Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/07/02 13:25
ESLOVAKIA: SPIS LURRALDEA: Levoça, ESLOVAKIA EKIA: Bardejon, Stara l´ubovña, TATRA MENDIAK:Tatra Lomnica, Stary Smolovec, Spiska Sobota, Kezmarok.

Ekainaren 4a. Asteazkena. 31.a – Ek:5.a

 

Txori txikien txinten sinfonian birigarro eta zozoak dira bakarlari apartak. Erruz dago txoria, belar ebaki berrian mokoka zein zuhaitzetan. Kokaleku idilikoa du kanpalekuak; eguzkia bera izugarri eder azaldu zaigu gaur, belar gainean etzanda epeletan gelditzeko tentaraziz. Baina bagoaz, beste zoko batzuk eta beste herri batzuen bila.

 

Antzinako gaztelua tontor gainean, teilatu arre eta horma zarpeatutako iluna, hitsa: beraz herrixka triste ilunak ez dira gaurkoak, azken politikagintzakoak soilik, aspaldikoak baizik, gaztelu hori bezain aspaldikoak.

Harrobi ilunak, iluna ere ateratzen den harea: hortik datorkie gristasuna eraikuntzoi; agian ez dago lur egokirik ere lurraldean teila gorriak egiteko, gureetako buztin gorririk alegia.

 

Errepide  nagusitik kanpo  egiten dugu ibilia; zoru ona erakusten du, agian Propad-erako bide aukeragarri ezberdin delako. Bideari ekin berri, mendi garai elurtuak dakusagu, han urrutira, Tirola bailitzan, Insbruck gogoraziz: Tatra Mendiak dira, -Propad gainetik ikusiko ditugu gerora, oso gertutik-. Errepide bazterreko belar ebaketak; nagusiak ari dira baratzok lantzen; ama batek umetxo txikia zuen alboan lurrean eserita. Fruta arbolak dira errepideko zedarri, hesi eta babes; baso diren mendiak ditugu hurrean zein alboan; betiko berrikuntza lanak, ilarak eta geldi guneak sortaraziz semaforoetan; urruti samarretik politak, hurretik baina goibelak xumeak sinpleak diren herrixkak; tximinia eta fabrikak herri koskortuetan; orain arteko paisaia bera da gaurko ibilbidea ere; urrutiko tontor garaiak eta elurra dira gaurko bidaian aldakuntza eta ikuskizun berriak.

 

Multzo hitsak baino etxe-bildu ilunak diren herrixkak: tarteka, herdoilduta dauden txapazko teilatuek zart eragiten die begiei; etxetxo bakarrak eta bakanak, hiruzpalau metroko tartea beraien artean, berdin ebakitako belarrez zainduta atariak eta alboak. Urriak dira telebista antenak herrixkotako teilatuetan, noizbehinka parabolikoaren bat balkoian eta antena bakanagoa teilatuan: ez dago agian errepikagailurik eta parabolikoez baliatu behar dira, agian Gobernuaren kontrolatu beharrak mugatzen du telebistaren hedapena, seguruenik ekoizleak ez dira jarri horretara oraindik, nork daki, agian autoena baino merkatu nahasiagoa eta zailagoa delako telebistarena. Herrixka orok du, baina, bozgorailu sarea kaleetan: beste politika kultura bateko jarraipena.

 

Herri hasi samartu orok du txabolatxoteria edo txaletxoteria inguruko mendixka magalean, baso ertzean, soildutako tarte batean, arbola artean sarri: aurrefabrikatuak, teilatu zorrotzekoak, estuak, txikiak, bata bestearengandik oso gertu, ia lurrik ere gabe, ingurua urbanizatu gabe, ez bide ez ezer; ez dakigu zein funtzio betetzen duten, ez norenak diren ez noiz erabiltzen dituzten, inor ez baitugu bertan ikusten; aro berri honetan bere asteburu eta uda txaletxoa nahiko luketen ondo-bizien ordezko engainagarriak ote diren gaude gu.

Gureetako jite, eragin eta gorpuzkera berdinarekin zorrozten dute sega nekazariek.

Atxagaren behi makaletariko bat ere izan dugu bidaiaren pizgarri,  handi bezain lasai,  errepide ertzean bertan etzanda,  alboko granjatik ihes eginda, abentura bila, errepideko auto, autobus eta kamioiei jaramonik egin gabe.

 

Breznok etxe bloke handien ikuspegia eskaintzen dio bidaiariari; badu bere antzinako plaza ere; etorkin itxura du biztanleriaren erdiak.

 

Labe garai bat, zerratoki antzerako lantegi erraldoi bat, zenbait lantegi handi: elkarri galdetzen diogu zuzendaritza eta jabego publikoa ote duten ala jadanik pribatu bihurtu ote dituzten. Herri batean, garbi nabari da banatu egin dutela sailtxoka herritarren artean sail zabal bat: han dabiltza, helduak batez ere, bakoitza bere lur sailtxoan.

Nekazariak dira, batez ere, bere auto zaharrekin ikus daitezkeenak herri inguruetan.

 

Polomnika herritxo zabala da, zirrara eragiten dute etxetxoen teilatuek. Etxe-buelta txukuna dute.

 

Gaztelatik Euskal Herrira etorritako amonatxoa ikusi dugu, beltzez jantzita, buruzapi lotuarekin. Beste hainbat ikusiko dugu ondoren, eskualdeko amona denek baitaramate buruzapia.

 

Helpans. Euskal Herriko amonatxoa ikusi dugu buru zapi eta gona beltzarekin. Beste herritxo batean amonatxo seikotea zegoen, seiak beltzez jantzita baina batez ere bat, beltzez baina dotore eta berezi: hileta batetik zetorren plañidera edo hiletari taldearen  istorioa asmatu dugu guk behingoan.

 

Zapadka.

 

Trenarekin parekatu gara, gu orduko 70 goaz, bera mantsoago; erdi hutsik doa. Trenbidea gurutzatu dugu hiruzpalau aldiz. Ikusten dugun lehenengo artaldea; txikiak, hile kizkurrekoak dira ardiak;  artzainak ez zuen txakurrik. Brezno ondoren, Propad-era azken aukeratik aurrera, hondatuta dago errepidea: orain bai duela paraje honek duela 50 urteko Euskal Herriaren antza. Inortxok ez du ezer egin herri hauetan egoera, fisikoa behintzat, aldatzeko: kanpotik begiratuta ez dago inolako berrikuntzarik; herri hilak, bizimodu motelekoak, ez da inor ageri, agian ez dago inor, ez zahar ez gazterik.

Mendi artean jarraitzen dugu, noizbehinka zabalgune edo bailaratxoa zabaltzen delarik:  izeia da orain basoa, izei beltza eta zuria nahasian. Gure txikitako telefono posteak bere kikara zuriekin: hariak jadanik kable sendo bakarrean sartuta daude, baina zut diraute poste ilarak, kable berrien eusgarri. Zazpi bat begiko bide-zubi garaia: arraroa giro honetan.

 

Ilundu egin zaigu eguna bera ere, baso erdian galdutako bidaiariak dirudigu bigarren mailako errepide hauetan, herri galduetan bagenbiltza bezala. Naturgune batean sartu gara, alboan ekarri dugun mendilerroa zeharkatzen dugu %10 gorantz pikean; goi lautada atsegina. Aldatz gainean bada kristo handi bat, baina garaiera zenbatekoaren adierazpenik ez. Beherantz bizian berriz ere. Pago gaztea da basoa, garaierari tokatzen zaiona nonbait. Dena da bihurgune, baina oso bidaia atsegina da. Propad-era hurreratuz zabaldu egin zaigu berriz ere errepidea, zorua leundu: hirigunetik natu-gunerako erraztasunak emanez edo. Tatra mendien bailarara jaitsi gara.

 

Telaz bilduta, hiru gurpilen gainean doan lapiko tankerako tramankulu erdi borobilarekin gurutzatu gara: bada asmatzaile xelebreren bat inguruan.

Ia herri orok du bere monumentua sarrera-irteeran, garai batean gurutzeak edo santu-irudiak jartzen ziren bezala: bere fede eta jainkoaren ezaugarriak jartzen ditu bakoitzak.

 

Latorrizkoak dira autobusetako geltokiak: herri bakoitzak era ezberdinez erakusten du bere egoera.

Propad gaineko aldatzetik brist egiten dute elurretan Tatra Mendiak; hiria berriz alderik alderako etxetzarren munstro izugarri erraldoia agertzen da: zibilizazio basatia eta naturaren kontrastea.

 

Kanpina. Bazkalordua zen etxatoia kokatu dugunerako; atsegina da kanpalekuaren kokagunea, basoko garbi gune aldatsgora batean.

Txikitan hain ezagunak zitzaizkidan baina ondoren hain urri ikusi ditudan buztanikarak izan ditugu auzo belartzan.

 

SPIS LURRALDEA

Alemaniarrek bere mende edukiz gobernatu zuten lurralea, nahiko luzea utziz askatasunaren soka.

 

Levoçan  bazkaldu dugu, plazako Hiru Apostoluen jatetxean,  hirurak zaindari genituela hormetatik. Atzo Banska Stiaviavnican ordu erdi behar izan bazuten entsalada ekartzeko eta ondoren ordu laurden arraiarentzako, gaur ohizko martxan izan ditugu jaki eta litro erdiko pivak mahaian. Oso merkea dugu Eslovakiako bizimaila: inoren kontura bizi garen sentipena dugu.

 

Levoça: Eslovakiako hiririk ikusgarrienatzat jotzen du gida-liburuk: ez du itxura hori ematen  lehen begiradan, bai ordea hiria goitik behera ibili patxadako begiz ikuskatu ondoren. Hiribildu oso zabala; plaza nagusia ere zabaletan zabala: erdian ditu udaletxea, eliza eta beste bi eraikuntza, denak handiak eta tarte zabalez elkarrengandik banatuak, halere garbi-gune zabala gelditzen zaio plazari; luzeak ditu kaleak baina batez ere zabalak, 10 bat metrorainokoak: nork eta zergatik diseinatu ote zituen horrela?; oso-osorik diraute harresiak inguru osoan; eraiki zirenetik zorua ezik ezer berritu gabe dirau zenbait kalek, bere lehenengo hartan. Bada, bai, ezohizko herria.

Alemaniar menpeko etxegintza omen da bereizgarririk nagusiena gaur egun: eraikin ederrak ditu, fatxadak batez ere, baina ezin izan dugu igarri zertan bereizten den spis etxegintza, zer duen bereizgarri; ezin izan dugu argitu Spis Museoan ere; tresneria, jantzi eta bestelako zenbait zertzeladaz jabetu gara, eraikuntzen berezitasunaz ordea ez.

Plaza:  iturria ere bada bertako zutabea: praktikoa da gutxienez. Museoan bada izugarrizko sarraila bitxi korapilatsua duen kutxa. Zirrara sortarazten du udaletxe alboan dagoen burdinazko kaiola handiak: bertan jartzen zituzten herriaren aurrean erakusgai senarraz aparteko harremanetan salatutako emakumeak; bula zuten gizonezkoek hemen ere. Piruli antzerako dorrea duen zamek edo gaztelua. Stadiuma ere badu, pista estukoa bada ere.

Elizak: erretaula ikusgarria omen du plazakoak, beste 14 erretaula eder eta pulpitu ikusgarri ere, baina  itxi egin dizkigute ateak 4etan. Ikusi ahal izan dugun eliza batek freskoz beteta du ganga,  aldarez eta santu-irudiz hormak, eta otoitz marmar ozeneko jendez bankuteria. 

 

Zabalik aurkitu dugun elizan heldua da otoitz marmar ozeneko otoitzean dagoen gehiengoa, baina otoiz jario hori ez da lau urtetan berreskuratzen; komunista garaian ere hemen publikoki otoitz egiten zen elizan.

Poxpolin jantzitako amona zahar bat ikusi dugu elizan: errezoari ez ezik jantziari ere eutsi dio berak.

Neskatotxo polit bati atera diogu argazkia, beraien baimenarekin: panpina esku batean bestearekin aitari helduta zihoan kalean: irudi erakargarria.

Egunoro dugu ume talderen bat maisu-maistrarekin eskolako ateraldi batean: autotik ikusi ahal izan ditugu gaur zenbait herritan: elkarri galdegiten diogu zenbat irabazten ote duten Eslovakian irakasleak; oso xalo, xume, herritar bat bezala jantzita doaz.

 

Hizkuntza kantaria da eslovakiera, ñ antzerako hots asko ahoskatzen dutelako edo.

 

Kanpineko taberna aurrean aurkitu dugu arratsean bidean gurutzatu dugun tramankulu xelebrea: mekaniko artisauren batek bere kasa eginiko pilez dabilen makina da; bolantez eragiten dieten bi gurpil ditu aurrean, gurpil bakarra atzean, atzean du ere denari eragiteko motorra,  dena metalezko tutu egituran itsatsia; tela batean bildua tramankulu osoa; ibili badabil, antzinako autoa bailitzan, labezomorroa bat antzo, dabilen lekuan deigarri.

 

180 kilometro, bidaiaren Ekialdeko ertza jo dugu.

 

Txekiakoek bezalatsu, Eslovakiako kanpinek ere alokatzeko oholezko etxolak dituzte. Oso txikiak dira Levoçakoak: bi litera alde banatan bata bestearen gainean: ez dute besterik.

 

 

Ekainaren 5a. Osteguna. 32.a-Ek:6.a

 

Juanjo Olasagarre arbizuarra dut gosarikide egunotan: "neke barearen joan-etorriek ez diote oroimenari pilatzen uzten".

Zerbait antzeko gertatzen zaigu jadanik. Eguneroko honetara jo behar dut sarri oroimeneko lanbrotik eguzki argira hainbat herriko irudi bistarazteko, ahaztu egiten baitzaizkit. Etxean argazkiak izanen dira oroimen pilatuak. Herriak antzerakoak dira eta izenak ezezagunak erabat, zailak memorian finkatzeko. Izenaren heldulekurik gabe irudiak ere erraz ihes egiten dute.

 

Hilabete atera ginela. Uste baino gorago heldu gara tarte honetan. Alemanian eta Italiakoetan baino zerikusi murritzagoa aurkitu dugu kanpin aldirietan: trinkoagoa zen haien bueltan ikusteko herri eta monumentu kopuru multzoa; horregatik goaz arinago. Ez hizkuntza eta ez ezaupide, edozein herritxotan beste zereginik gabe, egote hutsean, gelditzea ere ez da bidea. Nori zer galdetu?, ezineko solasa da, ur labainkorra besterik ez da bidaiaria, aurrera egin hori da egin dezaken bidezkoena  ezer berezirik ez dagoen horrelako herri galduetan. Pasoko txoriari ez diozu zure barnea usten, pasoko txoriak ere ez dio ezezagunari barnea irekiko. Egonaldi luze samarra behar da tokiko berri jasotzeko, tokikoen adeitasuna irabazteko. Behin ere ez naiz fida bidaiari diren idazle eta kazetarien erreportajeez, fisikoki ikusten dutena kontatu besterik ez badute egiten behintzat. Herriaren muinak ihes egiten die. Bidaiariok hemen ikusten ditugun zozo migratzaileak baino pasakorragoak gara, urteroko urte erdiko biztanleak baitira zozok, gu berriz egun bateko hego-haizea.

 

 

ESLOVAKIA EKIA

 

Bidaiako Eki ertzeko mugara joko dugu gaur, ia Ukraniako  lurraldera.

 

Parke bat bezala hartzen da kanpina lurralde hauetan: oholezko etxetxoez gain jolasleku eta aisia baliabide ugari dago, herritarra egun-pasa dator bertara, su handia piztu eta hor dabiltza igandezaleok belartzan. Itsu talde bat ere izan dugu bisitari kanpinean.

 

Zurezko-sare gurutzatu gainean jartzen dute belar ebaki berria lehortzeko, dena teilatu litzaken txabola txikien tankera hartuz. Metak egiten dituzte belar lehorrarekin, baina meta meharrak, luzanga itxura geratzen zaiela. Zerbait batzen dute mastra baxuko landareetatik, taldeka; mastra bereko sail asko dago, baina ez diogu antzik ematen zer den. Koltza sail loratu horiak lirateke gaurko berritasun edo ezberdintasuna. Bestela, atzoko paisaiak dirau, baita amonen buruko paineluak ere.

Uzta ordezkoen bila dabil nekazaria hemen ere, garia edo belarra baino zerbait errentagarriagoaren bila: agian orain arteko ekoizpenek ez dute behar haina ematen, agian Mendebaleko iruzurra indarra hartzen doa hemen ere, hots, zenbait ekoizkin-hazi erein, uzta bertan usteltzen utzi, baina diru-laguntasuna jaso.

Kamel  zigarroaren iragarkia darama gure aurreko autobusak atzeko kristal zabalean: ordezkoa ez, egiturazkoa da iragarkia kapitalista ekonomian. Hemen ere etapak erre beharko ditu herriak tabako arazoan: lehenengo  modako errekin amerikanoak erre,  ondoren kaltegarriak direla jabetzean uzteko.

 

Hiru mendi-bizkar ditugu bata bestearen ondoren, goizeko ganduak bildurik, zilueta besterik ez bailira bezala. Eliza dorreek egiten digute kuku gandupetik, gazteluak tontor batetik, ibilbidea eder punttuz bilduz, ikuskizun polita eskainiz. Zenbat eliza dagoen ateoa omen herrialdean!!!. Herrietako etxe askoren alboan bada urteek ilunduriko oholezko txabola edo etxetxorik: korta edo baserri tresneria gordetzeko lekuak dira; askok harrizkoa edo zarpeatua dute behealdea. Ohitu gara zonaldeko herriotara, jarri gara bertako paisaiara: iruditzen zaigu horrelakoa behar duela izan, gure betiko paisaia delakoan begiratzen diogu, naturaltasun osoz, harridurarik gabe; pentsatu egin behar dugu Eslovakian gaudela jabetzeko, hain ohizkotzat jotzen dugu jadanik bertan ibiltzea; ezin esan herri politak direnik, baina ezin uka txukunak eta zainduak daudela.

 

Agertu dira Txekiako elurtzarako xaflak aldatzetako bazterretan: labainak dira elurra eta izotza. Galipotezko adabaki beltzez konpontzen ari dira neguak hondatu dituen goietako errepideak. Bertako kamioi petoak dabiltza berrikuntza eta konponketa lanetan, baina laster salduko die enpresa multinazionalen batek kamioi, garabi eta pala hori horietakoak Euskal Herri eta Mendebal osoan bezala: bada hor milaka milioietako negozioa, baita nolabaiteko morrontza ere. Kontraste bizia dago  herrietako antzinako etxeen eta errepideko auto modernoen artean: etxeek lehenean diraute, erabat berritu eta gaurkotu da errepide-autoteria: herriaren erabakia ala agintarien inposaketa?, jakin baitakigu hautaketa eta inposaketen zidor ezkutuen nondik norakoa.

 

Soineko estanpatu ilunarekin konbinatuzko jantziez doaz amonak; denek daramate amantala: irudi iluna osatzen dute.

Garai honetan dena dago berde, ez da baina Austriako berde gordin, gazte, argi ia distiratsua; hemengo berdea bera ere zahartu egin da, ilundu, eraikuntzak antzo. Artoa erne berri-berria den sail batean ikusten dugu lurraren kolorea: horixka, larua, argia. Eliza dorreak dira noizbehinka dotoretasun aztarren bat erakusten duten eraikin bakarrak. Kubo formako etxe grisen artean, maiatza:  herritxoren batetik etorkin zenbaiten nostalgia edo herrimina.  Nekazari asko, -adinekoak eta emakumeak batez ere-, dabil gaur soroetan, arto-jorraketan bereziki; emakume batek bi umetxo ditu alboan lurrean eserita, burua kapelatxoz babestutako bi pospolin;   zenbait, aitzurra eskuan, etxera datoz edo sorora doaz. Ez dakigu bakoitzak beretzat egiten duen lan, bere lurra lantzen duen, ala sail komunalak diren eta herritarren artean lana banatzen duten. Artajorra, belarra segaz ebakitzen, belarra eskuarez iraultzen... galduak nituen txikitako irudiak berritzen zaizkit. Noizbehinka behi aldra handia agertzen da larrean: norenak ote?. Politika sistema aldatzean indartu den bakarren batena, talde batena, herriarena?. Mila galdera ari zaigu pilatzen; herri honetako funtsezko arazoak, izaera eta biziera ezagutu gabe joango gara, oskola soilik eta bera ere gainetik ezagututa.

 

Gogorra izan behar zuen nekazariontzat Estatuak edo tokiko agintariek bere uzta kentzen zietenean, bono batzuen edo balio ezarri baten truke: gauza ona da teoriaz ekonomia komunitarioa eta horrela behar luke izan, denek denentzat eta dena denena, baina erraza da esplotazioa ere bide horretatik. Agintarikeria baita herri ororen mamua. Estatua bera bihur daiteke esplotatzaile. Agirian eta garbi frogatu egin behar du politikoak oso zuzena dela, elkartasunaren ontasuna garbi azaldu behar zaio herritargoari, ekintzetan azaldu ere, praktika zuzen batean irabazi behar da herriaren konfiantza. Kontrol izugarri zorrotza jarri behar zaio agintaritza edo zuzendaritzarako hautatuari: orduan agian sinetsi daiteke merezi duela kolektibitateko, amankomunitateko, lanak. Halaz ere zaila izanen da, kutsatuak,  ustelduak eta bideratuak baitaude gizabanakoaren asmo eta iritziak, sentimendu eta helburuak.

 

Zikoina bikotea belardi moztu berrian jan bila mokoka: hona goraino ere heltzen da zikoina!, ez Gaztelako edo Erriberako eremu beroetara soilik.

Andre-gizon gaztea ikusten da batez ere autobus geltokietan, dotore jantzita, inguruko herrira asmoz edo, nolabaiteko migratzaileak hauek ere.

 

Bardejora doan errepidea ez da errepide nagusia, mapan herri sendoa badirudi ere.

 

Bardejov. Heldu garen unetik gustura sentitu garen herria. Plaza eta plazako eliza ditu erakusteko bakarrak, baina biak xarmantak; dorretxo eta harresiek borobiltzen dute hiribildua. Plaza erdian udaletxea dago: bere forma, mailadi, kantoi eta ertzetako taila eta kolore berdez erabat poxpolina; etxeak spis garaikoak dira: politak, teila gorrikoak, kolore ezberdinez argi pintatutakoak, formaz ere ezberdinak; besterik ez du baina xarma dario, potxoloa da handia izanda ere, grazia handiko plaza.

Eliza: brontzezko bataiarri gotiko lerden pertxentak hartzen zaitu sarreran bertan; barruak mozkortu egiten zaitu erretaula eta triptikoz, 11 baititu alboko aldaretan eta izugarri handi bat aldare nagusian: taila eta pinturak, tapakiak ere alde bietatik irudi pintatuekin, denak banan-banan zoragarriak, bakoitza koadro bat, paregabeak, zein aparta jakingo ez zenukeenak, denak 1500. urteko ingurukoak; aldare nagusikoa ezin-areagokoa da. Presbiteriora sarreran Alemanian baita Italian ere aurkitu dugun, baina gutxitan ikusten den, batetik besterako habe gainean Kalbarioko Amabirjina,  San Juan, Lapur biak; habetik zintzilikatuta Kristo erraldoia. Albo batean harrian tailatutako orratz gotikoa, ia sabairaino luzea, erlikitegi izan daitekeena. 

 

Deitu ahal izan dugu etxera, diru poloniarra (??) eskuratu dugu, luzaro itxaron ondoren bazkaldu ere bai; ondoren alde egin dugu bisitak eta kilometroek merezi izan dutelakoaren konbentzimenduz.

 

Errepide osoa da gurutzebide: denean dago santokristoa Austria berari ere lehia irabaziz.

Ukraniako muga inguruetan gabiltza, inola nabarmentzen ez bada ere, baina jakin dakigu muga hor bertan dagoela, gizonek jarria, ez naturak.

Stara-ra bidean, herritxoak erditik zeharkatu egiten ditugula litzake bidaia tarte honen ezberdintasun edo ezaugarria, albotik egiten baitu gehienetan errepideak. Oso txukunak ikusten dira gertutik ere: bada auzo bat non etxe denak zurezkoak diren. Mendi goietako bailaretan gabiltza, gainaldeetako lautada eder  bezain erakargarrietan, mendiz inguraturik.

Argindar zutoin baten gainean du bere habia zikoinak.

Baso hauek norenak ote, herriarenak?.

Bailaraz bailara, gurekin dugu beti erreka edo ibairen bat, bidaiari halako patxada eta paisaiari dotoretasun azken ukitua emanez.

 

Stara L`ubovña:

Hrad gaztelua, handi eta tontorrean ikuserraz;  ezer gutxi berririk eskaini digu, ikuspegia eta zeramika zenbait ezik: argazki makina sartzea bera ere kobratu egin digute.

Kanpoko erakusketa: zelai zabal batean garai bateko etxe-saila, herri-arkitektura, bizi-moldea, tresneria, eliza ortodoxoa barne-gune aurreko oholean pintatutako koadrotxo erakargarriekin, sabaitik zintzilikatutako sehaska ohe gainean, su gaineko ohe epela, zakil-alu formako kanilak zituen gizon-emakume irudiko kupelak... polita izan da

 

Arratsaldea edertuz, Tatra tontorrak elurtuta: hemengo argazkia Tirolekotzat saldu daiteke etxerik agertzen ez bada. Plaza polit animatua dute herri koskortuek. Iruñetik Irurtzunera errepide artezeko toboganek garamatzate kanpinera. 3 maiatz, Ekainean ere zut etxetxoen aurreko lur zatitxoan: alemaniarrek utzitako ohitura ote?.

 

Kezmarok. Spins etxe-mota ezberdin gehien ikusteko aukera duen herria omen, baina ez dugu ikasi herri honetan ere etxe tankera honen berezitasuna zein den, denak antzerakoak egiten baitzaizkigu, beste hainbat herrietakoen bertsuak. Kezmarok-eko etxeok "kolorin-kolorao", kolore anitzekoak, koloretsuak, dira, urdin eta berde kolore oso biziz pintatuak; baina kale eta plazako arbolen ostean perspektibarik ez dute, ez dago urrutitik ikusterik, grazia galtzen dute, ezin zaie duten grazia osoa hartu. Plaza, parke edo lorategi bihurtuta dagoenez, ez da jadanik plaza, inola ere ez herritarren bilgune edo egonleku; ingurua ere moteldu egiten du, bizitasuna eta argia kentzen baitizkio. Alemaniarren eraginez edo, Spis herrietako elizetan Erdi Aroko izugarrizko triptikoak daude, aldaretako erretaula osatuz: Sv. Kriz elizako aldare nagusikoa zurezko taila aparta da, berdin alboko aldaretakoak edo korupekoak; pulpituaren estalkia eta pulpitua bera ere landu ederrak dira; presbiterioan erlikitegi orratz gotiko garaia; organo xarmant zaharra presbiterioko ezkerraldeko horman; ikustekoak dira presbiterio bueltako fresko zaharrak; sartzea merezi duen eliza. Hiriak badu estadioa, pista estukoa; herri txiki guztiek bezala honek ere badu bere futbol zelaia; kanpotik ezik ezin izan dugu ikusi hiri nagusietako estadio erraldoirik.

 

Merkatariarekin egin dugu topo: bozgorailuzko autoarekin doa kaleetan, ez dakit zer biltzen edo erosten. Levoça eta beste antzinako herri batean ere aurkitu dugu antzerako erosle-saltzailea.

 

Kezmarok ondoko L´tubica herrian dorretxo bateko burdina gainean du zikoinak habia.

Gora-behera handiko paraje leunetan itzuli gara etxera, dena da berde, herriak dakusagu urrutian han-hemenka, oso gertu bihar ezagutuko ditugun Tatra mendietan.

 

248 kilometro, gustukoak izan direlako, ez hainbeste.

 

 

Ekainaren 6a. Ostirala. 33.a-Ek:7.a

 

Juanjo Olasagarre:

*"Ez da  ahaztura bezalako ukendurik": Naturaren sendagairik baliotsuena, adin batez gero kezkagarria eta tristea gertatzen bazaigu ere gauzez ez gogoratzea.

* "Mundua egunkarietan zai": ez egunkari, ez irrati, ez telebista aspaldian, ikustear eta ikusi berri hiri eta parajeak dira hilabetez gure mundu oso eta bakarra. Alditxo batez lasaiago, hilotzak badiraute ere egunero uholdean.

 

Basoko garbi gunean motozerra urrumaka hasi dela, nork esan ez gaudela Etxarriko basoan lote-mutilak inguruan ditugula.

 

Tatra mendiak dira gaurko gure helburu, goiz eguzkitsu zoragarrian, begien jostailu ederra izan ditugu errepide sail luzean. Ondoren izei basoan sartu gara; izeia  da Tatra inguruko basoa, izeidia da malda erditik bailara beherainoko mendi magala; gainean genituen arren, ez ditugu mendiak ikusi ahal izan berriro beheko bailarara jaitsi garen arte: mendi erraldoia estaltzen digu basoak, lehen zuhaitzek basoa bezala. Hainbat edertasunek distantzia edo goitikako begirada zabala behar du ikuskizun bihurtzeko.

 

Ospearen oihartzunez tokatzen zaien bezala, Eslovakian ere lasai zegoen bidezain edo kaminero laukotea gerizpean, lasai etzanda; begirada tinkoaz begiratu digute, asperduraren ondorioz edo kanpotarrei ikusmiran: egia ote konta izan diguten bezala mendebalekooi inbidia edo ondamuez begiratzen  digutela, ala dutenarekin ados eta lasai daude; guk ere inbidiarik gabe begiratzen diegu gure herrietan gu baino aurreratuago bizi omen diren gure errepide eta kaleak zeharkatzen dituzten europar edo yankiei.

 

Ez dut azken egunotan militar gairik aipatzen, baina higuindu arteraino daude presente militarrak. Militarrak dira inguruko fauna ugariena.

 

Turismo gunea da Tatras inguruko herriteria guztia: dena da txukuna, dena dago gustu finez zaindua, oholezkoak dira etxeak, zurezkoak iragarpen-estalpe zein propaganda estalpetxo bitxiak.

 

Tatra Lomnica, Tatra mendien inguruan sortutako antolaketa turistikoa: dena da hotel, jatetxe eta denda. Trena ere badu, baita autobusa ere, bailaratik mendizale, bidaiari eta igande-pasakoak eten gabe garraiatuz. Oso tartekatuta daude eraikuntzak, bidegorri eta berdegunez inguratuta: polita, txukuna eta atsegina: mila bide-gorri ditu ibiltari arruntak, mila aukera tontorretara nahi duenak ere.

 

Elkar ulertu nahi eta, gazteleraz ere egiten dugula esan diogu parking kobratzaileari; italiera izan nahi zuen nahasturan ahaleginduz “espagnol”  edo zerbait antzerakoa bota digu; guk "baschi" beti bezala erantzun diogu; txabola kideak "baschi" errepikatu du buruari eraginez gure berri baduela azalduz edo: horrelakoetan galdetzen diot neroni euskalduntasuna azaldu beharra gure nortasunez harro sentitzearen ondorena ala agian legaltasun gabeziaz konplexuak kutsatuak garelako ote den.

 

Stary Smokovec, ez da aurrekoa bezain xarmanta, agian handiagoa delako. Tatra menditik bizi den herritxo artifiziala hau ere, aurrekoaren antzerakoa.

 

Ikuspegi ederreko bidaia  espero genuena izei arteko kilometroetako ibilia bilakatu zaigu. Menditik bizi diren herrietatik ez da mendirik ikusten!, zuhaitz tarte batetik tontortxoren bat ez bada.

 

Spiska Sobota, Propad-eko auzoa da, gure gaurko ezustea. Spis etxe petoak dira bertakoak; ikusiaz bagoaz ikasten beraiez: zurezko teilategal irtenak zurezko teilatu pikeekin bat egiten dutenak albora bezala aurrera ere; argiak; herri askotan biziki pintatutako hormak, estukoz edo antzerako masa irtentxoz dekoratuak batzuk; freskoz pintatutako etxe zaharrak ere badira: Alemaniako edo Austriako hainbaten antza dute. Apaiza bertan zelako, zabalik aurkitu dugu eliza: Ikustekoa!!!; 5 Erdi Aroko erretaula, aldare nagusiko Jurgi sainduarena ederraz aparte handia; organo potxoloa tutu artean aingerutxo irudiak dituela, presbiteriora sarreran kalbarioa berriz ere habe gainean eta Jesukristoren hilobia korupeko kaperatxoan, nigh klub gehiago zirudien taula pintatuzko muntaia bizia bezain bereziak, alemanen ondorioz edo: "omnia bona", esan digu argazkiak ateratzeko eragozpenik jarri ez digun apaizak: dena da ederra benetan!.

Merezi izan dute auzoa aurkitu eziniko erneguek!.

 

Kezmarok. Eliza: bi eliztar ilara daude bi kofesalekurako txanda eginez, ilara bakoitzak 30etik gora ditu, denak zutik, denak aitortza egiteko zain;  gazteak dira gehienak, polizia bat dago tartean bere gorra eta guzti; apaizek ez dute presarik hartzen eta ilarek luze irauten dute; batek bukatu ahala berri batek osatzen du ilara; mahaitxo batetik liburuxka nahiko sendoak hartzen dituzte hainbatek eta haiek irakurtzen, agian aitortza gertatzen, itxaroten dute ilaran. Eslovakia da nonbait Mendebaldeko erreserba espirituala lehen Espainia omen zen bezala; gure haurtzaro eta gaztaroko giro bera bizi dutela iruditzen zaigu, agian urteetan erlijio jarduerarako oztopoekin pentsaera garatzeko eta sendotzeko aukerarik izan ez dutelako; edo erreakzio bezala, zaila izan zitzaielako erlijioa praktikatzea aurreko erregimen politikoarekin. Auskalo.

 

Plater konbinatu eta litro erdiko garagardo baso bana bazkaldu dugu, 600 pezetagatik biona!!!.

Hiru emakume ikusi ditugu bertako poxpolin jantzita, herritik erosketak egitera etorriak nonbait jantzi dotoreekin, kolore argikoak, bekokiko diadema distiratsua eta buruko zapiarekin.

Zenbat eta sarriago itzuli herrietara, zehaztasun, ezberdintasun eta bitxikeria gehiago ikusi, aurkitu eta jasotzen dugu: Spis etxeak gaur spisagoak, bereziagoak, iruditzen zaizkigu.

 

Izeiak alboetan, hainbat aldiz, errepideko gaintxoaren ostean zeru urdina besterik ez ikustean, badirudi Mediterraneoa edo itsasoa behintzat agertu behar zaigula, baina berdegune ondulatua dator berriz ere.

Taldetxo banakak ikusi ditugu errepidean eskuzko gurditxoetan egurra garraiatzen basotik etxera; adar zati mehe luzexkak, egur zehea, hemen ez da Etxarriko lote sendorik.

 

Mendipeko izei artean izan dira gaurko kilometroen erdiak, Tatras elurtuei begira beste erdiak. Egun lasaia eta polita.

 

"Arian Arian". Patxi Zabaleta: Zuzen dabil Patxi Zabaleta eleberrian: Etsai egoki bat izatea adinakorik ez omen dago iraupena bermatu ahal izateko. Peliperi bezala Aznarri ere aukeran datorkio ETA. Baita PNVri ere. Neurriko etsaia dute. Politikoentzat jasanezina bihurtzen denean izanen du eragina borroka armatuak, eta hori ez da lortuko herri borroka, herri zibilaren era guztietako lehia, jasanezina bihurtzen ez bazaie politikoei.

etiketak: Eslovakia, Bidaiak 97
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.