Bidaiak: Alemania 96
SUITZA
Erakargarriagokoa egiten du euri ondorengo berde bereziak ia inor ez dabilen Suitzako herri arteko errepidea. Patxadatsuagoa da gidatzea. Handiak dira benetan korta edo delakoak; erantzita edo bereiztuta, su-egurrentzako zurezko txabolatxoa dute alboan. Nekazari herri lasaiak dirudite, zatituak daude lursailak, ez hain sail zabaletan banatuak, bakoitzak bere lursaila du nonbait. Izanen da arazorik hemen ere baina, baserritarrentzat.
Eskola-ume txikiek xingola distiratsu horietakoa daramate bizkarretik gerrira, segurtasun neurri bezala edo.
Zurich. Tunel luze batez sartu gara hirian. Ertzean zisne eta ahateak erruz dabiltzan lakuaren eta bertatik sortzen den ibaiaren ertzean kokatzen da hiria, etxeak zuhaitzekin tartekatuz dituen mendi apalez babestua. Motordun txalupak eta batelak ur-azalean kulunkan, baita lehengo txanel estu luze bakarrak ere ertzean baztertuta ospakizunen baten zain. Non paseatu asko du Zurichek ibai-laku alboetan. Pobreak ere nonbaiten erdi ezkutatuta biziko diren arren aberats itxura du hiri honek, dotore jitea. Etorkin itxura zuen taldetxoa ari zen lasai eta ozen taberna aurrean eserita. Etorkin itxura zuen zenbaitzuei entzun diogu gaztelaniaz kaleetan. Turista merke aldrarik ez dabil. Turista itxura duenik ere ia ez da ageri. Ondo-jantzitako asko, exekutibo edo zurigarri itxurakoak ere ugariak dira, jantzi beltza nabarmentzen da. Kultur eskaintza oparoa du hiriak, zine, antzerki edo musika aukeretan. Almodobarren "La flor de mi secreto" ere gaztelaniaz dago iragarrita.
Ibaiak bi zatitan erdibitua dago Alde Zaharra: kale estu baina dotoreak, etxe handi sendoak, alde zaharrak beti ohi duen xarma galdu gabe. Bada luze baino bi aldiz zabal den zubia Rathaus ondoan, Plaentxiakoa, agian Japongoa ere, gaindituz. Behaleiho ugariko kaletxo liluragarria, iturriak, estatuak, miradore polikoromatu potxoloak; alde bietako goietatik ikuspegi zabala ibai gainera...
Tranbia da garraiobide publikoa.
Bankoa dago inon baino ugariago hirian, baita arte-areto franko ere.
Elizak: Auskalo hiria tolerantea den, baina sinesmen ezberdineko hainbat eliza bai badaude. Teologiatik ezaguna dudan Zwingliok badu bere eliza, estatua bat ere eliza alboan. Grossmnster elizak irudi aparteko beirate batzuk ditu, 1300. urteko freskoa kolorez argitutako zulo obalatu batean, irudi landutakoz brontzezko atea, eta Karolmagnoren irudi erraldoia kriptan. Aldarerik ez duen S. Pedro elizak pulpitua du elizako interesgune nagusi, gurutzadura erdian, presbiteriorako tartean, garai, erdi-erdian: hitza da nagusi eliza honetan. Fraunmnster eliza: bataio-pontea katolikoek aldarea ohi duen tokian; presbiteriora pasabide, presbiterioa eta bankuteria berezituz, arku gotiko sendoa: aldareko elizkizunetik at geratzen zen herria. Presbiterioko beiradurak Marc Chagalenak dira: urdina, berdea, horia, gorria eta urdinxka, bakoitza kolore ezberdinez eginak; beraiek bakarrik daudenez, ezin daitezke alderatu Erdi Aroko beiradurekin, Reimsen bezala: hemen ez dira galtzaile, alderantziz, erakarpen izugarria dute; medailoi polikromatuak sabaiko giltzarrietan; deigarria da kripta, zati bata erromanikoa, gotikoa bestea; kapitel ikusgarriak ditu erdikoak; kriptan ere badira fresko ederrak, baina modernoak, oraintsu eginak, esango nuke.
Zurichek badu ordu lasaietan zer ikusi eta non ibili.
Zaparradapean alde egin dugu; lainopean izan dugu errepidea, ia itsu joan gara, lainoetatik zetorren eta gurpilek jasotzen zuten uraren eraginez.
Suitzako frantsesa zebilen irrati batetik jakin dugu atentatu bat izan dela Espainiako nonbaiten. EL PAIS ere erosi ahal izan dugu, zegoen espainiar egunkari bakarra. Berdinean dirau denak gureetan. Ez dirudi argibiderik ikusten denik, irtenbiderik oratzen ari denik. Aldatze-berritze aurreko kontraesanik ez da usaintzen, azalean behintzat, izanen denaren arrastorik ere ez.
160 kilometro.
Maiatzaren 21a. Asteartea. 20.a
Gizatartutako burubeltza pausatu zait mahaian bertan, intxaur mamiak eraman ditu ere alde egin dudanean; lakuko zisne dotorea ere dendaraino hurreratu zait ahatez inguraturik, oinzabal, galant eta tente, tinko so, bere dotoretasunean harrotasunik gabe zerbait jatekorik emate ote nion edo. Ezer ez jasotzean uretara bueltatu da patala-patala dotore bezain trakets bere ibilera narrasean.
Kanpin aldaketa eguna
Autobidetik kanpoko laku inguruko herri eta lurrak ikusiz egin diogu agurra lurraldeari, lur barruko itsasotxoari azken begirada nostalgikoa botaz.
Ravensburg: goitik behera kolore ezberdinez pintatuta erliebe itxurazko erronbo eta antzerako figura geometrikoz. Brixt egiten dio begietan dorre karratuak leloa ez den edozein gidariri. Zaparraden beldur gara, bestalde goiz heldu nahi dugu etxalde berrira, beraz ez gara gelditu.
BAVARIA
Orain arteko lur antzerakoak, eguneroko berdeguneak, nekazari etxeak, behi asko larrean, aterpe zabalagoa lortuz alde bietara teilategal zabal goranztua duten kortak, trokote eta egur asko negu hotserako prest korta kontra edo inguruan tolestuta.
Autobide bihurtzen da tarteka errepidea. Agian alderantziz. Badirudi Lander bakoitzak moldatzen duela bere errepide-sarea, eta Bavariak ia ez du loturarik, ganorazkorik behintzat, Konstantza eta Hego Oihan Beltzarekin, bai ordea Sttutgar-ekin.
Hiru astean, gaur lehenengoz bildu ahal izan dugu lehor denda, bart ere zaparradarik izan den arren. Kanpin berrian baina, denda muntatzeko une berean bota digu gaurko lehen zaparrada.
Erdigunea ezik, ia Munich dena ibili dugu kanpin bila. Hiri izugarri handia iruditu zaigu, zabala, edozein hiri erraldoiren antzerakoa.
234 kilometro, kanpin berrirainokoak.
Maiatzaren 22a. Asteazkena. 20.a
Autobideko dunbots eta burrunba etengabetik babesteko hesia dute herriek, gureetan ez dugun babesa dute. Baina gureetan bezala, herri xumeak jai du Alemanian ere bidaia-ametsak gauzatzeko: kanpaleku apalez baliatu behar dute pobreek bazterrak bisitatzeko, ez du beste aukerarik diru gutxi duenak herriak ezagutzeko grina asetzeko, edo asteburua astebarruko egunetatik berezitu ahal izateko. Kanpaleku honek erakusten digu Alemanian ere kanpina dela pobreen alditxo baterako bizitoki apala. Baina erakusten digu ere Alemanian badela bidaiatzeko grina, bazterrak ikusteko zaletasuna, kanpin kultura.
Gurutze-bide dira bidegurutzeak, izugarrizko kotxe erreskada eta egonaldiak sortzen dira bidegurutzeotan. Banaka-banaka sarriak dira butxadurak hemen ere.
Gorabeheratxo laburreko ordeka zabala da Municheko lurraldea. Hegoaldera Alpeek, tontorreria elurtu oraindik zuria sasoi honetan. Beraiek jartzen diote hesia lautadari.
Ernegatu dut errepideko berrikuntza lanek eragindako desbideratzeak direla eta, ernegatu dut kanpin inguruko labirintotik atera ezinik, ernegatu dut Dachaurako bidea aurkitzeko zailtasunez, ernegatu dut azkenik Dachauko kontzentrazio-esparrua non ote. Ez dira beti operatiboak alemaniarrak ere. Nire okerrak ere izan dute eraginik.
Dachau Kontzentrazio Eremua. Herri oso bat zoratzen deneko historia latza, bortitza, sufrimenduaren azalpen eta erakusketa, sufrimenduaren laborategia, laztasunaren erreinua. Gizakiak gizakiaren aurka ekiten dionekoa. Milaka gizakien hilketa gerta zen lekua ikusi, kontzentrazio esparrua zenbateraino zen zabala jabetu, gizaki eta gizarteen elkarrekiko erasoa berezkoa ote den oldoztu, Israelek palestinarrentzako sortu dituen hainbat Dachau eta Auschwitz gogoratu, hori izan da bisita. Ez dugu ikasi ez genekien ezer berririk, baina baliagarria izan zaigu bisita. Israeldarrek beraiei egindako sarraskitik ezer ikasi ez eta beraiekiko hura palestinarrekin errepikatu dute. Gure presoek ere dachauetan diraute, politikoei bestelako interesik tartekatzen ez zaien bitartean.
Pelikuletan ikusi ohi den antzerakoa da eremua, ia berdina. Pantailak ez du erakusten zenbateraino ziren zabalak. Zenbat milesak sartzen ziren bertan.
Hilerria: 7.400 soldadu eta soldadu ez zirenak, gehienak ezezagunak, lurperatuta dauden hilerria ere bisitatu dugu, bertara jo baitugu gure bilaketan. Ustez aberriagatik hildako gizajoak, lehenengo Hitlerrekin gero Demokraziarekin gizendutakoen onerako hildako anonimoak, herri engainatua.
Beude bere horretan monumentuak, baina ezaba ditzagun monumentu berrientzako hildakoak prestatzen dituzten jarduera politikoak.
Dachau Hiria. Gurutzatu besterik ez dugu egin kontzentrazio eremuaren bilaketaren noraezean, baina jite jatorreko herri txukuna da. Norabidea galdezka ibili gatzaizkien herritarrak, adeitsu irribarretsuak.
Augsburg
Hiri handi berri ederra, bankarien hiri ondo-bizia, garagardo pitxar baten aurrean non egon eder asko duena, kale eta etorbide zabalekoa, hiri argia tranbiez girotua, gerra ondoren birjasotakoa, elizetan ez bada antzinakotasunik ia erakusten ez duena, dena eliza dirudiena, iturri ederren hiria, elizagintzan lehenengo iturrigintzan ondoren norgehiagoka egon zela dirudiena, hasieran arrunt iruditu arren bereganatu gaituen hiria.
Udal plaza: zabala, kafetegia erdian, garagardo-edale patxadatsuen hitzordu-leku, baita kontu-kontaketa lasairako txokoa ere; Alemanian ezohizko fatxada duen udaletxe errenazentista, kariloi-sona luze goxoko erloju doratua duen dorre ederrarekin.
Iturriak: ugariak dira, Augustorena, indar handia erakusten duen Herkulesena, Katedral ondokoa... Plaza batean gizakia ipurdipetik zutik pasada dakioken zurezko jarleku erraldoia.
Katedrala: adreilu gorriz egindako dorre sendoa du, harrian zizelatutako santueria ate aberatsean, barruan kaperagintzan lehiatu balira bezala, koadro, triptiko, zurezkoak zein harrizkoak era guztietako tailaeria: trebeziaz landutako irudiak, baita begien ederrerako taila naifak ere.
Eliza protestantea: koadro erakusketa bailitzan irudi pintatuzko zurezko korua da atzealde eta ezkerraldea; hitzaren tronua du eskuin aldean, organo erraldoia aldare ostean; eliza guztia da argi.
Dorreak: dorretxo polit asko, dorre luze ederrak.
Elizak: bada eliza galantik.
Etxeak: etxeteria arrunten artean, ederrak, eraikin zaharren usaia dutenak, klasikoak, freskoz pintatuak aurkitu daitezke.
"Bodega Antonio" bandera espainolaren arrasto horian idatzia zuen taberna ere aurkitu dugu, itxita baina.
Europa zaharra zatika erortzen ari denez, Ausburgen ere zarpailak konponduzko obrak nagusi.
Beltold Brechtten herria, baita Dieselaren jaioterria ere. Belttolden abildadea behar nuke idazteko, gure autoak, berriz, erregai berri baten asmatzailea du beharrezko, erregaian xahutzen baitugu dugun ia sosa dena.
Ilunabar goxoan nabarmenago dira lautadako herritxo sarriak; politak eta gustagarriak ikusten dira, halako bizitasuna ematen diotela pasaiari era guztietako dorreek. Dorre borobil luzeak, dorre borobil motxak, dorre-orratz luzeak eta laburrak, dorre karratuak, pope txapelezko dorreak... ikerketa edo tesia egin daiteke errepidetik dorreei buruz.
Goizean errepideak ernegarazi bagaitu, patxadan aurkitu dugu etxera bidea iluntzean.
215 Km
Maiatzaren 23a. Osteguna. 22.a
Hemen gaude euri lardatsez umelduta, beti biharamuneko eguzki eta epeltasunaren itxaropenez.
Beti da obraren bat hiriko sarrera-irteeretan kotxe ilara izugarriak sortuz. Hemen ere holakoetan gidariak, tartetxoa bilatzen dutenean, karrilez aldatuz erakusten du bere urduritasuna; parekoa da denean hiri inguruko gidaritza.
Nabarmen dager estadio olinpikoa autobide ertzean bere komunikabide-dorre garai eta kable sendoz zintzilikatutako toldope zabalekin.
Beira eta zementuzko bulego eraikuntzak nabarmentzen dira Munich-eko hego-eki aldean. Zenbat milioi pertsonen bizitzak maneiatzen ote dira leiho-atze horietatik ekonomiaren bidez.
Norabide-iragarki ikuspegia oztopatuz, kamioiak dira gidari atzerritarron etsai nagusiak errepidean.
Ez dugu orain arte aurkitu: herriez gain, etxe multzoak lurraldeko bakardadean; landetxeak eta bere inguruko osagarriak, nahiko elkartuta eraikuntza multzoa osatuz; handiak dira hemen ere landetxeen osagaiak, etxe zabalok ere txiki utziz. Azienda osoa dabil larrean etxe inguruan, behiak, ardiak, oiloak... asto bat ere bai. Ez asko bakoitzetik, baina baserrian ohi den denetik ikusi ahal da.
Hemen ere autobusean daramatzate umeak eskolara.
Ia herri guztietan dago “Maiatza” zonalde honetan ere. Erraldoiak dira hemengo maiatzok; maiatzon nolakoa inguruko basoen arabera dago hemen ere. Pinu ederrena ebaki eta jartzen zen Altzolan sanjuanetan, eta pinu-jabeak ez zuen handiena kenduta ere kexurik egiten. Enborrean herriko ofizio edo ogibide guztien agerpena dago jarrita, bakoitza oholtxo batean pintatuta, herriko lanbideen berri emanez, agian bere garaian santuari, Amabirjinari edo auskalo zein jeinuri laguntasuna eskatuz. Urte orotarako maiatz metalezkoa betiko berdin bakarren bat agertzen da noizbehinka.
Garagardoaren aurkako propaganda, orain arte bakarra, kartel erraldoi batean errepide ertzean: garagardo pitxarrak X gorria du gainean; badu idazki bat ere, baina ez dugu ulertzen: segur aski garagardotegietara joaten ez direnek eta osasunak astindua eman dietenek irakurriko duten kartela.
Landshut: Esklusa bidez beteta zabal eta bizkor doan ibaiaren alboan, patxada darion hiria, Alemanian gaudela sentiarazten duena. Hemen bai, Alemanian gaude hemen. Bada buruko txatal zuria daraman andretxorik, sarriago ikusten da kapela bavariarra helduen buruetan. Sarreran gazteluarena baino gotorleku itxura duen jauregia eta munduko adreiluzko garaiena omen den dorrea, adornu ugariez bikaina, nabarmentzen dira. Bertaratuz gero, asko behartu behar da kokotea atzerantz S. Martin eliza-dorreko punta ikusteko, hain gora baitoa; sarrerako ate gotikoak badu miresteko iruditxorik buelta guztian, baita ateburuan zizelatutako harria ere; barrutik ederra da, luzera baina batez ere garaieragatik handia, zintzilikatutako kristoa ere dagokion 8 metrokoa, erdi ezabatuak jada baina freskoak ditu orma guztietan, irudi pintatuz dekoratutako pulpitu polita, naif estiloko zurezko irudi piloa hormetara itsatsitako zutabe mehar luzeetan, harrizko filigrana den erretaula aldare nagusian... ez da ez bertan beherakoa gure S.Martin eliza. Etxe-kaleak, 1200 eta 1300.go kale eta kalexkak; teilatu pikoei jarraituz luze eta zorrotz, borobil ere, gorantz kolore ezberdinez argitutako fatxadak; arkupe zabaleko ia plaza ere baden kale zaharra edo 100.go Altstadt; arkupe gabe puntazorrotz eta koloretsu, zabal, 1300.go Neustadt.
“MODA BERRI” izeneko jantzi-dendako erakusleihoa: marratxo gorri berdeak atzealde zurian, ikurrintxoa falta zitzaio euskaldun petoa izateko. Aurkitu dugu izen berdineko beste denda bat, honek ez zuen marratxo gorri berderik. Saltoki kateren bat da nonbait, baina ez euskalduna.
Ijitoek ba zuten ospakizunen bat: aparkalekura agertu dira, gure txikitako karroen ordez dozenatik gora karabana digante, ijito apainek gidatuta.
Goizean lanbroa bazen, zaparrada luzea bota digu Landshut utzi ondoren Regensburgera bidean.
Urrutira, kea lainoekin nahastuz auskalo zer zen baina dena ke ikusten genuen tximinia digantea, etengabeko ke-multzo zirraragarriak sortuz. Kutsatzailea eta zikina da argindarra ere. Errazegi pizten dugu bonbilla edo ikusten telebista.
Regensburg. Historiatik, baina ez dakit zehatz zergatik, ezaguna zaidan Ratisbona. Errespetatu egin zuen gerrak, beraz bere garaiko giroa, jitea, usaia gordetzen du. Hiri zahar ondo gordea, pospolina ez, baina bai ederra. Alde Zahar zabala du; dena da Zaharra, alde zaharragoa eta berantiarragoa badu ere. Alde zaharrenak kaledi estuagoa eta bihurriagokoa du besteen alboan; kale zabalagokoa da alde berriagoa. Fatxada liso diskretuak ditu, baina osotasunean sentipen baikorra sortzen du, dena delako halatsu diskretu. Patxadako hiri lasaia, lasai ibiltzeko hiri lasaia. Gazte asko kontu-kontari bazterretan garagardo botila eskuan. Etxe bereziz nabarmentzen ez bada, -izan baditu etxe ederrak-, ezusteko txoko pitxirik ez badu ere, bila daiteke bitxikeriarik. Plazatxoak, 20 dorre, Italiako S. Gimignanon haina nabarmentzen ez badira ere; etxe bakan sendoak. Katedrala: fatxada ikusgarria du, garbitu gabeko beltza politagoa delarik, agian, harri garbitu argia baino; gargolak: handiak, nabarmenagoak hormek beste apaingarri eta orratzik ez dutelako; erraldoi sentipena sortzen du sarreran; barnea, hotza, austeroa, iluna, -agian eguna ere iluna delako-; goi eta behe dena da beiradura, beiradura ikusgarria gainera. Irudiak moldatuz zilar landuzko aldarea; harrizko putzua du ate ondoan, eliza barruan, bere soka, txirrika eta guzti; hainbat bitxikeria: harrizko tenplete garaiak kaperen ordez, harri zizelatuzko lan bitxiak, tailak... baina ipinki usaia darie, gerokoak, ezarriak dirudite; horma buelta osoan, ez askotan bezala goian, harrizko korridoreak bere baranda argiune apaingarriekin: bizitasun pixka bat ematen dio eliza barruari.
Bizi eta zabal doa Danubio ibaia, inola ere ez da, baina, urdina, zikina dager, beltz marroixka. Hirutan banatzen da zubi zahar luzearen azpian, beherago berriz ere elkar lotzeko. Ez da urdin nostalgikoa baina badu bere xarma eta zubiraino goaz bisitariak bera ikustera; bada ontzietan dabilen turistarik, baita zubipeko korrontean kanoetan jolasten denik ere.
310 kilometro, ez dira izan bideratzen errazak, baina joan gara nahi genuen lekura eta bilatu dugu ere etxea.