BIDAIAK 97
Ekainaren 21a. Larunbata. 48.a-Tx:20.a
Pragakoak egin du ere, Pragak eman digu berea: ederra, polita eta lasaia izan da bertako egona.
Umeak hezteko jarduera eta jokabide ezberdinak: bi familia alemaniar ditugu auzo kanpinean, bata auto-etxatoian dabil, motoetan bestea; bi era ezberdin darabil bakoitzak umeekiko, biak goxoak, biak lasaiak, babeslea baina bata, eragilea bestea.
Kontraste bizia da saltokietako oparotasuna herrian nabaria den bizimaila apalarekin: saltokian ikus ahal diren jantziak eta herriarenarekin aldean janzkera erabat ezberdinak dira; arraz ezberdinak dira jatetxeak eta beti jendez inguratuta dauden kaleko txiringito edo txosnak... Kontraste horrek desoreka sortu behar du hainbat pertsonengan, erosi nahi eta ezina; usteko dute ere erakusten dioten hori dena erosi dezakegula Mendebalean, Jauja lurraldean bizi garela. Ondorioz norbere lana merke saltzea dator, ametsok garesti ordainduz erosi ahal izateko.
Eki Alemanian erabat sartu dira Mendebaleko izen ezaguneko saltoki erraldoiak, baina ez oraindik ez Txekian ez Eslovakian.
Batetik bestera zeru-marra horizontalki mailakatuz ebakitzen duen etxe multzo gris uniformea ere bada Praga. Tuterako zubitik zeharkatu dugu ez dakit ze ibai, bela gure herrian izango garela gogaraziz. Gero, teilatu baxuek, puzzle gorria bailira, marrazten zuten lautadaren muga alboko mendi kaskoa. Hiria saihestuz 36 kilometro egin ondoren, berriz ere Pragan gara, oraingoan Iparraldean, errebaletako etxeteria eta semaforoen sarean ehizatuta; ordubete eta 36 kilometro behar izan ditugu Pragako errepide korapilotik libratzeko: hiri ororen ordaina eta zerga.
Eslovakian ez bezala, atzerriko gasolindegi marka ezagunak ikusten dira Txekian. Madril inguruko auzune diganteetako etxe-blokeen antza dute hemengoek ere.
Fabrika bat: meategi bateko hondakinez mendi beltz zabal garaia jaso dute lautadan.
Potravini eta Pozor Eslovakiako zein Txekiako hitzak dira; Eslovakiako “restaurancia” Txekian “restaurance” da: ez dabiltza nonbait elkarren oso urruti bi hizkuntzak, biak latinoak izaki; espainiera eta frantsesa ere latinoak dira baina arras ezberdinak!: ez gara hemengo hizkuntzez jabetu.
Rednicov: jai-pasagune atsegina bihurtuta dago zuhaitz mota ezberdinek berdetzen duten basoa: badirudi bide-gorri eta ibilbide ugari dituela, asteburu-pasako edo egun-pasako asko dator bertara.
Irurtzundik Iruñerako bidea, gora-behera berdinak, nafar hariztiak pinudi dira hemen, eta etxeak arreak.
Lupulua berriz ere, Alemaniaren hurbiltasunak ematen dion erosotasunaz baliatuz edo: bezeroak auzo, alegia.
Gora-behera leuneko lurraldea, ondulatua, morokila bailitz, makma irakiten zegoenean bertan behera, istant batean, bere horretan gelditu bailitz bezala lurra. Karlovy Vary-tik 20 kilometrora, mendi-zerra nahiko garaien tontorreriak ebakitzen du zeru-marra. Mendiarte arbolatsuan sartu gara azkenez: iturburuak mendi azpi edo magaletan izan ohi dira, eta gu bainuetxe lurraldera gatoz, beraz lurralde menditsura.
Informazio oker batek lehenengo, mutur aurrekoa ikusi ezinak gero, zaildu digute kanpinera norabidea, bide motxean galtzen garen sentimendua sortaraziz.
185 kilometro, giroz erabat aldatuz.
Ez da inola ere kanpin atsegina, ez da egoteko lekua, pasokoa baizik, baldintza txarrik ez badu ere. Barrakoiak dirudite zurezko etxeok. Aurrealdean, errekatxoa behar duen barren sakonetik gora izei beltzeko baso iluna.
BAINUETXE LURRALDEA
Karlovy Vary. Bainu-herri ezin petoagoa, etxe bakoitzak dirudi bainuetxea, asko bainuetxe dira izan ere; bainuetxea ez dena hotela ostatua taberna edo denda da. Bainu-herri jitea du, ez da, inola ere, lourdes merkea. Errekaren bi aldetan doaz luze bi kale, kaleotan, bainuetxe barnean, daude iturburuak, baina ez dira falta kalean ere iturriak; edalontziak daude salgai dendetan, erruz, tamaina eta apaindura ezberdinekoak: edalontzi zapalak dira petoenak, tututxoa dute zurrut eginez bezala edateko; ur-hartzaileak, ugariak dira, bakoitza bertako edalontzi berezia eskuan, kalean dabiltza iturrietako ur beroa edanez. Bainu-herria ez ezik turista-herria ere bada: inguruko herritarren jai-pasako herria; erruz dator bisitaria, datorren ia orok dakar edo erosten du bere edalontzia, ura edanez paseatzen du, -ura edaten du paseatuz-, edo Kolonada deituriko zutabeteria azpian abesbatza baten emanaldia entzunez edaten du ura.
Politak dira etxeak. Bainuetxe eraikuntza petorik ere bada, baita kiosko luzeak diruditen pasealeku moinoinoak ere. Ez da falta eraikuntza modernorik, bada ur sendagarria 12 metro gorantz botatzen duen txorrota ere. Kale zaindu, txukun eta dotoreak, arratsalde-pasarako bikainak, uda edanez edo urik edan gabeko paseo-aldi eder baterako aproposak. Beste egun batean bueltatzera berezko konbita uzten duen horretariko herria. Agian bainu-aldi ofiziala hasten denean, hotel eta ostatuak beteta, ezinezkoa izanen da bai herria bai ibiltokia.
Komunismo garaian beherakada izan omen zuen eta demokraziarekin itzuli omen dira lehengora, errusiar izenak eta politika sozialista kutsua izendegietatik garbitu ondoren.
Erreka kontrako egitura hain txukun eta atsegina duen Karlovy Vary-ri ez zaio falta bloke iluneko etxeteria, zabala bezain zatarra, errepidetik begiratuz.
Alemaniarrak ditugu auzo kanpinean: "Nongo matrikula?. Espainiakoa?. Euskaldunak!. Han goikoak?." Interes doinu berarekin: "Cadiz, ze polita"!!!. Hemen Europako goi aldean, Cadiz zein Euskadi, berdinak dira. Guk geuk bizi behar dugu duguna eta garena, harrokeriarik gabe. Gaurkoz bakardadea dugu gure laguna.
Urteko egun luzeena behar zuena aspaldiko goizen ilundu zaigu euripean, etengabeko zaparradan bilduta.
Ekainaren 22a. Igandea. 49.a-Tx:21.a
Bustia eta iluna gaur esnatu zaigun eguna.
Bainu-herriak ditugu gaurko helburu.
Mendiarteko ibilbidea izan da lehen zatia, erreka-zuloz erreka-zulo, errekarroz errekarro. Ibilbide polita, politagoa izanen zen egun hain iluna eta bustia izan ez balitz. Errekatxoa, trenbidea eta errepidea beti elkarren lagun, aldizka elkar gurutzatuz jolasean bezala: nork esan Aizpurutxuko zuloa ez denik. Noizbehinka oso tartekatuan, auzoa gehiago diruditen herritxoak, zuhaitz artean galdurik edo ezkutatuta.
Erreka ondoan lurrean eginiko zuloetan taxututako arrain-haztegiak direnak edo zirenek erakusten dute baliabide gutxirekin bideratutako ekonomia ahalegina.
Becov, arbola arteko etxetxo ugaria da, trenbide edo tren-kale askoko geltokiarekin, herriko premiei baino gehiago mendiarteak neguan sortu behar dituen arazoei erantzuteko geltokia. Plaza baten inguruan gauzatzen da gehienetan herri koskor askoren egitura; herri honen egitura, aldiz, erabat ezberdina da: etxe bakanak dira zuhaitz artean banatuak, etxarteko kale gunerik gabekoak: Jugoslavia zaharreko gerra delako telebistako irudiak gogorazten dizkigute.
Goilautadak hartu gaitu. Ikusgarria da ibilbidea, dena da belartza eta amaierarik gabeko berdegunean geu, bakardade absolutuan, auto zuriko ibili mantsoan. Kilometro askotako belar-sailak, guk berriz berdetza izugarrian galdutako bidaiariak dirudigu. Garitzen antzera burutua dago belarra, ebakitzeko asmorik ez balego bezala garatzen utzita; han-hemenka izei kaskoak; ez dago ez baserri, ez landetxe, ez granjarik; bere horretan utzitako belar sailen itxura dute, baina sail garbiak dira, belar txarrek edo sasiek hartu gabeak; beraz ebaki ebakitzen dituzte belardiok; agian utzi berriak dira, agian beranduago da ebakitzeko garaia.
Halakoren batean tope egin dugu auzoa dirudien lauzpabost etxeko gunearekin: ez da bertan inolako bizi zantzurik nabari; tximinia bateko kea eta korta batetik azaldu den gizakume bat izan dira giza arrasto bakarrak. Inguru narrasa du denak, eguna bera ere narrasa delako narrasagoa dirudi auzoak ere agian. Itxura tristea dute etxeok, zaharkituak daude eta oso pobreen bizitoki itxura dute. Agian beraiek gustura bizi dira, baina gehiago dirudi gazteriak alde egin duela diru errazagoaren bila, baita bizitza erosoago baten egarriz ere. Hemen ere nekazariaren bizitza seguru aski nekosoa eta larria da, ahal duen bezala bizi da bertan iraun duena.
Granja estatala, herriko granja edo auskalo ze antolakuntza izandako granja erraldoi batekin aurkitu gara, Tepla herriaren ondoan, baina ez dirudi herri horretako granja izan zenik, granjan bertan bizi izan baitziren bertako langileak: bi estaia eta hiru portaleko hainbat etxebizitza bloke daude albo batean, herritxo bat bezala osatuz: etxe denok daude utziak. Etxeon alboan lursail zabal eta handian korta diren edo ziren pabiloi ilara luzeak, industrigunea bailitz: muntaia munstroa. Uste dugu zeharkatu dugun mendi-belar sail osoa hemendik eta honako erabiliko zutela. Utzia dago gaur egun, narrastua, zikina eta hitsa. Oraindik belardi ebakietan ikusten ditugu behi aldra oso handiak, beraz oraindik granjaren zati bat bederen badarabilte. Hori bai bazen edo bada makro granja.
Tepla. Mendi-gain zabaleko herria. Hain dago triste goiz euritsu honetan, ze geuri ere ia ahopetik ateratzen zaizkigu hitzak, bertan gaudenik ere herriko inor jabetu ez dadin edo. Zaharkitua dago herri osoa, baita eliza bera ere!, utzi plantan; baina ederra behar zuen herriak bere garaian, etxe-koadroei erreparatuz; plaza izan behar duen zabalguneak badu zutabea, baina hau bera ere han dago, egon abandonatuan, ahaztuta bezala. Izan zen, galduta badago ere, eta nahi du izan oraindik, nabari baitira berritze ahaleginak: ze herri polita litzatekeen, baina diru eta ahalegin askotxo beharko dira, bere lehenera ez bada ere, gutxienez onera ekartzeko.
Monasterioa. Teplatik kilometro batera, premontretar fraideen monasterioa: agian monasterioak eman zion gatza, argia eta lustrea Tepla herriari ere. Auto eta autobus ugari, Arantzazuk ohi duen jitea du igande goiz honetan santutegiak; igande-pasako elizkoi plantako nagusiteria heldu da batez ere bertara. Hormaz inguratutako lursail zabala; hainbat eraikin komentu eta santutegi bueltan plaza izugarri zabala osatuz. Herri oso bat dirudi, izan ere hala izanen zen. Monasterioa ere hondatuta dago, utzia, baina bere loraldian ikaragarria behar zuen izan. Ostatua, jatetxea eta dendateria konpondu dituzte, ondoren elizarekin sartu dira; badute zer gehiago berritu geroago ere. Ez dakigu fraiderik bizi den bertan.
Eliza, barrokoa, berezia: 16 zutabeetako bakoitzak -8 ditu alde bakoitzean, 16 beraz denera-, bere aldarea du, denak berdinak, santuak dira ezberdinak; zutabeen urre kolore biziak distiratsuagoak egiten ditu berez ere elurra baino zuriagoak diren zutabe bakoitzaren bi santu-irudiak; zutabe arrosa-zurien kapitelak okre antzeko kolore gorrixkara gordina dute eta gangek berriz tokatzen zaien bezala freskoz dekoratuak daude erabat. Meza zegoen: latinez, latinezko jardunean apaiza, latinezko marmario eta erantzunetan entzuleak, latinez abestiak; aspaldiko partez entzun ditut berriro "dominus vobiscum" eta "santus"ak; akolitoek ere hirukoitz kolpez eragiten dio intsentsu-ontziari, aldare aurrean belauniko, kontsagrazio garaian apaizak hostia eta kaliza jasotzerakoan, gure akolitotan bezalatsu. Filmetan antzera jauzi batean bezala gaztetu egin naiz, irudimenean bederen, ametsa edo oroitzapena baino errealagoa zen ikuskizunarekin. Bart kontzertua eman duen koroak apart ederto abestu du mezatan, berriz ere kontzertua eskainiz.
Oso bitxi nabari dira lakutxoak goi lautada hauetan; urak ez du nonbait nondik joan, eta bertan pilatzen da. Bada trenbide bat ere, fraidek zuten fabrikara doana. Herri koskorren inguruan txabolateria, hemen ere, txabola bakoitza bata bestearen alboan, bakoitza baratze bihurtutako lur-sailtxoarekin. Aro edo politikagintza berri honetako pobreentzako lur banaketa nonbait. Pobre-pobreek hori ere ez dute izanen.
Marianske Lazne-Marienbad, edo Mirenen, Mariaren, bainuak. “El año pasado en Marienbad” pelikula famatu hartatik ezaguna zaigun izena. Filmeko pasilo luzeeeee haiek ote hoteletakoak?. Errusiako politiko nagusiak etorri ohi ziren uda-pasa, Alemaniako aristokrazia eta aberaskumeak euren aurretik. Parke zabal zainduak, etxeteria bikain argiak, hotel berritu berriak, jatetxe eta kafetegi dotoreak zuzeneko jazz-joleekin asko, saltoki oparoak... dena da antzinakoa, "Bell epoque" petoa, dena ederra, dena atsegina, gaur guardasolpeko bustian triste, ilun eta hotza bazaigu ere. Herri osoa da bainuetxe, garai bateko eraikinez osatua. Dena da bainu-herri eta turista-herria. Eliza oktogonalak arkupea du eliza-buelta osoko korupean, kupula urdinak berriz izartxo urdinagoz jositako planetarium bateko sabaia dirudi; Kolumnada ere ez da bertan beherakoa. Komunak, dotoreak eta garbiak. Karlovy Vary-k bezala, ukitu berezia du, klasea, nortasuna.
Pobreteria hor gabiltza jaiko jantzita, alemaniar aberatsak bere garai oparoetan, Errusiako buruzagi komunistak gerra ondorengo urtetan, uda nola igarotzen zuten miresten; ura behintzat doan ematen digutenez iturri publikoetan amets egiten dugu egun batean sozializatu beharko genituzkeela iturriak ez ezik hotelak eta bertara datozenen ondasunak ere: iraultza bainu-herrian!. Bitartean, igandea den arren dendateria zabalik dago, bisitariek etxekoak poztu arazteko oparitxo bat erosten dute, pizzeria merkeren batetan bazkaldu... Marienbad bada izan pobreak parke eta lorategi ederretan lasai paseatu eta begiei atseginalditxoa emateko herria. Ibili nahi duenak badu parke eta kale ederrik Marienbad-en.
Hoteloi begiratuz ezin dut imajinatu Resnai-ren korridore luzeeeeeeerik, baina bai parkeetako ur-hartzaileen paseo luzeeeeeak baita areto zein tenpleteeeetan ordu galdu aspeeeeertuak, korridoreak psikologikoki luze bihurtzen dituzten ordu bukaeeeeeezinak.
Bertakoak ote izeidi guzti hauek ala bertako arboladien ordez eta ondoren berehalako etekina lortzeko sartu eta bertako eginak, gureetan pinudiak bezala?.
Lazne Kynzvart. Umeentzako bainu-herria, bronkitis kronikoa sendatzen omen duelako. Ikusten zen umea taldetxoka gaur ere bertako parkeetan. Bada bainuetxe itxurako eraikin eta parketxo politik. Meternich bizi izan omen zen hemen. Zamek-a ere ba omen da bertan. Paraje polita da hau, bainu-lurraldea den herrialdeko goi zatian; baina aldatsean dago eta Marienbad hur dagoenez, ikusminez, gaixotasunez, edo bakardade bila ez bada, inor gutxi azalduko da hona gora.
Cheb. Mugan dago, bota egin zuten bertatik gerra ondoren gehiengoa zen alemaniar biztanleria, hiria erdi utzik gelditu zelarik. Herri zahar atsegina alde zaharrean eta erdialdean. Plaza: irregularra eta zabala delako agian, argia da arratsalde ilunean ere; atsegina, baita inor ez dabilen igande arratsaldez ere; plaza denek dute etxe eder ugari, honek teilatu pikeko hainbat etxe gordetzen ditu, ertzean, baina plaza barruan; badira hormari eusteko zur-teria duten horietako etxeak ere, Txekian ikusi ohi ez dena, Alemanian ohizkoa den teknika, hemen bizi izan ziren alemaniarren eraginez nonbait. Museoa: behe solairuko gangetako nerbioak pintatuta daude, patioko hormetan jauntxoen irudi tailatuz landutako hilarriak, nik ikusitako mailadi sendoena, non ageri den lauburuaren ordez bostburu tailatua. Sv.Mikulas elizako serorak ateak itxi dizkigu bostak zirelako, juxtu sartzera gindoazenean.
“Muzty”:gizonezkoak, “zeny”:emakumezkoak, komuneko ateetan ikasi ditugun hitzak.
Frantiskovy Laznè. Bainu-herria hau ere, pobreen eta zaharren bainu herria, adineko eta zaharren turismo eta bisita herria. Ez dabil jenderik pitxartxoekin zurrutadaka kalean, bostetan aterpe dottoreko iturri publikoak itxi egiten baitituzte. Apalagoa, ez hain zaindua, ez hain dotorea, baino bainu-herri lasaia, parke eder eta zabalekoa, ibiltzeko aparta. Badu oinezkoentzako kalea eta kolumnada edo zutaberia, xumea bada ere. Badu ere iturri potxoloa.
Pare bat granja erraldoi Sokolov inguruan, apainak, baina hiriak baditu zor zaizkion 5 tximinia erraldoi ketsu luzeak; nola ez, baita etxe-bloke izugarriak ere.
Loket. Bitxia, berezia. Berenez gotorlekua, erreka-zuloaren gainean amildegi diren haitzen gainean eraikia. Gaztelua: tontorrenean, halako zirrara sartzen du ibai gaineko haitz-puntan gotor, handikeriarik gabe, apal itxuran; gotikoa jatorriz, baina nabarmenki garai ezberdineko zatiz osatua, zatika bezala eraikia, osoki harri-kolorekoa. Eliza, kontrastez, gorrizka bizi gordina da. Herri galdua zirudien, fantasma-toki zenbait bazter zaharkitutan: zutabea beltz, urik gabeko aska sendo erraldoia besterik ez da iturria.
Aleman nagusiak dabiltza errus muga inguruko bainu-herrietan autobuskadetan, erosketa merkeak egiten gehienak. Hemen ere jubilatuak oinutsik.
Haginka jaten dituzte gordinik ogitartekoarekin batera pipermorro handiak, haginkadaka batean piperrari, bestean ogitartekoari.
Ikasi dute hemen ere bailara sakon zabalaren gainean bide-zubi garai luzeak jasotzen ertz biak lotzeko.
175 kilometro, bainu-herriak ezagutuz, pivoak dastatuz.
Arratsaldeak argitu duenez, argia zen mendebal urruneko zeru-marra zuhaitz ilunduen gainean 10ak eta erdietan: etzi izanen dugu S. Juanek argitutako gaurik motzena.
Ekainaren 23a. Astelehena. 50.a-Tx22.a
Bada kuartela gure kanpinetik ez urruti. Gaur arte ikusi soilik egin ditugu gerra-mutilak, gaur hor bertan ari zaizkigu dinbi-danba tiro hotsean, hiltzen eraginkorrago izateko trebatzen.
Ostrov. Jauregi bueltako parkeak utzi zituzten gutxienez ondorengoentzako jauntxoek. Gaur egun herriak darabiltza. Eibarren fabrikak egiteko desegin zuten Markeskuako parke ikusgarria: sozialistek desegin zuten, beste hainbatenen artean Toribioren aldeko botoarekin: "visiòn de futuro" edo "etorkizun-sena" izan omen zuten: gaur egun hor dago Eibar, ez fabrika, ez parke, ahul eta biluzik.
Austriatik sartu ginenean bezala, txerpolari eta kinkilariak daude muga inguruko errepide bazterreko merketerietan aleman pobreei atariko berdegunean tamaina eta kolore guztietako ipotx irudiak lau perrotan saltzen.
Jachymov. Uranio meategiak dituzte; Curiè senar-emazteei bidali omen zieten 2 tona uranio esperimentuetarako; nola ahaztu energia atomikorako darabiltela gaur egun uranioa. Hainbat kutsatu omen dira: Radium Jauregia da ospetsua herri honetan: lehenengo gaixoarazi, gero ikertu. Hau ere laznè-bainu-herria. Hor da bainuetxea, ohiko parke eta hotelekin, ez dirudi, baina, turistei begira dagoenik, ez baita herri dotorea, ezta atsegina ere. Herri zaharra mendi magaleko aldats beheran luzatu zen errepidearen bi alboetan, etxe erreskadek herriko kale bakarra osatuz. Egitura bitxia du, ezberdina. Meategia, mendi barreneko magalean dago, bere meategietako burdinazko dorrearekin. Plaza: meategiaren behetxoan, udaletxea, eliza eta moneta etxea ditu alboetan; erdian iturria ere izan nahiko zukeen zutabea eta bizpahiru metroko gerria duen lizarra: plazak ordea ez du gaur egun bere funtziorik betetzen, polito egiteko soilik dago. Badirudi kale deitu diodan etxe ilara tartea edo zabalgune luzea, plazaren zati bat edo luzapena zein jarraipena besterik ez dela, zabala baita, baina egun ez du inolako betekizunik, errepidea izatea besterik. Fisikoki ez ezik soziologikoki ere herri zati hau gainbeheran dago, utzia, zaharkitua, hondatua; badirudi dirurik ez-eta bizimodua atera beharrean bere osasuna meategietan arriskatzen duten etorkiak bizi direla batez ere herri honetan.
Lau ikusi genituen atzo, gaur bi, Cheb-tik K.Vary-ra tartean. auto gidariei bere gorputza eskaintzen duten neskak. Beste askotariko ikuspegitik haratago, arriskutsua behar du izan lan horrek, errepidean inolako babesik gabe, auskalo nor tokatzen zaion zain.
Mendiak dira, hemen ere, nazioen arteko muga, babes naturala.
Straz. Maiatzak dirau oraindik, erabat lehortuta daude zuhaitza eta koroak.
Ibaia, trenbidea eta errepidea, mendiarteko lagun minak: gurekin ditugula doa gaurko ibilia mendi-zuloz mendi-zulo.
Srni. "irakurrik hori!". Naturaltasunez ahoskatzen dute bertakoek.
Bailara polit batean sartu gara, berdegune argi zabala mendi berde ilunagoz inguratuta: bailara erdian 2 tximinia luze eta beste hiru txaparro-txaparro sendoetarikoak, bostak elkarren lehian zeinek ke gehiago bota. Lasterrera beste bi tximinia luze, nork ke gehiago eta gorago lehian hauek ere.
Klasterec. Portzelana fabrikak omen ditu. Errepidetik ikusten zaion Zaharra Txekia osoko eta inguruko herriengandik ezberdina da: kolore argi ezberdineko etxeak, teilatu pikoak; Zaharraren alde bakoitzean eraikin bat, multzo atseginak biak; kolore bizi deigarriko eliza da bat. Alemaniako herrien kutsua du.
Kadan. Plaza, zabala, argia eta ederra, buelta osoan autoak aparkatuta dituen arren itomenik gabekoa. Plazan udaletxeko dorre zuria litzake deigarriena bere zuritasunagatik; iturria ia igerileku baten bezain zabala, ez du balio ura hartzeko, ezta bertan norbere aurpegia begiratzeko ere. Bada zameka ere. Badira harresiak ate politekin. Elizako sermolariak pulpituaren bezainbat apaingai erabili nahi baditu bere erretolikan, motz geratuko zaio hiztegia. Hainbat gauza ederren artean Erdi Aroko pasagunea du berezia, plazatik harresira, "saldukeriaren atea" bailitzan, "borreroaren kalea" deitzen diote: metro erdi du zabaleran, ehunen erdi metro luzeran, arkutxo zorrotza sarreran, hormek elkarri eusteko arkutxo pila luzera osoan.
Patxadan hartu behar da bazkari ordua: hobe ez begiratu erlojuari eskatzen duzunetik ekartzen duteneino: eskatzen zaion unean bertan hasten da nonbait sukaldaria jakia prestatzen, ez dago ezer aurrez prestatutakorik; aurreikuspenik gabeko sukaldaritza, hozkailu hornitzaile eta biltegizainarena ez bada: hala dirudi mahaiko itxaronalditik.
125 kilometro, egunaren zapore iluna dute.
Bete dugu S. Juan suaren erritoa, salto ere egin dugu su gainetik ijito usaia hartuz, baina euri zaparradak etxatoira bota gaitu eta barrutik egon behar izan gatzaizkio gure sutxoari so, nostalgiatsu, eguna bezala malenkoniatsu.
Ekainaren 24a. Asteartea. 51.a-Tx23.a
Hizkuntzan ere amore eman beharko dute txekiarrek, Mendebalera makurtu nahi badute grafian bederen: ^ ikurra gainean idazten diren y-s-c-e eta beste hainbat hizki aldatu beharrean daude, gazteleraren “ñ”a ez da ezer; ondoren ahoskera aldakuntzak ere etorriko dira: izugarrizko morrontza ezberdinetara behartzen du mendebalak, kapitalismoak, ekonomia bateratuak.
Txekiako azken kanpinera abiatu gara, bidaia bukatzear dagoen sentipenez, baina etsipenik gabe.
Becov-eko bidezainen segek heldulekua dute kirteneko goiko muturrean, gure baserritarrenen berdina ez bada ere: erosotasuna aurkitu diote lanari bidezainek!.
Egunoroko paisaia gorabeheratsu eta berdea. Bai nekazariak bai bidezainek belar ebakitzea dute gaurko zeregina. Nekazariek makineriaz ebaki eta jasotzen dute belarra, zeregin biak batera eginez, sail handiak baitira, agian herri-sailak. Mendi leunak dira, izeidi gainak; zabala da basoa, lur landuak ere zabalak dira, baita belartzak ere. Urrutira etxe-blokeak eta tximiniak hirien iragarpen.
Plzen, garagardo zaleentzat Pilsen: tranbia edukitzeaz gain, hiri "jatorra"ren itxura du: latorri berdezko teilatudun eraikina, eliza-dorre, antzoki, opera izan daitekeena; udaletxea izan daiteken errenazentista jiteko eraikuntza ederra, eta pope txapeldun dorre eta erronbo formako teila zuriko eliza. Erdigunetik albora, antzinakotasun ukitua ematen diote lehen solairu soileko eta teiladun teilatu zorrotzeko etxetxoek.
Errepide alboan, hiritik bertan, SKODA jartzen du tximiniak, nabarmentzen zaizkion industria-gune edo fabrika erraldoi batean; gida-liburuan irakurri dut autoak ez ezik, autoak baino areago, armak egiten direla hemen.
Egunari dagokion S. Juanen martxa kantatuz girotu dugu gaur bidaia.
NON STOP hainbat iragarkietan irakurtzean propagandaren trikimailua zela uste izan nuen: latineko "NON"= "ez" erabiliz, "ez geratu" gomendatuz bidaiaria geratzera akuilatzeko amarrua zela alegia. Baina NON horrek "hemen" esan nahi duela uste dut, "geratu hemen" esan nahiko luke, beraz, hain justu.
Urtegi piloa dago Txekian.
Errepide lanetan ebakitako lubaki eta munetan ikusten da nabarmen nolakoa den hemengo lurra: gureetako itsas-hondartzen parekoa; harea, hori-horia.
Sumendia dirudi, beltz-beltz: mendi osoa jaso dute nonbaiteko hondakin eta zaborreriarekin: kolore iluna du eta aspaldikoa behar du izan basotxoa ere koskortu zaio eta. Ez da ikusten dugun lehenengoa.
Arbola artean, banakako etxe solteek osatutako herriak dira lurralde honetakoak.
Chotesov. Gaztelu handia du, baina zaharkitua.
Holyson. Museo gai bezala ikusi ohi ditugun zurezko gurditxoa zerbaitez zamatua zeraman eskuz ia agurea zen gizontxoak.
Babylon. Alemanek merke eta goxo gosea kendu eta asteburuak igarotzera datozen mugako herria.
Kanpina. Bidaiari tokatzen zainona, izei beltzez inguratutakoa. Alemaniako muga inguruetan, etxerako azken ibiliari ekiteko prest.
Domazlize. Plaza: merkatua omen zen bere garai onenean; zabala; aparkaleku bihurtu dira bi alboak, eta harat hona zeharkatzen dute autoek; halaz ere ez du itomenik eta lasaia da, atsegina; arkupedun etxe politek inguratzen dute; sarrera-atearen arkupea, okertxo egoteaz gain gaztelu batekoa gehiago dirudien udaletxea; eliza-dorre borobil garaia da beste osagai bat; zutabea eta iturria falta zaizkio. Elizak: barrokoa bata, zurezkoak direla itxura eragiten dute erretaulak eta zenbait santu-irudik, baina pinturaren iruzurra besterik ez da; beste eliza bateko organoa karkasa hutsa da, baina ze polita, oihalik gabeko koadro ederra antzo. Plazaren paraleloan bada kaletxo estu xarmanta, zoru berritzea bukatzen zainonean oinezkoentzako ibil-leku atsegina izango dena. Eta hor bukatzen da turista eta kanpotarrentzako herria; dendateriari erreparatuz badirudi ez dela alemanen turista-herri bilakatu oraindik, baina horren bila dabilela antz ematen zaio berrikuntza lanei begiratuz.
Liburu-denda asko dago Txekian, herrietan ere, eskola-liburua nagusitzen da.
Horsovsky Tyn. Plaza: irregularra, behera mailaka doa mendi magalean, politak dira etxeak, erdiko mailan dagoen elizak kentzen dio arnasa. Zamek: esgrafiatua, ederra izana, zaharkitua gaur egun; irudi tristea eskaintzen du lubakiko hartz bikoteak. Kaleetara jo dugu pausoa, zaindua dago, baina ez du graziarik, plazatik kanpo hiriak ez du deusik guretzat.
Edan ezkero mozkortu egiten dira gaztetxoak ikasturte bukaerako bazkarian herri honetan ere.
Klenci pod Cerchoven. Mendian kokatua dagoen herri txiki apala.
Chodsko. Portzelana berezia, fina: azpila erosi dugu, gauean estreinatzeko asmoz. Eliza, nekazari-lur xumeko barroko loratua, naif xarmanta.
Pragako kondeak hala aginduz, Chodsko jatorrizko biztanleek zaintzen omen zituzten muga hauetako basook, baina, menpeko herri txiki guztiak bezala arazo larriak omen zituzten: esan euskaldunoi.
Plastikozko ipotxak salgai edonon errepide bazterretan, aleman askoren ume-sena eta sos-eskasia agerian utziz.
Belar fardoak biribilean lotuta daude hemen, baita plastikoan bilduta ere: hasi dira Mendebaleko teknikak mugaz gaindi sartzen.
184 kilometro, agur giroan.
Belartzan egin genuen guk atzo S.Juan sua; gogokoa du hemengo jendeak ere sua. Kanpin honetan ere sua egiteko ontziak daude: kanpin-kide talde batek sua piztu du, eta gaua luzatu dute su bueltan kontu-kontari. Atabismoa ote hauena ere.
Ezer ulertu gabe bizitzera ohitu garenean bagoaz gure herrira. Han hizkuntza ulertuko dugu, bizitza agian ez; hitzen uholdeak harrapatuko gaitu, nekatu eta ito hemengo ulertezinak ez bezala.
Ekainaren 25a. Asteazkena. 52.a-Tx:24.a
Azkena da gaurtik aurrerako astegun bakoitza
Zabor bilketa banatuzko hiru ontzi mota ikusten da noizbehinka, baina ez toki denetan: gureetan bezalatsu dabiltza nonbait zabor bilketa arazoan. Ez da hemen Austriako zehaztasunik zabor biltzean. Herri pobreak, zarrastelkerian are nbarmenago: kontraesana badirudi ere egonen da jokamoldea argitzen duen arrazoi ekonomikoren bat.
Beltz daude izei basoak gaurko egun ilun honetan: errepidean gurutzatu dugun gizon lerdenak "basoko gizona", iratxo digantea edo fantasma, zirudien bere silueta beltzean bilduta, agerpena bailitzan. Arimarik ere ageri ez den herritxoz herritxo doa gaurko ibilia ere, errepide zabaletatik at. Elizak dira eraiki zainduenak hemen ere. Izenik gabeko herritxo batean tradiziozko jantziez poxpolin jantzitako emakume heldua!!!: bigarren agerpena!.
Vseruby: herri-granja erraldoia herritxo nanoan: gaur egun ere herriarena ote?.
Alemaniako mugara zaramatza edozein bidegurutzeko nahasteak herritxo eta errepide hauetan; hala gertatu zaigu guri: langa aurrean geunden ustekabean.
Itsas berdean nabigatuz, itsas handian baikenbiltza, gora eta behera lur berdearen uhinetan altzo zabalen eraginera. Goi-bailara batean gabiltzan sentipen bizia dugu, agian zuloetan edo mendiz mugatutako bailaretan bizitzearen oihartzuna.
Hirsrov. Itxita, utzia, dago herri-granja: tristura sartzen du; benetan penagarria da, atzerapausoa, herrilana, auzolana, komun bizitza galtzea. Indibidualismoa da kapitalak eta agintaritza orok duen arma nagusia gizartea azpiratu, menpean izan eta erabiltzeko. Elkartean, taldean, kolektibitatean lan egiteko heziketa berezia behar da, ideia sendo eta tinkoak bete behar du taldekide oro inor inoren kontura bizi ez dadin. Nahitaezkoa da eroapen dosia handia ere.
Oholezkoak, zurezkoak, dira kortak herrialde honetan, ez Austriakoak bezain txukun eta deigarriak, arruntak baizik. Kilometroetako belartzak, begiak ematen duten guztikoak: Europa guztirako okela-behiak gizendu daitezke hemen, baina zaila du hemengo nekazaritzak lur hauei eman dezaketen etekina ateratzea gaurko nazio arteko konpetentzia eta lehiarekin, batez ere nazio aberats eta indartsuen jauntxokeriarekin, eta etekin egarriarekin: belar-sailak bertan behera uztera behartuko dituzte lau perro eta beira-ale edo abalorioen truke. Zer egin behar dute lursail izugarri hauekin!. Eta munduan gosea da nagusi!.
Pilatuta daude egur trokoteak, Etxarrin antzera; txukun, baina ez daude Austriako dotoreziaz tolestuta, kurioso, etxe kontrako aterpean, ia ia artelan bihurtuta. Hemengoa agian praktikoagoa da. Kultura arazoa, urte erdian elurra estaldura den klimaren eragina, indarrak bizi-iraupenean jarrita edukitzearen ondorena...
Nyrsko. Uda-pasako herri polita izan daiteke. Heldu da honaino ere berrikuntzen aztoramena: herri erdia dago hankaz gora, dena batera berritzen ari dira, mendiko pista dirudi errepideak berak ere.
Ingeles pelikuletako jauntxoen zaldizko ehiza-lurrak dirudite hauek, Europa guztiko konde guztien lurralde guztiak bertan bildu balira bezala.
Klatory. Sei dorre ederrek eta bi tximinia luzek iragartzen digute heldu garela hirira. Aurpegia txukunduz aleman turistak etorrarazi nahi duen herria. Zutaberik gabeko -zonalde hauetako herrietako plazetan ez da zutaberik- plaza zabala; aparkaleku bihurtu dute bere osotasunean plaza zabala; grazia osoa galdu du ia; zutaberik ere ez du. Dorreak ditu erakusteko eta horiek zorionez zut diraute, ez dituzte bota; "Dorre beltza" eta "Dorre zuria", bakoitza plazaren alde bietan, "zuria" ez da zuria, "beltza" ez da beltza. Beltzera soilik igo daiteke, oinez igo behar da, ordainduz gainera!!!. Elizak: ikustekoa dago Loiolako S. Ignazio bere izeneko elizako bere aldarepean irudi barrokoan irudikatuta, kristalezko kutxan kabitu ezinik, xelebre kiribilduta, Gogo-jardunen Liburua idazten; aldare beraren gainean berriz, kristalezko kutxan baita ere, auskalo noren eskeletoa, arropaz jantzita, beirazko sabel ostean saihetsak ikusten zaizkiola; eliza osoak erlikia, hezurren, erakustokia dirudi: eliza tetrikoa da, makabroa, sadikoa izateaz gain; berriz ere pintatutako erretaula, osoki pintatua hau, itxura egiteko, erliebe handiz; kupulan bigarren kupula bat dago pintatuta, kupula erdia alboratuta duela, bertatik aldareari argia emango bailio; organo ederra du, eliza barrokoek ohi dutenez; horiez gain mila bitxikeria. Bigarren eliza batean, barnean, kantuan hasi zaigu liburu saltzen edo eskean, agian biak egiten ditu, dagoen emakumea, halako giro ezberdin, magikoa, arras ezberdina, sortuz; katakunbak daude eliza honetan, argazkien arabera monjeak dira, oso galant, osoki iraun dute jantzi eta guzti, utzi zituenean bezala ia, baina beltzago. Hirugarren eliza batek sarrera landua du fatxadan eta korura doan harmaila ederreko bigarren sarrera bat alboan, dorreak berriz urrezko koroez koroatuak dira!.
Bakardade osoan erabat isolatuta bizi behar zuten zonalde honetan autorik ez zenean.
Mezyhpri. Zutik dirau oraindik maiatzak, zuri, zuritu berria bailitzan, baina ez du puntako adarrik ez gerriko koroarik, agian S. Juan zuhaitza besterik ez da.
Zuhaitz arteko etxe solteak dira herriak, ugariak, bata bestearengandik pare bat kilometrotara: agian hurkotasunarekin egiten zioten aurka isolamenduari.
Svihov. Ingrorekin alderatuz handia den herritxoa, dotoreziarik gabekoa, harrokeriarik gabe, bere xumetasunean murgildua. Plaza ikusita, berehala bukatzen zaigu herria. Bi plaza ditu, zainduak daude, baina badirudi inor ez dela ibiltzen bertan; ez direla erabiltzekoak dirudite; beraiez inor arduratuko ez bailitzan. Harritzen gaitu zutaberik ez aurkitzea plazan, ez zen izurriterik izan nonbait eskualde osoan. Eduki daukana gotorleku gotikoa da: garai hartakoen eredu omen, filmegintzarako aparta dirudi; zaindua dago baina eraberritu gabe. Eliza, naif estilokoa izan ez arren, naifa da, baserritar artisau batek egina.
Herriko tabernan bazkaldu dugu: aukera handirik gabe, baina pivo edanez eta merke.
Labirintoa da herri arteko bide-sarea; estuak dira errepideak baina zoru onekoak: bikaina da Txekia osoko errepide sarea. Erdi galduta gabiltza zuhaitz arteko tunelpeetan, batetik bestera, nori ezer galdetzerik ere ez dugula, ia inor aurkitzen ez dugulako. Galdetzeko aukera dugunean eroso konpontzen gara maparekin eta keinuka, ezkerra ezkerrean eta eskuma eskuman baitaude hemen ere. Norabide ohola estaltzen duten arramak kentzen ere ibili behar izan dugu bidegurutze batean, gure norabidea argitzeko.
Ia herri orotan dago lakutxoa, hustubiderik ezean euriak bertan pilatzen direlako edo; agian butxatu egin dituzte uraren ihesbideak ur-hornidura ziurtatzeko.
Errepide bazterrean dabiltza oiloak, astarka euriarekin azaleratutako zizare eta intsektu bila edo.
Dozena bat inguru bihurgune ia borobilak pasa ondoren jaitsi gara berriz ere goiko lautadatik behekora, gure ohiko parajera.
Domezlize-n bertako jantziz poxpolin dabilen emakume heldua zihoan kalean erosketak egitera. Agerkundea iruditu zaigu!.
109 kilometro, agurrekoak
Infernuko ariketa bilakatu zaio jostailu zoragarria behar zuen bizikleta auzo dugun mutikoari aitaren bizikletan ibiltzen erakutsi beharraren beharrez. Inposaketa, gizarteko jarrera errotua. Agian ahulon ezinaren gauzatze mingotsa.
Auto harroetan datoz alemaniarrak jatetxeetan merke afaldu eta kanpinean merke lo egitera, autoak ez dela aberastasunaren ikurra egiaztatuz.
Bikote gaztea izan da gaur: su handia egin dute, afaritako haragia makilatxoetan itsatsita bertan erre eta gaua hitz-jarioan luzatu dute supazterrean, garai batean gure sukaldeetan bezala.
Eguzkia eta zaparrada tartekatuz joan zaigu eguna, bihar itzulerako bidaiari ekin behar diogula migratzaileen sentipen mikatz-gozoarekin.
BIDAIAK 97
Ekainaren 14a. Larunbata. 41.a-Tx:13.a
Agian gu geu gara goiztiarrago gaur, eta bera hor egon da goizoro: zisnea, eguzkiaren lehen izpietan irudi liran eta galai.
Goizean goiz, igerilari bakarti baten burutxo bakartxoa lakuaren erdian.
Aldaketa eguna. Eguzki berotan, igeri oraingoan, eman digu agurra zisne segailak.
BOHEMIA ERDIALDEA
Berdeak nahiz urdinak, baina begi-argiak dira txekiarrak.
Lortuko edo ez, gazteak nonbait bizimodu berri baten bila alde egin dute herritxoetatik: zaharrak dira belar bilketa eta ortu lanetan dabiltzanak.
Jarri gara fatxaden paisaiara, iluna behar du hormen koloreak hemen; begiak ez zaizkigu argitzen, ez ditu dakusagunak harritzen. Landetxeek ez dute etxea eta kortaren arteko gune hertsi eta erabilirik, Hego Bohemiakoek bezala; korta bera ere ez dago etxearen paralelo, kortarik ere ez dagoela dirudi; agian etxe barruan gordetzen dituzte abereak Euskal Herrian bezala; oiloak bai, noizbehinka ikusi ahal dira, solte, etxe inguruan, baita errepide bazterretan ere.
Pardubice. Etxe blokeak tarte zabalez berezituta; espazio eta arnasa handia dute batengandik bestearengana.
Tontor bakarra dago inguruan, tontorraren tontorrenean gaztelutxoa edo agian eliza: fisikoki ere nagusitasuna erakutsi beharra.
Ehunka dira hegaberak Pardubice aurreko lakuan, fruitu edo orri zuriz bezala betetzen dituzte zuhaitz ihartu baten adarrak.
Prelouc. Udaletxea, horma arrosa-zuri eta teilatu pike zabalaren gainetik dorre berezia gailentzen zaiola.
Herritik ia bertan, lainoetarainoko tximinia garaia, bere azpian 4 tximinia baxu baina zabalak, denak keetan: argindar zentralen bat behar du izan; eraikuntza berria dela erakusten digu eraikinaren koloreak; zentraletik edo zentralera, kilometroetako bidean, metro erdi sendoerako isolamenduz inguratutako tutu sendoa, laku baten inguruan desagertzen dena; susmo txarra dario muntaia osoari, auskalo ze fabrika modu den eta natura zenbateraino erasotzen duen.
Tinec. Herri honetan zeharkatu dugu Elba ibaia; garraiobidea izaki, esklusa du, agian horregatik ageri da zabala, betea eta geldia.
Intxusa ez zen Mispillibarkoa soilik: ugari eta zabal ikusten da lurralde osoan, argindar posteen oinetan nabarmen, torto zurietan, bete betean loratua.
Non demontre lortu du Banesto kamiseta asteburuko txirrindu zale honek, herrialde honetan ez baita izen horretako bankurik ageri?. Indurainen eragina!.
Kolin. Tximinia galantak ditu, baita adreiluzko hiru eliza-dorre eder ere. "Jolin con Kolin".
Hiriko erdigunea iragartzen dute dorreek, baina ez digute norabiderik erakutsi hemengo eliza orratzok; komediak egin ditugu errepidera zuzentzen, aldrebestu baikara bidegurutze batean.
Aurrean genuen trumoian sartu gara eta zaparradapean egin dugu bidaiaren zati on bat.
Kanpina. Zaparrada bortitzak eman digu ongietorria.
Praga.(Praha). Autobusez lehenengo, metroz ondoren, sartu gara hiriko erdigunera. Lehen inpresioa hiri hau ere berrikuntza lanetan bilduta dagoenarena da: hautsa eta hotsa. Ibiliaz eta ezagutuaz, joan gara hiriarekin adiskidetzen. Zabala da Alde Zaharra bera ere. Ehun eliza dorre ikusten zaizkio lehen begiradan gazteluko mendixkatik, eta mila plaza aurkitzen hiri barruko lehen ibilian. Dena da jendea, dena turista, dena ibiltaria, batez ere kale eta gune ezagun famatuetan. Gune horien alboetan ere bada kale gehiagorik, baita ibiltari bakartirik ere, gutxi baina.
Hiri kosmopolita da Alde Modernoa (El Pais egunkaria ere erosi ahal izan dugu): ekialdekoak ez ezik espainiarrak ere aurkitu ditugu. Zabala du kultura eskaintza. Zabalak ditu kaleak, konponduak eta zainduak.
Pragara ere berandu etorri garelakoan gaude, Mendebaleko herria bilakatu da, agian betidanik izan du mendebaleko kutsua: hiri ederra, Mendebaleko hainbaten antzerakoa. Zerbait ezberdina espero genuen. Egia da zer erakutsi franko duela. Eraikuntza ederrak ditu edonon, asko, ikusgarriak eta handiak. Bertan gureetan baino oraindik argiago nabarmentzen da kontrastea: herri handiek hainbeste eta herri txikiek hain gutxi, hain zainduak batzuk, hain utziak besteak: herriekin ere egiten da esplotazioa.
Hainbat plaza, ezberdinak eta ederrak, baina plazetan erdiko plaza da nagusi: erloju astronomikoa, ate deigarriak, Udaletxeko dorre karratua bere gandor karratu berdea teilatuei gailenduz, dorrepeko gangaren mosaiko ikusgarria, katedraleko dorreak, Joan Huss-en estatua erraldoia harmailak behinik behin eskainiz kantari perutarrei zein bisitari nekatuei, Errepublika plaza: "Obecni dum" herriko etxea agian, dotoretasuna eta edertasuna taxuz ezkonduta: joan, sartu eta uzten dutena ikusi, dorre eder bat alboan, zizelatutako hainbat lanez apaindutako atea ere ederra du: bolborarena deitzen diote, agian duen zikin kolore beltzarengatik.
Ia dena ordaindu egin behar da Pragan; guretzat merkea den arren, Txekiako beste herrialdeko salneurriekin alderatuz bikoiztu egiten da hemengo erosgaien prezioa. Irritxoa egin digu zerbitzariak "pivo" eskatzean: hitza ez ezik edaten ere ikasi dugula adierazi nahi zigun, baina kobratu orain artekoen bider hiru gehiago kobratu digu; ordainak ordain, aspaldiko partez aparta zegoen izozkia ere. Ordaindu egin behar da erakusketara sarrera ere; Errusiari buruzko erakusketa batean Stalin hil-kaperan momifikatua ikusi dugu, argazkian noski; ikusia dut Leninen momia Moscuko Plaza Gorrian, ez genekiena zen Stalin ere momifikatu zutenik.
Txu-txu trenean ibili gara, oinez egin ez dugunari begirada orokorra eman eta hurrengo egunetan ikusi beharrekoak hausnartzen hasteko.
Auto iparramerikar handiak pasa dira rallya bailitzan autoek ibiltzerik ez duten plaza nagusian, poliziek bidea eginez, amerikar bandera handia harro erakutsiz batzuk, besteak cowboy kapela handia buruan, jendearen begiradapean, handiustean eta harro, ezpainak gehiago ezin zabalagoko barrea erakutsiz: alde egin dugu begiraleen artetik, "Txuloak" deitu diet ozenki, nazkatuta, harroputz tipoei: umeak bezala, harro auto handietan, inbidia ematen europar pobreei, amerikar paradisua erakutsiz.
Bohemia dute batez ere salgai dendetan: Bohemiako kristala, Bohemiako arrautzak, Bohemiako... Benetonek berak herri txikietan erakusten ez duen jeneroa du hemen salgai, garestiagoa, baina hobea. Ugaria da kale-saltzailea plaza eta inguruetan, huskeriak salduz, bi sosen bila dabilen gu baino jende diruz behintzat pobreagoa.
Izugarrizko bizitasuna du Pragako turista alderdiak. Xinaurria bezain ugaria da edonon bisitaria, Alde Zaharra zabala den arren. Ez da harritzekoa: jendeak jendea deitzen du, jendea nora besteok hara, Praga modako hiria bilakatu da, turismoaren gurpilean sartu da, turistek turistak erakarriz. Sarrera erosleak ikusiz, sarrera erosle ilarei begiratuz, bere herrian kontzertura behin ere joaten ez den itxura duena ere hemen kontzerturen bat entzun, antzerkiren bat ikusi, gutxienez antzokiren bat bisitatu gabe herriratzen ez delakoan nago.
Masaryk: kale asko du Txekian. Ezezaguna zitzaigun. Txekoslovakiako errepublikaren lehendakaria urte luzez, botere handia izan zuen; Txekiar nazionalisten ordezkaria, autonomia ukatu zien eslovakiarrei. Osasun arazoengatik utzi zuen kargua 1935. urtean, nik bi urte nituela.
Txartela erosi eta astebetez ibil daiteke edozein garraio publikoan: turistari egonaldia erraztu eta erosoagoa egiteko amarrua: turista-lekuaren sena eta jakituria.
119 kilometro, Bohemiako Erdialdera.
Ekainaren 15a. Igandea. 42.a-Tx:14.a
Etxekoak bezain garbi daude kanpineko komun eta garbitokiak: Pragak bere ukitua du horretan ere.
Ugaria da "Autobazar"a, bigarren eskuko autoen azoka: merkea eta bigarren eskukoa, autoa baita gure gizarteko denon ametsa, baita ezinbesteko premia ere askotan.
Praga.
Ustela gertatu da nire atzoko bidaia-txartelari buruzko iritzia, nire ingeles merkearen ondorioz. Atzoko txartelak ez dit balio gaurko. Poliziak gelditu nau metroko nasan: 20 bider txartelaren balioa ordaindu behar izan dut.
Ez dut liburu-denda askorik ikusten, bat bera ere ez. Zabaldua zen erosleak liburuak erostera otarretxoarekin edo poltsarekin joaten direla mitoa: hala izanen zen baina horretan ere Mendebalarekin homologatu dira nonbait.
Tamainaz gabiraia lako lau zen eta aurpegieraz gaueko mozoloa zirudien hegazti harraparia erpeek ez mintzeko narruz babestutako besoan, sartu da emakume bat metroan Erdi Aroko jauntxo ehiztaria bailitzan, inolako harridurarik sortu gabe inguruan. Ordurako bazen bagoi berean txahal bat adinako txakurtzarra.
Praga ere, euripean, bustia; aterkirik gabe, blaitzekoa: hobe beraz etxera garaiz, truxu pean lixibatu eta zirimirian beratu baino.
Autoz ateratzea erabaki dugu etxeratu ondoren
Kutnà Hora. Pragan aspertuxe daudenentzako herri "hurrena", 60 kilometrotara egonik ere, gaur egun gertu. Sotoetan ere zilarra ateratzen omen zen "Mea mendia". Zilarrik ez da jadanik baina meazuloak erakusten dituzte: halako talde fantasmagorikoa osatzen zuen koadrilarekin egin dugu topo kalean: atorra luzez jantzita, plastikozko kaskoz babestuta eta linterna luzez armatuta, kalea luze osoa egin ondoren, zurezko eraikuntza koniko batean ezkutatu dira hiriaren erraietara. Ez gaitu tentatu bisitak.
Bada eraikin ederrik, bada kale-arte politik, baina margul itxura du denak; kale-zoru hondatuak galtzadarri gorritxoen aztarnak erakusten ditu galipot higatuaren soilgunetan: pintzelada arruntak besterik ez dira ikusten koadro ederrenean ere gehiegi hurreratuz.
Plaza asko du baina ezer gutxi deigarririk dute plazok, plaza ere ez dira asko. Zaindua eta garbia dago, egon, baina zaharkitua; jendea badabil baina herri hila da. Herri berezi eta ezohizkoa da, zer erakutsi eta zer ikusi asko du baina dena sakabanaturik, lau haizetara barreiaturik daude bere altxor guztiak. Plazak: aldatsean dagoen plaza zabalak etxetxoak besterik ez du, biluzik bailego, ez eliza ez udaletxe ez ezer; zutabe lerden loriatua du beste plaza batek, baina gehiago da kalea plaza baino; iturri gotiko aparta dago ia plaza ere ez den kale-gurutzadura batean; mendi magalean balkoi korritu eta behatoki den plaza batean katedrala edo herriko eliza eta udaletxe zaharra: katedrala itxita dago meza orduetan ezik, udaletxe zaharra ikustea, aldiz, ordaindu egin behar da.
Barbara Doatsuaren eliza: gotikoa, ederra; meatzariek jaso omen zuten, hala diote, hortik bere izena, baina ez ote zuten herriko jauntxoek jaso meatzarien izerdiarekin?. Ez dugu barrutik ikusi: zilar-biltzaile modernoek ordaina jarri baitiote elizan sartzeari; triptiko erraldoia ikusten zaio elizpetik eta ba omen du beste hainbat edertasunik ere; sentipen arraroa sortarazten du fatxadak: gotikoaren lerro bertikal arina baino lerro horizontal sendoaren itxura erakusten du gehiago. Tokatzen zitzaion: eliza aurrean abestu dugu meatzarien abestia, "Santa Barbara bendita".
Elizara bidean, balkonada jesuiten ikastetxe handiaren aurrean harrizko irudi mordoz dotoretua: behatoki litzake balkonada, baina zuhaitzak dira begien oztopo, eta ikuspegi osoa galtzen da. Nepomuzeno Doatsuak ere eliza du, itxia baina, nahiko haize hartzen du nonbait herrietako sarreretan eta errepide ertzetan.
Maz atari tipikoa omen den "harrizko etxea"ko atean badira bi burutxo xume mimoz tailatutakoak.
Ba omen dira beste bi eliza, ikustea merezi dutenak, baina goizean Pragatik bezala, arratsez euriak bota gaitu Kutnà Horatik ere.
Hainbat gauza uzten ditugu ikusi gabe: ezinezkoa da dena bisitatzea, bidaia luzatzea edo ibilbidea moztea lekarke; bidaia-sosak sarreretan xahutuko genituzke: denbora eta dirua, bidaiariaren bi langa gaindizailak.
Bigarren mailako errepidetatik, herri-bidez, goialdeko lautada eta herritxoetan gabiltza gaur ere, tximini ketu bat bera ere ikusten ez dugula: nekazari lurralde petoa. Fruta arbola asko dago; oraindik oiloak ikusi daitezke errepide bazterrean, libre, solte, igandea delako edo arratsalde-pasa hauek ere gu bezala.
Itsas berdean nabigatuz egin dugu etxerakoa, Pragatik 20 kilometrora errepide nagusian sartu eta igande arratsaldean etxeratzeko ilara eta butxadurekin tope egin dugun arte: zibilizazioaren zerga, Mendebaldearekin parekatzeko ordaindu beharrezko ordaina.
Errepidetan duten hilkortasunaz, bizkarreko arantzak zorroztu eta gogortzeko ordena eman beharko diote naturari trikuek, auto gidariek gurpilak zulatu beldurrez zapal ez ditzaten.
128 kilometro, euriak ibilarazitakoak.
Herriko tabernetan "polito" jartzen da herritar xumea, gazte, heldu zein zahar; igande bazkal ostean, pivoak bata bestearen ondoren barneratuz.
Pragatik bueltan, kanpina dagoen herritxoan bazkaldu dugu: kilometro batzuk besterik ez, baina ze bi bizimaila ezberdin; hutsa kilometrotan elkartu ezineko aldea duten gizarte ezberdinak bizi dira; elkarrengandik hur, baina agian inoiz korrituko ez diren distantziak daude bien artean; maratoi luzeegia gaurko gizartearentzat.
Igandea, baina tututeriaren bat sartzeko zuloginan eman dute egun osoa etorkinak ziruditen langileek: herri pobrean ere pobreenek egiten dituzte lan deserosoenak.
Hilabetez deskonektatuta, aberriko ezer jakin gabe egon ondoren, egunkaria irakurriz jabetzen zara zenbateraino den imajinazio gabekoa, beti berdina, asperra, helburu eta etorkizun gabekoa, inertzia hutsa, aurrera pausorik gabekoa, norabiderik eta epe luzerako plangintzarik gabekoa, Espainiako politikagintza. Lur eta egunen distantziak ematen dio perspektiba zabalagoa egunerokoari.
Espainiako Gobernuan azken 20 urte hauetan Presidente izandako laurak bazkaltzeko elkartu direneko argazkia dakar egunkariak: laurek dute bi botoiko jaka eta laurek dute lotuta goikoa: hainbesteraino estandarizatu eta asperduraraino berdindu da politika ere Espainian. Ez dute ez nortasunik ez orijinaltasunik.
Ekainaren 16a. Astelehena. 43.a-Tx:15.a
Juanjo Olasagarre:
"Bizitza bakarlana baino ez da". Nik ezetz uste. Ez du behar izan, baina agian da?
"Bizitzeko itxurak beharrezko ez zirelakoan". Beharrezko egin egin ditugu.
Arrautza txikiak egiten dituzte Txekiako oiloek, nonbait gehiegi paseatzen dute oilategitik kanpo eta nekatu egiten dira.
Beteta dabiltza gaur, astegunez, garraio publikoak: bertan bidaiariek ez dute libururik irakurtzen, egunkaria bera ere bakar batzuk dute soilik; agian distantziak ere motzak direlako, jendea bertatik bertara dabilelako.
Praga. Plaza, errege kalea eta inguruak jendez oparo daude. Plazak, eraikiak, fatxadak, iturria... oso bizirik dago hiri zaharra, oso bizirik Karlosen zubia, oso bizirik gaztelua...; goizean goizetik bizi-bizirik, bizi-bizirik egun osoan. Turistaz lepo dago erdigune osoa, edozein aldetara zuzentzen dela pausoa. Frantsesa eta gaztelera entzuten dugu sarri, espainiarren turismo-gune da nonbait Praga. Esaten ziguten, bai, modan zegoen hiria zela: Espainia, Euskal Herria ere, taldekoia da, moda zalea, oso Vicente. Dotoreak eta garestiak dira goiko kaleko dendateria eta salgaiak, errege kalekoak, aldiz, gehiago dira turistentzako merketeria, turistek janzten dituzten jantzi merkeak eta indioei Ameriketan ematen zizkien antzerako oroigarri xumeak dira bertako eskaintza; saltoki bihurtuta dago errege kalea, eten gabeko joan etorrian, erromesen kalea dirudi. Bohemiako kristala nagusitzen da opari garestietarako eskaintzan; hiriaren ospeari jarraiki, txotxongilo azoka edo erakusketa dirudi hainbat dendak, begien atsegin ezinaspertua: orduak eman daitezke era guztietako txotxongiloz gozatuz.
Moldava ibaia: hiria bitan zatitzen duen ur-joan zabala, zisne zuri kontaezinek zipriztintzen dute, bizitasuna damaiote turistez zamatutako ontzien gora-behera geldoak. Karlos Erregearen zubia: ibai gaineko zubi sarrien artean bera da hiriko zilborrestea: jendez gainezka egun osoz, giroz zein egituraz aparta, deigarria, atsegina; zuriak dira ibaiko zisneak, zuriak ibai-ontziak, beltzak daude, berriz, zubi buruetako bi dorre eta zubian bertan ilaran jarritako irudi ederrak: ez da ia irudi laikorik, oso erlijiosoak ote pragatarrak, ala eliza alde izan nahi zuten Pragako jauntxoek edo elizak berak zuen eragin eta botere sendoa. Zubi bizia da: marrazkilari, karikaturagile, kaleko saltzaile, musikariak -jazz-jole finak batzuk-. Giro aparta dago zubian; argazkiak egin nahi dituenak badu non Pragan, baina zubia da kokagune aukeratuena oroitzapenerako klika egiteko.
S.Mikulas, gaztelura bidean kolore moteleko barroko petoa.
Gaztelua: ez da gaztelua, herri oso bat baizik.
Katedrala, gazteluan bertan, gotiko luze garaia: harria beste jantzirik ez du, biluzik utzia, ez graziarik ez xarmarik, nahiko hitsa; baina badu ikusle arrunt edo pobreoi gozatzen uzten diguten kapera zoragarria, oparoa, dotore jantzia; ba omen ere beste edertasun ugari, pagukoak ordea: goizeko treneko zulatzaileak diruditen zulotzeko gailuz armatutako tipoek zulatzen diote bisitariari sarrera-txartela; beiradura eta errosetoi erraldoi koloretsuak; freskoz pintatutako ezkutuak, urre koloreko santu-irudiak, urrutitik ikusi dugun errege hilotz-ontzi erraldoi zuria, presbiterioko errege balkonada, pulpitua, barruti osoa inguratzen duen goitikako balkonada, ate tailatuak, bankuteria landua ... badu ordaindu gabeko zer begiratu eta zer ikusi ugari, baina ez du zirrararik sortzen. Azoka edo erromeria dirudi katedralak bisitarien joan etorri eta ahots zurrunbiloarekin.
Jurgi Dohatsuaren eliza: atea ertzi digu txartel zulatzaileak jenderik ez zebilen unean ahal genuena ikusi asmoz kanpotik begiratu nahi genuelako: uniformea edo kapela janzten duen edonork, -zeregin apalenekoa okerrena bera-, munduko jabe sentitzen du bere burua, aginpidez jantzia.
Eliza ostean etxe ederrek inguratzen duten plaza eta jostailuzkoa dirudien kalexka xarmanta, liluragarria bere ezereztxoan, behe-solairu soileko etxez osatua: horietako batean bizi izan zen 5 hilabetez Kafka. Kale berean dago ere beirazko ontziteria zoragarria duen dendatxo bat.
Praga bada izan hiri berezia, ondo irabazia du bere ospea. Hain jendetza handia dabilkion arren, ez du jendetza horrek ia trabarik egiten, jendetsua baina aldi berean lasaia. Zaharraren zabalera osoa da ikustekoa, ibiltzekoa. Berriz ere plaza kaleetara bueltatzeko gogoa uzten dizu, pena ematen du alde egiteak.
Espainiakoa ote galdetu dit kanpin kideak metroko geltokian. "Euskaldunak.” “A!, San Sebastian". Santiagora bidean itsasontziz, Donostian gelditu omen ziren (Pasaian edo auskalo non). Iruña ere ezagutzen du, baina ez ditu Sanferminak aitatu.
Tasa bat ezartzen zaio bertako bidaiari izateagatik Pragara datorren turista orori.
Txu-txu treneko hitz-jario grabatuan botatzen dute Unibertsitate aurretik igarotzean, bertan egosi zela komunismoaren aurkako matxinada. Kapitalismoaren aurkako zipitzik ez da aitatzen: nonbait kaleko eskaleak, jai egunetan lan egiten duten atzerritarrak, sos batzuk ateratzeko hala-moduzko lanetako kale-saltzaileak, bizitzan ozta-ozta iraun egiten duen jendeak eta antzerako abarrek ez die axolarik Pragako intelektual prestuei. Noiz kapitalismoaren kritika eta kapitalismoaren aurkako iraultza justu berria?. Uholdeka ekarri dituzte turistak, errege kalea Europa osoko jendez bete da, atzerriko kapitalek inbertitzen dute (azken hau ere txu-txu treneko erretolikan esana) ... bada beraz demokrazia Praga eta Txekian. Intelektual interesatuak!.
Izozkiak ez dira italiarrak, ez italiar izendunak ez italiarrak direla diotenak ere.
Alboko herrietakoa baino ia bost aldiz garestiagoa da pivoa.
Ekainaren 17a. Asteartea. 44.a-Tx:16.a
Preso eta bahituei buruz diharduenean arrazoia du Egibarrek presoen arazoaz ezer ganorazkoa egiteak PPri hauteskundeetan bozen murrizketa lekarkiokeela dioenean, boterean irautea dela PPren lehen helburua; terrorismoaz arduratu arren terrorismoaz baliatzen direla. Baina hori dena hitzez hitz erantsi dakioke bete-betean PNV berari, bai gainontzeko alderdiei ere.
Harro dabil tipoa telefono mugikorra belarrian pijama eta txabusinaz jantzita kanpineko zelai erdian, baina atzo garestia iruditu zitzaion garbigailua eta lehorgailua 200 pezeta ordaintzea eta eskuz egin zuen lixiba osoa.
Kanpinez aldatsekotan ginen, baina Iparralderakoa bisitatzea erabaki dugu. Trsky gaztelua utziko digu bisitatu gabe.
Hiribururako bidean, etxe-bloke arre hitsek ez dute zerikusirik turiston Pragarekin. 18 kilometro egin behar izan ditugu hiritik ateratzeko: zerga handia eskatzen du beti hiri handi orok.
Joan zaigu inguratzen gintuen naturaren berde gordina. Hasiak dira gari-sailak horitzen; mitxoleta gorri ugariz tartekatuta, bandera espainolaren antza dute gari-sailok.
Autobiaz goazenez ez dugu herririk ikusten gaur, noizbehinka teilateria bat zuhaitz artean. Egitura arras ezberdina dute hemengo herriek: herri zabalak, txikiak ere, nekazaletxe bakanak: errazago irudikatzen dut Kroazia, Serbia... gerra hura, etxerik etxe herriak hartzearen zailtasuna edo etxaurretatik morterazoka ekiten zenekoa.
Mlada Boleslev. Alde Zaharreko eraikin arrastoek erakusten dute hiriak izan zuen garai oparoa; galdua du gaur egun orduko giroa; hiri margula, aurpegia oraindik garbitu ez dioten herria, hau ere berrikuntza lanetan bildua. Ez da turistentzako herria, begien gozamenerako herria, inguruko zerbitzu-herria baizik. Arku bakoitzak bere etxetxoa gainean du arkupe luzexka, batez ere garaia; gaineko etxeok erabat hondatuta daude, urrutitik soilik du xarma kutsua. Udaletxea, ederra da, dorreaz eta esgrafiaz dotoretua.
Ez digu denbora-pasa eta ibili askorako aukerarik eman, bai ordea erosketak eroso egiteko abagunea.
Txarkuteria denda ugari dago Txekiako herrietan, denak erosle ugariz beti.
Janzkeran berdindu eta bateratu garen arren gizakiok, janzkera berdinak ez gaitu berdindu ez bateratu. Japoniarrak ere europarrok bezala janzten zaizkigu, agian kolore biziagoekin, argiagoekin.
Euskal Herrian baikenbiltza gabiltza Txekian, geure lurraldean bezala, patxada berdintsuan; ez dugu miresten jadanik errepideko norabide ikurrik, ez gainerako iragarkirik, ezta herriaren hizkuntzarik ere, ez ulertzeko eginak bailira: gure belarriak, begiak, txip guztiak ez ulertzera jarriak dira, normaltasun osoz. Ez dugu ezer ulertzen, eta zer!. Halaz ere patxaran gabiltza, hala behar balu bezala. Ohitu gara, itsua edo gorra ohitzen den bezala ilunera edo isiltasunera; gu ezer ez ulertzera ohitu gara. Horregatik gara pasa egiten duten hegaztiak, pasoko bidaiariak, ezer teorizatzeko harrokeriarik gabe, herri honetaz dogmatizatzeko ausarkeriarik gabe. Errespetu osoz. Ez diogu inori ez ezeri baldintzarik jartzen. Duguna dugu eta kito. Beraiek dira bere giza-bizitza eta herri-bizitzaren jabe, beraz guk ez gara nor ezer esan edo juzkurik egiteko. Ikusi eta alde, bitartean gozatu ahal bada, artelanez, paisaiaz, kultura-ezaugarriez edo pivoz.
Errepide nagusietatik kanpoko bideetan sartuz, herritxoak zeharkatuzko betiko paisaian kokatu gara berriro. Patata da gaur agertzen zaigun soro uzta; ez da belar-sailik.
Ez da ia balkoirik etxeetan: agian erabat praktikoa da balkoirik gabeko etxea, beheko bizilagunari itoginak ekiditeaz gain alferrikako zuloa aurreratzen da etxeko metro kopurua gehituz. Gureetan balkoia trasteleku bihurtua dago askotan, pobreen etxeak direnez, etxe txikiak dira; pobreek badute espazioez baliatzeko joera edo beharra, armairu eta enparauekin, balkoia bada ere. Etxe "mutuak" zaizkigu zonalde honetako etxeak, ez digute ezer esaten, txukunak izanik ere. Bada horrelakorik gureetan ere auzo eta hiri bazterretan: Bilboko Otxarkoaga eta Begoñako atzeak lekuko.
Elba ibaiarekin egin dugu topo Podebrady-ra bidean, joan ordez geldi dagoela dirudi; zama-ontziek eurek ere egonean daudela irudi, doazela baino, hain da mantsoa bere garraioa, ilun ur ilunetan berde ilunez inguratutako arratsalde ilunean.
Podebrady. Bainu-herria denez, parke zabal zainduez jantzitako herria, harro dagoenaren itxura emanez. Behe-solairu soilez kaledia, nekazari herria litzake erdiguneko dendateriagatik ez balitz. Elba ibaiaren alboan kokatua, herri txukun, alai eta argiaren inpresioa sortarazten du. Bukatuta ditu berrikuntza lanak, erdigunean behintzat. Plaza ederra, errepideak, zeharkatzen duen arren, halako prestutasun bat ematen dio. Badu gaztelua, sendoa, astunegia egiten du sendotasunak, kuboegia da bere horitasun berdintsuan; moduz eman digute bazkaltzen sotoko jatetxean, ibaiaren gainean. Esklusa du ibaiak, irla batez baliatuz: turista-ontzia duen arren ez dirudi herriak ibaiari asko begiratzen dionik, joan ere nazkagarri zikin doa Elba ibaia; estolda da, ez ibaia, ontzien helizeek ura harrotzen dutenean; zisne eta zisne-kumeak baina ez dira toxikatzen buru-lepoak urpeko lokatz likinetan sartuz badabiltza ere: izango da hemen ere Ortuondo politikoren bat Nerbioi hau ere garbituko duela aginduz bozketa garaietan.
Herriotan ez dabilen kanpotarra ez da jabetuko zenbateraino den garestia Praga, nolako ziria sartzen dion bisitariari, bisitari gehienontzat merkea suertatzen bazaigu ere: eguneroko turista tasaz gain mota askoko tasa ordaintzen da hiri eder horretan: ondo deritzot, bakoitzak daukanari ateratzen dio etekina gure gizarte honetan; etorri nahi duenak ordaindu dezala. Hemen ere erneko dira erroldan eta urralburu belarrak.
Makalak, basamortu berdean, altzifreak basoan bezalatsu.
Herritxo arteko errepideak dira polit eta atseginenak presarik gabeko ibilirako.
160 kilometro, lasaiak, lasaigarriak.
Daniarrak, ingelesak, frantsesak ditugu kanpin-kide; egunotan ez da, lagin bezala ere, alemaniarrik ageri, errepidean ere: eguzki bila soilik ateratzen dira nonbait; ikusteko, nahikoa dute beraien herriko monumentuekin. Txekian ez dute beraien gustuko saltxitxarik nonbait.
Ekainarenk 18a. Asteazkena. 45.a-17.a
Juanjo Olasagarre:
"Leku guztiak dira ezinezko urrutikoak": Urrutikoa dirudi mapan Pragak baina hemen gaude.
"Bizitza goldean aritzea bezala dun": PIVOVAR U FLEKU garagardotegian garagardo beltza edatea ere bada bizitzea.
Praga.
Fikzioa bera gainditzen duten pertsonaiak aurki daitezke hiri handietan: amonatxo aparta metroan, zeini aurpegiera xelebrea xelebreagotzen zion kapela xelebreak.
“Nove mesto” = herri berria.
Poliziak 89an eginiko basakerien oroimenezko plakatxoa; noiz jarriko ote Plangintzak, Kapitalismoak, Neoliberalismoak eragindako giza-maila sailkapen eta bereizkeria gupidagabea, langabeziak eragindako kale saltzaileak, mozorrotutako kale-arteko paper banatzaile edo langabetu guztiak sortu dituen bortxakeriei buruzko oroitarria!.
Narodni kalea: eraikuntza berri eta ez hain berri asko du, edozein hiriko kale nagusiak ohi duen bezala; bertan Narodni Divadlo, Nazio Antzokia, berria zein zaharra, litzake aipagarriena.
Garesti saltzen da pixa egitea bera hiri honetan, garestiago leku apainetan: 5 koroa izan da Antzokian beste gehiengoetan 2 koroagatik egiten dugun txorrotara bera.
Erromantikoak dira Molava ertzeko etxeak, batez ere irla albokoak: zirkulazio bizia den arren erlaxagarria da bertatik ibilia. Eder dager Moldava Ibaia, zabal; presek ematen diote oparotasun itxura; iluna da ura, lohiarengatik seguru aski, zubiak ere harrizko ilunak dira urteen zikinagatik seguru aski, baina xarma du, inguruk egiten du ederra.
Badirudi ez zela pobrerik Pragan hiria eraikiz joan zen garaian; dena da ederra hemen, jauntxo hiria baita hau; bata bestearengandik berezituta daude hiri zaharra eta hiri berria; gaur gabiltzan alderdian eraikitzea erabaki zuten dirudunek eta jauntxoek beraientzako hiri berria, beraien artean ezkonduko ziren, beraien artean izango harremanak. Zerbitzariak eta beraien familiak hiritik kanpora joango ziren, kanpoan biziko ziren, alboko herritxo eta auzoak sortuz; hirian ez da ageri pobreen bizitokirik. Erraldoi ageri da gazteluko jauregia ibai ondoko behetik ikusita: mendi-gain osoan luzatzen da lautada horizontalean, eraikuntza eskerga; erdigunean, bertan oinarrituz eta itsatsita bezala Sv. Vita katedralaren orratz beltzak lerdentzen dira luze zerurantz bertikalean: sinboloa. Eliza du Nepomuzeno Sainduak hemen, aberatsen herrian, eliza errepide bazterretako pobreen herrietako estatuaren ordez: eliza hau sinboloa baino errealitate gordina da: pobreek irudia jartzen diote santuari; aberatsek, eliza. Etxe modernoa eta Erdi Aroko dorre beltza daude parez pare zubi baten ondoan: sinboloa hauek ere. Gaineanegi ditu bai etxeak bai plazako zuhaitzak hiri berriko udaletxeak: ikuspegia mugatzen diote; Karlove plaza, abere plaza zeritzon bere garaian, txangoan etorritako umeen jolastoki bihurtuta dago gaur egun. Pivovar u Fleku garagardotegia: turistek uzten diegu dirua neurriz kanpo ateratzen, baina gustura utzi ere, toki atsegina baita garagardo pitxerkada edan eta bertako jaki koipetsuak irensteko.
Esklusetako errito eta teknikak, baita bidaia-ontziek ere, badute bere xarma herrialdean ibai zabalik ez dugunontzat. Ikasia dute ibaiaz baliatzen, ibaia handiarazi eta ondoren bertatik ibiltzen. Hor da oraindik paladun gurpil erraldoia, ubide propioko ur azalekin biratzen dena, errotaren hondakina: kultura gauzatu du herriaren abileziak bizitzarako irtenbideak asmatuz.
Giltzapean gordetzen dute Pragako Jesus Haurraren irudia, elizako berrikuntza lanak direla eta: Espainiak oparitutako argizarizko iruditxoa da. Ura zeharkatzen ordez, jazz-joleek girotutako Karlov zubiaren gainean dago Kristobal sainduaren irudia, horregatik hain zikin eta hain beltz; beno, ibaian bertan balego ez litzake garbiago egongo.
Garagardotegian aurrez aurre gazteleraz eleka genituen lau emakumeak neskazaharrak behar zuten, euskaldunak gainera: ez nuke izan nahi haien mintzagai.
Kaleko pelikula filmaketa baterako muntaia ikustea tokatu zaigu: korapilatsua, zaila, koadrila handia behar duena da plano gutxi batzuen filmaketa.
Ikusi dugu hemen ere udaltzain bat auto-errealizatzen; arrisku-ñir-ñir argi eta guzti, inolako enbarazu eta arriskurik gabe, umea portalean uzteko soilik gelditu den autoari multa jarri dio: herrizain uniformea jantziz munduko errege sentitzen den gizajoa.
Kobratu egiten dute juduek ere sinagoga ikustea: Pragan denek ateratzen diote etekina duenari, baita hilerrian bata bestearen gainean bezala pilatutako harriak ikusteari ere.
Errege kalea, plaza eta enparauak Etxarrikoak bezain geure egin zaizkigu jadanik. Oraingoa ikusita, izugarria behar du izan udan jendez gainezka jartzen denean. Ez etortzekoa.
Pertika jauzilariak ziren gaur kale-gurutzeko ikuskizuna; atzokoa saskibaloia izan zen: egunoro dago ikuskizunen bat kalean, bisitaria erakartzeko amua.
Ekainaren 19a. Osteguna. 46.a-18.a
Hiriburuari jai emanez, inguruko lurraldea ezagutzen jarraituko dugu gaur.
Gorri-gorri daude gereziondo batzuk, S.Juanetan arbolatik bertatik jateko bezala; gerra ondoren Praga ere gorria zen, pobreek etorkizunik izan ez badute ere, gorriak ikusten jarraitzen dute orain.
Zirraragarria: tximinia zaparrotea lautadan, garaia bezain zabala, tximinia luze eta belztuez inguratuta, denen artean lainotsu dagoen zeruari laino artifiziala gehituz. Zonalde industrializatuetara heltzean argindar-tantaien basoa da nagusi. Elba ibaia zeharkatu dugu; iluna doan arren dotore dager, zabal eta betea, berdegunez bilduta: nortasuna du bere zikinean ere. Zer den ez dakigun mastra mehe motzeko sail zabalak lora zuriko maindirez estaltzen du ingurua; sail denak dira zabalak, herritxoetako ortuak ezik. Mailuki eta patata eskaintza handia dago errepide bazterretan; noizbehinka ba da tipula gorri edo zurien txorten eskaintzarik ere. Menditsua behar du izan aurreko zeru-marrak, baina galdu egiten zaigu goizeko ganduan.
Errepide berria ebakitzen ari dira Terencin aurretxoan; heldu dira amerikar pala, iraulki-kamioi eta tresneria enparau guztia.
Terencin. Ez du monumentu harrigarri berezirik erakusteko, baina herri osoa bera da bitxikeria: bost puntako izarra bailitzan adreiluzko harresiez inguratutako hiria, adreiluzko izar erraldoi bat egiten dute harresiek; harri griseko etxeteria bere barnean; Maria Teresa izeneko jauntxo baten aginduz eraikitako hiri gotortua, hiribildu bat; elkar gurutzatuzko kale zuzen zuzeneko hiria, harrizko grisa, dottore plantakoa, errenazentista jitekoa. Hori du bitxikeria fisikoa. Giza bitxikeria, berriz, bestelakoa eta krudela da: naziek erabili zuten Terencin hiri hau 15 mila ume bertan kartzelaratzeko judutar gurasoei bortxaz kendu ondoren, 15 mila haur judu atzituen kontzentrazio-eremua izan zen. Bada hirugarren bitxikeria bat, krematoriuma: gorpuak errausteko labak bere garaian zeuden bezala diraute, giza basakerien lekuko, juduen ghetto ere izan baitzen hiria. Hilerria: erabat txukun zainduta bertan hil ziren eta hil zituzten juduen hilerria dute .
Juduen erromes-gune bihurtu da hiria gaur egun. propaganda antolaketa zabala dago, judutar asko dator, buruko txanotxoa erabiltzera behartzen zaituzte labak eta hilerria bisitatu nahi baduzu, judu giroa nabari da esparru osoan. Nazien astakerien berri irakurri-ikusi-entzutean are mingarriago lazten zaizu barnea: juduek beraiek hemen egin zieten bera egiten ari dira palestinarrei: alboko herria armaz inguratutako ghettoan sartu, alboko herriari lurrak lapurtu, alboko herria desegin, alboko herria masakratu: hori izan zen judutarrek ikasi zuten ikasgaia eta barneratu zuten jokabidea nazipeko Terencin guztietatik. Indarkeria eta basakeria erabiltzea. Hilerri berriak sortzen ari dira orain Palestinan, baina oraingoan juduek eragindako palestinarren gorpuekin. Gogoeta hauekin goibelago oraindik ikusi dut Terencin, "eta zuek zer?" garrasika hasteko gogo biziz, kapelatxoaz kalparra estaliz zebiltzan hainbat eta hainbat bisitari judutarrei.
Gotorlekua, bigarren gotorlekua; laugarren bitxikeria; aurreko gotorlekutik ez urruti, gaztelu edo eraikin militarra, adreiluzko harresi barneko eraikin baxu gotortuak: egitura ezagutzeko besterik ez bada ere merezi du bisitatzea; batez ere sotoetako pasabide luze estuak: beste mundu batera sartzen zara. Baina ez da egitura militarragatik erakusgai gaur egun, mundu tragiko batera sartzen baitzaitu: naziek gerra-presoen kontzentrazio eremu bilakatu zuten, 32 mila preso pasa ziren bertatik. Ezohizko Kontzentrazio Eremua da Mathausen, Aubitz eta hainbatekin alderatuz, aurretik bertan zegoen gotorlekua gauzatu zutelako zeregin ankerrerako; ez du kontzentrazio eremuetako ohizko barrakoirik, ez hesirik, baina horrelako eremu baten betiko baliabide, osagai, baldintza eta zertzelada tragikoak ditu. Badu beste ezberdin zehaztasun bat: "ARBEIT MACHT FREI" inskripzio zinikoa bezain krudela jartzen du hizki handiz ateburu batean: "lanak askatu egiten du"; ikusiak ditugu zenbait kontzentrazio eremu, eremu guztiotakoa omen inskripzio bera, baina hemen ikusi dugu lehenengoz, edo jabetu gara. Barneko pasabide, bazter eta zuloguneotan bizi izan ziren preso guzti haiek. Hilerria, milaka gurutzez zabala, harresietatik kanpo ikus daiteke: eremuan hil ziren eta hil zituztenen azken ziega.
Egun batean bisitariak joango dira, Caravanchel, Salto del Negro, Puerto eta beste kartzela oro bisitatzera gu Terencinera bezala, gure gaur hemengo higuin eta espantu berarekin; Atutxa eta Oreja ororen izenak agertuko dira laidogarri kartzelon historia kontatzean, hori izanen da bere post-morten zigorra eta desohorea, momentuz ez baitute, Terencingo buruzagi eta presozain naziek ez zuten bezala, zigortuko dituzten kezkarik, ez baita ere oraingoz udaberrituko bizitzan zigortuko dituen askatasunik. Egin, basakeriak egiten ari dira, naziek bezalatsu. Eta jakin ere badakite basapiztiak direla. Agian kontzientzia txarrik ez dute, politikariek ez baitute kontzientziarik. Interes politiko soila baizik, kontzientzia apur bat dutenak, utzi egiten dute profesio hori.
Giden erretoliketatik libratzea da gure arnasa; geure kontura ibiltzen ahalegintzen gara bisitotan. Ordaindu egiten da gainera hitzen tortura horrengatik: ez genuen ulertzen ezer zionez, alemaneraz egiten baitzuen gaurko gidak, baina judutar mitina ziruditen gaurko giden azalpenok.
Litomerice. Elbaren albotxoan egonik ez du harremanik ibaiarekin. Kale zabalez osaturiko plaza zabaleko hiribildu zabala, harresiak nabarmentzen ez bazaizkio ere. Plazak badu gutxienez aparka ezin daitekeen zatia, oinezkoontzat arnasa. Ez dago etxe ederrik ez duen herririk, Litomerice ez da salbuespena. Katedrala, teilatua du ezberdina: 6 dorre jarraian; barrua barroko arrunta da, gangak estukoz dotoretuak eta pulpitu landua izan zaizkigu interesgune. Ezustea: zuhaitz erraldoi bat zeharo torneatua: bi zutabe gainean zegoen nonbait eskultura gisa, baina erditik hautsi eta eroria datza orain; bertan utzi baino hoberik ezin egin izan diote eta han dago eskultura hilotza harmailadi luze-zabalaren gainean bisitarien ezustea sortuz. Udaletxea, dorretxo berezia du: ortodoxo arrunta litzakeena molde bitxikoa bilakatzen dute buelta osoan dituen leihotxoek. Bazen ere berrikuntza lanetan dena hautsa zen eta nonbait bisitariei itxita zegoen arte-areto batean enborra hustuz egindako zati bereko kutxa luze karratua; baziren ere harrizko lau morrosko xelebre: baina argazkia ateratzea galarazi didate, botoia sakatzeko nengoela.
Sotoko sotoan bazkaldu dugu, gustuko amuarrain eta espagetiak entsalada ederrarekin, litro bat garagardoz bustita mila pezeta baino gutxiagogatik: Pragatik alboko herrietara atera behar da zerbait merkeago eta gustukoa jateko.
Herrialde honetan ez dituzte elizak mezetarako ez bada zabaltzen; hemengoa ere ateko burdin langatik ikusi behar izan dugu.
Atzerrian ikasten da Euskal Herrian asko jateaz gain, ondo ere jaten dela.
Elba daramagu alboan, parez pare; betea, geldia, iluna; esklusaren bat du hain gizen eta lasai egoteko; Dresde inguruetan ezagutu genuenekoa gogarazten digu.
Lupulu asko jasotzen da hemen: nonbaiten irakurri dut Alemaniara esportatzen dela bertoko ia ekoizpen dena; horretaz gain garia ereiten da soroetan, herrietako baratzetan patata, eta saltzaileak jartzen dira errepide bazterretan bidaiarien itxaropenez.
Errepide nagusietatik kanpo, itsaso berdean galdutako ontzitxo bat bezala nabigatuz goazen sentipena dugu berriz ere. Halako batean Durangokoa nanoetan nano uzten duen paper-fabrika erraldoia, usaiak salatzen du zer den; Elba alboan kokatua: horrek egiten du, hain zikin koloreko ibaia. Aurreraxeago 6 tximinia luzeen ondoan zezen plazaren borobilera duen tximinia zaparrotea, dena ke: hemengo arnasa alboko Elban tragoa egitea bezalakoa da. Aurrerago "In vino veritas", "ardotik egia", dio herritxo batean ardandegia izan daiteken zurezko eraikintxo ilun baten ateburuan; mahasti lurra omen ingurua, baina guk ia ez dugu mahastirik ikusi. Kutsatuta ote mahatsa ere?.
Melnik. Urrutitik erakusten dute dorretxoek tontortxoan dagoela hiria. Ezusterik gabeko betikoa: arkupeak ditu plazak. Ez du aparkalekurik erdigunean, aurreko politikagintza garaiko zementuzkoa da iturriko iruditeria.
Elba eta Ultava ibaiak egiten dute bat hiriaren oinetan hasten den lautadan, harrokeriarik gabe, geldo, helizeek astindutako urek ibaiok eta bi ibaiek sortutako ibai berria zikin-zikinak daudela erakutsiz.
Giza baldintza minimoetan bizi gara bidaian: ez dugu idatzitakorik ez esandakorik ulertzen, errepideko norabide agiriak dira ulertzen dugun idatzitako bakarrak; ikasi dugu arraia "riby" idazten dela, garagardoa "pivo" esaten, litro erdiko garagardoa ahoskatuz eskatzen ere ikasi dugu.
Pragara bidean, bidegurutze borobilean, parrastadan ureztatze-sistema dago gaur ere, txorrota zabalik, lurra zabal bustiz. Ez da erbesteko kamioirik ikusten, bertakoak soilik. Garraio gutxi dago erbeste-tik-ra, edo errepidea ez den garraio mota erabiltzen da Txekian.
Eguzkia beherantz, xarma du lautada berdeak.
145 kilometro, bidaiako gero eta kilometro gutxiago gelditzen zaigun sentimenduz.
Ekainaren 20a. Ostirala. 47.a-Tx:19.a
Negarra darie lainoei nire urtebetetzean eguzkia oparitu behar zidan zeruan. Atertu gabeko euria. Gogoratuzko eguna: euri egun bakarra ia 2 hilabeteetan.
Zisneak hegazti ederrak dira bakarka, asko pilatzen direnean baina kolorgetu egiten zaie edertasuna.
Txekiako patroia, zaindaria, da Nepomuzeno!!!. Arranopola!. Ez nuke nahi ba Iñasio edo Xabier Euskal Herriko ertz orotan kukuka aurkitzea.
Gazteek aulkia uzten digute nagusioi autobus eta metroan. Gaur atso batek eskatu egin dio lekua jaiki ez zainon motxilaz zamatutako gazte bati, beste emakume batek berriz biziki eskertu dio metroan jaiki zainon neskatilari.
Praga. Vysehrad, Pragako bigarren gotorlekua, mendi oso bat hartzen du honek ere; harresi sendoen barruan izen famatuko jendilajearen hilerria, eliza eta parkea lirateke aitatzekoak. Sv. Petr a Pavel eliza neogotikoaren sarreran bada harrian tailatutako lan bikainik, Erdi Arokoak ez izatean aintzat hartzen ez direnetakoak, baina politak, finak, batez ere arkuaren bukaerako aurpegiak eta ateburuko harrian zizelatutako iruditeria osoa; mosaikoak berriz biziegiak dira, inola ere ez finak. Beste hainbat elizak biluzi itxura dute, honen barnea, ostera, dena da pintura edo santu-irudia, gehiegi apaindua dagoela esan daiteke, beteegia, paper pintatuaren itxura dute zenbait horma eta gangak; asko dira erretaulak, ez dute Erdi Arokoen xarmarik baina lan bikainak dira. Hilerria, edozein hilerri bezalakoa litzake, hainbat gizon-emakume famatu ez baleude bertan ehortzita. Elizatxoa, bada bertan aldare bat erretaula osoa kristal ostean sailkaturiko santu hezurrak osatzen dutena, denak agirian, gris eta tetrikoa.
Hezurren kultura nabaria da hilerrietara bisita egitera gatozen bisitariona, hezurrei kultua: erromesak Santiagora bezala, hona F.Kafka eta enparauen hezur ingurura dator bisitaria, hezurrok non dauden ikustera.
Antolamendu modernoa den Kongresuen Zentro-tik dager hiriko teilateria bere zabalera gorrian. Erdigune garai honetatik hain eder ikusten dugun teilape horrek zenbat zorion eta zenbat neke gordetzen ote!.
Jatetxe begetarianoan bazkalduz ospatu dugu nire urtebetetzea, pivoari uko egin gabe baina.
Guardasolpean zeharkatu dugu azken aldiz Moldava edo Ultava ibaia; zaparradapean ere, turistaz oparo dago zubia, saltzaileak tripode azpian gordeta daudelarik. Ukituen ukituz brist dagoen brontzezko irudian ezarri dugu guk ere eskua, denek hori bera egiten dutelako edo: Erromako Treviko Fontanan berriro Erromara itzultzea opatuz botatzen da uretara atzerantz sosaren bat, Arraten berriz gurutzeari ezkongaia bilatzeko bueltak emate erritoa da ezaguna; auskalo zein den Pragako zubiko irudian eskua ezartzekoaren zergatia.
Jazz-jolez bizi-bizia jarri da plaza atertu bezain laster.
Bete egiten genuen turistok plazaren ertz zabala arratseko lauretan karilloiko leihatilan hamabi apostoluen agerpen inuzentea ikusteko: ez dago turiston baino fauna tentel eta mozoloagorik. Ezagunak zaizkigu Alde Zaharreko kale, kalexka, plaza eta zokoak, badirudi hemen egon garela beti, baina bihar bagoaz, ikusi, ezagutu, eta alde egitea baita turistaren funtsa, inon iraunkor ez sustraitzeko jitea da berea.
BIDAIAK 97
T X E K I A
Hemen gara berriz Txekian 12 egun ondoren, Ipar Bohemian oraingoan.
Lehortzeko belar-metatze teknika komuna dute lurralde osoan. Ugaria da jendea jatetxe eta errepide alboko non geratzeko aukera. Ugariak dira bai autoa bai jendea. Elkarren auzo dira herrietan teila, latorria eta uralita. Ikusi ikusten da bakarren bat, baina banaka gutxi ikusten da SEATa.
Roznov. Auto piloak pizten digu ikusmina: kilometrotik gorako auto ilara errepideko bi bazterretan. Jende uholdea doa ibaiaren bestaldeko parke edo basora, oinez, zubitxo sarrietatik. Kilometrotik gorako bidean ageri dira txosna eta salmahaiak.
"Potravini" hitzak zer esan nahi ote, hitzaren lehen erdiak eta bigarrenak hain esanahi ezberdinak baititu gaztelaniaz; taberna delakoaren antza hartzen diogu guk: mila eratako galderez zamatu gara bidaia honetan: herri hauez ezer guti dakigula behintzat ikasi dugu.
Lautadan sartu gara berriz ere mugatik urrundu hala, ez dugu jadanik mendirik ikusi ere egiten. Berriz ere paisaia leuna, tontor bigunen bat besterik ez aurrean. Galduak ditugu azken egunotako mendiak. Dena belar, dena berde. Laku eta istinga tankerako lurra. Kanpin aurretxoan, belar ebaki berriko zelaian bi zikoina, hanka luzeen gainean afari bila. Katamixarra gurutzatu zaigu errepidean galga zapaltzeko ere astirik ia eman ez didala: gorrizka luzexka bere buztan oparoarekin: zein abentura edo bizigintzak ote zeraman galipotezko arrisku beltzaren bestaldera?.
359 kilometro, Txekian kokatu gara berriro honenbestez.
MORAVIA.
VALAKIA LURRALDEA
Ekainaren 9. Astelehena. 36.a-Tx:8.a
Juanjo Olasagarre: "Kosta egiten da bizigintza ofiziora itzultzea". Niri behintzat bai kostatzen zait atzo bezalako oker, ahaztura, eta aldrebeskerien ondoren.
Etxetxoetan apopilo, eskolaurreko koskortuak ditugu kanpineko alaitasun. Bizigintza ikasten ari dira, oraindik hazten, eta jadanik helduok bezain arazo latzak dituzte; baina bizitza gainezka ikusten zaie norbera ere gaztetuz.
Hranice. Ganga eta zutabe zabal bezain sendoko arkupeak lirateke hiriko lehen ezaugarriak. Plaza, Eslovakiakoen osagai berdinak ditu; atsegina da, baita berrikuntza lanen oztopo artean ere. Eliza, marmol gorrixkak eta santu-irudi zuriak dira lehen flasha begientzat.
Alarma txirrina jo dit elizan Josefa Dohatsuak, ozen, polizia ekarraraziz, ikusminak gehiegi hurrerarazi bainau kristalezko hilobira.
Merkatu txikia da herri guztietako eguneroko merkatalgintza Txekian. Eslovakiak baino diru gehiago dabilen itxura du Txekiak, agian ez aberatsago delako, beste apustu politiko zein ekonomikoa egin duelako baizik.
Erreka ez dago batere txukun baina bizi da, hainbat arrainkume ikus daiteke uretan; hegaberak aldiz piloka daude zelai ebaki berrietan. Metalezko xafla laukiak aldats bazterretan neguko izotz-elurren zain.
Stramberk. "esta cuesta cuanto cuesta" batean, aldats pikoan beraz, dorre luze biribil baten oinetan kokatua. Plaza, erakargarria da, maldan beheran, belar berdeak ematen dio dotorezia punttua; “valaka” etxeak dira hiriko altxorra, zurezkoak, zaindu eta preziatuak; plazan bertan txiki eta nagusien sosak aterarazteko “infernua” izenpeko antolaketa.
Emakume bat ari zen herriko kontzertu baterako kartelak jartzen hormetan.
Izugarrizko kare-harri harrobia du Stramberk-ek, mendi erdia eraman dute jadanik, etxeak jasoz edo errepideak gizenduz.
Zerbitzugune bihurtuta dago plazetako etxeen gehiengoa Txekian, bizitoki funtzioa baztertuta. Teiladun teilatuak dira nagusi lurralde honetan; etxe-bueltak oso apain zainduak egonik ere, ez dute Austriako etxe-buelten oparotasun eta nortasunik; tristeak dira etxe hormak.
Herritxoz herritxo egin dugu eguerdira arteko autozko ibilia, herri-bidez. Jai-antolakuntzak herritxo batean: betikoak dira, agian jaietan daude jai-girorik nabari ez bada ere.
Ugariak dira fruta-arbolak zonalde osoan, sarriak ere txaletxoak diruditen etxetxoak.
Novy Jicin. Arkupe sendoko plaza, erabat oinezkoentzakoa; ez du zutaberik, zabalagoa egiten du horrek.
Aldamio gainean etxe-horma pintatzen ziharduen langile pilak berak sortzen zuen koadro polita.
Plazara begira, mahai kuxkuxeroan bazkaldu dugu tabernan bertan; telebista dute hemen jantokian. Jatetxe batean ikusten dugun lehena.
Frantsesak garen galdetu digu aparkalekuko kobratzaileak, baina azkenez kokatu gaitu mapan, keinuz eta hainbat hizkuntz ezberdineko hitz soltez "euskaldunak Frantzia eta Espainia artean" ziolarik; hitz egin nahi zuen baina ezinezkoa gertatu zaigu elkar ulertzea.
33 graduko hozberoa eguzkitan. Bero sapa.
Roznov pod Radhosten. Garbia du ibaia, non umeak jolasten duten.
“Valaka” etxeen museoa zeru garbi pean; zurezko etxe antzinakoak museo bihurtuta: museo mota hauek beti eta denak ia berdinak dira, baina beti dira berriak, beti politak, beti erakargarriak.
Artista baten irudimena erakusten dute zuhaitz gizenez eginiko erlauntzek: enbor-begiak baliatuz eginiko giza aurpegiaren ahoak dira erleentzako sarrera-irteerak.
Herri honetako parkera zetorren eta bertan zebilen atzo arratsaldez ikusi genuen igande-pasako auto eta jende aldra.
12 ziren gaur atzo bi ikusi genuen zelaiko zikoinak. Belardi ebaki berria, hegaztien jatetxe oparoa.
Bi zurezko etxe zeramaten kamioetan, gurea bezalako kanpinen batera agian.
Eskola utzi genuen baina umez inguratuta daramagu bai Txekia bai Eslovakiako egun oro. Kanpin honetan ere ume pila dugu kanpin-kide.
Bolo-joko ezberdina bezain berezia kanpinean ikusi duguna: bederatzi birla jartzen dituzte hiru ilaratan lauki bat eginez; laukiaren gainean, erdian, haga batetik soka batez zintzilika ia lurreraino heltzen den bola; bola zintzilikatua botatzen du jokalariak albotik aurrerantz, txirloen albotik pasaraziz, bueltan datorrenean jo behar ditu txirloak. Ez dugu ikasi zenbat botaldi diren edo nork irabazten duen. Batzuk ez zuten piperrik jotzen, baina bazen bakar iaiorik.
Ikasi dugu zigarro marka dela “West”.
Bai Txekian bai Eslovakian oso gutxik daki ingeles edo frantsesik; alemanera da askok dakiten bigarren hizkuntza. Nabari da hasiak direla ingelesa ikasten eskoletan: eskolatik zetozen hainbat gaztetxorengana hurbildu behar izan dugu norabidea galdezka, eta ingelesez moldatu gara.
Sapak bultzatu gaitu goiz etxera.
135 kilometro, erakargarriak.
Ekainaren 10a. Asteartea. 37.a-9.a
Bi herriak banatu baziren ere ez dago nazionalismoari buruzko borroka ideologiko edo beste nolabaiteko arrastorik kaleetan, ez kartel edo pankartarik ere. Auto bakarren batean soilik ikusi dugu Txekoslovakiare ezaugarria.
Ugariak dira kontzertu era ekintza kulturaleko iragarkiak.
Herri koskortu orok du bere museoa, herritar ikusle asko dabil bertan.
Goiz hasten da mugimendua eta jarduera bai herrian baita kanpinean ere; ume eta gaztetxoek zortzi eta erdietarako alde egin dute gosaldu ondoren motxila lepoan hartuta; langileak ere bere zereginean ari dira ordu horretarako; birigarroa ere leiho aurrean dabilkigu harrapatu duen zizare luzea irentsi ezinik; M.Luisa eta biok gara bakarrak, berdegune erdian, oraindik apaintze ahaleginetan ari garenak, gure ustez, 7retan jaikita, sasoiz genbiltzala uste bagenuen ere.
Gaztetxo eta ume taldea joan orduko etorri da talde berria: egonezina, harridura, ezustea, jolastu beharra; hitza, barrea, algara eta bizigura da batez ere beraiek dakartena.
Ezin dugu gainetik kendu talde bat, inguruan darabilgu bai kanpinean bai errepidera irten ondoren: matrikulan PNV hitzak ditu, Europako ertz urrun honetan ere Arzallus jaungoikotxoa beti presente.
Zebrabidean geratu egin gara oinezkoei legeak agindu lez bidea emanez: arraietatik ordez auto atzetik zeharkatu dute kalea oinezkook, zergatik geratu ote garen halako begiratu harrituarekin, ia ia haserre keinuarekin.
Fiatiloa agertzen da noizbehinka, Espainian Seatiloa bezala, erlikia irudi, baina oraindik badabil.
Soro-sail zabalak dira denak, hemen ez da jabego txikirik. Herriarenak dira edo bakar batzuk jabetu dira herriarenak ziren sailez
Han-hemenka eta edonon, goranzkoa tximinia luzeek ematen dioten lautada berdean, lupulua da gaurko aldagaia, Prerov inguruan: sail zabalak. Esan daiteke garagardoa dela, bai Txekian bai Eslovakian, edari nazionala: litro erdiko basokadak edaten dituzte bata bestearen ostean mahaian eserita kontu-kontari lasaian.
Hiri handien inguruan transformadore handiak ernetzen dira, argindar poste ilara ugarien hasera edo bukaera, argi-iturri edo argi-biltegi.
Prerov. Industria hiri jitea du, kale eta dendateria xumekoa baita. Goialdean dago Alde Zaharra, hila, inola ere ez zaindua. Xumea da goiko plaza, polita, ez da turistentzako taxututako plaza, bakartxoak baikara hona igotzen dugun kanpotarrak; garai bateko herriko plaza; gaur egun herriak beheko plazetan eta kaleetan du topagunea. Baina goiko plaza honek badu berezitasuna: borobila izaki, artezak izan ordez, kurbatuak dira plazaren borobil erdia osatzen duten etxeak, etxeek eurek ere nolabait fatxada kurbatua dute; ezki ederrak ditu erdian. Ezkion alboan, plazaren erdi-erdian erlijio gaiak dituen harrizko monumentua: beldurgarria da hiriko kutsadura edo kandela asko erre zaien santuteria oso aspaldikoa, oso belztuta baitago: komunismo garaian erlijioa errespetatu zen froga; elizaren pribilegioak izan ziren errespetatu ez zirenak, elizarentzat pribilegioz mamitzen da fedea.
Ez da parkerik falta, ezta aurreko sistema politiko aldiko etxerik ere, eskultura sinbolikoez apaindurik baitaude ate gainak edo leihopeak. Baina ez kale izendegian ez monumentuetan ez da ageri Iraultzaren aitzindari edo Marxismoaren teorikoen izen-irudirik. Marx eta konpainiak ez dute lekurik Txekiako gizarte berrian, Italian edo Alemanian ez bezala; agian garbitasun demokratikoa probatu nahi dute, agian italiarren edo alemaniarren heldutasuna falta zaie, agian oroipen txarra gordetzen dute, agian aldaketa nahiko traumatikoaren ondorioa besterik ez da... baina erabat baztertu dituzte sozialismoaren, marxismoaren, edo komunismoaren izen eta sinbolook.
Guretzat ezagunak diren idazlerik ez dago liburutegietan, agerian behintzat, are gutxiago idazle marxisten izenik; playboy eta enparauek berriz nabarmen betetzen dituzte liburu-dendetako erakusleihoak.
Garestiak dira hemen ere marka ospetsuko jantziak; kaleko herritargoari begiratuz azoka txikiko jantziak dira hemengoentzat ere merkeenak, guretan bezala.
Denetik dago azokan, baserritarren eskutik: gereziak afalduko ditugu guk.
Olioa aldatu diogu autoari, garbitu ere egin dugu autoa: zein zaila den hain erraza dirudien olioa aldatu nahi duzula garajean adieraztea: ez dira nahiko eskolaurreko umeekin erabilitako mimika, imintzio eta ahalbide oro: potea zeuk bilatu, autora eraman, kapota zabaldu, eta olioa tutura botatzeko keinua egin arte ez dira jabetu, matxuraren batengatik goazela uste bide zuten.
Atzo "ko-ko-ko" edo "kukurruku", eta hainbat keinu eginda ere ez zigun arrautzak nahi genituela ulertu dendako neskak: kalekumea zen agian eta ez du oilorik ezagutu ere egiten.
Herritxoz herritxo goaz gaur ere, tarteka simaur usainak bildurik; korta inguruak ez dira hemen ere Austriakoak bezain txukunak, gureetakoen tankera dute. Kilometrotako errepide arteza, ondoren 90 graduko bihurgunea lurralde zabal beraren erdian, berriz ere artez jarraitzko: ze arrazoik izan ote du eragina berez logikarik ez duen trazaketa honetan, arrazoiren bat egon dagoelako: norbaiten lurren jabegoa, lehengo lur banaketa errespetatu nahia, lur mota zingiratsua... auskalo.
BOHEMIA
Sartu-irtentxoa besterik ez.
Prostejov. Plaza: bertara jo behar da: plazan baitaude erdigune eta topagunea ez ezik, hiriko eraikuntza nagusiak; oso ederra da: belar-gune, zuhaitz mota ezberdin, ibilgune eta egonleku ugari du bere zabalera handian; banaka ezer nabarmenik ez du, etxeteriak, baina, ikuspegi ederra eskaintzen du osotasunean hartuta. Udaletxea, harrizko ederra, gaurkotuta, grazia gutxiko itxura du. Zamek, ederra izan zen eta geratzen zaizkio izanaren zantzuak: "skiagrafia", burdinteria landua balkoi korritu eta barandan; barandako gandor, titidun buru polita. Ez digute eliza ikusten uzten, elizpetik ez bada: egituraz gotikoa izanik, barroko tankerakoa du barrua; pulpitua nabarmentzen zaio, baita presbiterioko harrizko balkoitxoa freskoz inguratuta; bada irudiak ia pilatuta dituen aldarea: denean bezala, hemen ere S.Kristobal; aipatzekoa, burua eskuetan duen obispoa; elizpean belauna musuka gastatu dioten Kristoa eta harrian tailatutako auskalo ze neska pottola.
Zopa ekarri digute bazkaritan, ezer eskatu aurretik, Juliana zopa hain zuzen: barraskiloak ekartzea falta zitzaigun Arantzazuko lagunarteko bazkaria osatzeko; eta lagunak noski. 500 pezeta izan da zopa, arrai plato konbinatu ugaria eta litro erdiko garagardoa: guretzat merkea, ez dakigu beraientzat ze izanen den, zeren gehienek kaleko txosna eta dendatxoetan jaten baitute, gehienetan zutik.
Ez dira hemen ageri Hego Bohemiako kamioitxoak, baina hemen dabiltza atoia duten kamioi handiak; trailerrik ia ez dabil. LIAZ markakoak dira kamioi handiok.
Olomuc. Aurreko bisitaldian bezain xarmant jarraitzen du plazak, erakargarria gertatu zaigu bigarren bisitaldian ere.
33 graduko hozberoa, Izurrite Zutabearen geriza paregabean, patxadako egonean, arintzen du jendeak arratsalde erdiko sapa.
124 kilometro, ustez bertatik bertara ibili gara baina ustekabe errazean metatu zaizkigu kilometroak.
Urki sendoz inguraturik gaude kanpinean, baina ez diote itzalik ematen gaurko 33 graduek ia gori jarri duten gure etxatoiari. Gora egin dute moztasunaren laburduran gonak eta prakak, gure berna zein izter oraindik zuriak agirian utziz.
Ekainaren 11a. Asteazkena. 38.a-Tx:10.a
Pinu artean, laku ondoan, dugu kanpina, zainduegia ez bada ere gerizpeko atsegina bai. Jendea erruz dator lakura arratsalde pasa: parke bezala asmatua dago kanpina, etxetxo eta bestelako txosnen osagaiak dira karabana eta dendak.
Oholezko hesia jauziz gaindituz egiten dute umeek etxetxorakoa, bidea laburtuz: bizitasuna eta malgutasunarena ez ezik bizitzeko presa eta zeharka ibili ezinaren ezaugarria. Umeon kanpineko egona bada izan baldintza berrietan elkarbizitzaren esperientzia ezberdina, nahitaez aberatsa.
Umeok bailira, bi katamixar ibili zaizkigu axolagabe elkarren lehian adar-gain adar-gain, agian beraiek ere gaztetxoak etxetik lehen urruntzean, agian helduak maitasun jolasean.
Berriz ere gure PNVrekin topo egin dugu: kanpin-kide ditugu. Gurea matrikula alemana ote hurreratu zaizkigu. Espainiarra dela-eta oso adeitsu, geroago errepidean aurreratu gaituztenean izugarrizko agurrak egin dizkigute.
Herritik at dago hemen ere Night Cluba, gureetakoen itxura parekoarekin: aparkalekutxoa eta koloreetako argi iragarkia: neskak afrikarrak, hegoamerikarrak ala nongoak ote hemen; premia gorrian daudenak nolanahi, seguru aski engainatuak; lanbide horretatik bizi diren itxura onekoak, puta kontzienteak, hortik bizitzea erabaki dutenak, leku dotoreetan edo hiri nagusietan daude, ez hau bezalako zuloei lotuta.
SILESIAk ez du erakargarritasunik guretzat, ez gara bertara joango.
Bohemia da Txekia gehiena, nire ezusterako.
EKI BOHEMIA
Olomuc–Hradek Kralovè errepidera ere behar baino bost urte lehenago etorri gara: ezin izan dugu abiadurarik azkartu orduko 50etik gora, triki-traka hondatutako zoruan lehenengo, autobia berria egiteko lanek oztopo gehigarriak direla-eta ondoren; urte gutxiren barruan konponduta egonen da zoru hondatu hau, baina hondamena da gaur egun.
Presente dago ETA Txekian, ez dakigu elektragailuok salduko diren baina hizkion kartelteria nabarmena da nonahi.
Ia zuhaitzik gabeko lautada; ordeka, eta ordekan tximiniak, dorre-orratz luzeak eta teiladun teilateria gorria: hori da gaur goizeko paisaia. Urruti ikusten genituen mendi-muinoetan sartu gara Mohelnice-n, goialdetan egin dugu bidea ondoren, gora eta behera bailaratxoak zeharkatuz, mendi-kaskoz mendi-kasko, bailaratxoz bailaratxo, ibili atseginean. Ugariak dira baratzak: gure Etxarriko etxaurreko patata sailaz gogoratu gara, baita etxean utzi genituen zuhaixkez ere, orain arte itobeharrean egongo ziren hemendik aurrera berriz egarriz.
Errepide zaindua dugu jadanik tarte luzeetan. Tantai lerdeneko pagadi basoa ikuskizun.
Holandarra da karabanarekin dabilen oro; matrikulari antzik ere ateratzen ez dioten bakarrak gu gara. Binaka dabiltza holandar karabana gehienak, elkarren anparoan edo. Gaur ere auto poloniarrak gurutzatzen ditugu maiz, atoian auto hondatuak edo auto karkasak daramatzatela: negozio sendoa behar du izan, auto asko ikusten baita; garraio autoteria trinkoa duen zerbait antolatua da.
Mon Trebovà, herri handia da: eliza handia, tximinia luzea eta teilateria zabala da errepide gaintxotik dakusaguna.
Kamioiak, furgoneta zamatuak, kamioneta nekearen eraginez geldoak, skoda zaharretako baserritar gidariak, adabakiak ere zaharrak dituen antzinako errepidea, tarteka sega-makinak noiznahi... bidaia geldia da gaurkoa.
Svitavy, herriak ez dakigu zer izanen, baina zerbait ponposoa iragartzen du errepide bazterreko kartel handi urdin batek.
Amaierarik ikusten ez zaion zeru-marrarainoko lautadan sartu gara berriro. Noizbehinka tripode gaineko gailuekin sestra neurtzaileak: seinale txarra, eginen duten astakeriaren baten iragarleak dira. Euren berezitasuna galdu gabe Europa Batuarekin edo Mendebalarekin nahiko homologatuak dituzte errepide-iragarkiak. Holice-tik hur, belarra ebakitzen ari den traktorearen ingurumarian hegaberak berriz ere: lur hezeak dira hauek nonbait.
Holize. Herri prestu txukuna, kolorezko etxetxoekin.
Tabernan sartzen da jendea bazkalorduan eta bere "pivo"a edaten du, lagunekin mahaian edo mostradoreko bakardadean. Garagardo asko edaten da: ez da ba izango edanarekin, mozkortuz, kontentarazi eta isilarazi nahi duela herria gobernuak; 10 koroa besterik ez du balio litro erdiko pitxarrak, guretzako merkea baina beraientzat ere bai nonbait. Izan dugu kanpinean bisitari bat garagardotarako dirua eske.
Baba beltz sail zabala, ortu-sail zabalagoak ondoren, mila ortuari ezberdinekin. Nafarroako ureztatze parrastada luzeek freskatzen dute animoa eguerdi beroan.
Unleituna dela-eta herritxoetan zehar ibiltzea tokatu zaigu: oso herri txukunak dira.
Pardubice. Laku baten ondoan.
Txirrindulariak ematen dute atentzioa, deigarri gertatzen dira, hainbat jende baitabil txirrinduetan bai kaleetan bai plazan.
Pernstynske. Plaza, oso zabala izateaz gain udaletxe bizia, argia, liraina eta dotorea du albo batean, baita plaza edertzen duen etxe ederrik ere: ez du autorik ez zuhaitzik, beraz handiagoa, zabalagoa eta eraikuntzen eraginez ederragoa azaltzen da. Errepublika plazak, ostera, antzoki polita eta eliza teilatu-dorre zorrotz deigarria dituen arren ez du nortasunik, eraikuntza berriz bilduta eta trafikoan murgilduta: pasaleku da pausaleku ordez, topaleku ordez aurrera-leku. Bada dorre karratu zahar bat, dorre luzea zaiola gandor eta 8 dorretxo berde apaingarri: plaza bien arteko pasabidea da azpiko arkupea. Zameka berrikuntza lanetan dago, argia eta ederra utzi diote kanpoaldea: hainbat ate, harresi eta sarrerako zubi luze batez babestua; bikoitz berezia da delako zubia, baina bere garaian hirukoitza izanen zen. Etxeak zein kaletxo edo bazterrak ez dira banan-banan begiratuz zoragarriak, baina oso ikuspen ederra sortzen dute ikuspegi zabal batean.
Elba ibaia ber-bertan doan arren ez du herrian eragin edo presentziarik, zenbait gazteria badabil ere kanoaz kanalean.
Azoka txikia, amaierarik gabeko salmahai ilarez zabal luzea. Ekialde jatorriko saltzaileak nabarmentzen dira asko direlako: badu mafiak maneiatzen duen taxua, esplotatuak liratekeen itxura dute saltzaileotako askok, gureetako hainbat kinkila saltzailek bezala.
Jelatu denda gutxi dago: txanda egin behar dugu, ilaran itxoinez.
Museo batean ere aurkitzea zaila litzaken tramankuluarekin dabil nekazari bat belarra azpikozgoratzen: hegal batzuekin belarra astintzen duen zaldiek tiratutako bi metroko gurpildun trastea. Herritxo bateko plazan ama batek, bi neskatotxo lagun, eskuarez egiten zuen lan bera. Beste emakume nagusi bat berriz bizikletan zihoan zelaira eskuarea aldean, girtena zabal albo batera. Gazte batek ostera gurditxoa belarrez izugarri zamatuta zeraman etxera. Arratseko belar-batze lanak, egun beroaz profitatuz.
Hosni Reyice edo izen antzerako herriko eliza ondoan bada zurezko kaperatxoa, teilatu zorrotz zaharrez ilun batekin.
235 kilometro, mendixka eta bailaratxoz beste bailara zabal batera ekarri gaituztenak.
Kanpina. Behar baino bost egun lehenago etorri gara: udaberrirako berritze eta txukuntze lanak bukatzean atsegina eta distiratsua egonen da.
Harrerako ordenagailuaren programak ez du aurreikusita espainiarrik etorriko denik: ez du E hizkia onartzen, beraz D jarri digute, alemaniarrak izanen gara hiru egunez kanpin honetan.
Izugarria da zozoen elkarrekiko lehia edo deien hotsa; kukua sartzen da tarteka txori-kantu sinfonian; ez dago munduan horrelako kontzerturik; harrigarria. Agian mila tragedia dago txorrotxio eta fiu guztien atzean.
Eguzkia ia zuhaitz adarretan zegoela sartu da gizon bat lakuko uretan; uhintxoen bristada artean borobiltxo ia ikusezin bihurtu zaio burua, erdigune iluna ispilu gorri distiratsuan; eguzki izpien lerro magikoa hosto artean galtzean ezabatu zait une errepika ezina.
Usaindu egiten dugu Praga, bera ikusteko irrikaz bezala.
Eki Bohemian gaude.
Ekainaren 12a. Osteguna. 39.a-Tx:11.a
Bada gu baino pasokoagorik Txekian zein Eslovakian dabilen turisten artean; gau baterako presatiak dira gehienak, gau bateko pausaldia egiten duten pasoko txoriak: guk hiruzpalau egun egiten ditugu behintzat.
Atzo gaueko zozoen arteko buruzagitza edo amodio lehiako txistu zorrotz hotsen ordez, txori txikien txorrotxioa ozentzen da gaur goizez. Ia erabateko isiltasunean txori bakoitzaren joa eta bestearen erantzuna bereizi, txorrot hotsa binaka edo bikoteka belarriz antzeman, bikote ezberdinak sailkatu, kadentzia, erritmoa eta tartea neurtu, hori da goizeko jolas eder patxaragarria lakuko ahateak edo txalupetako kanabera luzedun peskari kulunkariak ikuspegi direla.
Herritxo askok galtzadarriz egina du herri barruko errepide tartea. Oso trinkoa da herritxoen arteko errepide sarea, zoru asfaltatuko zoru onekoa. Erabat atsegina da herritxoz herritxo ibili patxadatsua, noizbehinka bidegurutzeren batetan ernegatzen badugu ere, ez baitatoz beti ados hemengo bide eta herri iragarpenak gure ohiturekin.
Opocno. Herri koskortua; azpimarratzeko ditu plaza zabala, gaur goizez azoka txikiko salmahaiz betea, etxe politak, eta laku bat oso gertu.
Dobruska. Aurreko hiriaren antzerakoa, eguzki-erlojua du elizako horman.
Izeidi basoxkak muinoetan; errepidez zeharkatzen ditugu.
Novè Mesto nad Metuji. Alde batetik azpiko sakaneko ibaia hesi naturaltzat duen tontor batetako herri zaharra da bisitatu beharrezkoa; herri osoa, zabala, zeharkatu dugu guk oinez zaharraren bila. Alde Zaharra: plaza bat da alde zaharra, betiko osagaiez taxutua, zabala, erakargarria; sendotasuna ematen dion ganga kurbatu baxuko arkupe oso zabalak inguratzen du, arkupetan plazara so zerbait hartzeko aukera, eta antzinako zenbait denda; etxe errenazentistak, xumeak, xarmantak batzuk, gandor politekoak besteak, denak kolore ezberdinekoak; zamek, dorre borobila: egun egosian ere gustura paseatzeko plaza, tamalez autoen pasabide ere bada; baditu harrian zizelatutako halako bikote xelebre xarmantak. Eliza, ez dago alarmarik, ez kristalezko ate hertsirik, ez baitago zer osturik ere.
Arkupetako farol gainetan egin dituzte habiak enarek, herriari osagai berri bat emanez.
Ganga kurbatuak dituzte barruan etxeek, arkupekoek bezalatsu.
Ume taldeak aurkitzen ditugu herri orotan, bere irakasleak lagun edo zaintzaile: heziketa barruan urtean zehar normalki eta sarri plangintzan erabakita egiten den irteera ote, ala ikasturte bukaeran ohizkoa, betikoa eta denekoa den txangoa?.
Pelikula amerikarrak iragartzen dira hirietako zinema, karteltegi zein bideo-dendetan, betiko aktore-aktoresa ezagunekin. Europartu dira, kapitalismoaren bentosak itsatsi zaizkie.
Noizkoa da merkatu txikia Txekian?, politika aldaketaren ondorengoa ote, salgai merkeekin Mendebalarekin parekatzeko herriaren egarria asetzeko?, ala premiak asetzeko baliabidea soilik?. Mendebaleko gai guztiak eta marka guztiak ikus daitezke salgai bestelako dendetan; erosi ez dakigu nork erosi ditzaken, ezta zenbateraino erosten diren.
Juan Nepomuzeno Saindua, bide eta herri sarrera oroko agerpena.
Nachod. Plaza da herriko erdigune, autoen aparkaleku eta pasabidea. Gaztelua du eraikuntza nagusia mendi gaineko erraldoitasunetik ez dakit herria babestu ala mehatxatuz. Eliza berriz plaza erdian kokatua dago, eguneratua, gaurkotua, bere bi erlojuetako batek neguko ordua esaten du, udakoa besteak, batek ere ez eguzkiarena. Udaletxea benetan deigarria da, urre koloreko gizaki irudi eta metal berdeko dorre karratuaz gain buelta osoko ikusmirarako balkoi korrituarekin.
Laku zabala hiriaren alde batean bertan: lautadako zulogunetan biltzen dira negu-urak beste isurbiderik ezean.
Plaza da herri gehienetan turistaren interesgune nagusia, ia bakarra, hor baitaude bilduta herriko bitxikeria nagusiak edo hor bildu baitziren indar nagusiak eraikuntzetan beraien boterea eta nagusitasuna erakutsiz.
Goilautadan egin dugu bidea, baserri-etxe eta herri txikitxoak bertatik ikusiz, herri horietako asko barnetik zeharkatuz: txukunak dira, inola ez dotoreak, ez dute apaindurarik. Ez dugu tximiniarik ikusten, bitxia egiten zaigu.
Oso garatua du Txekiak errepide sarea; ez da oraingoa, ez da azken urteotako berria, hainbat zertzeladak, muinoek esaterako, erakusten dute antzinako errepide-sarea dela.
Kuks. Azpeitiko Loiola santutegia eta basilika dirudi: bere kupula borobila, mailadiko irudiak... Eraikin honek ia 40 irudi ditu, gehienak erreskadan aurreko plazatxoan: hau ez da, baina, santutegia, hau eraikuntza laikoa da: konde jaunak bere lurraldeetako ur sendagarriak sozializatze asmoz eraiki zuen bainuetxe sendo garaia. Horrez gain herri txikitxo bat besterik ez da, oraindik hitsagoa egiten dute hondatutako bainuetxe garaiko hondakinek.
Stanovice.
Belar lehorra iraultzeko burdinazko tramankulu bitxia ikusi dugu: bere garaian aurrerapen izugarria izanen zen, gaur egun museorako tresna miresgarria; oraindik lanean dirau, gaur egun traktorez tiratuta.
Betlen. Mirari bat bezala, nahiko hondatuak jadanik, mendiko haitzetan zizelaturik, basoan, han diraute 9 irudi erraldoik, kondearen basoko pasealekua omen zena dotoretuz. Omako pinu pintatu bitxien aurretik zeuden hemen harkaitz zizelatuok baso galdu batean.
Bide bazterreko belarra ere ebaki eta jasotzen dute hemen baserritarrek: garia da nagusi, baina belarra ere beharrezkoa zaie eta urri dute nonbait.
Granja izugarri erraldoia, usaiaren arabera txerriena.
Josejof. Errepidetik ikusi ahal dira gotorleku bateko adreiluzko harresiak: 42 mila guda-preso gorde omen zituzten bertan Lehenengo Mundu-Gerra ondoren; gaur egun ilara luzeetako etxe hori pila ikusten da: agian errepideak berak ere erditik gurutzatzen du gotorlekua.
159 kilometro nekazari herrietan.
Ekainaren 13a. Ostirala. 40.a-Tx:12.a
Hradec Kralove. Hiri handia, bizia, jendearen harat-honat handikoa, baina bai alde zaharrak bai berriak hiri zaindu gabearen itxura du, industria hiriaren jitea, tximinia larregirik nabarmentzen ez bazaio ere. Plaza du Alde Zaharraren bihotz: luzea, triangelu formakoa, grazia gutxikoa, oso-osoan aparkaleku bihurtuta, beste ezertarako gune ez dela, arkupeak dendateriarentzako ez bada; zahar baldarra, dena da hondar eta hauts; Txekiako plaza ororen osagaiak ditu baina ez diote distirarik ematen, ez dute eder egiten; Plaza barruan daude, katedrala eta zamek-dorrea, oso ertzean bada ere; plazan dago udaletxea ere, osteko plaza-zatia nolabait plaza baino kalea delarik; katedralaren absidea dago plaza aldera eraikia, ezohizko eran auskalo zergatik; ikastetxea zuten plazan bertan jesuitek: eraikuntza berritzen ari dira baina eliza martxan dago, itxita alajaina: buelta osoko balkoidun koru barrokoa du. Katedrala: badira bi triptiko eder, erlikitegi den orratz gotiko polikromatua eta jauntxoen balkonada presbiterioan; argazkiek diotenez, hemen ego zen ez dakit noizko bidaia batean Aita Sainduak erabili zuen gotzainaren zeremonia-aulki dotorea: "cojonian tuam el Obispo y el Papa, Aita Sainduaren panderoa eta Gotzainaren ipurmasailak ez dituk edozerekin konformatzen”.
Labe deitzen da txekieraz Dresden zabal eta zama-ontzien garraiobide ezagutu genuen Elba ibaia; urez urri eta lekuz estu doa hemen, hiriak harrizko hormaz eta fabrika batek presaz eta konportaz hesiz handi itxura badamaiote ere; Orlice ibaiaren urak elkartzen zaizkio hirian bertan, ibai bien ur zikinen elkarguneak dute agian grazia edo gatz apurra, elkarguneko marra alegia, baina zementuzko zubiak jaten dio duen erakargarritasun pitina. Ibai bien arteko parkea, hori bai bada ibilbide atsegina; hemen jarri zuten, ederrago baino politago egiteko, Eslovakian bere tokitik ebatsi zuten Mikulas zurezko elizatxoa.
Boligrafo kaskar bat aurkitu dut belartzan, oroigarri bezala jaso dut. Patxi Zabaletaren "Dena dela, dena da" jarraiki: Hradec Kralove-k ez du besterik turista eta bisitari urrientzat.
Ezkontza eguna H. Kraloven: goizerditik gutxienez arratsaldeko orduak arte, bata bestearen ondoren, txanda-edo gordez, zain daude bikoteak lagunartearekin aurrekoa noiz aterako, udaletxe inguruko eraikuntza baten aurrean. Ez zaie falta dotoretasuna ezkongaiei, ezta ahalegintxoa laguntzaileei ere, bai janzkeran bai ibileran bai portaeran baserritarra dela igartzen bazaio ere bati baino gehiagori. Bazen motor gaineko kapotan ezkonberri taxuko kopina zeramanik ere. Zinta luzez dotoretzen dituzte ezkontza autoak.
Maria Luisarentzat narruzko txamarra erosi dugu, Txekian eta hemen aurkitu du hainbat lekutan eta hain luzez bila ibilitako gustuko txamarra.
Bazkaldu dugun jatetxean ikusi dugunez, solas zaleak dirudite txekiarrek, garagardo basoaren inguruan kontu-kontatze eten gabean orduak luzatzekoak. Italian izozkiez bezala “pivo”z zaletu behar dugu Txekian: ze gustagarria litro erdiko garagardo pitxarra.
Txekian ere ondo lotzen dituzte bizikletak.
Eraikuntza handi eta dotoreak jasotzen dituzte; herritxoek, berriz, txikiak eta xumeak dira: beti ondo-biziak, beti aberatsak edo aberatsagoak, boterea erakutsi beharrak eraginda beti.
Beroak atera ditu berna eta izterrak Ekaineko eguzkira.
45 kilometro patxadakoak.
Aberastu gara diruz banketxean, hornitu gara janariz, larruzko txamarraz birjantzi, baita boligrafo berriz armatu ere.
Laku alboko iluntzea, bidaia honetako esperientzia berria: bakoitza duenaz baliatzen denez, dagoenera moldatzen, zikin plantako lakuko uretan bainatzen gara kanpinekook. Laku ertzeko pinu artean estalki gabeko aldagelak asmatu zituena ez zen jabetu mutiko bihurriak arrametara igoko zirela neskatoei ahal zutena behintzat ikusteko. Iragan gizaldikoa da lakutxoan dabilen "pedaloia".
Ilunabarreko azken argian txoriek badute mezua bereziren bat batak bestearentzako: nahiz egunez bezain ozen ez, txio luzeak jotzen dituzte harrigarrizko kontzertua harmonizatuz.
Ahatek, ilara luzean lerrokatuta batzuk, binaka besteak, bakarti beste batzuk, ateratzen dira laku erdira eguneko gordelekutik ur-gaina ia ukituzko hegazkada bizkorrean. Baina ez dugu ezagutu hegaztien ilunabar eta egunsentiko erritorik.
Gizakiek ere giro berezia bizi dute ostiral ilunabarreko lasaitasunean, egun bero eta aste lanpetuaren ondoren: batzuk zaratatsu bere etxatoi aurreko egonean, lasaitasun isilean besteak, baita norbaitzuk laku erdiko bateltxo geldian ere.
Arrautzatxoa den etxatoian heldu dira gure auzora aitona-amonak bi ilobatxorekin: sua egin dute eta bi mutikoek erre dute bakoitzak bere lukainka egur luzexka batean itsatsita, laku ertzeko patxada isilean. Auzoko beste bi ume ere elkartu zaizkie. Su zaleak dira txekiarrak: leku aproposak dituzte zenbait kanpinetan, sua pizteko burdinazko ontziak daude beste zenbaitetan, lur gorrian sua egin den arrasto aunitz ere badago: bohemiar ala hungariar etorkinen ohitura, indar atabikoa edo batetik bestera zebiltzan garaiko eragina, edo oroitzapen inkontzientea ote?. Txikiak dira Txekiako suok, Eslovakiakoak, aldiz, su itzelak ziren.
Arzallusen kontraesanetan murgilduta bizi dira lakuko moskitoak: nahiago dute Ruizen ORh-a Etxaberen ez dakit A edo zein letrako positiboa den odola baino: ideala pentsuaren truke.
Ze nolako gau berandura artekoak txekiarrak ere garagardoz bustitako ostiral gauetan.
Ilargi goranzko laurdenak ematen dio sorgindu ukitua lakuaren xarmaz lurrindutako ostiral gaueko jai-giro baikorrari: marmarra, irria, parra edo algara airean, silueta soilak dira arbolak. Gaur gauez ezin esan bizitza Juanjok dioen "mordoilo itsua" denik.
BIDAIAK 97
Ekainaren 7a. Larunbata. 34.a-Ek:8.a
Juanjo: "Norbera ez da gai serioa". Gehienetan ordea, agian zeharka edo inkontzienteki, norberez eta norbere gauzez ari gara gehienok. Gure jarduna, beraz, ez da serioa.
Hilabete atera ginenetik, gaurkoa dugu lehenen euri-eguna.
Spiiske Podhraie. Zaharra, tontorreko haitz puntan hondatutako gaztelu erraldoia ikusten zaiola urrutian; gaintxoan dagoen aldaz beherako kale bakarreko hiribildu luzea da, etxe ederrak ditu, eraikin zaharrak, ez dirudi bertan inor bizi denik: lehengo berean dago kalea, ez dago gaurkora hirituta.
Spis etxeak ikustera etorri gara eta suertez apaiza, gaztetxoa gaurkoa, bertan suertatu zaigulako eliza ere ikusi ahal izan dugu: sekulakoa da aldare nagusiko erretaula-triptikoa, ikustekoa ere alboko hainbat aldaretakoak: Erdi Arokoak nola ez; horrez gain zurezko armarri tailatuak, hilobien marmol gorrizko estaldura erraldoiak jauntxoen iruditzar zizelatuekin, banku multzo landua, presbiterioko ganga pintatua eta organoa.
Errepikatu egiten dira elizetako osagai gehienak baina eliza bakoitza da harridura sortaraztekoa; errepikagarria arren, asperdura ordez harridura izugarria sortzen du eliza honek ere.
Bide ezohizkotik doa gaurko bidaia, mendi barruko bailara nagusitik at: zeharkatu egiten ditugu herri eta herrixkak, saihestu gabe; errotuta dago hemen ere zonalde batzuetan txabolismoa, nabarmen errotuta, egon ere; zonalde pobrea dirudi, etxe eta etxe-inguruek, baina batez ere biztanleen itxurak, erakusten dute hori: etorkina uste dugun jendea da ikusten duguna: beltzaranak, ijito itxurakoak, hungariar edo errumaniarrak; gainera gaurko egun goibel euritsuak histu egiten du sentipena. Etxe blokeak ere tristeagoak dira eguraldi honekin. Ibai zabala ere gorri edo lur kolorekoa dator: euri asko egin du nonbait, baina nik kutsaduragatik ote den susmoa dut. Egunotako paisaia fisikoa ez zaigu aldatu, paisaia humanoa da aldatu dena: etorkina, txabola, gizarte pobreagoa, behartsuagoa, miseria hurretik bizi duenaren tankerakoa, bizitzeak berak nahikoa lan ematen diona. Lurralde eta gizarte pobrean babestu dira etorkinak eta pobreak hemengo gizartean ere. Mendiarteko zonalde bakarti baztertu pobre honetan txabola eta ahal duen bezala bizi dela dirudien jendea ikusten dugu. Skoda zaharrak dira autoak ere, ez da ia auto berririk ikusten herri hazien inguruan ez bada.
Errazago kokatzen da nonbait etorkina zonalde pobreetan: solidaritate handiagoa dago pobrezia konpartitzeko aberastasuna banatzeko baino; zonalde aberatsek mila eratako bi mila trikimailu ezberdin dute pobreak ingurutik bidaltzeko: pobreak itxura txarra ematen du, pobrea ez da gustuko ikuskizuna aberatsen inguruan, bere paisaia desitxuratzen du; bidali, bota, baztertu, egiten du pobrea zonalde aberatsak edo aberatsagoak, era guztietako sasi arrazoiak bilatzen dira horretarako; etorkinak zatar egiten du txoko txukunetan, etorkinak traba egiten digu guk egin nahi ez ditugun zereginak betetzeko ez bada. Azkenez, pobreagoa pobrearen ingurura hurreratzen da. Bai nazioartean, bai nazio barruan, bai herrietan, bai herri arteko mailan, bai giza taldeetan ere.
Bailaraz aldatu gara.
Ibaia baino gehiago laku luzea dirudienaren alboetan erruz dago peskaria ahal duten bezala euritik babestuz, batzuk kanpin-dendatxo eta guzti; sua ere egina dute talde askok. Mendiarteko zonaldea da, tarteka tximinia luzerik ikusten bada ere; nekazari lurra behar du izan, lur gutxiren jabetzako nekazari lurraldea, mendiarteko bailara estua baita; maldetan dauden zelaitxoak ezik ez da ageri beste lur erabilirik.
Herri orotan dager futbol zelaia hemen ere, Eslovakia osoan bezala: horiek dira lurralde honetako belar-sail karratu bakarrak.
Gizon koadrila zebilen eliza pintatzen herri batean.
Buruzapi, amantal-soineko estanpatu eta sport galtzerdi luzeekin jarraitzen dute amonatxoek. Bailara berri honetako herriak, sinpleak izanik ere, dotoreak ikusten dira aurreko txabolen ondoan: dena da erlatiboa.
Aldats luzea igo behar izan dugu beste aldea hartzeko mendilerroari, Eslovakian igotzen dugun bigarren aldatsa. Artalde handia zabal belartzan eta beste bi artalde aurreko magalean itxituran gordeta. Dena da belarra eta basoa: beste Eslovakia bat dugu hau, aurreko lautadakotik arras ezberdina; izeidia, haritza, pagoa, haltza eta beste hainbat zuhaitz mota. Gora helduta, urrutietan galtzen da basoa, tontorrik tontor, gainez gain, lurralde izugarri zabala betez; txankameheak dira zuhaitzok, gazteak nonbait. Goitik begiek urrutietako ortziraino hartzen duten zabalean dena da baso, mendi kate edo mendi multzoa, agian Karpatoak dira. Arnas berritzeko birika berde asko gelditzen zaio oraindik Europari. Oraingoz.
Berritu eta garbitu egiten du aire kutsatua naturak, baina gizarteak ikuzi ahal izango ote du politikoek giltzaperatutako mundua askatasunean bizi ahal izateko?.
Tren zahar bat dabil lurrin-makinak eramana: seguru aski Kosice-ko herritargoa mendirantz erakartzeko turismo-antolaketa bat da.
Kosice. Tranbia du: seinale ona, sentipen baikorra sortarazten dio bisitari honi. Dena dago txukuna, garbia, zaindua. Ez du atertzen, baina ez dugu etsi, hor gabiltza guardasolpean kaleotan, hiriak merezi du eta. Kale luze oso zabala da batez ere Alde Zaharra, erabat zabalagoa erdi aldera, non plaza gauzatzen den, zonalde guztietako osagai berdinez antolatuta: eraikuntza handi errenazentista, dorre karratua, eta alboak kapera duen koloreetako teilaz marraztutako teilatu biziko eta orratz gotiko zein urrez dotoretutako dorre borobileko katedral tzarra. Bada hirian beste eraikuntza ederrik, baina batez ere etxe baxu kolore ezberdineko atseginek osatzen dituzte kaleak. Etxe-barru zabalak ikus daitezke arkupe eta portale luzeetatik: patio zabaleko osteak dituzte etxeek.
Katedrala: berritze edo garbitze lanetan dago kanpotik; sartu egin behar da, merezi du; irudi zizelatuzko ate ederra sarreran eta ohiko osagaiak barnean: atzealdetik ere pintatutako erretaula-triptiko txundigarriak, korura igotzeko Kristo handi bat duen ezohizko eskailera gotikoa, erlikitegia den orratz gotikoa, gotzain-jarleku tailatua, filigranez osaturiko pulpitu paregabea, brontzezko bataiarri gotikoa estalkia goitikako mekanismo batez jasotzen zaiona, freskoak horma batean, bankuteria tailatua...; hortaz aparte taila pila, Amabirjinaren medailoia gurutzadura erdian zintzilikatuta; marmolezko plakatxo ugariak irudi batzuen inguruan mesederen batengatik eskerrak emanez edo, lau hilotz erraldoi gordetzen dituen kripta -auskalo norenak, lehen ikusi ditugun etorkinen familiakoenak ez behintzat-. Begien gozamena, baita espirituarena ere.
Izugarrizko joera du herriak saltegi erraldoietara: lepo dago bat kale nagusian bertan; bestelako denda gehienak itxita badaude ere, zabalik dago gure megadenda larunbatean: handiak txikia irensten du hemen ere. Kosice zaharrak ere etxetzarrez eginiko harresi izugarria du inguru osoan, badirudi herri modernoen harresiak direla etxetzarrok.
Gizon batek esku-keinuz mutiko bati kontuz ibiltzeko nabarmenki azaldu dionean jabetu gara saltokiko sarreran beti inguruan zebilkigun gazteak, gehi beste hiruk, inguratuak eta jarraituak ginela, gure axolagabetasunean poltsa ateratzeko asmo garbiz. Arretatsu jarri garenean, zapladaka eraso du mutil koskorra koadrilako buruak, erbia jasoz poltsa lortzeko aukera galarazi dielako.
Ordekan gara berriz ere, mendiak hurrean dakusagula.
Gureetakoen taxu berdinean egindako belar metak, hauek, baina, txikiak dira, haien seme edo familia berdineko nanoak.
Presov. Aterrunerik ez dagoenez, atera ere ez gara egin autotik; arimarik ere ez dabil kalean, bakarren bat arkupe batean gordeta, inortxo ere ez gehiago. Dena dago hila arratsaldeko hiruretan. Autoz eman diogu itzuli bat hiriari; gurpil gaineko paseoa, oroitzapenerako argazkia ere autotik atera diogu eliza-dorreari. Betiko egitura du hiriak, egunotan ohizkoak zaizkigun osagaiak: plaza, kale nagusia, eliza, etxe eder batzuk...; badu bere saltegi handia ere. Berrikuntza lanek harrotuta daukate kale nagusiaren zoru erdia. Egun busti hau ez suertatzera atsegina zatekeen kaleen barna izozki bat gozatzea.
Antzinako autoetan atera dira errepidera ibili lasaian ez dakigu nora igandezaleak.
Dado erraldoi itxurakoak dira etxetxoak, ez zaie ageri teilatu pikerik, zabaltza dute nonbait estaldura.
158 kilometro, garbitu ordez autoa zikinago utzi digun euripean.
Herriko talde handia egon da gaur kanpinean egun-pasako festan, pertz erraldoietan egin dute bazkaria, jolasak egon dira, dantza egin dute eta oholezko gaztelu antzerako su garai bitxia eginez bukatu dute: ekimen handiko herritargoa dirudi.
Beti dago edo dabil norbait zurezko etxoletara datorrena, egun bat edo asteburua igarotzera, bertakoak dira; etxatoi edo kanpadendarik ez dago: etxola kultura edo zaletasuna nagusitzen da nonbait, edo diru ahalmenak ez du denda edo etxatoia erosteko haina ematen.
Ekainaren 8a. Igandea. 35.a-Ek:9.a/Tx:7.a
Kanpin honek ez du dutxatzerik izan Maria Luisarentzat, txakur asko baitago kanpinean eta inguruan. Ez da atera ere egin etxatoitik, txakurren beldur.
Oraindik abeslari utzi ditugu kanpinean gau guztikoa egin duten mozkorriloak.
Bada kanpinetan su handia egiteko ohitura: alboan su-egurra pilatuta duten su-leku aproposak daude han-hemenka; bertan ez egotera, alboko basotik ekartzen dute su-egurra.
Nazioz ere aldatsen dugu gaur. Polonia dugu helburu
Elizara doa jendea, gaztea ere, jaiko mezara, pasa dugun hainbat herritan; izan dira ere elizako liburu eta guzti zihoazen emakumeak.
Zur berrikoak dira herri-sarreran errepide ertzeko hainbat gurutze: egoera politikoa aldatu ondorengoak nonbait: izanen zen, da, borroka ideologikoaren bat, bai lehen bai orain. Nork egin ote du presio gehiago, elizak garai orotan herria elizara joan zedin, ala aginte komunistak kristauak elizara joan ez zitezen?. Apaizen boterea eta inposaketa ezagutu baitugu, kosta egiten zait sinestea elizaren inposaketa eta kontrola bigunagoa izan zenik komunistena baino.
Herri ugaria biltzen da laku inguruetan, hori da askoren asteburu-pasa. Poloniako mugetara eginaz, gorriz pintatuta daude teilatuetako latorri asko, ugariak dira zuriz pintatutako hormak ere, zarpeatu masa kolorea bere horretan utzi gabe: atsegina da kontrastea, alaiagoak dira etxeok. Agian ez dago lur egokirik teilagintzarako, edo merkeagoa da latorria. Herri askotan dago dorretxo karratu txaparro sendoa, ezin zaie teilaturik ikusi ahal, amaiera farfaila dirudien hormatxoz luzatzen baita horma.
Zikoina, estilita bailitzan, zementuzko zutabe mehar baten gainean eginiko habia borobil zabalean: zikoina asko da hemen Europako goialdean ere. Banaka behi aldra asko da larrean: agian iaz Alemanian ikusi genuen antzera, belarra moztu ondoren ateratzen dituzte larrera. Langarik gabe daude trenbide pasagune denak, argi piztu-emetatuzkoekin soilik iragarriz kontuzkoa.
Gaztetxoak dira soldadu denak: nahitaezko soldaduska ote?.
Etorkinak, igandeko lanik eza profitatuz, lepaka garraiatzen ari dira su-egurra etxera: gure haurtzaroan ere igandea baliatu behar izaten zuen aitak, larunbata ez baitzen jai; igandetan egin behar zen asterako egurra lapikoa berotu nahi bazen, apaiz eskuzabalaren baimenarekin, jakina.
Lainoek eragozten digute Tatra Mendiei agur egitea, magaletako izeidien belztura izango zaigu azken irudia: txapel zuria jarrita baino artilezko tapakia du botata gainean mendilerro osoak. Polita da mugara errepidea, izei artean, errekastoa lagun, belarra zabalgunetan.
Zdiar eta muga aurreko herritxoak askoz dotoreagoak dira, uda-pasako etxetxoak dira agian herriotakook, edo asteburu pasakoak neguan: berriak, pintatuak, etxe zaharrak batzuk, zurezkoak ere bai, denak zainduak eta txukunak. Gasolindegian geratu garen batean, harro jarri zaigu bertako jantzitako mutikoa mesetatik etxerakoan argazkia ateratzeko baimena eskatuzko keinua egin diodanean.
Azkenez bere aurpegi elurtua erakutsi nahi izan digute ia mugan bertan Tatra Mendiek: Polonia aldetik multzo handia besterik ez dira mendiok Propad bailaratik aurpegi luzexka soilik ikusten bagenien ere.
Menditik doa Poloniara errepidea, paisaia ederrean, Tatra Mendiak begirale izei arteko zabalgunetan: paisaia idilikoa paseko bidaiariarentzat. Urria da trafikoa. Zurezkoak dira muga inguruan ere iragarpen-aterpeak, Tatra Mendien azpialdeko lurralde orotan dira horrelakoak nonbait: politak, berdin-berdin ebakitako adar gainean jarritakoak. Atsegina da Eslovakiari ematen diogun azken agurra, pasa ditugun egunen oroimenagatik eta azken paisaia ikusgarriagatik.
POLONIA
Nire buru arolak okerreko karta berdea hatu zuen Etxarrin, aurreko autoarena alegia, gaurkoarena ordez. Gure pasaportea ez da nahikoa, berea behar du autoak ere. Polizi poloniarrek ez digu utzi, beraz, mugako marratxotik aurrera egiten. Gizakia baino tentelagorik!!!. Mugak zaindu beharra, nazio nortasunaren harrokeria soilagatik. Bata bestearen jarraian, marran bertan elkarri lotuak zeuden bi naziotako etxolak, beraz gehienez metro bat egin dute nire oinek Poloniako lurretan. Eta buelta emateko zabalera apurra izan dute autoak eta etxatoiak.
ESLOVAKIA
Berrantolatu dugu bidaia: ez dago galerarik gerora ezarritako gehigarria baitzen Poloniakoa, baina min goria dagit hutsak. Hara non aurrez eginiko bide bera egiten ari garen alderantzizko norabidean: itzulerako honetan gehiago nituen begiak errepideko galipotean alboko edertasun berdean baino, nire barne desorekatua barera ekarri beharrez.
Bide ezagunetik egin dugu itzulerako zati luze bat, Tatra Mendien oinetatik, ia magaleko behe aldetik; ez dabil jende zaparradarik, gainezka, turista-gune eta bisitariz lepo uste genuen zonaldean.
Strbske Pleso, aurreko ateraldi hartan ikusi ez genuen gunea izan daiteke: bizi-bizi dago, hemendik ateratzen direla dirudi mendizaleak tontorretara.
Familia osoa zen belar ebakitzen zebilena, bakoitza bere segarekin: belarra urri, agian dirua urriago, sega-makina erostea merezi ahal izateko.
Jaitsi gara bailarara, erruz dabil jendea jatetxe eta aisia gunetan; igandez, ugariagoak dira auto zaleak mendizaleak baino, Eslovakiako paraje honetan bederen. Bada jaialdiren bat: etengabeko ilarak eta multzoak doaz zuhaitz arte baterantz.
"Pozor" hitzak zer esan nahi duen zehazki jakin gabe goaz: kontuz, lanak, arriskua, poliki edo antzerako zerbait behar du izan esanahiak. Ez dugu argitu denean ageri den "West" hitzak zer esan nahi duen ere, berdin izan daiteke egunkari bat, tabako marka, edo auskalo zer.
Liptovsky Mikulas inguruetan, lakua uste genuen urtegi bazterrean, bazkaldu dugu, inguru politean; alboan hiru soldaduk eguzkia hartzen dute bere neskalagunekin, beste bi ere ikusi ditugu Kemarok-eko errepide bazterrean gurasoekin hamarretakoa egiten auto alboan: igandea, soldaduen baimen eguna.
Ezberdina da lurralde honetako belarra lehortzeko teknika: lurrean idortu ordez gaztelu edo piramidearen hezurdura egiten dute trabeska langatxoak dituzten lau hagaz, belar oraindik hezea jartzen dute delako piramide hezurduran; azpitik ere haizea sartzen zaio eta lehortzea errazten: eguzki gutxiko paraje umeleko asmakizuna. Ez dirudi belarra negu guztirako metatzen dutenik, gureetan belar lehortua metatzen zen bezala, belar-zulorik ere ez da, beraz ganbaretan gordetzen dute. Belar sailak, nolanahi, txikiak dira. Baratz alboko belarrak jarri ditu batek lehortzen lurrean zut tinkatutako adar abartsu batean; ez du nonbait belar gehiegirik. Herri bakoitzak bere kultura, bere arazo eta premientzako irtenbide-asmamena, herri jakinduria.
Fabrikatzar bateko tximinia luzeak keetan, ez dugu paper-fabrika den zalantzarik: Durangokoaren kirats berdina botatzen du, ibaia ere zikin doa aparrik ez badu ere; etxe politeko oinezkoen kalea ikusten zaion Ruzomberok herri zabaletik 500 metrotara kokatua dago fabrika; Durangok bezalako ondorioak jasango ditu herri honek ere!.
Svolen-go kanpinean gurekin batera zen karabana-rallya holandarrarekin gurutzatu gara, kilometro luzez; bat orain, bi gero eta beste bat geroago, errepidean sakabanatuta datoz; norabide ezberdinetatik jomuga berdinetara gabiltza nonbait. Igandezaleak ditugu gaur aurkari bidaia luze honetan: beti dugu Skoda bakarren bat aurrean, jendez beteta, ibili lasaian, aurreratu duzuna beti aurrean bazenu bezala; gaur ez dugu trebezia erakustera edo abiaduraz gozatzera ateratako auto berridun erorik izan. Baina hara non bi motorista!!!. Ekainean ere Maiatzak dirau zonalde honetan: txikiagoak dira, Spis lurraldekoen antzerakoak. Bada teilazko teilaturik ere, latorri eta uralitazkoen proportzio antzerakoan.
Luze, ibaia lagun, mendiartea zeharkatu dugu; lurralde zabala agertu zaigu ondoren.
Martin: Eslovakiako hiriburu izateko Bratislavaren lehiakide izan zen iria. Industria hiria, etxe-bloke izugarriak eta tximiniak nabarmentzen zaizkio.
Lehen aipatu belarra lehortzeko teknika bera da zonalde honetakoa ere. Inguruko mendi oro da baso. Mendiarte estuan gara berriro ere, kilometro luzeetan, baso trinko hertsia dugu alde bietan. Trena gurutzatzen zaigu noizbehinka, gurekin daramagu trenbidea baso barreneko mendiarteko pasabidean. Mendi-zuloaren ertz bietan, sarrera-irteeraren behatoki, harkaitz punta-puntan zuten jauntxoek bere gaztelua ibaiaren erabilpena kontrolatzeko edo menperatzeko, agian zeregin bietarako: aspaldikoa da karta berdea.
Bailara berri bat.
Zilina: etxetzarrez eta tximiniez hesitua; hala beharko dute etxe eta tximiniok agian, baina begiei min damaie bailara berde honetan. Norbaitek lioke agian: "zein handia den gizona!!!". Bere zementuzko eraikuntzengatik nabarmentzen da urrutitik hiri handi oro. Zilinan bada obra erraldoiren bat: handia da lur mugimendua, zabalera ikaragarrian, herritarra erruz hurreratzen da lanok begiratu eta ikustera.
Erruz daramate militarren kamuflaje jantzia mutiko zibilek ere: gustukoa dute nonbait gerra. Borroka-kultura.
Ezpainetan musu ematen ikusi ditugu bi gizon mugara hurreratzean: errusiarrak dira, agian bertako ohitura ere bada gizonezkoak elkarri ezpainetan musu ematea.
Mugatik gertu, mendiartean gara berriz. Mendietan edo mendi osteetan daude nazioarteko mugak, ez lautadetan; mendia edo ibaia dira izan defentsa naturalak, berezkoak, natura bera harresi bihurtuta.
Bukatu zaigu Eslovakia, mendi-zulo batean bukatu zaigu, mendi-zulo berean hasi zaigu Txekia ere. Bota egin bagintuzten Poloniako mugan, gelditu ere egin gabe pasa gara Txekiakoan. Muga honetako bi aldetako kontrol txabolek kilometroko bidea dute gutxienez bien tartean, Poloniakoan alde bietako morroiek elkarren ondoan zeuden, taula batez banaturik, elkarrekin kalakan bi mugazainak.
BIDAIAK 97
Ekainaren 4a. Asteazkena. 31.a – Ek:5.a
Txori txikien txinten sinfonian birigarro eta zozoak dira bakarlari apartak. Erruz dago txoria, belar ebaki berrian mokoka zein zuhaitzetan. Kokaleku idilikoa du kanpalekuak; eguzkia bera izugarri eder azaldu zaigu gaur, belar gainean etzanda epeletan gelditzeko tentaraziz. Baina bagoaz, beste zoko batzuk eta beste herri batzuen bila.
Antzinako gaztelua tontor gainean, teilatu arre eta horma zarpeatutako iluna, hitsa: beraz herrixka triste ilunak ez dira gaurkoak, azken politikagintzakoak soilik, aspaldikoak baizik, gaztelu hori bezain aspaldikoak.
Harrobi ilunak, iluna ere ateratzen den harea: hortik datorkie gristasuna eraikuntzoi; agian ez dago lur egokirik ere lurraldean teila gorriak egiteko, gureetako buztin gorririk alegia.
Errepide nagusitik kanpo egiten dugu ibilia; zoru ona erakusten du, agian Propad-erako bide aukeragarri ezberdin delako. Bideari ekin berri, mendi garai elurtuak dakusagu, han urrutira, Tirola bailitzan, Insbruck gogoraziz: Tatra Mendiak dira, -Propad gainetik ikusiko ditugu gerora, oso gertutik-. Errepide bazterreko belar ebaketak; nagusiak ari dira baratzok lantzen; ama batek umetxo txikia zuen alboan lurrean eserita. Fruta arbolak dira errepideko zedarri, hesi eta babes; baso diren mendiak ditugu hurrean zein alboan; betiko berrikuntza lanak, ilarak eta geldi guneak sortaraziz semaforoetan; urruti samarretik politak, hurretik baina goibelak xumeak sinpleak diren herrixkak; tximinia eta fabrikak herri koskortuetan; orain arteko paisaia bera da gaurko ibilbidea ere; urrutiko tontor garaiak eta elurra dira gaurko bidaian aldakuntza eta ikuskizun berriak.
Multzo hitsak baino etxe-bildu ilunak diren herrixkak: tarteka, herdoilduta dauden txapazko teilatuek zart eragiten die begiei; etxetxo bakarrak eta bakanak, hiruzpalau metroko tartea beraien artean, berdin ebakitako belarrez zainduta atariak eta alboak. Urriak dira telebista antenak herrixkotako teilatuetan, noizbehinka parabolikoaren bat balkoian eta antena bakanagoa teilatuan: ez dago agian errepikagailurik eta parabolikoez baliatu behar dira, agian Gobernuaren kontrolatu beharrak mugatzen du telebistaren hedapena, seguruenik ekoizleak ez dira jarri horretara oraindik, nork daki, agian autoena baino merkatu nahasiagoa eta zailagoa delako telebistarena. Herrixka orok du, baina, bozgorailu sarea kaleetan: beste politika kultura bateko jarraipena.
Herri hasi samartu orok du txabolatxoteria edo txaletxoteria inguruko mendixka magalean, baso ertzean, soildutako tarte batean, arbola artean sarri: aurrefabrikatuak, teilatu zorrotzekoak, estuak, txikiak, bata bestearengandik oso gertu, ia lurrik ere gabe, ingurua urbanizatu gabe, ez bide ez ezer; ez dakigu zein funtzio betetzen duten, ez norenak diren ez noiz erabiltzen dituzten, inor ez baitugu bertan ikusten; aro berri honetan bere asteburu eta uda txaletxoa nahiko luketen ondo-bizien ordezko engainagarriak ote diren gaude gu.
Gureetako jite, eragin eta gorpuzkera berdinarekin zorrozten dute sega nekazariek.
Atxagaren behi makaletariko bat ere izan dugu bidaiaren pizgarri, handi bezain lasai, errepide ertzean bertan etzanda, alboko granjatik ihes eginda, abentura bila, errepideko auto, autobus eta kamioiei jaramonik egin gabe.
Breznok etxe bloke handien ikuspegia eskaintzen dio bidaiariari; badu bere antzinako plaza ere; etorkin itxura du biztanleriaren erdiak.
Labe garai bat, zerratoki antzerako lantegi erraldoi bat, zenbait lantegi handi: elkarri galdetzen diogu zuzendaritza eta jabego publikoa ote duten ala jadanik pribatu bihurtu ote dituzten. Herri batean, garbi nabari da banatu egin dutela sailtxoka herritarren artean sail zabal bat: han dabiltza, helduak batez ere, bakoitza bere lur sailtxoan.
Nekazariak dira, batez ere, bere auto zaharrekin ikus daitezkeenak herri inguruetan.
Polomnika herritxo zabala da, zirrara eragiten dute etxetxoen teilatuek. Etxe-buelta txukuna dute.
Gaztelatik Euskal Herrira etorritako amonatxoa ikusi dugu, beltzez jantzita, buruzapi lotuarekin. Beste hainbat ikusiko dugu ondoren, eskualdeko amona denek baitaramate buruzapia.
Helpans. Euskal Herriko amonatxoa ikusi dugu buru zapi eta gona beltzarekin. Beste herritxo batean amonatxo seikotea zegoen, seiak beltzez jantzita baina batez ere bat, beltzez baina dotore eta berezi: hileta batetik zetorren plañidera edo hiletari taldearen istorioa asmatu dugu guk behingoan.
Zapadka.
Trenarekin parekatu gara, gu orduko 70 goaz, bera mantsoago; erdi hutsik doa. Trenbidea gurutzatu dugu hiruzpalau aldiz. Ikusten dugun lehenengo artaldea; txikiak, hile kizkurrekoak dira ardiak; artzainak ez zuen txakurrik. Brezno ondoren, Propad-era azken aukeratik aurrera, hondatuta dago errepidea: orain bai duela paraje honek duela 50 urteko Euskal Herriaren antza. Inortxok ez du ezer egin herri hauetan egoera, fisikoa behintzat, aldatzeko: kanpotik begiratuta ez dago inolako berrikuntzarik; herri hilak, bizimodu motelekoak, ez da inor ageri, agian ez dago inor, ez zahar ez gazterik.
Mendi artean jarraitzen dugu, noizbehinka zabalgune edo bailaratxoa zabaltzen delarik: izeia da orain basoa, izei beltza eta zuria nahasian. Gure txikitako telefono posteak bere kikara zuriekin: hariak jadanik kable sendo bakarrean sartuta daude, baina zut diraute poste ilarak, kable berrien eusgarri. Zazpi bat begiko bide-zubi garaia: arraroa giro honetan.
Ilundu egin zaigu eguna bera ere, baso erdian galdutako bidaiariak dirudigu bigarren mailako errepide hauetan, herri galduetan bagenbiltza bezala. Naturgune batean sartu gara, alboan ekarri dugun mendilerroa zeharkatzen dugu %10 gorantz pikean; goi lautada atsegina. Aldatz gainean bada kristo handi bat, baina garaiera zenbatekoaren adierazpenik ez. Beherantz bizian berriz ere. Pago gaztea da basoa, garaierari tokatzen zaiona nonbait. Dena da bihurgune, baina oso bidaia atsegina da. Propad-era hurreratuz zabaldu egin zaigu berriz ere errepidea, zorua leundu: hirigunetik natu-gunerako erraztasunak emanez edo. Tatra mendien bailarara jaitsi gara.
Telaz bilduta, hiru gurpilen gainean doan lapiko tankerako tramankulu erdi borobilarekin gurutzatu gara: bada asmatzaile xelebreren bat inguruan.
Ia herri orok du bere monumentua sarrera-irteeran, garai batean gurutzeak edo santu-irudiak jartzen ziren bezala: bere fede eta jainkoaren ezaugarriak jartzen ditu bakoitzak.
Latorrizkoak dira autobusetako geltokiak: herri bakoitzak era ezberdinez erakusten du bere egoera.
Propad gaineko aldatzetik brist egiten dute elurretan Tatra Mendiak; hiria berriz alderik alderako etxetzarren munstro izugarri erraldoia agertzen da: zibilizazio basatia eta naturaren kontrastea.
Kanpina. Bazkalordua zen etxatoia kokatu dugunerako; atsegina da kanpalekuaren kokagunea, basoko garbi gune aldatsgora batean.
Txikitan hain ezagunak zitzaizkidan baina ondoren hain urri ikusi ditudan buztanikarak izan ditugu auzo belartzan.
SPIS LURRALDEA
Alemaniarrek bere mende edukiz gobernatu zuten lurralea, nahiko luzea utziz askatasunaren soka.
Levoçan bazkaldu dugu, plazako Hiru Apostoluen jatetxean, hirurak zaindari genituela hormetatik. Atzo Banska Stiaviavnican ordu erdi behar izan bazuten entsalada ekartzeko eta ondoren ordu laurden arraiarentzako, gaur ohizko martxan izan ditugu jaki eta litro erdiko pivak mahaian. Oso merkea dugu Eslovakiako bizimaila: inoren kontura bizi garen sentipena dugu.
Levoça: Eslovakiako hiririk ikusgarrienatzat jotzen du gida-liburuk: ez du itxura hori ematen lehen begiradan, bai ordea hiria goitik behera ibili patxadako begiz ikuskatu ondoren. Hiribildu oso zabala; plaza nagusia ere zabaletan zabala: erdian ditu udaletxea, eliza eta beste bi eraikuntza, denak handiak eta tarte zabalez elkarrengandik banatuak, halere garbi-gune zabala gelditzen zaio plazari; luzeak ditu kaleak baina batez ere zabalak, 10 bat metrorainokoak: nork eta zergatik diseinatu ote zituen horrela?; oso-osorik diraute harresiak inguru osoan; eraiki zirenetik zorua ezik ezer berritu gabe dirau zenbait kalek, bere lehenengo hartan. Bada, bai, ezohizko herria.
Alemaniar menpeko etxegintza omen da bereizgarririk nagusiena gaur egun: eraikin ederrak ditu, fatxadak batez ere, baina ezin izan dugu igarri zertan bereizten den spis etxegintza, zer duen bereizgarri; ezin izan dugu argitu Spis Museoan ere; tresneria, jantzi eta bestelako zenbait zertzeladaz jabetu gara, eraikuntzen berezitasunaz ordea ez.
Plaza: iturria ere bada bertako zutabea: praktikoa da gutxienez. Museoan bada izugarrizko sarraila bitxi korapilatsua duen kutxa. Zirrara sortarazten du udaletxe alboan dagoen burdinazko kaiola handiak: bertan jartzen zituzten herriaren aurrean erakusgai senarraz aparteko harremanetan salatutako emakumeak; bula zuten gizonezkoek hemen ere. Piruli antzerako dorrea duen zamek edo gaztelua. Stadiuma ere badu, pista estukoa bada ere.
Elizak: erretaula ikusgarria omen du plazakoak, beste 14 erretaula eder eta pulpitu ikusgarri ere, baina itxi egin dizkigute ateak 4etan. Ikusi ahal izan dugun eliza batek freskoz beteta du ganga, aldarez eta santu-irudiz hormak, eta otoitz marmar ozeneko jendez bankuteria.
Zabalik aurkitu dugun elizan heldua da otoitz marmar ozeneko otoitzean dagoen gehiengoa, baina otoiz jario hori ez da lau urtetan berreskuratzen; komunista garaian ere hemen publikoki otoitz egiten zen elizan.
Poxpolin jantzitako amona zahar bat ikusi dugu elizan: errezoari ez ezik jantziari ere eutsi dio berak.
Neskatotxo polit bati atera diogu argazkia, beraien baimenarekin: panpina esku batean bestearekin aitari helduta zihoan kalean: irudi erakargarria.
Egunoro dugu ume talderen bat maisu-maistrarekin eskolako ateraldi batean: autotik ikusi ahal izan ditugu gaur zenbait herritan: elkarri galdegiten diogu zenbat irabazten ote duten Eslovakian irakasleak; oso xalo, xume, herritar bat bezala jantzita doaz.
Hizkuntza kantaria da eslovakiera, ñ antzerako hots asko ahoskatzen dutelako edo.
Kanpineko taberna aurrean aurkitu dugu arratsean bidean gurutzatu dugun tramankulu xelebrea: mekaniko artisauren batek bere kasa eginiko pilez dabilen makina da; bolantez eragiten dieten bi gurpil ditu aurrean, gurpil bakarra atzean, atzean du ere denari eragiteko motorra, dena metalezko tutu egituran itsatsia; tela batean bildua tramankulu osoa; ibili badabil, antzinako autoa bailitzan, labezomorroa bat antzo, dabilen lekuan deigarri.
180 kilometro, bidaiaren Ekialdeko ertza jo dugu.
Txekiakoek bezalatsu, Eslovakiako kanpinek ere alokatzeko oholezko etxolak dituzte. Oso txikiak dira Levoçakoak: bi litera alde banatan bata bestearen gainean: ez dute besterik.
Ekainaren 5a. Osteguna. 32.a-Ek:6.a
Juanjo Olasagarre arbizuarra dut gosarikide egunotan: "neke barearen joan-etorriek ez diote oroimenari pilatzen uzten".
Zerbait antzeko gertatzen zaigu jadanik. Eguneroko honetara jo behar dut sarri oroimeneko lanbrotik eguzki argira hainbat herriko irudi bistarazteko, ahaztu egiten baitzaizkit. Etxean argazkiak izanen dira oroimen pilatuak. Herriak antzerakoak dira eta izenak ezezagunak erabat, zailak memorian finkatzeko. Izenaren heldulekurik gabe irudiak ere erraz ihes egiten dute.
Hilabete atera ginela. Uste baino gorago heldu gara tarte honetan. Alemanian eta Italiakoetan baino zerikusi murritzagoa aurkitu dugu kanpin aldirietan: trinkoagoa zen haien bueltan ikusteko herri eta monumentu kopuru multzoa; horregatik goaz arinago. Ez hizkuntza eta ez ezaupide, edozein herritxotan beste zereginik gabe, egote hutsean, gelditzea ere ez da bidea. Nori zer galdetu?, ezineko solasa da, ur labainkorra besterik ez da bidaiaria, aurrera egin hori da egin dezaken bidezkoena ezer berezirik ez dagoen horrelako herri galduetan. Pasoko txoriari ez diozu zure barnea usten, pasoko txoriak ere ez dio ezezagunari barnea irekiko. Egonaldi luze samarra behar da tokiko berri jasotzeko, tokikoen adeitasuna irabazteko. Behin ere ez naiz fida bidaiari diren idazle eta kazetarien erreportajeez, fisikoki ikusten dutena kontatu besterik ez badute egiten behintzat. Herriaren muinak ihes egiten die. Bidaiariok hemen ikusten ditugun zozo migratzaileak baino pasakorragoak gara, urteroko urte erdiko biztanleak baitira zozok, gu berriz egun bateko hego-haizea.
ESLOVAKIA EKIA
Bidaiako Eki ertzeko mugara joko dugu gaur, ia Ukraniako lurraldera.
Parke bat bezala hartzen da kanpina lurralde hauetan: oholezko etxetxoez gain jolasleku eta aisia baliabide ugari dago, herritarra egun-pasa dator bertara, su handia piztu eta hor dabiltza igandezaleok belartzan. Itsu talde bat ere izan dugu bisitari kanpinean.
Zurezko-sare gurutzatu gainean jartzen dute belar ebaki berria lehortzeko, dena teilatu litzaken txabola txikien tankera hartuz. Metak egiten dituzte belar lehorrarekin, baina meta meharrak, luzanga itxura geratzen zaiela. Zerbait batzen dute mastra baxuko landareetatik, taldeka; mastra bereko sail asko dago, baina ez diogu antzik ematen zer den. Koltza sail loratu horiak lirateke gaurko berritasun edo ezberdintasuna. Bestela, atzoko paisaiak dirau, baita amonen buruko paineluak ere.
Uzta ordezkoen bila dabil nekazaria hemen ere, garia edo belarra baino zerbait errentagarriagoaren bila: agian orain arteko ekoizpenek ez dute behar haina ematen, agian Mendebaleko iruzurra indarra hartzen doa hemen ere, hots, zenbait ekoizkin-hazi erein, uzta bertan usteltzen utzi, baina diru-laguntasuna jaso.
Kamel zigarroaren iragarkia darama gure aurreko autobusak atzeko kristal zabalean: ordezkoa ez, egiturazkoa da iragarkia kapitalista ekonomian. Hemen ere etapak erre beharko ditu herriak tabako arazoan: lehenengo modako errekin amerikanoak erre, ondoren kaltegarriak direla jabetzean uzteko.
Hiru mendi-bizkar ditugu bata bestearen ondoren, goizeko ganduak bildurik, zilueta besterik ez bailira bezala. Eliza dorreek egiten digute kuku gandupetik, gazteluak tontor batetik, ibilbidea eder punttuz bilduz, ikuskizun polita eskainiz. Zenbat eliza dagoen ateoa omen herrialdean!!!. Herrietako etxe askoren alboan bada urteek ilunduriko oholezko txabola edo etxetxorik: korta edo baserri tresneria gordetzeko lekuak dira; askok harrizkoa edo zarpeatua dute behealdea. Ohitu gara zonaldeko herriotara, jarri gara bertako paisaiara: iruditzen zaigu horrelakoa behar duela izan, gure betiko paisaia delakoan begiratzen diogu, naturaltasun osoz, harridurarik gabe; pentsatu egin behar dugu Eslovakian gaudela jabetzeko, hain ohizkotzat jotzen dugu jadanik bertan ibiltzea; ezin esan herri politak direnik, baina ezin uka txukunak eta zainduak daudela.
Agertu dira Txekiako elurtzarako xaflak aldatzetako bazterretan: labainak dira elurra eta izotza. Galipotezko adabaki beltzez konpontzen ari dira neguak hondatu dituen goietako errepideak. Bertako kamioi petoak dabiltza berrikuntza eta konponketa lanetan, baina laster salduko die enpresa multinazionalen batek kamioi, garabi eta pala hori horietakoak Euskal Herri eta Mendebal osoan bezala: bada hor milaka milioietako negozioa, baita nolabaiteko morrontza ere. Kontraste bizia dago herrietako antzinako etxeen eta errepideko auto modernoen artean: etxeek lehenean diraute, erabat berritu eta gaurkotu da errepide-autoteria: herriaren erabakia ala agintarien inposaketa?, jakin baitakigu hautaketa eta inposaketen zidor ezkutuen nondik norakoa.
Soineko estanpatu ilunarekin konbinatuzko jantziez doaz amonak; denek daramate amantala: irudi iluna osatzen dute.
Garai honetan dena dago berde, ez da baina Austriako berde gordin, gazte, argi ia distiratsua; hemengo berdea bera ere zahartu egin da, ilundu, eraikuntzak antzo. Artoa erne berri-berria den sail batean ikusten dugu lurraren kolorea: horixka, larua, argia. Eliza dorreak dira noizbehinka dotoretasun aztarren bat erakusten duten eraikin bakarrak. Kubo formako etxe grisen artean, maiatza: herritxoren batetik etorkin zenbaiten nostalgia edo herrimina. Nekazari asko, -adinekoak eta emakumeak batez ere-, dabil gaur soroetan, arto-jorraketan bereziki; emakume batek bi umetxo ditu alboan lurrean eserita, burua kapelatxoz babestutako bi pospolin; zenbait, aitzurra eskuan, etxera datoz edo sorora doaz. Ez dakigu bakoitzak beretzat egiten duen lan, bere lurra lantzen duen, ala sail komunalak diren eta herritarren artean lana banatzen duten. Artajorra, belarra segaz ebakitzen, belarra eskuarez iraultzen... galduak nituen txikitako irudiak berritzen zaizkit. Noizbehinka behi aldra handia agertzen da larrean: norenak ote?. Politika sistema aldatzean indartu den bakarren batena, talde batena, herriarena?. Mila galdera ari zaigu pilatzen; herri honetako funtsezko arazoak, izaera eta biziera ezagutu gabe joango gara, oskola soilik eta bera ere gainetik ezagututa.
Gogorra izan behar zuen nekazariontzat Estatuak edo tokiko agintariek bere uzta kentzen zietenean, bono batzuen edo balio ezarri baten truke: gauza ona da teoriaz ekonomia komunitarioa eta horrela behar luke izan, denek denentzat eta dena denena, baina erraza da esplotazioa ere bide horretatik. Agintarikeria baita herri ororen mamua. Estatua bera bihur daiteke esplotatzaile. Agirian eta garbi frogatu egin behar du politikoak oso zuzena dela, elkartasunaren ontasuna garbi azaldu behar zaio herritargoari, ekintzetan azaldu ere, praktika zuzen batean irabazi behar da herriaren konfiantza. Kontrol izugarri zorrotza jarri behar zaio agintaritza edo zuzendaritzarako hautatuari: orduan agian sinetsi daiteke merezi duela kolektibitateko, amankomunitateko, lanak. Halaz ere zaila izanen da, kutsatuak, ustelduak eta bideratuak baitaude gizabanakoaren asmo eta iritziak, sentimendu eta helburuak.
Zikoina bikotea belardi moztu berrian jan bila mokoka: hona goraino ere heltzen da zikoina!, ez Gaztelako edo Erriberako eremu beroetara soilik.
Andre-gizon gaztea ikusten da batez ere autobus geltokietan, dotore jantzita, inguruko herrira asmoz edo, nolabaiteko migratzaileak hauek ere.
Bardejora doan errepidea ez da errepide nagusia, mapan herri sendoa badirudi ere.
Bardejov. Heldu garen unetik gustura sentitu garen herria. Plaza eta plazako eliza ditu erakusteko bakarrak, baina biak xarmantak; dorretxo eta harresiek borobiltzen dute hiribildua. Plaza erdian udaletxea dago: bere forma, mailadi, kantoi eta ertzetako taila eta kolore berdez erabat poxpolina; etxeak spis garaikoak dira: politak, teila gorrikoak, kolore ezberdinez argi pintatutakoak, formaz ere ezberdinak; besterik ez du baina xarma dario, potxoloa da handia izanda ere, grazia handiko plaza.
Eliza: brontzezko bataiarri gotiko lerden pertxentak hartzen zaitu sarreran bertan; barruak mozkortu egiten zaitu erretaula eta triptikoz, 11 baititu alboko aldaretan eta izugarri handi bat aldare nagusian: taila eta pinturak, tapakiak ere alde bietatik irudi pintatuekin, denak banan-banan zoragarriak, bakoitza koadro bat, paregabeak, zein aparta jakingo ez zenukeenak, denak 1500. urteko ingurukoak; aldare nagusikoa ezin-areagokoa da. Presbiteriora sarreran Alemanian baita Italian ere aurkitu dugun, baina gutxitan ikusten den, batetik besterako habe gainean Kalbarioko Amabirjina, San Juan, Lapur biak; habetik zintzilikatuta Kristo erraldoia. Albo batean harrian tailatutako orratz gotikoa, ia sabairaino luzea, erlikitegi izan daitekeena.
Deitu ahal izan dugu etxera, diru poloniarra (??) eskuratu dugu, luzaro itxaron ondoren bazkaldu ere bai; ondoren alde egin dugu bisitak eta kilometroek merezi izan dutelakoaren konbentzimenduz.
Errepide osoa da gurutzebide: denean dago santokristoa Austria berari ere lehia irabaziz.
Ukraniako muga inguruetan gabiltza, inola nabarmentzen ez bada ere, baina jakin dakigu muga hor bertan dagoela, gizonek jarria, ez naturak.
Stara-ra bidean, herritxoak erditik zeharkatu egiten ditugula litzake bidaia tarte honen ezberdintasun edo ezaugarria, albotik egiten baitu gehienetan errepideak. Oso txukunak ikusten dira gertutik ere: bada auzo bat non etxe denak zurezkoak diren. Mendi goietako bailaretan gabiltza, gainaldeetako lautada eder bezain erakargarrietan, mendiz inguraturik.
Argindar zutoin baten gainean du bere habia zikoinak.
Baso hauek norenak ote, herriarenak?.
Bailaraz bailara, gurekin dugu beti erreka edo ibairen bat, bidaiari halako patxada eta paisaiari dotoretasun azken ukitua emanez.
Stara L`ubovña:
Hrad gaztelua, handi eta tontorrean ikuserraz; ezer gutxi berririk eskaini digu, ikuspegia eta zeramika zenbait ezik: argazki makina sartzea bera ere kobratu egin digute.
Kanpoko erakusketa: zelai zabal batean garai bateko etxe-saila, herri-arkitektura, bizi-moldea, tresneria, eliza ortodoxoa barne-gune aurreko oholean pintatutako koadrotxo erakargarriekin, sabaitik zintzilikatutako sehaska ohe gainean, su gaineko ohe epela, zakil-alu formako kanilak zituen gizon-emakume irudiko kupelak... polita izan da
Arratsaldea edertuz, Tatra tontorrak elurtuta: hemengo argazkia Tirolekotzat saldu daiteke etxerik agertzen ez bada. Plaza polit animatua dute herri koskortuek. Iruñetik Irurtzunera errepide artezeko toboganek garamatzate kanpinera. 3 maiatz, Ekainean ere zut etxetxoen aurreko lur zatitxoan: alemaniarrek utzitako ohitura ote?.
Kezmarok. Spins etxe-mota ezberdin gehien ikusteko aukera duen herria omen, baina ez dugu ikasi herri honetan ere etxe tankera honen berezitasuna zein den, denak antzerakoak egiten baitzaizkigu, beste hainbat herrietakoen bertsuak. Kezmarok-eko etxeok "kolorin-kolorao", kolore anitzekoak, koloretsuak, dira, urdin eta berde kolore oso biziz pintatuak; baina kale eta plazako arbolen ostean perspektibarik ez dute, ez dago urrutitik ikusterik, grazia galtzen dute, ezin zaie duten grazia osoa hartu. Plaza, parke edo lorategi bihurtuta dagoenez, ez da jadanik plaza, inola ere ez herritarren bilgune edo egonleku; ingurua ere moteldu egiten du, bizitasuna eta argia kentzen baitizkio. Alemaniarren eraginez edo, Spis herrietako elizetan Erdi Aroko izugarrizko triptikoak daude, aldaretako erretaula osatuz: Sv. Kriz elizako aldare nagusikoa zurezko taila aparta da, berdin alboko aldaretakoak edo korupekoak; pulpituaren estalkia eta pulpitua bera ere landu ederrak dira; presbiterioan erlikitegi orratz gotiko garaia; organo xarmant zaharra presbiterioko ezkerraldeko horman; ikustekoak dira presbiterio bueltako fresko zaharrak; sartzea merezi duen eliza. Hiriak badu estadioa, pista estukoa; herri txiki guztiek bezala honek ere badu bere futbol zelaia; kanpotik ezik ezin izan dugu ikusi hiri nagusietako estadio erraldoirik.
Merkatariarekin egin dugu topo: bozgorailuzko autoarekin doa kaleetan, ez dakit zer biltzen edo erosten. Levoça eta beste antzinako herri batean ere aurkitu dugu antzerako erosle-saltzailea.
Kezmarok ondoko L´tubica herrian dorretxo bateko burdina gainean du zikoinak habia.
Gora-behera handiko paraje leunetan itzuli gara etxera, dena da berde, herriak dakusagu urrutian han-hemenka, oso gertu bihar ezagutuko ditugun Tatra mendietan.
248 kilometro, gustukoak izan direlako, ez hainbeste.
Ekainaren 6a. Ostirala. 33.a-Ek:7.a
Juanjo Olasagarre:
*"Ez da ahaztura bezalako ukendurik": Naturaren sendagairik baliotsuena, adin batez gero kezkagarria eta tristea gertatzen bazaigu ere gauzez ez gogoratzea.
* "Mundua egunkarietan zai": ez egunkari, ez irrati, ez telebista aspaldian, ikustear eta ikusi berri hiri eta parajeak dira hilabetez gure mundu oso eta bakarra. Alditxo batez lasaiago, hilotzak badiraute ere egunero uholdean.
Basoko garbi gunean motozerra urrumaka hasi dela, nork esan ez gaudela Etxarriko basoan lote-mutilak inguruan ditugula.
Tatra mendiak dira gaurko gure helburu, goiz eguzkitsu zoragarrian, begien jostailu ederra izan ditugu errepide sail luzean. Ondoren izei basoan sartu gara; izeia da Tatra inguruko basoa, izeidia da malda erditik bailara beherainoko mendi magala; gainean genituen arren, ez ditugu mendiak ikusi ahal izan berriro beheko bailarara jaitsi garen arte: mendi erraldoia estaltzen digu basoak, lehen zuhaitzek basoa bezala. Hainbat edertasunek distantzia edo goitikako begirada zabala behar du ikuskizun bihurtzeko.
Ospearen oihartzunez tokatzen zaien bezala, Eslovakian ere lasai zegoen bidezain edo kaminero laukotea gerizpean, lasai etzanda; begirada tinkoaz begiratu digute, asperduraren ondorioz edo kanpotarrei ikusmiran: egia ote konta izan diguten bezala mendebalekooi inbidia edo ondamuez begiratzen digutela, ala dutenarekin ados eta lasai daude; guk ere inbidiarik gabe begiratzen diegu gure herrietan gu baino aurreratuago bizi omen diren gure errepide eta kaleak zeharkatzen dituzten europar edo yankiei.
Ez dut azken egunotan militar gairik aipatzen, baina higuindu arteraino daude presente militarrak. Militarrak dira inguruko fauna ugariena.
Turismo gunea da Tatras inguruko herriteria guztia: dena da txukuna, dena dago gustu finez zaindua, oholezkoak dira etxeak, zurezkoak iragarpen-estalpe zein propaganda estalpetxo bitxiak.
Tatra Lomnica, Tatra mendien inguruan sortutako antolaketa turistikoa: dena da hotel, jatetxe eta denda. Trena ere badu, baita autobusa ere, bailaratik mendizale, bidaiari eta igande-pasakoak eten gabe garraiatuz. Oso tartekatuta daude eraikuntzak, bidegorri eta berdegunez inguratuta: polita, txukuna eta atsegina: mila bide-gorri ditu ibiltari arruntak, mila aukera tontorretara nahi duenak ere.
Elkar ulertu nahi eta, gazteleraz ere egiten dugula esan diogu parking kobratzaileari; italiera izan nahi zuen nahasturan ahaleginduz “espagnol” edo zerbait antzerakoa bota digu; guk "baschi" beti bezala erantzun diogu; txabola kideak "baschi" errepikatu du buruari eraginez gure berri baduela azalduz edo: horrelakoetan galdetzen diot neroni euskalduntasuna azaldu beharra gure nortasunez harro sentitzearen ondorena ala agian legaltasun gabeziaz konplexuak kutsatuak garelako ote den.
Stary Smokovec, ez da aurrekoa bezain xarmanta, agian handiagoa delako. Tatra menditik bizi den herritxo artifiziala hau ere, aurrekoaren antzerakoa.
Ikuspegi ederreko bidaia espero genuena izei arteko kilometroetako ibilia bilakatu zaigu. Menditik bizi diren herrietatik ez da mendirik ikusten!, zuhaitz tarte batetik tontortxoren bat ez bada.
Spiska Sobota, Propad-eko auzoa da, gure gaurko ezustea. Spis etxe petoak dira bertakoak; ikusiaz bagoaz ikasten beraiez: zurezko teilategal irtenak zurezko teilatu pikeekin bat egiten dutenak albora bezala aurrera ere; argiak; herri askotan biziki pintatutako hormak, estukoz edo antzerako masa irtentxoz dekoratuak batzuk; freskoz pintatutako etxe zaharrak ere badira: Alemaniako edo Austriako hainbaten antza dute. Apaiza bertan zelako, zabalik aurkitu dugu eliza: Ikustekoa!!!; 5 Erdi Aroko erretaula, aldare nagusiko Jurgi sainduarena ederraz aparte handia; organo potxoloa tutu artean aingerutxo irudiak dituela, presbiteriora sarreran kalbarioa berriz ere habe gainean eta Jesukristoren hilobia korupeko kaperatxoan, nigh klub gehiago zirudien taula pintatuzko muntaia bizia bezain bereziak, alemanen ondorioz edo: "omnia bona", esan digu argazkiak ateratzeko eragozpenik jarri ez digun apaizak: dena da ederra benetan!.
Merezi izan dute auzoa aurkitu eziniko erneguek!.
Kezmarok. Eliza: bi eliztar ilara daude bi kofesalekurako txanda eginez, ilara bakoitzak 30etik gora ditu, denak zutik, denak aitortza egiteko zain; gazteak dira gehienak, polizia bat dago tartean bere gorra eta guzti; apaizek ez dute presarik hartzen eta ilarek luze irauten dute; batek bukatu ahala berri batek osatzen du ilara; mahaitxo batetik liburuxka nahiko sendoak hartzen dituzte hainbatek eta haiek irakurtzen, agian aitortza gertatzen, itxaroten dute ilaran. Eslovakia da nonbait Mendebaldeko erreserba espirituala lehen Espainia omen zen bezala; gure haurtzaro eta gaztaroko giro bera bizi dutela iruditzen zaigu, agian urteetan erlijio jarduerarako oztopoekin pentsaera garatzeko eta sendotzeko aukerarik izan ez dutelako; edo erreakzio bezala, zaila izan zitzaielako erlijioa praktikatzea aurreko erregimen politikoarekin. Auskalo.
Plater konbinatu eta litro erdiko garagardo baso bana bazkaldu dugu, 600 pezetagatik biona!!!.
Hiru emakume ikusi ditugu bertako poxpolin jantzita, herritik erosketak egitera etorriak nonbait jantzi dotoreekin, kolore argikoak, bekokiko diadema distiratsua eta buruko zapiarekin.
Zenbat eta sarriago itzuli herrietara, zehaztasun, ezberdintasun eta bitxikeria gehiago ikusi, aurkitu eta jasotzen dugu: Spis etxeak gaur spisagoak, bereziagoak, iruditzen zaizkigu.
Izeiak alboetan, hainbat aldiz, errepideko gaintxoaren ostean zeru urdina besterik ez ikustean, badirudi Mediterraneoa edo itsasoa behintzat agertu behar zaigula, baina berdegune ondulatua dator berriz ere.
Taldetxo banakak ikusi ditugu errepidean eskuzko gurditxoetan egurra garraiatzen basotik etxera; adar zati mehe luzexkak, egur zehea, hemen ez da Etxarriko lote sendorik.
Mendipeko izei artean izan dira gaurko kilometroen erdiak, Tatras elurtuei begira beste erdiak. Egun lasaia eta polita.
"Arian Arian". Patxi Zabaleta: Zuzen dabil Patxi Zabaleta eleberrian: Etsai egoki bat izatea adinakorik ez omen dago iraupena bermatu ahal izateko. Peliperi bezala Aznarri ere aukeran datorkio ETA. Baita PNVri ere. Neurriko etsaia dute. Politikoentzat jasanezina bihurtzen denean izanen du eragina borroka armatuak, eta hori ez da lortuko herri borroka, herri zibilaren era guztietako lehia, jasanezina bihurtzen ez bazaie politikoei.
BIDAIAK 97
ESLOVAKIA
Austrian oraindik, errepideak gorantz egiten duen unetxotik ikusi dugu herrialde berria. Lurralde laua da Eslovakia, erabat zelaia, Bratislava osteko mendixka ezik, ez du mendirik erakusten zeru-marraraino. Munstro beldurgarria ikusten da Bratislava: etxetzar multzoa zabalera luzea betez, etxetzarrezko basoa alderik alde aurrealdeko lautadan. Etxetzarren gainetik tximinia piloa, etxe-sail digantearekin nahasian bezala. Zirraragarria da Bratislava lehen urrutitik ikuspegian.
Eslovakiarren pasaportean soilik jotzen dute zigilua mugako poliziek. Muga dela oztopo, kilometro gutxi arren, luzea da Bratislava arterako bidea: ordu erdia eraman digu mugako marratxoa zeharkatzeak: maisua da gizakia berez hain erraza dena zailtzen.
Eslovakian gara abentura bila, berriz ere lurralde berri bateko hizkuntza ezberdinarekin borrokan. Dunaj bilakatu zaigu Txekian Austrian Donau zitzaigun Danubio ibaia. Zeharkatu egin dugu: lagunak gara jada.
Austriako lurralde urrunetik ikusten genuen komunikabide dorre hura, erraldoia ez ezik, ezberdina ere bada; badirudi gobernu sozialistek nolabait ezberdindu edo nabarmendu nahi zutela honetan ere.
Zoo aldeko parkera doa jendea erruz, oinez; arratsaldez ikusiko dugu badela Dunajen beste aldean jendearen gustuko beste parke bat ere: asteburuko herriaren denbora-pasa.
Wolswajen fabrika erraldoia Bratislavan ia bertan, nafarrarekin lehian: bost axola Woslwajen-i nafarrak, hemen langile merkeagoa badu; Nafarroara ere beste nonbaiten baino langile merkeagoak zituelako joan zen.
Bide okerretik egin dugu Bratislava aurreko bidegurutzean. Kosta zaigu itzulbide bat aurkitzea.
Lozorno, nekazari herritxo txiki, apal, xumea da, etxe baxukoa; badu maiatza ere, oihal txatalez loratu txikia; baratze landuak ikusten dira.
Maniobretan ibili gara norabidea aldatu nahian Lozornon, larri ez baina bai aldrebeskerietan, nahiko galduta herri barruko kaletxoa gurdibide bukatu zaigunean
Norabiderik ez genekiela, erabat galduta, nondik bira emango ote urduri genbiltzala keinu egin digu auto ertzetik laguntasuna eske etorkin itxurako gizonezkoak. Ez gara gelditu, hizkuntza, autoa erabat gainezka, erremolkea, geu ere galduta... baina halaz ere harra geratu zaigu barrenean. Geroxeago Lozornon aurkitu dugu gizonezko bera, herrirantz zihoan, auto gurpila eskuan: "izorrai" keinua egin digu behatzarekin. Harra potolotu eta luzatu egin zaigu, solidaritateak ez baitigu funtzionatu.
Itxita dagoen jatetxe baten aurrean autobuskada bat dago, ogi, hestebete eta tomatez bidaiari eusteko indarberritzen: mundu zabal osokoak dira herriaren jite, ohitura eta jokabide batzuk. Ardo botila edo satorik ez diet ikusi: lurralde pribilegiatuena da soilik agian ardoarena.
Izugarrizko bide-sare munstroa du Bratislavak, armiarmaren sarean galdutako euliaren sentipena duzu; labirintoa dirudi, bertara sartuz gero nondik atera iragartzen badizute ere; korapilo nahastua, heldu diozun hariari jarraituz beste aldera zuzen ateratzen bazara ere.
Tranbia geltokian geratu gatzaizkio bi mutikorekin zegoen emakume bati kanpinera nondik ote galdezka: oso lotsati erantzun didate, errespetuz eta kezkaz bezala. Inpresionatu egin nau bere apaltasunak. Herri-herrikoak ziruditen, agian bizibeharrak biziki astindutakoak.
Kanpalekua. Jo dugu azkenik kanpalekura: hiriko parkea da, badu lakutxo bat eta gaur era ezberdineko kanoaz lehiatzen ari da gazte zaparrada; harmailetan bada eseritako taldetxoa amorru handirik gabe lehia jarraituz.
Bratislava. Tranbian egin dugu hirira joan-etorria; guretzat ibili erromantikoa da, abentura kutsua ere badu ezin ulertuz non jaitsi eta ze tranbia berri hartu ez jakiteak. Tranbia arruntak dira. Berdegune ugariekin, tarte handiak dituen hiri zabala, ez zaindua, da Bratislava. Industria-gunea dirudi kanpoko eremuak erdigunetik begiratuta, auto eta gasolindegi marka orok hartu du bertan lekua.
Erdigunean zolaberritzea dela-eta jasota dago Alde Zaharraren erdia; Iruñean jarri dituzten antzerako harlauza eta galtzadarriz txukuntzen ari dira zola; polita eta txukuna dago berritutako zatia, baina galdu egin du antzinatasunaren jite eta grazia: bost urte barru itxuraldatuta egonen da kaledi osoa, ezberdina, ederra eta atsegina, baina desagertua izanen du beste herri batzuetan gordetzen jakin izan duten gune zaharren xarma. Erakusleihoei kontu hartuz, berriz, Mendebaleko edozein hiriburutzat hartu daiteke Bratislava; bizia dago erdigunea, ugariak dira bisitari taldeak, bakoitza bere gidarekin, eslovakiarrak diren traza dute. Europar erara bizi da jendea; jendez bor-bor daude jantoki, taberna eta kafetegiak. Gazteena ezik, joan ziren urteetako modakoa iruditzen zaigu guri jendearen janzkera.
Ez du ezer potxolorik erakusteko, baina Donaj, Danubioa, du, bizirik dagoen ibaia: bere alboan herria dabil oinez, bestaldeko parkera edo parketik joan eta dabil herria ontzietan, jatetxe bihurtuta daude hainbat ibai-ontzi; bidaiariz zamatuta dabiltza ontzi sabel zabalak, zama-ontziak, batzuk arin besteak mantso, azal edo sakon, korrontearen eta zamaren arabera. Xera diot ibai honi, hain da-eta indartsu eta oparoa.
Garagardotegi irlandar bat ere bada, egituraz, giroz eta garagardo beltzez jatorra; garagardo gorriak ere bere grazia puntua du ibai gainean eserita edanez gero. Monumentu zaleak dira, herria edo agintariak; era guztietako eskultura eta monumentu asko dago bazterretan: hemen ere arte negozioren bat ote du diputatu izandako alkateren batek.
Martin Donearen katedrala: urre eta berde koloreko dorrea duen eliza gotikoa: aulkiteria landu bikainak, bataio-pontea metalezko estilizatu gotiko finak… merezi dute begiradatxoa; albo batean brontze bihurtuta datza Martin, bera ere hungariar jantziekin, zaldi gainetik ezpataz hiltzen eliza barruan. Eraikuntza eder bat, leiho, arku, ate eta harri landuzko zer begiratu aberatsekin. Bada bestelako eraiki ederrik ere. Handi erraldoi, gotorlekua, jauregia, agian gaztelua, nolanahi jauntxoen babeslekua den eraikinak zaintzen du gain batetik hiria.
Auzo zahar osoa hondatu zuten nonbait autobidea hiri barrutik pasaraztearren: sozialismoaren izenean, Mendebalarekin lehian, mendebalaren morroi, egindako hainbat astakerietako bat gehiago.
Mukuru dago jendea meza entzuten atzo arte komunista izandako herrialdean; ezkontzak bata bestearen ondoren, txanda gordez, elizetan; eta mojak abituz jantzita koadrilan kafea hartzen Donaj ertzean: zenbaterainokoa izan zen elizak jasandako saldu ziguten jazarpena?.
Ez du inork txartelik ageri tranbian, ez da kontrolatzailerik agertu, baina bi neskak ahaleginak eta bi egin dute txartelik ematen ez zuten gailuz gailu, txartela eman dien bat aurkitu duten arte.
Baletak dantzatzen du egunotan Opera edo delakoan.
Poliziaz inguratuta aurkitu dugu antzoki aurrean errepideko korapiloan polizia autoek uluka erdian zeramaten banderatxodun auto beltz handia. Politikoak denean politiko.
Bakarren bat ez bada, ez da aurreko garaiko autorik ikusten, marka orotako auto berriak baizik.
Luzanga finak eta iharrak dira gorputzez bertakoak diruditen asko.
Salgaien iragarki asko dago: mendebaldu da horretan ere hiria.
Gasez eragindako edarien ukitua du bertako ardoak; Nafarroakoa edo Errioxakoa nahiago.
150 kilometro, hemen gaude beste banderape batean.
Ekainaren 1a. Igandea. 28.a - Ek:2.a
Lurralde laua begiek dakusaten zabalera osoa; zuhaitz gutxi, baso kaskoren bat ezik.
Mahastiak. Sastraka tamainako intsusa, loratuta zuri. Bohemian antzo, ur biltegiak behar duten metal argiko bola handiak nabarmentzen dira herrietan, eliza-dorreak haina. Zuhaitz artean agertzen diren teilatu gorriak besterik ez dira herriak; errepidearen goranzko batetik begiratuz ikuspegi xarmanta eskaintzen dute berdegune zabalean, hurretik hartzean, berriz, oso xumeak ikusten dira, urrutitik ikuspegi zabalean duten xarma galduz; etxe bakoitzak du bere baratza; agian belar sailtxoa ere eduki behar du inguruan, tartea ikusten baita etxe batetik bestera. Errepideak ez ditu herriak zeharkatzen, albotik saihesten baizik.
Gorri, hori edo lur kolore izanen da lautada osoa udan uzta eta belarra jasotzen denean, gaurkoaren ikuskizun arraz ezberdina, ezin ezagutuzkoa, beste lurralde bat. Lurra landuta dago sail oso zabaletan: soroen tamainan ere dager ekonomia mota ezberdinen eragina. Aldizka herri-granja edo kolektiboak ikus ahal daitezke. Bada bere sailtxoa jorratzen dabilenik ere halako gurditxo batez, auskalo noizko edo zein teknikaz. Belarra, garia eta artoaz gain ekilore agertzen da noizbehinka. Urrutira zentralen bat izan behar duten gutxienez 6 tximinia zabal, gandor zurixka lainoekin elkartuz, kutsaduraren eredu: Alemaniakoen hunkidura berdina eragiten didate: zer erraz pizten dugun bonbilla!; naturarekiko erasoa dakar berarekin edozein aurrerapen teknikok.
Hiri guztiek dute etxetzar multzo berdintsua, tarte luzean tximiniekin nahastua, batzuk eta besteak elkarrengandik ez hain urruti. Ez dakit tximiniek produkzio teknika zaharra adierazten duten, ezta guretako erdi ezkutuko hustubide kutsatuek baino areago kutsatzen duten ere: kutsadura estaltzea da askotan arazoa mozorrotzeko trikimailua.
Trnava. Adreiluzko harresiez inguratuta oraindik zati batean: zementu zatarrez sendotu diote atea. Alde Zaharra: lehen solairu bakarreko etxe-saila da; alde bat zementuzko saltegiak zatartzen badu ere, polita da plaza: plaza orotan dago zutabea Eslovakian; herriko plazaren itxura du oinezkoen kale zabalak; maiatza, koroi-eraztun batekoa eta txikia, baina kale nagusiaren erdian. Parke ederra. Bada jauregi eta eraikin ederrik ere. Unibertsitateko eliza, barroko ikusgarria, lelotuta begira jartzen zaituena: freskoak, karez eta kareorez estalita daude, baina argira ateratzen ari dira. Mikulasa eliza, iluna gertatu zaigu sarrerako kristal ostetik. Hirukoiztarren eliza, apainduratxo askoko apala.
Prozesioa zen gaur ikusgai eta zeregin nagusia herrian. Ostegunetik igandera aldatu zuten Korpusti eguna Eliza jazarria omen zen herri sozialistetan: Euskal Herrian ere bada horrelako asmoa, produkzioa gehitu asmoz, baina Elizarekin egin dute topo: Elizaren jokabidea denean bat: pribilegioei eutsi. Herria ikusi nahi eta ihesi bezala ibili gara, prozesioa beti atzetik edo inguruan genuela. Gure haurtzaroko Euskal Herriko prozesioetako giroa, duela 50 urteko haren antzerakoa, ia berdina, da hemenoarena; "Ogi zerutik etorria" abestia entzutea bakarrik falta zitzaigun. Ez dago kale zoruan barreiatuta Altzolako “mieloa” deizen genion belarki edo landarerik, ezta Austriako adar berde edo nonahiko belar, garo edo landare berderik. Polizia autoak garbitzen du bidea, eta udaltzainek zaintzen kale-gurutzeak: gure garaietan ez zegoen hainbeste polizia eta herrizain, aguazila eta kitto. Mojak eta apaizgaiak aurrean gurutzearen atzetik, lora botatzen ondoren umeak, paliopean Gurejauna apaizteriak inguraturik, akolitoak tilin biziko txilinak jotzen batzuk, ekisainduari intsentsua botaz besteak, musika banda atzerago eta jarraiki herria, ehunka jende, abestuz; mutil gazte gutxi da tartean. Herri osoko kanpai hotsa eten gabe, dilin-dalan, tonu eta ozentasun ezberdineko armonian. Eliza asko da herrian, banan-banan egin dute geraldia bakoitzaren aurrean, kalean belauniko zen herriari bedeinkapena emanez ekisainduarekin apaizak errezo eta kantu luzeen ondoren.
Zer egiten zuen herri honek bere fedearekin jainkorik gabeko politikagintzapean: polizia laguntzailerik gabe baina agian oraingo prozesio bera zen orduan ere, baina ez ziguten horrelakorik kontatzen Mendebaldean.
Behe solairu soileko etxetxo xumeko erreskadaz osatutako auzo zabala du erdigunearen alboan, herritxoa hiri barruan bailitz, hiriko gune zaharra bezain antzinakoa seguru aski, oraingo eta gaurko behartsuenen bizileku edo herri kanpoko bizitoki; ez dira batere alaiak, ez bizipozez bizitzekoak, kanpotik begiratuz tristeak, alaitasuna eta zoriona etxearen kolorean ez badago ere; kolorez brist baleude, zoragarriak lirateke kaleok, baina bertako bizitza orduan ere etxe kolorgeetan bezain astuna litzake bizi-baldintzak aldatu ezik.
Igandeko jantzi onentxuenak jantzita ere, herri xumea ikusten da, harrokeriarik gabekoa, oso apala: agian inguruko herritxoetatik ere etorri da jendea. Bi amonatxo ikusi ditugu prozesioan bertako jantzi petoekin, biak ezberdin, jantzi ilunak ziren, baina bertakotasunaren xarmarekin.
Diru gutxirekin bizi den herria dirudi, baina elizak konpontzeko ateratzen dute behar haina sos.
Txikiteorik ez bada ere tabernetan, patxadan eserita dago jendea edariez gozatuz. Bi agurek pattar kopa bana edaten dute zuku tragoa tartekatuz.
Ilaran jartzen da jendea izozkiak erosteko: izozkitegi gutxi, edo aurreko politikagintza eta ekonomiako ohiturak.
Hemen ere ikasturteko ikasleen argazkiz osatutako koadroak erakusleihoetan.
Prozesioa bukatzean, eguerdian, guretzat utzi digute herri osoa.
Heldu da SEATa Trnavaraino ere.
Ez dakigu errepideko hesiak diren, ala soro bazterrekoak, baina intxaurrondoak daude errepideari jarraiki kilometro luzeetan. Ez da mendi bat bera ikusten zerua ordekarekin lotzen den marraraino.
Hlohovec (¿). Galanta ageri zen urrutian, galanta da izan ere.
Laku bihurtutako ibaia lautada hezean: putzu, urmael, edo aintzira bihurtzen dira hemen ibaiak, agian lurralde laua delako eta lur-zoruak hustubiderik eskaintzen ez duelako. Azaldu zaizkigu soroetan jadanik galduak genituen hegaberak.
Ez da ageri berotegirik, bakoitzak beretzat nahiko egiten duelakoz, merkatu ezagatik, non saldu ezagatik, sistema berrira, hots produkzio maila ezberdinera, oraindik egokitu ez direlako, agian gobernuak, Europa Batuan sartzeko nahia dela-eta geroko konpetentziagatik uzten ez dielako... Baina fruta saltzaile ugari dago errepide bazterretan; denek zer berdina saltzen dute: egonen da salmenta monopolizatzen duen mafiaren bat hemen ere.
Ur-biltegi bola zurixka ostendu zaigu mendi kasko baten ostean, aldaz beheraren eraginez, gaueko ilargia bailitzan: efektu bitxia.
Nitra. Erraldoi zabala ikusten da goragune batetik, etxe-bloke arre zikin planta berdintsuko multzoa alde batera eta arbola arteko etxetxoen teilatu gorriteria atzealdean, mendi magalean; badakigu hor tartean badela hiri zaharra: kosta zaigu bertaratzea, goiko eta beheko auzoak bereiztea. Badu plaza egin berri borobil zabala, nora jotzen duen oinezkoen kale zabal zainduak, igandea arren edo horregatik, bizi-bizia arratsaldez, izozkia patxadan gozatzeko aukerakoa. Betiko etxe polit zapalak, eta eraikin ederrak tontorreko elizara bidean batez ere.
Umeentzako jaialdia eskaintzen da parke zabal eder batean: jaialdi jendetsua, majorete eta guztikoa.
Arratsaldea zen beraientzat jo eta ke bazkari bila genbiltzan ordu bietako gure eguerdia.
Oso trafiko gutxi bazebilen goiz erdian, autoz gainezka dator autobia arratsaldez. Eslovakian ere arriskutsu eta zitalak dira igandezaleak. Hainbat jende dago bide ertzeko txosna zein herrietako tabernetan jai giroko patxadan garagardo edanean.
Erabat gorri dakusagu gari-saila autotik, soroa maindire gorri batez estalia bezala.
170 kilometro, Eslovakia ezagutuzko lehenak.
Ekainaren 2a. Astelehena. 29.a – Ek:3.a
Bidaia arinegia ote daramagun sentimendua dut, ibiltariegiak garenekoa, presatiegi ote gabiltzan, ipurtarin, egon geldian geratu gabe; baina patxaran egoteko han daukagu Sakana ikusgarria, urteari geratzen zaion zati osoan.
Ia nondikakoak ote garen, hainbatek autoari begiratzen diotenean naziorik gabeko errariaren sentipena dut, ezin baitugu autoan Euskal Herrikoak garela azaldu: baina badakigu jakin zein herritakoak garen.
Pneumatiko hots burrunbatsua dakar aireak autobiatik gaur: jubilatuek ezik, lan egiten du herriak astegunez Eslovakian ere.
Gaztelerazko abestia izan zaigu ezuste errepidean gindoazela irratia piztean. Austrian behin gertatu zitzaiguna bera. Ez dut nostalgiarik sentitu, euskaraz izan balitz agian piztuko zitzaigun herrimina. Badakigu han dugula zain herria eta etxea.
Gain biguneko mendilerroa luzatzen da garaiera apaletik Bratislavatik Iparrerantz. Bidea aurreratu heinean urrutiratuz doa mendilerroa, mugarik gabe utziz lautada.
Gazte bat zeukaten poliziek errepide bazterrean autotik kanpo belartzan eserita: ez dakit arazoaren berri, baina ni Euskal Herriko Ertzaintza eta polizia oroz oroitu naiz, bere jokabide ankerraz: hemengoei ere usai txarra hartzen diet, munduko txakur guziei bezala.
Kaka kimikoa botatzen ari dira lurrari traktoreari trabes lotutako tutu luze zulatu batez, giza gorputzak bereganatu ezingo dituen osagaiak: uzta gizendu gizentzen dute, baina ondu ez.
Zebrabidearen esanahiari buruz ez dira oraindik jabetu lurralde honetan, geratzeko keinurik ere ez dute egiten autoek oinezkoen aurrean.
Etengabeak eta beldurgarriak dira autoen elkar aurreratzeak errepidean, aurrean doana ertzera irtenaraztera behartuz gehienetan: ez dakit bertoko gida-era den ala gidariak ipurterre egonezinak diren, edo oraindik auto berri bizkorretara patxadatu gabeak dauden, kultura berria baita hemen autoarena, gutxi batzuen ondasuna zelako autoa.
Zelatan hemen ere errepideko poliziak, erdi ezkutatuta, bere lana ez baita laguntzea, harrapatzea baizik.
Bukatu zaigu orain arteko ordeka. Nitratik aurrera, gorabehera leunei ekiten dio errepideak. Mahasti sail zabalak, belarrez jositako zainduegia ez den lurretan. Bailara berria: gorri ikusten da hemen belarra ebakitako lurra. Zabala da sail oro. Ikuskizun polita dira berriz ere herriak urrutitik, bertatik, ordea, oso hitsak. Fruta arbolak hemen ere Txekian bezalatsu errepide bazterretan; madariondoak dira hemengoak: gobernuren baten kontsigna izan zen nonbait Txekoslavia osoko errepideetako luzeran fruta arbolak landatzea. Landetxeek ez dute Txekiakoek zuten etxebizitza eta abere-eraikinaren bitarteko patiorik.
Mendira heldu gara Ziarera urreratu ahala; dena da mendi eta baso, batez ere enbor meharreko hariztia, ez dira Etxarriko haritz sendoak. Gure txikitako Bizkaia eta Gipuzkoak zuten itxura du lurraldeak. Pinudiak ez diren basoak, Sakanako basoen antza dute; tontor garaiak, dena baso, harkaitzik erakutsi gabe. Mendiartean gabiltza, tarteka mendiz inguratutako zabalgunetan, haltza eta makala nagusi diren mendi-zulo berdeetan hurrengo, trenbidea eta ibaia beti auzo.
Baso triste batean, tximinia zurixka bat, soil-soilik bera, luzatzen da gorantz naturaren efektu berezia bailitzan: anakronismoa dirudi.
Berrikuntza lanak eta izugarrizko auto ilarak errepidean: modernitatearen ordaina.
Ziar. Gris ilunekoak dira teilatuak, arreak; tristeak agertzen dira herriak arbola artean, teila gorrien bizitasunik gabe.
Mailaka-mailaka gorantz estutzen doa zerbaiten pilo ikaragarria ia mendi kaskoa sortuz: aspaldikoa, urteetan pilatutakoa, burdina hondakin itxura du bere kolore gorrixkaz; alboan fabrika handia dago tximinia mordo erraldoiekin.
Badago nonbait salmenta hirian, zeren jendea lanean ari da jo eta ke ortu nahiko zabaletan.
Zvolen. Jadanik ohizkoa zaigun ikuspena erakusten digu hiriak zubi gainetik, goitxoan goazela: eraikuntza tzarrak inguru batean, lehengo hiria bestean, bi paisaia urbano arraz ezberdinak elkarren ondoan.
Nepomuzeno Dohatsuarena da herri guztietan agertzen den santu-irudia, bere sotana, errokete, boneta eta eskuan kristo gurutziltzatu handiarekin: zer sendatu ote zuen paraje honetan ukenduen ordez errezoa erabiltzen zeneko garaietan halako debozioa izan diezaioten. Edo ze gaitzek jotzen ote zuten herria ukenduok nahikoa ez izateko. Agian jesuiten propaganda edo inposaketa besterik ez da izan Nepomuzenorenganako debozioa.
Hizki beltzezko zuria da Eslovakiako auto-matrikula, gehienak hiru hizki eta marraz banaturiko bi multzotako lau zenbakikoak, Espainiakoa baino txikiagoa.
Koskortutako herri bakoitzak du bere tximinia luzea, bere industrialdea. Ez zaie baina kerik gandortzen: gelditutako fabrikak dira edo ikatzaren ordezko errekinen hondakin ketuak ez dira begi bistara nabarmentzen.
Alderantzizkoan jokatu digu gaur egunak: ilun zabaldu du eta argituz joan zaigu.
Kanpalekua
Nahiko zuzen bilatu dugu gure kokaleku berria; baso baten garbigune batean dago. Txori kanta ozena da berdeguneko hots bakarra, errekastoa ere hurrean dugu baina ez dira beraz baliatu, sare batez hertsi baitute pasabidea. Lasai egoteko lekua, lasai egotera etorri bagina, hainbat holandar etorri diren bezala.
"Espagnols" esan digu frantses egiten duen harrerako gizakume helduak. Euskaldunak garela esan diogu. Bekainak altxatuz halako tamalezko keinuaz "ETA" esan digu, ados ez balego bezala. ETAri buruzkoa nola ikasi duen galdetzean albistegietan ematen dutela bere berri erantzun digu. Ez dugu jakin ahal izan Euskal Herriko sakoneko arazoen berririk duen. Hemengo ETAri buruzko albistegietan hango politikoek haina zuritu, aldatu eta ezkutatu egingo dituzte bertako politikoek bere portaera eta jokabide anker zapaltzaileak. EFE agentzia izanen da, onenean ere, hemengo berri-iturria.
Erabat hiritartuta daukate ibaia harrizko hesiz, arbola et sastraka azpiko babesgunea kendu diete arrainei, bortitzago irristatzeko bazter labainagoa dute uholde-urek, eta desegin da lurrari eusteko sustraien sarea. Harriak ez baitira uholdearen euskarririk onenak.
Zirkulazioa bideratzeko garita aurkitu dugu berriz ere hiriko bidegurutzean, semaforoak ere dauden arren,.
Banska Bystrica. Erabat mendebaldartzen ari den hiria, Mendebaleko edozein hiri eder iduri. Erdiko kale zabal luzera mugatzen da herria, bera baita herriko ardatza: denda ederrak eta handiak, erakargarriago egiten dute aurreko mahaitxoei esker berez ere erakargarriak diren kafetegiek. Jendez bizi-bizia aurkitu dugu. Erdi-kale hori da erakustekoa, aisiarako edo merkatal zereginetarako gertatuta eta zaindua dagoen bakarra, lehengo bere xumetasunean diraute alboetako beste kaleak. Plaza, handia da, zaindua, kalea bezala: zutabearen ordez monumentua, eliza, dorrea, etxe bikainak... dena da ederra plazan. Alboko plaza, eraberritzen ari dira: ederra geratuko da, eraikuntzei halako lustrerik ikusten ez bazaie ere hiriko ospetsuenak diren arren; koskarik gabeko obelisko beltz luzanga, inola ere bat ez datorrena inguru argi eta landuarekin: agian sistema komunistak aurreko garaiarekin hautsi nahi zuen arte formetan ere, aurreko arte-armonia-konjunto-inguruari jaramonik egin gabe, askotan aurreko formak eurak ere forma ezberdinez erasoz. Errenazimenduko bi etxe, irtentxo batean kantoi egiten dutenak; kantoi batek ate polita du, besteak Italiako hainbat galeria edo balkoi-korritu gogarazten digu. Bada ibilbide bat ibai ertzean, baina errepidea ere bertan doalarik ez da ez atsegina ez erosoa. Bai katedrala bai gorakoko elizek elizpetik soilik kristal osteko ilunera begiratzeko aukera besterik ez dute ematen; Jasokunde elizak ba omen du triptiko ikusgarria barruan, kanpoko horma kontra Getsemani polikromatu ederra dago agerian non begiratzekoa den herriko jendilajearen aurpegiera xelebrea; Banku batek oparitu dio elizari leiho bateko beirategia, baina ez isilean gelditzeko asmoz: banku-izena kristalean bertan beirategiak haina iraungo duten hizkiz oso nabarmen grabatuta utzi baitu.
Europa Batuak jadanik europar egin bailitu, europar itxurara bilakatzeko izugarrizko lehia susmatzen da. Dena da berrikuntza lana, Eki Alemanian antzo. Agian hona ere, Alemaniara bezala, 5 urte goizago etorri gara, edo 5 beranduago, aurreko garaiko hiria jadanik desitxuratuta dago eta berria itxuratu gabea. Berenez ederrak diren hiri gutxi batzuk ari dira aldatzen, ederragotu beharrez zatartzen; erdigune xarmantena ari dira berritzen herriotan. Alboko kale eta auzoak zein herritxoak, aldiz, zeuden bezain zaharkitu, xume edo ahul diraute. Zenbateraino dago sakoneko aldaketa herrian; bada aldaketarik bizimoldean eta bizieran?; itxura aldaketaren harago doa oskol berritzea?, ala dibisa iturri egin nahi dira hiriok, kanpotarrak erakartzeko?.
Presente dago polizia kalean zein plazan. Zerbaiten beldur nonbait. Euskadin ertzainak eta enparauak bezala, zer eta zeinentzako zaintzen duten badakigu, jauntxoak eta jauntxoen interesak dira zaindu beharrekoak.
Gozotegi asko dago, baina izozkirik ez.
Erlijio sentipenak deuseztatze ahaleginak adierazten du, aldi berean, buruzagiok komenei ez zaien herriaren nahi eta sentimendu oro bortxaz, indarrez ito edo erabiliko dutela.
Zvolen. Inguruko herri nagusia, harreman eta joan-etorri handikoa dirudi. Izozkia eman digu guri. Gaztelua du erakusteko: nabarmen, zuri, arranditsu, gotor itxurarik gabe, herriko tontortxo bakarrean gailentzen da. Oholezko salmahaiak ditu merkatuak.
Gerra mutilez beteta zegoen herria arratsalde beranduan. Armak beti presente.
Gureetan baino merkeagoa dago hemen bizimodua. Merkeagoak ez ezik, gustukoak zitzaizkidalako, zapatilak erosi ditut.
Itxuraberdintzen ari dira hiri guztiak, bere nortasun eta xarma propio galtzen. Mafia eta txorigaldu pila sortu behar du aldaketak hain sakon eraldatzen ari den herrian.
Gerra monumentu asko dago bai herrietan bai inguruetan: gerra-gune gotorra izan zen nonbait zonalde osoa.
Motxailea, ijito, jiteko gizaki asko ikusi dugu Zvolen eskualde osoan. Jite berdineko jendeteria dager gaur ere bidaia osoan, batez ere Brezno herrian eta inguruetan. Gidan irakurri dugu asko direla lan bila etorritako hungariar eta errumaniarrak. Etorkin itxura dute eduki, bai azaleran bai gorpuzkeran. Herritik kanpoko edo inguruko etxe galdu edo utzita itxurako zaharretan daude, baldintza eskasetan, kanpotik begiratu batean behintzat. Tankera berdineko ume asko ikusten da ere. Etorkinek bizitza latza dute edonon, tartetxoa egin eta erroak botatzen hasi arte behintzat.
Kremnica eta Kremnicka, nahastu egiten genituen guk bi herri-izenok, bat ala bi herri ote ezbaian: gizon heldu bati galdetu diot izenotaz: ze garbi ahoskatuz ezberdindu dizkidan bi izenok, bukaera leunez bata, gogorrez bestea.
Hogei eta bat etxatoi holandar sartu dira kanpalekuan, rally eginez datoz, aurrez erabakitako bidea jarraituz, errepidean bakoitza bere abiaduran, baina kanpinean gauero denak elkartuz; jubilatu eta helduei segurtasuna ematen dion bidaiatze era, adinekook bidaia dezagun trikimailua ere bai.
239 kilometro, lautadatik mendiartera.
Txori-kantuz bildurik hartu gaitu gauak, eta txorion txortxorrio berezia izanen da gaurko lo-kanta.
Ekainaren 3a. Asteartea. 30.a-Ek:4.a
Niri ere gertatu izan zait ez dudala nire burua ispiluan topatu, arras beste batek begiratzen zidala usteraino.
Mara-mara, patxada lasaian erortzen ari zaizkigu bidaiako egunak
Bailara estu bakartian, ohiko errepidetatik at, egiten dugu gaur goizeko bidaia; basoa alde bietan, errekatxoa lagun, duela 50 urteko Gipuzkoako edozein erreka-zulotan baikeunden. Bailara polita, beste apartekotasunik gabe: betiko berean, naturak emandako berean, gordetzea du bere politasuna bailarak, natura urratu gabea izatean. Teilatu pike kolorgetutako teila liso gris iluneko nekazari herritxoek ostera ez dute Euskal Herriko kutsurik: herri xume eta goibelak; ez dute, inondik ere, txukun plantarik, ez dira atseginak, ezta politak ere; oinarrizko baldintzetara makurturiko baserri etxeak. Pinu multzoak noizbehinka: ez al dute egingo Euskal Herriko astakeriarik. Su-egurra ebakitzen ari dira, ez dute baina etxe-bueltan tolesturan pilatzen Austrian bezala.
Ez dirudi oraingoz turista uholderik etorriko denik honantz.
Noizbehinka eliza-dorrea azaltzen zaigun lez, hara non, halako batean, tximinia luzea baso-zulo erdian, bera soilik, arboladitik gora, natura sorgindu bailitz, naturari munstrotxoa jaio balitzaion itxuran.
Bigarren izen osagaia galdu zaidan Banska herria azaldu zaigu ondoren bere fabrikarekin baso erdian: Txekian bezala bozgorailuak kaleetan eta lau solairuko etxe gris horietako batean parabolika balkoi bakoitzean; zementuzkoa da eliza, baita udaletxea ere: herritxoetan ez dago dotoretasunik ez berrikuntzarik.
Ebaki egin behar da belarra ganadu-janerako; baina ez dut ulertzen zergatik ebakitzen den bi metroko zabaleran errepide alboko belarra, bere naturaltasunean utzi ordez: moda edo belar-mozteko makina-saltzaileren baten negozioa.
Banska Stiavnica. Herri kuriosoa, ezberdina, bitxia. Meatzari herria omen zen, mea zuloen arabera erreka-zuloan gora eta behera jaio eta zabaldu zen herria. Galtzadarriz jator konpondua du zorua, etxe-saila aldiz bere lehengo horretan uzia dago. Aldatz pikean geografikoki, ekonomikoki gainbehera egin zuen eta gaur egun gorantz ezinean dabil, dirutza behar baita berritzeko. Egun batean turista herri famatua izateko baldintza eta baliabideak ditu, herri bitxia baita: troka batetan, estura itoan, aldatzean, mendian gora. Eibar txiki bat dirudi nolabait. Usadio zaharretako herria omen. Plaza: hiru zutabe bikoitzeko zutabe handia. Goitxoan galduta bada harri gorrizko gaztelutxo moñoñoa. Badu eraikin ederrik, berritzeko badaude ere, gainbehera ekonomikoan hondatu eta zaharkituak. Eliza piloa du aldatzean mailakatuta; batek gangak pintatuta ditu herrialde honetako hainbatek bezala.
Umeek zuten gaur herria hartuta, museoa eta herria bisitatuz. Eguerdian gazteek bete dute une batez kale luzea, bukatu berri zen nonbait ikastetxe ordua.
Mendi-gainez mendi-gain, baso artean, mendiko herritxoak ikusiz, egin dugu itzulera: ez dute ezberdintasun berezirik, mendi magaleko parkea dirudien hilerri bat ezik. Gainbeheran errekatxoa dugu lagun, bira eta bira, bihurgunez bihurgune, harizti erditik. Hilabete honetako aspaldian ikusi ez ditugun haitzak, gorrizka ilunak. Baratza piloa Kremnica inguruan, hainbat jende lanean bertan, merkatuan sosa batzuk ateratzeko ametsez seguru aski.
Kremnica: Etxe berri piloa badu ere alboan, nahiko alferrik galdua dagoen hiribildua. Ez zaio gelditzen lehengo kale-sare askorik. Polita du sarrerako atea. Aldatztxoan du berdegunea den herriko plaza oso zabala: harrizko zutabe erraldoia ozta igarri daiteke estalkia duen zurezko aldamio pean estalia. Meatzaritza-tresneria eta lanbidea erakutsizko Museoa eta bi oroitarri. Bada harresietatik kanpo oinezkoentzako kalea, baliagarri arrunteko dendateria baliagarria soilik duena, gatzik gabekoa. Eliza apainduegi bat, osagaiz beteegia, non ikus daitezken bidegurutzeko koadro erraldoiak, organo txiki xarmanta eta Amabirjina beltza. Harresietatik kanpo dagoen teilatu berde luzedun eliza estilizatu, lerden, luze, argia, dotore agertzen da arratsaldeko eguzkipean.
Hilerriak ez du harresirik hemen ere, paparrean gurutze gorri handia zuen abitu beltzeko fraidea zebilen bertan.
Sotanaz dabil elizako apaiz gaztetxoa.
Gure txikitako tiobiboa, zaldiko-maldikoa, "kateak" deitzen geniona, sinpleagoa ezin: Muniola falta zen bakarrik.
Segak gureetan baino motzagoak eta estuagoak dira, kirtenak ez dute goiko muturreko heldulekurik; ez daramate sega bizkarrean gure baserritarrak bezala, sega desmuntatua, kirtenaren luzeran lotua baizik, min egiteko arriskua ekidin asmoz, segurtasun neurriz.
Handiak dira kamioiak, antzinakoak; Brnora bidean, autobian, badabiltza kamioi modernoak ere, baina nazioarteko garraioan ari direnak dira.
Austrian baino gehiago erretzen da zigarroa kalean Eslovakian, oso gutxi erretzen bada ere.
Biztanle askoko hiri handiak bisitatzen baditugu ere, biztanleria gehiena inguruko edo saihetseko blokeetan pilatzen denez, erdigunera mugatzen da bisitariaren ibilia, beraz txikiak gertatzen zaizkigu hiriok.
112 kilometro, txikitako Euskal Herrian egin ditugu erdiak, baina gaurko automobilean.
Kanpalekuan, austriar gizonezko laukotea dugu aurreko zurezko etxolan, eslovakiar hirukote bat beste batean: badirudi mozkortuz eta lasai egotera datozela gaupasa edo egun pasa kanpalekura.
Katamixarra igo da zuhaitz gerrian gora eta arrama puntatik beste zuhaitzera egin du salto. Gutxitan ikusi ahal dugun sorginkeria.
Gerra hegazkinek zeharkatu dute ziztu bizian zerua hiruzpalau aldiz: militartuta dugu gizarte hau ere.
Burutapenak
Galdez
Asko pentsatu eta gutxi egiten duena omen filosofoa, hala dio eleberriko pertsonaia batek. Egin ez dakit, baina filosofoa izan da eragiten duena, eta hori ere egitea da, ideiak dira gizartearen motorra.
Oroimenak
* Atzera joz egiten dira pentsamenduak, etorkizuna asmatu nahi denean ere.
* Engainagarria da gehienetan memoria.
* Behinola bizi izandako toki antzeko bat omen memoria: ideia kilikagarria.
* Bizitoki pribatua omen memoria: kitzikagarria.
* Lagun latza da sarri oroimena, betirako ahaztuak nahi zenituzkeen oroitzapenak ekartzen baitizkizu.
* Bizigarria edo etsigarria izan daiteke gorrotoa: dosifikatzean dago gakoa.
Egia
* Kaltegarria izan daiteke egiazaletasuna.
* Egia, ankerkeriarik ankerrena mina eragiteko erabiltzen denean.
* Ez arrazonamenduak ez hitz jarioak, ez dute egiatasuna eta errealitatea bermatzen.
* Errekaren lasterraren lakoa omen egia, badoana eta geratzen ez dena: baietz esango nuke.
* Berarekin darama egia dosi bat ahoberokadak ere.
* Egiak ez du irabazten epaiketan, istorio koherente eta sinesgarriak baizik.
* Ezer ez da ziurra, ezta ziurrena usten duguna bera ere; ez da ziurtasunik existitzen.
* Sinetsi nahi diren gezurrak dira egi goxoenak.
* Bestearengandik urrundu egiten gaitu gezurrak.
Denbora
* Hutsa ez da existitzen, ezer ez dagoela diogunean gutxienez lekua dago edo zerbait bertan uzteko aukera.
* Zein da munduaren neurria?, bakoitzak baitu berea.
* Orainaldia dira kontraesanak.
* Edozer dela ere, pentsatzen duena kementsu defendatzea omen dialektika.
* Denbora, zeroa, infinitua… protokoloak dira, elkar ulertzeko baliabide kontzeptualak.
* Badira une inola ere neurtezinak: infinituak, agian zeroak.
* Etorkizuna iragan bilakatzea da denbora.
* Iragana ezin daiteke izan orainaren etsai, osagarri baizik.
* Iragana ez da gogoratzen dugun zerbait, bizi duguna da gogoratzen duguna, aldi berean iragana bihurtzen da, beti biziko dugu orain egiten duguna, bizi duguna beti biziko dugu, ez dago iraganik.
* Tarte amaigabe bat bihur daiteke tarte labur bat.
* Huskeri bihur dezake gainontzeko guztia une batek, edo etorkizuna erabaki.
* Beti jokatzen du paper bat denborak pertsonen zein herrien historian, onerako edo okerrerako, baldintzen arabera.
* Badira infinituak diren uneak, agian une guztiak dira infinituak.
* Mina bizi dugunean, neurria galtzen du denborak.
Adin kontuak
Umeak
* Ez kostarik ikuspegian, ez inolako iparrorratzik norabidean, badaude itsas zabalean arraunean ikasten dabiltzan umeak.
* Parametro ezberdinez neurtzen dute umeek bai denbora, bai bizitza bera ere, baina nagusiok ez dakigu neurketa ezberdin horietara egokitzen.
* Non du bere tribua umeak, etxean ala etxetik kanpoko harremanetan.
* Haurra eta zaharra, biak babesgabeak.
Nerabeak
* Badut irudipena barnean malguki bat duen jostailu bat bezala dela gaztetxoa edo nerabea, giltza emandako mekanismo batek eraginda bezala dabilela, uneko jokamoldeetan ezin kabiturik, bazterrak kaska-kaska joz.
* Ez diegu gazteei ez hazten ez heldu egiten uzten.
Adinekoak
* Ahaleginean iraupen gaitasuna da batez ere adinekoari huts egiten diona.
* Nolabait gazte dirau baliagarri sentitzen den adinekoak.
* Helduena omen eguna, zaharrena gaua: egiatik asko du ideia horrek.
* Lehenago zimeltzen dela gogoa gorputza baino: adineko bakoitzak du bere iritzi propioa honi buruz.
* Berrekileak, nahiz adinekoa, gazte iraungo du.
* Zorionekoa urteen zama eramateko norbaiten arrimua daukana.
* Nortasuna leuntzen omen du denborak, indarrak behintzat bai.
* Ideietan bederen gazte irautea da zaharren zereginetako bat.
* Museotxo bat osatzen dugu zaharrok gure baitako oroitzapenekin.
* Bidean galtzen zaizkigun zerbait omen aiton-amonak, gurasoak ez bezala: bada horrelako zerbait.
* Gazte zarela esaten omen dizute zaharragoen hitzek; gazteagoen begiek, aldiz, zaharragoa zarela: arrazoia du idazleak
Maitasuna
Zer den
* Hatzapar artean jariatzen den harea bezalakoa.
* Bihotza pil-pilean jartzen gaituen oro, horrek mantentzen gaitu bizirik.
* Ulertzen ez duzun modu batean bizitzea.
* Itxitura batean bizitzea: egiatik asko du iritzi horrek.
* Norbaitekiko kezka izan daiteke, edo ez.
* Dena eder egiten duen zerbait.
* Madarikazio bat dela: sentimendu korapilatsua bai behintzat.
* Amesgaizto gaztea-edo omen: hala da, beste zerbait ezberdin bilakatzen baitu denborak.
* Berezko sentimendua omen: baliteke, baina ez gara ohartzen bere balio osoaz, ez dugu arrazoitzen.
Zertan den
* Bakoitza bestearen sutondoa izan: irudi erakargarria.
* Pozgarria da maitasuna, hauspoa damaio bizitzari, baina aldi berean zama ere bada.
* Erradikala da izan maitasuna, baina ez iraunkorra, disfrutatu egiten dugun arren.
* Bi norabide ditu maitasunak, bi norabideak gurutzatzeko tarte horrek damai zorion izpien neurria.
* Obligazioa asko sortzen dituela maitasunak: baita amets gozagarriak ere
* Bakardadeko salbamen edo heldulekua besterik ez da zenbait ustezko maitasuna, agian maitasuna bera.
* Beharrezkoa omen du presentzia fisikoa maitasunak: baiezkoan nago.
* Bat bestearen mirabe ez den bitartean dirau bikotearen loturak.
* Eskutik omen doaz maitasuna eta gorrotoa: ez dabiltza behintzat elkarrengandik oso urruti.
Artea
Mundu ezberdin bat
* Lehia omen artearen hanketariko bat: artista beti da behintzat bere buruarekiko lehiakide.
* Artelanak ez du biharko zerbait izan behar, artistaren uneko gozagarria baizik.
* Talentuak ala ahaleginak du eragin handiagoa?.
* Jendeak gogoratu edo bizi ez duen edozein kreazio-lan, baltsamatutako, disekatutako, edo marmol bihurtutako zerbait da.
* Moldatzen ez denak ez omen funtzionatzen, konponketarik gabe ez omen sormenik: nork egiten dituen moldaketa eta konponketok, hor datza gakoa, norberak ala besteren batek, horrek ematen dio nortasun agiria artelanari.
* Susmagarria dela edertasuna: asko du egiatik iritzi horrek.
Letren errota
* Idaztea edo irakurtzea, askoren gotorlekua da literatura.
* Alkimia omen literatura: hala da, osagai heterogeneo asko nahastu eta kordatu behar du idazleak.
* Ur ezezagunetan murgiltzea omen idaztea: hala da bai.
* Bizitza egoki ustiatzearen ziurtagiria dela egunkaria: bada horrelako zerbait.
* Bizitzaren beste adiera batzuk azaltzeko era da poesia.
* Ez dira inolaz ere azaleko gauza egunkariak, biztanleriak oso gutxik irakurtzen baditu ere, eragin sakona dute politikoengan eta ondorioz gizarte osoan.
* Komunikazioa izan behar du idazleak balizko irakurlearekin idazterakoan, errazagoa eta gozagarriagoa da horrela idaztea. Ez duzu ezer ganorazkorik idatziko inkomunikazioa dagoenean.
* Denbora asko eskatzen du idazteak.
* Zer esan behar duen, zer esan nahi duen eta zergatik idazten duen pentsatu behar du idazleak.
* Idazleak ez direla parte onekoak dio kontakizuneko pertsonaia batek: batzuentzat ez.
* Ekintza-gizonek ez omen dute egunkaririk idazten, memoriak baizik: edo biak.
* Memoriak idaztea errazten du egunkariak.
BURUTAPENAK
Lapikoa bor-bor
* Aspergarria izan daiteke gaiak errepikatzea, baina sarriago errepikatu behar genuke zenbait gai.
* Haizeak eramaten du orbela.
* Euriak garbitzen du zenbait lohi, baina baieta eta lixiba indarrez eraginez ezabatzen dira hauts itsatsiak eta grakak.
* Eragin gutxi du zomorro bakarrak, baina sekulako indarra eta eragina dute taldean.
* Konkretatzen diren heinean dira eraginkorrak ideia orokorrak.
* Ideia berri asko dagoenean, aurrerapen gutxi.
* Hutsune artifizialak sortzea da erabakiak koldarkeriagatik luzatzea.
* Badu intimitate geruza bat igogailuak.
* Geuk eman behar diegu aukera balizkoei.
* Segurtasun tinkoa sortarazten du etorkizun ezezagunak.
* Zein da atzerrian jaio den errefuxiatu edo etorkin baten aberria.
* Gehiago dakizula adieraztea da galdeketa batean poliziari zerbait aitortzea; dena ukatuz eta isilean tematuz, agian ezer ez dakizula, gehiago bederen, sinetsiko dizute.
* Kartzela garaitu duela erakusten du bere ideien alde darraien preso politikoak, aldi berean kartzela politikaren porrota.
* Oraina adina, iragana ere erakusten digu ispiluak.
* Agian geroaz ere hitz egiten digu ispiluak.
* Gure baitara begiratzeko balio omen dezakete ispiluek: begi zintzoak eta garbiak behar ditu horretarako aurrean denak.
* Zer da uneko zure errealitatea: matriuska bat bezalakoa da errealitatea, amets bat beste baten barnean, beste bat azken horren barnean... balizko ”agian” denak.
* Zer da hutsunea: leku asko eskatzen du sarri.
* Nor gehiago helburua duen kirola eboluzioaren teoriaren parekoa da, dirauenak irauten du eta geroa markatzen.
* Jaki oro da gozoagoa eskasian.
* Zenbat azpi-hizkuntza ezberdin hizkuntza batean: eskuena, keinuena, begiena…
Barne muinetan
* Barruan ez badaukagu nahi duguna, alferrik da kanpoan bila ibiltzea.
* Barrura begiratzen laguntzen digunean da ederra kanpoa.
* Ihesbide bila hasiko da bere barnera begiratzen ez duena.
* Aldatu egiten dituzte sentimenduak eta bizipenak isiltasunak eta bakardadeak, errealitatearen ikuspegia ere.
* Zerbait desorekatuta dago beldurra darionean isiltasunari.
* Herriz kanporatzea baino mingarriagoa da barne erbestea.
* Isiltasuna: baretasuna damaite zenbait isiltasunek; izu-ikara eta ezinegona sortarazten, aldiz, beste zenbaitek.
* Norbera ezagutzeko parada paregabea da bakardadea.
* Bakardadea, bizigarri ez denean, herio bihur daiteke.
* Zeren ezaugarria ote bakardade beharrik ez edukitzea?
* Zergatia jakitea beti da esperantzara atea.
* Besteengan pentsatzen ari gara ala norberaren oreka gozagarri bat lortu nahian itxura edertzen ahalegintzean.
* Norberaren edertasunari jartzen diogu muga besteentzako dotoretzen garenean.
* Lagun baten kontakizunak zenbateraino eragiten digun edo interesatzen gaituen izan daiteke elkar-min horren neurria ematen diguna.
* Poliziak ez du gorputza zigortzen anima baizik.
* Arazo kezkagarria da errazegi aspertzea, esperientzia eztia da egon hutsarekin gozatzea.
Utopiak eta bizi-mina
* Sentimenduen gailur-une oro da kontraesankorra, kontraste sakonak ekarri ohi ditu.
* Bizitzaren borrokan ibilbidea atsegina egiten ahalegintzea da zoriona.
* Zoriona likatsua dela: beti, itsatsita baitugu bere irrika, bere bila gabiltza beti.
* Zoriona ez da erosten, irabazten ere, lortu eta sortu soilik egin daiteke.
* Zorionekoa bizitzari irribarre egiten dakiena.
* Kanpoko zerbaitek emaniko sentimendua omen zoriona, poza, aldiz, barnetik datorren zerbait: zorionak objektu bat du, pozak ez.
* Misterio bat da zoriontasuna: non dago, zertan datza…
* Gezurrezko barreak egiteak asko zahartu dezakeela: hala uste dut.
* Barrea dela automedikatzeko sendabidea: bizipozaren ikurra da barrea.
* Neguko eguzki epela bezalakoa da poza, eramangarria egiten du negua.
* Bere baitan izan ohi du ere tristura poztasunak.
* Umea haztea zenbateraino da zorion iturria gurasoentzat, zenbateraino ez da betebehar bat, zenbateraino da osatzen eta betetzen zaituen zerbait: gutxi hitz egiten da honetaz.
* Erromantizismoz, poesiaz, bildu ditugu amatasuna zein haurraren lehen hilabete-urteak, baina nekosoa, aspergarria, baloratu gabea da, gizonak nahi izan ez duen ardura, eta gaur ere emakumearen bizkar dagoena gehien bat.
BURUTAPENAK
IBILIZ
Ezinak eta euskarriak
Ezinak
* Txikitatik ezarri ziguten bekatari sentipena askori, erraldoituz joan zaigu bizitzan: astunago egiten jarraitu du gizarteak berak errudun motxila hori.
* Besteen karga da sarri norberarena baino astunagoa.
* Edozein motakoa dela ere, mina pairatzen duen baten lagun edo ingurukoek zer dute egiteko, zer egin dezakete edo zer egin behar dute: ez dakit.
* Denok dugu barnean kosk egiten digun harren bat: analgesikoekin eramangarri egiten saiatzen bagara ere arintzen ez zaiguna.
* Galderei erantzunik bilatzeko inor ez duzunean pairatzen duzu bakardaderik gordinena.
* “Krudeltasuna beldurraren ordaina duk”: eta mendekua, ezinarena.
* Norberarekiko sadiko samarrak gara sarri, samina iraunarazten bezala saiatzen baikara.
* Ze tristea den beti esperoan, zerbaiten zain, dagoenaren egoera.
* Depresioa izateko arriskua du atzera gehiegi begiratzen duenak.
* Pospoloa eskuan eta zuzia urruti: ezinaren irudia.
* Beldurrak ez du neurririk
* Joanak eta geroak ehuntzen duen sarean harrapatuta bizi gara.
Euskarriak
* Zenbat maskara jartzen ditugun ezinak mozorrotzeko.
* Bi oreka ditu bakoitzak, barne oreka eta kanpoaldekoa, oreka bien koska berdintzen dugun heinean gara zoriontsuak.
* Bere barne oreka propioa du bakoitzak, sarri galtzen dugu oreka hori, pazientzia eta itxoitea behar da barne bere onera itzuli dadin: aldarte mingarri asko arinduko du hori ulertu duenak.
* Jakinduria eskatzen du babesa emateak, eta hori ez dago edozeinen esku.
* Aspertu, alfertu eta arimaz usteldu ere egiten da zer eginik ez duena.
* Berezkoa du gizakiak negar egitea, ala hori ere ikasi egiten da?.
* Leku gutxi dute emozioek gure bizitzan, ardurek hartuegiak gaude, horregatik da atsedena gizakion premia nagusia.
* Mobila, txikiteoa, telebista, ordenagailua… asperduraren aurkako defentsak dira sarri, agian gehienetan, bestelako irudiz apaindu nahi badugu ere.
* Barnea husteko modu bat izan daiteke une batean orgasmoa.
* Bakardadeko ihesak: gozoenak edo saminenak izan daitezke.
* Dirua ere erosten omen du diruak: bistakoa.
* Norbera norberegan egoteak beharrezkoa du norbere itxura ez aldatzea.
* Nahia eta ekina eskutik ez badoaz, anabasa eta antzutasuna.
* Zorionekoa bestearen begietan jartzen duena mundua eta zoriona.
* “Ze parea odolberoa eta odolzalea”: odolaren nolakotasunaz harago, pentsaerak du barreneko eraginkortasuna.
* Hilik geratzeko zorian dago inguruarekiko osmosiarik ez duena.
Ibilikoak
Norabidea
* Nortzuk dira gizarteari, munduari berari ere, eragiten dienak: misterio zaigu, eta horretaz baliatzen dira eragileok, Eliza misterioez baliatu izan den bezala.
* Boterean dauden politikoek erabakitzen dute zer dagoen ondo zer gaizki, garai batean erlijioak bezala.
* Agintekoei dagokie legeak egitea, mendekooi legeok haustea: mendekoak ere legeak egiten partaide izanen direnean izanen da demokrazia.
* “Gerra legean ez da ezer probatu behar”: gerra-legearen mende gaude betidanik, poliziaren “partea” nahikoa baita epaileentzat.
* Suari suak erantzutean da arriskutsua sutea, basoan ez ezik, gizaki eta gizartean ere.
* Errealitateari ihes egiteko nahiak eta ahaleginak egiten gaitu esklabo.
* Bidegurutzeek ezartzen digute bidea bizitzan, aukeratzea bera ere baldintzatzen digute.
* Ametsek beti diraute amets, betetzen direnean ere.
Urratsez urrats
* Guzti guztiak du eragina mundu honetan: ekintzarik sinpleenak ere.
* Fedea, edozein dela, ez da erosi edo oparitu daiteken zerbait, bakoitzaren barneko emari bat baizik,
* Murrurik gabeko kartzelan bizi gara, barneko kezka eta burutapenak komunikatu ezineko isolamenduan sarri.
* Arimaren atseden-une izan behar du loak, gorputzarenaz harago.
* Irudimenak ematen dio gizakiari hegan egiteko ahalmena, hila dago bere presondegian hegan egiten ez dakiena.
* Amore ematen du espirituak tentaldi gehienetan, benetako tentaldi tentagarriak direnean.
* Adioaren ordua iluna izaten dela: ez beti.
* Ze zaila den sarri nonbaiteko hor jakin batean egotea.
* Abia aurreko poza eta egon zaren lekuen oroitzapena omen pasaportea: hala da.
* Agerian uzten omen penek eta nahigabeek fedea. Edo fedea galarazten.
Bidelagunak
* Kidea libreago sentiaraztea behar du izan harreman ororen uzta.
* Egotea omen lagun izatea, egoten jarraitzea: egoten jakitea ere.
* Huskeriatxo bat izan daiteke zenbatetan laguntasun eta elkartasunaren neurria.
* Elkar komunikatzearen magia du begiradak.
* Fedearen soldaduak dira apaiz gehienak, ez gizakiaren bidelagunak.
* Bere kabuz hautatu ezin duen pertsona bilakatu gaitezen ahalegin eta lanean ari dira mila trikimailu ezberdinez izen zehatzik ez duen hor nonbaiteko hainbat.
* Oker orori bilatu behar izaten diogu errudun bat, horrek egiten gaitu ia denok susmagarri.
* Esku bakar batzuetan dago mundua, kontratatu batzuk besterik ez gara besteok.
BURUTAPENAK, 4
I
BAGARA
Izanez izan
* Arnasa hartzen dugu, ibili gabiltza, hitz egiten dugu, mila gauza egiten dugu… baina bizi?. Zer da bizitza?.
Bizitza
* Tarte gozagarriak eskaintzen dituen karga astuna.
* Korapilatutako ametsen soka.
* Aldentze bat: baina aldi berean hurbiltze bat ere.
* Hezur mordo astuna omen: hala dirudi sarri.
* Heriotza alboratzeko etengabeko saioa.
* Norberaren etengabeko erredentzioa, berrerospena.
* Zirriborro bat besterik ez, azkenean
Bizitzaz
* Besteentzako goxoak izaten ahaleginduko bagina, bestelako eramangarria litzake bizitza.
* Ez dela ona mamurik gabeko bizitza: egia da akuilu direla mamuak.
* Zoko txikiak ditu hiri handienak ere, esparru mugatu horietan eraikitzen du bizitzak bere esparru propioa.
* Beldurra eta esperantza, bizitzako osagai nagusiak.
* Gauzak ondo egiten saiatzen denak soilik gozatzen du bizitzaz.
* Akatsak ulertzeak zentzua ematen dio bizitzari.
* Norbere baitara begira ibiltzen dakienak eginen du estropezu gutxien bizitzan.
* Bizitza ez da pairatu behar, beltz datorrenean ere.
Biziz
* “Jokoan nekez irabazten da erronka jo gabe”: hala da bizitzako maila orotan.
* Determinismotik asko dauka bizitzak, zer askok baldintzatzen baikaitu.
* Bizitzan denak dirudi itxura, hain da aldakorra!.
* Tirania omen existentzia: jakina, ezinbestekoa baita.
* Arrazoia eta bihotza, bizitzako bi zutabe: bien arteko orekan dago gakoa.
* Hainbat gizatalderen egoera ezin prekariagoa ikusiz, argi dago politikoentzat eta hauek sostengatzen dituztenentzat hutsaren hurrengoa dela besteen bizitza.
Heriotzaz
* Adinaz eta sasoiaz harago, bakoitzak egiten du bere tontorra bizitzan; gain hori jota, beherantz egiten dugu ondoren.
* Orain garenaren bukaera da heriotza berez; askorentzat, aldiz, ihesa.
* Mundua bukatuko zaigula sentipenaz bizi baino, hobe munduaren erritmora egokitzea.
* Bizitza bera omen heriotza baino txarragoa: baina beti izanen heriotza izatekorik txarrena.
Garenak gara
Gu geu
* Biziberritu egiten gaitu zenbait ilunabarrek, beste zenbaitek, aldiz, goibeltzen: kontraesankorrak eta baldintzatuak gara.
* Ez da inor neutralik ezertaz, jarrera bat da jarrerarik ez hartzea bera.
* Sari bat espero da beti sakrifizio baten ondoren, ez dago sakrifizio altruistarik.
* Bere buruarentzat ari da gehienetan berritsua
* Intentzioz edo ez, krudelak ere izan ohi dira “iritzi eta aholku zintzoak”.
* Jolasa omen luxurik handiena: baietzean nago, irudimenarekin jolasean bizi baikara egunero.
* Gogoa baino moldagarriagoa dela gorputza: ez dago dudarik.
* Norbera omen arazoak konpondu ahal dezaken bakarra: bai, baina, agian.
* Preso politiko bat kalera ondoren ideien gatibu jarraitzea da bere ideien baliozkotasuna.
* Ezin da beti ihesean bizi, beti dator gerarazten zaituen ahuldade une bat eta.
* Norbere etsai bihurtzen da gorputza, gogor egin behar zaio gorputzari, fedea izan beraz. Amore eman eta errazegi jotzen dute medikuetara askok: gorputzaren esklabo bihurtzeko arriskuan egonen zara aurrerantzean.
* Erlatiboa da geu bakoitzaren historia, besteen iritziez harago, aldatu egiten baita sarri bakoitzaren norberarekiko iritzia, bere buruaz egiten duen interpretazioa.
* Zirriborro bat omen aurpegia, baina baita argazki hipererrealista ere.
* Preso gaude aske bizi garela uste dugunean ere, beti zerbaiten preso, katearen luzeran edo gelaren zabaleran dago aldea.
* Pertsonak berak taxutzen du bidea, ala bideak pertsona?.
* Kanpora edo kanpoan ateratzen ditugun hotsak ez ote barne-hotsen isla, oihartzun edo ondorio?.
* Ezjakina da gezur-sinesle gehiena.
Gu eta besteak
* Baten ahuleziaren ondorioa da bestearen indarra.
* Zapalduak beti ordaintzen du garesti askatasun ametsa.
* Nor den dakienak soilik eginen du borroka eragilea.
* Nahi ezta ere, nahiz inkontzienteki, beti ematen dugu, ematen ari gara, zerbait norbaiti.
* Senekak esan omen zuen krudelkeria eta mendekua koldarkeriaren ondorena direla: begiratu besterik ez dago Euskal Herriari eta euskal presoei buruzko Madrilen politikari.
* Misterio bat da zerk eginarazten dituen bi pertsona lagun min, zerk etsai amorratu.
* Dibertimendu bezala egiten du askok ongia, kontzientzia iruzurtzeko beste askok, bada ere dionik eskerroneko izan behar garela pobreekin karitatea egiteko aukera ematen digutelako.
* Ez dago gordeleku den hiri edo herri handirik, denek elkar ezagutzen diren ghetto eta taldetxoz osatuta baitaude hiriok.
* Arriskutsua da barrerik egiten ez dakiena.
* Apala behar da izan bestea ulertzeko, harroek ezin dute bestea ulertu.
* Hildakoen hutsunea, elkarri esan ez genionak eragiten du batez ere.
* Zenbait pertsonek, nahiz maitagarriak, ez gaituzte erakartzen.
* Transatlantiko erraldoia da mundua, bakar gutxi batzuk soilik dira lemazain, galeote modernoak gara beste denok.
* Inork ez duela inor barkatzen irudipena dut: barka eskatzeak, harremanei eusteak… ez du irainak utzi duen arrastoa ezabatzen.
Nor nori nork
Nor
* Buztina omen gara gizakia, baina haustezinak bihurtzen gaitu bizitza-labak egosten gaituenean.
* Flysch bat gara pertsona bakoitza, bizitzako itsasgorak estalita sarriegi, inork irakurri ez dezan gure pleguetan.
* Ez dakit sasi arimaren erreflexua ez den ispiluan dakusaguna, barnera soarena behar luke izan irudi horrek.
* Norbere bizitzarekin zer egin: pertsona baten lehen ikasgaia.
* Asko dira alde bietan irudi bera duen txanpon lez bizi direnak.
* Ba da gauzak gaizki doazenean erosoago sentitzen den jende bat.
* Zein arriskutsua den arimaren itsaslabarren ertzean ibiltzea, baina ibili egiten gara, horregatik erortzen gara hain sarri, horregatik dugu hainbeste orbain.
* Zein sinesberak garen laudorioentzat, zein erraz justifikatzen kritikak.
* Geldi egon behar duenak mugikortasun mentala du eusgarri.
* “Etxea norberaren ispilua da”: hala da izan.
* Denok ditugu bizipen eta oroitzapen sekretuak hor barneko tolesetan dirautenak, noizik behin esnatu eta barneastintzen gaituztenak.
* Koherentzia baino, adostasuna, menpekotasuna, irakatsi ziguten ikasketetan.
* Zer da astunago edo eramangaitzagoa: egin ahal zuena egin ez izana ala egin gabe utz zezakeena egin izana.
* Norbera norbere ahalen mugetaraino eta harago behartzeak erakusten du bakoitzaren zenbaterainoko sendotasuna.
Nork Nori
* Inork ezagutzen al du inor?, ezagutu ahal du ere?. Isla bat gara, edo oskol iragazgaitz batek biltzen gaitu.
* Ongia bailitz, ongia delakoan alegia, egiten du askok gaizkia.
* Zenbat eta arruntagoa botereduna, orduan eta arriskugarriagoa.
* Bi errealitate ezberdin omen dira izaera eta nortasuna, ez direla elkarren lagun, izan daitezkeela elkar baztertzaile ere: bada horrelako zerbait.
* Zenbat lokarri ikusezinek lotzen gaituen: beldurra diogu lokarriok bilatzeari.
* Denoi falta zaigu beti norbait.
* Zenbati egiten zaion bultza arimaren labarretan.
* Oso baliagarria da eztabaida norberak zer pentsatzen duen deskubritzeko.
* Bizitzan baino zeregin eta eragin handiagoa dute zenbait hildakok zendu ostean.
* Murrurik gabeko kartzelan bizi gara, barneko kezka eta burutapenak komunikatu ezineko isolamenduan sarri.
* Besteengana hedatzen da dakiguna, eta dagigun hori besteengan islatzen da, gauzatzen ere; inola ere ez gara neutroak ez inguruekiko, ez inguruarekiko.
* Berezkoa, sortzetik datorkiona, omen gizakiaren txarrerako sena; hiltzaileak omen borroka horretan galtzaile direnak: teoria latza, gizakiarekiko irudi gordina, baina ikusiak ikusita, sinesgarria.
* Informazioaren indarra, hori da boterea.
* Gauzek agintzen diote askori; gauzen gainetik dauden ideia eta jarrerek eragiten die munduari, baina.