Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. Alemania 96

BIDAIAK. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/07/19 10:55
EKI ALEMANIA. TURINGIA: WEIMAR: Weimar, Oetern, Bohchenwal kontzentrazioa eremua, Erfurt. SAXONIA: Riesa, Meisen, Dresde, Leipzig, Bautzen, Gorlitz.

EKI ALEMANIA

 

Ez gara jabetu noiz sartu garen Eki Alemanian. Nolanahi lurralde nabarmen ezberdin bat zela   jabetu gara: herrietako korta eta zementuzko muntaia komunalak egiten dute ezberdina. Teilatu punta zorrotzekoak dira etxeak, elurragatik uste dugu; arruntagoak dira, zementuzkoak, garaiagoak, funtzionalagoak, umilagoak; elkarren antzerakoak denak; ez dute galdu zeharo jite jatorra, baina  ez dute ez orijinaltasunik ez xarmarik. Geratzen da, nolanahi lehengo etxe eta herri petorik ere.

Etxe txiki berri pila jaso berriak ere badira herri askotan, herrioi udaleku itxura emanez: eraikuntza-enpresaren bat ez da urruti ibiliko. Herri guztietan aurkitu dugu "unleitun", desbideratzea, dena dagoelako berritzen, dena delako berrikuntza-lana. Benetako premia, ala aldaketa politikoaren ondoren herria nolabait engainatu beharra ote. Ez dugu ikusten pinurik, harizti eta pagadiak dira nagusi.

 

 

TURINGIA

 

WEIMAR

 

Gaztela antzeko herrialde laua, aurrean mendirik ikusten ez zaion lautada.

 

Kanpina, Oettern, herritxo jator horietako batean

 

73 kilometro, nekosoak.

6 ordu behar izan ditugu kilometro apurrok egiteko, astuna eta nekagarria bilakatu zaigu erakargarria behar zuen bidaia. Baina lurralde berri bat ezagutu dugu.

 

Agur Jesusen Ama Maiatzekoa. Maiatzari, agur.

 

 

Ekainaren 1a. Larunbata. 31.a

 

Tere Irastortza irakurriz: nahigo dut  Maiatza hil zaigula baino Maiatzak Ekaina ernarazi digula uste izatea. Maiatza itzali zen baina Ekaina argitu digu, esperientzia bikaina utziz. Egia da Cortazarrentzat historia hil zela, gero kontzienterik ez zuela, baina Cortazarrek badu geroa, Tereren gomuta xamurra adibidez.

 

Ekialdeko lehen kanpina ez da inola ere orain artekoak bezain zaindua, nahiko bere kasa funtzionatzen du denak. Kanpin kulturarik eza edo kanpinari buruzko filosofia ezberdina. Kanpinzalea ibili badabil, rulotez; ez dakigu kanpin kultura hau berria den ala aurreko politikagintzan ere ba zen.

Bi andereño ditugu auzo kanpinean,  bi karpa handitan neskato-mutiko taldearekin: polita da umeak horrela, nahiko aske, ikustea.

 

Jelatu jale amorratuak dira alemanak, berorik ez denean ere.

 

Oetern. Nekazari herri pobrea dirudi, itxuraz behintzat, iraganak marruskatuta fatxadak, harrotuta daude, berritu gabeak. Zelai batean, lorategitxoa da hilerria; hezurrak bertan dituenari berdin bazaio ere, atseginagoa da oraindik bizirik doakionarentzat.

 

Lurrez estalita gordetzen dute erremolatxa, piloan, hozkailu batean bezala gordea, agian neguko izotzetik gordetzeko. Piloko lurra zati batean kendu eta hasiberria zegoen piloa, itxuraz gordin eta sano ateratzen ziren erremolatxok hozkailu naturaletik. Esperientzia eta imajinazioa, dirua aurreratzeko tresna egokiak.

Oso garbiak ikusten dira herriak, baina ez dute mendebalekoen  dotoretasun edo jite hura. Zer da baina dotoretasuna?. Mendebaleko filosofiaz, "pobre duinak" deituko genieke hauei. Asfaltatu gabeko espaloiak, zementuz hartu gabe bide-errepide ertzak, baina inola ere ez dute zabartasun, utzikeria itxurarik, ondo zaindutako bazterrena baizik.

Galtzadarria ikusten da asko  herritxoetako kaleetan, Alemaniako herri gehienetan ohi denez,  baina baita errepideko hainbat zatietan ere, ez antzinakotasun usaia emateko, zorua lokatzetik gordetzeko baizik.

 

Weimar.

Gerrak ez zuen ukitu. Espazio zabalekoa eta argia, kale zabalek eta bata bestearen ondoren datozen plaza  sarrien eraginez. Ezberdina egituraz eta izaeraz. Kultura  hiria: hainbat eta hainbat pankartek iragartzen dute ekintza ezberdin ugari.

Goethe, Schiller, Lits, Richard Strauss eta beste hainbat artista hemengoak ziren edo hemen egon ziren. Museo dira gar egun beraien etxeak. Palazio pila dago: guri ez digute zer askorik esaten jauregiok, ez digute barnerik kilikatzen, baina alemaniar asko erakartzen dute. Piano musika entzuten da kale askotan Litsen omenez edo. Eraikuntzak azpimarratu beharko nituzke batez ere;  ez dirudi arreta handirik eskaini dietenik, gutxi zaindu dituztela dirudi; berritu gabeko eraikuntza eder zaharrak dira, iraganak ajatu eta ajetuak; fatxadak dira zati hondatuenak: fatxada ilunak, aspaldi honetan pintatu ez direnak. Diru asko beharko litzateke Mendebaleko herrien itxurara egokitzeko; nolanahi, nonahi ageri dira etxe berrikuntza lanak hemen ere, baina dirutzak behar dira hiriari aurpegia garbitzeko. Nabari da ez zela dirurik xahutu itxura mantentzeko lanetan, orain ordea badirudi itxura edertzea dela helburu nagusia. Banketxeek hartu, berritu eta prestatu dituzte hiriko etxe ederrenak hemen ere. Merkatua edo azoka, hiriko plaza nagusian: orain arte mendebaldean ikusi ditugunek baino eskaintza apalagoa du, aukera murritzagokoa; asko iraungo duten oinetakoak ikusten dira salgai, larru eta zola-goma sendokoak; artisau-lan asko ageri da, batez ere zur landua; artisau baten eskulanetan  umetako Aste Santuko "kirri-karra" aurkitu dut: jostailu erlijiosoak dirau oraindik hemen, duela gutxira arte komunista omen herrialdean. Stadtkirche, herriko eliza, mila koloreko eliza  txikia: Lutero agertzen den triptiko erraldoia da erretaula; Lutero gai dela beste triptiko txiki bat, erakusgai jarrita; presbiterioan sabairainoko erretaula gisako harri landuzko lan fineko taila lana; eliza erdian eta alde bietan dagoen korupeetan bankuteria zuri-gris garai deigarria; organo polita.

 

Haurrentzako hainbat tailer eta jolas kaleetan, nire eskolaurre gelan ametsa izanen ziren muntaiarako pieza erraldoiak, irudimenezko ekintza biziak: badirudi dendarien amua dela, baina ekimenotan dabilen umeteria eta gurasoteria ikusiz nabarmena da lurralde honetan irakaskuntza eta heziketari ematen zaion garrantzia.

 

Buchenwald kontzentrazio-eremua: lurruna zerion eremu osoari zaparradaren ondoren, atzo eguzkiak berotutako laba bailitzan. Mendi tontortxora mugatzen zen Dachau eremua; hemen mendi osoa dago gogorapenerako monumentu erraldoi bihurtuta. Badirudi etxeak berritzeko behar zen dirua, eremua antolatzen joan zitzaiela. Gizartearen edo zuzendaritza politikoaren filosofia ezberdina: gizarte berrientzat eskola edo mezu-gailu bihurtu nahi izan dute eremua, Erdi Aroko elizetan irudiak erabili ohi zituzten eran.

Errealitatean ikusi ahal da hemen pelikulek erakusten duten giro bera: hor daude osagai guztiak, barrakoiak, hesiak, labak, gas-tokiak…; pelikulek erakusten ez duten zabalera dute esparruok, izugarri zabala da; Dachaukoa laua zen, hau mendi magalean, aldatzean, dago. Zirrara sartzen du gizakiaren izugarrikeria noraino heldu daitekeenaren adibideak. Euskal presoen egoeraren adierazpen eta gomutagarria zaigun eremua; gaur egun ere errepikatzen da hori jokabide eta egoera bera zientu-erditik gorako gaur egungo gerretan, heldu garen ikusle eta bisitari gehienek gaur eta bertan gogoratzen ez baditugu ere beste eremuok, beste  kartzelok,  Mendebaleko agintariek eremu honetara mugatu nahi badituzte ere krimenak, beraienak estaliz..

 

Galtzadarri asko ikusten da errepidean. Ez dira Euskal Herrian  ohi diren tamainakoak, haien erdia edo txikiagoak baizik. Oso garbia da galtzada, autoan sortzen duen dardarizoa, aldiz, ez da batere atsegina.

 

Erfurt.

Berritzen ari den herri ederra. Eki Alemanian ere ez zuten tranbiaren kulturarik galdu. Bizi-bizirik ageri da hiria larunbat eguerdian, hiri biziaren itxura du. Umeen paradisua: plaza osoa ez ezik hiriko ertz guztiak daude jolas aukerez mukuru.

Udaletxea: harri landuzko gotiko ederra;  aurpegia garbitu diote, ia garbiegia ageri da. Bost begi zabaleko zubi luze bitxia: zubi-gaineko alde bietan etxeak ditu, etxepean dendak, jadanik kale itxura hartu du eta zubiarena erabat galdu.

Etxe eder asko: batzuk berrituak, eder itxura du hiriak.

Domplatz, “eliza-plaza”, goialdetik bi elizek edertuta: izugarri zabala da, osorik sartuko litzake bertan zenbait herri.

Dom Katedrala: 75 harmailen erpinean eraikia; bi ate gotiko, elkarren alboan alboka biak, elizpe berdinera jotzen dute biek; harrizko pulpitutxoa eliza bueltako plazatxoan, beheko plaza zabalerantz zuzendua, sermoia jendetzari bertatik botatzeko asmatua. Barnea: organo kontzertuaz bildurik ikusi dugu barnea, giro goxoan; osotasunean batasunik galdu gabe, bi zatitan estrukturatuta dago, argia du atzeko zatia, iluna berriz aurrekoa. Filigranazko aulkiteri harrigarria,  beiradura harrigarriagoa, taila, harrizko koadro, pintura koadro... Arte Ikasturtea osatzeko haina material dago aurreko alde ilunean. Bigarren zati argiak, gerratean hondatu eta ondoren berreraikia, hondakinetatik salbatutako edo suntsiketa aurretik gordetako artelanen erakusketa dirudi: bere lekutik kanpo bezala daude, hormetan erantsiak triptiko, koadro, taila, eta kontaezin artelan...; sabairainoko zurezko orratz puntazorrotza: zenbait katedraletan erlikitegia izan ohi da, hemen bataiategia da; han dirau San Kristobalen fresko erraldoiak erori ez zen orma bakarrean. San Seberiano eliza, katedralaren albotxoan, organo rokokò xarmanta du deigarriena; hemen ere sabairainoko orratza, harrizkoa hau, bataiarria edertuz.

Alde zaharra: kale sare  xarmanta, berritze lanek gatza kentzen badie ere.

Goruetan ari zen kalean amona bat, erakustaldiaren truke sosa batzuk jaso asmoz; argazkiak ere ez dira doakoak berarekin.

 

Nongo diru-kapitalak ari ote dira Erfurt ondoko urbanizazio berria jasotzen, bertakoak, federalak ala atzerrikoak. Sistema politiko aldaketak merkatu berriak zabaldu dizkio negozioari, espekulazioari ere. Putre asko hurreratzen da diru errazera.

 

Non eta Jaungoikoaren hain kontrakoa omen zen sistema politikoko herrialde honetan, hor daude elizak, lerden eta ondo gordeak; etxe asko, aldiz, hondatuak daude. Zaintza hori, ondarea gordetzeagatik ote, herriaren erlijioarentzako atxikimenduari men egiteagatik, ala herriak berak nahiago duelako elizak zaindu beraien etxeak egokitu baino. Auskalo.

 

Turista talde asko zebilen gaur egon garen bi hirietan, bakoitza bere gidarekin, burusoil eta buruzuriz osatutako taldeak denak.

 

Afari gozoa eman digu Bad Berka herritxo atseginak, Buchart herriak, ostera, aterpedun zubiaren ezustea izan da eskaini diguna.

 

Jendearen lilura sortuz, ia zuhaitz adarretan zebiltzan bi globo izan ditugu ikuskizun errepidean .

 

86 kilometro, kotxez.

Oinez egin ditugu gaur  ordu asko.

 

 

Ekainaren 2a. Igandea. 32.a

 

Kanpinean  gure aurrean bertan auzo hurbila dugun txakurrak eta Maria Luisaren izuak uxatu gaitu herrialdetik uste baino lehen. Saxonia lurraldera joko dugu.

 

Txirrinak jo baino bost minutu lehenago ekin dio euri ziztrinak, leunki, txakurraren alboan gera gaitezen eskatuz bezala. Txirrinak jo duen ordu berean izan dugu lehen zaparrada; denda lehortu eta biltzen hasterakoan bigarrena; atertu zain egonaldiaren ondoren jasotzen ari ginen unean bertan hirugarrena. Ateri tarte bat eskatzera mugatu zaigu berriz ere eguraldi itxaropena.

 

Ez dago kartelik Alemanian, ezta pintadarik ere. Garbiak daude horma guztiak. baina horma tristeak dira hauek, bizitasunik gabeko gizarte baten hormak. Herri otzanduaren seinale. Agian beldurraren eta zigorraren ezaugarri. Moteltasuna darie paretei. Txukuntasun faltsuaren usaia sumatzen da, zerbait zikina estaltzen duen garbitasuna.

Organoarena ez da autoan entzuteko musika, bai ordea elizan, batez ere katedral eder batean. Katedrala da organoarentzako auditorioa. Organoa, harrizko hormez bildua behar duen musika-tresna.

"Verboten" = "galarazita", Alemanian ere hitz sarria.

Duela bost urte soilik lurralde debekatua genuen hau, ezin ginen etorri. Lurralde debekatua, arriskutsua, komunista. Hemen gabiltza gaur, lasai, herririk herri. Mendebaldeko agintariek eta komunikabideek egiten zuten arbuiagarria hemengo politika. Agintean den ideologia beti da zapaltzailea, aurpegi hori erakusten ez badu ere.

Ikusten ahal dira lauzpabost solairuko zementuzko etxe merke monotonoak.

Etxaurreko espaloia eskobatzen duenik ere ikusi dugu, kale-garbitzailearen zain egon gabe.

Hirietan badira etxe-bloke handi inpertsonal eraiki berri-berriak. Demokraziarenak. Baita lauzpabost  solairuko zementuzko etxe tristeak ere, lurralde honetarako garaiak. Sozialismoarenak hauek. Langileak eta pobreak kabi berdintsua dute edozein dela ere politikaria.

 

 

SAXONIA,  ,

 

Dresdera bidean.

 

Maiatza ikusi dugu herritxo batean, Eki aldekoa ere bada, beraz.

Zeharo aldatu zaigu paisaia urbanoa: leiho eta balkoidun zementuzko kubo eta bloke handiak daude  hiri handi eta handi samarren inguru eta ertzetan. Arreak, ilunak, teilaturik gabe zabaltzaz bukatuak gehienak. Aldiz, etxe-bloke batzuk berdin lirateke autobidetik Errenterian ikusten direnak; balkoiak lorez udaberrituta dituzte hemengoek. Noizbehinka tximinia lainoetaraino garaiak ikusten dira urrutira, eliza-dorre zorrotz nanoak bailitzan.

Nekazari herri txiki askoren albotik goaz: ilunak dira, arreak, inguruko harrien kolorekoak,  etxetxo bakarkakoak, pintatu gabeak; noizbehinka agertzen dira komunakoak izan daitezken zementuzko korta zaharkitu itxurakoak ere. Asko dira ere bere lehenean iraun duten herritxoak; Alemania Mendebalekoen berdinak dira izan. Lur landu esparru bakoitza, dela gari edo belar saila, oso zabala da, mugarik ikusten ere ez zaiona askotan, auzolanean, auzokoek, herri osoak, landutakoak behar dute izan, jabego pribatua mugatua edo desagertuta zegoenekoa. Bi behi suitzar saldoa ikusi dugu larrean; gehiago egon behar du belarra franko dago-eta hemen ere; agian kortan gordetzen dituzte behiok.

Mc Donald-ek inbaditu du Ekialdea ere.

 

Dena da euripea, kanpinean bezala errepidean ere. Kilometroetako ekaitz bortitza ez denean, azpian zapaltzen gaituen berunezko laino giroa dugu; berunezko paisaia, begiek ez dute zulatzen errepide ertzetik haratago: inguru berdea eta teilatu ilunak, beste informaziorik ez du jasotzen ikusminak.

Ugariak dira bertako kotxe txiki famatuak, baina bide motxerako soilik agertzen dira errepidera, herri inguruetan, herritik herrirako ibilbide motzean.

Autobide osoa dago berrikuntza lanetan, dozenaka kilometroetako tartean sarri. Igandez ere lanean ari dira, presa dago nonbait kontrata bukatzeko, edo japoniarren antzera alemaniarrek ere ez dute atsedenik. Beharrezkoak ote dira berrikuntzok ala urralbururen baten leitzaranak ote dira hemengoak ere.

 

Kanpina.

Meissen hirian, Dresde-tik ez urruti.

Aterian jarri ahal izan dugu denda, lehortu ere egin zaigu, bustia bildu baitugu goizean.

 

Riesa.

Ez zituen merezi bera ikusteko 50 kilometro gehigarririk. Badu saltoki eta erakusleiho demokratikoz berritu duten  oinezkoentzako kalea, badu batez ere alboan zabal Elba ibaia, baditu parkeak, baditu bere garaian ederrak zitezkeen lorategiz inguraturiko etxeak, baina etxe iluneko herri ilun eta hila da igande arrats honetan. Bere lehengo zaharrean dirauen obraz beteriko herri zabal iluna

Ez dago tabernarik, ez kafetegirik. Ze giza bizitza mota ote hemengoa, zeintzuk ote harremanak, non hitz eta jolas, non irri eta barre. Hori dena ere eginen delako hemen ere. Tabernadunak baino hitsago ez direlako tabernarik gabekook. Beste kultura bat da hemengoa, beste portaera bat izan behar dute, beste era batetara bideratzen dituzte harremanak. Nola baina. Hori da ez dakiguna eta jabetzea kostatzen zaiguna.

 

Txanponez zabaltzen den ate automatikoa hondatuta bilatu dugu komun publikoetan, txanpon-kutxa hondatua du eta: bada demokraziaren esperientzia egiten hasi den sosik gabekoren bat hemen ere.

Emakume tzar bat ikusi dugu leiho txiki batean, gorputz erdia leiho betean kanpora, begiekin kuxkuxean, ugazabaren antzerako ikusmina zuen katua zuela bizkar gainean, lepo ostetik kirikika bera ere. Pelikuletan ez bada, bizitzan behin bakarrik tokatzen den bitxikeria.

 

Meissen. Etxe soltez egindako ingurua du; etxe politak dira, zaindu itxurarik ez badute ere. Zahar itxura galdu gabe, berritzen ari den antzinako herria da, zabal eta korrontean ia erditik doakion Elba  ibaiari begira. Noizbait zerbait izan zen herria, berritzen ari dena. Plazak badu berea, aukerakoa ez bada ere: elizak, udaletxeak, postetxeak, garagardo fabrikak eta jatetxe bilakatu den etxe moinonoak girotzen dute. Katedrala goian: gaurko eguna baino beltzago dago; aurpegia garbitzen ari zaizkio, aldamioz bilduta ditu dorre luze biak.

Portzelana omen hiriaren ezaugarria, garai batean fama eman omen zion lanbide nagusia.

 

Bailara erdiko Elba zabalak Rhin ibaiaren monoa dakarkigu, hemen garraio-ontziak bakanak badira ere. Zabala eta lasaia, patxada giroa damaio bailarari.

Riesa eta Meissen ingurua: edozein aldera begiratuz ere, bukaerarik ikusi ahal ezin zaion lurraldea,  ortziaren ertzean ere ez da mendirik; itsasoaren parekoa, lurra non bukatu eta zerua non hasten den antz ematen ez zaion lurralde zabala.

Gaztelakoa litzake herritxo bateko haize errota; lau hegal hori eta txapel gorri distiratsu ditu. Espainiako koloreak dituen arren, ez da hangoa, La Manchako errotak austeroak dira. Gorria eta horia: zein erraz biltzen dituzten Europan ezarri ziguten piparpotearen koloreak direlako euskaldunok arbuiatzen ditugun koloreak.

Nekazari herria da Elba inguruko lurraldea. Bertan ez da bidegorririk ikusten, bizikletak ere gutxi dira.

Nabarmen iragarrita agertzen da lurralde osoan Seat garajea, nonahi du garajea Seatak: izugarria da merkatua bereganatzeko autogileen lehia.

Oiloak gure txikitako oilategietan zebiltzan bezala dabiltza hemen ere, kaiolatik libre: gaurkoa ez den ikuskizuna.

 

Riesa utzi dugun unean lehertu zaigu gaurko bigarren ekaitza.

 

66 kilometro, Saxoniara eta Saxonian.

 

 

Ekainaren 3a. Astelehena. 33.a

 

Baso-soilgune batean kokatzen da kanpina, errekasto bizi batek zeharkatzen du erdi-erditik; basoa dugu babes aurrealdean eta haltz tantaia lagun auzo dugun errekatxoaren bestaldean.

Kanpineko berdegunean xarma sortzen zuen errekatxoaren zurrumurrua uholde-hots da gaur goizean. Lur koloreko bihurtu dira atzoko ur garbiak. Tximistargi bristadatsu eta trumoi grakada bortitzetan kulunkatuz luzatu ditugu goizeko lehen orduak, lozorro gozoan, zipriztinen eraginez denda barrenak busti bazaizkigu ere. Lur landua, agian larrea, zen duela gutxi basoko argiune hau; gaur egun berriz  gau baterako herriz-herriz goazen nomadek osatzen dugun herritxoa. Zokondo ikusgarria litzake kanpin hau eguzkia bagenu lagun. Karabanaz inguratuta gaude; tipikotasunagatiko barretxoak eta arkaismoaren harridura sortzen ditu gure denda bakar, bakan eta bakartiak; bart gaueko ekaitzaren ondoren espantuzko begiradak jasotzen ditugu gaur goizean.

Hezea baino bustia eta berdea gogoratuko dugu Alemania.

Errekastoaren murmurioa badator berera euri jasaren ondoren.

 

Ekialde honetan hurreratu gatzaizkien herritarrek ez dute ez ingelesik ez frantsesik ezagutzen. Agian errusiera da dakiten bigarren hizkuntza. Mendekotasunaren ondorioak antzerakoak izan daitezke alde batean zein bestean, hemen errusiera ikasi zuten bestaldean ingelesa.

Eskularrurik gabeko eskuz xaboitzen du komuna kanpineko morroiak, eskorga zaharkituaz maneiatzen da lanerako. Berdintsu txukuna da hemengo eta hango herri xumea, hemengoa, baina,  apalagoa da, bizi moldean zein janzkeran.

Bizitzari buruzko filosofia sendoa eta politikari buruzko iritzi sakona behar da Mendebaldeko bizitzaren kontrasteari aurre egiteko. Ene ustez ziri ederra sartu dio Ekialdeari Mendebalak, azken honen  merkatu-ekonomiaren onerako eta bestaldekoen patrikak gizentzeko; zenbat Mendebaleko, politikari eta bestelako, ez ote da ere profitatu eta profitatuko aldaketaz.

 

Pasaportea garantia bezala gorde kanpineko bulegoan, bakoitzaren datuak paper ofizialetan jaso… ez da ikusten horrelako formaltasun zitalik hemen, bezeroari konfiantza ematen dion herri sanoaren portaera dute; gure politikariek ostera demokrazia gazteegia dutela liokete, demokraziaren ezaugarria dirudi mesfidantza eta zuhurtasun gaixotia.

 

Ez nuke idazle izan nahi, ezta inolako artista ere. Barne araketa, sufrimendua, eten gabeko saiakera delako sentitzen dudana besteei bizi dudan bezala txukun adierazi nahi eta ahal izatea. Nahiko saila da berez ere bizitza.          

Koska berean oztopatzea hanka narraz ibiltzearen ordaina da batentzat, koska bera koskaegia izatea bestearentzat. Errua non, norengan, edo zertan jartzea da bizitzaren koska.

 

Uhinak bezala zabaltzen dira mendiak Alemanian, itsaso bareko uhin apalak dira gehienak, itsaso handikoak noizbehinka, behin ere ez itsaso haserrearenak.

Euri zaparraden ondoren, ez zaio hasi den itxurarik hartzen Elba ibaiari, baina lokaztu bai lokaztu zaizkio urak.

 

Bere baliabide urriekin jarritako txiringito apalak ikusten dira jendea dabilen inguruetan, lehengoak ote ala demokraziaren anparokoak.

Etxe ilunak, mortairuz itxuratu baina pintatu ere egin gabe bere mortairuan utzitako etxe ilunak. Bada pintatutako bakarrik, badira baita leiho inguru irtentxoa soilik pintatu dutenak ere.

Antzinako Euskal Herriko  errepide nostalgikoak dirudite errepideak, ia marrarik gabeko errepide soilak, ertzak berde, bihurgune asko; herritxoak zeharkatuz lasai gidatzeko ibilbideak.

Demokraziaren sinbolo, Coca-cola iragarkiak hedatu dira hemengo denda atarietan.

Auto saltzaileek amama egin behar izan dute demokrazia ezarritako azken   urte gutxi hauetan; kotxe pila ikusten da jada oraingoz, eta orain artekoa hasera besterik ez da; kotxe txiki komunista asko baitabil oraindik, kotxerik gabekoa berriz ugaria da, eta izurritea bezala zabalduko da kotxe gosea.

 

Dresde.

Saxoniako hiriburua. Oso zabal ikusten da urrutitik, zentral termikoarena dirudien ke-lainotan  dagoen tximinia eta guzti. Oesteko pelikuletan bezala mundu zibilizatuko mertzenario eta pistolari guztiak etorri ziren hiri honetara, komisario eta sheriffaren izarrekin mozorrotuta justizia egitera,  hegazkinak pistola ordez, bonbak balak beharrean, 35 mila gizatxar hilez eta hiria birrinduz, bi eguneko bonbardaketa parrandan. Hokirch elizako argazki erakusketan zirrara sartzen du argazkietan ikustea nola gelditu zen eliza eta hiria duela 50 urte. Mendekatu eta betirako eskarmentua ezarri zen aliatuen helburua. Birjaso, berritu eta garbitzen xahutu behar izan zituzten dirutzak alemanek gerra ondoren. Ez zuen nahi izan bataila irabazte soila bonbardaketak, etsaiari betirako lepo moztea baizik.

 

Hiri argi zabala. Elba ibaia du arnasbide, bertara irekita dago, bertatik datorkio argia, berak  sortarazten du hiriak erakusten duen patxada giroa. Aspertzen ez duen hiria. Dena da beltz hiri zaharreko harrietan, beltzagoa ezin da izan hiri zaharra; kutsaduragatik  agian, ber-bertan baitaude, ia-ia hiri barruan, argindar zentrala dirudien zezen-plaza baten borobilera duen tximinia erraldoia, gehi beste bi, aurrekoak zabaleran duen erraldoitasuna altueran dutenak, zeru guztia lainoz betez. Bilbokoei  bezala, Dresdeko eraikinei ere garbitu orduko belztu egiten zaie aurpegia. Garbitu berriak dauden estatua eta harriek erakusten dute zein ederra behar zuen Dresde klasikoak, antzinakoak. Dena hain beltz ikusteak pentsa arazten du suntsiketaren eta bonbardaketaren ondoren gelditu zen bezala utzi nahi izan zutela, agian komunisten demokratenganako salaketa edo suntsiketaren oroimen bezala: “Frauenkirche eliza horrela utzi dute, geratu zen bezala”. Baina ez, ez zen ezer zutik gelditu, berreraiki egin zuten dena; ondoren belztu da hiria. Baina kontraesana badirudi ere bere belztasun eta guzti, bueltatzeko irrika argitzen du hiri beltzak. Ikuslerik ere ez zaio falta, jubilatu presatiz betetako etengabeko autobuskadak heltzen baitzaizkio

 

Hain beltz egonik ere, edertasun asko du bilatu eta begiratzeko. Antzerki Plaza: ikusgarria da, zabala, eraikuntza ederrez inguratuta edo mugatuta; badu berea. Antzokia: ateburuko gangatxoan hiru graziak marraztuzko mosaikoa du deigarriena. Zwingen: bere barne patio edo plazaren handia, eraikuntza klasikoz bildua. Hokirche: gehiago da antzokia eliza baino: barne zuria, arku garaiak, balkoiak, plateak, argi-armiarma, organo doratu polita, ezer barrokorik bada barrokoa den pulpitua...; triptiko eder batek eliza kutsua  ematen dio, erlijio jitea. Brhlsche: Elba gaineko zabaltzatik ibai zabala eta eraikuntza beltzak lotuzko ikuspegia, lasaia eta ederra da. Palazioak: hiria ez dago jauregi eskasian, aberatsen etsai porrokatu komunistek birjaso egin baitzituzten herriaren altxorra gordez; gaur egun museo dira edo berrikuntza lanetan diraute; jauregi batean badira 30 basahuntz-buru inguru patioko horman, zutabe gainean gehienak konde ehiza zaleren batek bazela erakutsiz; bada ere horma bat 100x7 metroko frisoa duena jauntxo-agintarien irudiak axuleiu apartetan azalduz. Frauenkirche: gerran geratu zen bezala utzi nahi izan dute: alboan erakusketa edo biltegia dago ikusgai, elizako hondarretatik ateratako harlandu eta artelan hondakin sailkatuz osatuta.

Antzinako kaleak: erdigunetik at, zikin plantakoak, bizpahiru solairuko adreiluz egindako etxe ederrek osatzen dituzten kale zaharrak, betikoak, handikiak, zerbait izan zirela usaia darienak. Bakarkakoak dira gehienak, bi portaleko multzoak gehienez, bere lur zatitxoa dutela inguruan, hiriak beste patxada bat zuenekoak. Erakusleiho asko dago kaleotan, denetik eskaintzen dute: betikoa du nonbait oparotasuna hiriak, demokraziaren bost urtetan soilik zaila baita dendateria hau dena gauzatzen.

Hondakinen ostean, plaza eta kale zabalez eta etxadi handiz jaso zuten hiri berriak ez du nortasunik, zabala izatearena ez bada. Kale zabalok nondik zeharkatu ere ez zuten jarri eta bakoitza dabil galtzada ahal duen lekutik gurutzatuz. Badira ere hiri buelta guztietako etxe-bloke erraldoiak.

Hiri barnean, demokraziaren ekarpen eta aitzindari, saltoki deigarriak, bezeroak edozein baldintzetan langile izatera  behartuko dituztenak, erosi beharraren esklabo. Auto eta parekoen saltoki erraldoiak ere ugaldu dira hiri bueltan, demokraziaren eredu.

Hemen ere, dena da obra, dena unleitung, atzerritar gidariok noraezean galduta norabiderik gabe uzten gaituzten desbideratzeak.

 

Amonatxoa ikusi dugu dendako kaxan diru berrira ohitu ezinik, galduta.

Horiak dira oraindik tranbia denak, iragarkiak jarri dizkiete jada; merkatal kanpaina bihurtu dira lehengo slogan politikoak; politika hau ere, politika berria.

Urre kolore biziko irudiz bukatuta daude dorre denak, distiratsu hiri beltzeko arratsalde ilunean.

Paladun gurpilez bultzatuak, pelikuletan ikusi ohi diren Luisianako Mississipi ibaiko baporeak dabiltza Dresdeko Elba ibaian, turistak diru truk ibaian paseatuz.

Bidegorri asko dago Dresden, baina ia ez dabil txirrindurik.

Montserrat Caballè ageri da kartel batean abaniko bat eskuan; espainiartasuna hobeto saltzen da nonbait katalandartasuna baino. Jose Carreras ere ikusi berri dugu nonbaiteko kartel batean. PSOEko Kultur Ministro ohiaren liburua ere ikusi dugu alemanera itzulia, liburu-denda batean salgai.

 

Lortu dugu autoari olioa eta erretako bonbilla aldatzea. Epopeia bilakatzen da Dresde arrotzean arrunkeria litzaigukeena Euskal Herrian.

 

83 kilometro, markagailuan urriak, baina unleitunak direla eta  nekatu gaituztenak.

 

 

Ekainaren 4a. Asteartea. 34.a

 

Hondakinen birziklapenerako 6 bilgailu ezberdin dugu kanpin honetan ere.

 

Herri xarmant txukunduak izango dituzte aurrerantzean Eki Alemanian, baina langabezia ere bai. Bi aukera beraz: aukera nork egin, hor datza gakoa. Hauteskundeetako botoez ez direlako egiten honek aukerok, goragoko mailetan, aurreragoko erabakietan, bestelako botere bulegoetan baizik.

Bide-sare berria sortzen ari dira Dresderako sarreran; bertako herri pobreak ordaintzen du, ez da sistema politiko berriaren opari bat..

Herriak ze aldaketa nabari ote du sistema politiko berriaren ondoren. Interesatzen zaigu erantzuna, baina erantzunik aurkituko ez diogun galdera da.

Hitlerrek egindako autobide sare nagusia ikusiz garbi dago interes estrategikoak zituela diktadoreak, aurreikusia zuela gerra.

Leipzig bidean etxe baxu ilun eta teilatu beltzeko herritxoak dira deigarriak, bizitasunik gabeak, oso herri diskretuak direlako akaso. Noizik behin  tximinia bat lautadan, fabrika baten seinale, edo lur mugimendua, eraikuntza berri baten  adierazle. Bada herri-granja izandakorik ere. Fruta arbola sail landu bat, inguru honetan lehenengoa, ia bakarra; orain arte ikusi ditugunak berezkoak, naturalak, baitziren.

Bigarren haize errota gaintxo batean; hau ez da beste herri batean ikusitako espainiar patriotero hura, hau La Manchako errota da.

Loradenda asko dago Alemania osoan, ia gehiago oraindik Eki aldean.

Leipzig inguruan bertan  federalek eta izen handiko enpresek muntatu dituzte fabrika, bulego eta ohizko muntaiak. Lehengoak, ordez, ugertuta,  fantasmak dirudite alboan; porrot egin dute ala porrot egiten utzi diete negozio-bide berriak jaso ahal izateko, ezaguna baita kapitalismoaren despilfarro, zarrastelkeria, beldurgarria, gizartearen onura baztertuz, bakar baten onerako edo gizartea bakarraren interesen arabera erabiliz.

 

Leipzig

Urruti batean ikusten dugu eraikin erraldoi bat.

Kultura hiria. Bostehun mila biztanle ditu; zabala dela sentipena bizi dugu sarreratik bertatik; kilometroak egin ditugu erdirantz hiri barruan. Gure hirietako etxeekin konparatuz altuera txikikoak dira sarrerako kaleetako etxeak, ez dira Dresde sarrerako landetxe itxurako etxetxoak ere; jarraian, bata besteari atxikiak, kalea osatzen duten hiruzpalau solairuko etxeak dira. Ederrak eta politak dira izan, adreiluzkoak gehienak; nortasuna erakusten dute, baina zaharkituak daude jadanik, utziak bezala, azala galduz joan direnak.

Handiki dotorea ikusten da, tranbiek ere ematen diote dotoretasuna eta patxada. Hiri handia, zaharra eta zaharkitua, izan zena eta kaledian barrurago ikusiko dugunez izan nahi duena, hori da uzten digun lehen inpresioa.

 

Itsasontzi erraldoi baten branka itxura hartu du urrutitik ikusi dugun eraikin garaiak.

Ezin zaio alde zaharra deitu, erdiguneak edo hiriko bihotzak mendebaleko edozein hiriren itxura hartu du; aurpegia garbituta, dir-dir egiten dute etxe eder guztiek, firma famatu guztiak kokatu dira begi-bistan. Gaurkoratze ahalegina ez da gaurkoa soilik, ikusten da Gobernu Demokratikoak ere eman nahi izan ziola lustrea hiriari eraikuntza handi ederrez. Galipotezko zorua arrailduta badu ere, zabala da oinezkoentzako eremua. Kultur hiriaren planta du eduki erdiguneak: Lutero, Bach (bada izen berdineko herritxoa inguruan), Wagner, Goethe… hemengoak ziren edo hemen ibili ziren. Xarma du, jelatua xurgatuz paseatzeko espazio zabaleko hiri lasaia, inguruari so ibiltzea eskatzen du. Asko dira eraikuntza ederrak, aurreko sistema politikoak eraikiak, asko dira plaza atseginak,  baita lehengo herriaren saltoki ederrak ere, gaur egun pribatuek birziklatuak.

 

Erdigune albotxoan dago aipatu branka erraldoia, hiria menperatu nahiko balu bezala.

Obretan borbor dago hiria, baina batez ere erdigunea. Makineria erraldoiak sartu ditu bere triskantzarako besoak, marruka; auskalo zenbat dezibelioko marru hotsa den kaleetako obren hotsa. Harrigarria da zenbat eta zein erraldoi eraiki den azken urte gutxi hauetan, sistema politiko berria sartu ondoren, Berlingo horma bota ondorengo urte labur hauetan. Ikusi egiten da aldaketa; miru harrapariek jaso dituzte bere kabi erraldoiak, erdigune osoa inguratuz kuku digantea bailitz, txorino gizajoa  arrautzarik gabe utzi eta bereak hasi ditzan. Ezin dut onartu izan zen Gobernu Demokratiko hura, baina Gobernu Federala okerragoa eta bortitzagoa da, harrapariagoa, zarrastelagoa, xahutzaileagoa, herri suntsitzaileagoa, sakonetik, errotik delako zapaltzailea.

 

Geltokia ederra izateaz gain erraldoia da; komunisten garaikoa, langile kariatideek eusten diote teilatuari; berrikuntza orokor izugarrian murgilduta dago. Begi-bistakoa da nola sistema politiko ezberdin bakoitzak, aldatuz eta handituz, bere egin nahi izan duten geltokia. Gobernu Federala ere ari da bere aldaketa egiten, errotik egin ere: obra digante bat da gaur egun geltokia.

S. Nikolas elizari grada eta korupeetako bankuteria numeratuak, zutabe greko sendoek, barne osoa biltzen duen solairuko koruak, zutabeetatik gora sabai berdeak, erronboz dotoretutako presbiterioko sabaiak… antzoki itxura petoa ematen diote. Grada erdiko kandelatxo piztuek gogoratzen dute eliza hau erabili zela, mendebaleko komunikabide guztiak oihartzun ozen zirela, gobernu eta sistema komunistaren aurka ekiteko, Euskal Herrian taldetxo izenez bakezaleek erabili ohi dituzten bezala antzerako baliabideak herriaren askatasun nahia suntsitzeko, tartean borondate onekorik bada ere. Aitatzekoak: Kristoren Pasioa marmol zurian zizelatutako lau koadro eder, baita, Jesukristo goian eta Amabirjina behean, gurutze estu luzanga naif pintatu xarmanta.

Thomaskirche: organoa afinatzen ari ziren aurten 500 urte betetzen dituen eliza gotikoan; Bachen eguneroko kontzertu antzokia da izan eliza, bertan izan baitzen organo-jole musikari ospetsua.  Bachen garaian bezalatsu, zurezko egur koloreko banku bereziak pulpitura begira daude; zurean tailatutako triptikoa da erretaula; barne buelta osoan luzatzen da korua hemen ere. Presbiterioan 1573tik 1953ra arteko erretore edo predikarien erretratu pintatuak, "kristauak lehoietara" gaiaz  harrizko  taila filigranatu aukerakoa, jauntxoen irudiak hormetan ezarritako harritzarretan.

Udaletxe zaharra: oso erakargarria, bere kolore argi, dorre, ordulari bizi eta urre-kolorez; museoa da gaur egun.

 

Hainbat garabi tantai luze dira gaur ezinbesteko irudiak Leipzigeko paisaia urbanoan, orube hutsune guztiak kristalez eta zementuz bete asmoz.

Bazen gizon bat errepide azpiko pasabidean, kaxa bat salmahai, bere ortuko barazki saltokia jarri duena, letxuga eta errefautxo edo errabanilo batzuk besterik ez baziren ere. Lau ordu geroago han jarraitzen zuen letxugok saldu ezinik. Hau ere plazan saltokia duena baino okerrago dago: beti dago okerrago dagoen bat.

Souvenir bezala errublo errusiarrak saldu nahiz inguratu zaigu gizon bat. Ezagutzen zuen Euskal Herria badela, baita askatasunaren aldeko borroka daramagula ere. Etxean ditut Errusiatik ekarritako errubloak eta ezin izan diot eskaintzen zuenik erosi.

Antikuarioetan gauza apalak, xumeak, saltzen dituzte; kuriosoak, bitxiak, ere bai. Ez dira gureetako eskaintza oparoak, ez dira denda eder garestiak. Badirudi etxeko pitxiak eta antigoaleko gauzak atera dituztela dirutxo bat ateratzeko esperantzaz.

Ez dago Federalean hainbat Apotheke edo farmazia, baina egonen dira; negozio bada behintzat, botika merkatua emankorra da izan.

Rialto pizzeria, zine aretoak zeukan Eibarren izen hori.

Trinkoa eta zabala da italiarren pizzeria eta jelatu sarea.

Gaur ere "La paloma"  jotzen zuen kale-musikari soinujoleak.

Dirurik ba ote da denda eta saltokietako eskaintza guzti horri erantzuteko?. Mehatzetako barrakoi famatuen itxura du honek: lana sortu, soldata ordaindu eta bertan erosi arazi.

Leipzigi eman egin behar zaio berea; merezi zituen ez dakit zenbat baina asko izan diren gaurko kilometroak.

 

Itsaso berde batean egin dugu azken ibilaldia, mugagabeko lautada berdean.

Zuri azken eguzkira, urkiek egiten dute errepidearen muga kilometro luzeetan; ondoren, arte ilun sendoek. Ikuskizun bitxia da astigar edo antzerakoak ikustera ohituta gaudenontzat, bitxiago kamino bazter guztietako zuhaitzak botatzen doazen herrialdekoontzat.

Polita zen arratsalde beranduan gidatzea.

 

 

Ekainaren 5a. Asteazkena. 35.a

 

Beti dut inorentzat eta hutsean idazten dudan sentipena, norbaitek noizbait nire lerrok irakurriko dituen itxaropenaren arnas lurrinez hezatuta. Bihar itxaropen bihar. Inkontzienteki, bakardadetik ihes egin nahian marrazten ditut hitzok, nolabait barrena hustu  beharra, barruko hautsak astindu behar instintiboa. Nire ezerez eta ezinaz jakitun, noizbait norbait etorkizun infinituan irakurle lotuko zaidan neuretzat ere isileko ilusio apala, ezinaren gotorleku barru-barruko  aire xafla eta argi izpia.

 

Hemen egon zen komunismoa baino gaitzesgarriagoak ditut kapitalismoa eta sostengatzen duen sozialismo sozialdemokrata, askatasun guztiak, eskubide guztiak erroagotik suntsitzen dituelako, suntsipen hori itxuraldatu, mozorrotu, egiten badu ere. Ondo-bizi gehiago egiten ditu, behartsu gehiago eragin ere bai. Indarkeria legez itxuraldatu eta mozorrotzen du; ondorioz, sakonago, bortitzago darabil, bere izaera eta iraupenaren ardatz bihurtuz.

 

Helduen matxinada, altxamendu zibila litzateke Euskal Herrian bizikletariek hartuko balituzte espaloiak. Alemanian, berriz, elkarrekin dabiltza espaloietan oinezkoak eta txirrinduak lasaitasun osoan. Kulturak eta ohiturak baldintzatzen dute bizitza. Euskal Herrian txirrinduek autoekin lehiatu behar dute aurrez-aurre, beti arrisku bizian, zezen-plazan toreatzailea zezenarekin bezala. Hemen ohizkoena den oinezko eta txirrindu zaleen elkarbizitza ezinezkoa da Euskal Herrian gaur egun.

 

Kuku bidaiariaren kantua izan dugu gaur ozenago edo hurrago, kanpin guztietara jarraika bailebilkigu, agian baikenbilzkion.

Ekaineko eguzkiak txanda hartuko balio sikiera Maiatzeko euriari!. "Bihar itxaropen bihar”..

 

Eliza-dorrea ez da herritxo guztietan ikusten, bai ostera herri nagusietan; dorre ederrak dira.

Ez dugu Maiatzik ikusten bailara hauetan, ohitura ezagatik, agian jadanik Ekainean sartu garelako. Euskal Herrian ikusten ez den lupuluarentzako posteek harrapatzen dute lurralde zabala Bautzenen, baina zatitxoa besterik ez dago bizirik, azpiegitura hor dago, uztarik ordea ez; Munich inguruko federalek birmoldatu dituzte hemengo nekazariak ere, lupulua ez da jadanik emankorra nonbait.

Aspaldiko partez arto-sailak agertu zaizkigu, oso sail zabalak, hemengo uzta-lur guztiak bezala, herriarenak edo komunalak segur aski duela gutira arte,  norenak ote gaur egun.

Pare bat bikote, laurak nagusiak, ikusi ditugu bakoitza bere sailtxoan eskuerarekin belarrari buelta ematen. Hauek badute bere lurra, beretzat landutakoa.

Ilun diskretuak diraute herriek, baina bada herritxo alairik ere, argiago pintatuak eta teila gorrixkakoak.

Kiratsa dario soroetan zabaldutako simaur likidoari, Alemanian ere.

Urralbururen baten leitzarana, Dresdetik ia Gorlitzera bitarteko 80 kilometrotako autobidea, dena da obra, dena batera berriztatuz, dena dago jasota, dena hautsa, dena kotxe ilara, dena bide estua. Errepidetik eginen dugu etxeratzea, lasaiago, garbiago eta gozatuzago.

Makineriak ere Mendebaldean baztertutakoa dela dirudi, han zaharkitutako dena bota bailute hemengo pagotxera. Ez da ikusten behintzat Sakanako autobidean erabilitakoen antzerakorik. Bigarren eskuko tresneria darabilte hemen. Bada jeltzale iturgin ugari ere hemen.

Pena ematen dute utzikeriaz hondatutako herri-granjek, oso irudi tristea dute. Herriaren on-biderrez balitz sikiera, baina gutxi batzuen onerako besterik ez dira baztertu herri-granjok. Herriaren ondasunak xahutzea ez bada hori, zer da zarrastelkeria.

Telefono mugikorren antenak heldu dira Alemaniako ertzeraino, Poloniako mugaraino.

 

Herri banaken izenek euskal kutsua dute: Gorlitz, Bautzen, bada Borda izenekoa ere.

"Pension" gaztelerazko "pensiòn" bera da, ostatua; diru-ordain fixo iraunkorra ere esan nahi du.

 

Bautzen: oso herri polita ikusten da autobidetik, hiribildu trazakoa, aspaldiko herri zaharraren taxua damaio teilatueria baxu gorri zorrotzak; hiru eliza-dorre eder, gazteluarenak izan litezken beste bi dorre; teilatu sendo garaia du elizak, zabal piko mardula. Eki-Iparraldetik ostera dena da bloke gris pila zabalera handi batean.

 

Gorlitz

Izugarrizko hiria izan zena, hiruzpalau solairuko etxe dotorez osatutako kaledi luzeak erakusten duenez behintzat. Badirudi aberatsak soilik bizi zirela bertan. Egun zeharo hondatuta daude etxeok, berritzen hasi badira ere, zaharrean dirau hiri zaharkituak. Oso eraikuntza apartak eta bereziak dituenez, eta berrikuntza lanek astindu dutenez, urte gutxi barru, itxuraldatzen dutenean, etxeak garbitu eta pintatu soilik egiten dutenean, turista-gune berezia bihurtuko da; orain betiko heldu eta jubilatuok gabiltza, gutxi batzuk bakarka, taldeka gehienak.

Dorreak azpimarratu behar, horien artean hiruzpalau erloju dituen bat, aparta, inguruko herrietako armarri pintatuekin, garaia, dena leiho.

Udaletxea, Apotheke xarmanta, etxe barrokoak, antigoaleko plaza klasikoa, kale eta kalexkak, aurreko zementuzko losa merke eta praktikoez tartekatuz galtzadarri zola...

Katedrala: gotikoagoa egiten dute beiradura zorrotz goranzkoek; pulpitu rokokò zuria da nabarmenena; organo koloretsua eta bataiarria dira, aldiz, deigarrienak; telebista ari zen kontzertu batetarako muntaia prestatzen, izugarria da gaur egungo teknikak behartzen duen bitarteko guztia. Eliza berezi bat: ez dakit ze santu edo erlijiokoa; estruktura ezberdina du; bi eliza bakar batean bilduko balira bezala; eliza protestanteetan ia normaltasunez ikusten dugun bezala,  pulpitua da elizaren muina, bertara zuzenduta dago bankuteria; lurralde guzti hauetan ohizkoa den bezala ere, eliza-buelta osoko koroa du; ia Alemania osoan ikusten dugun, hotzagatik-edo, oholtza gainean dago bankuteria; gehienetan bezala, bankuteria sendoa; eliza guztietakoak diren triptikoak eta sabaiko nerbio polikromatuak izan zaizkigu deigarri, baina batez ere  tutik ulertzen ez nion amonatxo begi-okerrak argazkirik ateratzen utzi ez baina bere postala bildumarako erosi behar izan diodan Ecce Homo potxoloa, Tenerifekoak gainditzen dituena. Frauenkirch: lora sortaz apaindua zegoen elizpea, sarrera gozatuz; berotze lanetarako tutu erraldoiak ditu buelta osoan elizpeko sarrera berak ere: agian jendez kanporaino egoten da eliza, edo eskaleek egiten dute lo bertan. "da" edo “zen”; "dute", agian “zuten”.

Museo pila dago hirian.

Geltokia: argi-armiarma dotoreak ditu, mugakoa izaki, itxura ona eman nahiz-edo atzerritar bisitariei, Moskuko metroaren oihartzuna ez bada.

 

Hamar urtera egonen da guztiz ederra Gorlitz. Garbitua, berritua. Agian goizegi etorri gara Eki Alemaniara. Agian beranduegi, aurreko politika aldiko jitea galdu duelako. Nork daki une egokian etorri garen, zenari nolabait antz ematen diogulako, eta izango denari usaia hartu ere bai.

 

Ibaia da zati luzean Poloniarekiko tarte nagusia, muga; sartu-irtenerako muga ofiziala, aldiz, kale soila da; kalearen beste aldea Gorlitz poloniarra da, aurreko espaloian diru ezberdina dute, beste legedi bat, bestelako agintariak, ezin da kalea luzeran zeharkatu pasaporte eta poliziaren  baimenik gabe; hizkuntzaz ere bi herri egin ote dituzten galdetzen genion elkarri. Handikien aginpiderako gizakiaren  artifizialkeriak ez du ez mugarik ez neurririk. Aurre-aurrean, parean, nuen etxadi soilari, nahi izanez bestaldera joan eta bertan paseatu besterik ez nuen kaleari, argazkirik ezin niola atera esan dit polizia poloniar inuzenteak; bera zerbait badela azaldu behar duen leloa izanen zen.

 

Muga egiten duen ibaiaren ertz alemaniarrean jende bat ibai gaineko zabaltzan zegoen  garagardo-basoen aurrean maietan eserita, 50 metrotara, ibaiaren aurre-aurreko bazterrean berriz, arrantzan ari ziren poloniar batzuk. Kontrastea, mingarria ez dakit, bitxia behintzat bazen. Alde bietakoen denbora-pasa edodenborra- pasa-behar ezberdina.    

Gureetan ez bezala, hauetan edozein koska edo baztertxotan, bankuetan zer esanik ez,  esertzen da jendea kontu-kontari edo egon alde.

Taldekideen aurpegietan ezagun da turista-giden etengabeko hitz zaparraden aspertua; ordaindu egiten dute gainera gida!!!.

 

28 graduko beroa izan dugu gaurkoa Gorlitzen.

 

Ernegatu ere gabe atera gara oraingoan hiritik!.

Itzuliko errepideak ezer berririk ez badigu oparitu ere, joaneko autobidea baino atseginagoa eta lasaiagoa izan zaigu: gereziondo mardul ilara zabalak ale oraindik berdeak gizentzen, burua jadanik egin zaien gari-sailak horitzeko gertu, ia erortzear zegoen zeharkako eguzkiaren eraginez ia hori ikusten ziren gari-lurrak, Bautzeko elizetako dorreak azken argira marra ilun luze ortzian sortalde herrietako minareteak bailitzan, dorre karratuaren gainean dorre puntazorrotz bikoitzaren grazia zirraragarria...

Egon badago, baina telefono mugikorra ez da  Italian bezain agerikoa; hango oilar edo oilandakeriarik ez darabil jendeak bere telefonookin. Italiako moto-karro edo antzerakorik ere ez da ikusten. Hemen behar ere ez dute behar baratzeetara joateko edo tresneria eramateko tramankulurik,  hemen ez baitute, ikusten dugunez, etxeetatik urruti baratzik, ia-ia ezta baratzik ere.

Aspaldi ikusi ez dugun eguzki gorri borobila aurrez aurre sartzen ari denean egin ditugu gaurko kilometroen azkenak, barrenak ere gorri Elba agurtuz, hemendik ere bagoazen sentipenez.

 

Ez dakit Tere Irastortzak berak hala dioen ala bere poemaren bat irakurri ondoren idatzi nuen "Presetako urak erritmo bat du, errekak berea".

 

 

Ekainaren 6a. Osteguna. 36.a

 

Korpus edo Asentsio Eguna da gaur. Jaieguna Alemanian ere.

Hildako arrain bat aurkitu dute umeek errekastoan. Beraz egon badago arrainik, errekasto bizia da, bizi da errekatxoa. Basoa ere bizi da, txori-kantu sinfonia entzun entzuten dugun arren, ez dugu txoririk ikusten, atzo ilunabarreko errekastoko birigarroa izan da ia bakarra.

Ez dakit zeri diodan nostalgia xumeagoa, zurrumurruz beti presente dagoen errekatxoari ala bospasei kilometrotan auzo dugun Elba ibai bere joanean lasaiari.

Izango ote Berlinen  kuku bidaiari kiderik, orain arteko pausalekuetan izan dugun bezala?.

 

Lurralde hotz eta euritsuetarako behintzat denda ez erabiltzea erabaki dugu. Karabana txikiak ditugu orain gure begi-zuloen betegarri, ez diegu begirik kentzen; gure premia non, ardura ere bertan, interesguneak berea du jakin-mina.

 

Galdetuko nioke norbaiti Berlingo kanpinaren berri, kezkati bainauka, baina buru-eragiteak eta irribarreak ez du horretarako balio.

36 egunetan gaur jaso dugu lehenengoz arazorik gabe, lehor, denda. Lainopetan beti, ilargi betea izan dugunik ere ez gara jabetu!.     

 

Askenez ohitu egiten zara dioten edo dizuenetik ezer ez ulertzera, inguruko iragarkien berririk ere ez izatera, deskonektatu egiten zara berez, zeureenez, zeurean jarraituz; zeure senez, berez, jarraitzen duzu besteen martxa, ezer ulertu ez arren, hanka-sartze handirik egin gabe.

Huskeria izanen da agian, baina bai bada zantzu ezaugarria: betiko argindar entxufe arruntak diraute oraindik denda eta karabanentzako Ekialdeko kanpinetan.

Ekialdeko bi kanpinetan ez digute pasaporterik erretenitu: gizakiarekiko konfiantza jatorra, betiko hitzezko harreman sanoa edo eskarmenturik eza erakusten du. Agian enpresari berriaren lotsa, konplexu edo erreparoa. Kapitalismoko gizarte zaharrak, negoziora ohitutakoa, legedia ere egokitua du, aspaldi galdu zuen lotsa.

Mila jazoeraz frogatuta dut gazteak ez direla helduok bezain berekoiak, ez daudela beti beretxoak zainduz, bere gauzen bezero.

Erlatiboa da bizitzeko baliabide eza edo pobretasuna ere; pobretasun absoluturik ez dago. Alboko jabegoaren konparaketa da bakoitzaren pobretasun neurria. Gure artean pobrea dena aberats daiteke beste lurralde batean. Gure denda hau ibiltari pobreen tresna da gehiengoaren karabanekin konparatuz, aberastasuna, berriz, dendaz ere atera ezin daitekeenarekin alderatuz. Barne pobrezia beste maila batetako aberastasuna da. Baina erabateko pobre erreal fisikoak egon badaude. Nire hauek, gutxieneko zerbait dutenaren oldozpenak dira.

Hiru emakume zebiltzan errepide bazterreko zelai publikoa, estatuarena edo herriarena, moztu eta garbitzen. Bada sozialista herrietan  emakumeentzako lanpostua gizonen esparrua izan ohi den maila publikoan, mendebalean ez bezala.

 

Semaforoa noiz gorriz izango zain, asun hesiagatik ez balitz esku-eskura leudeke gerezi gorriak arbolan. Aspaldikoz!.

Lurralde honetan kotxe berri asko bai, baina gidatzeko kulturarik ez dagoela  esango nuke. Ez da ikusten Mendebal Alemaniako bestearen zain egote, bide emate, tartea gordetze eta elkarrekiko gidarien errespetua. Gidari berri eta urduri asko dago, abiadura errazaren morroi.  Bakoitzak inprobisatu egiten du hemen bere maniobra. Aberastu berrien aberastasunarekiko jatortasunik eza.

Errepide kontrako etxaurretan kolore anitzeko guardasolpetan uretan jarritako lore sortak ikusten dira, aurrean itsulapikoa; pasoko jendeak hartu eta ordaindu dezan, lore salmenta automatikoa, sosa batzuk atera asmoz autozerbitzua.

 

Azken begirada dorre  kutsaduraz beltzei eta tximinia erraldoi kutsatzaileei. Bagoaz Berlinerantz.

Poloniar asko dabil gaur errepidean, jaieguna da Polonian nonbait, ez baina Alemanian, autobidean behintzat jota ke lanean dabiltza eta. Txekiar kotxe banakaren bat ere ikusten da.

Teknikari alemaniarrek ere ez dute konpondu kotxe butxaduraren arazoa; orduetako eta kilometroetako geldialdia da Dresdetik irtetea.

Berlinera autobidea ere dena da berrikuntza, dena da lana; errukirik gabe mozten dute gainera bidea. Hitlerren zementuzko autobideak dirau tarte luzeetan, hondatuta, zartatuta badago ere. Errepide nahiz autobide hauetan ez dago ez goiz ez berandurik, noiz ateratzen zaren badakizu, helduerako ordurik ordea ez. Edozein ezuste da hemen litekeena. Marko asko ekarri behar bada beste Alemaniara, pazientzia ekarri behar da alde honetara, dosi handitan ekarri ere gainera.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.