BIDAIAK 97
Maiatzaren 12a. Astelehena. 8.a -A3.a
“Argia sortzen den izartegia”. Juan Ramon Madariaga:
"Argitik bizitza sortzen da". Biziago gabiltza aurten gu ere eguzkiarekin.
Harreman zoroak dituzte kanpineko txakurrak eta zisneak!.
Bi ahatek zeharkatu dute airea laku gainetik, beste batek ebaki du lakuaren ur azala triangelu gero eta luzeagoa marraztuz: adar bata luzeagoa duen V kulunkaria; jauzi bizkorra egin dute bi enarek ur azala astinduzko ehizan.
Asko bakandu da elurra mendiotan, azken egunotako eguzki eta epeltasunaren eraginez, soiltzen hasi zaigu tontorron buru zuria.
Ingelesak dira nagusi kanpinean, adinekoak, nola ez.
Dutxetako bakardadean imajinatu dut egunen batean atutxaren batek bideo-kamara jarriko digula komunean ere. Gerra bat beharko da Barne Ministerioei boterea kenduz Gobernuak berak eskuratu dezan agintea eta ahalmena.
Alemaniako tirolerriak gogoan, pintura gehiago espero nuen etxe fatxadetan, baita gurutze eta santu-irudi sarriagoak ere. Zura da gehiago dagoena agian Austriako Tiroleko etxeetan. Hemengoak baino biziagoak gogoratzen ditut Alemaniako herriak, ez ostera Ego Tirolekoak, Italiako Brenner edo Brenero bestaldekoak.
Lauzpabost edukiontzi ezberdinetan gutxienez biltzen da zaborra Austrian, Tirolen behintzat.
Bada kanpin ondoan baserri bat, dotoretasunik gabe ahaztu samarra dagoelako agian petoagoa: atzo eguzkia hartzen ikusi genuen gizon zaharra bere tiroldar kapelarekin, libre dabiltzan oiloz bilduta; gaur korta egiten ari zen eskorgaz simaurra atereaz: Austriako herritxoetan edo baserrietan ere kanpotik dira nonbait gazteak. Beherago goldaketa aurreko simaur zabaltze mekanikoan dabiltza zenbait nekazari traktorea baliatuz, goldaketan beste batzuk errepidean bira eman eta zoru dena kakaztuz.
Militar kamioia ikusi dugu bigarrenez auzo-bide berean: ejertzitoa nonahi eta beti.
Izugarri erraldoiak dira bai eski jauzietarako zidorra bai biltzen duen mailadia. Aparteko behatokia da jauzilekua, Insbruck gainaldean, hiria zabal oinean, Alpe erraldoien kate elurtua alderik alde eskenatokiaren dekoratua bailitzan aurrean. Aita Sainduak muntaia honetan eman zuen meza bisitaren batean plaka batek dionez. Mitin batean plaza hori betetzen duenak badu jarraitzailerik!. Olinpiadetako antolakuntza da, turisten bisita-leku, zurez eraikitako etxetxo kafetegi zerbitzu eta abarrak zuhaitzen artean: oso polita eraikiz baina triste itxurakoak gaur egun, marguldu itxuraz, zainduta dauden arren.
Hiri arrunta ikusten da Insbruck goitik begiratuta, mendien ingurua du zoragarria. Kale-sare arteko paseatuzkoan da xarmanta hiria.
Mutters. Natters bezala gaintxo batean dagoen nekazari herritxoa da. Gureetan txaletak liratekeen eraikinetan daude kortak. Tranbia heltzen zaio bertaraino mila bira ondoren: erakargarria izanik, ez dabil turistarik.
Larrutu egin gaituzte autobian, bostpalau kilometrogatik 500 pezeta. Alferrikakoak ziren kilometroak, hain zuzen; nondik norakoa erosoago aurkitu asmoz sartu gara, okerrekoa zen norabidean.
Gaintxoetako ikuspegi ederretatik egin dugu bidea hasieran, izeidia zeharkatuz ondoren.
Igles. Uderria, etxe eta hotel sendoz hornitua. Eliza bere txikian eta xumean, tiroldar barroko petoa da.
Barrenetik hartu dugu Brenerora; autobiaren zubia dugu gainean, 190 metrotik gorako erraldoi garaia, munstroa benetan; txikiak ikusten dira kamioiak han goian: zenbait harrotu eginen da paisaia hausten duen tamaina honetako astakeriarekin, “ze teknika” esanen du.
Pakete handi edo fardoak egiten dituzte zaborrarekin zabortegi handi batean, ondoren pilatu eta ertzak pinu-azalez estali: beteaz doa mendi-zuloa. Agian leku gutxiago erabiltzeko era bat da.
Gurean baino abiadura motelagoan dabiltza autoak errepideetan: gaitzespen argi-xaflak bota dizkit gidari batek ehuneko 70eko abiaduran aurreratu dudalako, errepide lasai eta artez batean bazen ere.
Errepide nagusia utziz, barneko bailaretan sartu gara gaur, batzuk estuagoak, zabalagoak besteak, denak antzerakoak, denak politak: goietan harrizko tontorrak, beherago izeidi iluna, zelai belusatu berdeak belar lehorra gordetzeko zurezko txabolatxoz josiak, etxe banakak edo etxe multzo luzexkak maldan, herritxo hasiak haranean. Erakargarriak dira kanpotarrontzat Tiroleko bailarok, halako miresmena harrotzen digute: zurezko etxe ilunak horma argiekin, fatxada pintatuak, eliza-dorre zorrotzak. S.Kristobal bidaiarien zaindariaren irudi pintatua dager edonon: bidaiarien pasabidea da izan betidanik lurralde hau. Noizbehinka Maiatza txikitxo bat; atzo ere ikusi genuen beste bat; bada maiatza bere etxe aurrean duenik ere. Ile trinkodun ardiak ezik ez dugu beste aziendarik ikusi.
Matrei. Erratu garelako jo dugu bertara, baina merezi izan digu erratzeak, bailara oso polita baita: Austriatik Italiarako errepidea, autoteri eta garraiogintza gehiengoa autobiatik badabil ere. SEAT garajea dago herrian, Austrian ikusi dugun lehena
Ugaria da gela eskaintza, edonon dago "zimer" karteltxoa, ugariak hotelak: udaleku zein negulekuak dira hauek
Stubai harana, oso populatua dagoen bailara, gainezka egiten ari da etxez, teila iluneko orban beltza gailendu zaio berdeari.
Fulpmes herritxoak badu bere Madison zubia. Volderau eta Neustift herriek, berriz, hotel tiroldar sendoak eta jatetxeak. Ez da erraza argazkiak ateratzeko aukerarik aurkitzea, errepide bazterretan ez baitago zabalgunerik.
Errekarro pikean goaz, Aostakoak gogoratzen dizkigu errekak: gorago eta meheago baina beti betea, bizia dator, harrietan lehertuz, aparrez zuri, ur-jauzi ezberdinen kontrapuntuz sinfonia dirudien ur-soinuarekin, ur-jauzi eta errekasto ugari gizenduz; baina errepideari erasorik egin ez diezaion edo, gizartetu egin dute, hesiak jarriz, ustelki zibilizatu; zementuaren ordez harria erabili badute ere galdu egin du naturaltasuna. Hesiak jartzea da gizarte honen izaera.
Muttergerg: ber-bertan dugu elurra. Negurako antolakuntza itzela da: milaka autoentzako aparkalekuak, hotelak, kafetegiak, bertatik baitoaz 1730 metroko garaieran dagoen glaziarrerako teleferiko sarri eta ugariak. Lainopean daude gaur tontorrak. Zabala eta ondo zaindua da bertarako zabaldu duten errepidea.
Herri nahiko haziak dira, etxe-sail zabalekoak, udatiarren eraginez koskortuak seguru aski, bertako biztanle betikoak hainbeste ez badira ere. Udaleku petoak; turismoak, turismoaren negozioak, aldatu du paisaia. Ez da nekazaritzarik ikusten; belardi finak dira lurrak, berde gazte, argi, intentsu, gordin, trinkokoak, txabola ugariz zipriztinduta.
Etxe-hormen kontra, teilapeetan, txaboletan ere, egur trokoteak, zerraz ebakiak, berriki ebakiak nonbait oraindik argi baitaude ebakidura, prepezioz eta txukun tolestuta hurrengo negurako prest, Sakanan bezalatsu.
Elur-jauziak dira hemen Euskal Herriko lur-jauziak: errekaraino eroriak daude milaka tonako elur piloak, gogortu eta ilunduak; ez da ez polita ez atsegina.
125 kilometro, barne-bare egiteko lasaigarriak; bailara berde bateko herritxoak ikusizkoak, Tiroleko bihotzean.
Lasaia dago kanpina gauerdiko komunetarako paseoan. Argi gutxirekin, ez dakit apoa ala igela den, adi bezala dago, oso geldi, zirkinik egin gabe, asfalto erdian, lakutik irten berri bezala: ukitu egin dut atzetik eta lotsagabeki jiratu zait aurpegira jauzi egiteko mehatxu tankeran. Beldurti agian, baina arrazoi guztiarekin ez bainuen zergatik zirikatu behar. Han gelditu da beste zirkinik egin gabe.
“Ez duk erraza, konpai!". Koldo Eizagirre:
Korapilatsua behar du izan turistarentzat Cuban moldatzea.
Maiatzaren 13a. Asteartea. 9.a – A:4.a
Zisnea ez da ia lakutik ateratzen txakurra azaltzen ez bada.
Ez genuke jakingo zein den bertako austriarra, zein alemaniar ilehoria, zein atzerriko beltzarana: bidegurutzea izanik Tirola, arraza ezberdinak eta jatorrizko biztanleria nahasturik daude nonbait.
Eguzki-gose dira ingeles kanpin-kideak, solarium batean lez borobil horiari begira ekilorea bailira.
Simaurrarena da Nattersen maiatzeko udaberri usaia.
Insbruck
Wilten Kolegiata, barroko tiroldar ederra; argazkiek diotenez erabat hondatu zuen gerrateak 44an, baina erabat berritu dute alemanek horretarako duen sen berdina erakutsiz. Tailatuta dago bankuteria osoa.
Wilten Basilika, aurrekoaren alboan. Tiroleko rokokorik onena omen da; filigrana gehiago edukitzea da albokoarekin alderatuz ezberdintasun nagusia. Argia da, ia zuria, zuritasun horrek freskoak gehiago nabarmentzen dizkio. Amabirjinaren erresel erraldoia, presbiterioan alde bietako balkoi zuriak eta bankuteria osoko tailak lirateke bertako xehetasun bereziak, ez dira baina bereak artelan ederrenak.
Museoak. Era ezberdineko mila daude hirian; guk kanpaigintzarena aukeratu dugu, bertan ere kanpaiak egiten diren museoa. Bitxikeria izan da, kanpaiak egiten ez dugu ikusi baina kanpaiak egiteko prozesu osoa ikasi bai; fabrika ikusi dugu; kanpai ezberdinei kanpai-hots ezberdinak atera dizkiogu eta soinu armonia ezberdinez jolastu dugu.
Unibertsitateko S.Juan eliza: pulpitua du ezohizkoa, bai kolore berde argiagatik baita eliza erdiko angelu batetan kokatuta dagoelako ere: aurrekoentzako gordeta, badirudi erditik atzerakoentzako zela sermoia, azkeneko etorritakoentzat; zur inkrustatuz edertuta dago bankuteria; ia elizpean bertan koadrotxo polita duen kaperatxoa.
Alde Berria: berria arren, etxeak kolore bigun ezberdinez margotutako egitura apaleko etxez osaturiko kale zabalak ditu.
Atzo hegorantz jo genuen, gaur Mendebalera, Tirola ezagutuz jarraitu asmoz.
Kaleetako unleitun batek nahastu digu norabidea, nire patxada ernegaraziaz, arratsaldeko autozko ibilaldia hasterakoan.
Zirl. artaburuak daude teilategalpeko balkoiko langetan lehortzen.
Ehuneko auskalo ze desnibel duen aldatsa: goitik behera larri liratekeen kamioientzako goranzko aldapara bat jarri dute noizbehinka errepide ertzean, gureetan hartxintxar saila jartzen duten bezala.
Hotelak, ostatuak eta oheak iragartzen dira batez ere errepide bazterretan. Ugari.
Gaintxotik goaz, ikuspegi ederraz gozatuz, bailara berdea behean eta mendi gailen elurtuak dena bilduz goietan: aspertzen ez gaituen Tiroleko betiko ikuspegia.
Seefeld. Goi bateko lautadan kokatua, mendi eta izeidiz inguratuta, uderria edo neguerria, lasaia bezain irtirina; hotel ugari, denda erakargarriak, eski jauzietarako zidorra, eski lekuetarako garraioteria eta lakutxo bat. Eliza ere bere neurrikoa du, gotikoa; erretaula ordez triptiko handi tailatu antzinakoa, ikusgarria; badu bigarren triptiko tailatua, txikia; antzinako fresko ugari hormetan; pintatutako irudi nanotxoz potxoloa den bataiarriaren tapagailu landua; hainbat irudi eder polikromatu; gurutze-bide pintatua; mailadi zabal bat igoz kapera barrokoa aitasantu iruditxo ugariekin; sarraila eskerga eta atea berez ixteko herriko injineruaren, agian sakristauaren, asmakizuna.
Jatetxea bilakatu dute klaustroa, eta upategia jangela.
Bailara bikoitza dugu ikuskizun behera bidean, biak erakargarriak, Tiroleko ikuspegi peto paregabea eskainiz. Atzokoa erreka-zuloko bailara bazen gaurkoa ibai zabalaren inguruko harana da, atzokoak bezain erraldoi eta ederrak alboetako mendiok. Hobeto ikusi ahal ditugu mendi hauek bailara zabalagoaren erditik: txapel zuria nabarmen ezabatzen doakie egunotan: elurra ere ez da betirakoa.
Ur jauziak, eski jauzietarako zidor pikoak, monasterio itxurako eraikuntza tzarra, nola ez gaztelu handiren bat tontortxoan, belar lehorra gordetzeko txabola ilunak belartza berdean, fruta arbola saila loratuta zuri, trenbidea beti, eta noizbehinka trena...: Tiroleko bailara, atsegina hau ere.
Zenbait herritako etxeek zur gehiago dute, baina ia ez da irudi pintaturik: xumeagoak dira herritarrok, agian praktikoagoak. Irudi pintatuko horma zuriko eraiki gehienak hotel edo jatetxeak dira: ederrak eta sendoak tiroldar itxurakoak.
Errepidean orain arte ikusi dugun lehen SEATa, Ibiza modeloa: tokatzen ez zaion abiaduran, bizkor, aurreratu gaitu. Espainiakoa izateak, autoa bada ere, berezkoa ote du ezberdinki portatzea?.
Imnst: harrizko laukitxoak dira errepideko zebra zeharbideak. Xingola luzea da herria. Amildegian dator ibaia, harriartean ehota, ia ur-kolorerik gabe aparrez zuri, ozen; tamalez auto hotsa gailentzen zaio, etengabeko auto ilarak kentzen baitio bakea ez ezik patxada, grazia, eta kalean ibiltzeko aukera. Zatarra da plazatxo bateko kapera, baina Tiroleko ezaugarria. Aspaldikoak dira zanpazar edo joareak herri honetan, Inbrucken ere, Iturenen bezala: hemengoek aurrean ere badaramatzate zintzarriok.
Tiroleko janzkera gutxi ikusten da, bakarren bat soilik.
5.100 metro luzerako tunela, ezker-eskumara bihurguneak dituela gainera.
Zementuzko dorrea, piramide luze zorrotza lurretik bertatik zerurantz.
Otztal bailara.
Tontor sendoen orpoan, izei berde gazteak edo berde ilunak magal pikean, berdegunea malda leuntzean, herritxoa berdegunean. Errepidearekin bat doa ibaia: bizi doa hemen ere; zabala da, axala, harriartean irristatuz, lasai ibiltzeko aukerarik eman gabe: indar gehiegi darama gardena izan ahal izateko. Madison zubiak, batzuk estalperik ez badute ere: giza sentimenduez ari da pelikula, lurralde honetan ere izanen da halakorik. Zabaldu egiten da tarteka bailara, zabalgunean harkaizpeko herritxoa jaio zen. Jauzian dator ura goitik behera, apar zurizko harian, mendiarte eta haitz-gainetan gainbehera; nonahi era guztietako errekatxoak, ur-jauziak, elur errekak, elur jauziak, zikinak hauek ere erromantizismoari tarterik utzi gabe. Zurezko etxe, teilape eta txabola; pintatutako etxe guti; hotela franko, hauek bai Tirol erara pintatuta. Hainbat kanpaleku. Balkonada sendoak, bertako ezaugarri, erakargarriak. Atzoko herrietan bezala, hemen ere ez dago Maiatzik. Ile trinkoko artalde txikiak noizbehinka. Behi etxalderen bat, behien kolorekoak dira zurezko eraikuntzak ere, marroiak. Zaldiren bat. Gutxi dira sutarako egur trokote tolestuak.
Bada errepide ertzean elurrari monumentu bat: harri zuri moldeatua, inola ere ez erakargarria.
Gizatartu ordez, berezko naturaltasuna kendu dio bailarari errepideak: zaindua eta zabala da, hor goietako elurtzetan negozio handia baitago, Soldes ibaitik gorako glaziarrean batez ere. Motor-hotsa dugu gaurko musika ere, errekaren soinuaren ordez. Aostako bailarak berezkoagoak ziren, naturalagoak, agian errepideak hemengoak bezain erosoak ez zirelako.
Gu geu ere hemen gabiltza gure motor ke eta hotsez bailara kirasten!!!.
Dorre gorria dute Tiroleko eliza gehienek, teilatua ere askok.
Berezia izan behar du bailara onek neguan, dena elur denean, bereziak hilabete luzeetan elurrez estalitako lurraldean bizi behar duten herritarrak ere.
Eguzkia ez da sartu ere egingo bailara honetako zenbait zokotan, eguerdian gorenean dagoenean ez bada.
Banaka-banaka askok aurreratu gaituzte neurriz gainezko abiaduraz, motodun poliziarik ez dabil nonbait hemendik.
Au, Euskara batuaren aurretikako herritxoa.
Ez da kanpaleku bat bera ikusten, erreka kontrako zelaiak tentagarriak badira ere.
Solden ibaiak bitan banatutako turisterriak erreka eta mendi elurtuak dituzte batez ere eskaintzeko.
Hube, gramatikalki akrata espainiarra.
Herri berria. Dena da antolakuntza, dena dotorea, dena Tirol kutsuan bildua.
Hirugarrenez ikusi dugu teilatu batean dotoregarri edo beste zerbaiten ezaugarri den tramankulua.
Oetz. Arratsean, eguzkia gordetzera doanean, gainaldetik berari begira bertan geratzeko gogoa sortarazten digu, hain dago polita dorreko kanpai soinuz bilduta.
Ordezko edo ezohizko bide batetik hartu dugu Insbruckera.
Madison zubi zoragarria errekatxo zoragarrian. Pikoan egin dugu luze goiko mendietara, 2021 metrotara heldu arte. Otztal bailararen ikuspegi zoragarria du hasieran, herritxo batzuk ondoren, gero gu gora eta erreka zuria behera, kontrabidean baina beti elkarrekin, izeiz inguraturik. Hemen bata bestearen ondoren datoz Anboto zein Aizkorri, errepikatuz bezala, beti duzu Anbotoren bat aurrean edo Aizkorriren bat alboan. Belarriak durdurioz, geu gara bertan bidaiari bakarrak, aukerako lasaia bihurtu zaigu bidaia. Noizbehinka erreka-zulo bera da errepide leku, lurralde goietan bertan. Elur moltsoak hasieran, azkenez elurra dugu inguru osoa estaliz, errepidea soilik dago garbi. Bertan ditugu ur-jauziak ere. Txundigarria. Enbor luzeak luzeran erdibituak dira errepide-hesiak, ohizko metalezko babes-hesien ordez. Urtegia goiko lautadatxo sakon batean, elurrez inguratuta dago baina bete gabe aurkitzen da, elurra noiz urtuko zain nonbait.
Kühtai. 2.021 metrotara, oraindik elurpean, eski zaleak erakartzeko elurraren inguruan sortutako antolakuntza, eski-gunea. Ez dago herririk. Tontorretara hainbat garraioteria, eta hotela franko, tiroldar kutsua gordez. Gehiago dirudi eskizale apalentzako asmatua, igandezaleentzat batez ere. Insbrucketik errepide zabal zaindua du, askotan errepideak amildegia badirudi ere % 17tik gorako gainbehera pikoan.
Artalde bat tunel ireki horietako batean, lasai, fin jotzen duen haizetik babestuta, elurretik urruti eta lehorrean: nork zioen ardiak leloak direla?.
Uraren kontra egin badugu lehen, errekaren alde goaz orain, alderantzizko isurialdera, gure etxetxora bidean. Hainbat herritxo eta kapera polit: Tiroleko ezaugarri bezala atera nahiko nieke argazkia baina arriskutsua da errepidean geratzea. Goian ditugu mendiak berriz ere, beraien oinetan gaude.
Ez diete ibaiei izenik jartzen zubiz zeharkatzean.
Eliza askok du pope txapela: nonbait ortodoxoek izan zuten indarra lurralde honetan.
227 kilometro, gustagarriak, gozoak, izan direlako, ez hain luzeak.
Tiroleko bailarok ezagutu eta ibili ahala, bertara joateko irrika sortzen dizuten bailara eta zoko gehiago aurkitzen dituzu. Baina bihar bagoaz.
Igelak ibiliko lagunak laku ertzean, gau erdiko azken ibilia egin dut zerbitzugunera, egurats epelean, gorantz ia laurdenean magikoki gordetzear zegoela mendi ostean ilargia.