Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak 97

Bidaiak 97

Jon Etxabe 2020/02/07 11:00
1997. urtea Italia-Austria-Alemania-Txekia-Eslovakia-Frantzia Ibilbideari begirada eta Italiara arteko joanaldia

Begirada orokorra: Herrialdeak eta Hiriak

- FRANTZIA: PIRINIOAK, LANGELOC, PROVANCE.

- ITALIA: LIGURIA, PIAMONTE

- LOMBARDIA: Milan,  Bergamo, Erba, Lecco, Bellagio, VENETO. TRIDENTINO. TIROL HEGOA.

- ALEMANIA: Chien see, Bad Reichenhal, Passau.

- AUSTRIA: Natters, Insbruck, Hall in Tirol, Absan, Wattens, Schawaz, Rattenberg, Müters, Igles, Otzal bailara, Au, Hube, Oetz, Kühtai, Kufstein.

-Salzburgo, Hof, Fuschisee, St.Gilgen, St.Wolfgang, Bad Ischl, Ebensee, Traunsee lakua, Traunkirchen, Gmunde.

- Au Lofer, Oberhofen, St.Joan in Tirol, Kitzbüel, Marin Alam, Hallein, Vocklabruck

- AUSTRIA GARAIA: Linz, S.Florian, Stery, Kremensmüster, Wells, Leonding, Wilgering, Pupping, Eferding, Hacking, Hilkering.

- Peurbach, Au, Schärding, Enns, Mauthausen, Kaferhart, Freisat.

- AUSTRIA B EHEA: Poysdorf, Viena, Kloster-Neuburg, Viena, Kemns, Durnnstein, S.Polten, Tull, Sta. Andra,

- VIENA HEGOA: Pertchtols-Dorf, Heilingenkreux, Baden, Wiener Neustad.

- VIENA EKIA: Kloster-Neuburg, Bruck, Rohrau, Petronel-Carnuntum, Bad Deutsch, Haiburg an der Donau.

- TXEKIA. BOHEMIA. Budejovice, Jindrichuv, Hradec, Trebon, Ceske Budjjovice, Zlata Koruna.

- MOLDAVIA: Ceske Krumlov, Prachatice. Virejovice, Nova Bystrice.

- MORAVIA: Slavonice, Dacide, Trebic, Brno-Berna, Mikulov, Znojo, Austerlitz-Slavkov, Kromeriz, Prerov, Olomouc, Valaki, Hranice, Stramberk, Novy Jicin, Roznov pod Radhosten, Prerov..

- ESLOVAKIA. Lozorno, Bratislava, Trnava, Hlohovec, Nitra, Ziar, Zvolen, Branska Bystrica.

- Banska ……?, Banska Stiavnica, Kremnica, TATRA MENDIAK, Brezno, Polomnika, Helpans, Zpadka.

- SPIS HERRIALDEA. Levoça.

- ESLOBAKIA EKIA. Bardejov, Stara L´uvovña, Kezmarok, L´tubica.

- TATRA MENDIAK. Tatra Lomnica, Stary Smocovec, Spiiska Sobota, Kezmarok.

- Spiske Pohraire, Kosice, Presov, Zdiar.

- Strbske Pleso, Liptovky, Mikulas, Ruzonbero, Martin, Zilina.

- TXEKIA. IPAR BOHEMIA. Roznov.

- BOHEMIA. Prostejon, Olumuc.

- EKI BOHEMIA. Montrebovà, Svitavy, Holice, Pardubice, Hosni Revice.

- Opocno, Dobruska, Nove Mesto nat Metuji, Nachod, Kuks, Stanoviche, Betlen, Josejof, Hradec Kralove.

- BOHEMIA ERDIALDEA.  Parduvice, Prelouc, Tinec, Kolin, Kutná Hora, Praga, Mlada Boleslev, Podebrady, Terencin, Litomerice, Melnik, Rednicov.

- BAINUETXE LURRALDEA. Karlovy Vary, Becov, Tepla, Marianske Lanè-Marienbad, Laznè Kynzvart, Cheb, Frantiscovy Laznè, Sokolov, Loket.

- Ostrov, estraz, Srni, Klasterec, Kadan, Elzen, Chotesov, Holyson, Babylon.

- ALEMANIAKO MUGALDEAN. Domalice, Tyn, Klenci pod Cerchoven, Chodsko, Vseruby, Hirsrov, Nirsko, Klatori, Mezyhpri, Svihov, Ingro.

- ALEMANIA. FRANTZIA: LORRAIN: LORENA, LOIRE, Tours, Poitiers, Futuroscope, Chauvigny, Montmorrillon, Houmet, Saint Savin, Angles sur L Anglin, Laroche-Posay, Chatelleraut.

 

Italiara arteko joanaldia

 

Maiatzaren 5a. Astelehena. F:1.a

 

Hagineko minez nengoen, baina baretu zait, joango zaidan esperantzan atera gara arratsaldeko 5etan, eguerdian dentistarekin egon ondoren.

 

Kilometroak kontagailuan: 2.463. Auto eta etxatoi erosi berriak. Karabana erosi dugu aurreko bi Europara irteerak euripean ondoren. Etxatoia deitzen diot, atoian daramagun etxea baita. Tolosako saltokitik Etxarrira izan zen berarekin lehen esperientzia, Etxarritik Urbasara errepideko aldats eta bihurguneak entrenamendua. Gidari zailduak izanen gara bidaiatik itzuleran.

 

Eguneroko ohikerietatik at, bazterrak ikusi, azaletik bada ere, beste jite bateko jendea ezagutu, bizimolde berriei erreparatu, ohitura ezberdinez jabetu, egoki baletor herritarrekin hitz egin, idatziz diotena irakurri, hitzezkoa entzun: hurrengo bi hilabetetarako helburua.

 

Ez dugu herrietako inorekin autuetan hasteko ez ohiturarik ez asmorik, norabideren bat galdetzeko ez bada. Ez dugu ikusiko ditugun herri edo herritarrengan sakontzeko itxaropenik. Amets garaiezina litzake hori, bidaiaria beti baita pasoko txoria,  ez dio zentzudun inork presako atzerritarrari beraien akats eta penak azalduko, gehienez bere mitoak eta nahikeriak azalduko lizkioke. Ez da fidagarria normalean horrelako elkarrizketa. Erkide izan edo egin behar da  solas sinesgarrian hasteko. Beraz ikusi, begiratu eta ahal dena jaso, hori da gure xedea.

 

Enbaxadak bailitzan, autoak eta etxatoiak bidaiariaren jatorriko lur-eremuak behar lukete izan. Euskal Herriko zatitxoa gara aberri ezezagunetan, gurpil gainean irristan edo oinen ibilian dabiltzan ikusleak.

 

 

FRANTZIA

 

Bidasoa ibaitik haratago, aurreko urrutian elurtua dakusagun Pirinioetatik datozen urek oparoak egiten dituzte ibai zabal, garbi, mardul eta atseginak. Deigarriak dira ibaiok, ibai txiki eta zikinetara ohituta gaudenontzat, Sakanan oraindik ibai eder eta garbia dugun arren.

Oraindik ezer erne ez zaien lur koloreko lursail landu zabalak, soro ertzeko erreten berdez uzta edo jabego ezberdinak bereiziz. Autobidetik begiratuz nekazaria da Frantzia, boterea eta aberastasuna industriak eta turismoak emango badio ere.

Zuri daude Pirinioak urrutira, gure aurre dena borobil batez bezala inguratuz,  izugarri politak ikusten dira. Pikeak dira teilatuak: elur-lurrak dira hauek. Zuhaitz artean gordeta dauden herri apal baxuei goranzko dimentsioa ematen diete eliz dorreek, nolabait lurraldea estilizatuz, teilatuen horizontaltasuna moztuz, lurrari atxikitzen zaizkion etxeak harrotuz.

 

Bi ortzadarrek eman digute azken agurra Irurtzun inguruan, euri-tanta batzuk eta eguzkia lagun. Dozena bat inguru ortzadar izan ditugu bidaian, arratseko eguzkiak kolorezko arkuz lainopea koloreztatuz. Bi ortzadar izan ditugu Lourdes ondoan, biak batera, bata bestearen gainean, luzaro gure aurrean.

Ortzadarren sinfonia izan da gaurkoa.

 

Autobidea nahiko berria delako edo, sartu berriak diren zuhaitz landareak marduldu ez direnez, autobidea ez da ohi duenez haina tutu edo tunel, ahal da alboetara begiratu oraindik, beti dago gaztelu, jauretxe, eliz edo herritxoren bat begien edo arimen atseginerako. Oin-zola soileko etxetxoko herritxoak dira. Pelikuletako ehizaldi eta zaldi lasterketako jauntxoen lurraldeak iruditzen zaizkigu, idilikoak bihurtuz, bertako biztanle eta nekazariek hainbat arazo izango dituzten arren.

 

Dena dago berriro berde, ikusgarri berde. Oso polita dago dena: lurraldea bera ote berez ederra ala udaberriak egiten ote lurralde oro eder?.

 

Lo-tokia

332 kilometroren ondoren, Tarbes gaindituta, finkatu dugu gure gurpildun etxetxoa gasolindegiko aparkaleku batean, kamioi erraldoien artean nano. Kamioilariak bere kabinetan lo, gu gure  ohe zabalean.

 

 

Maiatzaren 6a. Asteartea. F:2.a

 

"Argia sortzen den izartegia". Juan Ramon Madariaga:

"Bizitzaren esentzia ihesi doakigu" Ez dakit zer litzakeen bizitzaren esentzia, baina bizitza bera doakidala begitandu ez ezik nabaritu ere biziki nabaritzen dut.

 

Indarge geratu zaigu autoa. Autobideko telefonoz eskatu behar izan dugu laguntza. Errepidetik atera eta garajera joan behar izan dugu. 12 mila pezeta, ia bi orduko galera, atsekabea, gehi autoarekiko mesfidantza kosta zaigu auto berriaren matxura, fabrikan besarkadera edo brida behar bezala lotu ez zuelako langileak edo robotak.

 

Eguzkitan zuriago, Pirinio elurtuak aurrean ditugula gosaldu dugu, Sakanakoak diruditen mendi eta basoz inguratuta.

Saint Gaudensen konboi militarra izan dugu errepidean auzo, geroago Tolosa inguruan bi hegazkin militar genituen zapelatz erraldoi buru gainean, aurrerago Carcassonen hiribildu edo burgo  hormez gotortua genuen ikuskizun deigarria: indarkerian oinarritu da beti boterea, indarkerian babestu behar izan du ere erasotuak.

 

LANGELOC

Txapel zabaleko pinu moskote artean biltzen diren etxe eta landetxe zaparrote herritxo apaletan eliza-dorreek ere ez dute gandor zorrotzik. Itsasoa dager Narbonara hurbiltzean; harro dago gaur geldoa ohi den Mediterraneoa, kaioak bailitzan milaka puntu zuri mugikorrez bizia. Paraje berean hildakoei jasotako oroitarria baino gehiago armen astakeriari eraikitako monumentua: hiru bunker luzexka bere zulotxoetatik ez hain urrutiko itsasoari begira. Gorri zabaltzen da teilatupean Montpellier, teilaje gorriari bi eliz gailentzen zaiolarik, batez ere dorre gotiko polita. Berez gailen den tontortxoan eraikia, agian bere garaian hainbat herritar pertsegituak babesteko edo, eliza gailentzen da herritxo batean. Stadium edo kiroldegi eraikuntza da nabarmentzen dena Brezieren.

 

Lehorragoa da lurra Narbonatik Italiara norabidean, belarra ez da berdea, lastoa ez bada ere; txikiak, kaskarrak,  gorantz ezin eginda, buruzapalak, txapeldunak, dira pinuak, eguzkitik babestu nahirik, beheko abereei itzala eman guran, agian azpiko hezetasun apurra babestu behar dutelako. Mahastia da nagusi, ardoa izanen da beraz lurralde honetan; hala behar du, monasterioak iragartzen baitira, eta egia jakina da monasterio, jauretxe eta gazteluetako sotoetan upategi oparoak egon ohi zirela.

 

Autoen pasabidetik jo dugu etxatoiarekin Montpellier-eko ordaintokian; etxatoiarekin atzera martxa ikastaro trinkoa egin behar izan dugu; baina atera gara, onik atera ere, arazoa gaindituz geroari aurre egiteko kementsuago eta segurtasun sendoagoz.

 

Nimes, etxetzar pila zuria ageri du gain batean, baina gero eliz dorre ugariko ohizko etxeteri zabala bilakatzen da mendi magalean behera.

Itsasorantz doan lautada berdea da Arles ingurua, dena zelai, dena laua, dena ureztatua; bestaldean, mendikatea ageri da lurraren ertzean, Alpiles-Alpetxoak mendiak dira; bere albotik zeharkatzen ditu lasterrera errepideak.

 

PROVANCE

 

Zabal eta begiratu batez garbi doa Rodano ibaia, eder, oparotasunaren eta biziaren adierazle.

 

Aix-en-Provancek badu bere Anboto,  Aizkorri edo Beriain, hiruretatik edozein izan daiteke begiratzen zaion perspektibaren arabera, kare-harrizko tontor gehienek baitute kidetasunen bat; Sta. Victoria du izena honek, arratsaldeko eguzkira brixt batean kare-harriaren zuria. Cezanek pintatutako paisaiak direla dio errepide alboko iragarkiak.

 

Provenzan sartu berri jabetu gara nolako astakeria den Abiadura Handiko Trena, ze nolako erasoa eragiten dion naturari: bailara zabala zeharkatuko du zutabe garai ugarien gainean.

 

Bada alderik Frantziako autobiek edo bai Espainiako zein Euskal Herrikoek eskaintzen duten zerbitzugune, egokitasun eta segurtasun neurrien artean. Gidaera, baina, antzerakoa da, ia berdina. Alemaniakoa ez zen bezala: han handiagokoa zen batak bestearentzako begirunea, segurtasun handiago zegoen errepidean errespetu horri esker. Herri kulturaren ezaugarria da gidaera ere.

 

Baso bihurtzen da mendia Italiara hurreratu ahala, aldatuz doa paisaia. Mendiartean sartu zaigu autopista, orain gora, geroxeago behera, itsaskontra inguruan beti, itsasorik ikusten ez badugu ere. Tarteka soilik dager itsasoa.

Cannes, Niza, S.Tropez... zabal ikusten dira mendi tontor eta magaletan, arbola artean kokatutako etxe zuriz josita daudelarik inguruko mendi guztiak. Kontrastez, zabalagoa dirudi itsasoak.

 

Bihar hasten da Cannesen Zine Jaialdi famatua, baina nahiko pelikula dugu guk bdaiako hurrengo bi hilabeteetan. Jaialdian ikusitako pelikuletatik merezi duenik bada, ikusiko dugu euskal hirietako pantailetan. Deigarriak dira piramide itxurako etxebizitza erraldoiak, baita Italiakoei aurrea hartuaz kristalezko etxetxoak diruditen berotegiak ere. Ortzadar eder batez eman digu sarrerako zein irteerako agurra Cannesek. Hiru ibilbideko autobia, zirkulazio handiko errepidea.

 

Bidelapurren parajea irudi ez ezik izan ere bada izan hemen autobia: tarteka sarrietan azaltzen  zaizkigu errepide erdian kokatutako txabolatxoetan gordetako bidelapurrok; herri bakoitzak bere mendia zulatu du, mendi-zuloa zubiz gainditu eta maldak elkarlotu, ondorioz bidesaria kobratzen dio bidaiariari, nahitaez, aurrera eroso xamar egin nahi badu, itsaskontrako kale-sare jendetza semaforo eta autoteriaren oztopoak saihestuz. Franko-dirua uzteko aukera ere jartzen diote bidaiariari Italiara sartu aurretik denda txukunak eskainiz, ingurua bera ere behatokien bidez tentagarriagoa eginez.

 

Bortitza zen autoaren buztan erraldoia dirudien etxatoia indartsu astindu duen haizea, baina sendo eutsi diogu. Italiako bide-zubietan ginen ilunabarrerantz: haizea arriskutsua dela iragartzen dute errepide bazterreko letreroek, gaur haize bortitza dela gaztigatzen digute argi gorriz errepide gaineko oharrek ere, baina ez gaitu haizeak eraman mendi-zulo gaineko zubitzar garaiotan.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.