BIDAIAK 98 . DANIMARKA
Ekainaren 17a. Asteazkena. 53a. – D:26.a
Diosalean aurrea hartzen dietenek, nire "egunon, kaixo" edo antzerako zerbaitekin erantzuten didate beraiek ere, nik aldiz euskaraz edo ingelesez erantzuten diet beraiek aurrea hartzen didatenean, ez baitiet ahoskatzen duten piperrik ulertzen, ez zer dioten argitzen beraien erantzuteko.
Ahate bikotea izan dugu gosari bila goizean, auskalo zein aintziratik etorriak. Arra emearen atzetik beti, emea noiz bero jarriko.
Belearen eta mikaren hibridoa izan behar duen bat ere izan dugu bisitari egun hauetan.
Haizea, euria, behe-lainoa; egun tristea dugu lagun gaur.
VENDSYSSEL
Jada lurralde ezaguna; Iparrera eginen dugu gaur, Skagenera, eta han lurraldearen azken ipar-muturrera: sakonean eskolan izenok ikastea hainbeste kosta zitzaidanaren mendeku inkontziente eta isila delakoan nago.
Sulsted. XV. gizaldiko freskoak omen elizan, baina ez dugu elizarik aurkitu ahal izan.
Eguraldi txakurra, eguzkiak lainoak zulatuko dituen itxurarik gabekoa.
Herri gutxiko lurraldea. Erabat laua, zuhaitzik ez dagoenez are lauagoa.
Brindeslev.
Herri gutxirekin diraugu Sortaldera bidean, lurra berriz harrotzen hasi da. Belarra bere horretan utzia bezala dago hainbat sailetan.
Euriaz gain, euri-giroa; behi zuriak, melatzen eta beratzen ikusten ditugun ardiak eurak ere zuriagoak; behi holandarrak, zuri-beltzagoak. Larri doaz haize eta euripean txirrinduzaleak, plastikoan bildurik errepide ertzeko bidegorrietan, hankei nekez eraginez, gurpildun tramankuluak erabat zamatuta, hurrengo kanpinaren bila.
Mugarriak aldatuko dizkioten kezkaz edo, zuhaitz-ilaraz banatuta lursailak, hegoan sarrerakoan bezala. Herririk ez, granjak, baina, ugariak dira, sakabanatuta, bakoitzak zuhaitz tortoa edo basotxoa inguruan dutela, agian geriza edo aterpe bila sartuak: oasia dirudi granja bakoitzak zuhaitz gabeko eremuan. Bada granja ederrik, zuriak gehienak; zenbait granjaren berezitasuna ordea horma zuria eta adreilu gorriaren nahastura ezberdina litzateke. Adreilurik ezean pintura gorria darabilte. Ez da granjara sarreretan edo bide hasieratan harri errunikoak jartzeko kulturarik: agian harria da falta dena.
Koskortu egiten dira goranzko muinoak Sortaldeko kostaldera hurbiltzean. Tarteka. Hain direnez leunak eta berdinak muinook, apropos eginiko mendixkak dirudite. Erdigunea tontorreria horren ondoren: ikuspegi zabala izanen zen egun eguzkitsuarekin, baina gaurkoa ere polita da, behealde osoa gandupean erdi gordeta, geruzaz bildurik: misterio kutsua du, ipuin, errito eta mitoak sortzen direnetakoa.
Ilunaren ilunenean goaz, laino beltza aterpe; zaparradak astintzen gaitu; 11 graduko hozberoa, hotza garai honetarako. Behiak ez du atsegin belar hasian larrean egitea, nahiago du garbi-gunea nahiz erdi lokaztuta egon: belartzako argi-gunetan ohi dute egon, pilatuta, askotan etzanda, zoru lokaztuan.
Europa osokoak dira herri eta inguruetan errepideko zoruan argi, gas, ur… auskalo bakoitzean zeren erregistroen estalki burdinazkoak: hainbat segurtasun neurri jartzen dute, baina autoa dingili-dangala doa burdinon gainetik.
Frederkshavn. Industria-gune oso zabal-zabala du buelta osoan, itsasertza barne: gureetan lez txikia da pabiloi bakoitza, ez dago industria-eraikin handirik.
Skagenera bidean. Berriz ere itsasorik ez balego bezala goaz itsasertzetik; tarteka, dunak: horregatik dakigu bestaldean badela itsasoa. Tarteka trenbidea eta trena ditugu auzo.
Danimarkan, noizbehinka egiten dugu topo errepide inguruetan trenbide eta trenarekin.
Gaurko xehetasun ezberdina: adreiluzko estalki planoa dute transformadoreek.
Badabil ibili turista edo igandezalea lurralde hauetan asteburu edo oporretan: atseden-gune asko dago mahai eta abarrez hornituak, ugariak dira itsasora bidegorri eta zidorrak.
Lurmutur luzea da Ekiko Jutlandiaren azken zatia; erdi-erditik doa errepidea, dunak albo bietara, hareazko tontor berdeak; laugunetan ginarra putzuak, paduratxoak... bertan dute gordelekua itsas hegaztiek: eremu berezia. Zirraragarria izan behar du duna-gune honek eguraldi argiarekin, hala baita euripe honetan ere.
Oso arriskutsua dago errepidea, abiadura bizian datoz kamioiak, presioz bezala botatzen diete gurpilek ur parrastada autoei gurutzatzean: tinko eutsi behar zaio bolanteari, irmo sakatu azeleragailuari eta itsu-itsuan lehenbailehen irten aireko ur-multzotik.
Skagen. Uderria, turismo herri petoa, era berean herri estrainioa: elkar gurutzatzen diren kale paraleloak osatzen dute erdigunea, baina etxeak bakanak dira, erabat independentea bakoitza, bere gisara egina bezala bakoitza. Txalet edo etxe dotoretxo asko du erdigunetik haratago. Asko dira saltoki handiak, baina eraikin baxu zabaletan gauzatuak: kanpotar edo turista asko ibili behar du hemen.
Denda-kale zabala bezain atsegina. Udaletxe moderno eta funtzionala, oso atsegina barrutik. Portu izugarri zabala, arrain lonja eta fabrika piloa. Gris urdin zuri koloreko eliza argia, bitxia suertatzen da argitasun eta kolorez: koru zabala barru-buelta osoan, Arrateko 3 itsasontzi zintzilikatuta; organo kontzertu aparta eman digu; komuna ere eskaini digu elizak, bi aldiz goizean, ez baitugu elizakoa beste komunik aurkitu, eroso behintzat, herri osoan.
Beira lantzen dute denda ere baden etxepe batean: bi koloreko kopa bat egiten hasi eta bukatzen ikusi dugu.
Oinez egin dugu erdigunetik lehenengo itsasargirainoko bide luzea.
Guardasolik gabekoa gertatu zaigu guardasolpekoa behar zuen ibilia: haizetzarrak azpikoz gora jartzen baitzituen aterkiak.
Jendea badabil eguraldi zakar honekin ere, zer ote udan eta asteburu eguzkitsu edo gutxienez ateri bareetan.
Grenen. Lurmuturreko azken ertza, eskolan ikasi genuen itsasarte haren ertz muturrena. Dunak, hondartza estua, faroa, jatetxea eta aparkalekua. Mortua da, harea-tontor berdeak, txoririk ere gabe gaur. Bisitaria erruz; traktorez garraiatutako tren-bagoi itxura duen gurdi luze batean eramaten dituzte bisitariak bidaiatxoa eginez duna eta hondartzara, hiri barruetan txu-txu trenak bezala. Harri beltzeko lubetak itsasoak harea eraman ez dezan edo: nondik ekarriak ote harriok; baina ez al da betidanik harea hor egon lubeta premiarik gabe?. Atsegingarria behar du izan eguraldi onarekin denbora tarte luze bat botatzea paraje honetan, gaur ordea ezin izan dugu gozatu, autotik ateratzerik ere ez zegoen ia eta; min egiten zuen euriak haizearen indarrez aurpegian jotzean. Egon garela eta kitto: argazkia daramagu, bestela ere gogoratu gogoratuko dugun arren paraje hau.
Moda da hemen buruko berezi zuria. Moda ere azpiko gona, farfaila, puntilazko azpikogona fin petoa, gerritik izter erdiraino praka gainetik eramatea.
Ugaria lurmuturrera joan-datorren auto kopurua.
Izugarrizko txerri pila, bakoitza bere txabola zuri propioarekin: lautada osoa hartzen dute txabolok.
Hirstshals. Ez da hain handia portua, bai ordea sendo egina harri eta murruz. Arrantzontzi piloa, handiak portu batean, txikiak bestean, diren denak amarratuta daudela dirudi itsaso txarragatik: arrain asko behar du izan hemen: agian hemendik daramate Skageneko fabriketara. Erabat harrotu du itsasoa haize takarrak: izugarria dago, begiratzekoa, uhin eta uhin-apar dena, gureetan udazken bortitzetan bezala.
Itxurosoa da herria bera, erakargarria, zaindua: gaintxo batean, portu gainean; plaza ere den balkonada edo antzerako batetik portu eta itsasoaren ikuspegi zabala. Kaletartze atsegina.
Hemendik ateratzen da Norvegiara ferrya: bai oinezkoentzako bai autoentzako, pasabide, bidaiari asko ibili ohi da zubi eta kaleek erakusten dutenez.
Portutik aurrera dunak. Faroa.
Goizago ekarri gaitu etxera eguraldi txakurrak.
247 kilometro, lurmuturra, dunak, itsas haserrea, euria eta haizea.
Ekainaren 18a. Osteguna. 54.a – D:27.a
Sagarrondoaren auzoa utziko dugu gaur ordu eta erdiz loa luzatu ondoren. Danimarkako ibilian azken kokagunearen bila, Mendebal aldera.
Bost bat metroko zabalerako ibaia: orain arteko zabalena.
Simaurra korta aurrean pilatuta: daniarrok lagiagoak edo ez hain begiratuak diren ezaugarrienetariko bat. Hegorantz honetan berriro zuria eta beltza nahastuzko granja eraikinak.
Errota eolikoa bihurtu da jadanik Danimarkako ezaugarrietariko bat: 50 bat erreskadan, Kixoteren etsai modernoak. Egunen batean kendu eginen dituzte errotok zatar egiten dutenaren aitzakiaz, gaur egun asmatu nahi ez duten argindar iturri berriak aurkitu dituztelako: gaurko argindar iturri hauek dira diru-iturri baliagarrienak dirugintzarako.
Haize-errota noizbehinka: goitik behera iluna, teilatuen kolorekoa, baina zurezkoa, urteek belztuta, zahar itxurakoa, xumea, amona edo aitona zimelduen jitekoa.
Gaintxoagotik doa errepidea, alde batera itsasoa dugu, itsasotik ozta-ozta azaleratutako itsas-lurra bestera, biak zabal, biak itsaso, berdea bata, urdina bestea; alderdi berdeak maria beheretako S.Micheleko hondartza horia gogarazten digu; S. Micheleko hondartzak dirudite izan ere, haiek horiak, berdeak hauek, itsasoaren altzo haiek sei ordu oro, hauek berriz haizearen ferekapean beti.
Haize bortitzak jotzen du, autoaren artezean ordez, alboratuta, erdi trabeska, doa karabana haizearen bultzadaz.
Itsaslabarrak dakusagu, lehenengoz Danimarkan, zuri-zuri eguzkipean. Itsasbazterrean lurrak gora egiten duen batetan Debatik Zumaiara goazela amesten dugu
Saltzen da nonbait patata: salgai dago errepide bazterretan, agian merkeago bitartekaririk ezean.
Pare bat aldiz tokatu zaigu granja bat eraikitzen ikustea: zurajea da teilatuko egitura, hormarena ere bai batean; batek metro erdiko hutsune edo tartea utzizko bi horma zituen, gai isolatzaile batez betetzen ari zitzaion tartea. Ez dira gureetako granja edo pabiloiak bezalakoak, non egitura osoa den zementuzkoa, aurrez egindako osagaiekin jasoak gehienetan.
Lastozko teilatu eta zurajeko fatxadarik ez dugu ikusi: galduta dute antzinakotasuna.
Bidaia aparta, urrutirago edo bertarago, ur zabala bidelagun beti.
THY
Bidaiari ibiltariaren begirada azalekoarentzat ez du ezer berririk, ez paisaia fisikoak ez giza paisaiak: herriak, granjak, nekazaritzak.... antzerako diraute.
200 bat metroko lur mihise bat: behi batzuk larrean, trenbidea eta errepidea, alde bietara ura zabal.
Thyholm penintsulatxoa zeharkatzen dugu.
Itsasertza harri koskorra da harea ordez. Ez dago herririk, granja batzuk bai.
Itsasoa haserre dago, azalera kizkurra du, itsas kirria.
Lur estugunea berriro; burdinazko hiru arku handiz eultzitako zubi gainetik egiten dugu; altxatzen den horietakoa, estua, non trena eta errepideko bi bide ozta-ozta sartzen diren: trena, kamioia eta gure tramankulua tokatu dira ia parean zubi erdian.