BIDAIAK 97
Ekainaren 14a. Larunbata. 41.a-Tx:13.a
Agian gu geu gara goiztiarrago gaur, eta bera hor egon da goizoro: zisnea, eguzkiaren lehen izpietan irudi liran eta galai.
Goizean goiz, igerilari bakarti baten burutxo bakartxoa lakuaren erdian.
Aldaketa eguna. Eguzki berotan, igeri oraingoan, eman digu agurra zisne segailak.
BOHEMIA ERDIALDEA
Berdeak nahiz urdinak, baina begi-argiak dira txekiarrak.
Lortuko edo ez, gazteak nonbait bizimodu berri baten bila alde egin dute herritxoetatik: zaharrak dira belar bilketa eta ortu lanetan dabiltzanak.
Jarri gara fatxaden paisaiara, iluna behar du hormen koloreak hemen; begiak ez zaizkigu argitzen, ez ditu dakusagunak harritzen. Landetxeek ez dute etxea eta kortaren arteko gune hertsi eta erabilirik, Hego Bohemiakoek bezala; korta bera ere ez dago etxearen paralelo, kortarik ere ez dagoela dirudi; agian etxe barruan gordetzen dituzte abereak Euskal Herrian bezala; oiloak bai, noizbehinka ikusi ahal dira, solte, etxe inguruan, baita errepide bazterretan ere.
Pardubice. Etxe blokeak tarte zabalez berezituta; espazio eta arnasa handia dute batengandik bestearengana.
Tontor bakarra dago inguruan, tontorraren tontorrenean gaztelutxoa edo agian eliza: fisikoki ere nagusitasuna erakutsi beharra.
Ehunka dira hegaberak Pardubice aurreko lakuan, fruitu edo orri zuriz bezala betetzen dituzte zuhaitz ihartu baten adarrak.
Prelouc. Udaletxea, horma arrosa-zuri eta teilatu pike zabalaren gainetik dorre berezia gailentzen zaiola.
Herritik ia bertan, lainoetarainoko tximinia garaia, bere azpian 4 tximinia baxu baina zabalak, denak keetan: argindar zentralen bat behar du izan; eraikuntza berria dela erakusten digu eraikinaren koloreak; zentraletik edo zentralera, kilometroetako bidean, metro erdi sendoerako isolamenduz inguratutako tutu sendoa, laku baten inguruan desagertzen dena; susmo txarra dario muntaia osoari, auskalo ze fabrika modu den eta natura zenbateraino erasotzen duen.
Tinec. Herri honetan zeharkatu dugu Elba ibaia; garraiobidea izaki, esklusa du, agian horregatik ageri da zabala, betea eta geldia.
Intxusa ez zen Mispillibarkoa soilik: ugari eta zabal ikusten da lurralde osoan, argindar posteen oinetan nabarmen, torto zurietan, bete betean loratua.
Non demontre lortu du Banesto kamiseta asteburuko txirrindu zale honek, herrialde honetan ez baita izen horretako bankurik ageri?. Indurainen eragina!.
Kolin. Tximinia galantak ditu, baita adreiluzko hiru eliza-dorre eder ere. "Jolin con Kolin".
Hiriko erdigunea iragartzen dute dorreek, baina ez digute norabiderik erakutsi hemengo eliza orratzok; komediak egin ditugu errepidera zuzentzen, aldrebestu baikara bidegurutze batean.
Aurrean genuen trumoian sartu gara eta zaparradapean egin dugu bidaiaren zati on bat.
Kanpina. Zaparrada bortitzak eman digu ongietorria.
Praga.(Praha). Autobusez lehenengo, metroz ondoren, sartu gara hiriko erdigunera. Lehen inpresioa hiri hau ere berrikuntza lanetan bilduta dagoenarena da: hautsa eta hotsa. Ibiliaz eta ezagutuaz, joan gara hiriarekin adiskidetzen. Zabala da Alde Zaharra bera ere. Ehun eliza dorre ikusten zaizkio lehen begiradan gazteluko mendixkatik, eta mila plaza aurkitzen hiri barruko lehen ibilian. Dena da jendea, dena turista, dena ibiltaria, batez ere kale eta gune ezagun famatuetan. Gune horien alboetan ere bada kale gehiagorik, baita ibiltari bakartirik ere, gutxi baina.
Hiri kosmopolita da Alde Modernoa (El Pais egunkaria ere erosi ahal izan dugu): ekialdekoak ez ezik espainiarrak ere aurkitu ditugu. Zabala du kultura eskaintza. Zabalak ditu kaleak, konponduak eta zainduak.
Pragara ere berandu etorri garelakoan gaude, Mendebaleko herria bilakatu da, agian betidanik izan du mendebaleko kutsua: hiri ederra, Mendebaleko hainbaten antzerakoa. Zerbait ezberdina espero genuen. Egia da zer erakutsi franko duela. Eraikuntza ederrak ditu edonon, asko, ikusgarriak eta handiak. Bertan gureetan baino oraindik argiago nabarmentzen da kontrastea: herri handiek hainbeste eta herri txikiek hain gutxi, hain zainduak batzuk, hain utziak besteak: herriekin ere egiten da esplotazioa.
Hainbat plaza, ezberdinak eta ederrak, baina plazetan erdiko plaza da nagusi: erloju astronomikoa, ate deigarriak, Udaletxeko dorre karratua bere gandor karratu berdea teilatuei gailenduz, dorrepeko gangaren mosaiko ikusgarria, katedraleko dorreak, Joan Huss-en estatua erraldoia harmailak behinik behin eskainiz kantari perutarrei zein bisitari nekatuei, Errepublika plaza: "Obecni dum" herriko etxea agian, dotoretasuna eta edertasuna taxuz ezkonduta: joan, sartu eta uzten dutena ikusi, dorre eder bat alboan, zizelatutako hainbat lanez apaindutako atea ere ederra du: bolborarena deitzen diote, agian duen zikin kolore beltzarengatik.
Ia dena ordaindu egin behar da Pragan; guretzat merkea den arren, Txekiako beste herrialdeko salneurriekin alderatuz bikoiztu egiten da hemengo erosgaien prezioa. Irritxoa egin digu zerbitzariak "pivo" eskatzean: hitza ez ezik edaten ere ikasi dugula adierazi nahi zigun, baina kobratu orain artekoen bider hiru gehiago kobratu digu; ordainak ordain, aspaldiko partez aparta zegoen izozkia ere. Ordaindu egin behar da erakusketara sarrera ere; Errusiari buruzko erakusketa batean Stalin hil-kaperan momifikatua ikusi dugu, argazkian noski; ikusia dut Leninen momia Moscuko Plaza Gorrian, ez genekiena zen Stalin ere momifikatu zutenik.
Txu-txu trenean ibili gara, oinez egin ez dugunari begirada orokorra eman eta hurrengo egunetan ikusi beharrekoak hausnartzen hasteko.
Auto iparramerikar handiak pasa dira rallya bailitzan autoek ibiltzerik ez duten plaza nagusian, poliziek bidea eginez, amerikar bandera handia harro erakutsiz batzuk, besteak cowboy kapela handia buruan, jendearen begiradapean, handiustean eta harro, ezpainak gehiago ezin zabalagoko barrea erakutsiz: alde egin dugu begiraleen artetik, "Txuloak" deitu diet ozenki, nazkatuta, harroputz tipoei: umeak bezala, harro auto handietan, inbidia ematen europar pobreei, amerikar paradisua erakutsiz.
Bohemia dute batez ere salgai dendetan: Bohemiako kristala, Bohemiako arrautzak, Bohemiako... Benetonek berak herri txikietan erakusten ez duen jeneroa du hemen salgai, garestiagoa, baina hobea. Ugaria da kale-saltzailea plaza eta inguruetan, huskeriak salduz, bi sosen bila dabilen gu baino jende diruz behintzat pobreagoa.
Izugarrizko bizitasuna du Pragako turista alderdiak. Xinaurria bezain ugaria da edonon bisitaria, Alde Zaharra zabala den arren. Ez da harritzekoa: jendeak jendea deitzen du, jendea nora besteok hara, Praga modako hiria bilakatu da, turismoaren gurpilean sartu da, turistek turistak erakarriz. Sarrera erosleak ikusiz, sarrera erosle ilarei begiratuz, bere herrian kontzertura behin ere joaten ez den itxura duena ere hemen kontzerturen bat entzun, antzerkiren bat ikusi, gutxienez antzokiren bat bisitatu gabe herriratzen ez delakoan nago.
Masaryk: kale asko du Txekian. Ezezaguna zitzaigun. Txekoslovakiako errepublikaren lehendakaria urte luzez, botere handia izan zuen; Txekiar nazionalisten ordezkaria, autonomia ukatu zien eslovakiarrei. Osasun arazoengatik utzi zuen kargua 1935. urtean, nik bi urte nituela.
Txartela erosi eta astebetez ibil daiteke edozein garraio publikoan: turistari egonaldia erraztu eta erosoagoa egiteko amarrua: turista-lekuaren sena eta jakituria.
119 kilometro, Bohemiako Erdialdera.
Ekainaren 15a. Igandea. 42.a-Tx:14.a
Etxekoak bezain garbi daude kanpineko komun eta garbitokiak: Pragak bere ukitua du horretan ere.
Ugaria da "Autobazar"a, bigarren eskuko autoen azoka: merkea eta bigarren eskukoa, autoa baita gure gizarteko denon ametsa, baita ezinbesteko premia ere askotan.
Praga.
Ustela gertatu da nire atzoko bidaia-txartelari buruzko iritzia, nire ingeles merkearen ondorioz. Atzoko txartelak ez dit balio gaurko. Poliziak gelditu nau metroko nasan: 20 bider txartelaren balioa ordaindu behar izan dut.
Ez dut liburu-denda askorik ikusten, bat bera ere ez. Zabaldua zen erosleak liburuak erostera otarretxoarekin edo poltsarekin joaten direla mitoa: hala izanen zen baina horretan ere Mendebalarekin homologatu dira nonbait.
Tamainaz gabiraia lako lau zen eta aurpegieraz gaueko mozoloa zirudien hegazti harraparia erpeek ez mintzeko narruz babestutako besoan, sartu da emakume bat metroan Erdi Aroko jauntxo ehiztaria bailitzan, inolako harridurarik sortu gabe inguruan. Ordurako bazen bagoi berean txahal bat adinako txakurtzarra.
Praga ere, euripean, bustia; aterkirik gabe, blaitzekoa: hobe beraz etxera garaiz, truxu pean lixibatu eta zirimirian beratu baino.
Autoz ateratzea erabaki dugu etxeratu ondoren
Kutnà Hora. Pragan aspertuxe daudenentzako herri "hurrena", 60 kilometrotara egonik ere, gaur egun gertu. Sotoetan ere zilarra ateratzen omen zen "Mea mendia". Zilarrik ez da jadanik baina meazuloak erakusten dituzte: halako talde fantasmagorikoa osatzen zuen koadrilarekin egin dugu topo kalean: atorra luzez jantzita, plastikozko kaskoz babestuta eta linterna luzez armatuta, kalea luze osoa egin ondoren, zurezko eraikuntza koniko batean ezkutatu dira hiriaren erraietara. Ez gaitu tentatu bisitak.
Bada eraikin ederrik, bada kale-arte politik, baina margul itxura du denak; kale-zoru hondatuak galtzadarri gorritxoen aztarnak erakusten ditu galipot higatuaren soilgunetan: pintzelada arruntak besterik ez dira ikusten koadro ederrenean ere gehiegi hurreratuz.
Plaza asko du baina ezer gutxi deigarririk dute plazok, plaza ere ez dira asko. Zaindua eta garbia dago, egon, baina zaharkitua; jendea badabil baina herri hila da. Herri berezi eta ezohizkoa da, zer erakutsi eta zer ikusi asko du baina dena sakabanaturik, lau haizetara barreiaturik daude bere altxor guztiak. Plazak: aldatsean dagoen plaza zabalak etxetxoak besterik ez du, biluzik bailego, ez eliza ez udaletxe ez ezer; zutabe lerden loriatua du beste plaza batek, baina gehiago da kalea plaza baino; iturri gotiko aparta dago ia plaza ere ez den kale-gurutzadura batean; mendi magalean balkoi korritu eta behatoki den plaza batean katedrala edo herriko eliza eta udaletxe zaharra: katedrala itxita dago meza orduetan ezik, udaletxe zaharra ikustea, aldiz, ordaindu egin behar da.
Barbara Doatsuaren eliza: gotikoa, ederra; meatzariek jaso omen zuten, hala diote, hortik bere izena, baina ez ote zuten herriko jauntxoek jaso meatzarien izerdiarekin?. Ez dugu barrutik ikusi: zilar-biltzaile modernoek ordaina jarri baitiote elizan sartzeari; triptiko erraldoia ikusten zaio elizpetik eta ba omen du beste hainbat edertasunik ere; sentipen arraroa sortarazten du fatxadak: gotikoaren lerro bertikal arina baino lerro horizontal sendoaren itxura erakusten du gehiago. Tokatzen zitzaion: eliza aurrean abestu dugu meatzarien abestia, "Santa Barbara bendita".
Elizara bidean, balkonada jesuiten ikastetxe handiaren aurrean harrizko irudi mordoz dotoretua: behatoki litzake balkonada, baina zuhaitzak dira begien oztopo, eta ikuspegi osoa galtzen da. Nepomuzeno Doatsuak ere eliza du, itxia baina, nahiko haize hartzen du nonbait herrietako sarreretan eta errepide ertzetan.
Maz atari tipikoa omen den "harrizko etxea"ko atean badira bi burutxo xume mimoz tailatutakoak.
Ba omen dira beste bi eliza, ikustea merezi dutenak, baina goizean Pragatik bezala, arratsez euriak bota gaitu Kutnà Horatik ere.
Hainbat gauza uzten ditugu ikusi gabe: ezinezkoa da dena bisitatzea, bidaia luzatzea edo ibilbidea moztea lekarke; bidaia-sosak sarreretan xahutuko genituzke: denbora eta dirua, bidaiariaren bi langa gaindizailak.
Bigarren mailako errepidetatik, herri-bidez, goialdeko lautada eta herritxoetan gabiltza gaur ere, tximini ketu bat bera ere ikusten ez dugula: nekazari lurralde petoa. Fruta arbola asko dago; oraindik oiloak ikusi daitezke errepide bazterrean, libre, solte, igandea delako edo arratsalde-pasa hauek ere gu bezala.
Itsas berdean nabigatuz egin dugu etxerakoa, Pragatik 20 kilometrora errepide nagusian sartu eta igande arratsaldean etxeratzeko ilara eta butxadurekin tope egin dugun arte: zibilizazioaren zerga, Mendebaldearekin parekatzeko ordaindu beharrezko ordaina.
Errepidetan duten hilkortasunaz, bizkarreko arantzak zorroztu eta gogortzeko ordena eman beharko diote naturari trikuek, auto gidariek gurpilak zulatu beldurrez zapal ez ditzaten.
128 kilometro, euriak ibilarazitakoak.
Herriko tabernetan "polito" jartzen da herritar xumea, gazte, heldu zein zahar; igande bazkal ostean, pivoak bata bestearen ondoren barneratuz.
Pragatik bueltan, kanpina dagoen herritxoan bazkaldu dugu: kilometro batzuk besterik ez, baina ze bi bizimaila ezberdin; hutsa kilometrotan elkartu ezineko aldea duten gizarte ezberdinak bizi dira; elkarrengandik hur, baina agian inoiz korrituko ez diren distantziak daude bien artean; maratoi luzeegia gaurko gizartearentzat.
Igandea, baina tututeriaren bat sartzeko zuloginan eman dute egun osoa etorkinak ziruditen langileek: herri pobrean ere pobreenek egiten dituzte lan deserosoenak.
Hilabetez deskonektatuta, aberriko ezer jakin gabe egon ondoren, egunkaria irakurriz jabetzen zara zenbateraino den imajinazio gabekoa, beti berdina, asperra, helburu eta etorkizun gabekoa, inertzia hutsa, aurrera pausorik gabekoa, norabiderik eta epe luzerako plangintzarik gabekoa, Espainiako politikagintza. Lur eta egunen distantziak ematen dio perspektiba zabalagoa egunerokoari.
Espainiako Gobernuan azken 20 urte hauetan Presidente izandako laurak bazkaltzeko elkartu direneko argazkia dakar egunkariak: laurek dute bi botoiko jaka eta laurek dute lotuta goikoa: hainbesteraino estandarizatu eta asperduraraino berdindu da politika ere Espainian. Ez dute ez nortasunik ez orijinaltasunik.
Ekainaren 16a. Astelehena. 43.a-Tx:15.a
Juanjo Olasagarre:
"Bizitza bakarlana baino ez da". Nik ezetz uste. Ez du behar izan, baina agian da?
"Bizitzeko itxurak beharrezko ez zirelakoan". Beharrezko egin egin ditugu.
Arrautza txikiak egiten dituzte Txekiako oiloek, nonbait gehiegi paseatzen dute oilategitik kanpo eta nekatu egiten dira.
Beteta dabiltza gaur, astegunez, garraio publikoak: bertan bidaiariek ez dute libururik irakurtzen, egunkaria bera ere bakar batzuk dute soilik; agian distantziak ere motzak direlako, jendea bertatik bertara dabilelako.
Praga. Plaza, errege kalea eta inguruak jendez oparo daude. Plazak, eraikiak, fatxadak, iturria... oso bizirik dago hiri zaharra, oso bizirik Karlosen zubia, oso bizirik gaztelua...; goizean goizetik bizi-bizirik, bizi-bizirik egun osoan. Turistaz lepo dago erdigune osoa, edozein aldetara zuzentzen dela pausoa. Frantsesa eta gaztelera entzuten dugu sarri, espainiarren turismo-gune da nonbait Praga. Esaten ziguten, bai, modan zegoen hiria zela: Espainia, Euskal Herria ere, taldekoia da, moda zalea, oso Vicente. Dotoreak eta garestiak dira goiko kaleko dendateria eta salgaiak, errege kalekoak, aldiz, gehiago dira turistentzako merketeria, turistek janzten dituzten jantzi merkeak eta indioei Ameriketan ematen zizkien antzerako oroigarri xumeak dira bertako eskaintza; saltoki bihurtuta dago errege kalea, eten gabeko joan etorrian, erromesen kalea dirudi. Bohemiako kristala nagusitzen da opari garestietarako eskaintzan; hiriaren ospeari jarraiki, txotxongilo azoka edo erakusketa dirudi hainbat dendak, begien atsegin ezinaspertua: orduak eman daitezke era guztietako txotxongiloz gozatuz.
Moldava ibaia: hiria bitan zatitzen duen ur-joan zabala, zisne zuri kontaezinek zipriztintzen dute, bizitasuna damaiote turistez zamatutako ontzien gora-behera geldoak. Karlos Erregearen zubia: ibai gaineko zubi sarrien artean bera da hiriko zilborrestea: jendez gainezka egun osoz, giroz zein egituraz aparta, deigarria, atsegina; zuriak dira ibaiko zisneak, zuriak ibai-ontziak, beltzak daude, berriz, zubi buruetako bi dorre eta zubian bertan ilaran jarritako irudi ederrak: ez da ia irudi laikorik, oso erlijiosoak ote pragatarrak, ala eliza alde izan nahi zuten Pragako jauntxoek edo elizak berak zuen eragin eta botere sendoa. Zubi bizia da: marrazkilari, karikaturagile, kaleko saltzaile, musikariak -jazz-jole finak batzuk-. Giro aparta dago zubian; argazkiak egin nahi dituenak badu non Pragan, baina zubia da kokagune aukeratuena oroitzapenerako klika egiteko.
S.Mikulas, gaztelura bidean kolore moteleko barroko petoa.
Gaztelua: ez da gaztelua, herri oso bat baizik.
Katedrala, gazteluan bertan, gotiko luze garaia: harria beste jantzirik ez du, biluzik utzia, ez graziarik ez xarmarik, nahiko hitsa; baina badu ikusle arrunt edo pobreoi gozatzen uzten diguten kapera zoragarria, oparoa, dotore jantzia; ba omen ere beste edertasun ugari, pagukoak ordea: goizeko treneko zulatzaileak diruditen zulotzeko gailuz armatutako tipoek zulatzen diote bisitariari sarrera-txartela; beiradura eta errosetoi erraldoi koloretsuak; freskoz pintatutako ezkutuak, urre koloreko santu-irudiak, urrutitik ikusi dugun errege hilotz-ontzi erraldoi zuria, presbiterioko errege balkonada, pulpitua, barruti osoa inguratzen duen goitikako balkonada, ate tailatuak, bankuteria landua ... badu ordaindu gabeko zer begiratu eta zer ikusi ugari, baina ez du zirrararik sortzen. Azoka edo erromeria dirudi katedralak bisitarien joan etorri eta ahots zurrunbiloarekin.
Jurgi Dohatsuaren eliza: atea ertzi digu txartel zulatzaileak jenderik ez zebilen unean ahal genuena ikusi asmoz kanpotik begiratu nahi genuelako: uniformea edo kapela janzten duen edonork, -zeregin apalenekoa okerrena bera-, munduko jabe sentitzen du bere burua, aginpidez jantzia.
Eliza ostean etxe ederrek inguratzen duten plaza eta jostailuzkoa dirudien kalexka xarmanta, liluragarria bere ezereztxoan, behe-solairu soileko etxez osatua: horietako batean bizi izan zen 5 hilabetez Kafka. Kale berean dago ere beirazko ontziteria zoragarria duen dendatxo bat.
Praga bada izan hiri berezia, ondo irabazia du bere ospea. Hain jendetza handia dabilkion arren, ez du jendetza horrek ia trabarik egiten, jendetsua baina aldi berean lasaia. Zaharraren zabalera osoa da ikustekoa, ibiltzekoa. Berriz ere plaza kaleetara bueltatzeko gogoa uzten dizu, pena ematen du alde egiteak.
Espainiakoa ote galdetu dit kanpin kideak metroko geltokian. "Euskaldunak.” “A!, San Sebastian". Santiagora bidean itsasontziz, Donostian gelditu omen ziren (Pasaian edo auskalo non). Iruña ere ezagutzen du, baina ez ditu Sanferminak aitatu.
Tasa bat ezartzen zaio bertako bidaiari izateagatik Pragara datorren turista orori.
Txu-txu treneko hitz-jario grabatuan botatzen dute Unibertsitate aurretik igarotzean, bertan egosi zela komunismoaren aurkako matxinada. Kapitalismoaren aurkako zipitzik ez da aitatzen: nonbait kaleko eskaleak, jai egunetan lan egiten duten atzerritarrak, sos batzuk ateratzeko hala-moduzko lanetako kale-saltzaileak, bizitzan ozta-ozta iraun egiten duen jendeak eta antzerako abarrek ez die axolarik Pragako intelektual prestuei. Noiz kapitalismoaren kritika eta kapitalismoaren aurkako iraultza justu berria?. Uholdeka ekarri dituzte turistak, errege kalea Europa osoko jendez bete da, atzerriko kapitalek inbertitzen dute (azken hau ere txu-txu treneko erretolikan esana) ... bada beraz demokrazia Praga eta Txekian. Intelektual interesatuak!.
Izozkiak ez dira italiarrak, ez italiar izendunak ez italiarrak direla diotenak ere.
Alboko herrietakoa baino ia bost aldiz garestiagoa da pivoa.
Ekainaren 17a. Asteartea. 44.a-Tx:16.a
Preso eta bahituei buruz diharduenean arrazoia du Egibarrek presoen arazoaz ezer ganorazkoa egiteak PPri hauteskundeetan bozen murrizketa lekarkiokeela dioenean, boterean irautea dela PPren lehen helburua; terrorismoaz arduratu arren terrorismoaz baliatzen direla. Baina hori dena hitzez hitz erantsi dakioke bete-betean PNV berari, bai gainontzeko alderdiei ere.
Harro dabil tipoa telefono mugikorra belarrian pijama eta txabusinaz jantzita kanpineko zelai erdian, baina atzo garestia iruditu zitzaion garbigailua eta lehorgailua 200 pezeta ordaintzea eta eskuz egin zuen lixiba osoa.
Kanpinez aldatsekotan ginen, baina Iparralderakoa bisitatzea erabaki dugu. Trsky gaztelua utziko digu bisitatu gabe.
Hiribururako bidean, etxe-bloke arre hitsek ez dute zerikusirik turiston Pragarekin. 18 kilometro egin behar izan ditugu hiritik ateratzeko: zerga handia eskatzen du beti hiri handi orok.
Joan zaigu inguratzen gintuen naturaren berde gordina. Hasiak dira gari-sailak horitzen; mitxoleta gorri ugariz tartekatuta, bandera espainolaren antza dute gari-sailok.
Autobiaz goazenez ez dugu herririk ikusten gaur, noizbehinka teilateria bat zuhaitz artean. Egitura arras ezberdina dute hemengo herriek: herri zabalak, txikiak ere, nekazaletxe bakanak: errazago irudikatzen dut Kroazia, Serbia... gerra hura, etxerik etxe herriak hartzearen zailtasuna edo etxaurretatik morterazoka ekiten zenekoa.
Mlada Boleslev. Alde Zaharreko eraikin arrastoek erakusten dute hiriak izan zuen garai oparoa; galdua du gaur egun orduko giroa; hiri margula, aurpegia oraindik garbitu ez dioten herria, hau ere berrikuntza lanetan bildua. Ez da turistentzako herria, begien gozamenerako herria, inguruko zerbitzu-herria baizik. Arku bakoitzak bere etxetxoa gainean du arkupe luzexka, batez ere garaia; gaineko etxeok erabat hondatuta daude, urrutitik soilik du xarma kutsua. Udaletxea, ederra da, dorreaz eta esgrafiaz dotoretua.
Ez digu denbora-pasa eta ibili askorako aukerarik eman, bai ordea erosketak eroso egiteko abagunea.
Txarkuteria denda ugari dago Txekiako herrietan, denak erosle ugariz beti.
Janzkeran berdindu eta bateratu garen arren gizakiok, janzkera berdinak ez gaitu berdindu ez bateratu. Japoniarrak ere europarrok bezala janzten zaizkigu, agian kolore biziagoekin, argiagoekin.
Euskal Herrian baikenbiltza gabiltza Txekian, geure lurraldean bezala, patxada berdintsuan; ez dugu miresten jadanik errepideko norabide ikurrik, ez gainerako iragarkirik, ezta herriaren hizkuntzarik ere, ez ulertzeko eginak bailira: gure belarriak, begiak, txip guztiak ez ulertzera jarriak dira, normaltasun osoz. Ez dugu ezer ulertzen, eta zer!. Halaz ere patxaran gabiltza, hala behar balu bezala. Ohitu gara, itsua edo gorra ohitzen den bezala ilunera edo isiltasunera; gu ezer ez ulertzera ohitu gara. Horregatik gara pasa egiten duten hegaztiak, pasoko bidaiariak, ezer teorizatzeko harrokeriarik gabe, herri honetaz dogmatizatzeko ausarkeriarik gabe. Errespetu osoz. Ez diogu inori ez ezeri baldintzarik jartzen. Duguna dugu eta kito. Beraiek dira bere giza-bizitza eta herri-bizitzaren jabe, beraz guk ez gara nor ezer esan edo juzkurik egiteko. Ikusi eta alde, bitartean gozatu ahal bada, artelanez, paisaiaz, kultura-ezaugarriez edo pivoz.
Errepide nagusietatik kanpoko bideetan sartuz, herritxoak zeharkatuzko betiko paisaian kokatu gara berriro. Patata da gaur agertzen zaigun soro uzta; ez da belar-sailik.
Ez da ia balkoirik etxeetan: agian erabat praktikoa da balkoirik gabeko etxea, beheko bizilagunari itoginak ekiditeaz gain alferrikako zuloa aurreratzen da etxeko metro kopurua gehituz. Gureetan balkoia trasteleku bihurtua dago askotan, pobreen etxeak direnez, etxe txikiak dira; pobreek badute espazioez baliatzeko joera edo beharra, armairu eta enparauekin, balkoia bada ere. Etxe "mutuak" zaizkigu zonalde honetako etxeak, ez digute ezer esaten, txukunak izanik ere. Bada horrelakorik gureetan ere auzo eta hiri bazterretan: Bilboko Otxarkoaga eta Begoñako atzeak lekuko.
Elba ibaiarekin egin dugu topo Podebrady-ra bidean, joan ordez geldi dagoela dirudi; zama-ontziek eurek ere egonean daudela irudi, doazela baino, hain da mantsoa bere garraioa, ilun ur ilunetan berde ilunez inguratutako arratsalde ilunean.
Podebrady. Bainu-herria denez, parke zabal zainduez jantzitako herria, harro dagoenaren itxura emanez. Behe-solairu soilez kaledia, nekazari herria litzake erdiguneko dendateriagatik ez balitz. Elba ibaiaren alboan kokatua, herri txukun, alai eta argiaren inpresioa sortarazten du. Bukatuta ditu berrikuntza lanak, erdigunean behintzat. Plaza ederra, errepideak, zeharkatzen duen arren, halako prestutasun bat ematen dio. Badu gaztelua, sendoa, astunegia egiten du sendotasunak, kuboegia da bere horitasun berdintsuan; moduz eman digute bazkaltzen sotoko jatetxean, ibaiaren gainean. Esklusa du ibaiak, irla batez baliatuz: turista-ontzia duen arren ez dirudi herriak ibaiari asko begiratzen dionik, joan ere nazkagarri zikin doa Elba ibaia; estolda da, ez ibaia, ontzien helizeek ura harrotzen dutenean; zisne eta zisne-kumeak baina ez dira toxikatzen buru-lepoak urpeko lokatz likinetan sartuz badabiltza ere: izango da hemen ere Ortuondo politikoren bat Nerbioi hau ere garbituko duela aginduz bozketa garaietan.
Herriotan ez dabilen kanpotarra ez da jabetuko zenbateraino den garestia Praga, nolako ziria sartzen dion bisitariari, bisitari gehienontzat merkea suertatzen bazaigu ere: eguneroko turista tasaz gain mota askoko tasa ordaintzen da hiri eder horretan: ondo deritzot, bakoitzak daukanari ateratzen dio etekina gure gizarte honetan; etorri nahi duenak ordaindu dezala. Hemen ere erneko dira erroldan eta urralburu belarrak.
Makalak, basamortu berdean, altzifreak basoan bezalatsu.
Herritxo arteko errepideak dira polit eta atseginenak presarik gabeko ibilirako.
160 kilometro, lasaiak, lasaigarriak.
Daniarrak, ingelesak, frantsesak ditugu kanpin-kide; egunotan ez da, lagin bezala ere, alemaniarrik ageri, errepidean ere: eguzki bila soilik ateratzen dira nonbait; ikusteko, nahikoa dute beraien herriko monumentuekin. Txekian ez dute beraien gustuko saltxitxarik nonbait.
Ekainarenk 18a. Asteazkena. 45.a-17.a
Juanjo Olasagarre:
"Leku guztiak dira ezinezko urrutikoak": Urrutikoa dirudi mapan Pragak baina hemen gaude.
"Bizitza goldean aritzea bezala dun": PIVOVAR U FLEKU garagardotegian garagardo beltza edatea ere bada bizitzea.
Praga.
Fikzioa bera gainditzen duten pertsonaiak aurki daitezke hiri handietan: amonatxo aparta metroan, zeini aurpegiera xelebrea xelebreagotzen zion kapela xelebreak.
“Nove mesto” = herri berria.
Poliziak 89an eginiko basakerien oroimenezko plakatxoa; noiz jarriko ote Plangintzak, Kapitalismoak, Neoliberalismoak eragindako giza-maila sailkapen eta bereizkeria gupidagabea, langabeziak eragindako kale saltzaileak, mozorrotutako kale-arteko paper banatzaile edo langabetu guztiak sortu dituen bortxakeriei buruzko oroitarria!.
Narodni kalea: eraikuntza berri eta ez hain berri asko du, edozein hiriko kale nagusiak ohi duen bezala; bertan Narodni Divadlo, Nazio Antzokia, berria zein zaharra, litzake aipagarriena.
Garesti saltzen da pixa egitea bera hiri honetan, garestiago leku apainetan: 5 koroa izan da Antzokian beste gehiengoetan 2 koroagatik egiten dugun txorrotara bera.
Erromantikoak dira Molava ertzeko etxeak, batez ere irla albokoak: zirkulazio bizia den arren erlaxagarria da bertatik ibilia. Eder dager Moldava Ibaia, zabal; presek ematen diote oparotasun itxura; iluna da ura, lohiarengatik seguru aski, zubiak ere harrizko ilunak dira urteen zikinagatik seguru aski, baina xarma du, inguruk egiten du ederra.
Badirudi ez zela pobrerik Pragan hiria eraikiz joan zen garaian; dena da ederra hemen, jauntxo hiria baita hau; bata bestearengandik berezituta daude hiri zaharra eta hiri berria; gaur gabiltzan alderdian eraikitzea erabaki zuten dirudunek eta jauntxoek beraientzako hiri berria, beraien artean ezkonduko ziren, beraien artean izango harremanak. Zerbitzariak eta beraien familiak hiritik kanpora joango ziren, kanpoan biziko ziren, alboko herritxo eta auzoak sortuz; hirian ez da ageri pobreen bizitokirik. Erraldoi ageri da gazteluko jauregia ibai ondoko behetik ikusita: mendi-gain osoan luzatzen da lautada horizontalean, eraikuntza eskerga; erdigunean, bertan oinarrituz eta itsatsita bezala Sv. Vita katedralaren orratz beltzak lerdentzen dira luze zerurantz bertikalean: sinboloa. Eliza du Nepomuzeno Sainduak hemen, aberatsen herrian, eliza errepide bazterretako pobreen herrietako estatuaren ordez: eliza hau sinboloa baino errealitate gordina da: pobreek irudia jartzen diote santuari; aberatsek, eliza. Etxe modernoa eta Erdi Aroko dorre beltza daude parez pare zubi baten ondoan: sinboloa hauek ere. Gaineanegi ditu bai etxeak bai plazako zuhaitzak hiri berriko udaletxeak: ikuspegia mugatzen diote; Karlove plaza, abere plaza zeritzon bere garaian, txangoan etorritako umeen jolastoki bihurtuta dago gaur egun. Pivovar u Fleku garagardotegia: turistek uzten diegu dirua neurriz kanpo ateratzen, baina gustura utzi ere, toki atsegina baita garagardo pitxerkada edan eta bertako jaki koipetsuak irensteko.
Esklusetako errito eta teknikak, baita bidaia-ontziek ere, badute bere xarma herrialdean ibai zabalik ez dugunontzat. Ikasia dute ibaiaz baliatzen, ibaia handiarazi eta ondoren bertatik ibiltzen. Hor da oraindik paladun gurpil erraldoia, ubide propioko ur azalekin biratzen dena, errotaren hondakina: kultura gauzatu du herriaren abileziak bizitzarako irtenbideak asmatuz.
Giltzapean gordetzen dute Pragako Jesus Haurraren irudia, elizako berrikuntza lanak direla eta: Espainiak oparitutako argizarizko iruditxoa da. Ura zeharkatzen ordez, jazz-joleek girotutako Karlov zubiaren gainean dago Kristobal sainduaren irudia, horregatik hain zikin eta hain beltz; beno, ibaian bertan balego ez litzake garbiago egongo.
Garagardotegian aurrez aurre gazteleraz eleka genituen lau emakumeak neskazaharrak behar zuten, euskaldunak gainera: ez nuke izan nahi haien mintzagai.
Kaleko pelikula filmaketa baterako muntaia ikustea tokatu zaigu: korapilatsua, zaila, koadrila handia behar duena da plano gutxi batzuen filmaketa.
Ikusi dugu hemen ere udaltzain bat auto-errealizatzen; arrisku-ñir-ñir argi eta guzti, inolako enbarazu eta arriskurik gabe, umea portalean uzteko soilik gelditu den autoari multa jarri dio: herrizain uniformea jantziz munduko errege sentitzen den gizajoa.
Kobratu egiten dute juduek ere sinagoga ikustea: Pragan denek ateratzen diote etekina duenari, baita hilerrian bata bestearen gainean bezala pilatutako harriak ikusteari ere.
Errege kalea, plaza eta enparauak Etxarrikoak bezain geure egin zaizkigu jadanik. Oraingoa ikusita, izugarria behar du izan udan jendez gainezka jartzen denean. Ez etortzekoa.
Pertika jauzilariak ziren gaur kale-gurutzeko ikuskizuna; atzokoa saskibaloia izan zen: egunoro dago ikuskizunen bat kalean, bisitaria erakartzeko amua.
Ekainaren 19a. Osteguna. 46.a-18.a
Hiriburuari jai emanez, inguruko lurraldea ezagutzen jarraituko dugu gaur.
Gorri-gorri daude gereziondo batzuk, S.Juanetan arbolatik bertatik jateko bezala; gerra ondoren Praga ere gorria zen, pobreek etorkizunik izan ez badute ere, gorriak ikusten jarraitzen dute orain.
Zirraragarria: tximinia zaparrotea lautadan, garaia bezain zabala, tximinia luze eta belztuez inguratuta, denen artean lainotsu dagoen zeruari laino artifiziala gehituz. Zonalde industrializatuetara heltzean argindar-tantaien basoa da nagusi. Elba ibaia zeharkatu dugu; iluna doan arren dotore dager, zabal eta betea, berdegunez bilduta: nortasuna du bere zikinean ere. Zer den ez dakigun mastra mehe motzeko sail zabalak lora zuriko maindirez estaltzen du ingurua; sail denak dira zabalak, herritxoetako ortuak ezik. Mailuki eta patata eskaintza handia dago errepide bazterretan; noizbehinka ba da tipula gorri edo zurien txorten eskaintzarik ere. Menditsua behar du izan aurreko zeru-marrak, baina galdu egiten zaigu goizeko ganduan.
Errepide berria ebakitzen ari dira Terencin aurretxoan; heldu dira amerikar pala, iraulki-kamioi eta tresneria enparau guztia.
Terencin. Ez du monumentu harrigarri berezirik erakusteko, baina herri osoa bera da bitxikeria: bost puntako izarra bailitzan adreiluzko harresiez inguratutako hiria, adreiluzko izar erraldoi bat egiten dute harresiek; harri griseko etxeteria bere barnean; Maria Teresa izeneko jauntxo baten aginduz eraikitako hiri gotortua, hiribildu bat; elkar gurutzatuzko kale zuzen zuzeneko hiria, harrizko grisa, dottore plantakoa, errenazentista jitekoa. Hori du bitxikeria fisikoa. Giza bitxikeria, berriz, bestelakoa eta krudela da: naziek erabili zuten Terencin hiri hau 15 mila ume bertan kartzelaratzeko judutar gurasoei bortxaz kendu ondoren, 15 mila haur judu atzituen kontzentrazio-eremua izan zen. Bada hirugarren bitxikeria bat, krematoriuma: gorpuak errausteko labak bere garaian zeuden bezala diraute, giza basakerien lekuko, juduen ghetto ere izan baitzen hiria. Hilerria: erabat txukun zainduta bertan hil ziren eta hil zituzten juduen hilerria dute .
Juduen erromes-gune bihurtu da hiria gaur egun. propaganda antolaketa zabala dago, judutar asko dator, buruko txanotxoa erabiltzera behartzen zaituzte labak eta hilerria bisitatu nahi baduzu, judu giroa nabari da esparru osoan. Nazien astakerien berri irakurri-ikusi-entzutean are mingarriago lazten zaizu barnea: juduek beraiek hemen egin zieten bera egiten ari dira palestinarrei: alboko herria armaz inguratutako ghettoan sartu, alboko herriari lurrak lapurtu, alboko herria desegin, alboko herria masakratu: hori izan zen judutarrek ikasi zuten ikasgaia eta barneratu zuten jokabidea nazipeko Terencin guztietatik. Indarkeria eta basakeria erabiltzea. Hilerri berriak sortzen ari dira orain Palestinan, baina oraingoan juduek eragindako palestinarren gorpuekin. Gogoeta hauekin goibelago oraindik ikusi dut Terencin, "eta zuek zer?" garrasika hasteko gogo biziz, kapelatxoaz kalparra estaliz zebiltzan hainbat eta hainbat bisitari judutarrei.
Gotorlekua, bigarren gotorlekua; laugarren bitxikeria; aurreko gotorlekutik ez urruti, gaztelu edo eraikin militarra, adreiluzko harresi barneko eraikin baxu gotortuak: egitura ezagutzeko besterik ez bada ere merezi du bisitatzea; batez ere sotoetako pasabide luze estuak: beste mundu batera sartzen zara. Baina ez da egitura militarragatik erakusgai gaur egun, mundu tragiko batera sartzen baitzaitu: naziek gerra-presoen kontzentrazio eremu bilakatu zuten, 32 mila preso pasa ziren bertatik. Ezohizko Kontzentrazio Eremua da Mathausen, Aubitz eta hainbatekin alderatuz, aurretik bertan zegoen gotorlekua gauzatu zutelako zeregin ankerrerako; ez du kontzentrazio eremuetako ohizko barrakoirik, ez hesirik, baina horrelako eremu baten betiko baliabide, osagai, baldintza eta zertzelada tragikoak ditu. Badu beste ezberdin zehaztasun bat: "ARBEIT MACHT FREI" inskripzio zinikoa bezain krudela jartzen du hizki handiz ateburu batean: "lanak askatu egiten du"; ikusiak ditugu zenbait kontzentrazio eremu, eremu guztiotakoa omen inskripzio bera, baina hemen ikusi dugu lehenengoz, edo jabetu gara. Barneko pasabide, bazter eta zuloguneotan bizi izan ziren preso guzti haiek. Hilerria, milaka gurutzez zabala, harresietatik kanpo ikus daiteke: eremuan hil ziren eta hil zituztenen azken ziega.
Egun batean bisitariak joango dira, Caravanchel, Salto del Negro, Puerto eta beste kartzela oro bisitatzera gu Terencinera bezala, gure gaur hemengo higuin eta espantu berarekin; Atutxa eta Oreja ororen izenak agertuko dira laidogarri kartzelon historia kontatzean, hori izanen da bere post-morten zigorra eta desohorea, momentuz ez baitute, Terencingo buruzagi eta presozain naziek ez zuten bezala, zigortuko dituzten kezkarik, ez baita ere oraingoz udaberrituko bizitzan zigortuko dituen askatasunik. Egin, basakeriak egiten ari dira, naziek bezalatsu. Eta jakin ere badakite basapiztiak direla. Agian kontzientzia txarrik ez dute, politikariek ez baitute kontzientziarik. Interes politiko soila baizik, kontzientzia apur bat dutenak, utzi egiten dute profesio hori.
Giden erretoliketatik libratzea da gure arnasa; geure kontura ibiltzen ahalegintzen gara bisitotan. Ordaindu egiten da gainera hitzen tortura horrengatik: ez genuen ulertzen ezer zionez, alemaneraz egiten baitzuen gaurko gidak, baina judutar mitina ziruditen gaurko giden azalpenok.
Litomerice. Elbaren albotxoan egonik ez du harremanik ibaiarekin. Kale zabalez osaturiko plaza zabaleko hiribildu zabala, harresiak nabarmentzen ez bazaizkio ere. Plazak badu gutxienez aparka ezin daitekeen zatia, oinezkoontzat arnasa. Ez dago etxe ederrik ez duen herririk, Litomerice ez da salbuespena. Katedrala, teilatua du ezberdina: 6 dorre jarraian; barrua barroko arrunta da, gangak estukoz dotoretuak eta pulpitu landua izan zaizkigu interesgune. Ezustea: zuhaitz erraldoi bat zeharo torneatua: bi zutabe gainean zegoen nonbait eskultura gisa, baina erditik hautsi eta eroria datza orain; bertan utzi baino hoberik ezin egin izan diote eta han dago eskultura hilotza harmailadi luze-zabalaren gainean bisitarien ezustea sortuz. Udaletxea, dorretxo berezia du: ortodoxo arrunta litzakeena molde bitxikoa bilakatzen dute buelta osoan dituen leihotxoek. Bazen ere berrikuntza lanetan dena hautsa zen eta nonbait bisitariei itxita zegoen arte-areto batean enborra hustuz egindako zati bereko kutxa luze karratua; baziren ere harrizko lau morrosko xelebre: baina argazkia ateratzea galarazi didate, botoia sakatzeko nengoela.
Sotoko sotoan bazkaldu dugu, gustuko amuarrain eta espagetiak entsalada ederrarekin, litro bat garagardoz bustita mila pezeta baino gutxiagogatik: Pragatik alboko herrietara atera behar da zerbait merkeago eta gustukoa jateko.
Herrialde honetan ez dituzte elizak mezetarako ez bada zabaltzen; hemengoa ere ateko burdin langatik ikusi behar izan dugu.
Atzerrian ikasten da Euskal Herrian asko jateaz gain, ondo ere jaten dela.
Elba daramagu alboan, parez pare; betea, geldia, iluna; esklusaren bat du hain gizen eta lasai egoteko; Dresde inguruetan ezagutu genuenekoa gogarazten digu.
Lupulu asko jasotzen da hemen: nonbaiten irakurri dut Alemaniara esportatzen dela bertoko ia ekoizpen dena; horretaz gain garia ereiten da soroetan, herrietako baratzetan patata, eta saltzaileak jartzen dira errepide bazterretan bidaiarien itxaropenez.
Errepide nagusietatik kanpo, itsaso berdean galdutako ontzitxo bat bezala nabigatuz goazen sentipena dugu berriz ere. Halako batean Durangokoa nanoetan nano uzten duen paper-fabrika erraldoia, usaiak salatzen du zer den; Elba alboan kokatua: horrek egiten du, hain zikin koloreko ibaia. Aurreraxeago 6 tximinia luzeen ondoan zezen plazaren borobilera duen tximinia zaparrotea, dena ke: hemengo arnasa alboko Elban tragoa egitea bezalakoa da. Aurrerago "In vino veritas", "ardotik egia", dio herritxo batean ardandegia izan daiteken zurezko eraikintxo ilun baten ateburuan; mahasti lurra omen ingurua, baina guk ia ez dugu mahastirik ikusi. Kutsatuta ote mahatsa ere?.
Melnik. Urrutitik erakusten dute dorretxoek tontortxoan dagoela hiria. Ezusterik gabeko betikoa: arkupeak ditu plazak. Ez du aparkalekurik erdigunean, aurreko politikagintza garaiko zementuzkoa da iturriko iruditeria.
Elba eta Ultava ibaiak egiten dute bat hiriaren oinetan hasten den lautadan, harrokeriarik gabe, geldo, helizeek astindutako urek ibaiok eta bi ibaiek sortutako ibai berria zikin-zikinak daudela erakutsiz.
Giza baldintza minimoetan bizi gara bidaian: ez dugu idatzitakorik ez esandakorik ulertzen, errepideko norabide agiriak dira ulertzen dugun idatzitako bakarrak; ikasi dugu arraia "riby" idazten dela, garagardoa "pivo" esaten, litro erdiko garagardoa ahoskatuz eskatzen ere ikasi dugu.
Pragara bidean, bidegurutze borobilean, parrastadan ureztatze-sistema dago gaur ere, txorrota zabalik, lurra zabal bustiz. Ez da erbesteko kamioirik ikusten, bertakoak soilik. Garraio gutxi dago erbeste-tik-ra, edo errepidea ez den garraio mota erabiltzen da Txekian.
Eguzkia beherantz, xarma du lautada berdeak.
145 kilometro, bidaiako gero eta kilometro gutxiago gelditzen zaigun sentimenduz.
Ekainaren 20a. Ostirala. 47.a-Tx:19.a
Negarra darie lainoei nire urtebetetzean eguzkia oparitu behar zidan zeruan. Atertu gabeko euria. Gogoratuzko eguna: euri egun bakarra ia 2 hilabeteetan.
Zisneak hegazti ederrak dira bakarka, asko pilatzen direnean baina kolorgetu egiten zaie edertasuna.
Txekiako patroia, zaindaria, da Nepomuzeno!!!. Arranopola!. Ez nuke nahi ba Iñasio edo Xabier Euskal Herriko ertz orotan kukuka aurkitzea.
Gazteek aulkia uzten digute nagusioi autobus eta metroan. Gaur atso batek eskatu egin dio lekua jaiki ez zainon motxilaz zamatutako gazte bati, beste emakume batek berriz biziki eskertu dio metroan jaiki zainon neskatilari.
Praga. Vysehrad, Pragako bigarren gotorlekua, mendi oso bat hartzen du honek ere; harresi sendoen barruan izen famatuko jendilajearen hilerria, eliza eta parkea lirateke aitatzekoak. Sv. Petr a Pavel eliza neogotikoaren sarreran bada harrian tailatutako lan bikainik, Erdi Arokoak ez izatean aintzat hartzen ez direnetakoak, baina politak, finak, batez ere arkuaren bukaerako aurpegiak eta ateburuko harrian zizelatutako iruditeria osoa; mosaikoak berriz biziegiak dira, inola ere ez finak. Beste hainbat elizak biluzi itxura dute, honen barnea, ostera, dena da pintura edo santu-irudia, gehiegi apaindua dagoela esan daiteke, beteegia, paper pintatuaren itxura dute zenbait horma eta gangak; asko dira erretaulak, ez dute Erdi Arokoen xarmarik baina lan bikainak dira. Hilerria, edozein hilerri bezalakoa litzake, hainbat gizon-emakume famatu ez baleude bertan ehortzita. Elizatxoa, bada bertan aldare bat erretaula osoa kristal ostean sailkaturiko santu hezurrak osatzen dutena, denak agirian, gris eta tetrikoa.
Hezurren kultura nabaria da hilerrietara bisita egitera gatozen bisitariona, hezurrei kultua: erromesak Santiagora bezala, hona F.Kafka eta enparauen hezur ingurura dator bisitaria, hezurrok non dauden ikustera.
Antolamendu modernoa den Kongresuen Zentro-tik dager hiriko teilateria bere zabalera gorrian. Erdigune garai honetatik hain eder ikusten dugun teilape horrek zenbat zorion eta zenbat neke gordetzen ote!.
Jatetxe begetarianoan bazkalduz ospatu dugu nire urtebetetzea, pivoari uko egin gabe baina.
Guardasolpean zeharkatu dugu azken aldiz Moldava edo Ultava ibaia; zaparradapean ere, turistaz oparo dago zubia, saltzaileak tripode azpian gordeta daudelarik. Ukituen ukituz brist dagoen brontzezko irudian ezarri dugu guk ere eskua, denek hori bera egiten dutelako edo: Erromako Treviko Fontanan berriro Erromara itzultzea opatuz botatzen da uretara atzerantz sosaren bat, Arraten berriz gurutzeari ezkongaia bilatzeko bueltak emate erritoa da ezaguna; auskalo zein den Pragako zubiko irudian eskua ezartzekoaren zergatia.
Jazz-jolez bizi-bizia jarri da plaza atertu bezain laster.
Bete egiten genuen turistok plazaren ertz zabala arratseko lauretan karilloiko leihatilan hamabi apostoluen agerpen inuzentea ikusteko: ez dago turiston baino fauna tentel eta mozoloagorik. Ezagunak zaizkigu Alde Zaharreko kale, kalexka, plaza eta zokoak, badirudi hemen egon garela beti, baina bihar bagoaz, ikusi, ezagutu, eta alde egitea baita turistaren funtsa, inon iraunkor ez sustraitzeko jitea da berea.