Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Mendebal Alemania

Mendebal Alemania

Jon Etxabe 2019/08/09 18:37
B.remen, Hamburgo, Lubek, Lünenburg, Celle.

Ekainaren 15a. Larunbata. 44.a

 

MENDEBAL  ALEMANIA

 

Zainzuri asko dago salgai: sasoia da. Asko egin ere egiten da nonbait zainzuria Alemaniako lurralde honetan, Erriberan antzo.

Behatz lodia eta erakuslea luzatu eta zabalduz adierazten dute alemaniarrek "bi", gure erakuslea eta segidakoaren ordez. Beti behatz loditik hasita irudikatzen dute hirukoa edo laukoa ere. Guk ordea hirukoa behatz txikitik hasita osatzen dugu, eta laukorako gorde egiten dugu lodia.

Etxe bloke erraldoiak jaso dituzte hiri handien alboetan edo auzoetan, baina bloke berriok ez dira zaharrak, aurreko politikagintzakoak, baino alaiagoak edo dotoreagoak, antzerakoak baizik. Langile xumearen etxebizitza behin ere ez da dotorea, ez baitu etxe erosoago baterako haina irabazten. Ikusezinak baina eraginkorrak dira ekonomiaren lotura eta hesiak.

Habiara bidean da txepetxa aurreko sastrakan: etsai natzaio nonbait, mesfidati, txirtxir isilean dabilkit harat-ona,  habiaren  non nondik norakoa gorde nahian.

 

900 metroko tunelak zeharkatzen du ur azpitik badia; tuneletik irten besterik ez, egituraz Tudelakoaren antza duen bi kablezko zutoindun zubi erraldoi luzeak hartzen zaitu. Berehala batetan ateratzen zaituzte autobiaz hiritik inongo semaforo eta demontrerik gabe; norabide eta irteerak ere garbi iragarrita daude. Gidariari segurtasuna ematen dion errepide sarea da Hanburgo ingurukoa.

Silo sistema guretzat berria, lehortutako belarra pilatu, traktorearekin zapalduz trinkotu,  plastikoz estali eta  estaldura kotxe errubera-estalkiz inkatzen dute.

Aurreko hilabetean ez bezala, behiak aldraka dabiltza larrean. Agian belarra ebaki eta gorde ondoren, elurtzan beharko duten belar lehorra segurtatu ondoren, ateratzen dituzte behiak larrera berriro ernez doaz belarrez elikatu daitezen.

Handiak badira ere, mugak ikusten zaizkie lur-landu eta belar sailei. Mugatuak eta pribatuak dira. Ez dira Eki aldeko bukaerarik ez zuten lurralde komunalak.

Ekialdean ez bezala, solte dabiltza jubilatu guztiak Mendebalean, bakoitza bere karabanan, ez da kilometro erdirik igarotzen gutxienez karabana bat gurutzatu edo aurreratu gabe.

Automobil-matrikuletako “HB” Bremen da, “HH” berriz Hanburgo. Ez dakigu H hori zergatik edo zertara datorren.

 

Bremen.

Etxe dotoreko hiri dotorea. Planorik gabe erdiguneko kale eta plazetan gozatuz ibiltzeko hiria, banan-banan eraikuntzak begiratuz; mila zirrikitu, txoko eta bitxikeria aurkituko dituzu. Beste herriek hiru-lau bitxikeria dituzten bezala, osoki da bitxikeria Bremengo bihotza.

Udaletxea: fatxada aparta ez ezik buelta osoko hormak ditu landuak; jatetxe bihurtu dute bukoiz apaindutako sotoa. Katedrala: iluna, aparta egiten dute errosetoiak, dorre bueltako arku erromanikoak, ateburuko  mosaiko urre kolorekoak Plaza: aurreko eraikuntzek egiten dute aparta, oraindik ederragoa antzinako zurezko etxe eta harrizko jauretxeek. Udaletxeko eta katedraleko kobre itxurako teilatu berdeek betetzen dituzte kale ibiltariaren begiak. Estatuak:  Errolan: polikromatu ederra, 10 metro garaia: bere aurrera doaz bisitari denak argazkiak ateratzera; Bremengo lau musikariak:  brontzezko irudi xarmanta, Errolanenarekin batera,  argazki makina guztien bilgune; Grimm anaien beste ipuin bateko txerri saldoa,  ume eta nagusien eserleku atsegina; zakil deigarriko Neptunoren iturri modernoa zaldiak sudurretatik puzka. Harresia zen muino gainean, zuri gorri beltz, xarma duen haize-errota. Antzinako etxetxo potxoloak orainagokoen babesean. 

 

Ibai zabalak ez dio ematen Bremeni ez arnasarik ez zabaltasunik, hiritik pasa arren saihestuta gelditzen zaio; merkatu gunea da ibaia, bere bazterrean kilometrotako saltoki luzea gauzatzen da, jendez gainezka, erromes ilarak bailira erosleak. Plazako azoka berriz, agirikoa izanik ere bildua gelditzen da.

Elkarbizitza baketsua daramate herriarekin tranbiek; kale osoa aparkaleku hartu duten bizikletek txindurriak bezala dabiltza bidegorrietan, errespetu osoz gordetzen dituzte oinezkoek txirrindu-bideok.

Musikariek girotzen dute hiria. Hunkigarri jotzen zuen laukote batek tronpa, bazen beste soinujole finik ere.

Ingelesez zegoen arrazakeriaren aurkako ibai ertzeko pintada erraldoia.

Bremenek ez du eraikuntza erraldoirik, etorbide bazterreko ezkiak dira han erraldoiak. Hiri zabala da, zuhaitz artean bertatik ia ikusi ere egiten ez diren etxetxoz osatua. Errepidea ordea errukirik gabe hiri erdi-erditik bota dute. Unleitung eta berrikuntza lanak ere ez digute hutsik egin.

Oso luzea da hirirako sarrera. Hiria bera zabala denez barraskiloa baino bareagoa den trafikoak ahitu eta akitu egiten du erdigunera heldu orduko.

 

Eguerdiko hiruretan, dendek ateak ixtean, -plazako kafetegiak zabalik diraute-, bakartxo batzuen mende gelditu da hiria guk alde egin dugunean.

Portu handia omen Bremenek, Alemaniako bigarrena, guk ez dugu ikusi.

Ordu gutxi izan badira ere hirikoak, merezi izan digute, ez dugu Bremen ahaztuko.

 

Adar ihartuaren puntaren puntan goizekoa  baino motelagoa bai baina txioka modulatuagoa dario zozoari, mezu ezberdina du. Ez dirudi hain garratza, hain ozena ez delako. Goizeko txio eztiago hori agian ez da arratsaldekoa bezain mina, sarkorragoa bai; beti, baina, bakartiaren lagun bila deia. Geratuko ote  zozorik bikoterik gabe!.  Nire auzo kantaria izanen da bat.

 

"Hotz / beltz / su itzalia / itzal joka / ene bakartatea!" ote dio ene zozoak Tereren poema jarraiki, ala Terek ere entzun ote zuen  behin batean zozo melankoliatsua ilunabar batean.

 

 

Ekainaren 16a. Igandea. 45.a

 

Isilik da gaur bart bakarti garrasika bere eguneroko zuhaitzean zetzan zozoa. Berunezko lainoak zanpatzen gaituen goiz honetan, itxaropenik ez du zozoen isiltasunak.

 

Marinen taxura jantzita, fatxa jitea zerion txorten eta guztiko txapel beltza zeraman ia bi metroko gazteari, ez euskaldunarena. Txapelak ez du euskaldun egiten, ez izatez, ez jitez ere. Badira izan txapeldun petoak euskaldun fatxak direnak. Txorten eta guztiko bigarren txapelduna ikusi dugu Hanburgoko portuan. Fatxa jiterik ez zerion baina ez zen euskalduna. Bada txapela eramateko euskalduntasun bat.

195 zubi omen ditu, eta bi tunel Elba azpitik.

 Italiako hainbat plazek bezala, brontze landutako oinarrian tantai, urrezko belauntzi distiratsuz bukatutako masta parea kanal alboko plazan, txosna eta jan-edaneko jai-giroa zen han eguerdian.

Tranbia-trena bihurtu dute txu-txu trena. Irudimen eta sormen gutxienezkoarekin,  adreilu apalarekin, eraikuntza birgeroak sortu daitezkeela erakusten dute adreiluzko etxe sendoek. Dorre-orratz sarriak nor gorago lehiatzen dira.

Aterrunerik gabe doaz kotxe oldeak gaur egungo zubipeetatik.

Hanburgok tximinia kutsatzaile asko ditu, zezen-plaza borobileko gerribueltakoak ez badira ere. Kilometroetan hedatzen da industrialdea portu ertzean, kontainer biltoki izugarriekin, dena nasa eta garabi.

Auzoa ere baden adreiluzko etxe ilara luze ederra kanalaren albotik, ibai ertzeko halako ibilbide ederra eskainiz.

Colon eta Vasco de Gama aurkitu ditugu kanal bateko zubi ertzean.

 

Hamburgo

Portukoaz gain, espazio zabaleko hiria da. Hiri zabala.  Interesguneak eta ikustea merezi duten berezitasun interesgarriak bere zabalera osoan barreiatuta ditu; autobuskadaka dabiltza turistak batetik bestera.  Hiri modernoa. Portu zaharretan ohi diren hala-moduzko tipo deserrotuak ageri dira han-hemenka. Zink berdoxkako teilatuak  eta adreilu gorriko etxe ederrak nabarmentzen zaizkio. Veneziakoak bezain xarmantak ez dira baina arnasa ematen diote hiriari gurutzatzen duten hainbat kanalek. Okupenak diruditen etxeak portu gaintxoan ibaiari begira. Portu bizia, kontraste nabarmenak ditu edozein tokitik edonora begiratuz ere. Kale guztietan dira bidegorriak eta nabarmena da oinezkoen eta txirrindu-zaleen elkar hartzea.

Portua: Elba ibaiak gauzatzen du. Bera da ekonomiaren ardatza, baita bisitarien aisia-leku aukeratuena ere; ontzi ilarek asetzen dute kanpotarren ur gainean bidaiatzeko grina; ibiliak aspertzen ez duen ibiltokia, dena jende, dena ontzi, dena bizitasun; domeka-pasako milaka inguruko kanpotarrek aukeratzen duten aisia-leku bezala. Zikin, erraldoi eta industria giro zakarrean ere xarma du portuak, orduak galtzen dituzu bertan. Garabi-basoa da begiek erakusten duten zabalera osoa.

Rathaus: zikina, beltza eta aldamioz jantzia, zatar beraz, berez ederra bada ere; ezuste ezkorra eman digu. Ipuinetakoa zirudien ordea patio txiki batek, bere baitan gordez.

Fischmark arrai merkatua, eraikuntza berezia, jendez eta giroz sekulakoa, garagardoz bustitako goiza egiteko gune zaratatsu aparta da, kanpoa berriz rastro eta azoka erraldoia.

Reeperbahn kalean ez dugu emakumerik ikusi erakusleihoetan, kale osoa kabaret eta sexu eskaintza bada ere. 

Elizak: ez daude eliza faltan hanburgotarrak, zinkeko dorre-orratz luzeko adreiluzko sendoak nonahi aurkitu baitaitezke. Kabaret eta sex-shop kaleko eliza: jendez gainezka zegoen, aurreko kabaretaren aterpetik jarraitzen zuten askok elizkizuna, zintzo, borondatez behintzat, aurreko bestalde barruko elizkizuneko ezer ez baitzen entzun edo ikusten handik.  S. Michel: kanpoan brontzezko Lutero eta S.Michelen irudi erraldoiak dira nabarmenak, barrutik berriz antzoki hutsa da, bere barroko egituran bueltako koroa bihurrituz bezala biltzen baitzaio, itsatsi gabeko zubia bailitzan, zutabe sarrien gainean elizaren borobil osoari; organo kontzertua eskaini digute bataio garaian; 135 metro ditu dorreak, hiriko garaienera.  gerrate ondoren elizako hondakinetatik gorde den dorreak adreiluzkoa du beheko zatia, goikoa berriz harrizkoa. S.Jakobo: brontzezko ateak gortina irudikatzen du, pulpitua du osagai famatuena. S. Petrikirche: nabarmen deigarria du aterpe borobil zabala.

 

Brahms zen bertakoa.

Kale musikari sarriek girotzen dituzte kale bazterrak.

Jende asko dabil Hamburgon, agian igandea delako, portuan ez ezik kaleetan ere, hiri gehienetan hala ez bada ere jaiegun arratsaldeetan.

Ez da sortu oraindik Nerbioi hau garbituko duela prometatzera ausartu den gorordorik.

Urik gabeko kanala, likitsa eta zatarra.

Zisne ederren banda ikusi dugu lurrean txolarre arruntak bezala kanalean ogi puzka batzuengatik elkarrekin eta elkarren gainean borrokatuz. Polita bera ere, hurretik zatarra askotan.

 

Egun hotz eta iluna gaurkoa, egun epelagoetarako dira hobeak lakua  eta inguruak.

 

Autorik gabeko eguna gaurkoa, autobus eta metrozkoa.

 

 

Ekainaren 17a. Astelehena. 46.a

 

Alemanera goxoa gehienen ezpainetan, zetazkoa, leuna,  pelikuletako naziengan ez bezala.

Herri askoren diru-iturri bihurtu da turismoa, lanpostu askoren sortzaile. Arestian eginiko astakerien damu, bazterrak zaharberritzen ari dira orain, herria berritzen, kanpotarrak ekarri asmoz.

Norberaren ezjakintasun, ezin eta mugen ezaupide argia da besteen aberastasun, jakituria eta jantziez jabetzea. Eta alderantziz.

Jadanik hasia naiz hilabete eta erdiko ileak orrazten, ezkerreko arraia eta guzti: etxera bidearen usaia.

Hiri handiak auzoak ere zabalak ohi ditu; galdu ere egin gabe egin dugu oraingoan kale-sare nahastua; 3 kilometro eta 3 ordu laurden luzea behar izan dugu hiritik irteteko. Hiri-ertz hauetakoak ere Hanburgon bizi dira!.

 

Alemaniak behar du izan Europako bihitegia, lurralde dena baita gari-soro. Jadanik jarri ez badute, laster murriztuko die kupoa Gaztelako nekazariei, Gobernuko Lehendakariari bibotea mugitzeko ere aukerarik eman gabe,  indarra duenak agintzen baitu demokrazian, ez ongizate orokorrak.

 

Lubeck.

Bi eraikuntza erraldoi behintzat ikusten zaizkio hiriari urrutitik, bertara aurretik. Hurreratu orduko, aldiz, adreilu gorriko etxeen gainetik zink teilatuko eliza-dorre pila zorrotz eta berdeak dira  nabarmentzen zaizkionak. Urez bildua, zubi-pasabideak dorre gotor ikusgarriz defendatuak, … poxpolin agertzen da lehen begiradatik, bisitatzeko irrika sortzen du. Etorri, begiak ireki, ibili, begiratu, eta adreiluzko bitxikeriak ikusiz paseatu. Oinen joanean gozatzeko hiria, planorik gabe bere baitan galtzekoa, erdiko plaza bizia erraz aurkituko duzun segurantzan.

Adreiluzko hiria, teilatu punta zorrotzak adreiluz mila eratara borobildu zabalduak, fatxadak mila eratara adreiluz dotoretuak; etxe sarrerako arku eta ateburu zorrotzei adreiluzko borobiltxo bihurritu tankerakoez barroko jitea darie; sarriak ez diren adreiluzko medailoiak. Adreilu beltzak ematen dio dotoretasuna hainbat eraikuntzari.

Plaza eder, kale zabal eta espazio handikoa ibaiaren eraginez. Bizitasun handia du alde zahar zabalak, bihotzeko erdiguneak batez ere.

Ikusiaren ikusiez, oparotasunaren eraginez, azkenerako deigarritasuna bera galdu egiten duzu, hala balitz bezala, hala beharko balu bezala zoaz kaleetan barrena edertasun etengabekora ohituta.

Elizak: Edonora begiak altxatuz, beti dago dorre zorrotz berde bat aurrean. Marienkirche, hain da garaia, behin barruan nahi eta ez sinetsi behar munduko adreiluzko nabe garaiena duela; triptiko potxoloa eta zintzilikatutako Kristo zaharra galduta bezala daude urteek nahiko argitutako freskoak dituen horma eta ortzadarraren kolore oroz pintatutako sabaiaren artean; munduko handiena ere omen organoak zintzilikario erraldoia dirudi koru gabeko atzealde goietan; urre koloreko, seguruenik urrezko, triptiko ikusgarria abside osteko kaperan;, zur marmol harri nahiz metalean landutako hainbat artelan bitxi; ikusgai dauden liburu zahar ugari; ordulari erraldoia; antxinakotasunak erakargarria egiten duen larruz eta zerrapoz gordetako kutxa; itsulapiko gaurkotua, eta beste hainbat edertasun, …; atsegina bihurtzen da bisita. Done Katalina: museo bihurtu dute; kolore gorri beltzeko fatxada du ederra;  Herio-dantza aurkitzen dugu berriz ere bertan koadrotxo luzexka batetan zein beiratean; hemen ere erraldoia da Kristobal Saindua fresko batetan: norabait pasabidea da nonbait hiri eta lurralde hau; hautsita, ia maspilduta, erortzean gelditu ziren bezala, daude  kanpaiak, lurrean, gerraren astakeria salatuz. Petrikirche, birjasoa soilik, dena hutsik eta dena zuri barrutik, ez dakit zeren sinbolo, agian diru ezaren irtenbide errazena. Dom, luteranoa, adreilu zuritua da hau ere barrutik; ziragarriak dira gerra osteko argazkiak: bonbardatuz  erdigune zibila horrela txikitzeak bengantza eta herriaren suntsipen nahia adierazten ditu; Kristo handia santu eta gotzain irudi naifez inguratuta dago gurutzadura aurreko zutabeak  lotzen dituen zurezko arku estranbotikoan, ordularia berriz presbiteriora sarrerako bigarren arkuan; jauntxo familien kaperak, oso hertsiak, ez hain oparo eta landuak; triptikoak, koadroak, … mila bitxikeria, batez ere  Moisesek,  kariatides arra bailitzan, buruaz eusten duen irudi zizelatuko hainbat marmol zurizko koadro dituen pulpitua;S Kristobal berriz ere, hau ere erraldoia, bidaiariak bere elizara erakarri nahizko lehian edo; kafetegia jarri dute adreilu gorrizko klaustroan, gaurko herritarra erakartzeko sankristobal praktikoak dira luteranoak; erdi museo bihurtuta dago presbiterio oste zabala, eliztarrak aurreko zatian kabitzen zaizkie nonbait.

Udaletxea eta Plaza: ikusgarriak dira, gandorrak dituzte, eta adreilu iluneko gelak sarreran; deigarriak dira brontzezko krisketak.

"Lorategi ezkutukoen hiria", hala deitzen diote: kale batetan  kaleko etxeko ateek patio batetara daramate, patioan daude etxeak bere lorategi eta guzti; kaletik ezin da inola ere igarri barneko etxe antolakuntza berezia.

Portu zaharrean kokatua, inguru erakargarria lortuz, bada errota zahar bat, garagardo fabrika uste dugun etxe koadro ederra, baina batez ere XVII. gizaldiko garabi berezia.

 

Ganbara-musikaren soinuz  saxojoleek jartzen  zuten tokatzen zaion giro goxoa kale nagusiari.

 

Denak batera, parapente jauzilari pila agertu zaizkigu zeruan. Nondik jauzi egingo ote geunden, mendirik gabeko lautada zabalean, aireportua azaldu zaigun arte. Hegazkinez eramaten dituzte goietara.

Oso txukunak dira granjak, garbiak, sendoak, ekonomia sendoa nabari zaie; nekazari aberats edo ondo-bizien jabetza dira.

 

170 kilometro, patxadakoak

 

Bakarti dirau  zozo auzoak, lagun-min,  pioka.  Agian, etsaia nahastuz, habia habiako bai bikotea bai arrautzak babesteko taktika maltzurra besterik ez da. Azkenekoz entzun dut sinfonia, bihar baigoaz.

 

 

Ekainaren 18a. Asteartea. 47.a

 

Luterok bizirik dirau oraindik Alemanian, eliza guztietako apopilo eta egitasmo guztietan partaide.

 

Aspaldiko partez 50 buru inguruko artaldea ikusi dugu.

 

Lünenburg.

Agian ez da "ilargiaren herria", baina bai ilargi beteak sorgindutako hiria. Bizitza atsegin egiteko pentsatutako herria, atseginez bizi nahi zutenek eraikitakoa. Lasaitasuna dario. Ezustez ezuste maiteminduta uzten zaitu. Adreilua errege den herria, adreilua miretsiz gozatzekoa; adreilu gorriz apaindutako xarma edo lilura dario, adreiluzko pinpilinpauxa dirudi. Ez du Lubecken lotsarik, etxe txikiagoak ditu, baina arkutxo bihurriz loratuagoak; txikiagoa delako, Lubeck bera baino ederragoa dirudi agian, poxpolinagoa, gustagarriagoa. Aberatsen hiria seguruenik, pobreek beste auzuneren bat izango zuten, edo dute, inguruan.

Adreiluzko kaletxo sarea, nahiko okerra eta bihurria batzuetan. Plaza zabalak, ederrak ez ezik, politak dira; ura darien iruditxo pila dituen brontzezko iturria. Udaletxea, horiz pintatuta, gizairudien gunea, eguzkitan brist, oso txirriporrotxoa da; barrutik ikusgarria omen, guk ez dugu ikusi, poltsak agintzen duenez, ordaindu beharreko gehienari pasa egin behar diogu. Etxeak, bat ederra bestea ederragoa, "ikusi hau" "begira beste hari",  goi bizitzetara altzariak jasotzeko irtentxo gako garabi-kokaguneek azken ukitua ematen dietela. Elizak ez dira asko, baina ez gutxi ere, denak gorriak eta sendoak, nola ez denak dorre-orratz ederrekoak; Joanesenak ateak hertsi dizkigu, gainera zetorkigun bere dorre-orratza luzera osoan laino mugikorren eraginez. Nikolaikirche,  kanpotik bezain sendoa eta erraldoia barrutik ere; arte-lekua da: Kristoren bizitza kontatuz tailatutako iruditxoz jositako triptiko erraldoia, azken afari  naif zoragarria itxuraz behintzat auskalo noizkoa, pinturak, tailak, bitxikeriak bata bestearen ondoren azaltzen zaizkio bisitariari; bankuak urdinak dira, oholtza gainean Alemania osoan bezala; zorua adreiluzkoa du; eraikuntzan erabilitako adreilu mota ezberdinen erakusketa bat dago; bisita borobiltzeko organo kontzertu aparta ere izan dugu.

Xarmanta deitzekotan herri bati, honi behintzat bai deitu dakioke.

 

Kale barruak edo herri barruak zeharkatzen dituzte errepide nagusiek ia Alemania osoan, saihesbiderik gabe. Doakoak behar lirateke denean autobideak, diruak bestelako giza-premiei zuzenduz. Saihesbide berriak egiteko diru-iturri, nahitaezkoak omen dira autobide ordainduak,  baina saihesbideak beharrezkoak dira gehienetan autobideak doakoak ez direlako: Euskal Herriko kontraesana. Autobideak doan, eta kitto. Beste dena politikoen negozioa besterik ez da, iturgin jeltzaleek jakingo dute diru-txorroten eta iturbideen berri.

Gaizki behar dute arabar nekazariek alemaniarrek patatari ekiten badiote, hemen bertan ere asko behar bada ere.

Celle inguruetan izan dira Alemanian ikusi ditugun ureztatze ia bakarrak; arto-sailak, patata-sailak, erremolatxa eta belardiak zorrotada bakar indartsuko sistemaz ureztatzen dituzte.

Sakanan bezala, indartzeko edo, lurralde honetan ere basoa hesiz banatuta dago, burdin hari lauzko sarez, ez puntadun alanbrez Etxarrin bezala.

Pinu txankamehe eta haritza den basoan doa tarteka errepidea, zorua marra estu iluna den kilometrotako tunel berdean.

Militarrak txindurriak bezala agertzen dira, ugari, denean.

Emakumeak ziren herri batetan kale-garbitzaile.

 

Celle

Alemaniako hiririk politenetarikoa omen, hala dio gidaliburuak. Hala da izan ere. Turisterri polita, bakan horietakoa. Amets-ipuinetako herria eta plaza, zurezko giltzadura agiria duten Erdi Aroko horietakoa.  Banan-banan apartak 1.600 urteen bueltako etxeak, zein apartatu ere ezin asmatukoak, argazkirako aukera bat egin behar baina beti etxe politago bat aukeratzen duzuna. Aratza, txukuna, zikinik ageri ez zaiona. Kale artez perpendikularrez eratua. Mantso ibiltzera bultzatzen zaitu, pauso geldia eta patxadako soa eskatzen du. Gau-egun turisterri bihurtua, datorrenarentzat moldatua. Kotxe eta turistarik ez bagina, Erdi Aro petoan geundeke,  agian Erdi Aroan ez zen hain polita, ezta hain egokia ere, ez hain aratza, ez hain bizileku atsegina.

Statkirche, eliza luterano gehienak bezala antzokia dirudi, antzoki dekoratua. Bigarren estaiko koruak berezitasun bitxia ematen dio, palko eta plateak ditu anfiteatroa bailitzan; presbiterioaren alde batetik bestaldera korupetik pasatuz aurrealde dena da koadro, dena pintura, dena leuntasun. Organoa arranditsua bada, pulpitua arranditsuagoa; marmolean zizelatutako familiakoen iruditxoz jauntxoen erretaulek  betetzen dute presbiterioaren alde biak. Schloss arrosa-zuri ponposoa, kapera eta antzoki oso bereziak omen dituenak, baina gure aurrekontua desorekatuko luke ikusteak.

 

 

Kanpina. Haritz mardularen pean dugu denda Hannovertik gertu. Ez dakit haritz sakratua izango den, baina txori-kakarik ez zaigu faltako, beraien eta gure lo-tokia izango baita egunotan.

Kanpin guztietan bezala lotsagabe agertu zaigu ingurura zozo bikotea; buztanikara, burubeltza, baita txikitatik ikusi ez dudan eta izena galdu zaidan txori-mota gorrizka ere inguruan dabilzkigu; biligarroa alboko langile holandarren kotxe gainean egon zaigu luzaro, zozo bikotea berriz telebista antena biribilean. Txori gizarteratuak.

Arratsalde beranduan sukalde usaia barreiatzen da inguru zabalean.

 

210 kilometro, lasai eta atseginak. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.