Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK

BURUTAPENAK

Jon Etxabe 2020/05/29 09:55

IBILIZ

 

Ezinak eta euskarriak

Ezinak

* Txikitatik ezarri ziguten bekatari sentipena askori, erraldoituz joan zaigu bizitzan: astunago egiten jarraitu du gizarteak berak  errudun motxila hori.

* Besteen karga da sarri norberarena baino astunagoa.

* Edozein motakoa dela ere, mina pairatzen duen baten lagun edo ingurukoek zer dute egiteko, zer egin dezakete edo  zer egin behar dute: ez dakit.

* Denok dugu barnean kosk egiten digun harren bat: analgesikoekin eramangarri egiten saiatzen bagara ere arintzen ez zaiguna.

* Galderei erantzunik bilatzeko inor ez duzunean pairatzen duzu bakardaderik gordinena.

* “Krudeltasuna beldurraren ordaina duk”: eta mendekua, ezinarena.

* Norberarekiko sadiko samarrak gara sarri, samina iraunarazten bezala saiatzen baikara.

* Ze tristea den beti esperoan, zerbaiten zain, dagoenaren egoera.

* Depresioa izateko arriskua du atzera gehiegi begiratzen duenak.

* Pospoloa eskuan eta zuzia urruti: ezinaren irudia.

* Beldurrak ez du neurririk

* Joanak eta geroak ehuntzen duen sarean harrapatuta bizi gara.

 

Euskarriak

* Zenbat maskara jartzen ditugun ezinak mozorrotzeko.

* Bi oreka ditu bakoitzak, barne oreka eta kanpoaldekoa, oreka bien koska berdintzen dugun heinean  gara zoriontsuak.

* Bere barne oreka propioa du bakoitzak, sarri galtzen dugu oreka hori, pazientzia eta itxoitea behar da barne bere onera itzuli dadin: aldarte mingarri asko arinduko du hori ulertu duenak.

* Jakinduria eskatzen du babesa emateak, eta hori ez dago edozeinen esku.

* Aspertu, alfertu eta arimaz usteldu ere egiten da zer eginik ez duena.

* Berezkoa du gizakiak negar egitea, ala hori ere  ikasi egiten da?.

* Leku gutxi dute emozioek gure bizitzan, ardurek hartuegiak gaude, horregatik da atsedena gizakion premia nagusia.

* Mobila, txikiteoa, telebista, ordenagailua… asperduraren aurkako defentsak dira sarri, agian gehienetan, bestelako irudiz apaindu nahi badugu ere.

* Barnea husteko modu bat izan daiteke une batean orgasmoa.

* Bakardadeko ihesak: gozoenak edo saminenak izan daitezke.

* Dirua ere erosten omen du diruak: bistakoa.

* Norbera norberegan  egoteak beharrezkoa du norbere itxura ez aldatzea.

* Nahia eta ekina eskutik ez badoaz, anabasa eta antzutasuna.

* Zorionekoa bestearen begietan jartzen duena mundua eta zoriona.

* “Ze parea odolberoa eta odolzalea”: odolaren nolakotasunaz harago, pentsaerak du barreneko eraginkortasuna.

* Hilik geratzeko zorian dago inguruarekiko osmosiarik ez duena.

 

 

Ibilikoak

Norabidea

* Nortzuk dira gizarteari, munduari berari ere, eragiten dienak: misterio zaigu, eta horretaz baliatzen dira eragileok, Eliza misterioez baliatu izan den bezala.

* Boterean dauden politikoek erabakitzen dute   zer dagoen ondo zer gaizki, garai batean erlijioak bezala.

* Agintekoei dagokie legeak egitea, mendekooi legeok haustea: mendekoak ere legeak egiten partaide izanen direnean izanen da demokrazia.

* “Gerra legean ez da ezer probatu behar”: gerra-legearen mende gaude betidanik,  poliziaren “partea” nahikoa baita epaileentzat.

* Suari suak erantzutean da arriskutsua sutea, basoan ez ezik, gizaki eta gizartean ere.

* Errealitateari ihes egiteko nahiak eta ahaleginak egiten gaitu esklabo.

* Bidegurutzeek ezartzen digute bidea bizitzan, aukeratzea bera ere baldintzatzen digute.

* Ametsek beti diraute amets, betetzen direnean ere.

 

Urratsez urrats

* Guzti guztiak du eragina mundu honetan: ekintzarik sinpleenak ere.

* Fedea, edozein dela,  ez da erosi edo oparitu daiteken zerbait, bakoitzaren barneko emari bat baizik,

* Murrurik gabeko kartzelan bizi gara, barneko kezka eta burutapenak komunikatu ezineko isolamenduan sarri.

* Arimaren atseden-une izan behar du loak, gorputzarenaz harago.

* Irudimenak ematen dio gizakiari hegan egiteko ahalmena, hila dago bere presondegian hegan egiten ez dakiena.

* Amore ematen du espirituak tentaldi gehienetan, benetako tentaldi tentagarriak direnean.

* Adioaren ordua iluna izaten dela: ez beti.

* Ze zaila den sarri nonbaiteko hor jakin batean egotea.

* Abia aurreko poza eta egon zaren lekuen oroitzapena omen pasaportea: hala da.

* Agerian uzten omen penek eta nahigabeek fedea. Edo fedea galarazten.

 

Bidelagunak

* Kidea libreago sentiaraztea behar du izan harreman ororen uzta.

* Egotea omen lagun izatea, egoten jarraitzea: egoten jakitea ere.

* Huskeriatxo bat izan daiteke zenbatetan laguntasun eta elkartasunaren neurria.

* Elkar komunikatzearen magia du begiradak.

* Fedearen soldaduak dira apaiz gehienak, ez gizakiaren bidelagunak.

* Bere kabuz hautatu ezin duen pertsona bilakatu gaitezen ahalegin eta lanean ari dira mila trikimailu ezberdinez izen zehatzik ez duen hor nonbaiteko hainbat.

* Oker orori bilatu behar izaten diogu errudun bat, horrek egiten gaitu ia denok susmagarri.

* Esku bakar batzuetan dago mundua, kontratatu batzuk besterik ez gara besteok.

etiketak: Burutapenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta