Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak. Almania 96.Munich

Bidaiak. Almania 96.Munich

Jon Etxabe 2019/06/20 09:46
Munich, Oberammergau, Ettal, Garmich, Mittenwald, Lanbee-am-Lech, Ammersee, Hersching, Andech.

Maiatzaren  24a. Ostirala. 23.a

 

Errimeak dira alemaniarrak santu-irudiak jartzen kale-kantoiko ertzetan eta hormetan. Italiakoak baino irudi zainduagoak dira.

 

Goizean dendaren barruko tela horikarari so, lonaz inguratutako bakardadean, orain arte ikusitakoak gogoratu eta finkatuz, ikustekoak asmatuz eta amestuz, telaz hertsitako esparrutxoan kontrast bizian nahasten zaizkit belarrietara inguru bertako autobideko autoen burrunba zaratotsa eta dendaren aterpe diren zuhaitzetako mila txori ezberdinen maitasun edo auskalo zeren deien pio-pioena.

Heldua da Alemaniako kanpineko biztanleria. Etxatoietan datoz denak. Gure dendak auskalo ze garaiko kobazuloaren parekoa dirudien, ausokoen begietan harridura ere sortuz egun euritsu hotzean.  Baina ibili bagabiltza, eta badena bada, ibiliz dabilena areago da dagoenean dena baino; ibilian dena dagoenean dena baino gutxiago aldatzen eta higitzen bada ere sarri.

 

Seminarioan genion lababoan behin bederen pixa egin ez zuenak ez zuela bokaziorik, apaizek ordea zigortu egiten zuten konketako pixa kontu hori. Garbiagoa zen bakoitzak garbi gordetzen zuen bere lababo horretan egitea ordea, besteek zipriztinduraz kirastutako pixontzietan egitea baino. Araua, ordea, bere gelan inork garbitzen komun partikularra zutenek jartzen zuten.

 

Trenez goaz hiriburura. Lurpera sartu aurreko azpiko urbanoaren bidea graffiti dotorez pintatuta dago. Dotoretuz gain nortasuna ematen dio inguruari.

 

Munich.

Nasako alde batetik ateratzen da trenetik, eta beste aldetik sartzen. Aldrebeseko aldetik atera naiz nasara, beraz preso gerat naiz, M. Luisa beste aldean; hurrengo trenaren zain egon eta bagoia zeharkatzea zen irtenbidea; zain ez egoteagatik nengoen nasarako beherazko eskailera automatikoan igo dut gora: arnasestuka, nekatuta, kostata, baina heldu naiz gora.

 

Giro aparteko hiri aparta. Badu antzinako eraikuntza ederrik,  baina nahiko arruntak dira berez etxeak. Gerra ondoren berreraikitako hiria: zirrara sartzen dute gerra ondorengo katedralaren argazkiek, lau hormen hondarrak besterik ez baitziren gelditu hondakin artean. Estatua erraldoi asko ditu, baita txiki bitxiak ere, baina batez ere plazek, jendea patxadan garagardoa edanez edo lurrean eserita edan gabe solasean dagoen plazek, ematen diote giroa hiriari. Giroa aparta darie ere Markplatzetik Marienplatzera doan Neuhauser oinezkoentzako kaleari, kale beti jendez gainezka, kale jendetsu bizia: Marrakecheko plaza zirudien arratsalde beranduan, bere titiritero abeslari eta batez ere lurrean eserita edo zutik abeslariok inguratzen dituen entzulez; giro biziko kalea, jendez lepo. Turista asko dabil kaleetan, gazteak batez ere, lurrean eserita, protokolo edo itxurakeriarik gabe. Musikari sarriak: deigarri egin zaizkigu dotore abesten zuten hiru itsu, baita hiru jazz-jole apartak ere;  gustura eman dizkiegu txanpon batzuk. Jendetza zen gaur zebilena eguzki beroak kalera bultzatuak bezala.

Markplatz: giro aparta du, udaletxe apartak ematen dio edertasun puntu berezia; jendea iturriaren apar inguruan eserita dago lasai; giro bizi gustagarri eta alaia dario plazari, are gehiago kariloiak jotzen duen orduetan, jende are ugariagoa biltzen baita kanpaiok noiz joko eta torneoa irudikatzen duten irudiak noiz agertuko.

Eraikuntza klasiko asko dago oraindik, berreraikiak agian edo zutik geratu ziren bakarrak. Fatxada eta patio landu ederrak dituen Udaletxe neogotikoa; dena denda dotorea den Maximilianoren kale zabala; berez ere zabala den, eta korintiar zutabe erraldoiek erraldoiago egiten duten plaza; Logia klasiko erraldoia: Italiakoak, Venezia lurraldekoak batez ere, gogarazten dizkigu, nahiz ez den haiek bezain moinonoa; enperadorearen palazioa... eta hainbat eraikin eder. Viktualien mark, garagardotegiaren plaza izateaz gain, merkatu apartaren azoka-plaza ere bada, bere maiatza zuhaitz zuri-urdinarekin, bizia, jendetsua, jatorra, aparta.

Katedrala, ia hormarik ere gabe desegina gelditu zena, garaia eta luzea; suntsiketatik ateratako irudi eta bitxikeriaz beteta dago, baita ondoren egindako zurezko taila bitxiez ere;  kapila eta koadroak, triptikoak, zurezko tailak, harri landuan eginiko bitxikeriak, jatorrizko zatiak maisuki berritutako beiradurak, ezer guti deigarria duen kripta enperadoreen hilobi medailoi eta armarriekin, ordulari polit bat, Tenerifekoen antzera eskua masailean “nola utzi naute horrela ” oldozten dagoen Ecce Homo txikia, elizari tokatzen zaion zintzilikatutako 8 metroko Santokristo erraldoia... 

San Michel: eliza errenazentista erraldoia. San Pedro, berriz, dena da urrezko santuteria, dena artista famatuen koadro, dena da urre kolore aitorleku erraldoiak ezik, dena santu-irudi, koadro, pulpitu, aldare;  dena da urre dirdiratsua eliza argian; eliza honetan aurkitzen da ere  Sta. Munditiaren eskeletoa; urrezko soineko eta apainduraz  jantzita, benetan makabroa ezer makabrorik bada. Teatinoen eliza, barroko erraldoia, bitxikeriak ezik, beste dena erraldoia duena. 

Garagardotegia, plazetan zein barrunbetan, bisitaria eta giroa litroko pitxarrekin alaitzen dutena, zurruteroz beti gainezka. Euskal Herrian txikiteroak bezala, hemen pitxerreroak dira, garagardo pitxerraren aurrean eseri eta ordu luzetan kontu-kontari edo kantari, errito batean bezala, lagunartean daudenak. Turisten bisita-gune ezinbestekoak sagardotegiok: melokotoi ederrak oratzen diren baratza, bisigu freskoak harrapatzen diren itsasoa, mokordoa harrapatzeko aukerako giroa, luparda-lekua.

 

Munich: denetik aurkitzen den hiria, zereginik gabe denbora-pasa etortzeko hiria,  denbora galduz bizitza irabazten den hiria, zerikusia falta ez zaion hiria, jende ezberdina aurkitzeko hiria, betiko turistez gain dotore jantzitako jendea dabilen hiria, lasaitasunean astebete egoteko hiria, txirrinduak edonondik ateratzen zaizkizun hiria. Munich, pitxerkada garagardoa edatera bueltako nintzakeen hiria.

 

Pobreen eta ezinaren bengantza bada ere, garagardo pitxerkadak edanez eta oilaskoa janez  ospatu dugu  garagardotegi batean EL PAISek GALindo Generala kartzelara sartu dutenaren notizia. Galindo Generala Kartzelan!!!.

Arratsalde erdian behintzat, pertsona nagusiak dira nagusi garagardotegietan.

Kupeletik sagardoari tiratzearen adinako grazia du litroko garagardo pitxarrari ekiteak.

Euskaldunontzat hain harro hain zapaltzaile den gaztelera ez da iragarpen batean ere ikusten Alemanian. Ahula da beti zapaltzaileen zerbait izan nahia.

Harri-txirta gordetzeko kaleko nonahi ageri diren kutxek nabarmentzen dute hemen izotza dela kale-zola neguan.

 

Ezer arriskatzen ez duen ezkerra ez da ezkerra, ezker izenekoa gehienez. Gaur egun ezker izeneko gutxik arriskatzen du ezer. Pertsegitua izatea ez da egiaren jabego labela, bai  bide zuzenaren ezaugarrietariko bat.

 

0 kilometro: atsedena da gaurko kilometrorik eza.

 

 

Maiatzaren 25a. Larunbata. 24.a

 

Iraupen motza du eguraldi onak, busti du bart ere.

Gazte samaldak, neska-mutilak, batez ere mutilak, agertu dira kanpin-lekuan astebururako. Gutaz kanpo dendarekin dauden bakarrak.

 

Ikuspegirik gabe, zeri begiratu ez, zuhaitz artean doa autobidea; noizbehinka Alpeak agertzen zaizkigu aurrean, zuri handi eta erakargarri.

Bide-berrietan sartu gara. Gidatze lasaia, bidaia patxadatsua. Alpeak beti ezker-eskumara, digante, goraino punta zorrotzek zerra-ahoa marraztuz zerua. Berdeak dira Alpe bailarak, mendi erraldoi arteko lautadatxo berdeak; belardietan itxuraz belar lehorra bertan biltzeko ohol ilundutako txabolak. Behiak larrean. Bailaraz bailara, herrixkaz herrixka doa errepidea. Menditzarren oinean daude herriok, batzuetan ia azpian; badira bailara erdian daudenak ere. Etxeen hormek ematen die herriei berezitasuna, halako ukitu liluragarria dute. Errotuta dago lurralde honetan etxeak kanpotik pintatzeko kultura. Erlijio gaiak azaltzen dira marrazki pintatuotan, baita etxe bakoitzaren ezaugarriak ere, jatetxe eta dendetan batez ere. Halako bitxikeria-sentipena sortzen du. Artista pintore asko egon behar du hemendik. Zurezko balkoi ilunek eta teilategal zabalek ere ematen diote nortasun sendoa lurraldeari. Turismoari lotutako herriak dira, dena denda, dena saltoki, dena saldu nahia, dena bitxikeriaz betetako erakusleiho. Barnetik ere bizitoki txukunak, aratzak izan behar dutela sentipena sortzen dute. Egur asko dute pilatuta etxe kontretan, hotz egiten du neguan, edo luzea da negua. 

 

Oberammergau: izena gaztetxotatik ezaguna dudan herria berau, Pasioa antzezten zuten herria bezala aitatzen zidalako austriar lagun batek. Estigmak zituen Teresa Neuman ezaguna ere ingurukoa zen:  zerbaiti heldu behar hemengo bakardadeetan irauteko. Polita, atsegina, etxeen arteko nor dotoreago lehiaketa balego bezala, dena kolore; urte guztian Kristoren Pasioa turistei saltzen dien herria da.

Eliza bitxia du: pintatuta dago barrutik, herria kanpotik bezalatsu; koru, sabai, horma, aldare, pulpitu pike, zurezko santu-irudi zuriak,… dena da argi, dena pintura, dena urre kolore eta arrosa; eliza alaia, kilikagarria, argi soila bihurtua. Iruditxoan bukatzen diren haga luzeak, oihal gabeko zutoihalak behar dute izan. Ecce Homo bitxi  horietakoa du elizpetxoan, burdina-sare ostean pentsakor.

Erlijio gaiak nabarmentzen dira herriko merketerietan.

Neska izozki-saltzaile  pinpirin berbatsu italiarrak ez zekien "baschi"ok  non bizi garen nongoak ginen erantzun nionean; ulertzen zuen Espainia eta Frantziaren muga non, baina ezin zuen ulertu ez ginela ez espainolak ez frantsesak; ezta beste herri bat egon zitekeenik ere tarte horretan; markoak zenbatzerakoan, -"bat, bi hiru,..."-, interesatu da gure hizkuntzaz, "hispanian, spigaignoli" edo zerbait antzerako entzun genion lagunei zioela guk kanpoko atea zeharkatzean. Gure patua.

 

Ettal: fraideen likorea saltzen duen turisterria. Etxe gutxi dira herrian, baina bertako petoak denak. Monasterio erraldoi karratua da turistentzako amu: hamabi alde dituen eliza ia borobilak Loiolako basilikaren antza du kanpotik;  urre eta arrosa koloreek, aingeru eta santu-irudiek, irudiz loratutako  gangak..., pinturek eta argiak berezia eta bitxia egiten dute eliza. Zur tailatutako aitorleku erraldoiak ditu: bekatu handiak daude herri honetan edo fraideak oso gizenak dira. Italiako Borghetto-n ikusitako koadro handi bat gogoratu digu pintura txiki xarmant batek: zaldi bat dago belaunikatuta Amabirjinaren aurrean; mandoa zen Italiakoan eta Gurejaunaren aurrean belaunikatzen zen animalia. Ettal-eko atzeratu sinpatikoak ingelesez agurtu nau  elizan eskua emanez.

 

Garmish: pinturaz apaindutako etxe solteko kaleek garatua, Alpe mendien giroko herri atsegina; ez du eski lehiaketaren beharrik erakargarria izateko. Urteberriko eski-jauzietako 119 eta 95 metro garaierako zubi luzeen azpian ere egon gara. Eguberriz elurrez zuri, gaur belarrez berde, uste baino pikeago eta hurrago aurkitzen da hegalarien azpiko malda ikusleen mailetatik.

 

Mittenwald: biolingile famatua izan zuen herri xarmanta; eliza-dorre koloreztatua, kale potxoloenean kanaltxoan bildua doakion errekatxoa aipatu behar. Ezkontza ikusi ahal izan dugu: herrimin nonbait, poxpolin eta kaikuz jantzita doaz segiziokoak; bertako doinuz girotu dute ezkontza; kanpai hots luzez deituriko errosarioa: agurmariaka eliza betetzen duen herriko zaharreria, apaizik gabe,   ezker aldekoek eskuin aldekoei erantzunez, txandakatuz; Oberammergau-koak baino luzeagoak eta ugariagoak dira elizako zutoihal eta hagak; urrea eta kolore aniztasuna inguruko herri orotan bezala.

Bada herriotan ere Maiatza zuhaitzaren ohitura: tantai sendo garaiak dira, oilar bat dutela gandor, zeruetako puntan.

Zonaldeko turista, barne-turista da, asteburuko ibiltaria. Ez ugariegia gainera. Nekazari iganderokoa, turista pobrea, ibiltzeko gogoa duena bere aberastasun.

Ez dago hainbeste txirrindurik, ezta bidegorririk ere, egon dagoen arren.

 

54 kilometro, hurretik ikusi ditugu Alpeak, baina ez dugu beraien ikuspegi zabalik izan

 

Oberammergau herrian bota digu ilundu ondorengo orduetan oraindik ia atertu ere egin ez duen egun argiko lehen zaparrada. Iaz Dolomitak bezala, euripe eta lainopean ditugu Bavariako Alpeak ere. Euririk gabeko eguna nahi genuen batez ere gaur, baina euripean joan zaigu.

 

 

Maiatzaren 26a. Igandea. 25.a

 

Alemania, berdia, euria, Euskal Herria... bertso batentzako puntuak.

 

Laino ilun beltzak, ur bizien iturri eta bizitza argiaren iturburu; goroldioak, agian lizunak, irten behar digu hezetasunaren hezetasunez, umeltasunaren eraginez. Lainoek bere hari mehe bustiekin lotu gaituzte uste baino egun bat gehiagotan Munik-era. Itxaron egin beharko digu Nureberg-ek, eta Munich-eko kupelek bi garagardo pitxar gutxiago izango dute, bi ibiltari gehiago ere bai kaleetan. Atertu gabeko zaparrada bortitza dugu lagun goiz osoan.

Tere Irastortzari jarraiki, akuiluak lirateke  Maiatzak zuhaitzak zeru-mugetan, Jainkoen bihotza zirikatuz bezala zerbait eskatu nahian.

 

Munich lurraldean kosta egin zaigu askotan norabidea asmatzea, gehienetan ez gure erruz gainera. Beti da nahastua hiriburu handietako bide sare.

Bere egoitza edo postuak iragarrita daude,  baina ia ez dugu poliziarik ikusi errepideetan.

Gutxitan ikusi ahal da belea hilda. Errepidean ikusi dugu bat gaur, galipot-zola bera baino beltzago.

Errepide nagusietatik haratagoko auskalo zenbatgarren mailako errepideetan izan da gaurko gure ibili ia osoa, berdegune zabaletan, ia geu bakarrik goazen errepide arrean, jadanik ezaguna zaigun giro eta ezaugarriko herritxoak zeharkatuz. Ibilbide lasaigarria, euria eta guzti ere. Agian euriagatik.

 

Lansberg-am-Lech. Guardasolpetik ikusi dugu, guretzat soilik izan da luzarotxo batean. Lech ibai-bizkarrean, adreiluzko dorre eta ate ugari geratzen zaizkio. Hiruzpalau solairuko etxeak,  kolore lau ezberdinez pintatuak; gandor luze eta fatxada zorrotzeko Erdi Aroko etxeak nagusitzen dira; bada marrazki eta irudiz koloreztatutakorik ere. Eliza, garaia, barnea zuriz pintatutakoa: bobeda irudi pintatuz loratua,  santu-irudi zuri piloa, goitik beheraino banku bakoitzeko lorontzitxoz apaindutako grada, ur bedeinkatu ponte potxoloa, urre koloreko erretaula barroko handia: merezi izan digu sartu-irtenak. Kolore argi eta estukoz dotorea, giro alaia eta argia ematen dio Udaletxeko fatxadak gainbehera errepidea den plaza zabalari. Bada plazan Erdi Aroko, 1600.go, dorrea ere. Harrizko pitxer erraldoiez egindako iturri batek egiten du gozagarria kalexka bat. Bada, goian, ikusi ez dugun gotorleku, dorre, palazio edo denetik zerbait izan den eraikuntza.

Betea eta zabala dager Lech ibaia; urtegi baten horma dirudien  bost maila zabaleko presa sendoak gizentzen du; burrunbatsu gainezka, erdiko korrontera gehiegi hurreratzen ez diren zisne samalda dabil presagain ertzetan.

 

Antzinako auto-rallyarekin gurutzatu gara. Bertatik bertarako desfilea gertatu zaigu, ibili dabilen museoa, euripean, sarrerarik ordaindu gabe eta inguru paregabean; asko ziren, bakarka zetozen, tarte luzez banatuak; geldo eurak, geldo gu, beraiek etorrian, joan goazela gu, urrutitik begiak beraiengan ezarrita, alboan desagertu arte beraietako bakoitzari  so; ikuskizun luzea gerta zaigu.

 

Ammersee laku zabala inguratu dugu. Bazter gehiena bereganatu du gizakiak, etxetxoz hesitu dute, bizitoki pribatuz, herriari ostu diote lakua, istinga batzuk besterik ez zaizkio geratzen herriari.

 

Herrsching: bokadilorik eman ez digun herri turistikoa, laku ertzean. Kotxe asko badabil ere,  ez da turisterri ohikoa, jatetxe batzuk salbu, ez du ia azpiegiturarik, ez dago lourdesik, etxe solteek osatzen dute herria.

 

Andech: garagardoa egiteaz aparte, fraideek garagardotegia ere duten santutegia. Garagardotegia eta garagardoa dira ezbairik gabe fraideen itsulapiko ahozabal eta oparoena. Dena da Santutegia: elizak, sagardotegiak, eta betiko oroigarriak saltzeko denda ugariek totum bat osatzen dute. Hasteko, behean, eten gabeko sartu-irtena duen aparkaleku erraldoia kotxez betea; gorago sagardotegi erraldoia jendez gainezka; eta goian eliza, tokatzen zaion bezala Rokoko estilokoa. Handi horietakoa da sagardotegia, badirudi bertan daudela inguruetako igande-arratsalde-pasako denak, gazte eta nagusi, zaratatsu, burrunba hotsez bildurik, giro zalapartatsuan, gureetan oilaskoa bezala erretako zerri puskez eta litroko garagardo-pitxarrez gozatuz; bazirudien buru txiki eta urdail handiko peto guztiak zeudela bertan.

Eliza: Rokokò izugarria da, ezin oparoagoa, Alemaniako onena omen: irudi gozoz dotoretutako  hainbat kupula antzeko, barnea biltzen duen zurezko koru fronte-oholeria, urre kolorez horiztatutako santu-irudi  ugariz osatua; dena da irudi, dena kolore, dena gauzatxo, dena irtentxo; korupean Miraclekoak gogarazi dizkidaten esker-oneko koadro pintatuak. Jendearen elizara sartu-irtentxoa, sagardotegirakoa baino laburragoa noski, etengabea da, batzuk debozio handiz, bada kandela ugari pizten dioten santu bat ere, baita kandela ugari jartzen duenik ere: eskabide potoloa du nonbait.

 

Alemaniako ohiturei jarraituz, goiz afaldu dugu, jatetxe italiarrean, txerri-gantzei ihesi; etxera bidean ginen arratsaldeko bostak eta erdietan.

Herritxo batetan errapea lehertzear zuten behi samalda zetorren errepide betean, kotxeak zain egon behar izan gatzaizkielarik; unaia bizikleta eskuan zetorren atzetik, lasai.

Eliza eta Maiatza daude nabarmen herritxo bakoitzean.

Pasa besterik egiten ez dugun gurpil gaineko bidaiari kanpotarrontzat, idilikoa zen inguru guztia.

Munich-etik hurbil, BMWko bulegoek, ia beira hutsezko lau zilindro erraldoi  zut elkarri itsatsita, eguneroko girora erakarri gaituzte.

 

178 kilometro, zaparradapean.

 

 

Maiatzaren 27a. Astelehena. 26.a

 

Tere Irastortza "Presetako urak erritmo bat dute, errekan errima da".   Euriak jartzen dio errima egunotako ibiliari.  

 

Kanpinean bost birziklapen ontzi ezberdin daude betiko zakarrontziez aparte. Xehetasun esanguratsua. Herriaren erritmoa hau ere.

Munich-eko zozoak ipurbeltz, Nurenberg-koek izango ote  moko-hori!. Biharamunerako itxaropenik galdu nahiezko egunak izan dira Maiatzekoak egunoroko euripean.

 

Ipar aldera goaz, ekin diogu goranzkoari.

Nurnberg-era autobidean, joan-etorri handiagoagatik edo, orduko 10 kilometrora mugatuta dago abiadura.

Garagardogintzarako  lupuluarentzat hesola basoa, polita izan behar du berdetzen denean mugarik gabeko lauzpabost metro garaierako parrape etenik gabeak.

Angelusa entzun dugu irrati batetan, bada hemen ere Arrateko D. Pedro edo Bernardoren bat.

Jendez beteta dago hemen ere autobideko restopa. Komunak onak eta garbiak, premiazko diren xehe guztiekin, xaboi eta gainerakoak, kalitate onekoa dena.

 

Mendiartean sartu gara Nurenberg-era 60 kilometro aurretik; lurralde hau ez da aurrekoa bezain zabala. Noizbehinka, muinotxo baten ostean ozta-ozta agertuz, arbola tartean edo gainetik, dorretxoa eta Maiatza.

Lurralde laua, Irurtzundik Iruñara lurraldeko gorabeheren itxura du, baina ez da alboko eta aurreko mendirik.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.