BIDAIAK 97
Maiatzaren 12a. Astelehena. 8.a -A3.a
“Argia sortzen den izartegia”. Juan Ramon Madariaga:
"Argitik bizitza sortzen da". Biziago gabiltza aurten gu ere eguzkiarekin.
Harreman zoroak dituzte kanpineko txakurrak eta zisneak!.
Bi ahatek zeharkatu dute airea laku gainetik, beste batek ebaki du lakuaren ur azala triangelu gero eta luzeagoa marraztuz: adar bata luzeagoa duen V kulunkaria; jauzi bizkorra egin dute bi enarek ur azala astinduzko ehizan.
Asko bakandu da elurra mendiotan, azken egunotako eguzki eta epeltasunaren eraginez, soiltzen hasi zaigu tontorron buru zuria.
Ingelesak dira nagusi kanpinean, adinekoak, nola ez.
Dutxetako bakardadean imajinatu dut egunen batean atutxaren batek bideo-kamara jarriko digula komunean ere. Gerra bat beharko da Barne Ministerioei boterea kenduz Gobernuak berak eskuratu dezan agintea eta ahalmena.
Alemaniako tirolerriak gogoan, pintura gehiago espero nuen etxe fatxadetan, baita gurutze eta santu-irudi sarriagoak ere. Zura da gehiago dagoena agian Austriako Tiroleko etxeetan. Hemengoak baino biziagoak gogoratzen ditut Alemaniako herriak, ez ostera Ego Tirolekoak, Italiako Brenner edo Brenero bestaldekoak.
Lauzpabost edukiontzi ezberdinetan gutxienez biltzen da zaborra Austrian, Tirolen behintzat.
Bada kanpin ondoan baserri bat, dotoretasunik gabe ahaztu samarra dagoelako agian petoagoa: atzo eguzkia hartzen ikusi genuen gizon zaharra bere tiroldar kapelarekin, libre dabiltzan oiloz bilduta; gaur korta egiten ari zen eskorgaz simaurra atereaz: Austriako herritxoetan edo baserrietan ere kanpotik dira nonbait gazteak. Beherago goldaketa aurreko simaur zabaltze mekanikoan dabiltza zenbait nekazari traktorea baliatuz, goldaketan beste batzuk errepidean bira eman eta zoru dena kakaztuz.
Militar kamioia ikusi dugu bigarrenez auzo-bide berean: ejertzitoa nonahi eta beti.
Izugarri erraldoiak dira bai eski jauzietarako zidorra bai biltzen duen mailadia. Aparteko behatokia da jauzilekua, Insbruck gainaldean, hiria zabal oinean, Alpe erraldoien kate elurtua alderik alde eskenatokiaren dekoratua bailitzan aurrean. Aita Sainduak muntaia honetan eman zuen meza bisitaren batean plaka batek dionez. Mitin batean plaza hori betetzen duenak badu jarraitzailerik!. Olinpiadetako antolakuntza da, turisten bisita-leku, zurez eraikitako etxetxo kafetegi zerbitzu eta abarrak zuhaitzen artean: oso polita eraikiz baina triste itxurakoak gaur egun, marguldu itxuraz, zainduta dauden arren.
Hiri arrunta ikusten da Insbruck goitik begiratuta, mendien ingurua du zoragarria. Kale-sare arteko paseatuzkoan da xarmanta hiria.
Mutters. Natters bezala gaintxo batean dagoen nekazari herritxoa da. Gureetan txaletak liratekeen eraikinetan daude kortak. Tranbia heltzen zaio bertaraino mila bira ondoren: erakargarria izanik, ez dabil turistarik.
Larrutu egin gaituzte autobian, bostpalau kilometrogatik 500 pezeta. Alferrikakoak ziren kilometroak, hain zuzen; nondik norakoa erosoago aurkitu asmoz sartu gara, okerrekoa zen norabidean.
Gaintxoetako ikuspegi ederretatik egin dugu bidea hasieran, izeidia zeharkatuz ondoren.
Igles. Uderria, etxe eta hotel sendoz hornitua. Eliza bere txikian eta xumean, tiroldar barroko petoa da.
Barrenetik hartu dugu Brenerora; autobiaren zubia dugu gainean, 190 metrotik gorako erraldoi garaia, munstroa benetan; txikiak ikusten dira kamioiak han goian: zenbait harrotu eginen da paisaia hausten duen tamaina honetako astakeriarekin, “ze teknika” esanen du.
Pakete handi edo fardoak egiten dituzte zaborrarekin zabortegi handi batean, ondoren pilatu eta ertzak pinu-azalez estali: beteaz doa mendi-zuloa. Agian leku gutxiago erabiltzeko era bat da.
Gurean baino abiadura motelagoan dabiltza autoak errepideetan: gaitzespen argi-xaflak bota dizkit gidari batek ehuneko 70eko abiaduran aurreratu dudalako, errepide lasai eta artez batean bazen ere.
Errepide nagusia utziz, barneko bailaretan sartu gara gaur, batzuk estuagoak, zabalagoak besteak, denak antzerakoak, denak politak: goietan harrizko tontorrak, beherago izeidi iluna, zelai belusatu berdeak belar lehorra gordetzeko zurezko txabolatxoz josiak, etxe banakak edo etxe multzo luzexkak maldan, herritxo hasiak haranean. Erakargarriak dira kanpotarrontzat Tiroleko bailarok, halako miresmena harrotzen digute: zurezko etxe ilunak horma argiekin, fatxada pintatuak, eliza-dorre zorrotzak. S.Kristobal bidaiarien zaindariaren irudi pintatua dager edonon: bidaiarien pasabidea da izan betidanik lurralde hau. Noizbehinka Maiatza txikitxo bat; atzo ere ikusi genuen beste bat; bada maiatza bere etxe aurrean duenik ere. Ile trinkodun ardiak ezik ez dugu beste aziendarik ikusi.
Matrei. Erratu garelako jo dugu bertara, baina merezi izan digu erratzeak, bailara oso polita baita: Austriatik Italiarako errepidea, autoteri eta garraiogintza gehiengoa autobiatik badabil ere. SEAT garajea dago herrian, Austrian ikusi dugun lehena
Ugaria da gela eskaintza, edonon dago "zimer" karteltxoa, ugariak hotelak: udaleku zein negulekuak dira hauek
Stubai harana, oso populatua dagoen bailara, gainezka egiten ari da etxez, teila iluneko orban beltza gailendu zaio berdeari.
Fulpmes herritxoak badu bere Madison zubia. Volderau eta Neustift herriek, berriz, hotel tiroldar sendoak eta jatetxeak. Ez da erraza argazkiak ateratzeko aukerarik aurkitzea, errepide bazterretan ez baitago zabalgunerik.
Errekarro pikean goaz, Aostakoak gogoratzen dizkigu errekak: gorago eta meheago baina beti betea, bizia dator, harrietan lehertuz, aparrez zuri, ur-jauzi ezberdinen kontrapuntuz sinfonia dirudien ur-soinuarekin, ur-jauzi eta errekasto ugari gizenduz; baina errepideari erasorik egin ez diezaion edo, gizartetu egin dute, hesiak jarriz, ustelki zibilizatu; zementuaren ordez harria erabili badute ere galdu egin du naturaltasuna. Hesiak jartzea da gizarte honen izaera.
Muttergerg: ber-bertan dugu elurra. Negurako antolakuntza itzela da: milaka autoentzako aparkalekuak, hotelak, kafetegiak, bertatik baitoaz 1730 metroko garaieran dagoen glaziarrerako teleferiko sarri eta ugariak. Lainopean daude gaur tontorrak. Zabala eta ondo zaindua da bertarako zabaldu duten errepidea.
Herri nahiko haziak dira, etxe-sail zabalekoak, udatiarren eraginez koskortuak seguru aski, bertako biztanle betikoak hainbeste ez badira ere. Udaleku petoak; turismoak, turismoaren negozioak, aldatu du paisaia. Ez da nekazaritzarik ikusten; belardi finak dira lurrak, berde gazte, argi, intentsu, gordin, trinkokoak, txabola ugariz zipriztinduta.
Etxe-hormen kontra, teilapeetan, txaboletan ere, egur trokoteak, zerraz ebakiak, berriki ebakiak nonbait oraindik argi baitaude ebakidura, prepezioz eta txukun tolestuta hurrengo negurako prest, Sakanan bezalatsu.
Elur-jauziak dira hemen Euskal Herriko lur-jauziak: errekaraino eroriak daude milaka tonako elur piloak, gogortu eta ilunduak; ez da ez polita ez atsegina.
125 kilometro, barne-bare egiteko lasaigarriak; bailara berde bateko herritxoak ikusizkoak, Tiroleko bihotzean.
Lasaia dago kanpina gauerdiko komunetarako paseoan. Argi gutxirekin, ez dakit apoa ala igela den, adi bezala dago, oso geldi, zirkinik egin gabe, asfalto erdian, lakutik irten berri bezala: ukitu egin dut atzetik eta lotsagabeki jiratu zait aurpegira jauzi egiteko mehatxu tankeran. Beldurti agian, baina arrazoi guztiarekin ez bainuen zergatik zirikatu behar. Han gelditu da beste zirkinik egin gabe.
“Ez duk erraza, konpai!". Koldo Eizagirre:
Korapilatsua behar du izan turistarentzat Cuban moldatzea.
Maiatzaren 13a. Asteartea. 9.a – A:4.a
Zisnea ez da ia lakutik ateratzen txakurra azaltzen ez bada.
Ez genuke jakingo zein den bertako austriarra, zein alemaniar ilehoria, zein atzerriko beltzarana: bidegurutzea izanik Tirola, arraza ezberdinak eta jatorrizko biztanleria nahasturik daude nonbait.
Eguzki-gose dira ingeles kanpin-kideak, solarium batean lez borobil horiari begira ekilorea bailira.
Simaurrarena da Nattersen maiatzeko udaberri usaia.
Insbruck
Wilten Kolegiata, barroko tiroldar ederra; argazkiek diotenez erabat hondatu zuen gerrateak 44an, baina erabat berritu dute alemanek horretarako duen sen berdina erakutsiz. Tailatuta dago bankuteria osoa.
Wilten Basilika, aurrekoaren alboan. Tiroleko rokokorik onena omen da; filigrana gehiago edukitzea da albokoarekin alderatuz ezberdintasun nagusia. Argia da, ia zuria, zuritasun horrek freskoak gehiago nabarmentzen dizkio. Amabirjinaren erresel erraldoia, presbiterioan alde bietako balkoi zuriak eta bankuteria osoko tailak lirateke bertako xehetasun bereziak, ez dira baina bereak artelan ederrenak.
Museoak. Era ezberdineko mila daude hirian; guk kanpaigintzarena aukeratu dugu, bertan ere kanpaiak egiten diren museoa. Bitxikeria izan da, kanpaiak egiten ez dugu ikusi baina kanpaiak egiteko prozesu osoa ikasi bai; fabrika ikusi dugu; kanpai ezberdinei kanpai-hots ezberdinak atera dizkiogu eta soinu armonia ezberdinez jolastu dugu.
Unibertsitateko S.Juan eliza: pulpitua du ezohizkoa, bai kolore berde argiagatik baita eliza erdiko angelu batetan kokatuta dagoelako ere: aurrekoentzako gordeta, badirudi erditik atzerakoentzako zela sermoia, azkeneko etorritakoentzat; zur inkrustatuz edertuta dago bankuteria; ia elizpean bertan koadrotxo polita duen kaperatxoa.
Alde Berria: berria arren, etxeak kolore bigun ezberdinez margotutako egitura apaleko etxez osaturiko kale zabalak ditu.
Atzo hegorantz jo genuen, gaur Mendebalera, Tirola ezagutuz jarraitu asmoz.
Kaleetako unleitun batek nahastu digu norabidea, nire patxada ernegaraziaz, arratsaldeko autozko ibilaldia hasterakoan.
Zirl. artaburuak daude teilategalpeko balkoiko langetan lehortzen.
Ehuneko auskalo ze desnibel duen aldatsa: goitik behera larri liratekeen kamioientzako goranzko aldapara bat jarri dute noizbehinka errepide ertzean, gureetan hartxintxar saila jartzen duten bezala.
Hotelak, ostatuak eta oheak iragartzen dira batez ere errepide bazterretan. Ugari.
Gaintxotik goaz, ikuspegi ederraz gozatuz, bailara berdea behean eta mendi gailen elurtuak dena bilduz goietan: aspertzen ez gaituen Tiroleko betiko ikuspegia.
Seefeld. Goi bateko lautadan kokatua, mendi eta izeidiz inguratuta, uderria edo neguerria, lasaia bezain irtirina; hotel ugari, denda erakargarriak, eski jauzietarako zidorra, eski lekuetarako garraioteria eta lakutxo bat. Eliza ere bere neurrikoa du, gotikoa; erretaula ordez triptiko handi tailatu antzinakoa, ikusgarria; badu bigarren triptiko tailatua, txikia; antzinako fresko ugari hormetan; pintatutako irudi nanotxoz potxoloa den bataiarriaren tapagailu landua; hainbat irudi eder polikromatu; gurutze-bide pintatua; mailadi zabal bat igoz kapera barrokoa aitasantu iruditxo ugariekin; sarraila eskerga eta atea berez ixteko herriko injineruaren, agian sakristauaren, asmakizuna.
Jatetxea bilakatu dute klaustroa, eta upategia jangela.
Bailara bikoitza dugu ikuskizun behera bidean, biak erakargarriak, Tiroleko ikuspegi peto paregabea eskainiz. Atzokoa erreka-zuloko bailara bazen gaurkoa ibai zabalaren inguruko harana da, atzokoak bezain erraldoi eta ederrak alboetako mendiok. Hobeto ikusi ahal ditugu mendi hauek bailara zabalagoaren erditik: txapel zuria nabarmen ezabatzen doakie egunotan: elurra ere ez da betirakoa.
Ur jauziak, eski jauzietarako zidor pikoak, monasterio itxurako eraikuntza tzarra, nola ez gaztelu handiren bat tontortxoan, belar lehorra gordetzeko txabola ilunak belartza berdean, fruta arbola saila loratuta zuri, trenbidea beti, eta noizbehinka trena...: Tiroleko bailara, atsegina hau ere.
Zenbait herritako etxeek zur gehiago dute, baina ia ez da irudi pintaturik: xumeagoak dira herritarrok, agian praktikoagoak. Irudi pintatuko horma zuriko eraiki gehienak hotel edo jatetxeak dira: ederrak eta sendoak tiroldar itxurakoak.
Errepidean orain arte ikusi dugun lehen SEATa, Ibiza modeloa: tokatzen ez zaion abiaduran, bizkor, aurreratu gaitu. Espainiakoa izateak, autoa bada ere, berezkoa ote du ezberdinki portatzea?.
Imnst: harrizko laukitxoak dira errepideko zebra zeharbideak. Xingola luzea da herria. Amildegian dator ibaia, harriartean ehota, ia ur-kolorerik gabe aparrez zuri, ozen; tamalez auto hotsa gailentzen zaio, etengabeko auto ilarak kentzen baitio bakea ez ezik patxada, grazia, eta kalean ibiltzeko aukera. Zatarra da plazatxo bateko kapera, baina Tiroleko ezaugarria. Aspaldikoak dira zanpazar edo joareak herri honetan, Inbrucken ere, Iturenen bezala: hemengoek aurrean ere badaramatzate zintzarriok.
Tiroleko janzkera gutxi ikusten da, bakarren bat soilik.
5.100 metro luzerako tunela, ezker-eskumara bihurguneak dituela gainera.
Zementuzko dorrea, piramide luze zorrotza lurretik bertatik zerurantz.
Otztal bailara.
Tontor sendoen orpoan, izei berde gazteak edo berde ilunak magal pikean, berdegunea malda leuntzean, herritxoa berdegunean. Errepidearekin bat doa ibaia: bizi doa hemen ere; zabala da, axala, harriartean irristatuz, lasai ibiltzeko aukerarik eman gabe: indar gehiegi darama gardena izan ahal izateko. Madison zubiak, batzuk estalperik ez badute ere: giza sentimenduez ari da pelikula, lurralde honetan ere izanen da halakorik. Zabaldu egiten da tarteka bailara, zabalgunean harkaizpeko herritxoa jaio zen. Jauzian dator ura goitik behera, apar zurizko harian, mendiarte eta haitz-gainetan gainbehera; nonahi era guztietako errekatxoak, ur-jauziak, elur errekak, elur jauziak, zikinak hauek ere erromantizismoari tarterik utzi gabe. Zurezko etxe, teilape eta txabola; pintatutako etxe guti; hotela franko, hauek bai Tirol erara pintatuta. Hainbat kanpaleku. Balkonada sendoak, bertako ezaugarri, erakargarriak. Atzoko herrietan bezala, hemen ere ez dago Maiatzik. Ile trinkoko artalde txikiak noizbehinka. Behi etxalderen bat, behien kolorekoak dira zurezko eraikuntzak ere, marroiak. Zaldiren bat. Gutxi dira sutarako egur trokote tolestuak.
Bada errepide ertzean elurrari monumentu bat: harri zuri moldeatua, inola ere ez erakargarria.
Gizatartu ordez, berezko naturaltasuna kendu dio bailarari errepideak: zaindua eta zabala da, hor goietako elurtzetan negozio handia baitago, Soldes ibaitik gorako glaziarrean batez ere. Motor-hotsa dugu gaurko musika ere, errekaren soinuaren ordez. Aostako bailarak berezkoagoak ziren, naturalagoak, agian errepideak hemengoak bezain erosoak ez zirelako.
Gu geu ere hemen gabiltza gure motor ke eta hotsez bailara kirasten!!!.
Dorre gorria dute Tiroleko eliza gehienek, teilatua ere askok.
Berezia izan behar du bailara onek neguan, dena elur denean, bereziak hilabete luzeetan elurrez estalitako lurraldean bizi behar duten herritarrak ere.
Eguzkia ez da sartu ere egingo bailara honetako zenbait zokotan, eguerdian gorenean dagoenean ez bada.
Banaka-banaka askok aurreratu gaituzte neurriz gainezko abiaduraz, motodun poliziarik ez dabil nonbait hemendik.
Au, Euskara batuaren aurretikako herritxoa.
Ez da kanpaleku bat bera ikusten, erreka kontrako zelaiak tentagarriak badira ere.
Solden ibaiak bitan banatutako turisterriak erreka eta mendi elurtuak dituzte batez ere eskaintzeko.
Hube, gramatikalki akrata espainiarra.
Herri berria. Dena da antolakuntza, dena dotorea, dena Tirol kutsuan bildua.
Hirugarrenez ikusi dugu teilatu batean dotoregarri edo beste zerbaiten ezaugarri den tramankulua.
Oetz. Arratsean, eguzkia gordetzera doanean, gainaldetik berari begira bertan geratzeko gogoa sortarazten digu, hain dago polita dorreko kanpai soinuz bilduta.
Ordezko edo ezohizko bide batetik hartu dugu Insbruckera.
Madison zubi zoragarria errekatxo zoragarrian. Pikoan egin dugu luze goiko mendietara, 2021 metrotara heldu arte. Otztal bailararen ikuspegi zoragarria du hasieran, herritxo batzuk ondoren, gero gu gora eta erreka zuria behera, kontrabidean baina beti elkarrekin, izeiz inguraturik. Hemen bata bestearen ondoren datoz Anboto zein Aizkorri, errepikatuz bezala, beti duzu Anbotoren bat aurrean edo Aizkorriren bat alboan. Belarriak durdurioz, geu gara bertan bidaiari bakarrak, aukerako lasaia bihurtu zaigu bidaia. Noizbehinka erreka-zulo bera da errepide leku, lurralde goietan bertan. Elur moltsoak hasieran, azkenez elurra dugu inguru osoa estaliz, errepidea soilik dago garbi. Bertan ditugu ur-jauziak ere. Txundigarria. Enbor luzeak luzeran erdibituak dira errepide-hesiak, ohizko metalezko babes-hesien ordez. Urtegia goiko lautadatxo sakon batean, elurrez inguratuta dago baina bete gabe aurkitzen da, elurra noiz urtuko zain nonbait.
Kühtai. 2.021 metrotara, oraindik elurpean, eski zaleak erakartzeko elurraren inguruan sortutako antolakuntza, eski-gunea. Ez dago herririk. Tontorretara hainbat garraioteria, eta hotela franko, tiroldar kutsua gordez. Gehiago dirudi eskizale apalentzako asmatua, igandezaleentzat batez ere. Insbrucketik errepide zabal zaindua du, askotan errepideak amildegia badirudi ere % 17tik gorako gainbehera pikoan.
Artalde bat tunel ireki horietako batean, lasai, fin jotzen duen haizetik babestuta, elurretik urruti eta lehorrean: nork zioen ardiak leloak direla?.
Uraren kontra egin badugu lehen, errekaren alde goaz orain, alderantzizko isurialdera, gure etxetxora bidean. Hainbat herritxo eta kapera polit: Tiroleko ezaugarri bezala atera nahiko nieke argazkia baina arriskutsua da errepidean geratzea. Goian ditugu mendiak berriz ere, beraien oinetan gaude.
Ez diete ibaiei izenik jartzen zubiz zeharkatzean.
Eliza askok du pope txapela: nonbait ortodoxoek izan zuten indarra lurralde honetan.
227 kilometro, gustagarriak, gozoak, izan direlako, ez hain luzeak.
Tiroleko bailarok ezagutu eta ibili ahala, bertara joateko irrika sortzen dizuten bailara eta zoko gehiago aurkitzen dituzu. Baina bihar bagoaz.
Igelak ibiliko lagunak laku ertzean, gau erdiko azken ibilia egin dut zerbitzugunera, egurats epelean, gorantz ia laurdenean magikoki gordetzear zegoela mendi ostean ilargia.
BIDAIAK 97
AUSTRIA
Berrikuntza lanak autobidean, hemen ere; astiro joan beharra, askoren ernegua. Autobidea goitik doa, ia dena bide-zubi, behatokia bailitzan. Malda izugarria du. Behean herriak zingladan, ilaretan luze, teilapeko triangelu behealdean orma zuriak, polit. Belarra gordetzeko edo, zurezko txabola ilunak zelaietan, ugariak, berdetzan nabarmenago. Mendi garaia da inguru guztia, elurra gaineria, etxe ilunez jositako berdegunea magalak: Heidiren lurralde idilikoa.
Euri tanta batzuk, baina gaur ez du trumoiak jo.
Austrian ere errepideko polizia, axeriki ezkutuan, harrapari.
Kanpalekua.
Natters herritxotik gertu, tontor elurtuez inguratuta, laku baten alboan, jarri dugu gurpil gaineko etxetxoa, lakua bera aurrean, mendi zuriak ostean, ia gainean tontor ikaragarri bat eta laku gainetik urrutira mendikate elurtua, dena baita hemen mendi elurtua: Sakanara ohituta gaudenontzat ere paraje zoragarria. Dena da belar ingurua, dena izeidi erdigunea, dena elurra goiak.
Maiatza du gure herritxoak, iaz Alemaniako herriek bezala, baina Maiatza honek arrama berdez egindako bi girlanda borobil ditu, Alemaniakoen bakarraren ordez, bata bestea baino handiagoa, goietan zintzilikatuta. Dottorea da eliza-dorrea ere, gureetakoen ezberdina behintzat.
Kanpin-harrerako neskak ez du Euskal Herriari buruzko berririk: "Espagnoli", esan du italieraz esplikazio guztien ondoren. Pasaportea nagusi!.
Insbruck.
Gauez eta denbora laburrez baina giro magiko batean duela bi urte ezagutu genuen hiria. Gaur jauntxo pasa dugu azpitik gure autoz ez dakit zein erregek bere eztei oroigarri jasotako arkutzarra. Tranbia du hiriak: seinale ona. Dena dago itxita, dena hilda larunbatean; arratsalde baketsuan lasaigarriak zaizkigu kale bakartiok, bidaiako nekea arintzeko aproposak izan dira kaleetan egin ditugun bi orduak.
Insbruch: bertara etorri, ibili, begiratu eta gozatzeko hiria, begiak zabaldu eta ikusi, merezi du-eta: kapritxozko hiria baita.
Kale zabalak, edonora begiratuta, beti dago, bertan hur, mendi elurturen bat. Edergarriz josiriko etxadi ederrak, kolore ezberdinez pintatuta bakoitza. Alde Zaharrean zutabe mozkote karratu izugarri sendozko arkupeek dendateria ederra gordetzen dute; denda bakoitzaren salmenta iragartzen dute zintzilikario polit eta bitxiek; bi solairuko balkoi famatuak urrezko teilatua ez ezik harrian tailatutako iruditeria polikromatutako bikaina eta freskoak ere ditu; begiratzekoa da dorre zaharra txano ortodoxo berdearekin. Zabal, oparo eta kantari, baina berdoxka, doa Inn ibaia. Katedrala barroko izugarria da, dena arrosa eta urre kolore, bertan dena da argia, erakargarria, jauregi bateko saloi erraldoi ikusgarria dirudi: ganga pintatu urre-kolorekoa, pulpitu harrotua, organoa, orman itsatsita dauden giltzapeko atetxodun aitorlekuak; eta hainbat bitxikeria, zeinetan pinturetariko bat Cranach Zaharrena omen.
25 pzta kobratu didate txiza egitea, afaldu ordea goxo eta modu onean afaldu dugu arratseko azken argian menditzar elurtuari platerari haina so.
Marmario bizian haserretu zaio traje gorbata bibotedun gizontxo italiar dotorea lurpeko aparkalekuaren ordaina jasotzen duen makinari, txanponak eskuan hurbildu, 20 txelineko papera makinan sartu eta azkenik ehunekoa atera izan behar baitu.
428 kilometro: nekatu gaituzte, Insbrucheko ibiliak atsedena eman badigu ere.
Gauerdiko freskuran, izarrak sabaian, lakua alboan eta gaueko isila belarrietan, komunetarainoko paseoak garai batetako gau-ibilien gomuta kilikagarria bizi arazi dit.
"Ez duk erraza, konpai". Koldo Izagirre:
Nolako maitasunez eta errespetuz, kritikotasunik galdu gabe, idazten duen Cubari buruz. Eskertzen da baretasun eta oreka hori.
Maiatzaren 11a. Igandea. 7.a – A2.a
"Argia sortzen den izartegia". Juan Ramon Madariaga:
*"Zer dela eta eleztatu beharra?". Hori bera diot nik gauero egunerokoa idaztera jartzen naizenean, poesiarik idazten ez badut ere.
*"Isiltasunak ez du balio". Horregatik egin behar da garrasi gizarte honetan, tarteka armen burrunba da zoritxarrez entzuten dena.
Ezberdinak izan arren asko errepikatzen dira azkenerako bidaietan esperientzia, sentipen eta bizipenak. Oso barne aberatsa behar du izan ibiltariak bidaia ezberdin bakoitza barnetik ere ezberdinki egiteko. Errepikamena baita bidaia kontuetan ere ibiltari gehiengoaren lora edo arantza. Lekuak, egoerak, ikuskizunak, ezberdinak badira ere, ibiltaria beti da bera eta berdina, bere erreakzioak ere betikoak edo antzerakoak.
Zergatik dute hain gogoko umeek gaintxoetan ibiltzea, horma gaineko ibilia, aitonaren eskutik bada ere: jolasa ote zaie soilik, abentura sena, ala nagusiei parekatzea nahi dute sikiera garaieran?.
M. Luisak oso txikia zela egunkaria jartzen omen zuen lurrean igo nahi zuen gaitxora heldu asmoz: ikasia zuen nonbait azpian zerbait jarri beharra zegoela heldu ezin zen lekura igotzeko.
Baso asko egonik ere, ez da ia txoririk, ez txori-kanturik, nabari kanpalekuan, zozo bakarren bat ez bada. Berdin gertatu zaigu Italian ere. Eginak daude nonbait bikoteak eta habiak.
Zisnea dugu lakutxoan, polit egiteko jarria dirudi, ongi betetzen du bete ere zeregin hori: dotoretasunez paseatzen da, maiestatez, lakua zeharkatuz. Kanpoan ordea borrokan egiten du zaintzailearen txakurrarekin: honek luma batzuk kentzen badizkio ere, gure zisnea ez da kikiltzen rifi-rafean, txakurra dagoen tokira joaten da lur barruan ere bere lurraldea defendatuz edo jabegoa iragarriz, txakurra bere ugazabarekin noizbehinka agertzen denean. Aldizka berriz, zisnea jartzen zaio laku ertzean uretan aurrez-aurre txakurrari, erronkan bezala, lasai, badakielako txakurra ez datorkiola, zaunka soilik eginen diola ertzetik. Gizartearen irudia. Bestaldeko ertzetik ere zaunka egiten dio noizbehinka zakurrak eta zisnea txakurra dagoen aldera doa erronkari. Ez dakit lurraldetasunaren defentsa soila ala jolasa ere den. Elkar behar dute agian.
Berresan beharrik ez dago adinekook garela kanpin eta hiriotako ibiltari eta bidaiariak.
Paraje zabalak ere badira Tiroleko mendiarteko bailaretan, herriz eta etxez beteriko berdeguneak. Eski jauzietarako irrista-zidor handi nahiz txikiak ikus daitezke han-hemenka. Dorre eta jauretxeak ere ikusi ahal dira noizbehinka, baita goietako etxe eta elizak ere. Etxe txikiko herriak nahiz etxe-sail trinkokoak. Sakanan baina atzeratuago dator garia, burututa utzi baitugu Etxarrin.
Hall in Tirol
Turistentzat zaindu eta apaindutako herria, harrizko lauki txikiz zolatutako kaleak. Aldapan dago turistentzako hirigunea. Heidi aitaitarekin menditik jaisten zen herri horietarikoa: ateak, hormetako pinturak, dendetako zintzilikarioak, erakusleihoak, heldulekuak, ateburuak, ezkutuak, kale-kantoiak... mila zertzelada goxo begiratu nahi duenarentzat. Behatokia da herri osoa, edozein kale-kantoitik, edozein norabidean, mendi elurtuak dira kaleetako ikuspegi ederra. Sarreran bertan ditu lau dorre ezberdin, bakoitza berezia. Eliza alboan bada teilape luze bat hilobiak gordeaz berezia.
Eliza. Tiroldar barroko petoa: freskoak ganga eta hormetan, pulpitu landuak, aldare loratuak: giro, argitasun eta koloretasun berezikoak, guretzat ezohizkoak, gureetakoengandik ezberdinak. Merezi du elizetara sartzea Tirolen. Bitxikeriak ere aurkitu daitezke noizbehinka: ia 100 garezur gordetzen ditu kristalezko bitrina, beira-arasa, batek, garezur bakoitza bere koroarekin; sendotasunez egindako sarraila eta heldulekuak ere deigarriak dira, tamainaz eta egituraz bitxiak.
Jesuiten eliza: urre-kolorea nagusi duen erloju bitxia aurkitu dugu: eliza erdian dago, baina sabaian, ganga erdian. Aitorleku tailatuak: aitorle, bekatari edo bekatuek ez nolanahiko dotoreak behar dute hemen.
Etorri, ibili eta begiratzeko herria hau ere, mila zoko polit bilatuko duzun segurantzan. Igandea izanik turistei utzia dago gaur: herritarrek alde egin dute edo etxeko patxadan gordeta daude.
Absan herrira jo dugu bi gazteluren bila; zurezko dorre-teilatua duen bat aurkitu dugu, baina ez dugu bertatik ikusterik izan, utzia dirudi. Ez nolanahiko S. Kristobal baten irudiarekin tope egin dugu, baita teilategal eta balkoi sendoko etxe ugari ikusi ere.
Kolore arrosa eta zuriz pintatutako eliza errepide ertzean, jendea gerarazteko hainbat baliabide eta erraztasun eskainiz: bada apaiz argiren bat bertan.
Wattens: industria-herria, baditu teilatu-hegal sendo zabaleko etxeak, pinturadun fatxadak eta Maiatza. Arrama mardul guriekin eginda daude maiatzaren bi koroa edo biribil zintzilikatuak, plaza berriz ia lurretik abar berde eta sendoz arramatsu hasi diren bi makalek edertzen dute.
Ikustera zoazen edozein herrik du halako misterio erakarpen edo kutsua, ze bilatuko, nolakoa izango, aseko zaituen edo bertara bidaiak mereziko duen: "ote" guztien mina, ziztada, erakargarritasuna eta xarma.
Schawaz
Turistei utzia hau ere. Sarreratik bertatik da polita. Fatxada batean erraldoi pintatuta ageri den S. Kristobalen bizkar gaineko niñojesusa barrezka dago, pozik nonbait “andandoan”; estatua sendokote batek zaintzen du etxe-kantoitik plaza; apalak dira, ilunduta daude, baina pinturaz dotoretuta ditu leiho bueltak udaletxeak. Katedrala da herriko ikusi beharreko nagusia: sarreratik bertatik sortzen du halako sentipen berezia, zerbait ezohizko duen sentsazioa: gurutzadurarik gabe, lau nabe eta bi aldare nagusi ditu, erdiko nabe bakoitzak berea; garaia izanik, oraindik garaiagoa egiten dute zutabe meharrek. Gurutze-bide tailatua ederra bada ere, harri gorrian zizelatutako bataiarria egin zaigu bitxia, sabaiko poleatik zintzilikatutako soka sendoz jasotzen zaion estalki borobilagatik. Sekulakoa da organo barrokoa, tronpeteriak inguratu egiten du elizako zutabetariko bat bera ere. Tailatuak daude gradako bankuteriaren hegalak. Sabaiak ez du pinturarik baina aldare batek sekulako triptiko tailatu polikromatua du erretaula zeregina beteaz. Iztukoz eginiko balkoia presbiterioan. Bada irudi tailatu naifak dituen zurezko zutoihala. Bitxikeria dira prozesiorako zutargiak, bakoitza ezberdina: haga luzeak, kandela buru duten irudi tailatu pitxiz bukatuak, dena kolore argiz pintatuta: sekulakoa behar du izan prozesioak!. Ezohizkoa du klaustroa, zabala, gehiago deritzot parkea, bueltako adreiluzko arkupea ere ez baita ohizkoa; ezohizkoa ere putzua: estatua edo oroitarria dirudien harrizko zilindro mehe luzea, atetxo batetik jotzen da barnera eta goiko aterpe batetan du polea; bada mailadi batetik igotzen zaion hildakoen kapera ere.
Komunik eman ez digun herria. Galduta legoke herri honetan igande arratsaldez pixalarri den emakumea, itxita baitaude komun guztiak.
Bere sorterrietako arropez jantzita, kontraste bizia dira arabiar emakumeak Tiroleko herriotan.
Gazte asko dabil kaleetan, auto handi ederretan, musika ozen, abiadura biziz, ume-pijo itxurakoak asko.
Rattenberg
Gaur ikusitakoetan turisterri petoena. Herri tipikoa, baliabide eta ezaugarri guztiekin. Erdi Arokoa, ez du galdu bere jite hura: gaztelu, harresi, ate, pasabide eta gainerako osagai guztiak ditu. Ibai zabala da bere babesa alde batetik. Tiroldar jatorra da herri barrua. Denda dira behe-solairu denak, zabalik daude; kristalezko salgaiak nabarmentzen dira baina betiko potxoloteria politak ere hor daude. Bertako janari jatorra gaztaina, gaztaina arbolak harrizko monumentu edo eskultura bihurtuta daude sarrerako plazatxo batetan. Giro lasaia da nagusi, aurreko denak bezala turistentzat utzia dago eta aurrekoetan bezala geu biok ezik austriarrak dira bisitariak. Ez dago itomenik, bisitariak patxaran gabiltza edo kafe-aurreko mahaietan eserita daude jai-arratsalde pasa.
Herriko eliza: barroko petoa, oso argia, ohi den ezaugarri guztiekin; bi nabe ditu, bere aldarea du hemen ere bakoitzak. Bankuteria osoa dago hemen tailatuta. Harri-jasotzerako aukerakoak liratekeen bi harri handi angeluzuzen daude itsulapiko bihurtuta burdinazko morroilo itzelekin. Agustinoen eliza, barroko peto aberatsa, museo bihurtu dute.
Ederra doa Inn ibaia; atzo berdozka iruditu zitzaidan berari gaur ez deritzot hala, kare-harriak zuritu eta inguruak berdetutako ur gordina baizik.
Zezina jaten da tabernetan, harategietan saltzen ere.
HB jatetxea edo ostatua: izena bera ere debekatuko lioke Atutxak.
Ez dago txirrinduentzako Alemanian hainbat bide-gorri, Insbruck eta inguruetan egon badago ere. Ez dabil ibili hainbesteko jenderik txirrinduz, ibili badabil ere, ez da nonbait hainbesteko zaletasunik.
Ia basoa den parkea egonleku publiko bihurtuta duen gaztelua. Gaur autoek inguratzen dute, autoz beteta daude errepide bazterrak: bertara hustu dira nonbait gaur inguruko herri guztiak.
Erreka ugari dator mendietatik bailarako ibai nagusira, ur zuria, burbuilez oxigenatua, ekarriz.
Zikina, gutxienez iluna ikusten da elurra mendi batzuetan.
Errepidetik egin dugu joaneko ibili osoa, herririk herri, semafororik gabe, gidaritza lasaian haran berdeei eta goi elurtuei so, Inn ibai albotik tarteka. Behi asko dago larrean, simaur likido zein korten usai sarkorrak betetzen du ingurua noizbehinka.
Itzulera, nekatuta jadanik, autobiatik egin dugu: politak ikusten dira urrutiagotik bertatik ikusi ditugun herriak, berdegunean etzanda, gure ahuldura eta nekeari lasaitasuna ekarriz. Etxez beteta ageri da Inn ibaiaren alboetako lautada nagusia, teilatu eta etxeetako zurek iluntzen dute berdegunea.
Italiar, frantziar, alemaniar, austriar... orok darabil bere nazio ikurra eta hizki ezaugarria autoan. Ez daramagu guk Espainiakorik, Madrilekiko auzia medio eta gure nortasuna defendatu beharrez.
Bereganatu egiten gaitu Insbruckek, bertara bueltatu gara nekeak uxatzeko terapia delako kale barreneko ibili lasaia. Hofkirche: bi ilaratan daude gradan gora 28 estatua erraldoi brontzezko filigranazko jantziekin; aparta da marmol zurian filigranazko iruditxoz osaturiko hilobia, forjatutako burdina itzelez gordea grada erdian: enperadoreak behar omen zuen bertan barruan baina hutsik dago, agian bizi zela bisitatuz gozatu zuen hil eta gero gozatu ezin zuen hilobiaz; begiratzekoak elizkizunetarako jauntxoaren balkonada gordea, eta ordularia bere aurrean presbiterioan. Katedralera bueltatu gara: Cranachen koadroa ederra da aldare nagusian, baina markoa eta osatzen duen aldarea ez dira gutxiestekoak, urre eta zilar landuak argira brist.
138 kilometro herritxoz herritxo eraman gaituztenak.
Bidaiak 97
Maiatzaren 9a. Ostirala. 5.a – I:3.a
Distiratsu zeuden eguzkipean belazeko ihintz tantoak goizeko esnatzean.
Ikasturte bukaerako txangoetan dabiltzan ikasle taldeak ikusiz. Irakasle gehienek, ia orok, ikasleen memoria lantzen dute batez ere, bada, agian, nolabaiteko jakituria. Baina ez dute lantzen sentimendurik, fintasunik, barne dotoreziarik, barne ahalbiderik. Ez behintzat helburu nagusietariko edo nagusien bezala behintzat. Agian tarteka, fortunatzen denean soilik. Irakasleak ez ditu umearen barne aukerak lantzen. Agian gelako harrobian harri blokeak ebakitzen ditu soilik. Umea edo gaztea bakardade latzean uzten dute bere barne aukerak tailatzeko lan eskerga zailean. Astuna, askotan garratza, da gazte eta umearen bakardadea: abentura bakartia gehienetan, zer lortukoaren zalantza. Irakasle zein gurasoak bakardadean utzi ohi ditugu gazte-umeok: lagunarte zaratatsuan murgildu behar dute askotan bere barne bakardade eta erantzukizunari ihes egiteko.
Pelikula italiarretako irudi bizi-bizi petoa izan dugu herritxo batean: gure aurreko gidariak ez du errespetatu zebra marretan bizikleta eskuan zeraman oinezkoa. Hau haserretu egin zaio, gidaria jaitsi da autotik eta han iraun dute biek luzaro imintzioka eta oihuka zirkulazioa moztuz.
Motogurdi asko ikusi genuen kostaldean, lurralde honetan, berriz, oso gutxi: gaur izan da bakarrenetariko bat.
Alpeak aurrean ditugula egin dugu gaurko bidaia ia osoa, Anbotoko gailurreria dirudi; elurtuta daude, zuritasun distiratuaz marrazten du zeru urdina han osteko gailur gailen sendo konikoak. Paisaia izugarria da, zoragarria. Erdialdeko Alpeak omen. Geroxeago, urrutira, eguzkipeko bristadan, beste tontor luze bizia ikusten dugu, zuri, ikusgarri, deigarri. Errepide ingurua dena da berde guria.
Udalekua dirudi lurraldeak. Sarriak dira herriak norabide honetan ere, bata bestearen gainean datoz, bakoitza bere semaforoekin.
Erba herrian heldu gara Alpeen oinetara, barren-barrenera. Magalaren ia hasieran dago kokatua herria. Lur-barruko merkataritza herria da, administrari-herria; txukuna, baina ez digu bertan geratzeko konbite tentagarririk eskaintzen, ez da gure turista oinetako zoruak mehetzeko herria. Gidak dioen usainik ere ez du autotik ikusi dugun elizak. Museoak iragartzen ditu errepidean baina ez gara gelditu.
Como lakua. Erbatik irten orduko egin dugu topo lakuaren Lecco adarraren azken muturrarekin. Inguru berdez bilduta, oso polita ikusten da hasiera honetan. Mendiarte digante elurtsu honetan ez da harritzekoa lakuak sortzea. Paisaia ikusgarria da: itsasotxoa mendi garai berdez inguratua, gainetako kare-harri zuria dir-dir.
Lecco. Herri zabala. Txukuna. Etxe handiak ditu, etxe-kuadro ederrak. Mendiak bere gain-gainean dituela, mendi orpoan. Urrutiko mendi elurtuen paisaia paregabeaz gain, lakua du bisitariari eskaintzeko: gaur erdi urdin, erdi berde, dago. Udalekua da, autobiak erraztutako milandarren asteburuko arnasa. Bestela, herriak berak ez du bestelako apartekorik. Harrizko itsasargi zilindrikoaren gainean jasotako dorre garaia litzake bitxikeria, bilatzen dakienarentzat. Oparoa da kultur eskaintza Leccon ere.
Burdinazko gurpil handiak nabarmentzen dira kanpai alboan herriotako eliza-dorreetan: kanpai-joleri lana ok errazteko teknika nonbait.
Manzzoni, Garibaldi eta Victor Enmanuele nonahi, noiznahi, daude Italiako herrietan, harri, oroitarri edo kale bilakatuta.
Goiztiarrak dira italiarrak: hamabiak eta erdietan itxi egiten dituzte dendak.
Mendiak ez dira eragozpen italiarrentzat errepidegintzarako: menditzarren bat datorrenean barne-barnetik kilometroetan zulatzen dute eta kitto!. Geu urduriago bera baino, horrelako tunel luzeetariko batean aurkitu dugu korrikalari bat, kakalardoa zirudien tuneltzar haren ilunpean, auto guztien menpe, aire kutsatu hartan kirola egiten.
Kare-harrizko harri borobilak dira lakuaren ertzak, ia harea izatera heltzen da zenbait herritan.
Lakoaren alboan doa errepidea: zoragaria da bertan patxada lasaian gidatzea, urari begira, herritxoak ikusiz eta mendiak miretsiz, elurra beti aurrean; elurtuta dago alboko gailurreria, Anboto edo Aizkorri neguan dirudi. Hondatuta dago errepidea: galipotez betetzen dituzte zuloak eta hankaz berdindu, ondoren autook zapaltzen dugu ore beltza, autook gara zilindro: Italiako bitxikeriak. Errepidea, gainera, estua da eta arreta eskatzen du; inor ez dabil bertatik gaur. Ez da giro izanen udan zein asteburuetan, baina geure gelditu zaigu gaur.
Bellagio. Milan erraldoiaren iheslekua. Lakua bi adarretan banatzen deneko gurutzaduran dago kokatua, laku aurreko maldetako herri eta tontorren begiradapean, bera ere aurreko herri eta tontorrei so; behatoki aparta laku-ertza, inora igo beharrik gabe; berezkoa du ikuspegi zoragarria. Herritxo multzo gorriak agertzen dira mendi magaleko baso berde trinkoan, hango urrutian, ez soro eta ez negutegi, basotik bizi direlako, edo agian biztanleria, gazteak, atzerrira edo hemen beheko turismo gunera alde egin duelako. Handia da turistentzako antolakuntza.
Iragarkiei begiratuz, ez da hemen atzerriko turistarik, italiarra litzake turista gehiengoa, barne turismoa alegia, dena baitago italiera soilez. Baina gaur suitzar eta alemaniar adinekoak ziren bisitari ugarienak, eskolaumeak ziren algara eta bizitasuna zekartena kaleetara ikasturte bukaerako bidaian.
Mailadia diren kale luze pikeak, etxepe bakoitza denda, turisten sosez jabetu nahiz. Eliza xaloak ez du ikusgarritasunik baina bai bizpahiru altxor deigarri bere harri beltzezko barne xumean: harri zurizko lau zutabeen gainean pulpitu karratu handia, ia erraldoia, irudi zizelatuekin, erretaula barroko nanoa taila miniaturizatuekin, presbiterioko eta presbiterio alboetako kaperatxoetako ganga borobil mosaikotuak, baina ilun dago eta ezin dugu beraz gozatu.
Lurrazal lau gutxi du laku ertzak, eta duen gutxia hartuta dago: pribatuek bereganatu dute bere solas edo negozioetara ia laku-ertz osoa; herri xehea eta kanpotarrok berriz pozik gabiltza utzi diguten zatitxo libreetan, hala delakoan edo hala izan behar delakoan. Nahitaezkoa da iraultza, berriro definitu eta ideologizatu behar badugu ere; baina jabego pribaturik eza da inola ere alda ezineko printzipioa.
Como hirira bidean, lakuaren hegoko bigarren adarraren ertzean bata bestearen atzetik datoz erreskadan herriak. Errepidea da herrietako kale bakarra, gehienetan luzea eta estua, gureko Plaentxian antzera, ibaiari jarraiki hura, errepideari hauek. Herriok ez dute nortasun edo estilo propiorik, etxeak kolore ezberdinez pintatuta egotea litzake agian berezitasuna: arrosa, okre, horixka, marroixka, ... kolore definigaitzez, bakoitza ezberdina, pintoreak nahastutako koloratzaile kopuruaren arabera.
LEGA NORD jartzen du zaborrontzi batean, orain arte ikusi dugun pintada bakarra nazionalitate arazoak dituen herrialde honetan.
Fokuen xafladez salatzen dute gidariek poliziak daudela zelatan errepide bazter hurrean. Polizien aurkako komuntasuna: hori da benetako liga.
Ilundu egin zaigu eguzkia laino ostean, ia belztu zaigu lakua mendiak iluntzean. Hori izan da azkenez erakargarritasun nagusia, ase egin baikara ura ikusteaz, bihurgunetan biratzeaz eta errepide estuan kontrako kamioi eta atoiekin gurutzatzeaz.
Como.
Hemen bukatzen da lakua, nahi haina ibilbide edo pasealeku eskainiz oinezkoari. Kale barneetan ez zaio antzik ematen lakua duenik, lakuak turisterri bihurtu duela ez bada. Kalearte zabala du, etxe klasikoz eratua, zaindua, espaloi gabekoa, harrizko zoru txukun bezain garbiarekin, oinezkoentzat soilik. Plaza: ohizkoak diren baliabide guztiak ditu: Firentzekoaren tankeran harri gris-zuri okrez logia balkoia nabarmentzen zaiola, dorre laikoa tokatzen zaion ordulari borobil erraldoiarekin, pallazzoa harri zuri-beltzez berezia bere austeritatean; pallazzo komunala da agian logiaren gainaldea. Duomo:, plazara jotzen duen fatxada eta sarrera zoragarria, neurri guztietako santu-irudien sinfonia, bai bertikalean bai zeharka: zuria da, garbitu berria, agian horregatik deigarriagoa; errosetoia, merezi du begirada bat. Barrutik: hormak garbitzen ari diren arren iluna dago agian ekaitzak arratsaldea ilundu duelako. Ganga: urrezko markodun freskoz, medailoiz eta artelanez deigarri dotoretuta kapritxozko berezia; bi aldeetara organoaren urre-koloreko balkonada luzea; zutabe bera betetzeko adinako handia ez ezik predikari handia ere behar duen tailatutako zutabeari buelta erdia emanezko zurezko pulpitu erraldoia; kupula itzela; tapizak koadro bezala zutabe artean zintzilikatuta; organoaren atzeko zurajea; albo batean S. Antonioren aldare ikusgarria: urreztatua, izugarrizko urrezko tailez osatua, ia miniaturizatutako zehaztasun harrigarriekin.
S.Fidel: ez da izugarria, iluna dago gainera, berrikuntza lanetarako aldamioz beteta, baina halaz eta guztiz freskoak nabarmentzen zaizkio, pila dira bai alboetan bai sabaian, batzuk oso antzinakoak, auskalo noizko zaharrak; dorrea ere ederra du.
3 atso eta agure batek arrosarioa errezatzen zuten ozenki, ia garrasika.
S. Fidel Plaza ere atsegina da.
Porta de la Victoria: harri grisean hiru solairuko garaia, sendo karratua.
Tarteka etxe ederren bat edo antzinako bakan bakarren bat: bada bat S. Fidel plaza ondoan gutxienez Erdi Arokoa dena, kantoiko bere santu eta guzti, bitxikeria benetan turisten uholdetik inor gutxik kasu egiten badio ere. Bada etxe pintatu pare bat ere. Etxe bateko burdinazko balkoia benetan ederra da.
Eman egin behar zaie italiarrei bere maisutasuna izozkingintzan: izozkinez gozatzeko gozamena behintzat ematen du Italiak.
Egunorokoa du zaparrada maiatzak Italian: Como hirian izan dugu gaurko trumoia.
"Padania natione" pintada.
106 kilometro laku ondotik, edo zaparrada pean, uraren inguruan beti.
Gorri daude lainoak gau erdian Milaneko argien eraginez.
Maiatzaren 10a. Larunbata. 6.a – 1.a
Irudimen handikoak eta praktikoak italiarrak!, ikusi besterik ez dago kanpineko komuneko txingeta, eta kakontzi turkoan makurtuzko orekari eusteko ateari itsatsitako eskulekua.
Duela bi urte egin genuen ibilbidea bera eginen dugu gaur Austriako mugara arte, gustura berrikusiko dugu.
Mendixka eta muino leunak hurrean, Alpeak urrutira, hori da ikusmira Breneroko bidegurutzera arte. Autobiak ez du hesi garairik, beraz ikusgai gelditzen zaizkigu inguruak: praktikoak honetan ere italiarrak!. Baso dira mendiak, berde gazte guria dago oraindik natura, Sakanan baino beranduago esnatu da nonbait, neguari darion nagitasunaren eraginez; landua dago lurra, baina ereindako hazia erne gabe dago oraindik; ilunak dira herriak, ez dute ezer aparteko deigarririk, beti agertzen bada ere etxe eliza-dorre jauretxe edo gaztelutxoren bat begien entretenigarri, nekearen atseden edo aspertuaren pizgarri.
Elizako dorreek erakusten dute elizaren herriarenganako nagusigoa eta gailentasuna: zenbat eta herria zabalagoa, are garaiagoa kanpandorrea, herri osoan kanpai-hotsa entzun ahal izateko nahitaezko teknika besterik ez da agian garaitasuna, baina halako herriaren mendekotasun karia eta elizaren nagusigo jitea darie dorreoi. Gailentasun moralaren usaia.
Mahasti asko dago, mahasti garaiak dira, gerririk makurtu gabe mahatsa jaso dakiekeenak: praktikoak italiarrak!.
Fiatxo, Panda eta antzerako auto txiki asko dabil oraindik: praktikoak italiarrak!.
Bresciako plaza eta elizak dakartzagu gogora.
Ia janda dute mendia 6 harrobi erraldoik, halako zuriune harrigarria nabarmentzen da berdetza zabalean, begiak minduz: Po bailarako herrietako lanetarako bertatik eramaten ote harria, ala harri berezia delako?. Triskantza, behintzat, begi-bistakoa da, norbaiten praktikotasunaren ondorioz patrika berotzeko.
Lautadaren ertzean dago Garoa lakua, urari eutsiko dion mendirik gabe; hustubiderik gabeko zulogune sakona du nonbait mendi tarteak.
Bukatu zaigu Lonbardia.
VENETO - Venezia Errepublika
Mahasti garaiek jarraitzen dute.
Verona oparo eta ederra gogoratzen dugu iparrera jotzeko errepidez aldatzen dugunean.
Pinudi dira orain basoak, argindarren dorreak dira, aldiz, pinudian burdinazko zuhaitz metalikoak, elizak eta jauntxoren baten etxeek diraute herrietan. Akazia, oraindik loratuta, errepide ertz oroko zuhaitza: errimea da, edonongoa, ugaria.
Alpeen barrenera heldu gara, harkaizpean baikindoaz sarri, ikusgarriak diren mendi garaiz inguratuta. Batera doaz errepidea, autobia, trenbidea, ibaia eta mahastiak, elkarri lekua kenduz edo eskatuz bezala. Sekulakoa da paisaia, zirraragarria. Gazteluak agertzen zaizkigu tontortxoetan, eliz edo monasterioak basoan galduta bezala, herritxoak haizpeetako edo haitz-gainetako lautadatxoetan laino ehunaz bildurik misterio kutsua dariela. Mendi magaletan kokatuta behar dute egon herriek, lautadako lurra nahiko murritza delako nekazaritzarako, edo, agian, goietan biztanleak babestuago sentitzen zirelako. Zer ote bertako biztanleez?. Gaur egun ez dago sororik haranean, dena da berdegunea, dena belartza, mahasti eta fruta arbola; ortuari-baratze zabalak dirudite tarteko soro bakanak. Mahasti-leku da batez ere, Errioxako berorik egingo ez badu ere: ezberdina izanen ardoa bera.
Zoragarria da Alpeak zeharkatuzko bidaia, lasaia eguzkipeko auto epelean; halako zirrara pizten du barnetik zeharkatuko ditugun han aurreko mendi digante ikusgarriei begiratzea. Ikusgarriagoa egiten du udaberriak berez ere polita den paisaia; neguan ere, dena elurtuta dagoenean, txundigarria behar du izan bailara hau zeharkatzea.
Adigio ibaia da alboan doakigun eta mendietatik datorkiguna, birak eta birak emanez, meandro ugari sortuz egiten du bidea; ez du zuzen marrazten lurra, zeharka eta inguratuz baizik. Hainbat aldiz zeharkatzen dugu gainetik. Ur garbia dakar, zurixka, elur urtu berriaren tankerakoa; azal dator noizbehinka presaren batek sakon bihurtzen duen arte.
Bukatu da Veneto lurraldea.
TRIDENTINO
Lehenengoz ikusiko baikenu bezala eragiten digu, paisaia ezaguna arren. Ordu gutxi batzuetan egingo dugu gaur, uso ibiltariaren gisa, duela bi urte egunetako patxaran ikusi genuen lurraldea.
Misterio kutsua dute horma zarpeatutako herri ilunek: kolore ezberdinez pintatutako etxeak dira, baina ez kolore biziz, kolore motelez baino; teilatuek ere teila erreen kolore geldoa dute. Noizbehinka gaztelu jauntxoago bat eta harkaitz zirraragarriagoa. Mendi gailenetan gaurko jainko eragilearen ezaugarriak han-hemenka nabarmen, komunikabide dorreak; tarteka baita jainkoaren dorre mezulariak, elizatxoak alegia.
Trento. Polita izan zen bertan eta inguruko herritxoetan bota genuen eguna: hemen izan zen herioaren dantza eta Xabierreko Frantziskoren eliza.
Azkenerako ohitu egiten zara paisaia honetara, jarri egiten ikuspegi zoragarrira ere, betikoa iruditzeraino azkenez. Errepikapenari monotonia dario, are gehiago neke fisikoak ahitzen gaituenean. Baina halako batetan ikusten duzu erosioaren, higaduraren, eraginez estriatuta, ildotuta, ildokatuta, prismatxoz tailatuta bezala, mendiko hormatzar bat, eroritako harriek estaltzen dutela magala; astindu egiten dizu barrena hain ikuspegi bereziak, bizipen apartekoak sortarazten, monotonia hausten du errepika-ezina den naturaren artelanak. Bidaia biziberritzen da, begiak ernetzen.
TIROL HEGOA
Bolzano-Bolzen. Katedraleko koloreetako teilatu argia ikusi ahal izan dugu autobidetik!, baita ezaguna zaigun hiri osoa irudimenean proiektatu ere.
Mendian gora, oso gora, doaz mahastiak. Errepideak gora egi ahala pinua hasiko da mahastiari lekua jaten. Ura hodi lodietan dator mendi gerritik behera: ur asko behar du hor mendi-altzoan Urbasa barruan lez.
Kabitu ezinda bezala doaz ibaia, errepidea eta trenbidea mendi-zuloan gora; gaina hartu die autobiak, gainetik bilatu du beretzat lekua: kilometro luzeetan, luzeran zeharkatzen du gainetik errekarro edo mendi-zuloa, zeharka ordez luzetara mendi-zulo zuloenari jarraituz: bide-zubi neurrigabea!.
Nabarmen ezberdina da Tirol lurraldea. Mendi tontorrak lainopean, mendiak elurpean, zuri, eder ikusgarri. Hemen bai mendi magalean behar dutela herriek, ez baitute bestela non, herrixka behar dute izan gainera, ez baitago non hazi edo nondik bizi. Kontraste deigarria sortzen dute etxeek berdegunean: teilatu pikeak horma zurien gainean, urteek bizitasuna jan dioten zur iluneko triangelua osatuz fatxadak; etxe solteak, ez dago etxe multzorik; mendi gerria gorago, zabaldu egiten da mendi magala, eta bertan, aldizka, badager etxe multzorik ere. Pikeak teilatuak, orratz mehe luzeak eliza-dorreak.
Haitz-tontor baten gainean gaztelua ala monasterioa den ez dakigun eraikuntza erraldoia harresiz inguratuta. Gorago ejertzitoaren aspaldiko eraikuntza ikaragarria ibaitik gora, sendo eta gotor. Erreka da hemen behean ibaia genuena: gardena da izan kolorez eta izatez, Gardena du izena hain zuzen goiko mendiak. Belarriak erdi gortu egin zaizkigu altueraren eraginez. Elurrez zuritutako tontorrez inguratuta goaz.
Autoteria ugaria gara, alemaniarra da gehiena, ugariak gara etxatoiak ere. Motorzaleen bilgunea bihurtu da jatetxe bat, badira 30 moto gutxienez aurreko zabalgunean.
Negutegi batean bada patata itxurako ortuariren bat loratuta, baina mastra txikiegia du patata izateko.
Gainetik zeharkatzen du autobia zuloko herritik mendi-gailurreraino eski-garraio pare batek.
Librean dabiltza oiloak antzinako ohituretara; etxaurreetan pilo handietan daude kolore argiagatik ebaki berriak behar duten sutarako egur-trokotak, bai borobilak bai brinkatuak, toles-toles, prepezioz jarrita: Tiroleko ezaugarria hau ere.
Mugara hurreratuz, berrikuntza lanak direla-eta, kilometrotako ilaran egin dugu ibilia, ia geldi: tormentu bilakatzen zaizkio aurrerapenak gizakiari. Eskerrak ingurua ederra den bare-ibilia arintzeko.
Behe-beheraino dago elurra Brenero pasabidean. Ezin eutsi begiei, mendi elurtuei begiratu beharra baitute. Izeidi berdea eta beltza da mendia estaltzen duen basoa. Zubi garaia mendi-zulo sakonaren gainean.
Bata bestearengandik nahiko urruti daude muga alde bietako aduna-txabolak.
Bidiak 97
ITALIA
LIGURIA
Niza ondoren hasten dira ere tunelak eta zubiak, tunelez tunel eta zubiz zubi egiten da Italiako alde honetan bidaia. Tunelpeko ilunpe beltza da Frantzia Italia arteko muga bera ere.
Berotegiak dira Italiako mendi malda oro; azkeneko zapaldak ere erabilita daude, berotegiz estalita.
Herriak ere bereziak dira, ezberdinak: kolore ilunekoak, inon baino gailenagoak elizak, harroagoak, larderiatzaile garaiak eliza-dorreak. Herri trinkoak dirudite, bata bestearekiko tarte gutxiko etxe-sailak, lurrazal gutxi balute bezala; leku gutxian jende asko bizi dela dirudi. Jende asko eta lur gutxi, horregatik etxeak hain bata bestearen kontra, agian horregatik hainbeste baratz eta berotegi ere. Seguruenik segurtasun arazoak izan ziren arkitektura horren eragile eta nekazarien bizibeharra baratza ugarien arrazoia.
Harro eta eder, arratseko argira, azken lilura jarri dio egunari eliz dorre arrosa batek.
847 kilometro, mendi-zulo gainetik eta mendi erraien barnetik osatu dugun kilometro zaparrada.
Lotokia
Genoatik hurbil, Milanera bideko gaintxo batean, Agip gasolindegian egin dugu lo, jatetxe bateko aparkalekuaren babesean, kamioiengandik hurbil gaur ere, mendiz inguraturik, urdinaren eta berdearen kontraste paregabeak hunkiturik, etxatoiaren leiho batetik itsasoa ikusten dugula, bestetik berriz baso berdeak. Italia berez ote berdea ala udaberriak berdetzen ote: neguan etorri behar genuke desberdintasunaz jabetzeko.
Maiatzaren 7a. Asteazkena. 3.a – I:1.a
PIAMONTE
Tunel baten sarreran utzi dugu Liguria eta Piemonten sartu. Piamontek ez du Liguriako baso berderik, ugariagoa da lur-landua basoa baino; landuta daude mendi magaleko lurrak, landuta batez ere lautada; garia da nagusi, ez da, ostera, negutegirik, non landu dutelako seguruenik.
Ilunak dira herriak, mendi gainetan zein baso erdian kokatuak: ukitu berezia du Italiako herri orok.
Tunelak ere bukatu zaizkigu, lautada zabala baita dena. Izugarri zabala. Urrutira ikusten dira mendiak, lurraren ertzean: Alpeak dira agian.
Mapak Padana Lautada, baina baita Lonbardiako Lautada ere deitzen dion ordeka: mapan berdez marraztutako Italiako zati handia hartzen duen lautada da.
LOMBARDIA
Lautada erdian bukatzen da Piamonte, eta Lombardia hasten. Antzerakoa darrai paisaiak. Herriek ez dute ezer berezirik eskaintzen, etxe berri asko dagoela ez bada.
Po ibaia ez doa ur askorekin baina bai zabal: bere inguruko lurralde osoa ureztatuta dago Milaneraino: arroz-soro dirudite. Nilo ibaiak Egipto bezala, Po ibaiak hezetuz aberasten du lurralde oso hau. Baina ez dakigu nolakoa den bertako biztanleria, ze arazo duen, ze jitekoa den, emigratu behar izan ote duen. Nekazaria bada ez da aberatsa izanen. Agian nekazarien kontura bizi den aberatsen bat egonen da.
Oinetakoak, eta Monzan auto lasterketak iragartzen dituzte Milanen: dena da ibilia hemen.
Kanpina
Monzako kanpinean kokatu gara, auto-lasterketarako pistaren alboan, ikusleentzako mailadiak ditugula aurrean.
Izugarrizko parke zabal eta ederra du Monza hiriak, baso oso bat: bere barruan dago kokatuta autodromoa, kanpina eta hainbat zerbitzu publiko gune. Bere garaian jauntxoaren jauregiko parkea zen, gaur egun jauntxook nola bizi ziren ezaugarria guretzat. Antzeratsu bizi dira gaurko jauntxoak ere baina ez dira parkeak bere bizieraren ezaugarriak.
Kukuak jo digu aurten ere kanpinera heldu bezain pronto, baina entzuna genuen jadanik Sakanan; udaberriarekin bat eginez nonbait, aurten lehenago etorri da ere gure txori kantaria Euskal Herrira.
Milan
Ezkor portatu zaigu hiria aurtengoan ere: asko kosta zitzaigun aurrekoan lehenengo kanpina aurkitzea eta ondoren erdigunera heltzea. Gaur ere. Izugarri zabala da. Monzara bidean kale luze baten erdian bukatzen da Milano eta beste herri bat hasten.
Eraikuntza moderno zein klasiko asko du, zabalak dira kaleak, nabarmena da faxioaren usaia darion 1931.ean eraikitako eraikin erraldoia ere. Ez da gaurkoa Milano. Izugarria da trafikoarena, trinkoa eta geldoa, tranbiekin nahasian doaz autoak ilara berdinean, nahi duena egiten du gidariak, bakoitzak berea egiten du inolako kontrolik gabe, aurreratu, gelditu, norabidea soilik errespetatzen dute, semaforoa bera ere ez beti; baina ez dago talka edo istripurik, beti ia-ian ikusten baitugu ere: laster ikasi dugu guk ere eskumatik ez ibiltzen, nonahi baitago ilara bikoitzean utzitako autoa; ikasi dugu ere marra zurizko gezi urdina ez dela nahitaezko norabidea "senso unico" baizik.
Kaleko zirkulatze eta gidaritzagatik esan daiteke Lonbardiako herri hau diziplina eta patxadarik gabeko gizartea dela.
Duomo Plaza: zabala, turistaz betea, katedralaren fatxadak ematen dio edertasuna. Alboan, Barcelonan Ranblan bezala gizonezkoak elkartzen dira taldeka eztabaidatzeko, batzuk behintzat politikaz, eta sutsu. Atzerritar asko ikusten da semaforo inguruetan lora saltzen, haizetakoa garbitzen edo eskean; plazan hegoamerikar talde handia zegoen, indio taxukoak, taldeka, bai tabernan bai espaloian, kontu-kontari, gazteleraz. Baina,usoak dira protagonistak, turistak inguratuz ,argazkietarako ikuskizun, janaren truke. Argindarra pribatizatzearen aurkako sinadura biltzean ziharduten hiru tipo plaza alboko kale erdian, garraztasunik gabeko ahots leun erakargarriz agiriak, arrazoiak eta iritziak emanez erruz zebilen ibiltariei: bizigarria eta kilikagarria, galdu baititugu horrelako ekintza publikoak gaur egun gureetan.
Katedrala. Urrutitik gotiko petoaren itxura du baina bertatik gotiko ezohizkoa da: ez du bere ateburu puntaluzeko sarrerarik, arrosetoia falta zaio, leihoburu puntazorrotzak ere bai, ez ditu ohizko santu-iruditeria luzangarik. Baina askotan fatxada soilik egon ohi bada santu-irudiekin dotoretuta, hemen buelta osoko kanpoaldea du marmolezkoa, izugarrizko taila pila ederrez betea, irudi bakoitza paregabea, gotikoan ezohizkoa den erreskadan eta tankeran jarrita, tartekatuagoak, marmol lauza zapal leunekoak direla tarteak. Sarrerako ateak, erdikoa batez ere, irudi nanoz landutako brontzezko harrigarriak dira. Halaz ere, ezustea eta porrota izan zait katedrala, osagai bakoitza banan-banan eta zehaztasunez begiratuz izugarria, harrigarria eta txundigarria bada ere; ez da espero nuen gotikoa, ez nau bete.
Barrutik ere, izugarria izanik, ez da espero nuena. Erraldoia da bere 5 nabeekin, erabat garaia; zutabe sendoak ditu, sekula ikusi ez ditudan kapitel zutikako santu-irudiz edertutako sekulakoak; sarrera erdian jarri duten itsulapikoa ere handietan handia; zorua marmolezkoa; beiradura ikusgarria, presbiterio ostekoak ezohizko handiak dira; aldarera sarrerako bi zutabe sendoak ia osoki bilduzko metro askotako bi pulpitu daude non korrika ere egin daiteken; erraldoia da presbiterioa; organo zaharra, presbiterioko alde banatan tapagailu edo ate bezala bi koadro erraldoi dituela; erdiko nabean ezik sabai landuak; aldare pila santu-irudi tailatu ederrekin; miniaturaz osaturiko burdinazko argimutil erraldoia; bataio-pontea granito marroizko bainuontzi erraldoia da; mila taila eta bitxikeria... Izugarria da barnea ere zehaztasunez begiratuta, txundigarria, baina orokorrean, begirada zabal batez begiratuz, lehenengoz etorri ginean egin zidan zirrararik ez dit eragin oraingoan, ezta hainbat gotikok eragin izan didanik ere.
Apaizak aitorlekuetan daude eta jendea aitortu egiten da. Elizako zaindariak ditu. Errespetu giroa gordetzen du barneak, isiltasuna, bisitari asko dabilen arren; ez da Venezia, Asis edo Paduako merkatua.
Berritu eta txukuntzen ari dira plaza aurrea.
Saltokia. Lauki zein kubo erraldoia, harrizkoa, beso berdinen gurutzadura da erdia, oinezkoentzako gune garaia: balkonada batek inguratzen ditu barne-kaleotako fatxadak, gizairudiz edertuak daude. Oinezkoen gunea beiraz estalia dago goian eta marmolezko irudi geometrikoz zorua.
Logia, ordulari borobil handia duen dorredun Palazzo Regionale eraikuntza, xarma eta edertasuna lausotzen dio itomenak: bere garaian Duomo plazarekin bat eginen zuen baina gaur egun, hur arren, eraikuntza batek banatuta daude.
Bada plazako albo batean, bidaia-txartelen salmenta, bizartegi, bainu-toki, dutxa-leku, hori dena eta gehiago den zulo edo lurpeko gune berezi bat, usaiez ere aspaldiko giroa gorde duen halako gune berezia, ia turistarik joaten ez dena baina bisitatxoa merezi duena.
Scala. Barrutik beharko du izan zoragarria, kanpotik oso arrunta baita.
Via Mercanti, Piazza Corduzzio: ederragoak dira jelatu bat janezko ibilian.
Moskukoa ezik, antzerakoak dira metro gehienak, Milanekoa barne.
Milanek kultur eskaintza oparoa du, kirola barne.
Aspaldikoa da Milano, antzinakotasuna dario, tranbiaduna, etxe eta eraiki eder asko gordetzen duena.
Oso adeitsu portatzen zaizkigu norabideren bat edo beste zernahi galdetzen diegun italiarrak, are gehiago xumea diruditen pertsonak, premia batean galdegilea bera ere kide sentituko balute bezala.
220 kilometro, paisaia ikusizko patxadako lasaiak gehienak, hiri barrukoak, kanpina edo hiriko erdigunea bilatuzko urduriak gainetikakoak,.
Maiatzaren 8a. Osteguna. 4.a-I:2.a
"Argia sortzen den izartegia". Juan Ramon Madariaga:
*"Itzuriko zaio nire oroimena minaren labirintuari, nola haren begi loreak hustasunaren barneari". Hagineko minaren labirintuan bizi izanik Aste Santutik hona, 42 egunez gora, badirudi ikusi diodala minaren ibiliari irteera. Egia da minak hustu egiten duela barnea, nahigabeak min-gunera erakartzen baititu arreta eta iraupen indarrak.
Barrea eta negarra dira umeak dituen espresiobide bakarrak.
Goiz eta arratsaldez entzuten ditugu auto marruak, agian egun gutxi barruko lasterketarako gertatzen ari dira, agian auto-modelo berriak probatzen. Auto-lasterketaren hori ere beste mundu bat da. Ziztu bizian zeharkatzen dute autoek gure aurreko tartea, koloreak ikusteko ere betarik eman gabe. Tell sendo batek jaurtikitako gezia bailitzaz: agian gidariak abiadurarekin jolasean dabiltza soilik, horretara datoz, abiadura bera jostailu bezala erabiltzeko ordaintzen dute, abiadura zale hutsak besterik ez dira.
Mauka-mauka jaten du ogia nire aurreko gizakume alemaniarrak, jazz tronpeta-jolea dirudi, bere matrailak hanpatu borobilduta.
Goizeko eguzkia baxu eta aurrez aurre, arriskutsua zen goizean gidatzea; ia harrapatu ditut espaloitik ordez kale-zolatik zihoazen bi etorkin.
Ez dago ezer berezirik kontatzeko Bergamora bidean errepide nagusia hartuz gero. Errepide ertzak ez daude ohituta gauzkaten bezala zainduta, txukun ebakita, niri gustatzen zaidan bezala baizik: bere naturaltasunean utzita dago belarra. Nahiko kaskarra da errepidea, errepide nagusia izanik ere: zoru hondatuxea eta bihurgune askokoa. Zerbait oker edo duda-erakutsizkoa egiten badut beti dut gidari pitojoleren bat atzean klasonari emanka, baina errepidean takian potian egiten dute eurek huts arriskutsuren bat: edonola aurreratu, zoru ertzetik atera, zain egon ez errepidera sartzeko...
Piramide-teilatu belzdun piruli edo komunikazio-dorre karratuak nabarmentzen dira; agian piramide txanka-luzeak dira. Herriak bata bestearen ondoren datoz eta doaz, baita semaforoak ere. Herri guztiek dute inguruan bere industrialdea, baita etxetxo eta etxe berri erosoagoko auzoak ere: hemen ere ondo-biziek kabi dotoreagoa bilatzen dute kaleartetik kanpo, okilak lez besteren txituren bat kanporatu behar bada ere. Noizbehinka eliza-orre luze eta dotoreek, Trezzokoak adibidez, adreiluzkoak gehienetan, eteten dute monotonia.
Adda ibaiak ur bizia darama, ugaria eta garbia.
Mendi-zulo sakonean garai, zubi batek zeharkatzen du, Trezzo.
Landuta daude lurrak, badago zerbait ereinda ere, baina oraindik ez da ezer erne, soro batzuetako garia eta belarra izan ezik. Bizkaia edo Gipuzkoa baserrikoen tamainakoak dira soroak.
"Republica Padana" jartzen du zenbait herriren kartel pean. Baina ez dakigu errepublika bakoitzak ze nortasun eta auto-bizitza duen. "Lega Bosi" da ikusi dugun lehen pintada: handia bazen, baina ez batere txukuna. "Independencia-Libro" izan da ikusi dugun bigarren pintada.
Zergatik "ore" italieraz "h"rik gabe da, gaztelerazko "hora" berriz "h"rekin?. Agian gaztelera jaio zen lurraldeko hizkuntzak "j" edo antzerako hots gogorren bat erabiliko zuen gero "h"an bigunduz. Euskararen eragina agian?. Hizkuntzaren bihurguneak.
Bergamo gibelean bukatzen da Lonbardiako Lautada, bertan hasten dira mendiak.
Bergamo
Bi hirik osatzen du Bergamo, goikoak eta behekoak: harresiz inguratuta dago tontorrean zaharra, lehengoa; lautadan ondorengoa, gaurkoa.
Alde Zaharra: mendi magalean kokatua, ikustekoa da benetan, zaindua, turistentzako gordea, turistei zuzendua; badakite zer daukaten eta erakusgai jarri dute etekina ateratzeko. Erdi Aroko giro petoa gorde diote, handiak dira etxeak, baina estuak eta pikoak kalexkak; harri txiki borobiltxoz zolatua kale-zorua (zola sendoko oinetakoekin etortzeko aholkua agertu beharko litzateke gidaliburuetan). Etengabeko berrikuntza lanetan ari dira, errape oparoa zainduz. Ez dabil turista zaparradarik baina etengabeko joan etorria nabaria da batez ere Colleoni kalean, bisitariz gainezka dagoen itxura erakutsiz, batez ere gaur ume eta ikasle aldrek ematen baitzioten bizitasuna ia egun osoz.
Piazza vechia, plaza potxoloa, atsegina, zehaztasunetan erreparatu gabe luzez begiratzekoa, bertan gustura sentitzekoa; italiar plazen osagai klasikoak ditu: logia, dorre laikoa, hemen gorria den ordulari digantea, Italiako zaharrena omen palazzo komunala, mailadia, iturria, palazzoko balkonada eta leiho veneziarra.
Sta. Maria Maiore: lonbardoa, bitxia kanpotik, harrigarria barrutik. Abside ederra du kanpo aldetik. Kolore ezberdineko marmolez eta santu-irudiz jantzi zioten fatxadetariko bat; ezustea eta harridura sortzen duen itxura bereziko arrosetoia, ezberdina inguratzen duten hormekin alderatuz. Halako sentipen berezi bera sortarazten du alboan duen arrosa koloreko bataiategi txiki irtirin oktogonalak ere: santu-irudi eta zutabetxoz tartekatutako eraikuntza, inguru arre kolorean bildutako bitxikeria. Ezberdina da bigarren sarrera, berezia hau ere: tripa azpian gainekoari eusten bezala lehoikume bana duten harrizko bi lehoien gainean daude elizpe garaiko bi zutabeak, morroien bizkar gainean, berriz, beste bi zutabe: lehoikumea, lehoia, zutabea, frisoa, teilatua... umeentzako ipuin edo abesti bateko kontaketa dirudi; teilategal azpiko frisoa maisuki tailatutako harrizko iruditxoz edertua dago. Marmolezko fatxadatik sartzen den kapera izugarria ere aipatu behar: marmolean tailatutako miniaturazko iruditxo ugariak, zurezko tailak, freskoak sabaian, pinturak, medailoiak, bizkarraldean izugarrizko pinturak dituzten jarlekoak... Hori dena, kanpoaldea, hala izanik, eliz barrua gertatzen da txundigarria: freskoak, tapizak, zur landuko kofesaleku harrigarria, irudi pintatuzko sabai oso landua; dena da kolore, dena da fresko, dena bizitasuna; baina ez da koloreteri zoroa, izugarrizko armonia du, kolore sinfonia da izan. Kristo gurutziltzatu luze bat presbiterio sarrerako goietan aterpe luze batekin zintzilikatuta, estilizatuagoa gurutze luzearekin; marmolezko hilobia taila ikusgarriekin, auskalo noizko fresko diganteak albo bietako hormetan, presbiterio aurreko hormatxoan zurezko inkrustazioz egindako koadro harrigarri ondo estaliak aurrez eskatuz zaindariak soilik erakusten dituenak, burni landuzko filigranaz osatutako argimutil diganteak, markoa bera filigrana tailatua den koadroa... Elizan bertan dago lurperatuta Donizeti, musika jarriaz bezala elizako armonia eta koloretasunari. Aspertu ezineko eliza pinpilipusa: bikain eder dotore xarmanta, osoki xehetasunez landutakoa, orduak begira ematekoa: egon daitekeenik ere horrelako elizarik!, egin ere egiten ziren horrelako gauzak!.
Duomo: Sta. Maria Maiore baino berriagoa. Txikia da. Kanpotik ez du ezer. Urre-kolorea nagusitzen zaio barnean, kolore ezberdineko marmolezko aldare ugari du, ugariagoak dira marmol zurizko santu-irudiak, koadroak, freskoak, errezel itxurako zintzilikario eder bat, presbiterioko aulkiteria zoragarria zurezko irudiz tailatuta, zilar landuzko aldare nagusi aparta. Badira aldare batean lau burezur, urrezko koroa eta guzti hirurak.
Bi eliza ikusgarri elkarren alboan, ia elkar ikutzen: jaso zutenek jakingo zuten zergatik jaso zituzten, agian lanpostu eta ogibidea sortzeko hiriko biztanleei!, elizen eraikuntza baitzen garaiko ogibide eta fabrika ia bakarra.
Colleone kaleko eliza: Berezia hau ere, “kolorin kolorao”, koloreteria, dena da pintura sabaia barne. Tela pintatua eta bordatua den estandarte edo zutoihal izugarria. Urre-kolorezko balkonadak. Presbiterioko alboetan dago organoa zonalde osoan, gureetako koroan ordez: hemen presbiterioa inguratuzko organoa da erretaula. Aulkiteria aldare-osteko organopean dago zeharo ilunpean: ze nolako loak kalonjeenak!!!. Badu batez ere erretaula naif ikusgarria, nongo santu guztiek ergel aurpegia duten, niretzat elizako artelanik zaharrena eta deigarriena, elizako zerik erakargarriena,
Logia: arkupean, urtean zehar urteko eguerdi bakoitzean eguzkiak egiten duen ibilbidea dago tailatuta zoruan marmol zurian; sabaipe ertzean eguzki irudiko txaparen zulotxo batetik sartzen den eguzki izpiak egiten duen ibilia. Egun bakoitzeko eguerdia markatzen duen erlojua. Bitxia!. Irudipena!.
Fresko hondarrak, ia ezabatuta, han-hemenka hainbat etxeetako kanpo hormetan; agian asko ziren horrelako horma dotoretuak bere garaian hirian.
Elizok ez gaituzte soilik kaletik beste errealitate fisiko ezberdin batera ateratzen, beste mundu batetara ere eramaten gaituzte; beste izaera bat, beste pentsaera bat, beste biziera bat izan zen elizok egin ziren garaikoa, zeharo ezberdina eta nolabait atzematen duguna, baina ihes egiten diguna.
Sta. Mariako horman alfonbra edo ehunen neurketak egiteko burdinazko 6 neurri ezberdin daude: ia 5 metro ditu luzeenak, metro-erdi pasatxo txikienak. Duela bi urte ikusi genuen halako bat Italian bertan Liguriako Toiranon.
Maistra batek lehenengo, erakusle ofizialak gero, koadroen azalpena egin dio ume taldeari: erlijioaren historia ematen eta erakusten die soilik!, ez diete artearen espiritu izpirik ere azaltzen, historia soilik. Gezurrezko historia, faltsua, gainera; Noeri esker salbatu omen lurrean bizitza, adibidez. Ez diete inola ere, ikasleei, ikusleei, arteaz gozatzen erakusten, ez diete arte mundua gutxienez usaintzeko aukerarik ere ematen. Ze heziketa modu izan behar dute gazte horiek!
Hain goian egonik, berezko behatokia izanik, lapurtu egin diote ikuspegi oro herriari; ingurua begiratzeko aukera bera ere pribatizatu egin zuten jauntxo eta ahaldunek.
Alde berria. Beheko lautadan bada parke, ibileku eta etxe ederrik, baina ez ezer berezirik. Nolanahi merezi du bisita quartier zaharrak: etxe koadroak, gorantz jasoz zabaltzen diren kontraleihoak, patio zabal ederrak, espaloi meharrak, merkataritza oparoa, artelanak... hiri moderno batek ohi dituenak.
S. Bartolome eliza: koadro eder handia da erretaula, han goian ia ilunpean larrutzen dute santua, ez Elgoibarren bezala erretaula erdi-erdian eta argipean. Hemen ere freskoak, ganga landu eta pintatua, inkrustazioz edertutako aulkiteria.
Kooperatibisten erakusketa: kooperatibetan elkartutako enpresa txikiena.
Cesare Ravasioren koadro erakusketa: ia koadro guztiak Andaluzia dute motibo edo gai. Koloretsua da, kolore nahasikoa, baina ez du mintzen, ez du ikuslea nahasten, oreka du: betikoa eta modernoa, figuratiboa eta zirriborroa nahasten ditu.
Andra zahar batek, diakonesa agian, debozioz zuzentzen zuen arrosario santua dozena bat zaharri.
Beste eliza batean aldare nagusi gainean lau zilarrezko gotzain-irudi ziren deigarriak. Atso koadrila zegoen hemen esamesan, kotileoan, marmarioan, hitz-aspertu lasaian.
Supermerkatuko kaxako neskak nagusiak, gizenkoteak dira, txabusina arruntxo batekin jantziak: ezohizkoak lirateke beste edonon. Praktikoak dira italiarrak, ez diote itxurari hainbeste begiratzen..
107 kilometro, errepide, herri eta semaforoak medio, luzeagoak. Dena da erlatiboa.
Bidaiak 97
Begirada orokorra: Herrialdeak eta Hiriak
- FRANTZIA: PIRINIOAK, LANGELOC, PROVANCE.
- ITALIA: LIGURIA, PIAMONTE
- LOMBARDIA: Milan, Bergamo, Erba, Lecco, Bellagio, VENETO. TRIDENTINO. TIROL HEGOA.
- ALEMANIA: Chien see, Bad Reichenhal, Passau.
- AUSTRIA: Natters, Insbruck, Hall in Tirol, Absan, Wattens, Schawaz, Rattenberg, Müters, Igles, Otzal bailara, Au, Hube, Oetz, Kühtai, Kufstein.
-Salzburgo, Hof, Fuschisee, St.Gilgen, St.Wolfgang, Bad Ischl, Ebensee, Traunsee lakua, Traunkirchen, Gmunde.
- Au Lofer, Oberhofen, St.Joan in Tirol, Kitzbüel, Marin Alam, Hallein, Vocklabruck
- AUSTRIA GARAIA: Linz, S.Florian, Stery, Kremensmüster, Wells, Leonding, Wilgering, Pupping, Eferding, Hacking, Hilkering.
- Peurbach, Au, Schärding, Enns, Mauthausen, Kaferhart, Freisat.
- AUSTRIA B EHEA: Poysdorf, Viena, Kloster-Neuburg, Viena, Kemns, Durnnstein, S.Polten, Tull, Sta. Andra,
- VIENA HEGOA: Pertchtols-Dorf, Heilingenkreux, Baden, Wiener Neustad.
- VIENA EKIA: Kloster-Neuburg, Bruck, Rohrau, Petronel-Carnuntum, Bad Deutsch, Haiburg an der Donau.
- TXEKIA. BOHEMIA. Budejovice, Jindrichuv, Hradec, Trebon, Ceske Budjjovice, Zlata Koruna.
- MOLDAVIA: Ceske Krumlov, Prachatice. Virejovice, Nova Bystrice.
- MORAVIA: Slavonice, Dacide, Trebic, Brno-Berna, Mikulov, Znojo, Austerlitz-Slavkov, Kromeriz, Prerov, Olomouc, Valaki, Hranice, Stramberk, Novy Jicin, Roznov pod Radhosten, Prerov..
- ESLOVAKIA. Lozorno, Bratislava, Trnava, Hlohovec, Nitra, Ziar, Zvolen, Branska Bystrica.
- Banska ……?, Banska Stiavnica, Kremnica, TATRA MENDIAK, Brezno, Polomnika, Helpans, Zpadka.
- SPIS HERRIALDEA. Levoça.
- ESLOBAKIA EKIA. Bardejov, Stara L´uvovña, Kezmarok, L´tubica.
- TATRA MENDIAK. Tatra Lomnica, Stary Smocovec, Spiiska Sobota, Kezmarok.
- Spiske Pohraire, Kosice, Presov, Zdiar.
- Strbske Pleso, Liptovky, Mikulas, Ruzonbero, Martin, Zilina.
- TXEKIA. IPAR BOHEMIA. Roznov.
- BOHEMIA. Prostejon, Olumuc.
- EKI BOHEMIA. Montrebovà, Svitavy, Holice, Pardubice, Hosni Revice.
- Opocno, Dobruska, Nove Mesto nat Metuji, Nachod, Kuks, Stanoviche, Betlen, Josejof, Hradec Kralove.
- BOHEMIA ERDIALDEA. Parduvice, Prelouc, Tinec, Kolin, Kutná Hora, Praga, Mlada Boleslev, Podebrady, Terencin, Litomerice, Melnik, Rednicov.
- BAINUETXE LURRALDEA. Karlovy Vary, Becov, Tepla, Marianske Lanè-Marienbad, Laznè Kynzvart, Cheb, Frantiscovy Laznè, Sokolov, Loket.
- Ostrov, estraz, Srni, Klasterec, Kadan, Elzen, Chotesov, Holyson, Babylon.
- ALEMANIAKO MUGALDEAN. Domalice, Tyn, Klenci pod Cerchoven, Chodsko, Vseruby, Hirsrov, Nirsko, Klatori, Mezyhpri, Svihov, Ingro.
- ALEMANIA. FRANTZIA: LORRAIN: LORENA, LOIRE, Tours, Poitiers, Futuroscope, Chauvigny, Montmorrillon, Houmet, Saint Savin, Angles sur L Anglin, Laroche-Posay, Chatelleraut.
Italiara arteko joanaldia
Maiatzaren 5a. Astelehena. F:1.a
Hagineko minez nengoen, baina baretu zait, joango zaidan esperantzan atera gara arratsaldeko 5etan, eguerdian dentistarekin egon ondoren.
Kilometroak kontagailuan: 2.463. Auto eta etxatoi erosi berriak. Karabana erosi dugu aurreko bi Europara irteerak euripean ondoren. Etxatoia deitzen diot, atoian daramagun etxea baita. Tolosako saltokitik Etxarrira izan zen berarekin lehen esperientzia, Etxarritik Urbasara errepideko aldats eta bihurguneak entrenamendua. Gidari zailduak izanen gara bidaiatik itzuleran.
Eguneroko ohikerietatik at, bazterrak ikusi, azaletik bada ere, beste jite bateko jendea ezagutu, bizimolde berriei erreparatu, ohitura ezberdinez jabetu, egoki baletor herritarrekin hitz egin, idatziz diotena irakurri, hitzezkoa entzun: hurrengo bi hilabetetarako helburua.
Ez dugu herrietako inorekin autuetan hasteko ez ohiturarik ez asmorik, norabideren bat galdetzeko ez bada. Ez dugu ikusiko ditugun herri edo herritarrengan sakontzeko itxaropenik. Amets garaiezina litzake hori, bidaiaria beti baita pasoko txoria, ez dio zentzudun inork presako atzerritarrari beraien akats eta penak azalduko, gehienez bere mitoak eta nahikeriak azalduko lizkioke. Ez da fidagarria normalean horrelako elkarrizketa. Erkide izan edo egin behar da solas sinesgarrian hasteko. Beraz ikusi, begiratu eta ahal dena jaso, hori da gure xedea.
Enbaxadak bailitzan, autoak eta etxatoiak bidaiariaren jatorriko lur-eremuak behar lukete izan. Euskal Herriko zatitxoa gara aberri ezezagunetan, gurpil gainean irristan edo oinen ibilian dabiltzan ikusleak.
FRANTZIA
Bidasoa ibaitik haratago, aurreko urrutian elurtua dakusagun Pirinioetatik datozen urek oparoak egiten dituzte ibai zabal, garbi, mardul eta atseginak. Deigarriak dira ibaiok, ibai txiki eta zikinetara ohituta gaudenontzat, Sakanan oraindik ibai eder eta garbia dugun arren.
Oraindik ezer erne ez zaien lur koloreko lursail landu zabalak, soro ertzeko erreten berdez uzta edo jabego ezberdinak bereiziz. Autobidetik begiratuz nekazaria da Frantzia, boterea eta aberastasuna industriak eta turismoak emango badio ere.
Zuri daude Pirinioak urrutira, gure aurre dena borobil batez bezala inguratuz, izugarri politak ikusten dira. Pikeak dira teilatuak: elur-lurrak dira hauek. Zuhaitz artean gordeta dauden herri apal baxuei goranzko dimentsioa ematen diete eliz dorreek, nolabait lurraldea estilizatuz, teilatuen horizontaltasuna moztuz, lurrari atxikitzen zaizkion etxeak harrotuz.
Bi ortzadarrek eman digute azken agurra Irurtzun inguruan, euri-tanta batzuk eta eguzkia lagun. Dozena bat inguru ortzadar izan ditugu bidaian, arratseko eguzkiak kolorezko arkuz lainopea koloreztatuz. Bi ortzadar izan ditugu Lourdes ondoan, biak batera, bata bestearen gainean, luzaro gure aurrean.
Ortzadarren sinfonia izan da gaurkoa.
Autobidea nahiko berria delako edo, sartu berriak diren zuhaitz landareak marduldu ez direnez, autobidea ez da ohi duenez haina tutu edo tunel, ahal da alboetara begiratu oraindik, beti dago gaztelu, jauretxe, eliz edo herritxoren bat begien edo arimen atseginerako. Oin-zola soileko etxetxoko herritxoak dira. Pelikuletako ehizaldi eta zaldi lasterketako jauntxoen lurraldeak iruditzen zaizkigu, idilikoak bihurtuz, bertako biztanle eta nekazariek hainbat arazo izango dituzten arren.
Dena dago berriro berde, ikusgarri berde. Oso polita dago dena: lurraldea bera ote berez ederra ala udaberriak egiten ote lurralde oro eder?.
Lo-tokia
332 kilometroren ondoren, Tarbes gaindituta, finkatu dugu gure gurpildun etxetxoa gasolindegiko aparkaleku batean, kamioi erraldoien artean nano. Kamioilariak bere kabinetan lo, gu gure ohe zabalean.
Maiatzaren 6a. Asteartea. F:2.a
"Argia sortzen den izartegia". Juan Ramon Madariaga:
"Bizitzaren esentzia ihesi doakigu" Ez dakit zer litzakeen bizitzaren esentzia, baina bizitza bera doakidala begitandu ez ezik nabaritu ere biziki nabaritzen dut.
Indarge geratu zaigu autoa. Autobideko telefonoz eskatu behar izan dugu laguntza. Errepidetik atera eta garajera joan behar izan dugu. 12 mila pezeta, ia bi orduko galera, atsekabea, gehi autoarekiko mesfidantza kosta zaigu auto berriaren matxura, fabrikan besarkadera edo brida behar bezala lotu ez zuelako langileak edo robotak.
Eguzkitan zuriago, Pirinio elurtuak aurrean ditugula gosaldu dugu, Sakanakoak diruditen mendi eta basoz inguratuta.
Saint Gaudensen konboi militarra izan dugu errepidean auzo, geroago Tolosa inguruan bi hegazkin militar genituen zapelatz erraldoi buru gainean, aurrerago Carcassonen hiribildu edo burgo hormez gotortua genuen ikuskizun deigarria: indarkerian oinarritu da beti boterea, indarkerian babestu behar izan du ere erasotuak.
LANGELOC
Txapel zabaleko pinu moskote artean biltzen diren etxe eta landetxe zaparrote herritxo apaletan eliza-dorreek ere ez dute gandor zorrotzik. Itsasoa dager Narbonara hurbiltzean; harro dago gaur geldoa ohi den Mediterraneoa, kaioak bailitzan milaka puntu zuri mugikorrez bizia. Paraje berean hildakoei jasotako oroitarria baino gehiago armen astakeriari eraikitako monumentua: hiru bunker luzexka bere zulotxoetatik ez hain urrutiko itsasoari begira. Gorri zabaltzen da teilatupean Montpellier, teilaje gorriari bi eliz gailentzen zaiolarik, batez ere dorre gotiko polita. Berez gailen den tontortxoan eraikia, agian bere garaian hainbat herritar pertsegituak babesteko edo, eliza gailentzen da herritxo batean. Stadium edo kiroldegi eraikuntza da nabarmentzen dena Brezieren.
Lehorragoa da lurra Narbonatik Italiara norabidean, belarra ez da berdea, lastoa ez bada ere; txikiak, kaskarrak, gorantz ezin eginda, buruzapalak, txapeldunak, dira pinuak, eguzkitik babestu nahirik, beheko abereei itzala eman guran, agian azpiko hezetasun apurra babestu behar dutelako. Mahastia da nagusi, ardoa izanen da beraz lurralde honetan; hala behar du, monasterioak iragartzen baitira, eta egia jakina da monasterio, jauretxe eta gazteluetako sotoetan upategi oparoak egon ohi zirela.
Autoen pasabidetik jo dugu etxatoiarekin Montpellier-eko ordaintokian; etxatoiarekin atzera martxa ikastaro trinkoa egin behar izan dugu; baina atera gara, onik atera ere, arazoa gaindituz geroari aurre egiteko kementsuago eta segurtasun sendoagoz.
Nimes, etxetzar pila zuria ageri du gain batean, baina gero eliz dorre ugariko ohizko etxeteri zabala bilakatzen da mendi magalean behera.
Itsasorantz doan lautada berdea da Arles ingurua, dena zelai, dena laua, dena ureztatua; bestaldean, mendikatea ageri da lurraren ertzean, Alpiles-Alpetxoak mendiak dira; bere albotik zeharkatzen ditu lasterrera errepideak.
PROVANCE
Zabal eta begiratu batez garbi doa Rodano ibaia, eder, oparotasunaren eta biziaren adierazle.
Aix-en-Provancek badu bere Anboto, Aizkorri edo Beriain, hiruretatik edozein izan daiteke begiratzen zaion perspektibaren arabera, kare-harrizko tontor gehienek baitute kidetasunen bat; Sta. Victoria du izena honek, arratsaldeko eguzkira brixt batean kare-harriaren zuria. Cezanek pintatutako paisaiak direla dio errepide alboko iragarkiak.
Provenzan sartu berri jabetu gara nolako astakeria den Abiadura Handiko Trena, ze nolako erasoa eragiten dion naturari: bailara zabala zeharkatuko du zutabe garai ugarien gainean.
Bada alderik Frantziako autobiek edo bai Espainiako zein Euskal Herrikoek eskaintzen duten zerbitzugune, egokitasun eta segurtasun neurrien artean. Gidaera, baina, antzerakoa da, ia berdina. Alemaniakoa ez zen bezala: han handiagokoa zen batak bestearentzako begirunea, segurtasun handiago zegoen errepidean errespetu horri esker. Herri kulturaren ezaugarria da gidaera ere.
Baso bihurtzen da mendia Italiara hurreratu ahala, aldatuz doa paisaia. Mendiartean sartu zaigu autopista, orain gora, geroxeago behera, itsaskontra inguruan beti, itsasorik ikusten ez badugu ere. Tarteka soilik dager itsasoa.
Cannes, Niza, S.Tropez... zabal ikusten dira mendi tontor eta magaletan, arbola artean kokatutako etxe zuriz josita daudelarik inguruko mendi guztiak. Kontrastez, zabalagoa dirudi itsasoak.
Bihar hasten da Cannesen Zine Jaialdi famatua, baina nahiko pelikula dugu guk bdaiako hurrengo bi hilabeteetan. Jaialdian ikusitako pelikuletatik merezi duenik bada, ikusiko dugu euskal hirietako pantailetan. Deigarriak dira piramide itxurako etxebizitza erraldoiak, baita Italiakoei aurrea hartuaz kristalezko etxetxoak diruditen berotegiak ere. Ortzadar eder batez eman digu sarrerako zein irteerako agurra Cannesek. Hiru ibilbideko autobia, zirkulazio handiko errepidea.
Bidelapurren parajea irudi ez ezik izan ere bada izan hemen autobia: tarteka sarrietan azaltzen zaizkigu errepide erdian kokatutako txabolatxoetan gordetako bidelapurrok; herri bakoitzak bere mendia zulatu du, mendi-zuloa zubiz gainditu eta maldak elkarlotu, ondorioz bidesaria kobratzen dio bidaiariari, nahitaez, aurrera eroso xamar egin nahi badu, itsaskontrako kale-sare jendetza semaforo eta autoteriaren oztopoak saihestuz. Franko-dirua uzteko aukera ere jartzen diote bidaiariari Italiara sartu aurretik denda txukunak eskainiz, ingurua bera ere behatokien bidez tentagarriagoa eginez.
Bortitza zen autoaren buztan erraldoia dirudien etxatoia indartsu astindu duen haizea, baina sendo eutsi diogu. Italiako bide-zubietan ginen ilunabarrerantz: haizea arriskutsua dela iragartzen dute errepide bazterreko letreroek, gaur haize bortitza dela gaztigatzen digute argi gorriz errepide gaineko oharrek ere, baina ez gaitu haizeak eraman mendi-zulo gaineko zubitzar garaiotan.
Poeten uharan. EREILEAK
IV
Soa
Adinean aurrera
zakarrontzira bota zuen
apaletako album oro
joana zen iragana
nostalgiari bizkar
gerora begiratu zuen
inor ez bazuen ere
ohe epelean zain.
Kondairak
Ze axola dio
kondairek zer dioten
hondartzako gure lorratzek
egia badiote.
Enperadoreak
Laukian borobilean sigi-saga
kleraz olioz odolez
koloretsu hila motel
itxuraz egiaz gezurrez
dirdaitsu zeharka edo isilean
hiztun ahaldunek
obralekuko bakardadean
jakin dakite
itxurakeriaren enperadoreak
besterik ez direla.
Jainkoa
Jainkoa
bera da
gizakiaren
asmakizun
unibertsal
eraginkorra
Demokrazia
Hauteskundeak
ahaltsuek
gizarteari jarritako
urkamendia.
Fosil ernaria
Infernutik asko du gure herriak
linboan bizi garelakoan ere banago
gainjantzi koloretsuz apainduz
mitoa hauspotu ahaleginetan
hilkortasun ametsen abaroan
gurari etsien bestondoaren ostean
herri zaharraren lilurapean bizi gara
fosil ez bihurtzeko ahaleginean.
Izar uxoa
Gau zohardian izartegira so
keinu dirdaitsuak irunez
zure soslaia irudikatu nuen
baina ostartean gorde zen
izar uxoa besterik ez zinen.
Milurtea
Lizundu dizkigute kaleak
garbitu beharraren beharrez
huts hits lausotu giroa
bizipoz-abestiak gozakaiztuz
demokraziaren ziegan presotu
aro berri baten promesa pozoituz
Erratz sendoz armatu gara
mezu gezurtiak estoldaratzeko
etorkizunaren giltzagin trebatu
geroa geurea delakoz deman
igande jantziak soineratu
ospakizun eguna antolatu irrikaz.
Ortzadarra dugu ikur
milurteko zubi koloretsua.
Oinetakoak
Zapata handiegiak jantzi genituen
bidea laburtuko genuelakoan
txikiagoak gero pausoa errazteko
oinak mindu zitzaizkigun baina
Noranzkoa eta norainokoa
asmatu nahian gabiltza orain
oinetako egokienak zeintzuk
hori da dugun erronka.
Topa
Irekita ditugu zauriak
orbainez beteta gorputza
badakigu ze basurdek hautsiki gaituen
oraina zaigu iragana
inola ere ez antzua
topa egiten dugu
etorkizuna zaigu arnas.
Barnerabide
Opari eske edo zain bizi gara
norbaitek noiz hipnotizatuko
norbere edo geroaren berri emanez.
Norberak soilik esplika dezake bere bizia
bakoitza baita bakoitzaren aditua
Arrotz artean arrotz bihurtuko da
erratzeko beldur isolatzen dena
eser zaitez zeure barne txoko batean
bedi hori zure liburutegi pribatua
bizitzeko ideiak erreskatatuz.
Izarren hauts
Ez naute aurkituko
oroitzapenen ozeanoan
isilak bilduko nau
harrabots gorgarrienean
hor egonen naiz baina
agian ongarri agian ore
hauts eternoa
kosmosak diraueino.
Ereile
Uztaldi murritzeko nekazaria
malerdi urik banu
hitzen errementeri umila
hutsminak gozamintzea amets
zerbaiten buruxko noizbait
giza amaraunean preso
ez galtzaile ez irabazle
tarteka zapaldua tarteka gandor
hor zehar zebilen ereilea
besterik ez naiz izan.
Hazia lurra ura
haizea argia
nahitaezko
ereileak
Poeten uharan. EREILEAK
III
Berriro igo nauzu
Kalean erasoka
kolore oroko pizti
mendian gorde ziren
basoa gogoeten kabi
Mendira igo omen ziren
zizpa hartu zuten haiek
hala zioten behintzat
kaleko marrazo bortitzek.
Mendia zuten amets
bortxaren profesinalek
bakearen aitzakian
kartzelan zigortuek
Oihana da jada mendia,
hitza dugu zizpa ordez
ametsa orain esperantza
ezpata lepazurrean arren.
Kalea omen
gaur egun
mendi.
Mailukariak
Dominak eman zieten
mailukatu gintuztenei
totem ukiezina da orain
egurtzen gaituen mailua.
Ardurez beste
Existitze hutsa ez zela nahikoa
iritzi zion ardurak ziztatuta
erantzun bila zebilen geroztik
ez zuenez erantzunik aurkitu
ardurez beste egin zuen.
Etxe handitan
Bizi izan naiz etxe handietan
tamainaz eta jendez handiak
ibili izan naiz etxe handietan
dotoretasunez eta bitxiez handiak
bisitari izan naiz etxe handietan
jakin eta ikus minez handiak
Etxe xumeak izan zaizkit
aldiz zorion izpi nagusi
Izanen dut zurezko etxola
izana izanen izanik gabe
auskalo ze izango atarian.
Eta tiro
Uso pasa
hegoa izaki
tiro hotsa
erasoa hasi
aitzaki kusan
gizakia beti
Bidaian
Ilunpetik atera zen argira
treneko leihotik ikusmin
bagoiko askatasun mugetan
egin du bidaia geroztik.
Ekaitz bortitzek astindu dute
urtaro asko bizi izan ditu
egunsenti argiak zein berunezkoak
ilunabar lasai eta trumoitsu
izan du eguerdi ederrik ere
auzo sarean arrantzatuta usu.
Luzea zaio jada bidaia
inguruaz desaxolago
indarrez ahulago
leihatila ondoan eserita
bidaian darrai oraindik
inguruaz gozamin
tunelera noiz itzuliko.
Astronauta
Astronauta zuen amets
kometarekin saiatu zen
parapentean gero
pilotu izanen ote ere
igerilekuan aingeru-jauzia
horrek du orain liluratzen
Tai gabe
Denborak tai gabe darrai
temati geldiezin
inoiz inon inorekin nagi
gizakia bera da ordulari
manipula dezake makineria
ordulari bitxiena ere erosi
bukatuko zaio non ibili
nork daki noiz
joanak bere erritmoan dirauki
Denbora ez da urgentziazko kontua
goazenon jakituria da gakoa
oraingotik ifrentzurako kudeateta.
Amets egin genuen
Amets egin genuen
gorpuzkinez elikatu genuen utopia
txatal minduz josi oihala
geure nekez urratu orpoak
joan ziren egun haiek
mingarriak arren gozagarriak
hainbat argi itzali digute
geuk ere itzali dugu hainbat
sakabanatuta gabiltza orain
bakoitza bere kaligrafiaz idazten.
Tximistaz jo gaituzte
ez gara itsutu
dena da debeku gorri
ez ditugu kaleak abandonatu
eraikin asko eraitsi digute
harriek hor diraute oraindik
harriok lantzen darraigu
aitaren etxea da ahalegin
Mardul-margul
Lorontzi apaina egin diogu
eder loratu dadin
lur ongarrituz elikatu
sendo iraun dezan
herriko plazara atera dugu
kanpotarrek miretsi dezaten
bozgorailua jarri diogu
airea sorgindu dezan soinu bitxiak
gure mintzaira zaharra
mardul ala margul
eskeletoa izan nahi ez badu
ispilu opakoa bihur ez dadin
mintzo fluoreszentea jarri behar diogu
larrua jotzen dugun
ilargiaren edozein aldean.
Poeten uharan. EREILEAK
Goizalba
Ilbete zen oheratu ginenean
egunsenti gorria zekarten izar lokek
loreztatuko zizkiguten begiak
kontrapaseko hegaberek goiz-alban
Kometak utzitako arrasto bila
ireki genuen leihoa biharamunean
baina tratanteen salmahaiko sukalkiak
besterik ez ginela ikusi genuen.
Zuen egia
gure egia
indarrak
erabaki behar ote
betiko lehia.
Sumendia
Belaze gurian kiribildu ziren
bi gorputz goriok bihurrika
plazera beste sentimenik ez
apetaren igogailu irritsuan
gozamenaren erpinera igo ziren
bakoitza bere epizentro
nahiz bestearena zirela zioten.
Baretasun lasaian azkenez
bizipenen kilimaz hordi
bat izan ondoren batago
Lehertzen diren sumendiak
zer besterik dira gorputzak
sutauspean ere magma gori
noiz dardaratuko txingar.
Ilunabarra
Besoa luzatu
zu bertan ez
gaurtik ez da
amets minik
ene goiztirian
Etsigaitz
Txalupariak bestaldera noiz eramango zain
bere buruari txalo egiteko baino akituago
zaldi apokaliptikoen durundian
ezinean ere bizitzera kondenatua
ez zuela gehiago idatziko ebatzi zuen.
Giltzarrapo ikusezinez hertsia
fikziotik ezer gutxi duen bizilegez
monologoetan bere burua engainatuz
bera bere eszenatoki bihurtu zen
baina idazten jarraitu zuen
Ku-ku
Jo zuenik ere,
diruz agor
joan zen urtea.
Kantari zetorkion
udaberri berrian,
hutsik zuen patrika.
Entzun du behingoz
sosez oparo zorroa,
Txiro dirau bizitzan.
Kukua
txantxangorrien galbide
poltsa urrien amets.
Bidazti
Egun orok behar du bere oasia
bizitzako zeharkaldi neketsu honetan.
Oihan berde joria behar luke izan
karanbolak ekarri gaituen ibilaldi lauso honek.
Bere horretan diraute egunaren argi-ilunek
erlojuaren orratzei eragin arren.
Astronauta
Uste zuen urrutitik begiratuz
ederragoa izanen zela Lur planeta
eta astronauta egin zen.
Ziega ezin estuagoa kapsula
mila zeinu koloretsuren esklabo
bolatxo bat besterik ez Lurra
ikuspegi lausotua urruntasuna
nostalgia bihurtu zitzaion ametsa.
Egunerokoan dirauenak soilik
izanen du gau izarniatua.
Arrosak itsasoan
Eztulak inarrosita
hegoak zuhaitza bezala
zotz geratu zen
Bakardadeak itoa
giza uholdeak irentsita
txakur bat erosi zuen.
Gaitasunez aberats
asmalari bihurtu ondoren
pieza hutsal bilakatu da
Goiz egin zieten hegan kumeek
maitekiro prestatutako habiatik
itzuleraren zain daude orain.
Aurkituko duzu lore ederrik
baina ibilbide latza da bizitza.
Dakit
Ekaitz asko lehertu dira
gure ibilbideko gailurretan
izan dira gorrotoak
izan dira begirune zurrunak
gezur asko esplikatu beharko ditugu
iruzur asko argitu beharko digute
ez dugu inorekin bakerik egin beharrik
loreak eskaini nahi dizkiegu soilik
oldarrean datozkigunei
ibi baten bila gabiltza
ibaia zeharkatu nahi dugu
ez dakit ze koloreko gizontxoak garen
ostadar bat koloretu nahi dugula
hori dakit.
Labirintuan
Aldatu beharra dugu lorategia
aldioro dugu egurats bera
zirimiria euria edo zaparrada
ekaitz bortitza ere sarri
nahastuta datoz aspaldi urtaroak
lokaztuta dago labirintua
sigi-saga bihurria da ibilbidea
begiak ere atera nahi dizkigute
bidean itsu galdu gaitezen
arantza pozoitutako hesiz mugatuta
irtenbiderik aurki ez dezagun.
Lehian dabiltza etsipena eta herripoza
baina aspaldi galdu genuen inozentzia
ez diogu inori adio esango
eskutik helduz aurrera eginen dugu
udaberrira arte.
Poeten uharan. EREILEAK
I
I
Ereile
Ereile naiz
erailez inguratuta arren
ereile naiz
urtaroak antzu arren
ereile naiz
arrotzen bazkaleku arren
ereile naiz
pozoiez erasota arren
ereile naiz
uzta lapurtzen arren
ereile naiz
antzu nahi nauten arren
ereile naiz
eraile nahi nauten arren
ereile naiz
arren guztien arren
Larre emankorra da
gizartea
Iratxoak
Bakardadean baina ez bakarrik
dozena bat iratxo dabiltza
txara trinko nahasian
zidor bana darakus bakoitzak
Ez utzi eguzkiari itzaltzen
bereizi desengainua eta zoriona
izan beti ilbete
ez galdu iparrorratza laino itsuan
ortzadarraren 7 koloreez jantzi
amets gaiztoak erretzeko egurra bildu
profeziak egin eta bizi
ez piztu kiskaltzen duen surik
inausi egiarekiko beldurra
erein sosegua edertasuna sortzeko
izan zeu zeure bakarleku
ernarazi lorea zaramatik
Bada iratxo gehiago txaran
aurkitzen dituzun heinean
oihan bilakatuko zaizu sastraka
lahardia larre
Nonahikoa vs inongoa
Ezinean preso
nongotasuna ezbaian
parafernalia autoengainu
erritualak ezaugarri
ikurrak asegarri
borroka bera barne plazera
abertzaletasuna misterio
oroimenak bizi-grina
ametsa akuilu
etsipen-osinetik urrun
hurrengo belaunaldia hegian
negar zaharrak geroaren oihu
Hemen eta gaur
Ezorduak eta ezlekuak
Zer izango zer etorriko
zer irabaziko zer galduko
dena edo ezer ez hautuan
beldurraren gerizak bilbilduta
ez dugu ezkutatzen kezka
aitortzen baizik egonezina
amets egiten dugu
entzun ikusi eta sentipenez harago
zergatik ez bazkatu utopiaz
berak indartzen baitu bizipoza
eguzkiak dakar beroa
nahiz hotza izan negua
keriak keri
aberria zait herri.
Urtaroak
Loraroa
bizi-min izadia
geroa kantatuz
arrosa gorria
Hondartzaroa
uda zapan oasia
neguan esperantza
begietan bizinahia
Hegoaro orotan
horri horaila
kulunkan galdez
noiz ote hila
Eskimalek iglua
emigratu mongolek
bizipen distira
hotzaro minenek
Bideetan
Infinituko finitu ezereza naiz
ez dakit zeren erreflexu edo itzal
txikikerietan jainkotxo
barne zirrikituetan gordea
pozik agian ez lasai bai
ez dakit zoriontsu naizen
ezta balizko zorionik denik ere
hortzak estutu behar izan ditut
aizto piko pala gailu ezberdinez
zaborrean ere
lurperatu nahi izan naute
Inon egon gabe
nire herrian egon naiz
herriak berak egin nau
ernarazi ninduen herrian diraut
nire bidea egin dut
trikimailuz jositako bidea
luzea ala motza,
azkarra edo motela
bere erritmoa ezarri dit bideak
galduta ere ibili naiz
baina ez nau herriak galdu
ez naiz herrian galdu ere
Itsaso barean noiz baratuko orain
lotara ordua noiz helduko zain.
Zuok epaileok
Ubelduraz ikusi gintuzuen
gezurra esatera behartutako
ezdeus itxurako haiek gara
Norbaiten txotxongilo
interesatu horien interesetan
zeuok bortxatu zenuten legea
Epaileok noiz epaituko gabiltza
gaizkiletzat hartutako atxilotuok
justiziarik sekula izango ote
Idazleen mintzoak. Natura
Gizakia
Gizamoldeak
A
Abegian hartu
Agirakari gor egin
Adorea batu
Ahots neurritsua
Ahots sorra
Ahots zaunkari
Ahots zilarra
Aintxintxika laburra
Amets batean esnatu
Aratinik
Ahots bat atera ohi zait
Atentzioa eman
Aurpegi argizaritsua
Aurpegia eguzki
Azal itzalia
B
Barre haize bat
Barre haizea
Barre isekari izoztua
Beharrak gogoa hartu
Bekokia itzali
Bekozko begiratua
Bekozko esan
Bekozkoa ipini
Bekozkoa jarri
Berbari ekin
Bere baitaratua
Bere baitatik kanpo
Barre behartua
Bestondo aurpegia
Bil-bil egin
Bil-bil mantendu gogoa irakurketan
Bil-bil murgildu irakurketan
Buru egin
Buru-arraz moztu ilea
Burua apaldu
Buruari eragin aldez alde
Buru-makurtu
E
Elkar ondo eduki
Erausian ari
Espantu batzuk egin
Ezkon-nahia
F
Familia-lerroa
Familia-pentsio
Familia-zuhaitza
G
Gizon laburra
Gogo eman kontuari
Gogoa besteratu
Gogoa jarraiki zaio
Gogoa lanean bildu
Gogogabetzeak hartu
Gogoa bildu
Gogoa txartu
Gorputzaren mozkorraldia
H
Hatsari eutsi
Hil aginean
Hil hurran
Hogeita hamapikuan
Hondo-hondoraino murgilduta lo
I
Ilun-bistan esnatu
Izu sentitu
K
Kirioak airean
Kopetaren pareta
Kopeta goratua
L
Labur-labur begiratu
Lauki itxurako gizona
Lotara bota
M
Maitasunak bizi gaitu
Malkoak izerditu
Marmar hotz eta iluna
Masail isiotua
N
Negar-marraxka bat egin
Negar murrina
Negar-musika
Negarrak isildu genituen
Negarra atertu
Nekeari batere konturik egin gabe
Neskato umatua
O
P
Pikotxean jarri lurrean
S
Saiheskako espresioa
Soinekoak habitatu
U
Udatiar jarraikiak
Urre koloreko aurpegia
Usaina aditu
Z
Zain-adi begiratu
Gorputz-atalak
Burua
Osotasunean
Buru-xut
Burua apal izan
Burua apaldu
Burua bihurtu (giratu)
Burua bihurritu
Burutik zati-zati eginda
Ahoa
Ahape hotsa
Aho bizarrik gabe
Aho ertza erori
Ahoa ezpainetako gorriz sutu
Ahoa makurturik zuen
Ahoko zatarra
Ahotik hortzetara
Aho-oztopoka
Ahotsa
Ahotsa malkotu
Apaldutako ahotsa
Bibotea gauak bustia
Bizar espartzuzkoa
Boza gordindu
Boza gorritu
Boza loditu
Ezpain-txokoa
Ezpainak barre eginda
Ezpainak bil-bil
Ezpainak hezetu
Ezpainak lotu
Ezpainetan distira erabili
Irri laburra
Irri zuria
Irribarre burlatia
Irribarre gaiztoa
Irribarre izoztua
Irribarre lotsatia
Irribarre mehea
Irribarre zabala
Irribarrea lausotu
Irribarrea luzatu zaio
Irribarrea marraztu aurpegian
Hortzak klaskatu
Txilina titindu
Begiak
Begi azpiz behakoak egin
Begi bat bota
Begi bat keinatu
Begi-bazterra
Begi-bazterraz begiratu
Begi bazterraz so
Begi bazterretik ikusi
Begi bazterrez ikusi
Begi eman Begi ertzaz begietsi
Begi hanpatu eta mindua
Begi kolpeko maitasuna
Begi ondoak
Begi hutsez
Begi itsuan joan
Begi keinu egin
Begi logaletsua
Begi zeharka
Begia atxiki
Begia bete
Begia eman
Begia kliskatu
Begiak alderik alde zabaldu
Begiak arranpalo
Begiak arranpalo begiratu
Begiak arranpalo ireki
Begiak begietan landatu/ geratu/euki
Begiak beheratu
Begiak bete
Begiak bota
Begiak bihurritu
Begiak bildu
Begiak errepidera josi
Begiak ezin bildu
Begiak ezkeldu
Begiak gainezka jarri
Begiak galtzeraino begira egon
Begiak gelan zehar ibili
Begiak gerizatu
Begi gorabehera batean zenbatu
Begiak hurbildu
Begiak ibai aldera egin
Begiak ilunpera egin
Begiak irauli
Begiak itsutu
Begiak izu
Begiak lanbrotu
Begiak landatu
Behiak larratu
Begiak malkoz lanbrotu
Begiak ñarrotu
Begiak ogiak bezain hain ...
Begiak pantailara eginak
Begiak sakonduta
Begiak txikitu
Begiak txilotu
Begiak txinpartaka
Begiak txitxildu
Begiak zehartu
Begiak zirimolaka jarri
Begiak zirrikituta
Begiak zuluetatik irtenda
Begiaren bazterrez behakoak egin
Begiek ikatz-suzkoak ziruditen
Begiek leihotik begiratzera jo
Begietan amorrua loratu
Begietan eman
Begietara egin
Begirada aldendu
Begirada apaldu
Begirada astuna
Begirada azkorra
Begirada basa
Begirada baztertu
Begirada bihurtu
Begirada/ begiratua egin
Begirada bota
Begirada egin
Begirada goititu
Begirada guztiak erakarri baina inori itzuli gabe
Begirada hiltzailea
Begirada horia
Begirada ikaratua
Begirada ilintitsua
Begirada iltzatu
Begirada itxuratia
Begirada jaso
Begirada kokina / barrekokin
Begirada labaindu
Begirada lainotsua
Begirada lasterra
Begirada lehengoan jarraitu
Begirada lotu
Begirada onbera
Begirada suharra
Begirada zamatua
Begirada uzkurtu
Begiratu lagunkoia
Begien itxi-ireki batean
Begira zegokion
Begiratua luzatu
Begiratuki
Begirik eman gabe
Begizta eginez igo
Betazalak bildu
Betazpiak izan
Betertzeko zimeldura
Betertzeko zimurdurak sakondu (norbaiti)
Bihurri-begiratua
Betizu begiratu
Hildako begia
Marruskatutako begiak
Soa landatu
Tinki begiratu
Zehar-begia
Zeharrargitara begiratu
Zeharretik ikusi
Zeharretik begiratu
Bekainak
Bekaina belztu
Bekaina igo
Bekainak batu
Bekainak goiti egin
Bekainak igo
Bekainak uztaitu
Betazalak
Betazalak pisu sentitu
Belarria
Belarria antzu utzi
Belarria ernatu
Belarria luzatu
Ilea
Adats horia zuen erro ilunekin
Atzeraka orraztu ilea
Ilea arrasean moztu
Ilea korapilo batean bildu
Ile basatia
Ile sarria
Ile zalapartatsua
Ile zarpaildua Ilea labandu
Ilea larru-arraz egin
Ilearen oinarriak (entradak)
Larru-arras moztu ilea
Orrazkeren patxada desegin
Trauskil moztu ilea
Gorputz-enborra
Soina
Saihets-hezur
Soin enborra
Soinak jaso
Bihotza
Bihotz pilpirak
Bihotz-taupada
Bihotza eman
Bihotza erdiratu
Bihotza golkotik ateratzekotan
Bihotza izoztu
Bihotza kolkora igo
Bihotza negar betean
Bihotza opildu
Birikak
Arnas lodia
Arnasa behera etorri
Arnasgoraka
Arnas-hots lasterra
Arnasa garbia
Arnasa joan-etorrian
Birika arroztua
Birika zolaraino arnasa hartu
Biriketako negarra
Eztul zekena
Glotisetik beherako hodia
Hatsaldi
Hatsanka
Herdoildu: auspoa herdoildu
Burua bakarka astindu
Usin egin
Bizkarra
Bizkar makurrak
Bizkarra bermatu atean
Bizkarra bihurtu
Bizkarra harrotu
Bizkarra jaso
Bularra
Bularra pilpiraka
Eztarria
Eztarriko intxaurra
Titi sagar
Hezteak
Zirinari ateak ireki
Lepoa
Lepoa behartu (giratu)
Sorbalda
Soingaina goratu
Soingainak iltzatu
Sorbaldak hondoratu
Sorbaldak konkortu
Sorbalda lokatu
Sorbalda uzkurtu
Sorbaldak goratu
Maskuria
Maskuria libratu
Urdaila
Botaka egin
Goitik egin
Urdaileko kilika lokartu
Soinadarrak
Besaburuak harrotu
Beso presatua
Besoa harrapatu (besotik heldu)
Besoak antxume egon
Besoak antxumetu
Besoak uztartu
Besoetan gerizatu
Ukondoak bermatu
Belaun-ukaldika
Belaunak tolestu
Hanka makotua
Zangoek ez ote didaten erantzungo
II
Egunaroak
Argi bahetua
Argi dardartia
Argi-distiraldi
Argi firrinta
Argi leuna
Argi zekena
Argi zirrinta
Argia bizitu
Argia hasi
Argia urratzean
Argiak gaua urritu
Argianzpeko
Argitasun ahul lausoa
Argitasun esnekara
Arratsa apaldu
Arratsa apalean
Arratsalde urrezkoa
Arratsalde urtsua
Arratsalde zatia jan eginari
Arratsaldea apaldu
Arratsaldeko bortsak zintzilik
B
Behe-laino
Behin ilundurik
Bero likatsua
Bero pisua
E
Egun gris-urdin iztua
Egun trinkoa
Egun-txintan
Eguna belutu
Eguna zukutu
Egunaren erakarpena zeru ertzean
Egunsenti lausoa kuzkurtzen da
Egunsenti sortu berria
Eguraldi egiten zuenean
Eguraldi mehatxuzkoa
Eguraldia arindu zuen
Eguzki geza
Eguzkia hilerriaren atzetik apaldu
Eguzkia ibaika
Eguzkia inguruka
Eguzkia itzali
Eguzkia jarri
Eguzkia labaindu
Eguzkia mendiaren sorbalda luzean
Eguzkia txinpartaka
Eguzkiaren gorria ahuldu
Ekaitza baretu du
Elur arina
Elur beratua
Elur-bola
Elur malko
Elur bustia
Elur-erauntsia
Elur-euri
Elur-mokor
Elurra botatzen ari zuen
Elurra lodi egin
Erdi-argiantza
Euri ihintz
Euri mehea
Euri-zirin mehea
Euri tantak sarritu
Euri usaina ekarri haizeak
Euria adarka
Euria atergabean
Euria aspaldi gelditu zuen
Euria ez da hasi
Euria goian behean
Euria hasi zuen
Euria hasia baitzen errekak zabaltzen
Euria jautsi ahala bota
Euria sarri hasi
Euria zarra-zarra
Euria ziri-ziri
Euriak hotsarekin jo leihoa
Euriaren zirika
Izarrezko euria
G
Gau betea
Gau mina
Gau sakona
Gauaren hats izoztua
Gau mindua
Gaua izar egon
Gaua sartaldean sabeldu zen
Gaua sartu
Gaua zulatu
Gauaren kabuan
Gaugiro egon
Giro nabarra
Goiz eder
Gaua lo gabean igaro
Goiza izan zen
Goizak bereak emanda altxatu ohetik
H
Haize gordina
Haize nahasia
Haize ulukari
Haize urratua
Haizea enatu
Haizea baretu egin du
Haizezko hitzak
Hosto izurtsua
Hostoen farfarra
I
Ibaia urduri
Ilargiak bere adarrak atera
Iluna urratzen hasi
Ilunorduei argi laurdenak bilatu
Iluntasun sarria
Iluntzen ari zuen
Iluntzen hasia zuen
L
Lainoa aienatu
Lainoak haizatu
Lanbro-masa lodia
O
Ongi ezik eta hotz zegoen
S
Suzko bola odol-gorri bat garretan…
U
Uda betean
Udabetean
Udaro (uda garaia)
Udaro (uda oro)
T
Truxuak bota
X
Xut-xut igorri errainuak
Z
Zerua laranjaz janzten
Zerua zikindu
Animaliak
Behorra estali
Beleak karranka
Kakara egin
Txakur untxaria
Txoriek beren txintak batu