BIDAIAK 98.
ALEMANIA
Danimarkakoarekin alderatuz hasi dugu Alemaniakoa, berez datorkigu bata bestearekin erkatzea. Ez dugu ikusten ez granjarik ezta herri txikirik ere, lautada berdea izan arren. Behiak eta galsoroak bai badira.
Auto handiak ziztu bizian.
Kanpina. Aurkitu-erraza uste genuena, bila ibilita aurkitu dugu, azkenez. Schleswig herrian. Danimarkaranzkoan ikusi genuen bera. Ezagunak ditugu Alemaniako kanpinak: berdegune trinkoa eta zerbitzu garbiak eta onak. Laku ertzean, hiriaren aurrez aurre, hiriaren beste aldean. Katedralaren dorre-orratza eta etxe-orratza nabarmentzen dira, biak nork baino nor gorago lehian.
Ez da daniarra lurralde hau, alemaniarra baizik, baina bikingoa ere bada nolabait.
Schleswig.
Holm auzoa, S. Petri Dom edo katedrala, golkoa eta denda-kalea dira ibiltariarentzat lau interesgune nagusiak; artezaleak badu gaztelua, baditu museoak.
Holm auzoa: izugarri atsegina da, gidaliburuak nekazari etxetzat jotzen dituen arren arrantzale auzoa behar du izan; itsas ertzean dago, itsasora dute alde bat etxe askok bere atrakaleku eta guzti, eta arrain bat dute marraztuta edo grabatuta sarreran hainbat etxek. Etxeteriak bilduzko erdiko zabalgune borobila, hilerria da plaza litzakeena, lorategia dirudien hilerri dotorea, kapera zuria du erdian. Etxeak: hilerrira jotzen dute kaletxo eta etxe pospolin xarmantek, banan-banan argazkian harrapatzeko irrika sortzen duten horietarikoak: kaledi lasaia, atsegina, zaindua; laku ertzeko etxetxo bakoitzak du bere gune propioa laku ertzean, batelentzako moilatxo, hondartzatxo edo lorategi bihurtuta: denek dute txalupa, batzuk arrantzan egiten dute, beste batzuk arrantza tresneria, butroi edo antzerakoak erakusten dute; gertu, katedrala eta katedrala inguratuzko plaza: leku lasai atsegina. Dom katedrala: gotiko nabarmena, adreiluzkoa, kanpo zein barrutik, gorri ezberdinekin jokatuz batez ere korupean; daniar elizen antz handia du barrutik, hau ordea ilunagoa da, beteagoa dago, agian katolikoa delako; ganga osoa, atzetik aurrerakoa baina batez ere presbiterio gainekoa fresko apartez dotoretua; erretaula du batez ere erakusteko: zur-lan izugarria triptiko bezala eratua, bai taila-lanengatik bai tamainaz ikustekoa; pontea, metalezko artelan aparta; hegian kalbarioa duen arku landua presbiteriora sarreran; lanpara oso kiribilduak; ongileen argazkiak izugarri landu eta handiak; pulpitu landua; katabutak kaperan; ongileen argazki pintatuak; hilauzak; adreiluzko klaustroa, ganga oro freskoa. Nahikoa izan dugu katedralarekin artelanez asetzeko, jai eman diegu gazteluari eta museoari. Denda-kalea, bizia, autoengandik babestua, bada etxe ederrik bertan, eskaintza ere oparoa da: erruz dabil jendea. Inguruko kaledi gustagarria, txukuna eta jantzia: badu zer begiratu, kanpaia kalean duen eliza tartean. Bikingoen kultura eta historiari buruzko museo edo erakusketa. Gaztelua, hirian bertan, albotxoan, kanpotik begiratuta dotorea. Golkoa, belaontziz, txalupez eta berdegunez hartuta bazterrak, hiriko zati garrantzitsua da, itsasertz oro bezala zabala eta gustagarria, urari edo ontziei so bertan egon zein paseazeko aukerakoa.
Izozki gozoa eman digute baina hemengoak ez du daniarren esnegainik
Ia ez dabil bizikletarik. Autoa berriz golkoko eltxoa bezain ugaria da.
388 kilometro, etxetik hurrago egin gaituzte.
Zeru-marran sartu aurreko eguzki gorriak digante bihurtzen gaitu golko ertzeko belatzako gerizan, azken eguneko paseoan, padura alboan. Beste arrengandik libro gordetzen du emearen eremua ahate arrak. Zisne arra hegoak zabal lumak harro lepo-luze jarri zaie hiru gaztetxori, hauek ezkutuko zigarroa erretzeko eseri direnean golko ertzeko lurmuturrean. Beste aldean hiria zilueta bihurtzeraino ahuldu zaigu argia, garaiagoa eta zorrotzagoa dirudi katedralaren dorre-orratzak.
Amona txiki zimurtua zegoen laku aurrean eserita, bota dituen ogi-apurrak jatera hurreratzen zaizkion kaioak aterki gorriaz uxatuz. Harrituta b ikusi dugu egiratzen geniolarik txoriak bertaratu zaizkio apur bila: horiek ziren bere gonbidatuak. Ondoren kaioa txoriari ogi zatia kenduzko lehia bizian: txoriñoak defendatu ahal izan du bere afaria.
Ekainak 23a. Asteartea. 59.a - A:3.a
Umeen artean dabiltza ahateak. Ez dut uste umeok izan daitezkeenik ahateon ehiztari udazken batean. Ikusi dut baina ere neskato bat ahate baten atzetik mehatxuka: litekeena da, beraz, balizko ehiztariarena.
Bozgorailu bana du kanpineko komun bakoitzak, belarrien parean, uneoro musika ozena eskainiz: asmakizun egokia albokoaren uzkerrak eta kaka-hotzak ez entzuteko. Oharren bat ematen dutenean, zeregin pribatu horretan harrapatzen duena ere jakitun egiteko izanen da.
Erruz hiltzen dira Alemanian ere trikuak errepidean: bere bizitza-eremua erdibitzen du nonbait galipotezko hesiak, nork jakin argiaren deira ateratzen diren edo maitasunaren deiaz doazen bestaldeko bikotearen bila.
Lastozko teilatudun etxe edo granja dotoreren bat tarteka, granjaren izena iragarrizko harritzarra, granja eta etxebizitza elkarlotuta… ezagun da bikingoa izan zela lurralde hau, agian ere dela, politiko banatzaileek alemaniarra egin badute ere. Zein ote herritarren sentipena, bikingo arrastorik ba ote barneko tolesduretan.
Leihoetako edergarriak, uralitazko teilatua… Holandan ikusi genituenen antzerako belar, abar edo lastozko koroak dager zintzilikatuta etxe aurrean.
Industria-gune zabalak eta biziak, banderadun koloretsuak: kemena eta ahalmena erakusten dute; saltokiek ere harro eta deigarri erakusten dute trapuzko gandor kolore anitzekoa. Indarra du negozioak, deiadarka dago. Agerian dago hirugarren mundu-gerra irabazi duenaren harrotasuna, ekonomiaren bidez irabazi baitute irabazi ere. Europa osoa menderatuz. Bizi diru gehiagorekin bizi dira alemaniarrok, nabaria da ez bakarrik dirua banketxean aldatzerakoan, gizartearen beraren bizi mailan ere bai. Hobeto bizi diren ez dakit. Zoriontsuago?.
Eliza-dorreek erakusten dute gehienetan hiri bateko erdigunea non den; dorreen norabiderantz jo ohi dugu eta inguruan autoa non utzi bilatu.
Flensburg. Fiord baten bukaeran eraikia, leun baina gorantz eginaz eraikinak alde bietan. Etxe eder asko; solairu, estai gehiagoko etxeak, etxe handiak zenbaitzu, batez ere kale nagusitik goiti ikusten direnak; ez du hainbat lurralde alemaniarreko errenazimendu edo zur tailatutako fatxadarik, daniar etxeen taxua dute, antz berdinekoak dira adreiluzkoak ez badira ere; bada adreiluzko eraikinik, batez ere fiordo aldean, baina daniarraren ezberdina da adreiluaren erabilera.
Denda-kale bakarra baina izugarri luzea, zabala eta bizia. Elizak: 3 eliza kale nagusiaren luzeran, 4. eliza bat fiordaren bestaldean. Nikolaikirche: sendoa, sendoagoa egiten dute zutabe borobil lodiek; lurra erabat jasota du, induste lanetan dabiltza, agirian utzi dute dagoeneko aurreko azpiegitura; plastikoz bilduta edo alboko kaperetan gordeta dago elizako gauza oro; antz ematen zaio organoari ederra izan behar duela, karkasa eta dotoregarriz behintzat; dorre berezi garai orratz-luzea du. Helligankirke: izena ez ezik barrua ere daniarra du. 3. Eliza: Danimarkan ikusitakoen osagai berdinak ditu: bataiarri metalezko landu paregabea, ongileen koadro izugarri dotore eta edertuak, fresko hondakinak bi ganga zatitan, Kristo zintzilikatua presbiteriora sarrera gainean, pulpitua… etab; hilauzak: kanpoko hesiko horman jarri dituzte, non jarri jakin ez-eta, nonbait.
Eragin handia du itsasoak: industria edo ekonomia gune da fiord ertza, baita hiriko aisia-gune ere, bertako jatetxe, tabernek eta kale nagusiaren portuarekiko kaletxo sarearen loturak erakusten duenez.
Jatetxe, pizzeria eta antzeko asko, okindegiak batez ere. M. Luisaren aburuz, jantzi-eskaintza ere ezberdina da.
Motzak geratu zaizkigu parkingak eman dizkigun bi orduak.
Hemen ere plazan daude “herriko onenak", garagardo botila ezpainetan eta zakurra lagun alboan.
Kamioitzar ibiltaria jarri du plazan Bundestag-ek, auskalo zeren kanpaina den.
Burdinazko ez dakit zeren pieza astun bat jaso dut portura bidean, papergainerakobaliagarri ez ezik hiriaren oroigarri izango zait.
Lur-zoruko harri-laukitxoz dotoretzen ari dira zutoin larri baten azpibuelta.
Alemania honetan, herriko kaleak ez ezik errepide oro dago berrikuntza lanez oztopoz gainka: "berritu ala hil", hori da nonbait kontsigna, edo " berrituz patrikak berotu".
ANGELU
Hemendik atera omen ziren Ingalaterra kolonizatu zuten angloak, V. eta VI. gizaldian. Antzinakotasun jitea du lurraldeak, etxeetan nabarmentzen da batez ere: Gehien bat Danimarkako hegoaldean ikusi genituen parekoak dira etxeok. Gaur egun ondo-bizien etxebizitzak dirudite, emigratu beharrik ez dutenenak, ekonomiak kolonizatu duen lurralde honetan gizartea bermatu dutenenak.
Antzinako etxe, haize-errota eta antzerako eraikinekin osatutako museoa ,ordainduzkoa nola ez, zabaldu dute eremu zabalean, ordu ederrak bota daitezke bertan, ugari heltzen zaizkio bisitariak ere.
Daniar edo bikingo sustraiak ditu herri honek: -“rup” bukaera daniarra dute herri-izen askok.
Harritzarrak granjako sarrera iragarriz, harri errunikoen kultura daniarra erakutsiz.
Kappeln. Izozki bat hartzeko erdikale tentagarria du, baita fiord ertz tentagarria ibilalditxo baterako ere, baina haize-errotari argazkia ateratzeko soilik geratu gara: euriak ekin dio, eta etxera egin dugu fiordoa zubitik zeharkatuz. Egurrez egindako hesi-presa edo egitura berezia da fiordoan.
129 kilometro, euriak moztu dizkigunak.
Foirdko uren ertzeko lur-irtentxo baten gainean, ilunabarreko bakardade erabatekoan, dena bare, dena isil, aurrean S.Nikola katedralaren dorre sendoa orratz luzea zeruan marraztuz, zisne zuria hurbil eta ahateak auzo, ur iluna aurrean eta belar berde gordina atzean, ospatu dut S. Juan bezperako suaren erritoa. Ez dakit ze erakarpen eraginez, kartzelako patioan ospatutakoak izan ditut gogoan eta ez dakit noiz eta non hautsontzi batetan ospatutakoa. Gora Bizitza, gora Argia, gora Beroa.
Izen-abizenak ematen ditu automatikoki ARAL gasolindegiko txartelez eginiko pagu ordainketaren ordainagiriak: diru-txartelen bidez publiko da gure datu oro mundu guzian, agerian utzi digute nortasuna, gasolindegiko neskak ere badaki jadanik gure berri, poliziak zer ez ote jakingo.
Ekainak 24a. Asteazkena. 60.a - A:4.a
“Poema antologia”. Bukowski:
* "liburu on bat / gai da / bizitza / kasik ezinezko bat / bizigarri bihurtzeko". Laguntzaile bada behintzat.
* "Hain da estrainioa / bizirik egoteagatik / ondo sentitzea". Hori da ba zoriona!.
Hiru zozo ditut aurrean pare bat metrotara belartzan mokoka. Ikaragarria da elkarren arteko elkarri lapurtzea, besteak aurkitutako mokadua mokotik bertatik besteari kentzea. Borrokatzea, lehia, bizitza-legea?.
Ahate edo antzar bando ikaragarri batek zeharkatu du oso goiti laku gaina, marra ilun kurboz marraztuz alderik alde zuhaitzek uzten diguten laino arteko esparru urdina. Bihar emigratuko dugu guk Bukowski-ren "ohiz kanpoko ezer / egin gabe"ko horretara. Baina "ohiz kanpoko" hori zaigu ohizkoa gehienetan.
Hegada luzeegia dute goiko hegaztiok antzarrak izateko, agian ahateak dira: lepo-luzeak dira eta lepo-luze egiten dute hegan: milaka dira zeruan, ehunka landetan. Leku aldaketa, oraindik bukatu gabeko migrazioa, hegan egiteko ahalmena zaindu eta gorde beharra udazkeneko hegaldirako.
Alemanian ere jakin badakizu noiz ateratzen zaren errepidera, ez, berriz, noiz helduko zaren helburura: argi gorriak, bidezainen belar-mozketak, errepide konponketak, kamioi mantsoak, autobusak, ordu-erditik gora egin dugu Eckernförde zeharkatzen.
Eckernförde. Golko batean. Hondartza luzea du, laku ederra, zisne zuriz erakargarriagoa: eguzkitan egoteko halako jarleku, agian etzaleku bihurtu daitezkeenak, bere aterpe eta guzti; Rostozk inguruan ikusi genituenen antzerakoak, baina txikiagoak.
Kiel.
Jaietan dago, 8 egunez. 5 ordu egin ditugu oinez, hirian, 5 orduak jendetzaz bildurik, hasi erdiguneko ertz batetik eta ubidea hasten den tokiraino, moila oro ibiliz. Giro izugarri bizia. Denetik dago kalean, izugarri aberatsa da jai eskaintza kilometro askotako luzeran, bai hiri barruan bai moila gainean, mila kinkila-denda eta txosnez gain hainbat eta hainbat oholtza, mila ekitaldi ezberdin oholtzetan, dantzari nahiz kantari, musika klasikoa, modernoa zein herri-musika, arrantxeroak barne, esparru zabalak umeentzako mila aukera eder ezberdinekin, ehunka ume saltoka plastiko puztu erraldoi ezberdinetan, kale kantariak, karikaturagileak, titiriteroak, kale zorua oihal duten pintoreak, garabi puntatik hankatik lotuta jauzia egiteko aukera hiri barruko plazan, bola zuri erraldoi batean sartuta harat-honat txilipurdika bezala ibiltzeko umeentzako jostailu erraldoia guretzat berria... Feria bat ere bada plaza batean non sortaldekoen txosnak diren nagusi: autobus pakistandar bat gertatu zaigu erabat bitxia.
Itsas-soldadu pila, ontzi eta armada ezberdinekoak, errusiarrak tarteko, dabiltza kaleetan bere jantzi betikoarekin. Jazz emanaldi ikusgarria eskaini digu itsas soldadu bandak eta dantzak eta abestiak koru errusiar batek. Erruz edaten da garagardoa, erruz jaten saltxitxa. Baina ez da ia paperik lurrean ikusten, plastikozko baso bat bera ere ez: gureetako jaialdiez gogoratu gara.
Portua: ez du akaburik, ferry erraldoiak, gerraontzi pila, itsaslapurren eta kirol belaontziak; milaka herritarrek, ume nahiz heldu, egiten du joan-etorria belaontziotan; izugarri bizia dago fiorda eta itsasadarra belauntzi txikiez beteta: ikustekoa.
Eraikuntza aldetik ez du zer erakutsi handirik, erabat hondatu baitzuen gerrak. Udaletzeko dorre berreraikiak ehun metrotik gora omen ditu altueran baina ez da batere ederra. Eliza: herri altxor paregabeak gordetzen ditu: 1606.go triptiko tailatu polikromatua den erretaula non berriz ere ageri diren Kalbarioko bi lapur xelebre; metal landuko ponte aparta, Moisesek burugainean eusten duen pulpitua, ongileen elizpeko lauki argia, kapera bateko bigarren triptiko bat, presbiteriora sarreran Kristo zintzilikatua, Kristo txiki bat, tapiz bat...
5 ordu paregabeak pasa ditugu, hamar izan zitezkeen: azken izozkiaz gozatuz eta opariak erosiz bukatu dugu bisita.
Alemanian egonik, saltxitxa bazkaldu dugu eta garagardoa edan.
Kuartela inguruan dagoelako, muga ere bertan delako, agian militarrak deneko jabe direlako, militarra ikusten da denean: autobusak, jeepak, kamioiak...
Baratzak, zainduak eta ugari, Kiel sarreran.
Ez ditugu denak gogoratuko, baina gozatu dugu elizok ikusiz
98 kilometro, azken irteerako azkenak.
Azken begirada bota nahi izan diot lakuari ohera aurretik, gaueko bakardade eta isiltasunean, txorien eta batez ere ahateen hotsak lagun. Paduran gordeta daude ahateak.
Schleswigek badu hirugarren orratza, zeruraino bezain luzea, argi gorriz nabarmena gauez: komunikabide dorrea. Etxe-orratza misterioz betea agertzen da tarteka argitutako leihoak medio, elizarena berriz marra beltza da zeruertz gaineko laino oraindik argitsuan.
Ispilu koloretsua da lakua hiriko argiez. Gau magikoa da gaurkoa, magikoagoa agurraren ukituaz. Hor bestaldean, hirian, hemen kanpineko isilean, jendetza bizi da, bakoitza bere bizitza berearekin.
Ekainaren 25a. Osteguna. 61.a – A:5.a
Uste baino korapilatsuagoa, beraz ibilaldi luzeagoa gertatu zitzaigun Danimarka. Ondoren, azaletik eta arinki ikusi dugu Ipar Alemania lurralde hau. Hur dago Friedrichstad, holandar exiliatu edo iheslariek sortutako herria, hur Husum portu polita edo Bredstet ingurua, itsasoari lapurtutako lurraldea: baina ikusi gabe utzi behar ditugu. Ez gara deserrituak, bi hilabeteko ibiltariak gara soilik. Herrira goaz, gure herrira.
Badirudi hiru eguneko atsedena hartu dugula, azken hegaldirako hegazti migratzaileak gertatzen diren bezala. Ekinaldi ia bakarreko hegada luzeari ekin behar diogu.
Ez da gozoa izan ia Danimarkako mugatik, Saarbruck tartean, Frantziaraino egin dugun bidaia, Alemania osoa zeharkatuz goitik behera. Hamburg-eraino erraz joan da, handik aurrera zaildu zaigu ibilia. Tarteka 35 gradurainoko hozberoa, Franfurt inguruan berriz ekaitza eta haizea, trumoia, tximistak eta euria, kilometrotako bidean, zenbait unetan ez genuen ikusten 100 metrotara ere; hiru aldiz eduki gaituzte geldi, ez dakigu zergatik kilometroetako ilaran, barraskiloa baino mantsoago, batzuetan bidezainak bere furgonetarekin zerbait konpontzen ari zirelako bide bikoitza bakarrera estutuz, beste batzuetan ez dakigula zergatik. Autobidea txarra, trikitrakeorako zorua duena. Izugarria izan da kamioi kopurua, are handiagoa autoena. Buru-belarri errepideari lotuta, atsedenik gabe, aurrekoari atzekoari eta albokoari adi. Bukatzeko, nire hanka-sartzea dela da, premiarik gabe zeharkatu dugu Saarbruck. Baina onik heldu gara lotarako etxerako bide erdira.
%4 desnibela du Hamburgeko tunelak.
Zirkulazio trinkoa eta nekosoa; motoristak, ugariak. Abiadura bizian dabiltza denak besteok ere horretara behartuz, errepideak bere legea ezartzen baitu.
Patata-sailak.
Hannover inguruan, gerora ere, garitzak, ez dela eguzki lekua eta arto-lekua dela diotenei jaramonik egin gabe. Mendia dirudien tontor zuria: lantegi baten hondakin edo zaborreria izugarria pilatuta.
Kassel ingurua zeharkatzen dugu, duela bi urte ibili ez ginen lurraldea, kontra-eskura zetorkigulako eta halako erakargarritasunik eskaintzen ez zigulako. Lurralde zabala, laua, baina mendiek bildu eta babestua, mugak begi-bistan dituen bailara zabala, mendilerroa ikusten dugu aurrean zein alboetan. Gora-behera handiak ditu errepideak. Zuhaitz ugari. Industria hiria dirudi Kassel hiriak berak, baina lurraldea nekazaria da.
Argindar dorreak zabalera osoan, basoa bailira: fantasma eremua dirudi trumoipean.
Frankfurt. Etxetzar multzo izugarria ikusten da errepidetik; koadroa osatzeko, lurra hartzera-edo hegazkin handi batek zubi gainean geldi zegoela zirudien, irudi bitxi eta ezohizkoa sortuz. Iparramerikarren basea iragartzen dute errepidean. 3.Mundu-gerra irabazi duen arren Alemaniak ezin du bota oraindik amerikar ejertzito zapaltzailea.
Saarbrucken, zeharkatu besterik ez dugu egin: hiria bera oso ederra ikusten da, parke ederra, ibaia, bi eliza-dorre eder ... oso hiri majoa dirudi. Parez pare, berriz, tximinia izugarrien zirrara, aurreko bidaietatik keetan gogoratzen dugun tximinia zabalkote erraldoia. Hiritik aurrera mahasti izugarriak. Oso dotore ikusten dira herritxoak mendi magalean: ikuskizun paregabea da, eguna ia bukatzear, azken orduko hau. Gu geu gaude nekatuegiak ikuskizunaz behar haina gozatzeko.
897 kilometro egin ditugu Alemania zeharkatzen.
FRANTZIA
Konturatu ere gabe Lorraine lurraldean geunden. Lurralde irekia, leuna, baso kaskoekin. Muga bestaldera besterik ez eta militar kamioiak ditugu errepideko lagun.
Eguzkia izugarrizko bola gorri ikusgarria da laino mehe ostean, zeru osoa gorrituz: ikuskizun paregabea aurkitu dugu gasolindegi batean lotarako geratzea erabaki dugunean. Kamioi artean afaldu dugu, zeru gorriari so.
897 kilometro, etxera hurreratuzkoak.
Ekainare 26a. Ostirala. 62.a – F:1.a
Frantzia zeharkatzen dugu gaur, lurralde jadanik ezaguna, bertan mutu behintzat geratuko ez garena. Goizeko bostak eta erdietan ekin diogu ibiliari. Ibili luzea baina lasaia eta erosoa. Agian pagukoa delako, agian Frantzian oporrak ilunabarrera arte hasiko ez direlako, kotxe gutxi gabiltza errepidean, erosoa da gidatzea.
Behe-lainoz atera gara: izugarri polita dago ingurua, lehen orduko lainopean. Ezkerretik atera zaigu eguzkia, arratsean eskuinetik sartzen ikusiko dugu, eguerdiz gainean eduki ondoren.
Garia da nonbait Europako elikagai nagusia, ez da besterik ikusten soroetan. Ondoren haragia, esnea eta esnekia behien eta belartzen arabera. Izan dira bi belar-sail zabal: gorria bata, zuria bestea, kolorez tulipan saileri sorrik ez zietenak. Berriz ere ikuskizun bihurtzen da petrolio-putzuko mailuen gora-beherakoa garitza erdian.
Loira bailara, garia ebakitzen ari dira, beherago eta horiago daude galsoroak.
Landak lurraldea, Danimarkakoen antzerako dunekin egin dugu topo.
Lehenengo astakeria muga zeharkatu bezain pronto izan dugu: maniobra arriskutsu bat egin digu kotxe batek denok arriskuan jarriz.
EUSKAL HERRIA: mendiz bilduak sentitu gara.
SAKANA, bi hilabete ondoren kare-harri mendiak dira gure begien ikuskizun.
1.216 kilometro, etxera ekarri gaituztenak.
14. 450 kilometro, bidaia osokoak.
Bukatu da aurtengoa.