Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak. Alemania 96

Bidaiak. Alemania 96

Jon Etxabe 2019/07/12 11:55
Frankonia. Nurenberg, Wurburg, Jura Mendiak, Bayreuth, Bamberg, Frankische Scheweiz, Coburg, Tubinga basoa.

FRANKONIA

 

Nurenberg.

Jauntxo-herri itxura duen harri gorrixkako hiri gorrikara. Harri lauki zurizkoak ditu kaleak, filigrana eta apaindura berezirik gabe, sendo eta dotore plantakoak etxeak, baita eraikuntza aipagarri ederrak ere. Ibiltariak ez daki zeintzuk diren gerran zutik gelditu ziren hormak, zeintzuk berreraikitakoak, erabat suntsitua izan baitzen kalez kale defendatu zen faxisten hiri kutuna. Irlak sortuz  grazia berezia ematen dion ibaiak bitan zatitzen du hainbat zubi sendo duen hiri hau.

Iturriak aitatu behar dira: zortzi brontzezko titietatik ura botatzen duten 4 graziena; besoan daramatzan bi ahateri mokotik una darien gizontxoaren 1500.ekoa; "Ezkontz karrusela" iturria, ezkontzari buruzko irrigarria, hala nahita  traketsa, berezia, brontze eta ur multzo erakargarria gertatzen dena; aipagarriena gorriz eta urre kolorez polikromatutako plazako dorretxo gotiko zorrotza, zementuz estaliz babestu zutelako gerrako birrinketatik salbu atera zena.

Garagardotegi atsegina bihurtu den  garai bateko gatz eta ale biltegia eraikuntza; Strasburgoko ospitalean lehenengoz eta beste hainbat eraikuntzetan gero ezagutu ditugun leihoak, oso bertakoak omen direnak; ondo zaindu eta berritutako antzinako etxeak, dorreak eta ibiltoki aterpedun diren harresi garaiak, gaztelua hiriaren gailenenean...; ibiliaz beti dago Nurenberg-en txoko berriren bat begientzat lore.

Elizak. S.Lorenzo: harrizko irudiz edertutako ate gotiko bikaina du, baina batez ere errosetoi erraldoi oso landua; kanpoko kantoi batean Alemaniako eliza askotan ikusi dugun Getsemaniko pasartea tamaina errealezko irudiz. Barrutik, gerran gutxi hondatu zela itxura du, zen bezalakoa dela dirudi, gauzak zeuden tokian darraiela, ez du berreraikitako eliza askok  bezala salbu geratu ziren bitxikerien erakusketa baten  itxura hotza. Triptiko zoragarriak urrezko taila eta tapa pintatuak elkar lotuz, Erdi Aroko koadro zahar naif jitekoak, zurezko taila ederrak, auskalo nork landuak agian eliza bera egin aurrekoak, pitzatu gabe gelditu ziren beiradurako zati pinpirinak, aldare alboan sabairainoko filigranazko orratz gotikoa,  norbaitek gordean meza entzuteko gelatxoa egilearen irudiak  bizkar gainean eusten diona, irudi tailatuzko harrizko pulpitua, gurutzadura  gaineko zintzilikario erraldoi ikusgarria… badute begiek zer gozatu. Zoruan dagoen konpondu-soldatutako kanpaia ezik, beste dena dago bere tokian, ez du barne desorekarik sortarazten, hondakinetatik eta hondakinez  berreraikitako hainbat elizek ez bezala, hemen jakin izan dute berritze lana onik bukatzen. Andramari: fatxada osoa du apartekoa, eguerdian soilik irudiak agertuz orduak jotzen dituen ordularia bada ere deigarriena bisitarientzat, han egon gara koadrila ahozabal fatxadari begira; bi ate ditu ikustekoak: sarrerakoak ohizko harrizko iruditxo tailatuak ditu batak, irudi polikromatu handiagoak besteak, beraietan politena eta erakargarriena Sta. Ana tuntuxarekin; barruan bonbardaketatik salbatu ziren beiradura apartak, triptikoak, tailak, eta koadroak. S. Sebaldo: protestantea; erromanikoaren eta gotikoaren tartean, teknika bien eraginpean eraikia. Barruko alde bietako arkuteriak ematen dio grazia barneari; salbatu zen beiradura zati aparta du honek ere; triptiko, koadro, artelan apartak asko, bonbardaketa ondoren han-hemenka jarritakoak, jatorriko lekuz kanpo; bi aldare ditu, bata aurrean bestea atzean; elizako zutabe bakoitzean urki arrama fresko ebaki-berri berde handiak daude ur-kuboetan sartuta fresko mantentzeko: ez dakit sinbologiarik duen ala loren funtzio apaingarria soilik betetzen duten. Argazkiak dira ziragarriak batez ere eliza honetan: eliza bera eta hiria zenbateraino birrindu zuten ikusi ahal da. Deuseztatu arte jo zuten hiria, baina berreraiki egin da!.

Durero pintorea: presente dago hirian, hiriak ez du ahaztu, museo bihurtu dute bere etxea, estatua eskaini diote.

Zeppelin eremua. Ekintza jendetsu eta desfileetarako nazien biltoki erraldoia; tribuna eta harmaila izugarriak, espazio ikaragarri zabala aurrean, Hitlerrez entzuleak erotzeko eszenatoki aukerakoa, herriak burua galdu zedin inguru aproposa. Alboko futbol-zelaiak betetzen du gaur egun zeregin berdina. Masa-bilkurek ez dute zentzuzko onik gehienetan, herrien buru-borondatea maneiatzeko tresna besterik ez dira.

Nazien Kongresoetarako pabiloia.  Erromako Koliseoaren antza du erraldoitasunean baita itxuran ere. Desfileetarako eraikuntzaren ondoan dago. Auzo den futbol-zelaiarekin batera, hiru eraikuntzok dira masa-eromenaren sinbolo eta errealitatea, edo errealitate gauzatutako sinboloak; iraganekoak batzuk, gaur egunekoa bestea

Kale-musikariek girotzen zuten kaledia biolin, flauta eta musika klasikoz.

 

Gaur hilak 27, jai dute Alemanian, ez dakigu zergatik. 

Alemaniarren jakia omen den ogi-mamiez eginiko eta perretxiko saltsaz gozaturiko jakia eskatu dugu: lehor samarra zegoen orea, saltsa, aldiz, goxoa..

Jantokiko zerbitzari portugaldarrak dionez 7 asteko euria egiten du Alemaniako udaberrian, aurten atzeratuta dabil  eta astebete falta zaio euriteari. Ekaina aparta izanen omen. Ia.

Alemania Iparraldeko izaera ez zaio gustukoa gure portugaldar zerbitzari berritsuari, berritsua izateaz gain 5 hizkuntzetan moldatzen da. Atseginagoa du Hegoaldeko jendea. Ez ote da Munich-eko garagardotegietako algara eta berriketen zale!.

 

Tira ba; gaur 4 trumoi zaparrada hartu ditugu. 7ak eta`erdietan ia bakarrik gelditu gara kaleetan, zirimiriaz melatzen hasieran,  eta tanta lodiz blaitzen gero.

Atzetik elkar jotako hiru istripu ikusi ditugu.

Kontent gaude, goizean denda lehor jasotzeko eta arratsaldez berriro muntatzeko aterrune tartetxoa izan dugulako. Ezer gutxirekin zorion da gizona, egoera larritzen zaionean.

 

190 kilometro,  Bavariako Iparrera ekarri gaituztenak.

 

 

Maiatzaren 28a. Asteartea. 27.a

 

Katamixarra dugu auzo kanpin honetan, hor dabilkigu zuhaitzean gora; untxiak ere egin du bere joan-etorria kanpineko belartza zeharkatuz; gure gainean txori-arotzaren tiki-taka gehitzen zaie mila txori-kantu ezberdinei.

Euri eguna ez ezik, hotza ere argitu du gaurkoak.

 

Asko begiratzen die gidariek abiadaren araberako tartea gordetzeari; tarte zabala dago beti errepideko kotxe artean.

Würzburgera bidean neguan berez betetzen diren putzu handiak daude zelaietan, hala nahitakoak seguruenik.

Kamioi askoko autobidea da gaurkoa, abiadura motela daramate; guk gure betiko joan mantsoa gordetzen dugu, kamioi ilara mantsoagoren bat aurreratzeko soilik hartzen dugu abiadura biziagoa. Ingurua begiratzea gogokoagoa dugu abiadura baino: biak, abiadura eta ikusmina asetzea, elkargaitzak dira.

 

Hemendik aterako ziren Europa inbaditu zuten franko "barbaro” haiek.

 

Würzburg. Aliatuek utzitako hiri birrindutik berreraikitako hiri modernoa; astakeriarik egin gabe Printze-Gotzai ahaldunen  garaiko giroa gordetzen ahalegindu dira, baita eraikuntza batzuk bere lehengo hartan birjasotzen ere. Hiri honetan aurkitu ziren X izpiak. Elizak, Gotzainen palazioak eta Main ibaia dira hirian aipagarriak. Beste dena saltokia da, jende handia dabil kaleetan, baina turista zaparradarik ez dator. Kolore ia bakarrez baina ezberdinki pintatutako tranbiek jite berezia ematen diote hiriari bere etengabeko joan-etorriaz. Alemania osoko hirietan bezala azoka oparoa da hemengoa ere.

Dom-S. Kilian katedrala.  Zuria arren ez da eliza argia; gurutzadura, kupula eta presbiterioek ostera zuritasunean brixt egiten dute goitik datorkien argiz. Irudiak eta estuko edergarriak ere zuriak dira, arrosa eta urre kolorekoak tartekatzen zaizkiela. Erdiko barneluzegoan bonbardaketan  hondakin bilakatu ziren harrizko irudi ilunak, beste hainbat hondakin diren artelan ederrekin batera jatorrizko lekuetatik kanpo ormetan itsatsiak: ederrak dira berez baina ximelagoak dirudite ezohizko lekuan. Klaustroa: xaloa da, zoru dena eta horma oro gotzain eta pertsonaien hilobietako harlauzez estaliak daude: zapaltzearen zapaltzez, ezabatuak daude lurreko harlauzen irudi zizelatuok, bere erliebe osoan daude, aldiz, ormetakoak. Kripta: zabala, detailez eta argiz zaindua, baina biluzik dagoen itxura du, tenebrosoa bere argi polit eta guzti; bada bertan hilobi dotorea artista famatu baten lana ei dena.

Neumster, katedral berria: freskoz pintatutako bi ganga, medailoi erraldoiak, arkuak gortinak bailira… gehiago dirudi teatroa eliza baino; barne giroari jarraituz, presbiterioko marra dotore doratuzko aulkiteria zuria ere ezohizkoa da, ezberdina; santu erraldoiren baten hankezurrak badu bere kristalezko kutxa aldare batean; aldare ostetxoan,  presbiteriora tartean, gotzain baten harrizko irudia, makulua du eskuinean, ezpata handiagoa ezkerrean: zein ote bietatik arma erabakigarriagoa?; bada Santokristo berezi bat: zutik dago gurutzean hankak ohi denez iltzatuak, baina eskuak, hiltze tzarrez zulatuak, langan ordez, bular gainean ditu, erdi gurutzatuak; gatzik gabeko kripta biluzi zurian dago S. Kilian, urre koloreko metalezko sarkofago landuan, bakarti hau ere, bisitari begiluze eta turista gidatuak joaten bazaizkio ere.

Marienkapelle: gotikoa, altu garaia, lerden ordez  huts eta hotz gelditzen da; triptikoa da erretaula, irudiak falta zaizkio sarrerako arkuari.

S. Agustinen eliza: ia ezerezaren jabe, erdi biluzi itxuran, zuri eta argi, presbiterio sabai arrosa estuko grisekin, atsegina egiten da; koadro handi bat du honek bere aldare nagusiko erretaula. Stithaung: italiar arkitekto famatu baten eliza barrokoak koadro erraldoi soila du erretaula; deigarria da kupula garaia.

Elizok, denak gerran deseginak eta berreraikiak, zerbait berezia dute: ederrak dira izan, baina, ahaleginak ahalegin, ez dute bere jatorrizko planta, zati askok berriak, ezarriak, diren kutsua dute.

 

Uso bat hilda  kale jendetsuaren erdian; oinezkoon ezikusiaren ezaxolaz bakarti, hits, ezerezaren sinbolo, hiria haustu zuten bonben sinbolo, bakeak gizarteari inporta dion gutxiaren ikur.

Maine, esklusak eta presak gizendutako ibaia, ahatek eta bidaiari-ontziek argitzen dute, baina joan zikina doa. Zubi zahar sendo ederrean, hostia erakusten du eskuan Karlos Borrome Sainduak; bere aurrez aurre urrezko espata du S. Bukardus gotzainak; zubi berean, hareago, Eridricus Saindua, liburu batez armatua; parez pare, Kiliano Saindua, gotzaina, mitra buruan eta ezpata eskuan.

Arte Moderno erakusketa dago gotikoa ei den baino neoklasiko itxura duen zubiaz bestaldeko ospitale zaharreko elizan.

Errege jauregia tontorrean: palazio tzarra bilakatu zuten lehenik, handituz, eliza zaharraren inguruan sortutako gotorlekua azkenik; txiki eta kaskar gerta omen zitzaien Gotzai-Printzeei eta Errege jauregia eraiki zuten; ohizkoen pareko palazio ikusgarria eta erraldoia da: Museoa da gaur egun, ez doakoa, noski. Bere lorategietan zehar doa errepidea eta lorategiotako atetik sartu-irten gara hirira-hiritik.

 

47 kilometro,  eguzkipean, egun-pasa atsegina gerta zaigun hirira.

 

Komunetik bueltan, bereziki hori dago zuhaitzetako arrama artean, laurdenera puztu den ilargia: biharko eguzkiaren itxaropen.

 

 

Maiatzaren 29a. Asteazkena. 28.a

 

Hirietan egin zuten triskantzan garbi nabari da aliatuek ez zutela helburu bakarra gerra irabaztea, bengantza eta herri osoa suntsitzea ere bere asmoetan zegoela, eskarmentuaren izua ezartzea eta berriz burua jasotzeko ahalmenak kentzea. Alemanek ordea bere zenaren parekotasunean, materialki, fisikoki ere, eraiki nahi izan dute, bere herria, jatorriarekin loturarik galdu gabe, bere nortasunean irauteko. Gizarteak aurrekoengandik jasotako azpiegitura eta bizitza molderako baldintzak ere kultura baitira  eta kultura herriaren nortasun-oinarria da. Alemania fisikoki oinarrietaraino erraustua izan bazen ere, bere herritasunean iraun du, bere antzinakotasunarekin etenik gabe, loturak gorde ditu, eraikuntzak berritzean ere.

 

Gure matrikularen nongoaz jakin-minez agertu zaigun emakumeak ez du San Sebastian Espainian kokatu ahal izan, baina bai "baski" esan diogunean. Tira!.

 

Bayreuth-era bidean, autobia berriaren bidea ebakitzen ari dira baso erdi erditik, kilometro luzeetan, mendi bat erosoago zeharkatzeko. Autoa da errege eta jainko, dena da berarentzat erraztasunak bilatzea, balore denak errepide bihurtuz bere gurpilpean.            

Hiriren bat hurrean denean komunikabide dorreak ageri ohi dira inguru tontorrenean, Maiatza eta eliza-dorre guztien gainetik, herria engainatu eta mundua menperatzeko mezuen garraiobide nagusi. Albisteek eta boteretsuen mezuek  hartzen digute aurrea airetik lur gainean gabiltzanoi. Mundu berri bateko gizakiaren komunikabide sarea behar lukeen asmakizuna, ahaldunen arma bihurtu da. Arma bat borrokarako tresna da beti, eta lehenago edo geroago menperatze ahaleginean erabiltzen da.

 

Jura mendilerroan dugu gaurko ia ibilbide osoa. Oso mendikate zabala ikusten da mendi gaineko zabalgunetatik. Kare-harria ere ikusi ahal izan dugu. Dena da pinu, dena baso; sarriak dira mendixkak eta mendi-buru garaiagoak; tarteka bailaratxo berdeak eta herritxoak. Eguzki eguna baliatuz, ohizko tresneriaz belarra ebaki eta ebakitakoa irauliz ari dira nekazariak. Lurralde atsegina da. Paisaiak arindu digu kamioi, berritze-lan, eta kotxe pilarengatik astuna zitekeen bidaia.

 

Bayreuth

Bailara berde batean azaldu zaigu, sentipen baikorra sortarazi digu. Inguruetako nekazari herritxoen hiriburu itxura du. Gustura bizitzeko hiria, patxadakoa, sinpatikoa; tranbiak behar luke hor, baina ez du tranbiarik. Jende ugari kaleetan, eguzkitako bizitasun lasaian. Bada ikaslerik ere, Unibertsitatea baitu.

Plaza eta plazarekin bat egiten duen Maximilian kalea dira hiriko muina; zabala da plaza, baina  batez ere luzea; zer da plaza eta zer da kalea?. Bertan dena da bizikleta aparkatua, dena eguzkitan eserita dagoen jendea; autobus geltokia ere bertan dago. Plaza da hiriaren bihotza, bertatik du hasiera edo bertara jotzen du kale orok. Bada eraikuntza ederrik, zoragarriak ez arren: Jauregi Berria edo Neues Schloss, bere inguruko etxeteria klasiko harrizkoa, Oprenhaus edo opera jauregi xumea. Iturri ederrak ditu, bitxiak ere bai, han-hemenka: aipatzekoa Opera aurreko iturri klasikoa edo mangeraz errota jirarazteen duena. Dotore dager kale nagusian palazio rokokò handia, medailoi erreskadek,  leiho eta marko dotoreek eta irtentxo edo koska gorrizka deigarriek apaindutako fatxadarekin.

Elizak  aitatu behar hiri honetan ere: Stadtkirche edo herriko eliza:  badu zer begiratu ederrik; zutabe eta arku gotiko gorrixkek ematen diote berezitasuna eliza osoari, erretaula osatzen duten lau koadroek ostera indarra damaiote aldare nagusiari; erdian, teilatu polikromatua eta estalki-oholak koadroak diren triptiko  liluragarriak kilikatzen zaitu, baita gaineko koadro poxpolinak ere; bataiarriak marmol zurian zizelatutako filigranazko koadroak ditu; antzinako koadro ederrak hormetan; herriarentzako bankuteria bat dator nabarmen kolore ilunez presbiterio eta koroarekin.  Schloskirche, edo gazteluko eliza:  argia;  rokokò sabai zuri-arrosa-grisak eta zutabe arrunteko ilara gainean eliza inguratzen duen koru urdinak mojen kapilaren jitea damaiote.

Wagner operagilea hiri honetakoa zen. Hemen daude bere gorpuzkinak lurpean mugiezin, bere musika, aldiz, airean edo partituretan bizirik dirau. Airea biltzen duten bere doinu eta partituretan dirau bizirik musikariak, hilezkortasuna era askotakoa izan baitaiteke.

"La paloma" habanera jo dute alde egitear geundela kale-musikarien eskusoinu eta saxofoiek.

 

Bamberg.

Arratsaldea paseatuz emateko Erdi Aroko hiria, etorriak damutzen ez zaituena, turista ugariren elkargune. Ederra da, zulotxo polit asko ditu, xarma dario. Mila begi-gozamen du etxe, teilatu eta hainbat bitxikeriei begiratzen jakinez gero.  Kanal batek erdibitzen du; kanal erdian, rokokò eta antzinako, udaletxe ponpoxoa, arratsaldeko eguzki ederrak sorgindua.

Goiko erdia Elizaren herria zen: Erdi Aroko jite nabarmenena du, ohizko kale oker eta kalexka bihurriz osatua; beheko erdia, aldiz, merkatariena zen, kale zabalago eta etxe ederragokoek gauzatua. “Venezia txikia” deitzen diote zati bati: hala izanen zen noizbait, badute grazia gaur egun ere bertako eraikuntza berriek, baina Veneziakotik  ukituren bat eta oroitzapena besterik ez zaio gelditzen.

Katedrala: Erromaniko eta gotikoaren tarteko garaikoa, horma biluziko austeroa,  badu artelan ederrik: nabarmentzekoak bi presbiterio, aurrealdean bata, atzealdean bestea, biak garaiak, biek dute aulkiteri ikusgarria; harrizko tailak, triptiko ikusgarria, pulpitua, gotzain zizelatuak harlauza tzarretan. Zaldi gaineko erregeak du famarik handiena elizako artelanetan, baina ez dakit zergatik, ez gaitu kilikatu. Marmolean tailatutako errege-erreginen hilobia ere ederra da, hoberik ikusi izan badugu ere. Kripta: sabai garaia du, kapitel landuak ditu, baita putzu bat ere: zertarako ote putzua kripta barruan!.

Beste eliza bat: gotiko ederra da kanpo aldea, sabai, aldare eta organo rokokò estilokoa barnea. Gotzainen Jauregi zaharreko patioak bai badu antzinakotasunak duen lilura, bere balkoi luze iluneko patio zabalean.

 

Laguntasunik edo zerbait nahi ote genuen hurreratu zaigu adeitsu gazte bat planoari begira geundela nora ezean.

           

Fränkische  Schweiz, Frankonia Suitzarra, deitzen dioten lurraldea ezagutu dugu. Euskal Herriak ere izan zuen Suitzarekin parekatzeko harrotasuna, paisaia hondatu eta itxuraldatu dugun arte. Suitzaren pareko izan nahi hori Suitza polita delako ote, ala Suitza aberatsa delako?. Frankonia polita da izan, pinu-baso zabalen artean lautada berdeak ditu, teila gorrizko etxetxo zuriak gordeaz.

 

26 kilometro, bigarren egunez eguzkitan.

 

 

Maiatzaren 30a. Osteguna. 29.a

 

Ikasle-talde asko dabil edonon, formalegi, heziegi, bizitasun gutirekin, agian beldur handiagatik.

 

Franko barbaroek inbaditu zuten Europa erromatarra, Hitler diktadoreak gero Europa demokratikoa. Oraingoan ekonomiaren bidez jo du bere konkista Alemaniak, beste konkistek baino morrontza sakonagoa eta estuagoa ezarriz.

 

Helduei eta nagusiei, batez ere emakumeei, ageri zaie janzkera-ezberdintasuna. Jantzi dotorea baino gehiago, janzkera eta jantzi zaindua da. Gureetan txapela baino gehiago darabilte buruko  kapelatxoa. Noizbehinka ikusten da belaunpean lotutako prakarik  ere. Bavariako gizonezkoen kapela luzexka ez da Munich-en inguruan bezain sarria.

Karabana inguruan bertan ere, kendu gabe, gerrira lotuta darama diru-zorroa jendeak; besteenganako mesfidantza erakusten du. Gizarte tristea gurea, baita Alemaniakoa ere.

 

Nuremberg.

Joakin eta Joxemari, aspaldiko etorkin ondo finkatua bata, lagun baten anaia, sortzen zaion lanetik bizi den alditxo baterako etorria bestea, euskaldun zintzoak biak, ezagutu eta berehala lagun egiten diren horietakoak. Kontu-kontari, lagunarteko solasean hirian ibili, bazkaldu, kafea hartu edo jelatuaz goxoki freskatuz atseden bilakatzen den eguna izan da gaurkoa, bi lagunoi esker gehienbat.

Hiria bera, udaberriko eguzki sanoan erakargarriagoa, astegunez biziagoa, asteleheneko euripean bezain atsegina gertatu zaigu.

 

Zergatik gorde dute tranbia Europako hiri modernoetan, ez ostera Euskal Herrian. Ze onuren bila ibili dira Euskal Herrian tranbiak baztertzeko. Ze pellokeria erabili dute arrazoitzat. Kultura eta modernismoari buruzko iritsi barbaroek izango zuten agian eraginik; erosotasunaren sentipen faltsuek. Nortzuk kendu zuten tranbia Euskal Herritik?, aberats berrien iritzi eta sentipenek,  boterera eta agintera heldu berri ziren baserritarrek. Geroari so, itsu izan zirenek. Herriaren gerorik ikusten ez zutenek. Norberaren hurbileko geroa soilik ikusten zutenek. Natura eta kutsadura modan ez zegoelako, agian errentagarriak ez zirelako, garraiobide hori aintzakotzat ere hartzen ez zituztenek. Natura eta kutsadura hitzak eurak ere arrotzak zitzaizkienek. Justu sudur aurrekoa soilik ikusten duten miopeek.  Zerbait ba dela sentitzen hasi denaren baserriakeriak. Handinahiaren arrautza autobus eta trolebusetan errun zutenek. Gizonkeria eta handitasuna oinarri okerretan ipini zituztenek. Kulturaren iritzi erratuak, eskolatu gabearen jokabideak.... zenbat tranbia eta errail mota baztertu dituen gure herrian. Agian arazoa sinplea da oso: gaur egun bezala, irabazi itzelak izan zituzten norbaitzuek, eta kitto, ez dago beste arrazoirik. Eskolatuak ziren, baina, batez ere, diru gose ziren, kosta ahala kosta. Diru eta botere etekina damaienean, hasiko dira berriro kendutako tranbiok jartzen. Geroak esanen.

Zoritxarrez, arazoa ez da tranbiara soilik mugatzen.

 

15 kilometro, lagunarterakoak.

 

Deskantsu eguna gaurkoa, hilabete ondoren izan dugun lagunarte atseginagatik, batez ere. Ibiliaren ordez solasa. Giharren eta barne indarren atsedena eta arnasa, gorputzaren baretasuna. Baretasunak ematen  duen berriro ekiteko tentsioa, edo uztaiak tenk jartzean duen baretasuna, geziaren geldia noiz aske zain ziztu bizian hasteko. Badena da eta badelako ari da. Bagarela sentipena sendotu dugu herritarrekin solasean, berriz ere ibilian eta lurraldeak ezagutzen aritzeko, gauzatzeko, berritzeko.

 

 

Maiatzaren 31.a. Ostirala. 30.a

 

Kanpinean, "pot-pot" txorien antzeko hots guturala tarteka botatzen duen emakumearen nerbio-tika da orain arte ezagutu dudan tik originalena.

 

Frankoniako bailara zabalak ditugu bidaia-gune. Berdegunean barreiatutako herrien artean egin dugu hasieran. Baso eta belatz diren mendiarte estuagoak agertu zaizkigu ondoren. Belarra jasotzen ari dira nekazariak. Berdea jasotzen dute belarra, ebaki berria. Traktorearekin atoian daramate  delako belarra etxerantz. Bakarren bat ezik, ez dugu ikusi inor belar-fardorik egiten.

 

Coburg. Bisitaria gustura sentitzen den hiri zabala; animatua dago ostiraleko jai-giroan, batez ere eguerdian piztu zaigun eguzki beroan.  Bere garaian harresiaren zati izan zen pope kapelaz burutzen den dorrea; gaur egun bere azpiko ateburu zorrotzeko pasagunearen bidez banatu-batu egiten ditu hiriaren ardatz diren bi kale artez luzeak. Alboetara zabaltzen zaizkie biei kale eta kalexkak. Etxe ederrek biltzen dute plaza karratu nagusia, zurezko nahiz harrizko etxe dotore zainduek. Rokokò estiloak badu eredurik hemen. Zur polikromatuzko zein harrizko balkoi ederrez borobiltzen dira kantoiak. Merkatari aberatsenak omen zurezko etxeak, kondeenak harrizkoak, pobreagoenenak besteak; erabat pobreenenak ez dute iraun gaur arte seguruenik. Frankoniako Koroa deitzen dioten gaztelua dager mendi gainean, bere erraldoitasunez urrutiraino begi-bistan; leihotxoak ditu oso bertakoa den teilatu pikean dorre ortodoxoa gandor duen S.Moritz gotikoak; sarrerako Adan eta Ebak eskumako eskuan sagar bana erakusten dute eta ezkerrekoaz bakoitzak bere sekretua gordetzen du mahats hosto zabalez; rokokò xarmanta da barnea, organo kontzertu entsegua gozatuz ikusi dugu: marmolean zizelatutako erretaula aparta bezain bitxia, pulpitua, organoa, bataiarria, sabaia, auskalo ze jauntxoren meza entzuteko zurezko saredun galeria, bi solairuko koroa... arrosa kolorekoa, filigranatua, polita, atsegina.

 

Tubinga Basoa zeharkatzen dugu. Natu-gunea da. Mendate  estuagoen barrena, nekazarien herritxo sarriak bata bestearen ondoren datoz, herri apalak, bere lanetik bizi diren herritxoak, udaleku bihurtu ez direnak. Belarra besterik ez dago lurrotan. Pinoa nagusitzen da berriz, basoan, noizbehinkako mendixka batean haritz eta pagorik bada ere. Gorantz igo ahala ordea, herriek udaleku jitea hartzen dute, zainduagoak daude, txukunagoak dira, kanpotarren egonleku usaia edo kolore bereziz.

 

Oso mantso doa bidaia, geldi; kamioi eta furgonetak ugariak dira, baina batez ere kale berritzeak edo errepide zabaltzeak dira ibilirako oztopo. Semaforoa, geldiunea, mugitzen ez den kotxe ilara, … izan da bidaia osoa. Traktoreak ere lasai dabiltza errepidean, atoian negurako su-egur edo trokotez beterik daramaten autoak ere bai. Inguru honetan ez dago bidegorririk, ezta txirrindurik ere. Nekazari herritxo peto soilak dira, nekazaritzan nahiko gorri pasatzen duten itxurakoak gainera. Teilatu beltz bakarren bat ageri bada ere, teila leuneko teilatu gorriak dira hemengoak; etxeko hormak arbelezko txaplata zapal ortogonalez estalita daude kanpotik, eguraldi bustiagatik edo. Ferrokarrila, errepidea, errekatxoa eta belar-zingira doaz elkarren paralelo tarte luze batez, mendiarteko bailaratxoan. Geldotasuna, nekea eta beroagatik ez balitz, bidaia oso idiliko polita litzateke hau.

 

Eisel, Schleusingen, Ilmenau eta beste herri txiki asko pasa ditugu.

 

Tubinga Basoa Mendebaletik Ekialdera zeharkatuz goaz. Bata bestearekin ezpondez lotutako lakutxo pila dituen bailaratxoa: elkarren jarraian bailara osoan,  aldatzean, urtegia osatzen dute lakutxo kontrolatuok.

 

Stadtilm, Kranicheld, Bad Barka… gaurko azken herriak.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.