Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak

Burutapenak

Jon Etxabe 2020/06/12 10:09
ZEDARRIAK

Galdez

Asko pentsatu eta gutxi egiten duena omen filosofoa, hala dio  eleberriko pertsonaia batek. Egin ez dakit, baina filosofoa izan da eragiten duena, eta hori ere egitea da, ideiak dira gizartearen motorra.

 

Oroimenak

* Atzera joz egiten dira pentsamenduak, etorkizuna asmatu nahi denean ere.

* Engainagarria da gehienetan memoria.

* Behinola bizi izandako toki antzeko bat omen memoria: ideia kilikagarria.

* Bizitoki pribatua omen memoria: kitzikagarria.

* Lagun latza da sarri oroimena, betirako ahaztuak nahi zenituzkeen oroitzapenak ekartzen baitizkizu.

* Bizigarria edo etsigarria izan daiteke gorrotoa: dosifikatzean dago gakoa.

 

Egia

* Kaltegarria izan daiteke egiazaletasuna.

* Egia, ankerkeriarik ankerrena mina eragiteko erabiltzen denean.

* Ez arrazonamenduak ez hitz jarioak, ez dute egiatasuna eta errealitatea bermatzen.

* Errekaren lasterraren lakoa omen egia, badoana eta geratzen ez dena: baietz esango nuke.

* Berarekin darama egia dosi bat ahoberokadak ere.

* Egiak ez du irabazten epaiketan, istorio koherente eta sinesgarriak baizik.

* Ezer ez da ziurra, ezta ziurrena usten duguna bera ere; ez da ziurtasunik existitzen.

* Sinetsi nahi diren gezurrak dira egi goxoenak.

* Bestearengandik urrundu egiten gaitu gezurrak.

 

Denbora

* Hutsa ez da existitzen, ezer ez dagoela diogunean gutxienez lekua dago edo zerbait bertan uzteko aukera.

* Zein da munduaren neurria?, bakoitzak baitu berea.

* Orainaldia dira kontraesanak.

* Edozer dela ere, pentsatzen duena kementsu defendatzea omen dialektika.

* Denbora, zeroa, infinitua… protokoloak dira, elkar ulertzeko baliabide kontzeptualak.

* Badira une inola ere neurtezinak: infinituak, agian zeroak.

* Etorkizuna iragan bilakatzea da denbora.

* Iragana ezin daiteke izan orainaren etsai, osagarri baizik.

* Iragana ez da gogoratzen dugun zerbait, bizi duguna da gogoratzen duguna, aldi berean iragana bihurtzen da, beti biziko dugu  orain egiten duguna, bizi duguna beti biziko dugu, ez dago iraganik.

* Tarte amaigabe bat bihur daiteke tarte labur bat.

* Huskeri bihur dezake  gainontzeko guztia une batek, edo etorkizuna erabaki.

* Beti jokatzen du paper bat denborak pertsonen zein herrien historian, onerako edo okerrerako, baldintzen arabera.

* Badira infinituak diren uneak, agian une guztiak dira infinituak.

* Mina bizi dugunean, neurria galtzen du denborak.

 

Adin kontuak

Umeak

* Ez kostarik ikuspegian, ez inolako iparrorratzik norabidean, badaude itsas zabalean arraunean ikasten dabiltzan umeak.

* Parametro ezberdinez neurtzen dute umeek bai denbora, bai bizitza bera ere, baina nagusiok ez dakigu neurketa ezberdin horietara egokitzen.

* Non du bere tribua umeak, etxean ala etxetik kanpoko harremanetan.

* Haurra eta zaharra, biak babesgabeak.

Nerabeak

* Badut irudipena barnean malguki bat duen jostailu  bat bezala dela gaztetxoa edo nerabea, giltza emandako mekanismo batek eraginda bezala dabilela, uneko jokamoldeetan ezin kabiturik, bazterrak kaska-kaska joz.

* Ez diegu gazteei ez hazten ez heldu egiten uzten.

Adinekoak

* Ahaleginean iraupen gaitasuna da batez ere adinekoari huts egiten diona.

* Nolabait gazte dirau baliagarri sentitzen den adinekoak.

* Helduena omen eguna, zaharrena gaua: egiatik asko du ideia horrek.

* Lehenago zimeltzen dela gogoa gorputza baino: adineko bakoitzak du bere iritzi propioa honi buruz.

* Berrekileak, nahiz adinekoa, gazte iraungo du.

* Zorionekoa urteen zama eramateko norbaiten arrimua daukana.

* Nortasuna leuntzen omen du denborak, indarrak behintzat bai.

* Ideietan bederen gazte irautea da zaharren  zereginetako bat.

* Museotxo bat osatzen dugu zaharrok gure baitako oroitzapenekin.

* Bidean galtzen zaizkigun zerbait omen aiton-amonak, gurasoak ez bezala: bada horrelako zerbait.

* Gazte zarela esaten omen dizute zaharragoen hitzek; gazteagoen begiek, aldiz, zaharragoa zarela: arrazoia du idazleak

 

Maitasuna

Zer den

* Hatzapar artean jariatzen den harea bezalakoa.

* Bihotza pil-pilean jartzen gaituen oro, horrek mantentzen gaitu bizirik.

* Ulertzen ez duzun modu batean bizitzea.

* Itxitura batean bizitzea: egiatik asko du iritzi horrek.

* Norbaitekiko kezka izan daiteke, edo ez.

* Dena eder egiten duen zerbait.

* Madarikazio bat dela: sentimendu korapilatsua bai behintzat.

* Amesgaizto gaztea-edo omen: hala da, beste zerbait ezberdin bilakatzen baitu denborak.

* Berezko sentimendua omen: baliteke, baina ez gara ohartzen bere balio osoaz, ez dugu arrazoitzen.

 

Zertan den

* Bakoitza bestearen sutondoa izan: irudi erakargarria.

* Pozgarria da maitasuna, hauspoa damaio bizitzari, baina aldi berean zama ere bada.

* Erradikala  da izan maitasuna, baina ez iraunkorra, disfrutatu egiten dugun arren.

* Bi norabide ditu maitasunak, bi norabideak gurutzatzeko tarte horrek damai  zorion izpien neurria.

* Obligazioa asko sortzen dituela maitasunak: baita amets gozagarriak ere

* Bakardadeko salbamen edo heldulekua besterik ez da zenbait ustezko maitasuna, agian maitasuna bera.

* Beharrezkoa omen du presentzia fisikoa maitasunak: baiezkoan nago.

* Bat bestearen mirabe ez den bitartean dirau bikotearen loturak.

* Eskutik omen doaz maitasuna eta gorrotoa: ez dabiltza behintzat elkarrengandik oso urruti.

 

Artea

Mundu ezberdin bat

* Lehia omen artearen hanketariko bat: artista beti da behintzat bere buruarekiko lehiakide.

* Artelanak ez du biharko zerbait izan behar, artistaren uneko gozagarria baizik.

* Talentuak ala ahaleginak du eragin handiagoa?.

* Jendeak gogoratu edo bizi ez duen edozein kreazio-lan, baltsamatutako, disekatutako, edo marmol bihurtutako zerbait da.

* Moldatzen ez denak ez omen funtzionatzen, konponketarik gabe ez omen sormenik: nork egiten dituen moldaketa eta konponketok, hor datza gakoa, norberak ala besteren batek,  horrek ematen dio nortasun agiria artelanari.

* Susmagarria dela edertasuna: asko du egiatik iritzi horrek.

 

Letren errota

* Idaztea edo irakurtzea, askoren gotorlekua da literatura.

* Alkimia omen literatura: hala da, osagai heterogeneo asko nahastu eta kordatu behar du idazleak.

* Ur ezezagunetan murgiltzea omen idaztea: hala da bai.

* Bizitza egoki ustiatzearen ziurtagiria dela egunkaria: bada horrelako zerbait.

* Bizitzaren beste adiera batzuk azaltzeko era da poesia.

* Ez dira inolaz ere azaleko gauza egunkariak, biztanleriak oso gutxik irakurtzen baditu ere, eragin sakona dute politikoengan eta ondorioz  gizarte osoan.

* Komunikazioa izan behar du idazleak balizko irakurlearekin idazterakoan, errazagoa eta gozagarriagoa da horrela idaztea. Ez duzu ezer ganorazkorik idatziko inkomunikazioa dagoenean.

* Denbora asko eskatzen du idazteak.

* Zer esan behar duen, zer esan nahi duen eta zergatik idazten duen pentsatu behar du idazleak.

* Idazleak ez direla parte onekoak dio kontakizuneko pertsonaia batek: batzuentzat ez.

* Ekintza-gizonek ez omen dute egunkaririk idazten, memoriak baizik: edo biak.

* Memoriak idaztea errazten du egunkariak.

etiketak: Burutapenak 2
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2020/06/12 20:30
Oso iradokitzaileak egin zaizkit zure burutapen horietako batzuk, eta polemikoak. Adibidez, "Beharrezkoa omen du presentzia fisikoa maitasunak: baiezkoan nago." Ez zatoz bat, batetik, nire izeba monjarekin: Jesu Kristo du bikotekide, ezkonduta daude, elkar maite dute. Izebarentzat, egiazko maitasun mota horren ispilu lausotuak dira presentzia fisikoa eskatzen dutenak.

Bestetik, gure iloba eta ikasleekin, batez ere itxialdian. Zenbait maitasun harreman mundu birtualean piztu da, pantailan igo da gailurrera eta pantailarekin batera itzali da.

Izebak eta gazte horiek ez dute dudarik sentitzen dutenari maitasun deitzeko orduan, baina zuk idatzitakoaren haritik egiten diet nik kontra.

Bestalde, garbi erakutsi didazu hurbil dudala zahartzaroa, ezin hobeto harrapatu duzu-eta nola funtzionatzen duen aspaldi honetan nire oroimenak: "museotxo bat osatzen dugu zaharrok gure baitako oroitzapenekin". Orain dela urte batzuk ez museotxo bat baizik eta kobazulo bat zen nire oroimenak osatzen zuena. Badena badoa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.