Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/09 09:05
Gorrimin

GORRIMIN

 

 

HEZUR MUIN

 

Orduen emagina

Odolustuz bailego

eguzkia erditu zuen

laino gorritan borobil

goiz-alban zeru-marrak

 

“egun ederra izanen diagu”

 

orduen zurrunbiloak

irentsi zuen gizakia

arduretan biluz

zartailuen ingude

 

“erretzea ere debekatu zigutek”

 

sutan bailego borobil gorri

etzan da eguzkia mendi ostean,

larritasun osinean darrai

biluz gorriago gizakiak

 

“bihar ere argituko dik”.

 

 

Esperantza

Elkartuz Iraultza ez zela amets

zioten mitin, kartel eta esku-orrietan.

 

“zutik lurrean kondenatu...”

 

Altxamenduek erditu dute askatasuna

hala zioten teorilariek, 

 

“bon cop de falc...

 

“Eusko gudariak” abestu zuten

eskuineko abertzaleek ere.

 

“irrintzi bat  entzun da ...

 

“Dugunarekin konformatu beharko” esanaz

eseri zen herria kafetegiko beladorean.

 

“zutik, zutik, zutik”.

 

 

Geroari branka

Zenbat bataila ez dugu galdu

esperantzaren ibilietan. 

 

Ametsen hariztian,

bide zidorren bila,

arraunik gabeko bateletan,

inongo portura bogan,

notarik gabeko pentagrametan,

doinu asma ahaleginean,

letrarik gabeko liburuetan,

biharko historia irakurtzen.

 

Eskuz esku diraugu,

kateatuta baino aske,

bagarela jakinez.

 

Geroa bizi dugu

 

 

Sortzearen abentura

Iraultza kulunkatu zitzaigun esperantzan,

udaberri baten emagin izanen ginen.

 

“zergatik askatu?”,

galdera mingotsa,

“kate ezarriak zaizkigulako”,

ez genuen beste erantzunik.

 

Kukuak jo zigun habian,

beratu zitzaigun uzta,

zimurtu ziguten itxaropena.

 

“zergatik aldatu?”

ondo-bizien galdera,

“jopu ez garelako”

ez genuen beste erantzunik.

 

Artizarra ez da itzali egunsentian,

ernamuin gara negu gorrian.

 

“zertarako iraultza?”

galdera dilindan,

“aske izan nahi dugulako”

beste erantzunik ez dugu.

 

 

Eredugarriak

Lehen bikotea,

sagar debekatua jan zuen,

ausart!

 

Espartako:

jopuen indarra,

ausart!

 

Indioak:

geziak versus errifleak,

ausart!

 

Santa Maria de Iquique,

zapalduen garrasia,

ausart!

 

Maiatzaren 1a,

Internazionala,

ausart!

 

Bolbora:

meatzarien eztanda,

ausart!

 

Martxoaren 8a,

zutik emakumea,

ausart!

 

68ko Maiatza,

gazteen bizinahia,

ausart!

 

Boby Sand,

presoen errebolta,

ausart!

 

Burgosko epaiketa,

herriaren erabakimena,

ausart!

 

2011ko negua:

Tunisia, Argelia, Libia, Egipto, ...

ausart!

 

duin, irmo, eskuz esku

abian!.

 

 

Ez itxaroan

Hermitage: obertura izan zitekeen,

Auroraren kanoikada: lehen nota,

Lenin: partituraren aita,

Internazionala: ametsen sona.

 

Entsegu da oraindik emanaldia,

orkestra noiz bilduko zain,

behin betirako partitura nork idatziko,

zuzendari nor sortuko.

 

 Kantari darraite lurreko pariek,

entsegu etengabeetan tinko,

ez itxaroan, itxaropenean baizik.

 

 

Antitesia

Aberastasuna sortzen omen,

baina jantxakurrak dira,

kapitalaren dialektika,

kontraesan hilgarria.

 

 

Mailukadak ingudean

Iparrean gosetiak:

“memoria eskuratu diagu”,

Hegoan zapalduak:

“ez gaituk kateko zakurrak”,

Mendebaldean esplotatuak:

“duintasuna zor zaiguk”,

Ekian menpekoak:

“ez gehiago esklabo”,

 

Manupekoen ausardiak 

zirimolatu zuen egonezina

barealdi itxurosoa astinduz.

 

Ingude gotorrean mailu astunez

hautsi ohi dira erdiminez kateak.

 

 

Erne

Politikarien itxurakeriak:

ongizatea, bozen amarrua,

indarkeria ez da eragingarria;

mila katramila dituzte

herria loarazteko.

 

Lozorroa esklabotasuna dela:

zapalduen dialektika.

 

 

Nemo primus

Lenin, Mao, Ho Chi Min, ...

utopien lorazainak.

 

bakoitza ezberdina!.

 

Kuba,  Hego Afrika, Irlanda, ...

amets eder lausotuak.

 

hobetu beharko!.

 

Geroa ereiten ari gara

loraldi baten segurtasunean.

 

zaila arren!.

 

 

Lau lelo

Behargina,

definizioz salgai.

Nekazaria,

harraparien ehiza-gai.

Arrantzalea,

lehorreko sareetan arrantzaki.

 

Bide luzea diagu,

lagun,

ikasiko ote elkartzen

 

 

Gu geu

Oinpean: gehienak,

gosetiak: edonongo ogia,

borrokak: uneoro nonbaiten,

hildakoak: milioika,

banderak: kontaezinak,

torturatuak: borreroez harago,

presoak: herrialde bakoitzean,

justizia: denean itsu,

errepresioa: herri ororen zauri.

 

 

Utopia

Utopia:

egunsentia.

 

 

Euskara

Euskara:

euskaldunon

munduko erditzeei

ekarpen aberasgarriena

 

 

Ginen, gara, guran

Hogeita batgarren mendean

eta

gizakiak jopu dirau.

 

Utopiez honago

esperantza

kulunkan

 

 

 

TRIKUA HARRIJASOTZAILE?

 

Lo

              Egin lo barraskilo,

nolatan lo?

              lot betazalok eta ixo

logalerik ez dot!,

hago lozorro,

gogo gabe non?

ohea lotarako dok

orain lolo?

ez izan lotsor, mozolo.

 

 

Meteo

Egunsenti, goiza ihintz,

arrasti, gaua izartegi

 

Goizerdiko euria

umeen zorion,

txipli txapla

eskolatik eguerdiz

etxera oinutsik.

 

 

Nortasun agiria

Kalean nindoan, besterik ez

 

Gelarazi ninduten

gaizkile lez

 

Txapel berdedun txarol txapelokerrak

 

Bazekiten nor nintzen

baina nor nintzen

galdetu zidaten

 

Beraiek direla legea zioten

 

Isuna jarri zidaten

zergatirik gabe

abertzale nintzaien

 

Kalean nindoan besterik gabe

 

 

Baserritarra hirian

- Zer da behia?

- Tetabric kaxa!.

 

 

Hiritarra baserrian  

- Zer da tetabric-a?.

- Kartoizko behia

 

 

Kale-kantoian

Uhalez gatibu txakurrak:

- ezin diat matrikularik usaindu

              -  esparrurik markatu ere ez

- jada txakurren feriarik ez duk

- baina morroia diagu kakak jasotzeko.

 

Zakurraren biboteak!!!.

 

 

Laino guztien azpitik 

Azeri-oin hotsa

bozen ehizan

 

- nor lapurrago!

 

Gaurko Patakonen zaldiek

ez dute jada

atzekoz aurrera

eskalaproinak jarrri beharrik!

 

 

Zuretzako da

Ez dut esanekoa izan nahi,

karakolan entzuten dudan

askatasun harrabotsa

mundutzak entzutea nahi dut

 

 

Pozoituen galderak

Nor nintzen galdetzen zidaten

nintzenik ere jakinezin

uzten ninduten arte

    

 ukabilitsu

           ulustel

                  bortxagin

 

“hilgai bezain ezindua”,

nor zer nintzen banekien

 

 

Harrerakoan

Etorri al haiz, etorri al haiz

etorri al haiz, etorri,

etorri al haiz, etorri al haiz,

etorri al haiz, etorri,

Etorri al haiz, etorri al haiz,

etorri al haiz, etorri,

etorri al haiz, etorri al haiz

etorri al haiz, etorri.

 

Etorria nauk, etorria nauk,

etorria nauk, etorri,

etorria naun, etorria naun,

etorria naun etorri. 

Hemen nauzue, hemen nauzue,

hemen nauzue ni hemen,

hemen nauzue, hemen nauzue

hemen nauzue ni hemen.

 

Kide berria kartzelan

sartzen zutenekoa

 

 

Galderen galda

Ama, zer da zuloa?

(Kontxo!) Azpilanetarako armairua

 

Zer da ba azpilana?

(Ene!) Iheslarien isilpekoak

 

Eta iheslaria?

(Arraioa!) Norbait atzetik duen klandestinoa

 

Nor da klandestinoa?

(Fale!) Kaleko edonor

 

Aitatxo ere bai?

(Ufa!) Agian

 

 

Ñir-ñir

Gabezien gauetik

hiri-izartegiaren irrikan

kale artean argitu zen.

 

Amets dirdaitsuak baina,

giza-orban bilakatu ziren.

 

Ezin  ilunen zuloan

etorkizuneko ortzian

giza-min ernatu zitzaion

esperantza

 

 

Lili bat ikusi dut

Mitxoleta, galsoroko tapiz gorri

kukupraka, iratxoen behatoki

pasio-lore, udaberria Aste Santu

hortentsia, buruhandi koloretsu 

krabelina, paparra lorontzi

lirioa, jantxakurren ikur

kala, buruzuri kankailu

igebelar, korroken sinfoniaz blai

arrosa, genetikaren eztanda

tulipana, herbeheretar etorkin

paradisuko lorea, kanariar oparia

bioleta, iratxo urdin

pentsamendua, lorazainen komodin

margarita, bazterren irri

edelweiss, goietako ermitau

 

baso-liliak, naturaren bizipoza

 

 

Ziegatik auzitegira

Eskuak ukabil, listina zartailu, argindarra elektrodo,

baineran itolarri, txanopean itsu, poltsan itobehar,

galderak ulu, hitzak mehatxu, behakoak gorroto,

 

odolbatu eraman zuten  epailearengana

 

gor-itsua zen epailea

 

 

Talka

“Independentzia”

egin zuen garrasi,

eta terroristatzat

kondenatu zuten

 

 

Hitzak esplikatzen

Polizia deitzen zioten,

baina txakurra zen,

polizia-txakurra

txakur-polizia

 

 

“arma tiro pum”

Arma orok

hil egiten du

arma

euskaldunak ere

euskalduna ere

 

 

Asabena

Gure etxea

harrizkoa da

 

eraso dute

okupatu ere

defendatu dugu

biziarekin ere

 

itxuraldatu da

baina oraindik dirau

 

harrizkoa baita

gure etxea

 

 

Kaka esplikatzen

Gizaki

maitale

kide

solidario

borroka-lagun

 

nola  izan

 

hori ez dizu

eskolak

irakatsiko

 

 

 

GEZA GAZITZEN

 

Orwel

haurtzaroa

guztien zaintzapean

 

gaztaroa

gehienetan hegamotz

 

helduaroa

bizitzaren jopu

 

zahartzaroa

bizibeharrez iraun

 

Gizakia

kate motzeko

izakia

 

 

Gela alai

Mantangorri nanoek

bizipoz ortzadarra

marraztu zioten

andereño tximeletari

 

 

Hitzen errota

Buztanik haina isats,

isats oro ote buztan?

 

Bururik gabeko buztanik ez,

buztanik gabeko bururik bai?

 

Burua zein buztan, beti ertz,

baina goiera berean ez

 

 

Diosala

Edonor zela zetorrena,

ezaguna nahiz arrotz,

oles keinua zor zitzaion,

hori zen asaben gizalegea,

utziko ez dugun ondarea.

 

 

Bizi bedi

“Bizi naizen bitartean

ez da euskara galduko”,

adinak memoria

lapurtzen ez badio

 

Bizitza ote

memoriarik gabekoa?

 

 

Errauts

Gorputza ia osoki ura

erraustuz hauts

itsaso-hondar izanen

maria-beheran oinen tapiz

izanaren iraun

 

 

Joanak joan

Burua galtzen doakit

halaber buztana,

denbora joan zait

jada naiz iragana

 

 

Tximinia

Tximinia:

Tantai -  potosi ohi

Ketan - iparrorratz

eraikin  gandor-  biziaren lorratz,

gabeko etxea - nomada, etxola,

ataka itxiak - itolarria,

sutan erpina - gasolina

 

 

Katua V gizakia

Katuak

marramiuka haserrean hartu

isil sekretuan ugaritu.

 

Gizakiak,

plazer gordean haurdun

minezko aieneka erditu

 

Sexuaren misterioak

 

 

Armarria

Gurasoen seme alaba,

anaia-arreben arreba anaia,

bikotearen senar emaztea,

seme-alaben guraso,

sendiko aldaska;

lagunen laguna:

leinurik ohoragarriena,

zertarako zuhaitz genealogikoa!

 

 

Betean

ameslarien garai sorgindua

otsoen ulu ordua

norbaiten lorik ezina

ilea mozteko abagunea

ereite landatze sasoia

 

ilargi betea

 

poema borobilik ezaren

zigilu borobila niretzat

 

 

Xapi

Katuak zazpi

bakarra nik

ehizaki aurki

ez oraindik noski

bizia igitariz ebaki?

ez agirika ez apalik

hil-zapiak nigandik xapi

 

 

Abarketak

Sekula santan

ez omen zitzaion

              abarketarik zulatu

 

Lepotik zintzilik eraman ohi zituen

 

 

Zapateatuak

Batzoki-buru, ikurrina jarri zuen

herriko batzokiaren sorreran.

 

Abesti espainiar nazionalistak

mahai gaineko orpo-dantzak

errito urterokoak  ziren Gabon afalostean.

 

Afrikako gerra garaiko

soldaduskaren arrastoak

 

 

Ilargi betea

Puru potolo bat oparitu zioten,

sekula ikusi gabeko handia,

sukaldeko argiak itzali zituzten

txingar borobila gau ilargia

 

 

Izan ez izan

Ez ginen pedaletara heltzen,

koadro azpitik eragiten genien.

Bizikleta eduki edo ez,

hori zen gakoa eta arazoa.

 

 

Kalabazan

Ipuinetako “behin batean” horietan

oraina sartzen dugu kalabazan.

 

 

Hitzontzei

Berritsu aspergarria zelako

isolatu egin zuten

hiztegi soilaren konpainian

 

 

Kontrakoa alde

Mutilek zakila,

alua neskatilek,

errefus erakarri

aurkariak osagarri

 

 

Meteo

Mendebal gorriak

eki dirdaitsua

iragarri zuen

baina ostertz bustia

esnatu zitzaigun

 

 

Erdigunea

Nire herria: geografia

Gure bizitza: historia

 

Bakoitzaren herrigunea

 

 

Branka

Eskuratu badugu iparrorratza

ez digute aldatuko norantza

 

 

 

LASTER GURE HERRIA

ZUENA BEZALAKOA IZANEN DA

 

E.H.

Jai izanen da

burujabe ametsak

loratzen den eguna

 

 

Iratitik hegan

Arranoak zituen hegaldatu

Nafarroako basoak,

Euskal Herria osoa

hegadaren babesean elkartu.

 

 

Itzulera

Zenbat herri dudan bisitatu

benaz edo birtualki,

baina beti neure herrira

itzuli naiz

neure herrira beti

 

 

Amandrea

Ilbete nahiz ilberri,

gure herria

eguzkia irudi

gorantz edo mehetuz

aberria beti

 

 

Ernamuin

Erauzitako petalo odolduak

gero berriaren bizigarri

 

 

Urratuak

Galdera lasaiak asmatuz bizi izan gara,

gezur orraztu oker erretzez erantzun digute,

ibili zaildu urratuan jarrai gaitezen.

 

 

Non

Armen harrabotsa,

Gaztela,

non duk lotsa?

 

 

Anitz tolet

Estropada berean traineruz traineru,

ziaboga berera goaz eskubideak amets,

kale ezberdinetan olatuei branka helburu.

 

Mugarantz ontzi berean arraunez arraun

helburu berera boga bakarrean goaz

popatik ametsak ditugula olatu.

 

 

Gatibuak

Herriak

kateak hautsi zituen,

presoak

kalera atera ziren

 

 

Ama lur

Lurrak ez du jabegorik behar,

baino garenok lurra behar dugu,

aberria deitzen diogun hori.

 

 

Burujabe

Ez garela sekula izan

esaten digute

patria/e dutenek

 

eztabaida horiez harago

burujabe izan nahi dugu

nahi dugu, eta kito

 

 

Bidea

Ez gara bidea,

bidean gaude,

norabidea dugu,

bidelana, ez lanbidea,

bidelagunak lankide,

eskubideak burubide

 

 

Etorkin

Fobien fardela sama,

bide luzea dugu,

etorkinengana etorkin

 

 

Utopia

“Nik ez dut ikusiko”,

ezkorraren lelo etsia

 

 

Baietz

Jasanak jasanda,

iraun ondoren,

lortuko ez?,

noski baietz

 

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.