Poeten uharan
ERRAIETATIK
poeta bat
basati kutsatuak politikoak,
zakur amorratuak kartzelariak
metastasia
sorreratik du muineraino hedatua
kartzelak
makinaria hilgarri okaztagarria
izanen da
seme zintzoen hilobi
kartzelako atean
lore-koroa aurkitu zuten
amen historia kontatuko duen
bukowski berri bat.
lurra eta hazia
polizia orori aurre eginen lieke
kaosa eragin, suzko barrikadak jaso
salaketa zorrotzeko pankartak eskegi
maluta idatziez kale eta postontziak zuritu
bizia arriskatu ere eginen lukete
kartzela bidean daude beti
baina hausnarketa iraunkor batean murgildu
lan diziplinatu bati lotu …
burdina-sare baten hesia
eskuburdinen lotura bezain gotorra zaigu
kea saltzen dugu irauten ez duen zirimolan
izar uxoak suzko erroberak dira gehienez
koloretsu erakargarriak
gaua antzu uzten dutenak
lur landuan soilik
ernetzen baita uzta
hil ala bizikoa
hiltzen uzten ez diegulako hil nahi gaituzte
gaztelatik dator euskaldunon potroetan ostikoa
gezur iraingarriekin kolpatzen gaituzte
arma bortitzenekin erasotzen
indarrez nagusi direla erakutsi nahi digute
mamutzarraren konpainia astindu
beste irtenbiderik ez digute uzten
zurrut oparo eta magikoa eginen dugun egunerantz
bihotza salbu gordetzen borrokatuko dugu
“nik banekien hobe zela borroka ttiki bat ihesa baino”
borroka txikiez zuritzen dugu sarri ihesa
bihotza salbu izango dugulakoan
garrasi
zakurrak atzetik fitxatuak
bakardadean baztertuak zokoratuak
nora ezean sarri parrandaz ihesean
iritzi gabekotzat edo basatitzat joak
txikle gogortu bezala tratatuak
inora gabeko labezomorroak baikinen
atseden hartzeko betarik gabe
herio orpoan
baina
aurrera jo genuen
aurrera jotzen dugu
aurrera joko dugu
noranzko bakarrean doan
neurrigabetasunaren ibaian goazak
geure istorioa gauzatzen
“berezko bazka-saltsan gizendutako zerri sadikoen”
asmakizun beldurgarria zaigun
galdara horretatik janarazi nahi dute herria politikoek
“ez duk aski jakinduriari jakinduria eranstea”
politikoak
ezin du arrazoiez arrazoitu
interes politikoa delako bere arrazoia nagusia
“inora gabeko labezomorro bat izatea bezala zuan”
hutsaren hurrengotzat hartzen gaituzte
baina bide bazterretan galduta dirudien kakalardoak ere
badaki nora eta zergatik doan
“erotzeak mututu egiten hauela nioan, oskol babesgarri bat bezala duk”,
mututasuna zer esan gutxi izatearen ezaugarria da gehienetan
gu garenaz eta geroaz garrasi egiten duen herria gara .
“ inora gabeko gelan ... askatu egin nian besteen heriotzaren aurrean”
inora gabeko herria ote garen sentipena helarazi nahi digute
antzutasun iritziaz itxaropenik gabeko aholkuez
kutsatu nahi gaituzte zenbait politikok
baita lubakiaren alde honetako zenbaitek ere
etorkizunik ez dutela dakitenek ere
urdeak ote
gure fintasunean
gu geu ere
ez ote
urdeak
gure handikoitasunean
agian
oskol barruan
miseriak
kabitzen ez-eta
belartzara ateratzen den
barraskiloa gara
nonbaiteko beste muturrean
keinu bat izanen ote
gau on baten itxaropenez
geure miseriak aitortzean soilik
aurkituko dugu agian
gero lasaiago bat
eskainiko digun begirada
agian.
arrastoa
tabernak elkarteak jatetxeak txiringitoak, …
zentzatu gabeko alkoholikoen esparruak
borroka bera alkoholez finantzatuta dator
alkoholiko ezezagunen elkarteetako
alkoholiko zenbatuak dira
alkoholiko ez diren bakarrak
erdizka gara batzuek alkoholiko
osoki zen bukowski
aitortu egiten zuen berak
guk ez.
“haien oinetakoek ez dute arrastorik uzten
han inor izan ez balitz bezala”
denok uzten dugu arrastoa
utzi nahi ez dugunean ere
arrastorik utzi nahi ez dugunaren
arrastoa
aurreko guztien arrastoz
arrasto anonimoez batez ere
osatuta dago uneko gizartea
arrastorik gabeko arrastoz
etorkizunekoa ere
erotuxe
noizbait
denok
erotuxe
egin
beharko genuke
lo hobeto egin
eta herritarragoak
izango ginateke
bixamonean
larunbat goizeko
ezezagun gautxorien
gaupasetako
mozkorrondoek
ez ote
estralurtar zantzuak?
argitaletxeak I
zenbat komedia
idazleek argitaletxeek
irakurle bat irabazteko
argitaletxearekiko morrontzak
eragiten ditu liburu salduenak
liburu onenak ez
nonbaiten bai
non da bukowski?
ezin diogu naturari
aldioro
miraririk eskatu
izan
aske!
albo-herrien
urtez urte gatibu
bortxaz eduki gaituztelako
lokarriak haustea erabaki dugu
onez ulertu ezin dutelako bortxaz agian
gutaz erabakitzeko eskubidea lortuz lehenengo
lotura guztienen gainetik independentzia izanez apika
izan ginelako izan garelako eta batez ere izan gura dugulako
charles
Gozoak ditut tragoxkak
charles
zurrut pizgarria behar dik
motelak
bizipoz akuilaria
biziraupenak
izan hintzen hi ere
charles
oraindik haiz
bukowski
hire horretatik
edaten dudanean.
zernahi jaso
zenbat aldiz errotara
garia eraman uste izan dugun
eta zahia besterik ez dugun jaso
zenbaitzuetan
urrezkoa ustez
letoizko koroa jaso dugun
hor jarraitzen dugu baina
errotara bidean
zernahi jaso ere
isildu ezinik
sendia
aterpe ziurra da niretzat
familia
lagunarte fidagarri atsegina
senitartea
tarteka elkartzen bagara ere
zauri mingarria behar du izan
familia gorrotatuak
zerualde goibela
ostatu den bizitetxea.
argitaletxeak II
Ez dut mundu hori ezagutzen,
baina argitaletxeena
mafia bat delakoan nago.
dakit
ez dut ezer esan nahian idazten
zerbait esaten badut ere idaztean
ez dut inolako santurik bortxatu nahi
tarteka alfonbraren bat astintzen badut ere
ez dakit heldu naizen
ez nora ez zertarako
are gutxiago dakit
iraungo dudan
bizi naizela dakit
idaztea dudala gogoko
besterik ez dakit
horrekin dut nahiko
argazkikoa
neronen argazkia
begiratu beharko nuke sarriago
gorputz osoko argazkia
bizarra egin ondorengo aurpegiera
ez baita fidagarria
naizenaren ezagutza errealagoa
izanen nuke
neure konpainian jaio aurretik
ni neu natzait ezezagunena
norberarekiko itsuen eta errukiberen baita
gizakia.
bmw
Gure gizartean
lapurrek soilik
gidatzen dute bmw bat,
dirutza bat
edo
autoa bera
lapurtu dutenak
legea alde dutenak aurrenak
legea atzetik dutenak besteak
aberats
alderatzeak egiten gaitu
pobre edo aberats
albokoak edo apetak
pobreago egiten gaitu aberatsagoak
aberatsago pobreak
aberats nahiak
egiten gaitu pobre
aitak ez zuen igandea beste asteburu edo jairik
astebetekoa beste uda oporrik
ez dakit aberats izan nahi zuten gurasoek
aberats izango ez ziren pobreak zirela zekitela dakit
lanera errepideak hil zuen aita
baina geneukanarekin duinak izaten
erakutsi ziguten
zahartzaroa
heriotzaz baino gaixotasunez
hitz egiten dugu zaharrok
larrua jo baino
lardaskatu
biharamunak burukominagoak
dituen adina da
zahartzaroa.
labarren ertzean
eragile izanen zaion
zerbaiten ertzean
behar du izan
idazleak,
berdeguneko loreetatik gaindi
labar zorrotzen ziztadan
barne egonezinaren ispilu
behar du izan
txaloen oihartzuna baino
barre gutxi
bizitza ez da txiste bat
nahiz gutako bakoitza
bitxikeria garen
barregarria ere
hain ulergaitzak gehienetan
jokabidean zein hitzetan
nik badakit
nik badakit
nor den
nire jendea
nik badakit
nora doan
nire jendea
behar ditudan
zenbait aurpegi
zenbait unetan
aurkitzen ez baditut ere.
ezagutzen ditudan
aurpegiak
muinean txertatutako
aurpegiak.
idaztea ez dut ofizio
ez dut sekula uste izan
idazle naizenik
sekula ez zait izan
idaztea ogibide
bizirik jarraitzeko
modurik onena zait
idaztea
nahiz nire errautsak
hor jarraituko duten
eta nire idazkiok
tekla kolpe batez
ezabatuko diren.
bukowski
goizean eguna hastean
atseden pizgarriak dira
iluntzean nekaturik
atseden hartzen zuen
bukowski zaharraren
poemak.