Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak 97

Bidaiak 97

Jon Etxabe 2020/02/21 10:06
ITALIA. Lecco, Bellagio, Como, Tirol Hegoa.

Maiatzaren 9a. Ostirala. 5.a – I:3.a

 

Distiratsu zeuden eguzkipean belazeko ihintz tantoak goizeko esnatzean.

 

Ikasturte bukaerako txangoetan dabiltzan ikasle taldeak ikusiz. Irakasle gehienek, ia orok, ikasleen memoria lantzen dute batez ere, bada, agian, nolabaiteko jakituria. Baina ez dute lantzen sentimendurik, fintasunik, barne dotoreziarik, barne ahalbiderik. Ez behintzat helburu nagusietariko edo nagusien bezala behintzat. Agian tarteka, fortunatzen denean soilik. Irakasleak ez ditu umearen barne aukerak lantzen. Agian gelako harrobian harri blokeak ebakitzen ditu soilik. Umea edo gaztea bakardade latzean uzten dute  bere barne aukerak tailatzeko lan eskerga zailean. Astuna, askotan garratza, da gazte eta umearen bakardadea: abentura bakartia gehienetan, zer lortukoaren zalantza. Irakasle zein gurasoak bakardadean utzi ohi ditugu gazte-umeok: lagunarte zaratatsuan murgildu behar dute askotan bere barne bakardade eta erantzukizunari ihes egiteko.

 

Pelikula italiarretako irudi bizi-bizi petoa izan dugu herritxo batean: gure aurreko gidariak ez du errespetatu zebra marretan bizikleta eskuan zeraman oinezkoa. Hau haserretu egin zaio, gidaria jaitsi da autotik eta han iraun dute biek luzaro imintzioka eta oihuka zirkulazioa moztuz.

 

Motogurdi asko ikusi genuen kostaldean, lurralde honetan, berriz, oso gutxi: gaur izan da bakarrenetariko bat.

 

Alpeak aurrean ditugula egin dugu gaurko bidaia ia osoa, Anbotoko gailurreria dirudi;  elurtuta daude, zuritasun distiratuaz marrazten du zeru urdina han osteko gailur gailen sendo konikoak. Paisaia izugarria da, zoragarria. Erdialdeko Alpeak omen. Geroxeago, urrutira, eguzkipeko bristadan, beste tontor luze bizia ikusten dugu, zuri, ikusgarri, deigarri. Errepide ingurua dena da berde guria.

Udalekua dirudi lurraldeak. Sarriak dira herriak norabide honetan ere, bata bestearen gainean datoz, bakoitza bere semaforoekin.

 

Erba herrian heldu gara Alpeen oinetara, barren-barrenera. Magalaren ia hasieran dago kokatua herria. Lur-barruko merkataritza herria da, administrari-herria; txukuna, baina ez digu bertan geratzeko konbite tentagarririk eskaintzen, ez da gure turista oinetako zoruak mehetzeko herria. Gidak dioen usainik ere ez du autotik ikusi dugun elizak. Museoak iragartzen ditu errepidean baina ez gara gelditu.

 

Como lakua. Erbatik irten orduko egin dugu topo lakuaren Lecco adarraren azken muturrarekin. Inguru berdez bilduta, oso polita ikusten da hasiera honetan. Mendiarte digante elurtsu honetan ez da harritzekoa lakuak sortzea. Paisaia ikusgarria da: itsasotxoa mendi garai berdez inguratua, gainetako kare-harri zuria dir-dir.

 

Lecco. Herri zabala. Txukuna. Etxe handiak ditu, etxe-kuadro ederrak. Mendiak bere gain-gainean dituela, mendi orpoan. Urrutiko mendi elurtuen paisaia paregabeaz gain, lakua du bisitariari eskaintzeko: gaur erdi urdin, erdi berde, dago. Udalekua da, autobiak erraztutako milandarren asteburuko arnasa. Bestela, herriak berak ez du bestelako apartekorik. Harrizko itsasargi zilindrikoaren gainean jasotako dorre garaia litzake bitxikeria, bilatzen dakienarentzat. Oparoa da kultur eskaintza Leccon ere.

 

Burdinazko gurpil handiak nabarmentzen dira kanpai alboan herriotako eliza-dorreetan: kanpai-joleri lana ok errazteko teknika nonbait.

Manzzoni, Garibaldi eta Victor Enmanuele nonahi, noiznahi, daude Italiako herrietan, harri, oroitarri edo kale bilakatuta.

Goiztiarrak dira italiarrak: hamabiak eta erdietan itxi egiten dituzte dendak.

Mendiak ez dira eragozpen italiarrentzat errepidegintzarako: menditzarren bat datorrenean barne-barnetik kilometroetan zulatzen dute eta kitto!. Geu urduriago bera baino, horrelako tunel luzeetariko batean aurkitu dugu korrikalari bat, kakalardoa zirudien tuneltzar haren ilunpean, auto guztien menpe, aire kutsatu hartan kirola egiten.

 

Kare-harrizko harri borobilak dira lakuaren ertzak, ia harea izatera heltzen da zenbait herritan.

Lakoaren alboan doa errepidea: zoragaria da bertan patxada lasaian gidatzea, urari begira, herritxoak ikusiz eta mendiak miretsiz, elurra beti aurrean;  elurtuta dago alboko gailurreria, Anboto edo Aizkorri neguan dirudi. Hondatuta dago errepidea: galipotez betetzen dituzte zuloak eta hankaz berdindu, ondoren autook zapaltzen dugu ore beltza, autook gara zilindro: Italiako bitxikeriak. Errepidea, gainera, estua da eta arreta eskatzen du; inor ez dabil bertatik gaur. Ez da giro izanen udan zein asteburuetan, baina geure gelditu zaigu gaur.

 

Bellagio. Milan erraldoiaren iheslekua. Lakua bi adarretan banatzen deneko gurutzaduran dago kokatua, laku aurreko maldetako herri eta tontorren begiradapean, bera ere aurreko herri eta tontorrei so; behatoki aparta laku-ertza, inora igo beharrik gabe; berezkoa du ikuspegi zoragarria. Herritxo multzo gorriak agertzen dira mendi magaleko baso berde trinkoan, hango urrutian, ez soro eta ez negutegi, basotik bizi direlako,   edo agian biztanleria, gazteak, atzerrira edo hemen beheko turismo gunera alde egin duelako. Handia da turistentzako antolakuntza.

Iragarkiei begiratuz, ez da hemen atzerriko turistarik, italiarra litzake turista gehiengoa, barne turismoa alegia, dena baitago italiera soilez. Baina gaur suitzar eta alemaniar adinekoak ziren bisitari ugarienak, eskolaumeak ziren algara eta bizitasuna zekartena kaleetara ikasturte bukaerako bidaian.

Mailadia diren kale luze pikeak, etxepe bakoitza denda, turisten sosez jabetu nahiz. Eliza xaloak ez du ikusgarritasunik baina bai bizpahiru altxor deigarri bere harri beltzezko barne xumean: harri zurizko lau zutabeen gainean pulpitu karratu handia, ia erraldoia, irudi zizelatuekin, erretaula barroko nanoa taila miniaturizatuekin, presbiterioko eta presbiterio alboetako kaperatxoetako ganga borobil mosaikotuak, baina ilun dago eta ezin dugu beraz gozatu.

 

Lurrazal lau gutxi du laku ertzak, eta duen gutxia hartuta dago: pribatuek bereganatu dute bere solas edo negozioetara ia laku-ertz osoa; herri xehea eta kanpotarrok berriz pozik gabiltza utzi diguten zatitxo libreetan, hala delakoan edo hala izan behar delakoan. Nahitaezkoa da iraultza, berriro definitu eta ideologizatu behar badugu ere; baina jabego pribaturik eza da inola ere alda ezineko printzipioa.

 

Como hirira bidean, lakuaren hegoko bigarren adarraren ertzean bata bestearen atzetik datoz  erreskadan herriak. Errepidea da herrietako kale bakarra, gehienetan luzea eta estua, gureko Plaentxian antzera, ibaiari jarraiki hura, errepideari hauek. Herriok ez dute nortasun  edo estilo propiorik, etxeak kolore ezberdinez pintatuta egotea litzake agian  berezitasuna: arrosa, okre, horixka, marroixka, ... kolore definigaitzez, bakoitza ezberdina, pintoreak nahastutako koloratzaile kopuruaren arabera.

LEGA NORD jartzen du zaborrontzi batean, orain arte ikusi dugun pintada bakarra nazionalitate arazoak dituen herrialde honetan.

Fokuen xafladez salatzen dute gidariek poliziak daudela zelatan errepide bazter hurrean. Polizien aurkako komuntasuna: hori da benetako liga.

Ilundu egin zaigu eguzkia laino ostean, ia belztu zaigu lakua mendiak iluntzean. Hori izan da azkenez erakargarritasun nagusia, ase egin baikara ura ikusteaz, bihurgunetan biratzeaz eta errepide estuan kontrako kamioi eta atoiekin gurutzatzeaz.

 

Como.

Hemen bukatzen da lakua, nahi haina ibilbide edo pasealeku eskainiz oinezkoari. Kale barneetan ez zaio antzik ematen  lakua duenik, lakuak turisterri bihurtu duela ez bada. Kalearte  zabala du, etxe klasikoz eratua, zaindua, espaloi gabekoa, harrizko zoru txukun bezain garbiarekin, oinezkoentzat soilik. Plaza: ohizkoak diren baliabide guztiak ditu: Firentzekoaren tankeran harri gris-zuri okrez logia balkoia nabarmentzen zaiola, dorre laikoa tokatzen zaion ordulari borobil erraldoiarekin, pallazzoa harri zuri-beltzez berezia bere austeritatean; pallazzo komunala da agian logiaren gainaldea. Duomo:, plazara jotzen duen fatxada eta sarrera zoragarria, neurri guztietako santu-irudien sinfonia, bai bertikalean bai zeharka: zuria da, garbitu berria, agian horregatik deigarriagoa; errosetoia, merezi du begirada bat. Barrutik: hormak garbitzen ari diren arren iluna dago agian ekaitzak arratsaldea ilundu duelako. Ganga: urrezko markodun freskoz, medailoiz eta artelanez deigarri dotoretuta kapritxozko berezia; bi aldeetara organoaren urre-koloreko balkonada luzea; zutabe bera betetzeko adinako handia ez ezik  predikari handia ere behar duen tailatutako zutabeari buelta erdia emanezko zurezko pulpitu erraldoia; kupula itzela;  tapizak koadro bezala zutabe artean zintzilikatuta; organoaren atzeko zurajea; albo batean S. Antonioren aldare ikusgarria: urreztatua, izugarrizko urrezko tailez osatua, ia miniaturizatutako zehaztasun harrigarriekin.

S.Fidel: ez da izugarria, iluna dago gainera, berrikuntza lanetarako aldamioz beteta, baina halaz eta guztiz freskoak nabarmentzen zaizkio, pila dira bai alboetan bai sabaian, batzuk oso antzinakoak, auskalo noizko zaharrak; dorrea ere ederra du.

3 atso eta agure batek arrosarioa errezatzen zuten ozenki, ia garrasika.

S. Fidel Plaza ere atsegina da.

Porta de la Victoria: harri grisean hiru solairuko garaia, sendo karratua.

Tarteka etxe ederren bat edo antzinako bakan bakarren bat: bada bat S. Fidel plaza ondoan gutxienez Erdi Arokoa dena, kantoiko bere santu eta guzti, bitxikeria benetan turisten uholdetik inor gutxik kasu egiten badio ere. Bada etxe pintatu pare bat ere. Etxe bateko burdinazko balkoia benetan ederra da.

Eman egin behar zaie italiarrei bere maisutasuna izozkingintzan: izozkinez  gozatzeko gozamena behintzat ematen du Italiak.

 

Egunorokoa du zaparrada maiatzak Italian: Como hirian izan dugu gaurko trumoia.

"Padania natione" pintada.

 

106 kilometro laku ondotik, edo zaparrada pean, uraren inguruan beti.

 

Gorri daude lainoak gau erdian Milaneko argien eraginez.

 

 

Maiatzaren 10a. Larunbata. 6.a – 1.a

 

Irudimen handikoak eta praktikoak italiarrak!, ikusi besterik ez dago kanpineko komuneko txingeta, eta kakontzi turkoan makurtuzko orekari eusteko ateari itsatsitako eskulekua.

 

Duela bi urte egin genuen ibilbidea bera eginen dugu gaur Austriako mugara arte, gustura berrikusiko dugu.

 

Mendixka eta muino leunak hurrean, Alpeak urrutira, hori da ikusmira Breneroko bidegurutzera arte. Autobiak ez du hesi garairik, beraz ikusgai gelditzen zaizkigu inguruak: praktikoak honetan ere italiarrak!. Baso dira mendiak, berde gazte guria dago oraindik natura, Sakanan baino beranduago esnatu da nonbait, neguari darion nagitasunaren eraginez; landua dago lurra, baina ereindako hazia erne gabe dago oraindik; ilunak dira herriak, ez dute ezer aparteko deigarririk, beti agertzen bada ere etxe eliza-dorre jauretxe edo gaztelutxoren bat begien entretenigarri, nekearen atseden edo aspertuaren pizgarri.

Elizako dorreek erakusten dute elizaren herriarenganako nagusigoa eta gailentasuna: zenbat eta herria zabalagoa, are garaiagoa kanpandorrea, herri osoan kanpai-hotsa entzun ahal izateko  nahitaezko teknika besterik ez da agian garaitasuna, baina halako herriaren mendekotasun karia eta elizaren nagusigo jitea darie dorreoi. Gailentasun moralaren  usaia.

Mahasti asko dago, mahasti garaiak dira, gerririk makurtu gabe mahatsa jaso dakiekeenak: praktikoak italiarrak!.

Fiatxo, Panda eta antzerako auto txiki asko dabil oraindik: praktikoak italiarrak!.

 

Bresciako plaza eta elizak dakartzagu gogora.

Ia janda dute mendia 6 harrobi erraldoik, halako zuriune harrigarria  nabarmentzen da berdetza zabalean, begiak minduz: Po bailarako herrietako lanetarako bertatik eramaten ote harria, ala harri berezia delako?. Triskantza, behintzat, begi-bistakoa da, norbaiten praktikotasunaren ondorioz patrika berotzeko.

Lautadaren ertzean dago Garoa lakua, urari eutsiko dion mendirik gabe; hustubiderik gabeko zulogune sakona du nonbait mendi tarteak.

 

Bukatu zaigu Lonbardia.

 

 

VENETO - Venezia Errepublika

 

Mahasti garaiek jarraitzen dute.

Verona oparo eta ederra gogoratzen dugu iparrera jotzeko errepidez aldatzen dugunean.

Pinudi dira orain basoak, argindarren dorreak dira, aldiz, pinudian burdinazko zuhaitz metalikoak, elizak eta jauntxoren baten etxeek diraute herrietan. Akazia, oraindik loratuta, errepide ertz oroko zuhaitza: errimea da, edonongoa, ugaria.

 

Alpeen barrenera heldu gara, harkaizpean baikindoaz sarri, ikusgarriak diren mendi garaiz inguratuta. Batera doaz errepidea, autobia, trenbidea, ibaia eta  mahastiak, elkarri lekua kenduz edo eskatuz bezala. Sekulakoa da paisaia, zirraragarria. Gazteluak agertzen zaizkigu tontortxoetan, eliz edo monasterioak basoan galduta bezala, herritxoak haizpeetako edo haitz-gainetako lautadatxoetan laino ehunaz bildurik misterio kutsua dariela. Mendi magaletan kokatuta behar dute egon herriek, lautadako lurra nahiko murritza delako nekazaritzarako, edo, agian, goietan biztanleak babestuago sentitzen zirelako. Zer ote bertako biztanleez?. Gaur egun ez dago sororik haranean, dena da berdegunea, dena belartza, mahasti eta fruta arbola; ortuari-baratze zabalak dirudite tarteko soro bakanak. Mahasti-leku da batez ere, Errioxako berorik egingo ez badu ere: ezberdina izanen ardoa bera.

 

Zoragarria da Alpeak zeharkatuzko bidaia, lasaia eguzkipeko auto epelean; halako zirrara pizten du barnetik zeharkatuko ditugun han aurreko mendi digante ikusgarriei begiratzea. Ikusgarriagoa egiten du udaberriak berez ere polita den paisaia; neguan ere, dena elurtuta dagoenean, txundigarria behar du izan bailara hau zeharkatzea.

Adigio ibaia da alboan doakigun eta mendietatik datorkiguna, birak eta birak emanez, meandro ugari sortuz egiten du bidea; ez du zuzen marrazten lurra, zeharka eta inguratuz baizik. Hainbat aldiz zeharkatzen dugu gainetik. Ur garbia dakar, zurixka, elur urtu berriaren tankerakoa; azal dator noizbehinka presaren batek sakon bihurtzen duen arte.

 

Bukatu da Veneto lurraldea.

 

TRIDENTINO 

 

Lehenengoz ikusiko baikenu bezala eragiten digu, paisaia ezaguna arren. Ordu gutxi batzuetan egingo dugu gaur, uso ibiltariaren gisa, duela bi urte egunetako patxaran ikusi genuen lurraldea.

Misterio kutsua dute horma zarpeatutako herri ilunek: kolore ezberdinez pintatutako etxeak dira, baina ez kolore biziz, kolore  motelez baino; teilatuek ere teila erreen kolore geldoa dute. Noizbehinka gaztelu jauntxoago bat eta harkaitz zirraragarriagoa. Mendi gailenetan gaurko jainko eragilearen ezaugarriak han-hemenka nabarmen, komunikabide dorreak; tarteka baita jainkoaren dorre mezulariak, elizatxoak alegia.

Trento. Polita izan zen bertan eta inguruko herritxoetan bota genuen eguna: hemen izan zen herioaren dantza eta Xabierreko Frantziskoren eliza.

 

Azkenerako ohitu egiten zara paisaia honetara, jarri egiten ikuspegi zoragarrira ere, betikoa iruditzeraino azkenez. Errepikapenari monotonia dario, are gehiago neke fisikoak ahitzen gaituenean. Baina halako batetan ikusten duzu erosioaren, higaduraren, eraginez estriatuta,  ildotuta, ildokatuta, prismatxoz tailatuta bezala, mendiko hormatzar bat, eroritako harriek estaltzen dutela magala; astindu egiten dizu barrena hain ikuspegi bereziak, bizipen apartekoak sortarazten, monotonia hausten du errepika-ezina den naturaren artelanak. Bidaia biziberritzen da, begiak ernetzen.

 

 

TIROL HEGOA

 

Bolzano-Bolzen. Katedraleko koloreetako teilatu argia ikusi ahal izan dugu autobidetik!, baita ezaguna zaigun hiri osoa irudimenean proiektatu ere.

Mendian gora, oso gora, doaz mahastiak. Errepideak gora egi ahala pinua hasiko da mahastiari lekua jaten. Ura hodi lodietan dator mendi gerritik behera: ur asko behar du hor mendi-altzoan Urbasa barruan lez.

Kabitu ezinda bezala doaz ibaia, errepidea eta trenbidea mendi-zuloan gora; gaina hartu die autobiak, gainetik bilatu du beretzat lekua: kilometro luzeetan,  luzeran zeharkatzen du gainetik errekarro edo mendi-zuloa, zeharka ordez luzetara mendi-zulo zuloenari jarraituz: bide-zubi neurrigabea!.

 

Nabarmen ezberdina da Tirol lurraldea. Mendi tontorrak lainopean, mendiak elurpean, zuri, eder ikusgarri. Hemen bai mendi magalean behar dutela herriek, ez baitute bestela non, herrixka behar dute izan gainera, ez baitago non hazi edo nondik bizi. Kontraste deigarria sortzen dute etxeek berdegunean: teilatu pikeak horma zurien gainean, urteek bizitasuna jan dioten zur iluneko triangelua osatuz fatxadak; etxe solteak, ez dago etxe multzorik;  mendi gerria gorago, zabaldu egiten da mendi magala, eta bertan, aldizka, badager etxe multzorik ere. Pikeak teilatuak, orratz mehe luzeak eliza-dorreak.

Haitz-tontor baten gainean gaztelua ala monasterioa den ez dakigun eraikuntza erraldoia harresiz inguratuta. Gorago ejertzitoaren aspaldiko eraikuntza ikaragarria ibaitik gora, sendo eta gotor. Erreka da hemen behean ibaia genuena: gardena da izan kolorez eta izatez, Gardena du izena hain zuzen goiko mendiak. Belarriak erdi gortu egin zaizkigu altueraren eraginez. Elurrez zuritutako tontorrez inguratuta goaz.

 

Autoteria ugaria gara, alemaniarra da gehiena, ugariak gara etxatoiak  ere. Motorzaleen bilgunea bihurtu da jatetxe bat, badira 30 moto gutxienez aurreko zabalgunean.

Negutegi batean bada patata itxurako ortuariren bat loratuta,  baina mastra txikiegia du patata izateko.

Gainetik zeharkatzen du autobia zuloko herritik mendi-gailurreraino eski-garraio pare batek.

Librean dabiltza oiloak antzinako ohituretara; etxaurreetan pilo handietan daude kolore argiagatik ebaki berriak behar duten sutarako egur-trokotak, bai borobilak bai brinkatuak, toles-toles, prepezioz jarrita: Tiroleko ezaugarria hau ere.

Mugara hurreratuz, berrikuntza lanak direla-eta, kilometrotako ilaran egin dugu ibilia,  ia geldi: tormentu bilakatzen zaizkio aurrerapenak gizakiari. Eskerrak ingurua ederra den bare-ibilia arintzeko.

 

Behe-beheraino dago elurra Brenero pasabidean. Ezin eutsi begiei, mendi elurtuei begiratu beharra baitute. Izeidi berdea eta beltza da mendia estaltzen duen basoa. Zubi garaia mendi-zulo sakonaren gainean.

Bata bestearengandik nahiko urruti daude muga alde bietako aduna-txabolak.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.