Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/02/28 10:10
AUSTRIA. Insbruck, Hall in Tirol, Absan, Wattens, Schawaz, Rattenberg.

AUSTRIA

 

Berrikuntza lanak autobidean, hemen ere; astiro joan beharra, askoren ernegua. Autobidea goitik doa, ia dena bide-zubi, behatokia bailitzan. Malda izugarria du. Behean herriak zingladan, ilaretan luze, teilapeko triangelu behealdean orma zuriak, polit. Belarra gordetzeko edo, zurezko txabola ilunak zelaietan, ugariak, berdetzan nabarmenago. Mendi garaia da inguru guztia, elurra gaineria,  etxe ilunez jositako berdegunea magalak: Heidiren lurralde idilikoa.

Euri tanta batzuk, baina gaur ez du trumoiak jo.

Austrian ere errepideko polizia, axeriki ezkutuan, harrapari.

 

Kanpalekua.

Natters  herritxotik gertu, tontor elurtuez inguratuta, laku baten alboan, jarri dugu gurpil gaineko etxetxoa, lakua bera aurrean, mendi zuriak ostean, ia gainean tontor ikaragarri bat eta laku gainetik urrutira mendikate elurtua, dena baita hemen mendi elurtua: Sakanara ohituta gaudenontzat ere paraje zoragarria. Dena da belar ingurua, dena izeidi erdigunea, dena elurra goiak.

 

Maiatza du gure herritxoak, iaz Alemaniako herriek bezala, baina Maiatza honek arrama berdez egindako bi girlanda borobil ditu, Alemaniakoen bakarraren ordez, bata bestea baino handiagoa, goietan zintzilikatuta. Dottorea da eliza-dorrea ere, gureetakoen ezberdina behintzat.     

 

Kanpin-harrerako neskak ez du Euskal Herriari buruzko berririk: "Espagnoli", esan du italieraz esplikazio guztien ondoren. Pasaportea nagusi!.

 

Insbruck.

Gauez eta denbora laburrez baina giro magiko batean duela bi urte ezagutu genuen hiria. Gaur jauntxo pasa dugu azpitik gure autoz ez dakit zein erregek bere eztei oroigarri jasotako arkutzarra. Tranbia du hiriak: seinale ona. Dena dago itxita, dena hilda larunbatean; arratsalde baketsuan lasaigarriak zaizkigu kale bakartiok, bidaiako nekea arintzeko aproposak izan dira kaleetan egin ditugun bi orduak.

Insbruch: bertara etorri, ibili, begiratu eta gozatzeko hiria, begiak zabaldu eta ikusi, merezi du-eta: kapritxozko hiria baita.

Kale zabalak, edonora begiratuta, beti dago, bertan hur, mendi elurturen bat. Edergarriz josiriko etxadi ederrak, kolore ezberdinez pintatuta bakoitza. Alde Zaharrean zutabe mozkote karratu izugarri sendozko arkupeek dendateria ederra gordetzen dute; denda bakoitzaren  salmenta iragartzen dute zintzilikario polit eta bitxiek; bi solairuko balkoi famatuak urrezko teilatua ez ezik harrian tailatutako iruditeria polikromatutako bikaina eta freskoak ere ditu; begiratzekoa da dorre zaharra txano ortodoxo berdearekin. Zabal, oparo eta kantari, baina berdoxka, doa Inn ibaia. Katedrala barroko izugarria da, dena arrosa eta urre kolore, bertan dena da argia, erakargarria, jauregi bateko saloi erraldoi ikusgarria dirudi: ganga pintatu urre-kolorekoa, pulpitu harrotua, organoa, orman itsatsita dauden giltzapeko atetxodun aitorlekuak; eta hainbat bitxikeria, zeinetan pinturetariko bat Cranach Zaharrena omen.

 

25 pzta kobratu didate txiza egitea, afaldu ordea goxo eta modu onean afaldu dugu arratseko azken argian menditzar elurtuari platerari haina so.

Marmario bizian haserretu zaio traje gorbata bibotedun gizontxo italiar dotorea lurpeko aparkalekuaren ordaina jasotzen duen makinari, txanponak eskuan hurbildu, 20 txelineko papera makinan sartu eta azkenik ehunekoa atera izan behar baitu.

 

428 kilometro: nekatu gaituzte, Insbrucheko ibiliak atsedena eman badigu ere.

 

Gauerdiko freskuran, izarrak sabaian, lakua alboan eta gaueko isila belarrietan,  komunetarainoko paseoak garai batetako gau-ibilien gomuta kilikagarria bizi arazi dit.

 

"Ez duk erraza, konpai". Koldo Izagirre:

Nolako maitasunez eta errespetuz, kritikotasunik galdu gabe, idazten duen Cubari buruz. Eskertzen da baretasun eta oreka hori.

 

 

Maiatzaren 11a. Igandea. 7.a – A2.a

 

"Argia sortzen den izartegia". Juan Ramon Madariaga:

*"Zer dela eta eleztatu beharra?". Hori bera diot nik gauero egunerokoa idaztera jartzen naizenean, poesiarik idazten ez badut ere.

*"Isiltasunak ez du balio". Horregatik egin behar da garrasi gizarte honetan, tarteka armen burrunba da zoritxarrez entzuten dena.

 

Ezberdinak izan arren asko errepikatzen dira azkenerako bidaietan esperientzia, sentipen eta  bizipenak. Oso barne aberatsa behar du izan ibiltariak bidaia ezberdin bakoitza barnetik ere ezberdinki egiteko. Errepikamena baita  bidaia kontuetan ere ibiltari gehiengoaren lora edo arantza. Lekuak, egoerak, ikuskizunak, ezberdinak badira ere, ibiltaria beti da bera eta berdina, bere erreakzioak ere betikoak edo antzerakoak.

 

Zergatik dute hain gogoko umeek gaintxoetan ibiltzea, horma gaineko ibilia, aitonaren eskutik bada ere: jolasa ote zaie soilik, abentura sena, ala nagusiei parekatzea nahi dute sikiera garaieran?.

M. Luisak oso txikia zela egunkaria jartzen omen zuen  lurrean igo nahi zuen gaitxora heldu asmoz: ikasia zuen nonbait azpian zerbait jarri beharra zegoela heldu ezin zen lekura igotzeko.                

Baso asko egonik ere, ez da ia txoririk, ez txori-kanturik, nabari kanpalekuan, zozo bakarren bat ez bada. Berdin gertatu zaigu Italian ere. Eginak daude nonbait bikoteak eta habiak.

 

Zisnea dugu lakutxoan, polit egiteko jarria dirudi, ongi betetzen du bete ere zeregin hori: dotoretasunez paseatzen da, maiestatez, lakua zeharkatuz. Kanpoan ordea borrokan egiten du zaintzailearen txakurrarekin: honek luma batzuk kentzen badizkio ere, gure zisnea ez da kikiltzen rifi-rafean, txakurra dagoen tokira joaten da lur barruan ere bere lurraldea defendatuz edo jabegoa iragarriz, txakurra bere ugazabarekin noizbehinka agertzen denean. Aldizka berriz, zisnea  jartzen zaio laku ertzean uretan aurrez-aurre txakurrari, erronkan bezala, lasai, badakielako txakurra ez datorkiola, zaunka soilik eginen diola ertzetik. Gizartearen irudia. Bestaldeko ertzetik ere zaunka egiten dio noizbehinka zakurrak eta zisnea txakurra dagoen aldera doa erronkari. Ez dakit lurraldetasunaren defentsa soila ala jolasa ere den. Elkar behar dute agian.

 

Berresan beharrik ez dago adinekook garela kanpin eta hiriotako ibiltari eta bidaiariak.

 

Paraje zabalak ere badira Tiroleko mendiarteko bailaretan, herriz eta etxez beteriko berdeguneak. Eski jauzietarako irrista-zidor handi nahiz txikiak ikus daitezke han-hemenka. Dorre eta jauretxeak ere ikusi ahal dira noizbehinka, baita goietako etxe eta elizak ere. Etxe txikiko herriak nahiz etxe-sail trinkokoak. Sakanan baina atzeratuago dator garia, burututa utzi baitugu Etxarrin.

 

Hall in Tirol

Turistentzat zaindu eta apaindutako herria, harrizko lauki txikiz zolatutako kaleak. Aldapan dago turistentzako hirigunea. Heidi aitaitarekin menditik jaisten zen herri horietarikoa: ateak, hormetako pinturak, dendetako zintzilikarioak, erakusleihoak, heldulekuak, ateburuak, ezkutuak, kale-kantoiak... mila zertzelada goxo begiratu nahi duenarentzat. Behatokia da herri osoa, edozein kale-kantoitik, edozein norabidean, mendi elurtuak dira kaleetako ikuspegi ederra.  Sarreran bertan ditu lau dorre ezberdin, bakoitza berezia. Eliza alboan bada teilape luze bat hilobiak gordeaz berezia.

Eliza. Tiroldar barroko petoa: freskoak ganga eta hormetan, pulpitu landuak, aldare loratuak: giro, argitasun eta koloretasun berezikoak, guretzat ezohizkoak, gureetakoengandik ezberdinak. Merezi du elizetara sartzea Tirolen. Bitxikeriak ere aurkitu daitezke noizbehinka: ia 100 garezur gordetzen ditu kristalezko bitrina, beira-arasa, batek, garezur bakoitza bere koroarekin; sendotasunez egindako sarraila eta heldulekuak ere deigarriak dira, tamainaz eta egituraz bitxiak.

Jesuiten eliza: urre-kolorea nagusi duen erloju bitxia aurkitu dugu: eliza erdian dago, baina sabaian, ganga erdian. Aitorleku tailatuak: aitorle, bekatari edo bekatuek ez nolanahiko dotoreak behar dute hemen.

Etorri, ibili eta begiratzeko herria hau ere, mila zoko polit bilatuko duzun segurantzan. Igandea izanik turistei utzia dago gaur: herritarrek alde egin dute edo etxeko patxadan gordeta daude.

 

Absan herrira jo dugu bi gazteluren bila; zurezko dorre-teilatua duen bat aurkitu dugu, baina ez dugu bertatik ikusterik izan, utzia dirudi. Ez nolanahiko S. Kristobal baten irudiarekin tope egin dugu, baita teilategal eta balkoi sendoko etxe ugari ikusi ere.

 

Kolore arrosa eta zuriz pintatutako eliza errepide ertzean, jendea gerarazteko hainbat baliabide eta erraztasun eskainiz: bada apaiz argiren bat bertan.

 

Wattens: industria-herria, baditu teilatu-hegal sendo zabaleko etxeak, pinturadun fatxadak eta Maiatza. Arrama mardul guriekin eginda daude maiatzaren bi koroa edo biribil zintzilikatuak, plaza berriz ia lurretik abar berde eta sendoz arramatsu hasi diren bi makalek edertzen dute.           

 

Ikustera zoazen edozein herrik du halako misterio erakarpen edo kutsua, ze bilatuko, nolakoa izango, aseko zaituen edo bertara bidaiak mereziko duen: "ote" guztien mina, ziztada, erakargarritasuna eta xarma.

 

Schawaz

Turistei utzia hau ere. Sarreratik bertatik da polita. Fatxada batean erraldoi pintatuta ageri den S. Kristobalen bizkar gaineko niñojesusa barrezka dago, pozik nonbait “andandoan”; estatua sendokote batek zaintzen du etxe-kantoitik  plaza; apalak dira, ilunduta daude, baina pinturaz dotoretuta ditu leiho bueltak udaletxeak. Katedrala da herriko ikusi beharreko nagusia: sarreratik bertatik sortzen du halako sentipen berezia, zerbait ezohizko duen sentsazioa: gurutzadurarik gabe, lau nabe eta  bi aldare nagusi ditu, erdiko nabe bakoitzak berea; garaia izanik, oraindik garaiagoa egiten dute zutabe meharrek. Gurutze-bide tailatua ederra bada ere, harri gorrian zizelatutako bataiarria egin zaigu bitxia, sabaiko poleatik zintzilikatutako soka sendoz jasotzen zaion estalki borobilagatik. Sekulakoa da organo barrokoa, tronpeteriak inguratu egiten du elizako zutabetariko bat bera ere. Tailatuak daude gradako bankuteriaren hegalak. Sabaiak ez du pinturarik baina aldare batek sekulako triptiko tailatu polikromatua du erretaula zeregina beteaz. Iztukoz eginiko balkoia  presbiterioan.  Bada irudi tailatu naifak dituen zurezko zutoihala. Bitxikeria dira prozesiorako zutargiak, bakoitza ezberdina: haga luzeak, kandela buru duten irudi tailatu pitxiz bukatuak, dena kolore argiz pintatuta: sekulakoa behar du izan prozesioak!. Ezohizkoa du klaustroa, zabala, gehiago deritzot parkea, bueltako adreiluzko arkupea ere ez baita ohizkoa; ezohizkoa ere putzua: estatua edo oroitarria dirudien harrizko zilindro mehe luzea, atetxo batetik jotzen da barnera eta goiko aterpe batetan du polea; bada mailadi batetik igotzen zaion hildakoen kapera ere.

 

Komunik eman ez digun herria. Galduta legoke herri honetan igande arratsaldez pixalarri den emakumea, itxita baitaude komun guztiak.

Bere sorterrietako arropez jantzita, kontraste bizia dira arabiar emakumeak Tiroleko herriotan.

Gazte asko dabil kaleetan, auto handi ederretan, musika ozen, abiadura biziz, ume-pijo itxurakoak asko.

 

Rattenberg

Gaur ikusitakoetan turisterri petoena. Herri tipikoa, baliabide eta ezaugarri guztiekin. Erdi Arokoa, ez du galdu bere jite hura: gaztelu, harresi, ate, pasabide eta gainerako osagai guztiak ditu. Ibai zabala da bere babesa alde batetik. Tiroldar jatorra da herri barrua. Denda dira behe-solairu denak, zabalik daude; kristalezko salgaiak nabarmentzen dira baina betiko potxoloteria politak ere hor daude. Bertako janari jatorra gaztaina, gaztaina arbolak harrizko monumentu edo eskultura bihurtuta daude sarrerako plazatxo batetan. Giro lasaia da nagusi, aurreko denak bezala turistentzat utzia dago eta aurrekoetan bezala geu biok ezik austriarrak dira bisitariak. Ez dago itomenik, bisitariak patxaran gabiltza edo kafe-aurreko mahaietan eserita daude jai-arratsalde pasa.

Herriko eliza: barroko petoa, oso argia, ohi den ezaugarri guztiekin; bi nabe ditu,  bere aldarea du hemen ere bakoitzak. Bankuteria osoa dago hemen tailatuta. Harri-jasotzerako aukerakoak liratekeen bi harri handi angeluzuzen daude itsulapiko bihurtuta burdinazko morroilo itzelekin. Agustinoen eliza, barroko peto aberatsa, museo bihurtu dute.

 

Ederra doa Inn ibaia;  atzo berdozka iruditu zitzaidan berari gaur ez deritzot hala, kare-harriak zuritu eta inguruak berdetutako ur gordina baizik.

Zezina jaten da tabernetan, harategietan saltzen ere.

HB jatetxea edo ostatua: izena bera ere debekatuko lioke Atutxak.

 

Ez dago txirrinduentzako Alemanian hainbat bide-gorri, Insbruck eta inguruetan egon badago ere. Ez dabil ibili hainbesteko jenderik txirrinduz, ibili badabil ere, ez da nonbait hainbesteko zaletasunik.

Ia basoa den parkea egonleku publiko bihurtuta duen gaztelua. Gaur autoek inguratzen dute, autoz beteta daude errepide bazterrak: bertara hustu dira nonbait gaur inguruko herri guztiak.

Erreka ugari dator mendietatik bailarako ibai nagusira, ur zuria, burbuilez oxigenatua, ekarriz.

Zikina, gutxienez iluna ikusten da elurra mendi batzuetan.

 

Errepidetik egin dugu joaneko ibili osoa, herririk herri, semafororik gabe, gidaritza lasaian haran berdeei eta goi elurtuei so, Inn ibai albotik tarteka. Behi asko dago larrean, simaur likido zein korten usai sarkorrak betetzen du ingurua noizbehinka.

Itzulera, nekatuta jadanik, autobiatik egin dugu: politak ikusten dira urrutiagotik bertatik ikusi ditugun herriak, berdegunean etzanda, gure ahuldura eta nekeari lasaitasuna ekarriz. Etxez beteta ageri da Inn ibaiaren alboetako lautada nagusia,  teilatu eta etxeetako zurek iluntzen dute berdegunea.

 

Italiar, frantziar, alemaniar, austriar... orok darabil bere nazio ikurra eta hizki ezaugarria autoan. Ez daramagu guk Espainiakorik, Madrilekiko auzia medio eta gure nortasuna defendatu beharrez.

 

Bereganatu egiten gaitu Insbruckek, bertara bueltatu gara nekeak uxatzeko terapia delako kale barreneko ibili lasaia. Hofkirche: bi ilaratan daude gradan gora 28 estatua erraldoi brontzezko filigranazko jantziekin; aparta da marmol zurian filigranazko iruditxoz osaturiko hilobia,  forjatutako burdina itzelez gordea grada erdian: enperadoreak behar omen zuen bertan barruan baina hutsik dago, agian bizi zela bisitatuz gozatu zuen hil eta gero gozatu ezin zuen hilobiaz; begiratzekoak elizkizunetarako jauntxoaren balkonada gordea, eta ordularia bere aurrean presbiterioan. Katedralera bueltatu gara: Cranachen koadroa ederra da aldare nagusian, baina markoa eta osatzen duen aldarea ez dira gutxiestekoak, urre eta zilar landuak argira brist.

 

138 kilometro herritxoz herritxo eraman gaituztenak.

etiketak: Bidaiak, Alemania
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.