Bidaiak. Alemania 96
IPAR ALEMANIA
BALTIKOAaren adar batean gaude.
Holandar jiteko haize-errota parea. Baita energia eolikoa sortzeko hegodun zutoin asko ere, bakarka, binaka, hirunaka edo zaparradan. Haize-leku da nonbait itsasbazter hau.
Haize-leku izan behar du, bai, bazter honek, errepide ertzeko zuhaitz enbor lodiak okertuta baitaude ilaran, erne zirenetik haizeari eusten egon diren seinale.
Hor zen gizon nagusi bat bi zalditxok tiratutako dilubioaren aurreko goldearekin etxaurreko sailtxoa lantzen.
Aldez, presati eta ipurterre dabil hemen auto gidaria. Hauek ere ez dira gidari beteranoak, bere bizitzan bere lehen kotxe dezentearekin kaskarin dabiltzanak baizik. Bere jostailu berriarekin urduri umeak lez,: autoa eta abilezia erakutsi beharra. Agure zahar bat ere kotxe dotore handiarekin tutu joka eduki dut atzetik, berrikuntza lanak eta zirkulatze motela zegoen tartean ere: kanposanturako ez bazen norako ote hainbeste presa aitonak!.
Padura eta laku, natu-gunea da itsasertza, polita ikusteko, dena ur, dena berde. Lurralde atsegina arratsalde pasarako, agian baita udaleku bezala ere. Gaurko uda giroan herriak uderriagoak dirudite, udatiarren herriago. Gari lastozko teilatu deigarriak dituzte etxeek, baita berriek ere. Pilare askoren gaineko zubi luzeak lotzen ditu padura gainetik lurra eta penintsula, golko zabala osatzen baita gune honetan. Plater ipurdia bezain laua da itsasertzetik barruranzko lurra; horregatik da hor hainbeste ur.
Wustrow, Prerow, Born, herriak. Azken honetan behigorri hiletsuak, ia muturreraino zeuden uretan sartuta, bero zela-eta nonbait; bitxiak behiak, bitxia beraien egoera.
Barth. Altuera apaleko etxeek osatzen duten herritxo zabala. Plaza eder zabala du, ez dakit karratua ala borobila; kale estuak, kale oker bat ere bai, baina batez ere adreiluzko etxe pitxi gorriak egin zaizkigu deigarri. Eliza puskak ere adreiluzkoa behar zuen izan, eta adreiluzkoa da, baita bere garaian harresiko osagaia izan behar zuen dorrea ere. 86 metrotik gora ditu elizako dorreak; eskailera kiribildua duen horietakoa; eskailera bera ere adreiluzkoa da, nik lehenengoz ikusten dudan adreiluzkoa, harrizkoak baitira kiribilean doazen gehienak. Zaharra da eliza bera: gotikoa, klaustro jitea emanez inguratzen duten arkuak, berezia egiten zaidan eliza bueltako koroa, organo aurreko bi solairuko korua, aldarea estalizko tenpletea, hormetako freskoak, palkoak, aulki ilera: ilera bakoitza bere atetxoarekin, hurritz adarrak fresko gordetzeko ur-kuboetan sartuta, eta sarrerako ate gotiko lisoa adreilu beltzezko berezia... eliza interesgarria suertatu zaigu
Kanpina. Ez da erraza izan aurkitzea; Warnemunde herrian, Rostock-etik gertu, itsasorago, itsas adarraren alde bietan dago kokatua, kanpina gu genbiltzan beste aldean zegoen kokatua; halaz ere, mapari soilik jarraituz bilatu dugu kanpina; berriz ere Bingenen bezala auto eta guztiz pasatu beharra zegoen ibai zabala bestaldera ontziz. Balio izan digu orduko eskarmentuak.
468 kilometro, luzeak baina atseginak eta interesgarriak, lurralde ezberdinak ikusiz.
Ekainaren 11a. Asteartea. 40.a
Beraien ihesi atera ginen, kanpin berrian ere jan egiten gaituzte ulitxek, nire RhA gustukoa zaie aleman ulitxei, oraindik gustukoagoa Maria Luisaren Oa.
Mendebal, Hego, Eki eta Iparraldeko mugak jo ditugu jadanik. Aurreranzko ibiliak, oraindik luze joanen arren, itzulera usaia du.
Baltikoa da hemen auzo dugun itsasoa. gorantz egiten duen inpresioa eragiten du Rostocken Baltikoak, uhin handia gainera bailetorkigu, handi garaiak ikusten dira olatuak, ia gainean bezala itsasontziak. Gurean baino gorago ikusten ditugu itsasontziok, garaiago; itsas azken lerroa gertuago, azken marra bertarago, itsasoak berak motxagoa dirudi, zabalean gurean bezain zabal badakusagu ere; luzean ez da hain luze, inklinatuago, lurra bera hemen txikiagoa edo borobilagoa balitz bezala.
Polizei presentzia handia dago gaur denean.
Transbordadore, Norvegiarako transatlantiko, garraio-ontzi, ferry... joan-etorri handia dabil itsasora sarreran. Rostocken itsasora lotura da, edo atea, Pasaiak duen pasabide antzo, baina sarrera laburragoa da hau, gizatiartuagoa gainera, ia dena industria-gune baita.
Zaldi saldoa belardi batean. Planta oneko zaldiak dira. Atzo ere ikusi genituen. Lastozko etxe askok du zaldiaren oholezko bi silueta gurutzatuta teilatuko gailurrean. Zaldi kortak dira, agian zaldi tratantea edo zaldiak hazten dituen etxea adierazten dute. Bertako zer jatorra da nonbait zaldia. Herrialdeko ezaugarria.
Larrean zeuden zaldiak belardi batean non eraiki asmo duten Urbanizazioa iragartzen duten, espekulazioa zaldien hazkuntza baino negozio emankorragoa bilakatu da nonbait hemen ere. Teilatu gailurretako ikurrok izanen dira laster zaldien gomuta soila.
Itsasertz-itsasertz, herritxoak zeharkatuz, doa errepidea, uderri giroko herritxoak dira, itsasotik gertu daudenak, barruragokoak dira nekazari herriak. Batzuetan zein besteetan lastozko teilatua dute etxe askok, utziagoak daude lastozkook, ez hain zainduagoak behintzat, nekazarien etxebizitzak dirudite.
Laugarren, edo hirugarren, teilatu edo isurialdea sortzen duten teilatu punta motzak ikus daitezke hemen ere; ez da soilik Oihan Beltzeko ezaugarria, edo eraikin mota.
Berrin-berri sortzen ari diren herriak edo errotik aldatzen diren zahar asko ikus daiteke, urbanizazioen eraginez; multzo politak dira, etxe apalekoak, baxuak, baina herriotako giroa eta nortasuna erabat aldatuko da: ez dira izan zirena izanen.
Aparkaleku oso zabal sarriak han-hemenka, hondartzara jende asko dabilela erakusten digute; jendez gainezka edonon itsasertzak, negu hotz eta luzeen ondorioz eguzkiaren kultura hedatu da Alemanian ere. Agian beraiek ekarri dute kultura hori Mediterraneora.
Behi saldoek ez dute amaierarik hemen ere, zelai oparoetan daude larrean.
Belarra mozten ari dira emakumeak errepide bazterretan, ohizko tramankulu modernoekin. Gure errepideetan ez da emakumerik ikusten horrelako lanetan.
Bide-gorriak ugaritu dira berriz ere itsas bazter inguru hauetan, txirrinduak ere bai.
Oso bailara polita da, baina ulitxen zerga ordaindu beharra dago.
Gedenkst\dte zaharkitua dago, baina antzinako giroa sortzen dute etxeek eta etxaurrean gure txikitan bezala pilatuta dauden azaoek; halatsu tolestuta ikusten ditugu hurrengo herrian ere.
Bad Doberan. Uda giroa duen uderria. Adreiluzko etxeteria ederra, deigarria. Molli lurrin-tren xarmanta: kaleak zeharkatzen ditu trenbideak, kedun tren-makinak garraiatuta, Khlungsborneraino garraiatzen ditu alai aurpegiko turistak ordu-erdiko ibilian. Monasterioa da herriak erakusteko duen bigarren bitxikeria: adreiluzko gotiko garaia, gorri erakargarria kanpotik, garaiagoa eta gorriagoa barrutik ertz borobil bertikalen eraginez. Museo bihurtzen dute barruko artelanek: erretaula: irudi txiki zizelaturiko triptiko erraldoia abataren zeremoni aulkia estaliz; presbiterioko korua bitan banatua; bi triptiko, alde bakoitzean bat, aldarea bilduz; apaingarri berdeak dituen gurutze erraldoia zintzilik, Jesukristo dago alde batera, eta Amabirjina bestera; bizpahiru triptiko zahar, pintura erdi ezabatutako triptiko gehiago; familia ospetsuek elkarren lehian-edo bere hilobitzat jasotako elizatxoak; taila naifak diren sarkofagoak gordetzen dituzten tenpleteak, marmol zurian zizelatutako hilobiak, harrizko gizairudi apartak; kolore ezberdinez pintatutako zutabeak halako pagoda edo indio itxura emanez barruari, koadro zahar bikainak; gizairudiak pintatuta dituzten koadro zaharrak; urrekoloreko erlikitegi ia zabairainoko gotikoa; sabaiko nerbio urdinak, organo berriarentzako diru eske dagoen filigrana tailatuzko zurezko itsulapikoa, eliza erdian zintzilik Amabirjinaren zintzilikario potxolo erraldoia…: merezi zituen bisitak sarrerarako 4 markoak.
Heiligendamm. Bainuetxea du itsasertzean, kanpotik behintzat zaharkitua, pinturaz estali nahi izan dituzte igitari eta mailu gurutzatuak ateburutik, baina desitxuratzea besterik ez dute lortu. Etxe zuri asko, zuria eta fina da hondartzako harea ere. Itsas barrura sartzen den zubi eta pasilloa; agian bainularientzat segurtasun neurriz, agian itsasoak hondarra eraman ez dezan, itsas barrura sartzen diren hesola lodiko ilara sarriek, eta inguruko hondartzetan baita bainuetxeko zelaian ere ikusiko ditugun eguzkia hartzeko zumitzezko eserleku bereziek erakargarria egiten dute Baltikoko hondartza hau.
Khlunggsborn. Eliza du berezia, hilobiz inguratuta, ohol iluneko aurre dorreaz. Bada holandarra dirudien hego eta guztiko haize-errota ere. Herri honetan bukatu eta hasten du Molli trenak bere Bad Doberanerako ibilbidea burdinazko bidean. Luzea da hondartza, herri barrutik urruti; bizia dago gaur ume eta nagusiei esker.
Inguru honetan ketu egiten dituzte erretegi berezietan itsasoan harrapatutako arrainak, ondoren txosnetan saltzeko ogitarteko osagai, gureetan jaitako txosnetan sardinak bezala.
Tartetxo erdi-borobil kuxkuxero dotoretxoa dute leihoetako gortinek.
Berdindu gabeko galtzadarri tzarrez egina dago zorua, kaleak berriz luuuzzzeeeaaak dira, zabala da udalerria: ze nolako lokatu arteko astindua hartzen duten gidarion hezur-giharrek eta autoaren motelgailu zein torlojuek, astiro ibilita ere, irabiagailuan zabiltzala dirudi, edo ferietako zaldiko-maldikoan.
Plater-ipurdi zapala da lurralde hau ere, uhinik gabeko itsas bare berdea dager errepideak gorantz egitean. Aldika, handi egiten da itsaso berdea, olatu zabal oparoz; malkarretan edo hondartzan aparrez lehertzen ez diren olatuak dira, infinituan bezala galtzen diren olatuak; bizitasuna dario inguruari, lasaigarri indargarria da.
OW bukaera dute herri-izen askok, Neubukow, Satow... nonbait aspalditik izan dute errusiarrek eskusartzea eta eragina hemen.
Olioa aldatzeko garajea bilatzea izan zen buruhaustea Dresden, Rostocken berriz matxura eta ia astebeteko aurrekontua zaigun 60 mila pezetako faktura izan da koska. Pastillak aldatzera joan gara, baina balaztak zuen gaitza: egunotako hotsak uste genuen baino diagnostiko larriagoa izan du. Nahiko komedia izan dugu ingelesarekin ere, ni totel baina haiek totelago. Zintzo eta jator jokatu dutelako konpondu ahal izan digute ezorduetatik kanpo; 60 mila pezeta ordaindu ditugu, eta pozik ordaindu ere: hau mundu aldrebesa gurea!.
Bero egin du.
Ez du barkatu eguneroko zaparradak gaur ere, matxura eta fakturaren zaparrada dela-eta ia jabetu ere ez gara egin euria zenik.
Norvegiako transatlantikoarena uste dugu, itsas ondotik zetorren itsasontzi tutu-hotsa entzun da gauean, halako adio triste batean bildu du ingurua eta gure loa.
Ekainaren 1a. Asteazkena. 41.a
Baso oso zabal bat da kanpina, gaztetxoen gozamena gaueko jolas eta abentura zaratatsuetarako. Bandoka dabiltza gauero auskalo ze abentura eta ze aurkikuntzatan.
Ez digu hutsik egin kuku bidaiariak itsasertz honetan ere.
Zaplakako jenderik ez da nabari kanpinean, ulitxei zaplaka dabilenik alegia; azalok olioztatuak dituzte, ziztadara ohituak daude, edo ez da ulitzen gustukoa beraien odola. Izan zen atzo nire alboan harrikoa ostikada eta beso mugimendu etengabekoz egin zuena.
Ulitxek haizea etsai.
Nire bizarra egiteko Philis zaharraren hotsak harridura-soak zorrozten ditu konketa lekuan. Zamorako aparailua ekarriko dut hurrengoan zirkoa osatzeko.
Italiarrei esker, jaki merkeago eta koiperik gabekoak eskatu ditzakegu. Beraiek ezean ere moldatuko ginateke, baina erraztu egiten digute koiperik gabe elikatzeko ohitura.
Bistakoa da taberna eta antzeko gutxiago dagoela, daudenetan kanpotarra da bezero ia bakarra.
Ez da iraganeko politikaren nostalgiarik ageri: ez pertsona motarik, ez adierazpenik, ez ikurrik, ez inolako ezaugarririk. Gu geu gara nostalgikoak, agian utopiko ameslariak, Mendebaleko pipi kapitalistak zimeldu dizkigun irriken erroak oraindik lehortu ez zaizkigunak. Kale-izen batzuk, atzo ikusitako ezabatu nahizko mailu-igitariak, kenezineko monumentu eta eskultura, eta Berlingo Marx-Engelsen plaza ezik, ez da komunismo edo sozialismoaren aztarrenik ere gelditzen, gizarte honen azalean behintzat. Politika sistemak politikoek haina dirau herriaren bihotzean, sustraitzen ez denean.
Graal Muritz eta inguruko uderrietan nabaria da uda giroa, kanpotarrentzako betiko eskaintza merkez oparo daude turisterriok.
Laurogei urte bueltako emakume eta gizonezko nagusi asko ikusten da txirrinduz bidegorrietan.
Uda giroa du jendeak, hondartzara doaz, jantzi argiak dituzte...
Katamixar kumea izan zitekeena gurutzatu zaigu bizi eta bizkor errepidean.
Mendebalekoen tankera berdina duen industria eta zerbitzu gunea sortu zaio inguruan hiri eta herri koskortu bakoitzari.
Haize-zentralen besoak ziztu bizian dabiltza gaur bere biraka itxuraz ero baina emangarrian.
Ledebas edo antzerako izeneko herri batean ikusi dugu zikoina, teilatu hegiko habian. Egon daude beraz paraje hauetan ere zikoinak; zikoina ote ezbaian geratu ginen hegan ikusi hegazti bat; goiotara zikoina ez zela helduko uste genuen, baina hemen daude, zikoina ez da soilik Gaztelako hegaztia. Hegada luzea jo behar izan dute benetan hona heltzeko!.
Rügen irla.
Dena da itsaso berde barea, lau-lau-laua, dena garitza, dena lore horidun berdegune. Kilometrotako tunelak sortzen dira errepide ertzeko arbola azpian, arbola azpiko tunelotan autoek argiak piztera behartzeraino iluntzen dute errepidea, eguzki egun honetan. Herritxo asko dago, nekazari herriak dira, batez ere errepide albokoak; nabarmen zaizkie elizak, orratza dira dorre batzuk, moskote ilunak besteak; batzuetan ez da herririk ia ikusten arbola artean, adreiluzko orratz puntazorrotzek erakusten digute badela han herri bat.
Uderriak tarteka, bere etxe berri eta hoteltxo bakarren batekin.
Geu eta beste bakarren bat gara gidari bakarrak errepide batzuetan; lasaitasun osoz goaz, bidaia atsegina da, ia inor ez dabilen herri-bideotan.
Hanka moko lepo luzeko hegaztiak agertzen zaizkigu noizbehinka, natu-gune asko baitago irlan. Bada argindar tantai eolikorik ere, eten gabe jiraka zakartxo dabilen haizearen eraginez.
Emakume nagusi asko da bolantean, ez irlan soilik, irlatik kanpoko inguru guztian ere.
RPNV autobus konpainia: jeltzale iturginak infiltratu dira hemen ere, nonbait!.
Postako auto, moto, txirrindu eta gurditxo asko ikusten ari gara, denak bere nazioarteko kolore hori ezagunaz nabarmen.
Aparkaleku eta txiringito ugari dago, jendea ere bai; asteburu pasako edo igandezaleen parajeak dira hauek.
Bukatzen ez diren errepide artezak, zuhaitz azpiko arkupe edo tunelek oraindik luzeago eta artezagoen itxura damaie.
Hauts-laino trinkoak harrotzen ditu haizeak arto-sailetan, zirimola horiz lausotuz airea.
Haize-errota holandar bat, besoak galduak ditu, izan zirela lekuko.
Egunen batean etorriko da suduperen bat irlara; modernitatearen, erosotasunaren, eta ekonomiaren izenean bidertzetako zuhaitz denok moztu araziko ditu, kontutan hartzeko beste balorerik ez balego bezala.
Gozotegi asko dago, -Alemania osoan dago gozotegi asko-, gozozaleak ditugu alemaniarrak; edariren bat edo gozo gauza bat gozatuz, denbora pasako gune bilakatzen dute kalea.
Timo edo iruzurra da mapek eta gida-paperek erakusten dutena. Egia da itsasoa eta lakua ber-bertan daudela, zingirako lur-xingola ertzetik doala errepidea, baina joan pinudia zeharkatzen goaz, ezer ikusi gabe, lur barruan joango bagina bezala.
Putbus. Herri zuria; ez du kale-sare handirik. Bi plaza eta parke ikusgarri bat ditu batez ere; bainuetxea, herriaren hauspo eta bihotz zeneko oroigarri eta lekuko: alferrikalduta dago gaur egun, iraun badirau ere. Atsedenleku da gar egun ere herria, ugari datorkio kanpotarra eta bisitaria. Postal dendek eta antzerakoek ematen diote kanpotarrentzat-herriaren jitea. Nahi adina aukera du ibili nahi duen oinezkoak, ez zaizkio faltako nahi adina bidegorri, nahi adinako luzeak, nahi adina norabidetan.
Antzoki neoklasikoa: harridura sortzen du: bere zutabe eta guzti, ponpoxoa, ze arraio egiten du hor halako herritxoan horrelako eraikinak; izan zen hemen handi-mandiren bat bainuetxe inguruan, herri dotorea sortu nahi izan zuenen bat. Joaniko garaiak.
Plazak: zatitutako gazta kaxa borobil horien antza du batak: zati punta luzeetan banatuta du zorua, pago nano antzeko hesiz mugatutako gazta-triangeluz, inork sartzerik ez duen bele-gune bakoitza; kuboak diren etxetxo baxu soileko ilaraz inguratua, burua moztutako haritzez gerizpetua, monolito luze bat erdian; bizipozik gabeko plaza, hila, tristea, hitsa. Bigarren plaza: karratua, badu dendarik, badu autoak uzteko aparkalekurik ere, besteak ez duen saltsa du.
Urteen esperientziaz ikasiko dute hemengo biztanleek galtzadarri koska hauetan bizkor gidatzearen triki-traka takarrak esekidura edo suspensioa hondatu eta torlojoak lokatzen dituela; kale zorua aldatu edo mantso gidatzen ikasi, bietako bat aukeratu beharko dute, etenik gabeko kotxe konponketan murgildu nahi ez badute behintzat. Errepidea aldatzea izanen da hemen ere irtenbidea, bertako zorua gorde ordez, abiadura baitu bere ikurra modernitateak.
Saanitz. Suediarako ontzien portua, turistentzako denda merkekoa, kale luzeee bat besterik ez zela uste genuena, hara non herri zahar xarmanta aurkitu dugun: kale estu okerrak aldatzean, arrantzale portua… Berritua dute portua, arrantzontziak, aldiz, zaharrak dira eta zaharkituak daude; ontzien artean “7 Oktober” izen erromantikoa du batek.
Trenbide-geltoki erraldoia dago Saanitzetik 7 kilometrotara, bi mila eta bi errail-bideekin. Garraio harat-ona handia dago Suedia aldera, gizakiena ez ezik merkatal gaiena ere.
Urte gutxi barru turisten irla izango da Rügen irla, leku ezaguna, turismo agentzia guztietan agertuko da.
Saanitz izan da bidaia honetako, Alemaniako gure finisterrea; herriaren bukaeran amaitzen da lurra, edo herria lurraren ertzean amaitzen, itsasgainean bukatzen baita kalea; borobilean jiratu behar izan dugu bira emateko: momentu horretan bukatu dugu joanekoa, eta hasi zaigu itzulera, bueltan jarri gara; hemendik aurrera, Mendebaldea izanen da gure iparra.
Ribnitz-Damgarten. Morokil kazola irakiten dirudi lakuak haizeak ur-gaina harrotzean. Natu-gunea da izan lakua, baina zikinak daude urak.
Stralsund.
Ikuspegi berezia da hiria kilometro batzuk aurretik, arratsalde berantiarrean, eliza-dorre, teilatu, portuko garabi, eta tximinien silueta ilunek marrazten dute zeru argia. Zerra-hagindun beltzunea da hiria ortzi argiaren aurrean .
Bertara heldu aurretik, hiria bera oraindik ikusten ez dela, bi adreiluzko eliza handi ikusten dira, ertz bakoitzean bat, hirugarren eliza-dorre bat erdian, filmina bat bailitz zeruko pantaila urdinean; metal-herdoil berdexka itxura dute ia bikiak diruditen bi dorreek. Hiriak ez du saihesbiderik, bai ordea semaforo eta trenbiderik kaleetan: pazientzia eskatzen duen herria kotxez datorrenari. Ez du tranbiarik ere, tokatu tokatzen bazaion arren. Inguruko, auzoetako, etxe denak dira antzerakoak, nortasunik gabekoak, bizpahiru solairukoak; bada, baina, bestelakorik ere.
Zahartu egiten dira herriak ere, hiri hau ere zahartu egin da. Hiri sendoaren sentipena damaiote oraindik merkatarien etxe ederrak, adreiluzko hiru eliza sendo eta dorre sendoagoz gailenak, gotzainarena izan behar zuen palazioko patio pintatu bereziak, espaloietako harlosa zabalak bezain sendoak, lau haizetara kale luzeek... Portua eta itsasoa arren, itsasotik itxuraz urruti bizi den hiria. Guri ez digu eman nahi izan ez dirurik, ez afaririk, ez jelaturik, 6etan ixten baita hemen dena; haize takarra eta hotsa izan dira eman diguna.
Saltoki erraldoiak ez dira asko, bertan mendebalean salezinik pilatutako arropa eta bestelako tresneria saltzen duten susmoa izan dugu; uste dugu “altzairuzko oihala”ren erorketaz baliatzen direla mendebaleko merkatariak han baztertutako jeneroa, modaz joandakoak, hemen saltzeko.
Gerra baten ondorengo antzerako giroa nabari dugu Ekian, gerra ondorengo aktibitatea; eraikuntza lanetan oinarritzen da jarduera ekonomikoa eta lan eskaintza, gizon eta emakume, denek egin nahi dute lan, gauza berriak erosteko; aro ezberdin bat sortu den sentipena bizi da, edozein preziotan lana egiteko erabakia hartzen da bizimodu berria hasteko. Bizimodu berri bat bai izanen da, baina agian ez hobea.
Harrigarria da zenbat jubilatu eta zahar-talde mugitzen den harat-ona autobusetan; denera heltzen dira autobuskadok; ia ez dago beste turistarik jatetxeetan bazkaltzen, monumentuak ikusten, kaleetan bidaiari, beti bere gida dutela buru. Adinekoontzat borondate on eta errespetua ote, ala nagusien dirua merkatura atera nahia, kutxa eta libretetako dirua astintzeko bidea, zaharrok ere ekonomia olioztatzeko tresna bihurtuz.
303 kilometro, alde bietara itsasoa ber-bertan edukita, ia itsasorik ikusi gabe pasa ditugunak.
Ekainaren 13a. Osteguna. 42.a
Haizea lagun, moskitoen konpainiarik ez.
Harro dago gaur itsasoa. Zuria da harea Rostocken ere. Baltiko osoan nonbait. Hondartza estuan hesola-ilarak doaz itsas barrura, hemen ere. Uhinek eta haizeak urteetan landutako uraren eta lurraren arteko muga harea-belartsuok zenbat iraungo ote gaurko bere honetan; eraikuntza-enpresaren batek, agian bere etorkizuna segurtatu nahi duen politikariren batek, zementuz dena aldatu arte.
Mendebalean baino ingeles gutxiago daki jendeak, ia inork ere ez frantsesa, agian errusiera ikasi dute. Gaztetxoek edo oso gazteek, gutxik, egiten dute ingelesez.
Gazte heldu batzuk ikusiz, badirudi gazteek oso gaizki pasatu duela, urte txarrak izan zaizkiela iraganak, ondorioz berriro bizitzen hasi nahi dutela edo hasi direla: ilea ondo-ondotik moztuta, ingelesko diskoak, janzkerak, poseak... Badirudi autoa eta mendebaleko jantziak eta janzkera edukitzeko ametsa gauzatzen ari direla, baita Mendebaleko biziera ere. Hurrengo ametsak zeintzuk izango ote. Agian amets garaia bukatu zaiela konturatuko dira. Ze jainko txiki gurtuz aseko ote dira. Politikoek beti jainko txikien erlijioa predikatzen dute, baina jainko tzarren ordain-zerga eskatu.
Rostock
Alemaniako bigarren portu handiena da; industria-gune eta merkatal-gune zabalak ditu hiritik kanpo. Badu ere bere zentral termikoa, laino eternoa zabalduz.
Adreilua nagusi duen hiria da hau ere; kolore beltza eta gorria tartekatuz oso efektu deigarria lortzen dute. Herri zaharraren itxura du, ez ordea zaharkituarena, berritzen eta zaintzen jakin duten hiria da, gerran hondatua baina bereari eutsiz berreraiki dena.
Dom, nola ez, adreilu gorri eta beltzezko horma eta zinkeko teilatu berdez egina, indar handia, sendotasuna, erakusten du.
Rathaus, xarmanta, fatxada arrosa eta gris argia du, gandorra, berriz, adreilu gris-beltzeko arku gotiko eta zortzi dorretxokoa.
Plaza, zabala udaletxe aurrean.
Kravpeliner, etxeei begira gozatuz paseatzeko kalea.
Etxeteria, izugarria, bai zaharra, bai berria; eraikin punta-luzeak eta bestelakoak, adreiluzkoak eta horma leunekoak, teilatu-punta luze dotoreekin, hormetako irudiekin...
Iturria, berezia da Universitad plazakoa.
Dorreak: 20 ziren hirian, 4 gelditzen dira, sendoak batzuk lerdenak besteak.
Elizak: Nikolaikirch, 8 apartamentu ditu teilatupean, hiru solairutan, leihoak teilatura jotzen dutelarik, atezain automatikoa elizako atean. Petrikirche, 117 metro goierako txapa gorriko dorre-orratz zorrotza; gainera datorkigula dirudi laino mugikorren kontra begiratzen zaionean.
1935.go eraikuntza, adreiluzko erraldoi ederra, animalia baten adreiluzko irudi nabarmen ederrarekin; bazuen ere ateburuan ederra behar zuen beste bitxikeriaren bat, baina, lehengo gobernuaren kutsua ezabatu nahiz edo, kendu egin dute; arrastoak diraute baina.
Zer ikusi ote dute arteak eta politikak. Segur aski, asko. Galdu da adreiluzko artelan bat intrantsigentzia politikoagatik. Komunistek baino errespetu gutxiago erakutsi dute federalek, haiek gorde egin baitzituzten bere ideiekin bat ez zetozen eraikuntza, gizairudi eta sinboloak.
Hiriaren erdialde osoa hartu dute poliziek eta militarrek, txindurriak bezala zabaldu dira hiri osoan, oinezko, kotxe eta tranbien zirkulazioa galaraziz. Butxadura izugarria zen hiri osoa arratsalde osoan. Federala den geroztik ere, Alemania hau Polizia Estatua da. Beltzez jantzitako txorimalo aldra ikusi dugu udaletxera bidean, bada pertsonaiaren bat gaur hemendik. Arratsalde beranduan han jarraitzen zuten poliziek aspertu aurpegiz alde egiteko deiaren zain, oraindik kaleak hertsiz.
Hiri ostean erortzear dagoen eguzkiak izugarri luzatzen zuen ibiltarien geriza.
Haserretu egin zait polizia kale luzeeean, kotxe arrastorik ez zegoela semaforoa gorriz, bere mutur aurrean pasa dugulako. "Txakurra beti txakur" Rostocken ere. Agian arrazoia zuen. Sen onaren eta arauen arteko kontraesanak.
6etatik aurrera erretiratzen da hemen ere herria. Ordu horretarako afaltzen dago jendea jatetxeetako mahaitxoetan.
Arratsalde luze goxoa itsasertzeko hiri gustagarri honetan
47 kilometro, kanpinetik hirira.
Nekatuta gehienetan, ulitxen eraginez egunotan, ez dugu udaberriko egun luzeko egunen azken arnasaz gozatzen. Denda barrura errenditu beharra dugu gaueko 10etatik aurrera.
Ekainaren 14a. Ostirala. 43.a
Ekialde honetan badakigu noiz irteten dugun norabait baina, auto-ilarak edo semafoak, sekula ez dakigu noiz helduko garen. Autoak saldu-erosi egin dituzte lehenengo, ondoren etorriko da errepideak egokitzea edo konpontzea. Wismartik gertu ikusi dugu ari direla Hanburgo aldetik autobia berrin-berri zabaltzen.
"Eskuinekoak lehentasuna" legeaz zuzentzen da gehienetan oraindik bidegurutzetan zirkulazioa; ez da oraindik hirugarren karrilik, ez ezer. Berdin gertatzen da hirietako kale askotan ere. Errepideetako lanetako bide bakarrean ere ez dago inor bidea eman kendu edo zuzentzeko.
Oso atsegina eta lasaia da herritxoak zeharkatuzko bidaia hau. Zaldi lurraldea: zaldiak eta zaldikumeak ditugu noizbehinka begien eta gogoen atsedenerako.
Neubukow, herritxoa; ezkontza tokatu zaigu: zuri jantzita neska, beltzez mutila, arroz zaparradapean udaletxetik zetozen ezkonberriak, zalgurdi irekira igo dute, zalgurdi zuria tokatzen zaion pinpirin jantzitako gidariak gidatua eta hanka sendo, bular zabaleko, bi zaldik tiratua. Polita izan da, eta oraingoan eskertu behar izan dugu semaforo aurreko egonaldi luzea.
Bosgarren haize-errota, marroi kolorekoa hau, osorik ikusi dugun hirugarrena. Dakusagun hirugarren SEATa ere, Marbella modeloa.
Sarriak dira oraindik atoi handiz osatutako itxura sendoko kamioi txikiak herritxoen inguruan; lantresna komunalak, auzolanekoak segur aski; erlikia bezala begiratzen diegu, kanpinetan besteek gure dendari edo nire bizarra egiteko traste burrundaratsuari bezala.
Errepide lanetan ikus daitekeenez, hondarra da kostaldekoa ez ezik barrualdeko lurra ere.
Hemengoa, negu luzea izan ohi dela itxura du lurralde honek.
Schwerin
Turisterri zabal bezain eder dotorea; patxadatsua, egunero etor daiteke arratsaldeko ordu-pasan, inguruan kokatua eduki ezkero denda. Adreilua da nagusi bertan. Lurrari bi zubi zabalez lotutako irlak eta bertako ipuinetako gazteluak sortarazi digute lehen zirrara, Greziako tenplua dirudien Museoak eta antzokiak ondoren. Zaharkituak batzuk, iraupen onean besteak, etxe ederrak ditu hiriak, paseatuz banan-banan erreparatzeko horietarikoak, kalez kale ibiliz. Unibertsitatea izan zitekeen eraikina, ministerioa edo antzekoa zerbitzu publikoa da, kale-kalean, izugarri erraldoia; antzinakoa itxura du baina berriagoa dela uste dugu: bitxikeriak dira hormetako adreiluzko artelanak. Udaletxea: Erdi Arokoa izan behar du azpiko pasabide eta atzealdearen arabera, baina fatxada berria du plazara begira. Saltoki den oinezkoentzako kale nagusian, garai honetan goienean dabilen eguzkiak bete-betean jotzen du eguerdi orduan, ia gerizarik ere atera gabe. Zukua atera zaion lakua: turistak ibiltzeko ontzi, batel eta bestelako tramankuluz josita. Dom edo katedrala: gailen eta nagusi hemen ere; adreiluzkoa behar zuen eta adreiluzkoa da; berezia, ezberdina, dena zuri du horma gotikoa; kolore ezberdinez pintatuta ditu zutabe eta sabaiko nerbio denak; bitxiena, aukerakoena agian, urrezko orriak dituen triptikoa, eta orriok erabat beteaz idatziriko alemanerazko testu luzea; Bad Doberaneko loredun gurutze erraldoi zintzilikatua dago hemen ere; ia ezabatutako freskoak hormetan; irudiz landutako brontzezko ezohizko bataiarria. Berriz ere Bod Doberaneko Monasterioarekin lehian edo, baina maila apalagoan, jauntxo familien hilobiak, marmol landuzko zur tailatu eta antzerako artelanez edertutako kaperak, eliza barruko elizatxoak.
Errepidetako trafiko geldialdietan joan zaizkigu ordu gehienak, baina heldu gara Hanburgora. Semaforo batean norabidea galdetu diogun taxilari batek, bide berean zihoala eta berari jarraitzeko aginduz, jarri gaitu kanpinerako bidean. Jatorra, tipoa.
Ona da berenez gizakia. Gizarteak hondatu du eta hondatzen du, gizartea zuzentzen duten politikoek areago okertzen dutelarik.
Kanpina. Hanburgon
Zozo bat dugu kanpinean auzo, gaupasako zuhaitzean kantari; beste hiru, berriz, belartzan lagun afari hondar edo zizare bila. Txoriak, zozoa bederen, goizean bezain kantariak dira gauean, kantariagoak agian, ilunaren beldur bailira. Guretzat hain gozoa zaigun zozoaren adar arteko txorrotxio ozena ez ote garrasi latza. Begira natzaio hiru metrotara moko horia zabaltzean lepoa luzatuz kantuz ari den zozoa: ze mezu edo ze jakin-min ote du. Nork jakin bakardadea ote den bere mina.
Kanpinean zuhaitz asko bada ere, ez da basoa bere kokalekua. Horregatik ote kukua ez dugula bidaia-kide Hanburgon.
228 kilometro hurreratu gara gaur etxera.