Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK

BURUTAPENAK

Jon Etxabe 2020/06/05 13:10
Barne labirintuan

Lapikoa bor-bor

* Aspergarria izan daiteke  gaiak errepikatzea, baina sarriago errepikatu behar genuke zenbait gai.

* Haizeak eramaten du orbela.

* Euriak garbitzen du zenbait lohi, baina baieta eta lixiba indarrez eraginez ezabatzen dira hauts itsatsiak eta grakak.

* Eragin gutxi du zomorro bakarrak, baina sekulako indarra eta eragina dute taldean.

* Konkretatzen diren heinean dira eraginkorrak ideia orokorrak.

* Ideia berri asko dagoenean, aurrerapen gutxi.

* Hutsune artifizialak sortzea da erabakiak koldarkeriagatik luzatzea. 

* Badu intimitate geruza bat igogailuak.

* Geuk eman behar diegu aukera balizkoei.

* Segurtasun tinkoa sortarazten du etorkizun ezezagunak.

* Zein da atzerrian jaio den errefuxiatu edo etorkin baten aberria.

* Gehiago dakizula adieraztea da galdeketa batean poliziari zerbait aitortzea; dena ukatuz eta isilean tematuz, agian ezer ez dakizula, gehiago bederen, sinetsiko dizute.

* Kartzela garaitu duela erakusten du bere ideien alde darraien preso politikoak, aldi berean kartzela politikaren porrota.

* Oraina adina, iragana ere erakusten digu ispiluak.

* Agian geroaz ere hitz egiten digu ispiluak.

* Gure baitara begiratzeko balio omen dezakete ispiluek: begi zintzoak eta garbiak behar ditu horretarako aurrean denak.

* Zer da uneko zure errealitatea: matriuska bat bezalakoa da errealitatea, amets bat beste baten barnean, beste bat azken horren barnean... balizko ”agian” denak.

* Zer da hutsunea:  leku asko eskatzen du sarri.

* Nor gehiago helburua duen kirola eboluzioaren teoriaren parekoa da, dirauenak irauten du eta geroa markatzen.

* Jaki oro da gozoagoa eskasian.

* Zenbat azpi-hizkuntza ezberdin hizkuntza batean: eskuena, keinuena, begiena…

 

Barne muinetan

* Barruan ez badaukagu nahi duguna, alferrik da kanpoan bila ibiltzea.

* Barrura begiratzen laguntzen digunean da ederra kanpoa.

* Ihesbide bila hasiko da bere barnera begiratzen ez duena.

* Aldatu egiten dituzte sentimenduak eta bizipenak isiltasunak eta bakardadeak, errealitatearen ikuspegia ere.

* Zerbait desorekatuta dago beldurra darionean isiltasunari.

* Herriz kanporatzea baino mingarriagoa  da barne erbestea.

* Isiltasuna: baretasuna  damaite zenbait isiltasunek; izu-ikara eta ezinegona sortarazten, aldiz, beste zenbaitek.

* Norbera ezagutzeko parada paregabea da bakardadea.

* Bakardadea, bizigarri ez denean, herio bihur daiteke. 

* Zeren ezaugarria ote bakardade beharrik ez edukitzea?

* Zergatia jakitea beti da esperantzara atea.

* Besteengan pentsatzen ari gara ala norberaren oreka gozagarri bat  lortu nahian itxura edertzen ahalegintzean.

* Norberaren edertasunari jartzen diogu muga besteentzako dotoretzen garenean.

* Lagun baten kontakizunak zenbateraino eragiten digun edo interesatzen gaituen izan daiteke elkar-min horren neurria ematen diguna.

* Poliziak ez du gorputza zigortzen anima baizik.

* Arazo kezkagarria da errazegi aspertzea, esperientzia eztia da egon hutsarekin gozatzea.

 

Utopiak eta bizi-mina

* Sentimenduen gailur-une oro da kontraesankorra,  kontraste sakonak ekarri ohi ditu.

* Bizitzaren borrokan ibilbidea atsegina egiten ahalegintzea da zoriona.

* Zoriona likatsua dela: beti, itsatsita baitugu bere irrika, bere bila gabiltza beti.

* Zoriona ez da erosten, irabazten ere, lortu eta sortu soilik egin daiteke.

* Zorionekoa bizitzari irribarre egiten dakiena.

* Kanpoko zerbaitek emaniko sentimendua omen zoriona, poza, aldiz, barnetik datorren zerbait: zorionak objektu bat du, pozak ez.

* Misterio bat da zoriontasuna: non dago, zertan datza…

* Gezurrezko barreak egiteak asko zahartu dezakeela: hala uste dut.

* Barrea dela automedikatzeko sendabidea: bizipozaren ikurra da barrea.

* Neguko eguzki epela bezalakoa da poza, eramangarria egiten du negua.

* Bere baitan izan ohi du ere tristura poztasunak.

* Umea haztea zenbateraino da zorion iturria gurasoentzat, zenbateraino ez da betebehar bat, zenbateraino da osatzen eta betetzen zaituen zerbait: gutxi hitz egiten da honetaz.

* Erromantizismoz, poesiaz, bildu ditugu amatasuna zein haurraren lehen hilabete-urteak, baina nekosoa, aspergarria, baloratu gabea da, gizonak nahi izan ez duen ardura, eta gaur ere emakumearen bizkar dagoena gehien bat.

etiketak: Burutapenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta