BIDAIAK 98. DANIMARKA
Ekainaren 16a. Asteartea. 52.a – B:25.a
“Poema antologia”. Bukowski: "Ezin dun mailu batez eraiki". Baina berreraikitzeko, mailuz bota behar da aurrekoa.
Ez desira berez etorriko dena, ez amestu sortu behar duzuna baino.
HIMMERLAND
Lurralde berri bat dugu gaur ibilbide, Hego aldera, penintsularen alde bietatik hartuko dugu berriro itsasoa. Autoz egiteko eguna: Mendebaleko sartaldera itsasadar ertzeraino lehenik, erdigunera gero Mariager fiordaren ertzetik, sortalderantz Roldskov natura-guneko basoetara eta mendigunera igotzeko, mapan eta altueraz Ekialdean Kattegateko itsasoarekin topo egin, itsasertza lagun egin eta berriro Aalborgen bukatzeko. Itsasoa, lautada, fiorda eta mendia konbinatuz.
Ilunak daude gaur itsasadarreko urak, ilun-ilunak, urdin ilunak, lainoen koloreko azaleraz.
Batzuekin eta batzuetan soilik gauzatzen da Danimarkan ere "Eskuinak eskubidea" errepideko legea; asko dira bere kasa dabiltzanak ere: badaezpada begiratu beti ezkerrera ere. Daniar gidarien dotorezia morala, kortesia eta arauei men egitea hankaz gora joango da autoa ugaltzen doan heinean.
Larrean etzanda daude goizeko hamaiketarako behi gehienak, nekatuak eta nahikoa janda jadanik, hain goiz hasten zaiela eguna, lehenengo argiarekin hasiko baitira jaten.
Eguna hain luzea eta gaua hain motza izanik nola moldatzen dira lora, frutarbola eta ortuariak gauez hain atsedenaldi laburra izanda, argiarekin lan egiten baitute, eta hemen 22 ordu ditu egunak garai honetan.
Ez da aldatu paisaia. Itsasoa, basoa eta garitzak izan dira gure lagun eta auzo gaurko ibilian, noizbehinka itsasotik hurbil itsasorik ikusi gabe. Beheragune sakonak ditu lurrak, gora-behera goaz errepidean.
Atzoko argazkiko granjaren antzekoak agertu zaizkigu tarteka. Hiru bat katu ikusi ditugu errepidean, ehizan edo bikotearen bila parrandan. Zaldi asko, larrean, lehiaketarako langarik gabe granja inguruan. Behiak. Belatzak eta garitzak: garia gorritua dago tarteka, horitua ere bai; belarra plastikoan silotua, bola handiak ilaran, zuriak zelai berdean urrutitik nabarmen. Arto-sail bakanak, baina bakoitza zabala. Dilista edo garbantzua izan daiteken landara horia. Baso kaskoak.
Aars. Guk “kinarra” deitzen diogun txilarra nagusi den lurralde zabala da komunako goialdea, non ez den ez behirik, ez granjarik ez ezer; gorri burututako belar itxuraz latza nagusitzen da. Bada granja eta etxaurre txukunik ere, baina granja inguruak ez dira batere txukunak, zabarrak, zikinak, utziak, baizik; nahiko bastoak eta takarrak; herri pintxoagoak, zainduagoak, dotoretxoagoak, finagoak ziren Austria, Holanda eta enparaukoak. Bastoagoak eta takarragoak dira ere daniarrak holandarrak baino, baita janzkeran, etxe bueltan, baserriko inguruan, etxe egituran ere: utziagoak, lagiagoak, gure baserritarren antzerakoak dira hauek.
Errepide txikietatik gabiltza, auto bakarren bat besterik ez dugu gurutzatzen, herritxoren batean traktoreen bat: hala izanen da egun osoan, errepide nagusietan ere, herri hazi zamarretako irteeretan ezik. Errepidea bera, tarteka ona tarteka eskasa, baina gehienetan bikaina; adabaki jartzaileek batez ere egiten dute lana.
Logstor. Aspaldiko herria, koskortua, behe solairuko etxez osatua.
Itsasoaren ikuspegi atsegina gaintxotik herrira hurbiltzean.
Transformadore etxolak, batzuk xaflazkoak. besteak adreiluzkoak, denak luzexka estuak. Gurditxo aterpedun politak hainbat etxaurretan. Patata-sail bat, bakarra, ez dugu patata-sailik ikusten. Muino gainetan lur-tontor erdi esferikoak, trikuharriekin zerikusia duten zerbait ote?; agian zerbait arruntagoa dira.
Eliz dorreak, dotoreak beti, forma zuria marraztuz zerumarran zein berdegunean: era ezberdineko dorreak eta elizak; izan da bat berezia, zuraje iluneko fatxadakoa.
Egurra pilatuta etxaurretan; egurra eskaintzen du etxaurreko gurditxo-erakusmahai batek.
Zabalik ikusi dugu granja bat: tresneria zein bestelako premiazko baserri gaiak gordetzeko zulo zabal luzea ageri zuen: hala behar du izan ere, luzea eta latza behar du izan hemen negua.
Livo uhartea aurrez aurre, gertu, berdea; txikia dirudi.
Ronbierg herria.
Ehunka etxola, bata bestearen jarraian, herritxo bat eratuz Livora uharterako portutxoa dagoen itsasertzean; sentipen oso hitsa sortzen zuten, bata bestearen gainean pilatuta bezala lur barruan. Ferrya ere bada bertan.
Trend, itsasora begira; bada zurezko etxe politik errepidearen bestaldera, ia etxolak dira, banaka banaka jarriak eta eroso kokatuak, arnasa dutenak.
Hondartza, kilometroetako luzea, estua, harea fin eta zurikoa: txaboletakook badute non bainatu.
Lur barrurantz egitean lurrazal ondulatuan sartzen gara, badirudi lur-barru bateko goialdetan edo gainetan gabiltzala, baina itsasoaren pare-parean gaude.
Farso. Etxetxo zapalak errepidearen albo bietara, bakartxo batzuk dute lehen solairua eta bakarren batek hirugarren bat herri erdian; herri koskortua, zerbitzu-eskaintza nahiko zabalarekin. Ez dugu ikusi inoiz antzerako elizarik, nabarmenak ditu hiru maila kanpotik: dorrearena gailena, erdigunearena erdian eta presbiterioaren zatia baxuena.
Vestervole. Eliza: agirian du hormaren eusgarri den zurajea, dorreko goi-triangeluan zuritasuna ilunarekin dotoretuz.
Gedsted.
Lautadan sartu gara berriz ere. Ez dago Odense uhartean bezala granja edo etxeen izena, sarrera edo bidea iragarrizko harri-bolarik harri errunikoen kultura jarraituz. Faisaia agertu zaigu errepidean, baina kondearen gaztelurik ez; ez zen nonbait faisai aristokratikoa. Gaur ez dugu gaztelu bat berarekin ere topo egin, ez zen nonbait jauntxorik hemen bizi lurrak bereak bazituen ere.
Hobro. Tximinia luzeek ketan iragarri digute urrutitik hiria. Bi mendigune garaien sakoneran kokatua, fiordoaren bukaeran; industria hiri oparoa dirudi. Oso dotore gelditzen zaio fiorda alboan, baina ez dago ezer bere kontra gu bezalako ibiltari pasokoak itsas aurrean ibiltzeko: lan-premiek betetzen dute erabat fiordo ertza.
Mariager. Uderria; kirol-portua, txalupa, belaontzi eta ohizkoekin.
Fiordo ertzari lotzen zaio errepidea Hadsunderaino. Belarra itsasertzean, ertan tarteka behiak, besterik ez. Errepiderik ere ez beste aldean, berdegunea eta zuhaiztia soilik.
Eguraldi motak badu zerikusia itsasoarekiko daniarren kulturan: uda motza da, udaberria kaskarra, aurtengoa behintzat, haizea hotza beti: ez da itsasertzean eraikitzen hasteko egokiena. Gainera, edo horregatik, daniarra nekazaritzatik bizi da, ez itsasotik. Maiteago du haragia daniarrak arraina baino. Agian arrain gutxi dago egon ere. Agian nabigatzeko kultura soilik utzi zieten ondorengoei bikingoek. Bailandra eta itsasontzi txiki ugari dago: gustukoa dute itsasoz ibiltzea; hotzagatik uretan sartu ezin daitekeenez, ur gainean dabiltza; nahiz hotza, haizea dutenez haizeaz baliatzen dira.
Ez dugu haize-errota bat bera ikusi gaur. Kilometro asko egin ditugu fiordaren bihurguneak jarraituz, ibili lasai dotorean.
Tontor oso bat harrobi batek janda.
Assens. Bada izen bereko hiri polita Fionia uhartean. Hemengo hau ez du aitatu ere egiten gidaliburuak.
Hadsund. Estutu egiten da erabat fiorda, zabaltzen den zubi batek lotzen ditu ertz biak: hersgune horretan dago kokatua hiria.
Uderri petoa izanik ere, itsasontziak gordetzeko edo industrigunerako soilik darabilte itsasertza, ez dago itsasertzean eraikin ohizkorik, urbanizatu gabe dago, industria lanetarako egokituak ezik. Oinezkoen kale txukuna; uderri oroko kaleko dendateria, jantzi eta pitxikeriz deigarria. Kanpotik etxeak ikusten zaizkio zuhaitz artean, basoa dira belaontzi mastak portuan: ikusgarria behar du izan fiordak asteburu eta udan belaontziok nabigatzen ari direnean.
Rold Skov, natu-gunera hartu dugu itsasora ordez. Itsasertz asko ikusi dugu jadanik, ikusiko ere oraindik, mendigunerik ordea ez dugu ikusi eta ezta ikusiko ere. Natu-gunea ez da mendi garaia, ez dago tontorrik ez gailurrik, dena da izeidia, pago eta bestelakorik ere baden arren. Zabala, begi-bistako lurralde osoa beteaz. Bidegorri, bidexka eta zidorrak oinezkoentzat, oinezkoa atsegin duenak badu non oinak urratu. Autoek ez dute sartzerik, baina pare bat errepidek behintzat zeharkatzen dute. Ginar edo txilar sail zabalak. Iragarrita daude baso barruko interesguneak, baina daniera ulertzen ez dugunez ez dakigu zer diren.
Stovring. Natu-gunean bertan kokatua dut nire ohar idatzietan, mapak, ostera, ertz batean kokatzen du. Tximinia luze batek keztatzen du gaina. Natu-gunerako abiapuntuan bertan dago. Badirudi basorako bisitarietatik bizi dela: ohizko jatetxe eta denda, ez asko. Ba omen inguruan karezko mehatzen bat, non kokatzen diren eskultura artelan batzuk, baina ez ditugu iragarrita aurkitu bilatze ahaleginak egin arren.
Rebild. Natu-guneko iparrean. Aurreko hiriaren antzekoa. Aparkaleku zabalak.
Lincoln-en jaiotetxearen berdina, bikia, eraiki dute emigrazioaren omenez, edo emigrazioa gogoratuz: Danimarkara emigratu nahi dunenak biziko ditu gaur egun bertatik emigratu zutenen arazoak. Etorri jubilatuak datoz hona, autobuskadaka, etorri ere.
Bi hilabetetan ia lehenengoz: gainbehera luze eta pikean goaz!!!. Ondoren lautadan gara berriz ere. Lehenengo kanpineko behi hiletsuak. Gaurko hirugarren katua errepidean.
Volsted. Ez da ez kalerik ez kale-etxerik, etxebizitza oro granja da, bakana, putzu handi bat granjon erdian.
Mendi giroa da nagusi; bi erreka nahiko hasiak zeharkatu ditugu, gutxienez bi metro!!! dute zabaleran. Berriro ere bela bat errepidean gorpu geratu den animaliaren bat jaten: bizimodu zaila beleena ere. Berriro izugarrizko harrobia, harea zuria ateratzen diote eta hondakinekin inguruko lurraldea betetzen doa lau-lau, lehengo lurrazala pare bat metrotan jasoz.
Jo dugu itsasertzera azkenik, berriz ere itsasorik ikusi ezineko itsasertza, hor dagoen sentipenik ere ez dugu oraingoan, duna berdeak dira tartean ditugun muna garaiak. Damu gara Natu-gunetik zuzenean jo ez izanaz etxera: bideak ez du ezer bitxirik ez berezirik, ez ezer berririk, ezezagun edo oraino ikusi ez dugunik, itsasoa bera ere ukatu egiten digu. Baina ezin genuen hori jakin bertara jo gabe!.
310 kilometro, euripean eta aterrune asko baina ez luzeetan.
Nekea ez zaigu agertu etxera arte.