Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Liburuak

Jon Etxabe 2021/02/26 09:40
Basa: Miren Amuriza. Deklaratzekorik ez: Beñat Sarasola. Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak: Alice Munro. Funanbulistaren beldurra: Karlos Gorrindo. Haize-lekuak: Amaia Telleria:Hotz industriala: Julen Belamuno

Basa. Miren Amuriza

Baserrian koinatu elbarrituarekin bizi den Sabina alargun egoskorraren  gorabeherak.

Errepikagarri samarra gertatzen da azkenerako Sabinaren aurkakotasuna.

Istorio garratza, basa, bukaera tragikoarekin, gordintasunean kontatua, nahiz estilo eta hiztegi  itxuraz leunez.

Garai bateko zenbait baserriko egoera gordina.

Letra etzanez ematen ditu Sabinaren bat bateko unekoari buruzko gogoetak 

Atzerapauso labur tartekatuez osatzen du protagonistaren bizitza

Idazkera argia eta bizia, elkarrizketa eta paragrafo askorekin, atal ugaritan sailkatua.

Errealitate gordin hori erakustea litzake ekarpen nagusia.

Nahiko aberatsa esaldietan, zenbait izen,  eta zenbait hitz egokituetan.

Ezer gutxi eskaini dit niri, ez dit ireki hausnarketarako aterik.

 

Deklaratzekorik ez. Beñat Sarasola

Gazte bat atxilotuko dute, kartzelaratu, aske geratuko da…, aldi berean gazteak neskalagun bat du, beste bat ere ezagutuko du, lehenengoarekin banatuko da… bi istorio horiek korapilatuz doa kontakizuna.

12 kapitulu, bakoitzean gai ezberdinak ukitzen ditu, bakoitzean bat nagusi: badute lotura bat beraien artean, bada lotzen dituen istorio bat: istorio horren ardatzak nolabaiteko lotura edo batasuna ematen dio liburuari. Zenbait gaik ere ematen dio lotura: liburutegiko lana, neska, Zumalagakarregi…

Pertsonen barnean dabil, bizitzaren zirrikituetan: sentipenak, gogoetak…

Gizarteari buruzko hausnarketa bat: ezin uka duen abilezia garunetako zirrikituetan kiribiltzeko.

Gogoetak eta hausnarketa egiten ditu gai ezberdinoi buruz, gai bakoitzean luzatuz, mila eztenkadatxoz zipriztinduko du kontakizuna, gorabehera arruntak kontatzen ditu, hausnarketek ere ez dute originaltasunik: badirudi egunerokotasun hori mahairatu nahi duela. 

Ukitu kritiko eta umoretsuak.

Abertzaletasunari ziria, borroka armatua, atentatuak, sarekadak, atzerriratzea, presoei ongietorriak,  polizia, tortura, frankista pertsonaiak, GAL, literatura, liburuak, liburutegiak, arte mundua, dotoratze tesiak, lorategia, elkarte gastronomikoak, familiako harremanak,  maitasun baten hasera bilakaera eta bukaera, mendia… 

Donostiako kaleetan dabil batez ere, kale, taberna eta zoko ezberdinen berri emanez.

Manifestazio bat kontatuko du, zehaztasun osoz, Donostian, kalez-kale: zerbait berezia egin nahi du baina ez du ez gatz ez piper.

Ohikoa denez, edo modan dagoenez egileak jakintsu distira agertu behar du, zitak, izenak…: erudizioa erakutsi nahi kutsua.

Atzera aurrera dabil kontakizuna, jauzika.

Literatura estilo, egitura, ezberdinak darabiltza, paragrafo luzeak egiten ditu gehienetan, orrialde osokoak, bada bost orrialdeko paragrafo bat txortaldi bat kontatuz, beste 9 orrialdekoo perpausa bat puntu eta komarik gabe puntu eta jarraitua eta galdera ikurrak soilik dituena,  tarteka sartzen du elkarrizketaren bat.

Ukitu berezia du kontaketan, estilo berezia, berea: atsegina gertatzen da, naturaltasuna eransten dio.

Zehatza da kontakizunean, osagaik ezarriz, zehaztasunekin, adjektiboekin…

Zirikadek arintzen dute irakurketa, erakargarri eginez.

Kontakizun tristea egin zait, ez kontakizunagatik, sortarazten duen giro orokorragatik, galtzaile batena, federik ez duen batena delako baizik.

Abila da idazten, aparta ere esango nuke, baina ez dit ezer erakargarririk edo aberasgarririk eskaini, errepikakorra, aspergarria ere egin zait.

 

Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak. Alice Munro

9 kontakizun

Izenburuak berak erakusten du gizarte baten bizimoldeari buruz ari dela.

Kanadako lurralde batean kokatzen ditu kontakizunak: Ontario, Vancouver…

Emakume baten kontakizunak dira, bere ikuspuntutik begiratzen dio bizitzari.

Inguruan dugunari erreparatzen dio.

Gizarte gureagandik ezberdin baten argazkia erausten du, sakonean antzerakotasunak dauden arren.

Bizimoldea, jokamoldea, jarrerak, erreakzioak, giroa, pertsonak, familia, lagunartea…

Pertsona mota ezberdinen galeria bat da, bizimolde ezberdinak deskribatzen ditu, gizon-emakumeen istorioak, korapilatsuak beti.

Pertsonen barnean kiribiltzen da, beraien pentsamenduetan bidaiatzen du, bizipenetan murgiltzen.

Barne sentipen eta pentsamenduen kontakizuna da erakargarriena, barne mundu kanporatzen ez direnetan dabil.

Egoera bereziak asmatzen ditu, eguneroko errealitatea erakusten du, gizarte baten bizitza-moldea marrazten.

Gai batzuk aipatzeko: suizidioa, adinekoen egoitzak, maitasuna, bikoteen banaketa, maitaleak, bikoteen harremanak, zoria,  erlijioa, gaixotasuna, irakaskuntza, heriotza, estutasunak, etsipenak zorionak, miseriak, jokabide okerrak, poztasun txikiak…

Bizimodu estuago batera etorritakoa, jende txiroa da gehiena, edo ondo-biziak.

Ez du ezer berezirik hausnarketetan, gogoeta zuzenik ez du egiten, baina gogoeta asko iradokitzen du, hausnarketarako bide luzea erakusten.

Pertsona nagusiak dira gehienak, gaztaroa ere kontatzen duen arren.

Emakumeak dira pertsonaia nagusi gehienak.

Halako ukitu berezia du, interesa sortarazten du, irakurlea erakartzen.

Zubi flotatzaile bukaera oso erakargarria da.

Literaturaz ondo jantzia.

Estilo ezberdinak ditu: narratzaile bat, protagonistak zuzenean kontatzen du….

Zehaztasun handiarekin deskribatzen du egoera bakoitza, bai inguru fisikoa bai pertsonen barnea: hitzen aukera, adjektiboena… itzultzailearen meritua ere handia da.

Jauzika dabil atzera eta aurrea, ia beti: atal nahiko motzetan banatzen du kontakizuna, jauzien arabera, ulergarritasuna eta irakurketa erraztuz..

Paragrafo luzeak egiten ditu batez ere.

Amaiera bakoitzak du ezuste bat.

Istorio tristeak dira, etsiak.

Lasai, egoeretan pausatuz, irakurtzeko liburua.

 

Funanbulistaren beldurra.  Karlos Gorrindo

Sarrionandiak sarreran dion bezala, testigantza ez da inola ere neutroa, ez idazlearen aldetik, ezta ere irakurle edo hartzailearen aldetik ere: hala gertatzen da kontakizun honekin ere.

Zintzoa dela ukatu gabe, erabaki erabat arbuiaezina, inola ere ez gaitzesgarria, idazleak hartuko duen erabaki pertsonal baten zuritzea ez, baina justifikazio edo zergatiaren argitze bat da hasieratik bertatik kontakizuna.

Kartzelako ikuspegi ezberdin eta berri bat ematea ere badela ere dirudi albo helburua: ezezaguna edo horretaz gutxi hitz egin dena behintzat, ETAko presoen, presoen aldeko mugimenduaren demitifikazioa.

Egia asko esaten du, kartzelako gorabeherez gain, ETA, Ezker Abertzalea, Gestorak, kaleko giroa, kale borroka, alderdiak, damutuak, jendearen jarrera eta beste gai askori buruz bere gogoetetan, baina erabat partziala da, inola ere neutroa.

“Nire ustez” errepikatzen du sarri, bere iritziok erlatibizatuz edo, agian neutraltasun irudia eman nahian.

Testigantza ez ezik, aldarrikapen ideologiko politikoa ere bada, panfleto kutsua dario sarri.

Beste iturri batzuetara ere jo beharko du egiara hurreratu nahi duenak.

Funanbulistaren sokan dabil, ze aldetara eroriko den ez dakizula, Boabdilen antzera kideen arteko borrokan murgilduta dabil uneoro.

Gai ezberdin batek hartzen du erdigunea kartzela bakoitzeko kontakizunean.

Agerian geratzen dira kartzelako miseriak, pertsonen miseriak kolektibo barnean agerikoagoak, latzak dira abokatuei kritikak eta salaketak, asanbladetako giroa kartzela ezberdinetan… 

ETAko presoen marrazki latz eta ezkorra egiten du.

Kartzelako osagai asko botatzen dira faltan, baina horiek ez ziren seguruenik idazlearen asmoa.

Mikatza da, mingotsa, hitsa eta hotza, bizipozik gabea, ez dago ia ezer positiborik, balego ere itota geratzen da, amorruz idatzita bailego, ozpindu baten liburua dirudi.

Garai hartako gertakizun asko kontatzen ditu: Tejeroren matxinada nola bizi izan zen Soriako kartzelan, polimilien eta milien arteko zatiketa, ETAren hainbat ekintza…

ETAko buruzagi eta kideen zerrenda luze-luzea ageri da, beraiei buruzko iritzia ematen. 

Kartzelaz ikuspegi oso gordina: kolektiboa, bakardadea, taldearen babesa, preso komun edo sozialekin harremana, sakabanaketa, epaiketak, Puertoko kartzela gerra zibilaren ondoren berehalako garaian, presoaren sentipen eta gogoeta ezberdinak, bizi-baldintza ezberdinak kartzelaren arabera, gose grebak, mutina, ihes ahaleginak, gobernuaren kartzela politikaren garai ezberdinak, Herrerara Martxa, depresioa, bisitak, suizidioa, adiskidetasuna, euskararen erabilpena, dirua, sufrimendua, hedabideak, zentzura gutunetan, musikariak, idazleak…

Garai hartakoentzat ez du ezer berririk kontatzen, bere jarrera pertsonaletik at, gai publiko eztabaidatuak izan baitziren.

Kartzelak eta preso ohi asko, beraien kontakizunak ezagutzen dituenarentzat argazki oso partziala irudituko zaio.

Musikari eta literaturari esker, ez omen zitzaizkion garunak aldrebestu baina alderdi hori ez da liburuan agertzen.

Azken zatian agertzen bada ere, liburuan zehar inork ez du ikasten edo irakurtzen kartzelan, ez dago inolako bizipozik, ez dago une alairik, lausoak dira dauden une alaiagook.

Kontatzen duena hala izanen da, baina bere egia da, berak ikusten duen ifrentzua: egiaren ifrentzu interesatuaren itxura ematen du.

Idazleak hartu du modako joera: ingelezko zitak, autoreak, abestiak, filmak, poesia… kultu kutsua emanez edo, “lustrea” emanez dionari.

Ukitu berezi hori falta zaio, ez du erakargarritasunik, txinparta falta zaio kontaketari nahiz gai gordina izan, ukituko zaituen puntu hori, nahiz egia den kartzela ez dela berez poesiarako esparru egokia.  Artifizial kutsua du.

Teorizatua da, planteamendu eskematiko bati lotuegia.

Euskara erraza du, zuzena, ez da dottoretasunkerietan sartzen.  

 

Haize-lekuak. Amaia Telleria

Idiazabaleko baserriko neskatxo batek Altsasuko aberats batzuen etxean neskame bezala egiten duen urte bat pasako kontakizuna.

Espainiako gerra zibilaren garaian kokatzen da.

Nekazari mundukoa eta aberatsen etxe batekoa, garaiko bi herriotako giroa, gizonak preso merkantzia bagoietan, emakumeei hile-mozteak, beldurra, Ezkaba kartzela…

Istorio xumea, xume kontatua.

Gai dramatikoak ditu, baina leundu egiten ditu bai drama bai eta larritasunak.

Apaltasun horrek egiten du erakargarria.

Pertsonaia maitagarriak dira denak.

Ez du ezer berezi aipagarririk, ez egituraz, ez literarioki, ez gogoetez, ez euskararen aldetik ere, baina gustura irakurtzen da, eta halako atseden eta lasaitasunez bezala kutsatzen zaitu.

 

Hotz industriala. Julen Belamuno

Bost ipuin

  1. Industriguneetako hozkailu matxuren konpontzaile baten egun bateko gorabeherak.
  2. Bere herritik Alemaniara bestetu eta han bere alabarekin topo egin zuenarena. Gerra ondorengo Alemania.
  3. Botika noiz irekiko zain dagoen gizonaren istorioa: beste gizon batekin elkartuko da eta istorioa atzera aurrera dabil modu bitxian.
  4. Errioxan auzo duen bikote baten lorategiko zuhaizpean amaren errautsak zabaldu nahi dituen baten gorabeherak.
  5. Erroman ia ezezagun bizi eta hil zen pintore euskaldun baten inguruko katramilak.

Bizitzako zenbait zertzelada, kontakizuna bera oso sinplea da, deskribapenez osatua.

Bizitzari begirada lasai barea.

Pertsonaien sentipenetan murgildu nahian dabil.

Giza harremanen korapilo zirrikituak.

Gozagarria da bere estilo apalean, erakargarria bilakatzen da.

Giro berezi batean biltzen zaitu.

Idazkera xaloa, baina aldi berean dotorea.

Literatura egin nahian luzatzen da estilo xumean.

Azken ipuinean XIX.go pintura, pintore eta euskal pintoreez ari da: pintura, artea eta arte kritikariei  buruz luzatzen.

LIBURUAK

Jon Etxabe 2021/02/22 10:30
Afrikanerrak: Eneko Barberena / Aireportuko musika: Luis Garden / Aldibereko: Bachmann Ingeborg / Argintza: Pello Lizarralde / Atzerrian. Balda Nerea

Afrikanerrak. Eneko Barberena

Gero bateko Europa batez ari da, argazki ezin ezgizarteago bat aurreikusten du, geroaldiko gizartea marrazten, non gaur egungo gizarteko kontraesanak ere gordin nabarmentzen diren..

Arrasaten kokatzen du kontakizuna, urte batzuk barru izanen den bertako giroa, gizarte, ekonomia eta politika mailan, baita egoera  horretara heldu aurretiko bilakaera edo pausoak.

Sinbolo bat besterik ez da Arrasate.

Arrasateko bizimoduaz paralelo gerra bat dago Afrikan, etorkinen iturburua moztu asmoz hain zuzen, Europako ejertzitoa da eta bertan Debagoieneko konpainia bat dago borrokan.

Etorkizun ilun eta latza iragartzen du.

Esaldi ilunetan, kontakizun lauso batean bezala iragartzen du kontakizun hori.

Liburutegiak, irakurtzea, auzoa, udal-bulegoak, ikastetxeak, etorkinak, arabiarren aukako fobia, irakaskuntza, gurasoen rola…

Ideiez gainezka, ahotsa eman ezinik, nola esan jakin ez eta irudiez baliatuz eta itzulinguruka bezala dabil idazlea, asma ezinda bezala.

Filosofatu egiten du baina ez zuzenean pertsonaien iritziak ahotzean jarriz baizik.

Filosofo edo pentsalari izatea da gauza bat, iluna izatea beste bat: edukietan adina adierazpenok moldatzean dago pentsalariaren indarra.

Agian irakurlea zirikatu nahi du, pentsarazi, esan nahi diona berak asma dezan.

Lekuz kanpo uzten zaitu bai kontakizunak bai kontaerak.

Kritika zorrotza gizarteko hainbat joera eta portaerei buruz.

Ironia darabil, zeharkako esanahia sarri, sarkasmoa ere tarteka.

Zeharka, azpibide edo albo esanahietatik bezala ematen du mezua.

Idazkera korapilatsua, nahasia dirudi,  nahiz irakurlea ohituko den

Esaldi landuak ditu, astindu egiten zaituzte, baina hutsik uzten, kilikadurarik gabe, ez duzu tximeletarik aurkitzen.

Esaldi borobil eta esanguratsuak ditu, baina zintzilik bezala geratzen dira bidean aurkitu duzun loratxo bakarti hori bezala: agian irakurleari tarte bat utzi nagi dio gogoeta bat egin dezan.

Ez da batere erakargarria, zaila egiten duelako estiloak azpiko esanahia ulertzea.

Artifizial sentsazioa dario idazkerari.

Ez du inolako zailtasunik aditz forma edo hiztegian.

Sasitza bat bezala da tarteka kontakizuna, dena dago nahasia.

Azalpen bat ematen dio tarteka bere estilo erdi filosofiko izan nahi horri.

Esaldika idatzitako liburua dirudi; lasai hartuz  izanen da gustukoa izango duenik.

 

Aireportuko musika.  Luis Garde

Nafarroan kokatzen du kontakizuna, 2020ko hamarkadan, etorkizuneko Nafarroako balizko egoera politiko  bati buruz ari da, baina aurreko urteetako egoera politikoa islatzen du.

Borroka armatua berreskuratu nahi duen talde bat,  talde honek politikari ezagun bat bahitu eta azkenik hil egingo du.

Paper idatzi sorta bat etorriko zaio idazleri, bahituak idatzitako poema liburu bat ere badu… paper eta liburuaren  inguruan katramilatuko da istorioa, “zulo”tik idatzitako gutunekin batera, liburuko ardatz bihurtuz.

Eskuindar politikaz ari da, batez ere karlistei buruz: gainbegiratu bat ematen dio karlismoari: karlisten gerrak, gerra zibila, alderdi karlistaren geroko bilakaera eta jokabidea, barne borrokak…

Garai horretako giro politikoaz ari da, alderdi politiko eta politikoak daude marraztuta, pertsonaia zehatzak iradokitzen ditu.

Desbideratzen da kontakizunaren haritik bere burutapenetan luzatzeko, sarriak dira gogoeta eta burutapenok, interesgarriak asko eta asko.

Noizbehinka gai bat sakontzen du: poesia, tortura, politikaren azpijokoak, anarkistak, Aragoiko komunak, fraideekin eginiko sarraskia, fikzioa errealitatea kontatzeko tresna…

Poesia da ia uneoro ukitzen duen gaia, hainbat poesia liburu idatzitakoa da liburuaren egilea bera.

Istorioak berak badu interesa, jakin-mina sortarazten du, suspense puntua du,  baina zeharkako gai eta burutapenak hainbeste desbideratzen denez, lausotu egiten da interesgunea.

Zeharkako deskribapenetan luzatzen da,  literatura egiten du bere burutapen eta sen itsatsiz.

Idazkera ezberdin bat du, propio berea, zaila, iluna, lausoa, nahasi samarra tarteka, ertz askokoa, korapilatsua gertatzen da: literatura egin nahian esaldiak borobildu nahiaren ondorioz bezala.

Literatura egiten du tarteka, idazkera jantzia alegia, paragrafo luzeak osatuz ezer  berezirik eskaini gabe, kakotx arteko esaldi pila, etenik gabe, agian azpimarratzeko teknika bat besterik ez da.

Errepikagarria egiten da, gaia bera eta bilbearen osagaiak… ezer berri edo erakargarririk eta jakin-minik erantsi gabe, horrek jo eta pasa irakurtzera eramaten zaitu tarteka, horrelako pasarte edo paragrafo luzeetan ez baitu ezer berri, tentagarri edo erakargarririk eskaintzen ez kontakizun aldetik ez literatura bezala ere.

Tarteka egitura, esaldi eta zenbait irtenbide literario ezohikoak ditu, guti erabilitako aditz formak… agian akats tipografikoak eta zuzentzaileari ihes egindakoak direla ere pentsatuko du norbaitek, ezbaian jar dezakete irakurlea, arauak aldatu direla pentsaraziz…; partitiboaren erabilpena da tarteka ohikotik ezberdina.

Atzizkiez baliatzen da usu hitz ezagunak erabiliz hitz berriak sortu eta esanahia indartzeko.

Idazlea irakurleari bere liburuaren nondik norakoak argitu nahian bezala dabil, zalantzak balitu bezala.

Nolanahi aberatsa da euskararen aldetik, idazkera ezberdin bat erakusten duelako.

Gaur egun ohi denez liburu izenburu, egile, zita… ingelesez!!! nola ez, etengabeko aipamenak.

 

Aldibereko. Bachmann Ingeborg.

Istorio ezberdinek osatzen dute liburua.

Viena inguruan dabil batez ere, Paris eta Londres ere oso bertan daude, nahiko iritzi ezkorra  da berea.

Lehenengo kontakizunean bidaia bat eginen dute emakume eta gizonezko batek.

Bigarren kontakizuna  egun osoa ohean egitea gogokoen duen neska baten inguruan dabil.

Hirugarren kontakizunean ikusmen arazoak dituen emakumea da pertsonaia: nahiago errealitatea ez ikusi.

Laugarrenean emakume edadetu eta bere errainaren harremanak dira kontakizun

Bosgarrenean, kanpoan dabilen alaba aitarengana doa bisitan, anaia ere aipagai izanen da.

Ez du ezer deigarririk kontatzen, baina pertsonaien barnera sarrarazi eta bertan biltzen zaitu. Kontaerak berak, egiturak, estiloak sortzen duen giroak… eramaten du pertsonaion barnera irakurlea ere sartzera, ibilbide horretako zergatiek, kontakizunak berak, ez du jakin-minik pizten, pertsonaien barnera sartzearen plazera da sortarazten duena batez ere.

Kontakizun guztietan daude bikote ezberdinak, bikote aldaketak…

Pertsonaien arteko harremanak, joera, oraina, lehena, sentipenak, iritziak… dena nahastuta baina ez nahasian.

Pertsonaien barne-bidaia, barne zirrikitu eta bidezidorrak, barne ibilaldiak, pertsonaiak bata bestearen barnera sartuz; beraien garunetan kiribiltzen da, bere burutapen eta barne bizipenetan, ukitu zehatzetan katramilatuz, kontraesanak agerian utziz.

Lehena eta oraina, balizkoa eta erreala nahasian bezala doaz.

Izaten ditugun baina azaleratzen ez ditugun burutapen eta sentimenduak, gizakion mundu sekretuak… barnean erabili izaten ditugun balizko beste mundu edo bizitza hori…

Emakumeak dira bost kontakizunetan pertsonaia zentrala, osagaia dira bere inguruan dabiltza jite ezberdineko gizonezkoak.

Misterio bat bezala dira kontakizunetako emakume zentralak, labirinto batean bezala dabiltza, jarreretan, ibilbidean baina batez ere gogoetetan.  

Bikotearen elkarbizitza, bere konplexutasunarekin dago kontakizunetan, bikoteen elkartzea eta banatzea batez ere,

Pertsonaien gogoetek zeure gogoeta propioetara zaramatzate.

Agian nabarmenago sakonduak eta azpimarratuak daude gai batzuk: itzultzaile lana, bizitzari eta gizarteari buruzko iritziak, ile-apaindegia,  hizkuntzak, batez ere alemana, ezkontza, argazkilari baten funtzioa, Algeriako gerra eta Frantziaren jarrera…

Istorioek ez dute loturarik, bai pertsonaien izaera, portaera eta hainbat antzekotasunek, baita kontaerak edo estilo literarioak ere.

Berehala harrapatu nau, batez ere idazkeragatik eta pertsonaien barneko ibilbideengatik.

Literatura aldetik ezberdina da, ohiko moldeak hausten ditu, bide berriak jorratzen, irakurlea partaide egiten du etenik gabe irakurritakoa lotzen eta interpretatzen, ze bidetan dabilen aurkitzen… pertsonaien barne zirrikituetatik murgiltzen zaituen sentipenagatik batez ere gozatuta da irakurketa.  

Paragrafo oso luzeak egiten ditu tarteka, orri askotakoak noizbehinka, pertsonaiaren aldartearen arabera gehienetan, beste batzuetan  paragrafo laburragoak dira eta irakurketa errazten dute, laugarrenean marratxo eta lerroz berezituz datoz elkarrizketa zenbait.

Lerro askotako esaldi luzeak ere sarriak dira paragrafo luzeotan.Hika-noka paragrafo berean korapilatuz egiten ditu elkarrizketak.

Zurrunbiloan, nahastuta, datoz  narratzailearen jarduna, pertsonaien burutapenak, elkarrizketak, denbora, pentsamenduak, gogoetak, sentimenduak, gertaerak… irakurleak josi eta ordenatu behar ditu, dena harilkatu behar du… hori dena punturik gabeko paragrafo luzeetan.

Hizkuntza ezberdinetako esaldiak sartzen ditu itzulpenik gabe.

Egiten ditu inguru geografiko, natura zein urbanoen deskribapenak.

Batez ere lehen kontakizunean nabarmentzen da idazkera hau, baina beste lauretan ere antzera dabil nahiz ez hain nabarmen.

Amaiera katramilatsua dute kontakizun denek, sortarazten du halako jakin-min bat, nola bukatuko ote istorioa.

Gramatikalki ez du zailtasunik ez esaldien egiturengatik, ez hiztegiagatik, baina ez da irakurterraza, dosi txikietan irakurtzea hobe.

 

Argintza.  Pello Lizarralde

Zine-aretoetako gerente batek bidaia bat hasiko du areto bateko egoera aztertzeko, aretoa itxi ala ez itxi erabaki nahi da: bidaia horren kontakizuna da eskaintzen zaiguna.

Kontakizuna lotzen duen haria fina da, hari horren inguruan harilkatzen du kontakizuna, hari horri jarraitzean dago lanaren xarma. 

Narratzaileak gerentearen ibilia kontatzen du eta gerenteak ibiliko  bizipenak, bi plano horiekin osatzen da liburua.

Gauzak esateko modu berezia du, zehatza, ohikotik ezberdina.

Ukitu propio  du, zehazten zaila.

Bidaiaz eta gertaeren une zehatzak zehatz kontatzen ditu.

Unez une, pausoz pausoz, kontatzen du gertaeraren ibilia.

Ez filigrana literariorik bilatu, ezta esaldi biribil eta deigarririk, baina altxor bat da.

Patxada eskatzen du, paragrafo oroz gozatzeko.

Lasai, astiz, egin behar da irakurketa kontakizunak berak hala eskatzen duelako. 

Egileak idazten gozatu duela dirudi, irakurtzea da irakurlearen gozamena.

Liburuaren azala ere deigarria da: salgai jartzen du aretoa.  

 

Atzerrian. Nerea Balda

Atzerrira, Ingalaterrara, lanera joan den neska baten bizipen, oroitzapen eta gogoetak dira.

Pertsonaien barnean dabil pentsamendu eta sentimenduak irabiatuz.

Zertaz hausnartu asko eskaintzen du, gogoetarako hari-muturrez oparo baitago: idaztea, itzulpengintza, distantzia…

Zail samarra da kontakizuna jarraitzea, korapilatuta baitatoz tempusak eta pertsonaiak, baina horrek egiten du erakargarria, zatiok ehuntze horrek, 

Literatura fina eta dotorea egiten du, irudimentsua ere.

Bidezidorretan bezala doa, hemen banatu eta han elkartu, beti baso trinko batean bazindoaz, pertsonaia ezberdinak ezagutuz eta beraiekin topo eginez.

Gertakizun, portaera, harremanen xehetasun asko ematen du, egoera borobilduz.

Egitura berezia du, zenbait atalen izenburu pertsonaia ezberdinen izenak jarriz, jarrerak, gertakizunak eta burutapenak korapilatuz.

Ez dakit literatura jantzia egin nahi duelako sartzen den hainbat bihurgunetan, esanahiaren zailtasunak kiribiltzen dituen zenbait esaldi, baina ulerzailak dira zenbait esaldi.

Horrez gain tarte zuri zabalez egituratuta dago, orrialdeak eta liburuaren mardula handitu baino arnasa ematen dio irakurleari eta honen garunei, irakurketa arindu eta erraztuz, irakurlearen arnasa eta patxada eskatzen baitu, baina horrez gain egituraketak beste mezu edo helbururen bat ote duen galdez bukatu dut.

Idazleak gustuko ditu liburu aipamenak, ingeleseko zitak… pertsonaia Ingalaterran dagoelako ala bere jakituria erakusteko.

Garunen azeleragailua da irakurketa.

Gustura irakurriko du puzzlea gustatzen zaion irakurleak.

Dauden elkarrizketak testu barnean doaz inolako zeinu eta ikurrik gabe, baina argi jarraitzen dira.

Sentipen gozagarria uzten du.

BIDAIAK 98.

Jon Etxabe 2021/02/19 09:55
ALEMANIA: Schleswig, Flensburg, Kiel.

ALEMANIA

 

Danimarkakoarekin alderatuz hasi dugu Alemaniakoa, berez datorkigu bata bestearekin erkatzea. Ez dugu ikusten ez granjarik ezta herri txikirik ere, lautada berdea izan arren. Behiak eta galsoroak bai badira.

 

Auto handiak ziztu bizian.

 

Kanpina. Aurkitu-erraza  uste genuena, bila ibilita aurkitu dugu, azkenez. Schleswig herrian. Danimarkaranzkoan ikusi genuen bera. Ezagunak ditugu Alemaniako kanpinak: berdegune trinkoa eta zerbitzu garbiak eta onak. Laku ertzean, hiriaren aurrez aurre,  hiriaren beste aldean. Katedralaren dorre-orratza eta etxe-orratza nabarmentzen dira, biak nork baino nor  gorago lehian.

 

Ez da daniarra lurralde hau, alemaniarra baizik, baina bikingoa ere bada nolabait.

 

Schleswig.

Holm auzoa, S. Petri Dom edo katedrala, golkoa eta denda-kalea dira ibiltariarentzat lau interesgune nagusiak; artezaleak badu gaztelua, baditu museoak.

Holm auzoa: izugarri atsegina da, gidaliburuak nekazari etxetzat jotzen dituen arren arrantzale auzoa behar du izan; itsas ertzean dago, itsasora dute alde bat etxe askok bere atrakaleku eta guzti, eta arrain bat dute marraztuta edo grabatuta sarreran hainbat etxek. Etxeteriak bilduzko erdiko zabalgune borobila, hilerria da plaza litzakeena, lorategia dirudien hilerri dotorea, kapera zuria du erdian. Etxeak: hilerrira  jotzen dute kaletxo eta etxe pospolin xarmantek, banan-banan argazkian harrapatzeko irrika sortzen duten horietarikoak: kaledi  lasaia, atsegina, zaindua; laku ertzeko etxetxo bakoitzak du bere gune propioa laku ertzean, batelentzako moilatxo, hondartzatxo edo lorategi bihurtuta: denek dute txalupa, batzuk arrantzan egiten dute, beste batzuk arrantza tresneria, butroi edo antzerakoak erakusten dute; gertu, katedrala eta katedrala inguratuzko plaza: leku lasai atsegina. Dom katedrala: gotiko nabarmena, adreiluzkoa, kanpo zein barrutik, gorri ezberdinekin jokatuz batez ere korupean; daniar elizen antz handia du barrutik, hau ordea ilunagoa da, beteagoa dago, agian katolikoa delako; ganga osoa, atzetik aurrerakoa baina batez ere presbiterio gainekoa fresko apartez dotoretua; erretaula du batez ere erakusteko: zur-lan izugarria triptiko bezala eratua, bai taila-lanengatik bai tamainaz ikustekoa; pontea, metalezko artelan aparta; hegian kalbarioa duen arku landua presbiteriora sarreran; lanpara oso kiribilduak; ongileen argazkiak izugarri landu eta handiak; pulpitu landua; katabutak kaperan; ongileen argazki pintatuak; hilauzak; adreiluzko klaustroa, ganga oro freskoa. Nahikoa izan dugu katedralarekin artelanez asetzeko, jai eman diegu gazteluari eta museoari. Denda-kalea, bizia, autoengandik babestua, bada etxe ederrik bertan, eskaintza ere oparoa da: erruz dabil jendea. Inguruko kaledi gustagarria, txukuna eta jantzia: badu zer begiratu, kanpaia kalean duen eliza  tartean. Bikingoen kultura eta historiari buruzko museo edo erakusketa. Gaztelua, hirian bertan, albotxoan, kanpotik begiratuta dotorea. Golkoa, belaontziz, txalupez eta berdegunez hartuta bazterrak, hiriko zati garrantzitsua da, itsasertz oro bezala zabala eta gustagarria, urari edo ontziei so bertan egon zein paseazeko aukerakoa.

 

Izozki gozoa eman digute baina hemengoak ez du daniarren esnegainik

Ia ez dabil bizikletarik. Autoa berriz golkoko eltxoa bezain ugaria da.

 

388 kilometro, etxetik hurrago egin gaituzte.

 

Zeru-marran sartu aurreko eguzki gorriak digante bihurtzen gaitu golko ertzeko belatzako gerizan, azken eguneko paseoan, padura alboan. Beste arrengandik libro gordetzen du emearen eremua ahate arrak. Zisne arra hegoak zabal lumak harro lepo-luze jarri zaie hiru gaztetxori, hauek ezkutuko zigarroa erretzeko eseri direnean golko ertzeko lurmuturrean. Beste aldean hiria zilueta bihurtzeraino ahuldu zaigu argia, garaiagoa eta zorrotzagoa dirudi katedralaren dorre-orratzak.

 

Amona txiki zimurtua zegoen laku aurrean eserita, bota dituen ogi-apurrak jatera hurreratzen zaizkion kaioak aterki gorriaz uxatuz. Harrituta b ikusi dugu egiratzen geniolarik txoriak bertaratu zaizkio apur bila: horiek ziren bere gonbidatuak. Ondoren kaioa  txoriari ogi zatia kenduzko lehia bizian: txoriñoak defendatu ahal izan du bere afaria.

 

 

Ekainak 23a. Asteartea. 59.a - A:3.a

 

Umeen artean dabiltza ahateak. Ez dut uste umeok izan daitezkeenik ahateon ehiztari udazken batean. Ikusi dut baina ere neskato bat ahate baten atzetik mehatxuka: litekeena da, beraz, balizko ehiztariarena.

 

Bozgorailu bana du kanpineko komun bakoitzak, belarrien parean, uneoro musika ozena eskainiz: asmakizun egokia albokoaren uzkerrak eta kaka-hotzak ez entzuteko. Oharren bat ematen dutenean, zeregin pribatu horretan harrapatzen duena ere jakitun egiteko izanen da.

 

Erruz hiltzen dira Alemanian ere trikuak errepidean: bere bizitza-eremua erdibitzen du nonbait galipotezko hesiak, nork jakin argiaren deira ateratzen diren edo maitasunaren deiaz doazen bestaldeko bikotearen bila.

 

Lastozko teilatudun etxe edo granja dotoreren bat tarteka, granjaren izena iragarrizko harritzarra, granja eta etxebizitza elkarlotuta… ezagun da bikingoa izan zela lurralde hau, agian ere dela, politiko banatzaileek alemaniarra egin badute ere. Zein ote herritarren sentipena, bikingo arrastorik ba ote barneko tolesduretan.

 

Leihoetako edergarriak, uralitazko teilatua… Holandan ikusi genituenen antzerako belar, abar edo lastozko koroak dager zintzilikatuta etxe aurrean.

Industria-gune zabalak eta biziak, banderadun koloretsuak: kemena eta ahalmena erakusten dute; saltokiek ere harro eta deigarri erakusten dute trapuzko gandor kolore anitzekoa. Indarra du negozioak, deiadarka dago. Agerian dago hirugarren mundu-gerra irabazi duenaren harrotasuna, ekonomiaren bidez irabazi baitute irabazi ere. Europa osoa menderatuz. Bizi diru gehiagorekin bizi dira alemaniarrok, nabaria da ez bakarrik dirua banketxean aldatzerakoan, gizartearen beraren bizi mailan ere bai. Hobeto bizi diren ez dakit. Zoriontsuago?.

 

Eliza-dorreek erakusten dute gehienetan hiri bateko erdigunea non den; dorreen norabiderantz jo ohi dugu eta inguruan autoa non utzi bilatu.

 

Flensburg. Fiord baten bukaeran eraikia, leun baina gorantz eginaz eraikinak alde bietan. Etxe eder asko; solairu, estai gehiagoko etxeak, etxe handiak zenbaitzu, batez ere kale nagusitik goiti ikusten direnak; ez du hainbat lurralde alemaniarreko errenazimendu edo zur tailatutako fatxadarik, daniar etxeen taxua dute, antz berdinekoak dira adreiluzkoak ez badira ere; bada adreiluzko eraikinik, batez ere fiordo aldean, baina daniarraren ezberdina da adreiluaren erabilera.

Denda-kale bakarra baina izugarri luzea, zabala eta bizia. Elizak:  3 eliza kale nagusiaren luzeran, 4. eliza bat fiordaren bestaldean. Nikolaikirche: sendoa, sendoagoa egiten dute zutabe borobil lodiek; lurra erabat jasota du, induste lanetan dabiltza, agirian utzi dute dagoeneko aurreko azpiegitura; plastikoz bilduta edo alboko kaperetan gordeta dago elizako gauza oro; antz ematen zaio organoari ederra izan behar duela, karkasa eta dotoregarriz behintzat; dorre berezi garai orratz-luzea du. Helligankirke: izena ez ezik barrua ere daniarra du. 3. Eliza: Danimarkan ikusitakoen osagai berdinak ditu: bataiarri metalezko landu paregabea, ongileen koadro izugarri dotore eta edertuak, fresko hondakinak bi ganga zatitan, Kristo zintzilikatua presbiteriora sarrera gainean, pulpitua… etab; hilauzak: kanpoko hesiko horman jarri dituzte, non jarri jakin ez-eta, nonbait.

 

Eragin handia du itsasoak: industria edo ekonomia gune da fiord ertza, baita hiriko aisia-gune ere,  bertako jatetxe, tabernek eta kale nagusiaren portuarekiko kaletxo sarearen loturak erakusten duenez.

Jatetxe, pizzeria eta antzeko asko, okindegiak batez ere. M. Luisaren aburuz, jantzi-eskaintza ere ezberdina da.

Motzak geratu zaizkigu parkingak eman dizkigun bi orduak.

Hemen ere plazan daude “herriko onenak", garagardo botila ezpainetan eta zakurra lagun alboan.

Kamioitzar ibiltaria jarri du plazan Bundestag-ek, auskalo zeren kanpaina den.

Burdinazko ez dakit zeren pieza astun bat jaso dut portura bidean, papergainerakobaliagarri  ez ezik hiriaren oroigarri izango zait.

Lur-zoruko harri-laukitxoz dotoretzen ari dira zutoin larri baten azpibuelta.

Alemania honetan, herriko kaleak ez ezik errepide oro dago berrikuntza lanez oztopoz gainka: "berritu ala hil", hori da nonbait kontsigna, edo " berrituz patrikak berotu".

 

 

ANGELU

Hemendik atera omen ziren Ingalaterra kolonizatu zuten angloak, V. eta VI. gizaldian. Antzinakotasun jitea du lurraldeak, etxeetan nabarmentzen da batez ere: Gehien  bat Danimarkako hegoaldean ikusi genituen  parekoak dira etxeok. Gaur egun ondo-bizien etxebizitzak dirudite, emigratu beharrik ez dutenenak, ekonomiak kolonizatu duen lurralde honetan gizartea bermatu dutenenak.

 

Antzinako etxe, haize-errota eta antzerako eraikinekin osatutako museoa ,ordainduzkoa nola ez, zabaldu dute eremu zabalean, ordu ederrak bota daitezke bertan,  ugari heltzen zaizkio bisitariak ere.

Daniar edo bikingo sustraiak ditu herri honek: -“rup” bukaera daniarra dute herri-izen askok.

Harritzarrak granjako sarrera iragarriz, harri errunikoen kultura daniarra erakutsiz.

 

Kappeln. Izozki bat hartzeko erdikale tentagarria du, baita fiord ertz tentagarria ibilalditxo baterako ere, baina haize-errotari argazkia ateratzeko soilik geratu gara: euriak ekin dio, eta etxera egin dugu fiordoa zubitik zeharkatuz. Egurrez egindako hesi-presa edo egitura berezia da fiordoan.

 

129 kilometro, euriak moztu dizkigunak.

 

Foirdko uren ertzeko lur-irtentxo baten gainean, ilunabarreko bakardade erabatekoan, dena bare, dena isil, aurrean S.Nikola katedralaren dorre sendoa orratz luzea zeruan marraztuz, zisne zuria hurbil eta ahateak auzo, ur iluna aurrean eta belar berde gordina atzean, ospatu dut S. Juan bezperako suaren erritoa. Ez dakit ze erakarpen eraginez, kartzelako patioan ospatutakoak izan ditut gogoan eta ez dakit noiz eta non hautsontzi batetan ospatutakoa. Gora Bizitza, gora Argia, gora Beroa.

 

Izen-abizenak ematen ditu automatikoki  ARAL gasolindegiko txartelez eginiko pagu ordainketaren ordainagiriak: diru-txartelen bidez publiko da gure datu oro mundu guzian, agerian utzi digute nortasuna, gasolindegiko neskak ere badaki jadanik gure berri, poliziak zer ez ote jakingo.

 

 

Ekainak 24a.  Asteazkena. 60.a - A:4.a

 

“Poema antologia”. Bukowski:

* "liburu on bat / gai da / bizitza / kasik ezinezko bat / bizigarri bihurtzeko". Laguntzaile bada behintzat.

* "Hain da estrainioa / bizirik egoteagatik / ondo sentitzea".  Hori da ba zoriona!.

 

Hiru  zozo ditut aurrean pare bat metrotara belartzan mokoka. Ikaragarria da elkarren arteko elkarri lapurtzea, besteak aurkitutako mokadua mokotik bertatik besteari kentzea. Borrokatzea, lehia, bizitza-legea?.

 

Ahate edo antzar bando ikaragarri batek zeharkatu du oso goiti laku gaina, marra ilun kurboz marraztuz alderik alde zuhaitzek uzten diguten laino arteko esparru urdina. Bihar emigratuko dugu guk Bukowski-ren "ohiz kanpoko ezer / egin gabe"ko horretara. Baina "ohiz kanpoko" hori zaigu ohizkoa gehienetan.

 

Hegada luzeegia dute goiko hegaztiok antzarrak izateko, agian ahateak dira: lepo-luzeak dira eta lepo-luze egiten dute hegan: milaka dira zeruan, ehunka landetan. Leku aldaketa, oraindik bukatu gabeko migrazioa, hegan egiteko ahalmena zaindu eta gorde beharra udazkeneko hegaldirako.

 

Alemanian ere jakin badakizu noiz ateratzen zaren errepidera, ez, berriz, noiz helduko zaren helburura: argi gorriak, bidezainen belar-mozketak, errepide konponketak, kamioi mantsoak, autobusak, ordu-erditik gora egin dugu Eckernförde zeharkatzen.

 

Eckernförde. Golko batean. Hondartza luzea du, laku ederra, zisne zuriz erakargarriagoa: eguzkitan egoteko halako jarleku, agian etzaleku bihurtu daitezkeenak, bere aterpe eta guzti; Rostozk inguruan ikusi genituenen  antzerakoak, baina txikiagoak.

 

Kiel.

Jaietan dago, 8 egunez. 5 ordu egin ditugu oinez, hirian, 5 orduak jendetzaz bildurik, hasi erdiguneko ertz batetik eta ubidea hasten den tokiraino, moila oro ibiliz. Giro izugarri bizia. Denetik dago kalean, izugarri aberatsa da jai eskaintza kilometro askotako luzeran, bai hiri barruan bai moila gainean, mila kinkila-denda eta txosnez gain hainbat eta hainbat oholtza, mila ekitaldi ezberdin oholtzetan, dantzari nahiz kantari, musika klasikoa, modernoa zein herri-musika, arrantxeroak barne, esparru zabalak umeentzako mila aukera eder ezberdinekin, ehunka ume saltoka plastiko puztu erraldoi ezberdinetan, kale kantariak, karikaturagileak, titiriteroak, kale zorua oihal duten pintoreak, garabi puntatik hankatik lotuta jauzia egiteko aukera hiri barruko plazan, bola zuri erraldoi batean sartuta harat-honat txilipurdika bezala ibiltzeko umeentzako jostailu erraldoia guretzat berria... Feria bat ere bada plaza batean non sortaldekoen txosnak diren nagusi: autobus pakistandar bat gertatu zaigu erabat bitxia.

Itsas-soldadu pila, ontzi eta armada ezberdinekoak, errusiarrak tarteko, dabiltza  kaleetan bere jantzi betikoarekin. Jazz emanaldi ikusgarria eskaini digu itsas soldadu bandak eta dantzak eta abestiak koru errusiar batek. Erruz edaten da garagardoa, erruz jaten saltxitxa. Baina ez da ia paperik lurrean ikusten, plastikozko baso bat bera ere ez: gureetako jaialdiez gogoratu gara.

Portua: ez du akaburik, ferry erraldoiak, gerraontzi pila, itsaslapurren eta kirol belaontziak; milaka herritarrek, ume nahiz heldu, egiten du joan-etorria belaontziotan; izugarri bizia dago fiorda eta itsasadarra belauntzi txikiez beteta: ikustekoa.

Eraikuntza aldetik ez du zer erakutsi handirik, erabat hondatu baitzuen gerrak. Udaletzeko dorre berreraikiak ehun metrotik gora omen ditu altueran baina ez da batere ederra. Eliza: herri altxor paregabeak gordetzen ditu: 1606.go triptiko tailatu polikromatua den erretaula non berriz ere ageri diren Kalbarioko bi lapur xelebre; metal landuko ponte aparta, Moisesek burugainean eusten duen pulpitua, ongileen elizpeko lauki argia, kapera bateko bigarren triptiko bat, presbiteriora sarreran Kristo zintzilikatua, Kristo txiki bat, tapiz bat...

5 ordu paregabeak pasa ditugu, hamar izan zitezkeen: azken izozkiaz gozatuz eta opariak erosiz bukatu dugu bisita.

 

Alemanian egonik, saltxitxa bazkaldu dugu eta garagardoa edan.

 

Kuartela inguruan dagoelako, muga ere bertan delako, agian militarrak deneko jabe direlako, militarra ikusten da denean: autobusak, jeepak, kamioiak...

 

Baratzak, zainduak eta ugari, Kiel sarreran.

 

Ez ditugu denak gogoratuko, baina gozatu dugu elizok ikusiz

 

98 kilometro, azken irteerako azkenak.

 

Azken begirada bota nahi izan diot lakuari ohera aurretik, gaueko bakardade eta isiltasunean, txorien eta batez ere ahateen hotsak lagun. Paduran gordeta daude ahateak.

Schleswigek badu hirugarren orratza, zeruraino bezain luzea, argi gorriz nabarmena gauez: komunikabide dorrea. Etxe-orratza misterioz betea agertzen da tarteka argitutako leihoak medio, elizarena berriz marra beltza da zeruertz gaineko laino oraindik argitsuan.

 

Ispilu koloretsua da lakua hiriko argiez. Gau magikoa da gaurkoa, magikoagoa agurraren ukituaz. Hor bestaldean, hirian, hemen kanpineko isilean, jendetza bizi da, bakoitza bere bizitza berearekin.

 

 

Ekainaren 25a.  Osteguna. 61.a – A:5.a

 

Uste baino korapilatsuagoa, beraz ibilaldi luzeagoa gertatu zitzaigun Danimarka. Ondoren, azaletik eta arinki ikusi dugu Ipar Alemania lurralde hau. Hur dago Friedrichstad, holandar exiliatu edo iheslariek sortutako herria, hur Husum portu polita edo Bredstet ingurua, itsasoari lapurtutako lurraldea: baina ikusi gabe utzi behar ditugu. Ez gara deserrituak, bi hilabeteko ibiltariak gara soilik. Herrira goaz, gure herrira.

 

Badirudi hiru eguneko atsedena hartu dugula, azken hegaldirako hegazti migratzaileak gertatzen diren bezala. Ekinaldi ia bakarreko hegada luzeari ekin behar diogu.

 

Ez da gozoa izan ia Danimarkako mugatik, Saarbruck tartean, Frantziaraino egin dugun bidaia, Alemania osoa zeharkatuz goitik behera. Hamburg-eraino erraz joan da, handik aurrera zaildu zaigu ibilia. Tarteka 35 gradurainoko hozberoa, Franfurt inguruan berriz ekaitza eta haizea, trumoia, tximistak eta euria, kilometrotako bidean, zenbait unetan ez genuen ikusten 100 metrotara ere; hiru aldiz eduki gaituzte  geldi, ez dakigu zergatik kilometroetako ilaran, barraskiloa baino mantsoago, batzuetan bidezainak bere furgonetarekin zerbait konpontzen ari zirelako bide bikoitza bakarrera estutuz, beste batzuetan ez dakigula zergatik. Autobidea txarra, trikitrakeorako zorua duena. Izugarria izan da kamioi kopurua, are handiagoa autoena. Buru-belarri errepideari lotuta, atsedenik gabe, aurrekoari atzekoari eta albokoari adi. Bukatzeko, nire hanka-sartzea dela da,  premiarik gabe zeharkatu dugu Saarbruck. Baina onik heldu gara lotarako etxerako bide erdira.

 

%4 desnibela du Hamburgeko tunelak.

Zirkulazio trinkoa eta nekosoa; motoristak, ugariak. Abiadura bizian dabiltza denak besteok ere horretara behartuz, errepideak bere legea ezartzen baitu.

Patata-sailak.

Hannover inguruan, gerora ere, garitzak, ez dela eguzki lekua eta arto-lekua dela diotenei jaramonik egin gabe. Mendia dirudien tontor zuria: lantegi baten hondakin edo zaborreria izugarria pilatuta.

Kassel ingurua zeharkatzen dugu, duela bi urte ibili ez ginen lurraldea, kontra-eskura zetorkigulako eta halako erakargarritasunik eskaintzen ez zigulako. Lurralde zabala, laua, baina mendiek bildu eta babestua, mugak begi-bistan dituen bailara zabala, mendilerroa ikusten dugu aurrean zein alboetan. Gora-behera handiak ditu errepideak. Zuhaitz ugari. Industria hiria dirudi Kassel hiriak berak, baina lurraldea nekazaria da.

Argindar dorreak zabalera osoan, basoa bailira: fantasma eremua dirudi trumoipean.

Frankfurt. Etxetzar multzo izugarria ikusten da errepidetik; koadroa osatzeko, lurra hartzera-edo hegazkin handi batek zubi gainean geldi zegoela zirudien, irudi bitxi eta ezohizkoa sortuz. Iparramerikarren basea iragartzen dute errepidean. 3.Mundu-gerra irabazi duen arren Alemaniak ezin du bota oraindik amerikar ejertzito zapaltzailea.

Saarbrucken, zeharkatu besterik ez dugu egin: hiria bera oso ederra ikusten da, parke ederra, ibaia, bi eliza-dorre eder ... oso hiri majoa dirudi. Parez pare, berriz, tximinia izugarrien zirrara, aurreko bidaietatik keetan gogoratzen dugun tximinia zabalkote erraldoia. Hiritik aurrera mahasti izugarriak. Oso dotore ikusten dira herritxoak mendi magalean: ikuskizun paregabea da, eguna ia bukatzear, azken orduko hau. Gu geu gaude nekatuegiak ikuskizunaz behar haina gozatzeko.

 

897 kilometro egin ditugu Alemania zeharkatzen.

 

FRANTZIA

 

Konturatu ere gabe Lorraine lurraldean geunden. Lurralde irekia, leuna, baso kaskoekin. Muga bestaldera besterik ez eta militar kamioiak ditugu errepideko lagun.

Eguzkia izugarrizko bola gorri ikusgarria da laino mehe ostean, zeru osoa gorrituz: ikuskizun paregabea aurkitu dugu gasolindegi batean lotarako geratzea erabaki dugunean. Kamioi artean afaldu dugu, zeru gorriari so.

 

897 kilometro, etxera hurreratuzkoak.

 

 

Ekainare 26a.   Ostirala. 62.a – F:1.a

 

Frantzia zeharkatzen dugu gaur, lurralde jadanik ezaguna, bertan mutu behintzat geratuko ez garena. Goizeko bostak eta erdietan ekin diogu ibiliari. Ibili luzea baina lasaia eta erosoa. Agian pagukoa delako, agian Frantzian oporrak ilunabarrera arte hasiko ez direlako, kotxe gutxi gabiltza errepidean, erosoa da gidatzea.

 

Behe-lainoz atera gara: izugarri polita dago ingurua, lehen orduko lainopean. Ezkerretik atera zaigu eguzkia, arratsean eskuinetik sartzen ikusiko dugu, eguerdiz gainean eduki ondoren.

 

Garia da nonbait Europako elikagai nagusia, ez da besterik ikusten soroetan. Ondoren haragia, esnea eta esnekia behien eta belartzen arabera. Izan dira bi belar-sail zabal: gorria bata, zuria bestea,  kolorez tulipan saileri sorrik ez zietenak. Berriz ere ikuskizun bihurtzen da petrolio-putzuko mailuen gora-beherakoa garitza erdian.

 

Loira bailara, garia ebakitzen ari dira, beherago eta horiago daude galsoroak.

 

Landak lurraldea, Danimarkakoen antzerako dunekin egin dugu topo.

 

Lehenengo astakeria muga zeharkatu bezain pronto izan dugu:  maniobra arriskutsu bat egin digu kotxe batek denok arriskuan jarriz.

 

EUSKAL HERRIA:  mendiz bilduak sentitu gara.

 

SAKANA, bi hilabete ondoren kare-harri mendiak dira gure begien ikuskizun.

 

 

1.216 kilometro, etxera ekarri gaituztenak.

 

14. 450 kilometro, bidaia osokoak.

 

Bukatu da aurtengoa.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/02/15 08:50
DANIMARKA: Laburpena

Laburpen gisa

 

 

 

Bikingoak. Bikingoak dira jatorriz daniarrak. Gaur egun turismoaren inguruan dirau bikingoen oroipenak, bisitari baten begietatik begiratuz behintzat. Agian herritarren ile horian, batez ere ume txikien ile ia zurian, nabarmentzen da ere bere jatorria. Noizbehinka bikingoei zuzendutako museoren bat. Antzinako etxeekin osatutako museoa zerupean. Baina batez ere bikingoen ontziak dira bisitaria erakartzen dutena: hondarpean aurkitutako bikingo ontziak eta beraien taxuz berriak egin, itsasoratu eta sosen trukez arraunean zein belaz fiordoan ibiltzeko aukera eskaintzen dutenak. Roskilde eta Humlum-ekoak adibidez.

Bikingoen lurraldea izandako Ipar Alemaniako Schleswik-k ere badu bere ontzien museoa.

Fyn irlan, Ladby herritxoan bada hondarpeak elurteek eta urak hondaturik, baina hondakin nabarmenak dituen ontzi bikingoa, katabut bilakatua bertan ehortzi baitzuten jauntxoren bat zaldi eta zakurrekin,  non jauntxo eta animalien hezur belztuak oraindik orain ager diren.

Horrez gain, Bikingoei buruz liburuetako historia, eta ezer gutxi gehiago,  turistei saltzeko kinkil-dendetako iruditxo merkeak ezik.

 

Taxua. Landetxe inguruak ez dira batere txukunak, zabarrak, zikinak, utziak baizik; herri pintxoagoa, zainduagoa espero genuen, Austriakoak edo Holandakoak dotoreagoak, finagoak ziren. Antzerakoak espero genituen. Nahiko takarrak dira, baldarrak. Jendea bera ere Holandakoak baino takarragoa, trauskilagoa da, bai janzkeran bai etxe bueltan, bai etxe inguruan bai etxe egituran: utziagoak, lagiagoak, gure baserritarren antzerakoak.

 

Daniarra xumea da, apala, xumea bere janzkeran ere. Adeitsua. Kantatze zalea ere bai, bazkal ondoren koadrilan asko abesten dute, ezkontza ostetan eta abar.

 

Ilehoriak dira, batez ere umeak, ia zuria ere den hilarekin. Tindatuko baliete bezala hilea. Gero iluntzen zaie eta, geroago batez ere, emakumeei modak berdintze die hilea bai kolorean bai orrazkeran.

 

Atzerritar edo etorkin gutxi ikusten da. Sarriagoak dira hiri nagusi industrializatuetan.

 

Gazte asko dabil patinean; espaloietan edo bidegorrietan.

 

Goiztiarrak. Goiz biltzen da daniarra etxera. Arratsaldeko seietan ez da arimarik gelditzen etxetik at, mortu daude kaleak. Etxeratzeko goiztiarrak badira goizean jaikitzeko ere hala dira; goiztiarrak dira goizean ere. Baina badira parrandazaleak ere: asteburuetan afalondoren ateratzen dira herrira edo hirira: hainbat auto gelditzen da kanpinean kanpoan, sartu ezinik beranduegi etorri direlako, beraz bada gautxorien bizitza ere.

 

Asko edaten da. Batez ere asteburuetan. Ikusi ditugu edadetuak goizeko lehen orduetan garagardo botila eskuan, pare bat botilarekin ere. Langileak, gazteak, eskuan garagardo botila dutela. Asteburuetan kaxakadaka daramate garagardoa saltokietatik: zirrara eragiten du. Baina ez dugu mozkorrik ikusi hilabetean, herri nagusietako geltoki edo plazetako betiko "herriko onenak" ezik, edo clochar-ak, herri guztietako moskorriloak edo hiri handietako eskale ibiltariak.

 

Oso txukunak dira herriak. Herri apalak, solairu batekoak, gehienez jota bikoak, erdigunetik kanpo ageri badira ere eraikuntza erraldoiak.

Kaleak konponduta eta pintxo daude, herri banaka batzuetan berrikuntza lanetan daude. Aspaldi egin zuten Euskal Herrian eta Europa gehienean orain ari diren kale berrikuntza lana.

Egitura berdina dute herri gehienek: kale luze bat, saltoki dena, salgaiak kale ia erdiraino ateratzen dituzte, kalea bera da dendaren luzapen. Horregatik kaleok ez dira beti oinezkoen kaleak, baina gehienetan oinezkoentzat eta zabalak dira, ia-ia plaza edo plazaren zeregina betetzen duena da herriko kale zabalena. Kale horretatik kanpo ia ez dago ezer, ez dendarik ezta jenderik ere kalean.

 

Berdindu egin gaitu janzkerak herriok: ez dago ezberdintasun handirik, bere nortasuna edo berezitasuna badute ere, baina ez nuke jakingo esaten zertan datzan.

Gorra zuria dago modan gazteriarengan. Gazte asko eta askok darama gorra zuria: bikote kantante batek sartu duen moda dela esango nuke, bi kantarion argazkia ageri baita kartel askotan, biak gorra zuriarekin. Neskek azpikogona daramate, belaun-gainera artekoa, praken gainetik eta jertse edo jakaren azpitik. Galdetzen diogu elkarri Euskal Herrira heldu ote diren moda biok.

 

Bereziki dotoretzen dituzte lur aurreko leihoetako karelak. Holandan pare. Ez dakigu barrukoen gozamenerako ala kanpokoen miresmenerako. Era guztietako pitxiak eta edergarriak, loreak zein sukaldeko ontziteria, itsasontziak, kopinak edo edonolako pitxikeriak, bitxiak batzuk, arruntak besteak, baina leiho orok du bere apaingarria. Agian kaleko begiluzeentzako oztopo edo barruko kuxkuxeroaren babes. 

 

Jaiak. Belatza batean zaldiko-maldikoak, eta edozein herri-jaietako tramankuluteria apala jartzen dituzte jaietan. Txosnak ere ugariak dira, non batez ere saltxitxak eta patata frijituak saltzen diren. Toldopean askotan, bertan jendea esertzen da, luzaroan garagardo edaten. Herri batean gaupasa luzeak egin zituzten asteburu osoan, edan eta abestu, dantzan egin eta gozatuz, herri osoa bildu zen.

 

Aspaldiko etxe asko, bitxikeriarik ez badute ere: askok dute zurajea agerian.

 

Eskultura asko plaza edo kale gurutzaduretan.

 

Auteskundeak: Europa Batuan sartu edo ez sartu referenduma egin zen gu bertan geundela: JA (Bai) eta Nes (EZ) kartelak ugariak ziren errepide ertzeko posteetan, batez ere JA zen deigarriena. Hautatze egunean ez ginen jabetu ere egin bozketarik zegoenik. Plazen batean ikusi genuen mahairen bat orri banatzen baina ezer gutxi gehiago. Noiz izan ziren bozketok ez genion igarri ere egin. Herri batetan arrosa gorria oparitu ziguten guri ere, kalea pasatzen zirenei bezala: orduan ez genekien zergatik edo zeinena zen: gero jabetu ginen demokrata-kristauena zela, Espainiako psoetarren arrosa bera.

 

Egitura. “Komuna” deritzoten  barrutietan zatituta dago Danimarka. Errepidean iragartzen dute Komuna. Beti hiri nagusi bat du erdigune edo buru. Ez dakigu ze erakunde modu den, zer betekizun duen komuna bakoitzak, ze konpetentzia, ze ahalmen, ze eskubide edo agintaritza.

 

Nekazaritza. Nekazari herria da batez ere Danimarka. Industria-gune gutxi ikusten da, hiri handietako ingurunean ez bada. Herri koskorrek badute bere industriagunea, baina pabiloi txikiak dira, gehiago dirudite zerbitzuguneak, kotxe saltokiak eta antzerakoak.

 

Herri askok dute inguruan tximinia luze eta meharra duen eraikuntza bat; kea dariola dago  beti. Ez dakigu zer den baina nekazaritzarekin lotura duen zerbait: belarrarekin edo simaurrarekin, edo auskalo!.

 

Gari-saila da nagusi lurralde osoan, penintsulan zein irletan. Garia herri pobreetako uzta dela dioen esaerak egia badio, pobrea ote Danimarka.

Nonbaiten irakurri dut garia saltzetik zela aberats baina Iparramerikak askoz merkeago saltzera jo zuenean erabat hondatu zela Ekonomia daniarra.

Bada bestelako laborea ere, oloa, zekalea edo guk ezagutzen ez dugun beste zerbait.

Dilista edo garbantzua izan zitekeen beste zerbait ere nahiko ugaria zen.

Koltza oso guti ikusten da.

Patata salgai iragartzen da hainbat etxe aurrean, baina ez da patata-sailik ia ikusi ere egiten. Agian aterata dutelako.

 

Behiak sarriak dira baina buru gutxiko taldeak bakoitzean, ez dago dena belartza zen Holandako behi aldrarik.

 

Zaldiak. Holandako irudiak nahasten zaizkit. Baina hemen ere ugariak ziren eta landetxe alboan sarriak ziren zaldi jauzietarako langak.

 

Zerriak. Oso gutxi ikusten dira, zonalde batzuetan ezik.

 

Ostrukak. Noizbehinka ageri dira ostrukak, oiloak bezala hesi barruan bahituta. Ostrukategiak.

 

Granjak edo landetxeak. Ikusgarriak dira hainbat. Handiak, ederrak. Gure baserriak mendiartean bezala, lautadan sakabanatuta daude hemengo landetxeak. Zuhaitz artean gordeak asko, zuhaitzak dituzte denek inguruan, nahiz gutxi. Bakoitzaren lur kopuruaren arabera elkarrengandik hurbil edo urrutirago. Aldea dago barruti bakoitzetik bestera, baina parekotasun asko dute. Izugarrizko teilatuak dituzte. Teila zapalekoak batzuk, uralitazkoak gehienak.

Teilatu batzuk, batez ere zenbait lurraldetan, lastozkoak dira, lastoa edo laku ertzetako kanabera antzeko zume lehortuekin eginak.

U forma egiten dute landetxeok, baina bi arraia luzeen lotura zuzena duena ez ordenadorearen hizkiaren lotura konkortua, patioa sortzen zaie erdian, baina patio irekia, ez hainbat lurraldeetako patio hertsia edo itsua. Hormak ezberdinak dira, adreiluzko gorriak batzuk, adreiluzko zuri pintatuak besteak, zurajean sostengatzen direnak, zurajea agerian dutenak, horma gorriz, zuriz zein okrez pintatuta.

 

Lautadak. Lur laua da daniarra, ez erabat berdindua, gora eta behera nabarmenak ditu tarteka, bukaerarik gabeko artezean ibilbide ikusgarria bihurtuz errepidea.

Ikusitakoaz, zorua eta zoru azpia harea dela esango nuke, simaur, ongarri eta natur hondakinez harea horia ilundu bada ere: itsasoak harea pilatzen joan den lurraldea dela dirudi Danimarkakoak, oso laua eta itsas pare parekoa baita askotan. Zerbait menditsuagoa da Jutlandiako Iparra.

 

Itsasoa. Itsasoz erabat bilduta egonik, ez darabilte ia ezertarako itsasoa, irla batetik bestera  ibiltzeko ez bada, itsasoari bizkarra emanda bezala bizi dira. Itsasoa han dago, portua agian ere bai, baina herriak berak ez du itsasoarekin harremanik.

Arrain gutxi ikusten da eta dagoena keztatua. Jatetxeetan ere ez da arraia jaki bezala nabarmentzen, gureetan bezala. Badira kirol portuak, non ugariak diren kirol belaontziak. Portu gehienak txikiak dira, egurrezkoak moilak, hainbat lekutan kanpoko murrua bera ere egurrezkoa da. Arrantzontziak, txikiak. Norvegia Suedia Finlandia edo Ingalaterrarako ferryak berriz sekulakoak. Zenbait herritan hondartza bera da arrantzuntzien pausalekua: polea sistema bitxiak dituzte zenbaitetan hondartzara ateratzeko: ontzi bakoitzak bere polea du, txabola beretik erabiliak denak.

 

Dunak. Jutlandian, bai Iparrean, bai Mendebalean, batez ere iparralderantz eta Ipar Itsaso eta Skagerrak aldera.

 

Uharteak. Jutlandia penintsula eta irla pila batek osatzen dute Danimarkako lurrazala. Bi uharte nagusi, eta, txiki edo handi, neurri ezberdinetako beste hainbat eta hainbat uharte. Fyin uhartetik Seiland-era tartea zeharkatzeko soilik da beharrezkoa ferrya, beste denak zubiz loturik daude, baina aitatutako tarte horretan bertan zubia egina dago, auskalo zenbat kilometrotakoa eta laster errepidez ibili ahal izanen da Danimarka osoan, irlarik irla, zubirik zubi.

 

Fiordoak eta golkoak. Finlandiakoak edo Norvegiakoak uste nituen fiordoak, baina ugariak dira Danimarkan ere. Golkoak, ez hain sakonak eta zabalak. Fiordoak, aldiz, sakonak, lur barrura, mila biratan lurra bilduz eta kiribilduz. Ez dira oso zabalak, bai luzeak. Beti politak. Ertzak bere naturaltasunean gordeak, ia gizarteratu gabe, diren etxeak ere baxuak zuhaitz artean lotsatuta bezala. Begi-bistarako atseginak.

 

Lakuak. Lur laua izanik ugariak dira lakuak. Zabalak gainera, ia barne itsasoak. Laku ertz gehiengoa padura da, tartetxoa portu txikiek hartzen dutelarik

 

Ibaiak. Mendirik ezean iturririk ere ez nonbait, beraz ibairik ere ez. Errekatxoak dira Danimarkako ibaiak. Bost bat metroko zabalerako bakarren bat ibai handia da eta beti gelditzen zitzaigun itsasoak gizentzen ez ote  zuen galdera. Euri eta elurren urak nondik drainatzen ote diren galdetzen genion elkarri ez baita ikusten bertan Holandako kanalik.

 

Hondartzak. Publikoak dira itsas bazterrak. Ez da nabarmentzen jabego pribaturik. Hondartza luze eta estuak dira. Harea finekoak, ia zuria. Kilometrotan luzatzen dira zenbait turismo-gunetan, bizpahiru ilaratan gainera, oholezko etxolak. Zenbait hondartzan plastikozko eserleku borobilak dituzte, oso gordeak, haize hotzetik gordetzeko,  lauzpabosteko erreskada luzeetan, kilometroetan, kolore ezberdinekin harea zuria koloreztatuz.

 

Basoak. Baso asko dago. Gizakiak sortuak dirudite, ez berezkoak. Mapan orban berde lez agertzen dira. Izeidiak dira gehienak. Badira pagadiak baina izeidia ez dena hariztia da batez ere. Batzuk nahiko zabalak. Izeidi ederrik bada baina haritz nahiz pagoak txankamakilak dira, ez gureetako tantai sendoak. Erditik zeharkatzen ditu basook hainbat errepidek. Hemen ere nahiko arazo izanen dute animalien familiek elkar erlazionatzeko. Basoa ateratzen dute: sarriak dira kamioiak pinu enborrez zamatuta.

 

Migratzaileak. Hainbat hegazti migratzaile dago. Ahateak, antzarrak, eta zozoak batez ere. Paisaiako zatia dira. Laku ertza eta inguruak migratzaileoz populatuta daude. Milaka. Batez ere ahateak lotsagabe etortzen zaizkio laku ertzeko kanpinlariari jaki eskale. Laku eta fiordo gainetan errimea da antzar erreskadak ikustea batetik bestera. Zozoen pioa ozena da edozein kanpinetan eta belartzako intsektu edo zizare bilaketako mokoka, ohizkoa.

 

Bitxilore ibilbidea.  Danimarka osoan zehar bada ibilbide bat bitxilore batekin nabarmendu edo erakutsitakoa. Bidegurutzeetan jarrita dagoen bitxilore eta geziak erakusten du nondik hartu behar den. Lurralde osoa zeharkatzen du eta dauden interesgune orotara eramaten. Mapa ofizialek ere badakarte ibilbide hori bera. Beraz bada ibilia interesguneetatik egiteko era erraz bat, errepide nagusi edo autobideetatik ibili gabe. Trikimailu praktikoa, imitagarria.

 

Haizea. Iparra beti dago presente. Egun eta ordu gutxi dira ipar haizerik gabekoak. Eguzki epelean ere beti jotzen du haizeak eta haizea beti da fina edo hotza.

 

Gauak. Ekain aldekoak erabat motzak dira. Ia ez dago gaurik. Mugarik eta oztoporik ez duen lautadaren azkenean ia ez da desagertzen zirrinta gorria eguzkiak sarreran utzitakoa. Hamabietatik aurrera ere itsasoa edo lakua ikusi egiten da, inguruko ontzi eta txabolei ere antz ematen zaie, ez dago behintzat argi beharrik kalean ibiltzeko. Eta goizeko ordu biak aldera Ekirantz hedatu den gorriunean erakusten du eguzkiak badatorrela berriro ere.

 

Kopenage. Beste barruti bat da Danimarka barruan, ezberdina, egituraz eta giroz.

 

Kanpinak. Kanpinzaleak dira daniarrak. Kanpina maite dute, edo herritik alde egitea behintzat. Bete egiten dira kanpinak asteburuetan. Biziberritu egiten dira kanpinak asteburuetan, finkatuta duten karabanara datozenekin zein asteburu soileko bisitari aldakorrak bere gurpil gaineko etxe ibiltariarekin edo kanpin orok dituen zurezko etxoletara datozenekin.

Zerbitzuak, apalak dira. Garbiak bai, baina gutxi eta xumeak, handikeriarik gabekoak, berritu berri diren zenbait izar handiko dotore eta garestiak ezik; ur beroa, dutxakoa zein harrikoa, ordaindu beharrekoa. Belar-gunea berriz belarrak hutsik egiten ez duen belartza trinkoa, sarri orraztua. Bakoitzaren saila, zabala, askotan lahar-hesiz edo zuhaixkaz bildua. Eroso egon nahi du bezeroak. Kanpin askok du familia osoak erabil dezaken bainugela zabala, baliabide orokin, merkeago ateratzen dena.

Kanpin orok ditu hainbat etxola. Hainbat datoz etxolok alokatzera. Badira ere hoteltzat hartzen duten autobus bidaiariak, ikasle zein jubilatuak: hotela baina merkeagoa alegia.

 

Bide-sarea. Mendebaleko Europan baina kotxe gutxiago dabil, hiri nagusietan ezik.

Oso trinkoa da bide-sarea, herritxo eta auzo oro, eta asko dago, elkar lotuta dago. Labirintoa dirudi askotan bide-sareak.  Autobideak zeharkatzen du goitik behera Jutlandia eta zeharka FYN irla eta zeharka zein goitik behera Seedland. Egiten ari dira, ia bukatzear dago, Juttlandia mendebaletik Ekira erdialdetik zeharkatuko duena. Baina ez da hainbesterainoko kilometro pila.

Autobidea bera, ondo egonik, ez da puntakoena.

Errepide oroko alboko arraia zuria, arraia-kantariak edo ozenak dira, zapaldutakoan hots ozena ateratzen dutenak: gureetan han hemenka gutxitan dagoena, hemen denekoa da: segurtasuna errepidean.

Errepide nagusia ez da zabalegia baina zaindua. Dabilen autoteriarentzat nahikoa. Herritxoetarako errepideak estuak dira. Adabakiz konpontzen dute errepideko zorua, baina ondo eta leun jarritako adabakiz: zoru osoa berritu ordez gurpilek erretendu duten gunea adabaki kilometroetako luzez berdintzen dute. Bada zoru berdinik baita zoru eskasik ere, baina errepide onak dira orokorrean.

 

Etxeak. Baxuak, herri koskortuetan ere. Adreiluzkoak gehienak. Zurajea erakusten du hainbatek. Okre kolorea da nagusi, zenbait lurraldetan batez ere. Zuria ere  bai. Zenbait etxek lastozko teilatua du. Laku ertzetako kanabera tankerakoez eginak, hori argiak egin-berritan, eguzkiak ilunduak urteak joanean. Galdu den altxorra dira lastozko teilatuok herri askotan, zenbait barrutietan turismoari so ardura handiz gordetzen duten ikuskizuna.

 

Herrietara sarrerak. Errepidea mila eratara estutuz, oztopatuz, mantso ibiltzera behartzen dute gidaria herrira sarreran.

 

Hilerriak. Errotuta dago hildakoei kultua eta kultura. Beti zegoen norbait, asteko edozein egunetan edo eguneko edozein ordutan joaten ginela elizaren bat ikustera, hilobiren bat txukuntzen eta dotoretzen. Hiri nagusietan ezik, eliza inguratuz dago beti hilerria. Lorategia dirudi hilerri orok, berdegune atsegina. Zaindua, berdea, lorez dotoretua. Harri Runikoaren kultura jarraituz-edo harri-bola handiak darabiltzate gureetako hilarri edo gurutzeen ordez.

 

Elizak. Protestanteak gehienak. Argiak. Apaindura gutxikoak. Halere pulpituak, erretaulak, bataiarriak edo ponteak, hilarriak, jauntxo edo ongileen argazki margotuak marko dotoreetan sartuak, elizkizunetarako jauntxoen korua, jauntxoen katabutak... badira zenbait osagai eliza orotan errepikatzen direnak, bertako jite berezia dutenak, eta askotan artelan ikusgarriak direnak. Erdi Aroko iruditeria gehienetan, naif tankerako ikusgarriak. Eliztarren bankuteria ere berezia da; zurezko jarleku  luze itxiak, askotan sarrera tailatu edo dotoretuarekin. Ez dago ia katedral handi ederrik.

Eliza askok komuna du, tarteka eskertzen den zerbitzua.

 

Eliza-dorreak.  Oso bertakoak dira. Xumeak, apalak, baina urrutitik ikusten direnak, gorriak edo zuriak, berdegunean erabat bereizten direlako, apalena ere bestelako eraiki ororen gainetik dagoelako; herriko gaintxoan dago askotan, gaintxo hori leun-gune nabariezina bada ere. Handiagoak edo txikiagoak, sendoagoak edo xumeagoak, baina karratuak dira, teilatua triangelu zorrotzean bukatzen da, teilatu pikea sortuz. Ia ez dago bestelako eliza-dorre motarik.

 

Museoak. Pila. Herri bakoitzak du berea. Sarri herriko artistaren lanekin osatutakoa. Askotan edo gehienetan bitik gora museo herri bakoitzean. Era guztietakoak dira liburu-gidan ikus daitekeenez. Ez gara joan bakarren batzuetara ezik: ezinekoa da, burua handitu, ikusitakoa ahaztu besterik ez genuke eginen, hainbeste dira!, eta gainera ezingo genuke lurralde laurdenik ikusi museoetara joanez gero. Ez dakigu zenbat bisitari izaten duten.

 

Liburutegiak. Herriko eraikuntza ederrenetan kokatuta daude.

Barrutik giro atsegina dute arkitektura eta hornidura aldetik. Bakarren batzuetan  soilik sartu ginen eta giroa izugarria zen: jende pila, batez ere gazteak, liburu bila, irakurtzen edo poltsakadaka eramaten edo itzultzen.

 

Gazteluak. Askotan jauregiak dira gaztelua deituak. Pila daude. Izugarri ederrak asko. Handiak. Batzuk urez inguratuak. Gehienek dute alboan basoa, aintzira, enbor sendo eta garaiko   zuhaitzez hesitako aterainoko ibilbidea, hormaz bilduak; askoren inguruan aurkitu genituen indioilarrak errepidean. Gaztelu asko ia herri bat da: oso gertu baitu granja, zaldien korta eta morroien etxebizitzak, denen artean eraikin-gune bakarra osatuz. Batzuk jabetza pribatua dute eta argi adierazten dute sarrera galarazita dagoela. Beste batzuk turisten bisita hartzen dute, ordaindua nola ez, bidaiari eta turistei erakusteko barruti bakoitzak duen altxorrik preziatuena.

Errege palazioak izugarriak dira bai Kopenhagekoa, bai Hilerod-ekoa bai hainbat lekukoak.

 

Komunak. Herri guztietan dago komun publikoa, plaza orok du berea. Garbiak, baliabide orokin, eta doakoak. Hala behar luke denean. Hainbat elizak ere komuna du: estualdi baterako bada irtenbide bat.

Xiringak, bizar-xaflak eta orratzak botatzeko kaxa bereziak ageri dira hainbat komunetan.

 

Parkeak. Herri orok du bere parkea. Zabala, atsegina. Agian norbaitek esango du lur asko eta zabala dutela. ez da hori. Kultura da arazoa. Gaztelan lur zabala eta laua dute baina ez dago halako parkerik.

 

Naturguneak: ez genituen gehiegi ikusi. Baina badira izan, batez ere Jutlandia Ipar Mendebal aldeko itsasertzak, duna-guneak batez ere dira naturguneak.

 

Saltokiak. Saltoki erraldoi edo zabala du herri koskortu bakoitzak. Badira lurralde orotan aurki daitezken izen bakar betiko ezagunak. Denetik dago, ez du berezitasun sakonik Mendebalekoengandik.

 

Ez dago azoka txiki edo merkadilorik. Bai ordea herri azoka: kalean jartzen dira saltzen erabilitako gauzak, era guztietakoak, saltzen gehiago dirudi rastroa. Bakoitzak dakar bere etxetik deritzona, kendu nahi duena edo auskalo zer. Umeak ere sarriak dira salmenta honetan. Badirudi ohitura bat dela.

 

Dendetan denetikako ortuari eta fruta dago. Itxura onekoa, gustagarri aurkeztuta.

 

Poteetako berdurarik ia ez dago, lekari bakarra, baba.

 

Jatetxeak. Guti ikusten da, eguerdirako eskaintza ere kaskarra da, herri koskortuetan ere. Eguerdian jendea etxera biltzen da bazkaltzera eta gauean afaltzera. Garestia da gainera kanpoan afaltzea. Saltxitxa asko jaten da, batez ere jaietako eta kaleetako txosnetan.

 

Negutegiak. Ia ez dago. Ezta baratzik ere. Errepidetik agerian behintzat. Baina patata etxaurre askotan eskaintzen da, auskalo non hartuta.

 

Okindegi oro da gozotegi.

 

Arrandegi gutxi, arrai gehiena ketutakoa.

 

Harategi asko.

 

Industria. Ez da fabrika handirik. Herri koskortuak badu bere industria-gunea baina gehiago da zerbitzugunea. Pabiloi txikiak dira, gureetakoen antzerakoak.

Hainbat herritan bada beti keetan dagoen tximinia luzeko eraikin bat: ez genuen jakin zer diren, nekazaritzarekin lotutako zerbait delakoan gaude. Tarteka zerrategia aurkitzen duzu.

 

Bizikletak. Ez Holandan haina, baina bizikleta asko dago. Bidegorriak ere ugariak dira, batez ere herri eta hiri barru eta inguruetan. Bizikletak modernoagoak dira, ez Holandako aspaldiko bizikletak. Hemengo bizikletaria lotsagabea da, errepideko, espaloiko eta bidegorriko jaun eta jabe agertzen da. Bizkor dabil, mesprezuz begiratzen dio oinezkoari, haserretu egiten da norbait bere bidegorrian sartu edo inguratzen bada. Ez du inolako errespeturik oinezkoarentzako.

 

Gidaritza. Bata bestearekiko errespetu handiz gidatzen da. Patxadan eta pazientziaz. Astakiloren bat beti dago hemen ere. Ez da poliziarik ikusten errepidean, baina batez ere herriko sarreretan etengabekoa da poliziaren mehatxua: argazki batetan dager motodun polizia, ez dakit zer dion kartelak baina mehatxua den zalantza izpirik ez du uzten.

 

 

Gogoan

 

-Roskildeko katedrala. Izugarria. Eraikitzeko urteetako zereginean herriari lana emanez Gotzain eta apaizak erregeak bezala bizi ziren.

 

 -Kopenhage. Biri batean metatzen  eta biltzen ziren aberastasunak, eraikuntza, jauregi eta artelanetan nabarmentzen da. Bestelako herriak oso apalak eta xaloak dira, bertan dotorezia ez da aberastasunaren ondorena.

 

-Pobreoi gazteluak kanpotik begiratzen uzten digute, eta turistei bertara hurreratzeko ibilbidea markatzen dute. Ze bihotz zabalak aberats eta agintariak.

 

- Gure autobidezale diren agintariek Danimarka autobide gutxiagatik pobreagoa dela esango ote, horregatik ez al da industrializatu. Gu baino puntarago dauden arren.

 

- Herrietako sarreretan mila baliabide fisikoz behartzen zaituzte mantso gidatzera. Beraz Danimarkan ere ez dute berenez gidariak abiadura mugatuzko kartelek diotena gordeko dituen itxaropenik. Arauak beteko diren segurtasunik ez da hemen ere.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/02/12 09:25
HILHONH PENINTSULA. Stadil, Rinconbing, Sonderving.

Ekainaren 21a. Igandea. 57.a – D:30a.

 

HYLHONH PENINTSULA.

 

 Lur-mihia. Zortzi aste dira gaur etxetik atera ginela ibilaldira. Bihar hasiko gara beherantz,  etxera bidean.

 

Zazpiak eta erdietarako jarri zaigu gizon adindu bat, ontziei bizkarra emanda, erdizka kanpinera erdizka itsasora begira, bi botila garagardoz zamatuta, egonean eta edanean egunari aurre egiteko prest.

Ze nolako zurrutada jo dion harriko iturriari gazte batek harrikoa egiten ari ginela. Ondoren irribarrea luzatu dit: astelehena igandean, jai-egunaren jai-biharamuna.

 

Bikingo ontzia jarri dute ur-gaineko ibilian, arraunketaz ezer gutxi zekien jendea zela arraunlari: liluraren zoriona zerien aurpegiei. Egun osoz auzo lasaia izan genuen bikote isila da ontziaren arduraduna: gartsu ikusten ditugu gaur ontziaren ardura hartzen zein arraunketa zuzentzen, berbatsu ozen biak.

 

Danimarkako azken irteera gaurkoa: Ipar Itsasoaren eta fiordoaren ertzetik eginen dugu ibilia, Hegorantz, eta barne bide nagusietatik itzuliko gara etxera.

 

Eguraldi eguzkitsua, bero eginen du.

 

Itsasoa dugu lagun kilometro etengabeetan, Ipar Itsasoa alde batetik Nissun fiorda bestetik; pare-parean dugu fiorda, tartean padura estua gelditzen zaigula, itsasoa berriz ezin dugu ikusi, hareazko muna garaiak, dunok, banatzen gaituelako itsaso ikuspegia galaraziz.

Harea fineko hondartza da itsasertza. Holandan balitz gizakiak eginiko muna dela esan zitekeen, lurrak itsasoari lapurtu edo itsasotik babesteko, baina hemen fiordo edo golkoa, eta ez haziendarik ez lur landurik duen padura, da munen barrualdea. Berezkoak behar dute munok.

 

Goizean goiz bi bikote heldu garagardo botila aurrean zutela.

2 neska gaztetxo garagardoa edaten 10ak eta erdietan kale gorrian Humluneko kalean.

Ezindu nagusi bat errepideko bakardade  gorrian gurpil-aulkian autoekin lehian, itxuraz lasai.

 

Albo batean dago eliza herri txiki askotan, beti tontorrenean. Eliza gehienek latorrizko teilatua dute, gris-zurixkara kolorekoa.

 

Ferring. Turistentzako edo bertakoentzako dendatxo bat,  eta kitto.

 

Antzerakoak dira itsasertzeko herriak, erabat txikiak.

Ibiliko da jendea asteburu eguzkitsuetan eta udaran, baina ez da pilatzen toki batean, hondartza luzea baita eta bertan banatu eta barreiatzen da, errepidetik hasiz dunak garaitzen dituzten bidegorriek erakusten dutenez.

Txori-gune dira dunok: iragarki-tauletan ematen da bertako txorien berri.

Gizon bat etxe-atarian: bi garagardo botila darama eskuan, hiru gazte herriko sarreran kaxakada garagardorekin: asteburuetan izugarri edaten da Danimarkan.

Bi mutiko herritxo batean zerbait saltzen errepide ertzean.

 

Torsminde. Kanpotarrentzat ordupasako lekua izan daiteke asteburuetan. Fiorda lotzen da bertan itsasoarekin, irekitzen den zubi batez zeharkatzen da lotura-ubidea. Portutxoa du dunen babesean.

 

Antzinako moldez eginiko udako etxola edo etxetxo mordoa elkarren ondoan pilatuta, urbanizazioa, duna azpian.

 

Stadil izeneko bi fiord: hauen inguruan eta beherantz errimeak dira lastozko teilatuak, bai granjetan, bai etxeetan, baita etxe berrietan ere, egunotan ikusten ez genituen etxeak; bertako padurako lastoarekin eginiko teilatuak dira: pilatuta daude azaook.

Etxe sailak dunetan, etxola handiak, asko, etxola handien tankerakoak, gaurkoak ala antzinakoak diren bereiztea zaila den etxeak.

Granja handiak, adreiluzkoak, galduxeak daudenak ere ederrak.

Lurzoru erabat laua.

 

Barrura egiten dugu tarte batez, bitxilorea jarraituz. Ubide asko dago, ez dakigu lurrok ureztatzeko diren ala drainatzeko. Behi asko, zaldirik edo ardirik ez ordea. Galsoroa nagusi, patata-sail bat; baratz edo berotegirik ez.

 

Ringobing. Itsasoaren parez pere, izen bereko fiordo zabalaren  bazterrean kokatua. Garai batean portutik bizi omen zen, gaur egun turisterria da, zaindua, txukuna, atsegina. Oso zabala behar zuen izan plazak,  eliza eta hiru eraikuntza baititu erdian, halaz ere tamainaz ederra da hiru eraikinok jan egiten duten arren. Mortua dago herria, portuan dago kanpotar jendea: sendo egindako portua, arrantzaleek txabolatxo piloa dute bata bestearen jarraian: arrantzale portua nonbait. Jaiak dira portuan, herriko jaiak agian; txosna ugari, arratsalderako ekintzak gertatzen ari dira portuko plazan; uda giro petoa oraindik jendeketarik bildu ez bada ere.

 

Bi neska koskorrek beraiek pintatutako harritxoak saltzen dituzte kalean, garesti saldu ere: plastikozko laukitxo koloretsu bat erosi diegu, huskeria bat, 5 koroagatik: umeok pozik uzteko asmoz gure azken egunean.

Hau da bisitatu dugun azken herria, bertan hartu dugu azken izozkia, bazkal aurretik bada ere, bertan agian azkena den argazkia.

 

Sonderving. Herri kozkorra; hondar munetatik barrura gelditzen da. Hondartza, itsasertzeko dunak. Jai giroa, baina ez itogarria: jendea bainujantzian, dendak, kafetegiak, mahaitxoak, toldopeak. Autoa eta jendea erruz. Oinez egin behar da hondartzarakoa muna hareako irekidura betetik. Ez gara gelditu: jende asko, zerikusi gutxi, nahiko ibilita gaude eta bazkaltzeko aukerarik ez dugu ikusten.

 

Ez ote dituzte hiritartuko itsasbazterrok Europaren eta aurrerapenaren aitzakiaz.

 

Hvide Sande. Fiord eta itsasoaren arteko lotura berritzen ari dira. Jai giroa; igandezaleak, arratsaldeko pasealariak. Arrantzale portua: oraindik egiten omen arrain enkantea lehen gure kofradietan bezalatsu, ahoz, prezioak garestitik merkeagora ahoskatuz. Bi zubi.

 

Ziurtatu dugu azken egunotan tarteka ikusi ditugun egur eta sastraka pilatuak ez direla zabor bilketak, S.Juan-surako asmotan pilatutakoak baizik: taket edo hesola luzea  erdian, biribilean prepezioz pilatutako egurrak dituen piloa ikusi dugu padura batean, herri baten alboan. Agian zaborreria pilatze hutsa besterik ez zen.

 

29 graduko hozberoa.

 

Militarrek bereganatu dute duna saila, tiroa jopuntura nola findu ikasi eta armategia egoera onean gordetzeko: hilketa aurreko saioak.

 

Tarm,  izugarrizko ibaia herritik gora: 20 metrotik gorako zabalerakoa izateaz gain korronte bizikoa: hara non hilabete batez errekatxoa besterik ikusi ez dugun ondoren.

 

Bide handietatik egin dugu etxera itzulerako hegazkada, abiadura bizkorrean.

 

Jende asko ikusten da hondartzetan. Jende ugari dabil kanpin inguruan, bazkal osteko giroan. Agure bat izan dugu aurrean poltsakada garagardo botilekin, ondoren gizon adinekoa polito jarrita kantari emazteak eusten ziolako zutik: gerora, oraindik kantari sumatzen dut aurreko golko ertzean.

 

Golkoan daude bela zuriak ur-azal urdinean. Portuan dugu berriro bikingo ontzia.

 

Herri kantaria da daniarra: kantatu egiten dute bazkaldu, afaldu eta edan ondoren.

 

250 kilometro, azken hegazkada aurreko azkenak, azken irteerakoak, irteerako azkenak.

 

 

Ekainaren 22a. Astelehena. 58.a – A:2.a

 

Maparekin etorri zaigu ordaintzerakoan kanpineko arduraduna, ia nongoak ote garen. Esan diogu. Iaz Donostian egona da. Gehitu behar izan diogu ez garela espainolak, euskaldunak baizik: irribarrea atera zaio eta "bask" esan du, gogorrak, borrokalariak edo zerbait antzerako garela adieraziz imintzioz. Zerbait ikusi edo ikasi zuen Donostiara bisitan.

 

Danimarka uzteko eguna heldu zaigu, autoaren motorrari eragitean argiak pizteko ohitura berezkoa egin zaigunean. Begiak denari begira zabalik, zer izango ote, jakin minez, zeharkatu genuen muga bera zeharkatu dugu itzuleran. Ez asko, baina zerbait gehiago badakigu herri honetaz, bertan ordu eta egun asko bizi izan dugun sentipena dugu. Lagunak eta kideak ditugu zain Sakanan, eta kare-haitzak  Duela bi hilabetekoari berriro heltzeko prest eta gogoz goaz.

 

Militar konboia izan dugu lagun Randersetik Alemaniako muga bertaraino, bata bestearen ondoren eta jarrai estuan kamioi, kamioneta, hondeamakina, iraulki... ilarak. Berri itxurakoak denak. Jainkoa omen lez, edonon presente militarrak, gizartearen eta munduaren jabe.

 

Euria lagun ia bidaia osoan, agurra, ostera, eguzkiarekin eman digu Danimarkak.

 

Duela 30 egun jakin-minez begiratu genion lurraldeari nostalgiaz begiratzen diogu orain: ezaguna eta laguna zaigu, baita autobideko gorbata gorriak ere.

 

Ez dakigu alemaniarra ala daniarra mugazinaren begiradapean, ia geldituz, muga zeharkatu ondoren bukatu zaigu Danimarkako abentura.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/02/08 10:10
SALLING LURMUTURRA: Lihme. MORS UHARTEA: Nicobing Mors. THY: Thisted. IPAR ITSASOA: Hanstholm, Klitoller, Vestervig.

Ekainaren 20a.  Larunbata. 56.a - 29.a

 

Nire urtebetetze-eguna. Gaurko egunez jubilatu behar nintzen legez. Lanean pasa beharko nituela ere bost urte hauek!. Ez diet makaleko etekina atera bestelako lanetan. Zigortzen duen jokabide eta filosofia bereaz absolbitzeko ataka edo zirritua ere uzten du gizarte honek; bost urte aurretik jubilatzeko aukera eskaini zidan niri. Zorionez!.

 

Argiune gorria dago sartaldeko zerumarra urrunean  gaueko 12ak eta erdietan, ordu bata eta erdietan ere; ordu-biak aldera berriz sortaldean hasia da argi berriaren marra. Ez du erabat iluntzen, gau betean, ohetik dakusat ur-azala, ontziak eta argitasuna. Ilargirik gabe ilargi beteko gau argia bailitzan, gau argi-argi horietakoa baina argiagoa.

 

Dena dago lo gaur goizean, natura bera ere bare, isil. Haizerik ere ez da mugitzen. Dena dago geldi kanpinean, bapore edo kotxe motor-hotsa noizbehinka, txorien kantu etengabea eta kanpineko auzoen berbaroa tarteka. Eguzkiak ez du agertu nahi izara sendoen ostetik.

 

Bikingo ontzia dugu aurreko portutxoan, geldi, lotuta, talde ausarten batek noiz alokatuko zain ur barrura egiteko.

 

Parranda zalea da daniarra. Izan da jaialdiren bat atzo ilunabarrez: ez dakigu santu-egun bereziren bat duten ala asteburu bizi bat besterik ez den izan: umeentzako gaztelu puztua, txu-txu trena kanpinean zehar txiki eta nagusiak garraiatzen, oihal zuriko pabiloia atzo bertan jasoa... Algara, musika eta argia ez da falta izan, gaueko 12etan abesti-hots ozena zen oraindik, kalaka ozenean iraun zuten auzoko kanpin-kideak.

Saltxitxa jaten dute erruz jaiotan, tomate antzerako likin gorrixkaz bizitutkoa, paperez babestuz eskuekin heldu eta mauka-mauka jaten dute, banana bailitzan.

Segurtasun sentipenez gidatzen duzu Danimarkan. Bada urduri, presati eta astakirtenen bat, baina besteari bidea uzten, itxoiten, tartea gordetzen, neurriko abiaduran ibiltzen dakite. Hortaz gain, ia kotxe bakarra gara ibili ohi ditugun bide txikietan.

Badut lagun bat aurrean kanpinean, errepidean goazela ere tarteka gutxian soro bazterrean aurkitzen dugu: intsusa,  Mispillibarko intxaur-arbolen atariko laguna.

Bainu-ontziak darabiltzate sarri zelaietan, aska bezala, hemen ere.

 

Ur ertzetako bidaia da gaurkoa, itsas mailan, gaintxotik itsasoa ikuskizun dugula, ikuspegi paregabean beti. Lur barrura jotzen dugunean ere beti da aintziraren bat lagun.

 

SALLING LURMUTURRA

 

Belarra eta egurra, negurako bizitza.

 

Hainbat eliza-dorre deigarri gaur ere, beti berdinak baina beti kilikagarriak, hain xumeak baina hain erakargarriak.

 

Lihme. Harrizko eliza: 4 zati nabarmen ditu, mailaz maila jarraian laurak: dorrea, erdigunea, presbiterioa eta absidea; 3 ate jarri nuen oharretan baina bi besterik ez da agertzen gero: erromanikoa alde batera harrian tailaturiko ohizko laukitxoekin, marra tailatuz apaindua hegoaldekoa; erdiko atearen ertzetan harrian tailatutako irudiak; abside xume polita; barrua, arku batez banatuta, beste zati ezberdin bat dirudi presbiterioak: ganga osoa freskoz beteta, Sixtotarren Kapera dirudi, misteriotsu bitxia, bildua; bataiarri handiak diruditenak ditu buelta osoan, , zizelatuak, nahiko berdinduta edo leunduta zoritxarrez.

 

Su arriskuagatik utzi omen zioten zurezko elizak jasotzeari.

Bataiarria  edo pontea presbiterioan dago beti: erdian zein albo batetan.

Komuna eskaini digu elizak edo elizondoan herriak: dotorea, osagai guztiekin eta garbia.

 

Urertzaren arabera kiribiltzen da bidesarea: bide txikietatik gabiltza ia egunoro bezala, ia bakarrik egunoro bezala.

Antzerakoa da geografia fisikoa zein giza-geografia.

Patataren ordez lore landareak daude gaur salgai etxaurretan, gurditxo dotoreetan tentagarri.

3 behi hanka-jokoraino uretan sartuta aintziran.

Geldiunerako txoko bereziak tarteka, inguruko natura-bitxikerien azalpena emanezko agiriekin, aurreko ikuspegiaren azalpenak emanez.

 

Hjerk eta Harre.

Txerriak, errepide kontrako etxe alboetan: txerrama batek txerrikume jaioberriak ditu. Herri barruan bertan eta etxe kontra txerrikorta edo txerri txabolateria: ez da egonen giro hemen.

 

Edozein herritan eta edozein ordutan geratzen garela, beti aurkituko dugu norbait  hilerriko hilobiren baten ardura hartzen: izugarria da hildakoei kultua.

 

MORS UHARTEA

Zubi luze batez utzi dugu Salling eta sartu gara uhartean.

Aurrera egin dugu bidegurutzean eta ia galdu dugu hiria.

 

Nykobing Mors. Zaldiz tiraturiko gurdi luzea adar berdez dotoretua hirira sarreran: gaztez beteta, gazte bakoitza bere buruko zuriarekin. Bi golko lotzen dituen itsaso-kanal baten alboan. oinezkoarentzat ibilbide polita itsaso-kontra. Berezituta eta banatuta daude kirol portua eta arrantzaleena; bizitza dutela  dirudite biek, geldi eta hilak badaude ere biak gaur; eguraldi ederra dagoen arren  ez da belaontzirik golkora atera, udakoa da nonbait itsaso-kirola. Jatetxe asko dago portu aldean: baten aurrean  bi kantari ari dira ingurua musikaz betez baina inor gutxi dabil portuan gaur, ezta igandezalerik ere. Plaza txikitxo bat, non zaldi batek ura edaten duen, hankazabal, elizaurreko askan. Ohizko denda-kale luzea. Herriko bi onenak garagardoa edaten plazako aulkietan.

 

Hamabietan bukatu du herriak asteburuko zeregin publikoa: mortu geratu zaigu kalea, dabiltzan bakarrak ibili geldoan dabiltza edo egon lasaian diraute garagardoaren aurrean.

 

Itsaso-kontrako eta itsaso-alboko bidaia izan da uhartean  egin duguna. Sortaldetik egin dugu gora eta iparrean gurutzatu dugu gero sartaldera.

Simaur usainak bildu gaitu tarteka  Danimarkako hainbat lurraldetan bezala Mors uhartean ere.

Errepideak, mortuak.

 

Herri orok du aparkaleku ugari eta zabala.

Itsasbazterreko jatetxeetan ere haragia jaten da. Ez da inor arraina jaten ikusi ahal.

 

Mors uharteari buruz zerbait bereizgarririk esatekotan granjak ugariagoak direla eta elkarrengandik hurrago daudela esanen nuke. Behirik ez da ikusten, zaldirik ez da ikusten, tximiniarik ez da ikusten. Lursail dena da gari-sail, oraindik galsoro berde.

 

Agertu dira, azkenez, zenbait zaldi, ilehori ederrak eurak.

 

 

THY

 

Burdinazko arkuak eusgarri dituen zubi batez egin dugu Mors uhartetik Thy lurraldera. Gauden kanpinera gentozela egin genuen bidetik goaz, ezaguna dugun errepidetik, egun hartan albo batera utzi genituen paraje eta herriak ikustera.

 

Thisted.  Golko baten barruan kokatua, hiri zabala itsasertzean. Errepidea eta bidegorri zabala luze doaz biak itsaso kontra hiriko sarreran; gatz gutxi du pasealekuak. Erdigune majoa du. Ez du ezer berezirik turistontzako baina herri atsegina da ordubetetxo bat kaleetan emateko. 1850.go udaletxea, itxurosoa: azkenetan aurkitu dugu goizez egon den lora merkatua, nahikoa lan zuten saltzaileok lorok jasotzen; handia behar du izan merkatu. Ez dago esateko tontorrik, baina bada gaintxoa eta bertan kokatzen da eliza, hilerria izandako berdegune eta zuhaitz sendoz inguraturik: dorrearen barrualdean  harri errunikoa dagoela dio gidaliburuak baina itxita aurkitu dugu eliza, dorrean baina badira horman kanpo aldetik ere 3 harri landu sinple, gure ustez horiek ez dira errunikoak. Ganorazko portua, gureetakoen antzerakoa, baina gaur pare bat ontzi besterik ez da bertan. Bada ere fabrika bat, ikusi dugun handienetarikoa.

Kaxakadaka daramate garagardoa saltokietatik larunbatetan. Edan edaten da Danimarkan ere.

Badabil autoa errepide nagusietatik, baina herri nagusietan ez da jenderik ikusten.

 

Sortaldetik sartaldera zeharkatu dugu Thy lurraldea: ez zaigu batere erakargarria suertatu mapak interesgarritzat jotzen duen bidaia. Erromaniko tankerako absidea duen dorrerik gabeko eliza gertatu zaigu interesgune bakarra. Dena antzerakoa denez, berdina eta monotonoa egiten zaigu ibilia, nekea bera ere areagotuz.

Ur biltegi biribil asko dager Danimarka osoan: bada antzerako bat Etxarrin ere. Holandan ere antzerakoak eta ugari aurkitu genituen.

 

 

IPAR ITSASOA

 

Hanstholm. Zapal-zapala dager teilatupean errepide gaintxotik begiratuta. Itsasoa bertan edukita itsasotik apartetxo dago, metroz urrun, giroz askoz urrutiago: baina portuagatik da ezaguna; herritik behean dago portua, portu moderno zabala, bertatik dabiltza bai Norvegiarako bai Ingalaterrarako ferryak; badira barku-konponketarako lantokiak, ontziola zabalak, lan askorekin dabiltzan itxura emanez gainera; bertan da ere arrantza-portua, handia,  txabola ilun piloa dute arrantzaleek: 50etik gora itsas gainean dunetatik gorago. Handia bada portua, herria, aldiz, oso txikia, etxe txikiz osatua: agian ez dugu erdigunerik ikusi. Portu gainean, itsaslabar gainean, behatoki ikusgarria, aparta, turistentzako jatetxe eta guzti, bisitari asko dator joan-etorri etengabean, egonalditxoa egin, argazkia atera eta ospa. Guk bazkaldu egin dugu bertan.

 

Maratoia korritu da gaur, bakardadean zihoazen goiko lautadan ez dakigu portutik, herritik edo nondik, ezta nora ere: oso egoki gerta zaigu, kotxe barruan gindoazela eupadarik egiteko ere ia aukerarik gabe gaurkoan.

 

Hegora goaz Ipar Itsasoari jarraituz, duna artean. Luze eta zabal, dena dago duna berdez jantzia, ez da zuhaitz bat bera ere, sastrakarik ere ez. Duna tontorreria: ez du zirrararik sortarazten baina bitxia eta ezberdina da. Badirudi galdu egin behar garela duna artean, ez dagoela irtenbiderik, aldika bakarrak gara errepidean eta une batez laino itsua sartu zaigu. Giro misteriotsuak biltzen du: joan eta joan, beti berdin, misterio kutsua. Txori-gune berezia omen, baina ez da bat bera ikusten, agian errepidetik urruti gordetzen direlako.

 

Ez dugu egun osoan haize-errotarik ikusi.

 

Klitoller. Duna artean dago herri osoa, harea artean. Bainuetxe herria omen. Txikia. Etxe banakak, solteak, han-hemenka barreiatuta, errepidearen ertzean zenbait etxe. Ez du erdigunerik, ez du dendateriarik, taberna eta denda bakarren  bat soilik, eurentzako janari dendaren bat eta kitto. Arrantza-txalupa txiki batzuk eta kaio handi pila. Pribatua da aparkaleku oro : agian kobratu ahal izateko.

 

Pinu-sailak tarteka dunetan.

Ura dariola, izotz pila darama atoian lotutako gurditxo batean kotxe batek: arraina daramala deritzogu.

Itsasotik urrutiratzean 3 aintzira jarraian izan ditugu, lur-mihi estu batek banatuak bi. Uneoro dugu gaur ura.

 

Vestervig. Danimarkako auzo-eliza handiena omen. 4 gorputzeko eliza zuria, landuak ditu ateburu eta absideko zutabeko kapitelak. Itxita aurkitu dugu baina jende asko etorri ohi da, bi aparkaleku borobil berezi ditu behintzat alboan, ia lurpean ezkutatuta.

 

Haize-errota bat!. Tira!. Elizatik gertu, begi-bistan.

 

Etxe gosez, nekaturik, jadanik ezagunak zaizkigun bideetatik. Bakardadean, ez trenik ez kamiorik, zeharkatu dugu gaur zubia.

 

Hildakoen autoa dirudien autoa eraman dugu aurrean: kolore argikoa, ez gurutze ez beste inolako ezaugarririk gabekoa, zentziloa.

 

276 kilometro, eder eta atsegin, ura beti begi-bistan.

 

Festak jarraitzen du kanpinean, herrikoak edo portuko festak. Toldopea jaso dute kanpin ertz batean: oholtza, mahaiteria eta taberna ditu barruan. Lasai eserita jendea, garagardoa edanez sarrerako tabernan zein karabana aurretan. Soinua jo eta kantuz daude zenbait karabana. Bizi-bizia da giroa: karabana bertan finko duen zenbait jende etorri da, beste asko kotxez hurreratu da herritik. Arrantzontzi inguruan biltzen da beste zenbait. Txu-txu trena eten gabe dabil etengabeko joan-etorrian, herrira uste dugu. Arrantzontziak ere mugitu dira itsasora, ez dakigu arrantzara edo aisialdi-ibilera: zenbaitek autoa kai ertzean utzi, motordun txalupa hartu eta joan da asteburu-pasa norabait, urez, bestaldean-edo izanen du agian karabana edo zerbait itsasertzean jarrita.

 

Erruz edaten da garagardoa, bapo edaten dute emakume nagusiek ere. Erabat beteta dago toldopea arratsalde helduan, jendez gainezka, jan ez dakit baina edan eta dantza eginez bai. Giro paregabea. Berandu arteko parranda. Gau erdian loak errenditu nauenean toldopeko musikak betetzen du ozen oherainoko tarte zabala.

 

Izan da jaietako ohizkoa dirudien jolas bat, edo errito bat: aurrez jendea joan da biltzen, erruz, portu ertzean. Itsasertzean bainujantziak jarri dituzte lau gizaseme helduk: luze joan da dena, barre algara eta berbots ozenetan bilduta. Badira hesola sendoak portutxoan, uretan, hondarrean estekatuta: uretan oinez joan eta hesolon gainean jesarri dira, bakoitza bere hesolan: elkarri ura botaz eta keinuka, jendearen algaretan bilduta, azkenez ipurdia labaindu eta ia nor azkena eroriko. Banan-banan joan dira uretara erortzen. Garbi dago herri-lehiaketa dela, tradizioa duena.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/02/05 09:35
JUTTLANDIA. Holsterbro, Ejsing, Herning, Skive.

JUTTLANDIA

 

Juttlandia penintsulan gara berriz.

 

Kanpina.

Humlum herrian. Paraje ikusgarri batean kokatua. Barne-itsas itsasadarra ala golkoa zer den ez dakigun ur-azal zabalari begira kokatu dugu gure etxe ibiltaria. Bestaldeko urrutian etxeak eguzkitan argiak, berdeguneak, hareazko itsaslabarrak; agian hareazkoak ziren goizez bidaian ikusi ditugunak ere; gure aurretxoan bertan portutxoa, berezkoa dirudiena, gehienez naturaren lana areagotu dute golkotxoa dragatuz edo hondarrez hustuz: kirol-ontzi xumeak eta arrantzontzi txiki xumeagoak: hain banderazale izanik daniarrak, ontzi hauetako batek berak ere ez darama Danimarkako ikurrik. Butroi edo arrantzarako sare pilo borobila metro batzuetara.

Hegaztiak hurreratu dira haizea baretzean: ez asko, kaioren bat, txoritxikiren bat eta hegazkadan leiho aurretik pasa zaigun enara.

 

Bide txikietatik eman dugu arratsaldea, gari-sail artean, garitzetan baitoa errepidea, herrixka eta granjak gutxi diren gari-sailetan. Norabide karteletako bitxiloreari esker ez gara galtzen bide-sareko labirinto berdean.

 

Kartoffer eskaintza hemen ere; etxe berriren batek ez bada, etxe bakar batek  ere ez du lastozko teilatua edo zuraje iluneko fatxada zuririk, adreiluzkoak dira etxe denak; adreiluzko fabrika bat ikusi dugu tximinia luzearekin, Etxarriko hilerri ingurukoa bezalakoa; bigarren fabrika moderno batek ez du tximiniarik.

 

Holstebro.  Dotorea izan nahi duen herria eta izan ere dotorea dena. Herri lasaia. Kale zabalak, dendateriak hartzen du herriaren zati handi bat: ohizko kale luzeaz gain baditu beste kale batzuk, denda bihurtuta, erdiko plazatxo bateara jotzen dutenak denak. Eraikuntza sail moderno bat, zati denek osatzen dute gorputz bat, bertan daude antzokia, hotel bat eta beste hainbat zerbitzugune. Guri eskulturak gerta zaizkigu deigarrienak, era guztietakoak, modernoak: erdiguneko plazatxoko iturri eta zeramika koloretsua, hotel gaineko koadriga, beste plazatxo bateko kolore ezberdineko harri-puska edo harkaitz tzar tailatua etxartean itota arnasarik gabe izugarrizko harri gorria irudikatuz, ura borbor botatzen duen urmaeleko neskato eseritako lasaia... eta hainbat. Ezberdina da ere errepideko zubipe-pasabidea. Badu ibaia ere, nahiko zabala zubitxoz zeharkatuta eta bidegorriz bildua. Badira antzinako etxez bilduriko txoko politak.

Lasai bizi izateko hiria egin nahi dutela dirudi, baina jendea arin doa joan kaleetan, ez dago inor eserita, ez dago kafetegi aurretan mahaitxorik, jendea ez dago egonean, zereginetan dabil kaleko  oro: asteguna izaki!.

 

Fabrika handi bat sei tximinia mehar luze gorri pintatuekin, fabrika bera ere gorriz pintatuta dago, hemengo gorri ilunez.

Danimarkan asko ikusi dugun lora mota baten haziak jaso ditugu.

Gazte autobuskada, eskola-urtea ospatzen: modako buruko zuriekin denak, neskak ere, garagardo botila bana eskuan, zeramikazko iturriaren bueltan eserita parrandarako giroa prestatzen.

Elkarren afana, elkarren anparoa, besteen babesa behar du hainbatek harrotzen eta jai giroa bizitzen hasteko.

Sirenatxoaren kopia hotel baten sarrerako argazkian: ze triste dagoen bera Kopenhageko portu ertzean jende pila izan arren uneoro bisitan.

 

Atsegina berriz ere garitza arteko ibilia.

Etxartean bihurrituz,  granja gorri-gorri eder bezain handi bat zeharkatzen du errepideak, errekatxo baten alboan, granjarako presa bat duela bertan.

Geroago 40tik gorako abiaduran ibili ezin dela kartelaz gain, bigarren granja batek hanpatua du errepide-zorua bere aurrean autoa mantso joan dadin: kortako behiak motor-marrumaz ez izutzeko, esne emaitza urritu ez dadin, istripurik gerta ez dakien behiei… auskalo.

Ardiak bezain handi zuri eta iletsua den txakurrak bildu du artaldea artzainaren keinuetara: lehenengoz ikusten dugu artzaina eta ardi-txakurra.

 

Gari-sailez gari-sail doa arratsaldeko ibilia, bira ezkerrera bira eskuinera. Fatxadak kolore okrea, gorria eta beltza konbinatuzko granja dotoreen inguruetan. Goialdetan gabiltzala uste genuke itsasoarekin sestran gabiltzala ez bageneki.

 

Sahl. Zur urre koloretutako aldare ederra omen elizak baina itxita dago. Eliza bera ere eder dager beranduko eguzkitan.

 

Natu-gunea zeharkatu dugu: mendia maite duenak badu hemen non ibili, aldatsik gabe gainera.

 

Ejsihg. Freskoak ikustera joan gara eta eliza ikusgarri batekin egin dugu topo: 300 urte atzeragoko jauzia egiten duzu barrura sartuz, antzinako aro batean murgiltzen zara, ez da irudimen bizi apartekorik behar jauzi horretarako. Eliza osoa da monumentua, txundigarria. Ederrak dira izan freskoak, okreak edo gorrixkak, ez dituzte alferrik galdu edo itxuraldatu berritzean; jauntxoen korua, horman itsatsitako harlauza zizelatu polikromatua, jauntxoren baten eserlekua, aingerutxoak kartelekin dituen Kristoa,  urre koloreko idatzi luzez beteriko koadroak, metalezko ez dakit zer dituen koadroa, Gipuzkoako mazolariaren freskoa, bankuteria pintatua, eta betiko aldare, hilauza, koadro... Kanpotik ere polita da, badu angelu politik begiratzeko.

 

254 kilometro, jadanik etxeranzkoak.

 

Ia gaurik ez duela dirudien ilunabar luze lasaia. Nagi irakurtzeko ere, ikuskizun zoragarria ez galtzearren. Lotarako ere uzkur hain inguru atsegina ez galtzeagatik.

 

 

Ekainaren 19a. Ostirala. 55.a – D:28.a

 

Arrainik jan gabe goaz etxera bi hilabetez itsasoz inguratuta ibili ondoren. Izokina jan genuen behin Holandan, arrain-haragiez eginiko hanburgesa zirudien arrain irineztatua beste behin Kopenhagen. 

 

Harrikoa bera ere ikuspegi zoragarria begien aurrean dela egiten da kanpinean, gaintxo batean dago-eta zerbitzugunea. "Faciamus hic tria tabernacula", bertan luzaro, egonean, gelditzeko gogoa datorkizu, baina ingurua ezagutzera etorri gara, bidaiariak gara, egoteko geure herria dugu han kare-harrizko tontor paregabeekin, hemengo lautadaren ordez.

Sukaldea dute denean kanpineko zerbitzuguneek, familia osoarentzako bainugela ere zenbaitzuk,  umeak garbitzeko harri berezi handiagoarekin.

 

Antzeman ezina da zer den itsasadarra, zer golkoa, zer fiorda.

Oso guti egiten du gora-behera urak, ez da mariarik hemen, urrutiegi dago nonbait itsasoko mareak eraginik izan dezan.

 

Golko ertzetik ekin diogu bidaiari, ikuspegi ederrez bilduta, bitxilore-ikurra jarraituz, Nissun Bredning deritzonetik, kanpinetik bestaldean gelditzen den aldetik.

Lastozko teilatudun etxe bakarra aurkitu dugu, bazuen ere horma bat arbela diruditen oholtxo jadanik belztutako txatalez babestua, haize-errota zaharrek bezala.

 

Lur barrura ekin diogu itsasertza utziz; mapako bide berdea jarraituz egin dugu Herningerainokoa. Ez dugu lastozko teilaturik ikusi, bai granja ederrik; ez da herritxorik lurraldeotan, nekazari etxeak barreiatzen dira hemen gureetan baserriak mendian bezala. Zaldi asko, izugarri ederrak tarteka. Soroko uzta-gaiak edo laboreak, betikoak; egunotan ikusi ez dugun koltza agertu zaigu gaur. Elur-lera beltz bat etxaurre batean sarrera edertzeko jarria. Bestaldeko  urrutian zutabe eoliko zuriak nabarmentzen dira zuri inguru ilunean. Arrain fabrika lur barruan, itsasertzetik 15 kilometrora, Elgoibarren bailego. Berriz ere, bihurgune batean granja zeharkatzen du errepideak. Hegazti handi, koloretsu, moko-luzea, zelai erdian bakardade osoan. Lurra ureztatuzko ur-parrastada gizen eta luzeak han-hemenka.

 

Umeak utzi ditu autobusak 11etan bidegurutze batean: txabolan gordetako bizikletak hartu eta abiatu dira umeok etxera.

 

Bihurgunea ezkerrera, bihurgunea eskumara, ez genuke jakin ere egingo ze norabidetan gabiltzan eguzkiarengatik ez balitz: hain da nahasia errepide sarea, labirintua.

 

Nekazari heldua edo sasoikoa ikusten da bai traktorearekin bai baserri bueltako lanetan, gazteek fabrikara emigratzen dute nonbait hemen ere.

Ilarra ez baina zerbait antzerakoa den mastra zer den jakin irrikan jarraitzen dugu; berdina gertatzen zaigu garia ez den beste labore mota batzuez.

Danimarkako lurralde orotan gauza berdinak errepikatzen diren sentipena bizi dugu bidaiako azken zati honetan, desberdintasun gutxi aurkitzen dugunaren iritzia. Kanpotar baten azaleko begirada da gurea noski. Aberastasun handia behar du egon lurralde batetik bestera, guk antz ematen ez badiogu ere.

 

Hainbat katu errepidean harat hona: ehiza eta sexu bidean; bazen bat hila, sexuak edo goseak eraman du heriotzara.

Kirikino bat errepide ertzean, geldik baina zutik plantan, auskalo hilda ala semafororen bat zabalduko zain errepidea zeharkatze abenturarako.

Txerriak: granja pila, belar-sail propioa du bakoitzak; erabat txerri zikinak, ia belzteraino zikinak, zelaia ere erabat txerrituta.

 

Bitxilore guti dago errepide ertzetan, baina egon dago, tarteka bederen: jaso egin ditugu gaur, zimeltzear baitago etxeko arrosa.

Berdegune asko agertzen da mapan “plantage” hitzarekin; hainbat zeharkatu ditugu bidaia osoan  gaur ere: basoak dira, izeidiak, landatuak nonbait.

 

Hain granja handi eta ederreko nekazariek ere zorretan eta maileguetan sartuta egongo ote, Danimarkan ere nekazariak ez baitu ezer doan jasotzen, lan asko eta neke ugarien bidez baizik.

 

Ornhoj.

 

 Nafarroan, Iruñara bidean-edo bageunde lez, kilometrotako artezgunea, gora eta behera baina zuzen, ia zerumarrako tontor batean bukatzen denaino. Bertara heltzean hegi zabala gertatzen zaigu tontorra, txilar eremu gorrizka barreneraino; ostean, berriro ere lautada berdea.

 

Ez gaur ez egunotan, ez dugu gaztelurik aurkitu. Non bizi ote ziren hemengo jauntxoak?. Egon zeuden eta, elizetan agertzen baitira beraien argazki pintatuak.

 

Granja bat eraikitzen: burdinazko egitura eta egurrezko teila-euskarria, ez darabilte zementurik.

Kontrastez, lakuaren ertzean, 200 metrora, granja izugarria handi eta ederra, antzinakoa, barne-patioarekin, etxebizitza du ondoan,.

Egur piloa, negua luzea eta gogorra den lekuko.

 

Zaldiek tiratuta eta abar berdez apainduriko gurdi bete gazte, denak buruko zuriokin: ikasturte bukaera ospatuzko koadrilaren bat.

Norvegiar matrikuladun autokarabana: ez da norvegiar askorik ikusten kanpinean, ferry askok lotzen badituzte ere bi herriok.

 

Herning. Bosgarrenean sartu gara erdigunera, zoroarenak egin ondoren. Bloketzarrik gabeko industria-herri modernoa. Autoek sartzerik ez duten erdikalea; gune horretatik at, eraikin, etxe eta auzo solteak dira denak. Ezer berri edo berezirik gabe, herri atsegina; izugarri luzea da erdikalea; jende asko dabil gaur kale horretan; animalia ezberdinen itxura eman dieten hainbat harritzar: eskultura bitxiak. Adreiluzko eliza modernoa, gaur hutsik dagoen  plaza handi baten alboan. Udaletxe dotoretxoa teilatu erdian zink berdeko dorretxoa erakutsiz.

Ardoa erosi dugu: ardo nafarra, nire urtebetetzea ospatzeko.

 

Sarriak dira “herriko onenak" herriko plaza eta plaza ertzeko eserlekuetan, alproja edo antzerakoak, nagusiak eta helduak gehientsuak, garagardo botila eskuan eta nahiko eginda gehienak, lanbrotuta baino areago, umoreko batzuk, kontu-kontari memeloan beste zenbait.

Pizzeria-jantoki gutxi, Europan ohi denerako; ugariak dira, ostera, bertan jateko pizza zatika saltzen duten pizzeria-dendak. Ugaria ere jatetxe txinatarra.

Herri gaztea da daniarra, agian hala deritzogu egunotan gazteok oporretan egonik kalean dabiltzalako.

 

Ez dugu egunkari espainiarrik aurkitzen; gureetako ezer ez jakitekoz munduko futbol lehiaketan Espainiak zer egin duen ere ez dakigu, Frantziako irrati batean entzunda Afrikako talde batekin galdu egin duela besterik ez.

Irrati frantsesak ere futbola besterik ez du, berriak emateko orduetan ere.

 

Sunds. Aintzira zabal bat du: bere ertzean bazkaldu dugu bertako zertzeladei begira; bela-txalupa ugari dago ertzetan: bazen ume arteko txalupa lehiaketaren bat; norbaitzuk hasi dira astebururako bere motordun ontziak uretaratzen eta gertatzen: ur-kirol zalea bada izan daniarra.

 

Auto bat iraulita gurpilez gora: alboan emakume arabiarra beste kotxe batean: ziur pobreak direla: pobreentzako erregaliak dira istripuak ere.

 

Patata-sailak sailean, galsoroen lagun, kilometro askoan: patata-lekua da hau.

 

Errepide nagusitik goaz, abiadura biziagoz, arreta handiagoz, aurrekoari begira inguruari baino, ertzeko zuhaixkak begien oztopo ditugularik ez gara askorik jabetzen inguruaz. Txilarra, buru gorriko belatzak, lakuak; lakutik ur korronte biziko ubidea; urrutira aurrean eliza-dorre zuria, zuhaitz artean dorreko teilatua soilik ikusten dugu beste herri batean. Trinkoa da kotxe kopurua Holsterbo eta Viborg aldera.

 

Bihar ezagutuko dugun Salling penintsula edo lurmutur erraldoia.

 

Skive. Fiord baten sakoneran dago egon kokatuta, baina ez dugu ez itsasorik ez porturik ikusi beheraino jaitsi garen arren, ez du itsasoarekin loturarik nonbait. Teilateria besterik ez dugu ikusten urrutitik; bertako ohizkoa bata, zorrotza bestea, bi eliza-dorre gailentzen dira, elkarren ondoak biak.

Herri atsegina eta bizia, taxu onekoa; bi denda-kale T eginez, oinezkoentzat soilik biak, autoek ez dute ibiltzerik. Kale nagusi bat errepidearen luzeran. Zenbait etxe eder, itxuroso, bitxikeria eta apaindurarik gabekoak. Ibai nahiko zabala, ur-korrontea darama. Eskulturak: gorantz luzea eta zorrotza da plazakoa, korapiloa duela erdian; bi zaldiena parkean: nahiko itsusiak dira zaldiok, agian zaldi lodikote defini gabeak direlako. Parkea goialdean: bi eliza tontorrean, biak elkarren parean, ia elkar jotzen, adreiluzko gorria bata, zuriz pintatua bestea; S. Kanuto porreroaren eliza da zuria, hainbat gangez luzea, ikustekoa, aparta, bitxikeriaren, ezohizkoaren zirrara erakargarria sortarazten duena; goialde osoa freskoz beteta duen erretaula bitxia: gorantz gurutzera luzatuak ditu bi besoak Kristo pintatuak; urrekoloreko izkribuak erretaulako alboetan, santu-irudiak ohi diren lekuan; kolore biziz pintatutako zur-lanak, urrekolorea nagusi duten 1650.go laukiak, 13 seme-alabekin senar-emazte ongileak, organo deigarria, burdinaz segurtatutako itsulapikoa burdinaz hormari lotuta.  Bigarren elizak ezer guti du argia izateaz gain.

 

Bikotea larrujotze bizian, txortan, parkeko ertzean, belartzan, biluzik, denen agerian, inguruko begietatik babestu gabe.

Zaldi feriengatik omen ezaguna bai hiria bai lurraldea.

" Where are you from?" etorri zaigu gizon bat, dotore jantzita, gida-papera eskuan, hiria ezagutzen bera ere, dioenez. Saiatu gara argitzen Espainia eta Frantzia tarteko herri batekoak garela. "Pays basque" erantzun eta frantsesez jarraitu du.

 

Struer. Portu-inguru ederra du.

 

Humlum. Eliza zuri polita du herritik albora, gain batean.

 

Izozki gozoa egiten dute Danimarkan: barkilu handikoa, esnegainez  estaltzen dute gainaldea, mermelada ukitua emanaz tanto lodi batez.

 

214 kilometro, itsas ertzetik hasi eta itsas ertzez burutu ditugunak.

BIDAIAK 98 . DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/02/01 09:55
VENDSVSSEL. Skagen, Grenen, Hirstshals, Thy.

Ekainaren 17a. Asteazkena. 53a. – D:26.a

 

Diosalean aurrea hartzen dietenek,  nire "egunon, kaixo" edo antzerako zerbaitekin erantzuten didate beraiek ere, nik aldiz euskaraz edo ingelesez erantzuten diet beraiek aurrea hartzen didatenean, ez baitiet ahoskatzen duten piperrik ulertzen, ez zer dioten argitzen beraien erantzuteko.

 

Ahate bikotea izan dugu gosari bila goizean, auskalo zein aintziratik etorriak. Arra emearen atzetik beti, emea noiz bero jarriko.

Belearen eta mikaren hibridoa izan behar duen bat ere izan dugu bisitari egun hauetan.

 

Haizea, euria, behe-lainoa; egun tristea dugu lagun gaur.

 

VENDSYSSEL

 

Jada lurralde ezaguna; Iparrera eginen dugu gaur, Skagenera, eta han lurraldearen azken ipar-muturrera: sakonean eskolan izenok ikastea hainbeste kosta zitzaidanaren mendeku inkontziente eta isila  delakoan nago.

 

Sulsted. XV. gizaldiko freskoak omen elizan, baina ez dugu elizarik aurkitu ahal izan.

 

Eguraldi txakurra, eguzkiak lainoak zulatuko dituen itxurarik gabekoa.

Herri gutxiko lurraldea. Erabat laua, zuhaitzik ez dagoenez are lauagoa.

 

Brindeslev.

 

Herri gutxirekin diraugu Sortaldera bidean, lurra berriz harrotzen hasi da. Belarra bere horretan utzia bezala dago hainbat sailetan.

 

Euriaz gain, euri-giroa; behi zuriak, melatzen eta beratzen ikusten ditugun ardiak eurak ere zuriagoak; behi holandarrak, zuri-beltzagoak. Larri doaz haize eta euripean txirrinduzaleak, plastikoan bildurik errepide ertzeko bidegorrietan, hankei nekez eraginez, gurpildun tramankuluak erabat zamatuta, hurrengo kanpinaren bila.

 

Mugarriak aldatuko dizkioten kezkaz edo, zuhaitz-ilaraz banatuta lursailak, hegoan sarrerakoan bezala. Herririk ez, granjak, baina, ugariak dira, sakabanatuta, bakoitzak zuhaitz tortoa edo basotxoa inguruan dutela, agian geriza edo aterpe bila sartuak: oasia dirudi granja bakoitzak zuhaitz gabeko eremuan. Bada granja ederrik, zuriak gehienak; zenbait granjaren berezitasuna ordea horma zuria eta adreilu gorriaren nahastura ezberdina litzateke. Adreilurik ezean pintura gorria darabilte. Ez da granjara sarreretan edo bide hasieratan harri errunikoak jartzeko kulturarik: agian harria da falta dena.

 

Koskortu egiten dira goranzko muinoak Sortaldeko kostaldera hurbiltzean. Tarteka. Hain direnez leunak eta berdinak muinook, apropos eginiko mendixkak dirudite. Erdigunea tontorreria horren ondoren: ikuspegi zabala izanen zen egun eguzkitsuarekin, baina gaurkoa ere polita da, behealde osoa gandupean erdi gordeta, geruzaz bildurik: misterio kutsua du, ipuin, errito eta mitoak sortzen direnetakoa.

Ilunaren ilunenean goaz, laino beltza aterpe; zaparradak astintzen gaitu; 11 graduko hozberoa, hotza garai honetarako. Behiak ez du atsegin belar hasian larrean egitea, nahiago du garbi-gunea nahiz erdi lokaztuta egon: belartzako argi-gunetan ohi dute egon, pilatuta, askotan etzanda, zoru lokaztuan.

Europa osokoak dira herri eta inguruetan errepideko zoruan argi, gas, ur… auskalo bakoitzean zeren erregistroen estalki burdinazkoak: hainbat segurtasun neurri jartzen dute, baina autoa dingili-dangala doa burdinon gainetik.

 

Frederkshavn. Industria-gune oso zabal-zabala du buelta osoan, itsasertza barne: gureetan lez txikia da pabiloi bakoitza, ez dago industria-eraikin handirik.

 

Skagenera bidean. Berriz ere itsasorik ez balego bezala goaz itsasertzetik; tarteka, dunak: horregatik dakigu bestaldean badela itsasoa. Tarteka trenbidea eta trena ditugu auzo.

Danimarkan, noizbehinka egiten dugu topo errepide inguruetan trenbide eta trenarekin.

 

Gaurko xehetasun ezberdina: adreiluzko estalki planoa dute transformadoreek.

 

Badabil ibili turista edo igandezalea lurralde hauetan asteburu edo oporretan: atseden-gune asko dago mahai eta abarrez hornituak, ugariak dira itsasora bidegorri eta zidorrak.

 

Lurmutur luzea da Ekiko Jutlandiaren azken zatia; erdi-erditik doa errepidea, dunak albo bietara, hareazko tontor berdeak; laugunetan ginarra putzuak, paduratxoak... bertan dute gordelekua itsas hegaztiek: eremu berezia. Zirraragarria izan behar du duna-gune honek eguraldi argiarekin, hala baita euripe honetan ere.

Oso arriskutsua dago errepidea, abiadura bizian datoz kamioiak, presioz bezala botatzen diete gurpilek ur parrastada autoei gurutzatzean: tinko eutsi behar zaio bolanteari, irmo sakatu azeleragailuari eta itsu-itsuan lehenbailehen irten aireko ur-multzotik.

 

Skagen. Uderria, turismo herri petoa, era berean herri estrainioa: elkar gurutzatzen diren kale paraleloak osatzen dute erdigunea, baina etxeak bakanak dira, erabat independentea bakoitza, bere gisara egina bezala bakoitza. Txalet edo etxe dotoretxo asko du erdigunetik haratago. Asko dira saltoki handiak, baina eraikin baxu zabaletan gauzatuak: kanpotar edo turista asko ibili behar du hemen.

Denda-kale zabala bezain atsegina. Udaletxe moderno eta funtzionala, oso atsegina barrutik. Portu izugarri zabala, arrain lonja eta fabrika piloa. Gris urdin zuri koloreko eliza argia, bitxia suertatzen da argitasun eta kolorez: koru zabala barru-buelta osoan, Arrateko 3 itsasontzi zintzilikatuta; organo kontzertu aparta eman digu; komuna ere eskaini digu elizak, bi aldiz goizean, ez baitugu elizakoa beste komunik aurkitu, eroso behintzat, herri osoan.

 

Beira lantzen dute denda ere baden etxepe batean: bi koloreko kopa bat egiten hasi eta bukatzen ikusi dugu.

Oinez egin dugu erdigunetik lehenengo itsasargirainoko bide luzea.

Guardasolik gabekoa gertatu zaigu guardasolpekoa behar zuen ibilia: haizetzarrak azpikoz gora jartzen baitzituen aterkiak.

Jendea badabil eguraldi zakar honekin ere, zer ote udan eta asteburu eguzkitsu edo gutxienez ateri bareetan.

 

Grenen. Lurmuturreko azken ertza, eskolan ikasi genuen itsasarte haren ertz muturrena. Dunak, hondartza estua, faroa, jatetxea eta aparkalekua. Mortua da, harea-tontor berdeak, txoririk ere gabe gaur. Bisitaria erruz; traktorez garraiatutako tren-bagoi itxura duen gurdi luze batean eramaten dituzte bisitariak bidaiatxoa eginez duna eta hondartzara, hiri barruetan txu-txu trenak bezala. Harri beltzeko lubetak itsasoak harea eraman ez dezan edo: nondik  ekarriak ote harriok; baina ez al da betidanik harea hor egon lubeta premiarik gabe?. Atsegingarria behar du izan eguraldi onarekin denbora tarte luze bat botatzea paraje honetan, gaur ordea ezin izan dugu gozatu, autotik ateratzerik ere ez zegoen ia eta; min egiten zuen euriak haizearen indarrez aurpegian jotzean. Egon garela eta kitto: argazkia daramagu, bestela ere gogoratu gogoratuko dugun arren paraje hau.

 

Moda da hemen buruko berezi zuria. Moda ere azpiko gona, farfaila, puntilazko azpikogona fin petoa, gerritik izter erdiraino praka gainetik eramatea.

 

Ugaria lurmuturrera joan-datorren auto kopurua.

 

Izugarrizko txerri pila, bakoitza bere txabola zuri propioarekin: lautada osoa hartzen dute txabolok.

 

Hirstshals. Ez da hain handia portua, bai ordea sendo egina harri eta murruz. Arrantzontzi piloa, handiak portu batean, txikiak bestean, diren denak amarratuta daudela dirudi itsaso txarragatik: arrain asko behar du izan hemen: agian hemendik daramate Skageneko fabriketara. Erabat harrotu du itsasoa haize takarrak: izugarria dago, begiratzekoa, uhin eta uhin-apar dena, gureetan udazken bortitzetan bezala.

Itxurosoa da herria bera, erakargarria, zaindua: gaintxo batean, portu gainean; plaza ere den balkonada edo antzerako batetik portu eta itsasoaren ikuspegi zabala. Kaletartze atsegina.

Hemendik ateratzen da Norvegiara ferrya: bai oinezkoentzako bai autoentzako, pasabide, bidaiari asko ibili ohi da zubi eta kaleek erakusten dutenez. 

Portutik aurrera dunak. Faroa.

 

Goizago ekarri gaitu etxera eguraldi txakurrak.

 

247 kilometro, lurmuturra, dunak, itsas haserrea, euria eta haizea.

 

 

Ekainaren 18a. Osteguna. 54.a – D:27.a

 

Sagarrondoaren auzoa utziko dugu gaur ordu eta erdiz loa luzatu ondoren. Danimarkako ibilian azken kokagunearen bila, Mendebal aldera.

 

Bost bat metroko zabalerako ibaia: orain arteko zabalena.

 

Simaurra korta aurrean pilatuta: daniarrok lagiagoak edo ez hain begiratuak diren ezaugarrienetariko bat. Hegorantz honetan berriro zuria eta beltza nahastuzko granja eraikinak.

 

Errota eolikoa bihurtu da jadanik Danimarkako ezaugarrietariko bat: 50 bat erreskadan, Kixoteren etsai modernoak. Egunen batean kendu eginen dituzte errotok zatar egiten dutenaren aitzakiaz, gaur egun asmatu nahi ez duten argindar iturri berriak aurkitu dituztelako: gaurko argindar iturri hauek dira diru-iturri baliagarrienak dirugintzarako.

 

Haize-errota noizbehinka: goitik behera iluna, teilatuen kolorekoa, baina zurezkoa, urteek belztuta, zahar itxurakoa, xumea, amona edo aitona zimelduen jitekoa.

 

Gaintxoagotik doa errepidea, alde batera itsasoa dugu, itsasotik ozta-ozta azaleratutako itsas-lurra bestera, biak zabal, biak itsaso, berdea bata, urdina bestea; alderdi berdeak maria beheretako S.Micheleko hondartza horia gogarazten digu; S. Micheleko hondartzak dirudite izan ere, haiek horiak, berdeak hauek, itsasoaren altzo haiek sei ordu oro, hauek berriz haizearen ferekapean beti.

Haize bortitzak jotzen du, autoaren artezean ordez, alboratuta, erdi trabeska, doa karabana haizearen bultzadaz.

Itsaslabarrak dakusagu, lehenengoz Danimarkan, zuri-zuri eguzkipean. Itsasbazterrean lurrak gora egiten duen batetan Debatik Zumaiara goazela amesten dugu

Saltzen da nonbait patata: salgai dago errepide bazterretan, agian merkeago bitartekaririk ezean.

Pare bat aldiz tokatu zaigu granja bat eraikitzen ikustea: zurajea da teilatuko egitura, hormarena ere bai batean; batek metro erdiko hutsune edo tartea utzizko bi horma zituen, gai isolatzaile batez betetzen ari zitzaion tartea. Ez dira gureetako granja edo pabiloiak bezalakoak, non egitura osoa den zementuzkoa, aurrez egindako osagaiekin jasoak gehienetan.

Lastozko teilatu eta zurajeko fatxadarik ez dugu ikusi: galduta dute antzinakotasuna.

 

Bidaia aparta, urrutirago edo bertarago,  ur zabala bidelagun beti.

 

THY

 

Bidaiari ibiltariaren begirada azalekoarentzat ez du ezer berririk, ez paisaia fisikoak ez giza paisaiak: herriak, granjak, nekazaritzak.... antzerako diraute.

200 bat metroko lur mihise bat: behi batzuk larrean, trenbidea eta errepidea, alde bietara ura zabal.

 

Thyholm penintsulatxoa zeharkatzen dugu.

Itsasertza harri koskorra da harea ordez. Ez dago herririk, granja batzuk bai.

Itsasoa haserre dago, azalera kizkurra du, itsas kirria.

 

Lur estugunea berriro; burdinazko hiru arku handiz eultzitako zubi gainetik egiten dugu; altxatzen den horietakoa, estua, non trena eta errepideko bi bide ozta-ozta sartzen diren: trena, kamioia eta gure tramankulua tokatu dira ia parean zubi erdian.

BIDAIAK 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/29 09:30
JUTLANDIA-HIMMERLAND: Aars, Hadsun, Rold Skok.

Ekainaren 16a. Asteartea. 52.a – B:25.a

 

“Poema antologia”. Bukowski: "Ezin dun mailu batez eraiki". Baina berreraikitzeko, mailuz bota behar da aurrekoa.

Ez desira berez etorriko dena, ez amestu sortu behar duzuna baino.

 

HIMMERLAND

 

Lurralde berri bat dugu gaur ibilbide, Hego aldera, penintsularen alde bietatik hartuko dugu berriro itsasoa. Autoz egiteko eguna: Mendebaleko sartaldera itsasadar ertzeraino lehenik, erdigunera gero Mariager fiordaren ertzetik, sortalderantz Roldskov natura-guneko basoetara eta mendigunera igotzeko, mapan eta altueraz Ekialdean Kattegateko itsasoarekin topo egin, itsasertza lagun egin eta berriro Aalborgen bukatzeko. Itsasoa, lautada, fiorda eta mendia konbinatuz.

 

Ilunak daude gaur itsasadarreko urak, ilun-ilunak, urdin ilunak, lainoen koloreko azaleraz.

 

Batzuekin eta batzuetan soilik gauzatzen da Danimarkan ere "Eskuinak eskubidea" errepideko legea; asko dira bere kasa dabiltzanak ere: badaezpada begiratu beti ezkerrera ere. Daniar gidarien dotorezia morala, kortesia eta arauei men egitea hankaz gora joango da autoa ugaltzen doan heinean.

Larrean etzanda daude goizeko hamaiketarako behi gehienak, nekatuak eta nahikoa janda jadanik, hain goiz hasten zaiela eguna, lehenengo argiarekin hasiko baitira jaten.

Eguna hain luzea eta gaua hain motza izanik  nola moldatzen dira lora, frutarbola eta ortuariak  gauez hain atsedenaldi laburra izanda, argiarekin lan egiten baitute, eta hemen 22 ordu ditu egunak garai honetan.

 

Ez da aldatu paisaia. Itsasoa, basoa eta garitzak izan dira gure lagun eta auzo gaurko ibilian, noizbehinka itsasotik hurbil itsasorik ikusi gabe. Beheragune sakonak ditu lurrak, gora-behera goaz errepidean.

Atzoko argazkiko granjaren antzekoak agertu zaizkigu tarteka. Hiru bat katu ikusi ditugu errepidean, ehizan edo bikotearen  bila parrandan. Zaldi asko, larrean, lehiaketarako langarik gabe granja inguruan. Behiak. Belatzak eta garitzak: garia gorritua dago tarteka, horitua ere bai; belarra plastikoan silotua, bola handiak ilaran, zuriak zelai berdean urrutitik nabarmen. Arto-sail bakanak, baina bakoitza zabala. Dilista edo garbantzua izan daiteken landara horia. Baso kaskoak.

 

Aars. Guk “kinarra”  deitzen diogun txilarra nagusi den lurralde zabala da komunako goialdea, non ez den ez behirik, ez granjarik ez ezer; gorri burututako belar itxuraz latza nagusitzen da. Bada granja eta etxaurre txukunik ere, baina granja inguruak ez dira batere txukunak, zabarrak, zikinak, utziak, baizik; nahiko bastoak eta takarrak; herri pintxoagoak, zainduagoak, dotoretxoagoak, finagoak ziren Austria, Holanda eta enparaukoak. Bastoagoak eta takarragoak dira ere daniarrak holandarrak baino, baita janzkeran, etxe bueltan, baserriko inguruan, etxe egituran ere: utziagoak, lagiagoak, gure baserritarren antzerakoak dira hauek.

 

Errepide txikietatik gabiltza, auto bakarren bat besterik ez dugu gurutzatzen, herritxoren batean traktoreen bat: hala izanen da egun osoan, errepide nagusietan ere, herri hazi zamarretako irteeretan ezik. Errepidea bera, tarteka ona tarteka eskasa, baina gehienetan bikaina; adabaki jartzaileek batez ere egiten dute lana.

 

Logstor. Aspaldiko herria, koskortua, behe solairuko etxez osatua.

 

Itsasoaren ikuspegi atsegina gaintxotik  herrira hurbiltzean.

Transformadore etxolak, batzuk xaflazkoak. besteak adreiluzkoak, denak luzexka estuak. Gurditxo aterpedun politak hainbat etxaurretan. Patata-sail bat, bakarra, ez dugu patata-sailik ikusten. Muino gainetan lur-tontor erdi esferikoak, trikuharriekin zerikusia duten zerbait ote?; agian zerbait arruntagoa dira.

Eliz dorreak, dotoreak beti, forma zuria marraztuz zerumarran zein berdegunean: era ezberdineko dorreak eta elizak;  izan da bat berezia, zuraje iluneko fatxadakoa.

Egurra pilatuta etxaurretan; egurra eskaintzen du etxaurreko gurditxo-erakusmahai batek.

Zabalik ikusi dugu granja bat: tresneria zein bestelako premiazko baserri gaiak gordetzeko zulo zabal luzea ageri zuen: hala behar du izan ere, luzea eta latza behar du izan hemen negua.

 

Livo uhartea aurrez aurre, gertu, berdea; txikia dirudi.

 

Ronbierg herria.

 

Ehunka etxola, bata bestearen jarraian, herritxo bat eratuz Livora uharterako portutxoa dagoen itsasertzean; sentipen oso hitsa sortzen zuten, bata bestearen gainean pilatuta bezala lur barruan.  Ferrya ere bada bertan.

 

Trend, itsasora begira; bada zurezko etxe politik errepidearen bestaldera, ia etxolak dira, banaka banaka jarriak eta eroso kokatuak, arnasa dutenak.

 

Hondartza, kilometroetako luzea, estua, harea fin eta zurikoa: txaboletakook badute non bainatu.

 

Lur barrurantz egitean lurrazal ondulatuan sartzen gara, badirudi lur-barru bateko goialdetan edo gainetan gabiltzala, baina itsasoaren pare-parean gaude.

 

Farso. Etxetxo zapalak errepidearen albo bietara, bakartxo batzuk dute lehen solairua  eta bakarren batek hirugarren bat herri erdian; herri koskortua, zerbitzu-eskaintza nahiko zabalarekin. Ez dugu ikusi inoiz antzerako elizarik, nabarmenak ditu hiru maila kanpotik: dorrearena gailena, erdigunearena erdian eta presbiterioaren zatia baxuena.

 

Vestervole. Eliza: agirian du hormaren eusgarri den zurajea, dorreko goi-triangeluan zuritasuna ilunarekin dotoretuz.

 

Gedsted.

 

Lautadan sartu gara berriz ere. Ez dago Odense uhartean bezala granja edo etxeen izena, sarrera edo bidea iragarrizko harri-bolarik harri errunikoen kultura jarraituz. Faisaia agertu zaigu errepidean, baina kondearen gaztelurik ez; ez zen nonbait faisai aristokratikoa. Gaur ez dugu gaztelu bat berarekin ere topo egin, ez zen nonbait jauntxorik hemen bizi lurrak bereak bazituen ere.

 

Hobro. Tximinia luzeek ketan iragarri digute urrutitik hiria. Bi mendigune garaien sakoneran kokatua, fiordoaren bukaeran; industria hiri oparoa dirudi. Oso dotore gelditzen zaio fiorda alboan, baina ez dago ezer bere kontra gu bezalako ibiltari pasokoak itsas aurrean ibiltzeko: lan-premiek betetzen dute erabat fiordo ertza.

 

Mariager. Uderria; kirol-portua, txalupa, belaontzi eta ohizkoekin.

 

Fiordo ertzari lotzen zaio errepidea Hadsunderaino. Belarra itsasertzean, ertan  tarteka behiak, besterik ez. Errepiderik ere ez beste aldean, berdegunea eta zuhaiztia soilik.

Eguraldi motak badu zerikusia itsasoarekiko daniarren kulturan: uda motza da, udaberria kaskarra, aurtengoa behintzat, haizea hotza beti: ez da itsasertzean eraikitzen hasteko egokiena. Gainera, edo horregatik, daniarra nekazaritzatik bizi da, ez itsasotik. Maiteago du haragia daniarrak arraina baino. Agian arrain gutxi dago egon ere. Agian nabigatzeko kultura soilik utzi zieten ondorengoei bikingoek. Bailandra eta itsasontzi txiki ugari dago: gustukoa dute itsasoz ibiltzea; hotzagatik uretan sartu ezin daitekeenez, ur gainean dabiltza; nahiz hotza, haizea dutenez haizeaz baliatzen dira.

 

Ez dugu haize-errota bat bera ikusi gaur. Kilometro asko egin ditugu fiordaren bihurguneak jarraituz, ibili lasai dotorean.

Tontor oso bat harrobi batek janda.

 

Assens. Bada izen bereko hiri polita Fionia uhartean. Hemengo hau ez du aitatu ere egiten gidaliburuak.

 

Hadsund. Estutu egiten da erabat fiorda, zabaltzen den zubi batek lotzen ditu ertz biak: hersgune horretan dago kokatua hiria.

Uderri petoa izanik ere, itsasontziak gordetzeko edo industrigunerako soilik darabilte itsasertza, ez dago itsasertzean eraikin ohizkorik, urbanizatu gabe dago, industria lanetarako egokituak ezik. Oinezkoen kale txukuna; uderri oroko kaleko dendateria, jantzi eta pitxikeriz deigarria. Kanpotik etxeak ikusten zaizkio zuhaitz artean, basoa dira belaontzi mastak portuan: ikusgarria behar du izan fiordak asteburu eta udan belaontziok nabigatzen ari direnean.

 

Rold Skov, natu-gunera hartu dugu itsasora ordez. Itsasertz asko ikusi dugu jadanik, ikusiko ere oraindik, mendigunerik ordea ez dugu ikusi eta ezta ikusiko ere. Natu-gunea ez da mendi garaia, ez dago tontorrik ez gailurrik, dena da izeidia, pago eta bestelakorik ere baden arren. Zabala, begi-bistako lurralde osoa beteaz. Bidegorri, bidexka eta zidorrak oinezkoentzat, oinezkoa atsegin duenak badu non oinak urratu. Autoek  ez dute sartzerik, baina pare bat errepidek behintzat zeharkatzen dute. Ginar edo txilar sail zabalak. Iragarrita daude baso barruko interesguneak, baina daniera ulertzen ez dugunez ez dakigu zer diren.

 

Stovring. Natu-gunean bertan kokatua dut nire ohar idatzietan, mapak, ostera, ertz batean kokatzen du. Tximinia luze batek keztatzen du gaina. Natu-gunerako abiapuntuan bertan dago. Badirudi basorako bisitarietatik bizi dela: ohizko jatetxe eta denda, ez asko. Ba omen inguruan karezko mehatzen bat, non kokatzen diren eskultura artelan batzuk, baina ez ditugu iragarrita aurkitu bilatze ahaleginak egin arren.

 

Rebild. Natu-guneko iparrean. Aurreko hiriaren antzekoa. Aparkaleku zabalak.

Lincoln-en jaiotetxearen berdina, bikia, eraiki dute emigrazioaren omenez, edo emigrazioa gogoratuz: Danimarkara emigratu nahi dunenak biziko ditu gaur egun bertatik emigratu zutenen arazoak. Etorri jubilatuak datoz hona,  autobuskadaka, etorri ere.

 

Bi hilabetetan ia lehenengoz: gainbehera luze eta pikean goaz!!!. Ondoren lautadan gara berriz ere. Lehenengo kanpineko behi hiletsuak. Gaurko hirugarren katua errepidean.

 

Volsted. Ez da ez kalerik ez kale-etxerik, etxebizitza oro granja da, bakana, putzu handi bat granjon erdian.

 

Mendi giroa da nagusi; bi erreka nahiko hasiak zeharkatu ditugu, gutxienez bi metro!!! dute zabaleran. Berriro ere bela bat errepidean gorpu geratu den animaliaren bat jaten: bizimodu zaila beleena ere. Berriro izugarrizko harrobia, harea zuria ateratzen diote eta hondakinekin inguruko lurraldea betetzen doa lau-lau, lehengo lurrazala pare bat metrotan jasoz.

 

Jo dugu itsasertzera azkenik, berriz ere itsasorik ikusi ezineko itsasertza, hor dagoen sentipenik ere ez dugu oraingoan, duna berdeak dira tartean ditugun muna garaiak. Damu gara Natu-gunetik zuzenean jo ez izanaz etxera: bideak ez du ezer bitxirik ez berezirik, ez ezer berririk, ezezagun edo oraino ikusi ez dugunik, itsasoa bera ere ukatu egiten digu. Baina ezin genuen hori jakin bertara jo gabe!.

 

310 kilometro, euripean eta aterrune asko baina ez luzeetan.

 

Nekea ez zaigu agertu etxera arte.

Bidaiak 98. DANIMARKA

Jon Etxabe 2021/01/25 09:50
VENDSYSSEL. Lonstrup, Lokken, Dalborg, Frederikshyun

VENDSYSSEL

 

Jutlandiako Iparra, itsasoak bitan zatitutako lurraldearen goialdea.

 

Kanpina.

Norresundby herrira jo dugu azkenik, senak eramanda, kanpin bila Aalborg herrian kale egin baitugu iragarritakoaren iragarkirik ezagatik edo iragarkia ikusi ezagatik. Bidaiako iparrenean dugu jarrita gure etxe ibiltaria. Oso xumea da kanpina, baina behar ditugun baliabideak eskaintzen dizkigu; txukuna eta garbia: guretzat soilik dugu zuhaitz tartean zuhaitzez bildutako belar trinkoko belar-gunea; zozoak eta txori-kantak ez zaizkigu falta.

Mika-bela txori-mota hibidroa da  hemengo fauna ezberdina edo berria.

 

Inguruak ezagutzeari ekin diogu arratsaldez

 

Ipar-Mendebal alderako lurrok, Aabybrora bidean, erabat lauak dira, itsasoari lapurtutakoak antzo. Granjak lur zabalean banaka-banaka han-hemenka sakabanatuta; pinu ilarak lur-sail bakoitza banatzen; gari-sailak lur zabal osoa betez; garbantzua, agian dilista, uste dugun lekadun landare sailak; tarteka familia klase guztietako behi aldrak nahastuta; patata-sail izugarri bat: etxaurre batean patata eskaintzen dute bidaiariari; ezohizkoa orain arte Danimarkako lurretan: ubidea edo ubide bihurtutako ibaia, agian lur lau honi dagokiona, lurrak bere lehortasun puntua izan dezan. Teilatudun adreiluzkoak dira lurralde honetan kaseta edo transformadoreak, estu garaiak, xaflazkoak bailira.

 

Tontor zabal batek eman dio azkena lautadari, tontor gainean haize-errota, estalkitzat duen urteek edo galipotak belztutako  zuragatik beltz, zeru urdineko laino zurien aurrean ilunago: ikusgarria dago, geldi; haize-errotaren behetxoan, baino muino gainean bera ere, antzinako etxeetariko bat, muino gainean ere monasterioa deritzogun eraikuntza: arku bat da sarrera, eta horma batek biltzen du. Ikuspegi zabal paregabea eskaintzen du: tontorrak, begi-bistan du bueltako lurralde osoa: han urrutian berdegune zabalaren ostean itsas urdina eta itsasertz batean duna sendoak, eguzkipeko horitasun argia bitxikeria delarik.

 

Beharrezkoa du haize-lekua haize-errotak, gaina beraz; fraideek ere goialdeak maite dituzte baina, errotek ez bezala, ez dituzte aukeratzen haize-lekuak, gorde-guneak baizik monasterio eta santutegiak eraikitzeko.

 

Lonstrup. Dunak, harea hori fineko mendixka edo muinoak itsasertzean: itsasertz dena da duna Lokken-raino alde batetik, eta kilometro luzez beherantz. Bisitari asko dator, zenbaitzuk dunen tontorrera igotzen dute, irristan jaisten dira umeak, berriro igo eta berriz jaisteko, hainbat alditan: metro luzeetako txirrista tentagarria. Dunon babesean, itsasargia; babesgune berean. Berezia da dunetako berdegunea: larra latza dirudi, bertan daude larrean behi eta ardi gutxi batzuk, ardiak margo gorriz xakituta gureetako artaldeak bezala: hiriko jendea gelditu egiten da animalioi hurretik begiratu eta argazkiak egitera.

Noizbehinka haize-errota bat, eta eliza dorre bereziok; inguruko zer garaienak direnez nabarmendu egiten dira garaiak izan ez arren, dotore nabarmentzen dira ere horma zurien eraginez.

 

Errota eta eliza, bi osagai funtsezko garai bateko gizartean.

 

Lastozko teilatudun etxe bakanak, gorriz pintatuta, gorri ilun, piperrauts kolorez.

 

Lokken.  Uderri petoa gaur egun, arrantzale herritxoa garai batean, ezbairik gabe, herri txikitxo bat besterik ez da izan, duna ostean itsas haize hotzetik babestuta, dunek gordetzen dute-eta itsasotik. Haizeak kaleraino pilatutako hareak ematen dio itsas giroa kalediari. Turistentzako kinkila-dendek, jatetxeek eta kafetegiek hartu dituzte kaleak zein herri osoa. Alde bietan hormatxoa jarri dioten ebakiduratik doa pasabidea itsasora.

Harea fineko hondartza estu luze amaierarik gabea, eguzkiak jotzen duen arren ez dago inor eguzkia hartzen, bakarren bat ezik; hondartza ertzean ez da inolako eraikinik, dunak soilik bere-berean. Ehunka agian milaka bainu-etxola, zuriak, bi ilaratan, kilometrotako erreskada zurian, itsas aparra bailitzan, urrutian galtzeraino: badirudi urte osoa bertan egiten dutela etxolok, nonbait ez da hain haserrea itsasoa. Portua: atrakalekua babestuz, harri pilatuz jasotako morru luzexka da portuaren ardatza: 6 arrantza ontzitxo daude, ez da besterik,  poleen arabera; hondartza dute denek atrakaleku, harean lehorreratzen dira, eta hondartzan zut dute atseden: gilaren alde bakoitzeko  eranskinak ez die uzten albora erortzen eta lehortzerako tatarrazkoa leuntzen die: herri jakituria, kultura eta injinerutza; polea sistema sinple batez tiratzen dituzte txalupok txabola batetik, ontzi bakoitzak bere kable jakina du, txirrika batez ahalbideratuta bakoitzaren tiraketa: herri injinerutza. Barea egon behar du itsasoak ontziak hondartzan gordetzeko, bestalde itsasgoran soilik itsasora daitezke ontziok ez baita ageri beste aukera edo baliabiderik: dena da primitiboa, ez dakit antigoalekoa ala gaurko arrantzale pobreen ahal bezala ahalbideratzea, ezinbesteko iraupena.

Jende ibili dabil, kanpotarra, kalean gehienak, osteratxo bat ia denak egiten dute itsasertzeraino jan etorri etengabean; irekita daude dendak.

 

Ez dago ez kaiorik ez itsastxoririk, zerbait falta zaio itsasertzari eta portuari: ez da hegaztiontzat janik nonbait.

 

Herritik gertu eta itsas ondoan, baina erabat at, bi gunetan, etxolez edo zurezko etxetxoz osatu dute auzune edo herritxoa; kanpinekoen antzerakoak dira etxolok, gune bakoitza bere berdegunearekin. Pobreak izanik ere zerbait ahal dutenen edo nahi dutenen udalekua, udarako txaletxoa.

 

Ez da aparteko edo ezohizko paisaia, dena da berdegune; basoa zeharkatzen dugu tarteka: lasaia, atsegina eta polita da bidaia.

Antzara zuri handiak libre belatzean oiloak bailira.

 

Hune. Huts egin baziguten ere atzo harri errunikoek, elizpean aurkitu dugu bat herri honetako: eliza itxita zegoen, zabalik, berriz, elizpeko atea. Elizpean bertan jarri dute organo tutuarekin eginiko itsulapiko bitxia .

 

Harri premia zuten nonbait eraikuntzan harri errunikoak hormagintzan edo hilarriak zorugintzan erabili behar izateko; edo errazenera joten zuten harri tailatuok ez zutelako beraientzat garrantzi eta balorerik.

 

Gorabehera batzuen ondoren erabat lautu zaigu berriro lurraldea.

 

Fjerritslev. Izozki gogoz heldu gara baina harrotuta dago kale osoa, berrikuntza lanak medio. Herriak ez du ezer handirik: bikingo hondakinak dituzte erakusgai nonbaiten baina ez daudenez guk ulertzeko bezala iragarrita, ez gara gehiegi saiatu  bilatzen.

 

Frostrup. Bikingo hondakinak omen hemen ere, baina zailak daude aurkitzen eta ez dugu eroso galdetzeko inor.

 

Tommerby. Freskoak omen dira elizan, ateak ordea itxita daude. Elizpean bada halako harri tailatu bitxia, taila zahar bat ateburuan, eta taila bikainak absideko kanpo aldean.

 

Zuhaitz-hilerria dirudi lurraldeak, suak pasa duen basoa: eoliko tantaien basoa, auskalo zenbat dauden zuhaitz eskeletoak bailira; itxura makurra sortzen dute, norbaitek eolikook bizia dakarrela esango badu ere.

Laku lurraldea: hiru laku handi, hiru itsasotxo; guk geuk inguratu ditugu laku beraren altueran; ertzak eta bertako ur azala besterik ezin da ikusi; goitxo batetik ikusi ahal izan dugu laku bat bere osotasunean: paisaia polita da eoliko eta guzti ere.

Fiordo, itsasadar edo barne itsasoak etorri dira ondoren; itsasadar edo itsaso-ubide edo itsasarte batek bitan zatitzen du Jutlandiako iparraldea, uharte bihurtuz goi lurraldea, uhartetzat ez badute ere.

Zubiek lotzen dituzte itsasoak banatutako urruneko zatiok, irekitzen diren zubiek. Urteek erabat kolorgetu duten zahar itxurako zurezko haize-errota, padura diren itsasertz zabalak, une lehorretan behi aldrak zen ardiak auskalo ze belar mota jaten, zisneak, itsastxoriak, txalupatxo axalak itsasertzean, tantai eolikoak berton ere. Garia ereiten dute lurrak gora egiten duenean.

 

Uraren lagun bukatu dugu bidaia luzea.

Dagoen hotzarekin esne gutxiago eman behar dute behio   bgk.

Ez du ezertarako balio itsasertzeko lurrak zenbait unetan, behiak larreratzeko ez bada.

 

Bostak eta erdietan  ez dabil autorik errepidean. Hirugarrenez, katua ehizan errepide ertzean, jauzi egiteko prest gaurkoa.

Lainotu zaigu: ez dakigu zer den egun osoko zeru urdina.

 

370 kilometro, Iparrera eta Iparrean: ibili luzea, egun polita.

 

 

Ekainaren 15a. Astelehena. 51.a - 24.a

 

“poema antologia”. Bukowski: "beste batetikakoa esatea norberaren /

 deseustapena da". "gure desberdintasunak / lege bakarraren pean gordetzeak / degradatu egiten du / gizabanako bakoitza". Ados. Justizia degradazioa da. Begietan estalgarria duen justizia.

 

“Euskara batuaren ajeak”. Ibon Sarasola: Eleberria bailitzan irakurtzen dut, jakin-min eta gogo berdinarekin: gogoz heltzen diot eta penaz uzten.

 

Mehatxu eta zigor ezin gogorragotzat jarri digu heriotza elizak Inazio dohatsuaren Gogo-jardunen bidez batez ere. Izadiaren prozesu ororen amaiera berezko normal bezala jarri ordez. Hori bera irakatsi dute hainbat filosofo existentzialistek ere: denaren eza, hutsa, ezereza, pizti izugarritzat jarriz heriotza. Gu ez gara oraingoak izanen heriotzaren ondoren, baina izadia izanen da, izakiak hilko dira baina izadiak iraungo. Gu bakoitza izadiko katea-maila izanen gara nahitaez. Gu bakoitza eta orokortasunean, izadiaren ezinbesteko oinarriak gara. Heriotzaren aurre-pausoak, gorpuzkiak ahultzea, ahitzen eta desegiten joatea, horiek ez ditu arbuiatzen edo gorrotatzen gizarteak, alderantziz gaixoak eta zaharrak mimatu eta zaindu behar direla esaten zaigu, zahartzea eta hiltzea prozesu bera dela ahaztuz edo isilduz.

 

Bizpahiru orduko gauak.

 

Ozenagoa edo motelagoa, kanpin orok du errepide hotsa. Ez dago inguruan errepiderik ez duen gunerik gure gizartean. Kanpin honetan Lufat, aireportu militarra dugu: ikusi ditugu gerra hegazkinak, baita ere izan da halako trumoi-hots ikaragarria, gortzekoa eta luzea, lurrikara bailitzan karabanari dar-dar eragin diona.

Pak-pak-pak...  hurrean dabilzkigu mutilak gizakiak hiltzeko trebatzen. Badugu kuartelen bat inguruan, hesien bestaldean gerra hegazkinak, kamioi militarrak maiz errepidean: militarren, munduko jabeen, edonongo presentzia.

* Badirudi jolasa bihurtu dela belarmoztea: orok du belarra mozteko sega automatikoa, etxaurreko belar motza motzago uzten duena: belar motza moztea, hainbat jubilatu, agure eta etxekoandren denbora-pasa.

 

Aalborg eta Norresubdy: penintsula alderik alde bitan zatitzen duen itsasadarraren alboan, alde batean bata bestean bestea, aurrez aurre: zubi luze eta zabal biren bidez lotzen dute elkar, errepidea  da zubi bata trenbidea bestea: zubi biak altxa egiten dira itsasontziei bidea emateko; bada autobiaren beste zubi bat ere urrutiago, honek nahiko tarte uzten die ontzioi. Biltegi eta industria-gune dira itsasadar ertzak, ez da ikusten bertan ontzirik.

 

Aalborg. Hiri handia, oso zabala, kanpotarron ibilia erdigunera mugatzen bada ere. Joan eta bertan ibiltzeko hiria, zerikusi eta saltsa handiko bizi-bizia da-eta; erdi itxita goizean, erraz irudikatzen duzu eguerdian egonen den bizitasuna. Ez da polita, bai giro handikoa. Antzinako eraikin ikusgarri pila, estilo eta mota orotarikoak: girotu egiten dute hiria. Erdigune zabala, bizia izateaz gain ederra, zerikusi ederrez aberatsa: apotekea, banketxea, eliza, bestelako etxeak  antzinako giroa gordez, behe solairu soileko kalea…. ez da zerikusirik falta. Museoz oparoa, ugariak dira antikuarioak. Erruz dabil jendea oinezkoen kaleetan. Dendak gune zabalean. Taberna edo jatetxe dira kale bateko bi aldetako azpiak. mahaiteriak kalea erabat betetzen du luzera osoan oinezkoentzat tarte bat soilik utziz erdian. Parranda hiria dirudi. Errepidea den kale erdian zezen baten estatua, adarka egiteko jarreran: lehengoan zaldia zen, hemen zezena: nekazari ukitua. Sankt Budolphi kirke: hiru nabeko ezberdina; pulpitu ikusgarria zurean tailatutako Moisesen burugainean sostengatua, ongile jauntxoen koadroak, hilarriak -presbiterio bueltako horman itsatsiak hemen-, bankuteriko sarreran diputazioko mazalari pintatuak, koru ertzeko balkoiak, grabatu ordez zulatuz dotoretutako lanparak, eta elizpeko fresko ederrak, naifak, bere antzinakotasunean, garbituak bai baina berpintatu eta aldatu gabe.         Von Frue Kirke, Andra Mari Eliza: urrekoloreko bataiarri landuaren tapatzar ederra sabaitik zintzilikatuta dago, bere astunean ia ukituz altxa daiteke sabaiko polea eta kontrapisuari esker; pintura argiko erretaula, harrizko zutabeak kapitel landuekin, burdineria eta katabutak, ongileen koadroak eta sarrerako ateburu landua zein Herodesen irudi zizelatua. Bada nonbait katedrala ere baina ez dugu aurkitu gure ibilian.

Hamabietan makina hondeatzaileek kalea zulatzeari utzi diotenean entzun ahal izan dugu karilioia: doinu ozena baino trakets zamarra.

Erdiguneko tarte zabalean lurzorua berritzen ari dira, aspaldiko galtzada edo kale zoladura ageri da azpian: zer egingo ote diote, argazkiak atera eta desegin?.

Kaleko jendetza trinkoenean bi emakume burutik oinetaraino afrikar jantziekin, telebistan ikusi ohi ditugunak, Afrika barru-barruko jantziekin, Afrikako herritxoetan ikusi ohi ditugunak. Bazirudien batek harro zeramala gainera bere jantzia. Kontraste deigarria egiten zuten.

Zenbait dendatan frantses hitzak ezartzen diete jantziei, "chic" zen hitz horietako bat adibidez, salmenta errazteko, arropa bera dotoreagoa egiten duelakoan-edo: hizkuntza saltzailearen amu bihurtuta.

 

24 graduko hozberoa dugu gaur.

 

Norresunby. Herri ezberdina ikusi dugu gidaliburuaren egileak eta guk, ez dugu berak ikusi zuenik ikusi. Gidaliburuak aitatutako kaleetara jo dugu baina ez dugu aurkitu dioen girorik, ibili ibili gara herrian baina ez dakigu zeri deitzen dion "kale labirintua". Ez dugu ezer interesgarririk ikusi, hobeki ez dugu deus interesgarririk aurkitu, herria gogora ahal izateko "Hiru belaunaldi eta katua" deitu daiteken eskulturari atera diogu zerbaiti atera behar eta herriko ohizko argazkia.

 

Ekainaren 15a. Astelehena. 51.a -  24.a

 

Lurralde barri bat dugu gaur ibilbide gune, Jutlandiako goi zatia, Aalborg-en itsasoak penintsula bitan zatitzen duenetik gorakoa.

 

Sortaldera eta Iparrera jo dugu  itsas kontratik, Eki aldeko itsas kontratik gaur, Kategat itsasertzetik, sartaldeko itsasertza baitzen atzokoa. Ibili osoa ia itsasertzetik doan arren ez dugu itsasorik ikusten, tarteka ez bada; hareazko lurretan eta itsasora doazen hareazko xendetan nabari da soilik itsasoa hor dugula. Bere berezkoan daude itsas bazterrak.

Ez zaigu paisaia fisikoa aldatu, azaleko begirada batean behintzat.

Zaldia da ugariagoa dena. Eliza dorre bat izan zaigu ezberdina, puntazorrotza baita; ez da antzinako etxerik ageri, bakarren bat ez bada.

Herrietan ez da abiadura mantsoarazteko jarritako oztopo edo estugunerik, bai ordea herriko izena iragartzen duen hesola berdinean polizia motordunaren kartela, astiro joan gaitezen mehatxuka.

Itsasotik hain gertu egonik ez dute itsas girorik herritxook, ez uda girorik, ez hondartza girorik; ez dute nonbait itsasoarekin harremanik, nekazari hutsak dira.

 

Hartu dugu gurekin itsasoa, tarte batez, belar latzekoa dirudi bereganaino dugun belatzak; tarteka padura, eta noizbehinka behi aldra belar tarte bigunenetan.

 

Voersaa. Granja bati atera diot herriko argazkia: etxea bera, korta eta baserriko zereginetarako jasotako eraikinek, hirurek, U eginez daude elkartuta, baina fisikoki elkar lotu gabe; leihotxo asko, ate zabala eta ate gaineko teilatu punta alakan, xaflanean, bukatuta. Ibaia dute herrian, presa batez puztua nire irudikoz; bertan dabiltza txalupa eta pedalontziak, bada nonbait udatiar eta kanpotarrik.

 

Saeby. Antzinakotasuna galdu gabe, uderri modernoa. Bi kale, udatiarrentzako denda-gune dira. Horrez gain behe solairu soileko etxeteria eta kale oso zaindu politak. Eliza zuri txukuna.

Errota bateko presak hesitzen du ibaia; polita doa presa ondoren, baina zikina,  itsasertzean ikus daitekeenez. Portu hasia, harrizko moila sendoarekin. Hondartza luzea eta meharra, harea zuri finekoa: itsasora sartzen diren harrizko mutur edo harri-lubetak egin dizkiote, ez dakit zer edo norengandik babesteko, hondarra hor egon baita sekulorun sekulotan; Mediterraneko sindromea dute nonbait, politikoren bat joan da hara udapasa baina ez diote esan alferrikakoak direnik lubetok eta hainbatek kentzea aholkatzen dutela alferrikako eta kaltegarri bilakatu direlako.

 

Harrizko mutiko pentsalaria oinak beratzen plazako iturrian.

Bi hartz bastoi eta guzti paseatuz kaleetan, ume eta ibiltarien irriñoa eraginez: bada istorioren bat zeren, ez da gaur egungo asmakizuna, postaletan ere baitaude hartzok.

Nola defendatzen duten zisneek bere kumeen esparrua, ahate eta ahate kumeak ingurutik bidali eta ingurua libre gordez!.

 

Frederikshavnera bidean belaontziaren oihaltzar izugarria dirudi ferrya behar duen ontziak zerumarran.

 

Frederikshavun. Wendsyssel lurraldeko hiri nagusia. Zabala eta biztanle ugarikoa izanik ere kale bakar luzea du bilgune bakarra; bada kaletxo bat jatetxe eta tabernekin; bada  eliza harrizkoa lau kantoietako bakoitzean dorretxo punta-luzeak dituen dorre punta-luzearekin; ezer gutxi gehiago eskaini digu hiriak. Portua, nabarmena da, handia da eta itsasontzi asko ditu moilan lotuak, gerraontziak tartean;  ferry asko omen Norvegia eta Suediara joan etorrian. Egun-pasakoa dirudien jende asko dabil kalean opor giroan: agian kaleko hainbat ibiltari norvegiar edo suediarra da, baina ez diegu igartzen, ez ditugu bereizten, hizkuntzagatik ere.

 

Hainbat gazte, neska zein mutil, ikusi ditugu egunotan formaz bereziak diren biseradun buruko zuriekin, azken moda nonbait. Sendotasun gutxiko gazteak, nortasun ahulekoak, bere burua sanotu nahian, beste bat kopiatuz zerbait erakutsi nahian, denak burkoaz berdinduta; agian aurkakotasun kontzientea azaleratzea da askorentzat.

 

155 kilometro eskolan ikasi beharra izan genuen izenaren bezain zailak zaizkidan izeneko Kattegat inguruetan. 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.