Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Bidaiatzea

Jon Etxabe 2016/06/10 11:02
Baditut bi lantxo bidaietako irakurketetan bidaiatzeari buruz eginiko burutapenekin. Agian, geroago, sareratuko ditut. Hauek aurrekoen haritik eginikoak dira.

BIDAIATZEA


Zer den

* Egunerokoari eten bat egitea da bidaiatzea.

* Bidaiatzea atsegina da. Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila, izan daiteke helburua. Bidaia ez da etena, bizitzako osagai bat baino. Bidaiariak beti du helburu bat. Inora ez den norabait iriztea akigarria da, etsimendua. Bidaiaren prestaketa eta ondorengo gogapenak ere bidaiaren zati dira, sarri asegarrienak.

* Bidaiatzea, misterioan barrentzea da, ziurtasunak utzi eta ibiliari ekitea, “poesia liburuak irekitzea bezala, inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun” zioen poetak.

* Bidaia luzeetan gertatzen da bidaiak opor kutsua galdu eta egunerokotasun bihurtzen dela. Paraje bakarretan ere gerta ohi da: ibiltzea, bazterrak ezagutzean jendarte ezezagunean murgiltzea zure egunerokoa bihurtzen dela. “Baina denbora batetik aurrera, bidea bera etxe bihurtzen da, eta neke eta deserosotasunetara ohitzea ederra da”.

* Mundu aspergarri lauari erliebea ematea bezala da bidaiatzea, horretan ari ohi dira lurralde berri batera aldi baterako, bisitako ikusmiran etorritako gehienak.

* Asteburuko irteerak eta bidaiak dira elkarrekin egoteko maitaleen amarrua, eguneroko begi eta esamesei ihesiko desordu eta deslekuetan ibiltzea.

* Loa arantzez landatzen diguten mamu agerikoen artera, oinak erreko dizkiguten deserriko kilometroak egitera itzultzea bezalakoa da bidaiatik sorterrira  itzulera; oinak zoli, betiko etsaiei aurre egiteko prest, ihesa baino indarberritzeko pausaleku izan zaizkion ibiliko parajeetatik.

* Zorigaiztokoa  bidaiatzea bizitzako euskarri nagusia gertatzen zaion gizakia; egunerokoaren osagarria behar du izan bidaiatzeak bizitza asegarria nahi duenarentzat. Bestela iheslaria izanen da bidaietan.

* Ez dakit bidaiatzea eskolarik onena den, eskola ona eta eraginkorra dela bai. Aldatzen ez zaituen bidaiak  akatsen bat du. 

* Aske sentiarazten ez zaituen bidaia, etxetik hurbil edo ezagunean bada ere, bidaia antzua izanen da.

* Klima eta lekua aldatzen dira oporretan, ohiturak eta jarrerak ez, aske sentitzen gara baina geure gatibu jarraitzen dugu. Beste zerbait behar du izan bidaiatzeak, bakoitzaren barnera begira jarri, ohiko jokamoldeak hautsi eta askeago eginen gaituen zerbait.

* Non ibili, halako hauts. Oinetako hautsa: bidemin saria, ibilbidearen agiria,  ibiltariaren ezaugarria. 

 

Nor ibiltari

* Bidaiatzea beti izan da bizitzaren osagaia: nahitaezkoa edo halabeharrezkoa batzuetan, plazerezkoa bestetan. Zorionekoa bidaiatzearen zoriona aurkitu duena. Bizitza osatuagoa izanen du.

* Bide ibilietatik dabilena turista edo ibiltari soila izanen da. Oso askea, barne askokoa, behar du izan ez dagoen bidetik bidaiatzeko,  zapaldutako bideak utzi eta bide berriak asmatzeko. Norbere baitan aske eta besteengandik aske batez ere. Oso bakanak eta bakarrak dira horrelako bidaiariak, biderik ez dagoenean bidaiatzeko gai direnak.

* Sarri galtzen gara bidaietan, ondoen planifikatutako bidaietan ere, galdu beharra ere badago agian. Baina ze amorru ematen duen bidaia batetan galtzeak. Galbide eta amorruok gainditzean  dago bidaiari sena.

 

Zertarako

* Bidaiatzea beti da atsegina. Aberasgarria, okertzen denean ere.

* Helburura heldu aurrekoari halako urduritasun goxo eta misterio kilikagarria dario.

* Abentura punttua, irrika berezia, urduritasun ziztadaren  eragina du bidaia arrunt eta errazenak ere, are gehiago gorabeherak dituenean.

* “Nahikoa eta gehiegi pisatzen du zeruak bestela ere nire sorbaldetarako, ez dut beste kargarik behar. Ez horixe”. Sorbaldak arintzera doa lurralde ezezagunetara ibiltari bisitari denak, eguneroko arduren zama arindu nahi dute batzuk, urteen astuna besteek. Pauso arina ohi da bidaiariek daramatena, makuluekin edo junturak minduta dabiltzanek ere. Gorantz igoz arintzen da presio fisikoa, alborantz urrunduz egunerokoaren larritasuna.

 

Baldintzak

Helbururik gabe ibiltzea, ibiltze soila bera, izan daiteke helburua. Baina bidaiariak beti behar du helburu bat. Inora ez iriztea  da akigarria, etsimendua.

* Filosofia propioa, berezia, eskatzen du  bidaiatzeak. Bidaiari senak. Asko dira oportzaleak, gutxi bidaiariak. Gizakiari eta gizarteari buruzko aldartea eta jarrera aldatzea eskatzen du bidaiari izateak.

 

Nora 

* Badira bidaia osoa merezi duten une laburrak bidaietan.

* Bidaiari porrokatuenari ere, agian berari gehien, txiki gertatzen zaio mundu  itxuraz handi hau.

 

Sasi-bidaiak

* Zenbait leku, bidaia eta jendartetan  arimako barne-sotoetatik ihesi datorrela bururatzen zaio bidaiariari. Hoteleko gelari berari ere beldur,  ibilian,  bazter batetan eserita,  edo kafetegiko mahaitxoan zerbait hartu beharrean, egun osoan zerbaitetan, norberegandik ihesi bailebil bezala.

* Ezezagunen biltegia dirudite  hainbat leku eta paraje, ezezagunen esparrua dira turista-gune guztiak edo gehienak. Mehatxurik edo etsairik ez da normalean, baina lagunik ere ez.

 

Ezinak

* Bidaiariak ez du bisitako herriaren arimarik jasotzen. Gehienez ere, arimaren mintza. Antzeman besterik ez zaio egiten herriari bidaietan. Arinkeriaz hitz egiten da itzuleran, herriez eta bertako biztanleek aritzen denean bidaiaria. Olatu astuna hondar gainean bezala doa bidaiariaren begirada aurkitutako herrietan, azaleko bristadaz soilik jabetzen da, ihes egiten dio herriaren arimak, han behean gelditzen da.

* Ez da behin ere aurkitzen bidaiariaren zeru ametsa aseko den herririk, une batez hala iruditu arren.

 

 

Askatasuna

Jon Etxabe 2016/06/08 10:40
Askatasunari buruzko burutapenak...

Askatasuna

 

Zailtasunak

* Iraultzak estu-estua izaten du arnasa, berdintsu herriaren askatasunak ere. Iraultza askatasuna denean. Arnas estua eta luzea izan ohi da gehienetan askatasunarena.

* Oinazez erditzen da askatasuna, erratuta dago besterik diona, odolez ordaintzen da beti. Beti.

 

E. H.koa

* Batzuetan izugarri arina eta hauskorra dirudi euskaldunon askatasun ametsak eta erabakiak, nahiz hitzez, lumaz zein bortxaz babestea, baina inork ezin izan du, ezin du, uxatu, aukera amestu hori. Horregatik,  hor diraugu.

adinarenak

Jon Etxabe 2016/06/07 18:28
Liburu irakurraldietako adinari buruzko burutapenak

 

ADINA SAMA?

 

Zahartzaroa

* Galdu ez dudan denbora, hori da nire adina

*  Zahartzaroa txikitako panpinak ateratzen diren adina da.

* Itzuleran bizitzea da gehienenentzat zahartzaroa.

* Badira zahar goizegi zahartuak  edo zahartuegiak.

* Gaitz progresiboa omen zahartzaroa. Nahiko barregarria gertatzen da gazte itxurak egiten dituen adinekoa.  Gazteek gaztetu egiten zaituzte, baina merezi duen zeregin zehatz batek beraiekin elkartzen zaituenean soilik.

* Eguneroko ispilura bisita sarriak itsutzen du zaharra aguretutako tabako paperaren jitean zaharkitua ez ikusteko bere aurpegia, baina adinduaren azala pergaminoa da.

*  Naturaren karanbola baten ondorioz bizi gara zaharrok, propina bezala, baita gizakiez gain, existentzia duen edozein bizidun eta edo bizi gabeko ere.

* Bizitzari traizioa da heriotza. Batez ere traizio egun hori  gero eta bertarago, dakusagunean. Edonola, hobe bizi, ez izatea baino.

*  Korapilo bakarra geratzen zaion sokadunak gara zaharrok.

* Zaharrok gorpuzkin den hondakinean ahitzen den denbora gara, iraganean kateatuta gelditu diren oroitzapenak askatu nahian dabilen saiakera saiatu bat.

*  Zertarako luzeagoa bizitza?, munduaren oreka eteteko?.

* Argazki zaharretan, denok gara gazte, heldu begiradaz begiratzen diogulako gara agian gazteago.

 

 

Ajeak

* Ajez zamatuta dut bizkarra, beraz banaiz, oraindik diraut.

* Zahartzaroa gaixotasun bat bezalakoa da. Baina berarekin bizi izaten ohitzera behartuta gaude. Adinak txora gaitzan  nahi ez badugu.

* Behin adin batera ezkero,  bizitzeak ematen du nagia: zoriona, tristezia eta antzerako kategoria mentalak  ez dute lekurik zahartzaro hondatuan.

* Adin pilatuak, ahalmenak lausotzen doazen heinean,  murriztu egiten du gustuen espektroa .

* Botikek ezer gutxi indartzen dute gorputz  zahar-zaharkitua, gaixotasunak ezinaren morroi bereganatu zaituenean batez ere. Ez dago zahartzaroa hezeko duen euri berririk.

* Zahartzaroak ere ez du ezabatzen desengainuak hartzeko mugarik, datorrena jasateko eramankortasunak ere ez duen bezala adinik.

*  Gerra zibil ondorengo gosetian hazi ziren egungo zahar gehienak.  Agian horregatik betetzen dituzte  platerak ez ezik, urdailak ere jantoki  oparoan.  Goseak umetan zizelatutako aurpegiarekin jarraitzen dute agian.

* Adintasunera goizegi heltzea da askoren tragedia

 

Ahanzturak

* Burura ekarri ezinik, gizakiok batzuetan zerbait gogoratzeko puntu-puntuan egon ohi gara.  Adinean aurrera, gogoratzeko gaitasunik eza endemiko bihurtzen da.

* Patrikek duten joera irenslearen antzerako zulo beltz asko dugu zaharrok, halako indar desagerrarazlea zerienak: takian potian galtzen ditugu gauzak edo non utzi ditugun ahaztu,  eginbeharrekoak uxatzen zaizkigu memoriatik, izenak hegan egiten dute, inguru hurbileko  topografia bera eremu zuri lau bihurtzen da, … zulo beltz batek irentsi balitu bezala.

*Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia.

* Etsigarriak dira ahanzturak, baina ezin diogu barkatu egunerokoari, normaltasunari heldu behar zaio ahalegin duinean.

 

Norarik ez

* Mugarririk gabeko esparru  luze zabala du zahartzaroaren atariko esparruak, desertu baten  lehor-gunea, eta asko dira galduta ibili ohi direnak, norabide eta ibilbide bila.

 

Loa

*  Zahar  askok  lo gutxi behar dute. Egunak esna-ordu gehiago  damaie. Gazteagotan bizipozak ikasteko jolasteko, familiarako ordu gehiago eskatzen zietenean, atsedena eskatzen zuen gorputzak, orain, aldiz, bizitzeko grina da falta zaiena, lorik gabeko orduak sobera. Edo deskantsurako ordurik ez zuten, orain bizipoza falta zaie.

 

Bakardadea

* Agian are bakarrikago sentitzen da bakardadera ohituta dagoena, luzeago eta astunagoa zaiolako bakardadea. Bere buruaren jabeago, askeago, independenteago eta premia gutxiagoren morroi sentitzen dena da behin adin batetik gora bakarrago egon nahi duena.

 

Bizipoz

* Heriotza zain daukan sentipenez  idazten du zahar askok, presaka bezala, denborak asmoak betetzeko behar adina tarte emango ote dion beldurrez bezala. Hala bizi daiteke erretiroa, baina ez etsipenez, bizitzako azken bidaialdi oparoa lez baizik.

*  “Bizipozez” behar luke adineko bidaiarien  ezaugarria, eginiko bidaia luzeagatik.

* Lilura eta ametsa, errealitate jasangaitzari izkinatxo egiteko era. Zaharrok ihes egin ezin diogun heriotza hurbila dugu errealitatea. Onartu, bizitakoz poztu eta duguna, baldintza eta muga guztiekin, gozatzea  hori da liluraren geruzaz egun bakoitza biltzea.

* Gazteari zaila zaio gauza bati arreta ematea, bizitza bor-bor duelako, mila amets gerora begira,  zahartzaroan aldiz, ez da erraza aurrera begirako interesgune iraunkor eragilerik izatea.

* Sarriak dira behin adin batera ezkero, edozein huskeriagatik ernegatzen zareneko petralaldiak, zeinetan, ezinaren eta ahuleriaren eraginez, hiltzea besterik ez duzun eskatzen.

 

Denbora

* Argazki zaharretan, denok gara gazte, heldu begiradaz begiratzen diogulako gara agian gazteago.

* Behin adin batera ezkero ezin lasterrago labainka datoz bizitza-uhinak azkena zein izango den ez dakizula.

* Agian bizitzaz eta  inguruaz gozatzeko denbora gutxi geratzen zaiolako da hain begiluze eta jakin-min zaharra. Edo bakardadearen asperduragatik. Bizitzak zer ekarriko egon ohi da gaztea, mundua jan gogoz, bizitza noiz lapurtuko dioten kezkaz zaharra, munduak noiz jango.

* Azkar eta poliki, bietara, doaz zaharraren urteak. Atzera begiradak oraindik motzagoa egiten du aurrera soa.

* Heltzen da une bat zahartzaroan non niaren kontzientzia jasanezina bihurtzen den, eta kontinuum bihurtzen bada, infernu bilakatzen. Aldi berean, baina, “izan nauk” kontzientzia zorion bilakatzen da. Huts eternala izan nintzakeen, baina izan naiz.

* Atzera begirada batean kabitzen da bizitza osoa, luze zein zabalena,  zahartzaroan.

* Zahartzaroko joera da denboraren errekan kontzienteki murgiltzea.  Ondorioz datoz autobiografiak.

* Aspaldi eta antzina, perspektiba arazoa da; zaharrak gorago du talaia, urrutirago ikusten duelako da agian “aspaldi” bere hitza.

* Adin batera ezkero nahiago da bukaeraz ez pentsatu eta orainaz baliatu, bizi duzunaren xarma gozatzea,  baina bukaerak baldintzatzen zaitu.

* Urteak pasa ondoren, ezuste askok jo eta gero, jabetzen gara jada adinez aldatuta gaudela, eta inertziaz ari garela, beraz ez da zaila pausoa galtzea edo aldatzea..

 

Jakituria

* Adinak ekarri ohi du eskarmentua, baina ez beti.

* Zaharrengandik ba omen zer ikasi. Norbaitek ikasi nahi balu. Baztertu eta gutxietsitako altxorra gara zaharrok.

*Esperientziak esperientzia, zahartzaroak ez ditu  egiten argiago zahar gehienak.

* Zahartzaroak, nahiz memoria moteldu, hainbat ñabardura ikusteko ahalmena du. Baina beranduegi da pausoak bestela gidatzen hasteko.

*  Adinaren eskarmentuak laguntzen du gauzak konpontzen

 

Maitasuna

* Adinekoei ez zaie onartzen gazteek ohi duten txera ezaugarri publikorik, maitasunerako ere jubilatuta baileudeke.

 

Memoria

* Historia bilduma edo tratatu bat da zahar bakoitza. Baina inor gutxik entzun nahi die, lelo aspergarriak bailira. Zenbat istorio galdu diren, kontatu ez direlako baino, inork jaso ez dituelako.

* Oroimena da zaharrari geratzen zaion altxor nagusi ia bakarra, bizitza erabat bustitzen, oraina osatzen, diona.  Oroimenak huts egitean hilik zara, hilotz aurretik.

* Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia. Baina eurak ere zeure baitan gorde behar dituzu, txotxondutakoaren betiko leloak usten baitiete gazteagoek.

* Porlana bihurtzen dela dirudi zahartzaroan memoria.  Lurra zenean ereindako haziak dira oraindik azaleratzen diren azkenak, pitzadura artetik bezala.

* Izenak baino, irudiak dira zaharren memoria,  hitzak ezabatzean irudiok ezin baditugu azaleratu ere.

* Itxaropenak apaingarriak lakoak direla irakurri dut. Bizitzako osagai ezinbestekoak direla ezin uka. Adin bakoitzean ezberdinak Oroitzapenak ez galtzea da zahartzaroko esperantza nagusia.

* Zahar askok egiten du egunero egunkariko gurutzegrama, garunak lijertu asmoz, agian behin ere bete ez dituen hutsuneak darama gurutzegramok betetzera.

* Zahartzaroan haurtzaroa ez ezik gaztaroa ere esnatzen zaigu oroimenean, kax-kax deika,  zigortu ere egiten gaituzte sarri atzera jauzi horiek

* Zahar gehienoi oroitzapenez harago ez zaigu ezer asko gehiago geratzen, oroitzapenak azaleratu besterik ez dira egiten zaharren etxeetako ekimen guztiekin ere, zaharrei buruzko literatura eta gerontologoek besterik badiote ere,

* Zein ote memoria jada galdu dela erakusten duen ahaztutako azken hitza?.

* Trikimailu oroz baliatu beharko da zaharra ezkutatzen edo ezabatzen doazkion hitz, iritzi eta oroitzapenei itzulerako atea irekitzeko.

* Oroitzapenak galtzen heinean ezerezten gara zahartzaroan, hutsa gara oroimena galtzean,  taupadak dituen hezur eta gihar multzoa besterik ez, besteen oroitzapenetan egoteak izatea ematen dion ezereza.

* Oroimena galtzen goazelako ote gara errepikakorrak zaharrok, itsasoko olatuak bezala?.

* Ezer ez da erreal  ziurra adimen argiarenarentzat ere, bakoitzaren sentsazio partikularra besterik ez da errealitatea deitzen dioguna. Zahartzaroan irrealagoa da oraindik erreala dirudiena, ahulezia eta indargetze orokor baten  atal bat besterik ez direlako sentsazio ahaztuen gomutak.

* Zahartzean gizakia atzera begira jartzen denez, umetako eta gaztetako kontuak ekarriz gogora, agian horregatik idazten dute zaharrek lehengo gauzei buruz, bestelako arrazoiez itxuratzen badituzte  ere beraien lanak. Joanari buruz ari diren gazteagoak ere, ez ote zahartzaroaren atarira hurbiltzen ari?.

 

Premura

* Bada bizitzan adin bat, noiz,  hegazkinean azafata batek lez, uhala jartzeko agintzen dizuten, lurra hartzeko prestatzen ari zarela eta, adinaren ordua aurreratuko balizute bezala, presa moduko baten eraginpean.

* Zintzilik ditugun asmoak bukatzeko presa ezartzen du sarri heriotzaren hurbiltasunak.  Agian patxada eman beharko luke herioren hurbilak,  gauzak dauden bezala uzteko lasaitasuna. Baina ez da horrela.

* Adin handian non eta nola bizi sentipenak pisu handia du, baina behin adin batera ezkero, non eta nola bizi bano banoala eta noiz hil da kontua.

* Aldatu ditzakegu, aurrera zein atzera, erlojuaren orratzak, baina denbora temati geldiezina da, eguzkiak goizero ez du hutsik egiten. Adinaren bilakaerak ere ez. Halaz ere, agian horregatik, zaharrok hor gabiltza bidaietan edo bestelako ekintzetan erlojuaren orratzak atzeratu nahian bezala, edo noiz geratuko zain esperoa leundu nahian.

* Bizitza miragarri bat pipiltzen zaigu denoi, hari tipitan, poetak dion bezala, zahartzaroan ere.  Une bakoitzean bizitza hori intentsitatez infinitura arte bizi beharko genuke, zoriona ez baita ordulariaren orratzekin neurtzen. 

* Heriotzatik bertan dakusa zaharrak bere bizitza; jaiotza, aldiz, oso urrun. Baina ez gintuzke heriotzaren hurbiltasun kontzientziak beldurtu behar,  “etxe aurretik dakusadan guztia sekula gehiago ezin ikustearen penaren penak” penatu, biziki hurrean dugun hori gozarazi baizik.

 

Sentipenak

* Pausoka pausoka, hiltzen ari dela sentipena du adinekoak. Zahartzen ari dela,  alajaina. Bere burua berbera despeditzen ari dela sentitzen du, biziki. Gauzak  bukatzen joateko gero eta presa gutxiagorekin, bizitzeko grina, bizipoza egunez egun galtzen.

* Bizitzaren, mirakulu nagusiaren amaiera, bidaia luzeenaren amaiera, da heriotza. Bizi izanaren miraria benedika behar genuke; baina adin bat ezkero, “a Indesejada das gentes” hurretik bizi du zaharrak, jadanik bidaia nagusiaren etena.

* Ez heriotzak ez ezerezak erakartzen ez duen adin handiko bera ere, horien esperoan bizi da zaharra, kontzienteki ez denean ere.

* Bidaia bukaera usnatzean, naturaltasunez, baina tarteka sarrian, heltzen zaigu azken arnasarena nola izanen zaigun burutapena.

 

Sexua

* Aurkitzen dugun leku eta moduan dago sexuaren gakoa, zahartzaroan zein gaztaroan, bakoitzak bere ezaugarriekin, baina bizitzako aro bietan darrai sexuak.

*  “El hombre pierde el diente pero no la simiente” dio gaztelerazko errefrau batek, arazoa ordea zakila nola tentetu izan ohi da arazoa zahartzaroan, eta orgasmoa lortzea lan eskerga bilakatzen zaio zaharrari.

* Amona-aitonen sexua, ia ez da aipatzen, batez ere amonena. Baia arazoa hor dago, zaharren  begiradak erreparatzea besterik ez dago, edo beraien lagunarteko solasetako erdi bromazko ateraldiak.

 

Talaia

* Zer askoren zati eta osagai zara adin handian, horrek ematen dio zentzua bizitzari.

* Zaharra izatean ez dago koska, zahar ezereza izatean baizik.

* Behin adin kopuru batera ezkero, perbertsioak leloi bihurtzen du gizakia adinak.

* Tristuren estaldura da sarri barrea, sentipen mingotsak ezkutatzen dituen mozorroa. Begiak lirateke barne pozaren erakusle, zahartzaroan ere.

* Ez da erraza bizitzea, are zailagoa bizitzea ederra dela ustea, bizitzaren ertzera heldutakoan. Azkeneraino eusteak merezi duen galdetzen duzu.

 

Burutapenak: argibide bezala

Jon Etxabe 2016/06/07 17:19
Irakurzalea naiz. Neure baitan biltzera narama liburuen irakurketak. Gustukoa zait burutapenetan murgiltze hori, liburuko gogoetatik abiatuz. Seminarioko Gogo-jardun haien gaurko bertsioa da agian. Hezkuntza haren iturritik gaurko urak.

Liburuari buruzko iruzkin labur bat idatzi ohi dut bukaeran, baina irakurri ahala sortzen zaizkidan burutapenak ere idatzi ohi ditut. Oso labur, beste balizko lan mota baterako hari-mutur bezala. Beste asmo horiek ez ditudanez bete, bere horretan gelditu dira burutapenok, eta horrela ematen ditut.

Ez dut izan inolako eskemarik gogapenon aurretik, ez dakidalako irakurketak zer hausnarketa sortaraziko didan, beraz ez dago aurreiritzi edo aurreikusitako sailkapenik, ezta ere inolako gai bat osatu edo borobiltzeko asmorik.

Irakurri ahala  esnaturiko pentsamenduak dira, eskematikoki oharrak idatzi eta gorde.  Hori baita nire irakurketa ohitura. Beraz ez dira eskema edo plangintza baten inguruan idatzitako gogoetak.

Geroagoko pausoa da sailkatzea. Anabasa batean baitzeuden gogoetok.

Gogoeta bakoitzak eskatzen duenaren arabera sailkatu nituen erabilgarriagoak egiteko.

Zenbait gogapen ez dago agian kokagune egokian, baina  ez dagoenez sailkatze-arau zehatzik, iritziak iritzi, hau izan da nire irispidearen ondorioa.

Liburu zein egilearen zita eta atentzioa deitu zidan esaldia ere jasotzen nuen hasera batetan, gero ez.  Liburu-egileen aipamena eta beren zitok kendu egin nituen sailkatzerakoan, (jatorriko karpetan gelditzen dira), nire burutapenak utzi nituen soilik.

Kontraesanak egon daude hainbat burutapenen artean. Une bakoitzeko aldarte eta sentipen ezberdinen ondorio dira, irakur-uneko neure zein kanpoko giroari lotuta.

Bere horretan utzi ditut.

2015 artekoak dira. Baina burutapenokin jarraitzen dut.

Sail honetako gaiak hauek izanen dira:

  • BURUTAPENAK
  • Adina
  • Askatasuna
  • Bidaiatzea
  • Bizitza
  • Emakumea
  • Erlijioa
  • Euskal Herria
  • Euskaldunak
  • Euskara
  • Filosofiakeriak
  • Gizakia
  • Gizartea
  • Gogoetak
  • Heriotza
  • Idaztea
  • Jarrerak
  • Kultura
  • Maitasuna
  • Natura
  • Nire baitan
  • Oroimenak
  • Politika
  • Presoak
  • Zertzeladak

 

"Nire esperientzien espresio bulgarra" deituko nieke Saizarren hitzekin nire burutapenoi, baina horiek dira ditudanak.

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.