Bidiak 97
ITALIA
LIGURIA
Niza ondoren hasten dira ere tunelak eta zubiak, tunelez tunel eta zubiz zubi egiten da Italiako alde honetan bidaia. Tunelpeko ilunpe beltza da Frantzia Italia arteko muga bera ere.
Berotegiak dira Italiako mendi malda oro; azkeneko zapaldak ere erabilita daude, berotegiz estalita.
Herriak ere bereziak dira, ezberdinak: kolore ilunekoak, inon baino gailenagoak elizak, harroagoak, larderiatzaile garaiak eliza-dorreak. Herri trinkoak dirudite, bata bestearekiko tarte gutxiko etxe-sailak, lurrazal gutxi balute bezala; leku gutxian jende asko bizi dela dirudi. Jende asko eta lur gutxi, horregatik etxeak hain bata bestearen kontra, agian horregatik hainbeste baratz eta berotegi ere. Seguruenik segurtasun arazoak izan ziren arkitektura horren eragile eta nekazarien bizibeharra baratza ugarien arrazoia.
Harro eta eder, arratseko argira, azken lilura jarri dio egunari eliz dorre arrosa batek.
847 kilometro, mendi-zulo gainetik eta mendi erraien barnetik osatu dugun kilometro zaparrada.
Lotokia
Genoatik hurbil, Milanera bideko gaintxo batean, Agip gasolindegian egin dugu lo, jatetxe bateko aparkalekuaren babesean, kamioiengandik hurbil gaur ere, mendiz inguraturik, urdinaren eta berdearen kontraste paregabeak hunkiturik, etxatoiaren leiho batetik itsasoa ikusten dugula, bestetik berriz baso berdeak. Italia berez ote berdea ala udaberriak berdetzen ote: neguan etorri behar genuke desberdintasunaz jabetzeko.
Maiatzaren 7a. Asteazkena. 3.a – I:1.a
PIAMONTE
Tunel baten sarreran utzi dugu Liguria eta Piemonten sartu. Piamontek ez du Liguriako baso berderik, ugariagoa da lur-landua basoa baino; landuta daude mendi magaleko lurrak, landuta batez ere lautada; garia da nagusi, ez da, ostera, negutegirik, non landu dutelako seguruenik.
Ilunak dira herriak, mendi gainetan zein baso erdian kokatuak: ukitu berezia du Italiako herri orok.
Tunelak ere bukatu zaizkigu, lautada zabala baita dena. Izugarri zabala. Urrutira ikusten dira mendiak, lurraren ertzean: Alpeak dira agian.
Mapak Padana Lautada, baina baita Lonbardiako Lautada ere deitzen dion ordeka: mapan berdez marraztutako Italiako zati handia hartzen duen lautada da.
LOMBARDIA
Lautada erdian bukatzen da Piamonte, eta Lombardia hasten. Antzerakoa darrai paisaiak. Herriek ez dute ezer berezirik eskaintzen, etxe berri asko dagoela ez bada.
Po ibaia ez doa ur askorekin baina bai zabal: bere inguruko lurralde osoa ureztatuta dago Milaneraino: arroz-soro dirudite. Nilo ibaiak Egipto bezala, Po ibaiak hezetuz aberasten du lurralde oso hau. Baina ez dakigu nolakoa den bertako biztanleria, ze arazo duen, ze jitekoa den, emigratu behar izan ote duen. Nekazaria bada ez da aberatsa izanen. Agian nekazarien kontura bizi den aberatsen bat egonen da.
Oinetakoak, eta Monzan auto lasterketak iragartzen dituzte Milanen: dena da ibilia hemen.
Kanpina
Monzako kanpinean kokatu gara, auto-lasterketarako pistaren alboan, ikusleentzako mailadiak ditugula aurrean.
Izugarrizko parke zabal eta ederra du Monza hiriak, baso oso bat: bere barruan dago kokatuta autodromoa, kanpina eta hainbat zerbitzu publiko gune. Bere garaian jauntxoaren jauregiko parkea zen, gaur egun jauntxook nola bizi ziren ezaugarria guretzat. Antzeratsu bizi dira gaurko jauntxoak ere baina ez dira parkeak bere bizieraren ezaugarriak.
Kukuak jo digu aurten ere kanpinera heldu bezain pronto, baina entzuna genuen jadanik Sakanan; udaberriarekin bat eginez nonbait, aurten lehenago etorri da ere gure txori kantaria Euskal Herrira.
Milan
Ezkor portatu zaigu hiria aurtengoan ere: asko kosta zitzaigun aurrekoan lehenengo kanpina aurkitzea eta ondoren erdigunera heltzea. Gaur ere. Izugarri zabala da. Monzara bidean kale luze baten erdian bukatzen da Milano eta beste herri bat hasten.
Eraikuntza moderno zein klasiko asko du, zabalak dira kaleak, nabarmena da faxioaren usaia darion 1931.ean eraikitako eraikin erraldoia ere. Ez da gaurkoa Milano. Izugarria da trafikoarena, trinkoa eta geldoa, tranbiekin nahasian doaz autoak ilara berdinean, nahi duena egiten du gidariak, bakoitzak berea egiten du inolako kontrolik gabe, aurreratu, gelditu, norabidea soilik errespetatzen dute, semaforoa bera ere ez beti; baina ez dago talka edo istripurik, beti ia-ian ikusten baitugu ere: laster ikasi dugu guk ere eskumatik ez ibiltzen, nonahi baitago ilara bikoitzean utzitako autoa; ikasi dugu ere marra zurizko gezi urdina ez dela nahitaezko norabidea "senso unico" baizik.
Kaleko zirkulatze eta gidaritzagatik esan daiteke Lonbardiako herri hau diziplina eta patxadarik gabeko gizartea dela.
Duomo Plaza: zabala, turistaz betea, katedralaren fatxadak ematen dio edertasuna. Alboan, Barcelonan Ranblan bezala gizonezkoak elkartzen dira taldeka eztabaidatzeko, batzuk behintzat politikaz, eta sutsu. Atzerritar asko ikusten da semaforo inguruetan lora saltzen, haizetakoa garbitzen edo eskean; plazan hegoamerikar talde handia zegoen, indio taxukoak, taldeka, bai tabernan bai espaloian, kontu-kontari, gazteleraz. Baina,usoak dira protagonistak, turistak inguratuz ,argazkietarako ikuskizun, janaren truke. Argindarra pribatizatzearen aurkako sinadura biltzean ziharduten hiru tipo plaza alboko kale erdian, garraztasunik gabeko ahots leun erakargarriz agiriak, arrazoiak eta iritziak emanez erruz zebilen ibiltariei: bizigarria eta kilikagarria, galdu baititugu horrelako ekintza publikoak gaur egun gureetan.
Katedrala. Urrutitik gotiko petoaren itxura du baina bertatik gotiko ezohizkoa da: ez du bere ateburu puntaluzeko sarrerarik, arrosetoia falta zaio, leihoburu puntazorrotzak ere bai, ez ditu ohizko santu-iruditeria luzangarik. Baina askotan fatxada soilik egon ohi bada santu-irudiekin dotoretuta, hemen buelta osoko kanpoaldea du marmolezkoa, izugarrizko taila pila ederrez betea, irudi bakoitza paregabea, gotikoan ezohizkoa den erreskadan eta tankeran jarrita, tartekatuagoak, marmol lauza zapal leunekoak direla tarteak. Sarrerako ateak, erdikoa batez ere, irudi nanoz landutako brontzezko harrigarriak dira. Halaz ere, ezustea eta porrota izan zait katedrala, osagai bakoitza banan-banan eta zehaztasunez begiratuz izugarria, harrigarria eta txundigarria bada ere; ez da espero nuen gotikoa, ez nau bete.
Barrutik ere, izugarria izanik, ez da espero nuena. Erraldoia da bere 5 nabeekin, erabat garaia; zutabe sendoak ditu, sekula ikusi ez ditudan kapitel zutikako santu-irudiz edertutako sekulakoak; sarrera erdian jarri duten itsulapikoa ere handietan handia; zorua marmolezkoa; beiradura ikusgarria, presbiterio ostekoak ezohizko handiak dira; aldarera sarrerako bi zutabe sendoak ia osoki bilduzko metro askotako bi pulpitu daude non korrika ere egin daiteken; erraldoia da presbiterioa; organo zaharra, presbiterioko alde banatan tapagailu edo ate bezala bi koadro erraldoi dituela; erdiko nabean ezik sabai landuak; aldare pila santu-irudi tailatu ederrekin; miniaturaz osaturiko burdinazko argimutil erraldoia; bataio-pontea granito marroizko bainuontzi erraldoia da; mila taila eta bitxikeria... Izugarria da barnea ere zehaztasunez begiratuta, txundigarria, baina orokorrean, begirada zabal batez begiratuz, lehenengoz etorri ginean egin zidan zirrararik ez dit eragin oraingoan, ezta hainbat gotikok eragin izan didanik ere.
Apaizak aitorlekuetan daude eta jendea aitortu egiten da. Elizako zaindariak ditu. Errespetu giroa gordetzen du barneak, isiltasuna, bisitari asko dabilen arren; ez da Venezia, Asis edo Paduako merkatua.
Berritu eta txukuntzen ari dira plaza aurrea.
Saltokia. Lauki zein kubo erraldoia, harrizkoa, beso berdinen gurutzadura da erdia, oinezkoentzako gune garaia: balkonada batek inguratzen ditu barne-kaleotako fatxadak, gizairudiz edertuak daude. Oinezkoen gunea beiraz estalia dago goian eta marmolezko irudi geometrikoz zorua.
Logia, ordulari borobil handia duen dorredun Palazzo Regionale eraikuntza, xarma eta edertasuna lausotzen dio itomenak: bere garaian Duomo plazarekin bat eginen zuen baina gaur egun, hur arren, eraikuntza batek banatuta daude.
Bada plazako albo batean, bidaia-txartelen salmenta, bizartegi, bainu-toki, dutxa-leku, hori dena eta gehiago den zulo edo lurpeko gune berezi bat, usaiez ere aspaldiko giroa gorde duen halako gune berezia, ia turistarik joaten ez dena baina bisitatxoa merezi duena.
Scala. Barrutik beharko du izan zoragarria, kanpotik oso arrunta baita.
Via Mercanti, Piazza Corduzzio: ederragoak dira jelatu bat janezko ibilian.
Moskukoa ezik, antzerakoak dira metro gehienak, Milanekoa barne.
Milanek kultur eskaintza oparoa du, kirola barne.
Aspaldikoa da Milano, antzinakotasuna dario, tranbiaduna, etxe eta eraiki eder asko gordetzen duena.
Oso adeitsu portatzen zaizkigu norabideren bat edo beste zernahi galdetzen diegun italiarrak, are gehiago xumea diruditen pertsonak, premia batean galdegilea bera ere kide sentituko balute bezala.
220 kilometro, paisaia ikusizko patxadako lasaiak gehienak, hiri barrukoak, kanpina edo hiriko erdigunea bilatuzko urduriak gainetikakoak,.
Maiatzaren 8a. Osteguna. 4.a-I:2.a
"Argia sortzen den izartegia". Juan Ramon Madariaga:
*"Itzuriko zaio nire oroimena minaren labirintuari, nola haren begi loreak hustasunaren barneari". Hagineko minaren labirintuan bizi izanik Aste Santutik hona, 42 egunez gora, badirudi ikusi diodala minaren ibiliari irteera. Egia da minak hustu egiten duela barnea, nahigabeak min-gunera erakartzen baititu arreta eta iraupen indarrak.
Barrea eta negarra dira umeak dituen espresiobide bakarrak.
Goiz eta arratsaldez entzuten ditugu auto marruak, agian egun gutxi barruko lasterketarako gertatzen ari dira, agian auto-modelo berriak probatzen. Auto-lasterketaren hori ere beste mundu bat da. Ziztu bizian zeharkatzen dute autoek gure aurreko tartea, koloreak ikusteko ere betarik eman gabe. Tell sendo batek jaurtikitako gezia bailitzaz: agian gidariak abiadurarekin jolasean dabiltza soilik, horretara datoz, abiadura bera jostailu bezala erabiltzeko ordaintzen dute, abiadura zale hutsak besterik ez dira.
Mauka-mauka jaten du ogia nire aurreko gizakume alemaniarrak, jazz tronpeta-jolea dirudi, bere matrailak hanpatu borobilduta.
Goizeko eguzkia baxu eta aurrez aurre, arriskutsua zen goizean gidatzea; ia harrapatu ditut espaloitik ordez kale-zolatik zihoazen bi etorkin.
Ez dago ezer berezirik kontatzeko Bergamora bidean errepide nagusia hartuz gero. Errepide ertzak ez daude ohituta gauzkaten bezala zainduta, txukun ebakita, niri gustatzen zaidan bezala baizik: bere naturaltasunean utzita dago belarra. Nahiko kaskarra da errepidea, errepide nagusia izanik ere: zoru hondatuxea eta bihurgune askokoa. Zerbait oker edo duda-erakutsizkoa egiten badut beti dut gidari pitojoleren bat atzean klasonari emanka, baina errepidean takian potian egiten dute eurek huts arriskutsuren bat: edonola aurreratu, zoru ertzetik atera, zain egon ez errepidera sartzeko...
Piramide-teilatu belzdun piruli edo komunikazio-dorre karratuak nabarmentzen dira; agian piramide txanka-luzeak dira. Herriak bata bestearen ondoren datoz eta doaz, baita semaforoak ere. Herri guztiek dute inguruan bere industrialdea, baita etxetxo eta etxe berri erosoagoko auzoak ere: hemen ere ondo-biziek kabi dotoreagoa bilatzen dute kaleartetik kanpo, okilak lez besteren txituren bat kanporatu behar bada ere. Noizbehinka eliza-orre luze eta dotoreek, Trezzokoak adibidez, adreiluzkoak gehienetan, eteten dute monotonia.
Adda ibaiak ur bizia darama, ugaria eta garbia.
Mendi-zulo sakonean garai, zubi batek zeharkatzen du, Trezzo.
Landuta daude lurrak, badago zerbait ereinda ere, baina oraindik ez da ezer erne, soro batzuetako garia eta belarra izan ezik. Bizkaia edo Gipuzkoa baserrikoen tamainakoak dira soroak.
"Republica Padana" jartzen du zenbait herriren kartel pean. Baina ez dakigu errepublika bakoitzak ze nortasun eta auto-bizitza duen. "Lega Bosi" da ikusi dugun lehen pintada: handia bazen, baina ez batere txukuna. "Independencia-Libro" izan da ikusi dugun bigarren pintada.
Zergatik "ore" italieraz "h"rik gabe da, gaztelerazko "hora" berriz "h"rekin?. Agian gaztelera jaio zen lurraldeko hizkuntzak "j" edo antzerako hots gogorren bat erabiliko zuen gero "h"an bigunduz. Euskararen eragina agian?. Hizkuntzaren bihurguneak.
Bergamo gibelean bukatzen da Lonbardiako Lautada, bertan hasten dira mendiak.
Bergamo
Bi hirik osatzen du Bergamo, goikoak eta behekoak: harresiz inguratuta dago tontorrean zaharra, lehengoa; lautadan ondorengoa, gaurkoa.
Alde Zaharra: mendi magalean kokatua, ikustekoa da benetan, zaindua, turistentzako gordea, turistei zuzendua; badakite zer daukaten eta erakusgai jarri dute etekina ateratzeko. Erdi Aroko giro petoa gorde diote, handiak dira etxeak, baina estuak eta pikoak kalexkak; harri txiki borobiltxoz zolatua kale-zorua (zola sendoko oinetakoekin etortzeko aholkua agertu beharko litzateke gidaliburuetan). Etengabeko berrikuntza lanetan ari dira, errape oparoa zainduz. Ez dabil turista zaparradarik baina etengabeko joan etorria nabaria da batez ere Colleoni kalean, bisitariz gainezka dagoen itxura erakutsiz, batez ere gaur ume eta ikasle aldrek ematen baitzioten bizitasuna ia egun osoz.
Piazza vechia, plaza potxoloa, atsegina, zehaztasunetan erreparatu gabe luzez begiratzekoa, bertan gustura sentitzekoa; italiar plazen osagai klasikoak ditu: logia, dorre laikoa, hemen gorria den ordulari digantea, Italiako zaharrena omen palazzo komunala, mailadia, iturria, palazzoko balkonada eta leiho veneziarra.
Sta. Maria Maiore: lonbardoa, bitxia kanpotik, harrigarria barrutik. Abside ederra du kanpo aldetik. Kolore ezberdineko marmolez eta santu-irudiz jantzi zioten fatxadetariko bat; ezustea eta harridura sortzen duen itxura bereziko arrosetoia, ezberdina inguratzen duten hormekin alderatuz. Halako sentipen berezi bera sortarazten du alboan duen arrosa koloreko bataiategi txiki irtirin oktogonalak ere: santu-irudi eta zutabetxoz tartekatutako eraikuntza, inguru arre kolorean bildutako bitxikeria. Ezberdina da bigarren sarrera, berezia hau ere: tripa azpian gainekoari eusten bezala lehoikume bana duten harrizko bi lehoien gainean daude elizpe garaiko bi zutabeak, morroien bizkar gainean, berriz, beste bi zutabe: lehoikumea, lehoia, zutabea, frisoa, teilatua... umeentzako ipuin edo abesti bateko kontaketa dirudi; teilategal azpiko frisoa maisuki tailatutako harrizko iruditxoz edertua dago. Marmolezko fatxadatik sartzen den kapera izugarria ere aipatu behar: marmolean tailatutako miniaturazko iruditxo ugariak, zurezko tailak, freskoak sabaian, pinturak, medailoiak, bizkarraldean izugarrizko pinturak dituzten jarlekoak... Hori dena, kanpoaldea, hala izanik, eliz barrua gertatzen da txundigarria: freskoak, tapizak, zur landuko kofesaleku harrigarria, irudi pintatuzko sabai oso landua; dena da kolore, dena da fresko, dena bizitasuna; baina ez da koloreteri zoroa, izugarrizko armonia du, kolore sinfonia da izan. Kristo gurutziltzatu luze bat presbiterio sarrerako goietan aterpe luze batekin zintzilikatuta, estilizatuagoa gurutze luzearekin; marmolezko hilobia taila ikusgarriekin, auskalo noizko fresko diganteak albo bietako hormetan, presbiterio aurreko hormatxoan zurezko inkrustazioz egindako koadro harrigarri ondo estaliak aurrez eskatuz zaindariak soilik erakusten dituenak, burni landuzko filigranaz osatutako argimutil diganteak, markoa bera filigrana tailatua den koadroa... Elizan bertan dago lurperatuta Donizeti, musika jarriaz bezala elizako armonia eta koloretasunari. Aspertu ezineko eliza pinpilipusa: bikain eder dotore xarmanta, osoki xehetasunez landutakoa, orduak begira ematekoa: egon daitekeenik ere horrelako elizarik!, egin ere egiten ziren horrelako gauzak!.
Duomo: Sta. Maria Maiore baino berriagoa. Txikia da. Kanpotik ez du ezer. Urre-kolorea nagusitzen zaio barnean, kolore ezberdineko marmolezko aldare ugari du, ugariagoak dira marmol zurizko santu-irudiak, koadroak, freskoak, errezel itxurako zintzilikario eder bat, presbiterioko aulkiteria zoragarria zurezko irudiz tailatuta, zilar landuzko aldare nagusi aparta. Badira aldare batean lau burezur, urrezko koroa eta guzti hirurak.
Bi eliza ikusgarri elkarren alboan, ia elkar ikutzen: jaso zutenek jakingo zuten zergatik jaso zituzten, agian lanpostu eta ogibidea sortzeko hiriko biztanleei!, elizen eraikuntza baitzen garaiko ogibide eta fabrika ia bakarra.
Colleone kaleko eliza: Berezia hau ere, “kolorin kolorao”, koloreteria, dena da pintura sabaia barne. Tela pintatua eta bordatua den estandarte edo zutoihal izugarria. Urre-kolorezko balkonadak. Presbiterioko alboetan dago organoa zonalde osoan, gureetako koroan ordez: hemen presbiterioa inguratuzko organoa da erretaula. Aulkiteria aldare-osteko organopean dago zeharo ilunpean: ze nolako loak kalonjeenak!!!. Badu batez ere erretaula naif ikusgarria, nongo santu guztiek ergel aurpegia duten, niretzat elizako artelanik zaharrena eta deigarriena, elizako zerik erakargarriena,
Logia: arkupean, urtean zehar urteko eguerdi bakoitzean eguzkiak egiten duen ibilbidea dago tailatuta zoruan marmol zurian; sabaipe ertzean eguzki irudiko txaparen zulotxo batetik sartzen den eguzki izpiak egiten duen ibilia. Egun bakoitzeko eguerdia markatzen duen erlojua. Bitxia!. Irudipena!.
Fresko hondarrak, ia ezabatuta, han-hemenka hainbat etxeetako kanpo hormetan; agian asko ziren horrelako horma dotoretuak bere garaian hirian.
Elizok ez gaituzte soilik kaletik beste errealitate fisiko ezberdin batera ateratzen, beste mundu batetara ere eramaten gaituzte; beste izaera bat, beste pentsaera bat, beste biziera bat izan zen elizok egin ziren garaikoa, zeharo ezberdina eta nolabait atzematen duguna, baina ihes egiten diguna.
Sta. Mariako horman alfonbra edo ehunen neurketak egiteko burdinazko 6 neurri ezberdin daude: ia 5 metro ditu luzeenak, metro-erdi pasatxo txikienak. Duela bi urte ikusi genuen halako bat Italian bertan Liguriako Toiranon.
Maistra batek lehenengo, erakusle ofizialak gero, koadroen azalpena egin dio ume taldeari: erlijioaren historia ematen eta erakusten die soilik!, ez diete artearen espiritu izpirik ere azaltzen, historia soilik. Gezurrezko historia, faltsua, gainera; Noeri esker salbatu omen lurrean bizitza, adibidez. Ez diete inola ere, ikasleei, ikusleei, arteaz gozatzen erakusten, ez diete arte mundua gutxienez usaintzeko aukerarik ere ematen. Ze heziketa modu izan behar dute gazte horiek!
Hain goian egonik, berezko behatokia izanik, lapurtu egin diote ikuspegi oro herriari; ingurua begiratzeko aukera bera ere pribatizatu egin zuten jauntxo eta ahaldunek.
Alde berria. Beheko lautadan bada parke, ibileku eta etxe ederrik, baina ez ezer berezirik. Nolanahi merezi du bisita quartier zaharrak: etxe koadroak, gorantz jasoz zabaltzen diren kontraleihoak, patio zabal ederrak, espaloi meharrak, merkataritza oparoa, artelanak... hiri moderno batek ohi dituenak.
S. Bartolome eliza: koadro eder handia da erretaula, han goian ia ilunpean larrutzen dute santua, ez Elgoibarren bezala erretaula erdi-erdian eta argipean. Hemen ere freskoak, ganga landu eta pintatua, inkrustazioz edertutako aulkiteria.
Kooperatibisten erakusketa: kooperatibetan elkartutako enpresa txikiena.
Cesare Ravasioren koadro erakusketa: ia koadro guztiak Andaluzia dute motibo edo gai. Koloretsua da, kolore nahasikoa, baina ez du mintzen, ez du ikuslea nahasten, oreka du: betikoa eta modernoa, figuratiboa eta zirriborroa nahasten ditu.
Andra zahar batek, diakonesa agian, debozioz zuzentzen zuen arrosario santua dozena bat zaharri.
Beste eliza batean aldare nagusi gainean lau zilarrezko gotzain-irudi ziren deigarriak. Atso koadrila zegoen hemen esamesan, kotileoan, marmarioan, hitz-aspertu lasaian.
Supermerkatuko kaxako neskak nagusiak, gizenkoteak dira, txabusina arruntxo batekin jantziak: ezohizkoak lirateke beste edonon. Praktikoak dira italiarrak, ez diote itxurari hainbeste begiratzen..
107 kilometro, errepide, herri eta semaforoak medio, luzeagoak. Dena da erlatiboa.