Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/06/26 11:10
ESLOVAKIA. Lozorno, Bratiskava, Trnava, Nitra, Banska Brystrika, Zvolen, Banska Stiavnika, Kremika.

ESLOVAKIA

 

Austrian oraindik, errepideak gorantz egiten duen unetxotik ikusi dugu herrialde berria. Lurralde laua da Eslovakia, erabat zelaia, Bratislava osteko mendixka ezik,  ez du mendirik  erakusten zeru-marraraino. Munstro beldurgarria ikusten da Bratislava: etxetzar multzoa zabalera luzea betez, etxetzarrezko basoa alderik alde aurrealdeko lautadan. Etxetzarren gainetik tximinia piloa,  etxe-sail digantearekin nahasian bezala. Zirraragarria da Bratislava lehen urrutitik ikuspegian.

 

Eslovakiarren pasaportean soilik jotzen dute zigilua mugako poliziek. Muga dela oztopo, kilometro gutxi arren, luzea da Bratislava arterako bidea: ordu erdia eraman digu mugako marratxoa zeharkatzeak: maisua da gizakia berez hain erraza dena zailtzen.

Eslovakian gara abentura bila, berriz ere lurralde berri bateko hizkuntza ezberdinarekin borrokan. Dunaj bilakatu zaigu Txekian Austrian  Donau zitzaigun Danubio ibaia. Zeharkatu egin dugu: lagunak gara jada.

Austriako lurralde urrunetik ikusten genuen komunikabide dorre hura, erraldoia ez ezik, ezberdina ere bada;  badirudi gobernu sozialistek nolabait ezberdindu edo nabarmendu nahi zutela honetan ere.

Zoo aldeko parkera doa jendea erruz, oinez; arratsaldez ikusiko dugu badela Dunajen beste aldean jendearen gustuko beste parke bat ere: asteburuko herriaren denbora-pasa.

Wolswajen fabrika erraldoia Bratislavan ia bertan, nafarrarekin lehian: bost axola Woslwajen-i nafarrak, hemen langile merkeagoa badu;  Nafarroara ere beste nonbaiten baino langile merkeagoak zituelako joan zen.

 

Bide okerretik egin dugu Bratislava aurreko bidegurutzean. Kosta zaigu itzulbide bat aurkitzea.

 

Lozorno, nekazari herritxo txiki, apal, xumea da, etxe baxukoa; badu maiatza ere, oihal txatalez loratu txikia; baratze landuak ikusten dira.

 

Maniobretan ibili gara norabidea aldatu nahian Lozornon, larri ez baina bai aldrebeskerietan, nahiko galduta herri barruko kaletxoa gurdibide bukatu zaigunean

Norabiderik ez genekiela, erabat galduta, nondik bira emango ote urduri genbiltzala keinu egin digu auto ertzetik laguntasuna eske etorkin itxurako gizonezkoak. Ez gara gelditu, hizkuntza, autoa erabat gainezka, erremolkea, geu ere galduta... baina halaz ere harra geratu zaigu barrenean. Geroxeago Lozornon aurkitu dugu gizonezko bera, herrirantz zihoan, auto gurpila eskuan: "izorrai" keinua egin digu behatzarekin. Harra potolotu eta luzatu egin zaigu, solidaritateak ez baitigu funtzionatu.

 

Itxita dagoen jatetxe baten aurrean autobuskada bat dago, ogi, hestebete eta tomatez bidaiari eusteko indarberritzen: mundu zabal osokoak dira herriaren jite, ohitura eta jokabide batzuk. Ardo botila edo satorik ez diet ikusi: lurralde pribilegiatuena da soilik agian ardoarena.

 

Izugarrizko bide-sare munstroa du Bratislavak, armiarmaren sarean galdutako euliaren sentipena duzu; labirintoa dirudi, bertara sartuz gero nondik atera iragartzen badizute ere; korapilo nahastua, heldu diozun hariari jarraituz beste aldera zuzen ateratzen bazara ere. 

Tranbia geltokian geratu gatzaizkio bi mutikorekin zegoen emakume bati kanpinera nondik ote galdezka: oso lotsati erantzun didate, errespetuz eta kezkaz bezala. Inpresionatu egin nau bere apaltasunak. Herri-herrikoak ziruditen, agian bizibeharrak biziki astindutakoak.

 

Kanpalekua. Jo dugu azkenik kanpalekura: hiriko parkea da, badu lakutxo bat eta gaur era ezberdineko kanoaz lehiatzen ari da gazte zaparrada; harmailetan bada eseritako taldetxoa amorru handirik gabe lehia jarraituz.

 

Bratislava. Tranbian egin dugu hirira joan-etorria; guretzat ibili erromantikoa da, abentura kutsua ere badu ezin ulertuz non jaitsi eta ze tranbia berri hartu ez jakiteak. Tranbia arruntak dira. Berdegune ugariekin, tarte handiak dituen hiri zabala, ez zaindua, da Bratislava. Industria-gunea dirudi kanpoko eremuak erdigunetik begiratuta, auto  eta gasolindegi marka orok hartu du bertan lekua.

Erdigunean zolaberritzea dela-eta jasota dago Alde Zaharraren erdia; Iruñean jarri dituzten antzerako harlauza eta galtzadarriz txukuntzen ari dira zola; polita eta txukuna dago berritutako  zatia, baina galdu egin du antzinatasunaren jite eta grazia: bost urte barru itxuraldatuta egonen da kaledi osoa, ezberdina, ederra eta atsegina, baina desagertua izanen du beste herri batzuetan gordetzen jakin izan duten gune zaharren xarma. Erakusleihoei kontu hartuz, berriz, Mendebaleko edozein hiriburutzat hartu daiteke Bratislava; bizia dago erdigunea, ugariak dira bisitari taldeak, bakoitza bere gidarekin, eslovakiarrak diren traza dute. Europar erara bizi da jendea; jendez bor-bor daude jantoki, taberna eta kafetegiak. Gazteena ezik, joan ziren urteetako modakoa iruditzen zaigu guri jendearen janzkera.

Ez du ezer potxolorik erakusteko, baina Donaj, Danubioa, du, bizirik dagoen ibaia: bere alboan herria dabil oinez, bestaldeko parkera edo parketik joan eta dabil herria ontzietan, jatetxe bihurtuta daude hainbat ibai-ontzi; bidaiariz zamatuta dabiltza ontzi sabel zabalak, zama-ontziak, batzuk arin besteak mantso, azal edo sakon, korrontearen eta zamaren arabera.  Xera diot ibai honi, hain da-eta indartsu eta oparoa.

Garagardotegi irlandar bat ere bada, egituraz, giroz eta garagardo beltzez jatorra; garagardo gorriak ere bere grazia puntua du ibai gainean eserita edanez gero.  Monumentu zaleak dira, herria edo agintariak; era guztietako eskultura eta monumentu asko dago bazterretan: hemen ere arte negozioren bat ote du diputatu izandako alkateren batek.

Martin Donearen katedrala: urre eta berde koloreko dorrea duen eliza gotikoa:  aulkiteria landu bikainak, bataio-pontea metalezko estilizatu gotiko finak… merezi dute begiradatxoa; albo batean brontze bihurtuta datza Martin, bera ere hungariar jantziekin, zaldi gainetik ezpataz hiltzen eliza barruan. Eraikuntza eder bat, leiho, arku, ate eta harri landuzko zer begiratu aberatsekin. Bada bestelako eraiki ederrik ere. Handi erraldoi, gotorlekua, jauregia, agian gaztelua, nolanahi jauntxoen babeslekua den eraikinak zaintzen du gain batetik hiria.

 

Auzo zahar osoa hondatu zuten nonbait autobidea hiri barrutik pasaraztearren: sozialismoaren izenean, Mendebalarekin lehian, mendebalaren morroi, egindako hainbat astakerietako bat gehiago.

Mukuru dago jendea meza entzuten atzo arte komunista izandako herrialdean; ezkontzak bata bestearen ondoren, txanda gordez, elizetan; eta mojak abituz jantzita koadrilan kafea hartzen Donaj ertzean: zenbaterainokoa izan zen elizak jasandako saldu ziguten jazarpena?.

Ez du inork txartelik ageri tranbian, ez da kontrolatzailerik agertu, baina bi neskak ahaleginak eta bi egin dute txartelik ematen ez zuten gailuz gailu, txartela eman dien bat aurkitu duten  arte.

Baletak dantzatzen du egunotan Opera edo delakoan.

Poliziaz inguratuta aurkitu dugu antzoki aurrean errepideko korapiloan polizia autoek uluka erdian zeramaten banderatxodun auto beltz handia. Politikoak denean politiko.

Bakarren bat ez bada, ez da aurreko garaiko autorik ikusten, marka orotako auto berriak baizik.

Luzanga finak eta iharrak dira gorputzez bertakoak diruditen asko.

Salgaien iragarki asko dago: mendebaldu da horretan ere hiria.

Gasez eragindako edarien ukitua du bertako ardoak; Nafarroakoa edo Errioxakoa nahiago.

 

150 kilometro,  hemen gaude beste banderape batean.

 

 

Ekainaren 1a. Igandea. 28.a - Ek:2.a

 

Lurralde laua begiek dakusaten zabalera osoa; zuhaitz gutxi,  baso kaskoren bat ezik.

Mahastiak. Sastraka tamainako intsusa, loratuta zuri. Bohemian antzo, ur biltegiak behar duten metal argiko bola handiak nabarmentzen dira herrietan, eliza-dorreak haina. Zuhaitz artean agertzen diren teilatu gorriak besterik ez dira herriak; errepidearen goranzko batetik begiratuz ikuspegi xarmanta eskaintzen dute berdegune zabalean, hurretik hartzean, berriz, oso xumeak ikusten dira, urrutitik ikuspegi zabalean duten xarma galduz; etxe bakoitzak du bere baratza; agian belar sailtxoa ere eduki behar du inguruan, tartea ikusten baita etxe batetik bestera. Errepideak ez ditu herriak zeharkatzen, albotik saihesten baizik.

 

Gorri, hori edo lur kolore izanen da lautada osoa udan uzta eta belarra jasotzen denean, gaurkoaren ikuskizun arraz ezberdina, ezin ezagutuzkoa, beste lurralde bat. Lurra landuta dago sail oso zabaletan: soroen tamainan ere dager ekonomia mota ezberdinen eragina. Aldizka herri-granja edo kolektiboak ikus ahal daitezke. Bada bere sailtxoa jorratzen dabilenik ere halako gurditxo batez, auskalo noizko edo zein teknikaz. Belarra, garia eta artoaz gain ekilore agertzen da noizbehinka. Urrutira zentralen bat izan behar duten gutxienez 6 tximinia zabal, gandor zurixka lainoekin elkartuz, kutsaduraren eredu: Alemaniakoen hunkidura berdina eragiten didate: zer erraz pizten dugun bonbilla!; naturarekiko erasoa dakar berarekin edozein aurrerapen teknikok.

Hiri guztiek dute  etxetzar multzo berdintsua, tarte luzean tximiniekin nahastua, batzuk eta besteak elkarrengandik ez hain urruti. Ez dakit  tximiniek produkzio teknika zaharra adierazten duten, ezta guretako erdi ezkutuko hustubide kutsatuek baino areago kutsatzen duten ere: kutsadura estaltzea da askotan arazoa mozorrotzeko trikimailua.

 

Trnava. Adreiluzko harresiez inguratuta oraindik zati batean: zementu zatarrez sendotu diote atea. Alde Zaharra: lehen solairu bakarreko etxe-saila da; alde bat zementuzko saltegiak zatartzen badu ere, polita da plaza: plaza orotan dago zutabea Eslovakian; herriko plazaren itxura du oinezkoen kale zabalak; maiatza, koroi-eraztun batekoa eta txikia, baina kale nagusiaren erdian. Parke  ederra. Bada jauregi eta eraikin ederrik ere. Unibertsitateko eliza, barroko ikusgarria, lelotuta begira jartzen zaituena: freskoak, karez eta kareorez estalita daude, baina argira ateratzen ari dira. Mikulasa eliza, iluna gertatu zaigu sarrerako kristal ostetik. Hirukoiztarren eliza, apainduratxo askoko apala.

Prozesioa zen gaur ikusgai eta zeregin nagusia herrian. Ostegunetik igandera aldatu zuten Korpusti eguna Eliza jazarria omen zen herri sozialistetan: Euskal Herrian ere bada horrelako asmoa, produkzioa gehitu asmoz, baina Elizarekin egin dute topo: Elizaren jokabidea denean bat: pribilegioei eutsi. Herria ikusi nahi eta ihesi bezala ibili gara, prozesioa beti atzetik edo inguruan genuela. Gure haurtzaroko Euskal Herriko prozesioetako giroa, duela 50 urteko haren antzerakoa, ia berdina, da hemenoarena; "Ogi zerutik etorria" abestia entzutea bakarrik falta zitzaigun. Ez dago kale zoruan barreiatuta Altzolako “mieloa” deizen genion belarki edo landarerik, ezta Austriako adar berde edo nonahiko belar, garo  edo landare berderik. Polizia autoak garbitzen du bidea, eta udaltzainek zaintzen kale-gurutzeak: gure garaietan ez zegoen hainbeste polizia eta herrizain, aguazila eta kitto. Mojak eta apaizgaiak aurrean gurutzearen atzetik, lora botatzen ondoren umeak, paliopean Gurejauna  apaizteriak inguraturik, akolitoak  tilin biziko txilinak jotzen batzuk, ekisainduari intsentsua botaz  besteak, musika banda atzerago eta jarraiki herria, ehunka jende, abestuz; mutil gazte gutxi da tartean. Herri osoko kanpai hotsa eten gabe, dilin-dalan, tonu eta ozentasun ezberdineko armonian. Eliza asko da herrian, banan-banan egin dute geraldia bakoitzaren aurrean, kalean belauniko zen herriari bedeinkapena emanez ekisainduarekin apaizak  errezo eta kantu luzeen ondoren.

Zer egiten zuen herri honek bere fedearekin jainkorik gabeko politikagintzapean: polizia laguntzailerik gabe baina agian oraingo prozesio bera zen orduan ere, baina ez ziguten horrelakorik kontatzen Mendebaldean.

 

Behe solairu soileko etxetxo xumeko erreskadaz osatutako auzo zabala du  erdigunearen alboan, herritxoa hiri barruan bailitz, hiriko gune zaharra bezain antzinakoa seguru aski, oraingo eta gaurko behartsuenen bizileku edo herri kanpoko bizitoki; ez dira batere alaiak, ez bizipozez bizitzekoak, kanpotik begiratuz tristeak, alaitasuna eta zoriona etxearen kolorean ez badago ere; kolorez brist baleude, zoragarriak lirateke kaleok, baina bertako bizitza orduan ere etxe kolorgeetan bezain astuna litzake bizi-baldintzak aldatu ezik.

 

Igandeko jantzi onentxuenak jantzita ere, herri xumea ikusten da, harrokeriarik gabekoa, oso apala: agian inguruko herritxoetatik ere etorri da jendea. Bi amonatxo ikusi ditugu prozesioan bertako jantzi petoekin, biak ezberdin, jantzi ilunak ziren,  baina bertakotasunaren xarmarekin.

Diru gutxirekin bizi den herria dirudi, baina elizak konpontzeko ateratzen dute behar haina sos.

Txikiteorik ez bada ere tabernetan, patxadan eserita dago jendea edariez gozatuz. Bi agurek pattar kopa bana edaten dute zuku tragoa tartekatuz.

Ilaran jartzen da jendea izozkiak erosteko: izozkitegi gutxi, edo aurreko politikagintza eta ekonomiako ohiturak.

Hemen ere ikasturteko ikasleen argazkiz osatutako koadroak erakusleihoetan.

Prozesioa bukatzean, eguerdian, guretzat utzi digute herri osoa.

Heldu da  SEATa Trnavaraino ere.

 

Ez dakigu errepideko hesiak diren, ala soro bazterrekoak, baina intxaurrondoak daude errepideari jarraiki kilometro luzeetan. Ez da mendi bat bera ikusten zerua ordekarekin lotzen den marraraino.

 

Hlohovec (¿). Galanta ageri zen urrutian, galanta da izan ere.

 

Laku bihurtutako ibaia lautada hezean: putzu, urmael, edo aintzira bihurtzen dira hemen ibaiak, agian lurralde laua delako eta lur-zoruak hustubiderik eskaintzen ez duelako. Azaldu zaizkigu soroetan jadanik galduak genituen hegaberak.

Ez da ageri berotegirik, bakoitzak beretzat nahiko egiten duelakoz, merkatu ezagatik, non saldu ezagatik, sistema berrira, hots produkzio maila ezberdinera, oraindik egokitu ez direlako,  agian gobernuak, Europa Batuan sartzeko nahia dela-eta geroko konpetentziagatik uzten ez dielako... Baina fruta saltzaile ugari dago errepide bazterretan; denek zer berdina saltzen dute: egonen da salmenta monopolizatzen duen mafiaren bat hemen ere.

Ur-biltegi bola zurixka ostendu zaigu mendi kasko baten ostean, aldaz beheraren eraginez, gaueko ilargia bailitzan: efektu bitxia.

 

Nitra. Erraldoi zabala ikusten da goragune batetik, etxe-bloke arre zikin planta berdintsuko multzoa alde batera eta arbola arteko etxetxoen teilatu gorriteria atzealdean, mendi magalean; badakigu hor tartean badela hiri zaharra: kosta zaigu bertaratzea, goiko eta beheko auzoak bereiztea. Badu plaza egin berri borobil zabala, nora jotzen duen oinezkoen kale zabal zainduak, igandea arren edo horregatik, bizi-bizia arratsaldez, izozkia patxadan gozatzeko aukerakoa. Betiko etxe polit zapalak, eta eraikin ederrak tontorreko elizara bidean batez ere.

 

Umeentzako jaialdia  eskaintzen da parke zabal eder batean: jaialdi jendetsua, majorete eta guztikoa. 

Arratsaldea zen beraientzat jo eta ke bazkari bila genbiltzan ordu bietako gure eguerdia.

 

Oso trafiko gutxi bazebilen goiz erdian, autoz gainezka dator autobia arratsaldez. Eslovakian ere arriskutsu eta zitalak dira igandezaleak. Hainbat jende dago bide ertzeko txosna zein herrietako tabernetan jai giroko patxadan garagardo edanean.

Erabat gorri dakusagu gari-saila autotik, soroa maindire gorri batez estalia bezala.

 

170 kilometro, Eslovakia ezagutuzko lehenak.

 

 

Ekainaren 2a. Astelehena. 29.a – Ek:3.a

 

Bidaia arinegia ote daramagun sentimendua dut, ibiltariegiak garenekoa, presatiegi ote gabiltzan, ipurtarin, egon geldian geratu gabe; baina patxaran egoteko han daukagu Sakana ikusgarria, urteari geratzen zaion zati osoan.

Ia nondikakoak ote garen, hainbatek autoari begiratzen diotenean naziorik gabeko errariaren sentipena dut, ezin baitugu autoan Euskal Herrikoak garela azaldu: baina badakigu jakin zein herritakoak garen.

Pneumatiko hots burrunbatsua dakar aireak autobiatik gaur: jubilatuek ezik, lan egiten du herriak astegunez Eslovakian ere.

 

Gaztelerazko abestia izan zaigu ezuste errepidean gindoazela irratia piztean. Austrian behin gertatu zitzaiguna bera. Ez dut nostalgiarik sentitu, euskaraz izan balitz agian piztuko zitzaigun herrimina. Badakigu han dugula zain herria eta etxea.

Gain biguneko mendilerroa luzatzen da garaiera apaletik Bratislavatik Iparrerantz. Bidea aurreratu heinean urrutiratuz doa mendilerroa, mugarik gabe utziz lautada.

Gazte bat zeukaten poliziek errepide bazterrean autotik kanpo belartzan eserita: ez dakit arazoaren berri, baina ni Euskal Herriko Ertzaintza eta polizia oroz oroitu naiz, bere jokabide ankerraz: hemengoei ere usai txarra hartzen diet, munduko txakur guziei bezala.

Kaka kimikoa botatzen ari dira lurrari traktoreari trabes lotutako tutu luze zulatu batez, giza gorputzak bereganatu ezingo dituen osagaiak: uzta gizendu gizentzen dute, baina ondu ez.

Zebrabidearen esanahiari buruz ez dira oraindik jabetu lurralde honetan, geratzeko keinurik ere ez dute egiten autoek oinezkoen aurrean.

Etengabeak eta beldurgarriak dira autoen elkar aurreratzeak errepidean, aurrean doana ertzera irtenaraztera behartuz gehienetan: ez dakit bertoko gida-era den ala gidariak ipurterre egonezinak diren, edo oraindik auto berri bizkorretara patxadatu gabeak dauden, kultura berria baita hemen autoarena, gutxi batzuen ondasuna zelako autoa.

Zelatan hemen ere errepideko poliziak, erdi ezkutatuta, bere lana ez baita laguntzea, harrapatzea baizik.

 

Bukatu zaigu orain arteko ordeka. Nitratik aurrera, gorabehera leunei ekiten dio errepideak. Mahasti sail zabalak, belarrez jositako zainduegia ez den lurretan. Bailara berria: gorri ikusten da hemen belarra ebakitako lurra. Zabala da sail oro. Ikuskizun polita dira berriz ere herriak urrutitik, bertatik, ordea, oso hitsak. Fruta arbolak hemen ere Txekian bezalatsu errepide bazterretan; madariondoak dira hemengoak: gobernuren baten kontsigna izan zen nonbait Txekoslavia osoko errepideetako luzeran fruta arbolak landatzea. Landetxeek ez dute Txekiakoek zuten etxebizitza eta abere-eraikinaren bitarteko patiorik.

 

Mendira heldu gara Ziarera urreratu ahala; dena da mendi eta baso, batez ere enbor meharreko hariztia, ez dira Etxarriko haritz sendoak. Gure txikitako Bizkaia eta Gipuzkoak zuten itxura du lurraldeak. Pinudiak ez diren basoak, Sakanako basoen antza dute; tontor garaiak, dena baso, harkaitzik erakutsi gabe. Mendiartean gabiltza, tarteka mendiz inguratutako zabalgunetan, haltza eta makala nagusi diren mendi-zulo berdeetan hurrengo,  trenbidea eta ibaia beti auzo.

Baso triste batean,  tximinia zurixka bat, soil-soilik bera, luzatzen da gorantz naturaren efektu berezia bailitzan: anakronismoa dirudi.

Berrikuntza lanak  eta izugarrizko auto ilarak errepidean: modernitatearen ordaina.

 

Ziar. Gris ilunekoak dira teilatuak, arreak; tristeak agertzen dira herriak arbola artean, teila gorrien bizitasunik gabe.

 

Mailaka-mailaka gorantz estutzen doa zerbaiten pilo ikaragarria ia mendi kaskoa sortuz: aspaldikoa, urteetan pilatutakoa, burdina hondakin itxura du bere kolore gorrixkaz; alboan fabrika handia dago tximinia mordo erraldoiekin.

Badago nonbait salmenta hirian, zeren jendea lanean ari da jo eta ke ortu nahiko zabaletan.

 

Zvolen. Jadanik ohizkoa zaigun ikuspena erakusten digu hiriak zubi gainetik, goitxoan goazela: eraikuntza tzarrak inguru batean, lehengo hiria bestean, bi paisaia urbano arraz ezberdinak elkarren ondoan.

 

Nepomuzeno Dohatsuarena da herri guztietan agertzen den santu-irudia, bere sotana, errokete, boneta eta eskuan kristo gurutziltzatu handiarekin: zer sendatu ote zuen paraje honetan ukenduen ordez errezoa erabiltzen zeneko garaietan halako debozioa izan diezaioten. Edo ze gaitzek jotzen ote zuten herria ukenduok nahikoa ez izateko. Agian jesuiten propaganda edo inposaketa besterik ez da izan Nepomuzenorenganako debozioa.

Hizki beltzezko zuria da Eslovakiako auto-matrikula, gehienak hiru hizki eta marraz banaturiko bi multzotako lau zenbakikoak, Espainiakoa baino txikiagoa.

Koskortutako herri bakoitzak du bere tximinia luzea, bere industrialdea. Ez zaie baina kerik gandortzen: gelditutako fabrikak dira edo ikatzaren ordezko errekinen hondakin ketuak ez dira begi bistara nabarmentzen.

 

Alderantzizkoan jokatu digu gaur egunak: ilun zabaldu du eta argituz joan zaigu.

 

Kanpalekua

Nahiko zuzen bilatu dugu gure kokaleku berria; baso baten garbigune batean dago. Txori kanta ozena da berdeguneko hots bakarra, errekastoa ere hurrean dugu baina ez dira beraz baliatu, sare batez hertsi baitute pasabidea. Lasai egoteko lekua, lasai egotera etorri bagina, hainbat holandar etorri diren bezala.

"Espagnols" esan digu frantses egiten duen harrerako gizakume helduak. Euskaldunak garela esan diogu. Bekainak altxatuz halako tamalezko keinuaz "ETA" esan digu, ados ez balego bezala. ETAri buruzkoa nola ikasi duen galdetzean albistegietan ematen dutela bere berri erantzun digu. Ez dugu jakin ahal izan Euskal Herriko sakoneko arazoen berririk duen. Hemengo  ETAri buruzko albistegietan hango politikoek haina zuritu, aldatu eta ezkutatu egingo dituzte bertako politikoek bere portaera eta jokabide anker zapaltzaileak. EFE agentzia izanen da, onenean ere, hemengo berri-iturria.

 

Erabat hiritartuta daukate ibaia harrizko hesiz, arbola et sastraka azpiko babesgunea kendu diete arrainei, bortitzago irristatzeko bazter labainagoa dute uholde-urek, eta desegin da lurrari eusteko sustraien sarea. Harriak ez baitira uholdearen euskarririk onenak.

Zirkulazioa bideratzeko garita aurkitu dugu berriz ere hiriko bidegurutzean, semaforoak ere dauden arren,.

 

Banska Bystrica. Erabat mendebaldartzen ari den hiria, Mendebaleko edozein hiri eder iduri. Erdiko kale zabal luzera mugatzen da herria, bera baita herriko ardatza: denda ederrak eta handiak, erakargarriago egiten dute aurreko mahaitxoei esker berez ere erakargarriak diren kafetegiek. Jendez bizi-bizia aurkitu dugu. Erdi-kale hori da erakustekoa, aisiarako edo merkatal zereginetarako gertatuta eta zaindua dagoen bakarra, lehengo bere xumetasunean diraute alboetako beste kaleak. Plaza, handia da, zaindua, kalea bezala: zutabearen ordez monumentua, eliza, dorrea, etxe bikainak... dena da ederra plazan. Alboko plaza, eraberritzen ari dira: ederra geratuko da, eraikuntzei halako lustrerik ikusten ez bazaie ere hiriko ospetsuenak diren arren; koskarik gabeko obelisko beltz luzanga, inola ere bat ez datorrena inguru argi eta landuarekin: agian sistema komunistak aurreko garaiarekin hautsi nahi zuen  arte formetan ere, aurreko arte-armonia-konjunto-inguruari jaramonik egin gabe, askotan aurreko formak eurak ere forma ezberdinez erasoz. Errenazimenduko bi etxe, irtentxo batean kantoi egiten dutenak; kantoi batek ate polita du, besteak Italiako hainbat galeria edo balkoi-korritu  gogarazten digu. Bada ibilbide bat ibai ertzean, baina errepidea ere bertan doalarik ez da ez atsegina ez erosoa. Bai katedrala bai gorakoko elizek elizpetik soilik kristal osteko ilunera begiratzeko aukera besterik ez dute ematen; Jasokunde elizak ba omen du triptiko ikusgarria barruan, kanpoko horma kontra Getsemani polikromatu ederra dago agerian non begiratzekoa den herriko jendilajearen aurpegiera xelebrea; Banku batek oparitu dio elizari leiho bateko beirategia, baina ez isilean gelditzeko asmoz: banku-izena kristalean bertan beirategiak haina iraungo duten hizkiz oso nabarmen grabatuta utzi baitu.

 

Europa Batuak jadanik europar egin bailitu, europar itxurara bilakatzeko izugarrizko lehia susmatzen da. Dena da berrikuntza lana, Eki Alemanian antzo. Agian hona ere, Alemaniara bezala, 5 urte goizago etorri gara, edo 5 beranduago, aurreko garaiko hiria jadanik desitxuratuta dago eta berria itxuratu gabea. Berenez ederrak diren hiri gutxi batzuk ari dira aldatzen, ederragotu beharrez zatartzen; erdigune xarmantena ari dira berritzen herriotan. Alboko kale eta auzoak zein herritxoak, aldiz, zeuden bezain zaharkitu, xume edo ahul diraute. Zenbateraino dago sakoneko aldaketa herrian; bada aldaketarik bizimoldean eta bizieran?; itxura aldaketaren harago doa oskol berritzea?, ala  dibisa iturri egin nahi dira hiriok, kanpotarrak erakartzeko?.

Presente dago polizia kalean zein plazan. Zerbaiten beldur nonbait. Euskadin ertzainak eta enparauak bezala, zer eta zeinentzako zaintzen duten badakigu, jauntxoak eta jauntxoen interesak dira zaindu beharrekoak.

Gozotegi asko dago, baina izozkirik ez.

Erlijio sentipenak deuseztatze ahaleginak adierazten du, aldi berean, buruzagiok komenei ez zaien herriaren nahi eta sentimendu oro bortxaz, indarrez ito edo erabiliko dutela.

 

Zvolen. Inguruko herri nagusia, harreman eta joan-etorri handikoa dirudi. Izozkia eman digu guri. Gaztelua du erakusteko: nabarmen, zuri, arranditsu, gotor itxurarik gabe, herriko tontortxo bakarrean gailentzen da. Oholezko salmahaiak ditu merkatuak.

Gerra mutilez beteta zegoen herria arratsalde beranduan. Armak beti presente.

 

Gureetan baino merkeagoa dago hemen bizimodua. Merkeagoak ez ezik, gustukoak zitzaizkidalako, zapatilak erosi ditut.

Itxuraberdintzen ari dira hiri guztiak, bere nortasun eta xarma propio galtzen. Mafia eta txorigaldu pila sortu behar du aldaketak hain sakon eraldatzen ari den  herrian.

Gerra monumentu asko dago bai herrietan bai inguruetan: gerra-gune gotorra izan zen nonbait zonalde osoa.

 

Motxailea, ijito, jiteko gizaki asko ikusi dugu Zvolen eskualde osoan. Jite berdineko jendeteria dager gaur ere bidaia osoan, batez ere Brezno herrian eta inguruetan. Gidan irakurri dugu asko direla lan bila etorritako hungariar eta errumaniarrak. Etorkin itxura dute eduki, bai azaleran bai gorpuzkeran. Herritik kanpoko edo inguruko etxe galdu edo utzita itxurako zaharretan daude, baldintza eskasetan, kanpotik begiratu batean behintzat. Tankera berdineko ume asko ikusten da ere. Etorkinek bizitza latza dute edonon, tartetxoa egin eta erroak botatzen hasi arte behintzat.

 

Kremnica eta Kremnicka, nahastu egiten genituen guk bi herri-izenok, bat ala bi herri ote ezbaian: gizon heldu bati galdetu diot izenotaz: ze garbi ahoskatuz ezberdindu dizkidan bi izenok, bukaera leunez bata, gogorrez bestea.

 

Hogei eta bat etxatoi holandar sartu dira kanpalekuan, rally eginez datoz, aurrez erabakitako bidea jarraituz, errepidean bakoitza bere abiaduran, baina kanpinean gauero denak elkartuz; jubilatu eta helduei segurtasuna ematen dion bidaiatze era, adinekook  bidaia dezagun trikimailua ere bai.

 

239 kilometro, lautadatik mendiartera.

 

Txori-kantuz bildurik hartu gaitu gauak, eta txorion txortxorrio berezia izanen da gaurko lo-kanta.

 

 

Ekainaren 3a. Asteartea. 30.a-Ek:4.a

 

Niri ere gertatu izan zait ez dudala nire burua ispiluan topatu, arras beste batek begiratzen zidala usteraino.

 

Mara-mara, patxada lasaian erortzen ari zaizkigu bidaiako egunak

 

Bailara estu bakartian, ohiko errepidetatik at, egiten dugu gaur goizeko bidaia; basoa alde bietan, errekatxoa lagun, duela 50 urteko Gipuzkoako edozein erreka-zulotan baikeunden. Bailara polita, beste  apartekotasunik gabe: betiko berean, naturak emandako berean, gordetzea du bere politasuna bailarak, natura urratu gabea izatean. Teilatu pike kolorgetutako teila liso gris iluneko nekazari herritxoek ostera ez dute Euskal Herriko kutsurik: herri xume eta goibelak; ez dute, inondik ere, txukun plantarik, ez dira atseginak, ezta politak ere; oinarrizko baldintzetara makurturiko baserri etxeak. Pinu multzoak noizbehinka: ez al dute egingo Euskal Herriko astakeriarik. Su-egurra ebakitzen ari dira, ez dute baina etxe-bueltan tolesturan pilatzen Austrian bezala.

Ez dirudi oraingoz turista uholderik etorriko denik honantz.

 

Noizbehinka eliza-dorrea azaltzen zaigun lez, hara non, halako batean, tximinia luzea baso-zulo erdian, bera soilik, arboladitik gora, natura sorgindu bailitz, naturari munstrotxoa jaio balitzaion itxuran.

Bigarren izen osagaia galdu zaidan Banska herria azaldu zaigu ondoren bere fabrikarekin baso erdian: Txekian bezala bozgorailuak kaleetan eta lau solairuko etxe gris horietako batean parabolika balkoi bakoitzean; zementuzkoa da eliza, baita udaletxea ere: herritxoetan ez dago dotoretasunik ez berrikuntzarik.

Ebaki egin behar da belarra ganadu-janerako; baina ez dut ulertzen zergatik ebakitzen den bi metroko zabaleran errepide alboko belarra, bere naturaltasunean utzi ordez: moda edo belar-mozteko makina-saltzaileren baten negozioa.

 

Banska Stiavnica. Herri kuriosoa, ezberdina, bitxia. Meatzari herria omen zen, mea zuloen arabera erreka-zuloan gora eta behera jaio eta zabaldu zen herria. Galtzadarriz jator konpondua du zorua, etxe-saila aldiz bere lehengo horretan uzia dago. Aldatz pikean geografikoki, ekonomikoki gainbehera egin zuen eta gaur egun gorantz ezinean dabil, dirutza behar baita berritzeko. Egun batean turista herri famatua izateko baldintza eta baliabideak ditu, herri bitxia baita: troka batetan, estura itoan, aldatzean, mendian gora. Eibar txiki bat dirudi nolabait. Usadio zaharretako herria omen. Plaza: hiru zutabe bikoitzeko zutabe handia. Goitxoan galduta bada harri gorrizko gaztelutxo moñoñoa. Badu eraikin ederrik, berritzeko badaude ere, gainbehera ekonomikoan hondatu eta zaharkituak. Eliza piloa du aldatzean mailakatuta; batek gangak pintatuta ditu herrialde honetako hainbatek bezala.

Umeek zuten gaur herria hartuta, museoa eta herria bisitatuz. Eguerdian gazteek bete dute une batez kale luzea, bukatu berri zen nonbait ikastetxe ordua.

 

Mendi-gainez mendi-gain, baso artean, mendiko herritxoak ikusiz,  egin dugu itzulera: ez dute ezberdintasun berezirik, mendi magaleko parkea dirudien hilerri bat ezik. Gainbeheran errekatxoa dugu lagun, bira eta bira, bihurgunez bihurgune, harizti erditik. Hilabete honetako aspaldian ikusi ez ditugun haitzak, gorrizka ilunak. Baratza piloa Kremnica inguruan, hainbat jende lanean bertan, merkatuan sosa batzuk ateratzeko ametsez seguru aski.

 

Kremnica: Etxe berri piloa badu ere alboan, nahiko alferrik galdua dagoen hiribildua. Ez zaio gelditzen lehengo kale-sare askorik. Polita du sarrerako atea. Aldatztxoan du berdegunea den herriko plaza oso zabala: harrizko zutabe erraldoia ozta igarri daiteke estalkia duen zurezko aldamio pean estalia. Meatzaritza-tresneria eta lanbidea erakutsizko Museoa eta bi oroitarri. Bada harresietatik kanpo oinezkoentzako kalea, baliagarri arrunteko dendateria baliagarria soilik duena, gatzik gabekoa. Eliza apainduegi bat, osagaiz beteegia, non ikus daitezken bidegurutzeko koadro erraldoiak, organo txiki xarmanta eta Amabirjina beltza. Harresietatik kanpo dagoen teilatu berde luzedun eliza estilizatu, lerden, luze, argia, dotore agertzen da arratsaldeko eguzkipean.

 

Hilerriak ez du harresirik hemen ere, paparrean gurutze gorri handia zuen abitu beltzeko fraidea zebilen bertan.

Sotanaz dabil elizako apaiz gaztetxoa.

Gure txikitako tiobiboa, zaldiko-maldikoa, "kateak" deitzen geniona, sinpleagoa ezin: Muniola falta zen bakarrik.

 

Segak gureetan baino motzagoak eta estuagoak dira, kirtenak ez dute goiko muturreko heldulekurik; ez daramate sega bizkarrean  gure baserritarrak bezala, sega desmuntatua, kirtenaren luzeran lotua baizik, min egiteko arriskua ekidin asmoz, segurtasun neurriz.

Handiak dira kamioiak, antzinakoak;  Brnora bidean, autobian, badabiltza kamioi modernoak ere, baina nazioarteko garraioan ari direnak dira.

Austrian baino gehiago erretzen da zigarroa kalean Eslovakian, oso gutxi erretzen bada ere.

 

Biztanle askoko hiri handiak bisitatzen baditugu ere, biztanleria gehiena inguruko edo saihetseko blokeetan pilatzen denez, erdigunera mugatzen da bisitariaren ibilia, beraz txikiak gertatzen zaizkigu hiriok.

 

112 kilometro, txikitako Euskal Herrian egin ditugu erdiak, baina gaurko automobilean.

 

Kanpalekuan, austriar gizonezko laukotea dugu aurreko zurezko etxolan, eslovakiar hirukote bat beste batean: badirudi mozkortuz eta lasai egotera datozela gaupasa edo egun pasa kanpalekura.

Katamixarra igo da zuhaitz gerrian gora eta arrama puntatik beste zuhaitzera egin du salto. Gutxitan ikusi ahal dugun sorginkeria.

Gerra hegazkinek zeharkatu dute ziztu bizian zerua hiruzpalau aldiz: militartuta dugu gizarte hau ere.

etiketak: Eslovakia, Bidaiak 97
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.