Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak. Alemania 68

Bidaiak. Alemania 68

Jon Etxabe 2019/07/27 09:57
BRABDERBURG: Postdam, Berlin, Branderbur

BRANDERBURGO

 

Hala iragartzen digu errepide bazterreko banderak.

 

Plastikoko paketeetan sartzen dituzte hemen Sakanan bezala belar-fardoak.

Bestelako baliabide eta tresneria modernoarekin ari dira autobidea egin eta berritzen Berlin inguruan.

 

Kanpina

Inguratu egin dugu Berlin, liburuxkan dioen kanpinaren alferrikako bilaketan;  mila gora-behera ondoren ez digu kanpinik eman eta Potsdanen bukatu dugu Oder ibaitik datorren Havel kanalaren albotxoan. Mila unleitung, bira eta itzulinguru amaigabeen ondoren leku atseginean bukatu dugu.  Zikin kolore gorrizka badu ere urak, ibai bizia da, arrainek uretatik kanpo jauzi, ahatek igeri, kanpineko mutilak arrantzan... egiten baitute. Baina batez ere gugandik 10 metrotara bere ibili lasaian doazen gabarra erraldoi ilunek ematen diote bizitasuna ibaiari. Ulitxa eta guzti ere, toki atsegina da. Kuku bidaiari kideak ez digu hutsik egin Potsdanen ere.

Hur dugu autopista, bertatik datorkigun gurpilen hotsak biltzen gaitu, nahiz leunki.

 

337 kilometro,  luzeak, astunak eta askenez! beroak gerta zaizkigu.  

 

Kanpin harrerako marrajoak badaki euskaldunok txapela darabilgula.

 

 

Ekainaren 7a. Ostirala. 37.a

 

Tere Irastortza: "Gizakiak bidera lezake ura kanaletan, itsasoak askatu egingo du". Baina askatzean itsasoa bera kutsatuagoa eginen du urak. Askatasuna herio bide!. Gizartearen kontraesana, gaurkoz behintzat!.

 

Arrainak ur azaletik airera egin du jauzi hegalari guretzat ikusezina irentsiz, azaletik uretara egin du bere murgila urtxoriak uretako biziaz elikatuz. Bizi eta iraun beharraren drama.

Zer da kanpoa eta zer barrua urari eta aireari gagozkiolarik?. "Ur-barrura" esan ohi dugu, baina aire barruan ere bagaude. Ur-azala hasten den tokian dago aire-azala ere. Zergatik garatu da hizkuntza eta herri-filosofia uraren inguruan ez ordea airearenean biak berdintsu funtsezkoak badira ere giza bizitzarentzako.  Urak ito egiten gaitu, baina airerik ezak ere bai. Zergatik du urak lehentasuna gure hizkeran eta pentsaeran.

 

Tereri jarraituz, egun galda honetan isil egiten da eguna freskurarekin kanal inguruan, autobideko gurpil-hotsa bertan den arren.

Ontzi zamariek soilik hausten dute gaur kanal kontrako gure bake beroa.

Hondar horia da Potsdan inguruko azpi guztia, Donostiako zoru azpia bezala. Itsasoa izan ote noizbait hau ere?.

 

Labirintoa da kanpinetik Potsdanera irteera ere, kanpineko mapatxoak besterik dioen arren.

 

Postdan.

Gerran hondatua izan ondoren lehengoari jarraituz berreraikitako hiria. Kale zabaleko hiri zabala. Ez da kale estu oker edo bihurririk. Hiri dotorea izandakoaren jitea du. Halako jatortasuna dario tranbia duen hiriari: Potsdanek badu tranbia; nortasun poxi bat  eta historia zati on bat ere behintzat galdu egin dute tranbia galdu duten herriek, iraganari uko eginaz modernotasunaren, ekonomiaren aitzakiaz, pelloren bati esker norbaitek poltsikoak berotuz.

Txirrindu askoko hiria, bizikletariek ere ematen diote giro punttua.

Pintadak daude: pintadaz josi dute berritu berria den sarrera edo omenaldiko ate handiki horietako bat, Berlin eta inguruetan dagoen protesta giroari jarraituz; seriotasunaren monotonia behintzat eten egiten dute pintadok.

 

Gailur zorrotzeko eraikinak, erremate borobil edo trabeskako zuzenez bukatutako adreiluzko etxe gorri trinkoak  lirateke agian kale nagusietako berezitasunik deigarriena. Jauntxo herri erdigunea osatzen dute elkar gurutzatzen diren etxe baxuko bi kale zabalek eta bi kaleen inguruko zabalak diren kaleek. Kale nagusi biok punta batean eliza dute eta bestean arku handia, arkupetik  sartuz hasi eta elizan bukatzen dira kale biak. Estalita daude arku biak berrikuntza lanengatik,  berrikuntza lanik ez baita falta hemen ere. Erromaniko kutsua du kaleotako eliza batek,  adreiluzko planta ederrekoa da, kono formako dorrearekin; beste kale puntakoa, berriz, erdian kupula borobil handia duen  zementuzko eliza karratua da, bere sarrerako zutabe greko erraldoi eta harmailekin, Greziako tenplu bat antzo. Plaza zabal bat eliza karratua dagoen kale puntan, obeliskoa du erdian: bertan udaletxea, eraikin klasikoaren antza du, lehengo zaharra ez bada ere; ez du herri-girorik plaza honek, baina segurki bertan egingo da azoka. Elurtza bailitzan, makal-lorez zuri zegoen beste plaza bat. Sinagoga txikitxo polita, minarete erdi arrosa erdi urre-koloreko estu garaia zaio gandor. Bada egon etxe klasiko ederrik ere.

Inguruko basoetan jauntxo eraikuntza apartak daude, palazio eta gainerako; ordaindu egin behar da bisita.

Urez inguratuta dago hiria; laku itxura duten esparru zabalak han-hemenka, arratsalde beroetan aterpe eta asteburuetan atseden, ontziz, jendez, eta atseden-leku kutsuko txokoz bilduta.

 

Potsdaneko Ituna: zuhaitz, berdegune, arboladi eta lorategiz inguratutako jauregi horietako batean banatu zuten lau tipok beraien artean Europa eta mundua, Erdi Aroan Aita-sainduek bezala; gerra baten ondoren, beti bezala.

 

Espainiako Mediterraneoan ikusi ohi ditugun  arlote trauskil itxurako alemaniar handiak dabiltza kanpin eta inguruan; herri txikietako nekazariak behar dute izan, hirietan ez baitugu horrelakorik ikusten, finago eta lerdenagoak baizik.

 

59 kilometro apurrak luze luzatu zaizkigu, inguruko errepide sarean galduta.

 

Azken argiarekin, ilunabar goxoan, ardi-txakurrek ardiak eskorta barrura bezala, bere ziztadez goiz sarrarazi gaituzte moskitoek denda barruko itxiturara, ontzi zamarien joan-etorri lasaia begiratzea galaraziz edo ukatuz.

 

 

Ekainaren 8a. Larunbata. 38.a

 

Gerorako zerbaiten esperoan edo ustez, norabait zerbaiten bila goazenean ere,  iraganera goaz, beti. Beti da iragana eta beti da geroa. Instantak ez du denborarik, ez du neurtzerik. Memoria, sentipena, itxaropena, imajinazioa dira denboraren gurpiletik ihesbide bakarrak.

Errebotezko olatuak, bueltakoak, ez dira olatuak, gehiago dirudite erresaka, tiraina.

 

Non ote dira udazkenean Euskal Herrian tiroka hartu ohi ditugun paseko uso, arabozozo, kalandria, kardantxilo eta abarrak. Inguru hauetan seguruenik. Hauek dira agian zozo beltz haiek. Agian alboko basoko kantore horiek dira. Agian arrautzak barrutik apurtzen hasiberriak diren kumeak.

 

Garraiolarien etxe ere bada garraio-ontzia, bere emazteekin doaz bertako langileok; orduaren arabera ontzi garbitzen edo pilotu-kide ikusten ditugu emakumeok kaio beltzotan. Bada autoa, baita txirrindua ere, daraman garraiolaririk. Lixibako zapiak ere ateratzen ditu eguzkiak ontzien bizkarrera.

 

Laku-toki eta baso da, herriak ere badira tarteka, Potsdanetik Berlinerako tartea.

Galdu gara, galdu gaur ere, inguruko labirintoan: norabide okerretik sartu gara Berlinera. Lelo sentipenarekin, baina, noraezetik noraezera, berezko automatikoak bultzatuta edo, bideratu dugu autoa erdigunera, Alexander Platz bertaraino.

 

Berlin

Lehen mementotik erraldoiaren erraietan txindurri galdua sentiarazi nauen hiri mamua. Ez da baina munstroa, bertako distantziak neurri normalez kanpokoak badira ere; lakuak, parkeak, kilometrotako etorbideak, zuhaitzez berde espaloiak... ezohizko hiria; eraikuntza klasiko eta moderno erraldoiak nahasian dituen hiria. Hiri ezberdina tamainaz, egituraz, historiaz, eta sentipenez. Nahasian dabiltza gaur egun Eki Berlinen artea eta berrikuntzen hautsa: tiro hotsek egin zuten famatua, mailu mekanikoek astintzen dute gaur egun Madenburg ingurua, gorraizea sortzeraino. Berlin klasikoa ez da oraingoz patxaran ibiltzeko tokia, berrikuntza lanak, hautsa, zarata, oztopoak baitira nagusi.

 

Plazak: denak dira erraldoiak tokatzen zaien bezala. Alexander Platz, kristal eta zementuzko erraldoikeriaz inguratutako plaza zabala. Komunikabide dorreari, erraldoiena bera, "pakearen dorrea" izena eman diote, komunikabideak bakearen sinbolo izango balira bezala; urik gabe utzi dituzte Neptuno erraldoia eta bere andereño lagunak, sapa honetan busti edo freskatzea ezinduz; adreiluz sikiera,  gorria jarraitzen du Udaletxeak. Marx eta Engels Platz, non izenak ez ezik bien estatuak ere iraun duten.

Kanalak, turistaz betetako ontzien ibilbide diren kanalak gertatu zaizkit ezuste; ur zikina daramate, baina.

Katedrala: ezin izan dugu ikusi,  Mendelsonen kontziertoa zegoelako; elizarenak baino palazio batenak gehiago diren bi gela dotoreak zeuden soilik bisitagai; karratua, dorreak ditu lau kantoietan eta kupula handi bat erdian. 

Madenburg atea: demokraziarantz pasabidea omen zen, baina norantz hartuz?.

Reichstag: zenbaitek uste du oraindik berea duela herria, mundua berea delakoan jokatzen du zenbaitek; eraikuntza soilik ari ote dira berritzen ala munduaren jabe izateko ideia sendotzen; ekonomiaren bidez noski. Beharrezko bada, indarkeriaz ere.

Gurutze zuriak: han daude hiriko bi zatiak bereizten zituen horma zegoen inguruan, askatasuna mendebalean uste zuten iheslari inuzenteak edo desesperatuak gogoratuz.

Mariakirche:  gotikoa, deigarriak dira pulpitu erraldoia eta organo barrokoa; pintura zaharren koadro erakusketa edo arte-lekua dirudi: ikusgarriak dira Eba Adanen saihetsetik ateratzen deneko bi koadro naifak, ikusgarria ere elizpean ia ezabatuta dagoen Heriori buruzko friso edo fresko luzeak, Italiako Bigilio Sainduaren elizakoaren antza du hildakoen aitortza eta salakuntzekin.

Ged\dchtniskirche (uste dugu dela): hits gelditu dira bonbardaketek zutik utzitako adreiluzko hormak, turistaren inolako ikusminik sortu gabe; planoak aitatu ere ez du egiten bonbardaketarik.

Eraikuntza klasikoak: handiak bezain ikusgarriak, museo bihurtuta daude; izugarri asko dira museoak, parkeak eta palazioak ere.

 

Eraikuntza garaiek, itzala ere zabala: ardiek zuhaitz azpira bezala jotzen genuen eraikinon gerizara gaurko egun itogarrian.

Kultura eskaintza zabala dago Berlinen. Izugarria. Bada  datorren urteko ekainerako  ozen iragartzen den balet bat. Kultur eskaintzaren arabera, egon behar du turista apalez gain kaleetan agertzen ez den bestelako turista ilustraturik, beste kultura maila bateko bisitariak, jakin-min ezberdinekoak. Ez dut uste gaur hemen gabiltzan turistok kultura apalagokoak garenik -zer da  gizon “kultoa”?- baina ez dut uste gurekin gurutzatzen direnak kultur ekintza hauetara doazenak direnik.

Turista aldrak gabiltza, gu bezala bakarka, taldeka, autubuskadaka, oinez, zaldizko gurdietan, taxietan... Han gabiltzanoi begiratuz, turismo-gune   petoa dirudi Berlin erdialdeak. Nazio eta planta guztietako turista apalak gara. Bazen koadrila errusiar bat ere.

Plazan bertan lo ere egiten duen talde protestari bat aurkitu dugu Alexander Platz alboko plazan, pankarta ugarien babesean irakurgai eta azalpen ugari eskainiz. Alemanez, ez gara ia ezertaz jabetu.

Badira pintadak, nahiz ez asko. Auskalo zer dioten, baina hormak bizirik daude bederen.

Gutxi, baina bada eskalerik ere, gazteak dira eskale gehienak, ez han-hemenka beste hiri batzuetan ikusi ditugun clochard-ak.

Espero genuenaren kontra, Berlinek ez digu eman Espainiako egunkaririk. Baina bai hiriko mapa gazteleraz. Ibili garen zonaldean ez zen liburu-dendarik ageri, bigarren eskuko liburu saltzaileak, aldiz, ugariak ziren.

Branderburg inguruko kinkilari ia denak Indiako indiarrak edo pakistandar edo ingurukoak dira. Ez dugu ikusi Nürenbergen aitatu ziguten vietnamdar mailako arrastorik. Errusiako gaiez egindako lan apalak zeuden batez ere salgai.

Jende asko dabil txirrinduz Berlinen.

 

Eki Berlinera mugatu dugu bisitaldia, ez baitago ia Mendebaleko Berlinen iragarpenik gida eta planoetan. Errusiarrek soilik gorde zituzten aurreko eraikuntzak edo beraiek bakarrik berreraiki zituzten behintzat aurrekoen moldera, nahiz astakeria franko ere egin zuten. Aliatuek eten egin nahi izan zieten alemanei historiarekiko eraikuntza-loturak, zegoena birrinduz lehenengo, eta erraldoikeria moderno nortasun gabekoz ondoren,  eraikuntza moderno puntakoak badira ere arkitekturan. Herria ez da gaurkotzen, modernatzen, iraganarekiko loturak hautsiz.

 

Charlottenburg azpian, kanpinera norabidean, hiritik irtenbidea den autobide urbanoan, Wilmersdor auzoan dagoen gasolindegiko kaxa-zainak ez zuen bertatik hur dagoen Potsdan hiria ezagutu ere egiten; auzoko bezero batek bazuen hiriaren berri, baina bertarako nondik norako garbirik ez. Bada hiri erraldoietan biztanle urbano berezirik, hiri eta herri txikietakoen koordenada ezberdinetan bizi dena, auzoko muga eta bizimolde propioetan.

Bada Mendebaleko zatian eraikuntza klasiko eta ederrik, baina gutxi. Komunistek gordetakora luzatu dute turismoa. Bide eta kale galduetan genbiltzala, autotik ikusi ditugu Tiergarten, Charlottenburg, strasse des 17 juni, hainbat parke, etorbide, kale eta zoko, ez dugu antzeman, baina, bertako kale girorik, baina diotenez, egon badago giroa Berlinen.

 

Egun batez etorriko gara Berlinera, hegazkinez, Museo, Palazio eta eraikuntza modernoak mirestera. Ez gara oraingoz itzuliko Berlinera, aurtengoz nahikoa ernegatu dugu sarrera-irteerako noraezean. Haserreak ez du errentagarria egiten turistaren ibilia, eta asko ernegatu dut kanpin inguru eta Berlinera sarreran. Ez baitugu autobus aukerarik ere.

 

Bi egun eguzkitsu ondoren, Berlinen bota digu gaurko ekaitz zaparrada.

 

163 kilometro, noraezean asko, errepidean bezain luzeak ordularian.

 

 

Ekainaren 9a. Igandea. 38.a.

 

Tere Irastortza: "Poesia beti, bizitza ere maitaldiak ezik, elegia". Ezkor  dabil poeta.

 

Guk ere etsipenari eman diogu leku; kale eta bideetan galduta ibiltzeaz aspertuta, bagoaz bihar,  eguratsa alde badugu behintzat. Amets gaiztoa izan zaigu Berlineko errepide sarea.      

 

Kanala ala ibaia ote Havel? auskalo!. Hainbat laku dago, baita Berlin bera bihotz-bihotzetik zeharkatuz ere bat; Oder eta Elba ibaien lotura tartea da inguru hau. Garraiobide nagusia ura izan duen herria da Alemania, bidesariko ur-bidea, duenak duenari ateratzen baitio zukua; dela estugunea, dela esklusa, aberastasuna da ibaiaren ate izatea.

 

Soinuak ematen digun kandentziari jarraituz kùku ahozkatu ohi dugu euskaldunok kukuaren kantuari buruzkoa, lehenengo “ku”a indartuz edo azpimarratuz ahots ozenagoz. Nik dantzudan kuku-kantu berdina entzuten du kanpineko gizonak, berak berriz kukù ahozkatzen du, bigarren “ku”a ozenduz, edo inolako ahots intentsitate gehigarririk gabe ahoskatuz; hala errepikatu dio bere emazteari, entzun ahal izanagatik pozik, kukuaren kantua. Entzundako soinu berdinaren errepikapen ezberdina, entzumenak ez ezik kulturak edo hizkuntzaren barne legeek badute zerikusirik errealitate bera, soinu bera, ezberdinki  interpretatu  edo ahoskatzerakoan.

 

Jaialdia zen Potsdanen, arku berrituaren inguruan, txosna, oholtza, txaranga eta osagai guztiekin; han ginen gu ere, baina trumoi zaparradak hondatu du jaialdia.

Honaino heltzen dira Hanburgo matrikuladun ontziak, habiatik urrun.

Laku ugari dago Bradenburgora bideko inguru guztian, deigarria dira lakuok; ur asko dago eta  azalak dira nonbait lurrak.

Mahastirik ez da ikusten Eki Alemanian.

Lur lauak izanik zuhaitzek mugatzen digute ikuspegia.

Azalean belarra egin zaizkien zerbaiten piloak ikusten dira soroetan, agian erremolatxa lurperatua da. Lehenengoz ikusten ditugu mitxoletak, gari-saila zeharo gorrituz.

Betiko itxura tristeko herritxoak zeharkatzen ditugu, noizbehinka etxe edo herri kolore argiz pintatutako alaiagorik bada ere. Sozialismo garaiko etxe karratu lisoak ikusten dira herri batzuetan Euskal Herriko hainbat etxe merkeak bezalakoak.

Trenbideetako langak diraute oraindik errepideetan.

Auto asko dabil, gidari gazteak asko, kopuruz eta kotxe moldez Euskal Herriko edozein errepidean bezala.

Lore-saltzaile asko dago errepide bazterretan aurreko asteburuan Dresde inguruan bezala. Loreak ez ezik bakoitzak duen ortuaria ateratzen du etxaurrean eginiko salmahaitxoetara sos batzuk atera itxaropenez.

 

Euri izan zaigu egunaren joanean haserako trumoi eta ekaitz lainoa; arratsalde desatsegina, igande bati tokatu ohi zaion bezala. Gurea trumoitik trumoira joatea denez, Potsdaneko trumoitik atera ondoren Bradenburgokoan sartu gara, kotxe barruan eduki gaitu preso hiriko plazan atertu duen arte.

 

Branderburg

Bazter ondo zaindutako laku ederrez bildutako hiria; izan zen eta izan zenaren antza geratzen zaio; berritzen eta itxuraldatzen dutenean egundokoa geldituko da. Maite dut tranbia duen herria, guardasolpetik ikusi behar badut ere. Antzinako eta geroagoko etxe eta eraikuntza polit eder eta argiak geratu zaizkio, baina bonben suntsiketa ondoren kolore arre tristeko hiria berreraiki zuten. Hemen ere ez dago kale estu bihurririk, behin ere ez du izan nonbait, zeren barne egitura gorde omen diote. Bitan zatitzen du hiria lakutik lakura doan ibaiak; berritzen ari diren kale nagusi zabalaren bidez gurutzatuko da, jasotzen ari diren zubian zehar. Nabarmena da kale batean bederen, garai oparoagoetan agian merkatariek jasotako etxeteria, ondo-bizien bizitoki itxura dute, hainbat apaingarrik dotoretxo planta ematen dietelarik. Begiak diruditen teilatu-leiho bereziak ageri dira maiz etxe zahar zein berrietan ere.

 

Adreilu gorriaz, bere lehengoan birjaso zituzten, tentuz gainera, etxe, eliza eta lantegi nabarmenenak: primerako adreilu lanekoa da udaletxea, -Erroldanen bost metroko irudiak harridura sortzen du-; adreiluzkoak dira porrot eginda edo porrot eginaraziz hondatuta, hustuta, eta itxita diruditen lantegi erraldoi ederrak, pena sentimendua sortzen dute; adreiluzkoak dira ere guk ikusi ahal izan ditugun hiru dorre: dorre gotortuak bi, gerra antzik ez duen gotiko polita hirugarrena;  bada adreiluzko bestelako etxerik ere: udaletxe ondoan dago bat, antzinakoa, handia eta poxpolina izatea lotzen dituena: adreiluzkoak dira gutxienez lau eliza: 1.-Dom: burgo bat da, harresiz inguratua, etxetxoz osatua. 2.- Auskalo ze sainduren izena daraman bigarren eliza batek kanpo aldetik zutoinetako santu-irudi ugariez gain adreilu beltzeko ilarak ditu adreilu ilunezko hormetan; barrutik, pulpitu pean du aldarea; adreilu gorri biziak, antzoki itxura ematen dion zutoin gaineko zurezko koruak, zur tailatuko filigrana den erretaulak, kapila bateko triptiko tailatu ikusgarriak, hormako freskoak, jauntxo familiakoren baten senarra bi semeekin eta emaztea 6 alabekin harrian zizelatuta dauden aldareak, bonbardaketak zehetu ez zuen beiradura zatiak, kolore leuneko lorez pintatutako gurutzadura eta presbiterioko sabai dotoreak, ezpatadun santu-irudi kariatideek eusten duten pulpituak, organo barrokoak, eta hainbat bitxikeriek museo bihurtzen dute. 3.- Teilatu sendo zabala eta pikea nabarmentzen zaio hirugarren bati. 4.-Laugarrena oraintxe berreraikitzen ari dira, hondakinek soilik iraun dute orain arte.

 

Che Gevararen irudi ezaguna pintatu du horma batean nostalgikoren batek, ongi dago memoria ez galtzeko edo zirrikituren batetan utopiaren izpi bat bederen bizi mantentzeko.

Inor ez dabil herrian, agian zaparradek garbitu egin dituzte kaleak jendez ere. Lau taberna ezik dena dago itxita. Kaleko obren antolamenduz, badirudi gerra erasoetan bezala, hutsik utzi dituztela kaleak turista inbasoreentzat.

 

Lehenengoz ikusi dut telebista etxetik atera ginenetik, futbol partidu bati begira, pizzeria batean afaltzen ari ginela.

 

Turismoak badu etorkizuna Alemaniako Ekialde honetan.

 

100 kilometro, ia denak, bustiak.

 

 

Ekainaren 10a. Astelehena. 39.a

 

Labirintoa bilakatu zaigu Berlin zein kanpin ingurua; sentipen mingotsez goaz, noraezean, haserreak ere sortu baitizkigute gure bide galduek. Agian noizbait obren ondorengo unleitung guztiak desagertzean, erraz irten ahal izanen da kanpinetik, erraza izanen da inguruko labirinto barnetik ateratzea.

Ulitxek ziztatuta daramatzagu txorkatilak, baina goizeko ihintzetan belar freskoaren fereka oinutsetan sentitzea ere eman digu kanpin honek.

Lurrun zuria zen ibaia azalera beltzaren gaina. Bakarka ordez dozenatik gorako bandan etorri zaizkigu txuarrak, txolarreak,  belar haziak janez gure hondarren esperoan, lotsagabe baina mesfidantzaz. Ahate lepo urdin berdexkak uretaratzean ateratzen duen blaustada zakarrak harritu nau: zalapartatsuak dira hegazkadan, halatsu ere uretaratzean. Marroixka baina arraiez ia beltzarana zen ahatetxoak eman dio agurtuz lez itzulia kotxe osoari. Kukuak ere jo digu bere agurra.

 

Burokrazia omen Gobernu Demokratikoaren bekatua, baina ikasi dute, laster ikasi ere, agiririk ez ematen, zergarik ez ordaintzeko.

 

Erraz eta berehala atera ahal izan dugu autobidera, tranpaz, azkenerako bidezidor ez ofizialak ere ikasiz. Ohiturei jarraituz, ordea, zaildu zaigu berriz ere norabidea gutxien espero genuenean.

Berlinetik Rostockera autobidea bera ere obretan dago, bete-betean. Hitlerrek jarri eta orain jasotzen ari diren zementu tonak, mendixkak osatzeko haina,  non gordetzen edo botatzen ote.

Itsaso berde barean, handitu egiten dira noizbehinka uhinak, harrotzen den itsas handia bailitzan, ondoren berriz ere baretzeko. Laku eta urmaelek, ur geldi eta belardi hezeek osatzen duten natu-guneko paduretan ikusi ahal izan ditugu hegazti lepo-luze sailak, elur multzo antzo, udazkenean Doñana edo Nafarroako Pitillas aldera hega egingo duten bidaiariak dira.

Behi aldrak ikusten dira denean, bai lur barruan baita itsas inguruko lurretan ere. Komunako elkarlanak jarraipena du, agian bakarren batek jarri du bere negozioa.

Buru makur zegoen behi saldoa eguzki errean, laukotea ostera sastraka eta arbolatxo peko gerizan:  taldeko buruak noski, indartsuenak. Zerria ez da gizakiaren antza duen izaki bakarra.

Bost asto batera larrean, gaurko gizartean errimea ez den ikuskizuna.

Arto-sailak noizbehinka.

 

Jasotzen ari diren industriguneak, bakar batzuk ezik, Euskal Herrian ohi diren pabilioi txikiak dira. Industria estrategiko handiak Mendebalerako gorde dira, horrek baitakar aberastasuna eta boterea. Horrela Ekia beti egonen da Mendebalaren menpe. Amerikarrek alemaniarrekiko izan zuten jokabide bera du Alemaniako Mendebalak Ekiarekiko.

 

Poloniarren gidaera ere hala-moduzkoa da, patxaran egiten dute bestea aurreratzea atzean ilarak sortuz.

 

Atzetik abiadan zetorren Polizei kotxe berdeak kilometroa egin du gure atzetik, eta gero, ziztu bizian aurreratu ondoren, begien bistatik galdu zaigu. Ez litzake harritzekoa jada gure matrikula eta gure nortasuna txakurren ordenagailuetan egotea, ezta Atutxa eta Orejarenetan ere. Hori ez da nire fijazioa edo obsesioa, gaur egun poliziak ezartzen duen kontrola baizik, mugetan kasurik egiten ez digutela badirudi ere. Hainbesteraino degradatu da gizartea, askatasuna, eta polizia bera.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.