Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK, 4

BURUTAPENAK, 4

Jon Etxabe 2020/05/22 10:05
Bagara

I

 

BAGARA

 

Izanez izan

* Arnasa hartzen dugu, ibili gabiltza, hitz egiten dugu, mila gauza egiten dugu… baina bizi?. Zer da bizitza?.

 

Bizitza

* Tarte gozagarriak eskaintzen dituen karga astuna.

* Korapilatutako ametsen soka.

* Aldentze bat: baina aldi berean hurbiltze bat ere.

* Hezur mordo astuna omen: hala dirudi sarri.

* Heriotza alboratzeko etengabeko saioa.

* Norberaren etengabeko erredentzioa, berrerospena.

* Zirriborro bat besterik ez, azkenean

 

Bizitzaz

* Besteentzako goxoak izaten ahaleginduko bagina, bestelako eramangarria litzake bizitza.

* Ez dela ona mamurik gabeko bizitza: egia da akuilu direla mamuak.

* Zoko txikiak ditu  hiri handienak ere, esparru mugatu horietan eraikitzen du bizitzak bere esparru propioa.

* Beldurra eta esperantza, bizitzako osagai nagusiak.

* Gauzak ondo egiten saiatzen denak soilik gozatzen du bizitzaz.

* Akatsak ulertzeak zentzua ematen dio bizitzari.

* Norbere baitara begira ibiltzen dakienak eginen du estropezu gutxien bizitzan.

* Bizitza ez da pairatu behar, beltz datorrenean ere.

 

Biziz

* “Jokoan nekez irabazten da erronka jo gabe”: hala da bizitzako maila orotan.

* Determinismotik asko dauka bizitzak, zer askok baldintzatzen baikaitu.

* Bizitzan denak dirudi itxura, hain da aldakorra!.

* Tirania omen existentzia: jakina, ezinbestekoa baita.

* Arrazoia eta bihotza, bizitzako bi zutabe: bien arteko orekan dago gakoa.

* Hainbat gizatalderen egoera ezin prekariagoa ikusiz, argi dago politikoentzat eta hauek sostengatzen dituztenentzat hutsaren hurrengoa dela besteen bizitza.

 

Heriotzaz

* Adinaz eta sasoiaz harago, bakoitzak egiten du bere tontorra bizitzan; gain hori jota, beherantz egiten dugu ondoren.

* Orain garenaren bukaera da heriotza berez;  askorentzat, aldiz, ihesa.

* Mundua bukatuko zaigula sentipenaz bizi baino, hobe munduaren erritmora egokitzea.

* Bizitza bera omen heriotza baino txarragoa: baina beti izanen heriotza izatekorik txarrena.

 

Garenak gara

Gu geu

* Biziberritu egiten gaitu zenbait ilunabarrek, beste zenbaitek, aldiz, goibeltzen: kontraesankorrak eta baldintzatuak gara.

* Ez da inor neutralik ezertaz, jarrera bat da jarrerarik ez hartzea bera.

* Sari bat espero da beti sakrifizio baten ondoren, ez dago sakrifizio altruistarik.

* Bere buruarentzat ari da gehienetan berritsua

* Intentzioz edo ez, krudelak ere izan ohi dira “iritzi eta aholku  zintzoak”.

* Jolasa omen luxurik handiena: baietzean nago, irudimenarekin jolasean bizi baikara egunero.

* Gogoa baino moldagarriagoa dela gorputza: ez dago dudarik.

* Norbera omen arazoak konpondu ahal dezaken bakarra: bai, baina, agian.  

* Preso politiko bat kalera ondoren ideien gatibu jarraitzea da bere ideien baliozkotasuna.

* Ezin da beti ihesean bizi, beti dator gerarazten zaituen ahuldade une bat eta.

* Norbere etsai bihurtzen da gorputza, gogor egin behar zaio gorputzari, fedea izan beraz. Amore eman eta errazegi jotzen dute medikuetara askok: gorputzaren esklabo bihurtzeko arriskuan egonen zara aurrerantzean.

* Erlatiboa da geu bakoitzaren  historia, besteen iritziez harago, aldatu egiten baita sarri bakoitzaren norberarekiko iritzia, bere buruaz  egiten duen interpretazioa.

* Zirriborro bat omen aurpegia, baina baita argazki hipererrealista ere.

* Preso gaude aske bizi garela uste dugunean ere, beti zerbaiten preso, katearen luzeran edo gelaren zabaleran dago aldea.

* Pertsonak berak taxutzen du bidea, ala bideak pertsona?.

* Kanpora edo kanpoan ateratzen ditugun hotsak ez ote barne-hotsen isla,  oihartzun edo ondorio?.

* Ezjakina  da gezur-sinesle gehiena.

 

Gu eta besteak

* Baten ahuleziaren ondorioa da bestearen indarra.

* Zapalduak beti ordaintzen du garesti askatasun ametsa.

* Nor den dakienak soilik eginen du borroka eragilea.

* Nahi ezta ere, nahiz inkontzienteki, beti ematen dugu, ematen ari gara, zerbait norbaiti.

* Senekak esan omen zuen krudelkeria eta mendekua koldarkeriaren ondorena direla: begiratu besterik ez dago Euskal Herriari eta euskal presoei buruzko Madrilen politikari.

* Misterio bat da zerk eginarazten dituen bi pertsona lagun min, zerk etsai amorratu.

* Dibertimendu bezala egiten du askok ongia, kontzientzia iruzurtzeko beste askok, bada ere dionik eskerroneko izan behar garela pobreekin karitatea egiteko aukera ematen digutelako.

* Ez dago gordeleku den hiri edo herri handirik, denek elkar ezagutzen diren ghetto eta taldetxoz osatuta baitaude hiriok.

* Arriskutsua da  barrerik egiten ez dakiena.

* Apala behar da izan bestea ulertzeko, harroek ezin dute bestea ulertu.

* Hildakoen hutsunea, elkarri esan ez genionak eragiten du batez ere.

* Zenbait pertsonek, nahiz maitagarriak, ez gaituzte erakartzen.

* Transatlantiko erraldoia da mundua, bakar gutxi batzuk soilik dira lemazain, galeote modernoak gara beste denok.

* Inork ez duela inor barkatzen irudipena dut: barka eskatzeak, harremanei eusteak… ez du irainak utzi duen arrastoa ezabatzen.

 

Nor nori nork

Nor

* Buztina omen gara gizakia, baina haustezinak bihurtzen gaitu bizitza-labak egosten gaituenean.

* Flysch bat gara pertsona bakoitza, bizitzako itsasgorak estalita sarriegi, inork irakurri ez dezan gure pleguetan.

* Ez dakit sasi arimaren erreflexua ez den ispiluan dakusaguna, barnera soarena  behar luke izan irudi horrek.

* Norbere bizitzarekin zer egin: pertsona baten lehen ikasgaia.

* Asko dira alde bietan irudi bera duen txanpon lez bizi direnak.

* Ba da gauzak gaizki doazenean erosoago sentitzen den jende bat.

* Zein arriskutsua den arimaren itsaslabarren ertzean ibiltzea, baina ibili egiten gara, horregatik erortzen gara hain sarri, horregatik dugu hainbeste orbain.

* Zein sinesberak garen laudorioentzat, zein erraz justifikatzen kritikak.

* Geldi egon behar duenak mugikortasun mentala du eusgarri.

* “Etxea norberaren ispilua da”: hala da izan.

* Denok ditugu bizipen eta oroitzapen sekretuak hor barneko tolesetan dirautenak,  noizik behin esnatu eta barneastintzen gaituztenak.

* Koherentzia baino, adostasuna, menpekotasuna,  irakatsi ziguten ikasketetan.

* Zer da astunago edo eramangaitzagoa: egin ahal zuena egin ez izana ala egin gabe utz zezakeena egin izana.

* Norbera norbere ahalen mugetaraino eta harago behartzeak erakusten du bakoitzaren zenbaterainoko sendotasuna.

 

Nork Nori

* Inork ezagutzen al du inor?, ezagutu ahal du ere?. Isla bat gara, edo oskol iragazgaitz batek biltzen gaitu.

* Ongia bailitz, ongia delakoan alegia, egiten du askok gaizkia.

* Zenbat eta arruntagoa botereduna, orduan eta arriskugarriagoa.

*   Bi errealitate ezberdin omen dira izaera eta nortasuna, ez direla elkarren lagun, izan daitezkeela elkar baztertzaile ere: bada horrelako zerbait.

* Zenbat lokarri ikusezinek lotzen gaituen: beldurra diogu lokarriok bilatzeari.

* Denoi falta zaigu beti norbait.

* Zenbati egiten zaion bultza arimaren labarretan.

* Oso baliagarria da eztabaida norberak zer pentsatzen duen deskubritzeko.

* Bizitzan baino zeregin eta eragin handiagoa dute zenbait hildakok zendu ostean.

* Murrurik gabeko kartzelan bizi gara, barneko kezka eta burutapenak komunikatu ezineko isolamenduan sarri.

* Besteengana hedatzen da dakiguna, eta dagigun hori besteengan islatzen da, gauzatzen ere; inola ere ez gara neutroak ez inguruekiko, ez inguruarekiko.

* Berezkoa, sortzetik datorkiona, omen gizakiaren txarrerako sena; hiltzaileak omen borroka horretan galtzaile direnak: teoria latza, gizakiarekiko irudi gordina, baina ikusiak ikusita, sinesgarria.

* Informazioaren indarra, hori da boterea.

* Gauzek agintzen diote askori; gauzen gainetik dauden ideia eta jarrerek eragiten die munduari, baina.

etiketak: Burutapenak 4
Serafin
Serafin dio:
2020/05/26 20:33
Burutapenak barnebaitaratzen gaituztenak. Sakonak.Lehendik ere baduk sorta polita: 1, 2, 3...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta