Bidaiak 98. DANIMARKA
VENDSYSSEL
Jutlandiako Iparra, itsasoak bitan zatitutako lurraldearen goialdea.
Kanpina.
Norresundby herrira jo dugu azkenik, senak eramanda, kanpin bila Aalborg herrian kale egin baitugu iragarritakoaren iragarkirik ezagatik edo iragarkia ikusi ezagatik. Bidaiako iparrenean dugu jarrita gure etxe ibiltaria. Oso xumea da kanpina, baina behar ditugun baliabideak eskaintzen dizkigu; txukuna eta garbia: guretzat soilik dugu zuhaitz tartean zuhaitzez bildutako belar trinkoko belar-gunea; zozoak eta txori-kantak ez zaizkigu falta.
Mika-bela txori-mota hibidroa da hemengo fauna ezberdina edo berria.
Inguruak ezagutzeari ekin diogu arratsaldez
Ipar-Mendebal alderako lurrok, Aabybrora bidean, erabat lauak dira, itsasoari lapurtutakoak antzo. Granjak lur zabalean banaka-banaka han-hemenka sakabanatuta; pinu ilarak lur-sail bakoitza banatzen; gari-sailak lur zabal osoa betez; garbantzua, agian dilista, uste dugun lekadun landare sailak; tarteka familia klase guztietako behi aldrak nahastuta; patata-sail izugarri bat: etxaurre batean patata eskaintzen dute bidaiariari; ezohizkoa orain arte Danimarkako lurretan: ubidea edo ubide bihurtutako ibaia, agian lur lau honi dagokiona, lurrak bere lehortasun puntua izan dezan. Teilatudun adreiluzkoak dira lurralde honetan kaseta edo transformadoreak, estu garaiak, xaflazkoak bailira.
Tontor zabal batek eman dio azkena lautadari, tontor gainean haize-errota, estalkitzat duen urteek edo galipotak belztutako zuragatik beltz, zeru urdineko laino zurien aurrean ilunago: ikusgarria dago, geldi; haize-errotaren behetxoan, baino muino gainean bera ere, antzinako etxeetariko bat, muino gainean ere monasterioa deritzogun eraikuntza: arku bat da sarrera, eta horma batek biltzen du. Ikuspegi zabal paregabea eskaintzen du: tontorrak, begi-bistan du bueltako lurralde osoa: han urrutian berdegune zabalaren ostean itsas urdina eta itsasertz batean duna sendoak, eguzkipeko horitasun argia bitxikeria delarik.
Beharrezkoa du haize-lekua haize-errotak, gaina beraz; fraideek ere goialdeak maite dituzte baina, errotek ez bezala, ez dituzte aukeratzen haize-lekuak, gorde-guneak baizik monasterio eta santutegiak eraikitzeko.
Lonstrup. Dunak, harea hori fineko mendixka edo muinoak itsasertzean: itsasertz dena da duna Lokken-raino alde batetik, eta kilometro luzez beherantz. Bisitari asko dator, zenbaitzuk dunen tontorrera igotzen dute, irristan jaisten dira umeak, berriro igo eta berriz jaisteko, hainbat alditan: metro luzeetako txirrista tentagarria. Dunon babesean, itsasargia; babesgune berean. Berezia da dunetako berdegunea: larra latza dirudi, bertan daude larrean behi eta ardi gutxi batzuk, ardiak margo gorriz xakituta gureetako artaldeak bezala: hiriko jendea gelditu egiten da animalioi hurretik begiratu eta argazkiak egitera.
Noizbehinka haize-errota bat, eta eliza dorre bereziok; inguruko zer garaienak direnez nabarmendu egiten dira garaiak izan ez arren, dotore nabarmentzen dira ere horma zurien eraginez.
Errota eta eliza, bi osagai funtsezko garai bateko gizartean.
Lastozko teilatudun etxe bakanak, gorriz pintatuta, gorri ilun, piperrauts kolorez.
Lokken. Uderri petoa gaur egun, arrantzale herritxoa garai batean, ezbairik gabe, herri txikitxo bat besterik ez da izan, duna ostean itsas haize hotzetik babestuta, dunek gordetzen dute-eta itsasotik. Haizeak kaleraino pilatutako hareak ematen dio itsas giroa kalediari. Turistentzako kinkila-dendek, jatetxeek eta kafetegiek hartu dituzte kaleak zein herri osoa. Alde bietan hormatxoa jarri dioten ebakiduratik doa pasabidea itsasora.
Harea fineko hondartza estu luze amaierarik gabea, eguzkiak jotzen duen arren ez dago inor eguzkia hartzen, bakarren bat ezik; hondartza ertzean ez da inolako eraikinik, dunak soilik bere-berean. Ehunka agian milaka bainu-etxola, zuriak, bi ilaratan, kilometrotako erreskada zurian, itsas aparra bailitzan, urrutian galtzeraino: badirudi urte osoa bertan egiten dutela etxolok, nonbait ez da hain haserrea itsasoa. Portua: atrakalekua babestuz, harri pilatuz jasotako morru luzexka da portuaren ardatza: 6 arrantza ontzitxo daude, ez da besterik, poleen arabera; hondartza dute denek atrakaleku, harean lehorreratzen dira, eta hondartzan zut dute atseden: gilaren alde bakoitzeko eranskinak ez die uzten albora erortzen eta lehortzerako tatarrazkoa leuntzen die: herri jakituria, kultura eta injinerutza; polea sistema sinple batez tiratzen dituzte txalupok txabola batetik, ontzi bakoitzak bere kable jakina du, txirrika batez ahalbideratuta bakoitzaren tiraketa: herri injinerutza. Barea egon behar du itsasoak ontziak hondartzan gordetzeko, bestalde itsasgoran soilik itsasora daitezke ontziok ez baita ageri beste aukera edo baliabiderik: dena da primitiboa, ez dakit antigoalekoa ala gaurko arrantzale pobreen ahal bezala ahalbideratzea, ezinbesteko iraupena.
Jende ibili dabil, kanpotarra, kalean gehienak, osteratxo bat ia denak egiten dute itsasertzeraino jan etorri etengabean; irekita daude dendak.
Ez dago ez kaiorik ez itsastxoririk, zerbait falta zaio itsasertzari eta portuari: ez da hegaztiontzat janik nonbait.
Herritik gertu eta itsas ondoan, baina erabat at, bi gunetan, etxolez edo zurezko etxetxoz osatu dute auzune edo herritxoa; kanpinekoen antzerakoak dira etxolok, gune bakoitza bere berdegunearekin. Pobreak izanik ere zerbait ahal dutenen edo nahi dutenen udalekua, udarako txaletxoa.
Ez da aparteko edo ezohizko paisaia, dena da berdegune; basoa zeharkatzen dugu tarteka: lasaia, atsegina eta polita da bidaia.
Antzara zuri handiak libre belatzean oiloak bailira.
Hune. Huts egin baziguten ere atzo harri errunikoek, elizpean aurkitu dugu bat herri honetako: eliza itxita zegoen, zabalik, berriz, elizpeko atea. Elizpean bertan jarri dute organo tutuarekin eginiko itsulapiko bitxia .
Harri premia zuten nonbait eraikuntzan harri errunikoak hormagintzan edo hilarriak zorugintzan erabili behar izateko; edo errazenera joten zuten harri tailatuok ez zutelako beraientzat garrantzi eta balorerik.
Gorabehera batzuen ondoren erabat lautu zaigu berriro lurraldea.
Fjerritslev. Izozki gogoz heldu gara baina harrotuta dago kale osoa, berrikuntza lanak medio. Herriak ez du ezer handirik: bikingo hondakinak dituzte erakusgai nonbaiten baina ez daudenez guk ulertzeko bezala iragarrita, ez gara gehiegi saiatu bilatzen.
Frostrup. Bikingo hondakinak omen hemen ere, baina zailak daude aurkitzen eta ez dugu eroso galdetzeko inor.
Tommerby. Freskoak omen dira elizan, ateak ordea itxita daude. Elizpean bada halako harri tailatu bitxia, taila zahar bat ateburuan, eta taila bikainak absideko kanpo aldean.
Zuhaitz-hilerria dirudi lurraldeak, suak pasa duen basoa: eoliko tantaien basoa, auskalo zenbat dauden zuhaitz eskeletoak bailira; itxura makurra sortzen dute, norbaitek eolikook bizia dakarrela esango badu ere.
Laku lurraldea: hiru laku handi, hiru itsasotxo; guk geuk inguratu ditugu laku beraren altueran; ertzak eta bertako ur azala besterik ezin da ikusi; goitxo batetik ikusi ahal izan dugu laku bat bere osotasunean: paisaia polita da eoliko eta guzti ere.
Fiordo, itsasadar edo barne itsasoak etorri dira ondoren; itsasadar edo itsaso-ubide edo itsasarte batek bitan zatitzen du Jutlandiako iparraldea, uharte bihurtuz goi lurraldea, uhartetzat ez badute ere.
Zubiek lotzen dituzte itsasoak banatutako urruneko zatiok, irekitzen diren zubiek. Urteek erabat kolorgetu duten zahar itxurako zurezko haize-errota, padura diren itsasertz zabalak, une lehorretan behi aldrak zen ardiak auskalo ze belar mota jaten, zisneak, itsastxoriak, txalupatxo axalak itsasertzean, tantai eolikoak berton ere. Garia ereiten dute lurrak gora egiten duenean.
Uraren lagun bukatu dugu bidaia luzea.
Dagoen hotzarekin esne gutxiago eman behar dute behio bgk.
Ez du ezertarako balio itsasertzeko lurrak zenbait unetan, behiak larreratzeko ez bada.
Bostak eta erdietan ez dabil autorik errepidean. Hirugarrenez, katua ehizan errepide ertzean, jauzi egiteko prest gaurkoa.
Lainotu zaigu: ez dakigu zer den egun osoko zeru urdina.
370 kilometro, Iparrera eta Iparrean: ibili luzea, egun polita.
Ekainaren 15a. Astelehena. 51.a - 24.a
“poema antologia”. Bukowski: "beste batetikakoa esatea norberaren /
deseustapena da". "gure desberdintasunak / lege bakarraren pean gordetzeak / degradatu egiten du / gizabanako bakoitza". Ados. Justizia degradazioa da. Begietan estalgarria duen justizia.
“Euskara batuaren ajeak”. Ibon Sarasola: Eleberria bailitzan irakurtzen dut, jakin-min eta gogo berdinarekin: gogoz heltzen diot eta penaz uzten.
Mehatxu eta zigor ezin gogorragotzat jarri digu heriotza elizak Inazio dohatsuaren Gogo-jardunen bidez batez ere. Izadiaren prozesu ororen amaiera berezko normal bezala jarri ordez. Hori bera irakatsi dute hainbat filosofo existentzialistek ere: denaren eza, hutsa, ezereza, pizti izugarritzat jarriz heriotza. Gu ez gara oraingoak izanen heriotzaren ondoren, baina izadia izanen da, izakiak hilko dira baina izadiak iraungo. Gu bakoitza izadiko katea-maila izanen gara nahitaez. Gu bakoitza eta orokortasunean, izadiaren ezinbesteko oinarriak gara. Heriotzaren aurre-pausoak, gorpuzkiak ahultzea, ahitzen eta desegiten joatea, horiek ez ditu arbuiatzen edo gorrotatzen gizarteak, alderantziz gaixoak eta zaharrak mimatu eta zaindu behar direla esaten zaigu, zahartzea eta hiltzea prozesu bera dela ahaztuz edo isilduz.
Bizpahiru orduko gauak.
Ozenagoa edo motelagoa, kanpin orok du errepide hotsa. Ez dago inguruan errepiderik ez duen gunerik gure gizartean. Kanpin honetan Lufat, aireportu militarra dugu: ikusi ditugu gerra hegazkinak, baita ere izan da halako trumoi-hots ikaragarria, gortzekoa eta luzea, lurrikara bailitzan karabanari dar-dar eragin diona.
Pak-pak-pak... hurrean dabilzkigu mutilak gizakiak hiltzeko trebatzen. Badugu kuartelen bat inguruan, hesien bestaldean gerra hegazkinak, kamioi militarrak maiz errepidean: militarren, munduko jabeen, edonongo presentzia.
* Badirudi jolasa bihurtu dela belarmoztea: orok du belarra mozteko sega automatikoa, etxaurreko belar motza motzago uzten duena: belar motza moztea, hainbat jubilatu, agure eta etxekoandren denbora-pasa.
Aalborg eta Norresubdy: penintsula alderik alde bitan zatitzen duen itsasadarraren alboan, alde batean bata bestean bestea, aurrez aurre: zubi luze eta zabal biren bidez lotzen dute elkar, errepidea da zubi bata trenbidea bestea: zubi biak altxa egiten dira itsasontziei bidea emateko; bada autobiaren beste zubi bat ere urrutiago, honek nahiko tarte uzten die ontzioi. Biltegi eta industria-gune dira itsasadar ertzak, ez da ikusten bertan ontzirik.
Aalborg. Hiri handia, oso zabala, kanpotarron ibilia erdigunera mugatzen bada ere. Joan eta bertan ibiltzeko hiria, zerikusi eta saltsa handiko bizi-bizia da-eta; erdi itxita goizean, erraz irudikatzen duzu eguerdian egonen den bizitasuna. Ez da polita, bai giro handikoa. Antzinako eraikin ikusgarri pila, estilo eta mota orotarikoak: girotu egiten dute hiria. Erdigune zabala, bizia izateaz gain ederra, zerikusi ederrez aberatsa: apotekea, banketxea, eliza, bestelako etxeak antzinako giroa gordez, behe solairu soileko kalea…. ez da zerikusirik falta. Museoz oparoa, ugariak dira antikuarioak. Erruz dabil jendea oinezkoen kaleetan. Dendak gune zabalean. Taberna edo jatetxe dira kale bateko bi aldetako azpiak. mahaiteriak kalea erabat betetzen du luzera osoan oinezkoentzat tarte bat soilik utziz erdian. Parranda hiria dirudi. Errepidea den kale erdian zezen baten estatua, adarka egiteko jarreran: lehengoan zaldia zen, hemen zezena: nekazari ukitua. Sankt Budolphi kirke: hiru nabeko ezberdina; pulpitu ikusgarria zurean tailatutako Moisesen burugainean sostengatua, ongile jauntxoen koadroak, hilarriak -presbiterio bueltako horman itsatsiak hemen-, bankuteriko sarreran diputazioko mazalari pintatuak, koru ertzeko balkoiak, grabatu ordez zulatuz dotoretutako lanparak, eta elizpeko fresko ederrak, naifak, bere antzinakotasunean, garbituak bai baina berpintatu eta aldatu gabe. Von Frue Kirke, Andra Mari Eliza: urrekoloreko bataiarri landuaren tapatzar ederra sabaitik zintzilikatuta dago, bere astunean ia ukituz altxa daiteke sabaiko polea eta kontrapisuari esker; pintura argiko erretaula, harrizko zutabeak kapitel landuekin, burdineria eta katabutak, ongileen koadroak eta sarrerako ateburu landua zein Herodesen irudi zizelatua. Bada nonbait katedrala ere baina ez dugu aurkitu gure ibilian.
Hamabietan makina hondeatzaileek kalea zulatzeari utzi diotenean entzun ahal izan dugu karilioia: doinu ozena baino trakets zamarra.
Erdiguneko tarte zabalean lurzorua berritzen ari dira, aspaldiko galtzada edo kale zoladura ageri da azpian: zer egingo ote diote, argazkiak atera eta desegin?.
Kaleko jendetza trinkoenean bi emakume burutik oinetaraino afrikar jantziekin, telebistan ikusi ohi ditugunak, Afrika barru-barruko jantziekin, Afrikako herritxoetan ikusi ohi ditugunak. Bazirudien batek harro zeramala gainera bere jantzia. Kontraste deigarria egiten zuten.
Zenbait dendatan frantses hitzak ezartzen diete jantziei, "chic" zen hitz horietako bat adibidez, salmenta errazteko, arropa bera dotoreagoa egiten duelakoan-edo: hizkuntza saltzailearen amu bihurtuta.
24 graduko hozberoa dugu gaur.
Norresunby. Herri ezberdina ikusi dugu gidaliburuaren egileak eta guk, ez dugu berak ikusi zuenik ikusi. Gidaliburuak aitatutako kaleetara jo dugu baina ez dugu aurkitu dioen girorik, ibili ibili gara herrian baina ez dakigu zeri deitzen dion "kale labirintua". Ez dugu ezer interesgarririk ikusi, hobeki ez dugu deus interesgarririk aurkitu, herria gogora ahal izateko "Hiru belaunaldi eta katua" deitu daiteken eskulturari atera diogu zerbaiti atera behar eta herriko ohizko argazkia.
Ekainaren 15a. Astelehena. 51.a - 24.a
Lurralde barri bat dugu gaur ibilbide gune, Jutlandiako goi zatia, Aalborg-en itsasoak penintsula bitan zatitzen duenetik gorakoa.
Sortaldera eta Iparrera jo dugu itsas kontratik, Eki aldeko itsas kontratik gaur, Kategat itsasertzetik, sartaldeko itsasertza baitzen atzokoa. Ibili osoa ia itsasertzetik doan arren ez dugu itsasorik ikusten, tarteka ez bada; hareazko lurretan eta itsasora doazen hareazko xendetan nabari da soilik itsasoa hor dugula. Bere berezkoan daude itsas bazterrak.
Ez zaigu paisaia fisikoa aldatu, azaleko begirada batean behintzat.
Zaldia da ugariagoa dena. Eliza dorre bat izan zaigu ezberdina, puntazorrotza baita; ez da antzinako etxerik ageri, bakarren bat ez bada.
Herrietan ez da abiadura mantsoarazteko jarritako oztopo edo estugunerik, bai ordea herriko izena iragartzen duen hesola berdinean polizia motordunaren kartela, astiro joan gaitezen mehatxuka.
Itsasotik hain gertu egonik ez dute itsas girorik herritxook, ez uda girorik, ez hondartza girorik; ez dute nonbait itsasoarekin harremanik, nekazari hutsak dira.
Hartu dugu gurekin itsasoa, tarte batez, belar latzekoa dirudi bereganaino dugun belatzak; tarteka padura, eta noizbehinka behi aldra belar tarte bigunenetan.
Voersaa. Granja bati atera diot herriko argazkia: etxea bera, korta eta baserriko zereginetarako jasotako eraikinek, hirurek, U eginez daude elkartuta, baina fisikoki elkar lotu gabe; leihotxo asko, ate zabala eta ate gaineko teilatu punta alakan, xaflanean, bukatuta. Ibaia dute herrian, presa batez puztua nire irudikoz; bertan dabiltza txalupa eta pedalontziak, bada nonbait udatiar eta kanpotarrik.
Saeby. Antzinakotasuna galdu gabe, uderri modernoa. Bi kale, udatiarrentzako denda-gune dira. Horrez gain behe solairu soileko etxeteria eta kale oso zaindu politak. Eliza zuri txukuna.
Errota bateko presak hesitzen du ibaia; polita doa presa ondoren, baina zikina, itsasertzean ikus daitekeenez. Portu hasia, harrizko moila sendoarekin. Hondartza luzea eta meharra, harea zuri finekoa: itsasora sartzen diren harrizko mutur edo harri-lubetak egin dizkiote, ez dakit zer edo norengandik babesteko, hondarra hor egon baita sekulorun sekulotan; Mediterraneko sindromea dute nonbait, politikoren bat joan da hara udapasa baina ez diote esan alferrikakoak direnik lubetok eta hainbatek kentzea aholkatzen dutela alferrikako eta kaltegarri bilakatu direlako.
Harrizko mutiko pentsalaria oinak beratzen plazako iturrian.
Bi hartz bastoi eta guzti paseatuz kaleetan, ume eta ibiltarien irriñoa eraginez: bada istorioren bat zeren, ez da gaur egungo asmakizuna, postaletan ere baitaude hartzok.
Nola defendatzen duten zisneek bere kumeen esparrua, ahate eta ahate kumeak ingurutik bidali eta ingurua libre gordez!.
Frederikshavnera bidean belaontziaren oihaltzar izugarria dirudi ferrya behar duen ontziak zerumarran.
Frederikshavun. Wendsyssel lurraldeko hiri nagusia. Zabala eta biztanle ugarikoa izanik ere kale bakar luzea du bilgune bakarra; bada kaletxo bat jatetxe eta tabernekin; bada eliza harrizkoa lau kantoietako bakoitzean dorretxo punta-luzeak dituen dorre punta-luzearekin; ezer gutxi gehiago eskaini digu hiriak. Portua, nabarmena da, handia da eta itsasontzi asko ditu moilan lotuak, gerraontziak tartean; ferry asko omen Norvegia eta Suediara joan etorrian. Egun-pasakoa dirudien jende asko dabil kalean opor giroan: agian kaleko hainbat ibiltari norvegiar edo suediarra da, baina ez diegu igartzen, ez ditugu bereizten, hizkuntzagatik ere.
Hainbat gazte, neska zein mutil, ikusi ditugu egunotan formaz bereziak diren biseradun buruko zuriekin, azken moda nonbait. Sendotasun gutxiko gazteak, nortasun ahulekoak, bere burua sanotu nahian, beste bat kopiatuz zerbait erakutsi nahian, denak burkoaz berdinduta; agian aurkakotasun kontzientea azaleratzea da askorentzat.
155 kilometro eskolan ikasi beharra izan genuen izenaren bezain zailak zaizkidan izeneko Kattegat inguruetan.