Bidaiak: Alemania 96
FRANTZIA
ALSAZIA
Herenegungo sentipen kontraesankor ber-berak ditugu Frantziara bidean Rhin ibaia zeharkatzean. Hizkuntza ezagun eta ohitura antzerakoengatik babestuta-edo etxetik hurrago sentitzen gara Frantzian; orain, aldiz etxetik erbestera bagindoazen sentipena bizi dugu, aurrekoarekin kontraesana badirudi ere: jadanik etxean sentitzen gara Alemanian, Alemaniako bide-oharrak ia ezagunagoak zaizkigu, Frantziakoak ulerterrazagoak badira ere. Nolako astinduak ematen dizkigun barneak metro gutxiren barruan.
Pelikulletako eta historiako Alsazia dugu gaurko ibiliko lurraldea, urrutira mendirik ikusten ez zaion lur landuko lautada, baso-kaskoz zipriztinduta. Jite berdineko herriak dira mugaren alde bietakoak, Frantziakoak agian ez dira ez hain garbiak, ez hain txukunak, ez hain zainduak. Naturak berdina dirau ibaiaren alde bietako lautadetan, antzerakoak dira nekazarien interesak ere, berdintsu izugarriak arto-sailak, hemen daude ere sarezko kaxak artaburuen zain soroetan dauden biltegiak. Ez dago jabego txikirik, ez da lur zatiturik, norbait jabetu zen lurroz Errusiako Iraultzarik egin beharrik gabe. Hangoak nolabait herriaren jabegoa bilakatu ziren, hemengoak auskalo norenak diren.
Berrikuntza lanetan murgilduta daude Europa zaharreko herri eta errepideak. Egonen da Alsazian ere, Roldan eta Urralburuez aparte, jeltzale sozialista popular ugari bere alderdi gastuetarako diru-kanilei bidea emanez.
Colmar. Teila berdez eginiko eraikuntza zahar handiako teilatuetako erronboak sortarazten dute urrutitik erakargarritasun puntua; bertaratzean, herri osoa bihurtzen da erakargarri. Guadiana bailitzan, etxepeetan desagertzen da ibaia, plazan agertzeko hurrengo; portaletarako zubitxoak ibai gainean, batelen pasealekuak tarteka... bada arrazoirik Colmarri Venezzia Txikia deitzeko. Eraikin orok du zerbait xarmanta: plaza asko eta politak, kaledi ederra, zurezko habe, leiho eta balkoi landuek ikusgarria bihurtzen duten etxadia, zenbait etxe aparta, mila kantoi zoragarri, harrizko etxeak: leiho eta balkoietan hainbat eta hainbat burutxo tailatuta dituen Buruen Etxea da horietako bat, bizpahiru eliza sarrera gotiko apartekoak nora sarrera kobratu egiten duten...
Sekulako hiri aparta gertatu zaigu Colmar. Dena da turista gaur, oldeka, autobuskadaka, datoz inserso taldeak.
Hain iparrean espero ez genuen zikoina, bere habian zut, herri bateko plazan, frontoiko horma dirudien erdiko erlaitzean. Gereziondo sailak, melokotoia sagarra edo kibia jasotzen den lurraldetan bezala, erreskadan, motz inausita, ekoizpena areagotzeko erabat industrializatua. Mahasti zabalak, lurraldeak erakusten duen zabalera osoan.
Pitojole presati asko dabil Frantzian, errepidera atera diren igandezale urduriak. Etxetik atera du jendea eguzkiak, euriak barraskiloak belartzan bezala; dena da kotxe, dena jende, jendez lepo betiko leku izendatu ezagunak, aparkalekuak hartuta, kaleak gainezka, tabernetako zoko eta atariak egoneko patxadakoz jendetsu.
Herritxo potxoloak, antzinako itxurakoak, bere lehenean oraindik.
Riquewihr, herri osoa da museo: goiko 19. urteko dorretik beheko udaletxeraino aldatzean doan kale nagusiaren inguruan kalexka estuko herri zahar xarmanta, bere lehenean dirauen itxuran, gaurko turistei egokitua.
Jaieguna izanik ere, zabalik daude saltokiak. Ardoaren santutegia, inurritegia iduri, erromes ardozalez mukuru daude herriko bazterrak. Ardoaren lourdesa, ardotik bizi den herria, ardoa egin eta saltzetik. Txosnetako saltzaileak bertako jantzita, giroa bertako sonez bilduta... edalea erakartzeko amu bezala. 1560ko iturri apala, aldiz, ahaztuta dago, ez ikusle ez edale, furgoneta baten atzean gordeta.
Ustez askenekoz bidaia honetan, zeharkatu dugu Rhin ibaia kanpinerakoan.
ALEMANIA
Jendetsu lasaia zen Freiburgoko kale giroa egunaren azken argi motelean, isila tranbiaren noizbehinkako irrista, irribarretxoak ziren plazako aurpegiak titiriteroan ikuskizunaz, kale-kontzertuaren zati biolinjoleentzako txaloak, magikoa bazterretan barreiaturiko biolin soinua, gozoa kale arteko ibilia... xarma zuen gau epelak bere eguneroko zaparrada ekarri digun arte udaberriak.
"La tasca" tabernako "tortila espaiñola": zaporez auskalo zer, prezioz sagardotegiko txuleta. Tortila ez dakigu, baina Errioxako ardoa da gustuko dutena freiburgotarrek.
140 kilometro, epelak.
Egunak, bere zaparrada.
Maiatzaren 17a. Ostirala. 17.a-16.a
16. gaua etxetik atera ginela, eta oraindik ez dugu behin baten ere denda-ingurua lehor izan jaikitzerakoan.
Oihan Beltzeko Hegoaldea dugu gaur helburu.
Aurrez aurre izan ditugu hasieran Oihan Beltzeko mendiak. Deba bailarako mendien itxura dute, bai tamainan bai tankeran. Pinuaren beltza pagoaren berde argiarekin nahastuta, berdeguneak magaletan. Kalamua mendiaren antza du tontor garaienak, ez dirudi hura baino garaiagoa denik.
Galdu dute lora lautadako fruta arbolek.
Sartu gara mendi-mendiartean. Erreka zuloa izanen da mendi barrenetik aurrerako ibilbidea, errekasto politak errepidearen alboan, noizbehinka trenbidea. Gora eta behera, mendiz mendi, baso erdian doa ibilbidea; belardi dira goilautada ondulatuak, sail bakarreko belardi erraldoi zabalak, baina ez da ez granjarik ez behirik larrean, kortan dauden behientzako izanen da belarra, agian saltzeko; behi aldra bakarra ikusi dugu, eta ile trinko kizkurreko artalde bakarra, sagastietan biak, ez belartza zabalotan, behi bakan batzuk larrean soilik, besterik ez. Berdegune honetan barreiatuta, herrixkak: herrixkak goietan, herrixkak bailara sakonetan, herrixkak mendi magaletan. Oihan Beltzaren Erdi aldeko berezitasun fisiko berak errepikatzen dira Hegoaldeko herriotan ere, baina turismoari lotuta dago Hegoaldea, udaleku bihurtuta. Deigarriak zaizkigu etxeak: zurezko balkoi sendoko etxeak, gainbehera pikoan teilatu luzeko etxeak, teila ilun zein teila gorri argiagozko etxeak berdearekin kontrastatuz, bi isurialdeko etxeak teilatu hegi zorrotzarekin, hegiko bi muturrak triangelu formako teilatutxoekin mozten zaizkien etxeak, ia lurrerainoko teilategal luzeak... Zurezko eraikin-osagarria dute alboan nekazal etxeek, korta, biltegi edo tresneria-gordailu. Tarteka turistentzako muntaiak, hotel, jatetxe, eta antzerakoak. Bidegorriak denean, oinezkoentzako eta txirringentzako ibiltarien paradisua. Uda-pasa gune aukerakoa. Leuna, zabala, erosoa, zaindua da errepidea, turismoak agintzen du hemen ere, bidea erraztu behar zaio udalekuetako igandepasan dirua bazterrak ikusiz xahutu nahi dituanari. Asteburuan deskantsatu beharra dago, lanerako indarberritu, lan egin irabazitako txanponak hurrengo asteburuan astintzeko. Kontsumismoaren gurpil zoroa.
Kare-harrizko haitzarte polit estuak dager tarteka, Irurtzungo Bi Ahizpen antzerakoak, txikiak badira ere. Urrutitik pinua uste izan duguna, ez da ezagutzen dugun pinu beltza, ezta zipresa edo izeia ere, pinu familiako beste mota bateko zuhaitz handi bat baizik.
Alemanek nonbait zubia egiten dute, euskaldunak bezala; ostiral honetan barne-turismoak erruz betetzen ditu bazterrak, erabat trinkoa da errepideko joan-etorria, barnealdeko gune zokoratuenetan ezik. Motozalea da ugaria, bandetan elkartuta datoz, eten gabe, talde bat bestearen ostean, errepidearen jaun eta jabe. Ez da fianbreradunik bazterretan, ezta bokadilodunik ere, jatetxeetan bazkaltzen dute, etxera doaz jatordurako edo etxean bazkalduta dator jendea. Bitxikeria politik bai ikus daiteke.
Titisee lakua, lourdes erraldoia, herri berri bat, txukuna eta potxoloa, igandezaleentzako merketeria gunea, dena da hotel, dena saltoki, dena pitxi merkea, dena txosna; herri-herriko jendez mukuru, bisitari xumez gainezka, pobreon igande-pasa erosoa. Lakua bera edozein laku bezalakoa da, ez oso handia, bidezidor eta bidegorriek inguratuta; gaur ez dabil ia inor ibilbideotatik, jaiko jantzita dator gehiengoa. Erruz dator igandezalea: trinkoa, etenik gabea, eta bizia da erromesen joan-etorria, lakua ikusi, txosna eta kinkil-dendetan sosa batzuk utzi, eta joan doa. Zer esan nahi ote du letreroko "pequeña comida tipica" iragarkiak; selservice zen txosna, jatetxe mota horietako betikoa eskaintzen zutena.
Bada urtegi bat ere lakuaren inguruan, bidegorriz inguratua, hotel eskaintza zabalekoa, baina ez da, nonbait, igandezaleen hain gogokoa, ez baitabil jendetzarik. Doanak badu non ibili. Ukitu tipikoz girotzen du ingurua zenbait bertakok, bavariar jantzita datoz, ez dakigu abertzaletasunak eraginda, ala ohituraz, egunerokoa ala mendi-irteeretako jantzia zaien: babariar kaikua, belaunpean lotutako prakak, jaka motxa eta sonbreiru peto berezia. Hemen ere bada ere Deportiboko afanosorik.
Urtegiaren gainaldeko zuhaitz artean gordetako lakutxoa da polita, xarmant erakargarria, baina ahaztuta dago, ez dabil inor bertan.
Komunikabide-dorre garaia tontor batean, gurutze modernoa, herriari mezua bidaltzeko jasoa. Basoan teilatu beltzak zuhaitz artean ia ikusezin gordetako mendi barruko herrietan eliza-dorre luzeak egiten du zuhaitz artean gora: mezulari hau ere, nahiz baldintzak aldatu zaizkion.
Artzain automatikoak ikusi ditugu, baina aziendarik ez.
Teleaulki batzuk.
Toodmood: berrin-berri udarako egindakoa dirudien herria, mendiko herria, etxe solteko herria, zaharra dela antzik ematen ez zaion herria, turismoari goitik behera egokitu zaion herria, baso barruan kokatutako herria, patxadako herria, lasaia egon eta ibiltzeko herria, udaleku izateko parajeaz baliatu den herria.
Politak dira errepideak eta urak bide berdina egiten dituzten parajeak: haitz azpietan, haitzarteen zehar, mendi zulo sakonetan, basoz bildurik, ur jauzitxoak alboetan tarteka, kotxe astiroagoaren motor-hotsa errekatxoaren murmurioez batuz... Horrela egin dugu bide zati bat, halako batean horma garaia duen urtegi zakarrean galdu zaigun arte errekasto idilikoa. Gizonak natura jan du, arrunkeriak poesia, bizibeharrak ametsa.
Gora-behera handiko parajea, malkortsua, bailara oso sakoneko mendiartea. Etxe sendoko herriek damaiote nortasun propioaren ukitua paisaiari. Aldaz gora, aldaz behera, oihanaren izugarrizko ikuspegi berde zabala eskaintzen digute aldatzetako hegiek, aurrez aurre, ia gure oinetan dugu Oihan Beltza. Ilunabar kilikagarria. Arratsa beti da barea eta goxoa, horrelako parajean are hunkigarriagoa.
Monsteltal bailara, etxe bakarrak errepide alboan, luzera luzean. Oso bailara polita da. Bertatik atera gara Oihan Beltzetik. Lorez egindako gurutzeak eta esferak zintzilikatuta balkoietan, seguruenik badute zerikusirik "Maiatza" zuhaitzaren erritoarekin. Bidegurutzeetan ere lore eta xingolaz apaindutako abar lehorreko ametsak tinko zerura begira. Bidegurutzetakoak dira bailaran Santokristo handiak ere. Eliza izugarria, lorategia dirudi hilerri bitxiak.
Oihan Beltza, baso beltza.
Aphoteke, botika, asko dago Alemanian, ez dute nonbait kopuru mugaturik, nornaik jarri dezakeela dirudi botika, baldintzak bete beharko baditu ere. Botikak ere merkatu librea duela ematen du.
Erosketa sistemak, kontsumismoak, berdindu egin ditu Europako saltoki guztiak. Ez dago gureetako eta hemengo saltokien artean.
Ume alemanek ere litxarreria gustuko.
Bidean gurutzatutako banda bateko motozaleak ditugu lagun kanpalekuan, beste batzuk dirudite narruzko uniforme beltzik gabe, baina nabarmen bereizten dira orain ere, ahots, algara eta zurrut eginiko garagardo botilez.
Eman digu gaur ere egunak zor zaion ekaitz eta zaparrada bortitza.
195 kilometro, menditsuak.
Maiatzaren 18a. Larunbata. 18.a-17.a
Goizaldera arte heldu zaigu motozale gautxorien berba-hotsa, garagardotegi batetik dendara itzulian, eten gabeko sokan. Berantiar gauean, goiztiar izan dira goizean, dena buila, astelehen itxurako larunbatean, dendak jaso, larruki beltzez eta kaskoz mozorrotu eta abiatuz. Goiz joan zaizkigu joan bere jantzi erantzi motorra piztu buila atera erritoa bete ondoren. Motorzalea, talde-mutila.
Bagoaz gu geu ere, kanpalekuz aldatzen dugu gaur. Bota digu denda jasotze orduko zaparrada, biok ernegaraziz.
Atzo Hegorantz egin genuen, Mendebaldetik Ekira zeharkatzen dugu gaur Oihan Beltza.
Ez zaigu aldatu ez paisaia ez ikuspegia: lurralde uhindu zabala, ordeka gorabeheratsua, basoak, herriak, gora-behera leunean errepidea. Gaur ez da Oihan Beltzeko mendirik ikusi ahal, dena baita lainope. Behiak atera dituzte gaur larrera, zaldi bakarren bat ere ageri da belartzan. Arantzazuko elizakoa dirudien kare-harrizko hormatzar punta-luze batek eusten dio kamino ertzeko mendiari.
Zertarako ote hainbeste belar, galdetzen diogu elkarri; ikusten ez dugun behi asko dago nonbait, agian saldu egiten dute belarra. Ikusi dugu nekazari bat bere traktoreko atoi zabalean belar freskoa zeramala, kortan du, beraz, hazienda. Zeren arabera jartzen ote da Alemanian behien kupoa, lur-zabaleraren arabera, biztanleriaren arabera ala indar politikoaren interesen arabera. Europak aginduta milaka behi kendu zuen Espainiak, Euskal Herriak ere. Behirik badela erakusten dute hemengo belartzek, behi asko gainera. Europako jauntxoa izanik, Batasuneko kapoa, ez ote Alemania bera, nork zenbat behi erabakitzen duena?. Gaizki pentsatzeko eskubidea du beti pobreak. Gehienetan asmatu egiten du gainera.
Udalekuak, uderriak, dirudite herriek, hain dira txukunak eta aratzak, hain ikusteko atseginak. Baina bertako herri arruntak dira izan. Lorategiak dirudite korta inguruek, behiek, hemen ere, kaka-palastak eginen dituzten arren. Txukuntasuna da inguruko herrion ezaugarria.
Txukunak bai, baina erruki gabe egin dituzte autobideak, bailara eta herri osoak gainetik zubi erraldoi luze garaiez zeharkatuz.
Iparretik Hegora doan mendikatea zeharkatu dugu, dena da baso. Tontor konikoa, Alemanian ikusten dugun lehena, hau ere dena baso; eskalatzaileek ez dute hemen zintzilikatzeko hormarik.
Lautada hauetan jaiotzen da Danubio ibai mitikoa. Bere albotik doa errepidea, milioika mendez berak zabaldutako bideetatik. Bidelagun dugu, berdegunean zehar doa, koskortuz, mantso eta geldi, erreka ibai bilakatuta, nahiko zabal jadanik, agian presaren batek pilatu eta berdintzen dizkiolako urak.
Bodensee, Konstanz lakua. Luzea eta zabala, ontzi kulunkariz zurixka, bazterretako herritxoz gorrizka, inguratzen duen mendixkaz berde, garbitu duen zeruz urdin, azkenez ere berotzen gaituen eguzkiz brist. Zoragarria agertu zaigu itsaso nanoa, uhin eta guztikoa, ontziek ateratako uhinak diren arren. Gaintxo batean kokatu gara, erdian marra berdea duen zabalera urdinari so, txori-kantuen etengabeko sinfoniaz ozen airea.
Oinezkoen eta txirrindu zaleen paradisua da inguru osoa, bidegorri sarez marraztuta baitaude luze-zabalera osoan berdegune, baso, kale eta errepide ertzak. Gizatartutako bidegorriak dira, maiteago ditut urteetako ibiliaren ondoren basoak ia bereak dituen Sakanako bide eta bidezidorrak.
Despedida eman genion, baina auzo dugu berriz ere Rhin laguna. Lakura sarreran zeharkatu dugu, eta bere albotik paseatu dugu ondoren.
Ur geldiko azal lauan harri zapalari nork xaplata gehiago atera jostatzea, herri eta aldi guztietako ume-jolasa.
Konstanz. Laku ertzean, txirrinduzalea nagusi den hiria. Bizi-bizia, jendez, ontziz eta batelez borbor. Harri gris-argiko elizak, Rathaus, eta Zeppelinen eraikin gorrizka apartak, freskoz pintatutako etxe dotoreak, zur ilunez jantzitako lau fatxada, kantoiko balkoi eta dorreak zur ilunezkoak dituen 1388ko biltegi izandako Konzila, antzinako etxe batzuk bakarrak direlako deigarriagoak, ustekabean ura botatzen duten irudi bitxiko brontzezko iturria, bi lakuak lotzen dituzten bi dorre karratuak, osoki oinezkoentzako merkataritza-kaleri bihurtutako alde zaharra, ... atsegina gertatu zaigu hiria.
Munster, jite ezberdineko katedrala: gris-argiko zutabe sendoek, moja komentu itxurako abside koloretuak, barne osoak duen argitasunak ematen dio apartekotasuna; bankuteri sendoa hotzari aurre egiteko oholtza gainean, erlikitegi pila aldare nagusian, bera ere zurezko taila den santu batek buru gainean eusten duen pulpitu tailatua, gizairudi zizelatuz betetako zurubi bitxia, harrian zizelatutako koadro zaharrak, zurean tailatutako santuteria erdi-naif ugaria, presbiterioko aulkiteri tailatu berri itxurakoa baina junturetan zaharra dela ezagun duena, korupe zizelatua eta freskoz edertua, perspektiba duten errege irudiko kapila itxiak, tamaina guztietako harrizko zein zurezko zizel eta taila lanak... ezer nabarmenik gabe berezia da katedrala: harri grisek, kolore leunek eta argitasunak ematen dio agian berezitasuna.
Bigarren eliza bat: harri gris-argikoa, tarima gainean du bankuteria honek ere, hiri hotza da nonbait Konstanz; horma eta zutabeetako freskoek egiten dute berezia; sabai polikromatua, zurezko aulkiteri eta pulpito sendoa, gizon baten biko tamaina duen Kristo erraldoia, Amabirjina baten aurpegiera erdi lelo erdi naifa, pintura batean eskuaren errealitate biziko erliebe berezia, kaperatxo bat beste handi diren aitortegi erraldoiak, han barruan zer pasatzen den inork ez dakiena eta denerako tokia duena... Ez da alferrikako bisita izan.
Berrikuntza lanetan murgilduta dago Konstanz zaharra, Europa osoa bezala. Aphoteke asko dago hiri orotan lez. Bada iturri ederrik, alemanen iturrien kultura erakutsiz.
Hila zegoen hiria arratsalde goiztiarrean, ekialdeko flauta-jole batek biltzen zituen soilik kaleak musika-hots goxoan; arratsalde berantiarrean, baina, bizitasun lasaia hartu du plazak, jendez borborka jarri da laku ertza, udaberriko larunbat epelean.
Reichenau irla. Ibiltoki aparta, atsegina da, xarma du, eguzkia gordetzera doanean. Natu-gunea da inguru osoa, hegazti mota asko dabil bertan, agirian, errepidetik gertu ere; kanabera edo antzerako istinga itxura du bazterrak. Zabala da irla, nekazaritzatik bizi da. Italiakoen pareko etxetxo itxurako kristalezko hainbat eta hainbat negutegi, bizpahiru herritxo, eliza erromaniko interesgarriak, ortuak, belardiak... lorategi eta etxe-bueltek ez dute inolako hesirik, errepidera zuzenean zabalik daude, bisitariari errespetua eskatuz lez; edozein sartu daiteke, baina ez du inork errepidetik haratago pausorik ematen bisitariak konfiantza eskertuko bailu lez. Norbere terrenoan bezala sentitzen da bat, zeure lurretan zauden itxura duzu, hesirik eta mugaketarik gabe, ez zara arrotz sentitzen, lur landuetatik hur, ez zara berezituta sentitzen, bertakoa baizik, ez duzu mesfidantza sentipenik sortarazten, dena duzu hurrago, dena kideago.
Giroa gozatuz, ze motako diren ez dakigun zuhaitzetatik izugarrizko lora zuri zaparrada erortzen da, airea puntu zuriz betez. Eguzkia behean denez, autoaren geriza ere metro batzuetara aurrean luze ikusten dugu. Magia puntua izan du bisitak.
Asteburuko larunbat arratseko jai-giro lasaian, kalea eta ibili lasaia maite du jendeak, plazetako mahaietan tragoa, kale arteko ibili lasaia jelatua dastatuz. Konstanzen, Alemanian, zein Euskal Herrian. Jabegoa, aberastasuna, bizi-baldintzak, bitartegaiak, lana bera ere, ez dira sozializatu. Ohitura, jokamolde, bizimolde, janzkerak bai sozializatu dira, baina sozializatu ez diren interesek bultzatuta.
145 kilometro, aterian.
Izarrak ikusi ahal ditugu. Behingoz. Martiz edo Artizarra uste dugun planeta argitsua dakus, laku ondoan, denda aurrean, aspaldiko partez gau epel eta lehorrean. Lehenengoz ikusi dut ahate bat, hegada astunean aireratzen. Hor dabilzkigu ahatok pitili-patala, lotsagabeki, familia-kide bailira, gure inguruan.
Zabaldi italiar batetan afaldu dugu, merke, gustura eta ondo.
Neurria hartu ahal izan diogu gaur egunari.
Maiatzaren 19a. Igandea. 19.a-18.a
Zeru izartsuan lotaratu ginen, eguneroko zaparrada eskaini digu gauak, eguzkiak suspertu gaitu goizean.
Eguzkiak ispilu bihurtzen duen ur azaleko bristadan zeharkatu du zisneak laku bazterra, buru garaia zut, lumajea zabal, popa luze, dena zuri. Txuarren eta zozoen ordez lakuko ahateak dira lotsagabeki nork zer emango jan bilaedo dabiltzanak: dendarik denda belatzean, limosna eskearen ondoren hegada zalapartatsuan aireratu eta lepoluze-hankatolos alde egiteko bere kolore ilun ezberdin distiratsuak eguzkiaren eraginera brist.
Alemania ezagutzeko irrika, poltsa, aurrekontu eta egutegiaren muga ez balitz, luzaroagorako pausaleku bikaina litzake hau. Euskaldunak Mediterraneoa, lur barrukoak Kantauria, itsasoa, dute arnasbide, alemaniarrek, aldiz, lakuak, bidegorriak eta bidezidorrak. Baita garagardoa pitxerkadaka ere.
Bodensee lakuari eman diogu ertzerik-ertz bira osoa, Suitzako alde luzea eta Austriako unetxoa tarteko. Suitzan eta Austrian pneumatikoa besterik ez dugu gastatu, joan-ibilian begiratu eta ikusi; eskaini eman, geratzeko aukerarik ere ez digute eskaini eta. Politikoki jaun ezberdinak badituzte ere lurraldeok, ez dute ezberdintasun handirik bata bestearekin. Austriatik, 7 kilometrotako tunel luzea gogoratuko dut, Suitzatik berriz suitzarrak ez direla bertako behi bakarrak, holandarrak eta auskalo nongoak ere auzo baitira larretan. Bai Austriatik bai Suitzatik ikusten diren Alpe mendiak gogoratuko ditugu: laino zurian marraztutako hagin zorrotzeko mendizerra iluna, eta malda iluneko elur-marra zuria. Bertaratuz, liluragarri dakusagu mendiok, diganteak babestuta egin dugu itzulera osoa.
Konztanz hiri barruan dago Suitzako muga: Suitza aldean kontrolatu egiten dute bidaiaria, Europa Batuan ez daudelako edo. Bai Suitzan bai Austrian txirrindu zaleek ez dute Alemaniako bidegorririk, ibilgune estutxoak marrazten dizkiete errepide ertzean.
Epelagoagatik edo, fruta-arbola lantzen da lakuaren alde bietan, gereziondoa agertzen zaigu berriz ere. Meersburgen mahastiak, mendixka magalean, luze-zabal oparoan.
Nekazari etxeteriak bere zurezko granja, korta edo tresneria-gordeleku iluna du alboan hemen ere. Kubo handiak dira etxebizitza arruntak hirietan, belarra eta zuhaitza ditugu lagun hemen; lakua geldi mantso leun han, inguruko berdetasunez eta zeru lainotuz ilun, belauntzi hegoen zuria kontrastatuz. Noizbehinka ontzi handiagoak jendea garraiatuz. Igandezale asko dabil gaur, batez ere Alemania aldean, etengabeko kotxe sokak lotzen duela puntarik-punta bueltako errepide osoa. Bada hemen ere ezinegona errepidean, baita lasaitzera ateratzen den estresatutako pitojolerik ere. Halere deseroso samar aurreratu gaituzten bi autoak frantziarrak ziren biak. Alemaniarrak errespetua du errepidean, asteburuetan ere. Ohizkoa ez den arren, azeri polit askoa ere ikusi dugu bazter batean autoren batek zapalduta.
Jantzi argiz janzten da gehien bat pertsona heldu eta nagusia, gaztea berriz gaur egungo txupa eta denean antzerako diren bestelako jantzi internazionalez. Jendea ohizko herri bakar ezagunetan elkartzen da, hemengo Zumaia edo Ondarruetan; herrietako kaleak hilik daude, herri jendetsu horietan bi kale ezik besteak, hutsik daude. Jendea dagoen tokira doa jendea.
Lindau: Baviera. Laku ertzean kokatua, Alpe tontorrak urrutira, ura, berdegunea: dira hiriaren osagai paregabeak. Jai-pasako giroa du, batez ere portuak.
Alde Zaharra, ibilbide atsegina. Koadro erraldoiak dirudite bi eraikinek: irudi argiz marraztutako Udaletxea, eta bi mailako teilatu sendoa duen Cacazzen etxea, fresko argiz apaindua. Igandezalez gainezka dago, eguerdi epelean, itsasertzeko pasealeku luze bezain atsegina. XIII. mendeko dorreak ematen dio freskura lehoia eta faroa sarreran dituen portuari. Beste herri batzuetan bezala, bada kontraleiho pintatu graziadunik: kanpokoen begi-gozamena irekitakoan, barrukoena itxitakoan.
Kaledi apaina: mila etxe, zoko, balkoi eta etxe-zoko ditu begien atseginerako.
Bi eliza, hauek ere harri gris argiz eraikitakoak. Biak dira argiak barrutik, zuriak, pintura arrosa goxoekin. Biek dute tarima gainean bankuteria, eliza osoan. Biek dute organo handia, nork handiagoa lehian bailebiltza. Eliza protestantea austeroa da, katolikoa ostera bankuteria tailatua izateaz gain aldare, irudiz, koadroz eta freskoz beteta, ponpoxoa. Katolikoak pazko-arrautzez egindako erramu txortak zituen, protestanteak aulkiez osatutako presbiterio zabala zuen deigarri.
Meersburg. Arratsalde pasarako herri aparta litzake, laku ertzeko pasealekuengatik nahiz barruko kalediarengatik, eguzki epeletan balitz, baina gauera arte atertuko ez duen euriak harrapatu gaitu, haize hotzak hezurretaraino bildu. Gaztelua, lauki gotorra, kantoi borobilez sendoagoa; erakargarria egiten dute zubiak, sarrerako atea zabaltzeko teknikak eta hainbat xehetasunek; turisten bisita-leku bihurtu da. Goiko plaza da goxoa, argia zeru zabala duelako gainean, argia bertako palazio handia arroza kolore goxoz pintatua delako, argia inguruko etxeteria ere argia delako: ezer nabarmenik gabe, xarmanta da plaza bere handitasunean ere.
Antzinako Etxeteria zaindua, gordea, mimatua. Herri guztia denda eta guardasolpeko jendez gainezka. Turisterria, baina atsegina. Berezkorik ere baduena, baina turistengandik bizitzeko helburua landu duen hiria.
Mainau irla. 1600 pezeta lapurtzen dute bertako landara tropikalak ikusteko. Bertarainoko ibiltokia da erakargarriena. Baso eta zelai berdeetan patxadako txirrindulari eta ibiltariz inguratuta, lasaigarria.
Nahiko arruntak dira hemengo txirringak, hagin-neurri ezberdineko pinoiak badituzte ere. Ez dira Euskal Herriko txirringa ponpoxo harroxkoak.
Kukuak jo digu lehenengoz Alemanian. Ez zait markorik faltako.
Italiera egiten duen zerbitzari alemaniarrak hitz bakarkako elkarrizketan galdetu digu nongoak garen. "Baski". "Orduan espainolak ez". Zerbait badaki euskaldunotaz.
100 kilometro, lehor hasi eta busti bukatuak.
Maiatzaren 20a. Astelehena. 19.a
Lakuaren bestaldeko ertza ikusten ere uzten ez diguten laino beltzen ispilu, berunezko xafla dirudi lakuak gaur goizean. Zaparrada goiztiarra izan zaigu gaur, goiztiarrak izan dira lakuko basa-ahateak ere toldopetik mokoka gosari bila. Nire gosari eta poesia-irakurketa orduan, oinetan bertan dabilkit ahate hirukotea belar puntetako haziak bilduz bere moko luze gotorrarekin. Zalapartarik gabe, geldo dotorean, zisneak ere burua, bera ere ia osoki, sartzen du ur-ertzean hondora bazka bila edo, bera ere. Burubeltz maitagarria, gure txikitako ehiza-garaikurra, pausatu zait liluragarri istant luzeetan metro erdira dendako sokan. Goiz gris euritsuak badu bere xarma, laku ertzeko egon lasaian, ibilia zeregin dugunontzat gogaikarria bilakatzen bazaigu ere.
Jan bila dabiltzala ahateok erran nahi izan diot alboko gazte irribarretsuari ahora atzamarrak eramanezko keinuz; ahate errearen keinuz erantzun digu berak; keinuek ere esanahi gutxienez bikoitza dute, bakoitzak ematen dio edukia keinuari.