Poeten uharan. EREILEAK
Goizalba
Ilbete zen oheratu ginenean
egunsenti gorria zekarten izar lokek
loreztatuko zizkiguten begiak
kontrapaseko hegaberek goiz-alban
Kometak utzitako arrasto bila
ireki genuen leihoa biharamunean
baina tratanteen salmahaiko sukalkiak
besterik ez ginela ikusi genuen.
Zuen egia
gure egia
indarrak
erabaki behar ote
betiko lehia.
Sumendia
Belaze gurian kiribildu ziren
bi gorputz goriok bihurrika
plazera beste sentimenik ez
apetaren igogailu irritsuan
gozamenaren erpinera igo ziren
bakoitza bere epizentro
nahiz bestearena zirela zioten.
Baretasun lasaian azkenez
bizipenen kilimaz hordi
bat izan ondoren batago
Lehertzen diren sumendiak
zer besterik dira gorputzak
sutauspean ere magma gori
noiz dardaratuko txingar.
Ilunabarra
Besoa luzatu
zu bertan ez
gaurtik ez da
amets minik
ene goiztirian
Etsigaitz
Txalupariak bestaldera noiz eramango zain
bere buruari txalo egiteko baino akituago
zaldi apokaliptikoen durundian
ezinean ere bizitzera kondenatua
ez zuela gehiago idatziko ebatzi zuen.
Giltzarrapo ikusezinez hertsia
fikziotik ezer gutxi duen bizilegez
monologoetan bere burua engainatuz
bera bere eszenatoki bihurtu zen
baina idazten jarraitu zuen
Ku-ku
Jo zuenik ere,
diruz agor
joan zen urtea.
Kantari zetorkion
udaberri berrian,
hutsik zuen patrika.
Entzun du behingoz
sosez oparo zorroa,
Txiro dirau bizitzan.
Kukua
txantxangorrien galbide
poltsa urrien amets.
Bidazti
Egun orok behar du bere oasia
bizitzako zeharkaldi neketsu honetan.
Oihan berde joria behar luke izan
karanbolak ekarri gaituen ibilaldi lauso honek.
Bere horretan diraute egunaren argi-ilunek
erlojuaren orratzei eragin arren.
Astronauta
Uste zuen urrutitik begiratuz
ederragoa izanen zela Lur planeta
eta astronauta egin zen.
Ziega ezin estuagoa kapsula
mila zeinu koloretsuren esklabo
bolatxo bat besterik ez Lurra
ikuspegi lausotua urruntasuna
nostalgia bihurtu zitzaion ametsa.
Egunerokoan dirauenak soilik
izanen du gau izarniatua.
Arrosak itsasoan
Eztulak inarrosita
hegoak zuhaitza bezala
zotz geratu zen
Bakardadeak itoa
giza uholdeak irentsita
txakur bat erosi zuen.
Gaitasunez aberats
asmalari bihurtu ondoren
pieza hutsal bilakatu da
Goiz egin zieten hegan kumeek
maitekiro prestatutako habiatik
itzuleraren zain daude orain.
Aurkituko duzu lore ederrik
baina ibilbide latza da bizitza.
Dakit
Ekaitz asko lehertu dira
gure ibilbideko gailurretan
izan dira gorrotoak
izan dira begirune zurrunak
gezur asko esplikatu beharko ditugu
iruzur asko argitu beharko digute
ez dugu inorekin bakerik egin beharrik
loreak eskaini nahi dizkiegu soilik
oldarrean datozkigunei
ibi baten bila gabiltza
ibaia zeharkatu nahi dugu
ez dakit ze koloreko gizontxoak garen
ostadar bat koloretu nahi dugula
hori dakit.
Labirintuan
Aldatu beharra dugu lorategia
aldioro dugu egurats bera
zirimiria euria edo zaparrada
ekaitz bortitza ere sarri
nahastuta datoz aspaldi urtaroak
lokaztuta dago labirintua
sigi-saga bihurria da ibilbidea
begiak ere atera nahi dizkigute
bidean itsu galdu gaitezen
arantza pozoitutako hesiz mugatuta
irtenbiderik aurki ez dezagun.
Lehian dabiltza etsipena eta herripoza
baina aspaldi galdu genuen inozentzia
ez diogu inori adio esango
eskutik helduz aurrera eginen dugu
udaberrira arte.