Poeten uharan
BIZITZAREN MEKANIKA
I
Gu geu
Gu geu gara mundua,
ekarri-etorri sentipenak
-erlijioak badu eraginik-,
konkistatzaile egin gaitu,
armonia, oreka, hautsiz.
Ihesa
Geroa asmatze jolasa,
orainari ihesa.
Harria ari du
“Nirea” bizipena izan zen lehen harria,
hirea gurea zuena norena inorena …,
niretzat hiretzat guretzat, norentzat …
etorri ziren ondoren.
Harrez gero harria ari du gizartearen zeruan,
likinduz doa gizakia,
bidezidorretan lorratzak utziz,
maitasun hitzezko poesia mintzez
babestu nahi badu ere harri zaparradatik.
Jin-joan
Bizitza erdia joanean,
beste erdia itzuleran,
berdinak ez diren bi erdi,
-agian joanekoak biak-.
Lauso autobuseko kristalak,
gorgarria motor hotsa,
labirintoa da gizakiaren barnea.
Bidaia ulergaitza gizakiarena,
bizitza hamar minutuz luzatuta ere.
Idaztea I
Idaztea ez dut amets,
idaztea ez dut ezinbesteko,
idaztea ez dut bizibide,
ez dut inorentzat idazten,
ez dut jende aurrera azaldu nahi,
ez dut ezer erein behar.
Baina idatzi egiten dut,
bizipoz zait noizbehinka,
ezinbestekoa tarteka,
arnasbide aldizka.
Bizitzaren taupada bat delako,
bizirik segitzea inolaz ere ergelkeria ez delako.
Idaztea II
Ahozko hitzak airean galtzen dira,
hitz idatziak, aldiz, orrian irauten.
Orrietako zirriborroak,
bizipenen luzapen,
oroitzapenen euskarri,
lagunen gordeleku.
Eraiki
Geroa dugu erantzukizun,
oraina esperantza.
Inork ez du eginen
nik egiten ez dudana.
Hori da egia.
Gaurko nire ausentzia,
geroari ukoa da.
Bakoitzaren gaurko erantzukizuna
herriaren geroa da,
geroa dugu erantzukizuna,
oraina esperantza.
Gezur guztien gaindi,
egia eraiki,
gaurkoa eta geroa.
Geroa
Ez dira berriak jaioko,
erditzen ez baditugu.
gu gara herria,
gu gara geroa.
Zertarako
Zertarako kartazala nori bidali ez baduzu,
zertarako jauregia bertan bezero bazara,
zertarako jabetza zer egin ez badakizu,
zertarako ordularia unea bizitzeko ezik.
Izan zaitez zu zeu,
nor zaren jakin ezazu,
non nola bizi izanen duzu.
Hitzordua
Ordu txiki bakartietan
lorik gabeko izarrarteetan
basoko ibili lasaian
liburu baten konpainian
gogoeta bezatu horiek
ze bihurri batzuetan
ze barnerabide bertsutan,
salatari zein lasaigarri
norberarekin hitzordua beti
Garena
Taldean edo bakarrik
ardi galduak gara beti,
zerurainoko dorrean
igogailu matxuratuan zintzilik
auskalo ze solairutan.
Eraikinez
Herri bat eraiki, Geroa on ahaleginean,
egurtuak arren,
behin eta berriro ekinez.
Proiektua, hipotesia, utopia.
II
Poema bezain
Bizitza
poema bezain ulerzaila
poema baino bizierrazagoa
poema baino ulerterrazagoa
poema bezain gaitza
Giroa
Norbanakoa da giroa
Norbera da giroa
Beste dena aldagaiak da
Geroa
Gu geu gara geroa
Nire burutapenak
Niri otu zaidana
beste norbaitek esana du,
argiago, txukunago, dotoreago.
Horregatik hain ezerez dira
nik esan idatzitakoak,
horregatik gelditzen dira esan idatzi gabe
nire burutapen gehienak.
Haurtzaroa
Galdu behar zen eta galdu nuen
haurtzaroa.
Oroimenaz atzera egiten dut
zahartzaroan.
Aro motel honetan berreskuratu dut
bizitzako pintzelada koloretsu hura.
Maitaleak
Ez dut bilatu beharrik
hor daude presente beti.
Ez dut hartzen kartazalik
ez dietela idatziko baitakit,
ez da eldarnio, irrits bizia baizik,
etxabean hor daude bizirik
maitale izanak oraindik.
Nahia
Ni neu izan nahi dut nik,
zaharra eta eroria,
nire bihotz nekatuarekin
nire ahots saltzailearekin,
-beti dut zerbait salgai
edo saldu beharreko-,
nire azalak bildurik,
nire hezurrek eutsia,
nire ekintzez babesturik,
gizon eta emakumez bildurik,
nire lurra denekin konpartituz,
horrelakoa izan nahi dut nik.
Bidean
Turista naiz “Turista”poeman,
edo agente frakasatua,
agian iraultzaile erratua.
Ez ditut lerroen arteko
ez droite ez gauche riveak bereizten,
inbasore sentitzen naiz
bertan seinaleak ikasi nahian.
Ez dakit bisitari belaxka naizen
ala esku zuri beldurtia.
Baina ez dut desertatuko
eta ubide errimetik
beste poema batera naiz pasako.
Kailuen mintzoa
Bizitza osorako kailu mingarria dudala
hori esaten didate niri zapatek
edonon nagoela, edonora noala.
Egunkaria
Badut errari ez izateko konpainia,
ez diot beldurrik gauari,
badut bandera bat bihotzean,
etorkizun ametsek biltzen dute nire loa.
pauso sendoz noa bidean
inoren epaile izan gabe,
txingarra dut barnean,
itsasargia garunean.
Beldurra diet egunkariei,
konpainia setatia, lagun banatzailea,
etsaien bandera, ametsen idorlea,
zangotraba, epaile bihozgogor
eguneroko pozoi dosia izan daitezkeelako.
antidoto eraginkorrik ez badaramazu,
aurrez immunizatu ez bazara.
Halaz egunero jartzen dut egunkaria eskuetan.
Udaberri etsia
Negu gorriaz mehatxatzen gaitu
udaberri etsiak,
baina itzultzeko asmoz partitu ginenez
aurrera eginen dugu
Ordu aldaketa
Ordua aldatzeko unea
heldu zela uste genuen,
baina lokatu egi dira engranajeak,
orratzak ezpata bihurtu,
eta oporretan da esfera
hurrengo tenporak arte,
ordurik gabeko herria gara geroztik.
Iraultza.
Garai txarrak hauek
inoiz baino beharrezkoagoa den
iraultzarentzat.
Langabezia egoerak behar luke
aro erosoena sator lanerako,
dena galduta duenak du
baldintza eragileena
itxaropenerako.
Iraultza ez du justiziak ekarriko,
iraultzak ekarriko du justizia,
baina iraultza krudela izanen da
poetak kantatuko duen arren.
Musikaz
Musika jarriko dugu
eta musika hori entzunez
branka jarriko diogu enbatari
eta askatasunaren portura helduko.
Nahi dut
Espero ez genuen eguzkia,
zabaldu da gaur ere egun berria,
gauez arrain hezurrak ziztatu arren eztarria
Nagoen hemen nahi dut jarrai,
herri honetako izaten iraun,
paradisu batetan erbesteko baino,
neure herritarrekin lan egin,
beraiekin nire betebeharrak gauzatu.
Errotarria nahi dut izan
bizipoza ehotzeko,
goroldiorik gabeko harri leuna nahi dut izan
urari bidea emateko.
Minorizatua naiz,
hamarretik zortzik ulertzen ez duen hizkuntza
mintzatzen duen hamarreko bi hori naizelako harro
III
Pizti zaurituak
Epaiak, isunak, mehatxuak,
presoak, istripuak, erailketak,
debekuak, makilakadak, beldurra,
kolore guztietako polizia …
pizti larriki zaurituak gara
soldataren zauri arinez harago.
Atakan
Borreroaren aulkira lotutako
herri mindua gara,
odol tantoz mugatzen dugu
ibilbide samindua.
Bakarti egin gaitu agian
nahigabe atseden gabeak,
itxi egin bai dizkigute
gizalegezko pasabideak.
Geroa
Asmaezina
bihurtu zaigu
etorkizuna
Errotik
Norbere hagin denak
lehen bai lehen atera
eta ordezkoak jarri:
errepikatzen zuen
kide erradikalak
Doan
Ez dut uste
ezer egiten dugunik,
egin dezakegunik ere,
musutruk
Mozprroa
Kanpoeder
garesti ordaintzen dugu
itxurakeria
Adina
Sasoian sasoikoa,
joanaren nostalgia da
zaharron aje nagusia,
adin bakoitzak berea.
Poltronak
Itxaropena lapurtzen ahalegindu ziren
orain atsedenerako aulkia dute harrapakin,
politiko zipaioen laguntzarekin
Zaurgarri
Agian zahartu naizelako,
dut iragan-min haurtzaroa.
Pozgarria eta mingarria
zaurgarria nintzen aroa
ume nintzanekoa,
baina aldi kutuna,
nire baitan maitekiro gordea,
fereka goxoa deragidana,
Mutatu nau adinak,
umeen mamu izateko baino
desitxuratuago jada,
ni neu ume bihurtzeraino.
Norberekoi
Inork gutxik daki entzuten,
gurea soilik entzuten dugu,
geure galbahetik bahetzen dugu besteen dena.
Norberekoi izateak egiten gaitu
gertakari tamalgarrien eragile,
besteek ordaintzen dute gure lasaitasuna.
Besteei hildakoei bezala hitz eginez,
gu geu goaz hiltzen.
Inor garaile
Irabazle-galtzaile kulturan,
irabazleak ere galtzaile,
txapelduna bera ere.
IV
Amets
Tximeleta bihur zintezke
mundu amestura hegan,
ez zaren hori bihurtu,
atzera jauzi egin,
izan zena gaurkotu,
ezinak ahaldu.
Irudimena, oroimena,
mirarirako aukera.
Irreala, pasakorra dela,
baina zer da erreala,
zer iraunkorra,
ustez materiazko
mundu honetan.
Negua
Hozkirri gozoa etxetik ateratzean,
kristal osteko epeltasuna,
tontor zurituen bristada,
elurretan oinen grakada,
neguko jantzien xarma,
arnasa lurrindua,
neguaren arnasa.
Galdez
Perbertsio intelektuala da gauzen zergatia galdetzea,
jakintsuagoak eginen gaituelakoan erantzun bila horrek.
Bizi dezagun oparo datorkiguna, eskuartekoa,
horrek egiten gaitu lurrari atxikiok jakintsu.
Baina agian galderak eginbeharra dago
galdegile narrastiok ortzi-mugan ez galtzeko.
Autoan ibiltari
Hausnarketarako bakardadea izan daiteke autoa,
baina joaneko bihurtzen gaitu,
irristatuz joan errorik inon bota gabe,
errekako harrian goroldioa izateko ere astirik gabe,
pasokoa edonon, hurrengo ortzi-mugaren amets,
oinezkoan, hausnarketa konpartituan,
hor dago herri izatea.
Hegoa
Iparra, Mendebala, Ekia, …
inposaketen ondoren
Hegoa izanen dugu
kirats oro uxatuz
arnasbide amestua,
ez da gehiago
gaitzetsi beharreko
indarkeriarik izango.
Bizirik
Idatzi, idazten dut
baina nireak ez dira idatziak
are gutxiago merkaturako salgaiak
nire lerrook ez dira ezeren tranpa
ez naiz ezeren beldur
bizi naizela sentitu nahi dut
naizen taupadak sentitu
Egunsentian
Ordu nahasi ilunetan
idatzitako poemak
irakurriko ditugu
bihar egunsentian
Norbaitekoak
“Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak”,
norbaitekoa izan nahi dugu,
nonbaitekoak baino harago,
harro gara gaur,
inola ere ez lotsaz,
asteburu-pasa klandestinoan,
norbaiteko izan hori hausnartuz,
Etxarriri herria izatea zor diogulako,
etorkizun koloretsua landatu nahi dugulako.
Militantziaren droga
13 gazte eta agure bat,
pinu arteko oasi gordean,
ernai iraun nahiz,
militantziaren droga bilatzen,
gizarte zauritua loak harrapa ez dezan.
Bat bi hiru
Zahar dakusat nire burua,
agure, ilobarik gabeko aitona,
baina behatoki lasaia zait
adin-gailur hau.
Buruz dakit telefono zenbakia,
gogoan dut segapotearena ere,
diru-txartela neronez ateratzen dut,
beraz,
hemen nago oraindik,
ez da c`est finirik oraindik,
bat bi hiru konta ahal dut.
Gara dira
Hil zirelako bizi gara,
hilko garelako biziko dira.
Zirenen gogorapenak,
hildakoei omenak,
joandakoen akordua,
hutsune erru zor baten
oihartzunak ohi dira.
Aberriaz
Ni neu naiz,
hemen bertan
orain,
nire inguruarekin
nire aberri ahaztezina
Lore berrien baratz
Ez dut udaberririk ikusi,
esklabo bizi izan naiz,
usteak baldintzapean,
nire baitan ere esklabo
ametsak soilik aske
atzerriko aberrian,
jaiki ginen ispiluen printzak
izanen ahal lore berrien baratz.
Erlojuez
Denok gara erlojugile herri honetan,
denok ere erloju apurtzaile,
bere erlojua egiten du bakoitzak,
bestearena txikitzen,
erlojurik gabe,
denborarik gabeko herria gara,
erloju hautsien hondakinekin
biharko denbora emango digun erlojua
elkartasunean muntatzen dugunean
izanen gara denbora duen herria.