Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/19 10:05
Diraut

Diraut

 

 

1

Ez dakit zer naizen,

izadiaren karanbola miragarri bat naizela dakit,

ez naizela naturaren gorpuzkin soil bat,

itxuraz hain hutsal eta zaharkitua arren,  

Naturaren mirari bat naizela dakit.

 

 

2

13 urterekin joan nintzen  etxetik

harrezkero denean eta inon ere ez bizi izan naiz

sustrairik botatzeko astirik gabe

denekoa naiz eta inongoa ere ez

erroak botatzen hazi eta alde egin behar izan dut

nengoen lurrean ere ez nuen astirik sustrairik botatzeko

azken herrian heriok kenduko dizkit aukerak guztiak

nire errautsak  izanen dira belarren baten ongarri

lurrarekin bilduz iraunkorrenak agian

 

 

3.

Asko ikusi dut, baina zer idatzi gutxi izan dut

orri asko bete baditut ere.

Ai etortzen ez zaidan etorria,

etortzen zaidan bezain arin joaten zaidan

etorri bedeinkatu edo malapartatu hori.

 

 

4

Falla-ninoten erreketan, petardoen burrunban,

bolboraren usainean, txosnetako mokaduetan,

txarangen kaleartekoetan, 

herriaren anima ikusezin eta antzemanezina dabil.

Egiaren zati bat.

Misterioaren zati bat.

Erakartzen naute,

baina arkanoaren kanpoan geratzen naiz,

jende uholdez, petardo hotsez eta bolbora usainez bildurik.

Herria, antzeman eta atzeman egia gaitza.

 

 

5

Gorrota diet tarteka, beldurra beti, hondeagailuei.

Ez doazelako egungo gizonaren egungo premien zerbitzutan,

egungo dirudunen interesen zerbitzutan baizik,

espekulazioaren harira gehienetan.

 

 

6

“erlojuaz ahaztuta

egon geldi geldotan

galduta!",  

amets zaidan egoera,

lortzen ez dudan zoriona.

 

 

7

Gizonak zakur dirau,

zakur dirauko ere

gizon izaten ikasten duen arte

inoiz ikasten badu

 

 

8

Denbora pasatuak orainean ere dirau,

iragan aldia egun dugunaren zatia da.

Bizitza denbora da,

baina ez joate soila,

iragana darama bere baitan gaurkoak,

eta geroa ere.

 

 

9

Herrien arteko mugetan

nabarmentzen da

legearen eta poliziaren tirania.

 

 

10

Atea gordetzen duen

zakur beldurtu da

arriskutsuena.

 

 

11

Marokoko mugan,

“nire etxearen truke karabana  hau”

aitortu digu

zakur miatzaile fierrak

zakur zakurtu zapaldua

 

 

12

Eguneroko nire idazte ahalegina,

bizipen eta burutapen zaluei

hitz xume batzuk jartzea

zer besterik da

idaztea

 

 

13

Bizi dugun unean eta gauden lekuan 

istant oro oraina bihurtzetik dator jakituria,

uneko unean geratzen jakitea da bizitzako oinarria,

istant bakoitza eternal egitean dago sekretua.

Denbora joan doa,

baina orain neurtezinez egina dago,

hor dago denboraren  misterioa,

mugimenduaren misterio bera,

istant geldiek osatzen dute mugimendua,

denborarik ezaz egiten da denbora.

Istant bat ez da mugimendua,

zerbait geldia baizik.

Istant atsegina gelditzen dakiena da zoriontsu.

 

 

14

Oraingo orainak

ez ditu ezabatzen

iragan orainak.

Zirelakoz gara,

garelakoz izanen dira,

izanen gara,

zigilua ezarri digu iraganak,

zizelatuz goaz geroa.

Aurrekoengandik gatoz,

hurrengoengan darraigu.

Eternalak gara,

unibertsoaren eta gizadiaren ttantta

daramagu bakoitzak.

 

 

15

Bizitza-mataza banoa

bizi ahala

bilduz.

Asegarriagoa zait biltzen dudanaz  pentsatzea,

gerorako uzten dudan matazaz arduratzea,

atzean utzi dudanaz hausnartzea baino,

nahiago dut geroaren arkanorako prestatzea,

geroa nola harildu asmatuz joatea,

argitutako sekretuei begiratzea

edo mataza izan ziren hariekin jostatzea baino.

 

 

16

Une hau da bizitza,

une honen plazera du bizitzak.

 

 

17

"Eta banoa / -nora badakit-, / (ba al dakit? / ba ote dakit nora?)".

Badakit

nora noan,

kosmosera noa,.

kosmosetik  nator

non jarraituko dudan

beste egoera ezberdinean

egoera kontzientean nago orain,

egoera inkontzientean jarraituko dut

kosmosaren indarraren zati kontzientziarik gabe.

 

18

Badakit nora noan.

Gaur Rabat ezagutzera noa.

Gauza handia da norakoa jakitea.

Galdera transzendentaletan galtzen dira,

baina ez dakite eguneko bidegurutzean nora hartu,

edo itsu-gorrarena egiten dute, intelektualen gaitz zabaldua.

 

 

19

Lotsa naiz idazten dudanez,

neure berri neure buruari emateko

beste asmorik gabe idazten badut ere.

 

 

20

Bagoaz,

baina ez betirako,

naturan zein gizartean

gizartean eta zibilizazioan

fisikoki diraugu izanaren eraginez.

 

 

21

Geroa ere gara

Gizartearen zati denok,

Humanitatearen solidario,

Geroaren eragile eta sortzaile,

Gure pausoen bultzada darama,

Hurreko eta hurrengoaren pausoak,

Geroaren oihartzuna dute gure oin-hotsek.

 

 

22

Gauza handia gara,

kosmos honetako zatitxoa,

atomoa bezain txikiak

baina mundu eder hau osatzen dugunak,

baldintza eta muga guztiekin,

hondar-ale kontzienteak.

 

 

23

Odol eta neke artean

Betidanik

Euskal Herria

 

 

24

Konfesategian umetxoei

aholkuak ematea zen

apaiz-lagun baten ekarpena.

Beraiekin  borrokatuz

pobreari errebelatzen irakatsi,

erreboltara lagundu,

hori ere bada konpromisoa.

 

 

25

Lasaigarri pozgarria ez bada

ez du merezi idaztea,

herren ibiliko da poeta

herren ere poesia

idaztea lana zaion bitartean 

 

 

26

Herri oro dago denaz harro,

herri pobreena ere.

Harrotasuna,

auto-estimuaren osagaia.

Herri harroak pobre darraiko,

harrotasunak, baina,

errebelatzen lagunduko dio,

kateak hausteko fier izaten.

 

 

27

Zapalduak ezin du

inoiz ez inola etsi.

Zapalkuntza eta pobretasuna

anaia biki banaezinak dira.

Etsi duena, hilik da,

edo hilzorian.

Errebelatuz soilik

izan daiteke libre.

Duin hil

ala menpeko iraun,

pobreen aukera bakarra.

Zer da,  non dago duintasuna?. 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.