Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/07/17 09:57
TXEKIA: Roznov. MORAVIA-VALAKIA: Hranice, Stramberg, Novy Jicin, Roznov pod Radhosten, Presov. BOHEMIA: Prostejov, Olomuc, Nové Hesto mad Metuji, Nachod, Kuks, Betlen, Josejof, Hradec Kralove.

T X E K I A

 

Hemen gara berriz Txekian 12 egun ondoren, Ipar Bohemian oraingoan.

 

Lehortzeko belar-metatze teknika komuna dute lurralde osoan. Ugaria da jendea jatetxe eta errepide alboko non geratzeko aukera. Ugariak dira bai autoa bai jendea. Elkarren auzo dira herrietan teila, latorria eta uralita. Ikusi ikusten da bakarren bat, baina banaka gutxi ikusten da SEATa.

 

Roznov. Auto piloak pizten digu ikusmina: kilometrotik gorako auto ilara errepideko bi bazterretan. Jende uholdea doa ibaiaren bestaldeko parke edo basora, oinez, zubitxo sarrietatik. Kilometrotik gorako bidean ageri dira txosna eta salmahaiak.

 

"Potravini" hitzak zer esan nahi ote, hitzaren lehen erdiak eta bigarrenak hain esanahi ezberdinak baititu gaztelaniaz; taberna delakoaren antza hartzen diogu guk: mila eratako galderez zamatu gara bidaia honetan: herri hauez ezer guti dakigula behintzat ikasi dugu.

 

Lautadan sartu gara berriz ere mugatik urrundu hala, ez dugu jadanik mendirik ikusi ere egiten. Berriz ere paisaia leuna, tontor bigunen bat besterik ez aurrean. Galduak ditugu azken egunotako mendiak. Dena belar, dena berde. Laku eta istinga tankerako lurra. Kanpin aurretxoan, belar ebaki berriko zelaian bi zikoina, hanka luzeen gainean afari bila. Katamixarra gurutzatu zaigu errepidean galga zapaltzeko ere astirik ia eman ez didala: gorrizka luzexka bere buztan oparoarekin: zein abentura edo bizigintzak ote zeraman galipotezko arrisku beltzaren bestaldera?.

 

 

359 kilometro, Txekian kokatu gara berriro honenbestez.

 

 

MORAVIA.

 

VALAKIA LURRALDEA

 

 

Ekainaren 9. Astelehena. 36.a-Tx:8.a

 

Juanjo Olasagarre: "Kosta egiten da bizigintza ofiziora itzultzea". Niri behintzat bai kostatzen zait atzo bezalako oker, ahaztura, eta aldrebeskerien ondoren.

 

Etxetxoetan apopilo, eskolaurreko koskortuak ditugu kanpineko alaitasun. Bizigintza ikasten ari dira, oraindik hazten, eta jadanik helduok bezain arazo latzak dituzte; baina bizitza gainezka ikusten zaie norbera ere gaztetuz.

 

Hranice. Ganga eta zutabe zabal bezain sendoko arkupeak lirateke hiriko lehen ezaugarriak. Plaza,  Eslovakiakoen osagai berdinak ditu; atsegina da, baita berrikuntza lanen oztopo artean ere. Eliza, marmol  gorrixkak eta santu-irudi zuriak dira lehen flasha begientzat.

 

Alarma txirrina  jo dit elizan Josefa Dohatsuak, ozen, polizia ekarraraziz, ikusminak gehiegi hurrerarazi bainau kristalezko hilobira.

 

Merkatu txikia da herri guztietako eguneroko merkatalgintza Txekian. Eslovakiak baino diru gehiago dabilen itxura du Txekiak, agian ez aberatsago delako, beste apustu politiko zein ekonomikoa egin duelako baizik.

Erreka ez dago batere txukun baina bizi da, hainbat arrainkume ikus daiteke uretan; hegaberak aldiz piloka daude zelai ebaki berrietan. Metalezko xafla laukiak aldats bazterretan neguko izotz-elurren zain.

 

Stramberk. "esta cuesta cuanto cuesta" batean, aldats pikoan beraz,  dorre luze biribil baten oinetan kokatua. Plaza, erakargarria da, maldan beheran, belar berdeak ematen dio dotorezia punttua; “valaka” etxeak dira hiriko altxorra, zurezkoak, zaindu eta preziatuak; plazan bertan txiki eta nagusien sosak aterarazteko “infernua” izenpeko antolaketa.

 

Emakume bat ari zen herriko kontzertu baterako kartelak jartzen hormetan.

Izugarrizko kare-harri  harrobia du Stramberk-ek, mendi erdia eraman dute jadanik, etxeak jasoz edo errepideak gizenduz.

 

Zerbitzugune bihurtuta dago plazetako etxeen gehiengoa Txekian, bizitoki funtzioa baztertuta. Teiladun teilatuak dira nagusi lurralde honetan; etxe-bueltak oso apain zainduak egonik ere, ez dute Austriako etxe-buelten oparotasun eta nortasunik; tristeak dira etxe hormak.

 

Herritxoz herritxo egin dugu eguerdira arteko autozko ibilia, herri-bidez. Jai-antolakuntzak herritxo batean: betikoak dira, agian jaietan daude jai-girorik nabari ez bada ere.

Ugariak dira fruta-arbolak zonalde osoan, sarriak ere txaletxoak diruditen etxetxoak.

 

Novy Jicin.  Arkupe sendoko plaza, erabat oinezkoentzakoa; ez du zutaberik, zabalagoa egiten du horrek.

 

Aldamio gainean etxe-horma pintatzen ziharduen langile pilak berak sortzen zuen koadro polita.

Plazara begira, mahai kuxkuxeroan bazkaldu dugu tabernan bertan; telebista dute hemen jantokian. Jatetxe batean ikusten dugun lehena.

Frantsesak garen galdetu digu aparkalekuko kobratzaileak, baina azkenez kokatu gaitu mapan, keinuz eta hainbat hizkuntz ezberdineko hitz soltez "euskaldunak Frantzia eta Espainia artean" ziolarik; hitz egin nahi zuen baina ezinezkoa gertatu zaigu elkar ulertzea.

 

33 graduko hozberoa eguzkitan. Bero sapa.

 

Roznov pod Radhosten.  Garbia du ibaia, non umeak jolasten duten.

“Valaka” etxeen museoa zeru garbi pean; zurezko etxe antzinakoak museo bihurtuta: museo mota hauek beti eta denak ia berdinak dira, baina beti dira berriak, beti politak, beti erakargarriak.

 

Artista baten irudimena erakusten dute zuhaitz gizenez eginiko erlauntzek: enbor-begiak baliatuz eginiko giza aurpegiaren ahoak dira erleentzako sarrera-irteerak.

Herri honetako parkera zetorren eta bertan zebilen atzo arratsaldez ikusi genuen igande-pasako auto eta jende aldra.

 

12 ziren gaur atzo bi ikusi genuen zelaiko zikoinak. Belardi ebaki berria, hegaztien jatetxe oparoa.

Bi zurezko etxe zeramaten kamioetan, gurea bezalako kanpinen batera agian.

Eskola utzi genuen baina umez inguratuta daramagu bai Txekia bai Eslovakiako egun oro. Kanpin honetan  ere ume pila dugu kanpin-kide.

Bolo-joko ezberdina bezain berezia kanpinean ikusi duguna: bederatzi birla jartzen dituzte hiru ilaratan lauki bat eginez; laukiaren gainean, erdian, haga batetik soka batez zintzilika ia lurreraino heltzen den bola; bola zintzilikatua botatzen du jokalariak albotik aurrerantz, txirloen albotik pasaraziz, bueltan datorrenean jo behar ditu txirloak. Ez dugu ikasi zenbat botaldi diren edo nork irabazten duen. Batzuk ez zuten piperrik jotzen, baina bazen bakar iaiorik.

Ikasi dugu  zigarro marka dela “West”.

 

Bai Txekian bai Eslovakian oso gutxik daki ingeles edo frantsesik; alemanera da askok dakiten bigarren hizkuntza. Nabari da hasiak direla ingelesa ikasten eskoletan: eskolatik zetozen hainbat gaztetxorengana hurbildu behar izan dugu norabidea galdezka, eta ingelesez moldatu gara.

 

Sapak bultzatu gaitu goiz etxera.

 

135 kilometro, erakargarriak.

 

 

Ekainaren 10a. Asteartea. 37.a-9.a

 

Bi herriak banatu baziren ere ez dago nazionalismoari buruzko borroka ideologiko edo beste nolabaiteko arrastorik kaleetan, ez kartel edo pankartarik ere. Auto bakarren batean soilik ikusi dugu Txekoslovakiare ezaugarria.

Ugariak dira kontzertu era ekintza kulturaleko iragarkiak.

Herri koskortu orok du bere museoa, herritar ikusle asko dabil bertan.

Goiz hasten da mugimendua eta jarduera bai herrian baita kanpinean ere; ume eta gaztetxoek zortzi eta erdietarako alde egin dute gosaldu ondoren motxila lepoan hartuta; langileak ere bere zereginean ari dira ordu horretarako;  birigarroa ere leiho aurrean dabilkigu harrapatu duen zizare luzea irentsi ezinik; M.Luisa eta biok gara bakarrak, berdegune erdian, oraindik apaintze ahaleginetan ari garenak, gure ustez, 7retan jaikita, sasoiz genbiltzala uste bagenuen ere.

 

Gaztetxo eta ume taldea joan orduko etorri da talde berria: egonezina, harridura, ezustea, jolastu beharra; hitza, barrea, algara eta bizigura da batez ere beraiek dakartena.

Ezin dugu gainetik kendu talde bat, inguruan darabilgu bai kanpinean bai errepidera irten ondoren: matrikulan PNV hitzak ditu, Europako ertz urrun honetan ere Arzallus jaungoikotxoa beti presente.

 

Zebrabidean geratu egin gara oinezkoei legeak agindu lez bidea emanez: arraietatik ordez auto atzetik zeharkatu dute kalea oinezkook, zergatik geratu ote garen halako begiratu harrituarekin, ia ia haserre keinuarekin.

Fiatiloa  agertzen da noizbehinka, Espainian Seatiloa bezala, erlikia irudi, baina oraindik badabil.

Soro-sail zabalak dira denak, hemen ez da jabego txikirik. Herriarenak dira edo bakar batzuk jabetu dira herriarenak ziren sailez

Han-hemenka eta edonon, goranzkoa tximinia luzeek ematen dioten lautada berdean, lupulua da gaurko aldagaia, Prerov inguruan: sail zabalak. Esan daiteke garagardoa dela, bai Txekian bai Eslovakian, edari nazionala: litro erdiko basokadak edaten dituzte bata bestearen ostean mahaian eserita kontu-kontari lasaian.

Hiri handien inguruan transformadore handiak ernetzen dira, argindar poste ilara ugarien hasera edo bukaera, argi-iturri edo  argi-biltegi.

 

Prerov. Industria hiri jitea du, kale eta dendateria xumekoa baita. Goialdean dago Alde Zaharra, hila, inola ere ez zaindua. Xumea da goiko plaza, polita, ez da turistentzako taxututako plaza, bakartxoak baikara hona igotzen dugun kanpotarrak; garai bateko herriko plaza; gaur egun herriak beheko plazetan eta kaleetan du topagunea. Baina goiko plaza honek badu berezitasuna:  borobila izaki, artezak izan ordez, kurbatuak dira plazaren borobil erdia osatzen duten etxeak, etxeek eurek ere nolabait fatxada kurbatua dute; ezki ederrak ditu erdian. Ezkion alboan, plazaren erdi-erdian erlijio gaiak dituen harrizko monumentua: beldurgarria da hiriko  kutsadura edo kandela asko erre zaien santuteria oso aspaldikoa, oso belztuta baitago: komunismo garaian erlijioa errespetatu zen froga; elizaren pribilegioak izan ziren errespetatu ez zirenak, elizarentzat pribilegioz mamitzen da fedea.

Ez da parkerik falta, ezta aurreko sistema politiko aldiko etxerik ere, eskultura sinbolikoez apaindurik baitaude ate gainak edo leihopeak. Baina ez kale izendegian ez monumentuetan ez da ageri Iraultzaren aitzindari  edo Marxismoaren teorikoen izen-irudirik. Marx eta konpainiak ez dute lekurik Txekiako gizarte berrian, Italian edo Alemanian ez bezala; agian garbitasun demokratikoa probatu nahi dute, agian italiarren edo alemaniarren heldutasuna falta zaie, agian oroipen txarra gordetzen dute, agian aldaketa nahiko traumatikoaren ondorioa besterik ez da... baina erabat baztertu dituzte sozialismoaren, marxismoaren, edo komunismoaren  izen eta sinbolook.

 

Guretzat ezagunak diren idazlerik ez dago liburutegietan, agerian behintzat, are gutxiago idazle marxisten izenik; playboy eta enparauek berriz  nabarmen betetzen dituzte liburu-dendetako erakusleihoak.

Garestiak dira hemen ere marka ospetsuko jantziak; kaleko herritargoari begiratuz azoka txikiko jantziak dira hemengoentzat ere merkeenak, guretan bezala.

Denetik dago azokan, baserritarren eskutik: gereziak afalduko ditugu guk.

Olioa aldatu diogu autoari, garbitu ere egin dugu autoa: zein zaila den  hain erraza dirudien olioa aldatu nahi duzula garajean adieraztea: ez dira nahiko eskolaurreko umeekin erabilitako mimika, imintzio eta ahalbide oro: potea zeuk bilatu, autora eraman, kapota zabaldu, eta olioa tutura botatzeko keinua egin arte ez dira jabetu, matxuraren batengatik goazela uste bide zuten.

Atzo "ko-ko-ko" edo "kukurruku", eta hainbat keinu eginda ere ez zigun arrautzak nahi genituela ulertu dendako neskak: kalekumea zen agian eta ez du oilorik ezagutu ere egiten.

 

Herritxoz herritxo goaz gaur ere, tarteka simaur usainak bildurik; korta inguruak ez dira hemen ere Austriakoak bezain txukunak, gureetakoen tankera dute. Kilometrotako errepide arteza,  ondoren 90 graduko bihurgunea lurralde zabal beraren erdian, berriz ere artez jarraitzko: ze arrazoik izan ote du eragina berez logikarik ez duen trazaketa honetan, arrazoiren bat egon dagoelako: norbaiten lurren jabegoa, lehengo lur banaketa errespetatu nahia, lur mota zingiratsua... auskalo.

 

BOHEMIA

 

Sartu-irtentxoa besterik ez.

 

Prostejov. Plaza: bertara jo behar da: plazan baitaude erdigune eta topagunea ez ezik, hiriko eraikuntza nagusiak; oso ederra da: belar-gune, zuhaitz mota ezberdin, ibilgune eta egonleku ugari du bere zabalera handian; banaka ezer nabarmenik ez du, etxeteriak, baina, ikuspegi ederra eskaintzen du osotasunean hartuta. Udaletxea, harrizko ederra, gaurkotuta, grazia gutxiko itxura du. Zamek,  ederra izan zen eta geratzen zaizkio izanaren zantzuak: "skiagrafia", burdinteria landua balkoi korritu eta barandan; barandako gandor, titidun buru polita. Ez digute eliza ikusten uzten, elizpetik ez bada: egituraz gotikoa izanik, barroko tankerakoa du barrua; pulpitua nabarmentzen zaio, baita presbiterioko harrizko balkoitxoa freskoz inguratuta;  bada irudiak ia pilatuta dituen aldarea: denean bezala, hemen ere S.Kristobal; aipatzekoa,  burua eskuetan duen obispoa; elizpean belauna musuka gastatu dioten  Kristoa eta harrian tailatutako auskalo ze neska pottola.

 

Zopa ekarri digute bazkaritan, ezer eskatu aurretik, Juliana zopa hain zuzen: barraskiloak ekartzea falta zitzaigun Arantzazuko lagunarteko bazkaria osatzeko; eta lagunak noski. 500 pezeta izan da zopa, arrai plato konbinatu ugaria eta litro erdiko garagardoa: guretzat merkea, ez dakigu beraientzat ze izanen den, zeren gehienek kaleko txosna eta dendatxoetan jaten baitute, gehienetan zutik.

 

Ez dira hemen ageri Hego Bohemiako kamioitxoak, baina hemen dabiltza atoia duten kamioi handiak; trailerrik ia ez dabil. LIAZ markakoak dira kamioi handiok.

 

Olomuc. Aurreko bisitaldian bezain xarmant jarraitzen du plazak, erakargarria gertatu zaigu bigarren bisitaldian ere.

 

33 graduko hozberoa,  Izurrite Zutabearen geriza paregabean, patxadako egonean, arintzen du jendeak arratsalde erdiko sapa.

 

124 kilometro, ustez bertatik bertara ibili gara baina ustekabe errazean metatu zaizkigu kilometroak.

 

Urki sendoz inguraturik gaude kanpinean, baina ez diote itzalik ematen gaurko 33 graduek ia gori jarri duten gure etxatoiari. Gora egin dute moztasunaren laburduran gonak eta prakak, gure berna zein izter oraindik zuriak agirian utziz.

 

 

Ekainaren 11a. Asteazkena. 38.a-Tx:10.a

 

Pinu artean, laku ondoan, dugu kanpina, zainduegia ez bada ere gerizpeko atsegina bai. Jendea erruz dator lakura arratsalde pasa: parke bezala asmatua dago kanpina, etxetxo eta bestelako txosnen osagaiak dira karabana eta dendak.

 

Oholezko hesia jauziz gaindituz egiten dute umeek etxetxorakoa, bidea laburtuz: bizitasuna eta malgutasunarena ez ezik bizitzeko presa eta zeharka ibili ezinaren ezaugarria. Umeon kanpineko egona bada izan baldintza berrietan elkarbizitzaren esperientzia ezberdina, nahitaez aberatsa.

Umeok bailira, bi katamixar ibili zaizkigu axolagabe elkarren lehian adar-gain adar-gain, agian beraiek ere gaztetxoak etxetik lehen urruntzean, agian helduak maitasun jolasean.

Berriz ere gure PNVrekin topo egin dugu: kanpin-kide ditugu. Gurea matrikula alemana ote hurreratu zaizkigu. Espainiarra dela-eta oso adeitsu, geroago errepidean aurreratu gaituztenean izugarrizko agurrak egin dizkigute.

 

Herritik at dago hemen ere Night Cluba, gureetakoen itxura parekoarekin: aparkalekutxoa eta koloreetako argi iragarkia: neskak afrikarrak, hegoamerikarrak ala nongoak ote hemen; premia gorrian daudenak nolanahi, seguru aski engainatuak; lanbide horretatik bizi diren itxura onekoak, puta kontzienteak, hortik bizitzea erabaki dutenak,  leku dotoreetan edo hiri nagusietan daude, ez hau bezalako zuloei lotuta.

 

SILESIAk ez du erakargarritasunik guretzat, ez gara bertara joango.

 

Bohemia da Txekia gehiena, nire ezusterako. 

 

EKI BOHEMIA

 

Olomuc–Hradek Kralovè errepidera ere behar baino bost urte lehenago etorri gara: ezin izan dugu abiadurarik azkartu orduko 50etik gora, triki-traka hondatutako zoruan lehenengo, autobia berria egiteko lanek oztopo gehigarriak direla-eta ondoren; urte gutxiren barruan konponduta egonen da zoru hondatu hau, baina hondamena da gaur egun.

Presente dago ETA Txekian, ez dakigu elektragailuok salduko diren baina hizkion kartelteria nabarmena da nonahi. 

 

Ia zuhaitzik gabeko lautada; ordeka, eta ordekan tximiniak, dorre-orratz luzeak eta teiladun teilateria gorria: hori da gaur goizeko paisaia. Urruti ikusten genituen mendi-muinoetan sartu gara Mohelnice-n, goialdetan egin dugu bidea ondoren, gora eta behera bailaratxoak zeharkatuz, mendi-kaskoz mendi-kasko, bailaratxoz bailaratxo, ibili atseginean. Ugariak dira baratzak: gure Etxarriko etxaurreko patata sailaz gogoratu gara, baita etxean utzi genituen zuhaixkez ere, orain arte itobeharrean egongo ziren hemendik aurrera berriz egarriz.

Errepide zaindua dugu jadanik tarte luzeetan. Tantai lerdeneko pagadi basoa ikuskizun.

 

Holandarra da karabanarekin dabilen oro; matrikulari antzik ere ateratzen ez dioten bakarrak gu gara. Binaka dabiltza holandar karabana gehienak, elkarren anparoan edo. Gaur ere auto poloniarrak gurutzatzen ditugu maiz, atoian  auto hondatuak edo auto karkasak daramatzatela: negozio sendoa behar du izan, auto asko ikusten baita; garraio autoteria trinkoa duen zerbait antolatua da.

 

Mon Trebovà, herri handia da: eliza handia, tximinia luzea eta teilateria zabala da errepide gaintxotik dakusaguna.

 

Kamioiak, furgoneta zamatuak, kamioneta nekearen eraginez geldoak, skoda zaharretako baserritar gidariak, adabakiak ere zaharrak dituen antzinako errepidea, tarteka sega-makinak noiznahi... bidaia geldia da gaurkoa.

 

Svitavy, herriak ez dakigu zer izanen, baina zerbait ponposoa iragartzen du errepide bazterreko kartel handi urdin batek.

 

Amaierarik ikusten ez zaion zeru-marrarainoko lautadan sartu gara berriro. Noizbehinka tripode gaineko gailuekin sestra neurtzaileak: seinale txarra, eginen duten astakeriaren baten iragarleak dira. Euren berezitasuna galdu gabe Europa Batuarekin edo Mendebalarekin nahiko homologatuak dituzte errepide-iragarkiak.        Holice-tik hur, belarra ebakitzen ari den traktorearen ingurumarian hegaberak berriz ere: lur hezeak dira hauek nonbait.

 

Holize. Herri prestu txukuna, kolorezko etxetxoekin.

 

Tabernan sartzen da jendea bazkalorduan eta bere "pivo"a edaten du, lagunekin mahaian edo mostradoreko bakardadean. Garagardo asko edaten da: ez da ba izango edanarekin, mozkortuz, kontentarazi eta isilarazi nahi duela herria  gobernuak; 10 koroa besterik ez du balio litro erdiko pitxarrak, guretzako merkea baina beraientzat ere bai nonbait. Izan dugu kanpinean bisitari bat garagardotarako dirua eske.

 

Baba beltz sail zabala,  ortu-sail zabalagoak ondoren, mila ortuari ezberdinekin. Nafarroako ureztatze parrastada luzeek freskatzen dute animoa eguerdi beroan.

Unleituna dela-eta herritxoetan zehar ibiltzea tokatu zaigu: oso herri txukunak dira.

 

Pardubice. Laku baten ondoan.

 

Txirrindulariak  ematen dute atentzioa, deigarri gertatzen dira, hainbat jende baitabil txirrinduetan bai kaleetan bai plazan.

 

Pernstynske. Plaza, oso zabala izateaz gain udaletxe bizia, argia, liraina eta dotorea du albo batean, baita plaza edertzen duen etxe ederrik ere: ez du autorik ez zuhaitzik, beraz handiagoa, zabalagoa eta eraikuntzen eraginez ederragoa azaltzen da. Errepublika plazak, ostera, antzoki polita eta eliza teilatu-dorre zorrotz deigarria dituen arren ez du nortasunik, eraikuntza berriz bilduta eta trafikoan murgilduta: pasaleku da pausaleku ordez, topaleku ordez aurrera-leku. Bada dorre karratu zahar bat, dorre luzea zaiola gandor eta 8 dorretxo berde apaingarri: plaza bien arteko pasabidea da azpiko arkupea.  Zameka berrikuntza lanetan dago, argia eta ederra utzi diote kanpoaldea: hainbat ate, harresi eta sarrerako zubi luze batez babestua; bikoitz berezia da delako zubia, baina bere garaian hirukoitza izanen zen. Etxeak zein kaletxo edo bazterrak ez dira  banan-banan begiratuz zoragarriak, baina oso ikuspen ederra sortzen dute  ikuspegi zabal batean.

Elba ibaia ber-bertan doan arren ez du herrian eragin edo presentziarik, zenbait gazteria badabil ere kanoaz  kanalean.

 

Azoka txikia, amaierarik gabeko salmahai ilarez zabal luzea. Ekialde jatorriko saltzaileak nabarmentzen dira asko direlako: badu mafiak  maneiatzen duen taxua, esplotatuak liratekeen itxura dute saltzaileotako askok, gureetako hainbat kinkila saltzailek bezala.

Jelatu denda gutxi dago: txanda egin behar dugu, ilaran itxoinez.

 

Museo batean ere aurkitzea zaila litzaken tramankuluarekin dabil nekazari bat belarra azpikozgoratzen: hegal batzuekin belarra astintzen duen zaldiek tiratutako bi metroko gurpildun trastea. Herritxo bateko plazan ama batek, bi neskatotxo lagun, eskuarez egiten zuen lan bera. Beste emakume nagusi bat berriz bizikletan zihoan zelaira  eskuarea aldean, girtena zabal albo batera. Gazte batek ostera gurditxoa  belarrez izugarri zamatuta zeraman etxera. Arratseko belar-batze lanak, egun beroaz profitatuz.

Hosni Reyice edo izen antzerako herriko eliza ondoan bada zurezko kaperatxoa,  teilatu zorrotz zaharrez ilun batekin.

 

235 kilometro, mendixka eta bailaratxoz beste bailara zabal batera ekarri gaituztenak.

 

Kanpina. Behar baino bost egun lehenago etorri gara: udaberrirako berritze eta txukuntze lanak bukatzean  atsegina eta distiratsua egonen da.

Harrerako ordenagailuaren programak ez du aurreikusita espainiarrik etorriko denik: ez du E hizkia onartzen, beraz D jarri digute, alemaniarrak izanen gara hiru egunez kanpin honetan.

 

Izugarria da zozoen elkarrekiko lehia edo deien hotsa; kukua sartzen da tarteka txori-kantu sinfonian; ez dago munduan horrelako kontzerturik; harrigarria. Agian mila tragedia dago txorrotxio eta fiu guztien atzean.

Eguzkia ia zuhaitz adarretan zegoela sartu da gizon bat lakuko uretan; uhintxoen bristada artean borobiltxo ia ikusezin bihurtu zaio burua, erdigune iluna ispilu gorri distiratsuan; eguzki izpien lerro magikoa hosto artean galtzean ezabatu zait une errepika ezina.

 

Usaindu egiten dugu Praga, bera ikusteko irrikaz bezala.

Eki Bohemian gaude.

 

 

Ekainaren 12a. Osteguna. 39.a-Tx:11.a

 

Bada gu baino pasokoagorik Txekian zein Eslovakian dabilen turisten artean; gau baterako presatiak dira gehienak, gau bateko pausaldia egiten duten pasoko txoriak: guk hiruzpalau egun egiten ditugu behintzat.

 

Atzo gaueko zozoen arteko buruzagitza edo amodio lehiako txistu zorrotz hotsen ordez, txori txikien txorrotxioa ozentzen da gaur goizez. Ia erabateko isiltasunean txori bakoitzaren joa eta bestearen erantzuna bereizi, txorrot hotsa binaka edo bikoteka belarriz antzeman, bikote ezberdinak sailkatu, kadentzia, erritmoa eta tartea neurtu, hori da goizeko jolas eder patxaragarria lakuko ahateak edo txalupetako kanabera luzedun peskari kulunkariak ikuspegi direla.

 

Herritxo askok galtzadarriz egina du  herri barruko errepide tartea. Oso trinkoa da herritxoen arteko errepide sarea, zoru asfaltatuko zoru onekoa. Erabat atsegina da  herritxoz herritxo ibili patxadatsua, noizbehinka bidegurutzeren batetan ernegatzen badugu ere, ez baitatoz beti ados hemengo bide eta herri iragarpenak gure ohiturekin.

 

Opocno. Herri koskortua; azpimarratzeko ditu plaza zabala, gaur goizez azoka txikiko salmahaiz betea, etxe politak, eta laku bat oso gertu.

 

Dobruska. Aurreko hiriaren antzerakoa, eguzki-erlojua du elizako horman.

 

Izeidi basoxkak muinoetan; errepidez zeharkatzen ditugu.

 

Novè Mesto nad Metuji.  Alde batetik azpiko sakaneko ibaia hesi naturaltzat duen tontor batetako herri zaharra da bisitatu beharrezkoa; herri osoa, zabala, zeharkatu dugu guk oinez zaharraren bila. Alde Zaharra: plaza bat da alde zaharra, betiko osagaiez taxutua, zabala, erakargarria; sendotasuna ematen dion ganga kurbatu baxuko arkupe oso zabalak inguratzen du, arkupetan plazara so zerbait hartzeko aukera, eta antzinako zenbait denda; etxe errenazentistak, xumeak, xarmantak batzuk, gandor politekoak besteak, denak kolore ezberdinekoak; zamek, dorre borobila: egun egosian ere gustura paseatzeko plaza, tamalez autoen pasabide ere bada; baditu harrian zizelatutako halako bikote xelebre xarmantak. Eliza, ez dago alarmarik, ez kristalezko ate hertsirik, ez baitago zer osturik ere.

 

Arkupetako  farol gainetan egin dituzte habiak enarek, herriari osagai berri bat emanez.

Ganga kurbatuak dituzte barruan etxeek, arkupekoek bezalatsu.

 

Ume taldeak aurkitzen ditugu herri orotan, bere irakasleak lagun edo zaintzaile: heziketa barruan urtean zehar normalki eta sarri plangintzan erabakita egiten den irteera ote, ala ikasturte bukaeran ohizkoa, betikoa eta denekoa den txangoa?.

Pelikula amerikarrak iragartzen dira hirietako zinema, karteltegi zein bideo-dendetan, betiko aktore-aktoresa ezagunekin. Europartu dira, kapitalismoaren bentosak itsatsi zaizkie.

Noizkoa da merkatu txikia Txekian?, politika aldaketaren ondorengoa ote, salgai merkeekin Mendebalarekin parekatzeko herriaren egarria asetzeko?, ala premiak asetzeko baliabidea soilik?. Mendebaleko gai guztiak eta marka guztiak ikus daitezke salgai bestelako dendetan; erosi ez dakigu nork erosi ditzaken, ezta zenbateraino erosten diren.

 

Juan Nepomuzeno Saindua,  bide eta herri sarrera oroko agerpena.

 

 

Nachod. Plaza  da herriko erdigune, autoen aparkaleku eta pasabidea. Gaztelua du eraikuntza nagusia mendi gaineko erraldoitasunetik ez dakit herria babestu ala mehatxatuz. Eliza berriz plaza erdian kokatua dago, eguneratua, gaurkotua, bere bi erlojuetako batek neguko ordua esaten du, udakoa besteak, batek ere ez eguzkiarena. Udaletxea benetan deigarria da, urre koloreko gizaki irudi eta metal berdeko dorre karratuaz gain buelta osoko ikusmirarako balkoi korrituarekin.

Laku zabala hiriaren alde batean bertan: lautadako zulogunetan biltzen dira negu-urak beste isurbiderik ezean.

 

Plaza da herri gehienetan turistaren interesgune nagusia, ia bakarra, hor baitaude bilduta herriko bitxikeria nagusiak edo hor bildu baitziren indar nagusiak eraikuntzetan beraien boterea eta nagusitasuna erakutsiz.

 

Goilautadan egin dugu bidea, baserri-etxe eta herri txikitxoak bertatik ikusiz, herri horietako asko barnetik zeharkatuz: txukunak dira, inola ez dotoreak, ez dute apaindurarik. Ez dugu tximiniarik ikusten, bitxia egiten zaigu.

Oso garatua du Txekiak errepide sarea; ez da oraingoa, ez da azken urteotako berria, hainbat zertzeladak, muinoek esaterako,  erakusten dute antzinako errepide-sarea dela.

 

Kuks. Azpeitiko Loiola santutegia eta basilika dirudi: bere kupula borobila, mailadiko irudiak... Eraikin honek ia 40 irudi ditu, gehienak erreskadan aurreko plazatxoan: hau ez da, baina, santutegia, hau eraikuntza laikoa da: konde jaunak bere lurraldeetako ur sendagarriak sozializatze asmoz eraiki zuen bainuetxe sendo garaia. Horrez gain herri txikitxo bat besterik ez da, oraindik hitsagoa egiten dute hondatutako bainuetxe garaiko hondakinek.

 

Stanovice.

 

Belar lehorra iraultzeko burdinazko tramankulu bitxia ikusi dugu: bere garaian aurrerapen izugarria izanen zen, gaur egun museorako tresna miresgarria; oraindik lanean dirau, gaur egun traktorez tiratuta.

 

Betlen. Mirari bat bezala, nahiko hondatuak jadanik, mendiko haitzetan zizelaturik, basoan, han diraute 9 irudi erraldoik, kondearen basoko pasealekua omen zena dotoretuz. Omako pinu pintatu bitxien aurretik zeuden hemen harkaitz zizelatuok baso galdu batean.

 

Bide bazterreko belarra ere ebaki eta jasotzen dute hemen baserritarrek: garia da nagusi, baina belarra ere beharrezkoa zaie eta urri dute nonbait.

Granja izugarri erraldoia, usaiaren arabera txerriena.

 

Josejof. Errepidetik ikusi ahal dira gotorleku bateko adreiluzko harresiak: 42 mila guda-preso gorde omen zituzten bertan Lehenengo Mundu-Gerra ondoren; gaur egun ilara luzeetako etxe hori pila ikusten da: agian errepideak berak ere erditik gurutzatzen du gotorlekua.

 

159 kilometro  nekazari herrietan.

 

 

Ekainaren 13a. Ostirala. 40.a-Tx:12.a

 

Hradec Kralove. Hiri handia, bizia, jendearen harat-honat  handikoa, baina bai alde zaharrak bai berriak hiri zaindu gabearen itxura du, industria hiriaren jitea, tximinia larregirik nabarmentzen ez bazaio ere. Plaza du Alde Zaharraren bihotz: luzea, triangelu formakoa, grazia gutxikoa, oso-osoan aparkaleku bihurtuta, beste ezertarako gune ez dela, arkupeak dendateriarentzako ez bada; zahar baldarra, dena da hondar eta hauts; Txekiako plaza ororen osagaiak ditu baina ez diote distirarik ematen, ez dute eder egiten; Plaza barruan daude, katedrala eta zamek-dorrea, oso ertzean bada ere; plazan dago udaletxea ere, osteko plaza-zatia nolabait plaza baino kalea delarik; katedralaren absidea dago plaza aldera eraikia, ezohizko eran auskalo zergatik; ikastetxea zuten plazan bertan jesuitek: eraikuntza berritzen ari dira baina eliza martxan dago, itxita alajaina: buelta osoko balkoidun koru barrokoa du.            Katedrala: badira bi triptiko eder, erlikitegi den orratz gotiko polikromatua eta jauntxoen balkonada presbiterioan; argazkiek diotenez, hemen ego zen ez dakit noizko bidaia batean Aita Sainduak erabili zuen gotzainaren zeremonia-aulki dotorea: "cojonian tuam el Obispo y el Papa, Aita Sainduaren panderoa eta Gotzainaren ipurmasailak ez dituk edozerekin konformatzen”.

Labe deitzen da txekieraz Dresden zabal eta zama-ontzien garraiobide  ezagutu genuen Elba ibaia; urez urri eta lekuz estu  doa hemen, hiriak harrizko hormaz eta fabrika batek  presaz eta konportaz hesiz handi itxura badamaiote ere; Orlice ibaiaren urak elkartzen zaizkio  hirian bertan, ibai bien ur zikinen elkarguneak dute agian grazia edo gatz apurra, elkarguneko marra alegia, baina zementuzko zubiak jaten dio duen erakargarritasun pitina. Ibai bien arteko parkea, hori bai bada ibilbide atsegina; hemen jarri zuten, ederrago baino politago egiteko, Eslovakian bere tokitik ebatsi zuten Mikulas zurezko elizatxoa.

Boligrafo kaskar bat aurkitu dut belartzan, oroigarri bezala jaso dut. Patxi Zabaletaren "Dena dela, dena da" jarraiki: Hradec Kralove-k ez du besterik turista eta bisitari urrientzat.

 

Ezkontza eguna H. Kraloven: goizerditik gutxienez arratsaldeko orduak arte, bata bestearen ondoren, txanda-edo gordez, zain daude bikoteak lagunartearekin aurrekoa noiz aterako, udaletxe inguruko eraikuntza baten aurrean.  Ez zaie falta dotoretasuna ezkongaiei, ezta ahalegintxoa laguntzaileei ere, bai janzkeran bai ibileran bai portaeran baserritarra dela igartzen bazaio ere bati baino gehiagori. Bazen motor gaineko kapotan ezkonberri taxuko kopina zeramanik ere. Zinta luzez dotoretzen dituzte ezkontza autoak.

Maria Luisarentzat narruzko txamarra erosi dugu, Txekian eta hemen aurkitu du hainbat lekutan eta hain luzez bila ibilitako gustuko txamarra.

 

Bazkaldu dugun jatetxean ikusi dugunez, solas zaleak dirudite txekiarrek, garagardo basoaren inguruan kontu-kontatze eten gabean orduak luzatzekoak. Italian izozkiez bezala “pivo”z zaletu behar dugu Txekian: ze gustagarria litro erdiko garagardo pitxarra.

Txekian ere ondo lotzen dituzte bizikletak.

Eraikuntza handi eta dotoreak jasotzen dituzte; herritxoek, berriz, txikiak eta xumeak dira: beti ondo-biziak, beti aberatsak edo aberatsagoak, boterea erakutsi beharrak eraginda beti.

Beroak atera ditu berna eta izterrak Ekaineko eguzkira.

 

45 kilometro patxadakoak.

 

Aberastu gara diruz banketxean, hornitu gara janariz, larruzko txamarraz birjantzi, baita boligrafo berriz armatu ere.

 

Laku alboko iluntzea, bidaia honetako esperientzia berria: bakoitza duenaz baliatzen denez, dagoenera moldatzen,  zikin plantako lakuko uretan bainatzen gara kanpinekook. Laku ertzeko pinu artean estalki gabeko aldagelak asmatu zituena ez zen jabetu mutiko bihurriak arrametara igoko zirela neskatoei ahal zutena behintzat ikusteko. Iragan gizaldikoa da lakutxoan dabilen "pedaloia".

 

Ilunabarreko azken argian txoriek badute mezua bereziren bat batak bestearentzako: nahiz egunez bezain ozen ez, txio luzeak jotzen dituzte harrigarrizko kontzertua harmonizatuz.

Ahatek,  ilara luzean lerrokatuta batzuk, binaka besteak, bakarti beste batzuk, ateratzen dira laku erdira eguneko gordelekutik ur-gaina ia ukituzko hegazkada bizkorrean. Baina ez dugu ezagutu hegaztien ilunabar eta egunsentiko erritorik.

 

Gizakiek ere giro berezia bizi dute ostiral ilunabarreko lasaitasunean, egun bero eta aste lanpetuaren ondoren: batzuk zaratatsu bere etxatoi aurreko egonean, lasaitasun isilean besteak, baita norbaitzuk laku erdiko bateltxo geldian ere.

Arrautzatxoa den etxatoian heldu dira gure auzora aitona-amonak bi ilobatxorekin: sua egin dute eta bi mutikoek erre dute bakoitzak bere lukainka egur luzexka batean itsatsita, laku ertzeko patxada isilean. Auzoko beste bi ume ere elkartu zaizkie. Su zaleak dira txekiarrak: leku aproposak dituzte zenbait kanpinetan, sua pizteko burdinazko ontziak daude beste zenbaitetan, lur gorrian sua egin den arrasto aunitz ere badago: bohemiar ala hungariar etorkinen ohitura, indar atabikoa edo batetik bestera zebiltzan garaiko eragina, edo oroitzapen inkontzientea ote?. Txikiak dira Txekiako suok, Eslovakiakoak, aldiz, su itzelak ziren.

 

Arzallusen kontraesanetan murgilduta bizi dira lakuko moskitoak: nahiago dute Ruizen  ORh-a Etxaberen ez dakit A edo zein letrako positiboa den odola baino: ideala pentsuaren truke.

Ze nolako gau berandura artekoak txekiarrak ere garagardoz bustitako ostiral gauetan.

Ilargi goranzko laurdenak ematen dio sorgindu ukitua lakuaren xarmaz lurrindutako ostiral gaueko jai-giro baikorrari: marmarra, irria, parra edo algara airean, silueta soilak dira arbolak. Gaur gauez ezin esan bizitza Juanjok dioen "mordoilo itsua" denik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.