Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/06 09:47
FESTA GIROAN

FESTA GIROAN

 

 

UTOPIEN FESTA

 

Indartsu doa izozkia,

urlasterrari aurre,

kiribil koloretsuan galtzeko

 

 

Maite zaitut

Egoismo mozorrotua,

besterik ez da,

maitasuna

 

 

Ume aurpegi hura

Ibaia da gaur egun jaiotetxeko orubea

autobia, aldiz, orduko ibaia,

gutxi batzuen negozio, gizartearentzat omen, 

azpiegitura erraldoia.

 

Poza damait haurtzaroak, mina hurbileko negarrak,

argazkiko  ume-aurpegi hura maite dut,

gerrako orbanak gozatzen dizkit,

txikitako jolasen oroitzapenek zahartzaroa leuntzen,

gerra ez baita bukatzen, orbainek hor diraute.

 

 

Beteko ez diren ametsak

Beti izan naiz “haurtzaro batekoa”,

edonork edozein iruzurrez engainatzen nau,

bizitza bera baita tranpa bat,

galdu nahi ez ditugun utopiez ehundua.

 

Utopiei esker bizi da gizakia,

ikasien utopiei esker, bakoitzaren utopiei esker.

 

Tranpa bat besterik ez dira utopiok

amets egiten jarraitzeko tranpa.

 

Beteko ez diren ametsak baitira.

 

 

Kometa opari

Takar edo leun, haize-egunek bilduta,

bizipozaren mezulari, begien poz,

kometa baten bila dabil ametza,

etsipen eta itxaropen egunotan.

 

Gogor eutsi behar zaio sokari

herra eta gorroto erauntsiek 

bizi-arnasa amildu ez dezaten.

 

Kometa koloretsuak oparituko ditugu

malkoak ortzadar bihurtzeko.

 

Kometa bilakatuko gara, utopia egia izateraino

 

 

Ohelagunak

Ohe-kidea daramat  oheratze bakoitzean

udaberri loratzea bailitzan edozein urtaro.

 

Fantasiak dira, baina.

 

Utopiak

 

 

Nor berarekin

Bakardadea,

jakituria;

lagunartea,

gizalegea.

 

 

Izar loka

Dir-dir agertu zen izar zegoen egunsentian,

farfaila distiratsu urratu zuen zohardia,

ez da gautu geroztik irribarrea.

 

Bakarrik nintzen,

agertu zinen.

Bata bizi den artean

bestea ez da hilko.

 

 

Bixamona

Bezperako utopia zaputz gertatuak

egiten du mingots biharamuna

 

 

Basatia

Utopia bilakatu zen

demokrazia amestua

bortxa erabiltzean.

 

Gorroto ditu galderak,

gorroto azalpenak,

otso erpeetatik gero.

 

Basatzan bere buruaz beste egiten du

Estatu torturatzaileak.

 

 

Torturatzailea

Duintasuna lapurtu nahi zion

baina berea galdu zuen

 

 

Banendi

Ez naiz utopia

naizena naizelako,

utopia izan nintekeen

ez naizena bihur banintz.

 

Nor nintzen galdetu badizuke,

oharkabean pasa zen irribarre  murritza,

izena ozta gorde  duzun letrazale lotsatia,

noizbehinka desagertzen zen eragile xumea ,

argazkiko lagun hori nintzela erantzun iezaiozu.

 

 

Autoak

Autoa!,

utopien

paradigma

 

 

Paradisua

Haizezko utopiak dira nor garen erantzunak,

urtarorik ez duen atzerria omen gurea,

poemez gozatu nahi dizkigute zauriak,

marrazkiz estali bizipozaren arrakalak.

 

Kea salduz pertza oparotik bizi direnei

etxea eraiki nahi dugula erantzungo diegu,

udazken okreko orbelez  bazkatuko bagara ere.

 

Kimu berrien udaberria dugu sinesmen,

ez gara inora itzuliko gaudenera garamatzalako itzulbideak.

 

Planeta usaia duen hau zaigu paradisu. 

 

 

Utopia

Ametsen eremua erraietara murriztean,

atarian jartzen diogu zeru-marra infinituari,

arrotz bihurtzen gara esperantzen aberrian. 

 

Jopu bihurtzen gaituen askatasunaren eremuan,

bizipozaren hazia, nahiei ataka,

ahuleziatik frustraziora doan ortzadarra,

gabezien eta ezinen fruitu pozoitua,

balizko biharamuna da utopia

 

 

Bihar itxaropen bihar

Biharamuna ez da duda-muda,

esperantza baizik.

Oraina ez da halabeharra,

errealitatea soilik.

 

UTOPIA eta utopiak,

biharamun eta itxaropen

 

 

 

ZURE BEGIAK NIRE, NIREAK ZURE

 

Eguratsa egurats, udaberria da maitasuna:

ondoren datozkio uda, udazkena eta negua

 

 

Argia zulo beltz

Maitasuna tranpa bat dela

entzun nion bati,

sexu mozorrotua omen.

 

Ugaltze lakioa litzateke sexua,

maitasuna deritzonez edertua.

 

 

Esperantza zapuztuak

Mozkorti zen ezkondu aurretik

emaztegaiak bazekien,

mozkortiago ondoren

emaztearen sufrikario bihurtu zen.

 

Maitasunak zirrikitu asko ditu

 

 

Bikotea

Lagunarte bihurtu zen

maitasuna zeritzotena,

uztarri diraute orain

elkarren babes eta itzal

 

 

Noiz

Ez kiloka ez metroka ezta zenbakiz,

ekintzez bakarrik neurtu ahal da

harreman urraketen soluzioa.

Zenbatu zein ezabatzeko

baldintza bakarra,

borondatea

 

 

Arima arrakaladuna

Zilindroak ezin ditu

sentimendu zolduak lisatu.

 

 

Markak

Edonon dagoela ere

hurbil sentitzen duzuna,

maitale edo lagun,

ze inporta zer,

kuttun eta arnas bazaizu

 

 

Aterpe

Nahiz ezer gutxi delakoan,

zaren dena ematen baduzu

ordainik eskatu gabe,

eskaintzen zaizunak  asetzen bazaitu,

kitatu behar gabe,

baduzu non aterpetu.

 

 

Hesien gaindi

Esan beharrekoak isildu,

hortik dator elkar hartu ezina;

isiltzekoak aipatzetik, aldiz,

harremanen zitalak zoltzeak.

 

Atzerrian herrimin,

herrian herriminago,

herriminak behar luke

herriartekoaren legamia.

 

Iraganari iheslari,

etorkizunean errari.

 

 

Nor zer

Marketina, ez besterik dira

edertasun kanonak.

Atzo erakargarri zeritzona

arrunt deritzozu gaur.

Kimikan datza edertasun gakoa,

norberak egiten du bestea eder.

 

 

Joaki

Nora joan ez duelako

geratzen denaren ausentzia da

bakardaderik urratuena.

 

 

Zidorretan

Maleta konpartituak behar dira

giza basoko norabideetan;

ibilaldi solidarioa

bakarreko joanean ere.

 

Atxiki behar zaion erritmoa du naturak. 

 

Ze axola gure gorpu minduak,

ze axola ze bide bazterretan aurkituko,

ze axola non lurperatuko,

ze axola inoren gupidak,

elkarbidea bazen korritutakoa.

 

 

Gure begiak

Bestearen irudian dakusagu

norberaren nolakoa,

urteak bidelagun,

elkarren ispilu bihur baikara.

 

Bakardadean ere bidaia-kide,

biharkoa amets,

gizartean igeri biok,

nire begiak bereak dira,

bereak nire.

 

 

Ez dakit

Irabaziak ditut poesia sariak,

baina ez dakit poemarik idatzi dudan.

 

Maitatu dudalakoan nago,

baina ez dakit maitasunik den.

 

 

Egia

Egia zer den ez dakit,

gezurra zer den ere ez,

baina pauso bateratua behar dela bai,

armairuan ezer gorde gabe,

galdera orori erantzunez,

bidean galtzea nahi ez badugu.

 

 

Aitzakiak

Gezurrak ohi dira aitzakiak,

egiaren estalki zurigarriak.

 

Bizitza osoa da aitzakia.

 

Ukazioz, koldarkeriaz, ahuleziaz, isiltzez,

toles-gunez, ezinez, eta abar luzez

ehunduta dago bizitza oro,

bikoteen elkarbizitza

nahiz talde baten jarduera.

 

 

 

TXIMELETA

 

Zer diren, direnik ere, ez dakidan

osagai ezberdinen koktela da bizitza

 

 

Tximeleta

Ez dut izan nahi krisalida non izan zen ahaztu zaion tximeleta,

sastraka arantzatsua bazen ere.

 

Zenbait nini alegeratu zituen hautsa besterik ez ziren hegal koloretsuak.

 

Haize bolada batek barreiatuko ditu hautsok.

 

 

Joaki II

Bikotea,

bakardade konpartitua.

 

Ixo zotinak, belarri oro da gor.

 

Errepidearen bestaldean norbaiten esperantzak

eragiten digu aurrera.

 

Geldian ustez,

joaki gara.

 

 

Nanotasuna

Zirrara eragiten dit  nora zehatz batera errepidea zeharkatuz zomorrotxoak. Zirrara, galduta baino aitzindari, bainugelan agertzen den inurri bakartiak. Zirrara haizetakoan lehertzen den han gertatu zelako intsektuak.

 

Ez mikroskopio atomikoak, ez sunda urrutirenekoak ere, ez ninduke  unibertsoan lokalizatuko,  helburu eta bide ezin murritzagoan dabilen ezereztxoa naiz, baina unibertso horretako errege naizela irakatsi zidaten.

 

Harroa da gizakia, eta horrek hondatu du

 

 

Urkaegia

Egia esan,

eta urkatu egin zuten.

Egia ukatu,

eta urkatu egin zen.

 

Egia esan,

eta urkatu egin zen.

Egia ukatu,

eta urkatu egin zuten. 

 

Egia

Zer da

Zertarako

 

 

Maindireak

Bikotearen maindire arteko jolasa

plazer pertsonala bihurtzean dator

harremanen gainbehera mingotsa.

 

Laburra da maindire arteko plazera,

egunerokoaz gozatzean datza  zoriona.

 

 

Robotak

Edozein dela eguna zein egunaldea,

robota da gaur egungo gizakia,

irakaskuntzan, etxean, elizan, komunikabideetan, ...

ezartzen zaizkio behar diren osagaiak.

Ordenu-mando ikusezinek erabilitako 

automatak gara gizakiok.

 

 

Gezur estaliak

Gezur estalietan gabiltza

egi bila,

labirintuari

irteera asmatu nahian

 

 

Irakurtzea

Jende gehienak ez du irakurtzen.

Ez da beharrezkoa irakurtzea.

Baina irakurtzen ez duenak,

mundu berri bat galtzen du

 

 

Ameslari

Lorik ezak

ameslari

egin ninduen

 

 

Banintz

Nor litzaken eguzkia,

argi eta bero emari.

 

Ai ilargia banintza,

misterio eta amets kabi.

 

 

Iratxoen lagun

Urpekaria nahi nuen izan,

mundu berri bat asmatzeko,

eskalatzailea aldi berean,

izarretan ametsak eskegitzeko.

 

Baina oihanean nabil

iratxoak lagun.

 

 

Arorik ez

Lurra nintzake zuretzat,

edo hazia agian.

Baina zokor dago lurra,

haizeak darabil hazia.

 

Ez da arorik oraindik.

 

 

Perspektiba

Gogoko dut hegazkinetik ikuspegia,

naizenaren neurria ematen dit

 

 

Jantokian

Berbots burrunbatsua jantokian,

lepo mahaiteria jai giroan,

ama-semetxo bikote bakartia,

begirada hitsa dario amari,

haurrak lepotik helduz kontsola nahi du.

 

Samina, bakardadea, samurtasuna

 

 

Joanak joan

Bizitzako inbentarioa egin dut,

zutabe bikoitzetan lerrotu ditut:

Ahalak... Ezinak ...

Lorpenak... Porrotak...

Bertuteak...  Akatsak...

Txaloak...  Gaitzespenak...

Pozak... Penak...  

 

Balantzea egin nahi izan dut

baina ez naiz gai balorapena egiteko 

tarteko interesatua bainaiz

 

 

 

BIHAR ITXAROPEN, BIHAR

 

Adinduaren garundegiak, txepetx habiak antzo, ihes-ataka zabalik

 

Errefrakzioa

Autobiografia,

auto-estimuaren isla.

 

 

Aitzinat

Utopia gara

balizkoen eta eskubideen fronteran. 

 

Amets igorle,

maitasunak orpoz orpo gorrotoa arren.

 

Duintasuna eragile,

ez gara ezikusizko itsu.

 

Paradisurik ez dago,

gero bat, bai.

 

 

Beti da orain

Gaur zen atzo, atzo da gaur,

gaur da bihar, bihar gaur,

bezpera zen biharamuna, biharamuna bezpera,

herenegun etzidamu, etzidamu herenegun,

ez da orain soilik.

 

Iraun luzeko gerra da bakea,

armen herdoilean kimatua.

 

 

Etxeratzea

Askatasuna da presoarentzat

etxeratze-agindua,

etxea presondegi bilakatzea herritarrentzat. 

 

Aho biko hitzekin egina dago gizartea,

gerra eta bakea, aurkari eragileen jokoa. 

 

Mundua mundu denetik,

kontraesanak garatu du gizartea.

 

 

Eraso festa

Oldarka darraite,

beraz diraugu.

 

Herrenka,

baina bagabiltza.

 

 

Puzzlea

Kendu, lapurtu, guk geuk galduak,

puzzlearen piezak lekutzen,

horretan gauzatzen da euskaldunen  bizitza,

festa garaietan ere,

minduraz bilduta,

poemak irakurtzeko aldarterik gabe.

 

 

Nork daki

Nor,

zer,

ai geuk bageneki.

 

Eta kimika soilik bagina?.

 

Eta herria?.

 

 

Nor eragile

Nor epaile

Askeak gara?

Zeren

zergatik

inor

errudun!

 

 

Xume bizia

Betiraun bihurtu nahi dugu

oinatzak porlanean bezala,

museo bihurtu dugu  herria

iraupen labirinto ibilgaitzean.

 

Gar eta txinpartak miretsiz,

txingarra eta ilintia ditugu ahaztu,

baina aurrekoen oinorde,

herri xume biziak behar du jarauntsi. 

 

 

Banaezinak

Etorkizuna eta esperantza

zapalduen anaia bikiak,

banazailak  baino, banaezinak

 

 

Lilalde

Arantzadian lorazain

ziztadez odolduta

oporrik gabeko ekinean zut.

 

Lore bat dakar

egunsentiak

 

 

Lantxurda

Lantxurdak ustez besatuak,

agonia kanpaiak joz,

beldur itsasoan ehortzi nahi gaituzte. 

 

Herria, baina, gu geu gara,

gu geu garen bezalakoa da herria.

 

Izotzei, elurteei, haizeteei, ekaitzei, galernei,

eutsi egin diegu mendez mende. 

 

 Lore bat dakar egunsentiak

 

 

Euskalstick

Bide luzea egin dugu,

eskua eskuari,

orpo odolduetako pausotan,

idatziz baino, eginez,

ilargi berri nahiz bete,

oinordekoz oinordeko,

bide zaila egin dugu,

ibilardatz genuela

euskaldun makila.

 

 

 

 

Nondik sartzen da kanpora?

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.