Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Mendebal Alemania

Jon Etxabe 2019/08/09 18:37
B.remen, Hamburgo, Lubek, Lünenburg, Celle.

Ekainaren 15a. Larunbata. 44.a

 

MENDEBAL  ALEMANIA

 

Zainzuri asko dago salgai: sasoia da. Asko egin ere egiten da nonbait zainzuria Alemaniako lurralde honetan, Erriberan antzo.

Behatz lodia eta erakuslea luzatu eta zabalduz adierazten dute alemaniarrek "bi", gure erakuslea eta segidakoaren ordez. Beti behatz loditik hasita irudikatzen dute hirukoa edo laukoa ere. Guk ordea hirukoa behatz txikitik hasita osatzen dugu, eta laukorako gorde egiten dugu lodia.

Etxe bloke erraldoiak jaso dituzte hiri handien alboetan edo auzoetan, baina bloke berriok ez dira zaharrak, aurreko politikagintzakoak, baino alaiagoak edo dotoreagoak, antzerakoak baizik. Langile xumearen etxebizitza behin ere ez da dotorea, ez baitu etxe erosoago baterako haina irabazten. Ikusezinak baina eraginkorrak dira ekonomiaren lotura eta hesiak.

Habiara bidean da txepetxa aurreko sastrakan: etsai natzaio nonbait, mesfidati, txirtxir isilean dabilkit harat-ona,  habiaren  non nondik norakoa gorde nahian.

 

900 metroko tunelak zeharkatzen du ur azpitik badia; tuneletik irten besterik ez, egituraz Tudelakoaren antza duen bi kablezko zutoindun zubi erraldoi luzeak hartzen zaitu. Berehala batetan ateratzen zaituzte autobiaz hiritik inongo semaforo eta demontrerik gabe; norabide eta irteerak ere garbi iragarrita daude. Gidariari segurtasuna ematen dion errepide sarea da Hanburgo ingurukoa.

Silo sistema guretzat berria, lehortutako belarra pilatu, traktorearekin zapalduz trinkotu,  plastikoz estali eta  estaldura kotxe errubera-estalkiz inkatzen dute.

Aurreko hilabetean ez bezala, behiak aldraka dabiltza larrean. Agian belarra ebaki eta gorde ondoren, elurtzan beharko duten belar lehorra segurtatu ondoren, ateratzen dituzte behiak larrera berriro ernez doaz belarrez elikatu daitezen.

Handiak badira ere, mugak ikusten zaizkie lur-landu eta belar sailei. Mugatuak eta pribatuak dira. Ez dira Eki aldeko bukaerarik ez zuten lurralde komunalak.

Ekialdean ez bezala, solte dabiltza jubilatu guztiak Mendebalean, bakoitza bere karabanan, ez da kilometro erdirik igarotzen gutxienez karabana bat gurutzatu edo aurreratu gabe.

Automobil-matrikuletako “HB” Bremen da, “HH” berriz Hanburgo. Ez dakigu H hori zergatik edo zertara datorren.

 

Bremen.

Etxe dotoreko hiri dotorea. Planorik gabe erdiguneko kale eta plazetan gozatuz ibiltzeko hiria, banan-banan eraikuntzak begiratuz; mila zirrikitu, txoko eta bitxikeria aurkituko dituzu. Beste herriek hiru-lau bitxikeria dituzten bezala, osoki da bitxikeria Bremengo bihotza.

Udaletxea: fatxada aparta ez ezik buelta osoko hormak ditu landuak; jatetxe bihurtu dute bukoiz apaindutako sotoa. Katedrala: iluna, aparta egiten dute errosetoiak, dorre bueltako arku erromanikoak, ateburuko  mosaiko urre kolorekoak Plaza: aurreko eraikuntzek egiten dute aparta, oraindik ederragoa antzinako zurezko etxe eta harrizko jauretxeek. Udaletxeko eta katedraleko kobre itxurako teilatu berdeek betetzen dituzte kale ibiltariaren begiak. Estatuak:  Errolan: polikromatu ederra, 10 metro garaia: bere aurrera doaz bisitari denak argazkiak ateratzera; Bremengo lau musikariak:  brontzezko irudi xarmanta, Errolanenarekin batera,  argazki makina guztien bilgune; Grimm anaien beste ipuin bateko txerri saldoa,  ume eta nagusien eserleku atsegina; zakil deigarriko Neptunoren iturri modernoa zaldiak sudurretatik puzka. Harresia zen muino gainean, zuri gorri beltz, xarma duen haize-errota. Antzinako etxetxo potxoloak orainagokoen babesean. 

 

Ibai zabalak ez dio ematen Bremeni ez arnasarik ez zabaltasunik, hiritik pasa arren saihestuta gelditzen zaio; merkatu gunea da ibaia, bere bazterrean kilometrotako saltoki luzea gauzatzen da, jendez gainezka, erromes ilarak bailira erosleak. Plazako azoka berriz, agirikoa izanik ere bildua gelditzen da.

Elkarbizitza baketsua daramate herriarekin tranbiek; kale osoa aparkaleku hartu duten bizikletek txindurriak bezala dabiltza bidegorrietan, errespetu osoz gordetzen dituzte oinezkoek txirrindu-bideok.

Musikariek girotzen dute hiria. Hunkigarri jotzen zuen laukote batek tronpa, bazen beste soinujole finik ere.

Ingelesez zegoen arrazakeriaren aurkako ibai ertzeko pintada erraldoia.

Bremenek ez du eraikuntza erraldoirik, etorbide bazterreko ezkiak dira han erraldoiak. Hiri zabala da, zuhaitz artean bertatik ia ikusi ere egiten ez diren etxetxoz osatua. Errepidea ordea errukirik gabe hiri erdi-erditik bota dute. Unleitung eta berrikuntza lanak ere ez digute hutsik egin.

Oso luzea da hirirako sarrera. Hiria bera zabala denez barraskiloa baino bareagoa den trafikoak ahitu eta akitu egiten du erdigunera heldu orduko.

 

Eguerdiko hiruretan, dendek ateak ixtean, -plazako kafetegiak zabalik diraute-, bakartxo batzuen mende gelditu da hiria guk alde egin dugunean.

Portu handia omen Bremenek, Alemaniako bigarrena, guk ez dugu ikusi.

Ordu gutxi izan badira ere hirikoak, merezi izan digute, ez dugu Bremen ahaztuko.

 

Adar ihartuaren puntaren puntan goizekoa  baino motelagoa bai baina txioka modulatuagoa dario zozoari, mezu ezberdina du. Ez dirudi hain garratza, hain ozena ez delako. Goizeko txio eztiago hori agian ez da arratsaldekoa bezain mina, sarkorragoa bai; beti, baina, bakartiaren lagun bila deia. Geratuko ote  zozorik bikoterik gabe!.  Nire auzo kantaria izanen da bat.

 

"Hotz / beltz / su itzalia / itzal joka / ene bakartatea!" ote dio ene zozoak Tereren poema jarraiki, ala Terek ere entzun ote zuen  behin batean zozo melankoliatsua ilunabar batean.

 

 

Ekainaren 16a. Igandea. 45.a

 

Isilik da gaur bart bakarti garrasika bere eguneroko zuhaitzean zetzan zozoa. Berunezko lainoak zanpatzen gaituen goiz honetan, itxaropenik ez du zozoen isiltasunak.

 

Marinen taxura jantzita, fatxa jitea zerion txorten eta guztiko txapel beltza zeraman ia bi metroko gazteari, ez euskaldunarena. Txapelak ez du euskaldun egiten, ez izatez, ez jitez ere. Badira izan txapeldun petoak euskaldun fatxak direnak. Txorten eta guztiko bigarren txapelduna ikusi dugu Hanburgoko portuan. Fatxa jiterik ez zerion baina ez zen euskalduna. Bada txapela eramateko euskalduntasun bat.

195 zubi omen ditu, eta bi tunel Elba azpitik.

 Italiako hainbat plazek bezala, brontze landutako oinarrian tantai, urrezko belauntzi distiratsuz bukatutako masta parea kanal alboko plazan, txosna eta jan-edaneko jai-giroa zen han eguerdian.

Tranbia-trena bihurtu dute txu-txu trena. Irudimen eta sormen gutxienezkoarekin,  adreilu apalarekin, eraikuntza birgeroak sortu daitezkeela erakusten dute adreiluzko etxe sendoek. Dorre-orratz sarriak nor gorago lehiatzen dira.

Aterrunerik gabe doaz kotxe oldeak gaur egungo zubipeetatik.

Hanburgok tximinia kutsatzaile asko ditu, zezen-plaza borobileko gerribueltakoak ez badira ere. Kilometroetan hedatzen da industrialdea portu ertzean, kontainer biltoki izugarriekin, dena nasa eta garabi.

Auzoa ere baden adreiluzko etxe ilara luze ederra kanalaren albotik, ibai ertzeko halako ibilbide ederra eskainiz.

Colon eta Vasco de Gama aurkitu ditugu kanal bateko zubi ertzean.

 

Hamburgo

Portukoaz gain, espazio zabaleko hiria da. Hiri zabala.  Interesguneak eta ikustea merezi duten berezitasun interesgarriak bere zabalera osoan barreiatuta ditu; autobuskadaka dabiltza turistak batetik bestera.  Hiri modernoa. Portu zaharretan ohi diren hala-moduzko tipo deserrotuak ageri dira han-hemenka. Zink berdoxkako teilatuak  eta adreilu gorriko etxe ederrak nabarmentzen zaizkio. Veneziakoak bezain xarmantak ez dira baina arnasa ematen diote hiriari gurutzatzen duten hainbat kanalek. Okupenak diruditen etxeak portu gaintxoan ibaiari begira. Portu bizia, kontraste nabarmenak ditu edozein tokitik edonora begiratuz ere. Kale guztietan dira bidegorriak eta nabarmena da oinezkoen eta txirrindu-zaleen elkar hartzea.

Portua: Elba ibaiak gauzatzen du. Bera da ekonomiaren ardatza, baita bisitarien aisia-leku aukeratuena ere; ontzi ilarek asetzen dute kanpotarren ur gainean bidaiatzeko grina; ibiliak aspertzen ez duen ibiltokia, dena jende, dena ontzi, dena bizitasun; domeka-pasako milaka inguruko kanpotarrek aukeratzen duten aisia-leku bezala. Zikin, erraldoi eta industria giro zakarrean ere xarma du portuak, orduak galtzen dituzu bertan. Garabi-basoa da begiek erakusten duten zabalera osoa.

Rathaus: zikina, beltza eta aldamioz jantzia, zatar beraz, berez ederra bada ere; ezuste ezkorra eman digu. Ipuinetakoa zirudien ordea patio txiki batek, bere baitan gordez.

Fischmark arrai merkatua, eraikuntza berezia, jendez eta giroz sekulakoa, garagardoz bustitako goiza egiteko gune zaratatsu aparta da, kanpoa berriz rastro eta azoka erraldoia.

Reeperbahn kalean ez dugu emakumerik ikusi erakusleihoetan, kale osoa kabaret eta sexu eskaintza bada ere. 

Elizak: ez daude eliza faltan hanburgotarrak, zinkeko dorre-orratz luzeko adreiluzko sendoak nonahi aurkitu baitaitezke. Kabaret eta sex-shop kaleko eliza: jendez gainezka zegoen, aurreko kabaretaren aterpetik jarraitzen zuten askok elizkizuna, zintzo, borondatez behintzat, aurreko bestalde barruko elizkizuneko ezer ez baitzen entzun edo ikusten handik.  S. Michel: kanpoan brontzezko Lutero eta S.Michelen irudi erraldoiak dira nabarmenak, barrutik berriz antzoki hutsa da, bere barroko egituran bueltako koroa bihurrituz bezala biltzen baitzaio, itsatsi gabeko zubia bailitzan, zutabe sarrien gainean elizaren borobil osoari; organo kontzertua eskaini digute bataio garaian; 135 metro ditu dorreak, hiriko garaienera.  gerrate ondoren elizako hondakinetatik gorde den dorreak adreiluzkoa du beheko zatia, goikoa berriz harrizkoa. S.Jakobo: brontzezko ateak gortina irudikatzen du, pulpitua du osagai famatuena. S. Petrikirche: nabarmen deigarria du aterpe borobil zabala.

 

Brahms zen bertakoa.

Kale musikari sarriek girotzen dituzte kale bazterrak.

Jende asko dabil Hamburgon, agian igandea delako, portuan ez ezik kaleetan ere, hiri gehienetan hala ez bada ere jaiegun arratsaldeetan.

Ez da sortu oraindik Nerbioi hau garbituko duela prometatzera ausartu den gorordorik.

Urik gabeko kanala, likitsa eta zatarra.

Zisne ederren banda ikusi dugu lurrean txolarre arruntak bezala kanalean ogi puzka batzuengatik elkarrekin eta elkarren gainean borrokatuz. Polita bera ere, hurretik zatarra askotan.

 

Egun hotz eta iluna gaurkoa, egun epelagoetarako dira hobeak lakua  eta inguruak.

 

Autorik gabeko eguna gaurkoa, autobus eta metrozkoa.

 

 

Ekainaren 17a. Astelehena. 46.a

 

Alemanera goxoa gehienen ezpainetan, zetazkoa, leuna,  pelikuletako naziengan ez bezala.

Herri askoren diru-iturri bihurtu da turismoa, lanpostu askoren sortzaile. Arestian eginiko astakerien damu, bazterrak zaharberritzen ari dira orain, herria berritzen, kanpotarrak ekarri asmoz.

Norberaren ezjakintasun, ezin eta mugen ezaupide argia da besteen aberastasun, jakituria eta jantziez jabetzea. Eta alderantziz.

Jadanik hasia naiz hilabete eta erdiko ileak orrazten, ezkerreko arraia eta guzti: etxera bidearen usaia.

Hiri handiak auzoak ere zabalak ohi ditu; galdu ere egin gabe egin dugu oraingoan kale-sare nahastua; 3 kilometro eta 3 ordu laurden luzea behar izan dugu hiritik irteteko. Hiri-ertz hauetakoak ere Hanburgon bizi dira!.

 

Alemaniak behar du izan Europako bihitegia, lurralde dena baita gari-soro. Jadanik jarri ez badute, laster murriztuko die kupoa Gaztelako nekazariei, Gobernuko Lehendakariari bibotea mugitzeko ere aukerarik eman gabe,  indarra duenak agintzen baitu demokrazian, ez ongizate orokorrak.

 

Lubeck.

Bi eraikuntza erraldoi behintzat ikusten zaizkio hiriari urrutitik, bertara aurretik. Hurreratu orduko, aldiz, adreilu gorriko etxeen gainetik zink teilatuko eliza-dorre pila zorrotz eta berdeak dira  nabarmentzen zaizkionak. Urez bildua, zubi-pasabideak dorre gotor ikusgarriz defendatuak, … poxpolin agertzen da lehen begiradatik, bisitatzeko irrika sortzen du. Etorri, begiak ireki, ibili, begiratu, eta adreiluzko bitxikeriak ikusiz paseatu. Oinen joanean gozatzeko hiria, planorik gabe bere baitan galtzekoa, erdiko plaza bizia erraz aurkituko duzun segurantzan.

Adreiluzko hiria, teilatu punta zorrotzak adreiluz mila eratara borobildu zabalduak, fatxadak mila eratara adreiluz dotoretuak; etxe sarrerako arku eta ateburu zorrotzei adreiluzko borobiltxo bihurritu tankerakoez barroko jitea darie; sarriak ez diren adreiluzko medailoiak. Adreilu beltzak ematen dio dotoretasuna hainbat eraikuntzari.

Plaza eder, kale zabal eta espazio handikoa ibaiaren eraginez. Bizitasun handia du alde zahar zabalak, bihotzeko erdiguneak batez ere.

Ikusiaren ikusiez, oparotasunaren eraginez, azkenerako deigarritasuna bera galdu egiten duzu, hala balitz bezala, hala beharko balu bezala zoaz kaleetan barrena edertasun etengabekora ohituta.

Elizak: Edonora begiak altxatuz, beti dago dorre zorrotz berde bat aurrean. Marienkirche, hain da garaia, behin barruan nahi eta ez sinetsi behar munduko adreiluzko nabe garaiena duela; triptiko potxoloa eta zintzilikatutako Kristo zaharra galduta bezala daude urteek nahiko argitutako freskoak dituen horma eta ortzadarraren kolore oroz pintatutako sabaiaren artean; munduko handiena ere omen organoak zintzilikario erraldoia dirudi koru gabeko atzealde goietan; urre koloreko, seguruenik urrezko, triptiko ikusgarria abside osteko kaperan;, zur marmol harri nahiz metalean landutako hainbat artelan bitxi; ikusgai dauden liburu zahar ugari; ordulari erraldoia; antxinakotasunak erakargarria egiten duen larruz eta zerrapoz gordetako kutxa; itsulapiko gaurkotua, eta beste hainbat edertasun, …; atsegina bihurtzen da bisita. Done Katalina: museo bihurtu dute; kolore gorri beltzeko fatxada du ederra;  Herio-dantza aurkitzen dugu berriz ere bertan koadrotxo luzexka batetan zein beiratean; hemen ere erraldoia da Kristobal Saindua fresko batetan: norabait pasabidea da nonbait hiri eta lurralde hau; hautsita, ia maspilduta, erortzean gelditu ziren bezala, daude  kanpaiak, lurrean, gerraren astakeria salatuz. Petrikirche, birjasoa soilik, dena hutsik eta dena zuri barrutik, ez dakit zeren sinbolo, agian diru ezaren irtenbide errazena. Dom, luteranoa, adreilu zuritua da hau ere barrutik; ziragarriak dira gerra osteko argazkiak: bonbardatuz  erdigune zibila horrela txikitzeak bengantza eta herriaren suntsipen nahia adierazten ditu; Kristo handia santu eta gotzain irudi naifez inguratuta dago gurutzadura aurreko zutabeak  lotzen dituen zurezko arku estranbotikoan, ordularia berriz presbiteriora sarrerako bigarren arkuan; jauntxo familien kaperak, oso hertsiak, ez hain oparo eta landuak; triptikoak, koadroak, … mila bitxikeria, batez ere  Moisesek,  kariatides arra bailitzan, buruaz eusten duen irudi zizelatuko hainbat marmol zurizko koadro dituen pulpitua;S Kristobal berriz ere, hau ere erraldoia, bidaiariak bere elizara erakarri nahizko lehian edo; kafetegia jarri dute adreilu gorrizko klaustroan, gaurko herritarra erakartzeko sankristobal praktikoak dira luteranoak; erdi museo bihurtuta dago presbiterio oste zabala, eliztarrak aurreko zatian kabitzen zaizkie nonbait.

Udaletxea eta Plaza: ikusgarriak dira, gandorrak dituzte, eta adreilu iluneko gelak sarreran; deigarriak dira brontzezko krisketak.

"Lorategi ezkutukoen hiria", hala deitzen diote: kale batetan  kaleko etxeko ateek patio batetara daramate, patioan daude etxeak bere lorategi eta guzti; kaletik ezin da inola ere igarri barneko etxe antolakuntza berezia.

Portu zaharrean kokatua, inguru erakargarria lortuz, bada errota zahar bat, garagardo fabrika uste dugun etxe koadro ederra, baina batez ere XVII. gizaldiko garabi berezia.

 

Ganbara-musikaren soinuz  saxojoleek jartzen  zuten tokatzen zaion giro goxoa kale nagusiari.

 

Denak batera, parapente jauzilari pila agertu zaizkigu zeruan. Nondik jauzi egingo ote geunden, mendirik gabeko lautada zabalean, aireportua azaldu zaigun arte. Hegazkinez eramaten dituzte goietara.

Oso txukunak dira granjak, garbiak, sendoak, ekonomia sendoa nabari zaie; nekazari aberats edo ondo-bizien jabetza dira.

 

170 kilometro, patxadakoak

 

Bakarti dirau  zozo auzoak, lagun-min,  pioka.  Agian, etsaia nahastuz, habia habiako bai bikotea bai arrautzak babesteko taktika maltzurra besterik ez da. Azkenekoz entzun dut sinfonia, bihar baigoaz.

 

 

Ekainaren 18a. Asteartea. 47.a

 

Luterok bizirik dirau oraindik Alemanian, eliza guztietako apopilo eta egitasmo guztietan partaide.

 

Aspaldiko partez 50 buru inguruko artaldea ikusi dugu.

 

Lünenburg.

Agian ez da "ilargiaren herria", baina bai ilargi beteak sorgindutako hiria. Bizitza atsegin egiteko pentsatutako herria, atseginez bizi nahi zutenek eraikitakoa. Lasaitasuna dario. Ezustez ezuste maiteminduta uzten zaitu. Adreilua errege den herria, adreilua miretsiz gozatzekoa; adreilu gorriz apaindutako xarma edo lilura dario, adreiluzko pinpilinpauxa dirudi. Ez du Lubecken lotsarik, etxe txikiagoak ditu, baina arkutxo bihurriz loratuagoak; txikiagoa delako, Lubeck bera baino ederragoa dirudi agian, poxpolinagoa, gustagarriagoa. Aberatsen hiria seguruenik, pobreek beste auzuneren bat izango zuten, edo dute, inguruan.

Adreiluzko kaletxo sarea, nahiko okerra eta bihurria batzuetan. Plaza zabalak, ederrak ez ezik, politak dira; ura darien iruditxo pila dituen brontzezko iturria. Udaletxea, horiz pintatuta, gizairudien gunea, eguzkitan brist, oso txirriporrotxoa da; barrutik ikusgarria omen, guk ez dugu ikusi, poltsak agintzen duenez, ordaindu beharreko gehienari pasa egin behar diogu. Etxeak, bat ederra bestea ederragoa, "ikusi hau" "begira beste hari",  goi bizitzetara altzariak jasotzeko irtentxo gako garabi-kokaguneek azken ukitua ematen dietela. Elizak ez dira asko, baina ez gutxi ere, denak gorriak eta sendoak, nola ez denak dorre-orratz ederrekoak; Joanesenak ateak hertsi dizkigu, gainera zetorkigun bere dorre-orratza luzera osoan laino mugikorren eraginez. Nikolaikirche,  kanpotik bezain sendoa eta erraldoia barrutik ere; arte-lekua da: Kristoren bizitza kontatuz tailatutako iruditxoz jositako triptiko erraldoia, azken afari  naif zoragarria itxuraz behintzat auskalo noizkoa, pinturak, tailak, bitxikeriak bata bestearen ondoren azaltzen zaizkio bisitariari; bankuak urdinak dira, oholtza gainean Alemania osoan bezala; zorua adreiluzkoa du; eraikuntzan erabilitako adreilu mota ezberdinen erakusketa bat dago; bisita borobiltzeko organo kontzertu aparta ere izan dugu.

Xarmanta deitzekotan herri bati, honi behintzat bai deitu dakioke.

 

Kale barruak edo herri barruak zeharkatzen dituzte errepide nagusiek ia Alemania osoan, saihesbiderik gabe. Doakoak behar lirateke denean autobideak, diruak bestelako giza-premiei zuzenduz. Saihesbide berriak egiteko diru-iturri, nahitaezkoak omen dira autobide ordainduak,  baina saihesbideak beharrezkoak dira gehienetan autobideak doakoak ez direlako: Euskal Herriko kontraesana. Autobideak doan, eta kitto. Beste dena politikoen negozioa besterik ez da, iturgin jeltzaleek jakingo dute diru-txorroten eta iturbideen berri.

Gaizki behar dute arabar nekazariek alemaniarrek patatari ekiten badiote, hemen bertan ere asko behar bada ere.

Celle inguruetan izan dira Alemanian ikusi ditugun ureztatze ia bakarrak; arto-sailak, patata-sailak, erremolatxa eta belardiak zorrotada bakar indartsuko sistemaz ureztatzen dituzte.

Sakanan bezala, indartzeko edo, lurralde honetan ere basoa hesiz banatuta dago, burdin hari lauzko sarez, ez puntadun alanbrez Etxarrin bezala.

Pinu txankamehe eta haritza den basoan doa tarteka errepidea, zorua marra estu iluna den kilometrotako tunel berdean.

Militarrak txindurriak bezala agertzen dira, ugari, denean.

Emakumeak ziren herri batetan kale-garbitzaile.

 

Celle

Alemaniako hiririk politenetarikoa omen, hala dio gidaliburuak. Hala da izan ere. Turisterri polita, bakan horietakoa. Amets-ipuinetako herria eta plaza, zurezko giltzadura agiria duten Erdi Aroko horietakoa.  Banan-banan apartak 1.600 urteen bueltako etxeak, zein apartatu ere ezin asmatukoak, argazkirako aukera bat egin behar baina beti etxe politago bat aukeratzen duzuna. Aratza, txukuna, zikinik ageri ez zaiona. Kale artez perpendikularrez eratua. Mantso ibiltzera bultzatzen zaitu, pauso geldia eta patxadako soa eskatzen du. Gau-egun turisterri bihurtua, datorrenarentzat moldatua. Kotxe eta turistarik ez bagina, Erdi Aro petoan geundeke,  agian Erdi Aroan ez zen hain polita, ezta hain egokia ere, ez hain aratza, ez hain bizileku atsegina.

Statkirche, eliza luterano gehienak bezala antzokia dirudi, antzoki dekoratua. Bigarren estaiko koruak berezitasun bitxia ematen dio, palko eta plateak ditu anfiteatroa bailitzan; presbiterioaren alde batetik bestaldera korupetik pasatuz aurrealde dena da koadro, dena pintura, dena leuntasun. Organoa arranditsua bada, pulpitua arranditsuagoa; marmolean zizelatutako familiakoen iruditxoz jauntxoen erretaulek  betetzen dute presbiterioaren alde biak. Schloss arrosa-zuri ponposoa, kapera eta antzoki oso bereziak omen dituenak, baina gure aurrekontua desorekatuko luke ikusteak.

 

 

Kanpina. Haritz mardularen pean dugu denda Hannovertik gertu. Ez dakit haritz sakratua izango den, baina txori-kakarik ez zaigu faltako, beraien eta gure lo-tokia izango baita egunotan.

Kanpin guztietan bezala lotsagabe agertu zaigu ingurura zozo bikotea; buztanikara, burubeltza, baita txikitatik ikusi ez dudan eta izena galdu zaidan txori-mota gorrizka ere inguruan dabilzkigu; biligarroa alboko langile holandarren kotxe gainean egon zaigu luzaro, zozo bikotea berriz telebista antena biribilean. Txori gizarteratuak.

Arratsalde beranduan sukalde usaia barreiatzen da inguru zabalean.

 

210 kilometro, lasai eta atseginak. 

Bidaiak. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/08/02 09:30
Ipar Alemania. Barth, Warnemunde, Bab Doberan, Rügen irla, Putbus, Saanitz, Ribnitz-Damgartem, Stralsund, Sostock, Schwerin

IPAR ALEMANIA

 

BALTIKOAaren adar batean gaude.

 

Holandar jiteko haize-errota parea. Baita energia eolikoa sortzeko hegodun zutoin asko ere, bakarka, binaka, hirunaka edo zaparradan. Haize-leku da nonbait itsasbazter hau.

Haize-leku izan behar du, bai, bazter honek, errepide ertzeko zuhaitz enbor lodiak okertuta baitaude ilaran, erne zirenetik haizeari eusten egon diren seinale.

Hor zen gizon nagusi bat bi zalditxok tiratutako dilubioaren aurreko goldearekin etxaurreko sailtxoa lantzen.

Aldez, presati eta ipurterre dabil hemen auto gidaria. Hauek ere ez dira gidari beteranoak, bere bizitzan bere lehen kotxe dezentearekin kaskarin dabiltzanak baizik. Bere jostailu berriarekin urduri umeak lez,: autoa eta abilezia erakutsi beharra. Agure zahar bat ere kotxe dotore handiarekin tutu joka eduki dut atzetik, berrikuntza lanak eta zirkulatze motela zegoen tartean ere: kanposanturako ez bazen norako ote hainbeste presa aitonak!.

 

 

Padura eta laku, natu-gunea da itsasertza, polita ikusteko, dena ur, dena berde. Lurralde atsegina arratsalde pasarako, agian baita udaleku bezala ere. Gaurko uda giroan herriak uderriagoak dirudite, udatiarren herriago. Gari lastozko teilatu deigarriak dituzte etxeek, baita berriek ere. Pilare askoren gaineko zubi luzeak lotzen ditu padura gainetik lurra eta penintsula, golko zabala osatzen baita gune honetan. Plater ipurdia bezain laua da itsasertzetik barruranzko lurra; horregatik da hor hainbeste ur.

 

Wustrow, Prerow, Born, herriak. Azken honetan behigorri hiletsuak, ia muturreraino zeuden uretan sartuta, bero zela-eta nonbait; bitxiak behiak, bitxia beraien egoera.

 

Barth. Altuera apaleko etxeek osatzen duten herritxo zabala. Plaza eder zabala du, ez dakit karratua ala borobila; kale estuak, kale oker bat ere bai, baina batez ere adreiluzko etxe pitxi gorriak egin zaizkigu deigarri. Eliza puskak ere adreiluzkoa behar zuen izan, eta adreiluzkoa da, baita bere garaian harresiko osagaia izan behar zuen dorrea ere. 86 metrotik gora ditu elizako dorreak; eskailera kiribildua   duen horietakoa; eskailera bera ere adreiluzkoa da, nik lehenengoz ikusten dudan adreiluzkoa, harrizkoak baitira kiribilean doazen gehienak. Zaharra da eliza bera:  gotikoa, klaustro jitea emanez inguratzen duten arkuak, berezia egiten zaidan eliza bueltako koroa, organo aurreko bi solairuko korua, aldarea estalizko tenpletea, hormetako freskoak, palkoak, aulki ilera: ilera bakoitza bere atetxoarekin,  hurritz adarrak fresko gordetzeko ur-kuboetan sartuta, eta sarrerako ate gotiko lisoa adreilu beltzezko berezia... eliza interesgarria suertatu zaigu

 

Kanpina. Ez da erraza izan aurkitzea; Warnemunde  herrian, Rostock-etik gertu, itsasorago, itsas adarraren alde bietan dago kokatua,  kanpina gu genbiltzan beste aldean zegoen kokatua; halaz ere, mapari soilik jarraituz bilatu dugu kanpina; berriz ere Bingenen bezala auto eta guztiz pasatu beharra zegoen ibai zabala bestaldera ontziz. Balio izan digu orduko eskarmentuak.

 

468 kilometro, luzeak baina atseginak eta interesgarriak, lurralde ezberdinak ikusiz.

 

 

Ekainaren 11a. Asteartea. 40.a

 

Beraien ihesi atera ginen, kanpin berrian ere jan egiten gaituzte ulitxek, nire RhA gustukoa zaie aleman ulitxei, oraindik gustukoagoa Maria Luisaren Oa.

 

Mendebal, Hego, Eki eta Iparraldeko mugak jo ditugu jadanik. Aurreranzko ibiliak, oraindik luze joanen arren, itzulera usaia du.

 

Baltikoa da hemen auzo dugun itsasoa. gorantz egiten duen inpresioa eragiten du Rostocken Baltikoak, uhin handia gainera bailetorkigu, handi garaiak ikusten dira olatuak, ia gainean bezala itsasontziak. Gurean baino gorago ikusten ditugu itsasontziok, garaiago; itsas azken lerroa gertuago, azken marra bertarago, itsasoak berak motxagoa dirudi, zabalean gurean bezain zabal badakusagu ere; luzean ez da hain luze, inklinatuago, lurra bera hemen txikiagoa edo borobilagoa balitz bezala.

Polizei presentzia handia dago gaur denean.

Transbordadore, Norvegiarako transatlantiko, garraio-ontzi, ferry... joan-etorri handia dabil itsasora sarreran. Rostocken itsasora lotura da, edo atea, Pasaiak duen pasabide antzo, baina sarrera laburragoa da hau, gizatiartuagoa gainera, ia dena industria-gune baita.

 

Zaldi saldoa belardi batean. Planta oneko zaldiak dira. Atzo ere ikusi genituen. Lastozko etxe askok du zaldiaren oholezko bi silueta gurutzatuta teilatuko gailurrean. Zaldi kortak dira, agian zaldi tratantea edo zaldiak hazten dituen etxea adierazten dute. Bertako zer jatorra da nonbait zaldia. Herrialdeko ezaugarria.

Larrean zeuden zaldiak belardi batean non eraiki asmo duten Urbanizazioa iragartzen duten, espekulazioa zaldien hazkuntza baino negozio emankorragoa bilakatu da nonbait hemen ere. Teilatu gailurretako ikurrok izanen dira laster zaldien  gomuta soila.

Itsasertz-itsasertz, herritxoak zeharkatuz, doa errepidea, uderri giroko herritxoak dira, itsasotik gertu daudenak, barruragokoak dira nekazari herriak. Batzuetan zein besteetan lastozko teilatua dute etxe askok, utziagoak daude lastozkook, ez hain zainduagoak behintzat, nekazarien etxebizitzak dirudite.

Laugarren, edo hirugarren, teilatu edo isurialdea sortzen duten teilatu punta motzak ikus daitezke hemen ere; ez da soilik Oihan Beltzeko ezaugarria, edo eraikin mota.

Berrin-berri sortzen ari diren herriak edo errotik aldatzen diren zahar asko ikus daiteke, urbanizazioen eraginez; multzo politak dira, etxe apalekoak, baxuak, baina herriotako giroa eta nortasuna erabat aldatuko da:  ez dira izan zirena izanen.

Aparkaleku oso zabal sarriak han-hemenka, hondartzara jende asko dabilela erakusten digute; jendez gainezka edonon itsasertzak, negu hotz eta luzeen ondorioz eguzkiaren kultura hedatu da Alemanian ere. Agian beraiek ekarri dute kultura hori Mediterraneora.

Behi saldoek ez dute amaierarik hemen ere, zelai oparoetan daude larrean.

Belarra mozten ari dira emakumeak errepide bazterretan, ohizko tramankulu modernoekin. Gure errepideetan ez da emakumerik ikusten horrelako lanetan.

Bide-gorriak  ugaritu dira berriz ere itsas bazter inguru hauetan, txirrinduak ere bai.

 

Oso bailara polita da, baina ulitxen zerga ordaindu beharra  dago.

 

Gedenkst\dte zaharkitua dago, baina antzinako giroa sortzen dute etxeek eta etxaurrean  gure txikitan bezala pilatuta dauden azaoek; halatsu tolestuta ikusten ditugu hurrengo herrian ere.

 

Bad Doberan. Uda giroa duen uderria. Adreiluzko etxeteria ederra, deigarria. Molli lurrin-tren xarmanta: kaleak zeharkatzen ditu trenbideak, kedun tren-makinak garraiatuta, Khlungsborneraino garraiatzen ditu alai aurpegiko turistak ordu-erdiko ibilian. Monasterioa  da herriak erakusteko duen bigarren bitxikeria: adreiluzko gotiko garaia, gorri erakargarria kanpotik, garaiagoa eta gorriagoa barrutik ertz borobil bertikalen eraginez. Museo bihurtzen dute barruko artelanek: erretaula: irudi txiki zizelaturiko triptiko erraldoia abataren zeremoni aulkia estaliz; presbiterioko korua bitan banatua; bi triptiko, alde bakoitzean bat, aldarea bilduz; apaingarri berdeak dituen gurutze erraldoia zintzilik, Jesukristo dago alde batera, eta Amabirjina bestera; bizpahiru triptiko zahar, pintura erdi ezabatutako triptiko gehiago; familia ospetsuek elkarren lehian-edo bere hilobitzat jasotako elizatxoak; taila naifak diren sarkofagoak gordetzen dituzten tenpleteak, marmol zurian zizelatutako hilobiak, harrizko gizairudi apartak; kolore ezberdinez pintatutako zutabeak halako pagoda edo indio itxura emanez barruari, koadro zahar bikainak; gizairudiak pintatuta dituzten koadro zaharrak; urrekoloreko erlikitegi ia zabairainoko gotikoa;  sabaiko nerbio urdinak, organo berriarentzako diru eske dagoen filigrana tailatuzko zurezko itsulapikoa,  eliza erdian zintzilik Amabirjinaren zintzilikario potxolo erraldoia…: merezi zituen bisitak sarrerarako 4 markoak.

 

Heiligendamm. Bainuetxea du itsasertzean, kanpotik behintzat zaharkitua, pinturaz estali nahi izan dituzte igitari eta mailu gurutzatuak ateburutik, baina desitxuratzea besterik ez dute lortu. Etxe zuri asko, zuria eta fina da hondartzako harea ere. Itsas barrura sartzen den zubi eta pasilloa;  agian bainularientzat segurtasun neurriz, agian itsasoak hondarra eraman ez dezan, itsas barrura sartzen diren hesola lodiko ilara sarriek, eta inguruko hondartzetan baita bainuetxeko zelaian ere ikusiko ditugun eguzkia hartzeko zumitzezko eserleku bereziek erakargarria egiten dute Baltikoko hondartza hau. 

 

Khlunggsborn. Eliza du berezia, hilobiz inguratuta, ohol iluneko aurre dorreaz. Bada holandarra dirudien hego eta guztiko haize-errota ere. Herri honetan bukatu eta hasten du Molli trenak bere Bad Doberanerako ibilbidea burdinazko bidean. Luzea da hondartza, herri barrutik urruti; bizia dago gaur ume eta nagusiei esker.

Inguru honetan ketu egiten dituzte erretegi berezietan itsasoan harrapatutako arrainak, ondoren txosnetan saltzeko ogitarteko osagai, gureetan jaitako txosnetan sardinak bezala.

Tartetxo erdi-borobil kuxkuxero dotoretxoa dute leihoetako gortinek.

Berdindu gabeko galtzadarri tzarrez egina dago zorua, kaleak berriz luuuzzzeeeaaak dira, zabala da udalerria: ze nolako lokatu arteko astindua hartzen duten gidarion hezur-giharrek eta autoaren motelgailu zein torlojuek, astiro ibilita ere, irabiagailuan zabiltzala dirudi, edo ferietako zaldiko-maldikoan.

 

Plater-ipurdi zapala da lurralde hau ere, uhinik gabeko itsas bare berdea dager errepideak gorantz egitean. Aldika, handi egiten da itsaso berdea, olatu zabal oparoz;  malkarretan edo hondartzan aparrez lehertzen ez diren olatuak dira, infinituan bezala galtzen diren olatuak; bizitasuna dario inguruari, lasaigarri indargarria da.

 

OW bukaera dute herri-izen askok, Neubukow, Satow... nonbait aspalditik izan dute errusiarrek eskusartzea eta eragina  hemen.

 

Olioa aldatzeko garajea bilatzea izan zen buruhaustea Dresden, Rostocken berriz matxura eta ia astebeteko aurrekontua zaigun 60 mila pezetako faktura izan da koska. Pastillak aldatzera joan gara, baina balaztak zuen gaitza: egunotako hotsak uste genuen baino diagnostiko larriagoa izan du. Nahiko komedia izan dugu ingelesarekin ere, ni totel baina haiek totelago. Zintzo eta jator jokatu dutelako konpondu ahal izan digute ezorduetatik kanpo; 60 mila pezeta ordaindu ditugu, eta pozik ordaindu ere: hau mundu aldrebesa gurea!.

 

Bero egin du.

Ez du barkatu eguneroko zaparradak gaur ere, matxura eta fakturaren zaparrada dela-eta ia jabetu ere ez gara egin euria zenik.

 

Norvegiako transatlantikoarena uste dugu, itsas ondotik zetorren itsasontzi tutu-hotsa  entzun da gauean, halako adio triste batean bildu du ingurua eta gure loa.

 

 

Ekainaren 1a. Asteazkena. 41.a

 

Baso oso zabal bat da kanpina, gaztetxoen gozamena gaueko jolas eta abentura zaratatsuetarako. Bandoka dabiltza gauero auskalo ze abentura eta ze aurkikuntzatan.

Ez digu hutsik egin kuku bidaiariak itsasertz honetan ere.

Zaplakako jenderik ez da nabari kanpinean, ulitxei zaplaka dabilenik alegia; azalok olioztatuak dituzte, ziztadara ohituak daude, edo ez da ulitzen gustukoa beraien odola. Izan zen atzo nire alboan harrikoa ostikada eta beso mugimendu  etengabekoz  egin zuena.

Ulitxek haizea etsai.

Nire bizarra egiteko Philis zaharraren hotsak harridura-soak zorrozten ditu konketa lekuan. Zamorako aparailua ekarriko dut hurrengoan zirkoa osatzeko.

Italiarrei esker, jaki merkeago eta koiperik gabekoak eskatu ditzakegu. Beraiek ezean ere moldatuko ginateke, baina erraztu egiten digute koiperik gabe elikatzeko ohitura.

Bistakoa da taberna eta antzeko gutxiago dagoela, daudenetan kanpotarra da bezero ia bakarra.

Ez da iraganeko politikaren nostalgiarik ageri: ez pertsona motarik, ez adierazpenik, ez ikurrik, ez inolako ezaugarririk. Gu geu gara nostalgikoak, agian utopiko ameslariak, Mendebaleko pipi kapitalistak zimeldu dizkigun irriken erroak oraindik lehortu ez zaizkigunak. Kale-izen batzuk, atzo ikusitako ezabatu nahizko mailu-igitariak, kenezineko monumentu eta eskultura, eta Berlingo Marx-Engelsen plaza ezik, ez da komunismo edo sozialismoaren aztarrenik ere gelditzen, gizarte honen azalean behintzat.  Politika sistemak politikoek haina dirau herriaren bihotzean, sustraitzen ez denean.

 

Graal Muritz eta inguruko uderrietan nabaria da uda giroa, kanpotarrentzako betiko eskaintza merkez oparo daude turisterriok.

 

Laurogei urte bueltako emakume eta gizonezko nagusi asko ikusten da txirrinduz bidegorrietan.

Uda giroa du jendeak, hondartzara doaz, jantzi argiak dituzte...

Katamixar kumea izan zitekeena gurutzatu zaigu bizi eta bizkor errepidean.

Mendebalekoen tankera berdina duen industria eta zerbitzu gunea sortu zaio inguruan hiri eta herri koskortu bakoitzari.

Haize-zentralen besoak ziztu bizian dabiltza gaur bere biraka itxuraz ero baina emangarrian.

 

Ledebas edo antzerako izeneko herri batean ikusi dugu zikoina, teilatu hegiko habian. Egon daude beraz paraje hauetan ere zikoinak; zikoina ote ezbaian geratu ginen hegan ikusi hegazti bat;  goiotara zikoina ez zela helduko uste genuen, baina hemen daude, zikoina ez da soilik Gaztelako hegaztia. Hegada luzea jo behar izan dute benetan hona heltzeko!.

 

 

Rügen irla.

Dena da itsaso berde barea, lau-lau-laua, dena garitza, dena lore horidun berdegune. Kilometrotako tunelak sortzen dira errepide ertzeko arbola azpian, arbola azpiko tunelotan autoek argiak piztera behartzeraino iluntzen dute errepidea, eguzki  egun honetan. Herritxo asko dago, nekazari herriak dira, batez ere errepide albokoak; nabarmen zaizkie elizak, orratza dira dorre batzuk, moskote ilunak besteak; batzuetan ez da herririk ia ikusten arbola artean, adreiluzko orratz puntazorrotzek erakusten digute badela han herri bat.

Uderriak tarteka, bere etxe berri eta hoteltxo bakarren batekin.

Geu eta beste bakarren bat gara gidari bakarrak errepide batzuetan; lasaitasun osoz goaz, bidaia atsegina da, ia inor ez dabilen herri-bideotan.

Hanka moko lepo luzeko hegaztiak agertzen zaizkigu noizbehinka, natu-gune asko baitago irlan. Bada argindar tantai eolikorik ere, eten gabe jiraka zakartxo dabilen haizearen eraginez.

Emakume nagusi asko da bolantean, ez irlan soilik, irlatik kanpoko inguru guztian ere.

RPNV autobus konpainia: jeltzale iturginak infiltratu dira hemen ere, nonbait!.

Postako auto, moto, txirrindu eta gurditxo asko ikusten ari gara, denak bere nazioarteko kolore hori ezagunaz nabarmen.

Aparkaleku eta txiringito ugari dago, jendea ere bai; asteburu pasako edo igandezaleen parajeak dira hauek.

Bukatzen ez diren errepide artezak, zuhaitz azpiko arkupe edo tunelek oraindik luzeago eta artezagoen itxura damaie.

Hauts-laino trinkoak harrotzen ditu haizeak arto-sailetan, zirimola horiz lausotuz airea.

Haize-errota holandar bat, besoak galduak ditu, izan zirela lekuko.

Egunen batean etorriko da suduperen bat irlara;  modernitatearen, erosotasunaren, eta ekonomiaren izenean bidertzetako zuhaitz denok moztu araziko ditu, kontutan hartzeko beste balorerik ez balego bezala.

Gozotegi asko dago, -Alemania osoan dago gozotegi asko-, gozozaleak ditugu alemaniarrak; edariren bat edo gozo gauza bat gozatuz, denbora pasako gune bilakatzen dute kalea.

Timo edo iruzurra da mapek eta gida-paperek erakusten dutena. Egia da itsasoa eta lakua ber-bertan daudela, zingirako lur-xingola ertzetik doala errepidea, baina joan pinudia zeharkatzen goaz, ezer ikusi gabe, lur barruan joango bagina bezala.

 

Putbus. Herri zuria; ez du kale-sare handirik. Bi plaza eta parke ikusgarri bat ditu batez ere; bainuetxea, herriaren hauspo eta bihotz zeneko oroigarri eta lekuko: alferrikalduta dago gaur egun, iraun badirau ere. Atsedenleku da gar egun ere herria, ugari datorkio kanpotarra eta bisitaria. Postal dendek eta antzerakoek ematen diote kanpotarrentzat-herriaren jitea. Nahi adina aukera du ibili nahi duen oinezkoak, ez zaizkio faltako nahi adina bidegorri, nahi adinako luzeak, nahi  adina norabidetan.

Antzoki neoklasikoa: harridura sortzen du: bere zutabe eta guzti, ponpoxoa, ze arraio egiten du hor halako herritxoan horrelako eraikinak; izan zen hemen handi-mandiren bat bainuetxe inguruan, herri dotorea sortu nahi izan zuenen bat. Joaniko garaiak.

Plazak: zatitutako gazta kaxa borobil horien antza du batak: zati punta luzeetan banatuta du zorua, pago nano antzeko hesiz mugatutako gazta-triangeluz, inork sartzerik ez duen bele-gune bakoitza; kuboak diren etxetxo baxu soileko ilaraz inguratua, burua moztutako haritzez gerizpetua, monolito luze bat erdian; bizipozik gabeko plaza, hila, tristea, hitsa. Bigarren plaza: karratua, badu dendarik, badu autoak uzteko aparkalekurik ere, besteak ez duen saltsa  du. 

 

Urteen esperientziaz ikasiko dute hemengo biztanleek galtzadarri koska hauetan bizkor gidatzearen triki-traka takarrak esekidura edo suspensioa hondatu eta torlojoak lokatzen dituela; kale zorua aldatu edo mantso gidatzen ikasi, bietako bat aukeratu beharko dute, etenik gabeko kotxe konponketan murgildu nahi ez badute behintzat. Errepidea aldatzea izanen da hemen ere irtenbidea, bertako zorua gorde ordez, abiadura baitu bere ikurra modernitateak.

 

Saanitz. Suediarako ontzien portua, turistentzako denda merkekoa, kale luzeee bat besterik ez zela uste genuena, hara non herri zahar xarmanta aurkitu dugun: kale estu okerrak aldatzean, arrantzale portua… Berritua dute portua, arrantzontziak, aldiz, zaharrak dira eta zaharkituak daude; ontzien artean “7 Oktober”  izen erromantikoa du batek.

 

Trenbide-geltoki erraldoia dago Saanitzetik 7 kilometrotara, bi mila eta bi errail-bideekin. Garraio harat-ona handia dago Suedia aldera, gizakiena ez ezik merkatal gaiena ere.

 

Urte gutxi barru turisten irla izango da Rügen irla, leku ezaguna, turismo agentzia guztietan agertuko da.

 

 

Saanitz izan da bidaia honetako, Alemaniako gure finisterrea; herriaren bukaeran amaitzen da lurra, edo herria lurraren ertzean amaitzen, itsasgainean bukatzen baita kalea; borobilean jiratu behar izan dugu bira emateko: momentu horretan bukatu dugu joanekoa, eta hasi zaigu itzulera, bueltan jarri gara; hemendik aurrera,  Mendebaldea izanen da gure iparra.

 

Ribnitz-Damgarten. Morokil kazola irakiten dirudi lakuak haizeak ur-gaina harrotzean. Natu-gunea da izan lakua, baina zikinak daude urak.

 

Stralsund.

Ikuspegi berezia da hiria kilometro batzuk aurretik, arratsalde berantiarrean, eliza-dorre, teilatu, portuko garabi, eta tximinien silueta  ilunek marrazten dute zeru argia. Zerra-hagindun beltzunea da hiria ortzi argiaren aurrean .

Bertara heldu aurretik, hiria bera oraindik ikusten ez dela, bi adreiluzko eliza handi ikusten dira, ertz bakoitzean bat, hirugarren eliza-dorre bat erdian, filmina bat bailitz zeruko pantaila urdinean; metal-herdoil berdexka itxura dute ia bikiak diruditen bi dorreek. Hiriak ez du saihesbiderik, bai ordea semaforo eta trenbiderik kaleetan: pazientzia eskatzen duen herria kotxez datorrenari. Ez du tranbiarik ere, tokatu tokatzen bazaion arren. Inguruko, auzoetako,  etxe denak dira antzerakoak, nortasunik gabekoak, bizpahiru solairukoak; bada, baina, bestelakorik ere.

Zahartu egiten dira herriak ere, hiri hau ere zahartu egin da. Hiri sendoaren sentipena damaiote  oraindik merkatarien etxe ederrak, adreiluzko hiru eliza sendo eta dorre sendoagoz gailenak,  gotzainarena izan behar zuen palazioko patio pintatu bereziak, espaloietako harlosa zabalak bezain sendoak, lau haizetara kale luzeek... Portua eta itsasoa arren, itsasotik itxuraz urruti bizi den hiria. Guri ez digu eman nahi izan ez dirurik, ez afaririk, ez jelaturik, 6etan ixten baita hemen dena; haize takarra eta hotsa izan dira eman diguna.

 

 

Saltoki erraldoiak ez dira asko, bertan mendebalean salezinik pilatutako arropa eta bestelako tresneria saltzen duten susmoa izan dugu; uste dugu “altzairuzko oihala”ren erorketaz baliatzen direla mendebaleko merkatariak han baztertutako jeneroa, modaz joandakoak, hemen saltzeko.

Gerra baten ondorengo antzerako giroa nabari dugu Ekian, gerra ondorengo aktibitatea; eraikuntza lanetan oinarritzen da jarduera ekonomikoa eta lan eskaintza, gizon eta emakume, denek egin nahi dute lan, gauza berriak erosteko; aro ezberdin bat sortu den sentipena bizi da, edozein preziotan lana egiteko erabakia hartzen da bizimodu berria hasteko. Bizimodu berri bat bai izanen da, baina agian ez hobea.

 

Harrigarria da zenbat jubilatu eta zahar-talde mugitzen den harat-ona autobusetan; denera heltzen dira autobuskadok; ia ez dago beste turistarik jatetxeetan bazkaltzen, monumentuak ikusten, kaleetan bidaiari, beti bere gida dutela buru. Adinekoontzat borondate on eta errespetua ote, ala nagusien dirua merkatura atera nahia, kutxa eta libretetako dirua astintzeko bidea, zaharrok ere ekonomia olioztatzeko tresna bihurtuz.

 

303 kilometro,  alde bietara itsasoa ber-bertan edukita, ia itsasorik ikusi gabe pasa ditugunak.

 

 

Ekainaren 13a. Osteguna. 42.a

 

Haizea lagun, moskitoen konpainiarik ez.

 

Harro dago gaur itsasoa. Zuria da harea Rostocken ere. Baltiko osoan nonbait. Hondartza estuan hesola-ilarak doaz itsas barrura, hemen ere. Uhinek eta haizeak urteetan landutako uraren eta lurraren arteko muga harea-belartsuok zenbat iraungo ote gaurko bere honetan; eraikuntza-enpresaren batek, agian bere etorkizuna segurtatu nahi duen politikariren batek, zementuz dena aldatu arte.

 

Mendebalean baino ingeles gutxiago daki jendeak, ia inork ere ez frantsesa, agian errusiera ikasi dute. Gaztetxoek edo oso gazteek, gutxik, egiten dute ingelesez.

Gazte heldu batzuk ikusiz, badirudi gazteek oso gaizki pasatu duela, urte txarrak izan zaizkiela iraganak, ondorioz berriro bizitzen hasi nahi dutela edo hasi direla: ilea ondo-ondotik moztuta, ingelesko diskoak, janzkerak, poseak... Badirudi autoa eta mendebaleko jantziak eta janzkera edukitzeko ametsa gauzatzen ari direla, baita Mendebaleko biziera ere. Hurrengo ametsak zeintzuk izango ote. Agian amets garaia bukatu zaiela konturatuko dira. Ze jainko txiki gurtuz aseko ote dira. Politikoek beti jainko txikien erlijioa predikatzen dute, baina jainko tzarren ordain-zerga eskatu.

 

Rostock

Alemaniako bigarren portu handiena da; industria-gune eta merkatal-gune zabalak ditu hiritik kanpo. Badu ere bere zentral termikoa, laino eternoa zabalduz.

Adreilua nagusi duen hiria da hau ere; kolore beltza eta gorria tartekatuz oso efektu deigarria lortzen dute. Herri zaharraren itxura du, ez ordea zaharkituarena, berritzen eta zaintzen jakin duten hiria da, gerran hondatua baina bereari eutsiz berreraiki dena.

Dom, nola ez, adreilu gorri eta beltzezko horma eta zinkeko teilatu berdez egina, indar handia, sendotasuna, erakusten du.

Rathaus, xarmanta, fatxada arrosa eta gris argia du, gandorra, berriz, adreilu gris-beltzeko arku gotiko eta zortzi dorretxokoa.

Plaza, zabala udaletxe aurrean.

Kravpeliner, etxeei begira gozatuz paseatzeko kalea.

Etxeteria, izugarria, bai zaharra, bai berria; eraikin punta-luzeak eta bestelakoak, adreiluzkoak eta horma leunekoak, teilatu-punta luze dotoreekin, hormetako irudiekin...

Iturria,  berezia  da Universitad plazakoa.

Dorreak: 20 ziren hirian, 4 gelditzen dira, sendoak batzuk lerdenak besteak.

Elizak: Nikolaikirch, 8 apartamentu ditu teilatupean, hiru solairutan, leihoak teilatura jotzen dutelarik, atezain automatikoa elizako atean. Petrikirche,  117 metro goierako txapa gorriko dorre-orratz zorrotza; gainera datorkigula dirudi laino mugikorren kontra begiratzen zaionean.

1935.go eraikuntza, adreiluzko erraldoi ederra, animalia baten adreiluzko irudi nabarmen ederrarekin; bazuen ere ateburuan ederra behar zuen beste bitxikeriaren bat, baina, lehengo gobernuaren kutsua ezabatu nahiz edo, kendu egin dute; arrastoak diraute baina.

Zer ikusi ote dute arteak eta politikak. Segur aski, asko. Galdu da adreiluzko artelan bat intrantsigentzia politikoagatik. Komunistek baino errespetu gutxiago erakutsi dute federalek, haiek gorde egin baitzituzten bere ideiekin bat ez zetozen eraikuntza, gizairudi eta sinboloak.

 

Hiriaren erdialde osoa hartu dute poliziek eta militarrek, txindurriak bezala zabaldu dira hiri osoan, oinezko, kotxe eta tranbien zirkulazioa galaraziz. Butxadura izugarria zen hiri osoa arratsalde osoan. Federala  den geroztik ere, Alemania hau Polizia Estatua da. Beltzez jantzitako txorimalo aldra ikusi dugu udaletxera bidean, bada pertsonaiaren bat gaur hemendik. Arratsalde beranduan han jarraitzen zuten poliziek aspertu aurpegiz alde egiteko deiaren zain, oraindik kaleak hertsiz.

 

Hiri ostean erortzear dagoen eguzkiak  izugarri luzatzen zuen ibiltarien geriza.

Haserretu egin zait polizia kale luzeeean, kotxe arrastorik ez zegoela semaforoa gorriz, bere mutur aurrean  pasa dugulako. "Txakurra beti txakur" Rostocken ere. Agian arrazoia zuen. Sen onaren eta arauen arteko kontraesanak.

6etatik aurrera erretiratzen da hemen ere herria. Ordu horretarako afaltzen dago jendea jatetxeetako mahaitxoetan.

 

Arratsalde luze goxoa itsasertzeko hiri gustagarri honetan

 

47 kilometro, kanpinetik hirira.

 

Nekatuta gehienetan, ulitxen eraginez egunotan,  ez dugu udaberriko egun luzeko egunen azken arnasaz gozatzen. Denda barrura errenditu beharra dugu gaueko 10etatik aurrera.

             

 

Ekainaren 14a. Ostirala. 43.a

 

Ekialde honetan badakigu noiz irteten dugun norabait  baina, auto-ilarak edo semafoak, sekula ez dakigu noiz helduko garen. Autoak saldu-erosi egin dituzte lehenengo, ondoren  etorriko da errepideak egokitzea edo konpontzea.           Wismartik gertu ikusi dugu ari direla Hanburgo aldetik autobia berrin-berri zabaltzen.

"Eskuinekoak lehentasuna" legeaz zuzentzen da gehienetan oraindik bidegurutzetan zirkulazioa; ez da oraindik hirugarren karrilik, ez ezer. Berdin gertatzen da hirietako kale askotan ere. Errepideetako lanetako bide bakarrean ere ez dago inor bidea eman kendu edo zuzentzeko.

Oso atsegina eta lasaia da herritxoak zeharkatuzko bidaia hau. Zaldi lurraldea: zaldiak eta zaldikumeak  ditugu noizbehinka begien eta gogoen atsedenerako.

 

Neubukow, herritxoa; ezkontza tokatu zaigu: zuri jantzita neska, beltzez mutila, arroz zaparradapean udaletxetik zetozen ezkonberriak, zalgurdi irekira igo dute, zalgurdi zuria tokatzen zaion pinpirin jantzitako gidariak gidatua eta hanka sendo, bular zabaleko, bi zaldik tiratua. Polita  izan da, eta oraingoan eskertu behar izan dugu semaforo aurreko egonaldi luzea.

Bosgarren haize-errota, marroi kolorekoa hau, osorik ikusi dugun hirugarrena. Dakusagun hirugarren SEATa ere, Marbella modeloa.

 

Sarriak dira oraindik atoi handiz osatutako itxura sendoko kamioi txikiak herritxoen inguruan; lantresna komunalak, auzolanekoak segur aski; erlikia bezala begiratzen diegu, kanpinetan besteek gure dendari edo nire bizarra egiteko traste burrundaratsuari bezala.

Errepide lanetan ikus daitekeenez, hondarra da kostaldekoa ez ezik barrualdeko lurra ere.

Hemengoa, negu luzea izan ohi dela itxura du lurralde honek.

 

Schwerin

Turisterri zabal bezain eder dotorea; patxadatsua, egunero etor daiteke arratsaldeko ordu-pasan, inguruan kokatua eduki ezkero denda. Adreilua da nagusi bertan. Lurrari bi zubi zabalez lotutako irlak eta bertako ipuinetako gazteluak sortarazi digute lehen zirrara, Greziako tenplua dirudien Museoak eta antzokiak ondoren. Zaharkituak batzuk, iraupen onean besteak, etxe ederrak ditu hiriak, paseatuz banan-banan erreparatzeko horietarikoak, kalez kale ibiliz. Unibertsitatea izan zitekeen eraikina, ministerioa edo antzekoa zerbitzu publikoa da, kale-kalean, izugarri erraldoia; antzinakoa itxura du baina berriagoa dela uste dugu: bitxikeriak dira hormetako adreiluzko artelanak. Udaletxea: Erdi Arokoa izan behar du azpiko pasabide eta atzealdearen arabera, baina fatxada berria du plazara begira. Saltoki den oinezkoentzako kale nagusian, garai honetan goienean dabilen eguzkiak bete-betean jotzen du eguerdi orduan, ia gerizarik ere atera gabe. Zukua atera zaion lakua: turistak ibiltzeko ontzi, batel eta bestelako tramankuluz josita. Dom edo katedrala: gailen eta nagusi hemen ere; adreiluzkoa behar zuen eta adreiluzkoa da; berezia, ezberdina, dena zuri du horma gotikoa; kolore ezberdinez pintatuta ditu zutabe eta sabaiko nerbio denak; bitxiena, aukerakoena agian,  urrezko orriak dituen triptikoa, eta orriok erabat beteaz idatziriko alemanerazko testu luzea; Bad Doberaneko loredun gurutze erraldoi zintzilikatua dago hemen ere; ia ezabatutako freskoak hormetan; irudiz landutako brontzezko ezohizko bataiarria. Berriz ere Bod Doberaneko Monasterioarekin lehian edo, baina maila apalagoan, jauntxo familien hilobiak, marmol landuzko zur tailatu eta antzerako artelanez edertutako kaperak, eliza barruko elizatxoak.

 

Errepidetako trafiko geldialdietan joan zaizkigu ordu gehienak, baina heldu gara Hanburgora. Semaforo batean norabidea galdetu diogun taxilari batek, bide berean zihoala eta berari jarraitzeko aginduz, jarri gaitu kanpinerako bidean. Jatorra, tipoa.

Ona da berenez gizakia. Gizarteak hondatu du eta hondatzen du, gizartea zuzentzen duten politikoek areago okertzen dutelarik.

 

Kanpina. Hanburgon

Zozo bat dugu kanpinean auzo, gaupasako zuhaitzean kantari; beste hiru, berriz, belartzan lagun afari hondar edo zizare bila. Txoriak, zozoa bederen, goizean bezain kantariak dira gauean, kantariagoak agian, ilunaren beldur bailira. Guretzat hain gozoa zaigun zozoaren adar arteko txorrotxio ozena ez ote garrasi latza. Begira natzaio hiru metrotara moko horia zabaltzean lepoa luzatuz kantuz ari den zozoa:  ze mezu edo ze jakin-min ote du. Nork jakin bakardadea ote den bere mina.

Kanpinean zuhaitz asko bada ere, ez da basoa bere kokalekua. Horregatik ote kukua ez dugula bidaia-kide Hanburgon.

 

228 kilometro hurreratu gara gaur etxera.

Bidaiak. Alemania 68

Jon Etxabe 2019/07/27 09:57
BRABDERBURG: Postdam, Berlin, Branderbur

BRANDERBURGO

 

Hala iragartzen digu errepide bazterreko banderak.

 

Plastikoko paketeetan sartzen dituzte hemen Sakanan bezala belar-fardoak.

Bestelako baliabide eta tresneria modernoarekin ari dira autobidea egin eta berritzen Berlin inguruan.

 

Kanpina

Inguratu egin dugu Berlin, liburuxkan dioen kanpinaren alferrikako bilaketan;  mila gora-behera ondoren ez digu kanpinik eman eta Potsdanen bukatu dugu Oder ibaitik datorren Havel kanalaren albotxoan. Mila unleitung, bira eta itzulinguru amaigabeen ondoren leku atseginean bukatu dugu.  Zikin kolore gorrizka badu ere urak, ibai bizia da, arrainek uretatik kanpo jauzi, ahatek igeri, kanpineko mutilak arrantzan... egiten baitute. Baina batez ere gugandik 10 metrotara bere ibili lasaian doazen gabarra erraldoi ilunek ematen diote bizitasuna ibaiari. Ulitxa eta guzti ere, toki atsegina da. Kuku bidaiari kideak ez digu hutsik egin Potsdanen ere.

Hur dugu autopista, bertatik datorkigun gurpilen hotsak biltzen gaitu, nahiz leunki.

 

337 kilometro,  luzeak, astunak eta askenez! beroak gerta zaizkigu.  

 

Kanpin harrerako marrajoak badaki euskaldunok txapela darabilgula.

 

 

Ekainaren 7a. Ostirala. 37.a

 

Tere Irastortza: "Gizakiak bidera lezake ura kanaletan, itsasoak askatu egingo du". Baina askatzean itsasoa bera kutsatuagoa eginen du urak. Askatasuna herio bide!. Gizartearen kontraesana, gaurkoz behintzat!.

 

Arrainak ur azaletik airera egin du jauzi hegalari guretzat ikusezina irentsiz, azaletik uretara egin du bere murgila urtxoriak uretako biziaz elikatuz. Bizi eta iraun beharraren drama.

Zer da kanpoa eta zer barrua urari eta aireari gagozkiolarik?. "Ur-barrura" esan ohi dugu, baina aire barruan ere bagaude. Ur-azala hasten den tokian dago aire-azala ere. Zergatik garatu da hizkuntza eta herri-filosofia uraren inguruan ez ordea airearenean biak berdintsu funtsezkoak badira ere giza bizitzarentzako.  Urak ito egiten gaitu, baina airerik ezak ere bai. Zergatik du urak lehentasuna gure hizkeran eta pentsaeran.

 

Tereri jarraituz, egun galda honetan isil egiten da eguna freskurarekin kanal inguruan, autobideko gurpil-hotsa bertan den arren.

Ontzi zamariek soilik hausten dute gaur kanal kontrako gure bake beroa.

Hondar horia da Potsdan inguruko azpi guztia, Donostiako zoru azpia bezala. Itsasoa izan ote noizbait hau ere?.

 

Labirintoa da kanpinetik Potsdanera irteera ere, kanpineko mapatxoak besterik dioen arren.

 

Postdan.

Gerran hondatua izan ondoren lehengoari jarraituz berreraikitako hiria. Kale zabaleko hiri zabala. Ez da kale estu oker edo bihurririk. Hiri dotorea izandakoaren jitea du. Halako jatortasuna dario tranbia duen hiriari: Potsdanek badu tranbia; nortasun poxi bat  eta historia zati on bat ere behintzat galdu egin dute tranbia galdu duten herriek, iraganari uko eginaz modernotasunaren, ekonomiaren aitzakiaz, pelloren bati esker norbaitek poltsikoak berotuz.

Txirrindu askoko hiria, bizikletariek ere ematen diote giro punttua.

Pintadak daude: pintadaz josi dute berritu berria den sarrera edo omenaldiko ate handiki horietako bat, Berlin eta inguruetan dagoen protesta giroari jarraituz; seriotasunaren monotonia behintzat eten egiten dute pintadok.

 

Gailur zorrotzeko eraikinak, erremate borobil edo trabeskako zuzenez bukatutako adreiluzko etxe gorri trinkoak  lirateke agian kale nagusietako berezitasunik deigarriena. Jauntxo herri erdigunea osatzen dute elkar gurutzatzen diren etxe baxuko bi kale zabalek eta bi kaleen inguruko zabalak diren kaleek. Kale nagusi biok punta batean eliza dute eta bestean arku handia, arkupetik  sartuz hasi eta elizan bukatzen dira kale biak. Estalita daude arku biak berrikuntza lanengatik,  berrikuntza lanik ez baita falta hemen ere. Erromaniko kutsua du kaleotako eliza batek,  adreiluzko planta ederrekoa da, kono formako dorrearekin; beste kale puntakoa, berriz, erdian kupula borobil handia duen  zementuzko eliza karratua da, bere sarrerako zutabe greko erraldoi eta harmailekin, Greziako tenplu bat antzo. Plaza zabal bat eliza karratua dagoen kale puntan, obeliskoa du erdian: bertan udaletxea, eraikin klasikoaren antza du, lehengo zaharra ez bada ere; ez du herri-girorik plaza honek, baina segurki bertan egingo da azoka. Elurtza bailitzan, makal-lorez zuri zegoen beste plaza bat. Sinagoga txikitxo polita, minarete erdi arrosa erdi urre-koloreko estu garaia zaio gandor. Bada egon etxe klasiko ederrik ere.

Inguruko basoetan jauntxo eraikuntza apartak daude, palazio eta gainerako; ordaindu egin behar da bisita.

Urez inguratuta dago hiria; laku itxura duten esparru zabalak han-hemenka, arratsalde beroetan aterpe eta asteburuetan atseden, ontziz, jendez, eta atseden-leku kutsuko txokoz bilduta.

 

Potsdaneko Ituna: zuhaitz, berdegune, arboladi eta lorategiz inguratutako jauregi horietako batean banatu zuten lau tipok beraien artean Europa eta mundua, Erdi Aroan Aita-sainduek bezala; gerra baten ondoren, beti bezala.

 

Espainiako Mediterraneoan ikusi ohi ditugun  arlote trauskil itxurako alemaniar handiak dabiltza kanpin eta inguruan; herri txikietako nekazariak behar dute izan, hirietan ez baitugu horrelakorik ikusten, finago eta lerdenagoak baizik.

 

59 kilometro apurrak luze luzatu zaizkigu, inguruko errepide sarean galduta.

 

Azken argiarekin, ilunabar goxoan, ardi-txakurrek ardiak eskorta barrura bezala, bere ziztadez goiz sarrarazi gaituzte moskitoek denda barruko itxiturara, ontzi zamarien joan-etorri lasaia begiratzea galaraziz edo ukatuz.

 

 

Ekainaren 8a. Larunbata. 38.a

 

Gerorako zerbaiten esperoan edo ustez, norabait zerbaiten bila goazenean ere,  iraganera goaz, beti. Beti da iragana eta beti da geroa. Instantak ez du denborarik, ez du neurtzerik. Memoria, sentipena, itxaropena, imajinazioa dira denboraren gurpiletik ihesbide bakarrak.

Errebotezko olatuak, bueltakoak, ez dira olatuak, gehiago dirudite erresaka, tiraina.

 

Non ote dira udazkenean Euskal Herrian tiroka hartu ohi ditugun paseko uso, arabozozo, kalandria, kardantxilo eta abarrak. Inguru hauetan seguruenik. Hauek dira agian zozo beltz haiek. Agian alboko basoko kantore horiek dira. Agian arrautzak barrutik apurtzen hasiberriak diren kumeak.

 

Garraiolarien etxe ere bada garraio-ontzia, bere emazteekin doaz bertako langileok; orduaren arabera ontzi garbitzen edo pilotu-kide ikusten ditugu emakumeok kaio beltzotan. Bada autoa, baita txirrindua ere, daraman garraiolaririk. Lixibako zapiak ere ateratzen ditu eguzkiak ontzien bizkarrera.

 

Laku-toki eta baso da, herriak ere badira tarteka, Potsdanetik Berlinerako tartea.

Galdu gara, galdu gaur ere, inguruko labirintoan: norabide okerretik sartu gara Berlinera. Lelo sentipenarekin, baina, noraezetik noraezera, berezko automatikoak bultzatuta edo, bideratu dugu autoa erdigunera, Alexander Platz bertaraino.

 

Berlin

Lehen mementotik erraldoiaren erraietan txindurri galdua sentiarazi nauen hiri mamua. Ez da baina munstroa, bertako distantziak neurri normalez kanpokoak badira ere; lakuak, parkeak, kilometrotako etorbideak, zuhaitzez berde espaloiak... ezohizko hiria; eraikuntza klasiko eta moderno erraldoiak nahasian dituen hiria. Hiri ezberdina tamainaz, egituraz, historiaz, eta sentipenez. Nahasian dabiltza gaur egun Eki Berlinen artea eta berrikuntzen hautsa: tiro hotsek egin zuten famatua, mailu mekanikoek astintzen dute gaur egun Madenburg ingurua, gorraizea sortzeraino. Berlin klasikoa ez da oraingoz patxaran ibiltzeko tokia, berrikuntza lanak, hautsa, zarata, oztopoak baitira nagusi.

 

Plazak: denak dira erraldoiak tokatzen zaien bezala. Alexander Platz, kristal eta zementuzko erraldoikeriaz inguratutako plaza zabala. Komunikabide dorreari, erraldoiena bera, "pakearen dorrea" izena eman diote, komunikabideak bakearen sinbolo izango balira bezala; urik gabe utzi dituzte Neptuno erraldoia eta bere andereño lagunak, sapa honetan busti edo freskatzea ezinduz; adreiluz sikiera,  gorria jarraitzen du Udaletxeak. Marx eta Engels Platz, non izenak ez ezik bien estatuak ere iraun duten.

Kanalak, turistaz betetako ontzien ibilbide diren kanalak gertatu zaizkit ezuste; ur zikina daramate, baina.

Katedrala: ezin izan dugu ikusi,  Mendelsonen kontziertoa zegoelako; elizarenak baino palazio batenak gehiago diren bi gela dotoreak zeuden soilik bisitagai; karratua, dorreak ditu lau kantoietan eta kupula handi bat erdian. 

Madenburg atea: demokraziarantz pasabidea omen zen, baina norantz hartuz?.

Reichstag: zenbaitek uste du oraindik berea duela herria, mundua berea delakoan jokatzen du zenbaitek; eraikuntza soilik ari ote dira berritzen ala munduaren jabe izateko ideia sendotzen; ekonomiaren bidez noski. Beharrezko bada, indarkeriaz ere.

Gurutze zuriak: han daude hiriko bi zatiak bereizten zituen horma zegoen inguruan, askatasuna mendebalean uste zuten iheslari inuzenteak edo desesperatuak gogoratuz.

Mariakirche:  gotikoa, deigarriak dira pulpitu erraldoia eta organo barrokoa; pintura zaharren koadro erakusketa edo arte-lekua dirudi: ikusgarriak dira Eba Adanen saihetsetik ateratzen deneko bi koadro naifak, ikusgarria ere elizpean ia ezabatuta dagoen Heriori buruzko friso edo fresko luzeak, Italiako Bigilio Sainduaren elizakoaren antza du hildakoen aitortza eta salakuntzekin.

Ged\dchtniskirche (uste dugu dela): hits gelditu dira bonbardaketek zutik utzitako adreiluzko hormak, turistaren inolako ikusminik sortu gabe; planoak aitatu ere ez du egiten bonbardaketarik.

Eraikuntza klasikoak: handiak bezain ikusgarriak, museo bihurtuta daude; izugarri asko dira museoak, parkeak eta palazioak ere.

 

Eraikuntza garaiek, itzala ere zabala: ardiek zuhaitz azpira bezala jotzen genuen eraikinon gerizara gaurko egun itogarrian.

Kultura eskaintza zabala dago Berlinen. Izugarria. Bada  datorren urteko ekainerako  ozen iragartzen den balet bat. Kultur eskaintzaren arabera, egon behar du turista apalez gain kaleetan agertzen ez den bestelako turista ilustraturik, beste kultura maila bateko bisitariak, jakin-min ezberdinekoak. Ez dut uste gaur hemen gabiltzan turistok kultura apalagokoak garenik -zer da  gizon “kultoa”?- baina ez dut uste gurekin gurutzatzen direnak kultur ekintza hauetara doazenak direnik.

Turista aldrak gabiltza, gu bezala bakarka, taldeka, autubuskadaka, oinez, zaldizko gurdietan, taxietan... Han gabiltzanoi begiratuz, turismo-gune   petoa dirudi Berlin erdialdeak. Nazio eta planta guztietako turista apalak gara. Bazen koadrila errusiar bat ere.

Plazan bertan lo ere egiten duen talde protestari bat aurkitu dugu Alexander Platz alboko plazan, pankarta ugarien babesean irakurgai eta azalpen ugari eskainiz. Alemanez, ez gara ia ezertaz jabetu.

Badira pintadak, nahiz ez asko. Auskalo zer dioten, baina hormak bizirik daude bederen.

Gutxi, baina bada eskalerik ere, gazteak dira eskale gehienak, ez han-hemenka beste hiri batzuetan ikusi ditugun clochard-ak.

Espero genuenaren kontra, Berlinek ez digu eman Espainiako egunkaririk. Baina bai hiriko mapa gazteleraz. Ibili garen zonaldean ez zen liburu-dendarik ageri, bigarren eskuko liburu saltzaileak, aldiz, ugariak ziren.

Branderburg inguruko kinkilari ia denak Indiako indiarrak edo pakistandar edo ingurukoak dira. Ez dugu ikusi Nürenbergen aitatu ziguten vietnamdar mailako arrastorik. Errusiako gaiez egindako lan apalak zeuden batez ere salgai.

Jende asko dabil txirrinduz Berlinen.

 

Eki Berlinera mugatu dugu bisitaldia, ez baitago ia Mendebaleko Berlinen iragarpenik gida eta planoetan. Errusiarrek soilik gorde zituzten aurreko eraikuntzak edo beraiek bakarrik berreraiki zituzten behintzat aurrekoen moldera, nahiz astakeria franko ere egin zuten. Aliatuek eten egin nahi izan zieten alemanei historiarekiko eraikuntza-loturak, zegoena birrinduz lehenengo, eta erraldoikeria moderno nortasun gabekoz ondoren,  eraikuntza moderno puntakoak badira ere arkitekturan. Herria ez da gaurkotzen, modernatzen, iraganarekiko loturak hautsiz.

 

Charlottenburg azpian, kanpinera norabidean, hiritik irtenbidea den autobide urbanoan, Wilmersdor auzoan dagoen gasolindegiko kaxa-zainak ez zuen bertatik hur dagoen Potsdan hiria ezagutu ere egiten; auzoko bezero batek bazuen hiriaren berri, baina bertarako nondik norako garbirik ez. Bada hiri erraldoietan biztanle urbano berezirik, hiri eta herri txikietakoen koordenada ezberdinetan bizi dena, auzoko muga eta bizimolde propioetan.

Bada Mendebaleko zatian eraikuntza klasiko eta ederrik, baina gutxi. Komunistek gordetakora luzatu dute turismoa. Bide eta kale galduetan genbiltzala, autotik ikusi ditugu Tiergarten, Charlottenburg, strasse des 17 juni, hainbat parke, etorbide, kale eta zoko, ez dugu antzeman, baina, bertako kale girorik, baina diotenez, egon badago giroa Berlinen.

 

Egun batez etorriko gara Berlinera, hegazkinez, Museo, Palazio eta eraikuntza modernoak mirestera. Ez gara oraingoz itzuliko Berlinera, aurtengoz nahikoa ernegatu dugu sarrera-irteerako noraezean. Haserreak ez du errentagarria egiten turistaren ibilia, eta asko ernegatu dut kanpin inguru eta Berlinera sarreran. Ez baitugu autobus aukerarik ere.

 

Bi egun eguzkitsu ondoren, Berlinen bota digu gaurko ekaitz zaparrada.

 

163 kilometro, noraezean asko, errepidean bezain luzeak ordularian.

 

 

Ekainaren 9a. Igandea. 38.a.

 

Tere Irastortza: "Poesia beti, bizitza ere maitaldiak ezik, elegia". Ezkor  dabil poeta.

 

Guk ere etsipenari eman diogu leku; kale eta bideetan galduta ibiltzeaz aspertuta, bagoaz bihar,  eguratsa alde badugu behintzat. Amets gaiztoa izan zaigu Berlineko errepide sarea.      

 

Kanala ala ibaia ote Havel? auskalo!. Hainbat laku dago, baita Berlin bera bihotz-bihotzetik zeharkatuz ere bat; Oder eta Elba ibaien lotura tartea da inguru hau. Garraiobide nagusia ura izan duen herria da Alemania, bidesariko ur-bidea, duenak duenari ateratzen baitio zukua; dela estugunea, dela esklusa, aberastasuna da ibaiaren ate izatea.

 

Soinuak ematen digun kandentziari jarraituz kùku ahozkatu ohi dugu euskaldunok kukuaren kantuari buruzkoa, lehenengo “ku”a indartuz edo azpimarratuz ahots ozenagoz. Nik dantzudan kuku-kantu berdina entzuten du kanpineko gizonak, berak berriz kukù ahozkatzen du, bigarren “ku”a ozenduz, edo inolako ahots intentsitate gehigarririk gabe ahoskatuz; hala errepikatu dio bere emazteari, entzun ahal izanagatik pozik, kukuaren kantua. Entzundako soinu berdinaren errepikapen ezberdina, entzumenak ez ezik kulturak edo hizkuntzaren barne legeek badute zerikusirik errealitate bera, soinu bera, ezberdinki  interpretatu  edo ahoskatzerakoan.

 

Jaialdia zen Potsdanen, arku berrituaren inguruan, txosna, oholtza, txaranga eta osagai guztiekin; han ginen gu ere, baina trumoi zaparradak hondatu du jaialdia.

Honaino heltzen dira Hanburgo matrikuladun ontziak, habiatik urrun.

Laku ugari dago Bradenburgora bideko inguru guztian, deigarria dira lakuok; ur asko dago eta  azalak dira nonbait lurrak.

Mahastirik ez da ikusten Eki Alemanian.

Lur lauak izanik zuhaitzek mugatzen digute ikuspegia.

Azalean belarra egin zaizkien zerbaiten piloak ikusten dira soroetan, agian erremolatxa lurperatua da. Lehenengoz ikusten ditugu mitxoletak, gari-saila zeharo gorrituz.

Betiko itxura tristeko herritxoak zeharkatzen ditugu, noizbehinka etxe edo herri kolore argiz pintatutako alaiagorik bada ere. Sozialismo garaiko etxe karratu lisoak ikusten dira herri batzuetan Euskal Herriko hainbat etxe merkeak bezalakoak.

Trenbideetako langak diraute oraindik errepideetan.

Auto asko dabil, gidari gazteak asko, kopuruz eta kotxe moldez Euskal Herriko edozein errepidean bezala.

Lore-saltzaile asko dago errepide bazterretan aurreko asteburuan Dresde inguruan bezala. Loreak ez ezik bakoitzak duen ortuaria ateratzen du etxaurrean eginiko salmahaitxoetara sos batzuk atera itxaropenez.

 

Euri izan zaigu egunaren joanean haserako trumoi eta ekaitz lainoa; arratsalde desatsegina, igande bati tokatu ohi zaion bezala. Gurea trumoitik trumoira joatea denez, Potsdaneko trumoitik atera ondoren Bradenburgokoan sartu gara, kotxe barruan eduki gaitu preso hiriko plazan atertu duen arte.

 

Branderburg

Bazter ondo zaindutako laku ederrez bildutako hiria; izan zen eta izan zenaren antza geratzen zaio; berritzen eta itxuraldatzen dutenean egundokoa geldituko da. Maite dut tranbia duen herria, guardasolpetik ikusi behar badut ere. Antzinako eta geroagoko etxe eta eraikuntza polit eder eta argiak geratu zaizkio, baina bonben suntsiketa ondoren kolore arre tristeko hiria berreraiki zuten. Hemen ere ez dago kale estu bihurririk, behin ere ez du izan nonbait, zeren barne egitura gorde omen diote. Bitan zatitzen du hiria lakutik lakura doan ibaiak; berritzen ari diren kale nagusi zabalaren bidez gurutzatuko da, jasotzen ari diren zubian zehar. Nabarmena da kale batean bederen, garai oparoagoetan agian merkatariek jasotako etxeteria, ondo-bizien bizitoki itxura dute, hainbat apaingarrik dotoretxo planta ematen dietelarik. Begiak diruditen teilatu-leiho bereziak ageri dira maiz etxe zahar zein berrietan ere.

 

Adreilu gorriaz, bere lehengoan birjaso zituzten, tentuz gainera, etxe, eliza eta lantegi nabarmenenak: primerako adreilu lanekoa da udaletxea, -Erroldanen bost metroko irudiak harridura sortzen du-; adreiluzkoak dira porrot eginda edo porrot eginaraziz hondatuta, hustuta, eta itxita diruditen lantegi erraldoi ederrak, pena sentimendua sortzen dute; adreiluzkoak dira ere guk ikusi ahal izan ditugun hiru dorre: dorre gotortuak bi, gerra antzik ez duen gotiko polita hirugarrena;  bada adreiluzko bestelako etxerik ere: udaletxe ondoan dago bat, antzinakoa, handia eta poxpolina izatea lotzen dituena: adreiluzkoak dira gutxienez lau eliza: 1.-Dom: burgo bat da, harresiz inguratua, etxetxoz osatua. 2.- Auskalo ze sainduren izena daraman bigarren eliza batek kanpo aldetik zutoinetako santu-irudi ugariez gain adreilu beltzeko ilarak ditu adreilu ilunezko hormetan; barrutik, pulpitu pean du aldarea; adreilu gorri biziak, antzoki itxura ematen dion zutoin gaineko zurezko koruak, zur tailatuko filigrana den erretaulak, kapila bateko triptiko tailatu ikusgarriak, hormako freskoak, jauntxo familiakoren baten senarra bi semeekin eta emaztea 6 alabekin harrian zizelatuta dauden aldareak, bonbardaketak zehetu ez zuen beiradura zatiak, kolore leuneko lorez pintatutako gurutzadura eta presbiterioko sabai dotoreak, ezpatadun santu-irudi kariatideek eusten duten pulpituak, organo barrokoak, eta hainbat bitxikeriek museo bihurtzen dute. 3.- Teilatu sendo zabala eta pikea nabarmentzen zaio hirugarren bati. 4.-Laugarrena oraintxe berreraikitzen ari dira, hondakinek soilik iraun dute orain arte.

 

Che Gevararen irudi ezaguna pintatu du horma batean nostalgikoren batek, ongi dago memoria ez galtzeko edo zirrikituren batetan utopiaren izpi bat bederen bizi mantentzeko.

Inor ez dabil herrian, agian zaparradek garbitu egin dituzte kaleak jendez ere. Lau taberna ezik dena dago itxita. Kaleko obren antolamenduz, badirudi gerra erasoetan bezala, hutsik utzi dituztela kaleak turista inbasoreentzat.

 

Lehenengoz ikusi dut telebista etxetik atera ginenetik, futbol partidu bati begira, pizzeria batean afaltzen ari ginela.

 

Turismoak badu etorkizuna Alemaniako Ekialde honetan.

 

100 kilometro, ia denak, bustiak.

 

 

Ekainaren 10a. Astelehena. 39.a

 

Labirintoa bilakatu zaigu Berlin zein kanpin ingurua; sentipen mingotsez goaz, noraezean, haserreak ere sortu baitizkigute gure bide galduek. Agian noizbait obren ondorengo unleitung guztiak desagertzean, erraz irten ahal izanen da kanpinetik, erraza izanen da inguruko labirinto barnetik ateratzea.

Ulitxek ziztatuta daramatzagu txorkatilak, baina goizeko ihintzetan belar freskoaren fereka oinutsetan sentitzea ere eman digu kanpin honek.

Lurrun zuria zen ibaia azalera beltzaren gaina. Bakarka ordez dozenatik gorako bandan etorri zaizkigu txuarrak, txolarreak,  belar haziak janez gure hondarren esperoan, lotsagabe baina mesfidantzaz. Ahate lepo urdin berdexkak uretaratzean ateratzen duen blaustada zakarrak harritu nau: zalapartatsuak dira hegazkadan, halatsu ere uretaratzean. Marroixka baina arraiez ia beltzarana zen ahatetxoak eman dio agurtuz lez itzulia kotxe osoari. Kukuak ere jo digu bere agurra.

 

Burokrazia omen Gobernu Demokratikoaren bekatua, baina ikasi dute, laster ikasi ere, agiririk ez ematen, zergarik ez ordaintzeko.

 

Erraz eta berehala atera ahal izan dugu autobidera, tranpaz, azkenerako bidezidor ez ofizialak ere ikasiz. Ohiturei jarraituz, ordea, zaildu zaigu berriz ere norabidea gutxien espero genuenean.

Berlinetik Rostockera autobidea bera ere obretan dago, bete-betean. Hitlerrek jarri eta orain jasotzen ari diren zementu tonak, mendixkak osatzeko haina,  non gordetzen edo botatzen ote.

Itsaso berde barean, handitu egiten dira noizbehinka uhinak, harrotzen den itsas handia bailitzan, ondoren berriz ere baretzeko. Laku eta urmaelek, ur geldi eta belardi hezeek osatzen duten natu-guneko paduretan ikusi ahal izan ditugu hegazti lepo-luze sailak, elur multzo antzo, udazkenean Doñana edo Nafarroako Pitillas aldera hega egingo duten bidaiariak dira.

Behi aldrak ikusten dira denean, bai lur barruan baita itsas inguruko lurretan ere. Komunako elkarlanak jarraipena du, agian bakarren batek jarri du bere negozioa.

Buru makur zegoen behi saldoa eguzki errean, laukotea ostera sastraka eta arbolatxo peko gerizan:  taldeko buruak noski, indartsuenak. Zerria ez da gizakiaren antza duen izaki bakarra.

Bost asto batera larrean, gaurko gizartean errimea ez den ikuskizuna.

Arto-sailak noizbehinka.

 

Jasotzen ari diren industriguneak, bakar batzuk ezik, Euskal Herrian ohi diren pabilioi txikiak dira. Industria estrategiko handiak Mendebalerako gorde dira, horrek baitakar aberastasuna eta boterea. Horrela Ekia beti egonen da Mendebalaren menpe. Amerikarrek alemaniarrekiko izan zuten jokabide bera du Alemaniako Mendebalak Ekiarekiko.

 

Poloniarren gidaera ere hala-moduzkoa da, patxaran egiten dute bestea aurreratzea atzean ilarak sortuz.

 

Atzetik abiadan zetorren Polizei kotxe berdeak kilometroa egin du gure atzetik, eta gero, ziztu bizian aurreratu ondoren, begien bistatik galdu zaigu. Ez litzake harritzekoa jada gure matrikula eta gure nortasuna txakurren ordenagailuetan egotea, ezta Atutxa eta Orejarenetan ere. Hori ez da nire fijazioa edo obsesioa, gaur egun poliziak ezartzen duen kontrola baizik, mugetan kasurik egiten ez digutela badirudi ere. Hainbesteraino degradatu da gizartea, askatasuna, eta polizia bera.

BIDAIAK. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/07/19 10:55
EKI ALEMANIA. TURINGIA: WEIMAR: Weimar, Oetern, Bohchenwal kontzentrazioa eremua, Erfurt. SAXONIA: Riesa, Meisen, Dresde, Leipzig, Bautzen, Gorlitz.

EKI ALEMANIA

 

Ez gara jabetu noiz sartu garen Eki Alemanian. Nolanahi lurralde nabarmen ezberdin bat zela   jabetu gara: herrietako korta eta zementuzko muntaia komunalak egiten dute ezberdina. Teilatu punta zorrotzekoak dira etxeak, elurragatik uste dugu; arruntagoak dira, zementuzkoak, garaiagoak, funtzionalagoak, umilagoak; elkarren antzerakoak denak; ez dute galdu zeharo jite jatorra, baina  ez dute ez orijinaltasunik ez xarmarik. Geratzen da, nolanahi lehengo etxe eta herri petorik ere.

Etxe txiki berri pila jaso berriak ere badira herri askotan, herrioi udaleku itxura emanez: eraikuntza-enpresaren bat ez da urruti ibiliko. Herri guztietan aurkitu dugu "unleitun", desbideratzea, dena dagoelako berritzen, dena delako berrikuntza-lana. Benetako premia, ala aldaketa politikoaren ondoren herria nolabait engainatu beharra ote. Ez dugu ikusten pinurik, harizti eta pagadiak dira nagusi.

 

 

TURINGIA

 

WEIMAR

 

Gaztela antzeko herrialde laua, aurrean mendirik ikusten ez zaion lautada.

 

Kanpina, Oettern, herritxo jator horietako batean

 

73 kilometro, nekosoak.

6 ordu behar izan ditugu kilometro apurrok egiteko, astuna eta nekagarria bilakatu zaigu erakargarria behar zuen bidaia. Baina lurralde berri bat ezagutu dugu.

 

Agur Jesusen Ama Maiatzekoa. Maiatzari, agur.

 

 

Ekainaren 1a. Larunbata. 31.a

 

Tere Irastortza irakurriz: nahigo dut  Maiatza hil zaigula baino Maiatzak Ekaina ernarazi digula uste izatea. Maiatza itzali zen baina Ekaina argitu digu, esperientzia bikaina utziz. Egia da Cortazarrentzat historia hil zela, gero kontzienterik ez zuela, baina Cortazarrek badu geroa, Tereren gomuta xamurra adibidez.

 

Ekialdeko lehen kanpina ez da inola ere orain artekoak bezain zaindua, nahiko bere kasa funtzionatzen du denak. Kanpin kulturarik eza edo kanpinari buruzko filosofia ezberdina. Kanpinzalea ibili badabil, rulotez; ez dakigu kanpin kultura hau berria den ala aurreko politikagintzan ere ba zen.

Bi andereño ditugu auzo kanpinean,  bi karpa handitan neskato-mutiko taldearekin: polita da umeak horrela, nahiko aske, ikustea.

 

Jelatu jale amorratuak dira alemanak, berorik ez denean ere.

 

Oetern. Nekazari herri pobrea dirudi, itxuraz behintzat, iraganak marruskatuta fatxadak, harrotuta daude, berritu gabeak. Zelai batean, lorategitxoa da hilerria; hezurrak bertan dituenari berdin bazaio ere, atseginagoa da oraindik bizirik doakionarentzat.

 

Lurrez estalita gordetzen dute erremolatxa, piloan, hozkailu batean bezala gordea, agian neguko izotzetik gordetzeko. Piloko lurra zati batean kendu eta hasiberria zegoen piloa, itxuraz gordin eta sano ateratzen ziren erremolatxok hozkailu naturaletik. Esperientzia eta imajinazioa, dirua aurreratzeko tresna egokiak.

Oso garbiak ikusten dira herriak, baina ez dute mendebalekoen  dotoretasun edo jite hura. Zer da baina dotoretasuna?. Mendebaleko filosofiaz, "pobre duinak" deituko genieke hauei. Asfaltatu gabeko espaloiak, zementuz hartu gabe bide-errepide ertzak, baina inola ere ez dute zabartasun, utzikeria itxurarik, ondo zaindutako bazterrena baizik.

Galtzadarria ikusten da asko  herritxoetako kaleetan, Alemaniako herri gehienetan ohi denez,  baina baita errepideko hainbat zatietan ere, ez antzinakotasun usaia emateko, zorua lokatzetik gordetzeko baizik.

 

Weimar.

Gerrak ez zuen ukitu. Espazio zabalekoa eta argia, kale zabalek eta bata bestearen ondoren datozen plaza  sarrien eraginez. Ezberdina egituraz eta izaeraz. Kultura  hiria: hainbat eta hainbat pankartek iragartzen dute ekintza ezberdin ugari.

Goethe, Schiller, Lits, Richard Strauss eta beste hainbat artista hemengoak ziren edo hemen egon ziren. Museo dira gar egun beraien etxeak. Palazio pila dago: guri ez digute zer askorik esaten jauregiok, ez digute barnerik kilikatzen, baina alemaniar asko erakartzen dute. Piano musika entzuten da kale askotan Litsen omenez edo. Eraikuntzak azpimarratu beharko nituzke batez ere;  ez dirudi arreta handirik eskaini dietenik, gutxi zaindu dituztela dirudi; berritu gabeko eraikuntza eder zaharrak dira, iraganak ajatu eta ajetuak; fatxadak dira zati hondatuenak: fatxada ilunak, aspaldi honetan pintatu ez direnak. Diru asko beharko litzateke Mendebaleko herrien itxurara egokitzeko; nolanahi, nonahi ageri dira etxe berrikuntza lanak hemen ere, baina dirutzak behar dira hiriari aurpegia garbitzeko. Nabari da ez zela dirurik xahutu itxura mantentzeko lanetan, orain ordea badirudi itxura edertzea dela helburu nagusia. Banketxeek hartu, berritu eta prestatu dituzte hiriko etxe ederrenak hemen ere. Merkatua edo azoka, hiriko plaza nagusian: orain arte mendebaldean ikusi ditugunek baino eskaintza apalagoa du, aukera murritzagokoa; asko iraungo duten oinetakoak ikusten dira salgai, larru eta zola-goma sendokoak; artisau-lan asko ageri da, batez ere zur landua; artisau baten eskulanetan  umetako Aste Santuko "kirri-karra" aurkitu dut: jostailu erlijiosoak dirau oraindik hemen, duela gutxira arte komunista omen herrialdean. Stadtkirche, herriko eliza, mila koloreko eliza  txikia: Lutero agertzen den triptiko erraldoia da erretaula; Lutero gai dela beste triptiko txiki bat, erakusgai jarrita; presbiterioan sabairainoko erretaula gisako harri landuzko lan fineko taila lana; eliza erdian eta alde bietan dagoen korupeetan bankuteria zuri-gris garai deigarria; organo polita.

 

Haurrentzako hainbat tailer eta jolas kaleetan, nire eskolaurre gelan ametsa izanen ziren muntaiarako pieza erraldoiak, irudimenezko ekintza biziak: badirudi dendarien amua dela, baina ekimenotan dabilen umeteria eta gurasoteria ikusiz nabarmena da lurralde honetan irakaskuntza eta heziketari ematen zaion garrantzia.

 

Buchenwald kontzentrazio-eremua: lurruna zerion eremu osoari zaparradaren ondoren, atzo eguzkiak berotutako laba bailitzan. Mendi tontortxora mugatzen zen Dachau eremua; hemen mendi osoa dago gogorapenerako monumentu erraldoi bihurtuta. Badirudi etxeak berritzeko behar zen dirua, eremua antolatzen joan zitzaiela. Gizartearen edo zuzendaritza politikoaren filosofia ezberdina: gizarte berrientzat eskola edo mezu-gailu bihurtu nahi izan dute eremua, Erdi Aroko elizetan irudiak erabili ohi zituzten eran.

Errealitatean ikusi ahal da hemen pelikulek erakusten duten giro bera: hor daude osagai guztiak, barrakoiak, hesiak, labak, gas-tokiak…; pelikulek erakusten ez duten zabalera dute esparruok, izugarri zabala da; Dachaukoa laua zen, hau mendi magalean, aldatzean, dago. Zirrara sartzen du gizakiaren izugarrikeria noraino heldu daitekeenaren adibideak. Euskal presoen egoeraren adierazpen eta gomutagarria zaigun eremua; gaur egun ere errepikatzen da hori jokabide eta egoera bera zientu-erditik gorako gaur egungo gerretan, heldu garen ikusle eta bisitari gehienek gaur eta bertan gogoratzen ez baditugu ere beste eremuok, beste  kartzelok,  Mendebaleko agintariek eremu honetara mugatu nahi badituzte ere krimenak, beraienak estaliz..

 

Galtzadarri asko ikusten da errepidean. Ez dira Euskal Herrian  ohi diren tamainakoak, haien erdia edo txikiagoak baizik. Oso garbia da galtzada, autoan sortzen duen dardarizoa, aldiz, ez da batere atsegina.

 

Erfurt.

Berritzen ari den herri ederra. Eki Alemanian ere ez zuten tranbiaren kulturarik galdu. Bizi-bizirik ageri da hiria larunbat eguerdian, hiri biziaren itxura du. Umeen paradisua: plaza osoa ez ezik hiriko ertz guztiak daude jolas aukerez mukuru.

Udaletxea: harri landuzko gotiko ederra;  aurpegia garbitu diote, ia garbiegia ageri da. Bost begi zabaleko zubi luze bitxia: zubi-gaineko alde bietan etxeak ditu, etxepean dendak, jadanik kale itxura hartu du eta zubiarena erabat galdu.

Etxe eder asko: batzuk berrituak, eder itxura du hiriak.

Domplatz, “eliza-plaza”, goialdetik bi elizek edertuta: izugarri zabala da, osorik sartuko litzake bertan zenbait herri.

Dom Katedrala: 75 harmailen erpinean eraikia; bi ate gotiko, elkarren alboan alboka biak, elizpe berdinera jotzen dute biek; harrizko pulpitutxoa eliza bueltako plazatxoan, beheko plaza zabalerantz zuzendua, sermoia jendetzari bertatik botatzeko asmatua. Barnea: organo kontzertuaz bildurik ikusi dugu barnea, giro goxoan; osotasunean batasunik galdu gabe, bi zatitan estrukturatuta dago, argia du atzeko zatia, iluna berriz aurrekoa. Filigranazko aulkiteri harrigarria,  beiradura harrigarriagoa, taila, harrizko koadro, pintura koadro... Arte Ikasturtea osatzeko haina material dago aurreko alde ilunean. Bigarren zati argiak, gerratean hondatu eta ondoren berreraikia, hondakinetatik salbatutako edo suntsiketa aurretik gordetako artelanen erakusketa dirudi: bere lekutik kanpo bezala daude, hormetan erantsiak triptiko, koadro, taila, eta kontaezin artelan...; sabairainoko zurezko orratz puntazorrotza: zenbait katedraletan erlikitegia izan ohi da, hemen bataiategia da; han dirau San Kristobalen fresko erraldoiak erori ez zen orma bakarrean. San Seberiano eliza, katedralaren albotxoan, organo rokokò xarmanta du deigarriena; hemen ere sabairainoko orratza, harrizkoa hau, bataiarria edertuz.

Alde zaharra: kale sare  xarmanta, berritze lanek gatza kentzen badie ere.

Goruetan ari zen kalean amona bat, erakustaldiaren truke sosa batzuk jaso asmoz; argazkiak ere ez dira doakoak berarekin.

 

Nongo diru-kapitalak ari ote dira Erfurt ondoko urbanizazio berria jasotzen, bertakoak, federalak ala atzerrikoak. Sistema politiko aldaketak merkatu berriak zabaldu dizkio negozioari, espekulazioari ere. Putre asko hurreratzen da diru errazera.

 

Non eta Jaungoikoaren hain kontrakoa omen zen sistema politikoko herrialde honetan, hor daude elizak, lerden eta ondo gordeak; etxe asko, aldiz, hondatuak daude. Zaintza hori, ondarea gordetzeagatik ote, herriaren erlijioarentzako atxikimenduari men egiteagatik, ala herriak berak nahiago duelako elizak zaindu beraien etxeak egokitu baino. Auskalo.

 

Turista talde asko zebilen gaur egon garen bi hirietan, bakoitza bere gidarekin, burusoil eta buruzuriz osatutako taldeak denak.

 

Afari gozoa eman digu Bad Berka herritxo atseginak, Buchart herriak, ostera, aterpedun zubiaren ezustea izan da eskaini diguna.

 

Jendearen lilura sortuz, ia zuhaitz adarretan zebiltzan bi globo izan ditugu ikuskizun errepidean .

 

86 kilometro, kotxez.

Oinez egin ditugu gaur  ordu asko.

 

 

Ekainaren 2a. Igandea. 32.a

 

Kanpinean  gure aurrean bertan auzo hurbila dugun txakurrak eta Maria Luisaren izuak uxatu gaitu herrialdetik uste baino lehen. Saxonia lurraldera joko dugu.

 

Txirrinak jo baino bost minutu lehenago ekin dio euri ziztrinak, leunki, txakurraren alboan gera gaitezen eskatuz bezala. Txirrinak jo duen ordu berean izan dugu lehen zaparrada; denda lehortu eta biltzen hasterakoan bigarrena; atertu zain egonaldiaren ondoren jasotzen ari ginen unean bertan hirugarrena. Ateri tarte bat eskatzera mugatu zaigu berriz ere eguraldi itxaropena.

 

Ez dago kartelik Alemanian, ezta pintadarik ere. Garbiak daude horma guztiak. baina horma tristeak dira hauek, bizitasunik gabeko gizarte baten hormak. Herri otzanduaren seinale. Agian beldurraren eta zigorraren ezaugarri. Moteltasuna darie paretei. Txukuntasun faltsuaren usaia sumatzen da, zerbait zikina estaltzen duen garbitasuna.

Organoarena ez da autoan entzuteko musika, bai ordea elizan, batez ere katedral eder batean. Katedrala da organoarentzako auditorioa. Organoa, harrizko hormez bildua behar duen musika-tresna.

"Verboten" = "galarazita", Alemanian ere hitz sarria.

Duela bost urte soilik lurralde debekatua genuen hau, ezin ginen etorri. Lurralde debekatua, arriskutsua, komunista. Hemen gabiltza gaur, lasai, herririk herri. Mendebaldeko agintariek eta komunikabideek egiten zuten arbuiagarria hemengo politika. Agintean den ideologia beti da zapaltzailea, aurpegi hori erakusten ez badu ere.

Ikusten ahal dira lauzpabost solairuko zementuzko etxe merke monotonoak.

Etxaurreko espaloia eskobatzen duenik ere ikusi dugu, kale-garbitzailearen zain egon gabe.

Hirietan badira etxe-bloke handi inpertsonal eraiki berri-berriak. Demokraziarenak. Baita lauzpabost  solairuko zementuzko etxe tristeak ere, lurralde honetarako garaiak. Sozialismoarenak hauek. Langileak eta pobreak kabi berdintsua dute edozein dela ere politikaria.

 

 

SAXONIA,  ,

 

Dresdera bidean.

 

Maiatza ikusi dugu herritxo batean, Eki aldekoa ere bada, beraz.

Zeharo aldatu zaigu paisaia urbanoa: leiho eta balkoidun zementuzko kubo eta bloke handiak daude  hiri handi eta handi samarren inguru eta ertzetan. Arreak, ilunak, teilaturik gabe zabaltzaz bukatuak gehienak. Aldiz, etxe-bloke batzuk berdin lirateke autobidetik Errenterian ikusten direnak; balkoiak lorez udaberrituta dituzte hemengoek. Noizbehinka tximinia lainoetaraino garaiak ikusten dira urrutira, eliza-dorre zorrotz nanoak bailitzan.

Nekazari herri txiki askoren albotik goaz: ilunak dira, arreak, inguruko harrien kolorekoak,  etxetxo bakarkakoak, pintatu gabeak; noizbehinka agertzen dira komunakoak izan daitezken zementuzko korta zaharkitu itxurakoak ere. Asko dira ere bere lehenean iraun duten herritxoak; Alemania Mendebalekoen berdinak dira izan. Lur landu esparru bakoitza, dela gari edo belar saila, oso zabala da, mugarik ikusten ere ez zaiona askotan, auzolanean, auzokoek, herri osoak, landutakoak behar dute izan, jabego pribatua mugatua edo desagertuta zegoenekoa. Bi behi suitzar saldoa ikusi dugu larrean; gehiago egon behar du belarra franko dago-eta hemen ere; agian kortan gordetzen dituzte behiok.

Mc Donald-ek inbaditu du Ekialdea ere.

 

Dena da euripea, kanpinean bezala errepidean ere. Kilometroetako ekaitz bortitza ez denean, azpian zapaltzen gaituen berunezko laino giroa dugu; berunezko paisaia, begiek ez dute zulatzen errepide ertzetik haratago: inguru berdea eta teilatu ilunak, beste informaziorik ez du jasotzen ikusminak.

Ugariak dira bertako kotxe txiki famatuak, baina bide motxerako soilik agertzen dira errepidera, herri inguruetan, herritik herrirako ibilbide motzean.

Autobide osoa dago berrikuntza lanetan, dozenaka kilometroetako tartean sarri. Igandez ere lanean ari dira, presa dago nonbait kontrata bukatzeko, edo japoniarren antzera alemaniarrek ere ez dute atsedenik. Beharrezkoak ote dira berrikuntzok ala urralbururen baten leitzaranak ote dira hemengoak ere.

 

Kanpina.

Meissen hirian, Dresde-tik ez urruti.

Aterian jarri ahal izan dugu denda, lehortu ere egin zaigu, bustia bildu baitugu goizean.

 

Riesa.

Ez zituen merezi bera ikusteko 50 kilometro gehigarririk. Badu saltoki eta erakusleiho demokratikoz berritu duten  oinezkoentzako kalea, badu batez ere alboan zabal Elba ibaia, baditu parkeak, baditu bere garaian ederrak zitezkeen lorategiz inguraturiko etxeak, baina etxe iluneko herri ilun eta hila da igande arrats honetan. Bere lehengo zaharrean dirauen obraz beteriko herri zabal iluna

Ez dago tabernarik, ez kafetegirik. Ze giza bizitza mota ote hemengoa, zeintzuk ote harremanak, non hitz eta jolas, non irri eta barre. Hori dena ere eginen delako hemen ere. Tabernadunak baino hitsago ez direlako tabernarik gabekook. Beste kultura bat da hemengoa, beste portaera bat izan behar dute, beste era batetara bideratzen dituzte harremanak. Nola baina. Hori da ez dakiguna eta jabetzea kostatzen zaiguna.

 

Txanponez zabaltzen den ate automatikoa hondatuta bilatu dugu komun publikoetan, txanpon-kutxa hondatua du eta: bada demokraziaren esperientzia egiten hasi den sosik gabekoren bat hemen ere.

Emakume tzar bat ikusi dugu leiho txiki batean, gorputz erdia leiho betean kanpora, begiekin kuxkuxean, ugazabaren antzerako ikusmina zuen katua zuela bizkar gainean, lepo ostetik kirikika bera ere. Pelikuletan ez bada, bizitzan behin bakarrik tokatzen den bitxikeria.

 

Meissen. Etxe soltez egindako ingurua du; etxe politak dira, zaindu itxurarik ez badute ere. Zahar itxura galdu gabe, berritzen ari den antzinako herria da, zabal eta korrontean ia erditik doakion Elba  ibaiari begira. Noizbait zerbait izan zen herria, berritzen ari dena. Plazak badu berea, aukerakoa ez bada ere: elizak, udaletxeak, postetxeak, garagardo fabrikak eta jatetxe bilakatu den etxe moinonoak girotzen dute. Katedrala goian: gaurko eguna baino beltzago dago; aurpegia garbitzen ari zaizkio, aldamioz bilduta ditu dorre luze biak.

Portzelana omen hiriaren ezaugarria, garai batean fama eman omen zion lanbide nagusia.

 

Bailara erdiko Elba zabalak Rhin ibaiaren monoa dakarkigu, hemen garraio-ontziak bakanak badira ere. Zabala eta lasaia, patxada giroa damaio bailarari.

Riesa eta Meissen ingurua: edozein aldera begiratuz ere, bukaerarik ikusi ahal ezin zaion lurraldea,  ortziaren ertzean ere ez da mendirik; itsasoaren parekoa, lurra non bukatu eta zerua non hasten den antz ematen ez zaion lurralde zabala.

Gaztelakoa litzake herritxo bateko haize errota; lau hegal hori eta txapel gorri distiratsu ditu. Espainiako koloreak dituen arren, ez da hangoa, La Manchako errotak austeroak dira. Gorria eta horia: zein erraz biltzen dituzten Europan ezarri ziguten piparpotearen koloreak direlako euskaldunok arbuiatzen ditugun koloreak.

Nekazari herria da Elba inguruko lurraldea. Bertan ez da bidegorririk ikusten, bizikletak ere gutxi dira.

Nabarmen iragarrita agertzen da lurralde osoan Seat garajea, nonahi du garajea Seatak: izugarria da merkatua bereganatzeko autogileen lehia.

Oiloak gure txikitako oilategietan zebiltzan bezala dabiltza hemen ere, kaiolatik libre: gaurkoa ez den ikuskizuna.

 

Riesa utzi dugun unean lehertu zaigu gaurko bigarren ekaitza.

 

66 kilometro, Saxoniara eta Saxonian.

 

 

Ekainaren 3a. Astelehena. 33.a

 

Baso-soilgune batean kokatzen da kanpina, errekasto bizi batek zeharkatzen du erdi-erditik; basoa dugu babes aurrealdean eta haltz tantaia lagun auzo dugun errekatxoaren bestaldean.

Kanpineko berdegunean xarma sortzen zuen errekatxoaren zurrumurrua uholde-hots da gaur goizean. Lur koloreko bihurtu dira atzoko ur garbiak. Tximistargi bristadatsu eta trumoi grakada bortitzetan kulunkatuz luzatu ditugu goizeko lehen orduak, lozorro gozoan, zipriztinen eraginez denda barrenak busti bazaizkigu ere. Lur landua, agian larrea, zen duela gutxi basoko argiune hau; gaur egun berriz  gau baterako herriz-herriz goazen nomadek osatzen dugun herritxoa. Zokondo ikusgarria litzake kanpin hau eguzkia bagenu lagun. Karabanaz inguratuta gaude; tipikotasunagatiko barretxoak eta arkaismoaren harridura sortzen ditu gure denda bakar, bakan eta bakartiak; bart gaueko ekaitzaren ondoren espantuzko begiradak jasotzen ditugu gaur goizean.

Hezea baino bustia eta berdea gogoratuko dugu Alemania.

Errekastoaren murmurioa badator berera euri jasaren ondoren.

 

Ekialde honetan hurreratu gatzaizkien herritarrek ez dute ez ingelesik ez frantsesik ezagutzen. Agian errusiera da dakiten bigarren hizkuntza. Mendekotasunaren ondorioak antzerakoak izan daitezke alde batean zein bestean, hemen errusiera ikasi zuten bestaldean ingelesa.

Eskularrurik gabeko eskuz xaboitzen du komuna kanpineko morroiak, eskorga zaharkituaz maneiatzen da lanerako. Berdintsu txukuna da hemengo eta hango herri xumea, hemengoa, baina,  apalagoa da, bizi moldean zein janzkeran.

Bizitzari buruzko filosofia sendoa eta politikari buruzko iritzi sakona behar da Mendebaldeko bizitzaren kontrasteari aurre egiteko. Ene ustez ziri ederra sartu dio Ekialdeari Mendebalak, azken honen  merkatu-ekonomiaren onerako eta bestaldekoen patrikak gizentzeko; zenbat Mendebaleko, politikari eta bestelako, ez ote da ere profitatu eta profitatuko aldaketaz.

 

Pasaportea garantia bezala gorde kanpineko bulegoan, bakoitzaren datuak paper ofizialetan jaso… ez da ikusten horrelako formaltasun zitalik hemen, bezeroari konfiantza ematen dion herri sanoaren portaera dute; gure politikariek ostera demokrazia gazteegia dutela liokete, demokraziaren ezaugarria dirudi mesfidantza eta zuhurtasun gaixotia.

 

Ez nuke idazle izan nahi, ezta inolako artista ere. Barne araketa, sufrimendua, eten gabeko saiakera delako sentitzen dudana besteei bizi dudan bezala txukun adierazi nahi eta ahal izatea. Nahiko saila da berez ere bizitza.          

Koska berean oztopatzea hanka narraz ibiltzearen ordaina da batentzat, koska bera koskaegia izatea bestearentzat. Errua non, norengan, edo zertan jartzea da bizitzaren koska.

 

Uhinak bezala zabaltzen dira mendiak Alemanian, itsaso bareko uhin apalak dira gehienak, itsaso handikoak noizbehinka, behin ere ez itsaso haserrearenak.

Euri zaparraden ondoren, ez zaio hasi den itxurarik hartzen Elba ibaiari, baina lokaztu bai lokaztu zaizkio urak.

 

Bere baliabide urriekin jarritako txiringito apalak ikusten dira jendea dabilen inguruetan, lehengoak ote ala demokraziaren anparokoak.

Etxe ilunak, mortairuz itxuratu baina pintatu ere egin gabe bere mortairuan utzitako etxe ilunak. Bada pintatutako bakarrik, badira baita leiho inguru irtentxoa soilik pintatu dutenak ere.

Antzinako Euskal Herriko  errepide nostalgikoak dirudite errepideak, ia marrarik gabeko errepide soilak, ertzak berde, bihurgune asko; herritxoak zeharkatuz lasai gidatzeko ibilbideak.

Demokraziaren sinbolo, Coca-cola iragarkiak hedatu dira hemengo denda atarietan.

Auto saltzaileek amama egin behar izan dute demokrazia ezarritako azken   urte gutxi hauetan; kotxe pila ikusten da jada oraingoz, eta orain artekoa hasera besterik ez da; kotxe txiki komunista asko baitabil oraindik, kotxerik gabekoa berriz ugaria da, eta izurritea bezala zabalduko da kotxe gosea.

 

Dresde.

Saxoniako hiriburua. Oso zabal ikusten da urrutitik, zentral termikoarena dirudien ke-lainotan  dagoen tximinia eta guzti. Oesteko pelikuletan bezala mundu zibilizatuko mertzenario eta pistolari guztiak etorri ziren hiri honetara, komisario eta sheriffaren izarrekin mozorrotuta justizia egitera,  hegazkinak pistola ordez, bonbak balak beharrean, 35 mila gizatxar hilez eta hiria birrinduz, bi eguneko bonbardaketa parrandan. Hokirch elizako argazki erakusketan zirrara sartzen du argazkietan ikustea nola gelditu zen eliza eta hiria duela 50 urte. Mendekatu eta betirako eskarmentua ezarri zen aliatuen helburua. Birjaso, berritu eta garbitzen xahutu behar izan zituzten dirutzak alemanek gerra ondoren. Ez zuen nahi izan bataila irabazte soila bonbardaketak, etsaiari betirako lepo moztea baizik.

 

Hiri argi zabala. Elba ibaia du arnasbide, bertara irekita dago, bertatik datorkio argia, berak  sortarazten du hiriak erakusten duen patxada giroa. Aspertzen ez duen hiria. Dena da beltz hiri zaharreko harrietan, beltzagoa ezin da izan hiri zaharra; kutsaduragatik  agian, ber-bertan baitaude, ia-ia hiri barruan, argindar zentrala dirudien zezen-plaza baten borobilera duen tximinia erraldoia, gehi beste bi, aurrekoak zabaleran duen erraldoitasuna altueran dutenak, zeru guztia lainoz betez. Bilbokoei  bezala, Dresdeko eraikinei ere garbitu orduko belztu egiten zaie aurpegia. Garbitu berriak dauden estatua eta harriek erakusten dute zein ederra behar zuen Dresde klasikoak, antzinakoak. Dena hain beltz ikusteak pentsa arazten du suntsiketaren eta bonbardaketaren ondoren gelditu zen bezala utzi nahi izan zutela, agian komunisten demokratenganako salaketa edo suntsiketaren oroimen bezala: “Frauenkirche eliza horrela utzi dute, geratu zen bezala”. Baina ez, ez zen ezer zutik gelditu, berreraiki egin zuten dena; ondoren belztu da hiria. Baina kontraesana badirudi ere bere belztasun eta guzti, bueltatzeko irrika argitzen du hiri beltzak. Ikuslerik ere ez zaio falta, jubilatu presatiz betetako etengabeko autobuskadak heltzen baitzaizkio

 

Hain beltz egonik ere, edertasun asko du bilatu eta begiratzeko. Antzerki Plaza: ikusgarria da, zabala, eraikuntza ederrez inguratuta edo mugatuta; badu berea. Antzokia: ateburuko gangatxoan hiru graziak marraztuzko mosaikoa du deigarriena. Zwingen: bere barne patio edo plazaren handia, eraikuntza klasikoz bildua. Hokirche: gehiago da antzokia eliza baino: barne zuria, arku garaiak, balkoiak, plateak, argi-armiarma, organo doratu polita, ezer barrokorik bada barrokoa den pulpitua...; triptiko eder batek eliza kutsua  ematen dio, erlijio jitea. Brhlsche: Elba gaineko zabaltzatik ibai zabala eta eraikuntza beltzak lotuzko ikuspegia, lasaia eta ederra da. Palazioak: hiria ez dago jauregi eskasian, aberatsen etsai porrokatu komunistek birjaso egin baitzituzten herriaren altxorra gordez; gaur egun museo dira edo berrikuntza lanetan diraute; jauregi batean badira 30 basahuntz-buru inguru patioko horman, zutabe gainean gehienak konde ehiza zaleren batek bazela erakutsiz; bada ere horma bat 100x7 metroko frisoa duena jauntxo-agintarien irudiak axuleiu apartetan azalduz. Frauenkirche: gerran geratu zen bezala utzi nahi izan dute: alboan erakusketa edo biltegia dago ikusgai, elizako hondarretatik ateratako harlandu eta artelan hondakin sailkatuz osatuta.

Antzinako kaleak: erdigunetik at, zikin plantakoak, bizpahiru solairuko adreiluz egindako etxe ederrek osatzen dituzten kale zaharrak, betikoak, handikiak, zerbait izan zirela usaia darienak. Bakarkakoak dira gehienak, bi portaleko multzoak gehienez, bere lur zatitxoa dutela inguruan, hiriak beste patxada bat zuenekoak. Erakusleiho asko dago kaleotan, denetik eskaintzen dute: betikoa du nonbait oparotasuna hiriak, demokraziaren bost urtetan soilik zaila baita dendateria hau dena gauzatzen.

Hondakinen ostean, plaza eta kale zabalez eta etxadi handiz jaso zuten hiri berriak ez du nortasunik, zabala izatearena ez bada. Kale zabalok nondik zeharkatu ere ez zuten jarri eta bakoitza dabil galtzada ahal duen lekutik gurutzatuz. Badira ere hiri buelta guztietako etxe-bloke erraldoiak.

Hiri barnean, demokraziaren ekarpen eta aitzindari, saltoki deigarriak, bezeroak edozein baldintzetan langile izatera  behartuko dituztenak, erosi beharraren esklabo. Auto eta parekoen saltoki erraldoiak ere ugaldu dira hiri bueltan, demokraziaren eredu.

Hemen ere, dena da obra, dena unleitung, atzerritar gidariok noraezean galduta norabiderik gabe uzten gaituzten desbideratzeak.

 

Amonatxoa ikusi dugu dendako kaxan diru berrira ohitu ezinik, galduta.

Horiak dira oraindik tranbia denak, iragarkiak jarri dizkiete jada; merkatal kanpaina bihurtu dira lehengo slogan politikoak; politika hau ere, politika berria.

Urre kolore biziko irudiz bukatuta daude dorre denak, distiratsu hiri beltzeko arratsalde ilunean.

Paladun gurpilez bultzatuak, pelikuletan ikusi ohi diren Luisianako Mississipi ibaiko baporeak dabiltza Dresdeko Elba ibaian, turistak diru truk ibaian paseatuz.

Bidegorri asko dago Dresden, baina ia ez dabil txirrindurik.

Montserrat Caballè ageri da kartel batean abaniko bat eskuan; espainiartasuna hobeto saltzen da nonbait katalandartasuna baino. Jose Carreras ere ikusi berri dugu nonbaiteko kartel batean. PSOEko Kultur Ministro ohiaren liburua ere ikusi dugu alemanera itzulia, liburu-denda batean salgai.

 

Lortu dugu autoari olioa eta erretako bonbilla aldatzea. Epopeia bilakatzen da Dresde arrotzean arrunkeria litzaigukeena Euskal Herrian.

 

83 kilometro, markagailuan urriak, baina unleitunak direla eta  nekatu gaituztenak.

 

 

Ekainaren 4a. Asteartea. 34.a

 

Hondakinen birziklapenerako 6 bilgailu ezberdin dugu kanpin honetan ere.

 

Herri xarmant txukunduak izango dituzte aurrerantzean Eki Alemanian, baina langabezia ere bai. Bi aukera beraz: aukera nork egin, hor datza gakoa. Hauteskundeetako botoez ez direlako egiten honek aukerok, goragoko mailetan, aurreragoko erabakietan, bestelako botere bulegoetan baizik.

Bide-sare berria sortzen ari dira Dresderako sarreran; bertako herri pobreak ordaintzen du, ez da sistema politiko berriaren opari bat..

Herriak ze aldaketa nabari ote du sistema politiko berriaren ondoren. Interesatzen zaigu erantzuna, baina erantzunik aurkituko ez diogun galdera da.

Hitlerrek egindako autobide sare nagusia ikusiz garbi dago interes estrategikoak zituela diktadoreak, aurreikusia zuela gerra.

Leipzig bidean etxe baxu ilun eta teilatu beltzeko herritxoak dira deigarriak, bizitasunik gabeak, oso herri diskretuak direlako akaso. Noizik behin  tximinia bat lautadan, fabrika baten seinale, edo lur mugimendua, eraikuntza berri baten  adierazle. Bada herri-granja izandakorik ere. Fruta arbola sail landu bat, inguru honetan lehenengoa, ia bakarra; orain arte ikusi ditugunak berezkoak, naturalak, baitziren.

Bigarren haize errota gaintxo batean; hau ez da beste herri batean ikusitako espainiar patriotero hura, hau La Manchako errota da.

Loradenda asko dago Alemania osoan, ia gehiago oraindik Eki aldean.

Leipzig inguruan bertan  federalek eta izen handiko enpresek muntatu dituzte fabrika, bulego eta ohizko muntaiak. Lehengoak, ordez, ugertuta,  fantasmak dirudite alboan; porrot egin dute ala porrot egiten utzi diete negozio-bide berriak jaso ahal izateko, ezaguna baita kapitalismoaren despilfarro, zarrastelkeria, beldurgarria, gizartearen onura baztertuz, bakar baten onerako edo gizartea bakarraren interesen arabera erabiliz.

 

Leipzig

Urruti batean ikusten dugu eraikin erraldoi bat.

Kultura hiria. Bostehun mila biztanle ditu; zabala dela sentipena bizi dugu sarreratik bertatik; kilometroak egin ditugu erdirantz hiri barruan. Gure hirietako etxeekin konparatuz altuera txikikoak dira sarrerako kaleetako etxeak, ez dira Dresde sarrerako landetxe itxurako etxetxoak ere; jarraian, bata besteari atxikiak, kalea osatzen duten hiruzpalau solairuko etxeak dira. Ederrak eta politak dira izan, adreiluzkoak gehienak; nortasuna erakusten dute, baina zaharkituak daude jadanik, utziak bezala, azala galduz joan direnak.

Handiki dotorea ikusten da, tranbiek ere ematen diote dotoretasuna eta patxada. Hiri handia, zaharra eta zaharkitua, izan zena eta kaledian barrurago ikusiko dugunez izan nahi duena, hori da uzten digun lehen inpresioa.

 

Itsasontzi erraldoi baten branka itxura hartu du urrutitik ikusi dugun eraikin garaiak.

Ezin zaio alde zaharra deitu, erdiguneak edo hiriko bihotzak mendebaleko edozein hiriren itxura hartu du; aurpegia garbituta, dir-dir egiten dute etxe eder guztiek, firma famatu guztiak kokatu dira begi-bistan. Gaurkoratze ahalegina ez da gaurkoa soilik, ikusten da Gobernu Demokratikoak ere eman nahi izan ziola lustrea hiriari eraikuntza handi ederrez. Galipotezko zorua arrailduta badu ere, zabala da oinezkoentzako eremua. Kultur hiriaren planta du eduki erdiguneak: Lutero, Bach (bada izen berdineko herritxoa inguruan), Wagner, Goethe… hemengoak ziren edo hemen ibili ziren. Xarma du, jelatua xurgatuz paseatzeko espazio zabaleko hiri lasaia, inguruari so ibiltzea eskatzen du. Asko dira eraikuntza ederrak, aurreko sistema politikoak eraikiak, asko dira plaza atseginak,  baita lehengo herriaren saltoki ederrak ere, gaur egun pribatuek birziklatuak.

 

Erdigune albotxoan dago aipatu branka erraldoia, hiria menperatu nahiko balu bezala.

Obretan borbor dago hiria, baina batez ere erdigunea. Makineria erraldoiak sartu ditu bere triskantzarako besoak, marruka; auskalo zenbat dezibelioko marru hotsa den kaleetako obren hotsa. Harrigarria da zenbat eta zein erraldoi eraiki den azken urte gutxi hauetan, sistema politiko berria sartu ondoren, Berlingo horma bota ondorengo urte labur hauetan. Ikusi egiten da aldaketa; miru harrapariek jaso dituzte bere kabi erraldoiak, erdigune osoa inguratuz kuku digantea bailitz, txorino gizajoa  arrautzarik gabe utzi eta bereak hasi ditzan. Ezin dut onartu izan zen Gobernu Demokratiko hura, baina Gobernu Federala okerragoa eta bortitzagoa da, harrapariagoa, zarrastelagoa, xahutzaileagoa, herri suntsitzaileagoa, sakonetik, errotik delako zapaltzailea.

 

Geltokia ederra izateaz gain erraldoia da; komunisten garaikoa, langile kariatideek eusten diote teilatuari; berrikuntza orokor izugarrian murgilduta dago. Begi-bistakoa da nola sistema politiko ezberdin bakoitzak, aldatuz eta handituz, bere egin nahi izan duten geltokia. Gobernu Federala ere ari da bere aldaketa egiten, errotik egin ere: obra digante bat da gaur egun geltokia.

S. Nikolas elizari grada eta korupeetako bankuteria numeratuak, zutabe greko sendoek, barne osoa biltzen duen solairuko koruak, zutabeetatik gora sabai berdeak, erronboz dotoretutako presbiterioko sabaiak… antzoki itxura petoa ematen diote. Grada erdiko kandelatxo piztuek gogoratzen dute eliza hau erabili zela, mendebaleko komunikabide guztiak oihartzun ozen zirela, gobernu eta sistema komunistaren aurka ekiteko, Euskal Herrian taldetxo izenez bakezaleek erabili ohi dituzten bezala antzerako baliabideak herriaren askatasun nahia suntsitzeko, tartean borondate onekorik bada ere. Aitatzekoak: Kristoren Pasioa marmol zurian zizelatutako lau koadro eder, baita, Jesukristo goian eta Amabirjina behean, gurutze estu luzanga naif pintatu xarmanta.

Thomaskirche: organoa afinatzen ari ziren aurten 500 urte betetzen dituen eliza gotikoan; Bachen eguneroko kontzertu antzokia da izan eliza, bertan izan baitzen organo-jole musikari ospetsua.  Bachen garaian bezalatsu, zurezko egur koloreko banku bereziak pulpitura begira daude; zurean tailatutako triptikoa da erretaula; barne buelta osoan luzatzen da korua hemen ere. Presbiterioan 1573tik 1953ra arteko erretore edo predikarien erretratu pintatuak, "kristauak lehoietara" gaiaz  harrizko  taila filigranatu aukerakoa, jauntxoen irudiak hormetan ezarritako harritzarretan.

Udaletxe zaharra: oso erakargarria, bere kolore argi, dorre, ordulari bizi eta urre-kolorez; museoa da gaur egun.

 

Hainbat garabi tantai luze dira gaur ezinbesteko irudiak Leipzigeko paisaia urbanoan, orube hutsune guztiak kristalez eta zementuz bete asmoz.

Bazen gizon bat errepide azpiko pasabidean, kaxa bat salmahai, bere ortuko barazki saltokia jarri duena, letxuga eta errefautxo edo errabanilo batzuk besterik ez baziren ere. Lau ordu geroago han jarraitzen zuen letxugok saldu ezinik. Hau ere plazan saltokia duena baino okerrago dago: beti dago okerrago dagoen bat.

Souvenir bezala errublo errusiarrak saldu nahiz inguratu zaigu gizon bat. Ezagutzen zuen Euskal Herria badela, baita askatasunaren aldeko borroka daramagula ere. Etxean ditut Errusiatik ekarritako errubloak eta ezin izan diot eskaintzen zuenik erosi.

Antikuarioetan gauza apalak, xumeak, saltzen dituzte; kuriosoak, bitxiak, ere bai. Ez dira gureetako eskaintza oparoak, ez dira denda eder garestiak. Badirudi etxeko pitxiak eta antigoaleko gauzak atera dituztela dirutxo bat ateratzeko esperantzaz.

Ez dago Federalean hainbat Apotheke edo farmazia, baina egonen dira; negozio bada behintzat, botika merkatua emankorra da izan.

Rialto pizzeria, zine aretoak zeukan Eibarren izen hori.

Trinkoa eta zabala da italiarren pizzeria eta jelatu sarea.

Gaur ere "La paloma"  jotzen zuen kale-musikari soinujoleak.

Dirurik ba ote da denda eta saltokietako eskaintza guzti horri erantzuteko?. Mehatzetako barrakoi famatuen itxura du honek: lana sortu, soldata ordaindu eta bertan erosi arazi.

Leipzigi eman egin behar zaio berea; merezi zituen ez dakit zenbat baina asko izan diren gaurko kilometroak.

 

Itsaso berde batean egin dugu azken ibilaldia, mugagabeko lautada berdean.

Zuri azken eguzkira, urkiek egiten dute errepidearen muga kilometro luzeetan; ondoren, arte ilun sendoek. Ikuskizun bitxia da astigar edo antzerakoak ikustera ohituta gaudenontzat, bitxiago kamino bazter guztietako zuhaitzak botatzen doazen herrialdekoontzat.

Polita zen arratsalde beranduan gidatzea.

 

 

Ekainaren 5a. Asteazkena. 35.a

 

Beti dut inorentzat eta hutsean idazten dudan sentipena, norbaitek noizbait nire lerrok irakurriko dituen itxaropenaren arnas lurrinez hezatuta. Bihar itxaropen bihar. Inkontzienteki, bakardadetik ihes egin nahian marrazten ditut hitzok, nolabait barrena hustu  beharra, barruko hautsak astindu behar instintiboa. Nire ezerez eta ezinaz jakitun, noizbait norbait etorkizun infinituan irakurle lotuko zaidan neuretzat ere isileko ilusio apala, ezinaren gotorleku barru-barruko  aire xafla eta argi izpia.

 

Hemen egon zen komunismoa baino gaitzesgarriagoak ditut kapitalismoa eta sostengatzen duen sozialismo sozialdemokrata, askatasun guztiak, eskubide guztiak erroagotik suntsitzen dituelako, suntsipen hori itxuraldatu, mozorrotu, egiten badu ere. Ondo-bizi gehiago egiten ditu, behartsu gehiago eragin ere bai. Indarkeria legez itxuraldatu eta mozorrotzen du; ondorioz, sakonago, bortitzago darabil, bere izaera eta iraupenaren ardatz bihurtuz.

 

Helduen matxinada, altxamendu zibila litzateke Euskal Herrian bizikletariek hartuko balituzte espaloiak. Alemanian, berriz, elkarrekin dabiltza espaloietan oinezkoak eta txirrinduak lasaitasun osoan. Kulturak eta ohiturak baldintzatzen dute bizitza. Euskal Herrian txirrinduek autoekin lehiatu behar dute aurrez-aurre, beti arrisku bizian, zezen-plazan toreatzailea zezenarekin bezala. Hemen ohizkoena den oinezko eta txirrindu zaleen elkarbizitza ezinezkoa da Euskal Herrian gaur egun.

 

Kuku bidaiariaren kantua izan dugu gaur ozenago edo hurrago, kanpin guztietara jarraika bailebilkigu, agian baikenbilzkion.

Ekaineko eguzkiak txanda hartuko balio sikiera Maiatzeko euriari!. "Bihar itxaropen bihar”..

 

Eliza-dorrea ez da herritxo guztietan ikusten, bai ostera herri nagusietan; dorre ederrak dira.

Ez dugu Maiatzik ikusten bailara hauetan, ohitura ezagatik, agian jadanik Ekainean sartu garelako. Euskal Herrian ikusten ez den lupuluarentzako posteek harrapatzen dute lurralde zabala Bautzenen, baina zatitxoa besterik ez dago bizirik, azpiegitura hor dago, uztarik ordea ez; Munich inguruko federalek birmoldatu dituzte hemengo nekazariak ere, lupulua ez da jadanik emankorra nonbait.

Aspaldiko partez arto-sailak agertu zaizkigu, oso sail zabalak, hemengo uzta-lur guztiak bezala, herriarenak edo komunalak segur aski duela gutira arte,  norenak ote gaur egun.

Pare bat bikote, laurak nagusiak, ikusi ditugu bakoitza bere sailtxoan eskuerarekin belarrari buelta ematen. Hauek badute bere lurra, beretzat landutakoa.

Ilun diskretuak diraute herriek, baina bada herritxo alairik ere, argiago pintatuak eta teila gorrixkakoak.

Kiratsa dario soroetan zabaldutako simaur likidoari, Alemanian ere.

Urralbururen baten leitzarana, Dresdetik ia Gorlitzera bitarteko 80 kilometrotako autobidea, dena da obra, dena batera berriztatuz, dena dago jasota, dena hautsa, dena kotxe ilara, dena bide estua. Errepidetik eginen dugu etxeratzea, lasaiago, garbiago eta gozatuzago.

Makineriak ere Mendebaldean baztertutakoa dela dirudi, han zaharkitutako dena bota bailute hemengo pagotxera. Ez da ikusten behintzat Sakanako autobidean erabilitakoen antzerakorik. Bigarren eskuko tresneria darabilte hemen. Bada jeltzale iturgin ugari ere hemen.

Pena ematen dute utzikeriaz hondatutako herri-granjek, oso irudi tristea dute. Herriaren on-biderrez balitz sikiera, baina gutxi batzuen onerako besterik ez dira baztertu herri-granjok. Herriaren ondasunak xahutzea ez bada hori, zer da zarrastelkeria.

Telefono mugikorren antenak heldu dira Alemaniako ertzeraino, Poloniako mugaraino.

 

Herri banaken izenek euskal kutsua dute: Gorlitz, Bautzen, bada Borda izenekoa ere.

"Pension" gaztelerazko "pensiòn" bera da, ostatua; diru-ordain fixo iraunkorra ere esan nahi du.

 

Bautzen: oso herri polita ikusten da autobidetik, hiribildu trazakoa, aspaldiko herri zaharraren taxua damaio teilatueria baxu gorri zorrotzak; hiru eliza-dorre eder, gazteluarenak izan litezken beste bi dorre; teilatu sendo garaia du elizak, zabal piko mardula. Eki-Iparraldetik ostera dena da bloke gris pila zabalera handi batean.

 

Gorlitz

Izugarrizko hiria izan zena, hiruzpalau solairuko etxe dotorez osatutako kaledi luzeak erakusten duenez behintzat. Badirudi aberatsak soilik bizi zirela bertan. Egun zeharo hondatuta daude etxeok, berritzen hasi badira ere, zaharrean dirau hiri zaharkituak. Oso eraikuntza apartak eta bereziak dituenez, eta berrikuntza lanek astindu dutenez, urte gutxi barru, itxuraldatzen dutenean, etxeak garbitu eta pintatu soilik egiten dutenean, turista-gune berezia bihurtuko da; orain betiko heldu eta jubilatuok gabiltza, gutxi batzuk bakarka, taldeka gehienak.

Dorreak azpimarratu behar, horien artean hiruzpalau erloju dituen bat, aparta, inguruko herrietako armarri pintatuekin, garaia, dena leiho.

Udaletxea, Apotheke xarmanta, etxe barrokoak, antigoaleko plaza klasikoa, kale eta kalexkak, aurreko zementuzko losa merke eta praktikoez tartekatuz galtzadarri zola...

Katedrala: gotikoagoa egiten dute beiradura zorrotz goranzkoek; pulpitu rokokò zuria da nabarmenena; organo koloretsua eta bataiarria dira, aldiz, deigarrienak; telebista ari zen kontzertu batetarako muntaia prestatzen, izugarria da gaur egungo teknikak behartzen duen bitarteko guztia. Eliza berezi bat: ez dakit ze santu edo erlijiokoa; estruktura ezberdina du; bi eliza bakar batean bilduko balira bezala; eliza protestanteetan ia normaltasunez ikusten dugun bezala,  pulpitua da elizaren muina, bertara zuzenduta dago bankuteria; lurralde guzti hauetan ohizkoa den bezala ere, eliza-buelta osoko koroa du; ia Alemania osoan ikusten dugun, hotzagatik-edo, oholtza gainean dago bankuteria; gehienetan bezala, bankuteria sendoa; eliza guztietakoak diren triptikoak eta sabaiko nerbio polikromatuak izan zaizkigu deigarri, baina batez ere  tutik ulertzen ez nion amonatxo begi-okerrak argazkirik ateratzen utzi ez baina bere postala bildumarako erosi behar izan diodan Ecce Homo potxoloa, Tenerifekoak gainditzen dituena. Frauenkirch: lora sortaz apaindua zegoen elizpea, sarrera gozatuz; berotze lanetarako tutu erraldoiak ditu buelta osoan elizpeko sarrera berak ere: agian jendez kanporaino egoten da eliza, edo eskaleek egiten dute lo bertan. "da" edo “zen”; "dute", agian “zuten”.

Museo pila dago hirian.

Geltokia: argi-armiarma dotoreak ditu, mugakoa izaki, itxura ona eman nahiz-edo atzerritar bisitariei, Moskuko metroaren oihartzuna ez bada.

 

Hamar urtera egonen da guztiz ederra Gorlitz. Garbitua, berritua. Agian goizegi etorri gara Eki Alemaniara. Agian beranduegi, aurreko politika aldiko jitea galdu duelako. Nork daki une egokian etorri garen, zenari nolabait antz ematen diogulako, eta izango denari usaia hartu ere bai.

 

Ibaia da zati luzean Poloniarekiko tarte nagusia, muga; sartu-irtenerako muga ofiziala, aldiz, kale soila da; kalearen beste aldea Gorlitz poloniarra da, aurreko espaloian diru ezberdina dute, beste legedi bat, bestelako agintariak, ezin da kalea luzeran zeharkatu pasaporte eta poliziaren  baimenik gabe; hizkuntzaz ere bi herri egin ote dituzten galdetzen genion elkarri. Handikien aginpiderako gizakiaren  artifizialkeriak ez du ez mugarik ez neurririk. Aurre-aurrean, parean, nuen etxadi soilari, nahi izanez bestaldera joan eta bertan paseatu besterik ez nuen kaleari, argazkirik ezin niola atera esan dit polizia poloniar inuzenteak; bera zerbait badela azaldu behar duen leloa izanen zen.

 

Muga egiten duen ibaiaren ertz alemaniarrean jende bat ibai gaineko zabaltzan zegoen  garagardo-basoen aurrean maietan eserita, 50 metrotara, ibaiaren aurre-aurreko bazterrean berriz, arrantzan ari ziren poloniar batzuk. Kontrastea, mingarria ez dakit, bitxia behintzat bazen. Alde bietakoen denbora-pasa edodenborra- pasa-behar ezberdina.    

Gureetan ez bezala, hauetan edozein koska edo baztertxotan, bankuetan zer esanik ez,  esertzen da jendea kontu-kontari edo egon alde.

Taldekideen aurpegietan ezagun da turista-giden etengabeko hitz zaparraden aspertua; ordaindu egiten dute gainera gida!!!.

 

28 graduko beroa izan dugu gaurkoa Gorlitzen.

 

Ernegatu ere gabe atera gara oraingoan hiritik!.

Itzuliko errepideak ezer berririk ez badigu oparitu ere, joaneko autobidea baino atseginagoa eta lasaiagoa izan zaigu: gereziondo mardul ilara zabalak ale oraindik berdeak gizentzen, burua jadanik egin zaien gari-sailak horitzeko gertu, ia erortzear zegoen zeharkako eguzkiaren eraginez ia hori ikusten ziren gari-lurrak, Bautzeko elizetako dorreak azken argira marra ilun luze ortzian sortalde herrietako minareteak bailitzan, dorre karratuaren gainean dorre puntazorrotz bikoitzaren grazia zirraragarria...

Egon badago, baina telefono mugikorra ez da  Italian bezain agerikoa; hango oilar edo oilandakeriarik ez darabil jendeak bere telefonookin. Italiako moto-karro edo antzerakorik ere ez da ikusten. Hemen behar ere ez dute behar baratzeetara joateko edo tresneria eramateko tramankulurik,  hemen ez baitute, ikusten dugunez, etxeetatik urruti baratzik, ia-ia ezta baratzik ere.

Aspaldi ikusi ez dugun eguzki gorri borobila aurrez aurre sartzen ari denean egin ditugu gaurko kilometroen azkenak, barrenak ere gorri Elba agurtuz, hemendik ere bagoazen sentipenez.

 

Ez dakit Tere Irastortzak berak hala dioen ala bere poemaren bat irakurri ondoren idatzi nuen "Presetako urak erritmo bat du, errekak berea".

 

 

Ekainaren 6a. Osteguna. 36.a

 

Korpus edo Asentsio Eguna da gaur. Jaieguna Alemanian ere.

Hildako arrain bat aurkitu dute umeek errekastoan. Beraz egon badago arrainik, errekasto bizia da, bizi da errekatxoa. Basoa ere bizi da, txori-kantu sinfonia entzun entzuten dugun arren, ez dugu txoririk ikusten, atzo ilunabarreko errekastoko birigarroa izan da ia bakarra.

Ez dakit zeri diodan nostalgia xumeagoa, zurrumurruz beti presente dagoen errekatxoari ala bospasei kilometrotan auzo dugun Elba ibai bere joanean lasaiari.

Izango ote Berlinen  kuku bidaiari kiderik, orain arteko pausalekuetan izan dugun bezala?.

 

Lurralde hotz eta euritsuetarako behintzat denda ez erabiltzea erabaki dugu. Karabana txikiak ditugu orain gure begi-zuloen betegarri, ez diegu begirik kentzen; gure premia non, ardura ere bertan, interesguneak berea du jakin-mina.

 

Galdetuko nioke norbaiti Berlingo kanpinaren berri, kezkati bainauka, baina buru-eragiteak eta irribarreak ez du horretarako balio.

36 egunetan gaur jaso dugu lehenengoz arazorik gabe, lehor, denda. Lainopetan beti, ilargi betea izan dugunik ere ez gara jabetu!.     

 

Askenez ohitu egiten zara dioten edo dizuenetik ezer ez ulertzera, inguruko iragarkien berririk ere ez izatera, deskonektatu egiten zara berez, zeureenez, zeurean jarraituz; zeure senez, berez, jarraitzen duzu besteen martxa, ezer ulertu ez arren, hanka-sartze handirik egin gabe.

Huskeria izanen da agian, baina bai bada zantzu ezaugarria: betiko argindar entxufe arruntak diraute oraindik denda eta karabanentzako Ekialdeko kanpinetan.

Ekialdeko bi kanpinetan ez digute pasaporterik erretenitu: gizakiarekiko konfiantza jatorra, betiko hitzezko harreman sanoa edo eskarmenturik eza erakusten du. Agian enpresari berriaren lotsa, konplexu edo erreparoa. Kapitalismoko gizarte zaharrak, negoziora ohitutakoa, legedia ere egokitua du, aspaldi galdu zuen lotsa.

Mila jazoeraz frogatuta dut gazteak ez direla helduok bezain berekoiak, ez daudela beti beretxoak zainduz, bere gauzen bezero.

Erlatiboa da bizitzeko baliabide eza edo pobretasuna ere; pobretasun absoluturik ez dago. Alboko jabegoaren konparaketa da bakoitzaren pobretasun neurria. Gure artean pobrea dena aberats daiteke beste lurralde batean. Gure denda hau ibiltari pobreen tresna da gehiengoaren karabanekin konparatuz, aberastasuna, berriz, dendaz ere atera ezin daitekeenarekin alderatuz. Barne pobrezia beste maila batetako aberastasuna da. Baina erabateko pobre erreal fisikoak egon badaude. Nire hauek, gutxieneko zerbait dutenaren oldozpenak dira.

Hiru emakume zebiltzan errepide bazterreko zelai publikoa, estatuarena edo herriarena, moztu eta garbitzen. Bada sozialista herrietan  emakumeentzako lanpostua gizonen esparrua izan ohi den maila publikoan, mendebalean ez bezala.

 

Semaforoa noiz gorriz izango zain, asun hesiagatik ez balitz esku-eskura leudeke gerezi gorriak arbolan. Aspaldikoz!.

Lurralde honetan kotxe berri asko bai, baina gidatzeko kulturarik ez dagoela  esango nuke. Ez da ikusten Mendebal Alemaniako bestearen zain egote, bide emate, tartea gordetze eta elkarrekiko gidarien errespetua. Gidari berri eta urduri asko dago, abiadura errazaren morroi.  Bakoitzak inprobisatu egiten du hemen bere maniobra. Aberastu berrien aberastasunarekiko jatortasunik eza.

Errepide kontrako etxaurretan kolore anitzeko guardasolpetan uretan jarritako lore sortak ikusten dira, aurrean itsulapikoa; pasoko jendeak hartu eta ordaindu dezan, lore salmenta automatikoa, sosa batzuk atera asmoz autozerbitzua.

 

Azken begirada dorre  kutsaduraz beltzei eta tximinia erraldoi kutsatzaileei. Bagoaz Berlinerantz.

Poloniar asko dabil gaur errepidean, jaieguna da Polonian nonbait, ez baina Alemanian, autobidean behintzat jota ke lanean dabiltza eta. Txekiar kotxe banakaren bat ere ikusten da.

Teknikari alemaniarrek ere ez dute konpondu kotxe butxaduraren arazoa; orduetako eta kilometroetako geldialdia da Dresdetik irtetea.

Berlinera autobidea ere dena da berrikuntza, dena da lana; errukirik gabe mozten dute gainera bidea. Hitlerren zementuzko autobideak dirau tarte luzeetan, hondatuta, zartatuta badago ere. Errepide nahiz autobide hauetan ez dago ez goiz ez berandurik, noiz ateratzen zaren badakizu, helduerako ordurik ordea ez. Edozein ezuste da hemen litekeena. Marko asko ekarri behar bada beste Alemaniara, pazientzia ekarri behar da alde honetara, dosi handitan ekarri ere gainera.

Bidaiak. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/07/12 11:55
Frankonia. Nurenberg, Wurburg, Jura Mendiak, Bayreuth, Bamberg, Frankische Scheweiz, Coburg, Tubinga basoa.

FRANKONIA

 

Nurenberg.

Jauntxo-herri itxura duen harri gorrixkako hiri gorrikara. Harri lauki zurizkoak ditu kaleak, filigrana eta apaindura berezirik gabe, sendo eta dotore plantakoak etxeak, baita eraikuntza aipagarri ederrak ere. Ibiltariak ez daki zeintzuk diren gerran zutik gelditu ziren hormak, zeintzuk berreraikitakoak, erabat suntsitua izan baitzen kalez kale defendatu zen faxisten hiri kutuna. Irlak sortuz  grazia berezia ematen dion ibaiak bitan zatitzen du hainbat zubi sendo duen hiri hau.

Iturriak aitatu behar dira: zortzi brontzezko titietatik ura botatzen duten 4 graziena; besoan daramatzan bi ahateri mokotik una darien gizontxoaren 1500.ekoa; "Ezkontz karrusela" iturria, ezkontzari buruzko irrigarria, hala nahita  traketsa, berezia, brontze eta ur multzo erakargarria gertatzen dena; aipagarriena gorriz eta urre kolorez polikromatutako plazako dorretxo gotiko zorrotza, zementuz estaliz babestu zutelako gerrako birrinketatik salbu atera zena.

Garagardotegi atsegina bihurtu den  garai bateko gatz eta ale biltegia eraikuntza; Strasburgoko ospitalean lehenengoz eta beste hainbat eraikuntzetan gero ezagutu ditugun leihoak, oso bertakoak omen direnak; ondo zaindu eta berritutako antzinako etxeak, dorreak eta ibiltoki aterpedun diren harresi garaiak, gaztelua hiriaren gailenenean...; ibiliaz beti dago Nurenberg-en txoko berriren bat begientzat lore.

Elizak. S.Lorenzo: harrizko irudiz edertutako ate gotiko bikaina du, baina batez ere errosetoi erraldoi oso landua; kanpoko kantoi batean Alemaniako eliza askotan ikusi dugun Getsemaniko pasartea tamaina errealezko irudiz. Barrutik, gerran gutxi hondatu zela itxura du, zen bezalakoa dela dirudi, gauzak zeuden tokian darraiela, ez du berreraikitako eliza askok  bezala salbu geratu ziren bitxikerien erakusketa baten  itxura hotza. Triptiko zoragarriak urrezko taila eta tapa pintatuak elkar lotuz, Erdi Aroko koadro zahar naif jitekoak, zurezko taila ederrak, auskalo nork landuak agian eliza bera egin aurrekoak, pitzatu gabe gelditu ziren beiradurako zati pinpirinak, aldare alboan sabairainoko filigranazko orratz gotikoa,  norbaitek gordean meza entzuteko gelatxoa egilearen irudiak  bizkar gainean eusten diona, irudi tailatuzko harrizko pulpitua, gurutzadura  gaineko zintzilikario erraldoi ikusgarria… badute begiek zer gozatu. Zoruan dagoen konpondu-soldatutako kanpaia ezik, beste dena dago bere tokian, ez du barne desorekarik sortarazten, hondakinetatik eta hondakinez  berreraikitako hainbat elizek ez bezala, hemen jakin izan dute berritze lana onik bukatzen. Andramari: fatxada osoa du apartekoa, eguerdian soilik irudiak agertuz orduak jotzen dituen ordularia bada ere deigarriena bisitarientzat, han egon gara koadrila ahozabal fatxadari begira; bi ate ditu ikustekoak: sarrerakoak ohizko harrizko iruditxo tailatuak ditu batak, irudi polikromatu handiagoak besteak, beraietan politena eta erakargarriena Sta. Ana tuntuxarekin; barruan bonbardaketatik salbatu ziren beiradura apartak, triptikoak, tailak, eta koadroak. S. Sebaldo: protestantea; erromanikoaren eta gotikoaren tartean, teknika bien eraginpean eraikia. Barruko alde bietako arkuteriak ematen dio grazia barneari; salbatu zen beiradura zati aparta du honek ere; triptiko, koadro, artelan apartak asko, bonbardaketa ondoren han-hemenka jarritakoak, jatorriko lekuz kanpo; bi aldare ditu, bata aurrean bestea atzean; elizako zutabe bakoitzean urki arrama fresko ebaki-berri berde handiak daude ur-kuboetan sartuta fresko mantentzeko: ez dakit sinbologiarik duen ala loren funtzio apaingarria soilik betetzen duten. Argazkiak dira ziragarriak batez ere eliza honetan: eliza bera eta hiria zenbateraino birrindu zuten ikusi ahal da. Deuseztatu arte jo zuten hiria, baina berreraiki egin da!.

Durero pintorea: presente dago hirian, hiriak ez du ahaztu, museo bihurtu dute bere etxea, estatua eskaini diote.

Zeppelin eremua. Ekintza jendetsu eta desfileetarako nazien biltoki erraldoia; tribuna eta harmaila izugarriak, espazio ikaragarri zabala aurrean, Hitlerrez entzuleak erotzeko eszenatoki aukerakoa, herriak burua galdu zedin inguru aproposa. Alboko futbol-zelaiak betetzen du gaur egun zeregin berdina. Masa-bilkurek ez dute zentzuzko onik gehienetan, herrien buru-borondatea maneiatzeko tresna besterik ez dira.

Nazien Kongresoetarako pabiloia.  Erromako Koliseoaren antza du erraldoitasunean baita itxuran ere. Desfileetarako eraikuntzaren ondoan dago. Auzo den futbol-zelaiarekin batera, hiru eraikuntzok dira masa-eromenaren sinbolo eta errealitatea, edo errealitate gauzatutako sinboloak; iraganekoak batzuk, gaur egunekoa bestea

Kale-musikariek girotzen zuten kaledia biolin, flauta eta musika klasikoz.

 

Gaur hilak 27, jai dute Alemanian, ez dakigu zergatik. 

Alemaniarren jakia omen den ogi-mamiez eginiko eta perretxiko saltsaz gozaturiko jakia eskatu dugu: lehor samarra zegoen orea, saltsa, aldiz, goxoa..

Jantokiko zerbitzari portugaldarrak dionez 7 asteko euria egiten du Alemaniako udaberrian, aurten atzeratuta dabil  eta astebete falta zaio euriteari. Ekaina aparta izanen omen. Ia.

Alemania Iparraldeko izaera ez zaio gustukoa gure portugaldar zerbitzari berritsuari, berritsua izateaz gain 5 hizkuntzetan moldatzen da. Atseginagoa du Hegoaldeko jendea. Ez ote da Munich-eko garagardotegietako algara eta berriketen zale!.

 

Tira ba; gaur 4 trumoi zaparrada hartu ditugu. 7ak eta`erdietan ia bakarrik gelditu gara kaleetan, zirimiriaz melatzen hasieran,  eta tanta lodiz blaitzen gero.

Atzetik elkar jotako hiru istripu ikusi ditugu.

Kontent gaude, goizean denda lehor jasotzeko eta arratsaldez berriro muntatzeko aterrune tartetxoa izan dugulako. Ezer gutxirekin zorion da gizona, egoera larritzen zaionean.

 

190 kilometro,  Bavariako Iparrera ekarri gaituztenak.

 

 

Maiatzaren 28a. Asteartea. 27.a

 

Katamixarra dugu auzo kanpin honetan, hor dabilkigu zuhaitzean gora; untxiak ere egin du bere joan-etorria kanpineko belartza zeharkatuz; gure gainean txori-arotzaren tiki-taka gehitzen zaie mila txori-kantu ezberdinei.

Euri eguna ez ezik, hotza ere argitu du gaurkoak.

 

Asko begiratzen die gidariek abiadaren araberako tartea gordetzeari; tarte zabala dago beti errepideko kotxe artean.

Würzburgera bidean neguan berez betetzen diren putzu handiak daude zelaietan, hala nahitakoak seguruenik.

Kamioi askoko autobidea da gaurkoa, abiadura motela daramate; guk gure betiko joan mantsoa gordetzen dugu, kamioi ilara mantsoagoren bat aurreratzeko soilik hartzen dugu abiadura biziagoa. Ingurua begiratzea gogokoagoa dugu abiadura baino: biak, abiadura eta ikusmina asetzea, elkargaitzak dira.

 

Hemendik aterako ziren Europa inbaditu zuten franko "barbaro” haiek.

 

Würzburg. Aliatuek utzitako hiri birrindutik berreraikitako hiri modernoa; astakeriarik egin gabe Printze-Gotzai ahaldunen  garaiko giroa gordetzen ahalegindu dira, baita eraikuntza batzuk bere lehengo hartan birjasotzen ere. Hiri honetan aurkitu ziren X izpiak. Elizak, Gotzainen palazioak eta Main ibaia dira hirian aipagarriak. Beste dena saltokia da, jende handia dabil kaleetan, baina turista zaparradarik ez dator. Kolore ia bakarrez baina ezberdinki pintatutako tranbiek jite berezia ematen diote hiriari bere etengabeko joan-etorriaz. Alemania osoko hirietan bezala azoka oparoa da hemengoa ere.

Dom-S. Kilian katedrala.  Zuria arren ez da eliza argia; gurutzadura, kupula eta presbiterioek ostera zuritasunean brixt egiten dute goitik datorkien argiz. Irudiak eta estuko edergarriak ere zuriak dira, arrosa eta urre kolorekoak tartekatzen zaizkiela. Erdiko barneluzegoan bonbardaketan  hondakin bilakatu ziren harrizko irudi ilunak, beste hainbat hondakin diren artelan ederrekin batera jatorrizko lekuetatik kanpo ormetan itsatsiak: ederrak dira berez baina ximelagoak dirudite ezohizko lekuan. Klaustroa: xaloa da, zoru dena eta horma oro gotzain eta pertsonaien hilobietako harlauzez estaliak daude: zapaltzearen zapaltzez, ezabatuak daude lurreko harlauzen irudi zizelatuok, bere erliebe osoan daude, aldiz, ormetakoak. Kripta: zabala, detailez eta argiz zaindua, baina biluzik dagoen itxura du, tenebrosoa bere argi polit eta guzti; bada bertan hilobi dotorea artista famatu baten lana ei dena.

Neumster, katedral berria: freskoz pintatutako bi ganga, medailoi erraldoiak, arkuak gortinak bailira… gehiago dirudi teatroa eliza baino; barne giroari jarraituz, presbiterioko marra dotore doratuzko aulkiteria zuria ere ezohizkoa da, ezberdina; santu erraldoiren baten hankezurrak badu bere kristalezko kutxa aldare batean; aldare ostetxoan,  presbiteriora tartean, gotzain baten harrizko irudia, makulua du eskuinean, ezpata handiagoa ezkerrean: zein ote bietatik arma erabakigarriagoa?; bada Santokristo berezi bat: zutik dago gurutzean hankak ohi denez iltzatuak, baina eskuak, hiltze tzarrez zulatuak, langan ordez, bular gainean ditu, erdi gurutzatuak; gatzik gabeko kripta biluzi zurian dago S. Kilian, urre koloreko metalezko sarkofago landuan, bakarti hau ere, bisitari begiluze eta turista gidatuak joaten bazaizkio ere.

Marienkapelle: gotikoa, altu garaia, lerden ordez  huts eta hotz gelditzen da; triptikoa da erretaula, irudiak falta zaizkio sarrerako arkuari.

S. Agustinen eliza: ia ezerezaren jabe, erdi biluzi itxuran, zuri eta argi, presbiterio sabai arrosa estuko grisekin, atsegina egiten da; koadro handi bat du honek bere aldare nagusiko erretaula. Stithaung: italiar arkitekto famatu baten eliza barrokoak koadro erraldoi soila du erretaula; deigarria da kupula garaia.

Elizok, denak gerran deseginak eta berreraikiak, zerbait berezia dute: ederrak dira izan, baina, ahaleginak ahalegin, ez dute bere jatorrizko planta, zati askok berriak, ezarriak, diren kutsua dute.

 

Uso bat hilda  kale jendetsuaren erdian; oinezkoon ezikusiaren ezaxolaz bakarti, hits, ezerezaren sinbolo, hiria haustu zuten bonben sinbolo, bakeak gizarteari inporta dion gutxiaren ikur.

Maine, esklusak eta presak gizendutako ibaia, ahatek eta bidaiari-ontziek argitzen dute, baina joan zikina doa. Zubi zahar sendo ederrean, hostia erakusten du eskuan Karlos Borrome Sainduak; bere aurrez aurre urrezko espata du S. Bukardus gotzainak; zubi berean, hareago, Eridricus Saindua, liburu batez armatua; parez pare, Kiliano Saindua, gotzaina, mitra buruan eta ezpata eskuan.

Arte Moderno erakusketa dago gotikoa ei den baino neoklasiko itxura duen zubiaz bestaldeko ospitale zaharreko elizan.

Errege jauregia tontorrean: palazio tzarra bilakatu zuten lehenik, handituz, eliza zaharraren inguruan sortutako gotorlekua azkenik; txiki eta kaskar gerta omen zitzaien Gotzai-Printzeei eta Errege jauregia eraiki zuten; ohizkoen pareko palazio ikusgarria eta erraldoia da: Museoa da gaur egun, ez doakoa, noski. Bere lorategietan zehar doa errepidea eta lorategiotako atetik sartu-irten gara hirira-hiritik.

 

47 kilometro,  eguzkipean, egun-pasa atsegina gerta zaigun hirira.

 

Komunetik bueltan, bereziki hori dago zuhaitzetako arrama artean, laurdenera puztu den ilargia: biharko eguzkiaren itxaropen.

 

 

Maiatzaren 29a. Asteazkena. 28.a

 

Hirietan egin zuten triskantzan garbi nabari da aliatuek ez zutela helburu bakarra gerra irabaztea, bengantza eta herri osoa suntsitzea ere bere asmoetan zegoela, eskarmentuaren izua ezartzea eta berriz burua jasotzeko ahalmenak kentzea. Alemanek ordea bere zenaren parekotasunean, materialki, fisikoki ere, eraiki nahi izan dute, bere herria, jatorriarekin loturarik galdu gabe, bere nortasunean irauteko. Gizarteak aurrekoengandik jasotako azpiegitura eta bizitza molderako baldintzak ere kultura baitira  eta kultura herriaren nortasun-oinarria da. Alemania fisikoki oinarrietaraino erraustua izan bazen ere, bere herritasunean iraun du, bere antzinakotasunarekin etenik gabe, loturak gorde ditu, eraikuntzak berritzean ere.

 

Gure matrikularen nongoaz jakin-minez agertu zaigun emakumeak ez du San Sebastian Espainian kokatu ahal izan, baina bai "baski" esan diogunean. Tira!.

 

Bayreuth-era bidean, autobia berriaren bidea ebakitzen ari dira baso erdi erditik, kilometro luzeetan, mendi bat erosoago zeharkatzeko. Autoa da errege eta jainko, dena da berarentzat erraztasunak bilatzea, balore denak errepide bihurtuz bere gurpilpean.            

Hiriren bat hurrean denean komunikabide dorreak ageri ohi dira inguru tontorrenean, Maiatza eta eliza-dorre guztien gainetik, herria engainatu eta mundua menperatzeko mezuen garraiobide nagusi. Albisteek eta boteretsuen mezuek  hartzen digute aurrea airetik lur gainean gabiltzanoi. Mundu berri bateko gizakiaren komunikabide sarea behar lukeen asmakizuna, ahaldunen arma bihurtu da. Arma bat borrokarako tresna da beti, eta lehenago edo geroago menperatze ahaleginean erabiltzen da.

 

Jura mendilerroan dugu gaurko ia ibilbide osoa. Oso mendikate zabala ikusten da mendi gaineko zabalgunetatik. Kare-harria ere ikusi ahal izan dugu. Dena da pinu, dena baso; sarriak dira mendixkak eta mendi-buru garaiagoak; tarteka bailaratxo berdeak eta herritxoak. Eguzki eguna baliatuz, ohizko tresneriaz belarra ebaki eta ebakitakoa irauliz ari dira nekazariak. Lurralde atsegina da. Paisaiak arindu digu kamioi, berritze-lan, eta kotxe pilarengatik astuna zitekeen bidaia.

 

Bayreuth

Bailara berde batean azaldu zaigu, sentipen baikorra sortarazi digu. Inguruetako nekazari herritxoen hiriburu itxura du. Gustura bizitzeko hiria, patxadakoa, sinpatikoa; tranbiak behar luke hor, baina ez du tranbiarik. Jende ugari kaleetan, eguzkitako bizitasun lasaian. Bada ikaslerik ere, Unibertsitatea baitu.

Plaza eta plazarekin bat egiten duen Maximilian kalea dira hiriko muina; zabala da plaza, baina  batez ere luzea; zer da plaza eta zer da kalea?. Bertan dena da bizikleta aparkatua, dena eguzkitan eserita dagoen jendea; autobus geltokia ere bertan dago. Plaza da hiriaren bihotza, bertatik du hasiera edo bertara jotzen du kale orok. Bada eraikuntza ederrik, zoragarriak ez arren: Jauregi Berria edo Neues Schloss, bere inguruko etxeteria klasiko harrizkoa, Oprenhaus edo opera jauregi xumea. Iturri ederrak ditu, bitxiak ere bai, han-hemenka: aipatzekoa Opera aurreko iturri klasikoa edo mangeraz errota jirarazteen duena. Dotore dager kale nagusian palazio rokokò handia, medailoi erreskadek,  leiho eta marko dotoreek eta irtentxo edo koska gorrizka deigarriek apaindutako fatxadarekin.

Elizak  aitatu behar hiri honetan ere: Stadtkirche edo herriko eliza:  badu zer begiratu ederrik; zutabe eta arku gotiko gorrixkek ematen diote berezitasuna eliza osoari, erretaula osatzen duten lau koadroek ostera indarra damaiote aldare nagusiari; erdian, teilatu polikromatua eta estalki-oholak koadroak diren triptiko  liluragarriak kilikatzen zaitu, baita gaineko koadro poxpolinak ere; bataiarriak marmol zurian zizelatutako filigranazko koadroak ditu; antzinako koadro ederrak hormetan; herriarentzako bankuteria bat dator nabarmen kolore ilunez presbiterio eta koroarekin.  Schloskirche, edo gazteluko eliza:  argia;  rokokò sabai zuri-arrosa-grisak eta zutabe arrunteko ilara gainean eliza inguratzen duen koru urdinak mojen kapilaren jitea damaiote.

Wagner operagilea hiri honetakoa zen. Hemen daude bere gorpuzkinak lurpean mugiezin, bere musika, aldiz, airean edo partituretan bizirik dirau. Airea biltzen duten bere doinu eta partituretan dirau bizirik musikariak, hilezkortasuna era askotakoa izan baitaiteke.

"La paloma" habanera jo dute alde egitear geundela kale-musikarien eskusoinu eta saxofoiek.

 

Bamberg.

Arratsaldea paseatuz emateko Erdi Aroko hiria, etorriak damutzen ez zaituena, turista ugariren elkargune. Ederra da, zulotxo polit asko ditu, xarma dario. Mila begi-gozamen du etxe, teilatu eta hainbat bitxikeriei begiratzen jakinez gero.  Kanal batek erdibitzen du; kanal erdian, rokokò eta antzinako, udaletxe ponpoxoa, arratsaldeko eguzki ederrak sorgindua.

Goiko erdia Elizaren herria zen: Erdi Aroko jite nabarmenena du, ohizko kale oker eta kalexka bihurriz osatua; beheko erdia, aldiz, merkatariena zen, kale zabalago eta etxe ederragokoek gauzatua. “Venezia txikia” deitzen diote zati bati: hala izanen zen noizbait, badute grazia gaur egun ere bertako eraikuntza berriek, baina Veneziakotik  ukituren bat eta oroitzapena besterik ez zaio gelditzen.

Katedrala: Erromaniko eta gotikoaren tarteko garaikoa, horma biluziko austeroa,  badu artelan ederrik: nabarmentzekoak bi presbiterio, aurrealdean bata, atzealdean bestea, biak garaiak, biek dute aulkiteri ikusgarria; harrizko tailak, triptiko ikusgarria, pulpitua, gotzain zizelatuak harlauza tzarretan. Zaldi gaineko erregeak du famarik handiena elizako artelanetan, baina ez dakit zergatik, ez gaitu kilikatu. Marmolean tailatutako errege-erreginen hilobia ere ederra da, hoberik ikusi izan badugu ere. Kripta: sabai garaia du, kapitel landuak ditu, baita putzu bat ere: zertarako ote putzua kripta barruan!.

Beste eliza bat: gotiko ederra da kanpo aldea, sabai, aldare eta organo rokokò estilokoa barnea. Gotzainen Jauregi zaharreko patioak bai badu antzinakotasunak duen lilura, bere balkoi luze iluneko patio zabalean.

 

Laguntasunik edo zerbait nahi ote genuen hurreratu zaigu adeitsu gazte bat planoari begira geundela nora ezean.

           

Fränkische  Schweiz, Frankonia Suitzarra, deitzen dioten lurraldea ezagutu dugu. Euskal Herriak ere izan zuen Suitzarekin parekatzeko harrotasuna, paisaia hondatu eta itxuraldatu dugun arte. Suitzaren pareko izan nahi hori Suitza polita delako ote, ala Suitza aberatsa delako?. Frankonia polita da izan, pinu-baso zabalen artean lautada berdeak ditu, teila gorrizko etxetxo zuriak gordeaz.

 

26 kilometro, bigarren egunez eguzkitan.

 

 

Maiatzaren 30a. Osteguna. 29.a

 

Ikasle-talde asko dabil edonon, formalegi, heziegi, bizitasun gutirekin, agian beldur handiagatik.

 

Franko barbaroek inbaditu zuten Europa erromatarra, Hitler diktadoreak gero Europa demokratikoa. Oraingoan ekonomiaren bidez jo du bere konkista Alemaniak, beste konkistek baino morrontza sakonagoa eta estuagoa ezarriz.

 

Helduei eta nagusiei, batez ere emakumeei, ageri zaie janzkera-ezberdintasuna. Jantzi dotorea baino gehiago, janzkera eta jantzi zaindua da. Gureetan txapela baino gehiago darabilte buruko  kapelatxoa. Noizbehinka ikusten da belaunpean lotutako prakarik  ere. Bavariako gizonezkoen kapela luzexka ez da Munich-en inguruan bezain sarria.

Karabana inguruan bertan ere, kendu gabe, gerrira lotuta darama diru-zorroa jendeak; besteenganako mesfidantza erakusten du. Gizarte tristea gurea, baita Alemaniakoa ere.

 

Nuremberg.

Joakin eta Joxemari, aspaldiko etorkin ondo finkatua bata, lagun baten anaia, sortzen zaion lanetik bizi den alditxo baterako etorria bestea, euskaldun zintzoak biak, ezagutu eta berehala lagun egiten diren horietakoak. Kontu-kontari, lagunarteko solasean hirian ibili, bazkaldu, kafea hartu edo jelatuaz goxoki freskatuz atseden bilakatzen den eguna izan da gaurkoa, bi lagunoi esker gehienbat.

Hiria bera, udaberriko eguzki sanoan erakargarriagoa, astegunez biziagoa, asteleheneko euripean bezain atsegina gertatu zaigu.

 

Zergatik gorde dute tranbia Europako hiri modernoetan, ez ostera Euskal Herrian. Ze onuren bila ibili dira Euskal Herrian tranbiak baztertzeko. Ze pellokeria erabili dute arrazoitzat. Kultura eta modernismoari buruzko iritsi barbaroek izango zuten agian eraginik; erosotasunaren sentipen faltsuek. Nortzuk kendu zuten tranbia Euskal Herritik?, aberats berrien iritzi eta sentipenek,  boterera eta agintera heldu berri ziren baserritarrek. Geroari so, itsu izan zirenek. Herriaren gerorik ikusten ez zutenek. Norberaren hurbileko geroa soilik ikusten zutenek. Natura eta kutsadura modan ez zegoelako, agian errentagarriak ez zirelako, garraiobide hori aintzakotzat ere hartzen ez zituztenek. Natura eta kutsadura hitzak eurak ere arrotzak zitzaizkienek. Justu sudur aurrekoa soilik ikusten duten miopeek.  Zerbait ba dela sentitzen hasi denaren baserriakeriak. Handinahiaren arrautza autobus eta trolebusetan errun zutenek. Gizonkeria eta handitasuna oinarri okerretan ipini zituztenek. Kulturaren iritzi erratuak, eskolatu gabearen jokabideak.... zenbat tranbia eta errail mota baztertu dituen gure herrian. Agian arazoa sinplea da oso: gaur egun bezala, irabazi itzelak izan zituzten norbaitzuek, eta kitto, ez dago beste arrazoirik. Eskolatuak ziren, baina, batez ere, diru gose ziren, kosta ahala kosta. Diru eta botere etekina damaienean, hasiko dira berriro kendutako tranbiok jartzen. Geroak esanen.

Zoritxarrez, arazoa ez da tranbiara soilik mugatzen.

 

15 kilometro, lagunarterakoak.

 

Deskantsu eguna gaurkoa, hilabete ondoren izan dugun lagunarte atseginagatik, batez ere. Ibiliaren ordez solasa. Giharren eta barne indarren atsedena eta arnasa, gorputzaren baretasuna. Baretasunak ematen  duen berriro ekiteko tentsioa, edo uztaiak tenk jartzean duen baretasuna, geziaren geldia noiz aske zain ziztu bizian hasteko. Badena da eta badelako ari da. Bagarela sentipena sendotu dugu herritarrekin solasean, berriz ere ibilian eta lurraldeak ezagutzen aritzeko, gauzatzeko, berritzeko.

 

 

Maiatzaren 31.a. Ostirala. 30.a

 

Kanpinean, "pot-pot" txorien antzeko hots guturala tarteka botatzen duen emakumearen nerbio-tika da orain arte ezagutu dudan tik originalena.

 

Frankoniako bailara zabalak ditugu bidaia-gune. Berdegunean barreiatutako herrien artean egin dugu hasieran. Baso eta belatz diren mendiarte estuagoak agertu zaizkigu ondoren. Belarra jasotzen ari dira nekazariak. Berdea jasotzen dute belarra, ebaki berria. Traktorearekin atoian daramate  delako belarra etxerantz. Bakarren bat ezik, ez dugu ikusi inor belar-fardorik egiten.

 

Coburg. Bisitaria gustura sentitzen den hiri zabala; animatua dago ostiraleko jai-giroan, batez ere eguerdian piztu zaigun eguzki beroan.  Bere garaian harresiaren zati izan zen pope kapelaz burutzen den dorrea; gaur egun bere azpiko ateburu zorrotzeko pasagunearen bidez banatu-batu egiten ditu hiriaren ardatz diren bi kale artez luzeak. Alboetara zabaltzen zaizkie biei kale eta kalexkak. Etxe ederrek biltzen dute plaza karratu nagusia, zurezko nahiz harrizko etxe dotore zainduek. Rokokò estiloak badu eredurik hemen. Zur polikromatuzko zein harrizko balkoi ederrez borobiltzen dira kantoiak. Merkatari aberatsenak omen zurezko etxeak, kondeenak harrizkoak, pobreagoenenak besteak; erabat pobreenenak ez dute iraun gaur arte seguruenik. Frankoniako Koroa deitzen dioten gaztelua dager mendi gainean, bere erraldoitasunez urrutiraino begi-bistan; leihotxoak ditu oso bertakoa den teilatu pikean dorre ortodoxoa gandor duen S.Moritz gotikoak; sarrerako Adan eta Ebak eskumako eskuan sagar bana erakusten dute eta ezkerrekoaz bakoitzak bere sekretua gordetzen du mahats hosto zabalez; rokokò xarmanta da barnea, organo kontzertu entsegua gozatuz ikusi dugu: marmolean zizelatutako erretaula aparta bezain bitxia, pulpitua, organoa, bataiarria, sabaia, auskalo ze jauntxoren meza entzuteko zurezko saredun galeria, bi solairuko koroa... arrosa kolorekoa, filigranatua, polita, atsegina.

 

Tubinga Basoa zeharkatzen dugu. Natu-gunea da. Mendate  estuagoen barrena, nekazarien herritxo sarriak bata bestearen ondoren datoz, herri apalak, bere lanetik bizi diren herritxoak, udaleku bihurtu ez direnak. Belarra besterik ez dago lurrotan. Pinoa nagusitzen da berriz, basoan, noizbehinkako mendixka batean haritz eta pagorik bada ere. Gorantz igo ahala ordea, herriek udaleku jitea hartzen dute, zainduagoak daude, txukunagoak dira, kanpotarren egonleku usaia edo kolore bereziz.

 

Oso mantso doa bidaia, geldi; kamioi eta furgonetak ugariak dira, baina batez ere kale berritzeak edo errepide zabaltzeak dira ibilirako oztopo. Semaforoa, geldiunea, mugitzen ez den kotxe ilara, … izan da bidaia osoa. Traktoreak ere lasai dabiltza errepidean, atoian negurako su-egur edo trokotez beterik daramaten autoak ere bai. Inguru honetan ez dago bidegorririk, ezta txirrindurik ere. Nekazari herritxo peto soilak dira, nekazaritzan nahiko gorri pasatzen duten itxurakoak gainera. Teilatu beltz bakarren bat ageri bada ere, teila leuneko teilatu gorriak dira hemengoak; etxeko hormak arbelezko txaplata zapal ortogonalez estalita daude kanpotik, eguraldi bustiagatik edo. Ferrokarrila, errepidea, errekatxoa eta belar-zingira doaz elkarren paralelo tarte luze batez, mendiarteko bailaratxoan. Geldotasuna, nekea eta beroagatik ez balitz, bidaia oso idiliko polita litzateke hau.

 

Eisel, Schleusingen, Ilmenau eta beste herri txiki asko pasa ditugu.

 

Tubinga Basoa Mendebaletik Ekialdera zeharkatuz goaz. Bata bestearekin ezpondez lotutako lakutxo pila dituen bailaratxoa: elkarren jarraian bailara osoan,  aldatzean, urtegia osatzen dute lakutxo kontrolatuok.

 

Stadtilm, Kranicheld, Bad Barka… gaurko azken herriak.

Poeten uharan. Amodioaren ifrentzua

Jon Etxabe 2019/07/05 11:15
38: Txio zifratuak

23.- 5 musu

Bost zineten, bakarra ni

hitz eta pitz, trago eta kantu seiok

bihotza ere gorri oheratu nintzen.

 

24.- Belartzan

Baiezkoan ginen lehen unetik

bi gorputz katigatu iraulka zelaian

dirdai jarri genuen belartza.

 

25.- Begien mintzoa

Maite zaitudala diotsue nire begiek

maite nauzula darantzute zureek

begien mintzapraktika.

 

26.- Ehunean

Mantso autoa, ziztuan bihotzak

“ehunean jarri naiz” esan zenuen

ze galgari eragin zen zalantza.

 

27.- Kodigo zifratua

Leihotik leihora egon ohi ginen

kafea hartzera konbita egin zenidan

kafearena soilik ote eskaintza.

 

28.- Ordaindua

Txorta ordaindua zen zurekikoa

zure lana egin zenuen

non baratu ez duenaren portua izan zinen.

 

28. Izartegia

Ipurtargiek izarniatzen zuten zelaia

izar loka bat izan zen lehen musua

nova bat lehertu zen ondoren belartzan.

 

29.- Inozoarena

Bihotza beste batena zela esan zenidan

indarge geratu zitzaidan gihar oro

orain dakit gorputza eskaintzen zenidala.

 

30.- Garitzan

Grinatsu eta elkarren egarri biok

galsoroan erein genituen musuak

garitzan bertan jaso genuen usta.

 

31.- Dialektika

Ez ez, zioten zure ezpainek

baiezkoa esaten zizun gorputzak

emagin oparoa ohi da dialektika.

 

32.- Ostalier

Zure gela eskaini zenidan ostatu

azken giharreraino egin nintzen zure

ostalari eta ostalier, biok elkarren aterpe.

 

33.- Jakin ez

Zut, begira egon zintzadan luze

nire egarri zu, ni, aldiz, itsu

paradisu galdua zatzait geroztik.

 

34.- Uda batez

Begiak bete zizkidan uda batez

ezinak zimeldu zuen lore hura

hurrengo udaberrian loratu zinen zu.

 

35.- Txorinoak

Bezperan ezagutu bi txori izan ginen

biharamunean hurreratu zintzaidan

jada aukeratua nuen, baina, adarra.

 

36.- Amets

Musu bat nuen amets, besterik ez

begietan irakurri nizun ezetza

ederra zinen benetan.

 

37. Plazera

Luze besarkatu ginen

emanen plazera, esan zenidan,

beti da koloretsua udaberria.

 

38.- Bizitza

Banekian gogoko ninduzula

bazenekien gustuko zintudala baina

lorontzi ezberdinetan landatu gintuen patuak.

 

39.- Harrapatuak

Ezpainak ezpainetan harrapatu gintuen

hiletatik helduta banatu zintuen

begiradaz musukatuz jarraitu genuen.

 

40.- Ikastaroan

Biontzako gela hartu omen zenuen

ni, baina, ez nintzen agertu

ikastaro emankorra galdu nuen.

 

41.- Gereziondoa

Anpolai emankorra idurizun

aterpetu nintzen itzalean

ez zen gerezirik umotu.

 

42.- Atea

Goxo baina ezkor beti

gogobizitu zintzadan  behin,

atea jo zuten une berean.

 

43.- Bakarra

Zure egitea eskatu zenidan

gau ederra izan zen

biok genekien ez zela besterik izanen.

 

44.- Timbrea

Berez bezala gertatu zen

estasia izanen zela genekien

tinbreak zapuztu zuen gozamena.

 

45.- Tenpusak

Bakoitzaren eta bion tenpusa kudeatzea

hori da elkarbizitzaren zedarria

sexuaren ilbeheran.

 

 

Ez dut inoiz lorerik lapurtu

baina ibilia naiz inorena omen lorategian

lurrin gozoak dirauko

 

Gogoko zaituztela esaten dizute

begiradazko kodigo zifratuez

ñir-ñir erantzun oparoa jasoz

 

Ikonoak  darabilzkit ere txioetan

amodioaren  ifrentzu minduak

lengoaia telematiko zolia

 

Dena eskatzen diet denei, dio,

ez da hori nire filosofia

baina aitor dut bizi izan naizela.

Poeten uharan: Amodioaren ifrentzuak

Jon Etxabe 2019/06/28 09:09
38: Txio zifratuak

Txio zifratuak

 

 

Amodioa

Bizipozaren lilura argitzen duten

tximeletaren bi hego koloretsuak.

Goiz-ilunabarreko kardantxilo bikotea

batak dei besteak erantzun.

Barnea geruza gozoz bilduz

elkarri so bi begirada.

 

Kilimatzen zaituzten txio zifratuak

hori da amodioa, maitasuna ere deitua

nahiz batzuentzat sexua soilik den

bada kimika hutsa dela dionik ere.

 

 

 

1.- Gure eskuak

Eskutik heldu genion elkarri

eriak kiribildu zitzaizkigun

bidelagun izanen liluraz.

 

2.- Begiz-begi

Bi aurpegiak hain hur

bat-batean musu eman nizun

erremin ditut oraindik ezpainak.

 

3.- Laztana

Albo eseri ginen

bernek egin zuten topo

laztan bat bezain gozoa izan zen.

 

4.- Kliska

Begia kliskatu zenidan

barretxo batez erantzun nizun

lastima horretan geratu zela.

 

5.- Sirena

Hondartzan ikusi zintudan

sirena bat uhin gandorrean

itsasoaz maitemindurik darrait.

 

6.- Herabe

Bere baitan  desio ninduela esan zidan

irribarretsu hitz goxoz

herabe nintzen baina.

 

7.- Jakin-min

Koskortu samarrak biok

kabitzen ote galdetu nizun

ezetz erantzun zenidan.

 

8.- Eskaileretan

Hogei hatz haztamuka eginahalean

hura ezinegona eskaileretan gora

bat ginen atea ixteaz bat.

 

9.- Lotsa

Ohea konpartitu behar izan genuen

biok ginen elkarren egarri

biok ginen, aldiz, lotsati.

 

10.- Edanegi

Dantzan bihurritu genituen gorputzak

estu lotu ziren ezpainak

edanegi geunden tamalez ondorengorako.

 

11.- Garroak

Bi besoez lotu zintudan

izua irakurri nizun begietan

garroak askatu nituen.

 

12.- Omen

Eskatu nizun gau eder hartan

hilerokoa omen zenuen

hala izanen al zen.

 

13.- Diraute

Bete-betean sentitzen omen ninduzun

nik zu, aldiz, epel eta goxo

sentipenak dirau.

 

14.- Jentilen aldarean

Ze axola latza edo gogorra

trikuharri gainean egin genuen

gau sorgindua ilargipeko hura.

 

15.- Uzta

Zugan hartu ninduzun

zure barnean gelditu nintzen

uztarik ote.

 

16.- Zoriontsu

“Biltzen gara?” eskatu nizun

ezezkoan eragin zenion buruari

musuekin zoriontsu biok.

 

17.- Biluzik

Arakatu genituen zirrikituak

esploratu azalera laua

besterik ez momentuz.

 

18.- Hiru egun

Logelatik irten gabe

hiru egun biluzik biok

biluz darraigu.

 

19.- Ezkondua

Gelako ateraino lagundu zintudan

ezkondua zeundela

eskerrak eman zenizkidan, tira.

 

20.- Lubakiak

Senarraren agonia luzea kontatu zenidan

auhenetan gotortu zinen

ez zen harresirik erori.

 

21.- Amoranteak

Ez dakit noiz nola zergatik

amorante bilakatu ginen

etorri bezala joan zinen.

 

22.- Begietan

Gogoko zaitudala diotsut begiez

gogo nauzula zureek ere

goizeroko erritoa topo egitean.

Bidaiak. Almania 96.Munich

Jon Etxabe 2019/06/20 09:46
Munich, Oberammergau, Ettal, Garmich, Mittenwald, Lanbee-am-Lech, Ammersee, Hersching, Andech.

Maiatzaren  24a. Ostirala. 23.a

 

Errimeak dira alemaniarrak santu-irudiak jartzen kale-kantoiko ertzetan eta hormetan. Italiakoak baino irudi zainduagoak dira.

 

Goizean dendaren barruko tela horikarari so, lonaz inguratutako bakardadean, orain arte ikusitakoak gogoratu eta finkatuz, ikustekoak asmatuz eta amestuz, telaz hertsitako esparrutxoan kontrast bizian nahasten zaizkit belarrietara inguru bertako autobideko autoen burrunba zaratotsa eta dendaren aterpe diren zuhaitzetako mila txori ezberdinen maitasun edo auskalo zeren deien pio-pioena.

Heldua da Alemaniako kanpineko biztanleria. Etxatoietan datoz denak. Gure dendak auskalo ze garaiko kobazuloaren parekoa dirudien, ausokoen begietan harridura ere sortuz egun euritsu hotzean.  Baina ibili bagabiltza, eta badena bada, ibiliz dabilena areago da dagoenean dena baino; ibilian dena dagoenean dena baino gutxiago aldatzen eta higitzen bada ere sarri.

 

Seminarioan genion lababoan behin bederen pixa egin ez zuenak ez zuela bokaziorik, apaizek ordea zigortu egiten zuten konketako pixa kontu hori. Garbiagoa zen bakoitzak garbi gordetzen zuen bere lababo horretan egitea ordea, besteek zipriztinduraz kirastutako pixontzietan egitea baino. Araua, ordea, bere gelan inork garbitzen komun partikularra zutenek jartzen zuten.

 

Trenez goaz hiriburura. Lurpera sartu aurreko azpiko urbanoaren bidea graffiti dotorez pintatuta dago. Dotoretuz gain nortasuna ematen dio inguruari.

 

Munich.

Nasako alde batetik ateratzen da trenetik, eta beste aldetik sartzen. Aldrebeseko aldetik atera naiz nasara, beraz preso gerat naiz, M. Luisa beste aldean; hurrengo trenaren zain egon eta bagoia zeharkatzea zen irtenbidea; zain ez egoteagatik nengoen nasarako beherazko eskailera automatikoan igo dut gora: arnasestuka, nekatuta, kostata, baina heldu naiz gora.

 

Giro aparteko hiri aparta. Badu antzinako eraikuntza ederrik,  baina nahiko arruntak dira berez etxeak. Gerra ondoren berreraikitako hiria: zirrara sartzen dute gerra ondorengo katedralaren argazkiek, lau hormen hondarrak besterik ez baitziren gelditu hondakin artean. Estatua erraldoi asko ditu, baita txiki bitxiak ere, baina batez ere plazek, jendea patxadan garagardoa edanez edo lurrean eserita edan gabe solasean dagoen plazek, ematen diote giroa hiriari. Giroa aparta darie ere Markplatzetik Marienplatzera doan Neuhauser oinezkoentzako kaleari, kale beti jendez gainezka, kale jendetsu bizia: Marrakecheko plaza zirudien arratsalde beranduan, bere titiritero abeslari eta batez ere lurrean eserita edo zutik abeslariok inguratzen dituen entzulez; giro biziko kalea, jendez lepo. Turista asko dabil kaleetan, gazteak batez ere, lurrean eserita, protokolo edo itxurakeriarik gabe. Musikari sarriak: deigarri egin zaizkigu dotore abesten zuten hiru itsu, baita hiru jazz-jole apartak ere;  gustura eman dizkiegu txanpon batzuk. Jendetza zen gaur zebilena eguzki beroak kalera bultzatuak bezala.

Markplatz: giro aparta du, udaletxe apartak ematen dio edertasun puntu berezia; jendea iturriaren apar inguruan eserita dago lasai; giro bizi gustagarri eta alaia dario plazari, are gehiago kariloiak jotzen duen orduetan, jende are ugariagoa biltzen baita kanpaiok noiz joko eta torneoa irudikatzen duten irudiak noiz agertuko.

Eraikuntza klasiko asko dago oraindik, berreraikiak agian edo zutik geratu ziren bakarrak. Fatxada eta patio landu ederrak dituen Udaletxe neogotikoa; dena denda dotorea den Maximilianoren kale zabala; berez ere zabala den, eta korintiar zutabe erraldoiek erraldoiago egiten duten plaza; Logia klasiko erraldoia: Italiakoak, Venezia lurraldekoak batez ere, gogarazten dizkigu, nahiz ez den haiek bezain moinonoa; enperadorearen palazioa... eta hainbat eraikin eder. Viktualien mark, garagardotegiaren plaza izateaz gain, merkatu apartaren azoka-plaza ere bada, bere maiatza zuhaitz zuri-urdinarekin, bizia, jendetsua, jatorra, aparta.

Katedrala, ia hormarik ere gabe desegina gelditu zena, garaia eta luzea; suntsiketatik ateratako irudi eta bitxikeriaz beteta dago, baita ondoren egindako zurezko taila bitxiez ere;  kapila eta koadroak, triptikoak, zurezko tailak, harri landuan eginiko bitxikeriak, jatorrizko zatiak maisuki berritutako beiradurak, ezer guti deigarria duen kripta enperadoreen hilobi medailoi eta armarriekin, ordulari polit bat, Tenerifekoen antzera eskua masailean “nola utzi naute horrela ” oldozten dagoen Ecce Homo txikia, elizari tokatzen zaion zintzilikatutako 8 metroko Santokristo erraldoia... 

San Michel: eliza errenazentista erraldoia. San Pedro, berriz, dena da urrezko santuteria, dena artista famatuen koadro, dena da urre kolore aitorleku erraldoiak ezik, dena santu-irudi, koadro, pulpitu, aldare;  dena da urre dirdiratsua eliza argian; eliza honetan aurkitzen da ere  Sta. Munditiaren eskeletoa; urrezko soineko eta apainduraz  jantzita, benetan makabroa ezer makabrorik bada. Teatinoen eliza, barroko erraldoia, bitxikeriak ezik, beste dena erraldoia duena. 

Garagardotegia, plazetan zein barrunbetan, bisitaria eta giroa litroko pitxarrekin alaitzen dutena, zurruteroz beti gainezka. Euskal Herrian txikiteroak bezala, hemen pitxerreroak dira, garagardo pitxerraren aurrean eseri eta ordu luzetan kontu-kontari edo kantari, errito batean bezala, lagunartean daudenak. Turisten bisita-gune ezinbestekoak sagardotegiok: melokotoi ederrak oratzen diren baratza, bisigu freskoak harrapatzen diren itsasoa, mokordoa harrapatzeko aukerako giroa, luparda-lekua.

 

Munich: denetik aurkitzen den hiria, zereginik gabe denbora-pasa etortzeko hiria,  denbora galduz bizitza irabazten den hiria, zerikusia falta ez zaion hiria, jende ezberdina aurkitzeko hiria, betiko turistez gain dotore jantzitako jendea dabilen hiria, lasaitasunean astebete egoteko hiria, txirrinduak edonondik ateratzen zaizkizun hiria. Munich, pitxerkada garagardoa edatera bueltako nintzakeen hiria.

 

Pobreen eta ezinaren bengantza bada ere, garagardo pitxerkadak edanez eta oilaskoa janez  ospatu dugu  garagardotegi batean EL PAISek GALindo Generala kartzelara sartu dutenaren notizia. Galindo Generala Kartzelan!!!.

Arratsalde erdian behintzat, pertsona nagusiak dira nagusi garagardotegietan.

Kupeletik sagardoari tiratzearen adinako grazia du litroko garagardo pitxarrari ekiteak.

Euskaldunontzat hain harro hain zapaltzaile den gaztelera ez da iragarpen batean ere ikusten Alemanian. Ahula da beti zapaltzaileen zerbait izan nahia.

Harri-txirta gordetzeko kaleko nonahi ageri diren kutxek nabarmentzen dute hemen izotza dela kale-zola neguan.

 

Ezer arriskatzen ez duen ezkerra ez da ezkerra, ezker izenekoa gehienez. Gaur egun ezker izeneko gutxik arriskatzen du ezer. Pertsegitua izatea ez da egiaren jabego labela, bai  bide zuzenaren ezaugarrietariko bat.

 

0 kilometro: atsedena da gaurko kilometrorik eza.

 

 

Maiatzaren 25a. Larunbata. 24.a

 

Iraupen motza du eguraldi onak, busti du bart ere.

Gazte samaldak, neska-mutilak, batez ere mutilak, agertu dira kanpin-lekuan astebururako. Gutaz kanpo dendarekin dauden bakarrak.

 

Ikuspegirik gabe, zeri begiratu ez, zuhaitz artean doa autobidea; noizbehinka Alpeak agertzen zaizkigu aurrean, zuri handi eta erakargarri.

Bide-berrietan sartu gara. Gidatze lasaia, bidaia patxadatsua. Alpeak beti ezker-eskumara, digante, goraino punta zorrotzek zerra-ahoa marraztuz zerua. Berdeak dira Alpe bailarak, mendi erraldoi arteko lautadatxo berdeak; belardietan itxuraz belar lehorra bertan biltzeko ohol ilundutako txabolak. Behiak larrean. Bailaraz bailara, herrixkaz herrixka doa errepidea. Menditzarren oinean daude herriok, batzuetan ia azpian; badira bailara erdian daudenak ere. Etxeen hormek ematen die herriei berezitasuna, halako ukitu liluragarria dute. Errotuta dago lurralde honetan etxeak kanpotik pintatzeko kultura. Erlijio gaiak azaltzen dira marrazki pintatuotan, baita etxe bakoitzaren ezaugarriak ere, jatetxe eta dendetan batez ere. Halako bitxikeria-sentipena sortzen du. Artista pintore asko egon behar du hemendik. Zurezko balkoi ilunek eta teilategal zabalek ere ematen diote nortasun sendoa lurraldeari. Turismoari lotutako herriak dira, dena denda, dena saltoki, dena saldu nahia, dena bitxikeriaz betetako erakusleiho. Barnetik ere bizitoki txukunak, aratzak izan behar dutela sentipena sortzen dute. Egur asko dute pilatuta etxe kontretan, hotz egiten du neguan, edo luzea da negua. 

 

Oberammergau: izena gaztetxotatik ezaguna dudan herria berau, Pasioa antzezten zuten herria bezala aitatzen zidalako austriar lagun batek. Estigmak zituen Teresa Neuman ezaguna ere ingurukoa zen:  zerbaiti heldu behar hemengo bakardadeetan irauteko. Polita, atsegina, etxeen arteko nor dotoreago lehiaketa balego bezala, dena kolore; urte guztian Kristoren Pasioa turistei saltzen dien herria da.

Eliza bitxia du: pintatuta dago barrutik, herria kanpotik bezalatsu; koru, sabai, horma, aldare, pulpitu pike, zurezko santu-irudi zuriak,… dena da argi, dena pintura, dena urre kolore eta arrosa; eliza alaia, kilikagarria, argi soila bihurtua. Iruditxoan bukatzen diren haga luzeak, oihal gabeko zutoihalak behar dute izan. Ecce Homo bitxi  horietakoa du elizpetxoan, burdina-sare ostean pentsakor.

Erlijio gaiak nabarmentzen dira herriko merketerietan.

Neska izozki-saltzaile  pinpirin berbatsu italiarrak ez zekien "baschi"ok  non bizi garen nongoak ginen erantzun nionean; ulertzen zuen Espainia eta Frantziaren muga non, baina ezin zuen ulertu ez ginela ez espainolak ez frantsesak; ezta beste herri bat egon zitekeenik ere tarte horretan; markoak zenbatzerakoan, -"bat, bi hiru,..."-, interesatu da gure hizkuntzaz, "hispanian, spigaignoli" edo zerbait antzerako entzun genion lagunei zioela guk kanpoko atea zeharkatzean. Gure patua.

 

Ettal: fraideen likorea saltzen duen turisterria. Etxe gutxi dira herrian, baina bertako petoak denak. Monasterio erraldoi karratua da turistentzako amu: hamabi alde dituen eliza ia borobilak Loiolako basilikaren antza du kanpotik;  urre eta arrosa koloreek, aingeru eta santu-irudiek, irudiz loratutako  gangak..., pinturek eta argiak berezia eta bitxia egiten dute eliza. Zur tailatutako aitorleku erraldoiak ditu: bekatu handiak daude herri honetan edo fraideak oso gizenak dira. Italiako Borghetto-n ikusitako koadro handi bat gogoratu digu pintura txiki xarmant batek: zaldi bat dago belaunikatuta Amabirjinaren aurrean; mandoa zen Italiakoan eta Gurejaunaren aurrean belaunikatzen zen animalia. Ettal-eko atzeratu sinpatikoak ingelesez agurtu nau  elizan eskua emanez.

 

Garmish: pinturaz apaindutako etxe solteko kaleek garatua, Alpe mendien giroko herri atsegina; ez du eski lehiaketaren beharrik erakargarria izateko. Urteberriko eski-jauzietako 119 eta 95 metro garaierako zubi luzeen azpian ere egon gara. Eguberriz elurrez zuri, gaur belarrez berde, uste baino pikeago eta hurrago aurkitzen da hegalarien azpiko malda ikusleen mailetatik.

 

Mittenwald: biolingile famatua izan zuen herri xarmanta; eliza-dorre koloreztatua, kale potxoloenean kanaltxoan bildua doakion errekatxoa aipatu behar. Ezkontza ikusi ahal izan dugu: herrimin nonbait, poxpolin eta kaikuz jantzita doaz segiziokoak; bertako doinuz girotu dute ezkontza; kanpai hots luzez deituriko errosarioa: agurmariaka eliza betetzen duen herriko zaharreria, apaizik gabe,   ezker aldekoek eskuin aldekoei erantzunez, txandakatuz; Oberammergau-koak baino luzeagoak eta ugariagoak dira elizako zutoihal eta hagak; urrea eta kolore aniztasuna inguruko herri orotan bezala.

Bada herriotan ere Maiatza zuhaitzaren ohitura: tantai sendo garaiak dira, oilar bat dutela gandor, zeruetako puntan.

Zonaldeko turista, barne-turista da, asteburuko ibiltaria. Ez ugariegia gainera. Nekazari iganderokoa, turista pobrea, ibiltzeko gogoa duena bere aberastasun.

Ez dago hainbeste txirrindurik, ezta bidegorririk ere, egon dagoen arren.

 

54 kilometro, hurretik ikusi ditugu Alpeak, baina ez dugu beraien ikuspegi zabalik izan

 

Oberammergau herrian bota digu ilundu ondorengo orduetan oraindik ia atertu ere egin ez duen egun argiko lehen zaparrada. Iaz Dolomitak bezala, euripe eta lainopean ditugu Bavariako Alpeak ere. Euririk gabeko eguna nahi genuen batez ere gaur, baina euripean joan zaigu.

 

 

Maiatzaren 26a. Igandea. 25.a

 

Alemania, berdia, euria, Euskal Herria... bertso batentzako puntuak.

 

Laino ilun beltzak, ur bizien iturri eta bizitza argiaren iturburu; goroldioak, agian lizunak, irten behar digu hezetasunaren hezetasunez, umeltasunaren eraginez. Lainoek bere hari mehe bustiekin lotu gaituzte uste baino egun bat gehiagotan Munik-era. Itxaron egin beharko digu Nureberg-ek, eta Munich-eko kupelek bi garagardo pitxar gutxiago izango dute, bi ibiltari gehiago ere bai kaleetan. Atertu gabeko zaparrada bortitza dugu lagun goiz osoan.

Tere Irastortzari jarraiki, akuiluak lirateke  Maiatzak zuhaitzak zeru-mugetan, Jainkoen bihotza zirikatuz bezala zerbait eskatu nahian.

 

Munich lurraldean kosta egin zaigu askotan norabidea asmatzea, gehienetan ez gure erruz gainera. Beti da nahastua hiriburu handietako bide sare.

Bere egoitza edo postuak iragarrita daude,  baina ia ez dugu poliziarik ikusi errepideetan.

Gutxitan ikusi ahal da belea hilda. Errepidean ikusi dugu bat gaur, galipot-zola bera baino beltzago.

Errepide nagusietatik haratagoko auskalo zenbatgarren mailako errepideetan izan da gaurko gure ibili ia osoa, berdegune zabaletan, ia geu bakarrik goazen errepide arrean, jadanik ezaguna zaigun giro eta ezaugarriko herritxoak zeharkatuz. Ibilbide lasaigarria, euria eta guzti ere. Agian euriagatik.

 

Lansberg-am-Lech. Guardasolpetik ikusi dugu, guretzat soilik izan da luzarotxo batean. Lech ibai-bizkarrean, adreiluzko dorre eta ate ugari geratzen zaizkio. Hiruzpalau solairuko etxeak,  kolore lau ezberdinez pintatuak; gandor luze eta fatxada zorrotzeko Erdi Aroko etxeak nagusitzen dira; bada marrazki eta irudiz koloreztatutakorik ere. Eliza, garaia, barnea zuriz pintatutakoa: bobeda irudi pintatuz loratua,  santu-irudi zuri piloa, goitik beheraino banku bakoitzeko lorontzitxoz apaindutako grada, ur bedeinkatu ponte potxoloa, urre koloreko erretaula barroko handia: merezi izan digu sartu-irtenak. Kolore argi eta estukoz dotorea, giro alaia eta argia ematen dio Udaletxeko fatxadak gainbehera errepidea den plaza zabalari. Bada plazan Erdi Aroko, 1600.go, dorrea ere. Harrizko pitxer erraldoiez egindako iturri batek egiten du gozagarria kalexka bat. Bada, goian, ikusi ez dugun gotorleku, dorre, palazio edo denetik zerbait izan den eraikuntza.

Betea eta zabala dager Lech ibaia; urtegi baten horma dirudien  bost maila zabaleko presa sendoak gizentzen du; burrunbatsu gainezka, erdiko korrontera gehiegi hurreratzen ez diren zisne samalda dabil presagain ertzetan.

 

Antzinako auto-rallyarekin gurutzatu gara. Bertatik bertarako desfilea gertatu zaigu, ibili dabilen museoa, euripean, sarrerarik ordaindu gabe eta inguru paregabean; asko ziren, bakarka zetozen, tarte luzez banatuak; geldo eurak, geldo gu, beraiek etorrian, joan goazela gu, urrutitik begiak beraiengan ezarrita, alboan desagertu arte beraietako bakoitzari  so; ikuskizun luzea gerta zaigu.

 

Ammersee laku zabala inguratu dugu. Bazter gehiena bereganatu du gizakiak, etxetxoz hesitu dute, bizitoki pribatuz, herriari ostu diote lakua, istinga batzuk besterik ez zaizkio geratzen herriari.

 

Herrsching: bokadilorik eman ez digun herri turistikoa, laku ertzean. Kotxe asko badabil ere,  ez da turisterri ohikoa, jatetxe batzuk salbu, ez du ia azpiegiturarik, ez dago lourdesik, etxe solteek osatzen dute herria.

 

Andech: garagardoa egiteaz aparte, fraideek garagardotegia ere duten santutegia. Garagardotegia eta garagardoa dira ezbairik gabe fraideen itsulapiko ahozabal eta oparoena. Dena da Santutegia: elizak, sagardotegiak, eta betiko oroigarriak saltzeko denda ugariek totum bat osatzen dute. Hasteko, behean, eten gabeko sartu-irtena duen aparkaleku erraldoia kotxez betea; gorago sagardotegi erraldoia jendez gainezka; eta goian eliza, tokatzen zaion bezala Rokoko estilokoa. Handi horietakoa da sagardotegia, badirudi bertan daudela inguruetako igande-arratsalde-pasako denak, gazte eta nagusi, zaratatsu, burrunba hotsez bildurik, giro zalapartatsuan, gureetan oilaskoa bezala erretako zerri puskez eta litroko garagardo-pitxarrez gozatuz; bazirudien buru txiki eta urdail handiko peto guztiak zeudela bertan.

Eliza: Rokokò izugarria da, ezin oparoagoa, Alemaniako onena omen: irudi gozoz dotoretutako  hainbat kupula antzeko, barnea biltzen duen zurezko koru fronte-oholeria, urre kolorez horiztatutako santu-irudi  ugariz osatua; dena da irudi, dena kolore, dena gauzatxo, dena irtentxo; korupean Miraclekoak gogarazi dizkidaten esker-oneko koadro pintatuak. Jendearen elizara sartu-irtentxoa, sagardotegirakoa baino laburragoa noski, etengabea da, batzuk debozio handiz, bada kandela ugari pizten dioten santu bat ere, baita kandela ugari jartzen duenik ere: eskabide potoloa du nonbait.

 

Alemaniako ohiturei jarraituz, goiz afaldu dugu, jatetxe italiarrean, txerri-gantzei ihesi; etxera bidean ginen arratsaldeko bostak eta erdietan.

Herritxo batetan errapea lehertzear zuten behi samalda zetorren errepide betean, kotxeak zain egon behar izan gatzaizkielarik; unaia bizikleta eskuan zetorren atzetik, lasai.

Eliza eta Maiatza daude nabarmen herritxo bakoitzean.

Pasa besterik egiten ez dugun gurpil gaineko bidaiari kanpotarrontzat, idilikoa zen inguru guztia.

Munich-etik hurbil, BMWko bulegoek, ia beira hutsezko lau zilindro erraldoi  zut elkarri itsatsita, eguneroko girora erakarri gaituzte.

 

178 kilometro, zaparradapean.

 

 

Maiatzaren 27a. Astelehena. 26.a

 

Tere Irastortza "Presetako urak erritmo bat dute, errekan errima da".   Euriak jartzen dio errima egunotako ibiliari.  

 

Kanpinean bost birziklapen ontzi ezberdin daude betiko zakarrontziez aparte. Xehetasun esanguratsua. Herriaren erritmoa hau ere.

Munich-eko zozoak ipurbeltz, Nurenberg-koek izango ote  moko-hori!. Biharamunerako itxaropenik galdu nahiezko egunak izan dira Maiatzekoak egunoroko euripean.

 

Ipar aldera goaz, ekin diogu goranzkoari.

Nurnberg-era autobidean, joan-etorri handiagoagatik edo, orduko 10 kilometrora mugatuta dago abiadura.

Garagardogintzarako  lupuluarentzat hesola basoa, polita izan behar du berdetzen denean mugarik gabeko lauzpabost metro garaierako parrape etenik gabeak.

Angelusa entzun dugu irrati batetan, bada hemen ere Arrateko D. Pedro edo Bernardoren bat.

Jendez beteta dago hemen ere autobideko restopa. Komunak onak eta garbiak, premiazko diren xehe guztiekin, xaboi eta gainerakoak, kalitate onekoa dena.

 

Mendiartean sartu gara Nurenberg-era 60 kilometro aurretik; lurralde hau ez da aurrekoa bezain zabala. Noizbehinka, muinotxo baten ostean ozta-ozta agertuz, arbola tartean edo gainetik, dorretxoa eta Maiatza.

Lurralde laua, Irurtzundik Iruñara lurraldeko gorabeheren itxura du, baina ez da alboko eta aurreko mendirik.

Bidaiak: Alemania 96

Jon Etxabe 2019/06/13 09:29
Suitza: Zuritz / Alemania-BadenWutenberg: Ravenburg; Babaria: Dachau, Ausburg, Landshut, Regenburg.

SUITZA

 

Erakargarriagokoa egiten du euri ondorengo berde bereziak ia inor ez dabilen Suitzako herri arteko errepidea. Patxadatsuagoa da gidatzea. Handiak dira benetan korta edo delakoak; erantzita edo bereiztuta, su-egurrentzako zurezko txabolatxoa dute alboan. Nekazari herri lasaiak dirudite, zatituak daude lursailak, ez hain sail zabaletan banatuak, bakoitzak bere lursaila du nonbait. Izanen da arazorik hemen ere baina, baserritarrentzat.

Eskola-ume txikiek xingola distiratsu horietakoa daramate bizkarretik gerrira, segurtasun neurri bezala edo.

 

Zurich. Tunel luze batez sartu gara hirian. Ertzean zisne eta ahateak erruz dabiltzan lakuaren eta bertatik sortzen den ibaiaren ertzean kokatzen da hiria, etxeak zuhaitzekin tartekatuz dituen mendi apalez babestua. Motordun txalupak eta batelak ur-azalean kulunkan, baita lehengo txanel estu luze bakarrak ere ertzean baztertuta ospakizunen baten zain. Non paseatu asko du Zurichek ibai-laku alboetan. Pobreak ere nonbaiten erdi ezkutatuta biziko diren arren aberats itxura du hiri honek, dotore jitea. Etorkin itxura zuen taldetxoa ari zen lasai eta ozen taberna aurrean eserita. Etorkin itxura zuen zenbaitzuei entzun diogu gaztelaniaz kaleetan. Turista merke aldrarik ez dabil. Turista itxura duenik ere ia ez da ageri. Ondo-jantzitako asko, exekutibo edo zurigarri itxurakoak ere ugariak dira, jantzi beltza nabarmentzen da. Kultur eskaintza oparoa  du hiriak, zine, antzerki edo musika aukeretan. Almodobarren "La flor de mi secreto" ere gaztelaniaz dago iragarrita.

 

Ibaiak bi zatitan erdibitua dago Alde Zaharra: kale estu baina dotoreak, etxe handi sendoak, alde zaharrak beti ohi duen xarma galdu gabe. Bada luze baino bi aldiz zabal den zubia Rathaus ondoan, Plaentxiakoa, agian Japongoa ere, gaindituz. Behaleiho ugariko kaletxo liluragarria,  iturriak, estatuak, miradore polikoromatu potxoloak; alde bietako goietatik ikuspegi zabala ibai gainera...

Tranbia da garraiobide  publikoa.

Bankoa dago inon baino ugariago hirian, baita arte-areto franko ere.

Elizak: Auskalo hiria tolerantea den, baina sinesmen ezberdineko hainbat eliza bai badaude.  Teologiatik ezaguna dudan Zwingliok badu bere eliza, estatua bat ere eliza alboan. Grossmnster elizak irudi aparteko beirate batzuk ditu, 1300. urteko freskoa kolorez argitutako zulo obalatu batean, irudi landutakoz brontzezko atea, eta Karolmagnoren  irudi erraldoia kriptan. Aldarerik ez duen S. Pedro elizak pulpitua du elizako interesgune nagusi, gurutzadura erdian, presbiteriorako tartean, garai, erdi-erdian: hitza da nagusi eliza honetan. Fraunmnster eliza: bataio-pontea katolikoek aldarea ohi duen tokian; presbiteriora pasabide, presbiterioa eta bankuteria berezituz, arku gotiko sendoa: aldareko elizkizunetik at geratzen zen herria. Presbiterioko beiradurak Marc Chagalenak dira:  urdina, berdea, horia, gorria eta urdinxka, bakoitza kolore ezberdinez eginak; beraiek bakarrik daudenez, ezin daitezke alderatu Erdi Aroko beiradurekin, Reimsen bezala: hemen ez dira  galtzaile, alderantziz, erakarpen izugarria dute; medailoi polikromatuak sabaiko giltzarrietan; deigarria da kripta, zati bata erromanikoa, gotikoa bestea; kapitel ikusgarriak ditu erdikoak; kriptan ere badira fresko ederrak, baina modernoak, oraintsu eginak, esango nuke.

 

Zurichek badu ordu lasaietan zer ikusi eta non ibili.

 

Zaparradapean alde egin dugu; lainopean izan dugu errepidea, ia itsu joan gara, lainoetatik zetorren eta gurpilek jasotzen zuten uraren eraginez.

 

Suitzako frantsesa zebilen irrati batetik jakin dugu atentatu bat izan dela Espainiako nonbaiten. EL PAIS ere erosi ahal izan dugu, zegoen espainiar egunkari bakarra. Berdinean dirau denak gureetan. Ez dirudi argibiderik ikusten denik, irtenbiderik oratzen ari denik. Aldatze-berritze aurreko kontraesanik ez da usaintzen, azalean behintzat, izanen denaren arrastorik ere ez.                                         

 

160 kilometro.

 

 

Maiatzaren 21a. Asteartea. 20.a

 

Gizatartutako burubeltza pausatu zait mahaian bertan, intxaur mamiak eraman ditu ere alde egin dudanean; lakuko zisne dotorea ere dendaraino hurreratu zait ahatez inguraturik,  oinzabal, galant eta tente, tinko so, bere dotoretasunean harrotasunik gabe zerbait jatekorik emate ote nion edo. Ezer ez jasotzean uretara bueltatu da patala-patala dotore bezain trakets bere ibilera narrasean.

 

Kanpin aldaketa eguna

 

Autobidetik kanpoko  laku inguruko herri eta lurrak ikusiz egin diogu agurra lurraldeari, lur barruko itsasotxoari azken begirada nostalgikoa botaz.

 

Ravensburg: goitik behera kolore ezberdinez pintatuta  erliebe itxurazko erronbo eta antzerako figura geometrikoz. Brixt egiten dio begietan dorre karratuak leloa ez den edozein gidariri. Zaparraden beldur gara, bestalde goiz heldu nahi dugu etxalde berrira, beraz ez gara gelditu.

 

 

BAVARIA

 

Orain arteko lur antzerakoak, eguneroko berdeguneak, nekazari etxeak, behi asko larrean, aterpe zabalagoa lortuz alde bietara teilategal zabal goranztua duten kortak, trokote eta egur asko negu hotserako prest korta kontra edo inguruan tolestuta.

Autobide bihurtzen da tarteka errepidea. Agian alderantziz. Badirudi Lander bakoitzak moldatzen duela bere errepide-sarea, eta Bavariak ia ez du loturarik, ganorazkorik behintzat, Konstantza eta Hego Oihan Beltzarekin, bai ordea Sttutgar-ekin.

 

Hiru astean, gaur lehenengoz bildu ahal izan dugu lehor denda, bart ere zaparradarik izan den arren. Kanpin berrian baina, denda muntatzeko une berean bota digu gaurko lehen zaparrada.

Erdigunea ezik, ia Munich dena ibili dugu kanpin bila. Hiri izugarri handia iruditu zaigu, zabala, edozein hiri erraldoiren antzerakoa.

 

234 kilometro, kanpin berrirainokoak.

 

 

Maiatzaren 22a. Asteazkena. 20.a

 

Autobideko dunbots eta burrunba etengabetik babesteko hesia dute herriek, gureetan ez dugun babesa dute. Baina gureetan bezala, herri xumeak jai du Alemanian ere bidaia-ametsak gauzatzeko: kanpaleku apalez baliatu behar dute pobreek bazterrak bisitatzeko, ez du beste aukerarik diru gutxi duenak herriak ezagutzeko grina asetzeko, edo asteburua astebarruko egunetatik berezitu ahal izateko. Kanpaleku honek erakusten digu Alemanian ere kanpina dela pobreen alditxo baterako bizitoki apala. Baina erakusten digu ere Alemanian badela bidaiatzeko grina, bazterrak ikusteko zaletasuna, kanpin kultura.

 

Gurutze-bide dira bidegurutzeak, izugarrizko kotxe erreskada eta egonaldiak sortzen dira bidegurutzeotan. Banaka-banaka sarriak dira butxadurak hemen ere.

 

Gorabeheratxo laburreko ordeka zabala da Municheko lurraldea.  Hegoaldera Alpeek, tontorreria elurtu oraindik zuria sasoi honetan. Beraiek jartzen diote hesia lautadari.

Ernegatu dut  errepideko  berrikuntza lanek eragindako desbideratzeak direla eta, ernegatu dut  kanpin inguruko labirintotik atera ezinik, ernegatu dut Dachaurako bidea aurkitzeko zailtasunez, ernegatu dut azkenik Dachauko kontzentrazio-esparrua non ote. Ez dira beti operatiboak alemaniarrak ere. Nire okerrak ere izan dute eraginik.

 

Dachau Kontzentrazio Eremua. Herri oso bat zoratzen deneko historia latza, bortitza, sufrimenduaren azalpen eta erakusketa, sufrimenduaren laborategia, laztasunaren erreinua. Gizakiak gizakiaren aurka ekiten dionekoa.  Milaka gizakien hilketa gerta zen lekua ikusi, kontzentrazio esparrua zenbateraino zen zabala jabetu, gizaki eta gizarteen elkarrekiko erasoa berezkoa ote den oldoztu, Israelek palestinarrentzako sortu dituen hainbat Dachau eta Auschwitz gogoratu, hori izan da bisita. Ez dugu ikasi ez genekien ezer berririk, baina baliagarria izan zaigu bisita. Israeldarrek beraiei egindako sarraskitik ezer ikasi ez eta beraiekiko hura palestinarrekin errepikatu dute. Gure presoek ere dachauetan diraute, politikoei bestelako interesik tartekatzen ez zaien bitartean.

Pelikuletan ikusi ohi den antzerakoa  da eremua, ia berdina. Pantailak ez du erakusten zenbateraino ziren zabalak. Zenbat milesak sartzen ziren bertan.

 

Hilerria: 7.400 soldadu eta soldadu ez zirenak, gehienak ezezagunak, lurperatuta dauden hilerria ere bisitatu dugu, bertara jo baitugu gure bilaketan. Ustez aberriagatik hildako gizajoak, lehenengo Hitlerrekin gero Demokraziarekin gizendutakoen onerako hildako anonimoak, herri engainatua.

Beude bere horretan monumentuak, baina ezaba ditzagun monumentu berrientzako hildakoak prestatzen dituzten jarduera politikoak.

 

Dachau Hiria. Gurutzatu besterik ez dugu egin kontzentrazio eremuaren bilaketaren noraezean, baina jite jatorreko herri txukuna da. Norabidea galdezka ibili gatzaizkien herritarrak, adeitsu irribarretsuak.

 

Augsburg

Hiri handi berri ederra, bankarien hiri ondo-bizia, garagardo pitxar baten aurrean non egon eder asko duena, kale eta etorbide zabalekoa, hiri argia tranbiez girotua, gerra ondoren birjasotakoa, elizetan ez bada antzinakotasunik ia erakusten ez duena, dena eliza dirudiena, iturri ederren hiria, elizagintzan lehenengo iturrigintzan ondoren norgehiagoka egon zela dirudiena, hasieran arrunt iruditu arren bereganatu gaituen hiria.

Udal plaza: zabala, kafetegia erdian, garagardo-edale patxadatsuen hitzordu-leku, baita kontu-kontaketa lasairako txokoa  ere; Alemanian ezohizko fatxada duen udaletxe errenazentista, kariloi-sona luze goxoko erloju doratua duen  dorre ederrarekin.

Iturriak: ugariak dira, Augustorena, indar handia erakusten duen Herkulesena, Katedral ondokoa... Plaza batean gizakia ipurdipetik zutik pasada dakioken zurezko jarleku erraldoia.

Katedrala: adreilu gorriz egindako dorre sendoa du, harrian zizelatutako santueria ate aberatsean, barruan  kaperagintzan lehiatu balira bezala, koadro, triptiko, zurezkoak zein harrizkoak era guztietako tailaeria: trebeziaz landutako irudiak, baita begien ederrerako taila naifak ere.

Eliza protestantea: koadro erakusketa bailitzan irudi pintatuzko zurezko korua da atzealde eta ezkerraldea; hitzaren tronua du eskuin aldean, organo erraldoia aldare ostean; eliza guztia da argi.

Dorreak: dorretxo polit asko, dorre luze ederrak.

Elizak: bada eliza galantik.  

Etxeak: etxeteria arrunten artean,  ederrak, eraikin zaharren usaia dutenak, klasikoak, freskoz pintatuak aurkitu daitezke.

 

"Bodega Antonio" bandera espainolaren arrasto horian idatzia zuen taberna ere aurkitu dugu, itxita baina.

Europa zaharra zatika erortzen ari denez, Ausburgen ere zarpailak konponduzko obrak nagusi.

Beltold Brechtten herria, baita Dieselaren jaioterria ere. Belttolden abildadea behar nuke idazteko, gure autoak, berriz, erregai berri baten asmatzailea du beharrezko, erregaian xahutzen baitugu dugun ia sosa dena.

 

Ilunabar goxoan nabarmenago dira lautadako herritxo sarriak; politak eta gustagarriak ikusten dira, halako bizitasuna ematen diotela pasaiari era guztietako dorreek. Dorre borobil luzeak, dorre borobil motxak, dorre-orratz luzeak eta laburrak, dorre karratuak, pope txapelezko dorreak... ikerketa edo tesia egin daiteke errepidetik dorreei buruz.

 

Goizean errepideak ernegarazi bagaitu, patxadan aurkitu dugu etxera bidea iluntzean.

 

215 Km

 

 

Maiatzaren 23a. Osteguna. 22.a

 

Hemen gaude euri lardatsez umelduta, beti biharamuneko eguzki eta epeltasunaren itxaropenez.

 

Beti da obraren bat hiriko sarrera-irteeretan kotxe ilara izugarriak sortuz. Hemen ere holakoetan gidariak, tartetxoa bilatzen dutenean, karrilez aldatuz erakusten du bere urduritasuna; parekoa da denean hiri inguruko gidaritza.

 

Nabarmen dager estadio olinpikoa autobide ertzean bere komunikabide-dorre garai eta kable sendoz zintzilikatutako toldope zabalekin.

Beira eta zementuzko bulego eraikuntzak nabarmentzen dira Munich-eko hego-eki aldean. Zenbat milioi pertsonen bizitzak maneiatzen ote dira leiho-atze horietatik ekonomiaren bidez.

Norabide-iragarki ikuspegia oztopatuz, kamioiak dira gidari atzerritarron etsai nagusiak errepidean.

Ez dugu orain arte aurkitu: herriez gain, etxe multzoak lurraldeko bakardadean; landetxeak eta bere inguruko osagarriak, nahiko elkartuta eraikuntza multzoa osatuz;  handiak dira hemen ere landetxeen osagaiak, etxe zabalok ere txiki utziz. Azienda osoa dabil larrean etxe inguruan,  behiak, ardiak, oiloak... asto bat ere bai. Ez asko bakoitzetik, baina baserrian ohi den denetik ikusi ahal da.

Hemen ere autobusean daramatzate umeak eskolara.

 

Ia herri guztietan dago “Maiatza” zonalde honetan ere. Erraldoiak dira hemengo maiatzok; maiatzon nolakoa inguruko basoen arabera dago hemen ere. Pinu ederrena ebaki eta jartzen zen Altzolan sanjuanetan, eta pinu-jabeak ez zuen handiena kenduta ere kexurik egiten. Enborrean herriko ofizio edo ogibide guztien agerpena dago jarrita, bakoitza oholtxo batean pintatuta, herriko lanbideen berri emanez, agian bere garaian santuari, Amabirjinari edo auskalo zein jeinuri  laguntasuna eskatuz. Urte orotarako maiatz metalezkoa betiko berdin bakarren bat  agertzen da noizbehinka.

 

Garagardoaren aurkako propaganda, orain arte bakarra, kartel erraldoi batean errepide ertzean: garagardo pitxarrak X gorria du gainean; badu idazki bat ere, baina ez dugu ulertzen: segur aski garagardotegietara joaten ez direnek eta osasunak astindua eman dietenek irakurriko duten kartela.

 

Landshut: Esklusa bidez beteta zabal eta bizkor doan ibaiaren alboan, patxada darion hiria, Alemanian gaudela sentiarazten duena. Hemen bai, Alemanian gaude hemen. Bada buruko txatal zuria daraman andretxorik, sarriago ikusten da kapela bavariarra helduen buruetan. Sarreran gazteluarena baino gotorleku itxura duen jauregia eta munduko adreiluzko garaiena omen den dorrea, adornu ugariez bikaina, nabarmentzen dira. Bertaratuz gero, asko behartu behar da kokotea atzerantz  S. Martin eliza-dorreko punta ikusteko, hain gora baitoa; sarrerako ate gotikoak badu miresteko iruditxorik buelta guztian, baita ateburuan zizelatutako harria ere; barrutik ederra da, luzera baina batez ere garaieragatik handia, zintzilikatutako kristoa ere dagokion 8 metrokoa, erdi ezabatuak jada baina freskoak ditu orma guztietan, irudi pintatuz dekoratutako pulpitu polita, naif estiloko zurezko irudi piloa hormetara itsatsitako zutabe mehar luzeetan, harrizko filigrana den erretaula aldare nagusian... ez da ez bertan beherakoa gure S.Martin eliza. Etxe-kaleak, 1200 eta 1300.go kale eta kalexkak; teilatu pikoei jarraituz luze  eta zorrotz,  borobil ere, gorantz kolore ezberdinez argitutako fatxadak; arkupe zabaleko ia plaza ere baden kale zaharra edo 100.go Altstadt; arkupe gabe  puntazorrotz eta koloretsu, zabal, 1300.go Neustadt.

 

“MODA BERRI” izeneko jantzi-dendako erakusleihoa: marratxo gorri berdeak atzealde  zurian, ikurrintxoa falta zitzaio euskaldun petoa izateko. Aurkitu dugu izen berdineko beste denda bat, honek ez zuen marratxo  gorri berderik. Saltoki kateren bat da nonbait, baina ez euskalduna.

Ijitoek ba zuten ospakizunen bat: aparkalekura agertu dira, gure txikitako karroen ordez dozenatik gora karabana digante, ijito apainek gidatuta.

 

Goizean lanbroa bazen, zaparrada luzea bota digu  Landshut utzi ondoren  Regensburgera bidean.

Urrutira, kea lainoekin nahastuz auskalo zer zen baina dena ke ikusten genuen tximinia digantea, etengabeko ke-multzo zirraragarriak sortuz. Kutsatzailea eta zikina da argindarra ere. Errazegi pizten dugu bonbilla edo ikusten telebista.

 

Regensburg. Historiatik, baina ez dakit zehatz zergatik, ezaguna zaidan Ratisbona. Errespetatu egin zuen gerrak, beraz bere garaiko giroa, jitea, usaia gordetzen du. Hiri zahar ondo gordea, pospolina ez, baina bai ederra. Alde Zahar zabala du; dena da Zaharra, alde zaharragoa eta berantiarragoa badu ere. Alde zaharrenak kaledi estuagoa eta bihurriagokoa du besteen alboan; kale zabalagokoa da alde berriagoa. Fatxada liso diskretuak ditu, baina osotasunean sentipen baikorra sortzen du, dena delako halatsu diskretu.  Patxadako hiri lasaia, lasai ibiltzeko hiri lasaia. Gazte asko  kontu-kontari bazterretan garagardo botila eskuan. Etxe bereziz nabarmentzen ez bada, -izan baditu etxe ederrak-, ezusteko txoko pitxirik ez badu ere,  bila daiteke bitxikeriarik. Plazatxoak, 20 dorre,  Italiako S. Gimignanon haina nabarmentzen ez badira ere; etxe bakan sendoak. Katedrala: fatxada ikusgarria du, garbitu gabeko beltza politagoa delarik, agian, harri garbitu argia baino;  gargolak: handiak, nabarmenagoak hormek beste apaingarri eta orratzik ez dutelako; erraldoi sentipena sortzen du sarreran; barnea, hotza, austeroa, iluna, -agian eguna ere iluna delako-; goi eta behe dena da beiradura, beiradura ikusgarria gainera. Irudiak moldatuz zilar landuzko aldarea; harrizko putzua du ate ondoan, eliza barruan, bere soka, txirrika eta guzti; hainbat bitxikeria: harrizko tenplete garaiak kaperen ordez, harri zizelatuzko lan bitxiak, tailak... baina ipinki usaia darie, gerokoak, ezarriak dirudite; horma buelta osoan, ez askotan bezala goian, harrizko korridoreak bere baranda argiune apaingarriekin: bizitasun pixka bat ematen dio eliza barruari.

Bizi eta zabal doa  Danubio ibaia, inola ere ez da, baina, urdina,  zikina dager, beltz marroixka. Hirutan banatzen da zubi zahar luzearen azpian, beherago berriz ere elkar lotzeko. Ez da urdin nostalgikoa baina badu bere xarma eta zubiraino goaz bisitariak bera ikustera;  bada ontzietan dabilen turistarik, baita zubipeko korrontean kanoetan jolasten denik ere.

 

310 kilometro,  ez dira izan bideratzen errazak, baina joan gara nahi genuen lekura eta bilatu dugu ere etxea.

Bidaiak: Alemania 96

Jon Etxabe 2019/06/07 12:40
Fantzia-Alsazia: Colmar, Riquewihr / Alemania: Oihan Beltza-Hegoaldea: Titisee lakua, Toodmood, Monsteldal bailara; Oihan Beltza-Ekialdea:Bodense-Kontanz Lakua, Konstanz, Reichenau irla; Babiera: Lindau, Meensburg, Mainau irla.

FRANTZIA

 

ALSAZIA

 

Herenegungo sentipen kontraesankor ber-berak ditugu Frantziara bidean Rhin ibaia zeharkatzean. Hizkuntza ezagun eta ohitura antzerakoengatik babestuta-edo etxetik hurrago sentitzen gara Frantzian; orain, aldiz etxetik erbestera bagindoazen sentipena bizi dugu, aurrekoarekin kontraesana badirudi ere: jadanik etxean sentitzen gara Alemanian, Alemaniako bide-oharrak ia ezagunagoak zaizkigu, Frantziakoak ulerterrazagoak badira ere. Nolako astinduak ematen dizkigun barneak metro gutxiren barruan.

 

Pelikulletako eta historiako Alsazia  dugu gaurko ibiliko lurraldea, urrutira mendirik ikusten ez zaion lur landuko lautada, baso-kaskoz zipriztinduta. Jite berdineko herriak dira mugaren alde bietakoak, Frantziakoak agian ez dira ez hain garbiak, ez hain txukunak, ez hain zainduak. Naturak berdina dirau ibaiaren alde bietako lautadetan, antzerakoak dira nekazarien interesak ere, berdintsu izugarriak arto-sailak, hemen daude ere sarezko kaxak  artaburuen zain soroetan dauden biltegiak. Ez dago jabego txikirik, ez da lur zatiturik, norbait  jabetu zen lurroz Errusiako Iraultzarik egin beharrik gabe. Hangoak nolabait herriaren jabegoa bilakatu ziren, hemengoak auskalo norenak diren.

Berrikuntza lanetan murgilduta daude Europa zaharreko herri eta errepideak. Egonen da Alsazian ere, Roldan eta Urralburuez aparte, jeltzale sozialista popular ugari bere alderdi gastuetarako diru-kanilei bidea emanez.

 

Colmar. Teila berdez eginiko eraikuntza zahar handiako teilatuetako erronboak sortarazten dute urrutitik erakargarritasun puntua; bertaratzean, herri osoa bihurtzen da erakargarri. Guadiana bailitzan, etxepeetan desagertzen da ibaia, plazan agertzeko hurrengo; portaletarako zubitxoak ibai gainean, batelen pasealekuak tarteka...  bada arrazoirik Colmarri Venezzia Txikia deitzeko. Eraikin orok du zerbait xarmanta: plaza asko eta politak, kaledi ederra, zurezko habe, leiho eta balkoi landuek ikusgarria bihurtzen duten etxadia, zenbait etxe aparta, mila kantoi zoragarri, harrizko etxeak: leiho eta balkoietan hainbat eta hainbat burutxo tailatuta dituen Buruen Etxea da horietako bat, bizpahiru eliza sarrera gotiko apartekoak nora sarrera kobratu egiten duten...

Sekulako hiri aparta gertatu zaigu Colmar. Dena da turista gaur, oldeka, autobuskadaka, datoz inserso taldeak.

 

Hain iparrean espero ez genuen zikoina, bere habian zut, herri bateko plazan, frontoiko horma dirudien erdiko erlaitzean. Gereziondo sailak, melokotoia sagarra edo kibia jasotzen den lurraldetan bezala, erreskadan, motz inausita, ekoizpena areagotzeko erabat industrializatua. Mahasti zabalak, lurraldeak erakusten duen zabalera osoan.

Pitojole presati asko dabil Frantzian, errepidera atera diren  igandezale urduriak. Etxetik atera du jendea eguzkiak, euriak barraskiloak belartzan bezala; dena da kotxe, dena jende, jendez lepo betiko leku izendatu ezagunak, aparkalekuak hartuta, kaleak gainezka, tabernetako zoko eta atariak egoneko patxadakoz jendetsu.

 

Herritxo potxoloak, antzinako itxurakoak, bere lehenean oraindik.

 

Riquewihr, herri osoa da museo: goiko 19. urteko dorretik beheko udaletxeraino aldatzean doan kale nagusiaren inguruan kalexka estuko herri zahar xarmanta, bere lehenean dirauen itxuran, gaurko turistei egokitua.

Jaieguna izanik ere, zabalik daude saltokiak. Ardoaren santutegia, inurritegia iduri, erromes ardozalez mukuru daude herriko bazterrak. Ardoaren lourdesa, ardotik bizi den herria, ardoa egin eta saltzetik. Txosnetako saltzaileak bertako jantzita,  giroa bertako sonez bilduta... edalea erakartzeko amu bezala. 1560ko iturri apala, aldiz, ahaztuta dago, ez ikusle ez edale, furgoneta baten atzean gordeta.

 

Ustez askenekoz bidaia honetan,  zeharkatu dugu Rhin ibaia kanpinerakoan.

 

 

ALEMANIA

Jendetsu lasaia zen Freiburgoko kale giroa egunaren azken argi motelean, isila tranbiaren noizbehinkako irrista, irribarretxoak ziren plazako aurpegiak titiriteroan ikuskizunaz, kale-kontzertuaren zati biolinjoleentzako txaloak, magikoa bazterretan barreiaturiko biolin soinua, gozoa kale arteko ibilia... xarma zuen gau epelak bere eguneroko zaparrada ekarri digun arte udaberriak.

"La tasca" tabernako "tortila espaiñola": zaporez auskalo zer, prezioz sagardotegiko txuleta. Tortila ez dakigu,  baina Errioxako ardoa da gustuko dutena freiburgotarrek.

 

140 kilometro, epelak.

 

Egunak, bere zaparrada.

 

 

Maiatzaren 17a. Ostirala. 17.a-16.a

 

16. gaua etxetik atera ginela, eta oraindik ez dugu behin baten ere denda-ingurua lehor izan jaikitzerakoan.

 

Oihan Beltzeko Hegoaldea dugu gaur helburu.

 

Aurrez aurre izan ditugu hasieran Oihan Beltzeko mendiak. Deba bailarako mendien itxura dute, bai tamainan bai tankeran. Pinuaren beltza pagoaren berde argiarekin nahastuta, berdeguneak magaletan. Kalamua mendiaren antza du tontor garaienak, ez dirudi hura baino garaiagoa denik.

Galdu dute lora lautadako fruta arbolek.

 

Sartu gara mendi-mendiartean. Erreka zuloa izanen da mendi barrenetik aurrerako ibilbidea, errekasto politak errepidearen alboan, noizbehinka trenbidea. Gora eta behera,  mendiz mendi, baso erdian doa ibilbidea; belardi dira goilautada ondulatuak, sail bakarreko belardi erraldoi zabalak, baina ez da ez granjarik ez behirik larrean, kortan dauden behientzako izanen da belarra, agian saltzeko; behi aldra bakarra ikusi dugu, eta ile trinko kizkurreko artalde bakarra, sagastietan biak, ez belartza zabalotan, behi bakan batzuk larrean soilik, besterik ez. Berdegune honetan barreiatuta, herrixkak: herrixkak goietan, herrixkak bailara sakonetan, herrixkak mendi magaletan. Oihan Beltzaren Erdi aldeko berezitasun fisiko berak errepikatzen dira Hegoaldeko herriotan ere, baina turismoari lotuta dago Hegoaldea, udaleku bihurtuta.  Deigarriak zaizkigu etxeak: zurezko balkoi sendoko etxeak, gainbehera pikoan teilatu luzeko etxeak, teila ilun zein teila gorri argiagozko etxeak berdearekin kontrastatuz, bi isurialdeko etxeak teilatu hegi zorrotzarekin, hegiko bi muturrak triangelu formako teilatutxoekin mozten zaizkien etxeak, ia lurrerainoko teilategal  luzeak... Zurezko eraikin-osagarria dute alboan nekazal etxeek, korta, biltegi edo tresneria-gordailu. Tarteka turistentzako muntaiak, hotel, jatetxe, eta antzerakoak. Bidegorriak denean, oinezkoentzako eta txirringentzako ibiltarien paradisua. Uda-pasa gune aukerakoa. Leuna, zabala, erosoa, zaindua da errepidea, turismoak agintzen du hemen ere, bidea erraztu behar zaio udalekuetako igandepasan dirua bazterrak ikusiz xahutu nahi dituanari. Asteburuan deskantsatu beharra dago, lanerako indarberritu, lan egin irabazitako txanponak hurrengo asteburuan astintzeko. Kontsumismoaren gurpil zoroa.

Kare-harrizko haitzarte polit estuak dager tarteka, Irurtzungo Bi Ahizpen antzerakoak,  txikiak badira ere. Urrutitik pinua uste izan duguna, ez da ezagutzen dugun pinu beltza, ezta zipresa edo izeia ere, pinu familiako beste mota bateko zuhaitz handi bat baizik.

 

Alemanek nonbait zubia egiten dute, euskaldunak bezala; ostiral honetan barne-turismoak erruz betetzen ditu bazterrak, erabat trinkoa da errepideko joan-etorria, barnealdeko gune zokoratuenetan ezik. Motozalea da ugaria, bandetan elkartuta datoz, eten gabe, talde bat bestearen ostean, errepidearen jaun eta jabe. Ez da fianbreradunik bazterretan, ezta bokadilodunik ere, jatetxeetan bazkaltzen dute, etxera doaz jatordurako edo etxean bazkalduta dator jendea. Bitxikeria politik bai ikus daiteke.

 

Titisee lakua, lourdes erraldoia, herri berri bat, txukuna eta potxoloa, igandezaleentzako merketeria gunea, dena da hotel, dena saltoki, dena pitxi merkea, dena txosna; herri-herriko jendez mukuru, bisitari xumez gainezka, pobreon igande-pasa erosoa. Lakua bera edozein laku bezalakoa da, ez oso handia, bidezidor eta bidegorriek inguratuta; gaur ez dabil ia inor ibilbideotatik, jaiko jantzita dator gehiengoa. Erruz dator igandezalea: trinkoa, etenik gabea, eta bizia da erromesen joan-etorria, lakua ikusi, txosna eta kinkil-dendetan sosa batzuk utzi, eta joan doa. Zer esan nahi ote du letreroko "pequeña comida tipica" iragarkiak; selservice zen txosna, jatetxe mota horietako betikoa eskaintzen zutena.

 

Bada urtegi bat ere lakuaren inguruan, bidegorriz inguratua, hotel eskaintza zabalekoa, baina ez da, nonbait, igandezaleen hain gogokoa, ez baitabil jendetzarik. Doanak badu non ibili. Ukitu tipikoz girotzen du ingurua zenbait bertakok, bavariar jantzita datoz, ez dakigu abertzaletasunak eraginda, ala ohituraz, egunerokoa ala mendi-irteeretako jantzia zaien: babariar kaikua, belaunpean lotutako prakak, jaka motxa eta sonbreiru peto berezia. Hemen ere bada ere Deportiboko afanosorik.

 

Urtegiaren gainaldeko zuhaitz artean gordetako lakutxoa da polita, xarmant erakargarria, baina ahaztuta dago, ez dabil inor bertan.

 

Komunikabide-dorre garaia tontor batean, gurutze modernoa, herriari mezua bidaltzeko jasoa. Basoan teilatu beltzak zuhaitz artean ia ikusezin gordetako mendi barruko herrietan eliza-dorre luzeak egiten du zuhaitz artean gora: mezulari hau ere, nahiz baldintzak aldatu zaizkion.

Artzain automatikoak ikusi ditugu, baina aziendarik ez.

Teleaulki batzuk.

 

Toodmood: berrin-berri udarako egindakoa dirudien herria, mendiko herria, etxe solteko herria, zaharra dela antzik ematen ez zaion herria, turismoari goitik behera egokitu zaion herria, baso barruan kokatutako herria, patxadako herria, lasaia egon eta ibiltzeko herria, udaleku izateko parajeaz baliatu den herria.

 

Politak dira errepideak eta urak bide berdina egiten dituzten parajeak: haitz azpietan, haitzarteen zehar, mendi zulo sakonetan,  basoz bildurik, ur jauzitxoak alboetan tarteka, kotxe astiroagoaren motor-hotsa errekatxoaren murmurioez batuz... Horrela egin dugu bide zati bat, halako batean horma garaia duen urtegi zakarrean galdu zaigun arte errekasto idilikoa. Gizonak natura jan du, arrunkeriak poesia, bizibeharrak ametsa.

Gora-behera handiko parajea, malkortsua, bailara oso sakoneko mendiartea. Etxe sendoko herriek damaiote nortasun propioaren ukitua paisaiari. Aldaz gora, aldaz behera, oihanaren  izugarrizko ikuspegi berde zabala eskaintzen digute aldatzetako hegiek, aurrez aurre, ia gure oinetan dugu Oihan Beltza. Ilunabar kilikagarria. Arratsa beti da barea eta goxoa, horrelako parajean are hunkigarriagoa.

 

Monsteltal bailara, etxe bakarrak errepide alboan, luzera luzean. Oso bailara polita da. Bertatik atera gara Oihan Beltzetik. Lorez egindako gurutzeak eta esferak zintzilikatuta balkoietan, seguruenik badute zerikusirik "Maiatza" zuhaitzaren erritoarekin. Bidegurutzeetan ere lore eta xingolaz apaindutako abar lehorreko  ametsak tinko zerura begira. Bidegurutzetakoak dira bailaran Santokristo  handiak ere. Eliza izugarria, lorategia dirudi hilerri bitxiak.

Oihan Beltza, baso beltza.

 

Aphoteke, botika, asko dago Alemanian, ez dute nonbait kopuru mugaturik, nornaik jarri dezakeela dirudi botika, baldintzak bete beharko baditu ere. Botikak ere merkatu librea duela ematen du.

Erosketa sistemak, kontsumismoak, berdindu egin ditu Europako saltoki guztiak. Ez dago gureetako eta hemengo saltokien artean.

Ume alemanek ere litxarreria gustuko.

 

Bidean gurutzatutako banda bateko motozaleak ditugu lagun kanpalekuan, beste batzuk dirudite narruzko uniforme beltzik gabe, baina nabarmen bereizten dira orain ere, ahots, algara eta zurrut eginiko garagardo botilez.

 

Eman digu gaur ere egunak zor zaion ekaitz eta zaparrada bortitza.

 

195 kilometro, menditsuak.

 

 

Maiatzaren 18a. Larunbata. 18.a-17.a

 

Goizaldera arte heldu zaigu motozale gautxorien berba-hotsa, garagardotegi batetik dendara itzulian, eten gabeko sokan. Berantiar gauean, goiztiar izan dira goizean, dena buila, astelehen itxurako larunbatean, dendak jaso, larruki beltzez eta kaskoz mozorrotu eta abiatuz. Goiz joan zaizkigu joan bere jantzi erantzi motorra piztu buila atera erritoa bete ondoren. Motorzalea, talde-mutila.

 

Bagoaz gu geu ere, kanpalekuz aldatzen dugu gaur. Bota digu denda jasotze orduko zaparrada, biok ernegaraziz.

 

Atzo Hegorantz egin genuen, Mendebaldetik Ekira zeharkatzen dugu gaur Oihan Beltza.

Ez zaigu aldatu ez paisaia ez ikuspegia: lurralde uhindu zabala, ordeka gorabeheratsua, basoak, herriak, gora-behera leunean errepidea. Gaur ez da Oihan Beltzeko mendirik ikusi ahal, dena baita lainope. Behiak atera dituzte gaur larrera, zaldi bakarren bat ere ageri da belartzan. Arantzazuko elizakoa dirudien kare-harrizko hormatzar punta-luze batek eusten dio kamino ertzeko mendiari.

Zertarako ote hainbeste belar, galdetzen diogu elkarri; ikusten ez dugun behi asko dago nonbait, agian saldu egiten dute belarra. Ikusi dugu nekazari bat bere traktoreko atoi zabalean belar freskoa zeramala, kortan du, beraz, hazienda. Zeren arabera jartzen ote da Alemanian behien kupoa, lur-zabaleraren arabera, biztanleriaren arabera ala indar politikoaren interesen arabera. Europak aginduta milaka behi kendu zuen Espainiak, Euskal Herriak ere. Behirik badela erakusten dute hemengo belartzek, behi asko gainera. Europako jauntxoa izanik, Batasuneko kapoa, ez ote Alemania bera, nork zenbat behi erabakitzen duena?. Gaizki pentsatzeko eskubidea du beti pobreak. Gehienetan asmatu egiten du gainera.

 

Udalekuak, uderriak, dirudite herriek, hain dira txukunak eta aratzak, hain ikusteko atseginak. Baina bertako herri arruntak dira izan. Lorategiak dirudite korta inguruek, behiek, hemen ere, kaka-palastak eginen dituzten arren. Txukuntasuna da inguruko herrion ezaugarria.

Txukunak bai, baina erruki gabe egin dituzte autobideak, bailara eta herri osoak gainetik zubi erraldoi luze garaiez zeharkatuz.

Iparretik Hegora doan mendikatea zeharkatu dugu, dena da baso. Tontor konikoa, Alemanian ikusten dugun lehena, hau ere dena baso; eskalatzaileek ez dute hemen zintzilikatzeko hormarik.

Lautada hauetan jaiotzen da Danubio ibai mitikoa. Bere albotik doa errepidea, milioika mendez berak zabaldutako bideetatik. Bidelagun dugu, berdegunean zehar doa, koskortuz, mantso eta geldi, erreka ibai bilakatuta, nahiko zabal jadanik, agian presaren batek pilatu eta berdintzen dizkiolako urak.  

 

Bodensee, Konstanz lakua. Luzea eta zabala, ontzi kulunkariz zurixka, bazterretako herritxoz gorrizka, inguratzen duen mendixkaz berde, garbitu duen zeruz urdin, azkenez ere berotzen gaituen eguzkiz brist. Zoragarria agertu zaigu itsaso nanoa, uhin eta guztikoa, ontziek ateratako uhinak diren arren. Gaintxo batean kokatu gara, erdian marra berdea duen zabalera urdinari so, txori-kantuen etengabeko sinfoniaz ozen airea.

Oinezkoen eta txirrindu zaleen paradisua  da inguru osoa, bidegorri sarez marraztuta baitaude luze-zabalera osoan berdegune, baso, kale eta errepide ertzak. Gizatartutako bidegorriak dira, maiteago ditut urteetako ibiliaren ondoren basoak ia bereak dituen Sakanako bide eta bidezidorrak.

Despedida eman genion, baina auzo dugu berriz ere Rhin laguna. Lakura sarreran zeharkatu dugu, eta bere albotik paseatu dugu  ondoren.

Ur geldiko azal lauan harri zapalari nork xaplata gehiago atera jostatzea, herri eta aldi guztietako ume-jolasa.

 

Konstanz. Laku ertzean, txirrinduzalea nagusi den hiria. Bizi-bizia, jendez, ontziz eta batelez borbor. Harri gris-argiko elizak, Rathaus, eta Zeppelinen eraikin gorrizka apartak,  freskoz pintatutako etxe dotoreak, zur ilunez jantzitako lau fatxada, kantoiko balkoi eta dorreak zur ilunezkoak dituen 1388ko biltegi izandako Konzila, antzinako etxe batzuk bakarrak direlako deigarriagoak, ustekabean ura botatzen duten irudi bitxiko brontzezko iturria, bi lakuak lotzen dituzten bi dorre karratuak, osoki oinezkoentzako merkataritza-kaleri bihurtutako alde zaharra, ... atsegina gertatu zaigu hiria.

Munster, jite ezberdineko katedrala: gris-argiko zutabe sendoek, moja komentu itxurako abside koloretuak, barne osoak duen argitasunak ematen dio apartekotasuna; bankuteri sendoa hotzari aurre egiteko oholtza gainean, erlikitegi pila  aldare nagusian, bera ere zurezko taila den santu batek buru gainean eusten duen pulpitu tailatua, gizairudi zizelatuz betetako zurubi bitxia, harrian zizelatutako koadro zaharrak,  zurean tailatutako santuteria erdi-naif ugaria, presbiterioko aulkiteri tailatu berri itxurakoa baina junturetan zaharra dela ezagun duena, korupe zizelatua eta freskoz edertua, perspektiba duten errege irudiko kapila itxiak,  tamaina guztietako harrizko zein zurezko zizel eta taila lanak... ezer nabarmenik gabe berezia da katedrala: harri grisek, kolore leunek eta argitasunak ematen dio agian berezitasuna.

Bigarren eliza bat: harri gris-argikoa, tarima gainean du bankuteria honek ere, hiri hotza da nonbait Konstanz; horma eta zutabeetako freskoek egiten dute berezia; sabai polikromatua, zurezko aulkiteri eta pulpito sendoa, gizon baten biko tamaina duen Kristo erraldoia, Amabirjina baten aurpegiera erdi lelo erdi naifa, pintura batean eskuaren errealitate biziko erliebe berezia, kaperatxo bat beste handi diren aitortegi erraldoiak, han barruan zer pasatzen den inork ez dakiena eta denerako tokia duena... Ez da alferrikako bisita izan.

Berrikuntza lanetan murgilduta dago Konstanz zaharra, Europa osoa bezala.  Aphoteke asko dago  hiri orotan lez. Bada iturri ederrik, alemanen iturrien kultura erakutsiz.

 

Hila zegoen hiria arratsalde goiztiarrean, ekialdeko flauta-jole batek biltzen zituen soilik kaleak musika-hots goxoan; arratsalde  berantiarrean, baina, bizitasun lasaia hartu du plazak, jendez borborka jarri da laku ertza, udaberriko  larunbat epelean.

 

Reichenau irla. Ibiltoki aparta, atsegina da, xarma du, eguzkia  gordetzera doanean. Natu-gunea da inguru osoa, hegazti mota asko dabil bertan, agirian, errepidetik gertu ere; kanabera edo antzerako istinga itxura du bazterrak. Zabala da irla, nekazaritzatik bizi da. Italiakoen pareko etxetxo itxurako kristalezko hainbat eta hainbat negutegi, bizpahiru herritxo, eliza erromaniko interesgarriak, ortuak, belardiak... lorategi eta etxe-bueltek ez dute inolako hesirik, errepidera zuzenean zabalik daude, bisitariari errespetua eskatuz lez; edozein sartu daiteke, baina ez du inork errepidetik haratago pausorik ematen bisitariak konfiantza eskertuko bailu lez. Norbere terrenoan bezala sentitzen da bat, zeure lurretan zauden itxura duzu, hesirik eta mugaketarik gabe, ez zara arrotz sentitzen, lur landuetatik hur, ez zara berezituta sentitzen, bertakoa baizik, ez duzu mesfidantza sentipenik sortarazten, dena duzu hurrago, dena kideago.

Giroa gozatuz, ze motako diren ez dakigun zuhaitzetatik izugarrizko lora zuri zaparrada erortzen da,  airea puntu zuriz betez. Eguzkia behean denez, autoaren geriza ere metro batzuetara aurrean luze ikusten dugu. Magia puntua izan du bisitak.

 

Asteburuko larunbat arratseko jai-giro lasaian, kalea eta ibili lasaia maite du jendeak, plazetako mahaietan tragoa, kale arteko ibili lasaia jelatua dastatuz. Konstanzen, Alemanian, zein Euskal Herrian. Jabegoa, aberastasuna, bizi-baldintzak, bitartegaiak, lana bera ere, ez dira sozializatu. Ohitura, jokamolde, bizimolde, janzkerak bai sozializatu dira, baina sozializatu ez diren interesek bultzatuta.

 

145 kilometro, aterian. 

 

Izarrak ikusi ahal ditugu. Behingoz. Martiz edo Artizarra uste dugun planeta argitsua dakus, laku ondoan, denda aurrean, aspaldiko partez gau epel eta lehorrean. Lehenengoz ikusi dut ahate bat, hegada astunean aireratzen. Hor dabilzkigu ahatok pitili-patala, lotsagabeki, familia-kide bailira, gure inguruan.

 

Zabaldi italiar batetan afaldu dugu, merke, gustura eta ondo.

Neurria hartu ahal izan diogu gaur egunari.

 

 

Maiatzaren 19a. Igandea. 19.a-18.a

 

Zeru izartsuan lotaratu ginen, eguneroko zaparrada eskaini digu gauak, eguzkiak suspertu gaitu goizean.

 

Eguzkiak ispilu bihurtzen duen ur azaleko bristadan zeharkatu du zisneak laku bazterra, buru garaia zut, lumajea zabal, popa luze, dena zuri. Txuarren eta zozoen ordez lakuko ahateak dira lotsagabeki nork zer emango jan bilaedo dabiltzanak: dendarik denda  belatzean, limosna eskearen ondoren hegada zalapartatsuan aireratu eta lepoluze-hankatolos alde egiteko bere kolore ilun ezberdin distiratsuak eguzkiaren eraginera brist.

Alemania ezagutzeko irrika, poltsa, aurrekontu eta egutegiaren muga ez balitz, luzaroagorako pausaleku bikaina litzake hau. Euskaldunak Mediterraneoa, lur barrukoak Kantauria, itsasoa, dute arnasbide, alemaniarrek, aldiz, lakuak,  bidegorriak eta bidezidorrak. Baita garagardoa pitxerkadaka ere.

 

Bodensee lakuari eman diogu  ertzerik-ertz bira osoa, Suitzako alde luzea eta Austriako unetxoa tarteko. Suitzan eta Austrian pneumatikoa besterik ez dugu gastatu, joan-ibilian begiratu eta ikusi; eskaini eman, geratzeko aukerarik ere ez digute eskaini eta. Politikoki jaun ezberdinak badituzte ere lurraldeok, ez dute ezberdintasun handirik bata bestearekin.  Austriatik, 7 kilometrotako tunel luzea gogoratuko dut, Suitzatik berriz suitzarrak ez direla bertako behi bakarrak, holandarrak  eta auskalo nongoak ere auzo baitira larretan. Bai Austriatik bai Suitzatik ikusten diren Alpe mendiak gogoratuko ditugu: laino zurian marraztutako hagin zorrotzeko mendizerra iluna, eta malda iluneko elur-marra zuria. Bertaratuz, liluragarri dakusagu mendiok, diganteak babestuta egin dugu itzulera osoa.

 

Konztanz hiri barruan dago Suitzako muga: Suitza aldean kontrolatu egiten dute bidaiaria, Europa Batuan ez daudelako edo. Bai Suitzan bai Austrian txirrindu zaleek ez dute Alemaniako bidegorririk, ibilgune estutxoak marrazten dizkiete errepide ertzean.

  

Epelagoagatik edo, fruta-arbola lantzen da lakuaren alde bietan, gereziondoa agertzen zaigu berriz ere. Meersburgen mahastiak, mendixka magalean, luze-zabal oparoan.

Nekazari etxeteriak bere zurezko granja, korta edo tresneria-gordeleku iluna du alboan hemen ere. Kubo handiak dira etxebizitza arruntak hirietan, belarra eta zuhaitza ditugu lagun hemen; lakua geldi mantso leun han, inguruko berdetasunez eta zeru lainotuz ilun, belauntzi hegoen zuria kontrastatuz. Noizbehinka ontzi handiagoak jendea garraiatuz. Igandezale asko dabil gaur, batez ere Alemania aldean, etengabeko kotxe sokak lotzen duela puntarik-punta bueltako errepide osoa. Bada hemen ere ezinegona errepidean, baita lasaitzera ateratzen den estresatutako pitojolerik ere. Halere deseroso samar  aurreratu gaituzten bi autoak frantziarrak ziren biak. Alemaniarrak errespetua du errepidean, asteburuetan ere. Ohizkoa ez den arren, azeri polit askoa ere ikusi dugu bazter batean autoren batek zapalduta.

 

Jantzi argiz janzten da gehien bat pertsona heldu eta nagusia, gaztea berriz gaur egungo txupa eta denean antzerako diren bestelako jantzi internazionalez. Jendea ohizko herri bakar ezagunetan elkartzen da, hemengo Zumaia edo Ondarruetan; herrietako kaleak hilik daude, herri jendetsu horietan bi kale ezik besteak, hutsik daude. Jendea dagoen tokira doa jendea.

 

Lindau: Baviera. Laku ertzean kokatua, Alpe tontorrak urrutira, ura, berdegunea: dira hiriaren osagai  paregabeak. Jai-pasako giroa du, batez ere portuak.

Alde Zaharra, ibilbide atsegina. Koadro erraldoiak dirudite bi eraikinek: irudi argiz marraztutako Udaletxea, eta bi mailako teilatu sendoa duen Cacazzen etxea, fresko argiz apaindua. Igandezalez gainezka dago, eguerdi epelean, itsasertzeko pasealeku luze bezain atsegina. XIII. mendeko dorreak ematen dio freskura lehoia eta faroa sarreran dituen portuari. Beste herri batzuetan bezala, bada kontraleiho pintatu graziadunik: kanpokoen begi-gozamena irekitakoan, barrukoena itxitakoan.

Kaledi apaina: mila etxe, zoko, balkoi eta etxe-zoko ditu begien atseginerako.

Bi eliza, hauek ere harri gris argiz eraikitakoak. Biak dira argiak barrutik, zuriak, pintura arrosa goxoekin. Biek dute tarima gainean bankuteria, eliza osoan.  Biek dute organo handia, nork handiagoa lehian bailebiltza.  Eliza protestantea austeroa da, katolikoa ostera bankuteria tailatua izateaz gain aldare, irudiz, koadroz eta freskoz beteta, ponpoxoa. Katolikoak pazko-arrautzez egindako erramu txortak zituen, protestanteak aulkiez osatutako presbiterio zabala zuen deigarri.

 

Meersburg. Arratsalde pasarako herri aparta litzake, laku ertzeko pasealekuengatik nahiz barruko kalediarengatik, eguzki epeletan balitz, baina gauera arte atertuko ez duen euriak harrapatu gaitu, haize hotzak hezurretaraino bildu. Gaztelua, lauki gotorra, kantoi borobilez sendoagoa; erakargarria egiten dute zubiak, sarrerako atea zabaltzeko teknikak eta hainbat xehetasunek; turisten bisita-leku bihurtu da. Goiko plaza da goxoa, argia zeru zabala duelako gainean, argia bertako palazio handia arroza kolore goxoz pintatua delako, argia inguruko etxeteria ere argia delako: ezer nabarmenik gabe, xarmanta da plaza bere handitasunean ere.

Antzinako Etxeteria zaindua, gordea, mimatua.  Herri guztia denda eta guardasolpeko jendez gainezka. Turisterria, baina atsegina. Berezkorik ere baduena, baina turistengandik bizitzeko helburua landu duen hiria.

 

Mainau irla. 1600 pezeta lapurtzen dute bertako landara tropikalak ikusteko. Bertarainoko ibiltokia da erakargarriena. Baso eta zelai berdeetan patxadako txirrindulari eta ibiltariz inguratuta, lasaigarria.

 

Nahiko arruntak dira hemengo txirringak, hagin-neurri ezberdineko pinoiak badituzte ere. Ez dira Euskal Herriko txirringa ponpoxo harroxkoak.

 

Kukuak jo digu lehenengoz Alemanian. Ez zait markorik faltako.

Italiera egiten duen zerbitzari alemaniarrak hitz bakarkako elkarrizketan galdetu digu nongoak garen. "Baski". "Orduan espainolak ez". Zerbait badaki euskaldunotaz.

 

100 kilometro, lehor hasi eta busti bukatuak.

 

 

Maiatzaren 20a. Astelehena. 19.a

 

Lakuaren bestaldeko ertza ikusten ere uzten ez diguten laino beltzen ispilu, berunezko xafla dirudi lakuak gaur goizean. Zaparrada goiztiarra izan zaigu gaur, goiztiarrak izan dira lakuko basa-ahateak ere toldopetik mokoka gosari bila. Nire gosari eta poesia-irakurketa orduan, oinetan bertan dabilkit ahate hirukotea belar puntetako haziak bilduz bere moko luze gotorrarekin. Zalapartarik gabe, geldo dotorean, zisneak ere burua, bera ere ia osoki,  sartzen du ur-ertzean hondora bazka bila edo, bera ere. Burubeltz maitagarria, gure txikitako ehiza-garaikurra, pausatu zait liluragarri istant luzeetan metro erdira dendako sokan. Goiz gris euritsuak badu bere xarma, laku ertzeko egon lasaian, ibilia zeregin dugunontzat gogaikarria bilakatzen bazaigu ere.

 

Jan bila dabiltzala ahateok erran nahi izan diot alboko gazte irribarretsuari ahora atzamarrak eramanezko keinuz; ahate errearen keinuz erantzun digu berak; keinuek ere esanahi gutxienez bikoitza  dute, bakoitzak ematen dio edukia keinuari. 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.