Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/12 09:12
BIZIMIN

BIZIMIN

 

 

I

 

Alanbrean

Berenez da ekilibrista gizakia

alanbre gainean beti oreka noiz galduko

sarea du azpian batzuetan

zoru gogorra gehienetan

alanbrera berriro igo beharra

hori du patu saihestezina

hori bere unibertsitatea

 

 

Oraindik

Kolorgetua ikusi dut

nire irudia ispiluan

gero eta hutsalagoa

borrokaren zauriak agerian

ordena krak eginda

saihetsak hautsita

baina hor nengoen oraindik

 

 

Egun itoak

Eguna urratzeaz bat

usoak zabaldu ziren zeruan

panterak etorbidean

Eguna urratzeaz bat

ospitaleak kutsatzen zerraien

otsoek jaioberriak jaten zituzten

 

Ezpainak erreak ikusi ditugu

pozoiak lehertutako begiak

paralisiak eragindako tragikomediak

ezpatak moztutako meniak

 

Eguna urratu bezain pronto

ahaleginean jarri gara

burdinazko argiak

oilarrak ito ez ditzan

 

 

Tximeletak

Bizipozaren ahuleziak, bizibeharraren presioak,

politikoen hotsek, medioen hurbiltasunak,

dirudunen bisturiak, ahaldunen kolpeek,

zomorro bihurtu gaituzte gizarte pitzatuan.

 

Eta krisia agertzean

pitzaduraren labar ertzean

eten egin da zomorroaren inertzia

irudimenezko esperantza da

eklipsea bukatzea

 

 

Poxtiña eta besteak

Ziega krudeleko bakardade  ilunera

          etxemina daramaio Magik

aitaren begietako txinparta dakar

          Intzararen itzulerako begiradak

bilduko diren egunsentiko esperantza

          eskaini dio senarrari Jonek

herrimin pizgarria izan da opari

          Juani amaginarrebaren udaberri izpia

 

Bizi-mina piztu behar dugu sakabanaketa ankerrean

          gerra ez da bukatu oraino

          ilargi beteko gaua imajinatzeko garaia da

 

 

Egunsentia

Ziegako atea itxi didatenean

bihotza argitu dit iluntasunak

biriketako leihoak ireki, bizi-mina udaberritu.

 

Bizi gara

 

Herri abestia kantatzen ari da

ezkutuko ahots bat. Egunsentia

iragartzen duen birigarro banda sumatzen dut.

 

 

Hozka

Ilusio bat besterik ez da gizakia

suzko errobera besterik ez izadia

zer dago sentsazio ororen atzean

kimika baino ez da bizipen ederrena.

Heriotzaren geroan zer ote bizi gara

eta ez dakigu zer den sentsazio sinpleena

 

Norabait goazelakoan

zentzumenei lotutako

doberman domatuak gara

tarteka lagunei haginka

 

 

Bertolt

Agitaziorako esaldi profetikoak

izan zen lehenengoz

idatzi erreboltariak

miretsi  nituen gero

antzerki asaldagarria

txalotu nuen behin

argazki  batean aurkitzean

mitoa humanoa egin zen

Bertolt Brecht

 

 

Brecht

Bertolt Brecht

bedi beretzat

begirune beroena

bekio begirada

berebiziko bermea

 

 

Udazkena

Ahalmen berritzailea da gomuta

adina zaio gaitz korrosiboa

Kolorgetzen doan heinean  hasten da

maskaraz mozorrotzen maitasuna

Goiz datorkio bizitzari udazkena

 

Argazki zaharrak salatzen digu

zimurrik ez genuen gaztaroa

Higaduren lausoan, arrakalen lubakian,

hurkoaren lausenguak nahikoa dira

eguneroko komediari aurre egiteko.

 

Maskor polikromatuak gara ametsen apalean

 

 

Zozokanta

Gozoa da zorionaren itzala

zorionekoa zergatietan zapuzten ez dena

Negu gorriak ere baditu 

landa elurtuko lore maitagarriak

 

Helmuga du barraskiloaren joan geldoak

abiatzen ez dena da inora hurbiltzen ez dena

Desesperantzaren hatsak eragiten du

abiadura alferren noraeza

 

Zorioneko egin izan nau

egunsentiko zozo-kantu kiribilduak

 

 

Isil laidotua

Beldurra diogu isiltasunari

     loa, berbak, hurkoa,

edozein ekintza zaigu baliagarri

     isiltasuna laidotzeko

 

 

Barne tolesa

Bere baitara bidaiatzen duenak

alferrik ditu mapa eta bidaia agentziak

bidaia osagarri soilak izanen zaizkio

muturretako demonioak zein alfonbra koipetuak

berak  idatzitako poemak irakurriko ditu

berak eraikitako monumentuak bisitatuko

bere baitan bidaiatzen dakienak

 

 

Inor goian

Atsoak ostikatzen dituzten kankailuei

guk geuk moztu behar dizkiegu hankak

urrutiegi baitago gure arazoetatik zerua

 

 

Jean Cocteau

Itsas hondoko kontuei lotutako

Jean Cocteau argal sudur-luzea

Juanraren poemako bera agian

ezagutu nuen aspaldi telebistan

barealdi urdina eskaintzen zien

kartzela egun gori asaldagarriei

 

 

Betileak jagole

Malko-kutxa sentibera

amets gordailu agian

leun estaltzen dute

betazal obalatuek

begien zirkunferentzia

 

 

Habia

Kartzela bihurtu zaigu

goxoa behar zuen habia

kalera lagunartera

tabernara norabait

ihes egiten dugu orain

ustez askatasunera

 

 

Satorlanak

Bi kopia egiten ditut

     okerrik  bada ere bata

           ezkutatu asmoz bestea

Ez dakit badaezpada hau

     frankismoan ikasia den

          ala demokraziak ezarria

 

 

Ezinak

Bizitza mikaztuz osasunaren birus

tresneria digital berriak

kurloia asfaltoan botata lez utzi ditu

aurrerapen ortopedikoak

metabolizatu ezin dituzten zahar zurrunak

 

 

Ahala

Erresistentzia zela uste genuen

panikoaren aurkako parapetoa.

Hau eta hura idatziko dute

lepoan pausatutako zozoek

edo ostatua eman diegun bakteriek

baina erasoa dela ikasi dugu

existentzia dakarren paradoxa.

 

Esan beharrekoak esanez

ikusiezinak ikusgarri bihurtuz

distantziak laburtuz parapetoen gaindi

egia dugula ezkutu esango dugu

promesa ustelak galera direla idatziko.

Hori da estrategia

Oreka, aizu!.

 

 

INSHA-ALLAH

Abestiko Insh-allah estribilloa

“hil zala” klandestino bihurtuta

ziegaz ziega leihoz leiho hedatu zen

Diktadorearen heriotza aldarrikatuz.

 

Elurretan loreak bilatzen diraugu

basatzan udaberria landatzen

 

Ez gara hil. Insh-allah

 

 

Poema irakurriz

Korapilatuegia doa poema, aireanegi

pintura abstraktua bezala nahasian

koloretsu baina ertz jakinik gabe

marratsu baina elkar joka lez.

 

Hitzak irakurri ahal ditut

baina ezin lerroak elkarlotu

ulermen librez ez bada

 

Hitzak hitz

 

Azkenean frakasoaren zeremoniarekin

deritzodan ifrentzuak idazten ditut

 

 

In memoriam

“In memoriam”

jarri zioten  hilobian

eta ez zuen inork gogoratu

 

“In memoriam”

egin zioten oroitarria

baina inork ez daki nor zen

 

 

Errauts

Zelaian basoan baratzean

zabaldu bitzate nire errautsak

marrubi bila datozenek

gorri eta ezti goza nazaten

 

 

Zorra

Tiranoa hiltzeko prest dagoena

oraindik bizirik da

zorrak kitatzeko dira

 

II

DENBORAZ

Galdu ez dudan denbora,

hori da nire adina

 

Denbora

Egin asmo duzuna

     hori da denbora

egin zenuena

     jada ez da denbora

denbora bi horien artean dago

     grabitatea zabuka

 

 

Ausentzia

Aingeru abandonatu baten antzera

     haizeak ekarritako hostoen artean

     memorian hildako hitzen ausentzian

Alejandraren bila ausartzen naiz

     zertako eta noranzkoen  ikasmin

 

 

Gidak

Museo zifratua bihurtu dugu

bizi garen mundua

 

Giden esku dago orain

zer egia zer gezurra

 

Beraien esku baitago

guztiaren kodigoa

 

 

Zut

Hirurogeita hamasei eraztun ditut

     adinaren enborrean

kontaezin aizkorakada

     ariman zein gorputzean

zut diraut,

    ez naute oraindik eraitsi

 

 

DNI

Polizia-mota guztien kontrolak

errepide baso kale bazter orotan

 

 

Houdiniei

Houdini  iaioek truku maltzurrez

desolazio izena jarri diote esperantzari

herrimina desagerraraziko dutelakoan

baina paradisua dugu oraindik amets

eta tristeziak noiz detonatuko zain

beharko dute jarrai Houdini guzti horiek

 

 

Zurrunbiloan

Agerpen txikietan

egiten digu eztanda

bizitzaren delirioak

 

Ez da gauza gutxi

uneko zurrunbiloan

bizipozari eustea

 

 

Dirdizka

Txingar gorri argitzen da

argindar txinpartez

Peñìscola tontor arrea

eguzkia itzaltzean

 

 

Bihurkin

Helizeak darama hegazkina

helizeak ere itsasontzia

haizea zulatuz batak ura besteak

daratulua egurrean bezala

aurrera darraigu bizitzan 

uneko helizeak xehatzen gaituela

 

 

Bizi

Bizitza eta musuak

heriotzaren hatsa biak

biak gozagarriak

dirauen arteino

emadazu musu bat

bizitzaren zigilu

 

 

Nor heroi

Heroia eta poema

anonimo isilak biak

gizaki hitzen anabasan

norbaitek egun batez

gorapen  edo errimaz

kreatu zituen arte

 

 

Izan

Ginelako gara

garelako izanen

oraina eta geroa

itzulerarik gabeko

gurpil geldiezina

 

 

Emozioen albuma

Nork ez du emozioen bilduma bat

argazki album bat bezala

barne plegu batean gordeta

itsaso gora itolarrian

salbatuko gaituen esperantzaz

 

 

Mailuka

Nire etxean nago

jaioterria da

 

Katez lotu naute

kanpotar bortitzek

 

Mailua hartu dut

burdinak hausteko

 

Odolez gorri daude

beso zein kateak

 

Orain zabalik ditut

esperantzaren leihoak

 

Jaioterrian nago

nire etxea da

 

 

Iraunahia

Egunsentirik gabeko ilunabarrean

autobiografia idaztera eseri ginen

 

 

Poeta

Zorrotzak behar dute

     poetaren aiztoek

estetika apaingarria baino

     bizitza dela jo-puntua

jainkoa  bera ere

     dianan jarrita

 

 

Desolatio

Disney Worlden suzko erroberek

argitu zuten une batez koloretsu zerua

baina herrietako kale lerro ilunek

zurbil diraute betiko desolazioan

 

 

Joanak dirau

Txirrindola, pikondoa, pikoletoak,

Isabel, amona, Mispillibar,

Gerardo, eraztuna, trena,

Brujas, Beraseta, pagadia, ...

Zamora, lana, borroka

apur askoren gomutek

osatzen dute nire iragana

 

Nire memoria da

nire iragana

 

Ametsak ere

nire iragana dira:

berdintasuna, askatasuna, bakea,

arnas garbia, justizia, sasia,

eliza pobrea, mutina, herri-politika, ...

utopia abar luzea.

 

Jada geldiezin

gandu opakoan

geldo galduz doa

nire iragana

 

 

Erantzun bila

Zientziak damait zenbait erantzun

heldulekua besterik ez zen erlijioa

 

 

Arpoidunak

Bale bila nabil

itsaso zabalean

baina jada ez da

arpoitu gabeko

balerik uhinetan

 

 

Bizitza

Bizitza,

gozatzen dudan

         harridura

 

Bizitza,

kosmoseko zati naizen

         bizipena

 

Bizitza,

miresten dudan

        karanbola

 

Bizitza,

eskertzen dudan

        segada

 

 

Kupela

Kanpokoa sagarra

dolarea bertakoa

sagardo mestizoa?

 

 

Tiradera

Ez dut tiraderarik zabaltzen

          hautsa eta iragana

          besterik ez nuke aurkituko

 

Itxita darrai tiraderak

          fosila da joana

          ez du jada arimarik

 

Zertarako zabaldu tiradera?

          hobe dut hondar indarrak

          azken txanparako gorde

 

 

Itoginak

Adinekoarentzat

aterki oro gutxi

 

 

Garmendi

Plaka tektoniko

mugikorren gainean

bizi da betidanik

Euskal Herria

 

 

 

III

 

LIMOIEN AROA

 

Bihotz idorrekoak

ez du barnea limurtuko

bular beroenean

burua gordeta ere

 

 

Bizitza

Ikusezin sarri

askaezin beti

unean uneko

kontaezin harik

ehundutako sarea

zaigu bizitza

tarteka atrapa egiten gaitu

arrainak baikina

bestetan beraz biltzen gara

ehun leuna bailitzan

 

 

Geroa

Zabaldu ditugu leihoak

zabaldu ere ateak

udaberria ekarri nahi dugu

bizipoza berreskuratu

gure etxean etzipenak

jada ez du lekurik

 

 

Garun herdoilduak

Hutsaren iturria da

burua hutsik duena

erlerik gabeko erlauntza

ezti eta denboraz harago

 

 

Haurtzaroa

Inaziok mozten zigun hilea

beheko suko sukaldean

ez zuen labanarik erabiltzen

makinaren tirakadei genien izu

ezer errazik ez zen haurtzaroan

 

 

Zahartzaroa

Ezinen soka da

zahartzaroa

apurka estutzen zaitu

gomutak urkatzeraino

 

 

Biraka

Sateliteak gara gizakiok

mundu amestuen egarri

orbita ezarrietan biraka

 

 

Eman dezagun

Eman dezagun mundu hau guztiona dela

eta gutxi batzuen esku dagoela

 

Eman dezagun gizakion zorion eskubidea

eta irribarrea lapurtu digutela

 

Eman dezagun hartu dugula erabakia

eta abian jartzera goazela

 

 

Hor zegoen

Ehun mila harriren artean

lili bat aurkitu dut

nigandik oso gertu

 

 

Zinkurin

Tximeletaren krisalida

saldo bateko txori

maluta kulunkaz

ardo pizgarri

ke usaintsu

bizitzaren zinkurina da

gizakia

distantzian zein ausentzian

 

 

Usteak

Bada herri herrena garela

uste duenik

Bada abian gaudela itsu denik

soraio ebidentziari

 

 

Sagar erdibitua

Ezinezkoa omen bat egitea

sagar erdibitua

 

Erdibitu gaituztenez

jan dezagun sagarra

 

 

Lurrikara

Zu eta ni

hura zen lurrikara

errepikapenetan

dirauena

 

 

Ahalak

Ahalmen baten jabe

haiek

Herritar ahal gabe

gu

Sakrifikatu egiten gaituzte

 

 

Zahar

Oroitzapena omen gizakia

dementzia beraz zahartzaroa

 

 

Diraunea

Iraupena

errealitate

erlatiboena

 

 

Naramate

Hanka haiek

bizkorrak ziren

gaurko hauek

zurrun daude

baina ez ditut

moztuko

 

 

Kromosoma anonimoa

Desorduko gaixo eta jopu

ur handietan itotako besomotza

damuz zamatutako kromosoma anonimoa

egia inposibleko ezgauza gara

hausnartzeko baina zaurituago

 

 

Apirila

Apirilak busti ez duena

urtaro orotan lehor

 

 

Abiadura

Zer da banaketa oro

abiadura ezberdina baino

 

 

Oskarbi

Kontraesanak kontraesan

gabeziak gabezi

tesia edo antitesia

irribarre egiteko gai denarentzat

ez dago zeru grisik

 

 

Delitu

Norberarenak zein besteenak

akatsak onartzen ez dituenari

deliturik gabeko errugabetzat

bere burua duenari

bizitza bihurtuko zaio

delitu eta akats

 

 

Hustasunak

Ezerezez beteta daude

hustasun gehienak

 

 

Arratsean

Kolesterola

odolbilduak

lodia

ahula

odol minduaren antzerakoak gara

bizitzaren arratsean

 

 

Lausoa

Bizitza

transparentzia

lausoa

 

 

Adio

Ispilu opakoa, marrazo arpoitua,

artxipelago desitxuratutako lur harritsua

anpulurik gabeko soinua

jainko besarkadarik ez duen eremua

espaziorik gabeko leihoa

genealogiako azkenaren desanparoan

bakardadearen tristezian isil

zer egin behar duzu zahartzaro horrekin

 

Zoriona

Ez korapilatzean datza

zoriona

eta korapiloak askatzean

 

 

 

 

Poemarik gabe

ahal da bizi

poesiarik gabe

ez

 

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.