militantzia hartu behar izan dinate.

Garai zailak ditun hauek.

 

“Zer gertatuko ote da?” galdera buruan,

ezker abertzaleko  zintzo asko geratu dun

galeriako eguzki epelean erdi kikildurik 

etorkizunaren zain, agerira berriro atera edo ez.

 

 

22

“Non dago ilargia galdetu zenidan”

Ametsa izan da

ikusi uste genuen

argi zirrikitua.

 

 

23

“trebea izango haiz beti ezkutaketan”

Zerrenda mozorrotuetan ezkutatzera

behartu nahi gaitiztek milaka euskaldun

hurrengo hauteskundeetan.

 

 

24

“ibilian ibiliz errotu gintuan lanbroan”

Aznarren garai zitalenetan paretsu, 

kezkaz pizten diagu telebista

zein izango gaurko erasoa.

 

 

25

“Ihes egiterakoan  ez da jakiten nora jo ”

Iheslari gure herrian

bihurtu gaituzte

berriro ere.

 

 

26

“Gasolinaren mamuekin eztabaidan”

Zaila zait gaurko egoera politikoa ulertzea,

mila burutapen, hausnarketa, gogoeta egin ditzakegu

“noiz bazkaldu genian azkenekoz itxaropenarekin?”

galdera  da garbi dugun bakarra,

eta / edo

“gelditu ginenean orduan hasi huen ihesa”

 kontraesana.

 

 

27

“deserturik gabeko leiho honen tristuran”

Presoei idatziko diegu,

desertu garelako beraien ausentzian,

bakarrik gaudelako euren hutsunean,

sakabanaketaren mozkorraldian

ezin daitekeelako betirako izan;

arrotzak direlako  gatibutzan,

ekarriko ditugula

trukean bizia galtzen badugu ere, …

gure bihotzetan daudela esango diegu.

 

 

28

“hire begien kulunkan / segundu bat baino ez”

20 minutuko bisita,

ordubeteko patioa

eta egun osoko ziega:

presoen errealitate krudela.

 

 

29

“Gaua da / eta zurrunbiloa / jabetu da azkenik / gure gorputzez”.

Politikoen  eta presozainen mendeku,

gorrotoaren zurrunbiloak irentsita

daude preso politiko euskaldunen gauak.

 

 

30

“nola antzeman / ezezagun baten mehatxurik”

Ezezagunen biltegia da  Puerto,

ezezagunen esparrua dira

turistagune guztiak.

Mehatxurik ez da,

baina lagunik ere ez.

 

 

31

“Mundu aspergarri lauari erliebea ematea bezala”.

Horretan ari gara Puertora turista

etorri garen aldi baterako etorkin denok.

 

 

32

“Desorduetan eta deslekuetan, / halaxe ibiltzen dira maitaleak”.

Asteburuko irteerak eta bidaiak dira

elkarrekin egoteko maitaleen amarrua.

 

 

33

“Bueltatuko zara mugek nora ezean / berriro ekarri zaituzte sorterrira / …”.

Etzi bueltatuko gara sorterrira,

loa arantzez landatzen diguten mamu agerikoen artera,

oinak erreko dizkiguten deserriko kilometroak egitera,

oinak zoli betiko etsaiei aurre egiteko prest,

ihesa baino indarberritzeko pausaleku

izan zaigu neonez apaindutako hiri honetatik.

 

etiketak: Poeten uharan
Serafin
Serafin dio:
2016/12/26 12:05
Ederrak dituk. Segi Jon, hizkien artrean igari egiten.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.