Poeten uharan
GU GARA TXORIA
SASOIA
Leku bila
Ez-lekuetan,
lekuz kanpo,
ez-lekutua,
leku bila,
jubilatua.
Bizipoz
Jubilatu koadrila
errepideko ibili luzean
bozgorailuko abesti aspaldikoak
nostalgiaren zirrituetan
Mediterraneora doaz hezurrak berotzera
bizipozaren epelean
Zenbat ilusio ahanzturan
kontaezin bidezidor maitasun bihurgunetan
bide berdeetako oroitzapenak
kantuotan kulunkatuta
oroitzapenetan bidaiatuz Mediterraneorantz
lekuz aldatuz leku bila
Ez-lekututako aitona-amonak
jada inongo ez bailira aurrekontuentzat
baina oraindik nonbaiteko bizipozean
I(ra)kaslea
Egunero gurutzatzen gara
bizitza-entziklopedia da
bizipen kontaezinen bilduma
Adinekoa
Bizilegez aberastuko ninduke
jakituria oparituko lidake
pausoa bermatuko bidea argituko
Egunero gurutzatzen gara
Ai baneki galdetzen
nork zekikeen berari entzuten
El-kart(e)tan
Egoitza jarri ziguten,
mahai-jolas-jokoak
bidaiak, bazkariarekin noski,
solas-toki ere badira.
Baina tabua da arazoez mintzoa,
batez ere politikaz.
Kideek hala erabakita.
Iritzi-trukaketa kultura
adinean ere gabezia.
“Hemen ez da jartzen propagandarik”
A E I O U
Adinekoa
Ehizaki bihurtu dute
Interes político eta ekonomikoek
Ordenu-demokraziak sortu berri honetan
Urteak, ezindutako urteak, probetxugarri baitzaizke
Ehiztaria ehizaki
Hegalari zolia aitona
oihandar adoretsua amona,
bizitzari so zabalekoak biak,
bidezidor kiribilduetan ikasiak.
Kristalezko erpeen ehizaki dira orain,
eremu inarrosi honetako
abiadura handiko harbideetan.
Bizipozak
Bideak asko dira
adinaren hondarrean ere
ibiltzeko adorerik bada
Bide-ertzak dituzte gogoko
urratsen nekeaz ezgaiturik
ibili nahi ez dutenek
Ez dakitena da
bide ertzotan daudela
ehortzita bizipozak.
Amets egin dut
Orritsa berdea naiz
bidaiarien gerizpe
udazken horailean
Goizeko izar dirdaitsua naiz
ibiltarien norabide
arrats beranduan.
Ertzeko ikusle ordez
tropelean nekaezin noa
herrikideen maratoi udaberrituan.
Hori egin dut amets
egun-argia itzaltzean
Esperantza
Asto makilatuak izan ginen
makilatutako astoak gara;
hauteskunde-paper izateraino,
horraino ez-gauzatu gaituzte.
Ilobak, txakurra, bidaiak,
solas aspertuak edo baratza,
egoitza, elkartea bera,
hori dena oraina da.
Eta oraina ez da esperantza.
Geure geroak ez du gerorik
besteen geroa zaigu esperantza.
Argia
Milioika urteko egunsentia,
epe laburreko ñir-ñir urduria,
betiereko iluna gausentian.
Bizitza
Inoiz ez da berandu
Hondar neguan
goiz oro da arrats
goiz dena da berandu
Ez-lekutu, ez-gai, ez-gauz
ezeren lore
Aldi berean
adar berrien enbor
kimu berrien adar
lore berrien kimu
Bizitza erabaki duenari
inoiz ez zaio berandu
Sasoia
Hegada laburrean
baina hegan.
Adin bakoitzak du
dagokion sasoia.
Libre
“Libre!!!”
egin zuen oihu
jubilatzerakoan
ohartu gabe
demokrazia honetan
inoiz inon inor
ez dela libre.
Memoria
Idazle fabrikak
eraiki behar ditugu
lan-esparruen memoria
ahaztu ez dadin.
Ehizaki
Humanoagotu dituzte
egoitzak,
hornituago daude
elkarteak,
aukera zabala du
Insersok.
Ehiza-leku darraite,
bozak ehizaki
Ahaztuak
Ez gara errentagarriak
krisialdia da gure adina
kapital antzua gara
beherapenetan jarri gaitu
gizarte merkantilistak
hurrengo hauteskundeak arte.
Edelweis
Loreontzi
nahi gaituzte
berantiar
baina lore gara
adineko ere
Arratsa gorri
Urteak urtzear
begi nekatuek
“betira arte” diote
Soak
Gibelerantz
adinekoaren soa,
ereinaren esperantza.
Aitzinerantz
gaztearena,
ereingoaren bizipoza
Gausentia
Geroa argitu ez duenari,
antzu ilunpetuko zaio
Kuku bila
Maitasuna
txorakeriarik ederrena
Xera pribatuenak
leku publiko bihurtu zaizkie
gazte maiteminduei
Krisia
Beti izan da txerpolari
gizaki pobrea,
alanbre gainean beti,
sarea kendu zioten lehenik,
kablea ukatzen diote orain.
Ez-lekuan inor ez
Jendartera jo zuen
lagun bila,
bihotz-zurtz itzuli zen
bere baitara.
Gazte-urtaroak
15 udaberri,
ninietan irri
18 uda,
bihotzen uzta
21 udazken,
ihar okrerik ez
25 negu,
Adin-ertza urrun
Boga I
Hondartzan baratzen ditu
ontzi herdoilduak mareak,
branka jartzen die uhinei
etorkizuneko arraunlariak.
Etxola
Etorkizuna eraikitzen dute
gaztaroko ametsek,
eskuz esku bidea zabalduz
udaberri elurtuetan.
Ametsa eraikitzen da
gazte ibiliko zirimolan
udaberria gauzatuz
etorkizuneko etxolan
Boga II
Itsasoa bezain zabala da
gazte esperantzen zeruertza
Boga III
0 urte
bularra, ama!
5 urte
kaixo, lagun
10 urte
jada jopu
15 urte
gustuko zaitut
20 urte
Boga!!!.
Argazkiak
Argazkigile da
gaztea,
zaharra,
albuma
Txalaparta
Hitzik esateko astirik gabe
eramaten dute hainbat gazte,
saihetsak txalaparta ohol,
mezu interesatuak musikarazteko
Jeloskor
Jeloskorrak dira gazteak,
bizitzaz jeloskor,
zorion ortzadarra
kolorgetuko diegun beldur.
Bizitza bikoitza
Bi uzta erausten ditu Heriok
zuhaizka gaztea inaustean,
udaberri joria da bata,
gero amestua bestea
Adina
Oasia dira gazteak
zaharron desertuan,
memoria adinekook
beraien loraldian
Orainalditik kanpo
Oraina bizi du gazteak
berenez datorkion ametsa
zaio urruneko geroa.
Iragana bizi du zaharrak,
ezarian bezain temati doazkion
amets zitalki kadukatuak.
Definizioak
Gaztea:
bizitzeko ausardia.
Zaharra:
erabakitzeko presarik eza.
Bi kapitain
Erruta hasi berri,
portu amestuak helburu,
oraintsu txo zen kapitaina.
Arribadetan zaildua,
estatxa non lotuko dator
marinel zaharra azken portura.
Behatokia
Etorkizunari behatokia da
gaztaroa,
iraganaren nostalgia
zahartzaroa
Denbora
Denboraz alda dezagun
zahartzaroa,
denborari neurria hartu diezaion
bizia bor-bor duen
gaztaroak
Denboraz alda dezagun
gaztaroa,
denboraz kanpo ez dadin geratu
bizia apalduz doakion
zahartzaroa
Ehoz
Goiz-albak lausotzen ditu
gauez eman lausenguak
ilunabarrak irensten
eguneko promesak
hitzen errota da bizitza
Adiok ez du adinik
Adio soila zein betirakoa,
beti da samina
agurra
banaketa denean.
“Gero arte” bat denean
poza ere bada
agurra
biltze gozoaren esperantzan.
Nostalgia da
agurra
oroitzapenen ataria.
Lekuan lekuko
Pentsamendu oro da amets
ametsa da bizipoz oro
ez da errealitaterik
ametsetik kanpo
Demagun
Utopia:
gauzatuko ez den
ametsa,
esperantza
bihurtzen duguna,
ez-lekuetako
zoriona
Sagardoa eta taloak
Badu herri onek
plegu akiezin batetan
utopien errotaren bat
nora bideratzen zaizkion
geroaren esperantzak.
Badu herri honek
egarri aseezina
eragiten duen dolarea,
non zukutzen dituen
gaurko bizi-minak.
Urak errota
errotak irina,
sagarrak dolarera
dolareak sagardoa
gurea da geroa
Napartxo I
Jada ez da umerik
beheko suaren karelean,
tximiniak ez darama utopiara
garretan kulunkatutako ametsik
Jada ez da ele kiribildurik
hausnartze adinduko supazterretan,
bizipenen altxor hauskorrak
sutauts azpian dirau ilinti.
.
Jada ez da beheko surik
euskal sukaldeetan,
feecbook taberna elkarteak
horiek dira egun hitz-toki.
Napartxo III
Zenbat biziraun enbor erre dugu
negu samineko supazter izoztuetan,
altzairu zaharrak sutara ditugu orain
eguteran eraikitzeko erabakian.
Napartxo III
Uste zuten
erre genituela
trokota guztiak
utopiaren garretan,
baina oraindik
errautsen azpian
udaberritzeko
bada berorik.
Napartxo IV
Nire herrian bada
egur loteen tradizioa
hotzak baitira han neguak
eta su-minez gartsua bizinahia.
Udaberriak gehienetan motz
neguak erabat gordinak beti
lote franko erabili dugu
Aitaren Etxearen bizigarri.
Sua itzaltzen saiatu zaizkigu
ilinti gainean oinuts ibilaraziz
oinazpi erreen minetan
eginen ez genuelakoan.
Zuhaitz berriak landatu ditugu
zaharrak, berriz, lote bihurtu
sanjuansu itzalezin batek
eramangarri bihur dezan oro negu.
Napartxo V
Beheko-sua dugu gure etxean
lama xuxurlari koloretsuak dantzan,
urre goritua egonaren gozagarri
bagarela dio tximiniako ke-gandorrak
su baxua dugu gure etxean
Napartxo VI
Beheko sua
hitza bizitza
bihurtzen zuen
arbasoen alkimia
Napartxo VII
Denboran atzera-jauzia gauzatzen denean
beheko-suen karelak izanen dira
euskal unibertsitatearen katedra berriak,
bertan bizi izan baitziren
sorgin iratxo ipotxen istorioak
amonen lapiko arteko sukaldaritza
gorroto sarri hilgarri eta amodio eztienak
herria larrutu zuten gerrak eta eguneroko nekeak
euskal kulturaren haztapen oinarriak
antzinako arrats luzeetan
gauetako bilgunea izan zelako
apaingarria bihurtu zaigun
su baxua
Napartxo VIII
Noraezean dabiltza
sorgin eta iratxo gaurtarrak
kedarrik ez delako tutu borobiletan,
urduri dabil Arzak
amona non eltzeen artean
itaun zorrotzetan Baroja eta Joxe Migel
erantzun bila biak
buruari aska Mitxelena
ele zaharrok zer ote,
su-baxua inguratuz denak
altxorraren bila
beheko sua delako
euskaldun Tutankamonen gordailua
Urtaroak
Ze udaberri nahi dugu
galdegin genuen negu gorrian,
loratzen dugun uztak
umotuko du azken trenpua.
Nauk
“Zer haiz” ispilukoari
“ezereztxo bat” ispilutik,
“beraz, nauk”
irribarrea alde bietan
Talaia
Antzinakoa?
Ez-aspaldikoa.
talaia non
ikuspegia halako
Utopia
Ezin haiz heldu
esan zioten
halaz ere
boga egin zuen
Pausoka
“Noizko”
esan zuen
“Nora?”
erantzun genion
“Zorion-marrara!”
entzun zen
“espejismoa duk”
oihartzunak.
“Zenbat denbora”
galdetu zuen,
“Norako”
erantzun genion,
“Askatasunera”
entzun zen,
“Pausoaren arabera”
oihartzunak
Pour la patrie
Lehen okupazioarekin hasi zen
Euskal Herriaren erresistentzia
“allez enfantes de la patrie” Frantziakoak,
“bon cop de falc” Kataluniakoak,
ez du letrarik Espainiako ereserkiak
baina gorri dator odolez armaz.
“Eusko gudariak gara …”
Totem
“Abuelo donde está dios”
denok dugu elizatxoren bat
bakoitzaren desertu ezkutuan
Trabuko
“Goizuetan bada gizon bat,
deitzen zaio Trabuko”
bidelapurrak laket bidegurutzea.
Lurra lapurtu zioten lehenik,
pausoz pauso, eskubideak ondoren,
hizkuntzarekin sartu ziren azkenik,
bizipoza da orain ehizaki.
Bidegurutzean da beti Euskal Herria
Oinordekoak
“Aitaren etxea defendituko dut”
harri bolkanikoa ari gara egosten
bihotzen sutegian
trikuharriek beste iraun dezan
oinordekoentzat etxeak
karobia piztu dugu
gizarte karstikoan
kare biziz babesteko
asabengandiko lurra
Utopia
Utopia ez da esperantza faltsua,
inola ere ez amets antzua,
are gutxiago ahalegin zaputza.
Eskubideen definizioa da utopia,
aldi berean idealen aldarrikapena,
gabezien eta ukapenen salaketa,
zerbait hobeagoaren bilaketa zintzoa.
Biziberritzeko akuilua
behar du izan utopiak,
lorpen oparoz zolatutako
helburu ezinezkora bidea.
Arrokak harro
Harkaitz biziko zuhaitzak gara,
lurrari beharrean harriari lotuta,
haizeari aurre eginez ekaitz gaiztoenean,
okertuz baina zut gora begira,
altzairu gogorrena kamusten duen zura,
lehorteetan goizeko ihintzetik edanez,
ezkutatu gabe, harro erpin biluzian,
hazia lautada berdean noiz zabaldu ahalko,
arrokak erditutako zuhaitzak gara.
Groelandia
Kubo forma hartu zuen izebergak
hozkailua asmatu zenean.
Ez galdetu non den Ternua,
arrandegitik dator-eta bakailao freskoa.
Groenlandia, euskal arrantzaleen
landa izoztu urrutikoa.
Euskal arrantzaleen nostalgiaz datoz
Kantauriko hondartzetan hiltzera baleak.
Estropadak
zenaren izana
izanaren izena.
Argimutil
Ez dugu inongo ez inoren
itsasargi izan nahi
baina bai izan nahi dugu
aitaren etxeko argimutil
Bortzegiak
Abarkak demodé
abarketak urratuta
zapatak garestiegi
zapatilak bigunegi
oinutsik eta odoletan
egin dugu aldiotan bidea
bortzegiak egiten ari gara orain
ibilbidea bukatzea
baitugu erabaki
Igeri ikasi genuen
Uharteetan isolatu zituzten
zubiak eraitsiz, batelak hondoratuz,
bakardadeak hautsi zitzan,
baina igeri ikasi genuen
ez genituen abandonatu
presoak
Ortzadarra
Ortzadar
bihurtu genuen
azken ekaitza