Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/07/10 19:13
ESLOVAKIA. Spiiske Podhaire, Kosice, Presov, Zdiar, Strabske Preso, Martin, Zilina.

Ekainaren 7a. Larunbata. 34.a-Ek:8.a

                                                                                            

Juanjo: "Norbera ez da gai serioa". Gehienetan ordea, agian zeharka edo inkontzienteki,  norberez eta norbere gauzez ari gara gehienok. Gure jarduna, beraz, ez da serioa.

 

Hilabete atera ginenetik, gaurkoa dugu lehenen euri-eguna.

 

Spiiske Podhraie. Zaharra, tontorreko haitz puntan hondatutako gaztelu erraldoia ikusten zaiola urrutian; gaintxoan dagoen aldaz beherako kale bakarreko hiribildu luzea da, etxe ederrak ditu, eraikin zaharrak, ez dirudi bertan inor bizi denik: lehengo berean dago kalea, ez dago gaurkora hirituta.

Spis etxeak ikustera etorri gara eta suertez apaiza, gaztetxoa gaurkoa, bertan suertatu zaigulako eliza ere ikusi ahal izan dugu: sekulakoa da aldare nagusiko erretaula-triptikoa, ikustekoa ere alboko hainbat aldaretakoak: Erdi Arokoak nola ez; horrez gain zurezko armarri tailatuak, hilobien marmol gorrizko estaldura erraldoiak jauntxoen iruditzar zizelatuekin, banku multzo landua, presbiterioko ganga pintatua eta organoa.

Errepikatu egiten dira elizetako osagai gehienak baina eliza bakoitza da harridura sortaraztekoa; errepikagarria arren, asperdura ordez harridura izugarria sortzen du eliza honek ere.

 

Bide ezohizkotik doa gaurko bidaia, mendi barruko bailara nagusitik at: zeharkatu egiten ditugu herri eta herrixkak, saihestu gabe; errotuta dago hemen ere zonalde batzuetan txabolismoa, nabarmen errotuta, egon ere; zonalde pobrea dirudi,  etxe eta etxe-inguruek, baina batez ere biztanleen itxurak, erakusten dute hori: etorkina uste dugun jendea da ikusten duguna: beltzaranak, ijito itxurakoak, hungariar edo errumaniarrak; gainera gaurko egun goibel euritsuak histu egiten du sentipena. Etxe blokeak ere tristeagoak dira eguraldi honekin. Ibai zabala ere gorri edo lur kolorekoa dator: euri asko egin du nonbait, baina nik kutsaduragatik ote den susmoa dut.  Egunotako paisaia fisikoa ez zaigu aldatu, paisaia humanoa da aldatu dena: etorkina, txabola, gizarte pobreagoa, behartsuagoa, miseria hurretik bizi duenaren tankerakoa, bizitzeak berak nahikoa lan ematen diona. Lurralde eta gizarte pobrean babestu dira etorkinak eta pobreak hemengo gizartean ere. Mendiarteko zonalde bakarti baztertu pobre honetan txabola eta ahal duen bezala bizi dela dirudien jendea ikusten dugu. Skoda zaharrak dira autoak ere, ez da ia auto berririk ikusten herri hazien inguruan ez bada.

Errazago kokatzen da nonbait etorkina zonalde pobreetan: solidaritate handiagoa dago pobrezia konpartitzeko aberastasuna banatzeko baino; zonalde aberatsek mila eratako bi mila trikimailu ezberdin dute pobreak ingurutik bidaltzeko: pobreak itxura txarra ematen du, pobrea ez da gustuko ikuskizuna aberatsen inguruan, bere paisaia desitxuratzen du; bidali, bota, baztertu, egiten du pobrea zonalde aberatsak edo aberatsagoak, era guztietako sasi arrazoiak bilatzen dira horretarako; etorkinak zatar egiten du txoko txukunetan, etorkinak traba egiten digu guk egin nahi ez ditugun zereginak betetzeko ez bada. Azkenez, pobreagoa pobrearen ingurura hurreratzen da. Bai nazioartean, bai nazio barruan, bai herrietan, bai herri arteko mailan, bai giza taldeetan ere.

 

Bailaraz aldatu gara.

Ibaia baino gehiago laku luzea dirudienaren alboetan erruz dago peskaria ahal duten bezala euritik babestuz, batzuk kanpin-dendatxo eta guzti; sua ere egina dute talde askok. Mendiarteko zonaldea da, tarteka tximinia luzerik ikusten bada ere; nekazari lurra behar du izan, lur gutxiren jabetzako nekazari lurraldea, mendiarteko bailara estua baita; maldetan dauden zelaitxoak ezik ez da ageri beste lur erabilirik.

Herri orotan dager futbol zelaia hemen ere, Eslovakia osoan bezala: horiek dira lurralde honetako belar-sail karratu bakarrak.

Gizon koadrila zebilen eliza pintatzen herri batean.

Buruzapi, amantal-soineko estanpatu eta sport galtzerdi luzeekin jarraitzen dute amonatxoek. Bailara berri honetako herriak, sinpleak izanik ere, dotoreak ikusten dira aurreko txabolen ondoan: dena da erlatiboa.

 

Aldats luzea igo behar izan dugu beste aldea hartzeko mendilerroari, Eslovakian igotzen dugun bigarren aldatsa. Artalde handia zabal belartzan  eta beste bi artalde aurreko magalean itxituran gordeta. Dena da belarra eta basoa: beste Eslovakia bat dugu hau, aurreko lautadakotik arras ezberdina; izeidia, haritza, pagoa, haltza eta beste hainbat zuhaitz mota. Gora helduta, urrutietan galtzen da basoa, tontorrik tontor, gainez gain, lurralde izugarri zabala betez; txankameheak dira zuhaitzok, gazteak nonbait. Goitik  begiek urrutietako ortziraino hartzen duten zabalean dena da baso, mendi kate edo mendi multzoa, agian Karpatoak dira. Arnas berritzeko birika berde asko gelditzen zaio oraindik Europari. Oraingoz.

 

Berritu eta garbitu egiten du aire kutsatua naturak, baina gizarteak ikuzi ahal izango ote du  politikoek giltzaperatutako mundua askatasunean bizi ahal izateko?.

 

Tren zahar bat dabil lurrin-makinak eramana: seguru aski Kosice-ko herritargoa mendirantz erakartzeko turismo-antolaketa bat da.

 

Kosice. Tranbia du: seinale ona, sentipen baikorra sortarazten dio bisitari honi. Dena dago txukuna, garbia, zaindua. Ez du atertzen, baina ez dugu etsi, hor gabiltza guardasolpean kaleotan, hiriak merezi du eta. Kale luze oso zabala da batez ere Alde Zaharra, erabat zabalagoa erdi aldera, non plaza gauzatzen den, zonalde guztietako osagai berdinez antolatuta: eraikuntza handi  errenazentista, dorre karratua, eta alboak kapera duen koloreetako teilaz marraztutako teilatu biziko eta orratz gotiko zein urrez dotoretutako dorre borobileko katedral tzarra. Bada hirian beste  eraikuntza ederrik, baina batez ere etxe baxu kolore ezberdineko atseginek osatzen dituzte kaleak. Etxe-barru zabalak ikus daitezke arkupe eta portale luzeetatik: patio zabaleko osteak dituzte etxeek.

Katedrala: berritze edo garbitze lanetan dago kanpotik; sartu egin behar da, merezi du; irudi zizelatuzko ate ederra sarreran eta ohiko osagaiak barnean: atzealdetik ere pintatutako erretaula-triptiko txundigarriak, korura igotzeko Kristo handi bat duen ezohizko eskailera gotikoa, erlikitegia den orratz gotikoa, gotzain-jarleku tailatua, filigranez osaturiko pulpitu paregabea,  brontzezko bataiarri gotikoa estalkia goitikako mekanismo batez jasotzen zaiona, freskoak horma batean, bankuteria tailatua...; hortaz aparte taila pila, Amabirjinaren medailoia gurutzadura erdian zintzilikatuta; marmolezko plakatxo  ugariak irudi batzuen inguruan mesederen batengatik eskerrak emanez edo, lau hilotz erraldoi gordetzen dituen kripta -auskalo norenak, lehen ikusi ditugun etorkinen familiakoenak ez behintzat-. Begien gozamena, baita espirituarena ere.

 

Izugarrizko joera du herriak saltegi erraldoietara: lepo dago bat kale nagusian bertan; bestelako denda gehienak itxita badaude ere, zabalik dago gure megadenda larunbatean: handiak txikia irensten du hemen ere. Kosice zaharrak ere etxetzarrez eginiko harresi izugarria du inguru osoan, badirudi herri modernoen harresiak direla etxetzarrok.

 

Gizon batek esku-keinuz mutiko bati kontuz ibiltzeko nabarmenki azaldu dionean jabetu gara saltokiko sarreran beti inguruan zebilkigun gazteak, gehi beste hiruk, inguratuak eta jarraituak ginela, gure axolagabetasunean poltsa ateratzeko asmo garbiz. Arretatsu jarri garenean, zapladaka eraso du mutil koskorra koadrilako buruak, erbia jasoz poltsa lortzeko aukera galarazi dielako.

 

Ordekan gara berriz ere, mendiak hurrean dakusagula.

Gureetakoen taxu berdinean egindako belar metak, hauek, baina, txikiak dira, haien seme edo familia berdineko nanoak.

 

Presov. Aterrunerik ez dagoenez, atera ere ez gara egin autotik; arimarik ere ez dabil kalean, bakarren bat arkupe batean gordeta, inortxo ere ez gehiago. Dena dago hila arratsaldeko hiruretan. Autoz eman diogu itzuli bat hiriari; gurpil gaineko paseoa, oroitzapenerako argazkia ere autotik atera diogu eliza-dorreari. Betiko egitura du hiriak, egunotan ohizkoak zaizkigun osagaiak: plaza, kale nagusia, eliza, etxe eder batzuk...; badu bere saltegi handia ere. Berrikuntza lanek harrotuta daukate kale nagusiaren zoru erdia. Egun busti hau ez suertatzera atsegina zatekeen kaleen barna izozki bat gozatzea.

 

Antzinako autoetan atera dira errepidera ibili lasaian ez dakigu nora igandezaleak.

Dado erraldoi itxurakoak dira etxetxoak, ez zaie ageri teilatu pikerik, zabaltza dute nonbait estaldura.

 

158 kilometro, garbitu ordez autoa zikinago utzi digun euripean.

 

Herriko talde handia egon da gaur kanpinean egun-pasako festan, pertz erraldoietan egin dute bazkaria, jolasak egon dira, dantza egin dute eta oholezko gaztelu antzerako su garai bitxia eginez bukatu dute: ekimen handiko herritargoa dirudi.

Beti dago edo dabil norbait zurezko etxoletara datorrena, egun bat edo asteburua igarotzera, bertakoak dira; etxatoi edo kanpadendarik ez dago: etxola kultura edo zaletasuna nagusitzen da nonbait, edo diru ahalmenak ez du denda edo etxatoia erosteko haina ematen.

 

 

Ekainaren 8a. Igandea. 35.a-Ek:9.a/Tx:7.a

 

Kanpin honek ez du dutxatzerik izan Maria Luisarentzat, txakur asko baitago kanpinean eta inguruan. Ez da atera ere egin etxatoitik, txakurren beldur.

Oraindik abeslari utzi ditugu kanpinean gau guztikoa egin duten mozkorriloak.

Bada kanpinetan su handia egiteko ohitura: alboan su-egurra pilatuta duten su-leku aproposak daude han-hemenka; bertan ez egotera, alboko basotik ekartzen dute su-egurra.

 

Nazioz ere aldatsen dugu gaur. Polonia dugu helburu

 

Elizara doa jendea, gaztea ere, jaiko mezara, pasa dugun hainbat herritan; izan dira ere elizako liburu eta guzti zihoazen emakumeak.

Zur berrikoak dira herri-sarreran errepide ertzeko hainbat gurutze: egoera politikoa aldatu ondorengoak nonbait: izanen zen, da, borroka ideologikoaren bat, bai lehen bai orain. Nork egin ote du presio gehiago, elizak garai orotan herria elizara joan zedin, ala aginte komunistak  kristauak elizara joan ez zitezen?. Apaizen boterea eta inposaketa ezagutu baitugu, kosta egiten zait sinestea elizaren inposaketa eta kontrola bigunagoa izan zenik komunistena baino.

 

Herri ugaria biltzen da laku inguruetan, hori da askoren asteburu-pasa. Poloniako mugetara eginaz, gorriz pintatuta daude teilatuetako latorri asko, ugariak dira zuriz pintatutako hormak ere, zarpeatu masa kolorea bere horretan utzi gabe: atsegina da kontrastea, alaiagoak dira etxeok. Agian ez dago lur egokirik teilagintzarako, edo merkeagoa da latorria. Herri askotan dago dorretxo karratu txaparro sendoa, ezin zaie teilaturik ikusi ahal, amaiera farfaila dirudien hormatxoz luzatzen baita horma.

Zikoina, estilita bailitzan, zementuzko zutabe mehar baten gainean eginiko habia borobil zabalean: zikoina asko da hemen Europako goialdean ere. Banaka behi aldra asko da larrean: agian iaz Alemanian ikusi genuen antzera, belarra moztu ondoren ateratzen dituzte larrera. Langarik gabe daude trenbide pasagune denak, argi piztu-emetatuzkoekin soilik iragarriz kontuzkoa.

Gaztetxoak dira soldadu denak: nahitaezko soldaduska ote?.

Etorkinak, igandeko lanik eza profitatuz, lepaka garraiatzen ari dira su-egurra etxera: gure haurtzaroan ere igandea baliatu behar izaten zuen aitak, larunbata ez baitzen jai; igandetan egin behar zen asterako egurra lapikoa berotu nahi bazen, apaiz eskuzabalaren baimenarekin, jakina.

 

Lainoek eragozten digute Tatra Mendiei agur egitea, magaletako izeidien belztura izango zaigu azken irudia: txapel zuria jarrita baino artilezko tapakia du botata gainean mendilerro osoak. Polita da mugara errepidea, izei artean, errekastoa lagun, belarra zabalgunetan.

 

Zdiar eta muga aurreko herritxoak askoz dotoreagoak dira, uda-pasako etxetxoak dira agian herriotakook, edo asteburu pasakoak neguan: berriak, pintatuak, etxe zaharrak batzuk, zurezkoak ere bai, denak zainduak eta txukunak. Gasolindegian geratu garen batean, harro jarri zaigu bertako jantzitako mutikoa mesetatik etxerakoan argazkia ateratzeko baimena eskatuzko keinua egin diodanean.

Azkenez bere aurpegi elurtua erakutsi nahi izan digute ia mugan bertan Tatra Mendiek: Polonia aldetik multzo handia besterik ez dira mendiok Propad bailaratik aurpegi luzexka  soilik ikusten bagenien ere. 

Menditik doa Poloniara errepidea, paisaia ederrean, Tatra Mendiak begirale izei arteko zabalgunetan: paisaia idilikoa paseko bidaiariarentzat. Urria da trafikoa. Zurezkoak dira muga inguruan ere iragarpen-aterpeak, Tatra Mendien azpialdeko lurralde orotan dira horrelakoak nonbait: politak, berdin-berdin ebakitako adar gainean jarritakoak. Atsegina da Eslovakiari ematen diogun azken agurra, pasa ditugun egunen oroimenagatik eta azken paisaia ikusgarriagatik.

 

 

POLONIA

 

Nire buru arolak okerreko karta berdea hatu zuen Etxarrin, aurreko autoarena alegia, gaurkoarena ordez. Gure pasaportea ez da nahikoa, berea behar du autoak ere. Polizi poloniarrek ez digu utzi, beraz, mugako marratxotik aurrera egiten. Gizakia baino tentelagorik!!!. Mugak zaindu beharra, nazio nortasunaren harrokeria soilagatik. Bata bestearen jarraian, marran bertan elkarri lotuak zeuden bi naziotako etxolak, beraz gehienez metro bat egin dute nire oinek Poloniako lurretan. Eta buelta emateko zabalera apurra izan dute autoak eta etxatoiak.

 

 

ESLOVAKIA

 

Berrantolatu dugu bidaia: ez dago galerarik gerora ezarritako gehigarria baitzen Poloniakoa, baina min goria dagit hutsak. Hara non aurrez eginiko bide bera egiten ari garen alderantzizko norabidean: itzulerako honetan gehiago nituen begiak errepideko galipotean alboko edertasun berdean baino, nire barne desorekatua barera ekarri beharrez.

Bide ezagunetik egin dugu itzulerako zati luze bat, Tatra Mendien oinetatik, ia magaleko behe aldetik; ez dabil jende zaparradarik, gainezka, turista-gune eta bisitariz lepo uste genuen zonaldean.

 

Strbske Pleso, aurreko ateraldi hartan ikusi ez genuen  gunea izan daiteke: bizi-bizi dago, hemendik ateratzen direla dirudi mendizaleak tontorretara.

 

Familia osoa zen belar ebakitzen zebilena, bakoitza bere segarekin: belarra urri, agian dirua urriago, sega-makina erostea merezi ahal izateko.

Jaitsi gara bailarara, erruz dabil jendea jatetxe eta aisia gunetan; igandez, ugariagoak dira auto zaleak mendizaleak baino, Eslovakiako paraje honetan bederen. Bada jaialdiren bat: etengabeko ilarak eta multzoak doaz zuhaitz arte baterantz.

 

"Pozor" hitzak zer esan nahi duen zehazki jakin gabe goaz: kontuz, lanak, arriskua, poliki edo antzerako zerbait behar du izan esanahiak. Ez dugu argitu denean ageri den  "West" hitzak zer esan nahi duen ere, berdin izan daiteke egunkari bat, tabako marka, edo auskalo zer.

 

Liptovsky Mikulas inguruetan, lakua uste genuen urtegi bazterrean, bazkaldu dugu, inguru politean; alboan hiru soldaduk eguzkia hartzen dute bere neskalagunekin, beste bi ere ikusi ditugu Kemarok-eko errepide bazterrean gurasoekin hamarretakoa egiten auto alboan: igandea, soldaduen baimen eguna.

 

Ezberdina da lurralde honetako belarra lehortzeko teknika: lurrean idortu ordez gaztelu edo piramidearen hezurdura egiten dute trabeska langatxoak dituzten lau hagaz, belar oraindik hezea jartzen dute delako piramide hezurduran; azpitik ere haizea sartzen zaio eta lehortzea errazten: eguzki gutxiko paraje umeleko asmakizuna. Ez dirudi belarra negu guztirako metatzen dutenik, gureetan belar lehortua metatzen zen bezala,  belar-zulorik ere ez da, beraz ganbaretan gordetzen dute. Belar sailak, nolanahi, txikiak dira. Baratz alboko belarrak jarri ditu batek lehortzen lurrean zut tinkatutako adar abartsu batean; ez du nonbait belar gehiegirik. Herri bakoitzak bere kultura, bere arazo eta premientzako irtenbide-asmamena, herri jakinduria.

 

Fabrikatzar bateko tximinia luzeak keetan, ez dugu paper-fabrika den zalantzarik: Durangokoaren kirats berdina botatzen du, ibaia ere zikin doa aparrik ez badu ere; etxe politeko oinezkoen kalea ikusten zaion Ruzomberok herri zabaletik 500 metrotara kokatua dago fabrika; Durangok bezalako ondorioak jasango ditu herri honek ere!.

 

Svolen-go kanpinean gurekin batera zen karabana-rallya holandarrarekin gurutzatu gara, kilometro luzez; bat orain, bi gero eta beste bat geroago, errepidean sakabanatuta datoz; norabide ezberdinetatik jomuga berdinetara gabiltza nonbait. Igandezaleak ditugu gaur aurkari bidaia luze honetan: beti dugu Skoda bakarren bat aurrean, jendez beteta, ibili lasaian, aurreratu duzuna beti aurrean bazenu bezala; gaur ez dugu trebezia erakustera edo abiaduraz gozatzera ateratako auto berridun erorik izan. Baina hara non bi motorista!!!. Ekainean ere Maiatzak dirau zonalde honetan: txikiagoak dira, Spis lurraldekoen antzerakoak. Bada teilazko teilaturik ere, latorri eta uralitazkoen proportzio antzerakoan.

 

Luze, ibaia lagun, mendiartea zeharkatu dugu; lurralde zabala agertu zaigu ondoren.

 

Martin: Eslovakiako hiriburu izateko Bratislavaren lehiakide izan zen iria. Industria hiria, etxe-bloke izugarriak eta tximiniak nabarmentzen zaizkio.

 

Lehen aipatu belarra lehortzeko teknika bera da zonalde honetakoa ere. Inguruko mendi oro da baso. Mendiarte estuan gara berriro ere, kilometro luzeetan, baso trinko hertsia dugu alde bietan. Trena gurutzatzen zaigu noizbehinka, gurekin daramagu trenbidea baso barreneko mendiarteko pasabidean. Mendi-zuloaren ertz bietan, sarrera-irteeraren behatoki, harkaitz punta-puntan zuten jauntxoek bere gaztelua ibaiaren erabilpena kontrolatzeko edo menperatzeko, agian zeregin bietarako: aspaldikoa da karta berdea.

 

Bailara berri bat.

 

Zilina: etxetzarrez eta tximiniez hesitua; hala beharko dute etxe eta tximiniok agian, baina begiei min damaie bailara berde honetan. Norbaitek lioke agian: "zein handia den gizona!!!". Bere zementuzko eraikuntzengatik nabarmentzen da urrutitik hiri handi oro. Zilinan bada obra erraldoiren bat: handia da lur mugimendua, zabalera ikaragarrian, herritarra erruz hurreratzen da lanok begiratu eta ikustera.

 

Erruz daramate militarren kamuflaje jantzia mutiko zibilek ere: gustukoa dute nonbait gerra. Borroka-kultura.

Ezpainetan musu ematen ikusi ditugu bi gizon mugara hurreratzean: errusiarrak dira, agian bertako ohitura ere bada gizonezkoak elkarri ezpainetan musu ematea.

 

Mugatik gertu, mendiartean gara berriz. Mendietan edo mendi osteetan daude  nazioarteko mugak, ez lautadetan; mendia edo ibaia dira izan defentsa naturalak, berezkoak, natura bera harresi bihurtuta.

 

Bukatu zaigu Eslovakia, mendi-zulo batean bukatu zaigu, mendi-zulo berean hasi zaigu Txekia ere. Bota egin bagintuzten Poloniako mugan, gelditu ere egin gabe pasa gara Txekiakoan. Muga honetako bi aldetako kontrol txabolek kilometroko bidea dute gutxienez bien tartean, Poloniakoan alde bietako morroiek  elkarren ondoan zeuden, taula batez banaturik, elkarrekin kalakan bi mugazainak. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.